Urte ilunak Nelson Mandela - 6
Süzlärneñ gomumi sanı 3688
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1833
24.4 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
35.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
41.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
baldarrean “hitz asko baina denok lan ez!” marmaratu zigun.
Irri karkailaka ari ginenez ez genituen laneko erremintak hartu.
Maletatxoren akats gramatikala ikaragarri barregarria iruditu
zitzaigun guztioi. Maletatxori ez zion graziarik egin baina. Kartzelako
komandante buruari dei egiteko agindu zuen.
Kellerman minutu gutxira heldu zen eta gutxi-asko lehen bezala
aurkitu gintuen. Kellerman berria zen irlan, eta testuinguru hartara
egokitzeko ahaleginetan zebilen oraindik. Zaindarietako batek
Andrew Masolo eta biok lanari itzurika ibili ginela esan zion, eta
salaketa jarriko zigula hargatik. Kellermanen aginduz, eskuburdinak
jarri eta zigor-ziegetan itxi gintuzten.
Une hartatik aurrera Maletatxok niganako arrangura berezia erakutsi
zuen. Egun batean harrobiko hegalik urrunenean Fikile Bam eta
bion lana zelatatzen sumatu genuen. Prestutatsunez ari ginen,
baina sasoi hartan bi-biok lege ikasketak burutzen genituenez,
bart irakurritakoa eztabaidatzen ere ari ginen. Eguna amaitzean,
Van Rensburg gure aurrean paratu zen eta “Fikile Bam eta Nelson
Mandela, zuzendariaren bulegoan ikusi nahi zaituztet” esanez
zuzendu zitzaigun.
Lotinantaren aurrera bideratu gintuzten; bera zen kartzelako
zuzendaria. Ozen azaldu zuen Van Rensburgek: “Gizon hauek
gaur ez dute lanik egin. Nire aginduak hautsi dituzte eta salatu
egin nahi ditut”. Tenienteak gure defentsan zerbait argudiatu nahi
ote genuen galdetu zigun. “Tenientea”, erantzun nion, “salaketa
ukatzen dugu. Prestuasunez egin dugu lan eta, gainera, gure
defentsarako funtsezkoa dena, egindako lanaren frogak ditugu”.
Tenienteak burla-doinuz erantzun zigun: “Guztiek eremu berean
egiten duzue lan. Zeren frogak ote dituzue?”. Fiks eta biok
besteengandik aldenduta aritu ginela azaldu nion, eta egindakoaren
berri eman geniezaiokeela, hala nahi balu. Maletatxok, modu
lañoan, besteengandik aldenduta aritu ginela aitortu zuen eta
tenienteak gure lana bere beregiz ikusi nahi zuela deliberatu zuen.
Harrobira itzuli ginen horrenbestez.
Lanean aritu ginen azalerarainokoa oinez egin genuen Fiks eta biok.
Pilatutako haitz eta kareharri meta hatzarekin erakutsi eta esan
nion: “Hori da gaur egin duguna”. Maletatxok ez zuen egunean
zehar egindako lana ikusteko nekerik hartu eta multzoaren aurrean
harrituta geratu zen. “Ez”, erantzun zion tenienteari, “hori astebeteko
lanaren emaitza da”. Tenienteak zalantza egin zuen. “Ados”, esan
zion Maletatxori, “erakutsidazu zuk Mandelak eta Bamek gaur
egin dutena”. Maletatxok ez zuen erantzunik osatzen asmatu, eta
tenienteak ofizial bati gutxitan egiten ikusi diodan zerbait egin zuen:
presoen aurrean bere azpikoari kargu hartu zion. “Gezurretan ari
zara!” esan eta salaketa han bertan errefusatu zuen.
Goiz batez, 1967ko hastapenetan, artean Maletatxok bere arduretan
jarraitzen zuen, eta harrobira joateko prestatzen ari ginela, presoon
artean hitz egitea debekatzen zitzaigun Kellerman maiorraren
agindu bat heldu zela esan zigun. Aurrerantzean, ez joan-etorriko
bidean soilik, harrobian ere mutu behar genuen: “Hemendik aurrera
isiltasuna!” ulukatu zuen.
Erabakia atsekabe handiz hartu genuen. Gai ezberdinen gainean
eztabaidatuz hitzekin denbora jatea izaten zen harrobiko lana
eramangarri egiteko modu bakarra. Ezin genuen ezer esan
lanera bidean, elkarren artean hitz egitea galarazi baitzitzaigun,
baina hau itzulikatzeko, bazkaltzeko hutsartean isilpeko plan bat
ehundu genuen ANCko buruzagiok gainerako talde politikoekin
batera.
