Zaldi Berdea - 3

Gaua heldu zen. Ni bakarrik nengoen transito edo pasadizoko galerian. Halako batean, leihotik begira nengoela, ahotsak
entzun nituen. Hura ustekabea! Nire lagunen ahotsak ziren.
Haiek beste modulu baten zeuden. Ahotsak entzundakoan,
oihuka hasi nintzen, baina ez zidaten entzuten. Kartzeleroek,
nire oihuak entzutean, interfonotik isiltzeko agindua eman zidaten. Dena den, nik ez nien kasurik egin, eta haiek, orduan,
irainka hasi ziren. Haiek lehenengo, neu ere gero. Eta azkenean,
denok irainka. Kristoren istilua sortu zen... eta nik gelako interfonoa txikitu egin nuen, istiluak berak eta sortutako zarata ika46

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

ragarriak urduritasun handia eragin zidalako. Neure kideek non
nengoen jakin zezaten nahi nuen nik eta, azkenean, lortu egin
nuen, lasaitu handia hartuta. Gelako interfonoa apurtzeagatik
zortzi hilabetez dirurik gabe egon nintzen, kartzelako kontua
blokeatu baitzidaten, epailearen aginduz. Dena den, senideek,
ahal zutenean, dirua sartzen zidaten beste preso baten izenean.
Oinarrizko materiala erosi ahal izateko: zigiluak, gutun azalak,
laboreak... Hiru helegite egin behar izan nituen, hartu beharreko diru guztia lortzeko. Epaileari esan nion kartzeleroek interfono guztiak martxan ipintzen zituztela zenbaketa guztietan,
gelan ni bakarrik egonda. Gainera, kartzeleroak, nor zen jakin
barik, irainak botatzen zizkidala interfono bidez. Horregatik,
nire asmoa zela interfonoa deskonektatzea, lasaitasunagatik.
Isolatuta egotea oso gogorra izan zen; izan ere, bakar-bakarrik
egon nintzen hiru hilabetez, inoren aurpegia ikusi barik… Nire
aurpegia baino ezin nuen ikusi, gelako ispiluan. Askotan, nik
nezeserrean gordeta neukan ispilu txikian ikusten nuen neure
burua, eta berarekin egiten nuen berba, baita hausnartu ere.
Niri ezarri zidaten bakartze-neurriak nire senideei ere eragin
zien. Zeldan bakartu ninduten eta hurrengo asteburuan gurasoak, beti legez, autobusez etorri ziren. Kartzeleroek, espetxeko atean bertan, bisita-egunak aste barrura pasatu zituztela
esan zioten aitari. Orduan, autobusez joan ziren beste senideek, elkartasun modura, uko egin nahi izan zioten euren senide presoei bisita egiteari. Baina aitak esan zien bidaia aprobetxatu behar zutela bisita egiteko. Handik aurrera, astegunetan
ez zegoenez ez bisitarik ez autobusik, hegazkinez joan behar
zuten Sevillaraino.
Beraz, presook ez ginen izan zigortu bakarrak; senideek ere
zigorrak jaso zituzten, eta jarrera eskas hori garai eta kartzela
guztietan izan da horrela. Esate baterako, urte batzuk lehena47

go, Madrileko Alcala-Meco espetxean nengoela, aita ni ikusi
gabe zigortu zuten hiru hilabetez. Bisita egun baten, kartzeleroa gure mintzalekura etorri, atea zabaldu eta aitari irteteko
keinua egin zion. Aitak bazekien bisita amaitu zela, eta hala esan
zion kartzeleroari, berak ere bazituela eskuak atea zabaltzeko.
Hura izan zen guztia, baina badirudi kartzeleroari ez zitzaiola
erantzun hura gustatu eta zenbait egun geroago jakinarazi zidaten aitari parte bat egin ziotela. Partean gezurra jarri zuen
kartzeleroak. Lokutoriotik azkena irteten izan zela eta euren
bisita-sistema atzeratu zuela leporatu zion aitari. Parte horren
ondorioz etorri zen zigorra: hiru hilabete ni ikusi gabe. Egun
batzuk geroago Herrerako kartzelara eraman baninduten ere,
han zigorra betearazten jarraitu zuten. Nik helegitea jarri nuen,
epaileak niri arrazoia eman eta zigorra kendu zion aitari... zigorra ia beteta zegoenean; izan ere, hilabete bi eta erdi igarota
jaso nuen epailearen erantzuna.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

