Testamentu zarreko kondaira - 11

irten zedilla.
Il zan, bada, lotsa gorrian emakume baten kolpetik Abimelek biotz-gogor eta odolgiroa, adiñaren
lorean, bere lagun eta adiskiderik andienak ere gorrotatua, eta iguindua.

12. Tola, zazpigarren Jueza
Abimeleken gaiztakeriak Israel guzia gogaitu eta
aspertua zeukaten; eta hura il zanean, begira jarri

ziran, nor izango ote zan, ark egindako kalte andiak,
eta ipiñitako nasketa negargarriak orbaindu eta
zuzenduko zituena, eta bereala autu zuten Tola, Jedeonen illoba, gizon zuzen Jainkoaren bildurrekoa, eta
bere egitekoai arpegi ondo eman ziena. Ogeita iru
urtean Israelko Juez izan zan. Samiren il, eta lurpetu
zuten.

13. Jair, zortzigarren Jueza
Tolaren urreneko Jair izan zan. Onek ere ogeita bi
urtean Israel eraendu zuen, eta Kamonen il zan. Atzeneko bi Juez oien denboran Israeltarrak idoloetarako
eresi gogorrik ez bide zuten agertu: beintzat, Jainkoak
etzien oi bezalako kastigurik bialdu. Jair il zanean,
etzuten bereala aren oñordekorik autu; eta bai idolozaletu, alako eran, non, ez da eder esatea, zer gaiztakeriak egin, eta zenbat jainko gezurrezkori belaunikatu zitzaiozkan; eta mingarriago dana, Jainko egiazko
bakarrari zor zaion agur edo adorazioa emateari ere
utzi zioten. Orduan Jainkoak, Israeltarren gaiztakeriakin txit aserreturik, alde batetik filistintarren, eta bestetik Amontarren eskuan eta mendean ipiñi zituen.

Morrontza gogor onek emezortzi urte iraun zien; eta
bitartean eraman zituzten neke latzak, berandu bederik, begiak garbitu ziezteen, beren gaiztakeria itsusiak
ikusteko, eta Jainkoa Ongille ezin obeagoari egindako
lotsagabekeriak, ezagutzeko. Jarri zitzaiozkan, bada,
beren bekatuen aitormenarekin Jaunari barkazio-eske.
Lenbizian Jainkoak etzien aditu, arpegira emanaz,
lenago ere bein baño geiagotan alako esturasunetatik
atera izan zituela; baña on-egiñak bereala aztutzen
zitzaieztela, eta gogoak zien guzian uzten ziotela: eta
jainkotzat artu zituztenai eskari hura bera egiteko.
Israeltarrak agirake edo erreprensio ain ikaragarri eta
bidezko onegatik etzuten zerbait iristeko ustea galdu.
Berriz eta berriz leiatu zitzaiozkan, beren gaizki-egiña
aitortzen, eta beste edozein kastigu emango bazien
ere, etsai zirkunzidatu gabeko aien mendetik atera
zitzala, eskatzen. Jainkoak oien negarrak eta egiazko
damuaren beste adieragarriak ikusirik, kupitu zitzaiozkan, eta asi zan errukiz begiratzen.
Amontarrak urteoro etorri oi zitzaiezten, nai zituzten laburtasun eta txarkeriak egitera; eta Jainkoak
lagunduko zielako artu zuten uste onarekin prestatu
ziran, arpegi emateko, lenagoko urteetan bezala, nai
zutenik egiten, utzi gabe; baña buruzai eta giatzallerik

etzeukaten; etzuten, alabañan, Jairi oñordekoa emateko konturik izan, eta urte askoko iñoren mendean
egoteak etzien mesede andirik egiten, bear bezalako
gizon bat erraz arkitzeko. Estura larri onetan, bada,
langai onetara bildu ziran Prinzipe guziak esan zuten,
Amonen kontra lenbizi arpegia agertu, eta erasotzen,
asten zana, buru eta agintari izango zala. Gauza ain
balio andikorako aukera egiteko artu zuten era au, txit
egokia ez bide zan; baña Jainkoa zebillen, noski, argiegiten; ondoreak, beintzat onak izan ziran.

