Koplak - Jean Robin

Süzlärneñ gomumi sanı 2205
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1356
32.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
44.9 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
50.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
ads place
Jean Robin

KOPLAK

ANDREN APHAINDURAZ
Setiatuak gabeaz,
Izituak gerlateaz,
Melankonian ez erortzeko
Gaiten arin kantatzeaz.
Ez da ez berdin sujeta
Gure herrietan falta:
Mende huntako andderei esker,
Badakigu nola dosta.
Bion daiola modari
Bai halaber modistari,
Sortzeak eskas eman guzien
Hura dugu konpligarri.
Oi, zenbat duen sekretu
Nahi bada probetxatu!
Ñaño berez jigante egiteko,
Behar den guzia badu.

Marianak nahi baitu
Hedoiak buruz ukhitu,
Girgileriaz eginikako
Ustai erdi bat aski du.
Baldin beldur bada-arroxa
Dorrea haizeak etxa,
Jendek hirririk ez egiteko,
Huna molde bat errexa.
Zimendutzat eman betzo
Zenbeit istupa xorointto,
Segoz hek ongi gantzutu geroz
Haizeaz da trufatuko.
Heldu bazaio dorrera
Marmalorik tentatzera,
Hei jazartzeko badire-ezpatak
Eginak moda berrira.
Ez nik, oihuz dio, ez nik
Horlako ausartziarik,
Beldur ninteke zenbeit gaztigu
Izan nezaken zerutik.

Marianak asmu hau du
Entzun orduko gustatu,
Ordean arroxa lagun nahiz
Huna nola zaion lothu.
Ago ixilik sinplea,
Hori dun bada-erratea:
Gure grekak ez ditun hain gora
Nola Babelgo dorrea.
Horla behar ditinagu
Gizon gaizoak tronpatu:
Nahi ez bahaiz hainitz bezala
Bethi neskatxa urdindu.
Hi behar haiz, hi, ixildu
Edo nerekin aithortu,
Mutzurdin hanbat ez leitekela
Ez balitz hanbat aphaindu.
Nongo gaztea, nahi dun,
Zin zinez hurbil dakigun,
Gure kan [...] ikusi eta
Laster gibela goanen dun.

Herrian nork ez othe du
Nik diodana frogatu?
Zenbaitek ez dituzte senaitzat
Bere parurak izatu?
Othe da bada Laphurdin
Hautan bezanbat mutzurdin?
Halaber ez dakusat badela
Nihon hain bertze berregin.
Ikusazue Katixak
Zein gora tuen fontantxak
Bada ez omen tu beherago
Manatu kalendabuxak.
Huna non den berregina
Iduri andre-erregina,
Damu-gaixtorik ez du izanen
Espostzat zenbeit dauphina.
Ez ahal da aldarerik
Hau bezala aphaindurik?
Aranzazuko birjinak ere
Deus ez du hurbilekorik.

Elizan da ikusiko
Bertze guziez gorago:
Arren da tenplu sainduarentzat
Errespetuz estaliko.
Ethorri zaio dolua
Ordutik du mandelua,
Munduko legeak nahi baitu
Ibil dadin kukuldua.
Hauk duk hire ohorea,
O mundu dohakabea!
Jaunaren ministroen gainetik
Hik daramak, hik, florea.
Predikariak gaur goitik
Ahal dagozke ixilik
Elizak bere men aldetik
Ez duen zauri berririk.
Handitarik xumetara
Andren [...] sehitara,
Heldea nota gaitz hau da hala
Banatu guzietara.

Getaria andreari
Ezin jarraik eta nahi
Estofaz ez bada fazoinaz du
Madama handi iduri.
Pegarrekoek hain guti
Nahi dute parrik utzi
Lehiaz guziak hari dire
Zein ederkienik jauntzi.
Etxetarik ethortzean
Zirrikituna soinean
Doidoia zakiten animatzen
Motho bat buru gainean.
Hala baitziren aspaldi,
Aprendizkotarik ilkhi:
Tinun baten moldatzeko orai,
Non artexagorik aurkhi?
Ez da buru pelaturik,
Ez eta kasko murritzik,
Alegiako tupeta zenbeit
Egiten ez dakienik.

Adi zazue zer duten
Ilen azpian ematen,
Istupa, xanpela, eta zurda
Bertzerik ez da ikusten.
Holakoz dire eginak
Antantur eta tinunak,
Funts hortan dohaz gure arbaso
Xoratuen tuntinak.
Balitz ontasun gosea
Greken antolatzailea
Urthea gabe egin lezake
Dorrearekin etxea.
Petenta saltzaileak du
Bere botika berretu
Zorionean egun batez zen
Gure herrira agertu.
Gure sehien soldata
Damurik hobea ez da:
Zirikuz egin eskularruak
Ez lituzkete ez falta.

