🕥 30-minute read
Zaldi Zoro - 06
Total number of words is 3867
Total number of unique words is 1860
26.9 of words are in the 2000 most common words
40.1 of words are in the 5000 most common words
47.2 of words are in the 8000 most common words
zamariek bizkar gainean zeramaten okela, manta gorri sendoak
bailiran larru freskoen artean bildurik, hezur muinak goialdean
loturik eta bufalo talde guztiei jarraitu ohi dieten otsoentzat
ezer gutxi utzita.
Kanpamentuko andreek haga luzeak, eta sarde antzeko makilak zeuzkaten moztuta, lehortegietarako. Ehiztariak itzuli
zirenean, piletara bota zuten okela –lehortegiak prestatzean
ateratako adar eta hostoen gainera–; ondoren, andreek eskuaren neurriko txatal fin eta zapaletan moztu zuten, eta
lehortzeko eskegi. Gero, ehizako aitzindariak batzar dendara itzuli ziren, eta alde guztietatik jendea zetorkien okela zati
hoberenak haiei oparitzera eta, puskak lurrean ezarri ahala,
okela-ekarleei abesten zieten. Kanpamentu osotik suak garretan zeuden; konkor eta saihets erreak, txinpartaka; eta, usain
ederra hartuta, umeak, harrokeriatan zebiltzanak, lasterka joan
ziren dendatara. Gau osoan ibili ziren danborrak burrunban;
herria ospatzen eta dantzatzen ari zen, alaitasuna eta esker
ona abesten; akicitei abesti bereziak eskaini zizkieten –egonarri
gutxikoei eragozteagatik abere samalda osoa sakabanatzea–;
ondoren, behartsuentzat hainbeste haragi hil zutenei ere eskaini zizkieten kantak.
Hori eta gero, Bizkarrezur Garai atera zen, eta suak argitutako
kanpamentuko biribiletik zehar abestuz joan zen euretako bati
buruz: artean gaztea, baina ordurako bufaloa aurkitzeko gai
zena; ez zuen zartakorik zenbatzen, delako gazte hark; bere
ahotsa inoiz ez zen entzun batzar dendan, eta herrian ere doidoi; haatik, emai handia jasoa zuen: belarrien emaia, herriaren
lagungarri.
Ehiza kanpamentu zabal osotik zehar abestu zuen abesti hori
gudariak, azpantar urdin ilunekin eder eta garai, gerripeko gorriaren dindirriak lumaz apainduta eta dingilizka aurretik eta
atzetik; ahotsa sakon eta indartsu irteten zitzaion bular orbaindutik, bere begiak eta beste guztienak Kizkur gaztearen bila zebiltzala. Baina mutila denden itzalen artean ostendurik zegoen;
ordea, hortxe zen Politt Hori, garaipen dantzarako prestatu
den gudari baten beira ale eta margo guztiekin, su argitan lotsagabe paratuta, bere amak
bultzaka ezarritako lekuan. Baina Konkorrek kantatzeari utzi
zion. Behartsuentzako hiru zaldi eder eman, eta, ondoren,
eseri egin zen, jende askok berak egindakoagatik bere izena
oihukatzen zuela, eta umearena ere bai, hark topatu baitzuen
ehiza handi horretarako samalda.
Orduan, Kopetilun atera zen bere semeak bufalo txahal bat hil
zuela abestera, nahiz eta inork ikusi ez hori, ezta txahala ere,
eta askok zalantza egin zuten hori inoiz gertatu izana. Baina
bere andrea ondoan paraturik egonda, Kopetilunek horixe egin
behar izan zuen, oso gaizki abestuz, marmar amorratu antzeko
bat txirimizkatuz, ume batek belarrezko kaiolan atzemandako
erlastar pila legez. Oso barregarria zen eta askok egin zuten
barre, baina laster geratu ziren, Kopetilun zeritzoten hori gizon
ona zelako eta bere arazoaz jabetzen zirelako.
Bikainak izan ziren ehiza eta oturuntza. Okela lehortegiek, astun eta dilindan, buztan luzedun txoriak –mikak— erakartzen
zituzten herrialde osotik; lehortzen zegoen okelaren azpitik,
txakurrak txoriengana zihoazen arineketan, ahausika, haiek
izutzera, ea puskaren bat askarazten zieten edo. Baina andreak
beti begirale zebiltzan, eta, mikak zuhaitzetatik hegaldatzen zireneko, oihu handika zetozen txurroei airean eraginez, biak,
txakur-txoriak, handik aizkatzeko. Ume txikiek ere jolas bat
zeukaten, zartako zenbaketan deitua; lehortegietatik okela txatalak lapurtu eta horiekin ihes egiten zuten euren ezkutalekuetara. Andreek harrapatu egiten zituzten, beste lapurrak bezala,
baina, noizean behin, andre batek ez-ikusiarena egiten zuen
umeren batek dendara ezarian inguratu eta makila batez okela
zatitxo bat botatzen zuenean lehortegitik.
