Zaldi Berdea - 6

itzela erakutsi zidan bizkarrean, saihets aldean. Galeria batzuetako lagun guztiak ondo egurtuta geratu ziren egun hartan.
Zenbait hilabete igarota, 1981eko otsailaren 23an, Guardia Zibila Madrilgo Kongresura sartu zen tiroka. Irratiz entzun genuen
estatu-kolpearen trazak zituen haren berri. Zenbait lekutako militarrek tankeak kalera atera ei zituzten. Soriako kartzelan zeuden polizien oihu eta txaloak ere entzuten genituen. Kolpistak
goraipatzen zituzten, eta Franco gogoratzen. Guri, ohiko irainez
gainera, zenbait mezu jakinarazi zizkiguten. Labur esanda, laster
ikusiko genuela elkar, gu hormaren kontra, jakina. Tentsio ikaragarria nabari zen; hala ere, umorea ere ez zen falta gure artean.
Tentsio hari irtenbide bat emateko modua izango zen, nonbait.
XXIII
Madrilerantz gindoazela, anbulantzian, lokartzen nintzenean,
berehala esnatzen nintzen bat-batean salto batez, erorikoa inkontzientera etortzen zitzaidan eta. Hiru bider itzartu nintzen
horrela, ordura arte sekula ez zitzaidan halakorik gertatu. Orduan pentsatu nuen kronikoa izango zela, baina ez, denborarekin hori ere ahazten duzu. Txizagura sartu zitzaidan, baina gure
atzean Guardia Zibilaren Nissan Patrola zetorrenez, ezin nuen
egin. Anbulantziako txoferra eta haren laguntzailea konturatu
ziren hartaz, eta gasolindegi batean sartu eta bertan aparkatu
zuten anbulantzia, ea lasaitzen nintzen eta txiza egitea lortzen
nuen, baina hala eta guztiz ere, ezin izan nuen.
Guardia Zibilaren Nissan Patrola atzean zetorren, Despeñaperrostik behera, barruan nire gelan utzi nituen gauza guztiak
zekartzala, erdiak araketan kartzeleroek apurtuta. Madrilera
heldu baino lehen, anbulantziako txoferrak irratiz deitu zuen,
Poliziak bidea zabaltzeko, eta polizia munizipalen motorrak
aurrean genituela heldu ginen Carabanchelgo ospitalera. Han
zeuden sendagileak, nire zain. Nik txizalarriak jarraitzen nuen,
eta neska erizain batek galdetu zidan, txantxetan, ea prostatako arazorik nuen. Nik esan nien neure gelara joan nahi nuela
hamar minutuz, eta han bai, lasai-lasai egitea lortu nuen.
Sekula baino goseago nintzen eta zerbait jan nahi nuen. Jatea
debekatu zidaten, ordea, zeren ebakuntza egiteko jan barik
egon behar nuen, anestesiaren kontuak direla-eta. Ondoren,
indarrez tiraka eskua bere tokian ipini zidaten. Injekzio antikoagulatzaileak ere jarri zizkidaten, hamabost bat, sabeleko eta
hanketako odol ubeldurak kentzeko.
Kartzela batetik besterako hamaika bidaia eginda nengoen ordurako. Bidaia luze, aspergarri eta nazkagarriak, tentsioz be100

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

teak, behin baino gehiagotan ostikadak eta zaplaztekoak hartuta. Ospitalerainoko hura, baina, denetan latzena izan zen.
Edonola ere, oraindik bidaia ugari egin beharko nituen beste
espetxe batzuetara. Baina ez gure senideek beste. Horiek astero-astero egin behar dituzte bidaia latzak, gureak bezain luzeak
edo luzeagoak, oso erakargarria ez den helmuga batera. Gazte
batentzat gogorra bada, pentsa adineko jendearentzat eta, zer
esanik ez, ume txiki batentzat.
Laster hasiko zen Goiztiri ere bidaia luzeak egiten, lehenengo
Puertora eta 2002ko martxotik aurrera, Jaen II espetxe honetara. Puertora joaten zenean, Cadizko aitona-amonak kartzelara hurbiltzen ziren beren alaba eta iloba ikustera. Zenbait
urtetan oporrak San Fernandon pasatu izan zituen Goiztirik,
han bizi baitziren aitona-amonak. Ederto pasatzen zuen Kontxaren gurasoekin, osaba-izekoekin, lehengusu-lehengusinekin
eta Hugo txakurrarekin. Barrabaskeria ugari egingo zizkion txakur hari, baina beti zain eta zaindari edukiko zuen Hugo. Familia
maitagarria zen, eta are gehiago poztu nintzen aitona errepublikanoa zela jakin nuenean.
