Araibar zalduna - 07

Süzlärneñ gomumi sanı 3893
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1987
29.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
43.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
49.0 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
ads place
zuan, zapatak eta bazkaria ere Manu-k pagatu zizkion

arren. Ipui ugari zeukan emakume ongi jantzi eta txairo apaindutako arek.
Eta asi ere, asi zuan kate berria egun artarik,
Manu aspertu eziñak. Nini gangarrak bigarren senartzakoa zedukan, geroztlk, eta erraz gaiñera, apaizik
gabe uztarturikoa. Manu-k, bere ustez, berriro ere zori
adurtsua zuan. Zerbait aldatua, ordea. Debekatuzko
emaitza deigarriago ta aokotsuagotzat zedukan.
Bakartadean zegoanaren laguntzaille izango zan,
noski. Aren legezko lagunak zabarkeriaz utzitakoa,
berak zaituko zuan, begiratuko, loisintxaz beteko, bizitzako une lazgarri eta nardatzailleak arindu eta alaitu
bearrez. Filantropu egiñik zeukan ia bere burua Manuk. Ongille bezela agertuko zan, andre gaixoei lagun
egiñaz. Ez zuan arek makalean artu, Paul donearen
esan gurbilla!
Senar biotz gogorraren ordezkari egin zan; aren
utsegiteak gaiñezkatuaz betetzeko; andrearen gustoak egiteko; aren eskabide ta nai ta gurariak aintzat
artzeko.
Urrena bildu ziranean, –Donostia-n alegia, an bizi
baitzan Nini–, aopeko baten jabe ere egin zan Manu.
Ezkontzausle eme arek, txoroki adierazi zion Manu-ri
ezagutu zuanetik bertatik, artaz maite-zorabiatua

zegoala. Eta geroago, usoen antzera alkar-urrumaz
zeudela, bai emakume kaxkarin arek kantatu ere
arako bertsu aura, Bilintxena, eta zerbait ukituz aldatua:
«Amodioak nire biotza zureganuntza darama...
............
Aur batek berak izan gaitzala zu aita, eta ni
ama...».
Isilpekoz betea zan ordu ezti artan, orrelaxen adierazi zion, mingañean eta kopetan lotsarik aski ez zuan
emakumetxo lirain arek bere maitale berriari, gurari
donga baten txingarra.

X
Lanean asi baiño leen, Serafin, goizeko nagiak eta
geldi-egoatearen zerak astindu orduko zearo, egunerokoa irakurtzen asi zan. Gaiñeko albista borobil eta
karraixigilleak irakurri ondorean, barruko orrialdeetarantz zuzendu zuan bere ikusmiña eta jakinmiña.
Berealakoan zerbaitengan kokatu zan aren arreta,
eta berriro irakurtzen ekin zion, ikusten zuana obeto
aditzeko bezela, begiak lazkiro igortziaz.
Auxe zan berri ura.
«Gau erdi inguruan edo, Portugaleteko trenak
azpian artu zuan neskatilla bat, Mazarredotik
moillara bideko zearkuntzan. Alik laisterren geldiarazi zuten trena, laburra baitzan, eta berealakoan zauritua jaso eta Basurtoko Eritegira
eraman zuten bertatik. Andik ordu batzuetara il
zan, iztar biak ebakita. Loli Mena zeritzan eta 21
urtekoa zan. Uste danez, berberak jarri zuan
bere burua trenbidean, eriotz-eske. Epaitegikoak asi dute beuren arloa, gertaturikoa argituarazteko».

Besoak beerantz egin zioten Serafin-i, eta zeatz
abaildurik, nola-ala eseri zan bere aulki zabalean.
Andik laisterrera, norbaitek oles-egin zuan ofizinako atean. Apaiz bat zan, eta Araibar zaldunaren galdea egin zuan. Serafin-ek lendabizikoan, berari laguntzeko ere egoki zetorrela uste izan zuan apaiz ura, ain
zan aundia barruan sentitzen zuan larritasuna.
Serafin-en belarrietan durundi baten oiartzuna
besterik ez zebillen.
–Zortzi eguneko epea ematen diot Araibar-i, pakea
egiteko, adiskidetutzeko.
Oiartzunak orixe zion Serafin-en entzumenean.
Bai, Loliren itzak, «Arizona»-ko azken-egiune antzukor
artan.
–Eman du bai erantzuna, Jainko laztana! –agertu
zion bere buruari Manu-ren arduradun nagusiak.
Apaiza, an zegoan geldi eta zutik, Gezala jaunaren
erdi-toteltasuna oartuaz. Bere baitan somatu zuan
Serafin-ek elizgizonaren agerraldi aura. Ez zuan, anartean apaizekin batere artuemanik, aspaldi ere, Araibar zaldunak. Agian, larregi da azalpen au, aren bizitzak zerbait iragarten baitzuan; alaz ere bestetariko
arraiak ere ba dira-ta, bego oar ori.

