Zaldi Zoro - 07

zeren eta, andre bati bere eskubidea ukatuz gero gizon bat
uzteko beste baten ordez, txahalak makal etortzen baitira, edo
ez dator bat ere.
“Ahh-h, bai, hori ere gauza jakina da”, zioten zaharrek, Fontenellen tirokatzearen inguruko berrientzat belarriak erne; baina
beste agente baten berria besterik ez zegoen; beste aita bat
Bide Santuan, Maior Twiss deitutako bat; gizon garaia, ilea White Mountainseko elurra legetxe zuena. Hark zioenez, baze108

kien nork egin zuen posta gurdiaren erasoa eta nortzuk ziren
aurkariak, eta horiek eraman behar zituen. Bakearen aldeko
ziren beste guztiek Platte ibaiaren hegoaldera lekualdatu behar
zuten eta bertan itxaron, zer egin esaten zitzaien arte.
Hasieran, brule gazterik suharrenek ele hori ekarri zuten mezulariak garbitu nahi izan zituzten, eta iparrera joan, minneconjouekin batzera; iskanbila handia sortu zuten horren inguruan,
Trumoi Txikik, atera eta, baretu egin zituen arte. Ziotenez, Beldurrek bere kanpamentua jaitsia zuen aita buruzagiarengana,
baina, bere gudari gehienak kanpoan utzita, zartako eta zaldi
bila. Bruleetako apur batzuk ere jaitsi ziren, Labankari besteak
beste, zeinarengandik jendeak zorki txarrarengandik bezalatsu
ihes egiten baitzuen, hartz menderatzailetarrak iraitzi zituenetik. Edonola ere, gehienek gogoratu zutenez, agente berri baten bila jaitsi ziren azken aldian buruzagi bat galdu zuten.
Trumoi Txiki Blue Waterren kanpatuta zegoela –Platteko hegoalderantz jaisten zen errekasto bat, Laramietik oso behera—, lasterkari bat heldu zen, esatera soldadu pila bat abiatu
zela Bide Santuan gora.
Bruleek ehiza ona egina zuten; tegiak okela lehorrez beterik
zeuden, andreak lanpeturik sokak ontzen eta wasna ehotzen;
eta denek zekiten Trumoi Txiki bakearen aldeko zela, Hartz
Menderatzaile tirokatu osteko gau osoan gogor jardun zuela
gudariak lasaitzen, Platte Garaiko herrialde osoa gerratan sutu
zezaten eragotziz. Beraz, agentearen mezulariak heltzean, esan
zien lelokeria zela bere jendea euren aberritik hain urrun eramatea bera bakearen aldekoa zela erakustearren soilik.
Jim Bordeauxek, ur gazi handiaren bi aldeetan egona zena, bere
lagun Burdin Balari elea bidali zion, azalduz zuriak asko eta asko
zirela, eta denek ezin jakin zitzaketela gauza berberak; orain
soldadu pila zetorren, oinez, zaldiz eta gurdi armekin, Platten
gora hauts handia altxatuz, eta bruleek hobe zuten etortzea
edo euren andre eta umeak bidexkatik urrun eramatea.
Baina Burdin Bala gizon lasaia zen, isila, ez sutsua euren lagun
frantsesa legez. Oso jakina zen bere bihotza beti izan zela ona,
zuriekiko ere bai, eta, beraz, Antzarari opariak eman zizkion,
eta hitz onak, eraman zitzan bueltan. Jim berriro saiatu zen,
oraingoan bere morroia bidalita –bruleengana ezkondutako gizon zuri bat– buruzagiari sendo hitz egiteko. Indiarrek entzun
egin zioten, batzartu ziren, eta Blue Waterren egun batzuk
gehiago geratzea erabaki zuten, euren zereginak amaitzeko.
Ez zen ona okela eta larru erdi lehorrak biltzea ilargi hartako
berotan. Egun apur batzuk besterik ez, eta hondar muinoetara
joango ziren, soldadurik jarrai ezin zien lekura.
Eta, hala, txahalen ile luzatze ilargian goiz, Tesson zaharrak bruleen herrixka aurkitu zuen soldaduentzat6 . Denbora luzean bizi
izan zen hura indiarrekin, eta ezagutzen zituen haien kanpatze
lurrik gogokoenak. Gauean, zaldizko soldaduek ibai goialdeko
zelai garaia zeharkatu zuten, eta trokarte batean ezkutatu ziren, ostargiko erasoaren zain; bitartean, oinezko soldaduak
Plattetik gora zetozen, lotan zen herrixkarantz.
Ekaitz hodeiak zeuden arrats hartan. Kizkur zaldiz zetorren
ipar-mendebaldetik Blue Waterreko kanpamenturantz, gidatuz zekarren moxal suharrari tiraka, albait bizkorren eramanez.
Gogotik ahalegindu behar izan zen orein koloreko moxal hura
harrapatzen, Lantza Luzek aurreko asteko ehizaldian galdutako