14. Jepte,
bederatzigarren Jueza.
Abesan, amargarrena.
Ahialon, amaikagarrena.
Abdon, amabigarrena
Esan dan eran Jepte Juezetako autua izan zan.
Borta zan; baña bere aitak semetzat ezagutu, eta bere
etxean azia. Aita il zanean, anaia bidezkoak edo
matrimoniokoak etxetik bota zuten, esanaz, aitaren
ondadean zer egiñik etzuela. Jepte nora bildurik etzue-

la ikusi zanean, Manasesko bazter Tob zeritzan batera
joan, eta emen bizi zan. Berez gerrarako griñatua eta
bulardetsua zan, eta non-naikoa, inguru aietan ere
baziran gizon zer galdu-gorde asko etzutenak, eta lenbizi agertzen zan lanari eltzen ziotenak. Oiek, bada,
Jepteri batu, eta zerraizkion, beren Errege bazuten
bezala. Jeptek esan zien, gogoak ematen ziola, aiek
nai izatera, Amontarren lurrera joan, eta Israeltarren
etsaiak ziralako, erasotzea. Baiezkoa bertatik eman
zioten: eta Amontarretara bat-batean sartu, eta alzituzten abere eta ondasunak arturik, beren tokira
itzultzen ziran, ostera ere berritzeko asmoan.
Jepte langai onetan zebillen egunetan, Masfaten
zeuden, agintari bat, esan dan eran, autu bear zala,
erabakitzen; eta jakin zutenean, Jepte asi zala, Amontarrai erasoak eman eta sarrerak egiten, ezagutu
zuten, auxe zala, Jainkoak Israeltarren burutzarako
zeukana. Gizonik elduenak eta nagusienak bereala
Tobera joan zitzaiozkan, Masfaten bilduta zeuden
armadunen agintean jartzeko, esatera. Mandatari
oien artean arkituko ziran, Jepteren anaia etxetik
atera zutenak ere; beintzat, esan zien, ea aiek etziran
lenago gorrotoz begiratu ziotenak? Baña kejura oiek

aintzat artu gabe, eskatu zioten, arren, aiekin joan
zedilla, Israelko buru izan bear zalata.
Jepte Israel guziaren agintean jarri zanean, agertu
zuen odolik isuri gabe auzoakin pakeak egiteko eresia;
eta Israeltarrai ainbeste erakusten zieteen etsai zittal
eta dollorrai, legez eta bidez eraso bazizaieketean
ere, Amontarren Erregeari oparik obenarekin mandatariak bialdu ziozkan, pakean egoteko bideak adieraztera; baña Amontarren Erregeak etzituen gaztigu oiek
aintzat artu, eta bere asmo galduakin gelditu zan.
Bien artean desberdintza andia zegoan. Amontarren
Erregeak armadun asko, eta ondo trebatuak zeuzkan;
eta Jeptek gazte gaitz-ikusi gabeko banakak baizik
etzituen: ala ere Jeptek ezaguturik, garaipena, ez
armadunen kopuruan, ezpada Jaunaren laguntzan
zegoala, etzan bildurtu: eta Jainkoa obeto irabazteagatik, egin zion promes bat, gero estura larrian ipiñi
zuena. Jainkoari esan zion, baldin Amontarrak eskuratzen baziozkan, bere etxetik ongietorria egitera,
lenengo irteten zitzaiona, zana zala, holokaustoan
eskeñi edo ofrezituko ziola. Promes au eginda, bereala bere armadun banaka eta trebatu gabeakin joan
zan; Amontarrai eraso zien; eta ogei erritan txit asko