Gabe hargatik ez dire
Lonazkoak bada ere.
Brasadatic lephora-iguzkiak
Eskuak beldurrez erre.
Hitz batez dituztenean
Zapata gonak soinean,
Baionako panpinak diduri
Ditutzula aitzinean.
Aparailu eder hortan,
Besta eta igandetan,
Bide berritan laurazka dire,
Ikusiko pasaietan.
Nola othe dute ahantzi
Etxetan zer duten utzi.
Haintzur, jormaiak. Helaz, hetara,
Behar dire berdin jautsi.
Nihor bada ene koplez
Estomakatzen suertez,
Goragalea khentzeko dire
Soberanoak ordainez.

ZER EGIN ZARE
KOPLARI ZAHARRA

Zer egin zare koplari zaharra,
Gure andderen xaxari suharra,
Zure antzearen eta donuaren
Behar handi ginduke, hemen gaude eske,
Hel bada arren.
Donibaneko Panpina berriak
Zu entzun nahiz daude egarriak.
Gure bezinoak, zubiburukoak
Ez dauzka gutiago zure aditzeko
Hirrits handiak.
Herdoildua dut, diozu, antzea
Ahantzi nuen kopla moldatzea,
Haren xerdentzeko eta zorrotzteko
Ezta ez Bergararik, ez Gagne-petitik
Aski jakinik.

Egun bakhoitzak dautzu hornituko,
Erran gai franko bersu moldatzeko.
Perma zaite, beraz, ez egon ikharaz,
Ordean zuri lana, hartzen duzun pena
Zazu pagaraz.
Horra Katixak non tuen ahantzi
Bere funtantxak bazterrera utzi,
Muthil bat bezala manda-zain bat nola,
Buru-murritz dabila, ahantzten duela
Neskatxa dela.
Mairu-herritan ez, ez da ikusten
Guk mende huntan duguna miresten:
Han emakumea zahar bai gaztea,
Estalirik dabila, gogor daukala
Bere idola.
Ifernuak, bai hark bakharrik du
Oraiko moda itsusia asmatu.
Nongo portaletek, nongo erretaulek
Hanbat dute eskandala ematen bai nola
Khristau-alabek?

Esku batean zakhutto bat dute,
Zeina Ridikul deitzen baidute,
Erran-komuna da gure zaharrena,
Jabea irrigarri tresnek hau iduri,
Imasun propi.
Gure Zezili, oi, zer ikuskari!
Beso guzia dabila ageri:
Hezur puska batzu beltz eta hiratu,
Jitano bat iduri, bain da nardagarri,
Gure Zezili.
Orai, zer othe da eskas bertzerik,
Gizon arropak manatzea baizik?
Emazteki antza, neskatxaren traza,
Osoki ahantzteko eta borratzeko
Behin bethiko.
Tenplu sainduan, aingeruen balsan,
Ikusiko da aparailu hortan.
Jainkoaz, munduaz, lurraz, ifernuaz,
Guziez da burlatzen, kopeta du ezen
Gora altxatzen.

Jende xeheak ezin aldarerik
Ikus dezake andre hunen gatik;
Burua du arin, ttinpla baten berdin,
ezkila dorrekotzat, haize seinaletzat
Non hulakorik?
Bere kadirak beldurrez min egin
Lumatxatto bat behar du eragin:
Baten gaitza dena bertzearen ona,
Hor du janbon gaizoa ofiziokoa,
Eta fetxoa.
Azkenaz goiti gizonak behar du
Soilarutarik ahalkez urrundu:
Han, han, istapeka eta zein lehenka,
Ohi dire ikusten dutela ahantzten
Andre izaten.
Ah! Jaun-aphezek, hain xuxen khoroa
Baitute hirur sarrailetakoa.
Bertzenaz sartzera leitezke mentura,
Bertze guziak baino jarriak gorago
Han izateko.

