Azkaine gure sorterria - 1

Süzlärneñ gomumi sanı 3739
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1940
26.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
37.2 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
42.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
ads place
Jean Elizalde «Zerbitzari»

AZKAINE
GURE SORTERRIA

AITZIN SOLASA

SALTSA-MALTSA
Lantto hau hastean, badakizue betbetan zer
heldu zaukun gogorat? Hiribarren gure herritar
jaun kalonje aipatuaren paperetan irakurtu hitz
hau:
Ez har egiteko
Lan ahalaz goragoko!
Eta ez dakigu hau ez den gure ahalaz goragokoa. Hasten dugu halere, guk bururatzen ez
badugu, bertze norbeitek eginen duelakoan.
Sekulan ez litake deus has, beldurrari behatzen
balitz! Eta gero hain laket zauku maite ditugunez
mintzatzea! Virgile pertsulariak latin ederrenez
aspaldi erran zuen «trahit sua quemque voluptas». Egia handia...
Aitzin solas bezala zer erranen dugu? Ez
dezon irakurtzaileak hemengo Euskarari hurbilegitik beha. Ez da Azkaine-Azkainekoa. Badu Senpere eta Sarakotik. Badu Lapurdi barnekotik.

Orobat Baxenaberrekotik. Menturaz doi bat
Xuberokotik ere ba. Saltsa bat da beraz. Agian
saltsa ona, haatik!
Eta orai gure lumak baitu hainbertze erraiteko, zertarik has? Ez da errex hautatzea. Horra
zertako gure lanari aitzin-izen hau emanen diogun: Saltsa-Maltsa. «Miscellanea» arras izen
egokia izanen zen latinez, bainan iduripena dugu
jada beretua duela Arturo Campion batek, eta
idazle batzueri laket bazaikote bertzerena hartzea, etzaiku laket eta ez dugu nahi: «Cuique
suum!». Eta doala Saltsa-Maltsa...
Azkain, Azkaine ala Azkaina erran behar ote
da? Badire holako purruxkerietan beren denbora
galtzen dutenak. Eta beren denborarekin, burua.
Etzaiku balio. Egundaino Azkain eta Azkaine
erran dugu. Doala beretik. Azkaina ez dugu onartzen haatik, Etchepare jaun miriku jakintsunak
han edo hemen hala erran badu ere: herrian
sekulan nihork ez dautzu erranen: «Azkainako
pilotari bat. Azkainako elizan», bainan ba
«Azkaingo edo Azkaineko pilotari bat, Azkaingo
edo Azkaineko eliza»...

Duela ehun bat urte Larresoron norbeit izan
da hitz guzien erroaren ondotik ibiltzea maite
zuena: Hatan apeza. Ez da harek ateratzen
etzuen bitxikeriarik. Ez dugu den gutieneko
dudarik Hatan jaunak zartalakoan erranen zaukula nundik heldu den Azkaine. Xuxen edo
makur erranen! Hatanen orde huna bertze bi
hitz-ikertzale: «Azkain ez da mendia: haste da
goratzen», dio Hiribarren Azkaindarrak; «Azkain
Azkube gain», dio Jean Sougarret, Larrungo
ermitauak. Ez Hiribarrenen ez ermitauaren erranak ez du itxura handirik. Hainitz gehiago gustatzen zaiku Julien Vinson eta Pierre Lafitte apezak
erraiten daukutena: «Les noms des villages
offrent un intérêt spécial: ils sont de trois espèces: les uns sont de simples lieux-dits, Ascain,
qui a la montagne au-dessus» dio lehenak; «Az,
mendia da: beraz aise ageri da zer den Azkaine:
mendia gainean duena», dio bigarrenak. Eta
egiazki Azkainek gainean ditu Esnaur, Bizkartzun
eta Larrun, hirur mendi eder.
Paul Raymondo jakintsuna ez da menturatu
holako xehetasunetarat, bainan bertze batzu
eman dauzku, onak baino hobeak: mendetik
menderat Azkainek ukan dituen izenak: Escan
(1140), Scain (1235), Azcayn (1302), Scainh

(1450), Ascaing (1552). Eta orai beha bitxikeria
huni: Azpareneren izenik zaharrena Hesparrene
da; Azkainerena, Escan.
Milesker handi bat zor digu hemen azken
xehetasun balios hauk eman dauzkun Lafitte
jaun apez adixkideari.
Azkaine hamabortz-hamasei ehun arima
duen herri tarro bat da. Pollit eta maitagarria
gainerat. Pollit eta maitagarrienetarik. Azkaindar
batek erraitea itsusi da, bainan badire guk baino
lehenago erran dutenak... eta euskaraz, frantsesez eta latinez! Beha:
«Bazoan Angeles bat Larrunat Serrestik:
Kurrida zuen besta, mundurat geroztik.
Ikusi zuenean Azkain bere salan:
Holakorik kaustea, zioen, bada lan!»
Hiribarren
«Je sais un site heurex fait pur la rêverie:
Du sommet de la Rhune, au sol armoricain
Il n’est pas de séjour plus ravissant
qu’Ascain:
Du brillant joyau basque il est la pierrerie!».
Ducourneau

