Zaldi Zoro - 16

Horse Creekeko ihesaldia baino lehen Ganorabako izandako
askok, zurien whisky eta oparien gose zirenak, “Hou, hou”-ka
hasi ziren; besteek, aldiz, isilik zirauten; eta mezulariek esatean
soldaduek hara ez zihoan oro jazarriko zutela, amorrua piztu
zen eurengan eta euren atzean eserita zeuden gudariengan;
txingarretara botatako bufalo bilgorrak su hartzean gorrotozko
begitarte ilunak argitu zituen.
Mezulariak egun batzuk geratu ziren Tongue ibaiko kanpamentuetan, saihets erre guriak janez eta jaso zitzaketen berri
guztiak jasoz. Eta geroago Zaldi Zorok eta besteek entzun zutenez, Laramien lelokeria pila esaten ibili ziren; bera akiciten
aitzindari zebilela Hodei Gorriren kanpamentuan, nahiz bera
ez izan Bad Face bat; Beldurrek ez zeukala gudari elkarterik,
nahiz bere semea horien aitzindari handia zen; eta Hunkpatila buruzagia baztertuta zeukatela gerra gura zuten gazteek,
nahiz eta argi baino argiago zegoen zuriak zirela horren bila
zetozenak hona gora, haien bake paper berak esan arren ezin
etor zitezkeela hona. Hodei Gorrik bakeaz hitz egin ziela ere
esan zuten mezulariek, eta horrek zeharo larritu zuen Zaldi
Zoro, nabarmen ikusi baitzen Bad Facea uda hartan gogorrago ibili zela hitzez borrokatzez baino, eta haren ahoaren ertz
bakoitzetik haize desberdin bat ateratzen zitzaiola.
Baina, Hodei Gorriren kontua izan ezik, dena zen koiotearen
gauerdiko ulua bezalakoa, eta ez besterik; Andre Jantzik esango
zituzkeen erako gauzak, halakoa baitzen bera. Uda ona izan zuten iparraldeko herrialdean. Kanpamentuak zurien horniduraz
beteta zeuden –jendeak ordu arte edukitako gehien–; batzuk
merkatariei salerosita, baina, gehienbat, oldartzaileek ekarritakoak; baita erabil ez zitzaketen hainbat gauza ere; gurdi bete
okela koipetsu, esaterako, zuriek bakon deitzen zutena eta horixka eta kirasduna zena. Andreen kanpamentuan egondakoek
ziotenez, soldaduak soilik ziren gai hori jateko; hori, eta harrez
betetako irina jateko.
“Hou!”, Belatz Txikik harridura soinua jaulki zuen kontu horiek
entzutean. “Agian Crazy Womaneko soldaduak horrexegatik
zebiltzan irina iragazten zaku grisean zehar hura erabili aurretik!”.
“Agian horrexegatik ziren hain mengelak ilajeak erauzi
baikenizkien”, trufatu zen Hartz Bakarti.
Gudariek barre egin zuten eta, haiekin batera, Belatz Txikik ere
bai; gauza jakina baitzen han zegoen edozein gaztek baino ile
gehiago ekarri zuela berak handik. Bere anaia Zaldi Zoro soilik
borrokatu zen hobeto.
Bat etorri zen Konkor: egia zen soldadu berriok ez zutela ahalegin handirik egiten bizirik irauteko. Bere zorroztarriari txistua
bota, eta erauzketa aiztoa marruskatzen ziharduen, batak bestearekin kantutxo xumea sortzen zutela. Entzun zuenez, heldu
berriak kumeak besterik ez ziren, sekula indiarrik ikusi eta tiro
bat jo gabeak.
“Erbiak eserita tirokatzea legetxe”, ziotsoten elkarri zartakorik
artean zenbatu gabekoek, hortzak zuri aurpegi itxaropentsuetan.

