Desobedientzia zibila - 1

Süzlärneñ gomumi sanı 3638
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1990
25.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
37.1 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
43.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
ads place
Henry D. Thoreau

DESOBEDIENTZIA ZIBILA
Itzulpena: Edu Lartzanguren

Edurne eta Eiderri,
César eta José Manueli,
Olatz, Mikel, Alberto, Fernando, Sabino, Iñaki eta Mariori.

Markos Zapiain idazle eta filosofoa da (Irun, Gipuzkoa,
1963). Besteak beste, artikulu bildumak argitaratu ditu
-Errua eta Maitasuna (2002)- zein saiakerak -Zenbait
Terrorista (2003), Ia guztiaren funtsaz (2006), Txillardegi
eta ziminoa (2007)-. Paperean argitaratu duen azken
lana Talatik tiroka da (2009).
Blog bat erabiltzen du bere testuak plazaratzeko:


AITZINSOLASA
Luisma Urkizari

Deleuzek zioenez, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) nazio-gatazkak immigratze unibertsalaren bidez konpondu zituzten (Marxen ustez proletarizatze
unibertsalak klase-desberdintasunak gaindituko zituen bezalaxe). AEBetako hiritar ugari europar iraganera begira bizi da, Las Vegasen Koliseoaren eta
Partenoiaren kopiak dituzte. Aldiz, Thoreauk azpimarratu zuen AEBek badutela
iragana, europarra baino miresgarriagoa: indiarrak. New Yorketik Mendebaldera
begiratu beharrean, Paris, Erroma eta Atenasera, hobe Ekialdera jo, indiarren lurraldeetara. Hauen kultura benetakoagoa zitzaion gurea baino, lurrean eta haizean
sustraituagoa. Jarri zibilizatua eta jarri indiarra, basamortuan edo oihanean, zein
orientatuko ote den hobeki. Elikadura osasuntsuagoa zuten, kolesterolik ez. Ausarkiago egiten zioten aurre oinazeari.
AEB zibilizatua indiarren genozidioaren gainean eraiki zen, eta Thoreauk ez zuen
inoiz ahaztu, bere garaian inork aintzat hartzen ez zuen arren. AEBetako etorkin
zuriek aspaldi akabatu zituzten indiarrak. Baina gaur egun oraindik ezikusia egiten
diote haien edozein aztarna eta oroitzapeni. Michel Onfrayk idatzi du ederkien Thoreauri buruz1, berari ostu dizkiot aitzinsolas honetako ideia guztiak. Onfrayk kontatu
du badela New Yorken mundu osoko arte indigena jasotzen duen museo erraldoi
bikain bat, Metropolitan Museum delakoa, bost kontinenteetako edozein bazterretako obrak aurki ditzakezu bertan, baina ez daukate Ipar Amerikako indiarren pieza
bakar bat ere.
Era berean, europarrok nekez sartzen dugu amerikarren bat Filosofiaren Historian. Thoreau, gehienez ere, literaturgile gisa dugu ezagun (Albert Sánchez-Piñolen
iturri nagusietako bat da, indiarretik franko zuten Kafka eta Henry Miller-ekin batera).
Are eskandalagarriago, Thoreau filosofoak nahiago ditu indiarra, egurgilea eta brahmana, pizgarriagoak baitziazkio bizimodu libre bat asmatzeko orduan, Platon, San
Agustin eta Kant baino (inoiz ez ditu aipatzen).
Thoreauk ez zuen natura bere bulegoan eserita goraipatzen; aitzitik, harreman
fisiko ezin hurbilagoa zeukan harekin: hegal galduaren edo belar izpiaren xehetasunak aztertzen zituen, oihaneko aldaketak neurtu eta idatziz jaso, zuhaitzera igo
habia begiratzera… Naturak irakasgai ugari dauzka gordean; gozatu egiten zuen
Thoreauk gordeleku horietan barneratzen, eta sekretu horiek gidari hartuta saiatu
zen bere bizimodu filosofiko librea asmatzen.
Ezinezkoa zitzaion ordea nortasun eta bizimodu libre hori zibilizazio industrialean gauzatzea. Umearengan naturaren presentzia eta kulturaren absentzia maite
zuen. Natura kontrakultura gisa erabili zuen. Natura ezeztatuz eraiki baitugu gure
zibilizazioa, bietako batera hurbiltzeak bestetik urrutiratzea dakar. Edonola ere,
soilik naturak senda gaitzake kulturatik. Gure kulturak makina motordun bilakarazi gaitu, dirua dugu errege, ezertarako balio ez duten trasteak erosteko grinak
itsutzen gaitu, borondatez onartzen dugu bizimodu esklaboa (ordutegi zitalak, besteak beste), gure arteko harremanak penagarriak dira, ametsik gabeko bizimodu
zekena eta etsipen otzana dira nagusi. Thoreauk ez du etsiko, eta naturarekin bat
eginda sortutako bizitza bikain baten bila ibiliko da.
Thoreaurentzat, Indarkeriarik gabeko 500 ekintza liburuko hitzaurrean Mabel
Cañadak idatzi duenaren aurka2, ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu
1 Michel Onfray, ‘Contre-histoire de la philosophie’-ko seigarren liburukia: ‘Les radicalités existentielles’, ‘Henry David Thoreau et “le bonheur parfait”’Grasset, Paris, 2009, 43-175 orr.
2 ‘Indarkeriarik gabeko 500 ekintza’, Manu Robles-Arangiz Institutua, Bilbo, 2009, 7 or.