«Me voilà revenu par un beau ciel
d’automne:
Ascain a maintenant un air de majesté:
La brume du matin antoure sa beauté,
Comme un voile encadrant le front d’une
madone!».
XXX
«Inclytae Ascaniensi civitati, conspectu
splendissimaea,
montibus et mari proximae, divis aedibus
hospitum
virtute comparandae. Adoro te devote».
Marcellus Placens
Bai, Azkaine pollita da. Bai, Azkaine maitagarria da. Gure herrirat heldu direnek ez dute
gehiago joan nahi. Ez da beraz batere harritzeko
gu bezala ohantze maitetik urrundu behar izan
direnek berritz itzuli nahi badute arratsa, arrats
handia, heldu delarik ez eta ere Azkainen haurrek berek hain laket badute herriko pertsuen
kantatzea!

«Azkaineko xokoan da nere etxea,
Gune pollit batean umilki gordea.
Errege urus bada bere jauregian
Ni enaiz segur gaizki etxeko ttikian!...
Goizean jeikitzen naiz bihotza goxorik,
Ohean argiraino ongi loz aserik.
Xoriak ari dire kantaz oihanean:
Ni Errege bezala, musika aldean!...
Eguna laster doa gustuko zeretan,
Arrainketa, ihizin, ez bada pilotan:
Ilundu-eta ez dut deusen urrikirik:
Erregerik ote da urusago denik?
Zeru gainean baita denen Erregea,
Goiz-arrats laket diot otoitz egitea:
Jauna, ez dut galdetzen lurrean tronurik:
Bat hartuko dut, bainan... hil-eta bakarrik...».

EGOITZAK
Ez dakigu Hiribarrenek nundik ateratu zuen
berrogoi mende huntan hemen kokatuak direla
Euskaldunak:
«Pirenen bi aldetan Euskalduna sortu,
Berrogei mende huntan handik ez higitu:
Aitek utzi larreak beti zaindu ditu,
Mendiak bezen sendo deusek ez airatu...».

Hiribarrenek begien aintzinean izan balitu
Jean Saint-Pierre jaun Apezpiku euskaldunaren
idazki batzu, etzuen holakorik finkatuko. Euskaldunak ez dire Pirenen bi aldetan sortuak, nunbeitik etorri dire hunat. Bortzgarren mendean tropaka sartu ziren Lapurdin, Baxenabarren eta
Xuberon, eta haratago ere itzuli bat egin, nun
zer ikusiko eta kausituko zuten. Han edo hemen
kukuak makur jo zioketen eta gibelat itzuli behar
izan zuten. Gure mendietan pazka-leku hautak
kausiturik artaldentzat, zenbeit bederen hemen
gelditu ziren orduan. Uste izaiteko da beraz gure

herriak bortzgarren menderaino doazila gorenetik: Azkaine bertzeak bezala...
Etxerik ez baitzen oraino, nun bizi izan ote
dire lehen Azkaindarrak? Harpetan, dudarik
gabe. Betidanik fama baita Azkainen harpeak
Uhaldeko inguruetan badirela, balio luke artarekin bilatzea. Nork daki zer kausi litaken? Menturaz Otsozelai berri batzu!
Ez da dudatzeko harpetarik lekora etxoletan
egon zirela Azkaindarrak. Harrizko ala taulazko
etxoletan? Ez dakigu. Harrizkoetan segurago.
Gero eta gero etorri dire etxeak...
Etxerik zaharrena zoin ote da Azkainen?
«Maison bâtie sous le règne de Philippe le Bel,
en 1302» irakur baditake errota zahar batean,
beldurra baginuke hitz horiek dituen harria nunbeitik ekarria dela harat. Ez dugu deus finkatuko
haatik, L. Colas jaunak bezala: «Selon une tradition orale, elle provient d’une maison beaucoup
plus ancienne».
Olhetako xokoan bada etxe bat, oraino
behingo etxe dena, eta harrian lantua, 1601
eder bat baduena. Azkaineko karrikan kasik,
Azkubeko jauregia hamaseigarren mendekoa da.

