Urte ilunak Nelson Mandela - 3

zidaten. Winnie eta Albertinaren ikustaldi bat izatea barrundatu,
itxaron eta desiratu nuen.
Winniek irlan espetxeratu gintuztela jakin zuen unetik bertatik bisita
baimena lortzeko beharrezko urrats guztiak egin zituen. Debeku
aginduaren menpe zegoenez, Justizia ministroaren baimen berezia
behar zuen, nirekin edonolako harremanik izaten jarraitzeko.
Agintarien oniritzia izanda ere, ez zen erraza izaten Robben irlan
bisita aukera lortzea. Ikustaldiek hogeita hamar minutuko gehienezko
iraupena izaten zuten eta preso politikoei ez zitzaizkien bisitariekin
gela partekatzeko vis a visak baimentzen.
Ez zuen zaindariek gure ikustaldiak aldez aurretik planifikatzen
zituztenaren itxurarik. Gutxien espero zenuenean, emazteari deitu
eta honakoa adierazten zioten: “Bihar zure senarra bisitatzeko
baimena duzu”. Jokamolde honek nabarmen zailtzen zituen gauzak.
Horrek, sarritan, bisita gauzatu ezina izaten zuen ondorio. Sendiko
kide bateren batek ikustaldi bat aldez aurretik antolatzea lortuz gero,
agintariek, nahita, batzuetan hegazkina bera aireratu arte, atzeratzen
zuten baimenaren entrega. Espetxeratuen senide gehienak, gainera,

Lurmutur Hiritik urrun bizi zirenez, eta hauek diru gutxi izan ohi
zutenez, bisitak euren ahalmenetik kanpo egon ohi ziren. Gizonetako
batzuk familia oso txiroetatik zetozen eta urteetan euren emazteak
ikusi gabe egoten ziren. Eta hori inoiz ikustea lortzen zutenen kasuan;
ezagutu baitut bisita bakarra jaso gabe Robben irlan hamarkada bat
edo gehiago igaro duenik ere.
Bisita gela oso txikia zen. Ez zuen leihorik eta kontaktu fisikoa
debekatuta zegoen. Presoaren aldetik bost barrutiko errenkada
bat zegoen kristalezko leihatila txiki estuekin. Hauek beste aldean
kokaturiko antzerako barruti batzuetara ematen zuten. Barrutiak
aulki bana eta leiar lodi eta zikinean hitzak igaro zitezen zulo txikiak
izan ohi zituen. Bestek entzun nahi izatera ozen hitz egin behar izaten
zen. Aurrerago, kartzela-agintariek mikrofonoak eta bozgorailuak
jarri zituzten kristalaren alde bietan; hobekuntza txiki bat izan zen.
Goizeko lehen orduan bisita-gelara joateko abisua eman ziguten
Walter eta bioi. Gelako hegalik aldenduenean jezarri ginen. Urduri
nengoen eta, bat-batean, leihatila osoa hartuz, Winnieren aurpegi
maitagarria agertu zen. Bisitetara jantzi berriren batez edertua etorri
ohi zen. Zaputza hartzen nuen emaztea ukitu, berarekin samurki
hitz egin edota intimitate unerik txikiena igarotzea ezinezkoa
zitzaidala ikusirik. Ezinbestean, mespretxatzen genituen pertsonen
begiradapean eta distantziara lotzen ginen.
Winnieri tentsioa aurpegian nabari zitzaion. Ez zuen samurra behar
ni testuinguru hartan ikusteak. Irlara heltzea nekeza zen berez, eta
horri, presozainen makurkeriak eta harremanaren izaera inpertsonala
gehitu behar zitzaizkion, kartzelaren berezko erritual desatseginaz
gainera.