Eri gaixki da gure mundutarra,
Aphezetara laster deihadarra:
Orduan, nigarrez, hiltzeko beldurrez;
Moda du, bere ustez, higintzen zin-zinez,
Bainan gezurrez.
Itzur bekio herio latzari,
Gure eria nor den da ageri:
Madalen falsoa, alegiakoa,
Madalena ezpainez, mundutarra obrez,
Eta bihotzez.
Gure erheztunak galdu ziren arren
Hemen ditugu erhiak, bai hemen:
Zorrak zor-tegira jauntz gaiten modara,
Gaiten oraino dosta, zer nahi den gosta,
Gaiten bai dosta.
Ezin bertzean, zahar garenean,
Mundua gutaz aseko denean,
Jainkoari gaizko emanen bethiko
[...]
[...]
[...]

Jauts gaiten orai mail bat beherago,
Zer iragaten den han ikusteko.
Estofa ez bada, badute fazoina,
Ez baditezke andre, bederen anddere,
Agertzen dire.
Lehen, kopeta diztiarazteko,
Oi, zer arraultze freskoren xuringo!
Orai, edergailu bisaiak behar du,
Ile zenbeit dilindan, ordena herrunkan
Eta konpasan.
Kotoin marratu, angeles xuria,
Etxaie aski gainekotz propia:
Zerbeit gehiago behar agertzeko,
Pekina da sobraxa, perkala gutixe,
Legez gutixe.
Gure Maria da saldu nahia,
Hargatik dauka botika idekia:
Jende beretzeko eta azipatzeko,
Non da merkataririk, non arrantzalerik
Hunen parerik?

Apastatzat du begitarte ona,
Eta amutzat soinik ederrena:
Hula zurikatzen, hula du peskatzen,
Gizon atun gaizoa, Piarres tontoa,
Hula peskatzen.
Besta egunetan, bezpera denboran,
Mundu guzia delarik elizan,
Zaiku aphainduko pasaietarako,
Neskatxa lagunekin, galaia berekin
Da ibiliko.
Ez karrika, ez, ezta zabal aski,
Lerro handi hau ezin du iduki,
Besoz-beso dohaz, hirriz, bai karkaraz,
Jendeak darasala, ez dute axola,
Zer nahi dela.
Koplari jauna, goazen sehitara,
Eta lehenik nafartarretara:
Huna, Antonia, horra hor Maria,
Hunakoan ikatzkin, laster dira egin
Andre berregin.

Gure sehiak, guziz nafartarrak,
Etxeko-andren portalet ber-berak.
Oi, nola dabiltzan igande, beztetan,
Zinta gorri bat gora, bertze bat behera
Gure kaletan.
Baldin miraila libro ez badute,
Tirrina bat ur orobat zaiote:
Han du Antoniak, han gure Mariak,
Ikusten arpegia, duenetz garbia,
Eta xuria.
Aitak alaba nekhez ezagutzen,
Hain mudatua ezen du topatzen,
Orhaze fin hutsa, flokatzat arrosa,
Buztana feraturik, xala bat jauntzirik,
à la francesa.
Etxelartarrak, urdazuriarrak,
Ezin ezagut bere herritarrak:
Hemen dire ezen bertzela aphaintzen.
Buztana feraturik, xala bat jauntzirik,
à la francesa.

Laphurdikoak balinba ez dio
Nafartarrari amorrik utziko:
Petenta arrundak lephoan xerrendak,
Urrezko gathe ordez letoina badute
Berdin zaiote.
Nonbeit handia behar da soldata,
Urthe-berriko joria presenta;
Non dik hanbat briju eta edergailu?
Nihork galde ez beza, berak pausa beza,
Pensa, bai, pensa.
Gure matronak begoz direnentzat,
Sobra dakite andre hek beretzat:
Oxala burkuak, azukre, kakauak,
Utz-liotzoten libro, kikera hutsteko
Ausarkiago.
Luietan dire mundu huntan bizi,
Bi parabisu nahiz irabazi,
Oi, zein gustu ona gure matronena,
Sasia badezate konpli eta bethe,
Hain gustu ona.

[...]
[...]
[...]
Eta papur sobrak
ditu hartuko.
Ama prudentak alaba nahi du
Lehen bai lehen baitezpada saldu.
Feria nihon da, gure haurra han da,
Satanen maximekin, ponpa guziekin
Eta obrekin.
Aitabitxiak eta amabitxiak,
Harentzat egin agintza guziak,
Han ditu ukhatzen eta ostikatzen,
O alaba, o ama, nork othe darama
Zuen arima?
Zu, tronpetari Jainko gorarena,
Haren mezuen kridari zarena;
Altxa boza gora, ez ixil, ez bara,
Hertxa aldez bai moldez, bortxa-eta amorez,
Othoitz, nigarrez.