–Laister eldu bide da, onezkero, gure nagusi
jauna.
–Iraduz nago eta, ola ba-litz...
Apaiza gaztea zan, ogetazortzi urte inguru izango
zituan. Ez zan luzea, bai ordea trinkoa. Arpegia beltzeran, begiak pizkor antxa, izkera nare ta ozena zuan.
Agertu zan Manu geroxeago. Arritu ere bai, bere
landolan janzkera artakoa ikusiaz. Beingoan jakiñerazi zion Gezala-k noren galde joana zan.
–Ona emen Araibar jauna.
–Kaixo, nola zabiltz orain? –lasa lasa apaiz xaloak.
–Ongi, eta... berori?
–Ni ere bai, ustez beintzat. Zera, argi esan dezagun: zurekin bakarrean itz egin bearra dut, Araibar
zalduna.
Onek, aitaren egin orduko, auxe pentsatu zuan
berekiko: «Apaiza, eta iñoren etxera? Diru billa,
noski». Uste ustela, ain zuzen.
–Zeren billa zatoz, bada, elizgizon ori?
–Labur azaltzeko auxe: lotsa billa nentorren, zigorbilla ere norbait ibilli zitekean, baiña.
–Lotsa?... Galdu egin ote da ba?
–Bai, gizon, ikusten duguna eta are entzuten
duguna gezurra ez baldin ba da.

–Zuk esango duzu, ba.
–Ikusi al duzu egunkaria gaur?
–Oraindiño ez. Zer dakar ba, teatruko iragarki
nabarmentxoren bat?
–Ez dakit ortaz ezer. Eriotza baten berri ematen
du; ona emen, baiña laburrago esango dizut. Loli
Mena il da; trenak azpian artuta il ere. Berak il du bere
burua.
–Kontxo! Noiz eta nola?
–Bart, Portugaleteko trenak azpian artu zuan; bera
jarri zalako, noski. Trena eltzeko zegoalarik, batbatean damutu zitzaion eta jaso eta trenbidetik ateratzeko alegiñak egin bide zituan. Beranduegi ordea; iztar
biak ebakita an gel-ditu zan. Gel-arazi zuten noizbait
orgategi aura, eta neska, bizirik eraman zuten Basurto-ra. An, aitortu eta nirekin izketalditxoa egin ondorean il zan, gaixoa, odol usturik. Osagilleen zazpi alegiñak ez ziran aski izan. Pixkanaka pixkanaka zurbil
eta jausia, apaldu eta aitu zan aren bizitza aragizkoa.
Azken orduko itz aietan zuregatiko zer batzuek adierazi zizkidan. Orregatik eldu naiz zuregana, aren
borondatea egiteko.
–Niretzat amorruz izango zan, noski, neskatxa
aura.

–Ez uste. Jaunaren izenean eta aren otsein apalena ta duiñezena bezala barkamena eman nionean,
arek ere, neskatxa zoratu arek ere, barkamenezko
itzak baizik etzituan nornairentzat. Zuretzat bereziki.
Parkatu egiten zizula zure doillorkeria. Loli ezurberri
zegoan eta lotsakizun ori eraman eziñik, orregatik
beraganatu zuan, erabaki zentzugabeko eta doakabe
aura.
Gizon biak isilik gelditu ziran, eta isillune ori Manurentzat urrakorra zan. Naiago zukean apaizaren itz
gogorrak ere entzun, isilik egon baiño.
–Ni jarri al nau errudun bakartzat? –galdetu zion
Manu-k paketu guraz.
–Ez. Alarik ere, lendabiziko makurkeria zuregandik
asi zala agertu zidan, autorkuntzatik aparte. Lendabiziko urratsak oker eta biurriki egin ondorean, neskatxa gajo arek nola ez zekiala, azken-aldian ama izateko bidean jarri zala oartu zuan, goizetik gabera. Ez
zuan orren azalpenik iritxi, eta orrelan bere burua
gero ta beroago, amai zorigaitzekora urbildu zan.
Siñismen otza izatetik datorzkigun kalte ezin-esan alakoak ditugu, Araibar jauna! Gure inguru, orixe zabaltzen asi zaigu: axolagabekeria, oztasuna, guztiak
katoliku izan naia eta bakoitzaren seta azke izan bea-