Gudari aintzatsua

Baina Zizarek esan zuen gazteak ausartegi bihurtzen ari zirela. Pipatzen ari zela, hatz lodiarekin harrizko lapikotxo gorria
estaltzen zuen; Pineyko gotorleku inguruetan egon zen azken
aldian ikusitako eraso bat aipatu zuen, esan gabe bazekiela Belatz Txiki bertan egon zela. Bi gizon eder galdu zituzten oholesipetik gertuegi, eta inork ezin izan zituen haiek jaso ilundu zen
arte. Inozokeria zen horma garaietara zuzenean joatea, handik
zebiltzan zaindariek erriflez eta gurdi armaz babesten baitzituzten hormok.
“Hou!, onetsi zuen Beldurrek. Bere gizonetako bakar bat ere
galtzea gorroto zuen.
“Ez al da hobe borrokatzen hiltzea eserita egotea baino, eta
soldaduei uztea sustraiak sakon heda ditzaten gure lurrean,
zume zuhaixkak ibaialdean bezala?”, elkarri galdetu zioten gudari gazteek; baina ez oso ozenki Zizare begiko baitzuten, eta
Hunkpatila euren Gizon Jarkia baitzen; kontraesanez lotsaraztekoak ez ziren horiek.
Lakotek jakin arren Piney forteko Bridger eta Beckworth
crowen lagun hurkoak zirena, buruzagi nagusiak bisitatzera igo
ziren Beldur eta Hodei Gorri, eta crowek lakota gonbidatuen
opariak jasotzera irten ziren, tribuen arteko ohitura zenez, baita
gerra handien bitartean ere. Baina aldi hartan, borroka, salerosketa edo gatibuen askatzeari buruzko hizketaldi lagunkoia
baino zerbait gehiago izan zen. Oglalek gerrako pipa ekarri zuten, zuriak iraizteko indiar lurretatik. Elkarrekin; cheyenne eta
blue cloudekin; eraso handi bat gotorleku bietan; armak, mandoak eta ilajeak izango ziren guztientzat. Crow gazteak joateko
irrikan ziren, baina ez zen ezer gauzatu, beharbada erdi beltza

zen Beckworth urte askoan bizi izan zelako crowekin eta artean haien gizon handia zelako.
Egitasmo horien erdian, cheyenne batzuk Laramiera joan ziren
oharkabean, eta larru garbiketan dabiltzan atsoak legez hitz
egiten hasi ziren han.
Jakin gura zituzten gauza mordoa esan zieten soldaduei; Powder
River bideko zaldi guztiak ekarri zituztela, eta gerra talde ugari oldarraldian zebiltzala Platte aldean. Beldur Hodei Gorriren
kanpamentuan preso zutela ere esan zuten, hark gurago zuelako cheyenneekin etorri izana.
“Hitz horiengatik eta Powder Riverreko bidea saltzen zuen
bake papera sinatzeagatik pila izan dira jaso dituzten opariak”,
esan zien Laramietik heldutako lasterkari batek.
“Hain gauza inozoak egin behar izateko pila handia izango zen,
bai”, erantzun Zaldi Zorok.
Baziren beste berri batzuk ere: Hosto Gorrik bere jendea,
–Hartz Menderatzaileren banda zaharra– Buztan Marradunengana –bere senitartekoengana– itzuli gura zuen; soldaduak
munizioa eta arma beharrean ziren; eta mezulari gehiago lortu guran zebiltzan, haiek aurkari deitzen zituztenak bairatzeko
eta hara eramateko. Ipartarrek bere buruari galdetzen zioten
nola espero zezaketen zuriek inor jaistea hara, ehiza guztia
desagerturik egonik eta gosetuak elikatzeaz inor arduratu gabe.
Buztan Marradun berak ere esaten zuen bere jendeak ehizatik
bizi behar bazuen bufaloa zegoen lekura joan beharko zutela,
Powder River herrialdera. Bestalde, behean, Laramie aldean,
lagunkoien gazteak ia-ia aurkariak ipar urrunean bezain beste
erasotzen ari ziren.