Familiaz gainera, beste lagun askok ere laguntzen zieten Kontxari eta Goiztiriri, kartzelara joateko autoa utziz eta baita eurek eramanez ere. Eta, ahal izatera, bisitara sartzeko aukera ez
zuten galduko. Halako kasuetan, alabak gustuko zuen gidari egitea, sartu arteko denbora kontrolatuz, edo bisitakoa antolatuz
eta nahi zituzten azalpen guztiak emanez. Batzuetan bisitari berriari arreta osoa ematen nion eta Goiztiriren ilusioa nolabait
apalduta sumatzen nuen egiten zuen aurpegiagatik. Baina zelan
azaldu ume bati, nahiz eta berak arreta guztia merezi, besteei
ere jaramon egin behar zaiela? Berak uste zuen nire berben eta
begiraden helmuga zela, eta halaxe zen, bisitan eta bisita ostean
ere, eguneroko pentsamenduak betetzen zituena.

Goiztiri koskortzen hasi zenean egiten genituen jolasek eman
diote titulua kontaketa honi. Alaba koltxa batean jesarrita narras eroaten nuen nik, baina denborak aurrera egin ahala jolas
berriak ekartzen zituen denbora labur hartan egiteko. Ikastolan
futbolean egiten zuen, eta bisean bisetan ere egin behar izaten
genuen partidutxo bat, eta berdin esku-pilotan ere, umeentzat
prestatuta zegoen patio txiki batean. Batzuetan berak irabazten zuen, beste batzuetan utzi egiten nion irabazten, baina lantzean behin egurra ematen nion, galtzen ere ikasi behar zuela
pentsatuta. Behin, Jaengo kartzelan, ezin ninduela gainditu ikusita, trikimailuak egiten hasi zen, eta nik esan nion horrela ez
nintzela jolastuko. Berak arin erantzun zidan hiruzpalau urteko umeen hizkuntza bitxi baina ondo ulergarrian: «horretarako egin dut nik zortzi orduko bidaia?». Barregura eman zidan
haren ateraldiak, baina esan nion egia zela zortzi orduko eta
gehiagoko bidaia egin zuela, eta itzultzeko beste horrenbeste
egin behar zituela, baina gauza batek ez duela bestea kentzen,
eta galtzen ere jakin behar zuela.
Aurrez aurreko bisita haietan erabat baretzen nintzen eta aldi
berean nekea igartzen nuen, baina ez Goiztirirekin egiten nituen jolasen ondorioz, bisita aurretik pilatutako tentsioagatik
baizik. Bisita ostean tentsio bera jabetuko zen nitaz, ama-alabak
etxean zirela jakin artean.
Bisean biseko patio hartako hormak txarrantxaz inguratuta
zeuden; Goiztirik behin galdetu zidan ea txarrantxa haiek zertarako ziren, eta nik erantzun nion txoriak pausatzeko zirela.
Handik gutxira baina, neuk ekarri nituen txarrantxak hizpidera
eta berak atzera galdetu zidanean zertarako ziren, egia esan
behar niola pentsatu eta presoak handik ez alde egiteko jarri
zituztela esan nion. Bera txarrantxei begira geratu zen tarte
batez, pentsakor, baina ez zidan horretaz ezer gehiago esan.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

Beste batean, Kontxak kontatu zidan nola kartzelako sarreran
Goiztirik esan zion: «heldu behar diegu kartzeleroei, zuk bati
eta nik besteari, hala aitatxok ihes egingo du».
Ume-umetatik poz handiak eta dezepzioak ere ezagutu ditu
alabak. Ikastolan denetariko umeak zeuden, batzuk ertzainen
seme-alabak, eta gehienek bazekiten gainerakoen gurasoen
berri. Noiz edo noiz esan zioten bere aita, ni, alegia, kartzelan
zegoela hiltzailea zelako. Berak niri batzuetan galdetu zidan ea
inor hil dudan. Nik azaldu nion Euskal Herriaren aldeko borrokak eraman ninduela kartzelara.