rra. Eta ori, eziña da. Baiñan, gauza bat esan bear
dizut azkentzat, eta Loli zanak esan zidan ederrena,
agian: bere bizitza, gazterik alegia, 21 urte mami baizik ezpait zituan, zure bizitza obetutzearren eskeintzen zuala, zure ibillera makurrak zuzendu zitezen
uzten ziola zeruko Aita errukiorrari.
Alaxen amaitu zan, ba, Loli-ren estura, txoraketa,
ta erabaki oker eta lazgarria.
–Zer egin nezake nik aren alde? –ziotsan xamur
xamur Manu-k elizgizon zintzo ari. Dirua ere eman nai
izan nion, azken-erru larria nirea ez zala argi ta garbi
siñistarazita gero. Ez zuan artu gura izan.
–Orra nola jakin zenezaketen negozio-gizonok,
guztia ez dala diruz neurtzen. Andiak dira onen indarrak; ez dira sarri askotan bear aiñakoak, edota nai
aiñakoak. Aren alde zer egin orain? Bai!... egintza
onak eta opariak eskeiñi zenitzake. Baiñan batipat,
eta aren esana egia dala uste izanik, zure alde egin
dezakezu, zure anima zulatuaren alde.
–Eta auzitegian ezer izango al da?
–Bai edo. Medikuak parte eman zuan eta gero ere
autopsia egin izango diote. Ez dakit, ordea, alde ontako gorabeerarik. Alaz ere, eriotzako erabakia berak

bere kabuz artu eta bete zuala agertu zion medikuari
ere.
–Zer egin bear dut nik ba, labur esan?
–Aren esan ona aintzat artu: zure bizitza, baldin
oker xamar ba darabiltzu, arteztu ta zuzendu bertatik.
Oitura txarrak utzi; lagun gaiztoak bertan beera laga,
elizara urbildu.
–Ezagutzen ditut nik, egunero ere elizazulo diranak eta...
–Eta aien bizitzak guztia-bearrekoak dirala, alegia? Baliteke. Alaz ere, apaldu egiten dira maiz, aitortutzeko, belaunbiko jartzeko. Ba dira aberatsen artean
ere, garatz onak eta garatz txarrak dituztenak; auengandik aldegitearren ez ditu iñortxok ere, garatz guztiak or konpon uzten, ez. Garatz txarra egin ostean,
garatz ona ugariagotzen alegindu oi dira. Janaria ona
da beti, iñoiz guri kalte egin arren. Gugan dago, ba,
okerra, eria eta makalaldia.
–Azturik ditut nik esan oiek.
–Beiñere ez da berandu zer oiek ikasteko eta birtuteak irabazteko. Tira, ba, Araibar jauna, ez dut zertan geiago zuri lan-ordurik debekatu. Loli zanak eman
dizu lezio odoltsua. Zuk duzu orain eretia joko garbiz
jarduteko. Agur, ba, eta txarto esanak barkatu.

–Agur, jauna.

XI
Diruaren egarriaz ere jarduten zuten aldi artakoak, iñoiz baiño sutsuago. Araibar-en arazu batzuk ez
zebiltzan osoro gustora, hotel eta antzokiko bazkune
artakoak beuren eztabai eta asmo bedegarrak bai
zituzten. Irabaziak eta moral-arauak alkarri muturrak
ausi bearrean ziranetan, orduan izaten ziran iskanbillik politenak. Batzuen iritziz, diruaren iturri guztiak ur
gardena eta emankorra zuten. Irabazi ezkero, beste
kontuak bakoitzaren lepo uztekoak ziran. Ur ona edan
eta zindoro bizi edota ur likindua iretsi eta pozoiturik
geratu, or konpon. Norberak daki zer gauza erosi;
komeni zaiona; kaltegarriaz jabetu baldin ba da, eta
dakiala, norena izango errua? Ez zan, gaiñera leenago
bezela. Bai egunerokoetan eta bai elizako-ateetan
ere, nai zuanak, ikus zezakean jaialdi bakoitzaren iritzia, zindotasunari buruz.
Batzarrera dei egin zuten igande batean.
Iñork ez zedukan hotelera joan bearrik; nai zuana
joan zitekean, uraxe baiño garestiagorik eta merkeagorik ere ba zalako irian.

Eta teatrura, berdintsu zan. Ara zioana, bere
gogoz ziran, iñolarez bearturik eta lotuta. Eta an, izan
ere, berdin ematen zituzten monjen teatru-lanak, naiz
«Las Leandras» doiñudun zarzuela ere; Calderon
ospatsuaren lanen bat edota azken-soiñu ta baillet ariñez ornitutako dantzari zailuen varietés diralakoak,
beti ere soiñekoz urri ta murritz, eragozpen baitira
Madame Pompadour-en aldiko gona zabal, borobil eta
anpatuak.
Eta filmen eztabaida aura berriz! Emen ere alde
bitan bananduak ziran baltsu artako lagunak.
Batzuek, modatik joandako gizon egiñak eta emakume elizkoi ta jaieratsuak geienbat, 2 baiño lumeru
jasoagoko filmik ez zala, –zioten–, areto artan pasatu
bear; erakutsarazpen orren erantzupenik ez zutela
beuren barruak jasan nai. Oien iritziok, ordea, beste
saillekoak irrika eta parreka artzen zituzten. Bai zera
erantzupenik! Diruaren pozak isilaraz zezakean kezka
txikerrenaren oiu motela.
Jakiña ba! Ez-ta alderatzekorik ere!!...
Kristo-ren pasioa ta santuen bizitzak edota errioidurazko teatru-kutsuzko pelikulak baiño mamitsuago, emankorrago ta aitorrago ziran, tokitan ere, Rebeka, Aizeak eraman zuana eta Eguzkipean alkar-iltzen,

