Urrundik - 2

lurrak eman zion ere.
Basetxetikan goralde,
baldin ba'dute iturria,
abizenez dezu Iturbe
an sortua dan sendia.
Noiz eskeñi zion lurrak
euskotarrari abizen?
Ezin iturritako urak
esan, noiztikan datozen...

Ba'dira lurraren ume
belar, aritz, garo, lore,
euskal-abizenak ere
ditugu lurraren seme.
Euskera bitartez zaitu
lurrak abizendun egin;
euskeraz ez ba'dakizu,
nungoa zeran ez yakin.
Euskeldun abizen-kabi
degun ludiko lur zati,
ez da izan kendua iñori
Yaingoa'k emana guri.
Basoko itzal, errekatxo,
mendi, bide, larre, soro,
aritz, arto, sagar, garo...
anaitzat zaituet oro!!
Ara nundik euskeldunak
ditu bere sendikotzat,
basetxe inguruko lurrak...
Aragizko izan beretzat!

Baña Lur, enaiz zurea
naiz eta amatzat artu izan...
Aitak egin nau Berea,
nere elburu det Beregan...
Illuntziko kanpaia aitu,
nabillela, iriz, lur-lantzen...
Eskuetan txapela artu
t'otoitzean naiz geratzen.
Illuna'ren besoetan
Lurra dioakit iges...
Ortzi eder izarretan,
ageri zait iriparrez...

BERGARA'TZAZ

BERGARA
Bergara'n yaioa naiz; antxe nai il,
zar egin arte bertan bizi izan-da gero,
Bergara'tik urtenda pozik gabe nabil,
iñun ene biotzak artu ezik bero.
Nere erri ez da polit, eguzkitsu ta alai...
mendiz inguratua, sakonean dago,
t'odei astun illunak dituela zapai,
udaran baño neguz, Bergara naiago.
Neguz...! Neguz...! Erria yartzen zaigula urdin;
euriz, zeru ta lurrak artzen margo berdin.
Lañua urruti dala, nik ez det atsegin.
Euri ta lañu barik ezin amets egin...
Bergara'ko kaleak, illun, estu luze...
Zubi zarrak errekan untza darakuste...
Gauaz, eleiz-gain, ontzak arnas artzen dute,
erria ixiltasunez dagonean bete.

Gauaren besoetan erria lo dago...
Leiora urtenda, ixillik, egonean nago.
Bergara'ren edesti ta izate ta gogo,
gauaz obe dakuzkit egunean baño.
Maite degun andrea, lotan ba'da eder,
ta semea pozkarri, seaskan dala ager,
antzeko zoriona dakar biotzera,
sorterria, baketsu, lotan ikustea!
Bai! Karlatar izendun gudaldi ondoren,
etsai erbestekoak iraindu giñuzen,
Bergara aukeratuaz, antxen il zitezen
gure Euskal-Lege-zarrak, egun illun baten...!
Ozaeta'ren albo, belardi batean,
Espartero'k Maroto besarkatu izan zun.
Salduak izan dira besarkada artzean,
Yainkoaren Semea, t'Euskal-Azkatasun...!
Bergara inguruetan eta bere-barru,
etxe zar aunitz... euskal-kondairaren kabi;
Bergara'n bizi izanak batera ditugu
Munibe ta Moiua, Olaso ta Lili...

Ai! bai garai argia zaldun aien garai!
Yakintzaz Euskalerri yantzi zutela nai,
Europa-ikastoletan ziranak ikasgai
eskeñi zizkieten eren erkideai...
Peñaflorida izana, Munibe'ko yauna,
gureratu zitzaigun Azkoiti lagata;
Bergara'ko ikastola-nagusi genduna,
yaun euskaltzale aren eskutikoa da.
Geroztik, Euskalerri ta nunaitik ere,
sendi gorenetako mutil azkarrenak
etorri izanak dira Bergara'ra ikasle,
ospetsuak izanik ango irakasleak.
Bergara'n ikasten zan, edonun antzera,
ikasgairik goreen, izkuntzaz batera.
Zaldun aiek bai-zuten euskera maiteena,
gure izkuntza irakasten, Bergara'n aurrena.
Gaur... euskera, izututa, mendietan dago;
baserrietan bizi bai-da lasaiago,
beian, andikiekin, urietan baño...
Il bearrean degu gure euskera gaixo...

