Aprikako basamortuan - 4

Süzlärneñ gomumi sanı 3877
Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1795
30.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
44.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
52.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
ads place
Urak irakin zuanean, gatza bota zion ondotxo, naastu, sopa egiteko firioa bota ta ontzia
tapatu zuan.
Onduan erakutsi zidaten palta zan txoperra
auchtarra omen zan.
—Gizona, auchtarra? —egin nion—. Ni neroni
Auchen izana naiz: Sainte Marie katedrala,
l?escalier Monumental... Armagnacen irudia...
Ger ibaia andik pasatzen da... Ger probintziko
erri nagusia da Auch. Ni Hotel de Francen egon
nintzan, plazara jotzen duana...
—Tira, tira —erantzun zidan parrez auskotarrak— ikuste det nere erria ondo ezagutzen
dezula.

Ezin ba ukatu lagunarte ederrenean nengoala europatarrekin.
Italiarra tomate legorra ontzian boteaz bere
egitekoa bukatzeko zegoanean, asi ziran azaltzen kurpilla aldatzen aritu ziran iru aljeriar
laguntzaleak. Alako janari an xerba esaten diote.
Batzuek bigarren txandan artu zuten ura ta
anixeta. Asi giñan pâté de foiekin eta ogi aundi
borobil batekin. Kamionan baziran platerak,
basuak, sukalde-tresnak eta, batez ere, ura
ausarki. Ondoren xerba zalako ura. Nik ere besteen mallan jan nuan. Oso ona iruditu, an beintzat.
Batzuk lurrean exerita geunden, besteak
zutik jaten. Joan-eta-etorri zebillen aljeriar bateri, bearnetarra maxiatzen asi zitzaion. Nik ez
nion ondo aditu zer esan zion; azkenean «...le
bon Dieu» (Jainko ona) aditu nion. Nonbait bere
erlijioko sinismenaren kontra asi. Asarretzen
zaio aljeriarra, ortzak izugarri erakutsiz... Eskerrak artaz gelditu zirala, bestela maxiatzalea
gaizki ibilliko zan. Gogoak eman zidan gertaera
txarren bat ikustekoak geundela, baño bearnetarra uzkurtu ta ez zan ezer pasa.

Gero Gruyere gazta atera zuten eta kapea,
zoritxarreko soldaru-etxe artan egin zuten bezelakoa. Atera nituan maletan neuzkan azukrekoxkor guztiak, xigarroak eta, batere gogoratu
gabe botilla txiki bat koñak asi-berria neukana.
Oso poztu nintzan ura eskeñi aal izatea, baita
gauza asko geiago izan banituan ere pozik
emango nien, nerekin ain ondo aritu zan jendeari. Aljeriarreri ez zieten koñaka eskeñi gaizkitzat
ar ez zezaten. Azkenez, botilla erdia baño koñak
geiagorekin utzi nuan «kamionarentzat».
Ontaz bazkaria bukatuta, basamortuko aize
zabalean atsegiñez janda gero, oraindik beste
puxka batean egon giñan atseden artzen. Azkenean, ikaragarrizko eguzkipe beroan, asi giñan
ibiltzen: italiarra aurrena, auskotarra bigarren
eta bearnetarra nerekin irugarren.
***
Logalea bai, baño ezin lorik egin; nere barruko aldarteak eta bideko zuloak galazten zidaten
loa. Denbora puxka batean saltoka ibilli nintzan
nere exeritokian begiak itxita. Azkenik, aspertu-

ta, bi xigarro atera nituan bearnetarrarekin erretzeko. Berea aboan jarri ta ez zuan nai izan nik
piztutzea; gidatzeari utzi gabe, esku bakarrarekin piztutzalea atera ta xigarroari su eman zion.
Asieratik bezela, ni kontuz ninjoan bide-ertzeko arrieri begira, zenbat kilometro palta ziran
alperkeriz erakusten zidaten arrieri begira. Asieran, iru zenbaki edo lumeroetatik ezkerrekoa
kentzea nai, ta orain, bitan geldituta, amarrekoak gutxitzen ziran araberan nere poza aunditu.
Ez, ordea, nik nai bezin aguro.
Bearnetarrak edesti zizkidan gerrateko bere
egiteko aundiak. Berak egin omen zituan oso ibillaldi luzeak, ezin-sinistu alako denbora gutxian.
Ta esateko guztiak esan zituala iruditu zitzaionean, eragin zion ostera oñari ta, laisterrari emanez, ez zan gelditu zenbait denbora pasa arte,
chantier edo bide-lanetan ari ziraneko majinaistillu aundiko tokiraño.
Tarteka, erlojuari begiratzen zion bere laguneri zein aldea atera zien ikusteko. Besteak etorri-zai geundela, ni naigabetuta, lurrari begiratuz, an geldik egondako gazela-sail aundi baten
lorratzak erakutsi zizkidan.

