Zaldi Zoro - 02

ziren baina bihozgabeturik zeuden batzuk ere: itxarote luzearengatik eta parfleche-en3 hustasuna ikusirik, ordurako umeak
gosetzen hasiak zirelako. Agentziako aita berria han beharko
zukeen aspaldi, euren ondasunak banatzeko; horrela, bufaloa
ehizara joan ahal izango ziren azkenik, lehortegiak okelaz bete,
eta larruak egin negurako; ordurako elurra barreiatzen hasita
baitzegoen White Mountains edo Big Horns zeritzoten tontorretatik. Laster, zaharrez gainera, beste batzuk ere hiltzen
hasiko ziren, agentea etorri ezean.
Itxarotea jasangarria iruditu zitzaien hasieran, neguko azken
orduan larru apur batzuk lortu baitzituzten frantsesekin
trukatzeko; han, sarritan, zorki beltza, kafea, egon ohi zen; eta,
aldizka, biolinen eta txirulen musika ere bai, eta merkatariek
lakota andreekin izandako umeek euren aiten dantzak dantzatzen zituzten. Bidexkako bidaiariei begira egoteko astia ere izan
zuten. Batzuk bufalo lurretatik jaitsi gabe zeuden azken Biltzar
Handiaz geroztik, duela hiru urte. Beraz, bisita ugari zebilen, eta
txutxu-mutxu eta berriketa asko; eta marrazki-idazleek berriro konta zitzaketen herriaren ehizaldi eta gudaldi handietako
istorioak. Dantzak ere egon ziren, zin egitekoak eta zeremonialak, eta berriz elkartzearen zoriona ospatzekoak. Zaldi berriak
probatu behar ere lasterketan, eta lakotek euren aberastasunak jokatzen zituzten makalen pean, hantxe esertzen baitziren
apustulariak eta hantxe zaldiak lotzen. Arratsaldeetan, mantan
bilduta, zangarrek errenkadan itxoiten zuten lakota andre gazteren batekin solas egiteko aukera; aurreko urtean bere lehen
atorra jantzitako neskatila lotsati bati, agian orain, bat-batean,
denbora gehiago eskaini beharko zitzaion; baita zaldi eta opari
asko ere, agian.
Baina merkataritza aspaldi amaiturik zegoen; larruren bat geratuko zen, ozta-ozta, whisky pitin batengatik trukatzeko, oharkabean, andreak inguruan ez zirenean. Bisitak ere guztiak eginak
zeuden, dantzak eta andre gorteiatzeak ere bai. Belarra hain,
urriturik lasterketako zaldiak etorkinen behorrak bezain makal
zeuden. Bufalo ehizara joateko tenorea zuten, eta –debekaturiko— borroka eta zaldi lapurreta pixka bat egitera joatekoa
ere; crow, snake eta baita zaldi bikainak zeuzkaten pawnee-en
aurka. Gauza horiek bihurtzen baitzuten ume bat gizon.
Arratsaldeko freskotasuna heltzeaz bat, andreak beheko suen
inguruan makurturik jana prestatzen eta gizonak kanpoan berriketan eta erretzen zebiltzala, agure batzuk bidexka inguruetan
esertzera joan ziren tarte batez; tabako pitin bat eskatzera, edo,
larruzko gainjantzietan bildurik, hausnartzera, euren herrialdera zuri gehiago nola heltzen ziren ikusi bitartean. Den-denak,
baita andre lanpetuak ere, zereginak utzirik, ekialderantz begira
geratu ziren zelaitik gurpil arinez zetorren agentziako gurdiari;
haren aurretik eta atzetik zamalka, urdinez jantzitako zaldizko
soldaduak baitzeramatzan. Ezin Esku Hautsia izan, Fitzpatrick
euren lagun zaharra. Hura zurien hirira joan, eta hantxe hil zen
gaixorik. Horrenbestez, beste aita bat izango zuten; haatik, argi
zegoen gizon motela zela hori.
