🕙 29-minute read
Unamuno ta Abendats - 1
Total number of words is 3756
Total number of unique words is 2105
24.9 of words are in the 2000 most common words
35.6 of words are in the 5000 most common words
41.9 of words are in the 8000 most common words
Salbatore Mitxelena
UNAMUNO TA ABENDATS
Bilbotar filosofuaren
eta Euskal-Animaren
jokerei
antzemate batzuk
Iñurritzak
Ez naiz ni. Abendatsek
diardu nibaitan.
Artxek jartzen dit Miña
biotz ezpañetan.
ezin izan dutena
il millaka urtetan
nola gaixo onek ito
kolko gudu ontan?
-UNAMUNOK DON KIJOTE-RI:
«Ene abendari zor diot naizen eta balio
dudan oro, ta berarixe zor zure bizitza ta ekintza senti al izatea.»
INURRITZAK UNAMUNO-RI:
Nik ere bai, don Migel, ene abendari zor
diot zure bizitza ta ekintza senti ta barka ta
maita al izatea.
SUSMOZ LETOZKENEI
Susmo txarrez letozkidake bearbada zenbait irakurle. Eztugu arritzeko; gutxiago, izutzeko. Ezpaidute
uste Unamuno euskotasun aldetik ezertan onetsi ditekenik. Euskaldunon artean argaiztoz sogin izan diogu
ia beti bilbotarrari, zearka, aierrez, bai abertzaleek eta
bai karlistek; erlijiu aldetik naiz euskerarenetik ark
ditun akatsak galantak diralakoz. Naiko galantak izan
ere baitira.
Katolikutasunari buruzko akats edo urrun-urbillak
ez noa emen arakatzera. Eztut ori asmo. Asmo arazo
ori zeazki ta bereziki burutua digute beste idazle naiko
frankok, nagusikiro: Pildain gotzai jaunak, Aita Oromi
prantziskotarrak, Aita González Caminero jesuitak,
Laín Entralgo-k, Julian Marias-ek, José Luis L. Aranguren-ek...
Akats oiek jakiñekotzat uzten dizkizut. Iñoiz edo
beste bidenabar ukitzen ditudanean, gaitzesteko izango da ta irakurleari erne oiu bialtzeko: Kontu!
Katolikuok ez gaitezke tinka Unamunoren siniste
motibu baezpakotan. Guk Kristori diogun fedea ez da,
Unamuno-rena legez, gerebaitak eskatzen digulako
bakarrik; ez, barne muñak nai ta bear digulako bakarrik; baizik Jainko-Gizonak eta Eliza Amak ala erabakitzen eta agintzen digutelako sinisten dugu batezere;
ta berez egia, Egi Aundia, Egi Osoa, oien esku ta ao
dagolako, norgere adimentxoak ulertu edo ez.
Unamunoren sinismen sustraia aitzitik da erabat.
Subjetibu utsa da; gogoak damaion aña ta damaion
bezelakoxea; bere nortasunaren «barne bizitzak» galdegiña, eragiña ta an-emendiko ornitzez egosi irakiña;
ez, Jainkoarengandik eta gatik arrerazten zaiona.
Orratx berberak: «Itxaropena dugu fedearen ama; ta
fedea, Jainkoarena.»
Agirian dago beraz zenbat eta nolako siñauste
aleak sor daitezken eta sortu ere bide-zaizkion bilbotarrari erro ortatik. Giño ortan San Manuel Bueno Mártir dalako orrek ezin ba buruan leku eman Kristoren
gorpuzki bataioz geranon «goi bizi» jainkozkoari ta
abar.
Jokeraz, jakitez naiz ekitez erlijiozale ta erlijiolari
purrukatua dala ezin uka. «Ez nolanaiko erreformatzalle, baizik sekula izan diran dozenerdi aundienen arteko ta añako gallentzen zaigu Unamuno» José Luis L.
Aranguren-ek bere liburuon: Catolicismo y Protestantismo como formas de existencia. 30 urte zituneko ari
zan ziñematen: «Jadanik etzait ajola beste ezertxo:
erlijio prolema ta neure etorkizunarena.»
Ateo-materialisten gandik katolikuena bezin
urrun-aierti sentitzen da, sentitzen, eta idazten ere du
noiznai; oiek ezin deioteke irakur, zernaitan aurka
egoteko edo beren sinisgabekeriari bizkar emateko
baizik. Marañon-ek orainki (1954) idatzia: «yo no sé,
porque no soy teólogo, si se ajustó siempre o no al
rigor de la ortodoxia, pero sí sé, y lo digo, que no he
conocido a ningún otro hombre en el que esa presencia de Dios haya tenido tan permanente y terrible realidad.»