Azkenik, an, urruti, lur-kozkor baten ondotik,
bi zera beltz ikusi genituan, italiarra ta auskotarra autsa arrotuz zetozenenak.
Aurrez-aurre bildu giñanean, bearnetarrak
ordu erdi batez beranduago zetozela bota zien.
Puxka batean egonda, chantier-aren gora asi
giñan oso nekez, arri kozkor tartean, bidean
arriskoa bai-zan. Beroak ezin geiagoan jotzen
zuan eta gu ezin jasan-ala ginjoazen. Gure bidea
Sarkaldera, eguzkia polliki-polliki jetxi ta itxutzen
ginduela. Bearnetarrak bi txandetan esan zidan
nekatuta zijoala.
Berealdiko laisterrari emanda, iges egin zien
bere laguneri berriz ere, beste biak oso atzean
utziz; baño oraingoan azkeneraño tankera artan
jarraitzeko.
Ta ni pozaren pozez gero ta geiago ninjoala,
asmatu balu bezela, ala esan zidan:
—Kilometro «uts» (zero)-ra irixtean, oraindik
beste bost kilometro paltako dira.
«Pazientzia, ez da txarra artu ezkeroz». Bearra banuan. Egizki, «nere» kilometroen tarteetan, ikusten nituan nik, aldizka, arriak «beste»
kilometroekin, injinieruak jarriak. Ta alaxe zan,

geroxeago egiztatu aal izan nuanez, «nere» ta
«beste»en aldea bost kilometrokoa zan. Baño
nik «besteakin» mezede txarra neukan eta, egia
izatea nai ez, eta ez nien jaramonik egiten. Zergatik pentsatu bear nuan nik, bide berbera neurtzeko, bi neurtze alkartu-eziñak iñon izatea?
Bearnetarrak erakutsi zuan:
—Ori dezu «El Golea». Orrek esan nai du
petrolioaren billa ari dirala, zuloak egiten ari
dirala. Bi milla ta zortzireun metroko zuloak egin
dituzte ta oraindik petrolio-lurriña bakarrik billatu dute. Oraindik bost milla metrorañoko zuloak
egin bear dituzte.
Orra, azkenean El Golean iritxi. Auts arrotuaren tartean sartu giñan, arratsalde guztiko beroarekin berotutako bidearen barrena.
Eskarrik beroenak eman nizkan bearnetarrari
ta neri egindako mesede guztiak pagatu nai izan
nizkion, baño berak ez zuan ezertxo ere artu nai
izan.
—Gauza bat bederik. Besteak etortzean egin
ezadazute mesedea nerekin zerbait edatea, —
ekin nion.
Baietz.

Ta guztiak alkartu giñanean, lenbiziko bizitz
batean zegoan bar batean sartu ta edan genuan.
Beste egitekorikez neukan.
Zein hoteletara joan bear nuan galdetu ta
bearnetar leialak Hotel Président dal Piazeraño
eraman ninduan maleta ta guzti. An artu nuan
ondo bearreko atsedena.
Gure Jainkoak ordainduko al-zion egin zidan
on guztia!

XI
EL GOLEA
Egun batez beranduago etorr nintzala-ta,
bidean egon geiegiz galduta, oso denbora gutxi
gelditu zitzaidan emen. Gau guztian etzanda
egonda ere, nekatu xamarra arkitzen nintzan.
Orrez gañera, Gardaiatik onuntz gertatutakoekin, etxerako gogoa asi ez ote zitzaidan. Baño
artaz geroz, bear zan bear nere biajia asmatu
bezela bukatzea ta ostera palta zana ikusteko
naia etorri zitzaidan.
Hotelean erderaz zekian bat —kastillanoz
esan nai det— bazan, eta arek nerekin itzegiteko zeukan gogoarekin bereala adiskidetu giñan.
Ain denbora gutxian zer ikusi nezakean adierazi
ta arek esan bezela asi nintzan. Bero aundiko
tokia zala ura.
Bezperaz etorrita, egun artan bertan aterabearra neukan ega-ontzian Timimunerako.
Ordea, amaikak laurden gutxiagotan nuela irteera ta, goizago jeikita, tarte orretan saiatu nitekean erria ikusteko.