Gerora jakin ahal izan nuenez, Winniek bigarren debeku agindu
bat jaso zuen, eta ondorioz Adingabekoen Arreta Bulegoan zuen
lanetik kaleratu egin zuten. Kanporatu baino apur bat lehenago
poliziak bere bulegoa arakatu zuen. Agintariek Winnie eta biok
isilpeko harremanak mantentzen genituena pentsatzen jarraitzen
zuten. Winniek maite zuen gizarte-laguntzaile gisara egiten zuen
lana, horrekin borrokaren alderdi praktikoa ordezkatzen baitzuen
nolabait: haurrei harrera familiak, langabeei lana eta asegururik
ez zutenei mediku-laguntza bilatzen aritzen zen. Asko arduratzen
ninduten emazteak jasan behar izaten zituen debeku eta jazarpenek.
Ezin nuen ez bere ez eta umeen ardura nire gain hartu, eta estatuak
traba asko jartzen zizkion eguneroko bizitza egiteko, gainera. Ezinak
erraiak marraskatzen zizkidan.
Gure hitz-trukea deserosoa izan zen hasieran. Bere atzean zutik
zelatan ziren bi zaindariek eta nire gibelaldean zeuden hiruek ez
zituzten gauzak errazten. Euren zeregina ez zen gu begipean izatea
soilik: izuaren itzala ere baziren izan. Ingelesez edo afrikaansez hitz
egitera behartzen gintuen araudiak –afrikar hizkuntzak debekatuta
zeuden– eta familia kontuak aipa genitzakeen soilik. Gai honetatik
aldentzen zen edozein aipamenek eta, urrundik bazen ere, edozein
gai politikok, ikustaldiaren bat-bateko amaiera suposa zezakeen.
Zaindariek ezagutzen ez zuten izen bat aipatuz gero, hauek
elkarrizketa moztu eta aipatu pertsona nor zen eta berarekiko
harremanaren arrazoia zein zen galdetzen zuten. Sarritan gertatu
ohi zen hau, funtzionarioek sarritan ez baitzituzten izen afrikarren
aniztasuna eta izaera ezagutzen. Etsigarria izaten zen ikustaldiko
minutu preziatu batzuk zaindari bati nire zuhaitz genealogikoaren
adar ezberdinak azaltzen galdu behar izatea. Alabaina, euren
ezjakintasunak gure alde ere jokatzen zuen. Elkarrizketan aipatu

nahi genituenentzat izen kodetuak asmatu eta gure senitarteko gisara
aipatzea adostu genuen.
Winnie kezkatuta zegoenez, lehen bisita hark berebiziko garrantzia
izan zuen. Tratu txar fisikoak jasaten ari ginela entzun zuen. Ongi
nengoela jakinarazi nion eta, nahiz eta ohi baino argalago, bere
begiekin forman nengoela frogatu ahal izan zuen. Urduritasunari
egotzi nion bere mehartasuna: Winnieren bisaiak tentsioan
zegoelako-edo edo itxura eskasa izaten zuen bisita amaieran. Pisu
apur bat irabaz zezala agindu nion. Dietan zegoen, eta nik, aldiz,
dietarik ez egiteko besterik ez nion esan. Haurrengatik, gure ama,
arreba eta bere sendiagatik galdetzeko ere baliatu nuen bisita.
Bat-batean, nire atzealdean zegoen zaindari batek “bukatu da
denbora, bukatu da denbora!” esan zuen. Itzuli eta esaten zuena
sinetsi ezinda begiratu nion. Ez zitzaidan ezarritako ordu erdia igaro
zenik iruditzen. Zuzen zegoen ordea. Bisitak segundoen buruan
amaitzen zirela iruditzen zitzaidan beti. Kartzelan izan ninduten
urtetan guztietan ez zen zaindariak denbora amaitu zela oihukatzen
zuen uneak ezustean hartu ez ninduen ikustaldirik izan. Gure
eserlekuetatik zakarkeriaz ateraraztean eskuek agur egiten zuten.
Winnie irteten ikustean, bere presentziaren sentipena gordetzeko
besterik ez bazen ere, eserita nengoen lekuan geratzeko gogoa izaten
nuen beti; baina ez nuen, alabaina, zaindariak sentimendu horien
lekuko izaterik nahi. Atzera ziegara bidean bisitan hitz egindako guztia
errepasatzen nuen. Hurrengo egun, aste eta hilabetetan ikustaldia
behin eta berriz oroitzen nuen. Gauzek hartu zuten norabideagatik,
Winniek ezin izan ninduen bi urte barrura arte berriz bisitatu.