X
Granadako espetxeak sei garita zeuzkan, alde bitan banatuta;
hiru, alde baten, eta beste hiru beste aldean. Garita bakoitzak
zenbakia zeukan: 1, 2 eta 3 zenbakidunak alde batean, eta 4,
5 eta 6 zenbakidunak beste aldean. Alde bakoitzeko gariten
arteko distantzia 56 metrokoa zen, eta guztira, lehenengo garitatik hirugarreneraino, 112 metrokoa, kartzelaren luzera. Baina
erdiko garitetan oso guardia gutxi egiten zituzten, alarmaren
bat-edo zegoenean baino ez; beraz, hortixe igarotzeko asmoa
neukan nik, 2 zenbakidun garitatik, hain zuzen ere. Gertuen
zegoen guardia zibila 56 metrora neukan.
Moduluan bakarrik egon nintzen denboraldi hartan beste lagun bat heldu zen nire gelara, Kepa Miner Aldabalde Txalaka,
Cartagenako kartzelatik ekarria. Aspaldiko ezaguna nuen, bera
1984an sartu zenean, ni Alacala Mecon nengoen eta. Eta ondoren ere beste zenbait kartzelatan egonak ginen elkarrekin.
Oso pozgarria da aspaldi ikusi gabeko lagunak berriro ikustea,
zer esanik ez lagun horiek hainbat egoera latz partekatutakoak
direnean. Enkontru benetan betegarriak izaten dira, elkarrengandik aldentzean sortzen den hutsunearen alderantzizkoak,
hain zuzen. Beti espero duzu barruko lagunak berriro nonbaiten ikustea, kartzeleroak ez bezala, espetxea ez bezala. Egon
zaren kartzela sekula gehiago ez ikustea espero duzu, baina
mundu honetan inoiz ez da espero duzuna gertatzen, eta askotan nazka-nazka egin zaituen lekura itzuliko zara.
Puerto Iera iritsi ginenetik ia urte bi eta erdi igarota, 1983ko
azaroaren 15ean, hain zuzen, atzean utzi genuen kartzela gorria, Herrera de la Mancharako bidea hartuta. Andaluziako
bazter hura ahazteko moduko denbora igarota... uler dadila,
baina, denbora hori pasatzea ez baita kartzela hura ahaztea.
Edonola ere, ondo gogoratzeko bigarren aukera bat eduki
nuen. Hamabi urte joan ziren eta 1995eko abenduaren 13an,
Sevilla II espetxean nengoela, nire gauzak biltzeko esan zidaten.
Nora eramango ninduten galdetu nien, ez zidatela erantzungo
banekien arren, baina luze gabe, ehun bat kilometrora, adreilu
gorrizko kartzela haren txapeltzarra nire aurrean agertu zenean jakin nuen nire helmuga. Ez ninduten bertara sartu, ordea, ondoko eraikinera baizik, Puerto IIra, hain zuzen. Hura
ere ez nuen ezezaguna, urte asko lehenago Puerto Ieko leiho
batetik ikusita baikenuen eraikitzen hasi zirenean. Kartzela hura
ikusita, berriro ere hango jana, edo bazka, gogora etorri zitzaidan atoan. Oso eskasa izaten zen, oso koipetsua. Talgoaren
gantza zela esaten genuen. Batzuetan, oilasko hankak uretan
pasatu beharra zegoen, koipe apur bat kentzeko. Bakartze moduluan egonda, are okerrago izaten zen, janari hotza eta ez
asetzeko nahikoa. Horregatik ekonomatura –kartzela barruko
dendatxora– eta kaleko demandaderora eskatzen genituen
jaki batzuk, batez ere hestebeteak, latak eta fruta. Demandaderoa kartzelako ekonomatuan ez zeuden produktuak kalean
erosten zituen kartzeleroa zen, zuzendariak produktu horiek
erosteko baimena emanda, jakina. Esan bezala, jan eskasa hangoa, baina Puerto II kartzelakoa ez zen askoz hobea. Ikusita
nago bertan, bisitatik bueltan, egun horretako janari pila bat
bakartze moduluko zaborrontzira botata. Egia esateko, beste
edozein kartzelatako jana ere ez da hura baino askoz hobea
izaten.
Puerto IIan egon nintzen denbora guztia bakartuta eman nuen,
ia sei urte eta erdi. 2002ko martxoaren 1ean Jaen IIra ekarri
ninduten arte, eta kartzela honetako denbora ere bakartze
moduluan eman dut lerro hauek idazten ari naizen momentu
honetara arte. Gauzak ondo bidean, aurten libre irteten banaiz, bederatzi urte pasa gehiago izango dira bakartuta emango
dudan denbora, ez baitut uste zigor zeldetatik aterako nautenik. Beraz, ia 16 urte jarraian bakartuta.
Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