Mundu oro zebilen lanpeturik orain. Denden inguruko eremu
handi bat larruz estalia zegoen; lurrean luzaturik zeuden, okelaren aldea gorantz zutela; andreek horiek marruskatzen zituzten eta mehe uzten, gantz, garun eta beste atal bigun batzuk
nahastuta eta horiekin igurtziz. Lehor zeudenean pilatan
biltzen zituzten dendetan, merkatarientzat, inoiz inor itzuliko
balitz. Azkenik, larru handi bat margotu zuten eta ehiza zelaian
gora zegoen muino baten gainera eraman, eta, han, lurrari itzuli
zioten.
Andreek sokak eta denda larruak ondu eta zurratu bitartean,
gizonek arkuak, geziak, lantzak eta gerra txurroak zegitzaten,
herria defendatzeko prestaketan, eta eraso txikiren batzuk egiteko ere, crow, snake eta pawnee-en aurka. Zaldiak lortuko
zituzten eta, agian, su armaren bat edo beste eta bolbora pitin
bat. Betor negua orain, eta ekaitzak, dendak indartsu egonda,
parflecheak beterik, herria pozik. Andre Urkatuaren kanpamentuan jazotako txarkeria ia ahazturik zegoen, eta soldaduei
tiro egin zietenak hiltzeko hizketa ere bai.
Baina agureetako batzuk ehiza zelaian ibili ziren, lakota batek
inoiz egingo ez zukeen bezala: begiak beti lurrean. Luzaroan ibili
ziren inguruetatik, astiro-astiro, hango gezi hautsi guztien bila,
horien burdin puntengatik. Ume zirenetik egiten ez zen zerbait egin zuten: aurkitutako harrizko geziburu eta lantza punta
guztiak batu zituzten. Astunak izan arren eta hegaldian gezia
beherantz bota arren, onak ziren, armiarmak eginak zirelako,
eta lurrean utziak, hortik barreiaturik, herria behartsu zenerako; eta soldaduak etorri etorri egingo ziren egunen batean.
Ez zitzaien ahaztu burezurrak –jada biluzik eta zuriturik– sartalderantz begira bihurtzen, eguzki handiari begira. Euren anaia
bufaloarentzat egin zuten azken betebehar hori, bera gabe herria hilik baitzegokeen seguru asko.
SOLDADUAK BLUE WATERREN
Azaroan, hosto erortze ilargian, teton lakotek, lehen aldiz, gerra talde bat bidali zuten Platte Garaiko zurien aurka. Hilzorian
zegoen Hartz Menderatzailek Hosto Gorri eta beste senideei
eskatua zien bihotz onez irauteko zuriekiko; baina ezin izan
zuten halakorik egin; eta, herria arriskutik kanpo zegoela iruditu zitzaieneko, eta neguko okela egina eta poniak gizenduta,
Hosto Gorri, Kokots Luze, Buztan Marradun, Hartz Menderatzaile gaztea eta beste bizpahiru, herritik zehar zamalkatu ziren gerrarako jantzita; eta etorkinen biderantz zuzendu ziren,
andreek, haien abiatzeari begira, abesti adoregarriak abesten
zizkietela, pawnee edo crowen aurkako gerra baterako bezala.
Talde txikia zen, eta armatu gabea, baina gizon ederrak ziren,
bruleen arteko hoberenetakoak. Oglalek berehala jakin zuten
haiek abiatuak zirela, eurekin bizi ziren Hartz Menderatzaileren
senitarteko iraitzien bidez. Orduan, Kizkurrek eta bere lagunek
euren herriko gudarien dendak ere ikusi zituzten gerra kantuz
beterik, eta prestaketez eta egitasmoz beterik –bruleek zer
emaitza eskuratzen zuten zekitenerako–.
Kokots Luze, Buztan Marradun eta besteak zurien bidexkatik
oso urrun joan ziren ezer aurkitu aurretik, urte amaiera aldean
gurpil gutxi baitzebilen hautsak harrotuz. Azkenik, kutxa gurdi horietako bat ikusi zuten bidexkan behera etortzen, zuriek
posta gurdi zeritzoten horietakoa. Ibaiertza garaia zen aldean
ostendu ziren, aurreko udako arazoaren kanpamentuko lekutik
ez oso urruti. Gurdia heltzean, tiro egin eta gidaria hil zuten,
eta baita bere ondoan mando zigor luzearekin eserita zihoan
gizona ere. Barruan zihoanari, hankan gezi bat sartu eta alde
egiten utzi zioten, haiek dirua banatzen zuten bitartean, bur96
dinazko kutxa batean topatu zutena. Paperezko zati txiki pila
ere bazen han, eta horietako batzuekin zigarroak egin zituzten,
espainiarrei ikasi bezala. Gainerakoa, eskutadaka haizatu zuten,
eta elurtxoriak bisutsa aurretik bezala hegaldatu ziren. Urre eta
zilar apur bat Bordeauxenean gastatu zuten, eta han jakin zuten
alferrik galdutako paper hura ere dirua zela. Oso barregarria
izan zen euren senide frantsesa jauzi egiten ikustea, zer egin
zuten esatean.