esaterako... Oiek ematen zuten dirua, oiek! Eta zertarako sortua zan ba baltsu aura, dirua irabaztearren
baizik?
–Garatzak, ortarako sortuak dira, sakelak gizentzeko geienbat –ziotsen Araibar-ek, arduradun edo
gerente bezela–. Urtearen buruan, kontu-garbitasuna
eta bidezko dan korbona nai duzute, eta nola banandu, eralgitakoak jasotakoak baiño murritzago izan
ezik, edo obeki esan, irabaziak ereindakoak baiño zati
aundiaz gizenagoak ez baldin ba dira? Kezka ta zimikoz jardun bearra baldin ba dugu, gure aldetik uzteko
gertu gaude. Talde bi oiek ba, erabaki batera jo bearra dute. Edota batzuek artu edota besteak jabetuaz,
bazkune au dirutan zertu, eta bakoitzari berea emanaz, aurrera egingo dutenak guztia ordaindu dezatela.
Orixe da alde batekoak, nire aldekoak uste dutena.
Garatza, garatza da, eta ez txatxukeria.
–Ainbesterik zertan esan ez duzu, Araibar jauna
–jardetsi zion Andertxo-k beste taldekoen izenean.
Gure amaren mordoxkak ere nai luke bere bidezko
irabazpena lortu, baiña, mailla zindoko zera ez baldin
ba da, aurrerantzean garatz au uzteko gertu dagola
adierazteko zuei, esan dit.

–Ederki itz egin du –zion adurra zeriola Martolo
Fraille zeritzan gizon, bola antzekoak–. Emen agiri
danez, aburu bitan banandu gindezke pertsonak.
Bata: naiz eta diru eskasago etxeratu, barrua pakepakean zaitu. Bestea: nola edo ala, urreaz jabetu;
etzaio axola, erriko ta erbesteko nabarmenkeria guztiak jendearen belarri-begietan jarri, eta barruko
kontu oiek inpernuko Txomin-ek erabaki ditzala.
–Bai, olaxen da –gaiñeratu zion Andertxo-k, Usategiren billobak–. Guztiok batean jarraitzea eziña dala
ikusi dugun ezkero, egin dezatela eskeintza eta onartzen ba da, baldintza eta zeetasun guztiekin, geratu
ditezela, bai hotel eta bai teatruarekin. Guk, gure
aldetik, artuko dugu abiadura zintzoagoa beste bidetik.
–Noiztik ona orrenbeste zintzotasun... Usategitarrak!
–Noiztik onera, ez dakit, Araibar, baiñan ain zuzen
zuri, edo zurekin naastu bidean zioanari eman nion
nire emaztegeiaren bitartez, irakaspen txiki bat. Eta
ez zaio damutu animadun ari, gure oarkizun egokia.
–Noiz, alegia?

–Buru txarra ez baldin ba duzu, gomuta ezazu
arako Dorote bat eta aski da, au ezpaita biren arteko
zeaztasunak auzipe jartzeko tokia... Orra argi esan.
–A, zu izan al ziñan? Nire bizitzan sartzeko eskubideak ere ba al dituzu?
–Zurean, zuk nai ez baldin ba duzu, ez. Neskatxa
arenean, bai.
–Tira, jaunak, naikoa da –gaiñeratu zioten gizon
sudur luze ta begi aundi batek–. Eztugu emen bear
asarrerik ez astia alperrik galtzerik ere.
–Bukatzeko, ba, ona emen nirekin daudenen
eskeintza: nireak –zion Araibar-ek– zio batzuk eta diruneurri bat burutan artua dute. Zazpi milloe ta erdi
emango ditugu, etxe ta beste zeren eskubideak gure
esku geldi ba ditez. Bost urteren buruan, diru orren
zorra garbitua izango da, osoro zuritua; bizkitartean
euneko sei ordainduko dizuegu zintzillik dagoanaren
emaitz bezala. Alegia, bost urteak bete orduko zearo
ordaiñi al ba geneza, eskubidea ere izango genduke,
une artararteko korria soillik emanaz, irabazi bezela;
diru-adarraren berezko etekiña. Zuek pentsa ezazute,
ba, eta urrengo batzarrerako gertu izan erabakia
artzeko.

–Ori ez da gaizki esana. Guk gure dirua jasoko
dugu, eta negozio zikiñetan jardun nai duanak, ikus
beza bere adua, eta or konpon.