Ordurako, negua mendietara heltzen ari zen, eta Platte inguruetan bidaiari gutxiago zebilen; gehienez jota, garraiolariak eta
etorkinen gurdiren bat edo beste. Urrutian, zuriek mormoi
zeritzoten horietako bat agertu zen, hanka zauritutako behi
bat gobernatuz, makila sendo batez joka eta, estu eta larri lasterka, oso atzeraturik baitzihoazen. Behealdeko denden biribilera –bruleenera— heltzean, ume talde bat agertu zen ponien
gainean asapalan, bidexkarantz abiatuz, dena oihu eta garrasi, lehia bizian. Haien builarekin, behi zaharra, buztana altxatu
eta Bide Santutik iheska atera zen gazteen aurretik, nora eta
kanpamentuko biribil erdira, hain zuzen ere. Burua makurtuta, zabalik zegoen lehen dendara sartu eta beste aldetik atera
zen, adar artean jantzi nahaspila bat eramanez. Zutikako ezkutu bat lurrera bota eta arrapaladan jarraitu zuen, lapiko eta
parflecheetan hankak sartuz eta eskegilekuetako sokak aurretik
eramanez. Atsoak arineketan irten ziren haren atzetik, aieneka
eta builaka; umeak oihuka eta txakurrak zaunkaka; gizonak ere
sortutako anabasa ikustera atera ziren. Azeri elkarteko gudariak, akicitak, herrian ordena jarri nahian, dendetatik lasterka
irten ziren. Behiaren jabea haren atzetik joan zen kanpamentu
ertzeraino, baina ehunka indiarren ikuskizunak izutu, eta, makilari eraginez, indiarrei mehatxuka bezala, gurdi karabanaren
atzetik joan zen, pausuz pausu atzeraka –heyoka dantzariak
egin ohi duen bezala—; gurpil aztarna sakonetan estropezu
egin eta erorka joan zen, behiak egina zuen bezala. Agureak
barre algaraka hasi ziren hura alde egiten ikustean.

Bidexka inguruan, brule agureek, tiro hotsa entzutean, ahoetatik pipa hodiak kenduta, burua tentetu zuten, belarriak erne. Pipak orein larruzko poltsa parpailadunetan berehala gorde, eta,
hanka gogortuak luzatuta, euren larruzko gainjantziak bildu eta
behiaren berri jakitera joan ziren. Akabo bakea.
Hurrengo goizean, Hartz Menderatzaileren emazteak senarraren zaldiari zela jarri, eta lakoten buruzagia, aitzindari multzo
batek lagundurik, soldaduen gotorlekurantz abiatu zen. Lelokeria galanta zirudien halako egun bero sargoritsu batean
kanpoan ibiltzea; zergatik eta behi zahar batengatik. Baina Bordeaux bere merkatari etxeetatik etorria zitzaien, gaztigatzera
mormoi zuria gaizki esaka aritu zela, eta soldaduei berri emango ziela behiaren galeraz. “Indixuok garbittu bikoittugu suge
kabi bat lez!”, esaka ibili zela.
Bordeauxek, indiar lurrean aspalditik merkatari zebilenak eta
bruleengana ezkonduta zegoenak, baso bete ur zerbitzatu zion
gizonari, baita hamar dolar eskaini ere behiaren truke, zeinak
sekula ez baitzuen lortuko mendiak zeharkatzea Salt Lakera
heltzeko, hain zen makala. Baina mormoiak hogeita bost dolar
nahi zituen; eta, hala ere, indiar lapur eta harrapakari horietaz
gotorlekuan kexatzeko asmoarekin zerraien. Jakina dena lelokeria galanta zena, onartu zuen frantsesak, baina agian Hartz
Menderatzailek hobe zuen gotorlekura joan eta soldaduen
buruzagiarekin hitz egin.
Halaxe ba, zaldiak hartuta, bera eta bere jarraitzaileak kanpamentutik irten ziren; bidexkatik gora jo eta Laramierantz abiatu
ziren. Eguzkiak gogor berotzen zuen, eta bruleak ofizial kapela
zeraman jantzita, Biltzar Handian Aita Handiak oparitutakoa.
Goialdea moztua zion, haizea sar zedin, eta luma bat ipini apaingarri gisa. Ofizialen jaka ere zeraman jantzita –hori ere aldi hartan eman zioten, eta jadanik kilkerrek zulatuta zegoen—; zin31

tzilika eta aske zeraman indiar zimel eta gihartsuak, udaberrian
hartzak larrua bezala; edonola ere, soldaduek atseginez hartu
ohi zuten hori. Bere zaldiko zelaren aurrealdean gurutzaturik,
buruzagi manta urdin ederra zeraman, beira alezko marra zuriekin; eta, bularrean dilindan, txirikorda luze parea, pantera
larruzko sokez hain estu loturik non nekez mugitzen ziren trostan zihoala bere menpekoen artean; beste horiek zilar ilajezko
orein larruz jantzirik zihoazen.
Bai Bordeauxeneko oholesitik bai kanpamentu handitik zehar
igarotzean, jendetza atera zen, nola zihoan ikustera eta keinu lagunkoi batez agurtzera; eta zenbaitek elkarren artean
aipatzera ere horrek bere probetxurako baliatuko zuela txangoa; bere andreentzat gorri-gorria ekartzeko, jakina; eta kafea
eta azukrea ere bai, bere lagunak gonbidatzeko; eta auskalo
beste zer isil-gordekako mesede lortzeko ere zurien eskutik.
