🕙 26-minute read
Uztaro - 3
Total number of words is 3442
Total number of unique words is 2140
21.5 of words are in the 2000 most common words
31.9 of words are in the 5000 most common words
37.4 of words are in the 8000 most common words
ezer. Buru-barnean irakitan darabillkin beste zerbaitek lausotzen baitio begiratua.
Orma-kakoetan aztapar zorrotzez mats-aiena
josten dan bezelaxe, isatsi zitzaion, arrezkero,
Malentxori gogoan Zitoren irudia. Maizagokoak
izan ziran, orduezkero, mutillarekiko ikusaldiak.
Eta, bein neskañoak biotzeko ugaldeari ateak
zabaldu ezkero, nola lijoazkioke atzera esira,
gainbera parrastaka amildutako urak?
Orrez gañera, ezkutuko maite-jolas oetxek
dira gaiztoen eta zirikatzalleen. Itxasoaren urazpiko etorri indartsua dan bezela. Ustegabe zintzurrean kiribilduz, maidirapera sartu zaigun
sugea bezelaxe.
V
MENDI-EGUNA
Ernio-mendiaren gandorretik
ingurubegira
Iñularrari aurretik bidea argiztatuz dijoazkion
izarrakin izketan zijoala, iritxi zan Balendin
Dorronsoroko atadira; ango maspeko gerizpean
Martin apaiz jaunak eta Agerreko indiano gazteak aparia bukatu zuten garaian, alegia. Nagusiak begiztatu zuaneko, esan zion:
—Mendi-eguna diagu biar-eta, Ernioraño joateko asmoa zeukagu. Gogoko al-zaik gurekin joatea?
—Bai, bai. Ba-dakizu, nagusi jauna, zure erabagiekin erara ibiltzen naizela beti.
—Oa, ba, laisterka batean, Olaldeko abarketariagana ta esaiok ia biar bere zaldikoan Zelatunaraño bazkaria eramango liguken. Oa Larraintzarko nagusiarengana ere ta esaiok biarkoz
auzo-laguntzan zaitu ditzala gure etxeondoa ta
gure abereak; ezpaitala emakumeak besterik
izango etxean iñular arte.
Erne zegon, ordea, oi bezela, etxekoandre
Josebe, eta bere anaiaren itzak entzuki, erantzun
zion:
—Egun batez gure etxeko eginbearrak burutzeko, ez degu iñoren laguntza bearrik; orrenbesteko burubidea izango al-degu, beintzat. Ez,
ba, deirik egin, Balendin, Larraintzarko nagusiari.
Laisterka aldendu zan berriro Balendin ain
gogoko zitzaion agindua betetzera, ta etxeburuko sagastia zangarteka zearkatzen zun bitartean, zakurrak zaungaka aurrea artu nai zion.
Mollarriko arkaitzak berriztatzen zuen geroxeago
zakurraren zaunga-otsa.
Ordu-laurden bat geroago etxeratu zan mutilla, bere eginbearra bete ondoren, eta apaldu
ordukoxe, oeratu ziran gau artan Dorronsoroko
bizidun guztiak; urrengo goizean egunsentirako
nagia atera bearra zegon, ba.
***
Astindu dezagun bizkor egunabarreko loa ta
gijoazkion bidera gaurko argiurratze zoragarriari!
Gau-amets atsegiña baño ederrago datorkigu
egunsentia eguzkiaren aurrelari. Eztai-egunean
zaldunak emaztegaia bezelaxe, dakarki arek
eskutik apaiñez jantzita. Eguna argitu-ala, artzaimutillak arkoskorrak bezela, zabalduko ditu
zabaldietan zipirtztinka, zorroan bilduta darabiltzkin dirdairik ikusgarrienak.
Orduantxe ziztatuko digue begininia gauintzak, or-emenka, ostoartean erein ditun zidarpitxiak; baña eguzkia bere goijarlekura igo-ala,
bigunkiro arnasaztuko ditu ta atxikatuko pitxi
oek eta bere buruntzari egotziko.
Nunai karakazten dun bezain ederzale ba’litz
gizona, ba-leukake, agian, nun ase eder-gosea
egunero; baña goiz-edertasun oetan gogoa murgiltzea baño atsegiñago zaio maindirapeko
egona, bere nagi zoroan. Magaletik ondasunak
eskuzabalka ixuriz datorkigun erregin onek, ez
du txoriena beste agurrik izaten, geientsuenean,
egunabarrean.
Eguzkiari aurretik zetorkion argi-larraiña, batbatean lertu da geroxeago. Gandu urratuen artetik, argi-ikara iduri, buruz-buru zearkatu du lurgaña lenengo urre-izpiak. Orainarte bekokia
estali dion lausoa erantzita, ederren eder eta
begien ikusgarri, agertu zaigu eguzki jaunaren
aurpegi lausogabea.