–6–
Urtarrileko goiz batez, ohiko lanak hasi aurretik, patioan zenbaketa
egiteko elkarrarazi ordez, irtenarazi eta kamioi itxi batera igoarazi
gintuzten. Kartzela-eremua utziko genuen lehen aldia zen. Ez ziguten
nora ginderamatzaten esan, baina susmoa atezuan nuen. Minutu
gutxiren buruan, 1962an irlan eduki nindutenetik ondo ezagutzen
nuen inguru batean jaitsiarazi gintuzten: harrobian.
Karezko harrobiak muino harkaitztsu baten magalean zabalduriko
krater zuri itzelezko bat iduri zuen. Labarrak eta muinoko harroinak
itsutzeraino zurbil agertzen zitzaizkigun. Goian belarra eta
palmondoak hazten ziren; behean latorrizko estalpe zahar batzuk
zituen agerrune bat zabaltzen zen.
Ofizialki harrobiaren ardura zuen Wessels koronelak hartu gintuen.
Jarrera axolagabeko morroi bat zen; kartzela araudia zehatz-mehatz
betetzeak besterik ez zuen kezkatzen. Sei hilabetez harrobian lan
egin ostean, zigorraren amaierara arte lan arinago batekin sarituko
gintuztela esan zigun. Ez zituen kalkuluak ondo egin, harrobian
hamahiru urte egin behar izan baikenituen azkenerako.
Ofizialaren hitzaldiaren ondotik, pikotxak eta palak, eta haiekin,
erauzketari buruzko halamoduzko jarraibide batzuk eman
zizkiguten. Ez zen egiteko erraza. Lehen egunean gure erreminta
berriekin oso gutxi erauzi genion mendiari. Kareharria, maskor
eta itsas koral kondar kaltzifikatua, haitz geruzen artean aurkitzen
zen. Erauzteko, lehenik pikotxarekin bidea zabaltzen genuen, gero
palarekin kareharria atera ahal izateko. Hau patioan lana egitea

baino nekagarriagoa zen. Harrobian egun batzuk egin genituenean,
afalostean, arratsaldeko lau eta erdiak aldera, loak errenditzen
gintuen. Biharamunean nekatuta eta minberatuta itzartzen ginen.
Arduradunek ez ziguten patiotik harrobira lekualdatzearen arrazoiez
ezer esan. Irlako errepideetarako legar gehiago behar izatea izan
zitekeen zio nagusia. Alabaina, gerora gure artean lekualdatzearen
arrazoiez eztabaidatu izan genuenean, diziplina indartzeko beste
bitarteko bat gehiago zela ere ondorioztatu genuen. Gainerako
presoengandik –hauek ere harrobira zigortuak – ezberdinak ez ginela
erakusteko, eta eurek bezala guk ere gure krimenengatik ordainduko
genuela esateko, euren modua zen. Gure adorea pitzatzeko saiakera
bat gehiago zen, azken batean.
Hala eta guztiz ere, harrobiko lehen aste haiek suposa zitekeenaren
aurkako eragina izan zuten gugan. Eskuak babaz eta odoletan izan
arren, indartuta geunden. Nik nahiago nuen, puskaz, denbora,
kanpoan, naturaren erdian, landaredia eta zuhaitzak begiesten, gure
gainetik zerua zeharkatzen zuten txoriak behatzen eta itsasotik
zetorren haizea aurpegian sentitzen eman. Gozatu egiten nuen
eguzkia bizkarrean sentitzen nuen bitartean nire gihar bakoitza nola
ederresten zen ikusten. Harri eta karezko metak jasotzeak saria
baitzuen.
Aurrerago, kamioian egin ordez, harrobirainoko joan-etorria oinez
egiten hasi ginen. Hau ere suspergarria izan zen, harrobirainoko
hogei minutuko ibilaldian irlako paisaiaz gozatzen baikenuen.
Landaretza trinkoa eta sasoi hartan gure estalpean sabai egiten
zuten zuhaitz luzangak ikus genitzakeen. Eukaliptoen urrina
usaintzen genuen eta, noizean behin, gazela afrikarrak eta urrunean
bazkatzen zuten antilopeak ere ikusten genituen. Gizonetako

batzuk jarduera monotonotzat zuten bidaldia: niretzat ez zen inoiz
inolaz horrela izan.
Nahiz eta, ustez, harrobira lekualdatzearen xedea gainerako
kondenatuengandik ezberdinak ez ginela erakustea izan, gure
kartzelariek aspaldi irla populatu zuten legenardunei eman zieten
tratu bera eman ziguten. Noizik eta behin, bidearen ertz batean
lanean ari ziren preso arrunten koadrila batekin egiten genuen topo.
Kasu hauetan, gu ez ikusteko, zuhaixken atzean ezkutatzeko agintzen
zieten zaindariek. Gu ikuste hutsak euren diziplinan eragingo balu
bezala zen. Haietarik batean, betertzetik zehar, preso haietako batek
ANCren agurra egiteko ukabila nola jasotzen zuen ikusi genuen.
Hauts errepidea bitan banatzen zen harrobira hurbildu ahala eta
gatibuok eskuineko adarkadura hartzen genuen gure lanetara
zuzentzeko. Bideen gurutzaketa hau, aurrerago, gainerako presoekin
komunikatzeko gune garrantzitsua bihurtu zen. Bidea erdibitzen zen
puntutik, sasitzaren artetik, eraikin zuri txiki bat ikus genezakeen.
Robert Sobukwe bahitua zuten bertan. Urteak ziren etxea zaindari
beltz baten bizileku gisara eraiki zutela, eta Sobukwe bakarrik bizi
zen orain. Belar txarrez estaliriko lursail txiki eta zabar batean jaso
zuten etxola. Aurrean izan ohi zuen zaindariagatik ez balitz, inork ez
luke han norbait bizi zenik sinetsiko.
Sobukwek 1963an amaitu zuen zigorra, baina urte hartan ezarritako
Lege Orokorrari eginiko xedapen baten bidez –Sobukwe klausula
deitu zutena–, Justizia Ministerioak, preso politikoak kargurik gabe
epe mugagabean atxiki zitzakeen. Hori berori egin zuten Bobekin.
Sei urtetan Sobukwek halamoduzko bizitza bat izan zuen irla hartan:
askatasunik gabeko gizon aske bat zen. Behin edo behin lorategian
ikusi genuen, baina gehiago ez.