Bruleen Hartz Menderatzaile, maiz Hartz buruzagia deitua,
edo Hartza, besterik gabe, lakota buruzagien artetik lehenetarikoa izan zen Shell-ean, Platte River lurraldean, larru konpainia
bateko merkatariei beste batekoen aurka laguntzen, mesede
eta oparien trukean. Laster, baina, Aita Handiak kexak jaso
zituen beste konpainien aldetik, indiarrek sortu arazoengatik,
zaldi eta larru lapurretengatik, eta zurien bizia arriskutan jartzeagatik, eta errua egotzi zieten American Fur Companykoei eta
haien soldatapeko buruzagiari. Hortaz, Hartzaren izena ezagun
bihurtu zen, Biltzar Handira joan baino lehenagotik ere: zurien
lagun izan zitekeen. Biltzarrean zera eskatu zieten, Aita Handia
zuri guztien buru zen era berean indiarrek ere buruzagi nagusi bakar bat hautatzea lakota guztien ordezkari; eta, horrela,
gizon biek hitz egin ahal izango zuten beraien jende guztiaren
izenean.

Indiarrek arrano lumazko haizemaileak ipini zituzten euren
aurpegien eta hizlariaren artean, hitz horiek entzun ez izana
desiratuz. Eskari hori betetzea ez baitzen gauza batere erraza.
Lakotek ez zuten inori jarraitzeko joerarik, behorrek egin ohi
duten bezala, eta, antza, zuriek egiten zuten bezala. Gaur horri
entzungo zioten, bihar beste hari, edo inori ere ez, jende librea
baitziren.
Baina, Aita Handiak hori betearaziko zuela argi geratu zenean,
lakota bufalo ehiztarien hogeita lau buruzagiak –goikoak, Yellowstonekoak eta Missouri aldekoak ere bai— biribilean eseri
ziren, zer egin zitekeen ikusteko asmoz, beraietako bakoitza
makila margotu batekin, gogoko hautagaiaren eskuan jartzeko. Luzaroan egon ziren batzarturik pipatzen, baina adaburuetan dabilen haizea bezalakoa izan zen: ez zen ezer atera
hortik. Oglalekin aspaldiko arazoa zegoen, hantxe eserita zegoen Ke zaharraren ilobak, hots, Hodei Gorrik, eta berorren
jarraitzaileek Zezen Hartz hil zutenetik, Bear oglalen buruzagia
zena. Ipartar indiarrek –minneconjouek, hunkpapek eta bestelakoek— esan zuten beraiek ez zeukatela bat ere makilarik buruzagi merkatari eta Forte Inguruko Ganorabakoentzat.
Bruleetako batzuk ere saiatu ziren esaten buruzagi nagusi bat
aukeratu behar hori lelokeria hutsa zela, eta beraiek itxura ona
ikusten ziotenean soilik jarraituko ziotela, eta txarra zenean
bizkar emango ziotela.
Horrenbestez, azkenean, Mitchell zeritzoten soldadu buruzagiak esan zuen haiek ezin bazuten buruzagi bat aukeratu berak
egingo zuela, eta hori bruleen Hartz Menderatzaile izango zela.
Erori baina ezer bustitzen ez duen euria bezala heldu ziren
hitzok indiarren belarrietara. Iparraldeko jendea urrunegi zegoen kezkatzeko; oglalak banaturik, bitan zatitutako harkaitza
legez; eta bruleen artean, buruzagi merkatarien aldeko ez zi33

renek ondo zekiten Hartz Menderatzaile oso indartsua zela,
ahotsez eta besoz, anaia indartsu askorekin –bietarikoak: odolezkoak zein adoptatuak—; Hosto Gorri, Buztan Marradun eta
Kokots Luze bezalako gizon apartak, akicita gudari elkarteetan
handi zirenak; halakoxe hogeita hamar anaia zeuzkan hark.
Zuriek bazuten paper buruzagi bat, beraz; eta lakotek ordu
arte bezala jarraitu zuten, baita han ere, Shell zeritzoten ibai inguruetan hedatzen zen lurraldean; soldaduak zeuden horretan,
hain zuzen ere; eta bazirudien gutxik gogoratzen zutela itun
handia azkenik sinatu zenean idazluma ukitu zuen oglalarik ez
zela bertan egon.