Itxura guzien arabera Baionako jaun Apezpikuaren udako egoitza zen:
«Azkaingo semek lehen bazuten burua
Eta etzuten ere harroka burua.
Handik zen Sosiondo igan Baionarat
Apezpiku kadiran biziz argitzerat:
Haren zen Azkubea...».
Jean de Sasiondo, Azkubeko semea ote zen?
Ez dakigu. Hobeki sinets ginezake Sosiondokoa
zela. Ez dugu haatik deus frogarik — horren finkatzeko, doidoia Sosiondoan ezagutu dugun
atxo xahar baten errana baizik: arras ixtorio
xaharretakoa zen atxo maitea...
Ez da Azkubea baino egoitza ederragorik
apezpiku batentzat; beha:
«... Azkubea, apezpiku lana,
Piramidek bezenbat iraunen duena.
Asko diru behar zen haren egiteko,
Iturria menditik azpiz ekartzeko:
Baratze berdintzea gosta da ederrik,
Nihungo etxek harri hala pikaturik:

Eskalerik Parisen ez da ederrago,
Haren harri pikatu desafioz dago.
Gardia portaletan zaldiz da ikusten:
Alferretan hainitzek zer den galdegiten...».
Hiribarren

Ez da bakarrik Hiribarren mintzatu Azkubeaz:
1935ean, Ikertzaleak ere bere hitza erran zuen
«Gure Herrian»: «Jean de Sosiondo (1566-1578).
Sor-lekua Azkaine, eta Azkainen Lapurdiko
etxondo handienetarik bat. Etxea oraino xutik
da: Azkubia deitzen dute. Daukate apezpikuak
berak eginarazia zuela: dorre handi batekin badu
gaztelu aire bat. Bi ate ederrak, aintzinetik eta
bazterretik, baderamate ikuslea barnerat. Baten
gainean ezarriak dire familiaren harmak. Barnean etxe horrek duken gauzarik miresgarriena,
ganbera batean, harrian, hitz harriz finkaturik:
Johans de Sosiondo, evesca de Bayona, Dieu
vous soit en ayde: Sosiondoko Juanes, Baionako
Apezpiku, Jainkoak lagun zitzatela».
Etxe zahartzat eman detzazkegu orobat Martzeenia, hirur Chouriotarren etxea; Hargibelia,
mentura Baionan sorgintzat erre zuten d’Argui-

bel jaun apez xahar dohakabearen etxea... eta
bertze zenbeit. Bainan egoitza zahar baino berri
gehiago da Azkainen. Ez da harritzeko: Mila zortzi ehun eta hamabortzean, Wellington jeneral
anglesaren hoboitabortz kanoiak Larrundik orroaz hasi zirelarik bazterrak laster garbitu zituzketen! Geroztik harria harriaren ondotik erori direnak bertzalde!
Etxe zaharreri zor zaioten amodio guziaren
gatik, hemen hau erran behar dugu, segur
berriek ez diotela etxe zaharreri zorrik eta gure
arbasoak laster eta laster laketuko luketela
Haraneder, Dorre, Larralde, Etxola eta Harginene batzuetan! Hain begikoak dire! Hain xuriak!
Hain garbiak! Hain alegerak!
«Ikusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto, aintzin xuri bat,
Lau haitz ondoren erdian...».
Eta holako etxeak nun-nahi badire orai Azkainen! Ez plazan bakarrik, bainan nun-nahi: Men-

dixkan, Portuan, Serresen, Aldagaraian, Mortzelaien! Damurik Iparragerria, Ameztoia eta Haitzaldea deitzeko orde zenbeitek deitu dituzte
«Ene Ametsa», «Aski zaut» eta «Gure Doia»!
Hau aitortu behar dugu haatik: hamarretarik
bederatzietan holako izenak ematen dituztenak
ez dire Euskaldunak: nunbeitik etorririk Azkainen
kokatuak dire bakarrik! Egiazko Azkaindarrek
nahiago dituzten lehengo Sarrola, Uharte, Haizpe, Aztarritz eta Antsorloak...
Zer nahuzue! Aita Ricci famatu haren idurikoak egin gaitu Jainkoak, eta harek bezala erraiten
dugu, eta beti erranen: «Sint ut sunt, aut non
sint!!»...