Behin, ikastolan, andereño batek zerbait igarri zion, kezka, tristura edo biak batera. Andereñoak ere bazekien ni kartzelan
nengoela eta denen aurrean esan zuen bere alabaren aita, bere
gizona, alegia, espetxean egon zela. «Zurea bezala», esan zion
Goiztiri. Zalantza barik, alabaren autoestimua altxatu zuen andereño hark. Eta nik oraindik ere bene-benetan eskertzen diot.
Horrelako jende miragarria zegoen eta dago, preso politikoon
haurrekin edo egoera zailean dauden beste hainbatekin sentsibilitate berezia daukatenak. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta
Marimotots datozkit gogora, beren ikuskizun batean Goiztiri
zegoela jakin zutenean aipamen maitekor bat egin zioten eta.
Urte haietan, Juan Luis Mugertza idazle elgoibartarrak Jaengo
espetxera egin zituen bidaietan oinarritutako nobela bat idatzi
eta argitaratu zuen Ataramiñeren eskutik, “Lunaren Goiztiri”.
Izenburuak berak adierazten duenez, euskal presoon senideen
bizipenak islatu zituen bertan. Gogoz eskertzen ditut lan hori
eta gure senideen ardurak ezagutarazten dituztenak, benetan
txalogarria da Mugertzak eta beste batzuek, hala nola Ataramiñe Literatura Koadernoak argitaletxeak egiten duten ahalegina.

Jaengo azken urte hauetan, kaskartu egin da bizimodua. Senideekiko bisean bisetan areagotu egin dira araketa umiliagarriak. Normala denez, senideek uko egiten diote miaketa mota
horri, eta kartzeleroek ez diete sartzen uzten. Horrenbestez,
komunikazio asko galdu ditugu, duintasunari eustea garesti ordainduta. Batzuetan Kontxa Goiztirirekin etorri eta miaketari
uko egiteagatik alaba bakarrik sartzen zen, eta beste batzuetan
alaba ere ez zen sartzen, hura ere arakatu nahi zutenean, alegia. Zenbat bisean biseko bisita galdu ote ditudan, batez ere
Kontxarekin.
Bisitetan ere ez da arazorik falta izaten. Orain aspaldi ez dela
Zornotzako gazte batzuk etorri zitzaizkidan bisitan. Sartu
gintuzten mintzalekuan ez zegoen elkarri entzuterik; beraz,
beste batera aldatu ginen. Txakurrak beste mintzategi batean
geundela ikusi zutenean, nire bisita amaituta zegoela esan zidan. Nirekin isolamendutik bisitara joan ziren lagunek galdetu
zidaten zer gertatzen zen, eta azaldu nienean, eurek ere bisita
amaitutzat eman zuten, nahiz eta kartzeleroak esan eurekin ez
zeukala ezer.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XXIV
1993ko apirilaren 6an iritsi nintzen Carabanchelgo espetxe ospitalera, eta biharamunean gurasoek bisita egin zidaten Carabanchelen, Granadatik bueltan, haraino joan baitziren bertan
nengoelakoan. Moja batek ospitaleko egonaldian lagun izango
nuen gurpil-aulkia gidatu zuen mintzategiraino. Gezurra ematen badu ere, gurpil-aulkia ez zen sartzen mintzategiko atetik
eta, orduan, aulkia korridorean utzi, neu bakarrik altxatu eta oinez joan behar izan nuen mintzategi barrura. Hanketan jarrita
neuzkan igeltsuak beren lekutik mugitu ziren guztiz. Ondoren,
itxaroten ez nuen bisita bat ere heldu zitzaidan, abokatuena,
hain zuzen, eta gurpil-aulkia mintzategiko atetik barrurantz pasatzerik ez zegoenez, ostera ere altxatu nintzen kabinara hurbiltzeko. Horren kontura, sendagileak, biharamunean, igeltsuaren egoera kaxkarra ikusi zuenean, ez zuen sinisten ikusten
zuen hura. Kristoren eztabaida gogorra eduki nuen berarekin
igeltsua izorratu nuelako.
Gure amak dendan lanean zegoela hartu zuen ezusteko albistea, herriko neska batek haren berri eman zionean. Hala kontatu zidan berak ospitalean.
–Entzun dut irratia, Begoña.
–Zer, ba...? –esan zion amak.
–Ez dakizu? Semea zaurituta daukazu.
–Ez da egia izango! –amak.
Eta baietz, berretsi zion berria eraman zionak.