Kristozale ta kristaulari are sukartuago dugu,
gañera. Unamunoren erlijiua, bere betiko luterotar
kutsuz ezik, Kristoganakoa da dena den. Jesukristo du
bere teolojiaren ardatz, jomuga, egi iturri ta maita
elburu; elburu mami eragikor ezilkorgille. Oroi, besteren artean, «El Cristo de Velázquez» liburu poema.
Erruz, zinki, muinki maite ditu Jesus eta Jesusen irakaskizunak. Paris-ko euskaldun ateo bati eskutiz bat
eta bestean diñotsa: «erriaurki oraingoentzat eztago
salbatzerik, ez osabiderik, kristautasunez landara.»
Oeburuko irakurgai kuttunenak ere: Biblia, Kenpis,
Agustin-Teresa deunak, Gurutzeko Jondone... ta beste
aukera-aukerako gutxi batzuk. Españi-Euskalerriak
eurak beren kristautasunaren idealismuagatik gorenesten ditu baitipat. Bañan, kontu: berbere betiko
hereje tajuz eta vitaliste voluntariste arioz.
Aristotel-en naiz eskolastikuen ezagumenari
«razón teórica» deritzaio ta orrekin ez omen dago
eltzerik geien-geienez Jainkoarekiko idea utsera baizik. Geien-geienez, alegia; ezpaitu uste adimena ortaraxe re el daitekenik, Jainko baieztera baño ukatzera
geio baizik. Jainko berbera ren izateratze edo jainkotze ori «razón práctica» rekin lor omen daikegu bakarrik: ots, sentimenaren eta borondatearen ezaguerarekin. Antonio Machado-rena legokioke ezin juxtuago:
Yo he de hacerte, Señor, cual tú me hiciste, y
para darte el alma que me diste, en mí te he de
crear.
«Ez jakintsu ta ez pentsalari; ni sentilari bat naiz.»
Ta aitor bear: sentilari bezela, nolako bikaña! zeñen
angusti-duna! nolako Jainko gose duna! Ortan bai,
ortik bai, benetan erraldoi. Ara, giza-anima batek
berez, Jainko grazirik gabe, zenbaterañoko Jainko
gosea daramaken proba nai litzakenean, nekez auke-
ra daiteke. gure odoleko auxe baño erakusburu jatorragorik, tantai ederragorik, aspaldiko pentsalarietan.
Jainko min ori larriren larri sentitze ortan eta sentitze ori gizatasunez naiz nolanaiko jakitez jazte ortan,
arrigarri dugu, ala niñoke; irakurriago ta arrigarriago;
liburuetan bertan bañore bere eskutiz kontaeziñetan
areago, gañera.
Bere teoloji ta mistika, gaztetzarotik erromar
fedea erabat galdu zun gizaki uts agnostiku batenak
izateko, zangar giartsu dira iñolaz; akatoliku batenak
izateko, gure etikaren urbillenetik dijoaz maizenik eta
onen goitasunak pranko trebeki arrotzen ditu. Aita
Benítez-eta alegiña saiatu dira gizaki urduri au katolikutzen, guretzakotzen. Asmoa aurreratxogi txirristatu
ez ote zaien gaude, sinpatiz sogiten diegularik ere.
Orregatik jesulagun onen El drama religioso de Unamuno txasta oi dute zearoko fiakizun ez omen diranen
artean.
Ezin gaitezke geiegi txunditu, oraingoz beintzat,
ez itxutzeraño lilluratu. Geiegi lilluratzeak baluke galpiderik. Agoni gizonari noiznai nabari zaio sasi jatorria
edo len salaturiko susterrondo heretikua; ta, baitare,
aske pentzalariaren menpetasunik eza edo, berak
lesakenez, «norberatasuna».
Orretxegatik egingo nuke dala bere teolojia sentimen aldetik jainkotiarrago ta ortodosi aldetik bildurgarriago; sinisgabekoentzat, lozorroa astintzekoan, onuragarri ziurrenik; katoliku gutxi-ikasientzat ordea naspilkor geienik eta kaltegille.
Pentsa zagun debeku kondenak ere orretxegatik
ipiñiko zizkiotela artan edo ortan Españiko zenbait
gotzai azken urteotakuok: gure Antonio Pildain, Canarias-koak; Jesús Mérida y Pérez, Astorga-ko zanak;
orainki León Villuendas, Teruel-ekoak; baita Pla y
Daniel berak ere, Salamanca-ko zanean (1942)...
Jainkotiarrago ta bildurgarriago, epaitu dizut.
Orratx, ain zuzen, bere biziko paradojalari izandakoaren il ondorengo paradoja ikaragarriena, ta trajedi
itzala. Jainkotiarrago ta ordun bildurgarriago!