Erria oso aundia ez —amairu bat milla
lagun— ta ikustaldi polita egin nion ala ere. Ango
jendea bear aundian bizi dan jendea da: zenatarrak, gurararrak eta beltzak ibiltzen dira. Petrolioa ateratzen astean asiko dira ere txospertzen.
Bazan eliza katolika bat palmera galantak
atzean. non-eta europatarrak joaten ez badiran,
bertako jendea gutxi, noski.
Basamortuko jendea bear aundian bizi da,
esan degunez, k’k’jan eta k’k’lan. Gaizki janak,
etxeetakozikintasunak eta bero ta otzaren aldarte aundiek, min txarrak ekartzen dizkiete bertakoeri. Birikeria (biriketako eri edo gaitza) batez
ere, oso zabalduta zegoan prantsezak sendatzen
asi ziran arteraño. Aieri eskerrak gaitz ori askoz
gutxitu da.
An aizea oso legorra izaten da ta orretxengatik egitenditu gau otzak. Egunez lurra berotu egiten da, ta, eguzkia joatean, beroa aidean gora
igotzen da, aize otzari leku emanez. Orra gau
otza. Ordea, aidean ezetasun edo umedaderik
baldin balego, ez lioke utziko beroari aidean gora
iges egiten. Gure artean ere, udarako gau otzakin orixe bera gertatzen da.

Onean jende ona dirudite. Kanpotarrek diru
asko uzten. Orrengatik ikusten da orrenbeste
mutil eskekoak. Leialak ere ematen dute. Arabiarrek alkarri eskua estututa gero, mun ematen
diote norberaren eskuari bestearenganako
gogoa erakutsiz. Baita ere badakite «agur» esaten eskua biotzaren gañean ipiñita. Edozein
emakume beltz zaarrak esan lizaizuke maiteki:
Bonjour, Monsieur! («Egun on, Jauna»). Dana
ezin ona izan, ordea, ta besteen gauzekin zaleegiak dira ta baita gezurzaleak ere.
Oasis guztiak, palmerak edergarriz dituztela,
oso ategiñak izaten dira. Aietako gerizpe gozoa!
Bai bear ere basamortuko eguzki kixkalgarriarekin. El Goleako baso trinkoan ere pozik ibilli nintzan. Geiena arritu ninduana ango ur-putzu aundiek. Palmerak millaka izan ezik, fruta ere etortzen da. Gerran ibiltzeko toki egokia ta baziran
soldaru prantzesak El Golean.
Basoaren inguruan ikusi nituan etxe utsak
ondarraren gañean, sarrerako atea ta leiorik
gabeko etxeak. Erriz-erriko pamili ibilkarientzako
etxeak. Nai dutenean artu, nai dutenean utzi,
dituzten etxeak. Giltzik gabeko arrizko etxeak.

Etxe utsak eta utsean artuak. Ala ere, basamortu gorrian ganbelu-larruzko txaboletan egoteko
baño obeak. Egia esan, len gerra-etxeak izandako bizitzak eta bildegiak ziran orain.
Batzutan palmerak eta ondarra oso poliki
alkartzen dira, ta etxe bat edo beste tarte dirala,
egokiz jarriak dirudite. Ta ez da aspergarria izaten ain gauza gutxiko ikustea, baizik polita ta
jostagarria era askotan naastuak ikusten diralako.
Plaza, basoaren ertzak arrapatzen du.
Aurrean, etxe zuri polit bat, gañaren erdian borobil batekin. Aldeetan, ango errietan oi dan bezela, arkupe zuriak. Plaza, naiko aundia. Erdian,
gizon mordoska ederra, erdi-erdiko gizon baten
jiran. Zer zan ez nuan jakin, baño neri denbora
bateko Donostiako Bretxako «bertso-berri» saltzaleak gogoratu zitzaizkidan.
Neukan denbora gutxian saiatu nintzan aal
nuan geiena ta ondoen ikusten, eta garaia etortzean utzi nuan hotela ta hoteleko nere adiskide
berria.
Eraman ninduten ego-ontzietako tokira ta
antxen igo nintzan aidean, Timimunerako

bidean, sekulako ondarrak nere azpian pasatuz.
Erria ta basoa ondo txiki ta beltz ikusten ziran
ondarreko itxutu ainbesteko oritasunean. Baita
bideko arbola-pil aundiak. Baita «oasis gorria»
deritzaioneko Timimun bera azaldu zanean, ordu
beteko ega pasia zanean...

XII
TIMIMUN
Errian sartuko orduko arritu nintzan ango
etxe ta lur gorriekin; etxe guztiak kolore berberekoak. Alako lur gorrixtari tin izena ematen zaio
ta etxeak lur orrekin egiñak diranez geroz, dana
gorri. Orrengatik esaten zaio areri «oasis gorria»,
len aipatu degunez, ta nere hotelak berak Hotel
Oasis Rouge izen berbera zeukan.
Erri guztia Sudango erara zegoan egiña ta
baita nere hoteleko esku-irudi politak: sudandar
batek egin omen zituan, iltze bat, listari bat eta
laban bat besterik ez zituala. Bide batez esan
dezadan nere aldameneko gelako atean, irakurgarri bat zegoala jarria: «Son Altesse l’Infante...», alegia «infanta» bat izan zala gela artan.
Nik beintzat «infante» batek baño obeki pasa
nituan iru gau nere gelatxo artan. Leioko burnibarren atzetik ederkitxo ikusten nituan ondoko
kaletik igarotzen ziran gizon eta emakume nabariak; bada emen ez zan Aljeriako beste errietan
bezela, emengo kaleetan emakumeak arpegi-