Blue Waterreko gudua, 1855eko irailaren 3an.

zaldi apartaren antz-antzekoa zelako; zeina, hain aparta baitzen
bere emazteari eskatu zion isatsa ondu zezan, dantza makilarako, eta Zaldi Jabeen elkarteko zeremonietan zerabilen hori,
umeen zaldi jolasekoa bezala zamalkatuz. Agian moxal horrek
ehiztari trebe bihurtuko zuen bera ere.
Bakarrik zihoan Kizkur. Lehenago beste lau lakotarekin zegoen,
baina Trumoi Txikiren herriko aldetik ke sendoa zeruan gora
igotzen ikusi zutenean, izutu egin ziren eta mendebalderantz jo
zuten, Laramie ondoko agentearen kanpamenturantz. Kizkurrek aurrera jarraitu zuen, Blue Waterretik jaisten zen narra
zidor zaharretik aldenduz; etsaietatik urrun. Kanpamenturantz
hurreratzen zihoala, bolbora kearen usaina heldu zitzaion, eta
larru eta haragi errearena. Sabel hutsean botalarria eragin zion,
usain hori herrixkatik soilik etor zitekeelako: jo eta txikituta
behar zuen.
Kizkur Blue Waterrera heldu zenerako, oinaztuek ilunabarra
argitzen zuten. Bere zaldiak arroila batean ezkutatu, eta muino
baten gailurrera igo zen herrestan; handik, brule kanpamentua ikusi zuen. Ke laino bat zegoen ibarrean, baina ez jana
prestatzen zebiltzan sukaldeena, edo pipetako zume gorri gozoarena. Gizonak suntsitutako gauzen kiratsa zuen keak; baina ez han, herrixka inguruak hutsik zeudelako; dendak joanik.
Narrak, parflecheak eta fardelak inguruetatik barreiatuta zeuden, errekastoan gora ihesian joandakoek botata. Eta mutikoak
belarria lurrean etzan zuenean, ibairantz jaisten ziren soldaduen oinak entzun zituen; oinezko soldaduak, eta zaldizkoak;
ez, ordea, beretarren ponien urratsak. Beherantz jaitsi zen,
zidorra aztertzera; mokasin aztarna ugari ikusi zuen zurienekin
nahastuta; gehienak andre eta umeenak; lakota mokasinak eta
cheyenne apur batzuk: gehienak atxilo zeramatzaten.

Une batez, Bide Santuko bakean hazitako umea haiko-maiko
geratu zen, zer egin ez zekiela. Baina herritarrak larri zebiltzan;
hortaz, moxal nekatua konpada batekin loturik utzi, eta haien
bila zamalkatu zen, amildegi eta arroiletatik joanda, soldaduen
miatzaileen begietatik galdurik.
Halako batean, herrestan igo zen gailurrera; inguruari begiratuta, bere belarriek entzundako andana iluna begiztatu zuen, mugitzen; soldadu ilara potolo eta luzea, hautsetan barrena Platterantz joanean. Oin askoren hots nahasia entzun zezakeen; gurdiek eta gurdi armek lur lehorrean zegiten karrankarena ere;
eta, horren gainetik,gizon zurien barreen hots urruna, andreak,
indiar andre gazteak, inguruan dituztenean barre egiteko eran.
Orduan, danbor burrunba bat sortu zen mutilaren belarrietan; berotasun mota berri bat; burrunba amorratua, eta, hala,
“hoka hey!” oihu egin eta soldaduei orduantxe bertan ekiteko
gogoa sentitu zuen.
Lakota gogoeta lasaiago, zuhurrago bat heldu zitzaion, orduan.
Egia zen soldadu pila zihoala han, bidean behera, baina gudariek
haiei erasoka beharko zuketen amildegi ilun eta sastrakadien
artetik, atxilotutako batzuk askatzen ahaleginduz, behintzat.
Artean, soldadu gehiago zebiltzan, antza, indiarrak jazartzen,
babesgabe gehiago hiltzen. Mutikoa errekastoan gora itzuli zen,
bere zaldirantz lasterka, bere herriaren bila azkar.
Ordurako, gau iluna zen. Oinaztargien eta trumoien dunbots
artean heldu zen kanpamentu eremura berriro. Bidea zaldiari
aukeratzen utzirik, itzuri joandako herriaren aztarnari jarraitu
zion. Gurpilak, burdinazko apatxak eta soldaduen oinetakoak
guztiz nahastuta zeuden Blue Waterretik urrundutako mokasinen eta indiar ponien lorratzarekin. Hareharrizko amildegi
baten magalean, bere ponia gelditu egin zen, odol eta erre
usainarengatik bafaka. Han, trumoiek lurra ikaran jartzen zu112