Berehala, amak aitari deitu eta Sondikara joan ziren biak taxi
batean. Sondikako aireportuan, hegazkin batera igo eta Malagara abiatu ziren. Hegazkin berean Athleticeko jokalariak
zihoazen, eta elkarrekin joan ziren Malagaraino, baina Bilboko
taldeko futbolariek berba egiten bazieten ere, amak ez zuen
berbetarako gogorik.
Malagatik Granadara joan zirenean, kartzelero batzuek esaten
zieten bertan nengoela eta beste batzuek Madrilen nengoela.
Amak txarto nengoela baino ez zuen pentsatzen. Azkenean,
espetxeko zuzendariak esan zien Madrilen, Carabanchelgo ospitalean, nengoela, eta haraino joan ziren gurasoak. Han, ostera
ere, eztabaida izan zuten kartzeleroekin. Ospitaleko sarreran
nitaz galdetu zutenean, kartzeleroek, zakar, esan zieten:
–Mañana verán a su hijo.
–Hoy –esan zien amak han zegoen harri handi batean jesarrita–, si no, no me muevo de esta piedra. Aunque sea, cinco
minutos.
Azkenean, kartzeleroek baietz esan zioten:
–Señora, le tomamos la palabra: cinco minutos.
Eta bost minutuz ikusi nituen aita eta ama.
Zailtasun handiak nituen gurpil-aulkiarekin ibiltzeko. Esku batez
eragin behar nion gurpilari, beste eskua apurtuta neukan eta.
Ospitalean ere bazeuden segurtasun zeldak, eta ni haietako
bitan jarri ninduten. Uste dut bi haiek bakarrik zeukatela karramarroa. Hala esaten diogu zeldako bigarren ateari, barrotez
eginda dagoenari. Kanpoko atearen eta bigarren horren artean
metro bat baino apur bat gehiago zegoen, eta bigarrena albotik
zabaltzen zen. Gurpil aulkiarekin, hamarren bat minutu ematen
nituen handik irteteko.
Hezurrak kaltzio faltan nituen, hainbat gose grebaren eta elikadura eskasaren ondorioz. Hartara, ezin konta ahala kaltzio
Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

konprimitu hartu nituen han, harik eta sendagileak nahiko pilula
zirela esan zidan arte, bestela, artikulazioak atrofiatzeko arriskua omen zegoen.
Egunak joan ahala, hanketako handitua jaisten zihoan eta sendagileek igeltsu irekiak kendu eta finkoak jarri behar zituzten.
Ez dakit zenbat ordu egon behar nuen geldirik, dena ondo gogortu arte. Sendagileek tratu eskasa eman zidaten han egondako egun haietan. Akordatzen naiz nola sendagile batek beste
bati esan zion, ozen, nik entzuteko moduan eta niri begira, bere
koinatua polizia nazionala zela, nire erreakzioa ikusteko edo.
Espetxeko sendagileen artean ere denetik dago, bere lana egitera mugatzen denetik kartzelerorik zitalenaren pareko jarrera daukaneraino. Horietako batzuek, esate baterako, jipoi bat
hartzen duzunean, eta hori ez da oso zaila izaten, ez dizute
lesioen edo ubelduren txostenik egingo. Lotuta bazaude, ez
dira gauza kartzeleroari eskuburdinak kentzeko esateko ere.
Gorago aipatu dut Sevilla IIko sendagilea, Corcuera esaten geniona, eta gogoan dut, hala berean, Puerto Iekoari Mengele
esaten geniola.
Medikua bezala, dentista ere bazegoen kartzela guztietan.
Haginetako arazoren bat genuenean, harengana joaten ginen,
eta gaitz guztietarako erremedio berbera zuen, azkarra eta
bakarra: haginak ateratzea. Kontua zen haginetako mina kentzea, baina txantxarra edukita, esate baterako, ez zegoen hagina enpastatzeko aukerarik. Guk enpasteak ordaintzeko prest
geunden, baina Espetxe Erakundeak ez zuen baimenik ematen.
Zenbat hagin galdu ote genituen Espainiako kartzeletan.
Urteak joan ahala zenbait kartzelatan lortu genuen enpaste
bat edo beste egitea, geuk ordainduta, jakina. Eta maiz Euskal Herriko haginlariak etorri ziren hainbat kartzelatara lagun
askori ahoa konpontzera, modu altruistan. Jende miresgarria,
kartzeletara sartu ahal izateko baimena lortzeko borroka handia egin ondoren, sarritan bide judiziala muturrera eramanda
ere, beren opor egunak elkartasun lan horiek egiteko baliatzen
zituena. Euskal Herriko haginlari solidario horiek bezala askotariko medikuak ere etortzen ziren eta etortzen dira, ahal zuten
neurrian kartzelak eragindako gaitz fisikoak eta psikikoak arintzearren. Laguntza bera eskaintzen diete askatasuna berreskuratzen duten lagunei, urte askoan txilindro ikaragarri horren
pisuaren ondorioak jasan ostean.