Izan ere, Jainkoak daki bakarrik zenbat kalte
dagioken Españi-Euskalerrietako katolikutasun eskas
zailduari, batez ere gaztedi ikasleari, baldin ezpadugu
beintzat irakurleen baitaratzen zer dun katolikuaren
eta zer siñauslearen, zindoki zedarrituz eta jakiñaziz
bat eta bestearen mugak.
Bere liburuak guziz debekatu? Alare irakurle anitz
ukanen lituzkela niñoke ta erakar indar geiegi dukela
Unamunok etsaien ikurrintzat uzteko, beren-berena
bailuten. Bat edo beste liburu soilki debekatu, erlijiu
zaña geienik ortzakatzen duten aietxek? Itxurazkoenik onetxek dama; baña edozein enseiu, drama, nobela, artikulu naiz poemetan agiri zaio edonoizko menderakaitza, edonongo «bera». Batasun geioko idazlerik nekez. Erabat geuretzakotu? Ai al balitz! Oguztua
dugu ordea zearo geuretzakotzerik eztagola ainbat
siñauste dituna. Erdipoerdiko zerbait billa ta eragin?
Korapillo estutxoa dago galdera oietan, partikularki guretako iñork aisa ta gogara askatzeko. Orra nik
beñipin lurgañeratu, irakurlearentzat, auziaren txongoa; ta... «bakartia» ren iñorekin eza.
Oiek ola, asieratik beinbetikoz oar bearra derizkiot
nire onako azterketak eztirala iñolare Unamuno teologuarekin baizik soil-soilki filosofuarekin eta, oraindik
zeatzago esateko, «gizaki filosofu olerkari» irukoitzaren euskaltasunarekin. Ots, Euskal Animaren arnari
diran aldetik ikustatu «berezko» gizandi orren iru
saiets oiek eta, aitzaki ortan, geure abenda barruko
kontakizunak ere konta. Orra nire arlo barrutia.
Euskaldun baten billa natorkizu beraz Unamunogana. Galdera onekintxe natorkio beste gabe: ea ba
nondik eta nolako euskotarra zaitugun.
«Filosofiak baño geio balio du filosofuak», ziñon
berak. Ta ni emen, bere gizatasun eta euskotasun
ondo ekurugaitz orren gorabera bapo ugariak billatzen, galbaitzen eta, zuzen danean, goresten ariko
natzaizu, egiak aña odolak artaratuz, gero besteren
batek mardulagoki goretsi ta oñarritu ditzakelakoan.
Besteren batek oñarritu bai. Oraingoz nik dagidana
ikuspegi bat litzake, batezere; edota, obe baderizkiozu, idaroki bat.
Nik dakidala etzaio beste iñortxo urbildu xede
ortan. Deitu bai «el gran vasco» ta olakoak, atzerritan,
erruz eta merke. Bañan bere euskaltasunaren barrunpe ernaragarri oiek azaltzera etzaio libururik oraindaño opaldu. Ontan lenbiziko izate onek puxkat alaitzen
eta arrotzen ere nau. Asmoa beintzat zuzena baitut,
naiztare aski berandua.
Susmoz letorkidaken irakurleari eztiot esango
xedea iritxi dudanik, pixkat baietz neurekaxa uste
arren. Unamunok, kristautasunean bezela, euskaltasunean ere bere ajeak ditu, ta nork ez? Kristautasunean erroa topa diogu koloka, topa nolabaiteko; euskaltasunean erroa du zindoen, jatorren, aberatsen.
Kristautasunean adaburuak dama ikusgarri, agiz ikus-
garriegi; euskaltasunean adaburuak ez ainbeste,
agaki bat edo bik gutxiago...
Orain, agaki bat edo bi oierixe soilki beiratuz
zugaitz osoa usteltzat jotzen dunak eztu zuzen jokatzen, bidegabekeria dagi ta gañera kalte itzala dagioke jokera etsai askotara «gogape» bakarrak daragion
Euskalerriaren batasunari. Ontan ere balio bear digu
Kristoren aginduak: «Etzazutela aloa (zizaña) ateratzean garla ere susterkatu.»
Ea zergatik auta dudan Unamuno eta ez beste
edozein? galdetu dit bilbotarrari bere euskera gorrotoa (?) barkatu ezin dion «euzkel-euzkeltzale» integriste uts oietako, oietako! batek; Unamuno gure etsai
gogorrena omen dugula-ta.
Ba, orretxegatik, gizona; orretxegatik ain zuzen,
integriste jauna. Unamuno, euskeraren etsai gogorrena dugularik ere, Euskal Animaren abogadu gogor ere
badalako, zenbait «euzkeltzalek» ori ezin irentsi
arren.