Hamasei urte bakarrik, hamasei aldiz zoriondu duzu zeure burua urtebetetze egunean. Urteren batean patiotik leihoetara
begira, lagunen bat topatu izan duzu, eta pentsatu duzu egun
batzuk lehenago izan balitz, zeure urtebetetze eguna dela esateko aukera izango zenuela; beste batzuetan inguruko zeldetan
lagun batzuk egoten ziren, eta beste leiho batetik heltzen zen
besarkada. Batzuetan patioko ordu eskasetan elkarrekin topo
eginez gero. Baina zuk ez duzu ez eguna ez patioa aukeratzen.
Ezta eguneroko lagun duzun tristura ere. Edonola ere, azken
urte hauek baino lehenago ere denboraldi ugari pasatuta nengoen bakartuta. Egun osoa bakarrik, bakarrik gosaldu, bazkaldu
eta afaldu. Eguna eta gaua zeure buruarekin bakarrean, egun
osoan, aste osoan, inorekin berba egin barik, ahotsa ahuldu
eta ia galdu arte. Izan ere, behin baino gehiagotan bisitara joan
eta kostata entzunarazi izan dut neure ahotsa, eta bisitariek
afoniko nagoela esan izan didate. Horrela denbora luzea eman
ondoren, egun osoan zehar lantzean behin kartzeleroaz beste
gizakirik ikusi barik, lagunekin elkartzean urduritasuna nabari
da, jendearekin egoteko ohitura galduta eta ahots kordak ahulduta bezala, eta ez berba asko egiteagatik edo oihu egiteagatik,
hain zuzen, guztiz kontrakoagatik baizik.
Ez dakit denera zenbat denbora egon naizen bakartuta, Puerton eta Jaenen jarraian zeldan bakartuta emandako urte hauek
baino lehenago, askotan sartu izan bainaute zigor zeldetara, batzuetan egun batzuetarako, beste batzuetan hilabete batzuetarako, euren nahierara. Eta moduluetako zeldetan ere denboraldi luzeak eman izan ditugu; esate baterako, txapeoetan.

XI
Beste modulu aldaketa bat egitera behartu gintuzten kartzeleroek.
Fran hirugarren modulura eroan zuten, zeldan zeuzkan gauza guztiekin; beste horrenbeste egin zuten Rubixorekin eta Josebarekin, hauek
lehen modulura eroanda; Txalaka gazteen modulura, 60 urte zituen
arren, eta ni bigarren modulura joatera behartu ninduten. Han, Kroke
izan nuen lagun. Gela berean bizi ginen biok. Gehienetan, gutako bi
sartzen gintuzten.
Krokeri neure asmoa azaldu nion, zer egin nahi nuen. Eztabaidatu
egiten genuen, bakoitzari burutik etortzen zitzaionaren gainean, baina Kroke beti laguntzeko gertu zegoen. Kartzeleroak aterik ate etortzen ziren, nahi bagenuen telebista ikustera irten ahal ginela esatera.
Iluntzean irten eta ilundu arte egoten ginen, eskolako jolas-orduen
antzera erabiltzen zen hango astia. Telebista gelak gazteen modulura
ematen zuen. Hara joanda ere, film gutxi ikusten nuen. Komuneko
leihoa zulodun txapa batekin sendotuta zegoen; sarritan joaten nintzen leiho hartara, bete-betean ikusten bainuen guardia zibilen garita,
bertan zegoena normalean erretzen ari zela. Pare-parean, Granadako futbol zelaia zegoen, eta bertan, partiduez gain, jaialdiak egiten zituzten. Behin, Isabel Pantojari zuzenean abesten entzun nion,
ordaindu barik, eta behartuta. Ondoko leiho batetik, egunez, Sierra
Nevada eta hango mendikateak ikusten nituen. Baina euts diezaiodan
lehengo hariari. Berri bat jakin nuen: gauean guardia zibilak ez zuela
hango garitan zaintzarik egiten, hain zuzen.
Badiotsat Krokeri:
–Bertatik, garitatik irten beharko dugu.
Eta Krokek:
–Zelan zeharkatuko dugu errezintoa?