Egitasmoa ezkutuka eztabaidatzen ari ginen bitartean Kellerman
maiorra jantoki gisara baliatzen genuen etxolan sartu zen. Ezohiko
gertakaria zen hura; egundo ez genuen hain maila altuko bisitari bat
hartu gure etxola apalean. Eztul urduri batekin, agindua gaizkiulertu
bat izan zela eta zalapartarik sortu gabe harrobian hitz egiten jarrai
genezakeela jakinarazi zigun. Bazkaltzen jarraitzeko eskatu zigun
gero, eta bere orpoetan ardatz eginda etorritako bidetik joan zen.
Manua baliogabetu izanak poztu egin gintuen, baina, mesfidantzaz,
hau zergatik gertatu ote zen galdetu genion elkarri.
Egunaren amaierara arte ez gintuzten lan gehiegi egitera behartu.
Maletatxok, onez onean, ahal zuena egin zuen lagunkoi agertzeko
eta, borondate oneko keinu bezala, gure aurkako auzi guztiak bertan
behera uztea erabaki zuela jakinarazi zigun.
Arratsalde hartan, nire ziega, sarrera ondoko laugarrena izatetik
korridorearen amaieran zegoen hemezortzigarrena izatera pasa zen.
Ohi legez, inolako azalpenik eman gabe eta modu zakarrean, nire
jabetza urriak ziega berrira aldatu zituzten.
Bisita garrantzitsu bat izango genuela ondorioztatu genuen. Eta
agintariek, bisitariak, hau nahinor izanik ere, ikusiko zituen lehen
presoen artean ez zuten ni egoterik nahi. Horregatik lekualdatu
ninduten. Preso guztiek euren kexuak txandan-txandan azaltzen
bazituzten, bisitaria hemezortzigarren ziegara heldu aurretik
oihukatuko zuten “Denbora amaitu da!” ezaguna. Batasunaren
mesedetan, bakoitzak bere kexuak izan arren, 18. ziegako presoa
guztien izenean arituko zela adostu genuen.
Biharamunean, gosaldu ostean, Maletatxok ez ginela harrobira
joango iragarri zigun. Kellerman maiorra agertu zen jarraian.
Helen Suzman andrea, Parlamentuan eserleku bat eskuratu zuen
Progressive Partyko kide bakarra eta National Partyren oposizioko
ahots bakarra, une batetik bestera iritsiko zela esan zigun. Laurdena jo
baino lehenago, Suzman andereak, kartzeletako goi mandatari Steyn
jeneralaren laguntzaz, gure pasabidera ematen zuen atea zeharkatu
zuen. Preso bakoitza aurkeztu ahala, jaso beharreko kexurik ba
ote zuten galdetzen zien andereak. Guztiek erantzun bera eman
zioten: “Kexa asko ditut baina gure eleduna Nelson Mandela jauna
da. Pasabidearen amaieran dago”. Steyn jeneralaren harridurarako,
Suzman anderea ez zen gainerako presoak agurtzen geratu. Berehala
iritsi zen nire ziega ateraino. Eskua irmotasunez estutu zidan eta
adeitasunez aurkeztu zen.
Kartzeletara berehalako sarbidea izan ohi zuten epaile eta
magistratuek ez bezala, parlamentuko kideek baimena eskatu behar
izaten zuten. Suzman anderea preso politikoen egoeragatik jakin-min
apur bat agertu zuen parlamentuko kide bakanetakoa zen, bakarra
ez esatearren. Robben irlari buruz istorio asko entzun ohi ziren eta
bere begiekin ikertzera etorri zen.
Suzman andereak Robben irlara egiten zuen lehen bisita zenez,
ahalik eta erosoen egon zedin saiatu nintzen. Alabaina, bere
buruarengan konfidantza handia zuen emakumea zen eta errora
joateko eskatu zidan. Steyn jeneralak eta komandante buruak bere
ondoan jarraitu arren nik ez nuen hurrengo balizko bisitetarako
ezer gorde. Gure eskariez mintzatu nintzaion: janaria denentzat
berdina eta hobea izatearen eta arropa egokiaren beharraz; ikasteko
erraztasunak ematearen premiaz ere hitz egin nion, egunkarietan
isla izan ohi zuten informazioetara iristeko gure eskubideaz, eta
beste hainbat kontuz. Zaindarien gogorkeriaz aritu nintzaion, eta
Van Rensburgen kasua aipatu nion bereziki. Besaurrean gammagurutze bat tatuaturik zuela ohartarazi nion. Abokatu baten
moduan erantzun zuen Helenek: “Beno, Mandela jauna”, esan
zidan, “noiz tatuatu zuen ez dakigunez ezin dezakegu ondorio
gehiegi atera. Tatuaiaren erantzuleak bere gurasoak izan daitezke:
ez zaizu iruditzen?”. Ez zela kasua ziurtatu nion.