telarik, oinaztuen argi lantza izugarrien laguntzaz, zeintzuk ekia
baino argiago baitziren, mutilak ikusi ahal izan zuen indiarrek
eusteko saio bat egin zutela. Eta hori oso erabaki oker eta
hil edo bizikoa izan zela. Malda harritsuan barreiaturik, denda
bilduak zeuden, parflecheak, larruak, sehaskak eta herrixkako
beste hamaika ondasun; denak zanpatuak, suntsituak, erreak.
Eta, horien ondoan, zer ilun batzuk zeutzan; odol putzuak; eta
are ilunago ziren beste zer batzuk; bere herritar hilak.
Ekaitzaren argitan, mutilak bere zaldi urduria aldats goran eraman zuen, gauza horien artetik, ezezagun batek bezala begiratzen zielarik, harria bezain urdin bihurturik eta zerura begira
zeuden horien artean aurpegirik bat ere ezagutu gabe. Zulogune ez oso sakonez betetako amildegiaren gailurrean hilotzak
erruz zeutzan; umeak, sakailaturik eta ezpatekin zeharkaturik;
tiroz jotako eta zatitan lehertutako asko ere bai; andreak zatika mozturik, edo gorputzak zartaturik, haien inguruko lur eta
harriak zartaturik zeuden bezala, gurdi armen leherbolengatik.
Eta, horien artean, animalia bat zebilen, kikildurik, koiote izutu
bat legez; baina oinaztargitan, mutilak txakur bat zela ikusi zuen;
bere amamaren txakur zahar eta mengela. Orduantxe konturatu zen aurpegia ekaitzari emanik zeukaten hilotz haiek bere
jendea zela, eta bat-batean oso larri jarri zen, eta makurtu eta
oka egin zuen, behin eta berriro.
Azkenik, hustua zirudienean, haien artean bilatzeari ekin zion,
oinaztargiaren zain euretako bakoitzarekin; andrazkoen soinekoak jaitsiz, soldaduek euren buruen gainetara botatakoak,
gorpuak biluzik eta lotsagarri utzirik. Eta, abagune bakoitzean,
senide bat izateko beldurrez; beharbada Buztan Marradunen ama, bere amama bera. Orduan, urdinez margotutako
soinekoa ikusi zuen, Lantza Luzeren arrebarena; udan eguzki
dantzako tantaia mozteko aukeratutako andereñoetako bat
zen; neskatxa bat besterik ez; bere mauka zabalek hegaz da113

biltzan hegoak ziruditen; soinekoaren gona ere gorantz botata
zeukan, eta leku lizuneko ilajea erauzita.
Jada ez zen mutilarengan botalarririk txikiena geratzen; iragana
zen hori; eta herraren beroa ere bai; hotz geratu zen; urteetan
zehar borrokaldi bat planeatzen duen gizona bezain hotz, zeina
itxaroten geratzen baita, pentsatzen nola burutuko duen dena;
bere aita hil zuen crow etsai bati segada prestatuko dion gizona
bezalaxe.
Eta Kizkur hantxe zutik egonda, ekaitzaren orroa zelaian barrena zetorrela, zerua, lurra eta horien arteko guztia, bat-batean,
lehenago ikusitako zerbait ziren; zerbait sakratua eta mundu
honen atzean dagoen mundukoa. Urtebete lehenago makalaren pean izandako ametsa mutilarengan zen berriro, baina
ez amets gisa baizik eta ikuspen gisa: tiro eta trumoi artean,
zaldi gainean doan gizonarena; eta bera inguratzen duen lurrak osatzen duen biribil sakratuarena; Kizkur gazteak jarraitu
beharko zuen bidea seinalatzen zuen ikuspena, hain zuzen ere.
Orduan, airea sendo eta ilun egin zen; oinaztuen suzko txirikordek lurra zigortzen zuten; trumoiak horren gainera erortzen.
Gailurrean, pinu txikiak haizearen aurrean makurtzen ziren,
eta, amore emanda, ekaitzak eragin ziezaien onartzen zuten,
bizkor doan bufalo talde batek eragingo zien legez. Eztandek
eragindako zuloren baten aterpera sartu beharko zukeen ez
bustitzeko, baina beretarrak aurkitu behar zituen. Hortaz, bere
zaldi akituaren gainera jauzi egin, eta txingor antzeko zaparrada
hotzean barrena joan zen, itzuritako indiarren bideari jarraituta, Blue Water errekastoa zeharkatu eta sortalderantz jota lur
malkartsutik barrena. Soldaduek gogor esetsi zieten, oinezko
soldaduak bidexkaren alde batean, zaldizkoak bestean; baina,
lauzpabost miliaren ondoren, bazirudien atzean geratu zirela,
eta azkenik beretarren oinatzek bakarrik jarraitzen zuten. Han