Ospitalean botikak ekartzen zizkidan neska hara heldu nintzenean ea prostatako arazorik nuen galdetu zidan bera zen. Egun
batean, neska hark medikazioa ekarri zuen aldi berean, garbiketarako tresnak banatzen ari ziren: orrazia, xaboia, bizarra
kentzeko krema, komuneko papera, haginak garbitzeko eskuila,
pasta eta kondoi batzuk zeuzkan poltsa. Halako batean, badiotsat nik:
–Nahi dituzu kondoiak? Nik soberan ditut.
Eta berak erantzun zidan:
–Mutilarekin ez ditut erabiltzen.
–Zer, ondorengoen bila zabiltzate orduan?
–Ez, nire mutila ganorabako hutsa da, basektomia eginda dauka.
Egun haietako batean, erradiografia bat egitera eraman ninduen mojak esan zidan ni bezala xehatuta edo xehatuago zegoen beste preso politiko bat igaro zela handik. Berehala etorri
zitzaidan burura nor zen: Anton Arias Curto galegoa, Exército
Guerrilheiro do Pobo Galego Ceive erakundekoa. 1988an, Poliziak harrapatu zuenean, ihes egiteko komisariako leihotik salto
egin eta gorputz osoko hamaika hezur birrindu zituen.
Espetxe ospitale hartara heldu nintzenean, beste galego bat zegoen han: Sito Miñanco narkotrafikatzailea, hedabideetan askotan agertzen zena. Arreta eman zidan batzuon telefono deiak
egiteko bost minutu eskasak nola luzatzen ziren hark deitzen
zuenean. Zutik egonda nekatzen zenean, lurrean jesartzen zen,
momentu oro telefonotik eskegita. Kartzeleroek harekin erakusten zuten eskuzabaltasuna besteokin zuten zekenkeria bezain zabala zen.
Hori ez zen ospitalean bakarrik gertatzen, jakina, kartzela
guztietan baizik, guk 1987tik aurrera bertatik bertara Estatu
espainoleko kartzela guztietan ikusi genuen bezala. Izan ere,
euskal preso politikoak barreiatzeko prozesua 87an hasi zen.
Urte hartako urtarrilaren 22an 12 bat lagun Herreratik atera eta Penintsulako hiru kartzelatara eraman zituzten. Herrerako modulo guztietako jendea zegoen haien artean; beraz,
goizean goiz jakinaren gainean geunden denok. Erantzun bat
eman behar genuen eta gauean, zeldetara igotzeko orduan,
planto bat egitea erabaki genuen. Bederatzi eta erdiak aldera,
gure lekuetatik ez ginela mugitzen ikusita, kartzeleroak etorri
ziren, zeldetara igotzeko ateak aspaldi zabalik zeudela esanez.
Ez ginela igoko esan genien, eta eurek modulutik alde egin zuten berehala. Gau osoa eman genuen bertan, lo egin gabe,
batetik bestera, Guardia Zibila sartuko ote zen zain. Hurrengo
egunean, inor ez zela agertzen ikusita, lagun batzuek koltxoi
batzuk jaitsi zituzten zeldetatik. Luze gabe, ordea, kartzelako
zuzendaritzak gure ordezkariei deitu zien, Madrilekin hitz egin
zutela eta barreiatutako lagunen kontua konponbidean zegoela
esateko, baina gure jarrera bertan behera utzi behar genuela.
Hala egitea erabaki genuen guk, eta zeldetara igo baino lehen

dutxak zabaltzeko eskatu genien. Baietz esan ziguten. Garaipen
erraza izan zela pentsatu genuen. Hala ere, dutxak zabaltzeko zain geundela, lagun batek abisatu zuen moduluen arteko
gunean guardia zibil samalda bat zegoela, denak formazioan.
Handik gutxira, modulurik modulu sartzen hasi ziren trumilka, borra-kolpeka, ostikoka... Zeldetan itxi gintuzten eta han
jarraitu genuen lehenengo 14 eguneko zigorra bete arte, eta
zeldetatik irten gabe ere, beste bost hilabete emango genituen
itxita, beste itxialdi bati ekin genion eta.