Ea zergatik! Euskal Anima onen gaurko edo mendeterdi ontako ezinegona, kontentagaitza, marmarra
ta maxia, negarjotzea, asalda aserrea, menderakaitza, bizi naia, agoni burruka, kontragite edo antagonia, etsipena ta etsieziña ta itxaropena, askatu leia,
euskal miña ta arrandia, «ni ta ni» a, bakartasuna, azibearra, jaundu gogoa, ezilkor gosea, norberatasuna,
langilletasuna, laztasuna, zintzotasuna, erlijiutasuna...
ta beste tasun kontaeziñalen ispillu ta aitzindari berdiñik gabe eskubidez Unamuno deritzaidalako, mundua
beteko ospean eta diztiran.
Ez gutxiogatik, gizona. Etsai gogorrenek ere, euskotar «borondate oneko» diranean, andik-emendik
arrazoi damaigutela probatzeko. Ontan edo artan
zurekintxe ez pentsatzeak barru-barruko euskaltasuna ukatzen ez dula beingoz jakiñarazteko, jakiñarazi
ta, bearrik, ondo gogoan josiarazi; bestela neu ere,
zurekin integrismu ortan bat ez natorren ezkero,
ezpainintzake billakatuko euskaldun. Euskaltasun
Osoa, ez zuk eta ez nik, baizik guziok osotzen duguna
dalako, guziok balinbaite, norgere egi ta on apurñoz.
Berebat Euskalerriagatik ere. Euskalerria abertzaleontxo ori bakarrik eztalako, gutxiago euskaltzaleontxoa bakarrik, eztare eliz gizonen ori bakarrik. Euskalerri Egiazkoa, egunotako ezur eta mamizkoa, ez da
zure edo nire utopiak nai lukena baizik ezurmamizko
jendeek, diran bezela dirala, osotzen dutena, guzion
artean kopurutzen duguna.
Ona berriro. Gaurko Euskalerri Osoa eztugu zuk
eta nik soilki ezurmamitzen, ez, integriste jauna; baizik abertzaleek eta karlistek, liberalek naiz komunistek, Españi zale naiz Prantzizaleek, katolikuek naiz
bestelakoek, ondrauek naiz lapur likiskume eta beste
barrabasek, baita oetxek ere zoritxarrez, baita gure
artean ain gutxi eztiran pellokirtenek ere, euskera
zaleek eta erderaz jarduleek, zuk bezela pentsatzen
dutenek eta eztugunok, guziok; ta beraz, guzion
artean, baita Unamunok ere noski, Unamuno gizajoak
ere, bere aldez.
Baita euskera beragatik ere, gizona, ta ez ankaz
gora erori. Unamunok «Euzkera» ri, gu ausartu ez
bezelako aserrez eta egiz, salatu zizkion akatsak eta
suizidakeriak beingoz garaitu nai ditugulako.
Ez uste, ez, aren iragarpen eta akarrak oro gezur
uts billakatu zaizkigunik, eztare guk purrustaka ukatzearekin indargabe gelditzen diranik, bein ta betiko
zerraldo. Purrustek xaguxarrak uxa ditzateke, ez arrazoiak.
Sei dialektu ta ogeitik gora subdialektu ba omen
dira euskeran: gure aberastasuna! «350txo» irakurie
besterik ez omen gera, baña... baña baitare ordea
beste ainbeste maixu, nolako maixu! nolako jauntxo
ta jabe! «350txo» oietako bakoitza gaituzu norgerekaxa euskera berri-berri bat asmatzeko lain, beste iñork
ez ulertzeko alakoa: gure aberastasuna!
Ta, zer nai duzu? Unamunoren akarrak suntsituko
baditugu, guk aberastasun gutxiago bear, eta... zentzun geiago!
Ez noski euskera bat (bat?) «350txo» na; ta bestea, «egutegi» etako 25 edo 30.000 aiena; ta bestea,
«garbiren garbi zale» oiena, gure ilzori gaixoa beti
operazio maiean nondik zer geiago kenduko daukaten
arakin ez bestelako oiena; ta bestea, zarkeri edo
arkaismu billa aguretu bear dutenena; ta bestea, ezulertuak izatekotan ixillik egon naiago genuken
«jende xume» edo «erri-erri» deituona... Bakoitza sorgin belar bana eskeinka ilzoriari! onek bear dun sendagai bakarra emateko gauza ez geranean.
Zer sendagai? Batasuna, gizona; grazi pixka, bizitasuna, argitasuna, atsegiña. Etimilojiste naiz gramatikalari gutxiago, gure errepublikan. Iztun eta irakurle
geiago. Ots, lege gutxiago ta bizitza geiago. Beingoz
bukatu, arren, ur ta lur azpiko buzoketa-satorketak.