eta hemen, larru, narra hondatu edo zaldi hilen bat utzia zuten,
adierazteko nondik joan ziren. Baina orain onik zeuden, soldadu gehiagorik ez bazetorren behintzat, edo aztarnetako horiek
ez bazuten buelta eman eta aurrera jarraitzen.
Amildegi batean, Kizkurrek ume txiki hil bat aurkitu zuen bide
bazterrean: bere gorputz hezeak metal nabar batek bezala
distiratzen zuen oinaztargiekin; bularreko zuloko odola euriak
garbitua zuen. Bere aldamenean, larruz estalitako itxura bat zegoen, zeinaren azpitik intziri leun bat irteten baitzen. Kizkurrek
izkina batetik jaso eta andre bat ikusi zuen haurtxo jaioberri
batekin. Andrea, gainean zeukan irudi iluna ikustean, zelaietako
oilo bat legez bildu zen, haurra bere gorputzarekin estaliz, dardarka eta isilik, biziaren alde eskean hasi gabe, hiltzeko zain
baitzegoen. Baina, arreba esateko lakota hitz ederra aditzean,
arazotan den andre batentzat erabiltzen den bezala, andreak
gorantza begiratu zuen.
“Ile zuriduna!”, esan zuen andreak emeki. Andre Beilegi zen,
berriki bruleak bisitatzera etorritako cheyenne bat. Bere gizona
han zetzan ahozgora, kobazuloetako batean, non ahalegindu
baitzen andrea eta euren semea babesten; umea ere hantxe
tirokatu zuten; andreak, jendearen aztarnei jarraituta, albait
urrutien ekarri zuen, haurtxo berria heldu baino lehen. Orain
hilda zegoen.
Eta andreak hori esandakoan, intziri txikia hasi zuen berriz, leunki –gaua etsaiz beteta baitzegoen–, soina aurrera eta atzera
kulunkatuz bere oinazean, tximisten eta euri erauntsiaren azpian.
Kizkurrek larrua jarri zion gainetik eta, zaldia ekaitzari jarkitzera
behartuz, atzera egin eta galdutako narretako bat jaso zuen.
Andrea bertan ipini, larrua bere inguruan ondo lotu haizetik ba115

besteko, eta oinez joan zen handik, zaldi akituari tiraka –nahiko
zama baitzuen narrarekin–. Ume txikia, zetzan lekuan bertan
utzi behar izan zuen, sakangunean; eta gau osoan cheyenne
oinazearen intziri emeak Kizkurren belarrietan iraun zuen; eta
bere bihotzean, ikusitako guztiaren zamak.
Ostargi aldean, atertu egin zuen. Zaldiari apur bat jaten utzita,
bidezidorra aztertu zuen. Urrituz eta sakabanatuz zihoan; jendeak banatzeari ekin zion, ihes egitean egoki den legez. Tarte
baten ondoren, apatx aztarna batzuk aurkitu zituen, handiak,
sakonak, bere osaba Buztan Marradunen american zaldiarenak
ziruditenak. Horiei jarraitu zien, harik eta zidorra jagoten zuten
miatzaileek mutila ikusi eta hari laguntzera joan ziren arte.
Hondar muinoen lurraldean, ur freskodun aintzira txiki ugarietako batean, aztarna guztiek bat egiten zuten berriz, arrano
baten hegal puntako lumek legetxe. Hantxe aurkitu zuten herrixka, ondo babesturik; samindurik; haserreturik. Kizkur elikatu zuten, eta atseden hartu zuen; ondoren, gertakarien berri
eman zioten, zauritutako, atxilotutako eta eraildako jende eder
pilarena.
Bezperan, goizean goizetik, oinezko soldaduak ikusi zituzten,
turuta distiratsu eta bandera marradunarekin Blue Waterren gora zetozela. Andreetako batzuk, izututa, dendak jaso
eta, errekastoan gora abiatu ziren muinoetarantz. Oso arin
joandako batek soldadu gehiago ikusi zituen: zaldizko soldaduak
gurdi armekin, ordurako euren parean, itzurbidea moztuz. Bitartean, buruzagiak zaldiz irten ziren soldaduen bidera, bandera zuria Buztan Marradunen eta Burdin Balaren eskuetan. Blue
Waterraren bestaldeko mendixka batean, soldadu buruzagi
bizarzuria, zeinak Harney deitzen zela esan baitzuen, beraiekin
pipatu eta batzartu zen, eta hori egiten ari zela, bere gizonak
alde guztietatik igo ziren herria hartzera.