ELIZA
Norat-nahi joanik ere, eliza guti da Azkainekoa baino ederragorik, ala kanpoz bere harri
pikatu xoragarriarekin, ala barnez bere aldare
urreztatu eta hirur galeria aberatsekin! Begiak
nola ez ditu betetzen kanpo ederrak, eta barneak nola ez ditu bihotzak perekatzen! Bai,
egiazko euskal-eliza bere dorre zabal eta azkarrarekin, itsasoko eta mendiko haize eroenak
desafitzen dituena! Errana baita Donibane urak
eremanen duela, Sara suak eta Azkaine haizeak,
irri egiten du hortaz Azkaineko elizak bere
dorrearen gibelean. Hamaseigarren mendekoa
da...
Hirur ate baditu jendea sartzeko, handi bat
eta bi arteko. Ez litake ate horietaz deus erraitekorik duela zenbeit urte erretor batek ez balio
buruari eman hirur ate sobera zirela eta bat
bederen behar zuela kendu. Plazari dagon atea
kentzea deliberatu zuen. Etzuten utzi, beharrik,
ate horrek baititu mila oroitzapen! Bertzeak ber-

tze jitoen atea da. Jitoen atea, edo buhamiena,
edo kazkarotena, nahi duzuen bezala...
Jitoak zer dire? Eri batzuen haurrak. Lepra
erraiten dioten gaitz itsusi bezen ikaragarriak
gorputza guti edo aski jana ziotelakotz, nihork
etzituen jitoak ikusi nahi. Etzuten karriketan ibili
behar, etziren haizu iturrietarat. Orotarik urrun
behar zuten bizi, mendiko harpe edo oihan zokoetan. Elizan berean etzitazken bere ur-benedikatu untzian baizik eriak busti. Huna hitzez hitz
dohakaberi zer manatzen dioten Xuberoko
legeak: «Tu bâtiras ta maison dans les sites
écartés et déserts, loin de nos habitations et de
nos villes: l’on t’assignera la porte par laquelle tu
dois entrer à l’eglise, le bénitier où tu trouveras
l’eau lustrale et les galeries où il te sera permis
de prende place, semblable à la brebis infectée
que l’on sépare du troupeau...». (A. Chaho). Alabainan, lepra bezalako gaitzarekin!
Bertzalde, jitoek ez dute odol bera. Baitezpada ez balinbadakigu gure etorkia, badakigu
bederen ez dugula ikustekorik Indiako erresumarekin... eta jitoak handik heldu dire. Hamabortzgarren mendean Tamerlan gerlari tartaro fama-

tuak zafratu zituen jitoak eta menetik urrundu.
Espainian kokatu ziren lehenik; handik ere fueratu zituen Felipe Hirugarrenak. Orduan bidetik
biderat etorri ziren Euskal-Herrirat eta hemen
kokatu. Egia hau da, Euskaldunek etzituzten aise
onartu. Badakizue Urrunako jaun erretorak igande batez zer erran omen zioten Urrunarreri?
«Giristino maiteak, balio ote du predikalkitik
erran dezazuedan ez dela gisa, batere gisa, ondo
hautan kokatu diren jitoekin gurutzatzea? Arraza
madariakatua da!».
Holako oroitzapenak dituen aterik ez da
kendu behar elizetan, zeruko eta lurreko Commission des Arts guzien baimenarekin ere! Eta
bertzalde nork daki gure herrietarat nor etorriko
den oraino eta zoin atetarik sar-arazi beharko
ditugun!
Jitoak hortan utzirik aipa detzagun eliza barneko ikusgarri zenbeit. Hango hobi batzu lehenik, urteek eta herritar gehienen axola ttipiak
ahantzarazi baino lehen. Huna hamabortz, lerro
lerro, hitzak arras janak ez dituztenak oraino:
1. Maître Jean de Miguelena — licencié et
curé d’Ascain 1620...

2. Maistre Marin de Michel — prestre décéda
2 de mars 1622...
3. Hau da thomba d’Arraioaga — Azkaingo
Indiano Jaunarena — 1631...
4. Raimond Zougarrete — preste — 1637...
5. Sacerdos et vicarius — 1637...
6. Hic jacet Petrus d’Errecarts — pietate clarus, qui obiit anno 1748...
7. Bertran Durritzague — décedé le onzième
de novembre 1649...
8. Miguel Martiareneko — sepulture 1653...
9. Hau da thomba Etchecharekoa — 1667...
10. Sempere Olhagaraiko sepultura: Miguel
d’Olhagaray — 1674...
11. Haurtiareneko Etxearen sepultura: Joani
Detchegarai — 1677...
12. Miguel Detchevez — Larochoreneko
sepultura — 1692...
13. Tombe de Joanes d’Astarritz et de Mari
Hiribarren — 1703...
14. Robert Petit Changoreneko Yauna hila
Oxailaren 22 — 1836...
15. Barrendeguy — 1836...