berez, asmatu beharra dago, sortu. Nork bere moduan: Thoreauren jarraitzaile
izatea ez da basoan txabola eraiki eta bertan bakartzea, egunero lau orduko ibilaldia eta aintzira izoztuko bainua errepikatzea, baizik nork bere ahalmenak eta
askatasuna ahal bezain sakonki eta ederki mamitzeko moduko bizimodua bilatzea,
inertzia gorabehera, normaltzat jotzen dena eta bestek zugandik espero duena
gorabehera.
BIZITZA
David Henry Thoreau 1817ko uztailaren 12an jaio zen, Concorden, Bostondik
iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. biztanle zituen orduan. Oihan,
muino, arboladi, erreka eta aintzirek inguratzen dute herrixka, natura zoragarriak.
Thoreauren haurtzaroa txango, ibilaldi, kanoa, belar biltze eta bainuek edertu zuten.
Txabolak eraiki, zuhaitzetara igo, behin zuhaitz puntan zango artetik mundua nola
ageri den begiratu, arrantza…
Haurtzaroko askatasun hori iraunarazi nahia nabari da Thoreauren filosofian,
baserri giroko ume askok sentitu izan duten oztopo gabezia eta libertate basatia du
Thoreau helduak ere helburu. Helduaroan ere bere gisa bizi nahiko baitu, helduen
mundu modernoa mespretxatu eta gorrotatu egingo du.
Bere bizialdi ia osoan misantropo gogorra izan zen. Guraso filantropoak zituen
haatik, abolizionistak, etxean militanteak ez ezik esklabo iheslariak ere hartzen
zituztenak. Kanadan debeku zen esklabotza eta iheslariek AEBetatik Kanadara jotzen zuten. Bidean, abolizionista batzuek lagundu egiten zieten, etxean ezkutatuz,
jaten emanez… Thoreauk ez zuen gogoko gurasoen etxean horrenbeste jende
ibiltzea atzera eta aurrera. Abegikortasuna kritikatu egin zuen, bere betixutasuna
azpimarratu.
Ikasketei dagokienez, txikitandik atera zituen nota bikainak. Oso gazte hasi
zen grekeratik eta latinetik ingelesera itzultzen. Hala ere, maiz egiten zuen eskolatik piper anaia Johnekin, eta mendira joaten ziren benetan ikastera. Gero, lau
urte eman zituen Harvardeko unibertsitate ospetsuan, eta hogei urte zeuzkala
ikasketa-amaierako hitzaldia idatzi zuen: Garai modernoetako espiritu komertziala
eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain. Bertan
aurki daitezke bere gai nagusi batzuk: espiritu komertzialarenganako gorrotoa, dirua jainkotzearen eta mekanizazioaren kritika eta idolo moderno horien aurkako
erresistentziaren goraipatzea.