Iluntzen hasia zen. Ipar-mendebaldean, oinaztuek urrutiko tiro
hotsak ziruditen gauean, Hartz Menderatzaile Laramieko soldadu hiritik itzuli zenean. Oglalen kanpamentuan gelditu, eta heraldo zaharrari jarraitu zion erdigunean zegoen batzar dendara;
han, beste buruzagiak eltxoak uxatzeko su ketsu baten inguruan eserita zeuden. Isilik zegoen buruzagia gau hartan, zetorkienarekin bekozkodun eta pentsakor, eta bereziki bi gizonekin
hitz egin nahi zuen: Bear herriko buruzagi Zauri Okerrekin,eta
Etsaiak Bere Zaldiaren Beldur Dira, edo, besterik gabe, Beldur deitzen zutenarekin, zeina Hunkpatilen buruzagi baitzen,
eta zeinaren jarraitzaile izandako asko, gaur egun Kerenak
baitziren. Baina gizon zaharragoak ere bazeuden han, hala nola
Ke bera, eta horiei begirunea erakutsi beharra zegoen. Hortaz, Hartz Menderatzailek bere gorputz argala erortzen utzi
zuen biribilean beretzat gordetako lekuan. Isiltasun pipa erretakoan, Laramieko gotorlekuko egunari buruz mintzatu zitzaien
guztiei. Behi deslaiaren berri ba al zuten guztiek? Xerlo Zuzen
minneconjouak hil zuena? Bruleen denden biribil erdira sartu
zen, eta, hura gobernatuz zetorren gizonak alde egitean, behia

hil zuten, hark eta beste batzuek, eta jan egin zuten, mokasin
zahar bat jan zitekeen era berean, ez askoz hobea, hain zen
makala eta urtetsua. Baina, edonola ere, jan egin zuten, euren
aita agentearen zain egindako itxaronaldi luzean oso okela fresko gutxi izan baitzuten.
“Hou!”, harrotu ziren ahotsak biribil inguruan. Egia zen, itxaronaldia luzea zen, eta ehiza hain urria okela lehortu behar izan
zuten, ia ustelduta geratu arren gero.
Hartz Menderatzailek soldadu buruzagiari esan zion gazte
minneconjouak ez zuela inor mindu nahi izan. Behiaren jabeak
hanka egin zuen aberea bertan utzirik, eta, horrenbestez, indiarrek okela egin zuten. Baina bake paperean esaten zenez,
indiarren eta anaia zurien artean inoiz arazorik sortzekotan,
Hartzak bakea ezartzen lagunduko zuen; beraz, joan egin zen,
bere herriko agure bat hilzorian egonda ere, eta horrelako zerbait zegoenean batzarrik egitea gauza ona ez bazen ere.
Hasieran, ofiziala lagun gisa mintzatu zen, tabakoa eskaini
erretzeko, eta ogia, melaza eta kafea zerbitzatu zituzten eurentzat. Behiari buruz barre egin zuen: halakoxe askok uzten
zituzten hezurrak etorkinen bidexkatik otsoentzat; oraingoan
indiarrek aurkitu bazuten lehenago, txikikeria zen hori, larru
pare bat edo diru pixka bat ordainduta ziur konpon zitekeena.
Baina, antza, soldaduen buruzagiak ere bere gazte suharrak
zituen, borrokatzeaz eta gerraz ozen hitz egiten zutenak. Horien arteko okerrena –inguruan zeuzkan batzuek ondo zekitenez– Grattan tenientea zeritzoten hura zen; indiarrentzat
hitz gaiztoak besterik ez zeuzkan hark, ekialdeko soldadu hiritik
heldu zenetik. Gainera, itzultzailea ere mihi okerrez mintzatu
ohi zen, buruzagiaren hitzak bihurrituz zaldi basati batek soka
legetxe.
“Wyuse izan da?”
Bai, Wyuse, betiere, iowen merkatari seme Lucien deitua.
Lakota andre batekin ezkonduta egon arren, sarritan eskatua
zuten beste itzultzaile bat jartzea gotorlekuan, euren hizkuntza
zekien bat, eta eurekiko bihotz ona zuena; Antoine Janis, esaterako, edo bere anaia Nick. Baina beti zen Wyuse. Ozta-ozta
lakota hitz apur batzuk ulertzen zitzaizkion; mozkorti hutsa, eta
otea mokasin zolan baino txarragoa. Egun horretan bi- bien
hitzak okertu zituen, Hartz Menderatzailerenak eta Fleming
soldadu buruzagiarenak, harik eta gizon zuria gorritu egin zen
arte, ordainketa ez zela nahikoa esateraino azkenik. Xerlo Zuzen ekarri egin beharko zuten eta giltzapetu.