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

–Ganbaratik pasatzen den argindar kablea erabiliko dugu –nik
erantzun diot.
Ihesa irudikatzen nuen orduko. Niretzat premia zen. Ez zen
lehenengo saioa eta jakin ere banekien huts egin nezakeela,
baina ez nuen horretaz pentsatzen. Bestalde batetik, argi neukan borroka molde bat ere bazela, bai kanpora, bai barrura
begira. Hemen ez duzu aukeratzeko borroka mota ugari, baina
ihes egitea, edo saiatzea bera ere, haietako bat da. Izan ere,
zeure burua kartzelara egokitzen baduzu, etsita zaude, etsaiak
garaitu egin zaitu.
Kartzelako erregimenari eta kartzeleroen probokazioei erantzuteko borrokak ez ezik, egoera politikoaren araberako borrokak ere egin izan ditugu hasieratik. Borroka mota gutxi, baina borroka mordoa, beraz. Puerton, esate baterako, 1980ko
hamarkada hasierako gose grebak ez ezik beste motatako borroka ugari egin genituen, bizi baldintzak ez ziren samurrak eta.
Egun osoa patioan eman behar genuen, iluntzera arte. Orduan
gela handi batera sartzen ginen, beste inora joan ezinik. Gela
hartan, egunero egiten zizkiguten araketak, guztiz biluzik, kokoriko ipinita eta batzuetan flexioak egitera derrigortuz.
Segurtasun neurriak zirela zioten kartzeleroek, baina umiliatzeko jokaera baino ez zen. Haien barreak ikusi besterik ez
zegoen. Iñaki Ojeda Txapeli miaketa egiteko eraman zuten batean nabarmena izan zen kartzeleroen jarrera eskasa, eta haien
poza mikaztu egin beharra zegoela pentsatu nuen. Lagun bati
jostorratz bat eskatu eta aulki baten jarleku barrubigunean ipini
nuen. Lagun batek kartzeleroaren aulkia kendu eta haren ordez nik prestatutakoa jarri nuen. Txapeli miaketa egin zioten
hiru kartzeleroak barre batean agertu ziren. Ni handik urrundu
nintzen, telebista zegoen bazterrerantz. Atzera begiratu eta
Kaxkagorri ikusi nuen, hiru kartzeleroetan harroputzena, eta
berehala jesarri zen aulki hartan. Min edo susto keinua egin
zuen, baina ez zen berehalakoan altxatu. Gorri-gorri ipini zen,
alde guztietara begira eta aurpegian sumina gero eta nabarmenago. Telebistan Malvinetako gerraren berri ematen ari ziren,
baina nik, egia esateko, ez nion kasu handirik egin. Geroxeago, zeldetara igo ahala, ilaran, Kaxkagorri, ehiza txakurra legez
paradan, aurpegira begiratzen zigun, erruduntasun arrastoren
bat topatuko zuelakoan edo. Behin zeldetan itxita, lagun batzuk bakartze modulura eraman zituzten. Handik egun bira
lagun horiek kartzelako Erregimen Batzordea delakotik igaro
ostean, modulura bidali eta Enri –aulkia aldatu zuen laguna– eta
biok zigor zeldetara eraman gintuzten. Beharbada kontrol kameran zerbait susmagarri ikusi zuten, auskalo. Biharamunean,
Erregimen Batzordera deklaratzera joango ginen biok. Bertan
leporatzen zigutena ukatu genuen eta ez genituen egun asko
bakartuta eman. Tira, pasadizo bat, beste hainbesteren artean.
Iñaki Ojeda Txapel lagunak ez zuen barruan denbora luzea egin,
baina kalean ere gutxi iraungo zuen. 1983ko ekainean irten
zen Puertotik, eta 1984ko otsailaren 16an Polizia Nazionaleko
GEO talde berezikoek balaz bete zioten gorputza bai Iñakiri,
bai haren kide biei. Iñaki hil eta Juan Manuel Piris Mungi eta
Imanol Gonzalez Beltza larri zauritu zituzten. Barakaldoko pisu
batean gordeta zeuden eta konturatzerako poliziak gainean zituzten tiroka. Gu ordurako Herrerako kartzelan geunde; han
egin genuen txapeo luzean, zeldetan bakartuta geundela, jakin
genuen sarraski haren berri.
Kolpe latza izan zen.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XII
Kroke eta biok ez genuen material askorik gure gelako ganbara
zulatzeko. Gainera, geunden moduluan ezin zen zarata asko