Gure kolektiboa sakabanatzeak, baina, aurrekariak izan ditu;
esate baterako, ihes saioren bat harrapatu ondoren edo istiluren batengatik ezarritako zigor moduan, Soriatik Burgosera
edo Herrerako kartzela eraiki berrira eraman zituzten zenbait
lagun 1980 baino lehen. Eta lehenago ere, frankismoan, penintsula osoan barreiatuta izan ziren euskal preso politikoak.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XXV
Carabanchelgo ospitalean hamar bat egun eman nituen. Barra-barra gogoratzen nituen Manuk Granadako espetxean esandakoak, Carabanchelgo ospitalean zelako bizimodua egiten
zuen kontatzen zuenean. Esan zidanez, dena itxita zegoen, eta
halaxe zen; gainera, han eman zidaten pijama urdin bat eraman
behar nuen egun osoan, uniformea balitz bezala. Pijamaren
goiko poltsikoan Hospital Gregorio Marañon jartzen zuen, ni
Carabanchelgo Espetxe Ospitalean nengoen arren. Oso erabilita zegoen, higatuta, eta nik neure buruari galdetzen nion
zenbat lagun hilko ote ziren jantzi haren barruan. Atoan eskatu
nien gurasoei pijama urdin argi bat eramateko, han ez baitzuten
bestelakorik erabiltzen uzten. Lehenengo bisitan ni ikusteko
bost minutu baino ez zizkieten utzi eta ez genuen gauza asko
esateko astirik izan, baina ez zitzaidan ahaztu pijama ekartzeko
eskatzea.
Espetxe ospitaleko zuzendaritza bulegora deitu zidaten. Han,
Espetxe Erakundeetako inspektore bat zegoen. Berak kontatu
zidan bere aita Soriako kartzelan zerbitzu buru zegoela, ni garai batean egondako kartzelan, alegia. Horrelako jendeak bere
gremiokoak ere salatzeko kapaz dira beraiek gora egiteko.
Bere burua aurkeztu eta galderak egiten hasi zen, ni gurpil-aulkian nengoela, eta bere jakinguran badiost:
–Granadako kartzelan, zenbat denbora eman zenuen goiko
ganbarako zuloa egiteko?
–Ez naiz gogoratzen –erantzun diot nik.
–Alboetako geletakoak zarataz edo ezertaz konturatu ziren?
–berak.

–Horrek ez dit ardura –esan diot–, oraintxe bertan hezurrak
apurtu ditudala baino ez dut gogoan, eta horretaz bakarrik arduratuko naiz.
Bere aurpegiak irribarre bat erakutsi du, eta esan dit inor ez
dela hango zarataz gogoratzen.
–Zure ondoko lagunek esan dute hilabete zeramatela lo egin
barik, baina gau horretan oso ederto lo egin zutela –esan du,
baita nik hari erantzun ere.
–Egindako guztia neure gain hartzen dut. Badakit mendekua
hartzeko Salto del Negrora eramango nauzuela, baina berdin
dit, prest nago zuen mendekuaren ondorioak jasotzeko –esan
diot, aurrerantzean egin liezadakeenak ez nauela ustekabean
hartuko jakin dezan.
Salto del Negro Las Palmas Kanaria Handian dago, Euskal Herritik urrunen. Garai hartan batez ere Penintsulan eta Hexagonoan ez ezik, hainbat uhartetan ere barreiatuta zegoen preso
politikoon kolektiboa, baita Afrikako Ceutan eta Melillan ere.
Niretzat ez zen berria izango uharte batera aldatzea. Palma
Mallorcakoan egona nintzen, Balearretan. Hantxe, hain zuzen,
lagun bik ihes saioa egin zuten ni handik atera eta gero, epaiketa batera eroan nindutenean. Lagun haiek ihes saioak huts egin
zienean, bata Salto del Negrora eta bestea Tenerifera eroan zituzten. Horregatik adierazi nahi nion inspektore hari ni horrelako leku batera eroanez gero, ez nuela ikara handirik hartuko.