Hartz buruzagia ahalegindu zen esaten gizona ez zela eurentarra, gonbidatu bat baizik, gonbidatuek dauzkaten eskubide
sakratuekin. Minneconjouak ipartar lakotak ziren, ez zituzten
zuriak ezagutzen eta haien burdin etxearen beldur ziren. Odolberoa zen, eta izutuz gero Xerlo Zuzenek arazoak sortuko zituen. Zergatik ez itxaron euren aita agentea etorri arte? Hark
esango zuen zer egin.
Ofizialak ez zuenez itxaroteko asmorik, Hartz Menderatzailek
iradoki zuen behiaren gizona etortzea eta har zezala berak nahi
zuena buruzagiaren hirurogei zaldiko taldetik, gazte eta bizkorrak guztiak, pawnee abererik hoberenetakoak.
Haatik, ofizialak hori ere ez zuen onartzen. Indiarra ekarri
behar zioten. Biharamunean hamar edo hamabi soldadu joango
ziren herrixkara, eta Hartz Menderatzailek lagundu beharko
zien gaztea atxilotzen eta eramaten.
“Ahh-h!”, harridura eta kezka hotsak biribila inguratu zuen, eta
horren atzean ilunpe ketsuan eserita zeuden andre eta umeen
artera ere zabaldu zen. Soldaduak lakota kanpamentu batera

etorri; eta zergatik eta behi batengatik; behi gaixo bat, aztarna
odolduak utziz zihoana, eta okela ondu gabeko larrua baino
gogorrago zeukana.
Azkenik, Hartza etxera abiatzean, Beldur ere jaiki, eta elkarrekin joan ziren ekaitzak ilundutako zidorrean behera; oinaztu
batek gaua argitzean, bi zaldiak gertu-gertu ageri ziren, haien
apatxek astiro eta leunki zapalduz zihoazela etorkinen bideko
hautsa.
Joanak zirenean, oglalak belar orban txikietatik sakabanatu ziren, pipen txistutxoen artean hitz gutxi batzuk esanez. Hitz
larriak, haietarik zenbaitek; Kek eta bere taldeko agureek esandakoak, adibidez. Iparraldeko gudari gazte eta suhar horiek,
minneconjouak, iraitzi behar zituzten jende ona arazoetan nahastu aurretik. Biltzar Handian, brule baten ordez oglala indartsu bat egin balute paper buruzagi, dagoeneko egina izango
zuketen hori. Bisitarien dendak hogeira ere ez ziren heltzen.
Halaxe mintzatu ziren, euren artean gizon indartsurik ez zela
jakinda; oglalak bitan zatitutako harkaitza baitziren, izan ere.
Euren ostean, andreak isilik eserita zeuden; han-hemenka, norbaitek, bularrean manta estutuz, urrutira begiratzen zuen, ibai
ilunerantz eta harago ziren bufalo lurretarantz, Bide Santutik
eta soldaduengandik urruti. Bai, euren aita, agentea, gizon motela zen egiazki.
Gazteak ere luze mintzatu ziren minneconjou horiei buruz.
Eurek, oglala eta bruleek, gauean iheska ibili behar zuten –horrela, euren buruzagiek esan ahal izateko ez zituztela joaten
ikusi–; minneconjou horiek, ordea, gudariak ziren artean; eta
alaiki eta agerian zihoazen crow, snake, hohe eta blackfeeten
aurka; abiatzerakoan erakustaldia eginez herritik zehar; antzina legez; euren margo eta lumekin; euren gerra kantuak kantatuz; lantzen puntak eguzkitan dir-dir, andre guztien ikusgai.
Gotorlekuko soldaduekin ere tiroka ibili ziren aurreko udan,
eta etsaiekin inoiz borrokatu gabeko edozein lakotak inbidia
zien. Baina agureen mokasin orpoetako parpailetan ikara eragiten zuten, horiek guztiz zaleturik baitzeuden azukrea, kafea eta
whiskyarekin, eta beldur baitziren zurien gauza bigun horiek
galtzeko.