Gudari aintzatsua

Udazkeneko eurian barrena, Andre Beilegi cheyennearen senide bat heldu zen zaldiz Ur Gaberen kanpamentura, eta beste
kontu bat ekarri zion Zaldi Zorori: soldadu buruzagiek plan
berri bat zuten Powder Riverreko gudariekin amaitzeko. Bake
mezulariez mintzo ziren bitartean, Laramietik armada handi
bat bidaltzeko asmoa zuten Hodei Gorriren aurka, gauean
abiatuta, inguru hartako indiarrek ez zezaten lasterkaririk bidali
ahal izan. Soldaduek Tongueko jendeari eraso egingo zioten,
Blue Waterren eta Sand Creeken bezala.
“Beraz”, esan zuen Zaldi Zorok, “soldaduek gu harrapatzeko
asmoa dute lagunkoiekin egin zuten bezala? Aurkari deitzen
dituzten horiek harrapagaitzago direla konturatuko dira”.
“Hoye!”, bat etorri ziren gudariak. Betoz soldaduak. Ordu arte
tarte atsegin bat igaroko zuten Pineyko forte gorrotagarriaren
inguruetan, udazkeneko okela egina baitzegoen eta poniak ugari eta bizkor baitziren.
Elurra Cloud Peaketik Phil Kearnyko magaletarantz labaintzen
hastean, oglalek ehizan sakabanatutako herria elkartu zuten;
mila lakota denda, ipartar cheyenne eta blue cloud apur batzuk
ere bai. Berriro ere kanpamentu handia osaturik mugitu ziren
zurien bila, Tongue eta Prairie Dog Creeken gora joanda, eta
gotorlekutik ez oso urrun geldituta. Zuhaitz zartatze ilargiaren hasieran, abenduan, lehen erasoa egiten saiatu ziren. Gudari apur batzuk bidali zituzten bere burua erakustera, beste
guztiak erlaitz garaietan gibelaturik zeudela, eta Hodei Gorri
eta beste batzuk urrun begiratzeko beirekin gailur batean eseri
eta seinaleak zegitzaten bitartean. Baina ez zuten ezer lortu.
Apeuak bizkor itzuli ziren, borrokarako leku on batean egoteko, eta soldaduak tranpa batean hanka galdu duen otsoa bezain
zuhur zebiltzan; haizean arriskua usain zezaketela zirudien; eta
gudariak itxaron ezinik berriro ere. Halaxe ba, zartako apur
batzuk zenbatu, ilaje, zaldi eta arma apur batzuk hartu, baina
benetako gerra handi batekin zerikusirik zuen ezer ere ez.
Zaldi Zoro egun horretan Bad Faceen artean ibili zen gudari,
eta etxera joan zen, isilik esertzera bere aitaren dendako ilunpean, hausnartuz nola lortuko zuten ezer egitea, apeu berak
kezkatuta bazebiltzan besteek ilaje gehiago hartuko ote zuten,
gudariek irteten jarraitzen bazuten sutara botatako munizio
kutxa bat legez, eztanda eta danbada ugari sortuta baina kalte
gutxi eraginda.
Bi aste geroago, indiarrek berriro saiatzea erabaki zuten,
Konkor oglala-minneconjoua aitzindari eramanda oraingoan.
Berriro izango zen gerra talde handi bat, Platte Bridgen eta
Julesburg zeritzan lekuan bezala; oinezko pipadunak aurrealdean, eta Zaldi Zoro, Ora, Beldur Gaztea eta Amerikar Zaldi
atzealdean, suharrei eutsiz. Orain ikusiko zen atorradun horiek
ba ote ziren gai gudari gazteei eusteko, alferrikako segadetan
gal ez zitezen.
Kanpamentuko azken gauean, Konkorrek sutsuki hitz egin zien,
esanez pozik zegoela hain gerra talde adoretsua edukitzeagatik,
baina gogoan izan beharko zutela arma eta munizio gutxi zeukatela; eta, hortaz, elkarrekin lan egin behar zutela, eta soldaduak
oso gertu erakarri, eta horiexek inguratu bufalo hilkintzarako
bezala. Bi alditan ikusia zuten azken urtean plan bikain bat huts
egiten baten batek ezin izan zuelako itxaron. Adaxka lantzaz
borrokatzera jolasten ziren umeak bezala jarraitu behar zuten?
Horrela izatekotan, orduan bufalo zelaiak, euren etxeak eta
euren babesgabeak, denak galduko zituzten.
Gizon gazteen biribila isilik zegoen zutik, buruak lotsaz makur;
hortaz, gudariak bere planarekin jarraitu zuen. Soldaduak ez
zeuden lokartuta, esan zuen. Borrokako ilargi luzeen ondorioz

itzarrik zeuden, eta bazekiten Powderreko gudariak asko eta
asko zirela. Gerra taldeak apeu lanerako aitzindari on bat behar
zuen; zuhurra eta azarria zen bat, eta arduratsua ere bai, besteekiko oso arduratsua; bere indarra gudarien aurrean aspalditik frogatua zuen bat, eta edozein arriskuren aurrean jarraituko
ziotena; soldaduak bere ilajea lortzearren gosetuko zituen bat.
Zaldi Zoro izango zen. Zaldi Zoro joanik haiek ekartzera, eta
gudariak bere seinalearen zain geratuta, ilargi odoltsua izango
zen hura Pineyko soldaduentzat.
“Badakizue horko beheko soldadu buruzagi horrek, Fetterman
deitutako horrek, diola berrogeita hamar gizonekin lakota nazioa zeharka dezakeela!”.
Orduan gudariak harrabots handia egin zuten harik eta altze
arrak borrokan jaulkitzen duen orroa bezala izan zen arte.
Konkorrek eta besteek hori entzun, eta ontzat eman zuten.
Aldi honetan inguratzea egingo zuten.
Batzarraren ondoren, gudari gazteek Zaldi Zoro inguratu zuten, denak apeu joan guran. Atzean paraturik eta berarekin
dendara joateko zain, Ora eta Hartz Bakarti zeuden. Hartz
Bakarti alai eta zirtolaria: haren zaldiaren zain egoten ziren beti
azkonar zuloak; eta balak erakartzen zituen kafearen usainak bisitariak dendara bezala. Behin buruko xerlo zati bat galdu zuen
bala batekin, eta bi alditan bere gerripekoaren soka moztu zioten, bi aldietan ikusle askoren aurrean, eta ezkutatzera joan behar izan zuen lasterka, andereño bat bailitzan lotsaturik. Baina
gauza jakina zen bere etsaiek are zori txarragoa zutena. Bere
arkuko geziak inoiz ez ziren gerripekoaren sokan geratzen; eta
bere zaldiek zuloetan sartu eta hezurrak apurtuko zituzten,
baina ugarituz zihoazen, harik eta, oglala gazteen artean, bere
zaldi taldea hoberenetakoa izan zen arte.