Goizetan, heldu bezain laster, harrobiaren goiko aldean zegoen
latorrizko estalpe batetik pikotxak, palak, mailuak eta eskorgak
hartzen genituen. Erauzpen eremuaren luzeran hiru edo lauko
taldetan kokatzen ginen gero, plataformetatik arma automatikoz
hornitutako zaindariek jagoten gintuzten bitartean. Armarik ez
zeramaten beste zaintzaile batzuk gertutik zaintzen gintuzten,
ahalegina biderkatzeko aginduz. “Gaan aan! Gaan aan!” (Segi! Segi!)
oihukatzen zuten, idiekin baliatuko lituzketen hitzak zuzenduz guri.
Hamaikak aldera, eguzkia goiengo puntuan zenean, ahulak hartzen
gintuen. Ordurako izerdi lapetan izaten nintzen. Kartzelariek are
ahalegin handiagoa eskatzen ziguten une hartan: “Nee, man! Kom aan!
Kom aan!” (Ez geratu! Goazen! Goazen!). Hamabietan, bazkaltzeko
egin beharreko geldialdiaren aurretik, harriak eskorgetan jasota
kamioiraino eramaten genituen.
Eguerdian, txilibitua jo eta muinoaren magalera jaisten ginen.
Eguzkitik babesteko, zinkezko teilatuaren aterpera, inprobisatutako
aulkietan esertzen ginen. Zaindariek estalpe handiago batean
hartzen zuten babes, eta hauek mahaiak eta aulkiak zituzten. Arto
egosiaren orearekin bidoiak ematen zizkiguten bazkaltzeko eta,
otorduan, ehunka kaio iskanbilatsuk gure buruen gainean zirkuluak
deskribatzen zituzten gugana amiltzeko. Batzuetan hauetakoren
baten lurreratze trebe batek otordua alferrik galtzen zuen.
Lauak arte egiten genuen lan. Ordua heltzean, kareharria zain izaten
genuen kamioian zamatzen genuen berriro. Lanegunaren amaieran
hauts zurizko gainazal bat izaten genuen. Izerdi xirripek karezko
azalean errekatxoak eginagatik mamu zurbilen itxura izaten genuen.
Atzera kartzelan, hauts hura erabat desagertzea lortu gabe ur
hotzetan garbitzen ginen.

Beroak eta harrobiko lanak baino kalte handiagoa egiten zigun
argiak. Bizkarra eguzkitik aterpetzeko alkandora genuen; kareharrian
islatzen ziren izpietatik babesteko begiak itxi beste irtenbiderik ez
genuen izaten ordea. Argiak itsutu egiten gintuen, eta horri inguruko
hautsa gehituz gero ez genuen ia ezer ikusten. Begiak negarretan
izaten genituen eta egunaren amaierarako ezkelduta amaitzen
genuen. Gauez, argiaren indarra urritzean, ikusmena argi-itzalera
moldatzeko denbora behar izaten zen.
Harrobian zenbait lanegun egin ondoren bide ofizialetatik eguzkitako
betaurrekoak eskatu genituen. Ukatu egin zizkiguten. Erantzun hori
aukeren artean zegoen, garai hartan, irakurtzeko betaurrekoak ere
ezarritako debekuen artean zeudenez. Hori horrela, Robbeneko
komandante buruari, betaurrekoak baimenduko ez bazizkiguten,
liburuak izateko eskubidea izateak ez zuela zentzurik ohartarazi
nion.
Ondorengo aste eta hilabetetan behin eta berriro eskatu genituen
eguzkitako betaurrekoak. Onespena irabazi genuenerako ia hiru urte
joan ziren, eta hau itsu gera ez gintezen beharrezkoak genituela zioen
mediku ulerkor bati esker bakarrik lortu genuen. Honen guztiaren
ondotik ere, guk erosi behar izan genituen betaurrekook.
Enbido hauek –eguzkitako betaurrekoengatik, galtza luzeengatik,
ikasteko aukerengatik, elikadura hobe zezaten eskatzeko–
kartzelatik kanpo mantendu genuen borrokaren jarraipena ziren
guretzat. Apartheidaren aurkako gure borrokari eusteko modua ziren
espetxean bizi-baldintzak hobetzeko egin genituen kanpaina hauek:
zentzu horretan borroka bat eta bakarra zen. Tamainak arduratu
gabe, lekuan eta unean bertan egiten genion aurre injustiziari; gure
gizatasuna babesten laguntzen zigun honek.