Oglalen zenbait mutil, hala nola Ora gaztea, Hartz Bakarti edota Beldurren semea –euren bufaloa akabatu bai, baina etsaiekin
sekula borrokatu ez ziren gaztetxoak batez ere— muino bateko hondar epeletan zeutzan, etorkinen bide ondoan; kanpamentutik zetorren keak euren bizkar biluziak inguratu eta eltxoak aienatzen zituen. Oinaztuak hurbildu eta trumoiek euren
burrunba denei entzunarazi bitartean, mutikoak ere bruleen
kanpamentuko bisitariez mintzatu ziren, eta gauza handiak
egingo zituzten sasoiaz: pawnee zaldiak ostu eta crowei edo
snakeei emandako zartakoak zenbatu. Orduan euren ekintzak
herrietatik kantatuko zituen jendeak, Hodei Gorri, PawneeHiltzaile, Biki Beltz eta Konkor deitutako harenak abesten ziren
bezala. Gerrako aintzan pasatzean, euren izenak oihukatuko
zituzten atsoek, eta neskatxek, lotsati, begirada jaitsiko zuten.
“Hoye!”, bat etorri ziren, oniritzia ematen duten gudariak legez.
“Neskatxak!”, ukondoarekin elkarri joka, barrezka, horrengan
edo harengan pentsatuz agian; Zuri Beilegiren edo Antilope
Ugariren alabengan, agian, edo Hodei Gorriren ilobarengan.
Baina inork ez zuen hitz bakar bat esan gauza bigun horietaz, eta gerrari buruzko eleketa gehiagorekin estali zituzten
bigunkeriok.
Euretako batek, Kopetilunen semeak, tente eserita zegoenak
bere orein atorra ez zikintzearren, ez zuen egitasmo horietan parte hartu. Horiek hitz potoloak besterik ez zirela esan
zien. Sekula ezin izango zuten horrelako ezertxo ere egin,

Biltzar Nagusian sinatutako paper zuriaren aurkakoak zirelako.
Ez zaldi lapurretarik ezta gerra biderik ere, inondik inora ere
ez; bizimodu baketsua baino ez beraien lagun zuriekin. “Entzun
zer dioen Politt Horrek!”, esan zuten garrasika, euren kidearen
aurkako ohiko trufa eginez, elkarri joka, barre batean hondarretatik bueltaka. “Entzun diozan hitz polittok!”.
Egia zen mutikoaren hizkera bere janzkeraren antzekoa zela:
orein larru margotu eta lumatua zeraman, baita beira aleak ere,
egunero, gotorlekuko andre kanpamentuko erakusketetan legez; edo, mutikoak entzunda zeukanez, pawnee gazteek egin
ohi zuten legez, zeintzuek mofeta larru osoa herrestan baitzeramaten, isats arraiadun eta guzti, mokasin bakoitzaren atzetik,
kanpamentuko edozein astegun buruzuritan. Baina haiek ez
zituzten lakoten ilajeak eskuratzen; haiei ez zieten eraso nahi
mutikoek.
Beraz, berriketaldia Politt Horren gain igaro zen, beti bezala,
Keren iloba izanagatik ere. Sendi hartan, artean bazeuden gudari handiak; esaterako, Hodei Gorri, buruzagiaren arrebaren
semea zena, zaldi mordoa ekarritakoa eta zartako ausartak
zenbatzen zituena, buruzagi zaharrak inoiz egindakoak bezain
ausartak, behinik behin. Baina Keren semeak berak ez zuen
eguzki dantzaren edo gerraren beharrik indarraz zerbait ikasteko: bere emaztearen mingaina, bufalo larruzko zigorrarekin
musuan jotako brastada bezalakoa baitzen, eta hala uzten zuen
senarra maiz, jendaurrean lotsagarri; horrexegatik deitzen zioten Kopetilun, harik eta bere benetako izena ia guztiz ahaztu
zen arte. Orain bazirudien haren seme Politt Hori ere gerra
bidetik itzultzen ari zela, inoiz etsairik borrokatu gabe.
Beste mutilek egingo zituzten gauza handiak asmatzen zebiltzan
bitartean, hura zain geratu zen, berriketaren horman zulo bat
noiz agertuko; gogoetan; ea biharamunean etorriko ziren sol39

daduak apaingarri distiratsuko jaka urdinez etorriko ote ziren,
gotorlekuan ilaratan atzera-aurrera zebiltzanean bezala. Beharbada gorriz jantzitakoren batzuk ere etorriko ziren, noiz edo
noiz ikusita zeuzkanak bezalakoak.
Ez, ez zen gorridunik egongo, esan zion Beldurren semeak. Hori
gurdi armarekin zebiltzan gizonentzat zen, borrokaldi handietarako, eta ez indiar gaixo bat atxilotzeko zurien paper buruzagi
baten kanpamentuan. Behin, ikusi zuen nola soldaduek tiro bat
jotzen zioten gotorleku ondotik igaro zen antilope talde bati.
