Yolanda - 1

Pierre Lhande

YOLANDA
—IRAKURGAYA—
1.° IRARKALDIA
1921—DONOSTIA

I
Urdanibia
Irundik Ondarrabiaraiñoko bide zabalean
lenago lau mando makal zartxo batzuk zaramaten gurdi moldakaitza, oraiñ tximista-indarraz
dabillen trranbia ori liraiñ bat egiña dago.
Ondarrabiaruntz joateko asmoaz gurdi berri
ortara igoko baziña, irakurle, laixter —Kaputxiñoen etxera eldu baño len—, igar edo errotaurbide bat zubiaren azpitik dijoazula nabarituko
zenuke. Itsasoa apalean dagolarik, igar-erreka
ori loitsu ta erditara urez ustua dago; baña urandiak gora joten duan orduetan, ibai nasai, arto
landa ederren artetik dabillen bat dirudi.
Gaurko egunean erreka orren urak, arriz
beteak Bidasoatik datozten txalupak, ara, bide
bazterreko Sagarzazuren edozein arriki lantegira
ekartzea baizik beste lanik ez dauka. Baña...
Gurditik jatxi zaite, irakurle, ta begira... Errekari
bidea zabaltzeko egiña dagon eskuzko lan izugarri ori, Sagarzazuren lantegi txiki politarentzat
iñork bururatuko etzezakela laixter ulertuko

dezu. Uraren bi aldetatik aiñ zabal ta lodituak
ikusten ditutzun iya ta kanaberak, egikizun ori
atzokoa eztala, ageriki salatzen dute.
Jo zazu aurrera... jarrai urari barrena... Anemen, zearka dabillen errekaren bidean, orra
arrizko zubi zar bat, bizkarrezurrez goratua itsas
ontziak azpitik igaro ditezen eran; orra or legorrean oska zabal bat egiña, gora ta bera dijoazen
txalupak aldizka igo ta jaitxi ditezen; ona emen
ontziak ustu-betetzeko antolatuak zeuzkaten
biguiñ edo arolak, ta burni lokariak korapillatzeko abe tantaiak. Jo... jo... loizulo ta sasiak gaindi... Sar, basetxen inguruelako sagardi ta zelaietan, ango etxekandreak atorra ta maindire ta
puxka gobaraberriak esi gainean zabaltzen
ditualarik. Jo oraiñ ezkerrera, ibaiarekin batean,
amezti beltz araruntz; ibilli, zugatz illun orien
adarpean... Or daukazu, oyanean galdua dirudin
orma-goradun yauregi bat...
Yauregi aberats samingarria!
Amaseigarren gizaldiko Zaldunak egoki zeukaten antzera, etxea arri eder apainduz jasoa
dago, ta ate-gainean marmol edo aitxurdinezko
arri-mai batean itz oriek ozkatuak daude:

SEBAS
TIAN D’UR
DANIBIA-RE
DIFICO ES
TA CASA
ANO DE
1619
Sebastian Urdanibienekoak etxe au berriztatu zuan, 1619 garren urtean. Izki orien azpian
Urdanibitarren ezagutailluak: basurde ta orkatz
ta oreiñ adarbakardunak.
Orrelako alderdi basa ta illunean etxe ori jaso
zuten gizonak, gogoan zer asmo zeukaten? Bere
atsegin eta solasetako leku ori autatu ote zuten?
Ez noski. Atsegintzalea bakartasunari itzuri egin
oi dioala edozeiñek badaki.
Etxagillearen asmo egiazkoa ikertu nai badezu, yauregi orren inguruneak urbildik begixta
itzatzu. Orra amen lenago Irundik Ondarrabiaruntz zebillen Erromatarren erregebidea. Oraiñ
otarte ta sasien erdian saparrez beteak ikusten

ditutzun arrola oriek, gizaldi-ta-gizaldietan, bide
zabal errex bat ortik bazabillala ezaguarazten
dizute. Baña bidearen beste aldean datzan urbildegi orrek ta berari arrizko ur-bide batez lotua
daukan etxola beltz illun ark, yauregi ori zertarako egiña izango ote zan agerian jartzen dute.
Jaizkibel-mendieren erraietatik sortutako errekatxo bat onaraiño, ataurka zeyartu-ta, ekarri
zuten. Ark pixkaka-pixkaka, ur-bildegia nasaiki
betetu-ta, bere ur pisuak etxolaren goi-sapaiaraiño daramatza. Or lenago ur-errota edo aizearka aundi bat izango zala ikusleak errex asma
dezakeana da. Itz batez, Gipuzko aintziñakoan
aiñ ezagutuak ziran ola eder aietatik baten
aurrean gaude. Auxe zan Urdanibiko ola, ola
guzien artean aipatua zegona.
Euskadiko kondaira zar-zarrenetan jarria
dagon gauza da Euskaldunak betidanik burnizale ta ola-gizon izan dirala. Plino, Kaizar eta Esterabonek gure mendietako burnimeatzen aberastasuna goratu dute, ta Martzial olerkariak nonbait dio Zeltiberiko gudari ospetsuak, Bilbilis
euskal irian landuak ziran ezpata eta azkonak
obeagotzat edukitzen zituztela.