Elkarrekin joan ziren hiru lagunak gudari kanpamentuko lur
izoztuan zehar. Gustura zeuden. Aldi honetan gudu handi bat
egingo zuten Pineyko soldaduen aurka, Konkorrek esan bezala.
Txingarrei gaueko estalkia jarrita loaldirako, denda gehienak
ilun zeuden; apur batzuk soilik argitzen zituen suak. Zaldi Zoro
kanpamentu osteko muinora irten zen, hantxe egotera. Ilargi
adar fina ageri zen; izarrak hurbil eta hotzetan zuri zeuden; eta
otsoen ulua ozen, ekaitza datorrenean legez; edo harakintza
handi baten aurretik legez. Oglala luzaroan egon zen hantxe
paratuta, neguko egun batean ikusitako bufalo zuriaz gogoetatzen, ekaitzeko elur trumoiaz, eta bere haurtzaroko ikuspenean zauri gabe zamalkatu zen gizonaz. Balez inguratuta, bere
aurrean etsaia jori, eta herritarrek atzetik oratuta, zauri gabe
zamalkatzen zen.
Zuhaitz zartatze ilargiaren erdialdea igaroa zen, eta lurra elurrezko orbainez beteta zegoen zaldi pikarta legez. Gerra taldea, Prairie Dog Valleytik gora, Peno Creekera mugitu zen.
Han, minneconjouek euren erdi-gizon bat erabiltzea erabaki
zuten, amesgile bat, zer zori izango zuten iragartzeko. Manta
beltz bat bururaino lotuta, mendixketarantz bidali zuten; bere
zaldia sigi-saga gurutzatuz zeraman, ametsetik ezagutzen zuen
bidean zehar. Handik tarte batera, oihuka itzuli zen, soldadu
batzuk harrapatu zituela esanez. Apur batzuk besterik ez zirela
aitortu zuenean, zaldia bihurtu eta arrapaladan joan zen berriro; eta halaxe beste hiru alditan, azkenik, garaipen oihu zolia
eginez itzuli zen arte. Esku biekin harrapa zitzakeenak baino
etsai gehiago zeuzkan, oihukatu zuen. Ehun eskuetan.
“Hoye! hoye!”, erantzun zioten gudariek poz-pozik, seinale horren zain luze egon behar izan bazuten ere haize hotzetan.

Amesgileari opariak egin eta ondoren, euren larruetan bilduta eseri ziren pipatzera eta planak egitera. Eguna argitu baino
lehen talde bat abiatuko zen gotorlekutik harago zegoen zurginolara. Hango zuriek arin tirokatzeko seinalea egingo zuten
laguntza eske; soldaduak harantz abiatuko ziren zaldiz. Orduan
izan behar zuten indartsu apeuek, soldaduak norabide horretan erakarri behar baitzituzten, lurralde malkartsurantz zain
ziren gudariengana. Apeuengan ardura handia ezarrita zegoen
plan horretan, esan zuen Konkorrek, baina aitzindari oso indartsua zuten.
Hoye!