utsik ibiltzen ziran. Gero ta jende beltz geiago
ikusten nuan.
Timimungo egunak oso pozgarriak izan
zitzaizkidan. Orduraño ikusitako erriekin ez zuan
antzik. Sudandarren etxe ta plaza-egintza biziro
nere gogokoa artiku nuan.
Erriko sarrera sekulako ederra, oso zabal eta
oso luze. Bi aldeetara, moallen antzekoak; sarrera-sarreran, bi tontor borobillak, urrena ni nengoaneko plaza, marabu ta guzti, ta urrenaren
urrena soldaruen moallak, gaztelua danaren
gañean ikusten zala. Aren atzean, ildegia. Esandako etxe, tontor, moalla ta gaztelua, danak
gorri, tin lurrarekin egiñak. Ez du bustia pasatzen uzten lur orrek. Plaza-erdiko marabua bakarrik zuria.
Marabu ura lau albokoa zan, baño lau alde
aiek gora bezela estutzen ziran, lauak puntan
alkarturik. Sartzeko atea bazeukan, baño itxia.
Marabua zut-arriz inguratua zan bi sarrerakin.
Barrengo inguruan egiten zituzten beren otoitzak mahomatarrek agirian. Otoitz-egin bitartean besoak altxa ta lurrari mun ematen zioten.

Nere hoteletik ederki ikusi nitzakean otoitzzaleak.
Ni iritxitako arratsaldean, illuntzean, ango
aldean ibilli nenbillela, gauza oargarri bat gertatu zan. Neska koxkor bat, beltza, lurrera erori
zan belaunean min arturik. Gixaxoa, malko aundiak ixuri, «Ama...!», «Ama...!» karraxika ezin
ibillirik asi zan. Arritu nintzaion ama entzutean.
Euskeraz bezelako itza ote dute ama dietzeko?
Uste osoa neukan, baño seguru egoteagatik, aur
beltz aiek guk ain urrutiko euskaldunak bezela
ama berdin deitzen ote duten al-oterik gabe jakiteagatik, nere ondoko mutil bateri galdetu nion:
«Zer esaten du orrek ama deika?» Ta mutillak:
«Orien izkeran ama da mère (ama), eta aba,
père (aita)», erantzun zidan. Jostagarria iruditu
zitzaidan mutillaren erantzuna, euskerazko asabak itzan, tartean dagoan «aba» itz orrek «aita»
esan nai du ere, noski. Egia esan, ango lurraldean aur beltz areri ama entzuteak biotza ikutu
zidan.
Gauza auek buruan, sartzen naiz hoteleko
bar-ean eta an berriz gu guztion gañetik, etxebarruan, saguzar bat zebillen egan. Arritu

batean par eginnaia etorri zitzaidan; baño an
iñortxok ez zion arretarik egiten, nonbait arekin
oituak zeuden, «etxekoa» balitz bezela.
Urrengo egunean, goizetik jendearen emana
aundia zan ildegirako, ildegi-eguna bai-zuten.
Arako bide guztian, ibillera oargarria ni bezelako
kanpotarrentzat. Geroago ikusi nai izan nuan
ildegia. Ta bein aratuta, leku zabal baten erditsuan, len aipatu bezelako beste marabu bat
zegoan. Aren inguruan zeuden il-arri guztiak;
baño an il-arria edozein arri tentea da. Ta arritentez betea egoki paraje ura. Baita ere ikusten
ziran anfora deritzaien ontziak. Il-obietan jana
utziz gañera, anfora-etan ura sartzen zuten. Aiek
uste dute, ilda gero, beste munduan emen bezela jan eta edan-bearra izaten dutela illek, len
Aljeri buruz itzegitean esan genuan bezela. Ejitoarrak gogorragoak dira oraindik. El Kairoko
museuan ikusi nuanez, Tutankhamenen urrezko
il-kutxaren ondoan, batel bat zegoan. An uste
dute beste munduan ibai bat pasa bear dala, ta
orrengatik zegoan batela jarria. Erregiñak aren
antzeko beste batek bat zeukan.