egin. Han arin konturatuko ziren norbait zerbait prestatzen zebilela. Geure gelako leihoan soldatuta zegoen pletina bat kendu
genuen. Lanak eman zizkigun soldadura libratzea, oso gogor
zegoen eta. Izerdi patsetan amaitu genuen biok. Eta zeldaren
goiko aldea zulatzen hasi ginen. Horretarako, litera bi, bata bestearen gainean, mahai bat eta aulki bat erabili genituen aldamio
gisa. Hori guztia ganbarara hurbiltzeko. Altuera handiaz aparte,
olatuen antzeko forma zuen hango ganbarako sabaiak. Zulatzen hasi ginenean, teila gorrien zatiak edo antzekoak erortzen
ziren, baina zertxobait gorago, oso gogorra zegoen, eta indarra egitean zarata ateratzen genuen. Dirudienez, goiko alde
guztiak zementua zuen eta ondo sendotuta zegoen, gutxienez
lehen eta bigarren moduluetan. Geroago jakin nuen aspaldian
Granadako kartzelako presoek mutin asko egiten zituztela eta,
hori zela eta, zementua jarri zuten goiko aldean. Horrenbestez,
lan horiek uztea erabaki genuen. Beraz, igeltsu antzeko masa
prestatu eta ibili ginen lekuan jarri genuen. Sabaiaren kolorea
eta igeltsuarenak batak bestearen antzik ere ez zeukaten. Gela
zuria zen, eta itxura bat eman eta disimulatzeko, haginak garbitzeko pastarekin partxeatu genuen.
Bertan izan ei ziren mutinak trantsizioa delako garai hartan
izango zirela iruditu zitzaidan niri, Granadan bezala beste kartzela askotan ere preso sozialek borroka ugari eta gogorrak
egin zituztelako. Garai hartan nahiko antolatuta zeuden, Carabanchelgo espetxean hasi eta hedatzen joan zen COPEL koordinakundearen bitartez (Borrokako Presoen Koordinakundea).
1976tik aurrera, zenbait urtez, hainbat gose greba, beren burua zauritzeak, mutinak... izan ziren. 80an, ni sartu nintzenean,
baziren COPELekoak izandako lagun batzuk. Estatuaren erantzuna, zer esanik ez, errepresioa izan zen, eta zigorra. Hainbat preso hil ziren eta beste hainbat torturatu egin zituzten.
Kasu batzuk tribunaletara iritsi ziren, baina Espainiako Justiziak
ez du galtzeko denborarik, nonbait, batez ere berak gizartetik
baztertzen dituenekin. Hurrengo urteetan neurri berriak, gero
eta gogorragoak hartuko zituzten kartzeletan, horietako bat
FIES delakoa sortzea (Jarraipen Bereziko Presoen Fitxategia).
Jakina, preso politikook fies horietakoak gara, jarraipen berezia
egin beharreko jendea garenez gero. Ondoren egoera horretan, kartzeletako bakartze moduluetan zeuden preso sozialek
APRE elkartea sortuko zuten (Erregimen Bereziko Presoen Elkartea), jasaten zuten egoera bortitza salatzeko.
Guk ere mutinen batzuk eginda gaude, hainbat protesta eta
borroka artean. Ondoen gogoratzen dudana Carabanchelgoa
izan zen, bertan parte hartu nuelako. Epaiketa batera eraman
ninduten Puertotik. 1983a zen. 1981eko uztailean Andaluziako
kartzela hartara eraman gintuztenetik gure borrokak biderkatu
egin ziren, gose grebak, plantoak eta oro har desobedientzia
ekintzak, epaileari helegiteak euskaraz bidaltzen genizkion...
Beste kartzeletan ere gose grebetan eta beste hainbat borrokatan bat egiten zuten gurekin. Beraz, Puertotik Madrilera joaten ginenean, han ere topatzen genuen borroka giroa.
Carabanchelgo kartzelan egun batzuk eman ostean, halako
batean, goizean goiz, hainbat laguni gauzak batzeko esan ziguten, Puertora gindoazela. Kuadrilla ederra ginen, autobus bat
betetzeko bestekoa. Zeldetatik irten eta berehala adostu genuen protesta egin behar genuela, Puertoko egoera salatzeko.
Hirugarren galeriako hirugarren solairuan geunden gu. Behera
jaitsi ginen baten batzuk, bosten bat, kartzeleroen susmoak ez
pizteko. Txakurtegira –kartzeleroak egoten diren lekura– hurbildu ginen. Gutako batek atea jo zuen, beti itxita egoten bai56