Oro har, ez nintzen zaindari bakarragatik kexatzen. Baldintza
orokorren alde aritzea norbanakoen aurka aritzea baino hobea dela
ikasten da kartzelan. Zaindaria denik eta bihozgogorrena izanik
ere, hau kartzelako logikari besterik ez zaio lotzen. Van Rensburg
apartekoa zen ordea, irlatik bidaltzea lortzen bagenuen, alde handia
nabarituko genuen.
Suzman andereak kaiera txiki batean oharrak jasoz adi-adi entzun
ninduen. Gure kexak Justizia ministroari aurkeztuko zizkiola agindu
zidan. Nirekin amaitzean gure ziegak ikuskatu zituen eta beste
preso batzuekin mintzatu zen une batez. Andere ausart hura gure
ziegak aztertzen eta patiotik paseatzen ikustea ikuskizun bitxi eta
miragarria izan zen. Ziegetan bere presentziarekin ohoratu gintuen
lehen emakumea eta bakarra izan zen.
Van Rensburg aski urduri sumatu nuen Suzman anderearen
bisitan. Kathyren arabera, Suzman eta biok hitz egin bitartean, Van
Rensburgek ordura arteko jokabideagatik barkamena eskatu zuen.
Damuak ez zuen, baina, luze iraun. Biharamunean gure aurka jarritako
salaketak berriz aurkeztea erabaki zuela jakinarazi zigun. Denbora
gerora, Suzman andereak gure kasua Parlamentuaren aurrean azaldu
zuela jakin genuen eta, bisitatik aste gutxira, Maletatxo irlatik beste
norabaitera aldatu zuten.
– 11 –
Ez nuen gure borroka laburra edo erraza izango zenik inoiz
pentsatu. Irlan igaro genituen lehen urteak zailak izan ziren guretzat bezala erakundearentzat. Rivoniako epaiketaren ostean mugimenduaren ezkutuko sailaren zatirik handiena desegin zuten. Gure
egiturak aurkitu eta errotik erauzi zituzten; atzemanak izan ez zirenek etsaiaren urratsen aurretik iraun beste bizibiderik ez zuten
izan. ANCko gidari garrantzitsu guztiak kartzelan edo erbestean
zeuden.
Ordura arte diru-bilketaz, harreman diplomatikoez eta ariketa militarren programaz arduratu zen atzerriko ANCren ordezkaritzak
erakundearen agintaritza bere osotasunean hartu zuen. Aurrerantzean, talde hau ez zen atzerrian zuzendaritza birsortzeaz bakarrik
arduratuko: Hegoafrikan bertan ere, ezkutuka, ANC indarberritu
beharko zuen.
Estatua gero eta gero indartsuagoa zen eta, berarekin, polizia boteretsuagoa; euren prozedurak arian-arian bihozgabeagoak ziren,
teknikak sofistikatuagoak. South African Defense Force hedapen
betean zegoen. Ekonomia egonkortu egin zen eta hautesle zuriak
pozik zeuden. Hegoafrikako gobernuak aliatu ahaltsuak zituen Britainia Handian eta Amerikako Estatu Batuetan, eta hauek konforme
ziren statu quoarekin.
Beste leku batzuetan inperialismoaren aurkako borrokak aurrera
jarraitzen zuen. Hirurogeiko hamarkadako erdialde eta amaiera
aldera borroka armatu ezberdinak piztu ziren Afrika hegoaldean.
Namibian (orduan Hego-mendebaldeko Afrika deituan), SWAPOk
Capriviko zerrendan lehen erasoak burutu zituen. Mozambiken
eta Angolan gerrilla-mugimendua handitzen eta hedatzen ari zen.
Zimbabwen (Rhodesia) gutxiengo zuriaren gobernuaren aurkako
borrokak ez zuen etenik. Ian Smithen gobernu zuriak Hegoafrikako
defentsa-indarren babesa zuen, eta ondorioz, ANCk Zimbabweko
borroka gure borrokaren luzapentzat ulertu zuen. 1967an ANCk
Joshua Nkomok sortutako ZAPUrekin (Zimbabwe African People’s
Union) aliantza egin zuela jakin genuen.