Banekian nik erritik ez urruti bazala CHOTT
edo gatz-putzua ta ber-bertatik ikustea otu
zitzaidan. Asi nintzan oñez urrengo goizean,
bakar-bakarrik. Erritik atera-mugan mutil kozkor
bat jarri zitzaidan segika. Baninjoan ni aurrera,
mutilla ere nere bidetik joaki. Ango mutillak
eskale amorratuak dira. Lagunik bear ez bainuan, esan nion alde egiteko nere ondotik. Pixka
bat gelditzen zan eta nik burua bira orduko,
ostera nere atzetik. Joateko andik geiago asarretuazi gabe. Ura legamia! Ala ere segi. Jotzeko
gogoa ematen zuan. Ostikoz jotzeko itxura egin
nion. Alperrik, mutilla bere artan, segi nere errañuari. Ta asarrea geiena igo zitzaidanean, bizimodua batzueri zein txarki etortzen zaien asi
zitzaidan burua lanean...
Mutil artaz kupitu nintzan. Mutil ura, noski,
diru pixka bat irabazteagatik zetorren nere atzetik. Diru ura,bai ba, zertaz jan izateagatik naiko
zuan. Tema geiago, zer esanik ez, bear aundiago. Jatea, gauza txarra al da? Mutil gizajoak, ez
al zuan ba guk bezela jan bear? Egiazki, bere
barrua zearo aldatu zan. «Denak Yinkoak inak
gire» (Danak Jainkoak egiñak gera).

Ixillaldi baten ondoren galdetu nion:
—Ik bai al dakik gatz-putzua non dagoan?
Chott? —lur zuria agiri zala.
—Bai, or, —txospertu zan.
—Nai al dek nerekin etorri?
Ta bizkarraren gañean ipiñi nion eskua.
—Zenbat urte dituk?
Ez zuan erantzuten, ez ote zekian zalantzan
egon nintzan.
—Amabi?
Baietz buruarekin.
—Eskolara joaten al aiz?
—Len joaten nintzan, baño orain ez.
Alaxe iritxi giñan gatz-putzura, zabala zan.
Geiegi ez ibiltzeagatik ez giñan joan beste muturreraño. Gatza puskatu egiten zan gure oñen
azpian. Ondargañeko gatz arek azala mea zeukan; azpian, ondarra ta gatza nastuan. Eskuan
estututa bereala apurtzen zan. Puska bat artu
nuan etxera eramateko.
Beste ikusterik ez zala ta, bazkaritarako
garaia bertago, asi giñan lengo bidetik onuntz.
Oasisaren ondotik pasa giñan; an ere bai dago
millaka palmerako baso aundia. Lur gorrizko

moalla puskak eta etxe lurra-joak, asko ikusten
ziran. Nere mutillak buru-jirako zapi zuri bat
zeraman, beste bat lepoko jiran, arpegia bakarrik erakusten zuala, ta bizkarretik beerañoko
soñeko zuria, mantalaren itxuran. Gizajoa ankaz
gorrian zebilen arrien gañean ni zapatakin baño
erosoago; bai seguru ere.
Arritu-itxuran ala galdetu nion:
—Ez al dek oñetan miñik artzen arri-gañean
ibillita?
Mutilla arrituago. Bi ala iru bider galdera berbera egin bear izan nion eta, ene ustean, ezin
zuan ulertu zergatik egiten nion galdera ura. Bizi
guztian miñik artu ez ta —arek esan zezakeana— eta zergatik artu bear det miñ oñetan?
Noski, oin-azpiko azala ez zuan makala. Mutillak,
beintzat, ez zuan itzik erantzun.
Iritxi giñan, bada, errira. Sar-bidea oso polita
zan, Sudandarren erara egiña. Arkupe txiki (ez
barrenen ibiltzekoak) zerrenda luzeak, ain gañeko leio txiki zerrendak, etxe-aurreko gain garrangadunak. Moallak, tontorrak tarteka. Uztai-ate
aundiak kanpoan, azoka eta abar. Eguzkiak
gogotik jotzen zuan. Berandu xamar. Eskupeko

ederra eman nion mutikoari. An joan zan etxera
zuzenean mutiko gajoa. Begiak busti-busti egin
zitzaizkidan. Uste ez degula askotan, nola gindezkean gaiztoak.
Hotelera iritxita, orduan konturatu arpegia
garbitu guztian zergatik nabaritzen nuan nik
gazitasuna ezpañetan. Aizeak berarekin zeramang atz-arrastua. Lurrak berak gatz-kutsua izaten du an. Hoteleko etxekoandrea euskalduna
zan, Baiona ondokoa. Egun artan, beste izkeraz
gañera, ibilli zan euskera basamortuan.
Errian ibillita beste zer-oartu bazan, angoetxe ta kaleaz gañera, ango jendeaz gañera. Plaza
batean, putzu batetik ura ateratzen. Erri-inguruan, eliza bat gurutzea gain-gañean. Abiatu nintzan, aspaldiko partez, baño eliza itxia. Araño
baño leenago esan zidaten mutil batzuek ezetz.
Atsekabe aundia artu nuan.
Beste toki batean estalpe batzuekin arritu
nintzan. Palmerak zeuden zutik moztuak eta,
enborrak launaka artuta, lauko bakoitzean palmera-adarraz gaña eginda, estalpea. Aien
azpian egoten zan alperkerian etzanda makiña
bat gizon «garagarra» irabazten.