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

tzen, eta han zegoenak uste zuen zerbaiten berri ematera joan
ginela. Zabaldu zuenean, bostok sartu ginen tximista lez, han
zeuden giltza guztiak hartu eta kartzeleroari galeriatik alde egiteko esan genion. Garitan bertan bazegoen irteera, eta kartzeleroa bota genuenean, galeriako ateak itxi eta gure jende guztia behera jaitsi zen. Galeriako burdinazko atetzarraren kontra
metro bateko altuerako zaborrontzi pila bat ipini genuen; gero,
somierrak eta koltxoiren batzuk ere eraman genituen, barrikada galanta osatu arte.
Handik ordu erdi batera, zerbait igarri genuen ateaz bestaldean.
Soplete bat zen, sarraila ingurua mozten hasi ziren. Sopletearen
suak berehala zeharkatu zuen burdina, baita zaborrontzi bat
sutan jarri ere, eta apurka-apurka su hura barrikada osora zabaldu zen eta galeria osoa ke beltzez bete zen. Berehala, preso
sozialen zeldetako ateak zabaldu genituen, ito ez zitezen, eta
zeldetako leiho guztiak ere zabaldu, haietara hurbildu eta arnasa hartzeko. Ke gehiena goian zegoen, jakina, gure galerian, eta
kartzelaren pareko kanposantuaren atzeko errepidean autoak
gelditu egiten ziren kartzelara begira. Zeruan, berriz, Poliziaren
helikopteroa bueltaka zebilen.
Halako batean galeriako atea zabaldu zuten, baina kosta egingo
zitzaien sartzea, baten batek burua agertu orduko goiko solairutik harrapatzen genuen guztia botatzen genuen-eta; esate
baterako, komuneko azulejuak eta komunontzi bera ere bai.
Ondoren suhiltzaileak ere agertu ziren, zaborrontzi birrindu
eta ia urtuetan irauten zuen sua amatatzeko. Eta haien atzetik istiluen kontrako polizia, kaskoa buruan, ezkutua besoan,
gomazko pelotak jaurtiz. Kezko poteak ere bota zituzten, eta
ateko barrikadatik sortzen zen kea ia iraungita bazegoen ere,
kezko poteek eragindako itolarria bueltatu zen berriro. Guk,
hirugarren pisuko barandaren kontra somierrak jarri genituen,
polizien pilotetatik babesteko.
Eguerdi aldera, zeldetara sartu ginen eta poliziak gure bila igo
ziren. Zeldetatik ateratzean borrakadaren bat eta ostikoren
bat jaso genuen, baina okerrena tentsioak eta keak eragindako
buruko mina izan zen. Geunden bezala, autobusera atera gintuzten, lehenago sekulako araketa jasan ondoren. Kartzelako
korridore guztietan ura zegoen, sua amatatzeko erabilitakoa,
jakina. Arroparik ez ezer hartu gabe, aurpegia, kamiseta eta
prakak belztuta eta hauts eginda, Puertorako bidean geunden.
Gauerako Puerton ginen. Hara heldu eta zuzen bakartze modulura eraman gintuzten, zigortuta. Akorduan dut nola utzi
nuen almohada lehenengo gauean, ikatza lez. Moduluetako
lagunek bertan geundela jakin zutenean, euren arropak bidali
zizkiguten, eta, gutako bakoitzaren neurriak gutxi gorabehera
jakinda, baikoitzari neurrikoak.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XIII
Ostera ere heldu zitzaigun modulu aldaketa eta, geure gauzak
batuta, beste leku batzuetara joan behar izan genuen. Rubixo bigarren modulura, Txalaka eta Fran lehenbizikora, Joseba
isolamendura eta Kroke eta biok hirugarren modulura. Patiora irten ginenean, bertan beste lagun bat geneukala konturatu
ginen: Manu Azkarate Ramos, espetxe hartara eraman berria
eta erizaindegian sartu zutena. Lagun alaia hauxe ere. Galdetu
diot:
–Zer moduz zaude?
–Ondo esan beharko dugu, ez? –berak.
–Eguzkia faltan botatzen duzu, ala?
–Isilik egon zaitez –erantzun dit–, Carabanchelgo ospitale uher
horretan gauzak gaizki jarri dira, gero! Dena itxi dute, inor patiora ez irteteko.
–Noiz etorri zara hona? –galdetu diot.
–Orain dela hiru ordu edo.
–Ba, gu oraintsu aldatu gara galeriaz. Oraindik ez ditugu gauzen
erdiak ere ziegan egokitu.
–Non dago zuen ziega? –galdetu du Manuk.
–Ikusten duzu leiho batean Euskal Selekzioaren kamiseta bat?
–seinalatu diot.
–A, orduan, galeriaren erdi aldean zaudete.
–Bai, hortxe-hortxe.