Garai ontan, gure Errialde eder, ire zelai ikusgarrietatik maite-kantu zoragarrietan erantzungo zeone eguzkiaren lenen-mosuari, zozoak,
bedigarroak eta kaskardoak. Ekin zeon ere txitxarrak saraspeko jardun lazkarrari; baita ere kirkirak ateondotik bere kantu mintzo-bakarrari.
Eta saraspetik, galtsorotik, artasorotik, belarditik
eta sagastitik zomorrotalde ugariak, bakoitzak
bere mintzoera berezian, agur-egingo zeone
aundiro ta ozenki eguzki-jaun irtenberriari.
Goizeko bostetarako, Dorronsoroko atadiko
burni-kakoan lotuta zegon Olaldeko abarkatariaren zaldikoa astalastaira gañetik alde bietara
saskiak zintzilika zitula. Ernai zebillen ordurako
etxekoandre Josebe mendialdia zutenentzat bazkaritakoak gaitzen eta asta-saskietan bear bezela jartzen. Libek eta Mikele neskameak lagun-
tzen zioten zeregin oetan. Ez, ordea, Malentxok;
maindirapeko epelean zun, artean, arek lo
lasaia.
Ondo zekian etxekoandreak, gizonezkoak
etxealdean aikomaikoetan ibilli arren, bein mendira ezkero, gogoz jaten dutela eskuratu dezaken dana; gose-esnale zorrotza baita basoa, eta
danetik oparo jarri zien bidariai otordurako:
arrautza egosiak, piper amorratuakin bakallaua,
ollasko erre bi eta sagar erreak. Etzizaion aztu
ere, otorduko ugaria zerbait ezkotzeko, zarato
bat ardao; orrez, gañera, bazkaria bear bezela
bukatzeko, baita ere katillu bana kafe.
Arraiek ezpa’du, etzan zikoizkerian ibilli etxekoandrea; an sartu zitun saskietan, bear ziran
ontzi ta edontzi ta katilluak. Etxean bezain egoki
ta eskurakoi ibilli zitazkean mendi-gizonak. Eta
Josebek jarri zituan bezelaxe, ur-gañean ontzia
labainkatzen dan baño bigunago joango zan
dana mendi-tontorreraño.
Etxekoandreak astasaskiai azkenengo orraztua eman bezain laster, irten ziran Dorronsorotik
mendizaleak eta zintzo lotu zitzaizkon bideari.
Izan ere, azkar ibilli bearra zegon, zortziretarako
Pagoetako mendigaña irabazteko; kiskalduko
zitazkian, bestela, eguzkiaren galdapean maldar-gora.
Izkillu bana zeramakien bizkarrean Balendinek eta Agerreko indianoak. Eiza-usaira, zaunga
ta jauzi zegien zakurrak. Baña, etxetik asko
urrindu baño len, zaldizaiaren ibilli makala utzita, basopeko bidetxiurretatik sartu ziran eiztariak eta apaiza.
Mendigizon bizkorrak ziran irurak-eta neurrizko ibilli sendoari eutsiz, goizeko ozkirri atsegiñean, bereala atzeman zuten Pagoetako gandorra.
Ua ikusgai zoragarria andik begietaratu
zitzaiena! Gaualdiko lurrunak sortutako lañomordoak zurizkatzen zuten, artille antzo, zokondoaldeko zelaia; baña, goizaldean artzaiak bordatik banaka ateratzen ditun ardiak bezela,
urtuz dijoaz eguzkiaren mosuetara. Lañoak urtuala, garisoroak eta artasoroak erakusten dute
burualde orraztua.
Igita-garaia da. Txigortu bear ditu legorteak
zearo gari-saillak-eta, ekin dioe baserritarrak
lurrari urrezko jantzi aberatsa erazten. Oraindio
berandu izan ez arren, lenbailen jo bearko dute
igitaiak gal-zuztarra. Ezperen, bildur izan, egun
batzuez geroago, ebakitzeko eskua egotzi-ala,
galburuak soroan bertan aletuko ez ete-diran.
Ori ondo jakinda, goiz-goizetik josi zaizko
baserritarrak igita-lanari. Eskuetan igitaiak dirdai-jarioka dituela, bizkar-ezurra lurrera kako, ari
dira igitariak or-emengo soroetan aldraka. Ain
zuzen ere, juan zaie gaurkoz langileai garairik
atsegiñena, goizeko ozkirria, alegia; eta, au da
orain eguzkiaren kiskaldubearra!
Labe goritik irtena dirudi egoaizearen arnasak. Ez da atsegiña izango, arraietan, eguerdiko
beropean gaurko igita-jarduna! baña, nola nai
dan dala, etxealdeari bear bezela begiratu nai
ba’zaio alegiñean jardun bearra dago.