“Sacré!” Bost, hamar mila dolar, zarrasteldurik!”.
Oglaletako batzuentzat ere barregarria izan zen, zurien ordaindiru pila handi hura hegaz urruntzen irudikatzea, edo erretzen,
zume azaltxo batzuk eta tabakoa bildurik. Baina beste batzuek
ez zuten astirik halako barreetarako. Ikusi zuten gazte apur
batzuek –esku bateko hatzez zenbatu daitezkeenak, ez gehiago—, Bide Santura jaitsi eta, zuriak hil zituztela, eta ez zela
soldadurik agertu haiek jazartzera; ezta geroago ere, handik
ibili zirenean, Bordeauxi bisita egiten; edo hark aurreko udan
lurperatutako zurien hezurrak ikustera joan zirenean, ordurako
udazkeneko euritan garbitzen ari zirenak.
Oglala gazteek gertakizun horri buruz hitz egin zuten, eta udaberriaz pentsatu zuten, eta bidexkan ibiliko ziren ondasunezko
gurdi karabana pilaz. Merkatariak oso haserre zeuden: bruleak
zigortu ezean, laster indiar guztiak ibiliko ziren oldartuta, eta
inor ez zen egongo salbu; soldaduak heldu eta gerra izanez
gero, ez zen egongo ehizarako eta larrutarako astirik, akabo
merkataritza.
Oglalak gauza horietaz ere ohartzen ziren, baina ezin gazteei
eragotzi Trumoi Txikiren neguko herrixka bisitatzera igo zitezen. Han, White Earth Riverretik gertu, merkatari kanpamentu
bat egoten zen, frantsesak aurreneko aldiz Missouritik heldu
ziren garaitik. Bertan, gazteek ikusi zutenez, posta gurditik
ebatsi diruarekin su armak eta bolbora erosten zebiltzan; eta
bruleen beste gerra talde batek hartutako gauza pila ere ikusi
zuten, Ward and Guerrier merkatari etxeetan eginiko erasoan
hartuak, soldaduen gotorlekutik gorago. “Ahh-h, bai ederrak zuriek hasitako arazoak!”, ziotsoten elkarri gizon gazteek, sabelak
igurtziz betekada handi baten ostean bezala; eta udaberria helduko zen bere belarrarekin, poniak indartsu jar zitezen.
Hou! Udaberria helduko zen, zartako eta ilajeekin guztientzat.
Iparraldean minneconjouak gerra pipa eramaten ari zitzaien
hunkpapa eta blackfoot lakotei. Haatik, zenbaitek gogora ekarri zutenez, lehenago ere ibiliak ziren elkarrizketetan, indiarren
etsaien aurka gerra handia egiteko; eta ez ziren ados jarri. Agian
hori ere muino gaineko haizetxoa bezalakoa izango zen, besterik ez; edo andreen berriketa bezalakoa, elkarrekin esertzen
zirenean gereziak eta okela txigortua ehotzera wasna-rako
–gudariek eraman ohi zutena bidaia luzeetan, crow eta snakeen
aurka abiatzean–.
Halaxe ba, udazkena astiro zihoan, mardul eta malats, landetako txakurra legez. Nahiz eta ez heldu zurien gauzarik bat
ere, udazkenik hoberena zen; askok zeritzotenez, aspaldi luzeluzean izandako hoberena. Okelatan ez ezik, gauza askotan
zen oparo; parflecheak aranpasaz ere lepo zeuden; eta azeri
mahatsez eta bufalo gereziz; eta muinoan bildutako arbiz ere
bai; eta, dendetako zutoinetatik zintzilik, larruzko zorro asko
zegoen, andreek zerabiltzaten belar sakratuz beterik –sorginentzat huskeria ziren min edo zaurietarako–. Hamaika gauza
gehiago ere bilduta zuten: kolorezko lurrak, eta larreetako astaputzen hauts hori eta marroia, margoetarako; eta haurtxoak
zituztenek, edo haurdun zeudenek, lur zingiratsuetako adaxka
marroiz betetzen zituzten zakuak, sehasken barru eta behealZaldi Zoro
dea bigun janzteko. Gauza horiek guztiak eta askoz gehiago
zemaizkien lurrak lakotei.