Esan ori gutxi badirudizu, gutartean bertan
entzun dezakezu Euskaldunen aitonen aitona
bera, Tubalkain, Iapeten semea ludian izan dan
len-len ola-gizona zala, ta oraindik aintziñagoko
berriak jakin nai baditutzu, Ibarguen idazlariaren
gutunetan aurkituko dezu.
Ori gora bera, gogor baño gogorrago dan
egia da, Erromatarrak gure menditarte orietara
etorri baño askoz ere lenago, iñork ezagutu
dituan gizon batzuk, burni billa, Auñe-mendiko
sustraiak ikuskatu ta zulatu dituztela. Neronek
nere begiez yaz ikusi dedalako esan nezake,
Ayamendin, Oyarzungo lurretan, burnimia zarzar batzuk badirala, aspaldiz geroz mendierraien ikertzaleak erabilli ez dituzten tresna edo
lankaiekiñ eginikakoak. Orduko miagizonak
burni gordiñ edo latza jalkitzeko aitzkiñ asko
gogorrik etzeukatelako, lenbizi burni-beta ikatzsuakiñ bigundu-ta erauzten eta puxkatzen
zuten. Oitura zar ortatik daloz gaur an ikusten
ditugun uskuneak, eunka eta millaka, ormaren
azalean zulatuak.
Burni-lan oriek nolakoak izango ziran beste
aztar batzuk badagerkigute. Elgoyen deritxon

ibaiari bera, edozeiñek ikus litzazke orma mokor
beltz, erdi-erroiztu, ke-bide motz, arruztai urratu
eta abar: arriki erori multzoen erdian burni puxkak ere idoro ditzazketzu. Antxinako etxe orien
izakera orain ere dakarten izenak berak adierazten digu: Olaberria, Olazarreta, Ibarrola, Olasagasti... Beti ola ta ola.
Amasei garren gizaldian geien geienik zabaldu zan, Gipuzko eta Bizkayan, burnigintza. Aita
Henaok dio orduan irureun ola baiño geiago
piztu zirala. Urtean lareun milla «kintale» burni
emen landu ta Europako porlu guzietara bialtzen
omen ziran. Euskaldunak izugarriko biltoki aundiak bazeuzkaten Flandretako itsas-uri geienetan, ala nola Lilen, Dunkerken, Brujasen eta Middelburgen; ta sal-eroskin biltokiarekiñ batean bai
omen zeuzkaten ordezkari-etxe (Consulado) eta
eleiza euskotarrak. An saltzen zituzten bere
burni, ogi ta ardoak, ta ontziak berriz betetzeko
zer erosten zuten jakiñ nai badezu, gutun zar-zar
latiñeraz eginikakoaren batek esango dizu:
«zaldi eder eta astunak, idi gizendunak, guri
gozo, urdazpi gatzan edo kean mardotuak, ille ta
oial aberatsak, margol-itxura xoragarriak, itz

batez, gizonaren eskuz egiñ ditezkean zer eta
zer ederren eta onenak».
Orduan izanikako ordezkari-etxe aundienetatik bat zan, Brujasko Bizkaitaren Yauregia (Proetorium cantabricum edo Palais des Biscayens)
deritzana. Sanderus idazle zarrak, etxe nagusi
orren itxura eder bat gorde digu, Flandria Illustrata dalako gutunean. «Biscayers Plaatz» edo
«Bizkaitarren Plaza» gaur ere deritzon tokian,
Euskaldun ontzikariak ura jaso zuten 1497
garren urtean, ta edozeiñ edergaillu ta apaingarriak josi ziozkaten (magnifice admodum structa). Orduko yauregietan oi zan bezela, sapai
zabal bat gaiñean sollairu agiri luze bat inguruan
eta enparantza edo zelai nasai bat aurrian
bazauzkan. Ein batez itxuraz beste egin bazan
ere, etxe ura oraindik tente zagon emeretzi
garren gizaldiaren erditsutan. Gero suak erre, ta
gaur etxe berri bat daukate, zarraren orma sustraien gaiñean egiña. Bakarrik, lenago lurpetik
ibaiaraiño zebillen ibiltokia ta an zeuden biltegiak, nai dezunean, nik bezela, ikus ditzazkezu.
Brujas uria laixter gure Euskaldunekin adixkide egin izan zan. Azkatasun-sariak eman zizkio-