Ixil dago, bitarte ontan, basoaldea beroaren
beroz lurrun-jario. Egoaizearen arnas bigunak
dardarazten du noizbeinka pagadi orraztuaren
adatsa; geldiro, ordea, nagiak gerriondoa
zurrundu izan bai’lio. Gogoz entzun oi dira atsedenaldian, ibarraldetik belarrietara datorzkigun
zakur-zaungak eta abaroaren billa gerizpera
bildu diran txorien txioak. Eupada latza dagie
nekazariak ura eradatera errokondora daramazkin abereai; eta mendiz mendi ta basoz baso
dijoa arek egin dun oiuaren oiartzuna.
Pagoetatik zerbait urrutiratu ziranean, Martin
apaizak galdegin zien lagunai:
—Ez al-zaizue eztarria legortu? Burugabe
jokatu gaituk, orratio, gaurko egoaize kiskalgarri
onekin, zaldizaiari edari danak uztean!
—Ezkerraldeko pagadi ortan ba-da iturritxo
bat; erakutsiko dizuet —erantzun zun Balendinek.
—Ibillaldi latza ta luzea danean, ez dek,
agian, laguntzalle bikaña baso-iturritiko zurruta
otza. Ba-dek, arranotan, beste oberik zerbait —
jardetsi zun indianoak. (Bere aitagandik zetorkion Agerre gazteari «indiano» ezizena).
—Ez kezkatu, Agerre; laister izango degu
eztarria nun ezkotu. Goazen arin Altzolako etxebilerara ta an Lizarretako gure maiztarraren
etxean emango digue zerbait.
Orduerdi batez geroago, Lizarreta-baserriaren ondoan egin zuen urrengo geldialdia. Etxealde bikaña zirudin baserriak. Iru sorok inguratzen
zuen azpikaldetik eta aurre-gibeletatik; sagasti
ta belardiak, berriz, etxeburutik.
Gaztañadi omen zan aintzina goikoaldeko
sailla; baña gaztainondoak naiko zarkindu ta
usteldu zirala-ta, lareun sagarrondo sartu zitun
nagusiak orain zortzi urte. Amabi milla ogerleko
balioko omen zitun sagasti gazteak.
Azpikaldeko garisoroan igitan ari dira, une
ontan, amar gizon eta erabat daramakie aldapaz
gora sailla. Eguzkiak burua artu ez dakien, lastotxapelez estaltzen dute kaskarra. Eskukaldi
bakoitzean zumea bezela biguntzen dute gerrialdea ta bizkarra makurtzen; eta itai-kirtenean
eskua gogor tinkaturik, beso kozkordun zaintsuak ukalondoraño galtzu-artean aurreratuz,
zarraztaka sendoetan ebakitzen dute lastoa, eta
moztu-ala, atzekoaldera jaurtitzen maillaka ebakitakoa.
Baña igitaien ibilliak oztoporik izan ez dezan,
iru neska narok ateratzen ditue zuztarretik indarka gariarteko bababeltz-landarak eta, besamenka bilduz, ondoan pillatzen. Azaoketan diardue,
berriz, atzeraxeago agure bik eta iru emakumek.
Noizbeinka artzen duten eskukatik, lasto
batzuk bereiziko ditue, eta belaun-kiñuz gerrikoa
egotzi ondoren, kibiztoz lotuko diote. Ba-da
mutikoentzat ere naiko lana gaur, galtzuartera
erori diran buruxkak biltzen eta soroaldera dijoazen txori ta egazti gosetiak uxatzen. Bien bitartean, geldiro ta arretaz tolesten ditu aitonak
metatxoetan gari-eskuteak.
Ez dago an, arraietan, iñor nagi; ez du an
iñork atsedenik. Danak kakotzen dute bizkarra;
danak erasotzen diote ermo lanari. Eguzkiari
darion suak bazter guztiak kiskali bear ditu. Izerdia ta patsa darie gizonezkoai. Matailgorritu dira,
noski, emakumeak ere. Au da sargoria! Au da
sua! Au da txigortubearra!
Bidetxigorrean gora norbaitzuk dijoazela
oartu duenean, langileak batbaten zuzendu
ditue gerriak, ikusmiñaren aitzakian, atsedenaldia artuz. Igitai-kirtenean besoak tinkaturik zutitu ditu igitariak ukalondoz bekokiko izerdi-jarioa
txukatu bitartean. Lurrezko pipa atera due lastotxapeletik agureak; artazorroak, berriz, sakeletik
gizon gazteak. Bidariak araño urreratzen diran
bitartean, eskuazpian igurtzikatzen due astiro
toxatik ixuritako kebedarra.