Jende gazteak ere biziberriturik zirudien; neskak orein larru
ondu berriei beira aleak josten aritzen ziren, zurien jantzien
eskean ibili ordez; gudariak arku berriak lantzen, eta gerra txurroak, lantzak eta ezkutuak ere bai; eta zaldiak trebatzen, ehizarako eta gerrarako; inoiz baino lanpetuago zebiltzan lakota
gazteak, inork, oso zahar zirenek salbu, inoiz ikusi ez bezala.
Benetan zen ona Bide Santurik ez egotea, ezta hango merkatari etxeak ere, bertan egonkortzeko. Akicitek, zeintzuek kide
mordoa galdu baitzuten gudariek zeregin gutxi izan zuten urte
guzti haietan, jai eta dantzak antolatzen ziharduten orain, mutiko
helduenak euren dendetara erakartzeko, hutsuneak betetzeko
asmoz. Ora sarritan egoten zen Azeri Elkarteko haiekin, bere
anaia zaharra, Zezen Bihotz Gaizto, bertakoa baitzen. Beldur
gaztea, ordurako, bazen Lantza Okerretako partaide –lakota
eta cheyenne, bietariko kide onez betetako denda indartsu
bat–; Ke zaharraren biloba zenez, akicita guztien helburu zen.
Kizkurrek, artean, nahiago zuen Konkorrekin eta inguru irekietan ibili, eta ez jendez lepo eta kez beterik zegoen gudari dendatan, eta hitz potolo, oturuntza eta abesti artean.
Elurra lurrean etzatera etorri aurretik, hainbat erasoaldi txiki
egin zituzten, crow, snake eta pawnee-en aurka. Gerra talde
apur batzuk irten ziren ere, andre eta dendak aldean eramanez, eta bidean pixka bat ehizatuz. Noizean behin Keren
edo forte inguruko beste ganorabakoren baten senideak ere
abiatzen ziren eurekin; eta, orduan, ezarian alde egiten zuten
Bide Santurantz; aldiro apur batzuk, eta andreen kanpamentuan agertzen ziren, harik eta asko izan ziren arte bertan; eta
ez zirudien inork minik eragin behar zienik. Oglalen aitzindari
nagusietako gehienek, baita Hodei Gorrik ere –Keren denda
inguruan hazitakoa zena bere aita hil ostean–, desatseginez ze99
kusaten gauza hori. Kanpamentuak ahultzen zituen, eta, hala,
soldaduak ez ziren hain beldurti izango andre eta umeen bila
etortzeko. Gainera, senitartekoak ziren hango beheko haiek
ere, eta babesgabe egongo ziren armen aurrean, soldaduak
etortzean. Baina beste batzuek ziotenez, forteko zuriak oso
gutxi izaten jarraitzen zuten; ozta-ozta irudi ibiltariak egiteko
beste, eta iluntzeko danba armaz tiro egiteko. Dena dela, soldaduak ez zeuden haserre; hori esan zien Politt Horrek beste
mutilei. Zilarrezko hiru disko handi zituen ilean, ezagutzen zuen
soldadu batek emanak, han behean egona zela frogatzeko. Soldadu hark mutikoa atsegin zuen arazoa aurretik bezalaxe, bere
bihotza ez zen txarra inondik inora.
Hartz Bakarti, Kizkur eta Beldurren semeak, elkarri begiratu
eta, barre txiki batzuk egin zituzten alde egiten zutelarik; Politt
Hori suminduta eta zer esan ez zekiela geratu zen.
“Aizu, Hartz Bakarti, zu ez zara ezer!”, oihukatu zuen azkenik, lur mokorrak jaurtika haien atzetik, umetxo batek egingo
zukeen bezala. “Eta Kizkur horrek gizon zuria dirudi, edo albinoa!”. Soldaduak esandako hitza zen hori, Politt Hori mutilez
kexaka hasi zitzaionean; eta ez zekien zer esan nahi zuen, baina zikinkeria bota balu bezala ahoskatu zuen. Beldurren semeak bazekien hitz hori zer zen, eta besteei esan zien. Bere
aitak zeukan bufalo zuriaren larruari albino deitzen entzuna
zien merkatariei, eta tratu bikaina eskaini zioten trukean, baina
buruzagi zaharrak ez zuen negoziorik egin nahi izan, gauza sakratu bat zelako hura.
Agian Kizkurren larruazalak ere asko balioko zuen, esan zuen,
eta laguna hurbilagotik aztertzeko itxurak egin zituen, bere
beso beltzarana jarriz bestearen ondoan, argi-argia zena eta
zelaren eserlekua bezain leuna. Hartz Bakartik barre egin zuen.