ten, 1893 garren urtean eginikako gutuntxo
batek dionaz. Eskutitz orren araura, iñork zuzenik etzeukan Euskaldun baten aitzi edo kontra,
non Euskaldun ark ezpaitzuan gizon bat ill edo
iltzeraiño jo: ta orduan ere iltzailleak bere Euskaldun Ordezkaria ta besterik iñorrezekiñ, bere
egipena atzaldu bear zuan. Uriko atearen giltza
Euskaldunak berekiñ bazekarten, itsasora nai
zutenean juateko. Apaizak ere bereak bazeuzkaten: eleiza, ill-arri edo ill-obi, guztiak bereak.
Euskaldunak Flandretara, Flamendarrak gure
errira baiño askoz ere geiago zabiltzala agiri agirian dana da: Gutarrentzat Flamendarren erdara
ikastea, arrotzentzat gure euskera aditzea baiño
errexago zan-eta. Beraz, Bizkai ta Gipuzkoarrak
emengo salgaiak bere ontziekin ara eraman-eta
berriz onera angoak bazekartzen. An gelditzeko
epea, laburra beti: Euskadira laixter biurtzeko
asmoarekin zeunden. An gelditu ta ezkontzen
zanik, gutxi.
Bestalde, Flamendarrak gure legorrera jotzen
zutenean, gogotik emengo lurrean oiñak lotzen
ziezten: biotzak ere bai, noski, euskotar neskatxa ille beltz ta begi-samurrak Iparraldeko gizon

bizargorri orientzat ein bat ikusgarri ta asmagarri ziralakoan. Egin izan ziran bada, noizpait,
bitarteko ezkontzak: baña beste asko egin izan
nai... ta egin izan ez... euskaldun pinpiriñak Euskalerriko loreak utzi nai etzituztelako. Ta orra
nondik sortu ziran nigar marrakak...
Gertaldi orietalik bat zuri esatea da, irakurle
maitea, ni zure gana nakarran asmoa. Kondairatxo ori Urdanibiko olak nik baiño obeto xeatuko
zizun, ark orren berri badaki-eta; baiña orma
zarrek belauri bai, ta mingaiñik ez. Alere nik nundipaitik jakiñ baidet, dakidana esango dizut.
Berri orien agertzaleak bere aitonaren aotik
aditu zuan: aitonaren aoa egiaren iturri. Nik ez
diot besterik galdetu. Entzun zazu bada gertaldi
zar-zar au, ta uste det ura aditzean zuk ere nik
bezela egingo dezula: irri pixka bat ta bi ari...
nigar.

II
Ola
Iñoiz ere, ainbeste mutill sendo sortzen
dituan Gipuzkoako alderdi ortan, etzan ikusi Ixtebe, Urdanibiko ola zarraren jabea bezelako gizon
eder eta mardulik. Basajauna bezain aundi, sorbaldak gora, burua tente, arpegia gorri Andoaingo sagar gezagorria bezelatsu, ta illea luze ta
gorbeltz azillako gaztena zoliaren antzera. Aren
beso zainar ta lodiak bezalakorik, gutxi. Zaragoill
edo galtza motzen azpian, zangoak narruzko lotkarriz ertsiki josiak zeuzkan. Ura zan, ura, itxuraz, egizko nekazari ta ola-gizon seme euskalduna!
Baiña gorputz gora ta bular sendo orien
barrenean biotz bat sasiko marrubia bezain guri
ta biguna zekarren; ta bekoki kotor orren
mamian, gogo zuzen eta zura. Oian-gizon bat
zirudian mutill eder ark, aurtxo emearen gogo
biotzak zeduzkan.
Bizitza elkarrekin eramateko, bere ogei urtetan autatu zuan lagun liraiña gazterik obiratu

zitzaion; baiña, Jainkoaren maitetasun ta bildurra biotzean zekarren kristau ziñezko orrek naigabe samiña bere zeruko Jabearen eskutikako
doai edo emaitza bezala artu zuan, ta geroziik
bere gurutza Goiko atsegiñen itxaropenakiñ
bazeraman.
Zorionean bizitu izan zan lau urtetatik oroimen bezela gelditzen zitzaiozkan iru alaba
gazte, bere ama zarrakiñ etxean zegozkionak:
Yolanda, Luixa eta Ixtebana. Iru maite-maite
oriek Urdanibiko barren-lanak bere lepoko zeuzkaten.
Etzan ori egikizun txikia! Jakiña da oletako
otamenen ondoan mutur-zuri asko ta asko gogotik bazabiltzala. Olako ikatzetan erreak zeuden
jatekoak beste sukaldetako suan egiñak baiño
gozotsuagoak zirala zioten. Oregatik, ta Euskaldunen biotz ona ta esku zabala ondo jakiñaz,
Ondarribi, Donosti, Pasai edo Debako portuetara
zetozen itsas gizon arrotzak Urdanibira astiro
jotzea oi zuten, olamen aberats bat iresteko
asmoan. Flamendarrak batez ere orrelako joanetorri batek etzituan beiñere asperzen. Eguarditarako (apaiza bezain xuxen) Urdanibiko maian