Hurrengo goizean, neguko lehen argi hitsarekin, hatsarekin
lainoa sortzen zutela euren inguruan, izotza zen Peno Creek
errekastoari jarraitu eta Lodge Trail Ridgeko ibai adarkatze
basotsurantz jo zuten. Aurpegi garbi eta hanka zuridun zaldi
uherra zeraman Zaldi Zorok, Belatz Txikirena zena; borrokarako oso zaldi bizkorra. Ez zen biluztu, gudurako egin ohi zuen
bezala; aitzitik, zegoen bezala zihoan, manta inguruan lotuta hotzari aurre egiteko. Belatz bizkar gorria buruan, belarri
atzean hartxintxarra dingilizka, eta masailean oinaztarri marra
zuria margotuta. Bere zaldiari apeu zorkia egin zion kontu handiz; lur-urtxintxa, ezkutuko langileak, egindako pilatxo batetik
hartu zuen lur pitin bat eta gainetik hautseztatu zuen zaldi
uherra, eta bere burua ere bai. Gaurkoan soldaduei ziria sartu
behar zieten. Orduan, bere su arma eta bere lau balak prest,
arkua bizkarrean eta gerra txurroa gerrikoan, oglala eta cheyenne apeu taldea gidatu zuen Powder River eta Piney Creek
gurutzatzen ziren lekura, gotorlekutik ez oso urrun. Batzuek
zaldiak atzeragoko arroiletan utzi zituzten, soldaduek errazago
jarraituko baitzioten oinezko indiar bati. Hala, errekastoaren
luzera osoan zegoen sasitzan kukuturik, makurturik, bizkarrean
haize hitsak jotzen ziela, zain geratu ziren.
Beste gudari guztiak ere prest zeuden. Egur gurdiei erasoa jo
behar zien gerra talde handia aspaldi abiatua zen; eta Lodge
Trail Ridgeko bukaeran, Penoko ibai adarretan egin beharreko
segadarako planak prest ziren. Cheyennei eman zieten aukera,
gonbidatuak zirenez gero. Hego mendebaldea aukeratu zuten,
alde epelena; oglalak eta blue cloud apur batzuk eurekin batera
joan ziren; minneconjouak eta hunkpapak mendiko ipar aldapetarantz joan ziren, elurrez eta izotzez betetako sastraka artera.
Gailur batetik, Konkorrek urrunerako beirak begietan jarrita,
eginkizun hori guztia ikusten zebilen. Tirokatzea entzun zen,
arin egina, zurginolako soldaduen seinalea laguntza eske. Gotorlekutik goragoko seinale muinoan bandera higitu egin zen,
eta soldadu ilara ateratzen hasi zen ate zabaletik. Aurrena,
zaldizko mordo bat, lauko zutabeetan; eta horien atzetik, oinezko soldadu pila handia. Inork ez zuen astirik galdu horiek
zenbatzen, baina benetan ematen zuen minneconjou amesgileak bere eskuetan ekarritako ehunak zirela.
Soldaduak14 egur karabanari laguntzera joateko fortetik ateratzean, Zaldi Zorok bere apeu taldeko batzuk ezkutalekutik
atera, eta forte ondotik zihoan errekastoko sasien atzetik zamalkatu ziren; sasitza ez zenez oso sarria agerian geratu ziren.
Soldaduen artetik oihu bat entzun zen, eta armak destatu zituzten askok. Soldadu buruzagitxoa geratu eta errekastorantz
begiratzean, garraldi bat atera zen oholesiko gurdi armatik;
bola batek eztanda egin zuen apeuen gainean, eta euretako batPhil Kearny forteko gudua edo Fetterman-en hilkintza,
1866ko abenduaren 21a.