Baina buruzagiek ez zekiten hori; batzar on bat balitz bezala mintzatzen ziren. Trumoi Txikik berriro esan zuen bera ez
zela gerraren aldeko, eta bakearen alde mintzatu zela Hartz
Menderatzaile ere, gizon zuriaren buruzagia, soldaduen balek
hil zutenean ere; ekidin egin zuela gudariek gotorlekuari eraso
egitea eta gerra egitea Platte garaiko zuri guztien aurka.
Baina hura soldadu buruzagi berria zen, eta gauza bakarra zekien hark: Grattan eta haren soldaduak hil zituztenen bila etorri zela. Berehala eman behar zizkioten. Bruleek esan zioten
beraiek ezin zutela hori egin, minneconjouak iraitziak izan zirelako, eta iparraldera joan zirela, Missouriko lurretara; eta ezin
esan bruleen arteko nork lagundu zuen zuriak hiltzen. Euren
buruzagia euron herri erdi-erdian erortzen ikusi eta gero, gizon
zen edonork borrokari ekin zion, denak elkarrekin nahastuta.
Baina Bizarzurik orro egin zuen hiltzaileak eman behar zizkiotela; eta, beraz, Trumoi Txiki itzuli egin zen, bere herriari esatera
borrokarako prestatzeko; baina, ordurako, soldaduak lerrotan
aurkitu zituen. Tiro egin zuten eta buruzagia jausi zen, eta andre eta ume asko haren atzetik; batzuk, tiroz jota; besteak,
armaz eta ezpataz eraso zieten zaldizkoek zapalduta.
Hori ikusi zutenean, Burdin Bala eta Buztan Marradun, bandera
zuriak bota eta soinez soin borrokatu ziren, soldaduei eutsiz
euron arkudun gudariekin, hilak eta zaurituak jaso eta atzera
egin ahal izan arte hareharri zulatuzko amildegira, errekastotik gora, hiru miliatara edo. Hantxe geratu ziren, zaldizko soldaduek inguratu eta berriz eraso zieten arte. Orduan ihesari
ekin zioten, errekastoa zeharkatu eta lasterka eginez ekialdera,
Kizkurrek aztarnari jarraitutako malkarretatik zehar. Baina asko
hil ziren han ere, gurdi armek zulatutako koba txikietan; eta
beste asko, atxilo hartu zituzten.
Kizkurrek bazekien. Ikusi egin zituen horiek.
Ahh-h, benetan zen txarra. Edozein senditan atxilotuak, ia
denda guztietan, baita aitzindarienetan ere. Txapel Beltzaran,
bruleen historia gordetzen zuena, atxilo zen; Burdin Balaren
emazte galant eta gaztea, bere bost urteko umea eta amaginarreba ere bai; Buztan Marradunen alaba txikietako bat ere
bai. Gudariek hori ikusi behar izan zuten, eta ezin ezer egin.
Armarik ere ez zeukaten arren, askok behera joateaz hitz egin
zuten, soldaduei eraso egitera, Platte gaueko ekaitzean zeharkatzen zuten bitartean; baina eurentarrak, preso zirenak,
hilko zituzketen borrokaldian. Ehun bat inguru egon behar zuten atxilo –zuriek zenbatzeko eran–, eta ia beste hainbeste
hilik. Egun txarra lakotentzat.
Baina egindako gauza adoretsuen kontakizunak ere bazeuden;
bereziki, Buztan Marradunen borrokaldia. Bere zaldia emazte
gazteari eman eta burua salba zezala esan zion, baina hark,
beste senideei jarraitu ordez, muinoan geratu eta borrokaldia ikusi zuen. Bere gizona armarik gabe joan zen batzarrera,
behar bezala, eta, hortaz, esku- hutsik jarki behar izan zitzaien
erasoan zetozen soldaduei. Aurrenekoa ezpata erabiltzen saiatu zen, baina Buztan Marradunek –ia sei oin gora zena eta
indartsua– soldaduari eskutik kendu, zalditik bota, eta bera
igo zen; soldaduak zaldi gainean beregana heldu ahala, ezpataz
lurreratzen zituen, bata bestearen atzetik. Batzuek ziotenez,
hamahiru eraitsi zituen, eta, aldi bakoitzean, emazteak, begira
zegoen lekutik, irrintzia egin zuen bere gizon gudariaren alde.
Orain, Buztan Marradun bere ondoan zetzan, lau lekutan zauriturik; zaurietako bi, gorputza zeharkatzen zuten pistola tiroak.
Baina bizitzeko gartsu zen, mendekatzeko bere alaba txikiaren
galera eta herriaren oinazea eta samina. Hala, bruleek jakin
zuten gizon handi bat zutela euren artean.