Etxeratu zanean, pozez zegoala zirudian Araibar
zaldunak.
Etxerik ez zeukan euki berak; apopillo zegoan
alargun baten etxean, eta ostatu artan ba zeramazkian pare bat urte baiño geiago. Ez zegoan, esan oi
danez, seme bat bezela, ez; semea izateak menpeko
izatea esan nai baitu maiz. Zaldun bat bezela zegoan,
pagatzen zuan, eta ori egin ezkero, bere eskubideak
zituan eta... beste egin bearrik gutxi edo baterez.
Aren bizimodua bere gisakoa zanta, ugazabandre arek
ez zuan besterik egiten etortzen zanean: jaten eman,
eta osterontzean, aren gela apaiñik eta beti orniturik
eduki, betiere txukun, ori bai, eta aren soiñekoak eta
beste zerak ongi begiratu ta zaitu.
Ortaz gaiñera, Araibar-ek etxean edo ostatutzakoan, itz egiteko gogoa izaten zuanetan, egoki izaten
zitzaion ugazabandreari, zaldunari arretaz entzutea.
Bestelan ez zion arek asarrebide makala sortzen. Eta
berriz, Manu-k kontu esateko aizerik ez zuanetan, ai

orduan, alperrekoak izaten ziran etxekandrearen
sudurra sartzeko gurariak eta erreguak. Alperreko
ezezik, kaltegarri ere bai, zaldunak ezpait zuan beiñere ontzat ematen berari galdekizunik egiterik, berberak aurretiaz baimen tertziokoa eman gabe.
Etxera zanean, ba, eguerdiko orduak iraganik
ziran, eta alarik ere ez zuan gertu aurkitu maia, bazkaritarako agur txeratsua egiñaz.
–Igandetako bazkaria lauretan al da beti? –galdetu
zion amarruki eta destaiñez Araibar-ek etxekandreari.
Mezatan izan ote zan ba etxekandrea, eta belukoan atan ere!, bazkaria gertu ez egoteko? Bai zera
beluko mezatan! Eguna zabaldu baiño leenago zekian
arek elizako ateak igarotzen, eta pare bat meza ere
gutxienaz beti entzun.
Geroago zuan, geroago, andretxo arek bere seta
edo detua, edonork oi duan bezela. Eguneroko papera, asi aurretik eta azkeneraiño irakurri oi zuan, batez
ere emakumeentzat irakurgarriena oi dan arian: ilberriak, ezkontzak, jaiotzak, esku eskatzeak, karrerabukaerak, joan-etorriak, eun eta bost urteko atso
baten bizimodua, orniketa-bazkunaren aginduak olloaren berriekin-eta, moden irudiak, zineetako gorabeerak, elizako albistak ere bai, eta sal-erosian zebiltza-

nen iragarki bakanak. Politika, ekonomi eta esportkonturik, ez asko. Radiotik ere entzuten eta jarraitzen
zituan adi-adi entzunarazten zituzten sailleri guztiak,
lapurrenak eta, amodiozkoak eta, eriotzaz beterikoak
eta...
Baiñan, eta arratsaldeko ordubiak eta geiago izanik, Manu geien aztoratzen zuan zergatia eta amorrazioz jarten zuana, beste aura zan: andre arek, asteko
erropak eta, igandeetan garbitu bearreko seta, astelenari itxedon gabe. Manu-ren alkandorak egunero garbitzen zituan, eta beste zerbait ere bai noski. Etxeko
bukata nagusia, aurreko belaunaldikoak astelenetan
egin oi zutena, ugazabandre elizarakoi arek, iganderako gertatzen zuan eta asi eta bukatu ere bai. Eta ori
ezin jasan zuan Manu maitaketari ibiltaun arek.
–Atso barrabanaren jai-egunetarako jita biurria!
Norengandik ikasi ote du onek orrelako gauza berririk,
beiñere irizulo ontatik atera ez da-ta!
Eta bein berriro, adierazi ere egin zion andre Filori, auxe baitzan aren izen borobilla.
–Igandeetan egin bear al duzu lanik geien, andre
Filo?

–Ez, besterik egitea ez dugu ta, ezin ezer egin
gabe besoak antxumaturik egon, ba. Gaiñera lanik
geien ez da egiten, orixe ez, Araibar jauna!
–Nik baietz uste dut ba. Mezarik ez al duzu entzun
gaur?
–Bai, Jainkoa lagun, iru ere.
–Eta gero, nola saindutzen duzu zuk eguna? eskulan zakar oietan aritu izanik, atergabe, gelditu eziñik?
–Etxeko lanak ez dute amairik iñoiz, eta...
–Nai duzulako. Dana dala, jakin ezazu ori ere pekatu dala.
–Ni, pekatu egiten? Ona emen sermolari berria.
–Bai, nai duzuna esan ezazu. Txikitan ikasia dut,
beste aazturiko zer askoren artean arako esaera: «irugarrena, jai-egunak jai-egitea». Eta zuk, andre Filo, ez
duzu agindu ori be-te-tzen...!
–Arrigarri da, zera, zu bezelako bergante-xamar
batek ni bezelako bati irakaspenak aurpegira jaurtikitzea!
–Bai, andre Filo, gauzak nola diran! Eta zorionen
bategatik, ara, an beeko Peru Beltzaren sutegira joan
gabe ateratzen ba zera, amaika bukata eta lexiba jo
bearko duzu zeruan sartu baiño leen, ain zuzen ere