Urte hartan, Tanzanian eta Zambian trebatutako MKko gudari saldo
bat, Hegoafrikarainoko bidea irekitzeko helburuarekin, Zambeze ibaia
gurutzatu eta Rhodesian sartu zen. MKko borrokalarien lehen talde
hura “Luthuli guda-taldea” izendatu zuten eta borroka armatuaren
abangoardia izan zen. Abuztuan Luthuli guda-taldea ZAPUko tropen
laguntzaz hegoalderako bidea egiten ari zela, Rhodesiako armadarekin
topo egin eta ondorengo astetan aurrez aurreko basatietan gurutzatu
zen; alde bietan kalte nabarmenak utzi zituen aurrez aurreko honek.
Rhodesiako indarrek biderkatu egiten zituzten MKkoak, eta garaile
irten ziren. Kide batzuk preso hartu zituzten eta besteak Bostwana
bihurtuz independizatu zen Bechuanalandiaraino erretiratu ziren.
1968ko hasieran ANCko beste guda-talde bat Rhodesian barneratu
zen; honek armadaren aurka ez ezik, bertara laguntza gisara igorritako
Hegoafrikako polizien aurka jo zuen.
Hilabete batzuk gerora izan genuen honen guztiaren berri,
zurrumurruen bidez; berri zehatzagoak borrokaldiotan parte hartu
zuten kide batzuk irlan gurekin espetxeratu zituztenean eman
zizkiguten. Irabazi gabe ere, MKko kideek etsaiari aurre egin izana
bozkarioz ospatu genuen. Borrokan mugarri zen hura. “Justice”
Panzak, hezurrak irlan gurekin epeldu zituen Luthuli guda-taldeko
komandanteetako batek, guda-taldeak jaso zuen prestakuntza militar
eta politikoaz eta guda zelaian erakutsitako adoreaz hitz egin zigun.
Iraganean MKko komandante buru izan nintzenez, gure gudariez
izugarri harro sentitu nintzen.
Atzerrian MKren batailen berri izan aurretik, 1967ko uztailean,
Luthuli agintaria bere etxean hil zela jakin genuen. Testuinguru
berezian jazo zen guztia: bere basetxeko pasealekutik hurbil tren
batek harrapatu zuen. Bere alargunari gutun bat idazteko baimena
onartu zidaten. Luthuliren heriotzak hutsune handia utzi zuen
erakundean. Buruzagiari Nobel Saria eman zioten, eta hargatik,
pertsona ohoragarria zen, nazioartean erreferentzia, beltzek bezala
zuriek errespetatua. Arrazoiongatik figura ordezkaezina zen.
Alabaina, erakundeak Oliver Tambon aurkitu zuen agintari postua
betetzeko pertsona gaitua. Honek, sasoi hartan, ANCren jarduneko
zuzendari orokorra izateko ardura zuen. Luthuliren antzera, hizlari
fina zen, baina ez zuen inoiz bere burua nabarmentzea bilatzen.
Bere buruarengan konfiantza izan arren, apala zen izatez. Luthuli
agintariaren manamendua haragitzen zuen, halaber: “Arriskuaren
aurrean ausardia biderkatu”.
B moduluan ekitaldi txiki bat antolatu genuen agintari zenduaren
omenez. Nahi zuen orok hitza hartzeko aukera eskaini genuen.
Omenaldi txiki eta beneragarria izan zen, desadostasun bakarrarekin.
Unity Movementeko (UM) Neville Alexander zutitu zenean, argi
geratu zen ez zuela agintaria goratzeko asmorik; haren izen ona
lurperatzea zuen helburu. Hildakoagatik errespetu txikiena adierazi
gabe, Bakearen Nobel saria onartzeagatik zurien lekaio izatea egotzi
zion Luthuliri.
Nevilleren hitzaldia iraingarria izateaz gainera, irlan sortzen
ahalegintzen ari ginen elkarlanareko izpirituaren kontrakoa zen.
Nire etorreraren unetik bertatik lehentasunezko helburutzat genuen
borrokan gure aurkari zirenekin mota bateko edo besteko akordioren
bat bilatzea. Robbeneko espetxealdia PAC eta ANC banantzen
zituzten ezberdintasunak –batzutan garratzak– doitzeko aukera
moduan ikusten nuen. Irlan antolakunde biak elkarlanean aritzea
lortzen bagenuen, gure herriaren askatasunaren aldeko borrokan
batasuna lortzeko balioko zukeen aurrekari bat sor genezakeen.