Eta bertze bi hobi noizkoak diren erraiten ez
dutenak: lehena hitz haukiekin:
«Cethabereneko tonbatik hunarainokoak
Askain-errotakoak dire». Eta bigarrena:
«Sépulture de Ascain-errota».
Iduri luke kasik bi hobi hauk bederen kanpotik ekarriak direla eliza barnerat. Bainan noiz?
zertako? Eta guzien buruan nork finka deusik?
Eliza barneko hobietarik arras urrundu gabe,
norbeitek nahi du zerbeit jakin hamalaugarrenean ehortzia den Robert Petit jaunaz? Robert
Petit norbeit zen herrian eta herritik kanpo. d’Argain idazleak erraiten daukunaz: «Le 29 Messidor 1796, Robert Petit d’Ascain, établissant ses
malheurs personnels, sa fuite à l’étranger, son
incertitude pour entrer de son exil dans un pays
où le sang coulait par flots sur les échafauds, et
dépaignant la désolation de Sare et d’Ascain,
comunes le plus éprouvées du canton, demande
à se faire rayer de la liste des émigrés et à faire
lever le sequestre de ses biens. Satisfaction lui
est ici donnée dès le 22 juillet suivant». Bai, norbeit zen Robert Petit...

Eliza barneko hobieri behatu behar bada,
dorrea ikusgarriago da oraino. Denboraz dorre
hortan egiten ziren herriko buruzagien bilkurark,
Azkaindarrek egungo egunean oraino baldarra
deitzen duten barnean. Horra dudarik gabe
auzapezari «baldar-apeza» zertako errraiten
zitzaion Azkainen denbora batez, Hiribarrenek
dionaz:
«Baldar-apez Azkainen Hirigoyen handi,
Zuhurki dakarkena kargua aspaldi,
Aitortzen dute orok herri gidatzeko
Ez ditekela kausi hainitz hobeago...».
Baldarra, dorreko lehen maila da. Hirugarreneraino joan behar da ezkilen ikusteko. Hirur
ezkila eder, pesta egunetan herria ederki inarrosten dutenak. Hauzo herri handietakoeri batere ez dute zorrik. Eta ezkilen ondotik zer ikusgarriak, dela itsasoko alderat, dela mendirat!
Begien asea!
Hainitz liburu eta agerkaritan Azkaineko ezkila dorreaz zer edo zer irakurturik, ondikotz ez
dugu gehiago gogoan «Pays Basque» delako

agerkarian ikusia baizik: «A Ascain l’église mérite une visite avec son sombre clocher qui servit
surtout de forteresse aux habitants, quand il leur
prenait fantaisie de résiste à l’autorité royale».
Nunbeit zerbeit bada. Hau naski: Louis Gayan
idazleaz erranik dakigu: Lapurdiko biltzarrean
bere kargua atxikitzeko, Martin Chourio azkaindarrak ezkila dorrerat bildu zituen lagun batzu
eta urrunerat ikusirik, etsaieri, harrika, oihuka
eta ez dakigu nola, menturaz tiroka, oroitzeko
ongi-etorria egin! Hau ere egia da: 1906ean
eliza-miatzeak eginarazi zituelarik orduko gobernamendu higuingarriak, herriko gazte gehienak
ezkila-dorrean zain egon ziren noiz agertuko
ziren miatzaileak eta, ikusi zituzteneko hirur
ezkilak brandan eman zituzten herri guziari jakinarazteko ohoinak han zirela. Populu guzia lasterka bildu zen elizarat eta Clerch dohakabeak,
putza biribil, egin zuen bere lana... litania ederrak aditurik.
Eliza inguruan bide bat badute berri-berritan
egina. Dena graba, ederki-artatzen du norbeitek.
Beharrezkoa da. Bainan ez dugu gogoa gordeko:
huts egiten daukute, bidea egiteko errotik atera

zituzten agina batzuek! Beti perde, uda eta
negu, halako edergailuak ziren eliza zaharraren
aldean!
Eliza aipatu-eta, nola ez aipa eliza gizona? Ez
gitazke, ondikotz, nahi bezen gora joan paper
zaharretan, doidoia ehun-eta-berrogoita-hamar
bat urtetaraino: erreak omen dire aintzineko
paper guziak. Huna, bainan lasterka bezala emanak, Azkainen geroztik izan diren erretoren izenak: Rivière, 1803 — Joffroi, 1811 — Laphitz,
1814 — Larramendy, 1817 — Guiresse, 1843 —
Larralde, 1852 — Larreguy, 1856 — Landalde,
1858 — Hiriart, 1865 — Elissalt, 1890 — Etcheverry, 1907 — Eyherabide, 1911 — Débidart,
1920 Ibarrart, 1938. Hor bi erretor bederen
badire herritik, ongi laketurik, joan zirenak... bertze mundurat, Larramendy eta Hiriart.
Bainan herriko xaharretarik adakigu Guiresse
bat ere arras laketzen hasia zela... herritik fueratu zutelarik. Bitxi aire bat omen zuen... eta maingua zen. Bederatzi urteren buruko Azkaindarrak
ase zituen, leporaino ase, hala nun jaun Apezpikuak bi letra ukan baitzituen, bat kontseiluko eta
fabrikako jaunetarik, bertzea herritar andana