Ondo genekien horrelako mendekuak ohikoak dituztela; are
eskasagoak, gainera, kalte handiena gure senideentzat izango
zela jakinda. Eta bagenekien guk joko hartan kartarik okerrenak
tokatzeko aukera guztiak genituela.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

Ahaztu barik daukat Palma de Mallorcako espetxera aldatu nindutenekoa. 1990eko urriaren 20a zen. Sevilla IItik atera, espetxez espetxe eraman ninduten furgoi zelularrean eta hamabost
bat egunean Valentziaraino heldu nintzen. Gau baten, bertako
kartzelatik portura eroan eta, trasladoa egiteko prest furgoi
zelularrean nengoela, itsasontzi ikaragarri handia ikusi nuen
bat-batean. Itsasontzi barrura sartzen ari zen kamioi-trailer bat
oso-oso txikia ikusten zen haren aldean. Ni arranpatik bertatik
sartu ninduten. Itsasontziaren konpainiaren izena irakurri ahal
izan nuen barrura sartu orduko: “Transmediterránea”. Sotoko
gela batera sartu ninduten. Barrura sartutakoan, atzean lotuta
nituen eskumuturrak aurrealdean lotu zizkidaten. Goizean, Palma de Mallorcara heldu nintzen. Urte erdi pasatxo eman nuen
irla hartan beste bost kiderekin, kartzelako moduluetan zehar
barreiatuta.
Preso sozialekin hartu-eman normalak genituen. Eurek beren
bizimodua egiten zuten eta guk geurea. Bazegoen, baina, gurekin hitz egitea gogoko zuen bat, Patxuli. Ijito transexuala zen,
eta zioenez, bere jendearen artean oso gaizki ikusia zegoen
bere izaera sexuala. Hala ere, berak uste zuen ez zuela zertan
ezer ezkutatu. Bazekien beste askok, ijito zein ijito ez direnek,
horrelako hainbat kontu gorde eta besteak seinalatzen lehenak
direla, beren buruaz lotsatu egiten dira eta den moduan agertzen dena lotsagarri agerrarazten saiatzen direla. Behin baino
gehiagotan esan zidan: «Ez dakizu logela bateko ate ostean zer
ezkutatzen den. Eta nor da okerrago, erakusten duena edo
ezkutatzen duena?».

XXVI
Apirilaren 15ean alta eman zidaten Carabancheleko ospitalean,
eta biharamunean Sevilla IIra heldu nintzen. Tarte hori zauriak
osatzen eman nuen. Sevillako espetxea urte eta erdi egon zen
erakundeko presorik gabe. Beharbada, aurreko urtean izan zen
Expo 92 han egiteak zerikusia izan zuen. Dena den, errebotatuta, zigortua-edo, ez dakit seguru, hara eraman ninduten Carabanchelgo espetxe ospitaletik, oraindik esku bateko igeltsua
kendu barik, 1993ko apirilaren 16an. Gure arauari jarraitzea
erabaki nuen; hau da, zenbaketetan zutik ez jartzea, araketetan jarrera pasiboa izatea… Horrela, bada, goizeko zenbaketan
altxatu ez nintzenez, kartzelero bi etorri ziren, atea ireki, bien
artean altxatu ninduten eta batek ahoan ukabilkada bat jo eta
zauri txiki bat egin eta odola eragin zidan. Gainera, mehatxua
bota zidan: «Badakizu zer gertatuko zaizun hurrengoan, zenbaketetan behar bezala jarri ezean». Lagun batek zerbitzu-buruari
kontatu zion zer gertatu zen, eta bera, preso sozialek Nazi esaten zioten zerbitzu-buru hura, modulura etorri zen. Nik esan
nion goizean zer gertatu zitzaidan, eta haren erantzuna hauxe
izan zen: «Zu nahiko beteranoa zara, eta jakin beharko zenuke
zelan jarri behar duzun zenbaketetan».
Epailearen aurrean salaketa jarri nuen, eta gurasoek ere beste
salaketa bat jarri zuten Durangoko epaitegian. Handik hilabetera espetxetik atera ninduten Sevillako epaitegira joateko. Epaileak galdetu zidan ea odolaren arrastorik neukan, ea zerekin
garbitu nuen odola… Nik «con papel del tigre» garbitu nuela
erantzun nion, komuneko paperarekin, alegia. Salaketa, beraz,
bertan behera geratu zen.
Ordurako ezaguna nuen epaitegi hura; izan ere, urte bi lehenago, Mallorcako espetxean nengoela, Sevillako Auzitegiaren
dei bat jaso nuen epaiketa baterako, urte berean Sevilla II es114

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

petxean nengoela kartzeleroekin izan nuen liskar bat zela eta.