Dena den, hasieratik bertatik, PACekiko gure harremanak elkarlanerakoak ez eta konpetentziazkoak izan ziren. Iritsi ginenerako
PACeko kideak irlan barrututa zituzten eta, eurek, gu ere bertan
barrutu izana, euren lurraldearen inbasio gisara ulertu zuten. Gure
gizonetako batzuk kontatu zigutenez, gu ez urkatu izana pena izan
zela esan zuten PACeko aspaldikoenek. 1962an, irlako nire lehen
egonaldian, PACek ANCk baino preso gehiago zituen. 1967an, baina, egoera oso ezberdina zen. Guztiarekin, honek PAC bere jarreran
lubakitzeko bakarrik balio izan zuen. Komunismoaren eta indioen
aurka modu lotsagabean agertzen ziren. Lehen urtetan PACeko zuzendaritza batzordekoa izan zen Zeph Mothopengekin hitz egiten
saiatu ginen. Zephek PAC ANC baino erakunde erradikalagoa zela
eta kartzelan bigarrenak honen irizpideak jarraitu beharko lituzkeela
esaten zigun. Kartzelako agintariekin negoziazio oro traizioa zela
sostengatzen zuten; baina horrek ez zien negoziazio haietatik eratorritako aukerei uko egitea suposatu. 1967an Selby Ngendanerekin
saiatu nintzen. Kartzelatik kanpora, Ngendane Askatasunaren Agiriaren aurka nabarmendu zen; baina barruan, gure modulura lekualdatu zutenetik batez ere, bere jarrera gozatu egin zuen. Azkenerako,
arrunten sailera, erakunde bakoitzak bere aldetik, batasunaren ideia
defendatuz gutun bana idatzi genuen. ANCk harreman onak zituen, gerora PACeko zuzendari izango zen Clarence Makweturekin.
Makwetu, ANCren Gazte Ligakoa izana zen eta, gure sailean itxi
zuten preso zentzuduna zen. Bi erakundeon elkarlanerako bidean,
bilera emankor asko egin genituen Makweturekin, baina honen askapenaren ondotik, Robben irlan ordezkaritza John Pokelak hartu
zuen, eta elkarrizketak eten egin ziren.
PACen zalantzek ondorio barregarriak utzi zituzten. Une batean
Pretoriako agindu bat iritsi zen. Aginduaren arabera, harrobiko
lanaldian gainerako preso guztiengandik bakartuta egon behar nuen.
Gainerakoengandik apartera egin behar nuen lan eta otorduetan ere
bakarrik egon behar nuen. Hori bermatzeko neure zaindari propioak
izango nituen. Xedapen berri honek PACen barnean halako bulkada
bat suposatu zuen. Egun batzuk geroago, PACek erabaki zuen
beren buruzagi Zeph Motopeng ere bakartuta egon behar zuela, eta
ni egoera hartan egon nintzen denbora guztian, inorekin kontatu
gabe, behartu egin zuten beste presoengandik aldenduta lan egin eta
bazkaltzera .
PACek uko egiten zion alderdiren batean afiliatuta ez zeuden
partaidez osatutako bilkuretan parte hartzeari. Gure arazoez
eztabaidatzeko bilkurak deitzen genituenean edo bertan egindako
ekarpenak aztertzeko batzartzen ginenean, alderdi honek boikotatu
egiten zituen bilerok. Asko haserretzen ninduen horrek. PACek,
hauteman genuenagatik, ez zuen kanpoan bere erakundean eman
ziren aldaketen ezagupenik. Irlan espetxeratutako PACeko kideek
uko egiten zioten gure baieztapenak sinesteari. Adibidez, ez zuten
atzerriko euren ordezkaritzak zuriak eta indiarrak taldearen baitan
onartu zituena sinesten. Hura heresia bat zen eurentzat. Guk, gure
aldetik, Patrick Duncan ekintzaile zuria PACen exekutibako kide
bihurtu zenaren albistea egunkari batean irakurri genuen. PACeko
afiliatuek ukatu egin zuten informazio hau, ANCren propaganda
hutsa zela iritzita.
ANCk bere barne erakunde propioa eratu zuen irlan. Goi Aginte
moduan ezagutua, ofizialki Organo Gorena deitu genuen, eta
Robben irlan preso gintuzten ANCko zuzendaritza batzorde
nazionaleko buruzagi antzinakoenek osatu genuen: Walter Sisuluk,
Govan Mbekik, Raymond Mhlabak eta lauok. Nirea zen Organo
Goreneko zuzendari izatearen ardura.
Sortze unetik bertatik erabaki genuenez, Organo Gorenak ez zuen
ANCren kanpo politikan eragingo. Herrialdearen egoera zein zen
neurtzeko bitarteko nahikorik ez genuenez ondorio batera heldu
ginen: behar besteko informaziorik ez geneukan auzien gaineko
proposamenak egitea ez zen zuzena ez zuhurra izango. Hori
horrela, bestelako gaien inguruko erabakiak hartzen genituen; hala
nola, presoen kexen, greben, postaren, elikaduraren eta kartzelabizitzaren eguneroko kezka guztien gainean. Ahal genuen guztietan
kideen bilkura orokorra deitu ohi genuen, erakundeak bere dinamika
mantendu zezan behar-beharrezkoa zela uste baikenuen. Baina
bilkurok oso arriskutsuak, eta horregatik ezohikoak zirenez, Goi
Aginteak hartzen zituen gero gainerako kideei helarazten zitzaizkien
erabakiak. Organo Gorenak hiru kideko zelula-sistema bat baliatzen
zuen horretarako.