baten ganik, otoi erretor hura ken zezoten eta
bertze bat igor; jansenista zenal; orenak eta orenak behar zirela kofesatzeko bereko; noiz-nahi
Espainiaraino joan behar zutela barkamendua
ukaiteko. Eta holako, Erretora etzen ixilik urrundu herritik. Igande batez populu guzia deitu zuen
bezperetarat, adioak egin behar zituela. Adioak?
Zer-nahi erran zioten eta bere katixima orroaz
bururatu: «Azkaindarrak, madarikatzen zaituztet, madarikatzen Aitarren eta Semearen eta
Izpiritu Sainduaren izenean!». Halako boza omen
zuen erretor dohakabeak nun Porturaino aditu
baitzuten katixima. Zenbeit ehun metra bada elizatik Porturat!
Denbora berean Azkainen bikario bezala ezagutu dituzte hamahirur apez: Hiriart, Galharrague, Magis, Iribarne, Gurutchet, Bécas, Montalibet, Sein, Gaudin, Arotzarena, Camou, Carrère
eta Héguy.

HIL-HERRIAK
Egunkari batean sekulako gudua ikusi izan
dugu bi jakintsunen artean: hil-herriak behar
den, ala hilharriak. Ez dugu auzi hori guk trenkatuko. Jean Barbier Senpereko erretor zena gu
bino jakintsunago zen eta «hil-herriak» erraiten
zuen; beha:
«Elizaren ondoan, oi Euskaldun haurrak,
Gure hilen-herriak zoin diren ederrak!
Han dagozi bakean aitaso zaharrak,
Han ditut etzan nahi nik ere hezurrak!»...
Ondikotz, orotan bezala hil-herrietan ere
urguilua hasia da sartzen eta nihork ez daki
gehiago zer egin... auzoak baino gehiago egiteko! Ez ote lukete, hil-eta bederen, orok hein
berean behar, orok bardin har eta lur egin behar
dutenez geroz? Harri arrunt bat aski litzaukuke
gurutze pollit bat aintzinean. Ez da hala, eta
badakigu sekulan ez dela hala izanen... Ez du
balio ohiko harriburua —la stèle— hemendik

goiti aipatzea: gero eta begitarte gutiago egiten
diote Euskaldunek eta guziz Azkaindarrek. Sinetsiko ote duzue Azkaineko bi hil-herrietan ez
dugula harriburu bat baizik kausitu? Arras pollita
haatik... eta sortzez Euskalduna etzen norbeitek
nolazpeit beretua. 1657garrenean lantua da.
Azkaineko hobi zahar gehienak eliza barnean
dire: hil-herrietan doidoia bat gelditzen da
1592garrenekoa: Martissans de Haranibar delakoarena. Nor ote zen? Ez dugu Jainkoaren liburu
handian baizik ikasiko. Geroztikako hobietan
badire haatik arras eta arras begikoak, hala-nola
1682garrenean hil eta ehortzi zuten Amerikano
batena. Huna hitz larriz zer erraiten daukun
harriak:
«Hendaia, Ascain, Urruna
Hau da oroitzapena
Hirur elizena.
Lafargue da hemen
Errozue amen.
Hendaian sortu zen,
Urrun aberastu,
Ungitasuna zer den

Ez du ezagutu.
Bainan biziz hiltzeko
Hil da bizitzeko
Emaitzak hor bahi
Zer zukeien nahi!».
Lafargue amerikanoa bezela, Azkaineko Hilherrietan dagozi munduaren akabantzaraino
hainbertze azkaindar apez, bertzeak bertze:
batzu, orok ezagutu dituztenak; bertzeak, ixiltasunean ongi bera egin dutenak: Doyhambéhère,
Heuty, Dominique eta Jean Berterretche, Esteban Lapeyre, Bertrand Arramendy. Sasiak itoa,
ez dugu aise atxeman Martin Hiribarren geroxago aipatu gogo dugun jaun kalonje famatuaren
harria, ez-eta ere gure begi xaharrekin aise irakurtu harri hortan 1866garrenean latinez ezarri
zuten hitz lerroa: «Expectans resurrectionen
mortuorum jacet et dormit Martinus Hiribarren
Baionensis canonicus ad honorem, qui annis XXX
parochiali munere fungens, ingenio, doctrina,
pietate eluxit. Obiit anno Domini 1866».
Badakizue zer gogoratzen daukun Martin
Hiribarren jaun kalonjearen harri sasian itoak?