Auots garbiz eta txapela erantziz erantzun
dioe danak ao batez apaizak egin dien agur maitekorrari. Eta alkarrizketan asten dira; baña itzal
aundiz eta begiramenez erantzuten dioe danak
Martin apaiz jaunari, apaiza ta, gañera, etxe
aren nagusia baita.
—Agur, jaunak; garigirorik ederrenetakoa
dezue gaur —esan die apaizak soro-barreneraño
iritsi danean.
—Ez da garigiro eskasa; baña eguzkiaren kiskaldubear au baño atsegiñago litzaiguke gerizpeko egona —jaulki zun irriparka mutil gazte
batek.
—Nolako garia dezue aurten? —galdegin
zion, urrengo, maiztarrari.
—Lastoa ba-degu ugari; galburuak, orratio,
arintxoegi. Legorteak txigortu baiditu zearo.
Atsedenaldia belarritik artuz, artzuloko oroldioartean gorderik zeukan txarroa aterata, edontzi bana ardao eskeni zien etxekoandreak bidariai. Langilleai zegokien, urrengo, edanaldia.
Txitak olloloka inguratzen duten bezelaxe
urbildu zitzaizkon danak etxekoandreari zurrutara; zulagarria zan, ba, agian, egarriaren eztena.
Edontzia eskutik-eskura zebillen bitartean, mingainpetik ateratako ziztu legorra ortzartetik jaurtitzen zuen gizonezkoak, eta arnas batean edari
gozoa edanik, ozenki garrazkatzen zuen eztarri
lazkartua.
Egonaldi laburra egin zuen mendizaleak Lizarretako etxeazpian eta maldarrari eraso zioten
berriro; alegintxoan, basoetako gerizpe atsegiñetatik ibilliz, orratio.
Langilleakin soro-barrenean alkarrizketan
zeuden bitartean, galeperraren poxpolin-kantua
entzun zun Balendinek an inguruan eta izketariakandik alderatu zan.
«Geldi emen, Lau!» agintzen zion noizbeinka
zakurrari, aren ibillia esiratu nairik. Alako
batean, ordea, garoartean kuzkur eta belarrierne gelditu zan zakurra basakatuaren gisan.
Izkilluaren oina sorbaldan tinkatu zuanean,
«ekin, Lau» oiugin zion Balendinek; eta zakurraren jauzi bizkorrera, galeperrak ego-ukaldi bal-
darrez eraiki zun egaldia. Baña eiztariaren
eztandak eratsi zun, ego-ikaraka, egazti gizena.
Ezkerraldeko ariztin eratsi zituen, gero, Agerrek eta Balendinek eskillasu ta birigarro batzuk.
Etzegoan, ordea, basopeetan astia buru-gabe
ematen ibiltzerik.
Iturriotzko mendi-galdorra menderatu zuenean, irrintzi alaiz agurtu zitun Agerre gazteak
Ernioko arkaitzak.
—Ez al-dabilkizue zerbait biozpean zirika? —
galdetu zien lagunai—. Naizen baño ere euzkotarrago naizela zirudidak mendialdean nabillenean.
—Gaurko egunean, orratio, mendialdetik igesika zijoazkiguk gazteak urietara, —erantzun
zion apaizak.
—Bai, ala dek. Baña orpozulotik erten dan
ardazburua bezela, kurrinka latza dariela ibiliko
dituk gazte oik bizitza guztian.
—Etzekiat; baña egin al-gentzakiokek ezer
gaurko gizartearen iraduari?
—Anbat uke, gaurko urirabear zoroak biotzean egundo ikutu ezpa’gindu. Aizea bezain
burujabe mendietan ibilzeko jaioa dala zeritzaidak euzkotarra.
—Ain zuzen ere, amaika egite arrigarri egin
zizkien mendi oetantxe gure asabak beren burujabetasuna aldeztuz.
—Bai. Mendi oetako zokondo bakoitzak millaka oroitzapen zekarzkiguk burura.
—Bai, noski. Ara! Orain ogei gizaldi, erromatarren erasoari eutsi-eziñik gure aurrekoak oneraxe bildu ziranean, leoiak bezela burrukatuz,
aldeztu ziaten Ernion eta Iturriotzen, artean
galdu gabe gelditzen zitzaien lur-zatia.
—Oraingoagoak eta gaurkoagoak dituk,
berriz, Zumalakarregi gudariburu ospatsuaren
ibilliak. Santa Krutz ere, katamotza bezelaxe
burrukatu uan oraintsu Iturriotzen Españako
agintariak bialdu zizkiguen gudariakin eta zakurrak izutu ditun ollandak bezela gainbera zalapartaka uxatu zizkin.