Egun batean, miaketa egiteari uko egin nionean, kartzeleroek
jipoi bat eman zidaten eta gainera nire kontrako salaketa bat
egin zuten. Nik ere jarri nuen haien kontrako salaketa; baina,
jakina, nireak ez zuen aurrera egin. Haren ondorioz, Mallorcako
espetxera eroan ninduten, eta zazpi hilabetetsu geroago jaso
nuen Sevillako Auzitegiaren deia. Eta Mallorcatik Sevillara eraman ninduten atzera, oraingoan Sevilla I espetxera.
Epaiketaren egunean, Auzitegira atera baino lehen, jipoia jaso
nuenean jantzita neuzkan praka laburrak poltsiko baten sartu
nituen, epaileak jipoiaren ondorioz zelan geratu ziren ikus zezan: praketako goma guztiz nasaituta, kartzeleroek emandako
tirakaden ondorioz. Epaileak aintzat hartuko zuela esan zidan,
baina oraindik ere ez dut haren berri eduki.
Epaiketan salaketa politikoa egin nuen, eta Rubixo eraman
nuen nire aldeko lekuko bezala. Hura Sevilla II espetxean zegoen oraindik. Epai aretotik irtendakoan, nazionalek “laztantxoa” egin zioten, alboetako saihetsen arteko okelari eskuekin
helduz eta gogor jiratuz, korapiloa egin nahi izan balute bezala.
Ubeldura dezente handia egin zioten.
Aita ere joan zen epaiketara, eta saioa amaitutakoan, kanpo
aldean, ezezagun batzuek txistua bota zioten aurpegira. Aita
nazka-nazka eginda geratu zen. Epaiketaren ostean, nire abokatuak ea aita agurtu eta besarkatu ahal nuen galdetu zion epaileari, eta hark esan zigun berak ez zuela oztoporik jarriko, baina
kontu hori Polizia Nazionalari zegokiola; beraz, azkenean, aita
besarkatu gabe geratu nintzen.
Gutxi gorabehera hilabete bat geroago izan zen Sevilla I espetxearen aurkako ekintza, eta egun hartako gauean beste espetxe batzuetako bidean jarri gintuzten Sevillako espetxe bietan
geunden lagun guztiok, batzuk ondo jipoituta.
Rubixo eta biok Granadan agertu ginen. Luze gabe, bertako
espetxera eraman zidan Sevillako Auzitegiaren epaia aspaldiko
ezagun batek, lehenago aipatu dudan Morakok, hain zuzen. Sei
hilabete eta egun bateko presoaldi txikia eta, gainera, pezetaren isuna ezarri zidaten kartzelero baten aurkako lesio-delitua egiteagatik. Ordaindu ez nuenez, 15 eguneko kartzela-zigorra gehitu zidaten.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XXVII
Ihes saiotik hiru urte igarota, 1996ko apirilean, Jaengo espetxe
hau ezagutu nuen Puerto IItik helduta, ihesaldi zapuztua epaitzeko data jarri zutenean. Heldu nintzenean, kartzela honetan
ez zegoen giro; tira, kartzelan sekula santan ez da giro egoten,
baina garai hartan kartzeleroak bereziki oilartuta zeuden, euren lankide bat bahituta zegoelako.
Beraz, Jaenen nengoela eraman ninduten Granadako Auzitegira epaitzeko. Bertan, ahal izan nuen guztia salatu nuen, euskal preso politikook epaiketa gehienetan egiten dugun bezala.
Gaixorik zeuden presoen askatasuna eta, oro har, presoen
eskubideak aldarrikatu nituen. Honelaxe esan nion Granadako Tribunalari: «Denok daukagu espetxetik alde egiteko eskubidea, eta are gehiago euskal preso politiko izanda, ehunetik
gorak zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkagu-eta. Bahituta
gaude, beraz, eta gure eskubideak urratuta, sakabanatuta eta
urrunduta». Ihes saioaren egunean nortzuek jipoitu ninduten
ere esan nuen han, baina haiek ez ziren agertu, nahiz eta nire
deklarazioetan beti agertzen zen zein kartzelero ziren. Guardia
zibilak baino ez ziren agertu, eta babeski baten atzean gordetzen ziren, bertatik euren deklarazioak egiteko. Sakabanaketa
ere salatu nuen, Euskal Herritik zenbat kilometrotara gauden
esanez.
Ihes-ahaleginarengatik, hiru hilabeteko kartzela-zigorra eta