XIII
ADRAR
Ez det beñere atsegin izan goiz jeikitzea;
baño an erri-arteko bideak luzeak eta beartuta
egoten ziran goiz asitzera. Ala, Timimundik irteera goizeko seietan zan eta ez giñan Adraren irixtekoak eguardia baño len. Hotelean bazkaria
nerekin eramango al nuan eta ezetz, jateko
garaiz elduko giñala Adraren. «Nai dezuna».
Baño nagusia ez-ta-bai gelditzen zala igarri ta
bigaren txandan galdetuta baietz esan nion,
lengo Gardaiatik El Golearako ibilleraz gogoratuta.
Exeri nintzan autokarrean txoperraren ondoan. Itz gutxiko gizona zan; arpegian gaztain-azal
kolorea. Atzean, beste zenbait aljeriar bazetozen. Abiatu giñan sei orduko bide luze artan,
basamortu zabalean; lurra berdin-berdiña ta
ondarra gogotik. Onela zenbait orduan ibilli
giñan, autokarra azkarrik. «Oraingoan seguru
giatzik», —nere baitan esanda, aizea sortu zan.
Zerbaiten antza eman eta bat-batean leio guz-

tiak itxi zituzten. Aizearen burrundara orduan
geiagotu; enbatak gero ta gogorragoak. Aizeak
arrotzen zuan ondarrarekin ez zan ezere ikusten.
Ura ondar-lañoa zan. Eguzkia illundu. Alakotan
autokarra gelditu, aize-aldia joan arte, ez baizan
ezere egiterik ez-ikusi artan. Eta aizearen joera
ain indartsua, ta ondar arrotua ain aundia, eguzkia agertzen zanean biderik ikusten ez. Ondarrak
dana estali. An alako aizeteak maiz izaten dira,
noski; bada, tarteka, arri aundiak zeuden jarriak
bide-mugak jakiteko. Aieri eskerrak, aidea garbitzen zanean, nora jo bazekian txoperrak. Alaxe,
aldizka gelditu ta arritik arrira ginjoazen. Baño
arrigarria zan ondarraren gañean arria ikusi-bearra ibiltzeko.
Alaxe ibilli giñan ez dakit zenbat denboran.
Ala ere, ez zan gauza txarrik sortu: bideak ezereztu ta palmera batzuk okertu. Aizea asi baño
len bidean oñez zijoan gizon batez gogoratu nintzan, erritik ain urruti. Ez det uste egun artan
ainbesteko arrisko aundia zanik. Baño gertatu
izan da gizonak eta ganbeluak ondarraren
azpian artuta danak galtzea.

«Uste al dezu garaiz iritxikogerala bazkaritarako?» —galdetu nion txoperrari. Nik, egiazki, ez
nuan aitzakirik berarentzat. Galdera orrekin nik
nai nuana zan ginjoazen bezin azkarrik jarrai
zezan. Ala gertatu beintzat. Berari eskerrak
ordua baño gutxiz beranduago iritxi giñan
Adraren, aizetea izanagatik. Jan beroa naiago
nuala-ta, hotelean jana-eskuan sartzea lotsatzen
nintzala-ta, nere esker ona agertu nai niola-ta,
ene bazkaritarako zorro aundia oso-osorik eman
nion txoperrari. Hotel Djemilan sartu nintzan.
Adrar, orra ba nere azken-burua. Andik bi
egunera ega-ontzian salto batez joango nintzan
Aljer-era. Poztu egiten nintzan pentsatu utsarekin. Egunak joan, nekeak etorri, dabillen elurpelotaren gisara, nere etxerako gogoa borobiltzen zijoakidan. Erri ura ondo ikusi nezan beintzat eta azkena azken.
Geiena arritu ninduana, bertako ikaragarrizko plaza aundiak. Bar batean nengoala, plazan
bertan, bar-gizona izketarako gaitua ikusten
nuala, plaza aren aunditasunaz arritu nintzaion.
Prantsezak esan zidanez, 380 metro luze zan eta
290 metro zabal. Ez al zan —eta orain ere ala