—Iru bei-uztarrikin arrastaka eraman omen
ziten bein lera montzean kañoe bat Errezildik
Aiara, Iturriotz zearkatuz.
Onelaxe alkarrizketa atsegiñean zijoazela,
Iturriotz gainditu ondoren, bereala atzeman
zituen Zelatungo barruti zabalak. Bigunkiro
kulunkatzen ziran ango belardien mototsak
aizearen arnaspean. Gogoko zitzaion aurpegiari
ere aize-ufadaren esku-atseginka biguna. Etzan
an zokondoaldeko kiskaldubearrik nabaitzen.
Zuazketako saletxearen azpikoaldetik gainbera barreatzen dan larranbilludiko iturriondo
ozkirrian egin zuen orduerdiko etzanaldia. Tellatutik ke adats ugaria zeriola agiri zan beeraxeago Aitzarteko artzaiaren ardiborda. Larraul aldera dijoazen pagadien gerizpeko itzalean larratzera goizaldean irtenak ziran aren arkume, bildots,
arkazte, ardi, ardizar eta artaldeari beti aurrelari
dabilkion ari adar-biurria.
Lanean ari zan artzaia bordapean, eta leiatillatiko noizpeinkako begiraldiz zaitzen zun pagadiko artaldearen ibillia. Eupateko sendo batekin
atera zuen gure bidariak artzaia bere lanetik.
Gaztaigiten ari zan mutilla eupateko-otsa entzun
zuanean eta, eskuartean nasketan zerabilkin
kaikuko mamia utzita, eskuak alkar zartakatuz,
atalasean gelditu ziranengana itzuli zan. Oek,
ordea, etzezakeen ondo ikusi barrukorik; ainbestekoa zan barrualdeko ke-lañoa.
—Kaxo, Patxi —esan zion maitekor Agerrek—
. Errege bera baño ere obeto bizi aiz emen,
mutil. Iretzat dituk emengo txorien xintarik gozoenak; iretzat eguzkiaren mosurik bigunenak. Ez
datorkikek oneraño arerioen bekaitzik. Ez dezakek iñorekiko burrukarik. Ez dek ik emen Jaungoikoa beste nagusirik, ez jaberik; ire buruaren
jabe aiz.
—Gure bizitzazkoak jakin-uste dezute kaletarrak eta, bai al-dakizue, ba, ezer? —erantzun
zion artzaiak parrezka—. Txorien xinta ezetzik,
ekaitzaren orroa ere badatorkigu maiz burugañera. Piztirik amorratuenak ditugu, berriz arerio: sapelatsa ta basatxakurra.
—Arrano pola! Gizona gizonarekiko dan baño
pizti gaiztoagorik ba al-dek iñun? Gaurko egunean gizarteak darabiltzkin aginkak eta burrukak
ikusirik, amaika bider sortu izan zaidak andik
iges egin eta artzaien artera etortzeko gogoa.
—Je,je! Esan, bai; ordea, gure eskasak eta
emengo ipar-aize zorrotzak aurki uxatuko zindueke berriro urietako atsegin-bizitzaren billa.
—Aizak, Patxi —jaulki zion apaizak—, ez ezak
utzi gugatik eskuartean erabilkikan lana. Jarrai
egiok lanari. Ain zuzen ere, ez dut egundo ikusi
gaztairik egiten.
Artzai menditar ezjakiñari zegokionez, itz giarrez eta laburrez azaldu ziezten bidari jakinmindunai gaztaigitearen lanak. Atsegin zitzaizkion
Agerreri artzaiaren ateraldiak; eta berak ere,
mutillaren etorria aizatzearren, maiz ixurtzen
zion izketariari gatz-alea ta gazimiña.
Saletxearen sapaitik zearka dijoan gapiriomuturretik zintzilikatzen dan pertzean esnea
epeldu bitartean, uretan beratu bear da gatzagia
ta, zapi zuri batean eaulki ondoren, gatzagi
baetu ori esneari nastu.
Kaikuko epelean orduerdi batez dagoala,
mami biurtzen da esnea; baña mami-gañera
bere neurrian gazura bereizi dedin, eskuzko erabillia bear du. Mami au, bear bezela txikatu
danean, gaztanzumitzean jartzen du artzaiak bi
egunez. Azala zimeldu, gogortu ta oriskatu
dakion, luzaroan ketan egotea du onena. Azokan
erakutsiko due gero gaztai oek aurpegi dirdaitsua; erosleak izango ditu ugari nunai artzaien
esku-erakutsiak.
Ordu-laurden bat egin zuen mendizaleak
Aitzarteko artzaiaren bordan eta «gero arte»
esanaz, joan-agurra egin zioten irurak maiteki.
—Laster iritsiko dek gure mandazaia ta
esaiok orxe, bordaondoko gerizpean zabaldu
dezala mai-zapia, esan zioen joakeran.