Harrobian lanean hasi eta gutxira beste preso politiko batzuk batu
zitzaizkigun sailean. Batzuk 1964ko uztailean atxiloturiko MKko
kideak ziren. Berrogeita hamar sabotaje ekintza baino gehiago
egitea leporatzen zieten “Rivonia txikia” bezala ezaguturiko
prozesuan. Preso berrien artean Mac Maharaj, SACP Hegoafrikako
Alderdi Komunistako kidea eta borrokaren zerbitzura aurki
zitekeen bururik distiratsuena zegoen. Horrez gainera, MKko
zuzendaritzako kidea zen Laloo Chiba ere gutartu zuten. Burkide
zintzo eta leial hau kartzelan balio handikoa izan zitzaigun. Wilton
Mkwayi ere batu zitzaigun. Hau traizioagatik epaitu zuten epaiketa
entzutetsuan. Hala eta guztiz ere, 1960an, egoera nahaspilatsu
batean libre joaten utzi zuten. Egoera hau baliatuz herrialdetik
ezkutuka irten eta prestaketa militarra jaso zuenez, Rivoniako
epaiketaren ondoren, MKko komandante buru izendatu zuten.
Eddie Daniels ere gurekin izango zen aurrerantzean. Hau
Liberal Partyko kide mestizoa zen eta Alderdiko ekintzailez
osaturiko African Resistance Movement talde txikiak buruturiko
sabotajeengatik zigortu zuten. Eddie nire adiskiderik onenetako
bat izan zen kartzelan.
Aliantza politiko berri hauek izan zezaketen eragina ahuldu asmoz,
kartzela-agintariek preso arrunten talde batekin nahastu gintuzten.
Talde hura norbait hil edo bortxatu edo armaz lapurtzeagatik
zigortutako kriminalek osatzen zuten. Irlako bi talderik (Bost handienak
eta Hogeita Zortziak) ezagunenetako kideak ziren eta gainerako
presoak izutzea zuten bizilege. Gihartsuak eta zakarrak ziren, eta
euren aurpegietan nabarmentzen ziren orbainak kartzelako mafien
artean ohikoak izan ohi ziren aiztozko borrokaldien oroigarriak
ziren. Nahasmen bila aritzen ziren: gu borrokara zipotzen, beste
presoei janaria kentzen eta gure artean edozein eztabaida politiko

eragozten saiatzen ziren. Haietako bati Bogart deitzen zioten film
amerikarretako gogorraren omenez. Walterren ziega aurrez aurre
zuen Bogartek, eta lehena kexatu egiten zen bigarrenak goizero bere
gosaria emateko exijitzen ziolako. Walter ezetz ezin esateraino estutu
zuen izuak.
Talde berezitua ziren eta harrobian ere aparteko multzoa osatzen
zuten. Egun batean lanerako abesti baten antzeko zerbaitekin hasi
ziren. Izatez kantu ezagun bat zen, eta bertsioa moldatuz letra aldatu
zioten: Benifunani eRivonia? zioen, esan nahi baitu, “zer nahi zenuen
Rivonian?”. Hurrengo esaldiak halako zerbait zioen: “gobernatzen
utziko zintuztela uste al zenuen?”. Txilioka eta burla-haizez abesten
zuten. Ezbairik gabe, zaindariek adoretuta ari ziren, eta hauek gu
nola zirikatzen gintuzten ikusita, gozatu egiten zuten presozainek.
Gure arteko oldartsuenek ausardiaz erantzun nahi izan arren,
suari suarekin aurre egitea erabaki genuen. Eztarri gehiago eta
hobeak genituenez, batzartu eta erantzuna aztertu genuen. Minutu
gutxira Stimela, Hego Rhodesiatik datorren tren bat aipatzen duen
leloa, abestera jarri ginen. Stimela ez da gorazarre politiko bat,
baina testuinguru hartan balio hori hartu zuen, trenak armada
hegoafrikarrari aurre egitera joandako gerrillariak zeramatzala
aditzera ematen zuenez.
Aste batzuetan bi taldeok lana kantuarekin uztartu genuen. Gure abesti
bilduma ugaritu egin zen eta ez genuen askorik behar izan hitz eta leloak
moldatuta zentzu erabat politikoa zuten abesti ezagunak kantatzeko.
Amajoni adibide bat zen: ingeles arruntean soldaduak izendatzeko
(Johnny) erabilitako deiturarekin egindako hitz-jokoa da. Shosholoza ere
geureganatu genuen: gudua martxan dagoen tren batekin alderatzen