Larrua zen nahi zutena, eta ez zarpail ondu gabea. Gainera
Kizkurren ilajea ez zen kolore sakratukoa, zuria, alegia, edo ia
zuri, begi gorriekin batera.
Ez, erabaki zuten euren artean, Zaldi Zororen semearen larruak ezer gutxi balioko zuen merkatarienean; eta txorakeriak
esatea amaitu zutenean, arkuak hartu eta muino batera joan
ziren besoen indarra neurtzera. Aurreko astean baino jaurtiketa luzeagoa lortu zuten; baina artean laburregi, benetako
gudari izateko. Jakin bazekiten nola bidali urrun geziak: bizkar
gainean etzanda, mokasinak arkuan bermatuta, eta geziari esku
biekin tira eginda atzerantz. Horrek uztai soka kantari jartzen
zuen. Baina etsai baten aurka ezin horrela borrokatu; gudariak
bizkarrak lur gainean izanik, hankak airean. Lotsagarri zatekeen.
Eta Politt Horrek muinora jarraitu zienean zurien berriketarekin jarraitzeko, besteek zaldiak hartu, eta zaldietatik botatzera
jolasten hasi ziren. Horrek herrixkara itzularazi zuen. Zakarregia zela eta norbaitek min har zezakeela esan zuen.
Jende gehiago Bide Santu aldera bizitzera jaitsita, eta soldaduek
begiak norabide horretan ez jartzean, asko igo ziren iparraldeko kanpamentuetara bisita egitera eta konkor errea jatera.
Berriak zekartzaten: euren aita agentea, zeina arazoa guztiz
bukatutakoan agertu baitzen azkenik, bruleen kanpamentuan
gertatutakoa ikusi eta Aita Handiari idatzi zion indiarren aurka.
Egun batzuk geroago, soldaduekin haserretu, eta horien aurka
idatzi zuen. Bestalde, euren lagun Jim Bordeauxi arazoak sortu
nahi zizkiotenak ere bazeuden: zurien berripaperak, mintza ikur
beltz txikiekin; haren inguruko kontuz beterik zetozen horiek,
esanez Hartz Menderatzaileri lagundu ziola soldaduak harrapatzen bruleen kanpamentuan, antilope tranpa batean legez,
zatikatuak izateko. Merkatarietako batzuek ere halakoak esaten
zebiltzan. Agian beldur ziren ezen Bordeauxen mintzaldi indartsuak, ekidin zuenak indiarrak herrialde osoko zuriak akabatu zitzaten, gauzak oso alde jarriko zizkiola Aita Handiarekiko.
Horiek ziren Ganorabakoek kontatu zituzten berrietako
batzuk, eta beti hitz egiten zuten udaberrian etortzekoa zen
soldadu pilaz; gudariei berun betekada galanta emateko adina
etorriko zirela. Hori zioten, hitzok, azukre koskorrak legetxe,
mingainean kiribilduz. Kizkurrek aipatu zionean iragarpen okerrokin zeukaten gozamena, aitak hausnartze txistu hotsa egin
zuen pipa hodian. “Koioteak otsoari ausiki egitea gustuko du,
ahal duenean”, esan zuen.
Negu ona zen; kanpamentuak ibai gordetik zehar barreiatuta
zeuden eta gura adina egur zuten eskura; eta, Kizkur eta bere
aita elkarrekin sarri egindako ehizetatik zaldiz itzultzean, dendek gorritasun gozoa zuten ilunabarrean. Belatz Txiki gazteak
ere ehizan ziharduen, baina neguko jolasak gustatzen zitzaizkion: bufalo saihetsezko lera lasterketak muinoetan behera;
izotzeko sokatira, alde biak larruzko sokari tiraka eta irristaka,
eta barre algaraka erortzean; eta elur sugeak4 , izotz edo elur
izoztutik irristatzean txistu zegitenak.
Lakiolariak izan ezik, zuri gutxi agertu ziren indiar herrialdetik
negu hartan, eta taldeka, betiere. Beldurren dendara zihoazen zuzenean, edo Hartz Eseri edo Hartz Azarrirenera, gizon
horiek herrira heldutako bisitaria babesteko ohitura zaharrari
indartsu eusten baitzioten, baita crow etsai bat balitz ere. Beti
bezala, lakiolariek oparitxoak egin zizkieten andreei eta neskatxei; baten bat emazte eraman ere, noiz edo noiz. Kizkurren
Elur sugeak, jatorrikoan snow snakes; Ipar Amerikako indiarren jolas edo
kirol mota; enbor bat elurrezko ildo batetik irristatzean datza (Itz. oharra).
arreba eraman nahi izan zuen gizon batek, baina haren begiek
sutsuki behatzen zuten gudari gazte baten aldera, Txurrodun
zeritzotena, eta aitak egokiagotzat jotzen zuen hori.