Bai! Bai! Il bearrean!! Izan gaitez ziur,
naiz kexkak uxatzeko guk asmatu gezur.
Euskera degu, urtutzen ari zaigun elur,
goitik-bera datorren erreka baten ur...
Au ez da gaurko gaitza, noiznaikoa baizik;
ospetsuak etzuten bear euskararik;
erdera artua zuten, euskeldun izanik,
euskeraren ederkun ikusi nai barik
Erderaz mintza ziran Mendotza, Bertzeo,
Aiala, aren osaba, ta Samaniego...
gure egunetan, berriz, Baroxa, Unamuno...
Banaka-batzu ezik, idazlari oro...
Ezkerrak oraingoan degula Lizardi,
Enbeita, Lauaxeta, Orixe, Yauregi...
Nere itxaropen au dek: Euskeldun gaztedi,
yarraituko al diok oien bideari...?
Bestela alperrik degu deadar, irrintzi
ta abertzaletsunez gezurretan yantzi.
Euskera aupatutzeko ez ba'gera gauza,
gure euskotasun guzti.. degu gezur utsa...!

Zertarako nai degu kaiola urrezkoa,
gure txoria igesi baldin ba-dioa...?
Zergatik nai aberri katai gabekoa,
kataiaz lotutzeko, guk!, euskal-gogoa...?
Ba-dakit erdeldunak errudun dirala,
ta gure euskera il naian beti dabiltzala.
Arritzen al zerate ori ala dala?
Ni gure nagikeriz arritzen naiz bada...!!
Ikastoletan bear euskera nagusi...!!
gai guztiak euskeraz erakus ta ikasi...!!
goitar idazlariak euskeraz idatzi!!
ta... gurasoak, eren seme... euskeldun azi...!!
Gure gaztediari dagiot oiua:
Abertzaletasuna gaur gora diua,
bañan utzitzekotan euskera galdua,
bakoitzak usma beza norberan errua...!!
Zergatik, Bergara'tzaz izketan giñala,
oartzeke iges egin euskerarengana...?
Amets auxe izana det: Bergara... izan adi
euskalusai-yakintza berri baten kabi...!!

ASTOAK BERRIKETAN
Ez da gaizkitxo bizi gurean astoa...
Neguan epela du basetxe-ikullua,
ta ara udaran ez sartzen eguzki beroa.
Gau t'egun, urte guzti, berdiña giroa.
Goiz-goizean kalera neska gazteakin,
apalduta burua ta ankatxoak arin...
Argiaren antzeko neskatxa alai, lirain,
ura nork ez ote nai eraman bere gain...!
Ikusia nauzute Bergara'ko plazan,
urten txistulariak igande-goizetan,
eta andrak, olloekin, dirala mezetan,
artean aien asto, txur-txur-txur, izketan...
Ene poz aundiena zan, aien artera
yun, eren berriketa zorrotzak aitzera;
eskuz au gozaratu... euliak ari ken...
adiskidetzat arin artua niñuten.

Orduan bai izaten enetzat yolasa!
dana yakiten nuan: Atzo zenbat aza,
kipula, arrautz, esne tollo saldu zitun
etxekandre bakoitzak, zenbatean ta nun.
–«Urtzelai»ko nausiak, iri ditu salgai...
–«Arostegi»nekoak, aiek erosi nai...
–«Intxaurpe»neko nexka yarraitzen ezkongai...
–Jajai! Kuba'ko osaba dirudunaren zai...!
Ba-zan asto beltz eder, odoltsu, bizkorra,
asta-emea ikusiz, yarri zana arroa.
Burua altxata, irrintziz, ia-ia ito arte,
zion, belarri zabal: «Atoz ene maite...!»
Ba-zan beste txikitxo, begi gozokoa,
ta zebillen izketan goratuz astoa.
«Seaskan zegoela –zion– Yaungoikoa,
nork eman zion Ari, arnasaz beroa?»
Zarra bai beste uraxe...! Begira aren agin...
azkar igartzen zaio dagola mutxurdin;
ezkontzeke, gaixoa, ditun urtiekin!
Izketan ezagun du biotzeko samin...