Menderakaitza ta neketsua da, agian, mendiaren bizkarra. Gizakumeentzat baño obeto
dirudi auntzak ibiltzeko egiña, arrartean urratu
duen bidexka estuak. Bidexkaren oetik oñak
daramazkitzuela, ertzeko arri-konkorretako bat
ustegabean jotzen ba’dezue, tximista bezela
oldartuko da maldar-beera ta pirritan gainbera
amilka dijoala, ez du aren ibilliak oztoporik izango arik-eta zokondoko arrekazuloa jo arte.
Aldapa-gora ibillibearrak iztazañai demaien
nekearen truke, ba-due, orratio, begiak zerikusi
ederrik aski. Mendiaren zintzur larrugorriak
buruz zeruko urdiña zulatzen dun garaian, beletaldeak dabiltz garrasika arkaitzetan; izkilluaren
mendera urreratu gebe, ordea, maltzurrak baitira piztitxu oek.
Sugeak baño biurraldi ugariagoak dagizki
zokondoaldean Azpeititik Tolosara dijoan bide-
zabalak eta Errezilgo etxeak, mendi-egaleko
aldapan oztopo eginda, bertan errotu diran
arkaitz zurien antza due.
Maldar-gorako ibilli neketsuari zebiltzkiola,
bidexka ondoan agiri dan leiza-zuloakin egin zun
Balendinek oztopo. Luzaroan entzun zuen zuloaren aora arek jaurti zun arri-konkorraren ibilotsa.
—Jaungoikoak zekik noraño dijoan leiza au,
jaulki zun.
—Txarri bat erori omen-uan bein leiza-zulo
ontatik eta, bai al-dakizue egun batzuez geroago
nun azaldu zan? An sakonaldeko baserri artantxe; bi kilometro egongo dittuk emendik. Txarrikurrintza entzun omen-zin egun batez okulun
ango nagusiak eta arritxabal baten azpian zegon
zulotik Ernioko txarria agertu —erantzun zion
Agerre gazteak, beatzez errekaondoko baserria
erakutsiz.
Izan liteken buruntzarik ederrena jantzi diote
euzkaldunak, Ernio-mendiari burualdean. Ogei
gizaldien luzeran biozpean sakonki barruratu
dan sinismenak eraman du ara kurutza ta arkaitz
bizian errotu. Ez da inguru arietan kurutza berei-
zia Ernion jarri ez du erririk eta udaero egiten
diote aldraka ikusaldi maitekorra. Mendi-gandorrean kurutzetik kurutzera Kalbarioa esan ondoren, kolorezko galartzuz lepaldea apainduta jeisten dira erromeritar gazteak kantari igande-arratsaldean.
Kalbarioa esanaz kurutze batetik bestera ibilli-ala, arri gañean itsatsita uzten ditue emakumeak argizari piztuak eta eguzkiaren galdape
kiskalgarrian koipea bezela urtzen dira. Kontuz
ibilli, orratio, bide ontatik zear, argizari urtuan
labainduta burua arkaitzetan ausi ez dakizuen;
an baitaude pillotuta azkenengo amar gizaldien
sinismenak ara eraman ditun argizari-kondarrak.
Senda-tresna ikusgarri batzuk agiri dira
beeko kurutzearen besoetatik zintzilika. Urte
guzirako zuengandik gaitzak aldendu ta uxatu
nai ba’dituzue, sartu gerritik, izterretatik, lepotik, besoetatik eta bizkarretik burnizko uztai biribil aiek. Ara dijoazen danak egiten due beste
orrenbeste.
Baña, irakurle, zure begien ikusgarri arrigarritzat, amestu zentzaken begiratokirik ederrenetakoa nai ba’dezu, zoazkio goiko kurutzeari ondo-
ra. Ez dezu egundo ikusi izango, araingo ikusgai
zoragarririk. Zorabildurik bezela gelditzen dira
ara igotzen diran guztiak.
Izarraitz eta Urraki mendiak estaltzen duten
lurralde pitiña izan ezik, begien aurrean degu
Gipuzkoa osoa lilluragarri. Gandor jeiki ontatik,
begipean ditugu erririk zoragarrienak. Ollarrari
olloak bezela, magalera urbilduz dijoazkio mendiari Gipuzkoako erriak. Begiratoki amesgarri
onetatik bezaingo ikusgai ederrik begietaratu
ete-litakio ikusleari iñundik?
Lenengo mallan, legor-erririk aipatuenak,
Kantauri-itxaso asarrearen erasoak ikaraturik
igesika bai’lijoaz. Ara or Tolosa, Azpeiti, Aia,
Andoain, Errenderi. Tarteka, berriz, artasoroak,
pagadiak, belardiak eta sagastiak bitxiztatzen
due legor-erri oien gerriko apaña.