izango da— benetan arrigarria? Eta zergatik
orren plaza aundia galdetu baño lenago, berak
asmatu zuan: «Ala ere, sasoi batean ez zan naikoa zetozen ganbelu guztiak batean artzeko».
Orain plazak berak baño, orduko ganbeluek zerarritu geiago zeukaten. Ain ganbelu-pilla aundiko ibillera! Oraingo txandan banaka batzuk besterik ez zan ikusten. Tarteka, ganbeluak lotzeko
arriak plazan.
Esan detanez, bar-gizona izketarako gaitua
zegoan. An beroa erregarria izaten zala. Udaran
beroa 75 mallaraño igotzen zala eguzkitan, eta
itzalean 45eraño. Maiatzatik aurrera (orduan
Epailla-Martxua zan) europatar geienek alde egiten zutela, bertakoek ezik, gure kastakoek ezin
zutela ain bero aundiak jasan. Bertako jendea
goizeko lauetan asten omen zan lanean (lanean
aritzen zana) ta bein eguzkia gora aldera abiatzen zan, lanari utzi ta gerizpean gordetzen
omen ziran. Egun guztian etzanda, eguzkia sartu
bitartean. Arratsera, oztu. Gauak otzak izaten
omen ziran. Neronek ere banekian. Gauez plazaren inguruan ibilli bear nuanean, erropaz ondotxo ateratzen nintzan. Ta aizea ain legorra izaten

zala-ta, nere lo-gelan eskuak garbitzeko zapiak
busti-busti jartzen nituan zintzilik. Bai bereala
legortu ere.
Basamortuan kristau-arraza asko dago: badira judu zuriak; badira kolore argiko mozabitarrak, txikiak, arpegi-luzeak, sudur ta ezpainlodiak, abo-aundiak, begi-sakonak; badira bereberetarrak, zenatarrak, gurararrak, harratindarrak, sudandarrak... arraza kolore argikoak, ikatza baño beltzagoak eta bien arteko malla guztitakoak; baita arrazek alkarren artean sortutako
naaste guztiak. Ikusi ditut gizonak sudur-gañeraño arpegiak zapi zuriz estaliak. Geienak zuriz
jantziak ibiltzen dira, osorik; besteak, gutxienak,
kolorezko jantzi ederrakin, eta badira zarpail
zulatuekin ibiltzen diranak. Badira mutiko beltz
parragarriak, buru-gañaren erdian, ille-luze tontorra dutenak, ori ez-besteko illea zearo mostua.
Emakume arabiarrak ez dira beñere agertzen
arpegi utsik. Arpegia agirian dabiltzanen artean,
batzuek arpegiak markatuta izaten dituzte. Emakumeek ez dute nai izaten, iñola ere, erretraturike gitea, batez ere arabiarrek. Ala ere, diru
puxka bat aurretik, egin izan ditut emakume

beltz eta beltz-antzekoenak. Timimunen eta
Adraren, emakumeek pillan arkitzen ziranean,
ba zekiten kanpotarrei beren izkeran auskalo zer
gauzak esaten.
Alakoxea zan basamortuko kristauen ikustea.
Adrar erria ere sudandarre erara zegoan
egiña guztia. Era ori nolakoa dan ez da erraz
asmatzea ikusi gabe. Etxeek lur-gañeko bizitza
zuten bakarrik emen. Plaza aundian sartzeko
bazegoan, alderdi batean, Reggan deritzaion
uztai-ate ederra. Baita ere moalla ta moallaren
gañean mezkita, dana lur gorriz egiña Timimungo tankeran. Azoka plit bat ganbeluak eta guzti;
aundi xamarra, baño jende gutxi; arkupe zabalak, ez zuriak beste errietan bezela, gorriak baizik.
Hotelean nengoala, gizon bat etorri zan,
autokarrean kaltea izanda, an gau guztian egonda, amabost kilometroan oñez ibilli zana. Baita
senar-emazteak, andrea oso lodia, urrengo autokarra arte zai egon ziranak, gaua orobat basamortuan pasata. Irurak, aski nekatuak, batetxoan iritxi ziran.

Artaz geroz, ez nuan askoz kezkatzerik. Ar
nezala urrengo goizean, utsik egin gabe, Aljererañoko txango luzean eramango ninduan egaontzia.

XIV
ETORRERA
Ega-ontziko egalariak nere hotelean zeudela
—nik ez jakin— aiekin batean joan nintzan hoteletik ega-ontzien geltoki bertaraño. Eguzkia
orduantxe doi-doi ateratzen. Ontziaren errañua,
oso luzea. Motorrak saiatuta aidean asi giñanean, errañua iges asi zan gero ta txikiagoa.
Pozik ninjoan ni aidean ikusitako erriak ikusita etxera nentorrelako. Aljer-eraño, 1350 kilometro egaz. Erriz-erri, ni joan nintzan bezela, 1850
kilometro. Alde-aldeko neurriak dira oriek. Tartean, bi geldi-aldi egin bear nituan nik orain:
Colomb-Béchar eta Oranen.
An, goitik, zer ikusi bazan: ondarrezko lurralde zabala, lau aldeetara so eginda. Ain zabala
ere, orduetan ibilli ta ibilli, ta beti ondarra. Ura
ondarrez, ura zabaleroa! Erriak, batez ere oasis
beltzak, txiki-txiki ikusten ziran. Ondarra, bai,
ondarra beti aundi. Timimun bereala ezagutu
nuan. Oasisa illun ageri zan, baño gatz-putzua,
basoa baño aundiagoa, zuri-zuri ikusten zan