il zituen, eta Amonen semeak Israelenaen eskuetan
erori ziran.
Garaipen onen pozez Jepte etxeronz Masfatera
bazetorren, eta bere etxekoetatik lenbiziko bere alaba
bakarra aurkeztu zitzaion, alegranza andian, eta
soñua joaz dantzan, zeña ikusi zuenean, soñekoak
urratu zituen, ziola: Ai ene alaba! Zuk esturan ipiñi
nazu, eta zerori ere jarri zera, zeren Jaunari itzeman
diodan, eta beste gauzarik ezin dezakedan. Aita
nerea, alaba on biotz andiko onek erantzun zion, aita
nerea, Jaunari itzeman badiozu, nizaz egizu, promestu
dezun guzia, etsaia garaitu eta kastigatu dezun ezkero. Gauza baten eske nagokizu; zere baimena indazu,
basora joan, eta lagunakin nere garbitasuna bi illabetean negartzeko. Aitak esan zion, zijoala; eta bi illak
egin zituenean, aitagana etorri, eta onek bere promesa bete zuen.
Lenago esan da, batek aurrik ez izatea, Israelen
txit lotsagarria zala, zeren bere odoletik Mesias sortzeko usteak galtzen zituen, eta oroitze onek aita naigabez bete, eta alabari negar eragiten zion. Egia da,
Israelko donzellak jakin bazuten, Mesias au, emakume
baten sabelean, osotasuna galdu gabe, sortuko zala,
Jepten alaba on onek negar egin, ez ezen, txit poztu-

ko zala, bere aitak Jainkoari eskeñi ziola, jakitean.
Mirari au ezagutzen etzuten, eta birjiña gelditzea lotsa
anditzat bazeukaten ere, promestua aitak egin zuen:
Jaunari eskeñi zitzaion; beti garbi izateko itza eman
zion, eta zintzo gorde zuen, neskatx onen irmotasun
eta bertute ederrak Israeltar guziak arritzen zituela.
Jepteri, alaba bakarra ezkontzaka geldituta, bere
odoletik Mesias sortzeko uste guzia galtzeak zein ere
atsekabe andia eman zion, are andiagoa artu zuen,
arkitu zanean, ez etsaien, ezpada Israeltarren odola
isuri bearrean. Efraintarrak ziran onetarako bidea
ematen ziotenak. Efraintarra Jose Patriarkaren jatorrikoak ziran, eta alde onetatik arroturik, uste zuten,
gauza guzietan iñor ez bezalako eskualdiak bear zituztela. Beretakoa ez beste edozeñen ona ezin eraman
zuten. Jedeoni bere aldian buruauste andiak eman
izan ziozkaten; eta Jepteri ere arrokeria andian aurkeztu zitzaiozkan, arpegira emanaz, ea zergatik aiek
gabe Amontarrai eraso zien? Jeptek eraz erantzun
zien, eta bere eginbidea garbituaz; alperrik ordea.
Gerra nai zuten, eta eraso zioten. Jeptek ain ondo
jakin zuen arpegi ematen, non, aurkeztu zitzaiozkanak
abarrakitu, eta ondatu zituen. Egun bat bakarrean
berrogeita bi milla Efraintar il ziran. Ilkintza onekin,

eta Amontarrai egin zienarekin, Israel pake onean
ipiñi zuen.
Geroz bizi izan zan, pake au gordetzeko alegiñak
egiten, Israeltarrak idoloetara erori gabe, kontu
artzen, eta Jainkoa berak ondo serbitu, eta besteai
serbierazotzen. Sei urte agintean eginda, il zan, eta
zegokion eran lurpetu zuten.
Amargarren Jueza Abesan, amaikagarrena Ahialon, eta amabigarrena Abdon izan ziran. Jepteren
ondoren iru oiek, nor bere aldian, Juezetan sartu ziran,
zeintzuek, iruren artean, ogeita bost urte igaro zituzten. Oiekgatik beste zer esan andirik ez degu.