Maixukeriak utzi. Neke gutxienez ulertu ta maita diteken izketa txairoa erabilli. Nekea eztu sekula maite
jende arruntak. Ez nekeak eman irakurleari baizik
idazleak norberetzat artu. Orobat izlari ta entzuleen
artean. Ez uxa irakurleak baizik erakarri, gosetu. Ez
kalean txirrista erderara baizik euskeraz jarritzeari
eutsi, naizta mordollokiro. Labur esan: zentzun geiago
bai, nire integriste jauna, zentzun geiago bear euskerak baldin biziko bada, ots, baldin alegia Unamunok jo
zion illetari igesiko badio.
Guzi on ta geiogatik, gizona, datorkit egokienik,
naspilkeri oien nazkak eta ondorenak eta ondakiñak
aurrez gaztigatu zizkigun igarle sakerra.
Alajaña, Unamuno eztala euskaldun, akatsik baditula-ta! ala sinistarazi nai didazu beraz? Beira nire
aldetik, arrazoi analoji berez, zer gomutarazi ta aitorrarazi bearko dizudan: ez batere gutxiago, arranea:
kontu ortan Euskalerria bera re eztala euskaldun!
Unamunori agiri zaizkion minbiziak eta bost are nabarmenago ta ugariago nabari baitzaizkie zazpi probintzietako biztanle agitz geienei (erderaz jardute, euskerari ajolarik eza, maketokeria...), ta beraz Euskalerria
eztugula Euskalerri! ta beraz gaurgeroz eztagola munduan Euskalerririk! ez Euskal Animarik! zure ta nire
moduko ero batzuen kaskotzarrean baizik!... (Zure
integrismuari darion sekuentzi derriorra duzu, gizona;
ondorio bearra, nai baduzu; ez al da bitxi?)
Ez. Ez naiz lotsa, Unamunok ditun bizpairu akats
oien ezker-eskubiak auziratuz beste euskal saietsalde
zindoak emen jasoaz edo jasotzen saiatuaz.
Bada ordu munduak jakin dezan, guretar ospatsuen au eztugula gure kontrako, baizik guretasunaren emaitz dugula; ta ordu dugu baitare gu gerez,
integrismukeriak utziz, bakoitzari dun ona ezagutuz,
euskaltasun zabalenera abia gaitezen, zabalenera!
guziok bat.
Guziok bat! (ala otsegiten zaigu aspaldion): orratx
gaurko euskaldunon elburu ta bearkizun gorriena.
Ortarako ordea anaiarteko tikimikiei amor eman bear
lendanik eta tolerantzi geiena ukan bear lagunurkoekin: onatx, nerantzuke nik, lenbiziko urratsa. Lenbiziko urrats au gabe uts genuke bearkizun ura, «guziok
bat» ura.
Eztedilla beraz mintza gure baitan setakeria, ez
ainbeste kalte dagigun politika sakabanatzallea. Mintza dedilla Abendats, euskotar guziok nolerebait
barru-barruan daramagun eta bakoitza bakoizki tauparazten gaitun Abendats. Orrela bai, nik espero, joko
dugula Unamuno euskal «Bizi Naia»ren zitu ta mandatari.
Nik niketz ezin ixildu izan dut Abendats. Indartsuegi dut nire erraietan ixillarazteko, are indartsuago
neure bakarrez kolkoguduon menderarazteko. Berak
usnarazi zizkidan aspalditxo antzemateok eta agindu
igaz anaiartze au. Argatik diñotzut liburu onen atariataritik:
Ez naiz ni. Abendatsek
diardu nibaitan.
Artxek jartzen dit Miña
biotz ezpañetan...
Asiera batean neure buruari «Abendats» ipiñi nion
izenorde, ta ortara idatzia dago liburu au, neure abizenez agertzerik komeni etzitekelakoz. Azkenera, liburuari berari egotsi diot mito izengaia: «Unamuno ta
Abendats.» Beñola ezin ba egilleari ere berebat egotsi; eta, milla ez-bai buruan erabilli ondoren, nire
ballararenakin gelditu naiz: Iñurritza.
Abendaskiro, bada, au da, maitaro ta gartsuki ta
ausartsuki idatziak dituzu onako antzemate, bururakizun, ikuspegi, biozkadak. Batzutan, billobakiro idatziak; egillea Unamunoren billobetako agertzen zai-
tzunez. Bestetan, gurasokiro; arraza osoaren guraso
Abendats dugunez.