eguzkitan. Non ote ziran nere biotzeko Gardaia
ta El Golea? Ninjoan seguru beintzat eta pasia
pasa. Aitortu bear detan gauza da, ondarra besterik agertzen ez bazan ere, ikustennuan aunditasunaz pozik nentorrela. Iraun zezatela motorrak azkarrean eta elburua berez etorriko zan.
Baño leen-leen, orra Colomb-Béchar. Goizeko
bederatziak. An jetxi ta an egon bear, amarrak
arte. Ez geneukan erria ikusterik. Beerakoan eta
gorakoan antzemanda nengoan erri ederra zala
lura. Bigarren gosaritxoa an eginda, arin asi zan
ostera ega-ontzia zeru-zola urdin artara. Orduraño 2600 metro igo bazan, oraingoan 3000 egingo ditu. Ezta bear ere, geiago.
Zer edana ta zer jana eman ziguten ontzian,
baño jateko gogorik ez. Basamortua gure azpian
atzera zijoan. Oraindik ere ondarra. Ez al zan
bukatzekoa ura? Ala ere pozik, egualdi ederrarekin. Oraingoan, eguzkiak goragotik artzen ginduala0ta, ontziaren errañua txiki-txikia ta gure
parean zijoan beti.
Aurrean, urrutira, mendiak ikusten asi giñan:
Atlaseko mendi-zerrenda zan. Aien atzean, Oran.
Mendiak aunditu ta laister giñan aien gañean.

Azpian artu genituanean, nere bizitzako ikusgarriena orduan ikusi nuan. Mendi puska aiek, amildegi aiek, ikaragarrrizko arkaitz aien itzal urdin
aundiak, ezin-esan alako arritasunez bete ninduten. Gañetik ikusi bear! Ta ni gauza orien guztien
zale! Ikustearen zoragarri ura ez zait sekulan
aztuko. Ura ikusteak ainbeste ez ninduan ezerk
lilluratu.
Sartu giñan odei aundi batean eta ontziak
izugarrizko beerakoa egin zuan, oxo-oxorik.
Egoak, dingili-dangala. Aidean exerita gelditu
giñan, estomaokoa aboko zuloraño. «Attachez
vos ceintures!» (Gerrikoak lotu!) ots egin ziguten. Geroztik oartu aal izan det odeien batean
sartu guztian, ontziak beerako egiten duala.
Eguardia zan. Oran, agirian. Ontzia, polikipoliki beeraka, jetxi-lekua billatu ta txirristaka
ibilli zan gelditu arte. Oran, erri zaarra, erri aundia, aidetik ez beste, ez nuan ikusi. Joan giñan
bazkaritara aldameneko jatetxe batera. Legea
eginda, deitu ta ostera sartu giñan ega-ontzian.
Oi bezela, asi ziran motorrak saiatzen eta, oraintxe gora jotzeko mugan geunden, motor batek —
bitako batek— uts-egin. Zerbait erori zalakoan,

ibilli ziran billa lurrera begira, aren berdiñik ote
zuten ez bazuten... jeisteko danak eta andik
ordu batera etortzeko.
Ta ontzi artan igo bear al genuan aidean?
Bein egan asita, lengo okerra gertatzen bazitzaion? Azkarregi ez ote zuten konpondu? Zergatik aren ondoko beste ega-ontziren batean joan
Sez Bask ädäbiyättän 1 tekst ukıdıgız.
Çirattagı - Aprikako basamortuan - 5
  • Büleklär
  • Aprikako basamortuan - 1
    Süzlärneñ gomumi sanı 3883
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1842
    30.5 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    44.3 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    50.7 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Aprikako basamortuan - 2
    Süzlärneñ gomumi sanı 3864
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1840
    29.9 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    43.4 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    49.1 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Aprikako basamortuan - 3
    Süzlärneñ gomumi sanı 3871
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1775
    31.7 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    45.0 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    51.3 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Aprikako basamortuan - 4
    Süzlärneñ gomumi sanı 3877
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 1795
    30.8 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    44.7 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    52.8 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.
  • Aprikako basamortuan - 5
    Süzlärneñ gomumi sanı 435
    Unikal süzlärneñ gomumi sanı 326
    53.3 süzlär 2000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    64.8 süzlär 5000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    69.2 süzlär 8000 iñ yış oçrıy torgan süzlärgä kerä.
    Härber sızık iñ yış oçrıy torgan 1000 süzlärneñ protsentnı kürsätä.