Thoreau “David Henry” bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta “Henry
David” bilakarazi zuen. Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen. Oso gazte zela ekin
zion “Egunkari” bat idazteari. 20 urte geroago amaituko zuen: 14 liburuki. Bertan
oharrak jaso zituen, hitzaldien zirriborroak, liburuen iruzkinak, aldarte-aldaketak
eta sentimenduak, gogoetak, belar biltzeak… (Thoreau beti zebilen belarra biltzen,
txapelapean zeraman, mikroskopioz aztertzen zuen.) Dena den, Thoreaurentzat
idaztearen funtsezko xedea bere burua hobeki ezagutzea eta horrenbestez libreago bizitzea zen, liburua eratzeaz batera bere burua ere egituratzea.
Maisu jarri zen Concordeko eskola publikoan, baina ez zituen ikasleen aurkako zigor fisikoak onartu eta dimisioa eman zuen. Hurrengo urtean eskola bat
ireki zuen anaiarekin batera, eta pedagogia naturazale libertario bat erabili zuten:
mendira irteerak goizalban; belarra, zuhaitzak, errekak eta animaliak ezagutu eta
aztertu, ilunabarra gozatu; zigor fisikorik ez… Ikasleek esku hartze aktiboa zuten
zigorgintzan eta diziplina-prozesuan.
1839an anaiarekin kanoan ibiltzera abiatu zen aste beterako, Merrimack ibaian
barrena. Liburu txiki polit batean jasoko zuen gerora egun haien berri.
Anaia hil ondoren, ordurako laguntzen hasia zitzaion Emerson filosofo transzendentalista ospetsuak New Yorkera bidali zuen Thoreau, haren ilobaren tutore;
literatur munduan izen bat egitera ere bultzatu zuen. Zortzi hilabete eman zituen
New Yorken. Behin Concordera itzulitakoan, aurkakotasun teoriko garbi bat ezarri
zuen: New York zibilizazioa da, lilura faltsua eta itxurakeria, aurrerapen teknologikoaren erlijioa, bankaria, sal-eroslea eta kazetaria, hitzontzikeria; aldiz, Concord
natura da, benetakotasuna, bizimodu filosofiko eta jakintsua, indiarra, egurgilea
eta nekazaria, isiltasun argia.
TXABOLA ETA ESPETXEA
Thoreauren bizitza osotik bi gertaera iritsi zaizkigu oroz lehen, bi ekintza
nabarmendu izan dira: batetik, bere eskuez txabola txiki bat eraiki zuela basoko
txoko batean, Walden aintziraren aldamenean, eta bertan bakartuta bizi izan zela.
Bestetik, zergak ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu zutela. Kartzelaldi hau
dugu hain zuzen Desobedientzia zibila testuaren sorburu.