Andiko aldetik, eguzkiaren argipean dirdirka
diarduen itxaserriak ziztatzen digue begininia,
asi Zumaiatik eta Biarritz uriñoraño. Itxasertzean
alaiki murgilduta agiri dira erriño oek itxastxori
zuriak iduri. Aruntzago, berriz, nork igarri nun
etetzen dan itxasoa ta nun asten zerualde urdiña? Ain garbi ta begien kilikagarri dago lurrari
maite-igortzika dijoakion galartzu urdiña. Luzaroan oarki jarri ezkero, zuriune ta beltzune
batzuk ere ikusi litezke begirariz: itxasontzien
itzalak eta arrantzalien ontzixken aize-oial zuriak
dira.
Ikuszelai zoragarri oni inguru-begira burtzoraturik zeuden bitartean, sapelatsaren garrasia
entzun zuen eta, geroxeago, ikusleen buruen
gañetik eraiki zun piztiak itzulinguruka egaldi
arroa.
Erdi-lotan daude sakonaldeko erriak; logura
sortzen baitu eguerdialdeko sargoriak. Gerizpera
joanak ditugu txoriñoak ere eguzkiaren zulatu
erreari eutsi eziñik. Maite-kantuak mintzo ixillez
alkarri ixuriz ibilli oi diran enarak ere. Bealdean,
tellatupeko abeetan ditue garai ontan jolasaldiak. Zanpagarria ta aulgarria da beroaren eztena. Nagiak eta ixiluneak gainditu du izadi osoa.
Onelako ikusgai kilikagarriak giza-kolkoari eragin oi dioten biotz-ikarari eutsi eziñik, apaizak
oiugin zun.
—Bedeinkatua dedilla Jaungoikoa! Aren beatza izadian argiro ikusteko, ez dek iñun au bezelako biderik.
—Orain bost urte, Larraulen egin nin bi illabetez udaldiko atsedenaldia-ta, egunero etortzen
nindukan tontor ontara —erantzun zion Agerre
gazteak—. Emendik begira nengoela, ikaraldi
ziztagarria sortzen zitzaion beti nere biozpeari.
Jaungoikua bekoz beko begira zegokidalakoan,
alegia.
Egia esan, mendigañeko arkaitzaundi larrugorritu aiek, Jaungoikoak asarrealdian errotik
ateratakoak eta ostikoka irauliak dirudie; azpikaldeko arru ta amiltoki izugarriak, berriz, burua
zorabiatzen due, noski. Sapelatsak eta arranoak
dira ango bizidun bakarrak. Ango ixillak eta
mugarik gabeko ikuszelai arek biotza zorrozki
zulatzen due. Jaungoikoaren begiratupean bai’geunde, ikara-zimikoak eta egonezin arrigarri
batek zirikatzen du biotza.
Ordubetez egon ziran mendi-galurrean ikusgai biotz-erdiragarriari begira erdi-toteldurik,
eta, bein begiak naiko ase ziranean, aguerdiburuan, aldapa beera asi ziran. Gora-ibillia ezetzik,
beerakoa ere naiko neketsua zan, belaun-dardara sortzen baitu beerantzako ibilliak.
Zelatungo belardietara jetsi ziraneko, Aitzarteko saletxeko babesean zabalduta zeukan abarkatariak mai-zapia. Zirika zebilkien ordurako
gosearen eztena-ta, eldu bezain laster ekin zioten bazkariari. Janzalea da, agian, basoko ibillia,
eta gogotik ari ziran danak jaten. Abarkataria ta
bere seme mutikoa ziran mai-serbitzari.
Otordua erdiratu zanean, artzaiak galdegin
zien mendizaleai:
—Berri jakingarriak omen-dituzue egunoetan
Zarautz-aldean?
—Ze berri, gero? Nik dakidanik ez, beintzat —
erantzun zun Agerrek, bere lagunai begira.
—Abarkatariak esan didanez, apustu bikaiñen bat dezue izateko laster —geitu zun arek.
—Etzekiat ezer. Zein apustu?
—Balendinek jakingo du zerbait.
Zorrotza zan ustegabean egin zioten zirikaldia-ta, naiz bere gogoa biurrikatu bear artarako,
zerbait azaldu bearra bideratu zitzaion Balendini. Artean, ordea, etzion ezer esan bere nagusiari ta naiago zukean aopean dana gorde, ari
aurrenengoz adierazi arte.