zeuden. Olako langillentzako urdazpi edo ariki
zatia beti errea zagon, baiña kanpotarrentzat
beste jan-gai mordoxka batzuk berezituak
bazeuzkaten: Oyarzungo auñ edo Jaizkibelgo
erbiren bat. Ardoa, Xabierreko napar ardau sutsu
artatikakoa. Nexkak jatekoa, ta morroiak edaria
maiara ekarri oi zuten.
Aparia gabaz egiten zanean atzerritar asko
Urdanibian gelditzen ziran, batez ere ardau
napar geiegi gurkatuz oiñez edo zaldiz ibiltzeko
gai etzeudenean, ta sapaiako lasto edo belar
mondoietan bear bezelako atze edo oeak aurkitzen zituzten. Eguarditakoa zanean, maitik ateratu ta olako lankaieri ikustaldi bat ematera bazijoazten, estea nik eztakit edo berotu edo arindu
egitekotan.
Beraz, 1623 garren urteko Eguberri aurregun
batean, Urdanibiko yauregian bazkari gaitz
aundi bat egin izan zan. Goizean goiz, Ondarraitz
parean bi ontzi aundi agertu ziran ta laister
Ondarrabitar ogei mutillek sokekiñ lotuak olako
portutxora ekarri zituzten. Lidwina ta La Bella
Anberesa zeritzen ontzi orien jabea zan Philippus

Jordaens, Brujasko itsas-gizon aberats aipatuaren semea, ta bera Urdanibira bazetorren, beartu zituan burniak billa.
Brujasera zijoazten Euskaldunetatik zeiñek
ezagutuko etzuan ango Euskal-Etxera astiro
zebillen mutill ille-gorri ta arpegi guritsu ura? Ark
ere beste Flamendar askok bezela, ango zelai
ertzean, jai egunetako arratsaldetan, gure euskotar yauzi eta dantzak eman nai zitualarik, gure
itsas-gizonak parrez lertuak edukitzen zituan:
—Gizona! —zioten— eztek ori euskal dantza!
Ori dek artz-dantza!
Bai, artz bat zirudian: artz gorrailtsu gizen
bat...
Urdanibiak Flamendar sal-erosleari batzarre
ta ongi-etorri egin zion. Etxeko-jaunak ezkaratzean bazkari aundi nasai bat zerbitzarazi zion,
ta egia esan bear bada, Jordaensek jakiak etzituan tzakurrentzat utzi: guziak, bada, itsasoan
barrena igaro zituan lau astekiñ ederki gosetua
zekarren urdai zabal artan iretsi.

Bazkaldu ta gero Ixtebek olara lagundu zuan,
ango lan ederrak bere begiez ikus zitzan, mutillak bi ontzietara sorbalden gainean burni zamak
eramaten zituztelarik.
Ordu artan, bere su-labe guztiak garretan,
ola oro ikara, tximixta, ortziri, ke ta burrunba
egiña zagon. Goizean goiz olamutillak amabi krisaillu edo labeak aurreguneko ikatz eta autsez
ustu ta berriz, aoaraiño, mando zamaka Oyarzundik ekarritako burni-ga samarrez bete zituzten, ta gero azpitik piztu.
Flamendarrak olan sartu ziranean, laben
aotik gar luxe urdinzka batzuk atera asitzen
ziran, ta oieri bidea itsitzekotan mutillak buztinlurrez eginikako opillakin zuloak estaltzen ziezkaten. Soiñ edo gorputza erditaraño billuziak,
besoak loi gorriz orakatuak ta arpegi guzitik izerdia zeriela, ikustekoak ziran langille bikaiñak!
Ore gorriz ogi oratzen ari zitezken okiñak baziruditen!
Beste batzuk ikatz auts ta burni puxkaz otarreak bete ta, kanpotik ke-biden barrena botatzera bazijazten ta orduan ots aundi bat entzuten zan labearen erraietan: burni zamaren erori