1845ean ekin zion Thoreauk, Emerson filosofoaren lur eremu batean, Walden
lakuaren ertzean, txabola bat eraikitzeari. Txabola aintzira ondoan ez zuen jaso
soilik praktikotasunari begira. Thoreauren haurtzaroan gurasoek maiz aldatzen
zuten bizilekuz. Behin batean, Thoreauk lauzpabost urte zeuzkala, Bostondik Concordera joan ziren. Baso-zelaiak zeharkatu zituzten, Walden aintzira ingurukoak.
Liluratuta gelditu zen Thoreau umea. Bestalde, amonaren lorategitik erreka bat
abiatzen zen, Merrimack ibaira zihoana, eta Merrimack horrek inguruko lakuak
ureztatzen ditu, Walden barne. Hain zuzen, anaia hil berriarekin Merrimack eta
inguruko ibaietan egin zituen kanoa-txangoak. Alegia, txoko hura toki zehatz bat
ez ezik Thoreauren ume-ametsetako paisaia zoragarria ere bazen. Proustek biziki
gustuko zituen Thoreauren obra eta jarrera.
Thoreauk Walden aintzira hondorik gabe irudikatzen du, ur sarrera eta irteera
barik, mitologiko, betiereko. Bekatuak garbitzeko ura omen du. “Egunkaria”n aintziraren kolore mugagabeen aldaketa eta ñabardurak jaso zituen, baita ur-mailaren
igoera-jaitsierak, piztiaren arnasaldiak bailiran. Thoreau egunero-egunero bainatzen zen bertan, nahiz ikaragarri hotza izaten den maiz. Jelatuta zegoenean etzan
egiten zen biluzik izotz-plakaren gainean. Psikoanalista batzuek amaren altzora
itzuli nahi amorratua sumatu dute ohitura horretan.
Txabola txikia zen: 3 bider 4,5 metro, 13 metro koadro. Altzari soil batzuk zeuzkan eta tximinia; kanpoan baratzea.
Walden edo bizitza basatiaz liburuak eragin handia izan zuen hippiengan. 80ko
hamarraldian hondarribiar bat baino gehiago bakartu zen Jaizkibel inguruan Thoreau eredu. Baina Thoreauren bakarraldia idealizatu eta esajeratu egin da. Azken
batean, 1845eko uztailaren 4tik (AEBen Independentzia eguna) 1847ko iraila arte
baino ez zen bizi izan bertan, 26 hilabetez. Gainera, bi egunean behin Concordera
joaten zen, filosofo transzendentalisten bileretara, amatxok prestaturiko anoaren
bila…; eta txabolan nekazariak hartzen zituen, baso-mutilak, filosofoak, bidaiariak,
esklabo iheslariak… Hori bai, ez zituen hiru aulki baizik, egundo ez zuen taldea eta
jendetza gustuko izan. Lagunen bisita atsegin zuen, baina atseginago bisita eza.
Thoreauk, bere bizitza goitik behera jasotzen duten 14 liburukietan, ez zuen
inoiz maitemindu zenik jasotzen, ia ez da emakumerik ageri, ama bera ere ez.
Aldiz, sentimendu ilun bat erakusten du, gizonik miserableena izateagatik errua,
baina sekretua sekula ez dela argituko abisatuz... Zenbait berezilarik masturbatzaile porrokatu izateari egotzi dio aldarte goibel hori. Oihartzunaz ere behin baino
gehiagotan mintzo da: horrek ere masturbatzaile zoro izan zela erakutsiko omen
luke, azken batean bai oihartzunean eta bai onanismoan ez baitzara zure mugetatik irteten, ez diozu gorputza edo ahotsa besteri eskaintzen, harreman osoa
gelditzen da norberarenean.
Maitasunezko laudorio bat ez emakume bati baizik eta bigantxa bati egin zion
Thoreauk, biziki sakona, biziki hunkitu eta erotikoa. Hain zuzen, Thoreau “taureau”
da, “toro”, zezen; lacaniano batzuen ustez, gure izenak, izenaren esanahiak, gure
joerak baldintzatzen ditu, oharkabean bada ere: ezinbestez maitemindu behar, zezenak bigantxaz.
Espetxealdiari dagokionez, gau bakarra eman zuen barruan. Waldenen bizi
zela, 1846an, Concordeko zapatagilearengana zihoala poliziak geldiarazi eta espetxeratu zuen, ez baitzuen ordaintzen gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zuen bere zergen zatia.
Ezaguna zuen kartzelaria: fidantza ordaindu nahi izan zion berehala, baina
Thoreauk ez zion utzi, espetxera nahi zuen. Biharamunean bertan ezezagun batek
fidantza ordaindu eta Thoreau askatu egin zuten. Zenbait biografok uste du Thoreauren izeko bat izan zela. Azkenik, bere zapata berreskuratu eta mendira joan
zen, ahabiak biltzera (oso ona ei da ahabia ikusmena bizkortzeko). 1849an argitaratuko zen espetxeratze hori abiapuntu izan zuen gure Desobedientzia zibila.
Txabola utzita Waldenetik Concordera itzuli ondoren, lanbide apalen bitartez
bizi izan zen: etxeak pintatu, lorategiak zaindu, lurra neurtu, aitari arkatzagintzan
lagundu…
Bere buruarentzako askatasuna sortu, hori nahi izan zuen beti: lan finkorik ez,
kontsumoa funtsezkora mugatu, alferrikakoa zeharo ezabatu, loturak ekar ditzaketen emazte, ume edo sendirik ez, ezta adiskide inbaditzailerik ere: ahal bezain libre
bizitzeko antolatu zuen bizimodua.
Biografoek, hala ere, haustura bat nabarmendu dute Thoreauren bizitzan, politizatze gogor batek bizi izan baitzuen azkeneko urteetan. Ziaboga hori Anthony
Burnsen eta John Brownen kasuek erabaki zuten.
Burns esklabo iheslari bat zen. Bostonen atxilotu zuten. Abolizionistek bere
fidantza ordaindu zuten arren espetxean atxiki zuten. Protesta-manifestazioa zapaltzeko lanetan zebilen polizia bat hil egin zen. Haserre, Estatuak lege berri bat