zerean, garbitokian! Nun leku egokiagorik bukatagiñean jarduteko antxen baiño!... Ja, ja, jai!
–Errekontxo! Oroipenean dituzu, alegia, betiko
egia eder oiek, zu beti ortik-emendiko bizi modu
narratsean ibilli arren!
–Bearko gomutan izan, andre Filo. Ez duzu beti
zillegi iñoren pekatuak aztertzen eta astintzen ibiltzerik. Bakoitzak ditugu gureak, noski ba, eta... atso
mezajale eta jai-zapaltzaille diranak ere bai, dudarik
gabe.
Isilik geratu zan, isilik, andre Filo, Manu-k sartu
zion zirikada zala ta etzala. Ba zegoan bear-izanik ere.
Baiñan, esanok gorabeera, jai-arratsean, barlan, an
isekiko zituan atsoak, leiorik leio zedukan lokarri
luzean, egundoko bukatadaren emaitzak: maindire,
buruko, zapi, atorra ta alkandora, barruko miesak,
oerako jantziak, kortinak, eta beste zerik ugari.
Manu-ri seigarren eta bederatzigarren aginduai
buruzko jardunak egiten zizkionak, galdua zuan irugarrenaren jatorri eta esan-naia. Eta bakoitzak, leengo
lepotik zuan burua.
***

Manu-k atsegiñez asi zuan maitakeri-bide berria,
ta jarraitu zuan, arako donostiar Nini-rekin. Emen,
ordea, gauza bakana jazo zan.
Sarritan joan oi zan, beraz, giputz iri nagosian
atera zitzazkion garatzetara. An ez zegoan batere
arriskurik, eta etorkizunak ez zion ezertariko buruausterik ematen. Izadiaren legeak, baiña, batzuetan paradoxadun eta itzulelezko dirudite. Biak makurbideak
izanik, neskatxa gazte doakabe arek eskatu ez zuana
iritxi zuan, azalez aren ondamendirako. Nini gibelandiak, ordea, nai eta bear zuan emaitz guri, aur borobilxko bat izaterik, ez zuan lortu.
Asiera loretsua izandakoa, egunak joan egunak
etorri, gogaikarri itzuli izan zitzaien biai, bai Manu-ri
eta bai Nini-ri, laketak bere neurria medar eta mergatza dualako.
Eta orrelaxen zioan ibituaz ibituaz, makalduaz
makalduaz ezkonga eta ezkondu saltzaille aien
artean, kalean bertan ustekabean izetu zan griña-txinparta.
Gero ta ugariagoak izan ziran alkar-ikusi bitarte
egunak, eta egoera arek ez zekarren beste ondorenik,
beti oi dana baizik. Aaztutzen aaztutzen, noizbait
gogoa epeldu, geiago batu ez, eta bakoitza bere alde-

tik antolatu. Nini-ren senar tentelak susmoa edo norbaiten salakuntza jaso zuanean, ordurako joana zan
aren emaztearen Manu-rengako jita leratsua. Ez zuan
aurrik izan, eta Nini ren asmoak utsaren pare geratu
ziran.
Ortik ez da ateratzen Manu-ren bide oneratzerik.
Onek lendabizikoak zituan eskuarki aiengana urbildu
ezkero; bikote erregarriak ba zuan artean zima gaiztorako joera donga aura: alegia, Mimex eta Ani lilitxoak,
bargastak, beti lausengurako gertu, prakadunai dirua
zirin-zirin biltzeko eta lan zintzoren batean jardun
orde, alperkerian eta likiskerian bizitzako urterik onenak emateko.
Araibar-en neska-saillean, Kolombine eta Dorote
geratu ziran garbi ta goragarrien. Onek batzuetan zer
pentsatu eman oi zion Araibar-i. Emakumeak, ordea,
ona ta txarra batean omen zeuzkaten –aren iritzi berekoian. Azken aldikoak bakarrik azterturik, berbarako:
Loli, zintzoa izan zan, baiñan xinplea, erritxoko nexka,
zuntzun-samarra agian; eta ona zalakoan... bere
burua ez zuan il ba? Dorote ere, jasekoa, itxurazkoa
zan, maita-erreza, polita; baiñan... barru gogorrekoa,
biotz legorrekoa, ezker gaiztokoa, eta aren izterbegia?
Saldukeria egin omen zion arek Manu-ri: alegia, den-