Azkaineko hil-herrien sartze-sartzean baitezpada
harri eder bat behar litakela, herritar apezez
Azkaindarrak oroit-araziko dituena: zer predikua
ez litake han lerro-lerro irakurtzea izen hauk:
Aita Clement kaputxinoa — Sabadinabaita.
Duhalde jesuista — Uhaldea.
Chourio Imitazionearen egilea — Martzenia.
Hiribarren kalonjea — Finondoa.
Lapeyre kalonjea — Luisbaita.
Lapeyre beneditanoa — Luisbaita.
Doyhambehere apez-nausia — Errebira.
Berterretche bi anaiak — Elizaldea.
Larronde bi anaiak — Lamberbaita.
Jean-Blaise Gracy apezpikua — Haranederria.
Joseph Gracy apez-gei gerlan hila — Haranederria.
Martin Lasconateguy apez-gei gerlan hil —
Haranederria.
François Etchenique beneditanoa — Azkubea.
Nork daki izen horien irakurtzeak ez ote luken
apez egiteko gutizia bihotz ttipi batzuetan soraraziko? Orduan ez litazke debalde igorriak izanen oroitzapen horren egiteko —Larrungo harri-

tik egiteko— behar litazken ehun edo berrehun
mila liberak. Holako obran Azkaindar guziek
gogotik parte har lezaketela daukagu...
Arruntean Azkaineko hil-herriak asi ongi atxikiak dire: belarra nihun ez da nausitu, gehiago
jaberik ez duten hobi bakar batzuetan baizik. Ez
da beraz segur Azkaindarren gatik errana izan:
«Hilak laster doazi...!».
Serresen ere ba omen ziren hil-herriak, lehen
hango kaperaren aintzinean. Xahar zenbait oraino oroit litazke han harriburu batzu ikusirik.
Ondikotz, harriburu guziak suntsitu dire handik
ere: ohoinek ereman dituzte hango edo hemengo biltegietan gordetzeko. Bat gelditzen da haatik Serresen ere, 1601koa: Teilarian ikus dezake
nahi duenak ategainean landatua, Bihotz Sakratu baten aldean. Nori esker? Guziek aisegi irri
egiten zioten Jean Sougarret ermitauari esker.
Oi, oroitzapen zahar horien salbatzeko guk ere
baginaki zerbeiten egiten!
Eta Larrungo mendian ez ote da behinere
izan hil-herririk? Baietz erraiten zuen errotik Jose
Errandonea, gure mendia hain ongi ezagutzen
zuen Azkaindarrak. Verako aldean omen ziren

hil-herriak, xiloska batean. Behinik behin badakigu Jose Errandoneak han atxeman izan duela
harriburu bat arras pallita. Amodiorekin harrokarte batean gorde zuen, Jean Sougarret bere
adixkideari sekretua fidatu... eta laster harriburua handik galdu! Denboraren buruan badakizue
nun ikusi zuen? «Emperator» Larrun puntan egin
ostatu baten murruan! Handik ere joana da orai,
ondikotz! Ohoinak!!!
Pierre Larzabal, gure herritar gazte bat da,
suhar eta langilea. Bada, horra nun eskurat
heldu zaukun 1934garrenean, haurrentzat egin
urtekari pollit bat, Gauden gu Euskaldun, eta
urtekari hortan gure herritarrak ager-arazi lantto
bat. Huna lehen-lehen hitzak: «Orok badakite
nola bazen lehenago Larrungo mendian hil-herri
aipatu bat. Aspaldiko denboretan jendeak hiltzen
zituztelarik jainko faltsoeri atsegin egiteko,
heien gorputzak han ehorzten zituzten...».
Hil-herriak segurki izan dire beraz Larrunen?
Gure adixkideari «onus probandi»! Jose Errandonearen harriburu bakar eta Pierre Larzabalen lan
ederraren gatik, duda bat gelditzen zauku oraino. Baditake segurki noizpeit norbeit ehortzi izan