aldarrikatu zuen, AEBetako hiritarra esklabo iheslariak salatzera behartuz. Thoreauk ezin izan zuen jasan eta abolizionisten alde engaiatu zen. Orduan, aurreko
bizimodu filosofikoa, txabolan bakartuta eta naturarekin bat eginik bere buruaren
bila, interesik eta baliorik gabekotzat jo zuen.
John Brown kapitain bat zen, zuria, abolizionista, dozena bat militanterekin
batera komando bat osatu zuena. Brownek hitzaldi bat eman zuen Concorden
1857an; Emerson eta Thoreau entzuleen artean zeuden. Behin batean, Kansasen,
Brownek esklabotzaren aldeko bost lagun garbitu zituen. Beste batean, Virginian,
Brown armategi batez jabetu zen, esklaboak armez hornitzeko asmoz. Berehala
harrapatu zuten ordea, espetxeratu eta urkatu. Thoreauk 1859an John Brown kapitainaren aldeko alegatua idatzi eta Concordeko enparantza batean ozenki irakurri zuen. Urte hartan bertan John Brownen martiritza argitaratu zuen. Eta 1860an
John Brownen azken egunak.
1854an, Walden argitaratu zuen urtean, tuberkulosia harrapatu zuen. Hiltzera
zihoala jakinda, bere liburuen argitalpena apailatu zuen. Uko egin zien analgesikoei: une guztiak sakonki bizi nahi izan zituen, azkenekoak barne. 1862ko maiatzaren 6an hil zen, 44 urte zituela.
BIZIMODU XIXTRINETIK ASKATZEN HASTEKO
Thoreauk bizimodu filosofiko bat mamitzeko bide bat erakutsi digu, berea.
Gizarte industrialaren eta modernitatearen kritika du oinarri. Lehen aipatu dugu
Thoreauk Harvarden 20 urte zituela idatzi zuen hitzaldia: “Garai modernoetako
espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta
literarioaren gain”. Bere obra osoaren ernamuina dugu.
Bertan dioenez, gure garaia teknikarien garaia da, ingeniari, bankari eta merkatariena, eta horrek bizimodu sakon eta ederretik urrutiratzen gaitu. Thoreauk ez
ditu hiriak gogoko, ez sosa, ez salerosketa, ez industria; nahiago du landa, basoa,
buruaskitasun naturala. Kontsumoak eta aberasteak gidaturiko ekoizpena zentzugabea iruditzen zaio eta maiz identifikatzen du filosofia “bizimodu-ekonomiarekin”:
era soilean bizitzeko behar duguna ekoiztera behar dugu mugatu, horixe da ezinbestekoa den lan bakarra.
Thoreauk ezagunak zituen John Adolphus Etzlerren ikuspuntuak, utopista ekologista teknofilo bati dagozkionak: aurrerapen teknikoak lanaldia murriztea ahalbidetuko digu, orobat sufrimendua; teknikari esker lorategi eta paradisu bilakarazi
ahalko dugu gure Lur hau... Thoreau ere ekologista duzu, baina teknofoboa: ez
dugu puntako teknologiak saltzen dizkigun aparailuen zinezko beharrik; hegazkinek, igogailuek, hirietako argiteria artifizialak ez gaituzte barrutik hobetzen; industria-iraultzak ez gaitu zoriontsuago egingo, alderantziz baizik. Nolanahi ere,
Thoreauk ez du federik inongo iraultza orokorretan, indibiduo zehatzen erreforma
moral eta espirituala zaio iraultza ernai eta egingarri bakarra, ez baititu aintzakotzat hartzen gizabanako partikularrak baino.
Thoreaurentzat bizimodu xixtrina da gurean nagusi. Gizartea, politika zein
Estatua, kontrako eztarrian gelditu zaigun okela ustela dira, goitika eginarazten
diguna. Erdipurdiko bizitza tentelak bizi ditugu, konformitate koldarraren menpeko.
Ondo begiratuz gero, “lasaitasun” deritzoguna ez baita desesperazioa baizik. Bizimodu xixtrin honek balio faltsuen bila bultzatzen gaitu: dirua, ohoreak, agintea, jabetza, ospea. Era berean, kontsumo-gizarteak dakartzan bizio eta gurpil zoroetan
katramilatzen gaitu: apeta, erosi, poseditu, kontsumitu, aspertu, ostera ere apeta…
Xixtrinak gara orobat besteekiko harremanetan, itxura hutsean eta axalkerian amilduak baititugu harreman horiek: irribarre hipokritaren azpiko gorroto lehiakorra,
zapatu gauetako mozkor tristea, hitzontzikeria eta ergelkeria hutsala… Oro har,
bere buruarekin harreman sakonak ez dituenarena da bizimodu xixtrina.
Putzutik irteten hasteko ez da txarra filosofia. Thoreauk, haatik, filosofia-irakasle franko dugula dio, baina filosofo bakar bat ere ez. Filosofo izatea ez baita
gogoeta korapilatsu eta sotilak adieraztea, ezta filosofia-eskolak sortzea ere, baizik jakinduria maitatzea eta honen araberako bizimodu sinple eta independentea
mamitzea; eta bizitzak dakartzan arazoen arteko batzuk konponbidean jartzea, ez
soilik teorian, praktikan baino. Ezin da akademiara mugatu filosofia, egunerokora
behar da ekarri: alegia, bizitza pentsatu eta pentsamendua bizi.
Bide egokiaren bila, botika eupeptiko bat errezetatzen digu Thoreauk, bizitzaren
digestioa ederki eramateko pilula filosofiko batzuk. Aurrena, bizitze hutsak dakarren
atseginaz gozatzen ikasi beharra dago, egunsenti bakoitzaren distira berriagatik
zure burua zoriondu. Gainera, zure baitako muzinaren eta laiotzaren etengabeko
azpilanari aurre egin behar diozu, zorion eta gozamen-nahi sendo baten bidez.
Zoriona eraiki egin behar baita, ez zaigu berez etortzen. Ordea, gure gizarteotan ez
gara gure buruaren jabe, makina bilakarazten gaituzte; Thoreauk, aitzitik, jabetza
hori beharrezkotzat jotzen du, alienazioa gainditu beharra dago, zure burua behar