–Nik –zion– ezingo det etsi baserrrian;
ume zikiñen mende naukate lanian.
Donostia'n azia naizen andereño,
txerri aldamenean egin bearra lo...?
Ikulluan ez bai-det lagun egokirik,
izketan baño obe naiz, aiekin ixillik.
Orretan aspalditik yakiñean nago:
Iri ta bei artean... kultura'ik ez dago.
Ta ala... menditik yetxi ta, igande goizetan,
andra baserritarrak zirala mezetan,
ene yaioterriko plaza ta kaleetan,
astoak alkartuta zebiltzan izketan...
Oi, ene bergaratar igande-goiz alai...!
danboliñaren doñu... eleizako kanpai...!
Eleizpean gizonak, berriketan alai,
amarrak ia noiz yo... Mezanagusi-zai.
Ume ta gaztaroko gomuta argi, legun!,
oroitz...! oroitz...! atozte nigana gau t'egun;
zuek zaituet emen, atzerrian, lagun.
Exeri gaitez eta... Bergara'tzaz yardun...

EGIZKO GERTAERA BAT
Gaztetatik naiz lañu t'eurietan busti.
Untzadun orma zar beltz artean yaioa,
gurenean Illuna ta Itzal tiran bizi;
eren besoetako da nere gogoa.
Leiotik beso luza... t'eleiz-orma ikutu!
burnizko kanpai astun azpian yaio naiz.
Gurean –alperrik zan deadar ta oyu–
ezin alkarri entzun, eleiz-kanpai-garaiz.
Etxetik aurrez-aurre gendun espetxea...
Ume nintzala, norbait ara ikusi sartzen
ta, goibeltasun beltzez biotza betea,
goizalderarte, ez niñun, iñoiz, loak artzen.
Urten leiora, gauaz, euria ari dala,
t'egon kanpantorreko ontzaren txistua artzen...
illunezko izarretan, ametsetan zala,
ba-zirudin erria zegola arnas artzen...

Urtean bein izaten, enparantzan, dantza.
Biltzen tan inguruko neskatxa ta mutil.
Abarketa txuriak uso-talde antza...
mutillak neskatxa artu ta aidean erabil...
Aufa! ta yarrai dantza. Au dek au sasoia!
Zenbat erregek aien alaitasuna nai...!
Zarra dek eguzkia ta lotara doia.
Illargipean obe; yarrai dantzan, yarrai...!
Ate ta leio itxirik, atso zarrak: Oben!
au nabarmenkeria! bai iguin! au lotsa!
–zirrikoien batetik begira zioten–
ara nola dabillen gaurko neska-motza!
Gauerdi, Gaztedia sakabanatu da...
Mendi ta bideetatik irrintzia dator...
Ara! Leioan nago, zarata amaituta,
besoak arrien gain, ixillik, amezkor...
Ba-zan Euskalerrian mixiolari bat,
eleizak bete egiten zekian izlari.
Danak uraxe zuten Yaungoikozkoatzat;
Goitar-itza zabaltzen zebil erriz-erri.

Bergara'n yaia zala ta atsaldean dantza,
gure Mixiolari bertara gertatu,
t'eleizatik egin zun itzaldi garratza:
«Dantza –ziola sutan– dantza da pekatu...!!»
Goibeldu zan erria. Neska-zarrak poztu.
Gizonak etxera yun ta... andreanak aitu.
Gaztediak, itz aiek irañatzat artu.
Gurenean... ara zer, yai artan gertatu:
Bildu dira, aretoan, amaika andra urduri;
beren arte, ta izketan, da gur'amandrea:
«Gaurko itzaldia aiturik, ezin dantzan utzi.
Datorrela –agindu du– gugana alkatea».
Andikienetako zaldun bat alkate;
gizon zintzo, zuzena, ta atsegin eta apain.
–Ara andreak, emen naiz; zer nai didazute?,
dio, txistera utzita kutxa zar baten gain.
–Ara zer nai dizugun: Eragotzi dantza,
t'ez bei izan, Alkate, gure erri, galdua.
–Orrek ekar dezaken ondorengo txarra?
–Txarrago da, il ondoren, betirako sua.

Zabaldu zan errian etxeko izketa auxe
ta dator, arrotuta, gaztedia goruntz,
algaraka diola: Dantza asi belaxe...!
begietan su-gorri, barruko gorrotuz.
–Asi , soñu-yotzalle! Neskak igesian?
Artu besotik aiek! Ekarri gugana.
–Tira; asi ba, asi yotzen... I bestela aidian...
–Ixo danak... Ixo ba... t'entzun... Pregoia da:
«Zuen agindu-bidez naizen Alkatea...
Naiz askotan izan ez errex agintzea,
bete bear degula Yaungoiko-Legea,
debekatuta dago dantzan egitea».
«Mutillak! Odolik ez? Au ere entzun bear?
–ari dira gazteak izketan alkarri–
parre egin nai digunak, egin beza negar!
Ara, lurrian emen, arriak ugari!»
Gure etxeko leioak, urratu ta ausi bai...
Andrak, otoika igesi, nunbait ixkuta nai...
Alkateak artean: –Andrak egon lasai,
iges egin diogu-ta inpernuko suai...