duen abesti bat da hau (izenburuak, behin eta berriro errepikatuta,
tren-soinuaren antza hartzen du). Askatasunaren Agiriaz hitz egiten
zuen ereserki bat ere abestu genuen, eta baita Transkeiri buruzko lelo
bat ere, zeinaren letrak zioen: “Bi bide daude: Matanzimarena da bat
eta Mandelarena bestea. Zein hartuko duzu zuk?”.
Abestuta lanaldia arinago galtzen zen. Zenbaitzuk ahots aparta zuten,
eta noizean behin, pikotxa albora utzita, abestiak entzutera geratu
nahi izaten nuen. Kantuari dagokionez, beste taldeko morroiek
ez zuten guretzat inolako lehiarik suposatzen. Gure moduak nola
liluratzen zituen ikusita, guk abestu bitartean isilik mantentzen ziren
unea ere heldu zen. Zoritxarrez, zaindarietako batek xhosa hizkuntza
ulertzen zuen eta kantatzeari uzteko agindu zigun. (Txistuka doinua
jarraitzea ere galarazita geratu zen). Une hartatik aurrera isiltasunean
lan egiten jarraitu behar izan genuen.
Nik ez nituen beste taldeetako kideak aurkari bezala ikusten; eraldatu
beharreko hezur-haragi landugabea ziren. Gutartean Joe My Baby
deitzen zuten preso arrunt bat zegoen; azkenerako ANCra batu
zitzaigun eta laguntza handikoa izan zen presondegitik beharrezko
osagarriak sartu edota ateratzeko.
Egun batean harrobiko zaindarietako batek Bogart modu basatian
kolpatu zuela jakin genuen. Ni ez nintzen jipoiaren lekuko izan,
baina ondorioak aurrez aurre ikusi nituen. Aurpegian egin zizkioten
ebakinek itxura txarra zuten eta korridorean, gerturatu, eta laguntza
eskatu zidan. Bere kasuaz arduratzeko prest agertu nintzen.
Jipoi bat agintari gorenenganaino eraman genezakeen gertakaria zen
eta eta guk ez genuen kartzelako buruei kontra egiteko argudioak

bilatzeko lanean atsedenik hartzen. Aspaldi ez zela, PACeko kide
zen Ganya delako bat makilekin eraso zutela jakin genuen. Abokatu
gisara, kartzela-aferen arduradunari gutun bat idatzi nion Ganyaren
izenean kexua luzatuz. Gutunari erantzunez, zuzendariaren bulegora
deitu ninduten. Kartzelako arduradunekin aurrez aurre eseri nintzen;
hauek, alde batetik, halakorik gertatu zenik ukatu egin zuten eta,
bestetik, gertaeraren berri nola izan nuen jakin nahi izan zuten. Ganya
kolpatu zuen kartzelaria irlatik kanporatu egin behar zutela galdatu
nien. Ezetza errepikatzen zidaten erantzun bezala, bere aurkako
frogarik ez zegoela esanez. Esanak esan, elkarrizketa izan eta denbora
gutxira aipatu zaindaria beste norabaitera lekualdatu zuten.
Auziaren arrakastak adoretuta, Bogartek laguntza eskatu zidanean,
kartzelako komandante buruari hitzordua eskatu nion. Biharamunean
bulego batetara eraman eta komandanteak gertaera ikertu eta itxi
egin zutela jakinarazi zidan.
– Lege-hauste bat izan da –esan nuen. –Gertaera hau epaitegira
eraman behar da.
– Inolaz ere ez –erantzun zidan. –Ustezko erasotuarekin hitz egin
dugu. Guztia ukatu du. –erantzun zidan.
– Hori ezinezkoa da. Atzo hitz egin nuen berarekin –tematu
nintzen.
– Zuk zeuk –esan zuen komandanteak, lotinantari keinu eginez.
Bogart bulegora ekarrarazi zuten. Begiak zapiarekin itsututa zituen.
Komandanteak kolpatua izan ote zen galdetu zion. “Ez, baas”,