Ez natzaizu beti ordea jardun gaiak eskatzen dun
eragoz eta sailketaz (distribuzioz). Eztare, iñoiz edo
beste beintzat, bear litzaken benatasunez, seriotasunez. Kapituluen izenburuak eurak, testua errezkan
etenik gabe asi ta bukatu ondoren, tarteka sartuak
daude; gaiak, emen banakatzen eta an korapillatzen,
baitijoaz eta dabiltz, sinfoni batean antzo, barruti
batetik bestera jauzika, izkuta-agirika.
Barkagarri bekida aitortzea, beste liburu («Aberriak min dit») aundiago baten itzaurre bezela ekin
nula enseiu edo nik al dakit ze demontre liteken zera
au. Argatik, esan bearko, utsegite oiek.
Utsik aundixkona alare auxe leritzaioke baten
bati: anekdotarik ia batere emen eza. Berariz utzi
ditut biografi batean derriorreko liraken anekdotak,
kronoloji ta beste olako zenbait zertzelada. Liburu au
ezta biografi. Eztu izan nai ere. Bilbotarraren sentikerak eta pentsakerak soilki aztertu nai ditu; edota, zeatzago, beren jokerak, oek duteken euskaltasun aldetik. Gai onekintxe badut aski ta geiegi, arlo berrietara
barreiatzen asi gabe. Iñortxo ontan defrauda eztedin
bada, eta arloa geio ta geio estutzearren, mugatzea-
rren, ipiñi dizut subtitulu: «Bilbotar filosofuaren eta
Euskal Aminaren jokerei antzemate batzuk.» Batzuk.
Ez beraz danak.
Aatik ere, etzagozkidala sinistun Unamunoren
euskaltasunari buruz? Zer egingo zaio, ba. Ez gaitezela aserre, gizona. Gizalegeak oroitzen digu, alkarrekin
anaiki eraman bearrak oroitzen: zenbat buru ainbat
aburu. Ta kristau legeak, aldiz: eztugula jo bear etsaia
etsai, ala agintzen digu, baizik anai; eztiogula arerioari bere etsaitasuna edo aierkera edoski ta eragin bear,
baizik bere anaitasuna, anaitasunik dugun artan.
Iñor guzien aburuak irabazi zai bagaude, jarrai
zagun ezer idazteke, jarrai gure betidaniko gaitzean, J.
M. Barandiaran-ek zorrotz salaturiko gaitz artan alegia: euskaldunok ez omen dugu argitara nai izaten
idazlanik arik-eta au ajegabeko deritzaigun arte, ta
orregatik gelditzen omen gera gutxi edo batere idazteke, ta orregatik ostera ez omen diogu alkarri laguntzen jakingai bat danon artean auzolanez erdiesteko
orduan.
Bestalde, gañera: norgerez pentsatzen dugun
pitintxoa ez al dugu euskeraz ematen asi bear, ia beti
kanpotarren oldozkunak itzultzen baizik ibilli gabe?
Edota, pitintxo ori azaltzekotan, zer dala-ta egin bear
dugu erderaz, Orixe-k diñon «kaikukeriak» askatzeko
bakarrik euskera autetsiz eta erabilliz?
Dana dala, gutxinaz ere, len baño geixago ezagutuko duzu balinbaite «Del Sentimiento trágico» ren
egillea, ta baitare sentimendu ori egilleari senti arazi
zion Abendats. Ta ezta gutxi. Bi-biak baititugu, senitasun ortan, gutxi ta gaizki ezagunak.
Iñurritzak, 1956
OARRA:
Itzaurre au idatzita bi illabeteratsu, Erroma-n Sto.
Ofizioko Kongregazioak «Index»ean ipiñi ditu Unamunoren liburu nagusienetako bi: «Del sentimiento trágico de la vida en los hombres y en los pueblos» eta «La
agonía del cristianismo». Itzaurre ontantxe aurreratu
dugunez, erabaki au ez da batere arritzeko ta bai
beinberriz Eliza Amari gure menpetasuna azaltzeko.
Ni nirez etsi ere naiz, 1955an idatziriko liburu au
baezpadan ez azaltzera. Irakurri didaten apaizek
ordea baietz eta baietz Jainkoaren izenean. Nolanai,
azalduko balitz, ez da izango elizbaimen gabe.
Iñurritzak, 1957
1. BATENBATEN ITZALA BEAR
Gizaseme eldu bati ez omen dagokio negarrez
egoterik. Ala esaten zaigu. Itxusi omen da.
Artara, Erri oso baten literatura beti negar leloan
jardutea nekez jo daiteke zearoko dotoretzat, batbateko gain begiratuan beintzat. Ta auxe gertatzen zaio
Euskalerriari. Auxe, geio edo gutxio, euskal idazle ia
danoi. Elejiz eta plañuz ari gaituzu, euskeraren edo
euskaltasunaren etorkizuna gaitzat artzen degun ala
bider. Itxusi, beraz?