Agure makaltxo bat, enparantz aldera
dator, bularra billoiz, Mizpildi'tik bera,
korapildun soka bat eskuan duela...
«Mixiolaria dek...!!» entzun da bela.
Buru ta begi-makur, gaztedi erditik
igarotzean, danak utzi ditu ixilik...
eta belaunikatuz, zigorra astindurik,
atera zun odola bere bizkarretik...!!
Ango neskatxa guzti belauniko dago...
Mutillak, buru-makur, eskuan txapela...
ta Irakaslea baño zauriz beteago,
gure Mixiolari, yausi zan lurrera...!
Gogo illunik izaten ere erriak ez nai...
Gazte! Nik nai aut eder, sendo, garbi, alai...
Egin zak, nai izatez aberrian aintza,
Yaungoiko-begipean, lan ta gero, dantza...!

ZAHARRA BERRI...

ABIZENA
Euskalerria'n, soñeko txuriz
mendian etzanda baserriak.
Soro ta basoz inguraturik,
euskal-abendaren iturriak...
Baserrietan errege bana...
millaka urtietan bezela, gaur.
Errege orren seme zarrena
da, aitaren ondoren, Etxeko-Yaun...
Euskalerri'ko baserrietan,
aberastasun aundiena,
semerik-seme dator zañetan,
odolakin batuz: abizena!
Aitona zarrak, kimu berria
dantza ta dantza, belaunan du;
izen bateko biak bai-dira...
aitonak iltzeko bildur eztu!

KONDIA TA BARATZAIA
Konde zar batek ba-omen zuan,
etxean yaioa, baratzaia;
ta, naiz aziak izan alboan,
auxe morroi..., ura nagusia...
Kalean aña, baserrietan
baratzaia zuten oso maite;
ta, naiz eskola gutxi gaztetan,
erriak egin zuan alkate.
Baratzan zala, kondia agiriz,
nagusiari: «Agur yauna...»
baña kalean, txapel erantziz,
kondiak: «Agur, Alkate yauna...!»
Euskalerria'n odola garbi,
nekazaria kondia aña.
Beraka bultza zuek ibilli...
Goian alkartzea, gure naia!

TXORIA TA BELATZA
Nornairi diru pixka bat kentze,
ludian lapurketa izena du.
Erriai azkatasun ostutze,
izen gogorragoa bear lu...!
Zugaitzetatik zugaitzetara,
basoan azke zebil txoria.
Belatzak eldu, egak atera
ta utzi zun, ager odol gorria.
«Biotza –zion– nai dizut ausi.
Debeka dizut abestea!
Nai ba'dezu nik abesten utzi,
zuk artu bear abots nerea!
Ta nere izkuntzaz oyu egizu:
Gora belatza nere ama...!»
Antziñatik ala dabilkigu
gure Euskalerria'kin, España...

BATASUNA
Orain bildurik, gero banatu
kondaira barrena ibilli gera.
Naparra'gandik giñala azkatu,
amildu giñan danak batera.
Ume batekin, andra bi ziran
epailariaren aurre etorri.
Bakoitzak zion bere seme izan,
ta arek egia bear igarri.
«Erdibiturik artu zazute
bakoitzak umearen zati...»
Gauza bera andra bik entzun zuten,
t'egizko amak, egin karraxi...!
Ortan igarri bear diogu,
euskotar seme leialari:
azkar egingo du arek oyu,
zatitu nai ba'diote Euzkadi...!

PIZKUNDE
Euskalerri'tik Euskalerri'ra,
gauaz daramazkite ezur batzu...
Arrotzak sartu, yun aien billa...
ta illobia zuten uts billatu.
Udaberrian, zerutar euri
yetxi ta zugaitzak ostoz bete,
belarra piztu, soroak yantzi,
azia zildu ta sortu lore.
Euskalerria'n negua zala
–biotzak ere tiran elur–
Euzkadi gure aberri dala,
Sabin'ek irrintzi egin zigun!
Udaberria berak piztu du...!
Biotzak elur urtu dute...
Urrengo udarak azalduko du,
gure eusko-lur-gain, emaitza bete...!!