Zuriek burdinazko lakio batzuk ere utzi zizkieten, igaraba, kastorea eta bisoia harrapatzeko era hori ikasi zutenei; udaberrian
itzultzekoak ziren lakiook, eta horiek erabiltzen uzteagatik larru
batzuk eraman zituzten ordainetan. Hauts zuri pitin bat ere
utzi zieten, hil arte gaixotzen zituena otsoak, horiek gehiegi
hurbiltzen zirenerako zaldi- behorrengana umaldi sasoian.
“Haien harrapakin berbera erabil ezazue karnata gisa; erbia,
edo zaldikoa edo dena delakoa”, esan zuen Garnier zaharrak,
erakusten zielarik zenbat pozoi bota eta zelan ezkutatu haragi
puska iletsuan. “Pitin bat besterik ez aizto puntan eta ...fiu!”,
hiltzeko keinua egin zien atzamarrarekin.
Baina herrian erakutsitako jokabide lagunkoi horrekin guztiarekin ere, hainbat gazte aldendurik ibili ziren lakiolari zuriengandik, euren mantei goitik helduz, doi-doi begien azpitik, eta erne
eta mesfidati begiratuz.
Negua igaro zen, belarra erne zen eta zaldiak sasoitsu hazi ziren; eta, artean, bakeak zirauen zuriekin; gerra bidea hartutako
talderik ez zen; soldadurik ere ez, Bide Santuan. Horrenbestez,
indiarrak, euren eguzki dantza egin, eta udako kanpamentuetara sakabanatu ziren. Ganorabako guztiak alde eginik ziren;
gizon zurien emazteak haiengana itzulita, bidexka inguruetara;
baita Ahohandiren arreba ere Salawayrekin, Gratiot etxeetara.
Dena zen lehen bezala.
Gerezi gorritze ilargian, uztailean, brule gerra talde bat Platte
behealdera jaitsi zen. Omahek Missouri aldeko euren artasoroak utzi ohi zituzten sasoia zen, udako ehizara joateko, Loup
eta Elkhorn ibaien arteko bufalo zelaietan, eta borroka onen
bat edo beste izango zuten. Gerra taldeko batzuek, hala nola
Buztan Marradunek eta Burdin Balak, emazteak zeramatzaten;
baina, gainerakoak, gazte eta mutikoak ziren gehienbat; oglala
gutxi batzuk ere bai, espedizioaren berriek erakarrita, eta zaldi ederren esperantzak. Kizkur, bere amaren jendea bisitatzen
ari zena, han abiatu hura ere. Ekialdeko etsaiaren herrialdea
ikusteko lehen aukera zuen, eta bere lehen bidaia bere senide
brule urruti-joaleekin.
Gudari batzuk Loup ibaian behera joan ziren zaldi batzuk
atzematera, pawnee-en lurrezko etxeen herri handira; besteak, bitartean, omahen gau kanpamentua aurkitu eta, zaldi
hoberenen konpadak moztu eta, horiekin joan ziren. Hurrengo egunean, gudarietako asko euren zaldi lapurtuen aztarnak
jarraitzen zebiltzanean, lakotak haien kanpamentura oldartu ziren5 . Erasoan hiru omaha erori ziren. Kizkurrek sastraka artean
ezkutatzen ari zen bat jo zuen. Bazekien jaurtiketa ona egin
zuena, indiarra tente jarri eta atzeraka erori zelako. Bere lehen
etsaia hiltzeaz pozik, mutilak jauzi egin zuen, eta, gudariaren
ilajea altxatzeko aiztoa prest zeukanean, txirikordak baino ez
zituen aurkitu. Andre bat hil zuen.
Une batez mutila aiko-maiko geratu zen. Bazekien ilajea onetakoa zela, lotsagarriago baita gudarientzat euren andreak
hiltzen uztea eurok hil daitezen baino. Hortaz, ahalegindu zen
ile txirikordatua mozten, baina andrea gaztea zela ikusi zuenean, adatsa aratz eta distiratsu zeukala, eta gaztaina kolorekoa
bere arrebarena legez, apur bat alditxartu zen. Halaxe ba, joan
egin zen; har zezala ilajea beste batek.
Siuxen erasoa omahei, 1855eko uda.
Ordurako, lakotak lur garaiagora aldenduta zeuden, denak
Buztan Marradun izan ezik. Zaldi oso arin baten gainean, bere
era sakratuan ongi margoturik, omaha kanpamentuari eraso
zion zuzenean; etsaiek, joan-jinean paretik igarotzen zitzaienero, armekin sendo ekiten zioten danbadaka. Behin baino gehiagotan egin zuen hori. Ke urdinean barrena zamalkatu zen,
bere emazteak irrintzia egiten zuela, eta beste gudari askok euren mantei eragiten zietela, argi ibil zedin deika. Hiltzeko egun
hobeak egongo ziren, etsai gogorragoen aurka artaindiarrak
baino. Baina beste batzuek brulearen zorkia egun horretan ona
zela zekusaten, eta oihu eta garrasi zegioten, adore emateko.