astuna ta ke-zuloaren buruan su-txingarren txirria.
Ura zan laben bazkal ordua. Bere sabel-soro
beltzak meaz zintzurreraiño ondo anpatuak, an,
goian, bere ao gosetu ezin asegarriak irikituak
zeduzkaten, ola mutillak egotziko ziezkatenak
aopaldi batean gantzabeera iresteko.
Sartzean, Ixtebek bere ola-zayari otsegin
zion:
—Esak, Txomin... Labe oietatik bat laixter
iriki dezakek edo?
—Bai, lendabizikoa oraintxe, burni abarrak bi
orduz geroz jaurtiki diozkagu-ta. Gero, eguarditan bustiñez estalerazi dedan bigarren aren
aldea.
Esan eta, Txominek oiu egin zuan:
—Ea bada, mutillak! Lendabizikoari zillarra
ken!
Zillarra izen pollit ori, zillarra bezalako argi
zuriz josia labetik jarion mea urtuari, gure olagizonak esan oi zioten.
Labe aoaren aurrera burnizko aska luze bat
ekarri zuten. Ixtebek orduan bere laguna andik

eiñ bat basterrarazi zuan, langilleak labearen
atea orratz luze batez irikitzen zualarik.
Izugarrizko burrunba aditu izan zan. Tximixta-argiaren antzerako sutargi bizi-bizi bat sortu
ta jaso zan:
—Orra zillarra! —esan zuan Ixtebek.
Labearen atetik, galgaraka, zillardun erreka
bat bezela, burni urtua zerion. Aran inguruan
olagizonak, arpegi ta bular ta besoak ikatz ta
kedarrez zikinduak, an zeuden, begira, ixillikan,
arrituak nola berok, gizon beltz ta loitsu oriek,
aiñ argi garbia illunpetatik atera zuten.
Pixkaka-pixkaka, zillar txirripa agortzen zalarik, turmoi ots samingarria bigundu zan. Bakarrik
txinparten irrintzia aditzen zala, illunabarrak
berriz gela guzia suntsitzen zuan. Gero, labearen
barrenean burni zamak erortzearekiñ egiten
zuan burrunba entzun zuten.
—Oraiñ ura bota! —agindu zuan Txominek.
Bi langillek urez betetako ontzi bat ekarri-ta
burni gorrituari jaurtiki zioten. Orduan berriz
labea gaiztatu zan. Asi zan marrakaz eta irrintziz, ke zuri nasai bat aotik zeriola. Lenago gure
menditarteko arpe ta zuloetan zebiltzen basa-

suge lauburudun izugarri aietatik bat zirudian.
Gero, alere, geldi-geldika barretu ta ixildu zan,
iltzera dijoan leoi zauritu baten antzera.
Txominek oiu:
—Zamarra ken!
Arotz mardul gazte batzuk, orduan, bere burdiñaga luzez, labezolan zegoen zama jo ta zatitu
zuten, ta Matxardakiñ artu ta urak zarabillen
gabi edo maillu azpian sartu.
Naza-zayak ordu bertan urari bidea iriki zion:
ur-aska berealaxe bete egin izan zan ta maillu
burua jo ta ustu-ta berriz bete ta jo... Ola guzia
gabiaren arraboteaz ikara-ikara zegoan, burni
azalari aize-arkak bere butz indartsua ufaka jaurtikitzen ziolarik. Orrela zamarrak zekartzan utsuneak zapatu-ta, burniari loturikako ikatz edo
egur abarrak kentzen ziozkaten, zama guzia
leuna ta biguna gelditu arteraiño.
Azkenean, langilleak, berriz matxardaz
zamarra tinkatu-ta lurrera egotzi zuten, Erromako gudatokian lengo gudariak bere etsai garaitua zelaira-etzan oi zuten bezala. Ta bere beso
beltz ikastatuaz, bekokitik jeixten zeien izerdia,
ufa! egiñaz, ugindu edo txukatu zuten.

Jordaens flamendarra arritua zegoan. Ixtebek
esan zion:
—Philippus, zure errira biurtuko zeranean,
gure Gipuzko ta Bizkayako mendien arkaitzak
nere olan puxkaka-puxkaka, sartzen ta gero
andik burni zama eder egiñak ateratzen ikusi
dituzula esan dezakezu.
Flamendarrak aditu ez bezala egin zion.
Burua apaldurik, zorrotzik begia, olako ateara
urbildu edo urreratu zan; ta kanpoari begira
zegoan.
Ordu artan, iturrirako bidearen barrena
nexka pollit liraiñ bat, sulla buruan, oin utsik ta
gona motzaz apaindurik, etxearuntz zebillen.
Esku bateaz sulla mototsaren gainean tente
zedukan, ta beste besoa ankezurrari legunki
lotua zeukan.
Nexka ura Yolanda zala, irakurleak errexki
asma dezake.
Arrotzak Yolanda begiratu zuan luzaro... oi
luzaro; ta etxe barrenera sartu zanean, asperenez, Ixtebe gana biurtu zan:

—Bai —esan zuan—... Ori aipa nezake...
Baiña beste gauzaren bat ere nik an esango det,
ta auxe da: Zure etxean nere aberriko mutill
gazte bat sar diteke, biotza zure burni ori bezain
otz eta gogor daukala, baiña atera ezin leite bere
biotz au zure miak bezala autsi ta puxkatua utzi
gabe, zerbait bere begiez ikusi duanean…
—Zer ba? —esan zion Ixtebek.
Flamendarrak erantzun zion:
—Zer? Zer, diozu?
Ta begietatik tximixtak zeriozkala, ots egin
zuan:
—Auxe bakarrik: Yolanda zure alabaren ille
urrezkoa ta beraren begi urdiña!

III
«Burni erregina»
Jordaens flamendarrak Urdanibiko atean sartzen ikusi zuen neskatxa liraiña Gipuzkoan zeudezken etxalaba aberatsenetatik bat zan. Euskal
oituraren araura, jabearen alaba zarrena zalako
ta semerik ez izanagatik, ark etxean gelditu bear
zuan, izena ezpazan ere bederik sendi beraren
odola an gorde zedin. Orregatik, ezkongai bat
errex biltzeko bidean zegoela edozeiñek asmatu
lezake.
Baina ortarako, bere ondasun ta goitasunaz
gaiñera, Yolandak besterik ere bazeukan, batez
ere bere soiñ edertasuna ta arpegi ikusgaria.
Gipuzkoar neskatxak oi duten bezela, burua
tente ta sorbaldak gora bazarabilzkien, ta bera
ez oso aundi-aundia izanarren, ibiltzearekiñ
zaraman arintasunak, zan baiño aundiagoa zala
idurirazten zuan. Euskaldun antza arpegiari josia
zekarren: kokotxa luxe, bekain edo bepuruak
beltz, matraillak gerezi gorria bezaiñ argi ta guri;
ta begiak bustitua dagon burni berriaren antzera

edo kopla zarrak dionaz, «gaba itzalaren kolore»
zeuzkan. Itz batez, erregiñ gazte-gazte bat zirudian.
Beraz, erregiñ bat zan Yolanda, erregiña
bezaiñ aberatsa; ta bekokiaren inguruan zekarzkien ille adats gorri ederrak urrezko burestun
edo korona baten itxura ematen zioten. Ille polit
oren gorritasunari ta Sebastianek burnitik bildu
zuan aberastasunari begiratuz, askok Yolanda
deitzen zuten: «Burni erregiña».
Baiña, guzien ta batez ere Flamendarren ixillik, erregiñ ark ia bere erregea bazeukan.
Errege ura zeiñ zan edo non gordea zegoen
jakiñ nai bazendu, irakurle maitea, eztakizu zeiñ
aldera jo bear ote zendukean? Urdanibira juateko utzi dezun Irundik Ondarrabiaraiñoko bide
zabal eder ura berriz artu bear zenduke ta itxasoruntz jarraitu.. Bere orma beltz zarren erdian
sartua dagon Ondarrabiko uria ta Marinako
arrantzalien etxe aurre-xuri ta leio-urdindunak
igaro-ta, itsas bazterretik Jaizkibelgo azken
muturraren luzean dabillen bide ikusgarri ari
lotuko ziñateke, ta azkenean, antxe, oraiñ portu-

txo berri bat jasoa daukaten gune edo puntuan,
gure aitonen aitonak Azturiaga deitu oi zuten
toki bat aurkituko zenduke.
Izen polit ori an dagon iturritxo batena da;
bai-ña or, geroan, portu berriaren inguruan pixkaka-pixkaka jasoko dan uriari emango dutelakoan nago. Batzuk badiote, gaur ere ikusten
dezun yauregi zar orren lenengo bizizaleak,
emezortzi garren gizaldiraiño, izen ori bera
zekartela; ta gero galdu egin zan, ta Espaiñiako
errege Felipe IIgarrenak beste izen bat eman
zion: San Telmo. Guk, baldin nai badezu, izen
zarra gordeko diogu, euskerazkoa da-ta eta oso
goxua.
Ikustaldi bat eman diozagun yauregi zarrari.
Legorrearen muturxko baten gaiñean erakia
dago, arri aundi beltzez josia, urteak badaramazki-eta. Ur ondoan lokartua zegoken atso-zar-zar
bat dirudi. Ormak joten diozkan itsasoaren suzmurra ta beti aldean dauzkan auntzea girgill ots
biguna; orra emen entzun dezakezun soñu bakarra. Egun guztian eguzkiz beti jantzia dago. Goizean goiz Arrunmendiko lepo atzean eguzkia
sortzen danean, arpegira bere len-len leiñeruak