Laster, ikusi zuten Trumoi Txiki ez zela hilko, eta Buztan Marradun osatzen ari zela, harramazkadetatik bezalatsu. Ordurako, asko joanak ziren euren zenduez arduratzera, eta etxera
itzuli ziren ilea solte eta nahasturik, euren saminetik negar eginez. Berriak ere izan zituzten, Bide Santuan gora eramandako
atxilotuenak. Buztan Marradunen neskatxa txikia zauritu egin
zuten, baina bizirik zegoen, eta gauza bera Burdin Balaren amaginarreba. Atsoak, sabel ebakia larru heze batez bildu eta, bere
alabaren mokasin aztarnei jarraitu zien. Presoak, soldaduen artean, Laramiera eraman zituzten, zera abestuz zihoazela:
Ez dugu huts egin
garbitu dugu Trumoi Txiki
eta Jordanen bestaldera bidali.
Gotorlekura heldu orduko, Trumoi Txikiren hamabi gudari han
ziren, merkataritzan zebiltzalakoan. Zutabea formazioan igarotzean, adobezko hormen pean geratu ziren, eta soldaduen
zamaltzainak igarotzean, euren mantei eragin eta Harneyren
zaldi mordoa uxatu zuten. Hori entzutea ederra zen, baina
agian horrek aitzakia emango zion Bizarzuriri sutsuago hitz egiteko brule eta oglalen aurka; bere zain isil-isilik zeuden haiez,
alegia.
Entzun ere, isilpean entzuten egon ziren, nahiz eta, ozta-ozta
eutsi ahal izan zieten gudariei, soldadu andre-hiltzaileak euren kanpamentura hainbeste hurbiltzean eta Bizarzurik euren
buruzagiei errieta egin zienean, umeei legez. Esan zuen inor
ezin zela joan armada postura gehiago, soldadu buruzagien
baimenik izan gabe; eta indiarrik ezin zela gerturatu merkatari
etxeetara inolaz ere ez. Merkataritza debekatuta zegoen. Eta,

posta gurdia ostu zutenak ekartzen ez zituzten artean, denak
aurkaritzat zituztela.
Hitz gogorrak ziren, eta ikararik egin gabe zeuden lakota buruzagiek betazal astunen petik elkarri begiratu zioten. Zurien paper buruzagi hilaren senideek burutu zuten posta gurdiarena.
Bestalde, inork ez zuen sinesten soldaduek andre eta umeen
aurkako gerra bukatuko zutenik gizon horiek eramanda ere.
Oraingo arazo hau baino askoz lehenago ere, zain zegoen lakota kanpamentu baketsu batera etorriak ziren soldaduak eta
gurdi armak, behi hil bat besterik ez zenean kontua.
Beste berri batzuk ere heldu ziren Trumoi Txikiren Blue Waterreko kanpamentura. Zurietako gehienek –merkatarietako
batzuk, besteak beste– esaten zuten borrokaldia goizegi bukatu zuela soldadu buruak; aitzitik, egunkariek Squaw-Killer Harney deitzen zioten, andrazkoak eta umeak garbituta oker jokatu zuela esan guraz.
Hou! ados agertu ziren buruzagiak, baina brule herritarrak
giltzapeturik zeuzkaten han behean, gotorlekuan, eta soldaduek andre gazteenak eurentzat hartzen zebiltzan, Burdin Balaren emazte polita ere bai. Baina zer egin zitekeen? Gizon gazteetako batzuek nahiago zuten hiltzea, euren buruak soldaduei
eman aurretik –Bizarzurik nahi zuen bezala–. Ikusia zuten zer
egin zieten errugabeei, inolako okerrik egozten ez zioten jendeari; hortaz, zer egingo zuten zuriei tiro egindako gazteekin?
“Baina gure babesgabeak burdin etxean dituzte”, erregutu zuten batzuek.
Ahh-h, hori egia zen; eta bazetorren negua; soldaduak asko ziren; andre eta umeak, izu. Hala, hosto erortze ilargiko arrats
batean, zenbait gaztek, gerrarako edo heriotzarako bezala
margoturik, urrats astunez zeharkatu zuten herria; batzar den120