Orrez gañera, aren iritziaren bildur zan; baña
onaizkero, nola ezkutatu, an ordurako norbaitzuk zekiena? Bera ixildu arren, besteek agertuko ziokeen bere ezkutua. Bideratu zitzaion zoria
naitaez buruzkatzea zegokion eta mintzodardaraz asi zan:
—Bai, burugabe jokatu nitzan atzo ta bear
baño geiegitxo itzegin nun eztabaidako beroaldian. Oi bezela, atzo ere, Getarira joan giñan
arratsaldia ematen Lopategiko Agustin eta ni;
eta, ango sagardotegi batean geundela, ume
purtzil batzuek Txandres arrantzalearen seme
Joxe, itzez iraindu ondoren, burrukatzera zijoazkion bidegabe, ta aren alde irten nitzalako, ni ere
itxusiki iraindu ninduen. Au zala-ta, eztabaida
zorrotza sortu zan; eta nik, ero onek, aien itzeginbear errezari erronka zoro batez erantzun
nion. Bai, ordea, ondo damutu orain.
Martin apaizak, ordea, ondo ezagutzen zun
bere morroi zintzoa ta ba-zekin arek etzitula
ateak ainkeriz egundo zabaltzen; izatez ere,
etzala burrukazalea. Orrez gañera, orrelako zeingeiagoka ta indar-neurketen zalea zan, eta bere
morroiaren naigabea oarturik, esan zion:
—Gizonak, buruz dabillen bitartean, beintzat,
ez dik izan bear egite zintzoen lotsarik. Zer apostu egin zenduen?
—Txandresen semeak eta nik eraman baietz
orduerdi batean Molarritik Getarira, Txantxiko
arrantzalearen ontziska.
—Egingo al-zendukee marka ori?
—Nik baietz uste.
—Noizko egin zendue apustua?
—Amabost egun barru jokatzeko.
Tira, ba. Bein itza eman ezkero, itzari eustea
zegokiok gizonari.
***
Jaungoikoaren beatz ikuseziñetik zilintzaka,
eguzkia eguerdialdetik etzinaldera neurkiro jeisten dan bitartean, pagadietan eta gaztainadietan barrena dijoaz iru gizonak. Garai ontara
ezkero, udazkeneko aizeak zugazburuetatik
banaka erasten ditun ostoen antzera, ba-dijoaz
garisoroetatik etxera, igitariak, jardun latzak aulduak eta zimelduak. Iturriondoetan ezkotzen
ditue ur-xaplatekoka lepagañean eguzkiak ateratako erremiñak.
Orainarte saraspeetako itzalean erdilotan
egon diran oloak ere, belardietan due azkenengo aztarrikaldia. Gogokoa due beiak ere oraingo
larrealdia. Larre-bitartean, zintzarria dilindanga
dabilkie lepoan eta buztan-ukaldiz edo ostikoz
uxatuko ditue euli-eztenaren ziztada miñak.
Errekondoetan narrugorrian eta garrasika dabiltz
ume-taldeak. Txarriak, berriz, osiñeko lokatzazuloan egin due etzanaldi atsegiña ta, bien bitartean, txarrikumeak kurrintza lazkarra digie uxarreari muturra kendu gabe.
Illunabarraren atean begiztatu zuen mendizaleak Zarautz. Etxeko eginbearrak zai zegozkiola-ta, bere lagunengandik aringa aurreratu zan
Balendin.
Bidean oztopatu zitzakeanen ikusmiña eragoztearren, bidezabala artu bearrean, etxearen
gibelaldetik itxasaldera barreatzen dan sagastiko bidetxiurretik jo zun. Baña an, sasipean ollandari begira dagon basakatua bezala, naigabe
zorrotza zegokion zai mutillari.
Sagasti-barreneko mugatik Dorronsorora
zijoala, txokondo itzal batean dagon seskadi
ezkututik, norbaitzuen itzotsa belarrietaratu
zitzaion ustegabean. Nortzuk ete-ziran txokondo
babes artan izketaldia zutenak? Jakinmiñak zulatu zion batbatean biozparrena-ta, seska jeikien
artetik begira, entzuerne jarri zan lipar batez.
Jesus, ene! Iparbeltzak dardarazi dun adaburua baño areago astindu ta irauli zion asarreak
barrualdea. Sugeak eldu izan bai’lio ere, etzuan
alaingo biozmiñik artuko. Egia ete-zan begiak
erakusten ziotena, ala zorabialdiak lausotu etezion ikusmena?
Begiak zorroztu zitun berriro ta belarriak
luzatu ere bai. Gezurra zirudin; baña, ez, ez..
Etzeukan begietan lausorik; argiro ikusten zitun
begipean zeuzkan neska ta ondo-ondotik muzinka ta laztanka zebilkion mutilla. Suak artu zun
burutik oñetaraño. Ordea, begiak ezetzik, belarriak ere naigabea izan zezaen, itzegiten zutenai

You have read 1 text from Basque literature.