Azkenik, itzuli egin zen, eta etxerantz abiatu ziren denak, omaha miatzaileak haien atzetikzeramatzatela, herrialdetik bazihoazela ikusteko. Lakotak pozik zeuden: pawnee- ei eta omahei,
bi-biei, zartakoak jota, eta zaldi eder batzuk eta omahen lau
ilaje lortuta. Kizkurri berea galtzeagatik adarra jo zioten.
“Era horretan sekula ez zara inora helduko herrian, edo neskekin”, esan zioten. Abestitxo bat egin zuten horretaz:
Hona hemen gazte azarria
baina memelo halakoa
aizto onik gabea.
Beroaldia hartu zuen hasieran, baina lagunkoi barre zegiten hori
abestean, andreek ere parte hartuz; beraz, lasaitu egin zen. Ez
zen forte inguruko ganorabako haiek berari buruz abestiak eta
txantxak zegitzatenean bezain txarra; Politt Horrek abesten
zuena bezala:
Senide lander bat dugu gure artean
ia biluzik ibiltzen dena
ez du ezer ederrik aldean.
Behin, bere aitak hori entzun, eta, mutilei deitu eta, antzinako
istorio bat kontatu zien; istorio eder bat, arriskuan zegoen nazio batena, zeina gizon pobre batek salbatu baitzuen. Aspaldi izan zen, oglalek zaldirik ez zeukatenean; ez orain bezala,
edonori emateko adina zeukatela. Gizon horrek, txiroa zenez,
oinez ibili beharra zeukan, eta herriko besteengandik nahiko
atzeratuta geratu ohi zen; orduan, halako batean, etsaia heldu
zen. Bestea, atzeratuta zegoenez, aztarnei jarraika zetozenak
ikusi, eta, ezkutatu ordez, bidera atera zitzaien; eta, hari eraso
egitean gudariek egin zuten zaratari esker, besteak arriskuaz
ohartu ziren; eta, ilajea erauzi eta gizona zatitan ematen zuten
bitartean, andre eta umeak denak onik atera ziren.
“Hobe da gizon ona izatea, muinoak zure poniz ilunduta edukitzea baino”, esan zien. Eskerrak eman zizkioten, ohitura zenez, eta joan ziren; baina Zaldi Zorok bazekien bere hitzak
oso ahulak zirena haietako askoren artean, bera gizon gurena
besterik ez zelako, eta Ganorabako gehienak zuriek zeukaten
botere motan zeudelako interesaturik, eta ponietan.
Kizkur horrelako gauzez gogoetatzen zihoan, bruleen gerra
taldea gero eta gehiago urruntzen zelarik borroka lekutik.
Atzetik zetozkien omaha miatzaileak biratu eta joan egin zirenaren berri eman zuten, eta kanpamentu osoa Beaver Creeketik behera zihoala ehizatzera; orduan, lakotek aurretik inguratu
zituzten. Altze bila joandako bi gizon aurkitu zituzten. Batek
alde egin zuen, baina bestea oso jarkia zen. Zaldi uher arina
eduki arren, belar gainera jaitsi eta tiro egin zien lakota erasotzaileei. Aurreneko tiroak huts egin zuen, baina bigarren bat
egon zen berehala, eta lakota gazte bat jo zuen, omaharengana
heldu nahian zebilena hark arma berriz kargatu aurretik. Besteek gizona harrapatu zuten, eta bere tiro biko arma bikaina
ere bai. Orduan, ikusi zuten ez zela indiar odolgarbia, baizik eta,
litekeena, merkatari semea; eta, ziur aski, gizon garrantzitsua
bere herrian, zelako jantziak zeuzkan ikusita. Gudariak omaha
kanpamentura zamalkatu ziren haren ilajea eta zaldia erakusteko, eta hangoek, gauza horiek ikustean etsaiaren eskuetan,
garrasi egin zuten, seinalatuz, eta andreek adia ozena goratu
zuten. Gizonezkoek, berriz, tiroka ekin zioten, eta borrokaldi
luzea sortu zen, hiru ordukoa edo. Omahek, guztiek zeuzkaten
su armak, eta itzuritako hark jakinaren gainean jarri zituenez,
andreek lubaki eta zuloak egin zituzten kanpamentu inguruan,
borrokan ziharduten gudariak babesteko. Beste omaha bat
zauritu zuten, baita zaldi batzuk ere; besteek, bruleen zenbait
zaldi lurreratu eta gizon bat kaltetu zuten. Nahikoa zen.