erantzun zuen ahapeka, niri begietara so egitera ausartu gabe. “Ez
nau inork jo”. Kexa atzera bota zuten.
“Ongi, Mandela”, amaitu zuen komandanteak, “gertaera itxita dago”.
Ni umiliatzea lortu zuen. Ziurrenera, tabakoarekin edo aparteko
janariarekin erosita, Bogartek salaketa erretiratu zuen. Une hartatik
aurrera, presoaren adierazpen idatzi eta sinatua exijitu nuen, ezein
erreklamazio aurrera eraman aurretik.

–7–
1965eko udako egun batez, gosariko zukuan urdai apur bat
eta afariko ahian okel freskoa topatu genituen. Biharamunean
zenbaitzuk alkandora berriak jaso zituzten. Harrobiko zaindariek
eta gure saileko kartzelariek adeitasun apur bat gehiagoz hartzen
gintuztela zirudien. Berehala susmoak hartu gintuen, kartzelan ez
baita arrazoirik gabeko hobekuntzarik izaten. Hurrengo egunean
Nazioarteko Gurutze Gorriaren ordezkaritza baten bisita izango
genuela jakinarazi ziguten.
Aparteko aukera zen; aurretiaz jasotako edozein bisita baino
garrantzitsuagoa. Gurutze Gorria erakunde errespetagarri eta
independentea zen, eta euren txostenek mendebaldeko gobernuetan
eta Nazio Batuetan eragina izan ohi zuten. Kartzela-agintariek ere
errespetua zioten Gurutze Gorriari. Errespetua diodanean beldurra
esan nahi dut, kartzeletako arduradunek errespetua beldur ziotenari
izaten baitzioten soilik. Zentzu horretan, oro har, jendearen iritzian
eragina izan zezakeen edozein erakunderenganako mesfidati agertu
ohi ziren. Ez zieten zilegitasunik aitortzen erakundeok egindako
ikerketei, eta, ondorioz, ez zutela haiekiko zertan zinezko eta esanekoa
izan uste zuten. Engainatu beharreko kanpotar begiluzetzat zituzten,
agintarien helburu nagusia nazioarteko gaitzespena saihestea besterik
ez zenez.
Urte haietan guztietan Gurutze Gorria izan zen gure kexak jaso
eta erantzun zituen erakunde bakarra. Erakunde hau guretzat
ezinbestekoa zen, kartzelan gure protestei ezikusiarena egiten
zietenez. Araudiak gure eskakizunei bide emateko prozedura ofizial

bat bideratu behar zela zioen. Xedapen hau betetzen zen, baina
ohiko mekanika baten bitartez; larunbat goizetan espetxezainen
burua gure sailera txilioka sartu ohi zen: “Klagtes and Versoeke!
Klagtes and Versoeke!” (Kexak eta eskaerak! Kexak eta eskaerak!).
Klagtes and versoeke-ak genituenok –ia inortxok ere ez– berarekin hitz
egiteko ilaran jartzen ginen. Bataren ondotik besteak, jatekoaren,
arroparen edota bisiten gaineko gure kexuak helarazten genituen.
Iruzkin bakoitzaren aurrean buruarekin baiestera eta “Ja, ja” esatera
mugatzen zen kartzelarien burua, “hurrengoa!” esanez amaitzeko.
Esaten genionaren oharrik sikiera hartzen zuen. Gure taldeko
mintzaide gisa aurkezten saiatzen baginen, “hemen ez ANC ez PAC,
ez bata ez bestea! verstaan?” (Ulertu?) oihukatzera mugatzen ziren
zaindariak.
Nazioarteko Gurutze Gorriko ordezkarien ikustaldiaren aurretik
kexu bat zuzendu genion kartzela-aferen arduradunari. Eskutitzak
idazteko papera eta arkatza besterik ez zitzaizkigun baimendu.
Gainerakoei harrobian eta komunean isil-gordeka kontsulta eginda,
guztion artean kexu-zerrenda bat prestatu genuen. Zaindarien
buruari ematen saiatu ginen, baina honek zerrenda hartzeari uko egin
zion eta idazte hutsagatik kartzelako araudia urratu izana aurpegiratu
zigun. Huraxe zen Gurutze Gorriaren aurrean aurkezturiko kexetako
bat: gure eskaerei behin eta berriz bizkar ematen zietela.
Bisitaren egunean Gurutze Gorriaren ordezkariarekin hitz egiteko
bulegora eraman ninduten. Sasoi hartan Senn jauna delako bat zuen
erakundeak ordezkari; orduan Rhodesian bizi zen arren, Suedian,
bere sorterrian, kartzeletako arduradun izana zen. Senn adinez
mendearen bigarren erdian zegoen eta bere betebeharrean eroso
sentitzen ez zela zirudien gizon isil eta urduria zen.