Irlan eman nituen lehen urteetan, Organo Gorena gure saileko preso
politiko guztion batzar ordezkari gisara aritu zen. 1967an presoentzat
tratu hobea eskatuz agiri bat bideratu genion zuzendaritzari, eta
PACeko, Unity Movementeko eta Eddie Danielsek ordezkatutako
Liberal Partyko ia kide guztiek sinatu zuten. Antolamolde hau
egokia zen, Neville Alexanderrek Organo Gorena demokratikoa eta
ordezkatzailea ez zela eta, erakundetzeko beste modu bat aurkitu
behar zela adierazi zuen arte.
Nevillen burubideak, azkenerako, alderdi politiko guztietako
ordezkariak biltzen zituen presoen komite baten sorrera ekarri zuen.
Gainerako alderdiek ANC komitea kontrolatzen saiatuko zenaren
susmoa zutenez, honek aholkuak helarazteko ardura izan zuen soilik
eta, beraz, bere erabakiak ez ziren lotesletzat hartzen. Baldintza
hauetan ere zaila izan zen presoen arazoen inguruko akordio bat
lortzeko oinarri komun bat adostea. Guk Fikile Bam, Yu Txi Txan
Klubeko kidea proposatu genuen bilkuren arduradun gisa. Gerora,
komiteko buruak txandaka ordeztuko ziren. Azken batean, komitea
Ulundi bezala ezagutu zen eta preso politiko guztien diziplinakomitea izan zen.
Taldea osatu zenean, eta komiteko lau kideak xhosak zirenez, jatorri
etnikoen inguruko eztabaida piztu zen. Aurrez adostutako zerbait
baino, kasualitate bat zen izan zen antolaketa hura. ANCko lau kiderik
antzinakoenak, guztiak exekutiba nazional ohiko partaideak, xhosak
ziren. Xhosa ez izatea beste arrazoirik gabe, Organo Gorenerako
ANCko kide gazteago bat aukeratzeak ez zirudien aterabide burutsua.
Hala eta guztiz ere, Goi Agintaritzan xhosa etniak zuen ordezkaritza
nabarmenak kezkatu egiten ninduen, interpretazio oker bat indartu
baitzezakeen: xhosa erakunde bat ginela azken batean.
Kritika hau, interpretazio maltzur batean eta ANCren historiaren
ezjakintasunean oinarritzen zela pentsatu izan dut beti. ANCn
presidente zuluak, mosothoak, pediak eta tswanak egon zirela
gogoratuz eta talde exekutiboa talde tribalen nahastura bat izan zela
argituz erantzun nien kasurako egin zituzten salaketei. Behinola,
arratsalde eguzkitsu batean patioan nengoela, teilatuan beharrean
zebiltzan arrunten saileko preso batzuk zeudela oroitzen dut. Oihuka
zuzendu zitzaizkidan: “Mdala! (Zaharra!) Zergatik mintzo zara
soilik xhosekin?”. Salaketa hark ezustean hartu ninduen. Gorantz
begiratu eta esan nien: “Nola leporatu diezadakezue bereizkeriarik?
Herri bat eta bakarra gara”. Erantzunak gogobeteta utzi zituen,
baina oharpenak nire gogoeten txinparta piztu zuen. Ohar hartatik
aurrera, preso arrunten sailean espetxeraturik zeuden gatibuen
aurretik igarotzen nintzen aldiro, Kathyrekin edo Eddie Danielseki,
edo xhosa ez zen beste edonorekin hitz egiteko aukera egiten nuen.
Aipu honen harira, Organo Gorenak, txandakatuz joango zen
bosgarren kide bat izan behar zuela erabaki genuen. Hau ez zen
xhosa izaten gehienetan. Adibidez, Kathy bosgarren kidea izan zen
bost urte baino gehiagoz. Laloo Chibak ere hartu zuen lekukoa
denbora batez. Azkenean, tribalismo salaketa apalduz joan zen,
desagertu arte.
Nik ez nuen Organo Gorena kontrolatzeko ahalmenik. Gehiago:
sutsuen defendatu nituen proposamenetako batzuk errefusatu egin
zituen talde honek. Gauzek horrela behar zuten, baina zapuztuta
sentitzen nintzen batzuetan. Kartzela-agintariekiko gure harremanei
dagokionez, bi auzitan ez nituen inoiz nire kideak konbentzitu.