AMALAUGARREN IRAKURGAIA
1. Sanson, amairugarren Jueza
Abdon ilda, bereala Israeltarrak Jaunaren aurrean
gaizkia egin zuten; au da, Jainko gezurrezkoak adoratu zituzten, eta Jainkoak kastigutzat filistintarren mendean ipiñi zituen. Israeltarrak len ere filistintarren
mendean egon ziran; baña Samgar eta Jeptek aien
azpitik atera zituzten. Geroz etziran filistintarrak esturasunik ematera atrebitzen. Baña ikusi zituztenean,
beren gaiztakeriakgatik Jaunaren aserrean erori zirala,
asi ziran berriro nekaerazotzen, eta eunda berrogeita
amar urtean, gitxi gora-beera, etzieten pakean utzi;
eta Israeltarrentzat akullurik zorrotzenak berak izan
ziran. Orregatik emen esan dezagun, filistintarrak zer
ziran.
Oiek etziran kanaantarrak, ezpada anziñaeran
Ejiptotik etorritako jatorriak, zeñak kanaantarrai itsasondoan lur-zati bat kendurik, bost ballera edo Probinziatan zabalduta, beren bizimodua ateratzen zuten.
Bost ballera oietan, nork bere Prinzipe edo Satrapa

zeritzatenak, buru zituztela, beren gañ eraentzen
ziran; baña kanpokoakin despita edo aserrerik bazuten, elkartu eta bat-egiten ziran. Israeltarrak Kanaanen sartu ziranean, bost ballera oietatik iru beretu
zituzten, eta beste biak ere bai bear, zeren Jainkoak
Israeli agindutako lurra zan; baña Jaunaren esanaren
kontra, kanaantarrak beren artean utzi zituzten gisan,
filistintarrai ere leku eman zieten. Gero beste iru ballerak ere galdu zituzten; eta oiek luzaro Israeltarren
etsairik gogaikagarrienak, eta nekagarrienak izan
ziran.
Aldats egiten da, filistintarrak Israel mendean zeukatela sinistea, kontrara gertatu bear bide zanean;
bada, filistintarren bazter guzia, Israeltarren amargarren zatia etzan: beragatik Israeltarrak eun milla gizon
aisago ipiñi zitzaketen, filistintarrak amar milla baño:
ala ere, Israeltarrak jainko gezurrezkoetara eman
ziran ezkero, Jaunaren laguntza, galdu zuten; bildurti
egin, eta makaldu ziran, eta ezertarako kemenik etzuten. Filistintarrak Israeltarren izaera au kontuan
artzen zuten, nai zietena egiteko. Guziaz ere, Israelen
baziran anima on eta Jainkoari bildur zitzaiozkanak,
eta biotzak zeruronz zuzendurik, Jaunari eskatzen ziotenak, arren, errukiz begiratu, eta mendetasun lotsa-

garri artatik atera zitzala. Jainkoak eskari on oiek
entzunik, eman zien libratzalle bat, Sanson zeritzana,
eta Israelko amairugarren Jueza.
Sanson ain ots andikoa, guraso on eta Jainkozkoen
semea, Saraa-ondoan jaio zan. Gurasoak aur gabe
luzaro bizi izan ziran, eta amak aurrik izateko uste
guziak galduta zeuzkanean, Aingeru bat, gizonaren
antzean, aurkeztu zitzaion, eta itzegin zion onela: Leorra zera; baña seme bat izango dezu; ez edan ardorik,
eta ez sagardorik, ez eta gauza loiturik ere jan, zeren
egingo dezun seme bat, ganibitak buruan ukituko ez
diona, au da, illerik ebakiko etzaiona: bera asiko da,
filistintarren mendetik Israeltarrak ateratzen.
Aingeruak, itzaldi au eginda, bereala aldegin zuen,
eta senarrari emaztea joan zitzaion, zer gertatu
zitzaion esatera: esan ere bazion, galdetu ziola, zein
zan, nondik zetorren, eta nola zeritzan; baña galdera
oiei etziela erantzun, semedun egingo zala baizik.
Orduan Manue senarrak Jaunari eskatu zion, mandatari bera berriz ere bialdu zezala, aur jaiotzekoarekin zer
egin bear zuten, erakustera. Jainkoak eskari au entzunik, emazteari agertu zitzaion, eta korrika joan zan,
senarrari esatera. Senarra bereala Aingeruari aurkeztu, eta galdetu zion, ea aurrarekin zer egitea nai