duzu zure bizitzaren erdigunean kokatu, ez, ohi bezala, aberastasuna, lana edota
prestigioa. Halakoen bila gabiltzala galtzen baitugu bizitza, oharkabean joaten
zaizkigu egunik ederrenak. Etorkizunerako uzten dugu beti benetako bizitza,
halako batean hiltzen garen arte, ia beti itxarondako etorkizun hori heldu baino
lehen.
Thoreaurentzat, ez dago nork bere burua asmatu eta eraikitzea beste biderik,
bizimodu osasuntsu, neurritsu eta soila sortzea besterik. Erromatarren “otium”ak,
aisialdiak, behar luke nagusi. Ikasi beharko genuke, halaber, negatiboan onuragarria bilatzen, hasiera batean kaltegarri zaigunaren irudiarekin lan egiten, harik eta
atsegin bilakatuko zaigun arte, estoikoek erakutsitako bidetik.
Thoreauk bere bizitzan hainbat bider asmatu zuen lehen begiratuan zalantzarik
gabeko zoritxartzat jo beharrekoa azkenik atsegin-iturri gisa gozatzen. Esaterako,
Desobedientzia zibila-n kontatzen digun espetxealdia Concord eta mundua begi
berriez maitatzeko akuilu bihurtu zuen. Beste behin, lagun batekin oihanean zela,
janaria erretzeko sua piztu, inguruko adaxka batzuk hartu eta zabaldu egin zen
ustekabean, istripu larria; baina Thoreau eta laguna muino batera igo eta suzko
paisaia bikain batez gozatzeko aukera gisa aprobetxatu zuten, zuhaizti kiskalien
jabeek ez bezala ziur aski. Haratustela eta sarraskia bizitzaren garaipen gisa ikusarazten zizkion bere buruari. Eta bere eguneroko ibilaldia oztopatzen zion ekaitza, ostera, bedeinkazio moduan naturarentzat.
Azkenik, hilzorian zela, bizitzako une trinkoak inoiz baino sakonkiago sentitzeko bultzada sumatu zuen, eta, esan bezala, uko egin zien analgesikoei, agoniari
dagozkion uneak goitik behera bizi nahi izan baitzituen, agoniaren sentsazioak
poliki nabaritu. Sentsazio horiek bizitzari lotuz gero, hilzoria eta agonia bigarren
mailan gelditzen dira. Ez da pentsatu behar “hil behar dut”, heriotza etorkizunari
baitagokio eta ez dugu zertan etorkizunaz itsutu; baizik eta “bizirik nago oraindik”:
horrek orainaldia oparitzen baitizu, bizia sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu.
Thoreaurentzat bizitza ospakizun alai bat da funtsean, jai handi maitagarri bat.
ASKATZEN JARRAITZEKO BOST GOGO-JARDUN
Thoreauk zure burua estatua gisa zizelkatzera akuilatzen zaitu, eta bost gogojardun proposatuko dizkizu barne estatua ederra xede, lotura barik eta libre bizitzea
xede: zure burua aztertu eta ezagutzea; ametsak bizitzea; bizitza maitatzea;
bizimodua sinpletzea; eta gorputz perfektu bat eratzea. Banan-banan aztertuko