Ofizial baten aurrean presoek zutitu egin behar zutela zioen kartzela
araudiak. Ni, gure preso politiko statusa aitortzen ez zuten bitartean
aurkaria aitortu behar izatea umiliagarria zela iritzita, eserita
geratzearen aldekoa nintzen. Nire kideek hura arazo txikia zela
eta arau huraxe urratzeak ekarriko lituzketen ondorio negatiboek
edozein balizko onura gaindituko lukeela uste zuten.
Bigarren auzia antzeko arrazoiengatik baztertu zuen Organo
Gorenak. Kartzelariek gure bataio-izenez edo abizenez deitzen
gintuzten. Nire aburuz, bi moduak iraingarriak ziren eta errespetuzko
“jaun” trataera eman ziezaguten tinko eutsi behar genuela pentsatzen
nuen. Kontu honekin tematuta jarraitu nuen hainbat urtez, batere
arrakastarik gabe. Nire burkideentzat txantxarako gako ere bilakatu
zen auzi hau, Mandela “jauna” deitzen baitzidaten.
– 12 –
Kartzelan denbora harrizkoa zen; ez halaber kanpoan jarraitzen
zutenentzat. Honen kontzientzia, 1968ko udaberrian, nire amaren bisita
jaso nuenean izan nuen. Rivoniako epaiketatik elkar ikusi gabeak ginen.
Jendearengan aldaketak mailaz maila gertatu ohi dira eta norbera bere
familiaz inguratuta bizi denean nekez antzematen dira ezberdintasun
hauek. Familia urtetan ikusten ez denean ordea, harrigarria izaten da
eraldaketa. Bat batean, oso zaharra iduri zuen gure amak.
Transkeitik etorri zen, Makgatho eta Makaziw nire seme-alabek eta
nire arreba Mabelek lagunduta. Lau izaki, eta ni ikusteko distantzia
handia egin zutenez, kartzelako agintariek bisita ordu erditik
berrogeita bost minutura luzatu zuten.
Semea eta alaba ere epaiketa aurretik ikusi gabeak nituen, eta
nire ausentzian hazi eta hezi egin zirela ematen zuen. Miraz eta
harro begiratu nien. Nabarmen hazi ziren arren, kartzelan sartu
nindutenean ziren haurrei bezala hitz egin nienaren sentipena dut.
Aldatu egin ziren, ni ez.
Gure amak pisu asko galdu zuen, eta horrek kezkatu egin ninduen.
Aurpegiera zurbila zuen. Bere horretan zegoela zirudien bakarra,
nire arreba Mabel zen. Haiek guztiak ikustea eta familiari buruz
hitz egitea benetako plazera izan zen. Plazerak plazer, gure amaren
osasunaren gaineko zalantzek jota utzi ninduten.
Makgatho eta Maki biak ala biak ikasketekin jarraitzera animatu
nituen. Mabelek eta biok Transkeiko gure senitartekoez hitz egin
genuen. Denbora ziztuan joan zen eta bisita gehienen benetako
plazera hauek gogoratzean etorri ohi zen. Bisita hartatik nire amaren
osasunarekiko kezka atera nuen. Berriz ikusteko aukerarik ez izateak
beldurtu ninduen.
Aste gutxira, harrobitik itzultzean, telegrama bat entregatu asmoz
bulegora deitu ninduten. Makgathorena zen, eta mezuan, ama
bihotzekoak jota hil zela esaten zidan. Berehalakoan kartzelaren
ardurapean zegoen ofizialari eskabide bat bideratu nion, gure amaren
ehorzketara joateko baimena eskatuz. Ukatu egin zidan. “Mandela,
badakit hitzeko gizona zarela eta ez zarena ihes egiten saiatuko”,
esan zidan. “Baina ez dut zure jendearenganako konfiantzarik, eta
bahitu egin zaitzakete”. Nire minari gure ama lurperatu ezina, seme
bakar gisara nire erantzukizuna zena, gehitu zitzaion.
Hurrengo hilabetetan zehar denbora asko pasa nuen bere pentsura.
Bere bizitza ez zen erraza izan. Jardunean abokatu izan nintzen
bitartean bera zaintzeko moduan nintzen, baina kartzelatu ostean
zainketa ardurarekin jarraitzea ezinezkoa zen. Ez nintzen amaz
behar beste arduratu.