zuen? Erantzun zion, etzezala aurrak ardorik eta
sagardorik edan, ez gauza loiturik ere jan, eta emazteari esandako guzia, egin zezala.
Manuek erregutu zion, antxume bat erre artean
itxedoteko. Aingeruak erantzun zion, alperrik leiatuko
zitzaiola; bada, etzuela jango; eta nai bazuen, Jaunari
eskeñi zizaiola. Manuek etziekien, itzegiten ziona Aingerua zanik, eta galdetu zion, nor zan? bada, jakintsu
egon nai zuela, ark ziona gertatzen bazan, bere eskererakutsia egiteko. Zertako nere izen miragarria jakin
nai dezu? Aingeruak esan zion. Manuek antxumea
arri-gañean bere errekiñakin ipiñi zuen, Jainkoari
ofrenda hura eskeñtzen ziola; eta su emanda, garra
gorontz abiatu zanean, Aingerua garretan sartu, eta
igo zan. Begira zeuden senar-emazteak, mirari onekin
arriturik, auzpez jarri ziran, eta etzuten geiago iñor
ikusi. Orduan ezagutu zuten, gizontzat zeukaten itzlea
Aingerua zala. Manuek bereala larritasun guziarekin
emazteari esan zion, il bearrak zirala; baña emazteak
lasatu zuen, esaten ziola, baldin Jainkoak il nai izan
balitu, etzuela aien ofrenda onetsituko edo ontzat
artuko, ez eman ere etorkizuneko berriak. Lenago
esan zan, Israeltarren arteko sinismea zala, Aingeru

bat ikusi ezkero, bereala il bear zala; argatik Manue
larritzen zan, eta emazteak lasatu zuen.

2. Sansonen lenengo ezkontza
Egiaz, emazteak uste oso-osoa zeukan bezala,
mundura zuen seme bat, Sanson zeritzana, eta azi ere
bai, bere bularrean, eta Jainkoak bedeinkatu zion.
Emezortzi urte zituenerako, Jainkoak biotz, gauza
andietarako, sendo eta indartsua eman zion. Orduan
Tamnata, Efraingo erri batera, egin zuen joan batean,
ikusi zuen filistintarren alaba bat gogoan sartu
zitzaion, eta etxera zanean, gurasoai agertu zien neskatx arekin ezkondu-naia; baña gurasoak erantzun
zioten, ea beren aide edo errikoetan neskatxik etzan,
filistintar zirkunzidatzakaetara joan gabe? Sanson
aitari leiatu zitzaion eresi berarekin. Gurasoak etziekiten, lan artan Jaunaren eskua zebillenik, eta semeak
filistintarrak ondatzeko bidea billatzen zuenik. Geroenean artara jarri ziran; eta Tamnataronz gurasoak
semearekin abiatu ziran, eta erri-ondoko mastietara
ziranean, leoi gazte portitz bat irten zitzaien, orroika;
baña Sansonen biotzean Jaunaren indarra sartu zan;