Nik niketz, baezpadan kezka ori uxatzearren, bearreko nizun batenbaten itzala; ta onatx Unamunorena
bekoki-bekokian. Unamuno dakarkizut lauburu. Arroki
dakarkizut, gañera; berariz, itxaroz; aitajaun (padrino)
aukerakoa dudalakoan.
Zuk arrazoiz ez didazu agian barkatuko liburu
ontako negarjotzearen monotoni garratza, gogaikarria, goibela. Aitajaun zorotzar maitagarriak, ordea,
barkatu ez ezik zuzen etsi ta are ederretsi didakelakoan aurkezten natzaizu aren «aur ponteko».
Ta, jakiña, –nola ez pa?– olako, aitajaun andikiak
besotan naramaken ezkero, espero dut bataio txanpo-
nak ere erruz izango dirala gure ingurura makurtzen
dakiten euskaltzale guzientzat. Euskaltzale guziona
bait da pipi au, negar jotze au.
Euskera ta Euskalerri: Euskera zarra ta Euskalerri
zarra: onatx banandu eziñezko bi senar-emazte; biak,
bat orduko bestea, ilzorian. Ta guk ezin ba burutik ken
bizitza atsekatzen digun gertakizun lotsagarri ori. Izu
bakar orretxek zerbeltzen eta zorabiatzen gaitu larriz
eta aldarriz: Iltzen doazkigula –osabiderik, itxaropenik
non?–; ez bekigula gerta olakorik! ez iltzerik! ez iltzerik!... Beti edo ia beti negar asalda bera.
Gogora, bestela, aspalditxoko Arrese Beitia-ren
«Ama Euskerari azken agurrak» eta bere «kantu errikoiak»; Kardaberatz, Sabin, Kanpion, Etxegaray-tarren
oiu lerrenak; Lizardi-ren olerki ta idazlan geientsuak;
Orixe-ren poeman bertan Aralar-eko otoitza, naiz
sarrera deia; Aitzol, Txomin Agirre, Zaitegi, Andima,
Montzon, Jauregi... Nor ez?
Gogora ta azter edozein euskal liburu naiz aldizkari; naiz geron arteko beste zein-nai gizarte solas. Galzori orretxen larrimiña darigu noiznai, etsi eziñik, adi
dagozkigun zenbait kanpotar jakintsu ere doluan
lagun ditugula. Ez dazagut euskal idazle batñorik, izu
espa ori dardaratzen etzaionik, axalez ezpada beintzat barrenez.
1936 ezkero mutildutakuok are okerrago ez ote
gaituzun nago. Galzoria ere are agiñego billakatu bait
da azken urteotan. Guk eztugu ezagun izan eztairik;
alarguntza itunena baizik. Ez, errepublika aldiko askatasunik. Ez, euskaltasunaren orduko berpizkunderik;
illobi beltzaren zemaia ta otzikara baizik. Idatzi re zer
besterik idatzi genezaken arrenkura ta antziña baño?
Akar negion maiz neure buruari: Tira, tira! geiegi
duk orrenbestez. Ez adilla zorabiatu, motell. Itxuraz
joka adi. Urte bakoitzaren kurpillak bezela, bizitzak
ere bear dik udalenik. Ortaraño aztuko duk ba mundu
zabalaren jai ozkarbia? galazi eziñezko ezbearrari
lotuta egongo aiz ba gau ta egun emakumekiro intziriz? Lotsagarri ukek. Setakeri duk. Zentzun geiago,
motell...
Ta akarraldi oiek neure buruari negizkion bakoitzeko, ara zer entzun-iduri oi zitzaidan, abotsa norena
zanik bat-batez konturatzeke: Zer zentzun eta zentzunondo gero! Akar ori, ori, duk emakumekeri. Ziñez
pertsona badanak eztik etsi bear il arte. Ez uka ezergatik norgeretasuna. Eutsi betire norgera izateari.
Eutsi bizitzari. Bizi Nai! deadar santuagorik etzegok.
Deadar ori izan duk, eta izango ere duk, gizadi osoaren, eta enderri guzien, eta bizidun bakoitzaren, espa
ta arnas ta joran ta elburu ta eragingarri ta lege. Norbera izan bakoitza! Beti ni izan. Beti nerau. Nerau
auxe. Nerau gaixo auxe. Gurari ta bearkizun santuen
ori ukatzea bai, ori bai, litzakela itxukeri, kirtenkeri,
arruntakeri...