Lakotak euren kanpamentura itzuli zirenean, Burdin Balak eta
Buztan Marradunek taldeari hitz egin zioten. Zirudienez, ez zuten hil merkatari seme bat soilik –berez txarra zena–, baizik
eta Fontenellen semea, Laramieko fortean bizi izan zena behin, merkatariak zirenean haren jabe. Amaren aldetik, semea
gizon handia zen omahen artean; aurreko urtean Washington
zeritzoten lekura joana zen, eta bertan buruzagi egin zuten.
Horren hilketak arazoak ekarriko zizkien Aita Handiarekin eta
soldaduekin; eta merkatariekin eta horien semeekin.
Hortaz, etxera abiatu ziren, zer egingo zuten asmatu nahian
abiatu ere. Heldu zirenean, eta brule kanpamentuan behar
bezala ospatu zutenean, zaldi lapurreta eta zenbatutako pawnee zartako parea aipatu zituzten. Omahen aurkako erasoa
apur batzuei soilik aipatu zieten; merkatariei edo forteko andre
kanpamentukoei kontua eraman ziezaiekeen inori ez zioten
ezer esan; eta, orduan ere, ez zuten aipatu merkatari seme hilarena; horren ordez, zera esan zuten, Kizkurrek omaha andre
bat bota zuela gezi batez sastraka artean, eta garrantzi handia ematen ibili ziren kontuari, andrea erreserba batekoa zela,
ile gaztainkara zuela, aita merkataria izateko itxura zuela... Eta
hori jakiten bazen arazoak izango zituztela bruleek eta oglalek;
Kizkur eta bere sendiaren kanporatzea lekarkeela agian, zuriak
poztearren; lakota batzuek zuriei jarraitzen zietelako bufalo
txahalak bere amari legetxe.
Horrenbestez, lau ilaje omahak suntsitu egin zituzten. Fontenellen zaldi uher bikaina, zurien burdin marka aldean zuena, ordurako askatuta zuten, aurki zezan nor edo nork; aurreko apatx
batean zauri txikia egin zioten, pixka bat herren egin zezan, eta,
horrela, ez zedin behe lurretara itzuli.
Bufalo zezenak sartaldeko lurretara jaistean, bruleak erakarri
zituen ehizaldi bat egitera. Kizkur ere bazihoan, oso isilik, beti
bezala, baina Buztan Marradun eta besteek gudaritzat hartzen
zutela. Orduan, gereziak ilundu ahala, Ganorabakoenetik bisitariak heldu ziren berriak ekarriz: nor jaio zen, nor hil eta
abar. Larru Urdinen kontua ere bazekarten, gotorleku inguruko
haiengana heldu zena, bere herritik iraitzia izan ondoren arazoak sortzeagatik, denden atzealdera joaten aritu izanagatik,
guztien andrea balitz bezala. Agureek barretxoak egin zituzten
euren pipekin horren kontura; halakoxe andre bat soldaduenera eramatea eta cheyenneen ohitura hura, gudariei andreen
grazia ematekoa, biak antzerakoak zirelakoan; bata ala bestea
egin, ezin jendea babestu eta okela salbu gorde; gauza jakina
baitzen andreak bere bertutea galtzen duenean bufaloa aldendu egiten dela; baina zoritxarrez ez zegoen zer eginik horretan,

You have read 1 text from Basque literature.
Next - Zaldi Zoro - 07
- Parts
- Zaldi Zoro - 01
- Zaldi Zoro - 02
- Zaldi Zoro - 03
- Zaldi Zoro - 04
- Zaldi Zoro - 05
- Zaldi Zoro - 06
- Zaldi Zoro - 07
- Zaldi Zoro - 08
- Zaldi Zoro - 09
- Zaldi Zoro - 10
- Zaldi Zoro - 11
- Zaldi Zoro - 12
- Zaldi Zoro - 13
- Zaldi Zoro - 14
- Zaldi Zoro - 15
- Zaldi Zoro - 16
- Zaldi Zoro - 17
- Zaldi Zoro - 18
- Zaldi Zoro - 19
- Zaldi Zoro - 20
- Zaldi Zoro - 21
- Zaldi Zoro - 22
- Zaldi Zoro - 23
- Zaldi Zoro - 24
- Zaldi Zoro - 25
- Zaldi Zoro - 26
- Zaldi Zoro - 27
- Zaldi Zoro - 28
- Zaldi Zoro - 29
- Zaldi Zoro - 30
- Zaldi Zoro - 31
- Zaldi Zoro - 32
- Zaldi Zoro - 33
- Zaldi Zoro - 34