ditugu.
Hawaira goaz oporretan, aurki ilargira, baina hurbilen duguna, gure burua, ez
dugu ezagutzen. Emersonek zioen bidaiatzea tentelen paradisua dela. Thoreaurentzat kanpoko munduranzko norabidea beharrean gure baitara daramana behar
dugu jorratu, gure baitako kontinente ezezagunen Kristobal Kolon bilakatu, gure
barruko mapetan ezkutuan datzana desestali, gure bihotzeko alde ilunak argitu,
horiek erabakitzen baitute sarritan egun argiko gure jokabidea.
Bestalde, zuhurtzia estu batek oinak lurrean finkatzeko agintzen digun arren,
Thoreauk ukatu egingo du gure desirak errealitatetzat hartzeari ukoa, zibilizazio
modernoan gailen, eta gure ametsengana abiatzera gonbidatuko gaitu, irudimenaren alde egingo du argiki eta garbiki. Aurrena, airean eraiki behar dira gazteluak,
asmo liluragarriak egikaritu; soilik ondoren etorriko da zeruko gazteluari oinarri bat
emateko lana. Amaieratik hasi beharra dago, eta hasieran amaitu. “Errealitate”
deitua bigarren mailan utz dezakegu. Naturak gure bitartez sortzen dituen ametsei
konfiantza osoz eman behar diegu bide, normaltasun sozialak ezartzen dizkigun
mugak gorabehera.
Hirugarrenik, Thoreauk bizitza maitatzeko aholkatzen dizu. Ez du gustuko
kristauen zenbait jarrera: jatorrizko bekatua, sufrimendua bertutetzat hartzeko masokismoa. Uste du gure ohiturak, santuekiko harremanen ondorioz, usteldu egin
direla, martirologioak-eta mina bertute gisa saldu baitigute. Konfiantza eduki behar
duzu zaren animaliarengan, naturak zuregan dioena aintzat hartu. Eliza jende txepel eta odolbakoak osatutako nahaste-borraste bat iruditzen zaio, eta apaizak,
berriz, gonak janzten dituzten emagizonak, pentsamendurik ederrenak gonapean
dauzkatenak. Koruen kantua Elizan baino ederragoa ei da igelena basatzetan.
Thoreauk maila berean ipintzen ditu Biblia, Homero eta Shakespeare, Yahve
eta Thor, Jesus eta Zoroastro. Guztiak goraipatzen ditu. Baina gogor joko du Elizaren zenbait inplikazio politikoren aurka: kasu, esklabotza iraunarazteko tema.
Thoreauk gorroto du filantropia, ez du hurkoa maitatzeko agindu kristaua maite,
ongintzak eta errukiak injustizia iraunarazten omen baitute: erremusina emateak,
adibidez, txiroa laguntzara ohitzea dakar. Errukiak ezabatu beharreko sistema
iraunarazten du. Dena den, sistema ere ez zaio larregi axola. Anarkistek ez bezala, Thoreauk iraultza espirituala laudatzen du, gizabanako bakoitzarena: ez gara

gizateria salbatzera etorri, baizik bizimodu filosofiko indibidual bat asmatzera.
Laugarren gogo-jardunak gure bizitza sinpletzea dakar, bizilekua, janzkera, elikadura eta zereginak arintzea. Thoreauk dioenez, bizitza irabazteko ahaleginaren
ahaleginez, azkenean galdu egiten dugu: dauzkagun gauzek lotuta gauzkate, gure
jabetza eragozpen zaigu eta traba, gure menpekoen menpeko baikara. Bizimodu
sinpleak libreago egiten gaitu.
Aurrena, bizilekua sinpletu: ahal bezain soila izan dadila, apaingarririk ez. Antzina bezala, eguraldi txarretik eta piztiengandik babesteko aski eta kito. Horixe
bilatu zuen Thoreauk Waldengo txabolan.
Bestalde, nork bere etxea eraikitzea litzateke komenigarriena. Eskolan irakatsi
beharko ligukete etxea egiten, ezdeuskeriak irakatsi beharrean; horrela ez ginateke beti hipoteken eta alokairuen menpe biziko.
Hurrena, janzkera ere sinpletu beharko genuke: janztea eguraldiaren erasoetatik babesteko balio baitu, eta lotsariak estaltzeko. Aski genuke soineko sinple,
funtzional, erabilgarri, iraunkor eta merkea. Arropa zaharra ahal bezain luzaro erabili beharko genuke, adabakiak eta edonolako konponketak lagun.
Moda perbertsio barregarri bat da, eta modaren arabera janztea zure burua
kako-altzari edo pertxerotzat hartzea. Gure gizarte txotxoloak gaizki hartzen du
“desegoki” janzten den pertsona, edo usain naturala dariona; ondo, berriz, zornea
darion arima zikina.
Hirugarrenik, elikadura sinpletu: jateak galdutako indarra berreskuratzea du
xede nagusi; beraz, modu sinple, osasungarri eta merkean jan dezakegu, baratzea erabiliz, nork bere garia erein eta ogia eginez… Eskura dauzkagu, halaber,
arrantza, ehiza, uzta bilketa.
Apeta garestia eta mizkinkeria baztertu beharrekoak dira. Azukrea, esaterako,
beterrabak dakar berez; dena den, azukrerik gabe ere bizi gintezke. Kafea, tea eta
alkohola, alferrikako pizgarriak zaizkio; aski dugu ura. Okela ere ez zaio beharrezko Thoreauri. Ez da barazkijale peto, baina badu joera. Thoreauren elikadura-aszesia egoki kokatzen da bere bizi-aszesi orokorrean.
Laugarren, zereginak sinpletu: bizimodu korapilatsuak baitakartza asperdura,
kezka, tristura, melankolia, depresioa eta larridura. Diruari begira lan egiten dugunez, lan gehiegi egiten dugu. Zinez ezinbesteko zaiguna ekoizteko baizik ez
bagenu lan egingo, nahikoa genuke astean lan-egun bakarra. Gainerako seiak,