bialtzen diozka ta egualdi guzian bere argi ta
berotasunaz biribilkatu duanean, bere azken
suak, ur-aundian suntsitzearekiñ badaramazkio.
Olantxe, eguzkiaren ta itsasoaren argian pulunpatua, ta beltz ala-ere beti, zure sukaldeko krisailluan ikusten dezun garraren biotz illun ura
badirudi.
Baiña nik, krisaillua baiño obeto noski, Azturiagako yauregi ori itxas-egazti edo zurlinda kabi
bat, arkaitzen artean apaindua dirudila esango
nuke.
Argiaren yauregi zirudian itsas bazterreko
etxe artan jayoa zan Yoanes Azturiaga, Yolandaren maitaillea. Ura zan zazpi aurriden arteko
azken etorria, ta, jakiña, ainbeste egaztirentzat
txikiegia zan kabi artatik joan bear zukenetatik
bat. Jaiotetxean geldi eziñ-ez gero, nora jo bearko ote zuan? Bere anaiak bezala, an bertan zeukaten itsas aundi ori beera, Ameriketako ikertzaille ospetsu Diego Harra, Txomiñ Irala, Mikel
Legazpi ta Juan Garayen ondotik edo ludiari
inguruka, Elkanoren antzera zijoazten itsas gizonekiñ? Ez. Ark etzuan orrelako amets zabal ero-

rik egiten. Urrutiko legorretara baiño, an bertan
zeukan legor maitagarrira bere asmoak bazabilzkion. Itsaso araruntzko alderdieri zegatik eskatuko lizkioke, an, Urdanibiko yauregi ark eman lizkioketean zorionezko egun gozoak, batez ere an
zeuden bi begi urdiñak, ixillikan, baietz keiñu
egiten ziotelarik?
Egia aitor dezagun. Amets orren bururantzako eragozpen bat bazagon: ezkondu nai diran
aberatsa ta beartsuaren arteko eragozpena.
Baiña beste alderdi askotan eskontzeko asmoak
austen ta galerazten dituan eragozpide orrek
indar gutxi dauka Euskaldunak baitan. An guztiak, aberats edo beartsu, etxeko seme edo langille, jatorriz eta odolez berdiñak dira; ta sustrai
beretik ateratuak diran ta izkuntza bera, euskerazko izen bera, oitura berak dauzkaten ezkongaien artean, zer ajola dakar bat edo besteak
urre edo gariz geiago betetako aska izateak?
Yolanda, Urdanibiko etxalaba aberatsak, gora
baiño gorago bere ezkon-asmoak zaramaskela
agirian dago. Kastillatik Plandretara zijoazten
guda-agintari ospetsuak belarrira bere agerkai

omenezkoak esan ziozkaten; baiña maite zeukan «Yoanes» izen onen aldean jaun aundi orien
izenak arentzat gozorik gabe zeuden. Yauregi
ikusgarrienak baiño, Azturiagako arriola zarrak
bere begi biotzeri atsegin ematen zien; ta urre
edo zillarrez jantzitako zaldi ederrak baiño, bere
senar-gaiak zarabillen auñ-narru bataz apaindutako mando zainarra naiago zeukan. Kastilla edo
Andaluzitik etorritako agintari ta jaun orik euskaldun aritikakoak etzirala bazakian, ta ark zaiñeri josia zekarren bere jatorri, odol, itzkuntza ta
azturen maitetasuna. Bere etxetik Euskotarren
sustraia kendu zezakian ezkon-gairik Yolandak
etzuan beiñere aintzat artuko: Urdanibitarren
aspalditako ezagutailluak Alvarez edo Henriquez
edo Cabeza de Vaca bateren ikurdiakiñ estaltzea
lotsagarri zitzayon. Ots aundiko izen orik baiño
eztitsuagoa zirudion auntz girgilla bezain ariñ
eta goxua dan izentxo au: Azturiaga.
Beraz, aipatu degun 1619ko urte artan Eguberri gabako elizkizunak, Ondarribiko Buruñurdun edo Kaputxinoen lekaidetxean ospe aundirekiñ, oi dan bezela, egin izan ziran. Jaia amaituta,