leoiari itsatsi zitzaion, eta antxume bat bezala, txikitu
eta zeatu zuen, gurasoak oartu gabe; etzien esan ere,
zer egin zuen. Errira ziranean neskatxari itzegin zion:
gurasoak semearentzat eskua eskatu zioten, eta
baiezkoa artutakoan, gurasoak eta semea itzuli ziran,
emazte-gaiaren etxean egin bear ziran eztaietarako
gauzak prestatzera.
Egun batzuen buruan Tamnataronz, ezkontza egitera, bazijoazen; eta Sansonek gurasoetatik aldegin,
eta lenagokoan il zuen leoiari, begiratu zion, eta ikusi
zuen bere aoan erle-samalda andi bat, abaraskak
eginda. Abaraska bat arturik, bazijoan gurasoetaronz,
jaten, eta oiei ere eskeñi zien, nondik artu zuen, esan
gabe. Errian sartu, eta Sanson, aitatu dan neskatxarekin, ezkondu zan.
Onelako egunetan oituraz ezkon-berrien aideak
elkargana bildutzen ziran, eta ezkon-ondoko zazpi
egunak poz eta olganzan igarotzen zituzten. Bildu
ziran, bada, Sansonenak eta bere emaztearenak ere.
Sansoni errikoak eman ere baziozkaten ogeita amar
mutil gazte, egun oietan lagun izan zitzan. Berebat
oitura zan, gauza illun eta estaliak nork asmatzen
zituen, aritzea, era onetan adiñak edo entendimentuak askatu eta argitzeko. Sansonek oitura au ere

gorde nai izan zuen, eta bere ogeita amar lagun gazte
aiei esan zien, baldin ark esandako itz batzuek zer
adierazten zuten, asmatzen bazuten, ogeita amar
izare edo maindire, eta ogeita amar soñeko emango
zieztela; baña asmatzen ezbazuten, beste ainbeste
izare eta soñeko berari eman bearko ziozkatela. Filistintarrak bazeritzaten, gai onetan zerbait bazirala, eta
guzien aurrean erantzun zioten, gauza isill asmakai
hura esan zezala. Ara, bada, Sansonek esan zien:
Jaleagandik janaria irten zan, eta sendoagandik
gozoa: asma ezazute.
Filistintar gazteak lenengo iru egunetan buruak
austeko ibilli ziran, ezin asmatuz. Sansonen emaztea
ere beartu zuten, bere senarragandik isillik jakiteko,
batean loseintxa, bestean negarrez alegiñak egitera;
baña Sansonek etzien ezer esan nai. Ondorengo egunetan ere, bai gzteak, eta bai emazteak, lan berean
jarraitu zuten; baña alperrik; etzuten ezer aurreratzen. Zazpigarren egunean gazteak emazteari esan
zioten, baldin senarrari ezbazion agertuerazotzen,
asmakai ark zer esan nai zuen, etxeari su eman, eta
bera bere aitarekin erreko zutela.
Emaztea Sansoni negarrez zegokion, ziotsala;
maite ez nazu: iguin nazu; orregatik, nere erriko gaz-

teai ipiñi diezun asmakaia agertu nai ez didazu. Sansonek erantzun zion, ea bere ait-amai esan nai etziena, ari esango zion? Atzenean ere emaztearen negar
eta espak ain miñak izanik, bere isill-gauza agertu
zion. Aditu bezain laster, gazteai kontu ematera joan
zitzaien. Gazteak atzeneko egunean, eguzkiak aldegin
baño lenago, Sansoni, berak asmatua bezala, esan
zioten: zer gauza gozoagorik eztia baño, eta sendoagorik leoia baño? Ah! Sansonek erantzun zien; ezbazenduten nere txalarekin goldeatu, asmatuko etzenduten; esango bazien bezala: nik izan ezbanu, pakerik
ematen etzidan emazte bat, edo zuetakoa, asmatuko
etzenduten; beragatik ez dezute saririk irabazi; ala
ere apustuan esana, emango dizutet.