Arma handiaren tiro bakar bat eta lautada hilez eta zaurituz
bete zen; asko, hankak hautsirik edo zartaturik, herrestaka ihes
egiten saiatzen ziren; beste batzuk hain txikituta geratu ziren
ezin zen zatirik bildu. Okela gehiegi tiro bakarrerako. Halakoxe
arma bat eduki nahiko zukeen bere herriarentzat, baina horrentzat munizioa eskuratzea gaitza zen, eta indiarrek ez zekiten holakorik egiten euren kabuz.
Ez, ez zekiten egiten, bat etorri ziren besteak.
Berriketa horretan zehar fitsik esan ez zuen norbait zegoen:
Kizkur, Zaldi Zororen –oglalen gizon santuaren– semea. Nahiz
oso garaia ez izan –buruko xerlorik goiena ozta-ozta heltzen
zitzaion bere aitak belarri atzean lotuta zeraman kutunera—,
Kizkurrek ordurako bere bufaloa hila zeukan; eta hondar muinoetan harrapatutako basazaldi baten gainera igotzen lehena
izan zen; horren ondoren, aitak bere ume izena kendu eta berri
batengatik ordezkatu zuen: Bere Zaldia Begira. Zaldi Zorok izen
hori erabiltzen zuen, eta ber gauza Bizkarrezur Garaik –zeinari,
laburtzeko, Konkor deitzen baitzioten–; bera zen umeari bere
lehen arkua egin zion gudaria. Alabaina, gazte gehienek, andre
guztiek, bai eta bere etxekoek ere, artean Kizkur deitzen zio40

ten. Ez zebiltzan oso argi, handi egiten ari zela ez ikusita, eta
handi egite izena beharko zuela ez ikusita.
Muinoan, ilunpe dirdirkarian, kanpamentuko besteekin etzanda,
Kizkurrek esku ahur batetik bestera hondarra erortzen uzten
zuen, eta egin nahiko zukeenaz ez zuen fitsik esaten. Oglalekin
bizi bazen ere, bere ama, hila zena, brulea zen. Buztan Marradunen arreba –lakoten ohiturei jarraituz bere bigarren ama
zena–, brulea hura ere. Eta atzo, mutikoak, bere senide bruleei
bisita egiten ari zela, behi mormoiaren zati bat jaso zuen; baina
ez okela, baizik eta larru fresko zati bat, gerra txurroa egin ahal
izateko. Berria behar zuen, soldaduen hirira joan zen azken aldian Politt Horrek bere gerrikotik kendu baitzion txurroa eta
Laramie ibaira bota. Eguerdi aldetik ilunabarreko gotorlekuko
arma danbada arte, Kizkur bila aritu zen ur-ekarri azkarraren
pean, Konkorrek egin zion txurroa zelako, mutikoak hildako
lehen bufaloaren larruarekin gainera. Baina galdu zen; hortaz,
gaur bi berri egin zituen, harri zorrotzak kirtenetan lotzeko
larru sokak erabilita: bat beretzat eta bestea Ora bere lagunarentzat.
Gau hartan, ekaitzak dir-dir argitutako ilunpean, gerra txurroaren buruari begira, horren inguruan lehortzen ari zen larrua
aztertzen zuen Kizkur gazteak: trumoiek hegal zabalez lurra
dardarka jartzen zutela, ipar-mendebaldetik zetorren ekaitza
euren gainetik igarotzen ari zen une hartan uhala gogortzen
egoteari on iritzi zion. Huraxe bezala, gainera zetozkion
ekaitzak gogoko zituen mutikoak. Bero eta bizirik sentiarazten
zuten, eta gauza ezezagun eta sakratuz beterik.
Baina gogoeta horiek etetera, lurraren tapa-tapa heldu zitzaion:
urrutiko poni apatxak. Belarria lurrean pausatuta, mutikoak
jakin zuen hegoaldetik zetozela; bi zaldi; batek zalduna zekarren; bestea, gidaturik zekarten, eta ziurrenik, zamaturik. Isilik,
apatxen abaila berean joan zen Kizkur. Besteek tximisten argi
beroaren gorritasunean lasterka urruntzen ikusi zuten. Nahiz
ehiztari asko zebilen okela bila, bazekiten nor izan zitekeen.
Kizkur egun osoan ibilia zen hegoalderantz begira, Bizkarrezur
Garairen zain; ez soilik behi mormoiari buruz hitz egin nahi ziolako, eta hori sortzen ari zen arazoari buruz; baizik eta, Konkor
zeritzoten hura bere gudari laguna zelako.