pora eldu baiño leen aldegin, bertzeak erori ziran jokoan irristatu gabe igesegin; eta ori ez zan barkakizun.
Eta Nini ere, zer ba? Emankor eta eskariberaa izan
zan; baiñan asper-miñak jo zuan luzaroegi baiño leen.
Xarmanta zan izan, amorante ona, batasun-asmoz
biak ibilli ziran artean; bizi aundiko emakumea nolanai, ere. Iraupenik gabea, ordea.
Ainbat ezagutu ostean, ugariegi izan ondorean,
soil izatea, bakarrik bizitzea ez zitzaion, egunetik egunera, ordurarte bezin bizigarri. Adiña, edota aragiaren
nekea... Beste zerbaiten susmoa edo gurari-zimikoa
sortzen zitzaion biozpean.

XII
Goizean, laiñoak, bere miise txuriak zabaltzen jardun zuan, eta itsas-ertzeko lurraldeetan, lanbroz beterik zegoan ortzea lendabiziko orduetan.
Jai eguna zan, eta udaran lanik-ez egunetan oraingo aldian oi dan bezela, jendea ara-ona ibilli-bearreko
lera sakonari eutsiaz, beribil, motozikleta, txirringuts
eta al zuanak al zuana, bideak betean zetorren kaialde politera, Atxaga erritxora.
Odei sendo biurtzeko almenik ez nonbait eta, goiz
artan «frantsesa» (eguzkia, alegia), garaitzaille aterako ote zaneko zantzuak ziran, laiño melgera ta meaxka aura, zirt-zart urratu ta aienaraziaz.
Lendabizi iparraldetik, geroago etziñaldetik, une
urdiñak, zeruaren zirrikitu dunduxkak laiñoaren zulo
eta urratune bai liran, egun on baten aztarna ukaezin
eta siñisgarriak ziran, iñolaz.
Oiñez batzuek, gaiñetikoak leen alpaturiko ibilkiñetan zioazten ondartzetarantz.
Txuri, urdin, ori, orlegi ta bitarteko kolore ugariz
jantziak agiri ziran ondartzako itzalgarri ta toldo borobil eta luzanga aiek. Zein baño zein politago, bata

baiño bestea zoragarriago. Gai txukun auek, ordea,
ezer gutxi ziran, geroago ikusi al izan zitezkenen
ondoan.
An zebiltzan batera ta bestera, Makari igarile-zaia
eta aren seme Peru ta alaba Agurne. Igande artan
zeregiñik naikoa eta lar izango zuten, aurki. Makilla
eta taketak zutik jartzen zituzten, gero toldo apaiñen
euskarri, ardatz eta abe izateko.
Makil eta taket auei, Makari-k eta aren alaba Agurne-k oratzen zieten; eta mutillak, Peru-k, zurezko mailluka lodi batekin joten zituan goitik beera, erruki gabe
jo ere, bigarren danbatekoan ondarrean barruan erroak sartuta txut, sendo ta indartsu geldi zitezen.
–Obe izan genduan atzo, makillok zearo atereaz,
bai! –zion Makari-k–. Ez al duzute ikusten noraiño eldu
dan bart, itsaso asarre au?
–Ba, gaur berdin litzake atzo bezela ba letor ere,
–ziotsan Peru, seme beso ta bizkar sendoak–; taket
auek legorrerago egonaz gaiñera, barrurago sartuak
daudelako.
Makari, txikia izan arren, aren aurrak egundoko
mardul eta airosak azi ziran. Amagana eman zuten,
antza, semealabok, amaren aldekoak oi zuten gorputz
bete eta trinkoaren jabe bait-ziran. Larregian mardoa

baiño ere, ondo egiña, egoki ornitua zedukan bere
soiña Agurne-k. Gaztea zan, artean, eta udara artan
zegoan lendabizikoz, aitari bere irabazpide-lanetan
laguntzen.
Makari eta semea aspaldi ari ziran bearmodu aietan, eta bai erritarrak eta bai kanpotarrak –maiz ara
eltzen ziranak, beintzat– ezagun eta konpiantzazko
ziran aita-semeengan; trebe, langille ta burutsuak
ziralako. Agian, amultsu-usai eta mazaltasunik geiegi
ez zuten izango, baiñan tira! Batere papertzar eta
liburu gabe erabiltzen zituzten ango etxetxo ta kaixeten gorabeerak; dana buruz, guztia egin ta pasa.
Udara artako zer berria, nobedade zirikagarria, askorentzat orixe izan zan ba: Agurneren agertuera; neskatxa polit bat zegoala antxen, askori serbitzeko.
Iñara batek udara ez baldin ba lekar ere, emazteki batek, andrazko batek... ondorengo asko bildu lezake: gonadunak batzuk; bizardunak beste batzuk.
Bizardun itz au, esan bat besterik ez da egungo egunean; bearrik, labaiña zorrotz eta elektrika-makiña
zailu ta artarakoak ugari baitdira bazterretan.