izugarriko gizon eta andre ostea eleizatik irten
ikusteko, baserritar eta arrantzaleak ara taldeka
eta multzoka bildu ziran. Batez ere Urdanibira
etorritako arrotzak, bere janzki margodun ta
bere txapel arro zabalakiñ aiñ parregarriak ziran
Flamendar orik, Ondaribitarrak ikuskatu nai
zituzten. Etzan ura lan errexa! Aiñbeste mutill ta
nexka kaxkar, aiñbeste atso ta nekazarien
artean ibiltzeko, ola, mutillak esku-makilka nolapait arrotzeri bide egiñ bear zieten.
Euskaldunak oi duten antzera, gizonak lenik,
gero andreak, ta nola-nai umeak, eleizatik aterata etxera elkarganatu gabe bazijoazten. Baiña
Philippus Jordaens flamendarrari bereixtasun ori
egoki etzirudiola laixter nabaritu izan zan. Beste
gizon lagunak aurrera bazijoazkiolarik, bera
atzean gelditu zan. Mutillen ondoan, neskatxak,
lerroka ta izketaz eta parrez zetozen. Flamendarra bide bazterrean bakar-bakarrik gelditua ikustearekin asi ziran aopekakan:
—Noren billa diñagu indioillar ori?
—Indioillandaren, no!
—Bejondiola! Eztin emen aurkituko.
—Bai zera! Iri parreño bat egiñ baleike!

—Ez milla egiñikan ere! Dan bezelakoa!
Jordaensek len-len lerroak iragan utzi zituan,
ark billatzen zuana azken taldekiñ zetorren-ta.
Baiña lagunen artean zebillen Urdanabiko etxe
alaba bertara eldu zitzayonean, bere txapel
nasaia lurreraiño apaldu-ta, Errege-yauregitarrak egoki daukaten antzera besoa eskeiñi zion
esaten ziolarik:
—Etxeraiño nere laguntza oneritxi dezakezu,
andre?
Erregeren yauregiko oiturak etzakizkien
Ondarribitar neskatxak, oiuz eta irrintziz, Jaizkibelgo auñak bezala, itzuri egin zioten. Baiña
Yolandak arrotzari lotsakizuna ez emateagatik,
eskeintzen ziokan besoari ariñ-ariñki lotu-ta
jarraiki zion.
Ozkorriaren argia, antxe, Lapurdiko mendi
tontorrak xuritzen asia zagon, ta bestaldean,
Urdanibiko leioak barrenean piztutako suaz dirdirikatuak ageri ziran ametzen adar illunen artetik.
Flamendarrari, ordua nai bezelakoa zeukala,
biotzean zekarren asmoa Yolandari irikitzeko

iduritu zitzayon, ta, an, bere ontzi ederren aga
tantaiak erakusten ziozkalarik esan zion:
—Orra, Yolanda, zeiñ aberatsak gauden, gu
Flamendarrak, ontzi oriek nola erakusten dizuten! Eziñ asma dezakezu zeñ eder eta ikusgarria
dan Flandretako erria!
—Bai, Jordaens, baiña nik naiago gure Euskadi!
—Euskadin, Yolanda, galdua bezela zabiltz.
Ameztarte orien erdian, zure edertasunaz iñor
oartua eztago. Maiara jakiak ekartzen, neskame
baten antzera, ikusten zaituztenean, zu orrelako
etxalaba goi ta aberatsa zerala zeiñek esan
dezake? Zu eiñ ortara jaitxirik aurkitzea niri
lotsagarri zait. Nerekiñ Flandretara joango baziña, egun guztian janzki gorriz jantzia ibilliko ziñake, zutaz arta leuketen lau mirabe gazten
artean. Uriko plazan, urrez apaindutako alki eder
batean jarria, zure begi urdiñ orik xoratzeko eun
zaldun ospatsuk darabilzketen ezpata edo
azkon-guduak begiratzen geldituko ziñake...
—Ez, jauna, ni nere jaiotetxean obeto nago.
—Zer bada? Ganteko uri nasaia ta Brujas
urixka polita beiñere ikusi gabe geldi zintezke?

—Neretzat Euskadi bezaiñ alderdi ikusgarririk
ludian eztago.
—Baiña Flandren barrena ibilli ta gero Euskadira biurtuko gintezke...
—Amets utsa daramazu, jauna, amets utsa...
—Utsa dan ala ez, nere amets ori, zuk bakarrik ebaki dezakezu... Baiña amets ori egia izan
dediñ nik badakit zure aotikako itz bat naikoa
dala. Esan bada, andre, esan niri aiñ asmatutako
itzño ori...
—Esan nezakean itz bakarrak zure ametsak
itsasora jaurtiki litzazke.
—Gezurra diozu!
—Ez jauna. Ona emen itz ori: nik norbait
maite det; ta ura ezta Flamendarra; ni norbaitek
maite nau, ta ura da Euskalduna.
—Ta Euskaldun zakar bat gatik Philippus Jordaens dirudun ospetsua gaitzetsi dezakezu?