Amaren heriotzaren ondotik, norberak atzera buelta hasi ohi du,
ordura arteko bere bizitza balorean jarriz. Gainditu zituen zailtasunez
eta jasan zuen pobreziaz oroitzen nintzen bitartean, bide egokia
hautatu ote nuen galdegiten nion, ostera ere, neure buruari. Galdera
korapilatsu hark denbora luzez iraun zuen nire baitan: zuzen egin
ote nuen nire herria familiaren kaltetan lehenestean? Gure amak ez
zuen, denbora luzean, nire konpromezua ulertu. Nire familiak nahi
eta desiratu gabe hartu nuen konpromisoa, eta nire erabakiak eragina
izan zuen eurengan.
Beste behin ere erantzun berbera emanez itzuli nintzen. Hegoafrikan
zaila da herriaren behar gorrienei izkin egitea, horretarako familia
albora utzi behar bada ere. Nik erabaki bat hartu nuen, eta
azkenerako, gure amak ere babestu egin zuen erabaki hori. Hori hala
izanik ere, horrek ez zuen bere bizitza arinagoa egin ezin izanagatik
sentitzen nuen tristura murrizten; ezta bere azken hobira eraman
ezin izateagatik nire bihozmina gutxitzen ere.
1969ko maiatzaren 12ko lehen ordutan, segurtasun indarrek
Winnie esnarazi zuten gure Orlandoko etxean. Lege antiterroristak
aitortzen zien ahalmena baliatuz kargurik gabe atxilotu zuten. Lege
honek, gobernuari epaiketarik gabe jendea atxilo hartu eta preso
sartzeko aurrekaririk gabeko boterea ematen zion. Beranduago
jakingo nuenez, erasoaldi hura nazio mailako operazio baten parte
zen eta Winnierekin dozenaka pertsona atxilotu zituzten. Poliziak
Winnie, Zeni eta Zindzi bere gonari lotuta zituela atera zuen etxetik.
Isolamenduan itxi zuten Pretorian, fidantzapeko askatasuna eta
bisitak jasotzeko aukera oro ukatuz. Hurrengo aste eta hilabeteetan
errukirik gabe galdekatu zuten.
Winnie formalki akusatu zutenean –sei hilabete geroago–, apartheidaren
aurkako kurrikulum luzea zuen Joel Carlsonek defenda zezala
gomendatzea lortu nuen. Winnie, beste hogeita bi pertsonarekin
batera, ANC berpizten saiatu izanagatik salatu zuten –Komunismoaren
Desagerpenerako legediapean–. George Bizos eta Arthur Chaskalson,
Rivoniako epaiketan esku hartu zuen taldeko kideak gehitu ziren
defentsara beranduago. Urrian, atxilotu zutenetik hamazazpi hilabete
bete zirenean, Winnie aske utzi zuten. Estatuak azalpenik gabe bertan
behera utzi zuen bere aurkako salaketa. Bi astera debeku agindu berri
bat jaso eta etxean gatibu izatera behartu zuten. Ni bisitatzeko eskatu
berri zuen baimena ia berehala ukatu zioten.
Kartzelan Winnie ere espetxeratua zegoela jakiteak ezerk baino
gehiago apaltzen ninduen. Egoerari adorez aurre egiten ahalegindu
nintzen, baina oso arduratua nengoen nire sakonenean. Ezerk ez
ninduen Winni isolamenduan itxi zutena beste mintzen. Besteri
hainbestetan gomendatu arren, ez nintzen nire esku ez zeuden
kontuez ez kezkatzeko gai. Begiak bildu ezinik gau asko joan ziren.
Zer ari ziren egiten agintariak nire emaztearekin? Nola ari ote
zen Winnie hau guztia jasaten? Nor ari zen gure alabak zaintzen?
Nork ordainduko zituen fakturak? Halako galderek itauntzea eta
erantzuteko modurik ez izatea benetako tortura bat zen.

Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.
Çirattagı - Urte ilunak Nelson Mandela - 7
- Büleklär
- Urte ilunak Nelson Mandela - 1Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3630Unikal süzlärneñ gomumi sanı 201525.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.37.0 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.42.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 2Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3653Unikal süzlärneñ gomumi sanı 186125.1 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.36.6 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.42.6 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 3Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3622Unikal süzlärneñ gomumi sanı 186324.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.36.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.42.5 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 4Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3602Unikal süzlärneñ gomumi sanı 182324.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.36.6 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.42.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 5Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3696Unikal süzlärneñ gomumi sanı 183426.3 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.37.6 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.43.4 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 6Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 3688Unikal süzlärneñ gomumi sanı 183324.4 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.35.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.41.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
- Urte ilunak Nelson Mandela - 7Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.Süzlärneñ gomumi sanı 609Unikal süzlärneñ gomumi sanı 44343.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.56.1 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.62.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.