darako bidean, jendea gogoetatsu begira geratzen zitzaiela. Hurrengo egunean lasterkari bat bidali zuten soldadu buruzagiarengana, eta herriko gehienak Laramierantz abiatu ziren bidean
behera; baina ez lehenago egin ohi zuten bezala, txango alaian,
andre kanpamentuko eta merkatari etxeetako inguruetan zituzten senideei bisita egitera, zurien gauzak jatera eta janztera berriro ere. Orain artega zihoazen soldaduen armetarantz.
Hurbil zirenean, Buztan Marradun, Hosto Gorri eta Kokots
Luze, kanpamentuan zehar zamalkatu ziren zeremonia jantzirik
finenetan. Euren heriotza kantuak kantatuz, kanpamentua inguratu zuten eta forterantz abiatu. Soldadu buruzagiarengana
zihoazen, esatera eurak zirela agenteak nahi zituen horiek. Ez
zituzten makurtu, baina hil nahi zuten, giltzapean ziren euren
andre eta umeekin.
Laramieko lautadan zehar isil eta goibel begira zegoen jendearengandik zaldi gainean urrunduz zihoazela, horien andreak
ere irten ziren, ilara txiki batean zamalkatuz, giltzapera jarraituz beraien gizonei, haiei amaiera arte laguntzera. Eta, orduan,
argi ikusi zuten gudari gazte horiek hiltzera zihoazela, eta adia
ikaragarria goratu zen lautada osotik.
Handik gutxira, Kizkur berriro zegoen bere amaren herriko
jendearekin paratuta Laramieko gotorlekuko kanpo aldean;
urte gutxi lehenago dena eurena zen lurrean, alegia; eta, zeinaren gainean, hautsak harrotzen edo lakoten odola isurtzen
zuen zuririk ez baitzegoen. Buztan Marradun, Hosto Gorri eta
Kokots Luze berriz ikustera etorriak ziren; oraingoan, zurien
Bide Santuan behera nola zeramatzaten ikustera. Eta begira
zeuden horien artean Burdin Bala zegoen, beti bakearen alde
gogor jardun zuena, harik eta semea eta emazte gazte maitea
soldaduek eraman zituzten arte. Baina zuriek ere galdu zuten
gauza on bat egun hartan: gudari gazteen bihotzetan indartsua
zen lakota baten adiskidetasuna. Hala, besoak bularrean irmo
gurutzatuta, ikusten egon zen soldaduek gurdiak nola ateratzen
zituzten, eta bere anaia bruleak burdinazko katez lotuta nola
zihoazen, oinetan kanoietarako baino bola handiagoekin, eta,
haien atzetik, euren emazteak samindurik. Horren ondoren,
Burdin Balak bizkar eman zion soldaduen forteari eta Bide Santuari, eta itxaroan zegoen jendearen artean ostendu zen, zurien etsai bihurtuta oso denbora luzerako.
Eta gurdiak abiatzean, andreek adia goratu zuten, jendea bazeramatelako zurien lurralde ezezagunera, zeinetatik inoiz ez
baitzen inor itzuli; eta Blue Waterren harrapatutako gatibu
guztiengatik ere beste intziri bat jaulki zuten. Ez zuten bakar bat
ere herrira itzuli, gazteak ekarriz gero hori egingo zutela agindu
zuten arren. Trumoi Txikiren bruleek eginiko adia zen, baina
Plattetik haragoko malkarretan oihartzun egin zuena, baita are
urrunago helduz ere, Cheyennen, Powderren eta Yellowstonen zehar barreiatutako senideengana, artean zainetan odola
zuen edozein lakotarengana. Gudarien belarrietan –baita Kizkur bezalako gazteenetan ere–, gerra danborrak legetxe burrunba zegien: hobe borrokan hiltzea, hobe borrokan hiltzea.
Eta gurdiak Bide Santuan behera aienatzean, Kizkurrek iparralderantz bihurtu zuen zaldia, bere aitaren dendako herrirantz.
Urtebete zeraman kanpoan, eta ona litzateke bere sendia berriz ikustea eta beste oglalei ere bisita egitea. Beharbada, ordurako Konkor itzulirik zen bere minneconjou senideenetik, herrialde horretan egindako egonaldian crowekin izandako gudu
on batzuen istorioekin gainera. Kizkur gazteak bere buruari
galdetzen zion ere zer moduz ibiliko ote zen Hodei Gorriren
iloba; asko hazi ote zen; zer luzerakoak eramango ote zituen