Gudari aintzatsua

zaldi gainetik bota zuen; besteak zabaldian zehar sakabanatu
ziren beldurrezko oihu ozenak eginez; denak lasterka joan ziren
mendi eta arroiletarantz; batez ere oinez zihoazenak; jauzika,
sigi- saga zihoazen, bizitza eta ilajeak galtzeko beldur bailiran.
Eta orduan, soldaduek gogotsu jo zuten haien atzetik, baita oinezkoek ere, denak arineketan eta armak eskuetan prest, lagundu behar zuten karabana ahazturik.
Konkorrek zurginolako gerra taldeari etortzeko seinale egiten
zion bitartean, Zaldi Zoro, Sudur Handi cheyennea eta beste
batzuk soldaduen aurretik joan-etorrika zamalkatu ziren aldapan zehar. Haien inguruan, lur-harriek eztanda egiten zuten;
keak, hodei urdinak sortzen aire hotzean. Lehendabizi bata,
gero bestea, zurien aurka oldartu ziren; garrasika; mantari eraginez haien zaldien aurrean, horiek izutu nahian bezala; soldaduei eutsiz, besteek alde egiten zuten bitartean.
Poliki, Zaldi Zorok utzi zien bere apeuei ihesi antzean joan zitezen mendi magaleko narra zidorretik gora. Zaldizko soldaduak
behin eta berriz gelditzen ziren, agian, oinezkoak eurengana
heltzeko zain, edo, agian, beldur zirelako. Baina soldadu buruzagitxoa Fetterman zen, lakota nazioan zehar zamalkatuko zen
hura; hortaz, apeuek berriz abiarazi zituzten. Soldaduekin batera zihoazen beste bi zuriek ere –tiro askoko armak erabiltzen
zekitenak eta seguruenik ehiztariak zirenak– aurrera jarraitu
zuten. Zaldi Zoro hainbat alditan jaitsi behar izan zen zaldi gainetik; behin, bere gerra soka estuago lotu gurako balu bezala
eginez; beste behin, bere zaldi uherraren hanka bat jasotzeko;
eta ondoren, zeharo urruntzen zen, barailako bridatik tiratuz
soldaduengandik hala moduz aldentzen zen bitartean. Aldietako batean denak gelditu ziren, eta bazirudien buelta emango
zutela; orduan, sasi baten atzean eseri zen, zaurituta balego
bezala, edo guztiz akituta, eta su txiki bat piztu zuen; horrela,
bera atzean geratuta, besteek aurrerantz jarraitu zuten. Tiroak
bere ondo-ondoan zipriztintzen hasi ziren; bere buru gainetik
bat igarotzen zela ikusi zuen lur izoztuan, hilzorian den zerbaitek bezala intziri eginez. Baina, artean ere, txingar apurren
inguruan makurturik jarraitu zuen, kea ikusterik ez balute bezala jokatuz; azkenik, soldaduek eraso egin zuten, eta haiengandik lasterka itzuri zen. Beste apeuen atzetik zaldia zigorturik,
gainbehera bizian jaitsi zen Lodge Trail Ridgetik, eta Penoko
adarkatze basotsurantz jo zuen, soldaduek azkar esesten ziotela.
Oinezko soldaduek ere igarota zuten tranparen sarrera, eta
artean ostendutako gudari edo zaldirik bat ere ez zen ikusi edo
entzun. Orduantxe banatu zituen bere apeuak Zaldi Zorok,
bakoitzak bere bideari jarrai ziezaion. Eta seinalearekin batera,
gudariek, alde bietatik sasien atzetik agertuz, “Hoppo! Goazen!”
oihu eginez, erasoa jo zuten eta irrintzika jaitsi ziren.
Soldadu buruak bere gizonak geldiarazi zituen, eta atzera egiten saiatu zen, baina beranduegi zen. Minneconjouak hegaletik
zetozkien ordurako; zartakoa zenbatu zuen soldadu bat arkuarekin zeharka jota aurpegian. Beste hegaletik cheyenne eta
oglalak zetozen indartsu. Zaldizko soldadu bi lurrera joan ziren,
eta besteak, eutsi-aldi bat egiteko ahaleginean, geratu egin ziren; bitartean, oinezkoak aldats gora zihoazen arineketan toki
harritsu baterantz danbadaka, euren arma luzeekin ke urdin
eta sendoa ateraz.
Baina gudarien oldarrak atzeraka bultzatu zituen soldaduak, eta
gorantz eraman haitzetarantz. Orduan, indiarrek oinezko soldaduei eraso egin zieten; hegal batetik Ora eta Hartz Bakarti,
oglala eta cheyenneekin; beste hegaletik minneconjouak; talde
biak borborka elkartzen diren bi erreka indartsu bezala. Soldadu mordoa erori ziren gerra txurroen pean eta gainetik igaro
zitzaizkien zaldien pean. Zutik geratu zirenak armak kargatzen