LARRUNEN
BAZKAL-ONDOKO
DESERTA
Non othe naiz ni aurkhitzen,
Zer zorion dut dastatzen?
Konpainia maitagarri batek
Oihuz nau abiarazten.
Izpiritu Larrungoa,
Esker dautzut bethikoa,
Zure bidez baitut iragaten
Egun bat dohatsuzkoa.
Beha dezadan inguru,
Lorietan naiz mukuru:
Jende plantez setiatua,
Beharrik nintzela sorthu.
Ermitau bat dut ikusten
Mortura ihes egiten,
Ejiptokoa, ohi bezala,
Debotez hau du publatzen.

Aphez, Beata Birjina,
Kalostretan nahi dena,
Munduko batekin banuke
Ikuskari konpliena.
Bistaren kontentatzeko,
Batzarraren osatzeko,
Dohainaren begira daudenak
Zenbat ez dut aurkhituko?
Atsegin emendagarri,
Gauza bat da miragarri,
Apetitu bat baita ikusteko
plat-guzien xukhagarri.
Ez, ez, esker mendiari,
Bai ordean jan gauzari:
Hortzak khamutsak ez baditugu
Zordun gaizko Mariari.
Bion daizula Maria,
Zaren luzaro bizia:
Gose-eztenari janarazteko
Antze duzu berezia.

Urthubiako friantak,
Zer dire zuen Banketak?
Gure Mariak ahantzten ditu
Zuen kuziner balentak.
Xokatua Bizkondea
Bai haren gorthea
Desafio ematen dautzute,
Gure Maria andrea.
Duzularik abantaila,
Dudarik ez den bezala,
Zure espostzat da erregeren
Sukhaldeko prinzipala.
Hauxe da, hauxe dohaina,
Ardietsi duzun oina;
Larrungo tupinan egin zare
Kuzineren erregina.
Zu horla lausengaturik,
Gu ere bai dostaturik,
Larrungo San Miguelen kapera
Ez dago berregindurik.

Dugun, beraz, abiadan,
Zerbaitto eman ofrendan:
Gerthakari gaixtotik Jainkoak
Gaitzan iduk bere goardan.
Orai presuna gazteak,
Orai zerura galdeak,
Hurbil den huntan eska detzagun
Bakhotxak dohain gureak.
Zu, Maria, altxaturik,
Gu ere bai dostaturik,
Etxeko andre Ihartzetakoa,
Ez dago horla pagurik.
Gure ostaler zalduna,
Hirriz kontent etzarena,
Erraguzu abiatu gabe,
Zer den gure penarena.
Galdetu duzu korteski,
Horra bada guk bizarki:
Jainkoari gomenda gaitzatzu,
Arren goazen dohatsuki.

Agur beraz, zaude brabo,
Berriz ikus arteraino:
Goiz onik baizen ezin dukezu
Larrun hauzo dukezuino.

APHEZ JURATUAK
Altxa dezagun boza eta kanta gora,
Bertsu estranjer batzu detzagun fagora:
Ez nauzu deklaratzen nor duten autora,
Ala den bikaria, ala den erretora.
Zu zaitut materia, monsieur Iharasarri,
Nazioneak fidel zaitu bere zerbitzari.
Nola behatzen diozu gure Elizari,
Trublatua zabiltza haren gerizari.
Uste duzu lehen duzula burua,
Kasik gobernua ere diozula mundua:
Hainitz bolanta duzu, o sendimendua,
Utzi duzunaz geroz gure aita seindua.
Theologian zinen denboraz profesor,
Orduan baitzinduen orotarik agur.
Sujet handiak-ere zure ziren beldur,
Argumentalaz geroz ez baitziren segur.

Lauda ere zinitzaket bazinu merezi.
Bainan etsaiak daitzu oro galarazi.
Lehen xismatikoetan zu zinen berezi,
Aita seindu maiteari erranik goraintzi.
Monsieur Iharasarri, Agerreko apheza,
Berthute gabea da orai zure meza.
Juramentu beltz hori turna bazineza,
Egundaino bezala zinitake preza.
Zure baithan sar zaite eta eman gogora
Gisa hortan zoazila leziaren ondora.
Karitatez mintzao da legiaren autora,
Imita dezazula Kanboko erretora.
Larrasoron bikari, monsieur Gorriti,
Hura ere ibili da goiti eta beheiti.
Hark bezala egizu zuk ere prudenki,
Flakatasun handiaz duzula urriki.
Exhorta zazu buru arin laguna,
Azantzako apheza, Sorhondoko xalduna:
Zuentzat ilhundu da argizko egia,
Legean fermu gaudenek orok dakiguna.