txirikorda polittak; artean atzean ote zeramatzan, umeak legez, ala bular gainean, andre aroan sartzen ari den batek legez.
Bazirudien denbora luzea igaroa zela aran batzearen egunetik,
haren musu biribilean jo zuenean aran hezur batekin eta aurpegira lotsaren gorria ekarri zionean. Aldi hartatik gauza pila
gertatu ziren, bukatu gabe zeuden gauza pila.
Baina etxera zihoan, eta hori ez zen herrazko pentsamenduetarako sasoia. Hondar muinoetan atzemandako orein koloreko moxala zeraman gidaka. Orein Txikik, sorginak, irendu egin
zuen, eta Kizkurrek opari zeramakion bere anaiari, zeinak, ordurako, ehiztari ona izateko ospea baitzuen, eta hain adoretsua
euron osabak berorren izena eman zion mutilari, Belatz Txiki,
eta bere buruarentzat zahar izen bat hartu zuen, Musu Luze.
Bere etxea zen herrixkaren gainean arratsetan zintzilika zebilen
ke adatserantz hurbildu ahala, bere amak kanpoan egurretan
zebilenak ikusi egin zuen, eta lasterka joan zen denden artetik,
sein-hotsegile bat bezala mutilaren izena deiadarkatuz behin
eta berriro. Mundu guztia atera zen mutila agurtzera, eta ikustera artean oso handia ez bazen ere asko hazia zela bruleekin
emandako urtebetean. Pitin bat gehiago hitz egiten zuela ere
nabari zitzaion; beharbada, esateko asko zegoelako orain. Eta
sutondoan, gau horretan, aita ohartu egin zen mutilarengan
zerbait berria zela; ikusi gabe jakin zezakeen zerbait, hostoak
erne baino askoz lehenago jakiten den legez zuhaitzaren izerdia
goraka doala.

TETON BATZAR HANDIA
Platte garaiko eta Missouri Riverreko lurraldeetako indiarrentzat, Blue Waterreko erasoaren berria neguko bakean entzundako gerra garrasi bat legez izan zen. Teton lakotak inoiz
ez zituzten horrelaxe zigortu lehenago; kanpamentu oso bat
etsaiaren eskuetan; ia ehun hilotz lur gainean; euren andre eta
umeak zurien burdin etxera eramanda. Horixe jazo zitzaion ez
minneconjou suharren edo Hartz Menderatzaileren herriari,
baizik eta Trumoi Txikiri, lagunkoi handiari, eta bere aitzindariak
soldadu buruzagiarekin pipatzera eraman ostean.
Oglala kanpamentuetan asko joan ziren Zaldi Zororen sutondora esertzera, pipatzera eta gonbidatuen adarrezko koilaratik
jatera; zer egin hausnartzera, aitzindari izateko inor ez zuten
bitartean. Laramien egindako batzarraren ondoren, Bizarzuri
euren herrialde erditik igo zen, Fort Pierrera, Missouri aldean;
eta eurek gudariak egotera behartu zituzten, pentsatuz hark,
tirokatzeko inor aurkitu ezean, alde egingo zuela. Baina ez
zuen halakorik egin, eta orain lasterkariak bidaltzen zituen, esanez buruzagiek berehala igo behar zutela hara, berriro berari
entzutera. Ezta Twissek berak ere –agente aita berriak— ezin
zien lagundu; Laramieko ofizialek ziotenez, indiarrei aholkatu
zielako belarriak ixtea soldaduentzat; eta beraiekin merkataritzan omen zebilelako, larruak eskuratuz zurien ondasunen
trukean. Gotorlekuan bizitzeko agindu ziotenean jakin zen
bera beste buruzagi batena zela, ez soldaduena, inondik inora.
Beraz, orain Aita Handiarekin saiatzen ari ziren bere boterea
handik kanpora bidaltzen. Bestalde, esaten zutenaren arabera,
Laramien zuriek buruzagiei bakeaz hitz egiten zieten bitartean,