Beste euskal aldarrikapen asko bezala, Euskal Selekzioarena
ere Estatu espainoleko kartzela askotan dago, gure buruan eta
soinean. Kaleko lagunek oparitu zidaten niri Selekzioaren kamiseta. Euskaldunon aldarrikapena ez ezik, herrira hurbiltzen
gaituen zerbait ere bada. Etxetik mila kilometrora, kamiseta
bat, liburu bat, gauza txiki asko ere baliatzen dituzu urrutiko lur
hari heltzeko. Izan ere, horretara gogoan duzun hori, ikutu ezin
den hori baino gehiago da zure herria.
Manuk gaixotasun larria zeukan, zain esofagalak, horregatik
zegoen erizaindegian. Carabancheleko erizaindegitik lekualdatu zuten Granadakora. Izan ere, Madrileko Auzitegiko epaile
Manuela Carmenak askatasuna ematea erabaki zuenez, Espetxeetako Erakundeek beste probintzia batera lekualdatu zuten,
Madrileko erabakia bertan behera uzteko. Horrela, Manuren
askatasuna atzeratzen joaten ziren. Izan ere, lurralde epaileen
ebazpenak oso ezberdinak izan zitezkeen kasu berberari dagokionez; Manuren kasuak erakutsi zuen bezala. Esate baterako,
zigorra laburtzeari dagokionez, antzeko kasuen aurrean, urteetako aldea gerta zitekeen kartzela batetik bestera, epaileen interpretazio desberdinak zirela eta. Ondoren, lurralde epaileen
erabakiak bateratzeko, Madrilgo Auzitegi Nazionalean ipini
zuten Espetxe Zaintza Epaitegi bakarra, eta gaur egun epaile
bakar batek erabakitzen du euskal preso guztion askatasuna.
Haren eginkizuna zigorrak ahalik eta luzeena jotzea da. Euskaldunoi, apaltzen ez denari, ahalik eta zigorrik luzeena ezartzea,
horixe da etsaiaren eta haren egitura errepresibo guztien helburua. Zigorrik luzeena eta gogorrena.
Horregatik, helburu horren aurkako borrokak ere latzak dira
ezinbestean. Gose grebarekin batera, txapeoa da borroka tresna bakanetako bat. Eta gose grebak bezala, txapeo asko eginda
gaude gu. Batzuk laburrak, besteak luzeak, oso luzeak. Luzeena,
hain zuzen, 1984an Herreran egin genuen hura izan zen.
Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

Otsaileko egun batean, goizeko zortzietan kartzelako bozgorailuek esnatu gintuztenean, ez ginen ohetik altxatu ere egin.
Ordu horretan kartzeleroek lehenengo kontaketa egiten zuten
eta guk zeldako hormaren parean zutik egon behar genuen.
Kartzeleroak, galeria bakoitzeko lehenengo zeldako lagunaren
jarrera ikusi, mehatxu egin eta zeldan itxita utzi ondoren, bigarrenekoak gauza bera egin zuela ikusi zuen, eta hirugarrenekoak berdin, eta denek, hiru moduluetan.
Hala, zeldan itxita, igaroko genituen hurrengo 10 hilabeteak,
hasierako hirurak patiora ere irten gabe. Ondoren, ordubetez ateratzen hasi ginen, eta zeldara bueltatzeko banan-banan
igotzera behartu nahi gintuztenez, guk planto egiten genuen,
Guardia Zibila etorri arte. Zeldetarainoko korridore bat osatzen zuten guardia zibilek eta guk erditik pasatu behar izaten
genuen egunero, borrakada bat ez bazen, ostikoren bat jasota. Ez genuen inolako agindurik onartzen, miaketa egin nahi
zigutenean, uko egiten genuen, nahiz eta batzuetan indarrez
eta arropak urratuz biluzten gintuzten, eta zeldako miaketa
egiten zutenean dena hankaz gora uzten zuten. Hilabete horiek guztiak bisitarik gabe ere igaro genituen. Gutunen zentsura genuen, eta oro har komunikazioak kontrolpean. Senideen
gutunak baino ez zizkiguten baimentzen, eta igorlea jarri barik
heltzen ziren gutunak ez genituen jasotzen. Atxikiak gelditzen
zirela zioen jakinarazpena ematen ziguten.
Kartzeleroekiko enfrentamendua gero eta handiagoa zen. Euren probokazioei guk ahal genuen moduan erantzuten genien;
esate baterako, orduero hiru moduluetako zelda guztietan ate
joka. Zeldetan sortzen zen burrundara ikaragarria zen. Hala sumatzen genuen zeldetatik, eta zeldetatik kanpo, korridoreetan,
askoz ikaragarriagoa izan behar zuen.