Nor zan, ordea? Nor ziteken, ordea, euskal elerti
gaixoaren aldezkari ura? Itzik itz Unamunoren itzak
zirat aiek. Unamuno bera? Euskerari eutsi nai ortan
ordea etsai gogorrenetako genun Unamuno. Unamunoren filosofia, «gogo barnea» ote, liburuetatik,
gañezka, zenbait beaztopa gaindituz?
2. UNAMUNO, ALDEZKARI?
Itxaropen ortan jo nizun bere idazkietara. Ta egia,
ortxe-ortxe, alajaña. Nekez topa ziteken beste filosofurik, ez geureen artean ez atzerrikoetan, Unamunok
bezin zinki giar garratz aldarrikatu ditunik norberean
bizi iraun nai dutenen eskubide ta samiñak.
Ederra uraxe! «La cuestión del vascuence» kin otso
larruz eta agiñez eraso ziguna, mundu zabalera azaltzean, geuretako bat genun bere filosofiz, izakeraz eta
sentieraz. Zearoko euskotar ematen zun eta aitortzen
ere zan bere jokera jokaeretan, baita biraoka ta igesika zebilkigunean ere. Bere «yoísmo» edo «ni ta ni»
uraxe re ezin gutarrago ziteken. Ta euskal etsikaitza,
berriz, danok ain garratz sentitzen dugun etsikaitza
bai ausarki agiri zitzaiola! biar edo biarramu lepo
eman bear eta iñondik ez etsi nai ortan, ezetz eta
ezetz.
Ta beste «eureka», aldi berez: Unamunok gure
kontra ditun akar eta aserreak bere filosofiarekin epaitu ta suntsitu zitezken beste iñondiko argumentuekin
baño egoki ta bortizkiago.
Lenbiziko zirrara artan beintzat, Unamuno zeritzaidan gure joran-samiñen erdal abots jatorrena, munduz mundu, erderaz erdera, kondairan gora, Euskal
Aminaren patroi banderadun... Iduripen ote?
Niri bezela zeritzaion nunbait Unamunorixe re.
Baroja, Kanpion, Maeztu tarren euskal jatorria ezbaitu
(!) ondoren, onatx zer ziñon norberagatik, apaltasun
baño egi geiagoz bearbada: «Ta nik, zergatik ez azaldu neure baitako kutixiok? orra ba zer daukadan
buruan sartuta: nire arrazak alegia nigan lortu dula
bere buruaren kontzentzi ta nik auxe adierazten dudala. » Entzun, jatorrago, maixuari berari erderaz: «Y yo,
porqué no he de declararle mis flaquezas? tengo metido en la cabeza que si algo significo es porque mi raza
ha llegado en mí a conciencia de sí misma.»
Eta beste jardurio batean: «Erkideek (paisanoek)
niri egotsiriko irañen ordaingarri, auxe sinista oi dut:
beren illobek egunen batez arrazoi emango didatela»
(1, 399).
Orra ba nun, etsai gogorrentzat geneukana, nun
jeikitzen zaigun bere famaren gorenetik euskotarron
aldeko albistari; ta nun datorkigun, bere bizar zuri ta
guzi, gazteon oniritzi eske. Iduripen ote?
Nik neurez, mutiltzarotixe ukan izan diot sinpati
ezingordea bilbotarrari, bere lumaren kirio ta txinparta berdingabea dala bide. Baita susmo txarrik ere, aldi
berez, ukan izan diot, bere heterodosi ta euskerafobi
badan-eztan ori dala ta.
Orain orratik, orpoz orpo eta liburuz liburu jarraitu
diodan ondoren, bere euskal barne sendo zindoa
antzeman diodan Ezkero, eztidate berealakoan kenduko nik euskaltasun aldetik artu diodan maitasun
anpatu arranditsua ta anaiartze pozti eziñixildua ta
aldi bereko barkapen zabalena –nola ez ba? barkapen
zabalena bai, ez noski bere okerreko irizpideentzat,
baña bai irizpide oien jabearentzat. Kristauok kristau
diranei ta eztiranei barka bearra diegu, geuretzat Jainko barkapena iritxiko badugu. Okergillei barkapena ta
ez okergiteei. Ori dugu lege.
Gure Unamuno! Nai luteke alboerriek beste orrenbesteko gizon bat. «Y qué es lo que es Unamuno esencialmente?», galdetzen du G. de Gandamo'k, bere
«Antología epistolar comentada» n (II, 63). Eta bertan
darantzu, Unamunori berari frasea ostuz: –Pues «nada
menos que todo un hombre.»
Euskeraz nolerebait esan: «Ez batere gutxiago,
alegia: bera beteko gizona.»
3. GERAU, IZENA JATEN

You have read 1 text from Basque literature.