Kizkur gaztea haitzarte ilun baten sarreran geratu zen zain, eta,
bi zaldiak agertzean, zaldunaren atzealdera jauzi egin zuen, mutiko txikia zenean bezala, gudari zimelaren gerria bere beso
motzekin helduz, zaldi gainean zamalkatzen ziren biak bat iruditu arte: zaharrek diotenez, horixe gertatzen baitzaie horrelaxe
elkarturik zamalkatzen direnei.
Konkorrek ez zuen ustekaberik agertu. “Hou, anaia gaztea!”,
esan zuen. “Sabel argalak belarria zorrozten du, egiazki”.
“Baita ehiza zorkia oso indartsu bihurtu ere, antza denez; lagundu baitizu bi antilope aurkitzen, bi biak gazteak, eta ez oso
urrun”, erantzun zuen mutikoak, hitz mordo hori laster batean
jaulkiz, bere lagunaren zoriarekin pozik.
“Hoye! Lakoten belarriak dituzu, eta otsoaren sudur zolia”, barre egin zuen gizonak atseginez. Bere lehen arkuaren egunetik
mutilarekin denbora luzea igaroa zuen, hari begira, hala nola
begiratzen dion zuhaitzak azpiko lurrean gorantz datorren aldaxkari. Irakatsi zizkion ehiza bidea eta gerra bidea, ondo baino
hobeto jakin arren Zaldi Zoro sendikoak antzinatik zirela gizon
santuak, baita ehiztari trebeak ere, eta beharrezkoa zenean,
oso ondo borrokatzen ziren gizonak ere bai; baina ez garaipen
dantzarako ohore bila zaleak. Aitzitik, euren isiltasun eta apaltasunagatik ziren ezagunak; beti jendearen ongizateaz arduratuta;

hitz jakintsu eta lasaiak ematekoak sasoi txarretan haiengana
jotzen zutenentzat; eta hilabete harago ikusteko ahalmentsuak.
Askok ustekabea hartu zuten Bizkarrezur Garai gazteak,
minneconjou-oglala gudari handiak, egin zuen aukerarekin. Ia
edozein gudari handiren sendiko semea hartu izango zukeen
anaia gaztetzat, ia edozein andre emaztetzat har zezakeen
bezala, baita beste gizon batena izanik ere, eta arazo sortzez
edo zaldi ordaintzez lelokeriak esaten ibili beharrik gabe. Baina
Konkorrek ez zuen astirik galtzen halako gauzetan; ezta bere
akicitan –gudari elkartean— gora egiten lagundu ahal ziotenekin ere: buruzagi izaten lagundu, edo, zauritua bazen, borrokatik ekar zezaketenekin.
Herrian igarotzen zuen denbora luzea, mutiko bitxi harekin
ematen zuen. Bitxi, azala argi eta ilea hori eta mardo baitzeukan, landako oilaskoak bezala; eta begiak orein batenak bezalako marroiak, baina zorrotzak, han goian, Yellowstonen, urak
bor-bor dagien lurrean dauden harri geziak bezain zorrotz.
Bizkarrezur Garairen dendara heldu zirenean biak, laster irten
zen atsoa, gosetien artean banatu beharreko okela freskoagatik pozaren garrasia eginez. Atsoak zaldiak eraman bitartean,
Kizkurrek gizonari jarraitu zion barrura, eta ikusi zuen nola
jartzen zen bere lekuan txingar apur batzuen ondoan; horien
argitasuna gorri islatzen zen lakotaren bular biluzian, sudur finean eta kokotsean. Bularrean orban sakonak zeuzkan, eguzki
dantzako sastakaienak eta gerra zaurienak. Seriotasunez, gizon
nekatuak erretzeari ekin zion; ondoren, lapikotik okela egosi
berria adarrezko koilaraz hartuta, zati bat eskaini zuen: zeruari,
lurrari eta lau norabide handiei, eta jateari ekin zion gozamen
zaratatsuz.

Dendako ilunpean, atzealdean eserita, Kizkur biharko egunak
zer ekarriko gogoetatzen ari zen, bere lagunari hildako behiarenak kontatu guraz, galderak egin guraz; baina, beti bezala,
beste batek hitz egiteko zain geratu zen. Egia ote zen soldaduek
lakota bat eraman zezaketela bere herritik? Aurreko udan minneconjouek arazoak eragin zituztenean, Beldurrek esan zuen
ez zegoela hori egiterik, eta orduko soldadu burua ados egon
zen. Biltzar Handiko paperak zioenez, buruzagi nagusiak soilik
atxilo zezakeen gizon bat indiarren eta zurien artean liskarra
sortzeagatik. Hori ere nekez ulertzen zuten lakotek: buruzagiak, batzarretan edo gerran, aitzindaritzan jarduteko gizonak