Monsieur Iharasarri, aditu dut berria.
Hiriarti kita-arazi diozula herria...
Baldin hartu izan balu zuk duzun legea,
Baliatuko zaukon jaun hari egia.
Ala finki baituzu egina botua,
Soberanoaren kontra arras gogortua:
Damurik izan zare mundurat sorthua,
Estola, kasolaz Jaunak sakratua.
Monsieur Marithurri, Senperen erretor,
Zu bezain prest izan da hura ere erorkor.
Erregeen erregia ezta ez ahantzkor,
Hala gertha baledi oraino nonbait hor.
Zu estonatzen naiz, monsieur Duronea,
Horren maite duzunez bada ilhunbea,
Itzul-azu gu gana, o! desirkundea,
Zuzen nahi baduzu zeruko bidea.
Erretretan sar zaite zure lagunekin,
Pobreak sokorrituz zenbait barurekin,
Mundura sorthu zinen donurekin,
Soberanoa eman da hainitz damurekin.

Bihotzez egizue, o! nigar marraska,
Dugun aita seindua barne onez besarka,
Hari sumeti zaite joan gabe hasarka,
Parabisura goazen guziak, galtzarka.
Bertsu huntan mintzo naiz monsieur Larrondori,
Nola gogortu zaien Senperen orori,
Aristokratek dezagun guziek sokorri,
Zeren juramentura ez baita erori.
Bera eskapatu da hainitzen artetik,
Ardi-inozenta nola otsoen artetik.
Legean fermu dago Jesu-Kristo gatik,
Beraz laudagarri da, guzien gainetik.
Flako, miserablea, non zare, Etxeberri,
Munduari eragin diozu zenbait irri,
Zure erretoria oraino ezta ageri,
Paperak ornen dira urerat erori.

NAZIONEKO BESTA
SENPEREN
Senperen egin dute besta bat handia:
Deklaratzera noha, guziek guardia.
Jaun erretorak ditu oro gomitatu,
Nazioneko besta dute ohoratu.
Atso zahar batzuek, ongi aphaindurik,
Plazala bildu dira, elgar aditurik,
Ikhusi dutenean han eztela deusik,
Ostatura joan ziren, bihotzak ilhunik.
Ostatuan sartzian, etxeko jaunari
Atsoek erran diote: «Hots, fite, Bettiri,
Gaur besta handi dugu, iguzu jatera,
Juan behar dugu gero guziek plazara».
Bazkaiteko denboran, batak bertzeari
Oihu egiten zuten: «Hire graziari!
Bibe nazionea!» zioten gogotik,
«Gaztetan eztun orai gu bezalakorik».

Bazkaldu direnian atso gaztetuak,
Kontrapasetan dire hasi zoratuak:
«Hots, begira huts-egin», zioten atsuek,
«Dostatu behar dugu gaur hemen guziak».
Dantzatu direnenan, arbaso zaharrak
Kanporat ilki dira, husturik sakelak;
Plazan arribatzean, bisaiak gorririk,
Mundu guzia zagon irriz zabaldurik.
Jaun erretora berriz leihorat etorri,
Handik konplimenduka zitzaie hasi:
«Hots, ene haurrak, orai hor dantza zaitezte,
Ni ere zuiekilan abia nindaite».
Atsoek errepusta jaun erretorari:
«Zu beharko zaitugu ororen gidari!».
Emaiten da trunkoa aintzingidaritzat,
Atso zahar guzien gobernatzailetzat.
Hasi zenean beraz trunkoa dantzatzen,
Gure atso guziak irriz eman ziren,
Bere esku zimurrak emanik hanketan,
Oro begira zauden besta handi hartan.

Gure atso gaizoak etziren unhatzen,
Bere artzainarekin oro kontent ziren,
Ordean heien senhar gaxoak etxean
Tupina hutsa zuten bathu ilhuntzean.
Giza-gaizoak ziren plazalat ethorri,
Bere emazten bilha zoroak iduri.
Jaun erretorak hori ikhusi orduko,
Oihu egin zioten baken egiteko.
«Zuk, Joanes, edan zazu, zuk ere Domingo,
Ene eskuietarik zenbait arno trago.
Bibe nazionea! egizu, zuk, Pello!
Egun haserratziak deus eztu balio.
Gizon eta emazte dugun orok edan,
Basoak trinkaturik omore onean;
Zoazte elgarrekin guziak bakean».
Besta akabatu zen hola arratsean.
Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.