zebiltzan, eta tiro askoko armak zeuzkaten bi zuriek ere tiroka
ziharduten. Baina indiarrak giza erlauntz izugarria ziren, eta airea geziz josita zegoen. Behin eta berriz, baten bat zuzenean
oldartzen zitzaien haitzetan babestutako soldaduei. Okela Jale
minneconjoua saiatu zen aurrena, eta hil egin zuten. Apeuak
ordurako helduak ziren borrokalekura, eta Zaldi Zoro saiatu
zen hurrengoa. Orduan, cheyenneak ari ziren bitartean, kartutxoetako bi erabili zituen agerian zeuden bi soldaduen buruen
kontra. Haietako bat, jo egin balute bezala jauzi egin eta aurrerantz erorita, malda izoztutik behera irristatu zen. Indiar gazte batek guduaren kean barrena aurreratu, gizon haren arma
hartu eta, buruan jo eta garbitu egin zuen; arineketan itzuli
zen bere harrapakina airean eraginez eta eroak bezala oihuka:
“Arma bat daukat! arma bat daukat!”.
Keak ilundutako haitzetan, soldaduak; eta horiek behin eta berriro inguratzen, hainbat gudari; eta ezin errez jo horien zaldiak, jauzika eta aldapako izotza saihestuz zebiltzanak. Arku
soka tenkatuen hotsa, errifleen danbada. Auhenak eta garrasiak eta zauritutako zaldien irrintzi lazgarriak. Gudari bat erori
bakoitzean, atzeko norbaitek herrestan zeraman, zerion odola
berehala izoztu egiten zelarik; eta tiroketak jarraitu egin zuen
harik eta haitzetako armak isildu egin zirela iruditu arte. Haizea
zebilen eta kea gorantz aienatu zen. Orduan, Konkorrek azken
eraso bat agindu, eta hiru gizon arineketan irten ziren aldapan
gora, zaldizko soldaduenganantz, eta besteak atzetik atera ziren oihuka, gerra zaldiak euren arkuez edo armez zigortuz.
Hor beste gizon bat jo zuten, baina, gerrikora loturik zuen bere
gerra sokari esker, zalditik eskegita jarraitu zuen, eta bera ere
herrestan ekarri zuten babesera. Besteek erasoka jarraitu zuten, geziak jaurtika bisutsa bezala; lehenagoko borrokatik berreskuratutako geziak ziren horiek, eta, zaldiak mantsotu gabe,
berriz jaurtitzen zituzten.
Orduan, soldaduak atzera jotzen hasi ziren haitz labainkorretan gora. Jeurt egiteaz batera borrokatzen ziren; batzuk, zaldi
gainetik buelta eman eta tiro eginda; beste batzuk, jaitsita eta
zaldia oinez gidatuta, eta horren ostetik belauniko tirokatuz.
Talde txikia eta itxia osaturik, eutsi egin zioten, euren armen
ketan erdi gorderik; eta gudariak ezinean zebiltzan horiek harrapatzeko. Halako batean, zuriei gogor eginez zebiltzala, soldadu adoretsu batek, atzena geratuta, besteak babestu zituen, indiarrei irainak oihukatuz, pistola eta erriflea albait arinen berriz
kargatuz eta tirokatuz, harik eta minneconjou batek zamalka
heldu eta, gezi bat sartu zion arte bularrean. Borroka guzti
haren erdian gudaria ilajea hartzera geratu zen, gizon zuri hura
oso azarria izan baitzen.
Ordurako american zaldi gehienak zoraturik zebiltzan, zaratagatik eta zeuzkaten gezikadengatik, irrintzika eta erorka, soldaduengandik jare. Gudariek banan-banan gelditu eta harrapatzen
zituzten. Haitzaren gailurrean, azkenei taldean joaten utzi zieten soldaduek, eta gudari gazte guztiak haien atzetik joan ziren
lasterka eta garrasika. Jokabide okerra zen hori, Konkor eta
Zaldi Zoro oihuka azaltzen saiatu zirenez: “Hoka Hey! Gogoan
izan etxean ditugun babesgabeak!”. Baina inor ez zen itzuli harik
eta azken zaldia atzeman zuten arte.
Ordurako, soldaduek haitzaren tontor inguruko harritza bateraino igotzea erdietsia zuten; ozta-ozta sartzen ziren bertan,
eta zaldientzat aldats pikoegia zen eta izotzez inguratua. Hortaz, Konkorrek gudariei agindu zien oinez guduka zitezen, eta
borrokaldia behingoz amaitzeko, ekaitza hurbiltzen ari zelako,
haizea indarrez hasi baitzen.
“Oinezko soldaduak laster batean garbitu ditugu”, esan zien,
“baina orain lan nekezagoa dugu aurretik. Amai dezagun lana!”.