atseden. Aisialdia indartu behar genuke, natura sakonkiago bizi ahal izateko: maizago ibili (lau orduko ibilaldia egiten zuen Thoreauk egunero); gogoeta eta kontenplalaritzari denbora luzea eman (orduak eta orduak igarotzen zituen naturari
begira estasian).
Bestalde, irakurri bai, komeni da, baina ez literatura zibilizatua, baizik basatia,
bizitzako arazo gordinak arakatzen dituen literatura: Homero, Eskilo, Shakespeare… Ez dira hamar liburu baino gehiago behar, baina denak ondo aukeratuak eta
onak, eta ez literatura entretenigarria, edo ihes egitekoa, baizik norberaren bizimodua libreago bilakarazten laguntzen duena.
Egunkariak saihestu behar dira: oso gogor epaitzen ditu Thoreauk kazetariak,
salbuespen gutxi batzuk gorabehera. AEB gobernatzen duten tirano berriak direla dio, gizakion alderik zitalena pizten omen dute. Kazetariek ez dute idazten
ordaintzen dietenek irakurri nahi dutena baizik, eta desinformazioaren bidez nazioaren iritzia formateatzen dute. Tenteldu egiten dute irakurlea txutxumutxuen eta
zurrumurruen bidez. Garrantzi handiegia ematen diote gertaerari, ez dakarte behar
bezalako analisirik. Eta behin-behinekoan dabiltza beti plisti-plasta, irauten duenaz
ezaxola; baina, ia dena errepikatzen denez, atzoko eta biharko egunkariak ez dira
batere desberdinak. Labur: egunkari-irakurlea bere goitikinera itzultzen den zakurraren antzekoa da.
Bosgarren gogo-jardunak gorputzaren perfekzioa ahalbidetuko digu. Aurreko
lau gogo-jardunen bitartez sinpletasuna, arintasuna eta neurritasuna lortzen da,
gorputz osasuntsu, garbi eta aratza; hortaz, arima akasgabea ere bai. Horrela,
Thoreauren jakintsua ez da ez hotzaren beldur, ez beroaren edota euritearen beldur. Gose-egarriek ere ez dute izutzen, ezta asperdurak edo basoan galtzeak ere,
edota tristurak, etsipenak eta angustiak. Libre da, libertario bat izan daiteke, loturatik gabe bizi eta aske. Heldu da Estatuari desobeditzeko ordua.
LIBERTARIO
Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala
mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan.”
Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin?
Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere

buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk
sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik
gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor
ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala,
Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago.
Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.
Çirattagı - Desobedientzia zibila - 2
  • Büleklär
  • Desobedientzia zibila - 1
    Süzlärneñ gomumi sanı 3638
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1990
    25.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    37.1 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    43.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Desobedientzia zibila - 2
    Süzlärneñ gomumi sanı 3703
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1935
    26.6 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    37.6 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    44.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Desobedientzia zibila - 3
    Süzlärneñ gomumi sanı 3843
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1901
    30.5 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    43.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    51.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Desobedientzia zibila - 4
    Süzlärneñ gomumi sanı 4445
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1759
    17.3 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    23.0 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    26.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Desobedientzia zibila - 5
    Süzlärneñ gomumi sanı 5144
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1306
    1.6 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    2.2 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    3.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Desobedientzia zibila - 6
    Süzlärneñ gomumi sanı 1236
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 571
    8.7 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    11.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    14.7 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.