duten Larrunen, Clemenceau bat baratze batean
berak galdeturik ehortzi zuten bezala, herriko
Madalena Larralde bat edo mugazain kaskoinek
hil kontrabandist zenbeit han ehortzi duten, hartako edo hortako, —ez ditakenik ez da—, bainan
Larrungo bidexketan hezurren gainean ibili
behar dela? Hori ez, ez, eta ez! Nun-eta ez diren
ardi zahar, ahuntz, pottoka eta betizoen hezurrak!
Philippe Veyrin idazle ezagutuaren liburu
batean irakur ditake: «A l’âge de Fer (dont le
terme confine aux temps historiques) appartiennent les nombreuses sépultures à incinérations
entourées d’un cromlech, enceite circulaire de
pierres levées. In en existe dix-sept fort connus
au Pic d’Occabé, dans l’Iraty: on en a signalé
d’autres en Labourd sur l’Hartzamendi et à la
Rhune. Les paysans basques savent par tradition
que ce sont de tombes». Jaun horrek ez nihork
ez du Larrunen «Cromlech» direlakoetarik ikusi,
Korrale handiak, ardi geriza batzu, dauzku
horientzat hartu!!!

IKUSGARRI BATZU
Lerro hauk irakurtu-eta norbeitek erran dezake guti aski dugula xoratzeko. Zer nahi duzu,
aspaldi du Horace pertsulariak erran zuela:
«Paupertas impulit audax ut versus facerem»,
eta hari bezala gure gutia aski zauku atseginez
betetzeko!!!
Hainitz Azkaindar hil zen 1914-etik 1918-rainoko gerla ikaragarrian. Gizon iresle handi eta
handiak dire orai xixpa eta kanoiak, ondoko gerletan zer eginen badu ere Atomikak. Azkaine ez
da bertze herriak baino gutiago, eta sosaren
puntan, bere gerlako hilez beti oroitarazteko,
Larrungo harri ederrenetik Maxime Real del
Sarte harri-lantzale famatuari obra bat eginarazi
zion. Eta elizatik bi urratsetan orai obra eder bat
ikusi ditake, lehengo apez-etxea zen tokian, lore
pollitenez inguratua! Mutiko gazte eder bat
xutik. Ama aldean, ogi lerro batzuetan jarria. Bai
ama, bai semea, xoragarriki lantuak. Ageri da
erregetiarra dela Maxime Real del Sarte, erregetiarrek kantatzen baitute:

«Demain sur nos tombeaux
Les blés seront plus beaux!»...
Beheraxago euskaraz eta hitz larri ederrez bi
pertsu hauk:
«Guduan hil baitziren gure beiratzeko,
Bakean ez ditugu nihoiz ahantziko!».
eta harriaren gibelean lerro-lerro gerlan hil
Azkaindar guzien izenak. Hainitz izen! Oi, zer
predikua hogoi urtetarat doan gazteriarentzat,
herriko pesta guziak egiten diren lekuan!
Aspaldikoa da Uhertsiko zubia. Erromano
famatuen denborakoa, diotenaz. Ageri du zaharra dela, harriaren ondotik harria lurrerat edo
hobeki urerat baitoa. Frantziako gobernuak
1925-ean bere gain hartu zuen monument historique bezala, eta Azkainen nihork ez du dretxorik
bi palotara morteroren han ezartzeko. Joan
behar du beraz zubi gaixoak, gure gobernuaren
aztaparretaratzen diren guziak doazin bezala!

Emeki batzuetan, segurki beti! «Una salus victis,
nullam sperare salutem...».
Azkainerat nihor ez ditake joan plazarat orduko bi ostatu eder ikusi gabe, Hôtel de la Rhune
eta Etchola. Azken-azken moldeko ostatuetarik
bat eta bertzea, beren barne eta baratze xoragarriekin! Garbiak, arinak, gisa guziez gustagarriak! Bainan bereziki Etcholarat sartzen dena ez
dadiela handik atera Livre d’Or delakoa nausiari
galdetu gabe. Ikustea balio du. Oi, hango izen
handi lerroa! Paul Deschanel, prince de Galles,
Barthou, Clarétie, généreal Pineau, Mistinguett,
Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.
Çirattagı - Azkaine gure sorterria - 2
  • Büleklär
  • Azkaine gure sorterria - 1
    Süzlärneñ gomumi sanı 3739
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1940
    26.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    37.2 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    42.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Azkaine gure sorterria - 2
    Süzlärneñ gomumi sanı 3746
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1917
    27.7 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    40.3 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    46.5 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Azkaine gure sorterria - 3
    Süzlärneñ gomumi sanı 3755
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1858
    27.0 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    38.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Azkaine gure sorterria - 4
    Süzlärneñ gomumi sanı 3755
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1785
    30.4 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    42.3 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    49.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Azkaine gure sorterria - 5
    Süzlärneñ gomumi sanı 3759
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1837
    29.0 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    41.9 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    48.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Azkaine gure sorterria - 6
    Süzlärneñ gomumi sanı 2109
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1081
    35.3 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.1 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    51.4 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.