Gudari aintzatsua

“Amaitu lana!”, bat etorri ziren atorradunak, eta euren atzetik
gudariek ere hitzok errepikatu zituzten oihuka. Hortaz, zaldiak bertan utzi eta aldapan gora ekin zioten, makurturik igoz
alde guztietatik, lurraren hotza igarriz haien gorputz beroetan, hatsarekin aztarna utziz bidean, burua makurtuta, arku eta
errifleak eskuetan prest.
Soldaduek atzetik kargatzeko errifle onak zeuzkaten eta oso
bizkor tiro egin zezaketen; baina indiarrek joaten jarraitzen
zuten, gorantz jauzi egin, eta, jauziaren gorakoan, gezi bat
jaurtitzen zuten, eta, ondoren, berriz narras igotzen jarraitzen
zuten. Soldaduei atzemandako errebolber edo armentzat munizioa zeukatenek tiro ona zutenean erabiltzen zuten soilik.
Zuriengandik hurbil egon zirenean, Konkorrek eta Zaldi Zorok
oihu egin zuten: “Hoppo! Gora!”, eta gudariak atzetik eramanda, bortxaz sartu ziren soldaduen biribil barrura, gerra txurroei eraginez, aizto kolpez eta grizzlyaren eraso orro zakarra
jaulkiz euren eztarrietatik.
Eta azken zuria erori zen. Bizirik txakur bat utzi zuten soilik, harrien artean lasterka joan zedin. Forterako bidexkatik joan zen,
atzeraka begira behin eta berriro, eta ondoren jarraituz. Zaldi
Zoro begira geratu zitzaion, eta ohartu zen euretako inork ez
zuela ikusi harik eta zuri guztiak lurretik botata geratu ziren
arte.
Baina besteek ez zeukaten halako gauzetarako astirik. Soldaduen errifle eta errebolberrak harrapatzen zebiltzan, eta munizioa eta jaka urdinak ere bai. Oso kartutxo gutxi aurkitu zuten,
baina bai beste gauza mordoa; zurien denbora esaten duten
burdinazko harri biribil bizidun horietako asko; dirua; gutunak
zeritzoten papera; liburu txiki batzuk, eta andre zuri margul
horietako baten argazki polita.

Ordurako, begiraleek seinalea egina zuten soldadu gehiago
ateratzen zebiltzala gotorlekutik eta bazetozela. Hortaz, azken
galtza parea tiraka erantzia eta azken eraztuna hatz izoztuetatik erauzia izan zenean, indiarrak ibarrera jaitsi ziren eta narrak
egin zituzten zauritu larrientzat eta hilentzat: lakoten hamar
gizon eder, bi cheyenne eta blue cloud bat; ez asko, eskuetan
hartutako ehunekin alderaturik.
Zaldi Zorok, borroka behin amaituta, ez zuen astirik galdu
mendian. Ekaitza zetorren; haize hitsak manta kanpoko sudurra
mintzen zuen, eskuak izozten; eta ezin aurki zezakeen Hartz
Bakarti. Inork ez, ez Orak, ez Konkorrek ezta beste inork ere,
ez zuen hura ikusi. Non edo non, oinezko soldaduen gainera
eginiko lehen erasoaren ostean –zeinetan Oraren ondoan zamalkatu baitzen– Hartz Bakarti galdu egin zen. Zaurituak jasota zeuden, eta indiarrak bizkor joan ziren, zaurituak izoztu
baino lehen heltzeko kanpamentura; baina Zaldi Zorok begira
jarraitzen zuen sasitza eta sakonune guztietatik, bere lagunaren bila. Ezinezkoa zen gudua utzi eta etxera joan izana, Hartz
Bakartik ez baitzuen halakorik egingo. Bestalde, bere zaldia
han behean, erreka leituan zegoen botata, bala batek besoa
zeharkatuta. Hartz Bakarti gaixoa, zangarra eta bihoztuna, baina hain zorigaitzekoa.
Soldaduak jadanik erlaitzetik zetozen, ia lehen etorritakoak adina; gurdi bat zekarten, baita gurdi arma bat ere agian. Hortaz, gudari gehienak atzean geratu ziren, besteak, aida batean
eginiko narrekin, zaurituekin lastertzen ziren bitartean, horiei
soldadu berokiak eta mantak gainetik botata haize hotzetik babesteko.
Soldaduak erlaitzaren gailurrean gelditu ziren, taldetxoetan,
piztia izutuak bezala; begira, beste zuriez jakin guran seguruenik. Euren azpialdean, ibarra gudari zirikalariz beteta zegoen;

indiarren keinu iraingarriak zegitzaten eta baita zuriengandik
ikasitako batzuk ere; lakoteraz eta ingeleraz deiadar egiten zieten, borrokatzera jaitsi zitezen. Baina soldaduak ez ziren higitu, eta nola bazirudien gurdi arma bat zeukatela, eta indiarren
buirakak geziz husturik zeudenez ia, baita euren su armak ere,
Pineyko beste zuri horiei joaten utzi behar izan zieten.
Denbora bitarte horretan guztian zehar, Zaldi Zorok bere lagun
Hartz Bakartiren bila jarraitu zuen, eta Konkor ere laguntzera
geratu zen. Zerua iluntzen ari zen eta elurra zekarren haizeak.
Orduan aurkitu zuten, sasitza batean; hain zen txikia sasitza
ezen ezinezkoa zirudien inor egotea bertan gordeta. Gudaria
ahozpez zegoen eta Zaldi Zorok buelta eman zionean ikusi
zuten aurpegi-eskuak ordurako izotzak zuritzen hasita zituela,