Esan bezala, denbora hartan guztian ez genuen bisitarik eduki;
hala ere, senideak hara joaten ziren astero. Eta euren adore
oihuak entzuten genituen barrutik. Kanpoaldera ematen zuten zeldetako leihoetan izaraz egindako pankartak eta ikurrak
jartzen genituen senideak inguruko zelaietan ziren bitartean.
Eurek gure izenak oihukatzen zituzten, eta alde egin behar zutenean, agur moduan, autobusetako klaxontzarra jotzen zuten.
Horrela hasi ziren Herrerako martxak.

Zaldi Berdea

Jose Mari Sagardui Moja «Gatza»

I. zatia

XIV
Egunak joan, egunak etorri, hor gabiltza hara eta hona, gure
patioko ibilerak egiten, Manu, Kroke eta hirurok. Kalerantz zuzen begiratzen bazenuen, patiotik hurbil ikusten zenuen ospitalea. Ordurako bagenekien Granadako espetxe probintzialaren
kokapenaren berri. N-323 errepidean dago, hiriburu barnean.
Espetxearen mugak hauexek dira: iparraldean, Ribera del Beiro
kalea dauka; hegoaldean, Concepción Arenal kalea; ekialdean,
Poliziaren Parke Mobila, eta mendebaldean, Madrilera doan
N-323 errepidea dago. Gazteen moduluan bezala, guardia zibilen garitak gure patioaren erdi-erdira ematen zuen eta gau gutxitan egoten zen han inor. Ez zen berdin gertatzen bazterretako garitetan, haietan iraunkor zeuden eta. Kartzelak gutxienez
errepideko puntu bi ukitzen zituen, nik ikusi nuenaren arabera,
askotan entzun bainuen autoen eta motorren burrunba, baita
ibilgailu horiek ikusi ere, eta adin guztietako jendea kartzela aurretik pasatzen zenean, oinezko horien ahotsa entzuten nuen.
Zarata horiek, ahots horiek entzutean konturatzen zara askatasuna zein hurbil dagoen eta noraino urratu dizuten. Hori gogoratzean, hain hurbil sumatzen duzun askatasun hori gero eta
urrunago dagoela pentsatzen duzu, badakizu. Hamahiru urte
igaroak ziren ordurako 1980ko uztailaren 8ko gau hartatik.
Hamahiru urte, askatasuna gero eta urrunago eta aldi berean,
egun haiek gogoan, oso hurbil, ahaztu ezineko moduan.
Gaueko ordu txikitan Poliziaren danbatekoek esnatu ninduten.
Etxeko atea zulatu eta trumilka sartu ziren. Ikaraz bete zuten
ingurua. Pentsa aitak eta amak zer igarriko zuten. Ia arropak
janzten utzi barik ere, kalera atera ninduten, baina arinago
amak niri zamarra bat soinean ipini zidan, harekin batera bere
babes eta maitasun guztia eroatea nahi balu bezala. Agurtu
egin nituen gurasoak, modu arinean, halabeharrez. Etxea ez
zuten arakatu. Atarian bertan konturatu nintzen taldeko beste
kide bat ere atxilotuta zeukatela, kalean, eta kalera irtenda,
bertan ikusten ziren autoetan lagun gehiago zeudela ohartu
nintzen. Ni beste auto batera sartu ninduten eta beste kide
baten etxe ondora joan ginen denok. Handik, infernura: Indautxuko komisariara. Bidean, bihotz taupaden tarrapata gero eta
arinago igartzen nuen.
Komisariara sartu orduko, lehenengo eskailerak igotzean, polizia batek barrabiletatik heldu eta sekulako txatxamurkada