BAKE GUDA-ARTEAN

ADISKIDE BI

Gorbea inguruetan, ba-ziran lagun bi,
ezin etsi zutela bata beste gabe.
Ta, itz asko barik, alkar zin eginda yabe,
baten nai ta asmoetan, bestea izan nausi.
Asarreak, ez aixa batasun ura ausi,
t'ekaitzaren antzera naiz ageri ere,
tximistaren ondoko lagun bien farre,
belarra pizten dakin euria zirudi.
Gazte aien artean, ixkuturik etzan,
menditarren itxuran, egi latza baño;
ta, urrundik urbiltzean alkarrenganaño,
pozez, aien biotzak asten ziran dantzan...
Izarren dantza garbi, ozkarbi gauean!
Ta adixkide bakoitzan amets, otoi ta asmo,
berdiñak izanik, ez odei, ez laño,
lagun-izar bi aien batasun-ortzian...

Izar? Ez. Lagun onak eguzki itxura du,
beroakin batean itzala sortuaz.
Ludiko otzan igesi beregana guaz,
ta, beroaren baitan, itzala billatu.
Zorionari naian alde onena artu,
batzuk urre gorria dabiltza bilduaz...
Ez bai-dakite zer dan, ate-otsa aituaz,
etxeko lagunari, dear egin: Sartu...!
Maian, zapizuri-gain, eltzekari bero
ta aren kei inguruan, yardun-aldi alai...
Oartzeke, leioan egunargi-garai...
ta lagunak izketan, illuntzi ezkero!
Bai aintza, bai agintza...bik iretzat, ero!
Nik, etxean, baratza ta adiskidea nai;
lurran emaiaz bizi, lur-azpiaren zai,
goi-zorionerako landuz nere gogo.
Goizean-goiz, eizara lagun biak urten,
ta, izardituz, errekan esku-askaz edan.
Kerizpean exeri, zakurrak alboan...
Or nun lau adixkide artuaz atseden!
Gibelurdin-usañez egoa zetorren,

ta, basoratuz, aien billa yarri ziran.
–Ara lagun!, begira! Kerizpe illun artan,
neskatx eder bi dabiltz, marrubiak biltzen!!
Pagorik-pago doia mutillen abesti:
«Basoetako marrubi,
ezpain-gazte bezin gorri!
Agin artean,
neska gaztean
muxua dirudi...»
Ta aize berak itzuli, neskatxen lekaixu:
«Orrelako muxu txukun,
ara zenbat dakarzkigun...
Exeri gaite,
ta, illuntzi arte,
bertsoetan yardun».
Ura mutillen poxa! Gaztenari aitu:
Ago lasai, gibelurdin.!
Goroldi-oian lo egin...
Ezin ibilla,
gaur, ire billa;
ba-diau zer egin...

Ta iturriaren albo, laurak ziran yarri.
***
Beñere usmatu al dek uraren indarra,
ibaia aziz, danian auzoetara igo,
ta aurrak ostu t'eraman, ta abereak ito,
tximistargi-arte an, drumoiaz, doiala?
Nik ikusia diat odolezko ibaia,
erri zarrena maian eraman betiko...
Bake, izkuntz, oiturak, azkatasun... kito...!
Eldua zala, irudi, Euzkadi'n amaia!!
***
Bidezior-albo an, gazte eder bat zegon
lotan, artalde ta artzai, zaizkiola igaro
albotik. Aren oia: lore, belar, garo.
T'esnatzean, izutuz, dio larri: «Gizon,
indarrik gabe etzanda, lo-artuta negon
zelai ontan; begira... bakarrik ez nago!
Belaunikatu zaitez, artzai... Ilda dago!
Gudari bikain auxe, zan nere lagun on!

Ereñegun, Sollube'n giñan alkarrekin.
Danen aurrean, berau genduan ibilla,
kantari. Mendi oso sutan zan antziña,
biotz erdian onek artu zunian min.
Ta aitu nion: «Otoi bat bear diat egin.!
Artu ni besoetan, nagoekala illa;
eraman nazak, arren, gurasoen billa
ta yarri nazak antxe lotan... Gorbea-azpin...!»
Lagunaren oldea betetzera nua.
Neguan, elur txurizko oial izango du
ta udaran, berriz, sasi-loreak inguru.
Andregaia bezela maite zuan lurra...
Nola, ba, izango arek, iltzeko bildurra?
Gudari t'Euskal-Lurra, Gorbea'n nai batu...
Zatoz, artzai, ta, albokaz, eztaiak ospatu...
Biarko oien seme eder... AZKATASUNA DA!!