3. Sansonen bigarren
ezkontza
Sanson Israelko Juez, eta Israeltarrai beren eskualdiak eta pakea emateko, Jainkoak aututa zeukana
zan, eta Jaunaren indarrez sendoturik, Azkalon zeritzan Erri-burura joan, eta kontu-artzen zeuden soldaduai eraso, eta ogeita amar gizon il zituen, zeñaen

soñekoak arturik, gazte asmatzalleai eraman ziezten,
eta bere aitaren etxera itzuli zan. Emazte desleialak
ikusi zuenean, senarrak aldegin ziola, oso betiko utzi
zuelakoan, ogeita amar gazte aietatik batekin ezkondu zan. Egun batzuen buruan, itaite edo gari-ebakiteetan Sanson emaztea ikustera joan zan, antxume bat
berekin zuela; baña gelara sartzean, aitagiarraba irten
zitzaion, eta gelan sartzeko lekurik etzion eman, ziotsala, betiko utzi zuelako ustean, alaba adiskide bati
eman ziola; baña etzala ansi; gazteago eta ederrago
bat bazuela, eta onekin ezkondu zitekeala. Eginbide
onekin Sanson txit aserretu zan,eta ordutik erabaki
zuen, filistintarrai zezakean kalte guzia egitea, eta
egin zioten saldukeria nozierazotzea. Sanson etzegoan, lengo Juezak bezala, gizon-samaldakin, ezpada
bere indar utsakin, erasotzeko, autua. Itaitetako egunak ziran, eta besteri ez bezalako kalte-egiñera bat
gogoratu zitzaion. Sansonen alderdian azeriak txit
ugari eta asko ziran: irureun eskuratu edo atzitu, eta
ipiñi zituen biñaka, elkarri isatsak lotuta, illeti sutu
bana erdian zutela. Onela larrañ eta mastietara bialdu
zituen; eta zenbat azkarrago joan, anbat geiago illetiak irazekitzen ziran, eta azeriai min ematen zieten.
Gisa onetan or-emen zebiltzala, gari guziak, ebaki, eta

ebaki gabeak, sutu zituzten; mastietara ere sua zabaldu zan; eta ordu gitxiren epean bazter guziak erre eta
kiskaldu ziezten. Filistintarrak jakin zutenean, nork eta
zergatik kalte andi hura egin zien, Tamnatara joan,
eta emazte eta onen aita erre zituzten. Sansonek gaztigatu zien, aiek lanbide au egin arren, etzuela eskua
atzeratuko, al-zan kalte guzia egin gabe. Gero asko
gizon il ziezten, eta gañerakoak osotoro izututa ipiñi
zituen.
Sanson lan onen ondoren leku ezkutu batera joan,
eta filistintarrak beren onera ziranean, Sansonen
billan abiatu ziran. Soldadu-talde andi bat bildu, eta
Judako alderdira joan ziran. Judakoak ainbeste gizon
etxean ikusi zituztenean, bildurrak eman zien, eta
ezaguturik, Sansonen eske zijoazela, berak jarri ziran,
Sanson filistintarrai ematera, beren buruak onela gordetzeko. Iru milla Israeltar elkar-arturik, Sanson gordeta zegoan lekura joan, eta esan zioten, ea ala aserrerazotzeko kalteak zertako egin ziezten? Sansonek
erantzun zien, berari egin ziotena, ordaintzea baizik
etzuela egin. Israeltarrak esan ziotenean zertara zijoazen, ez iltzeko itza kendu zien. Soka lodiakin lotu, eta
ezkutuan zegoan leize-zulotik aterarik, eske zebiltzanen eskuetan ipiñi zuten.

Filistintarrak ainbeste kalte gogorren egillea mendean artu zutenean, txit poztu ziran; baña gozoa laster mindu zitzaien. Sansonek, lotuta zeukaten soka
biak, ari ustel bat zezala eten zituen: an bertan sortu
zitzaion asto baten matrall-ezur batekin, lenengo ukituan milla filistintar il zituen, eta gañerakoak, al-zuten
tokira, igesi joan ziran. Sanson etsai gabe arkitu
zanean, lurrean etzan zan. Bere atsedenean zegoala,
egarriak eman, eta etsaien eskuetan eroriko zan bildurrak artu zuen. Esturasun onetan zeruronz begiak
ipiñirik, Jainkoari esan zion: Zu zera, ni zure serbitzari
onen bitartez, garaipen andi au irabazi dezuna; baña
jauna, egarriak itotzen nauka, eta nere etsaien eskuetan erortzeko zorian nago. Jainkoa etzegoan Sansonez
aztuta. Bereala matrall-ezurreko agin batean iturri
eder bat sortu, eta emengo ur gozoarekin egarria kendurik, bizkortu zan. Mirari onegatik geroz leku oni
Matrall-ezurraren iturria zeritzan.
Filistintarrak etsi zuten, Sansoni indarrez ezer egiterik etzegoala, eta artu zuten itsumustuan edo saldukeriaz galtzeko asmoa, eta beti aren ibillien zelatari
zebiltzan, era ona topatzeko. Denbora gitxiren buruan
Sanson Gaza zeritzan errira joan, eta ostatu batean
sartu zan. Berri au erri guzian bereala banatu zan.