Agurne-ren agertze ori, zer bakana izan zan. Mutillak pozik txalotu zuten aldakuntza, berrikuntza, edota
geitze ori. Baiñan beste bandakoak ere...
Beribil zabal bat eldu zan, eta besteen buruburuan jarri zan, bide zabalean. Marrubiaren kolorea
ala otarraiñarena ote zan, ezin ziurki erabaki. Gazteak
atera ziran automobilletik. Neskatoak iru; mutikoak bi.
Erabiltzaille, gizon adiñekoa zan, illeak ia zuri, begi txikiak, lepondo gizen.
Neskatoak ez ziran liraiñak oso. Potolo xamarrak
ziran, eta kolorez ezezik musu-tankeraz ere, urrutietakoak zirala ziruditen. Jatorriz edo endaz batipat. Bi
orrelakoak; irugarrena beste kasta batekoa zan.
Mutiko bi aiek, gaiñeko prakak erantzi, alkandora
orobat, eta slip dalakoz, ipi-apan, soiñekoz arin eta
txoil gelditu ziran. Neskatxa potoloak galtza urdiñak
eta galtza gorriak zituzten, estu-estu, bizkarraren izen
donea galtzen dan tokian; belaunperaiño eltzen diran
emakume prakatxo medar oiek. Izugarrizko aukeran
zeuden, beraz, beuren ponpis guriak nabarmenkiro
ikus-ulerrarazteko. Goitiko aldean, ba zituzten alako
bermearrak oi zituzten alkandorak, zillaren pareraiñokoak, baiñan gerrian lasai eta aske, galtzetaz kanpo

deslai eta jarei. Galtza gorridunak, alkandoratxo beltz.
Besteak, ori bizi-bizia.
Irugarrean neskatxak ingelesa zirudian, lendabiziko ikustaldian bertan; aura, beroaren bildur zan, eta
beribillaren aldamentxoan zirt-zart erantzirik, jantzigose zan zerbaitekin agertu zan, mundu guztiaren
aurrera.
Aur-jaioberriaren piz-oiala, baiñuko erropa egokia,
nunbait, illegorri arentzat. Alako bikini-kume zazpikirik
ez zuten, artean, Makari-ren begiak ikusi. Paradisutik
igesitako Eba rubia zirudian! Bai laister esan ere baiñista begi zoliak bere alaba ederrari:
–Agurne!... Zoaz jaioberri orri mantatxoren bat
eskeintzera. Zilla osaturik daukala dirudi, baiñan...
apaizen bat billatzen dugun artean; toki au egoki-eza
baita bataiatzeko!
Joan zan, ba, Agurne beingoan turista elduberriengana eta adierazi ere bai an, orma-kontran letra aundiz idatzirik zegoana:
«Ez bitzate gizonezkoak slip txoillak jantzi. Eta
orobat, emakumeak, prenda bi diralakoak».
Neska illegorri arek arrituaren antza artu zuan, eta
bereala, arrotz-izketaz kontatzen asi ere bai:

–«One, two, three, four, and five» –esan eta urrengorik urrengo, zapatilla biak, gafak, piz-oiala eta
bular-neurritzat inguruka zeukan zinta zabal bat kontatuaz, bost zirala gutxienaz, azaldu nai zuan.
Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.
Çirattagı - Araibar zalduna - 08
  • Büleklär
  • Araibar zalduna - 01
    Süzlärneñ gomumi sanı 3888
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1813
    31.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.0 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    51.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 02
    Süzlärneñ gomumi sanı 3931
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1917
    31.1 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.5 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    52.5 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 03
    Süzlärneñ gomumi sanı 3990
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1931
    30.2 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    42.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    49.5 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 04
    Süzlärneñ gomumi sanı 4010
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1839
    32.5 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    46.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    52.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 05
    Süzlärneñ gomumi sanı 4020
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1746
    33.5 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    48.3 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    54.9 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 06
    Süzlärneñ gomumi sanı 4019
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1795
    31.6 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    46.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    53.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 07
    Süzlärneñ gomumi sanı 3893
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1987
    29.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    43.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    49.0 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 08
    Süzlärneñ gomumi sanı 3950
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1781
    31.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    51.7 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 09
    Süzlärneñ gomumi sanı 4012
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1813
    33.0 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    46.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    52.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 10
    Süzlärneñ gomumi sanı 3824
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 2006
    26.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    39.6 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    46.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 11
    Süzlärneñ gomumi sanı 3869
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1931
    28.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    40.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    47.7 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 12
    Süzlärneñ gomumi sanı 3811
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1987
    28.0 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    40.5 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    47.5 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Araibar zalduna - 13
    Süzlärneñ gomumi sanı 820
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 548
    40.6 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    54.9 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    60.6 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.