Elkarrizketa ez zuten zelatatu, eta horrek bere horretan, beste
bisitekiko funtsezko desberdintasun bat adierazten zuen: gure
eskaera eta kexa guztiak ezagutu nahi izan zituen, eta adi-adi entzun
ninduen ohar asko hartzen zituen bitartean. Gizon oso adeitsua zen
eta adierazitakoagatik eskerrak eman zizkidan. Guztiarekin, lehen
ikustaldi hura estu xamarra izan zen, biotako inork ez baitzekien,
oraindik, besteagandik zer espero zezakeen.
Gure arropengatik protesta egiteko ahotsa jaso nuen; ez genituela
praka laburrak eraman nahi zehaztu, eta horrez gainera, taxuzko
jantziak behar genituela, ez genuela galtzerdi eta azpiko arroparik,
azaldu nion. Elikadurari buruzko eskakizunak, bisiten araubidea,
eskutitzak, ikasketak, soinketa-ariketak egiteko aukerak, lan behartua
eta zaindarien jokamoldea zerrendatu nizkion. Inoiz aintzat hartuko
ez zituztela jakin arren, gure sendien bizilekuetatik presondegi
hurbilenetara lekualdatuak izateko nahiaren gisako eskari batzuk
eman nizkion aditzera.
Bilkuraren ostean, ni esperoan izan ninduten eta, bere aldetik,
kartzeletako arduradunarekin eta bere taldearekin bildu zen Gurutze
Gorriko ordezkaria. Gure eskakizunak irakurri eta arrazoizkoak
iruditu zitzaizkionak aipatu egin zituela suposatzen dut. Sennen
ikustalditik gutxira, gure uniformeak hobekuntza batzuk izan zituen
eta praka luzeak eman zizkiguten. Dena den, Senn ez zen inolaz ere
pertsona aurrerakoia, eta Rhodesiako urteek arrazakeriara moldatu
zutela zirudien. Nire ziegara itzuli aurretik preso afrikarrok ez genuela
ogirik jasotzen gogorarazi nion. Senn jaunak harrituta zirudien eta
batzuetan kartzelako zuzendariarenak egiten zituen koronelari begiratu
zion. “Mandela, badakizu ogia oso txarra dela zuen hortzentzat”, esan
zidan. “Arto ahiak on egiteaz gainera, zuen horzdura indartzen du”.

Ondoko urtetan zenbait hobekuntza lortzeko kemenez borrokatu
zuten beste ordezkari liberalago batzuk igorri zituen Nazioarteko
Gurutze Gorriak. Erakunde honek eremu ez hain ikusgarri (baina
ez horregatik guretzat garrantzia txikiagoko) batean zeregin
erabakigarri bat bete zuen: presoen emazte eta senideei maiztasunez
dirua ematen zien erakunde honengatik ez balitz, bitarteko faltagatik
bisitarik gabe izango lirateke gure kideetako asko.           
Robben irlara lekualdatu gintuztenetik burkideak kezkatuta zeuden
ikasketekin jarraitzea debekatu zitzaigulako. Lekualdatu ondoren,
hilabete gutxira, agintariek, ikasketekin jarraitu nahi zutenek baimen
bat eskatu zezaketela jakinarazi ziguten. Gutariko askok bete zuten
baimena eta D taldeko preso modura sailkatuta egon arren, onartu
egin zitzaien ikasketekin jarraitzeko eskaria. Rivoniako epaiketaren
ostean, estatua indartsu sentitzen zen eta ikasteko eskubidea onartzea
ez zela arriskutsua ondorioztatu zuen. Gero, baina, zenbait agintari
erabakiaz damutu egin ziren. Graduondoko ikasketak baimentzen
ez zituzten arren, nire kasuan salbuespen bat egin zuten Pretorian
jarri nuen aurrekaria zela-eta.