Etxea soldaduz ingurutu, eta erriko atean kontuartzalleak ipiñi zituzten, biaramonean, etxetik irtetean,
iltzeko. Sanson, galbide onen kontu gabe, lo zetzan,
eta gau-erdian esnatu zanean, etxetik irten zan, iñor
oartu gabe, edo, beintzat, ezer esatera, iñor atrebitu
gabe. Erriko atera joan, eta itxia arkitu zuenean, atea
bere albo, buru, morrollo eta ubalakin sorbaldan artu,
eta zama andi arekin mendi-gañera igo zan. Ateko
kontuartzalleak ditxa anditzat zeukaten, gizon izugarri
hura aiezaz oartu gabe, bere bidean joatea; eta errikoak biaramonean atea mendi-gañean ikusi zutenean,
jarri ziran, Sansonez zer esan etziekitela, eta Jainkoa
gizon-antzean, edo gizon utsa ote zan zalantzan.
Gorputzez etzan besterik baño geiagoa. Etzuten
ikusten Bazango Errege Og, lau kana eta erdi luze, eta
bi zabaleko oia bear zuen, denbora bateko Zentoi edo
Jigantea bezalakoa. Ala ere, egiten zituen indarrezko
lanak, berez ezin zitzakeanak ziran; eta pensatzen
zuten, bazuela ezer isillen bat, alako indarrak ematen
ziozkana, eta aien eresi guzia au jakitea zan. Onetarako bidea zorigaitzean laster eratu zitzaien. Sanson,
Gazako atea mendira eramanda, gero auzoan zegoan
Sareko ibarrera joan zan. Emen bizi zan Dalila zeritzan
emakume filistintar bat, zeñarekin adiskidetasunak

egin, eta emaztetzat artu zuen, San Jeronimo eta San
Juan Krisostomoren iritzian, Eskritura Santak, maite
zuela baizik, esaten ezbadigu ere.
Filistintarren bost Prinzipeak, Dalilarekin Sansonen arteko adiskidetasuna jakin zutenean, Dalilari etorri zitzaiozkan, esatera, baldin Sansoni ateratzen
bazion, zerk alako indarrak ematen ziozkan, dirutza
andiak saritzat emango ziozkatela. Dalilak, eskatzen
zutena egiteko itza, eman zien. Sansoni bereala galdez asi zitzaion, ea zerk ala indartsutzen zuen, eta
zerekin lotu zitekean, indarrik ez egiteko? Sansonek
erantzun zion, ede-larruz edo este berriz egindako
lokarriakin lotutzen bazuten, etzala besteak baño
geiago izango. Andre desleialak bereala filistintarren
Prinzipeai gaztigatu zien: isillik beren zazpi sokakin
etorri ziran; Dalilak lotu zuen; eta filistintarrak etxeko
bazter batean gordeta zeuden, lanbide hura zertan
gelditzen zan, edo nola irteten zan, ikusteko. Dalilak,
bada, Sansonek egia esan ote zion, jakiteko, deadar
egin zuen: Sanson, filistintarrak gañean dituzu. Sansonek, ots onetara, sokak mullo-ari samur bat bezala,
eten zituen, eta edozeñi gogor egiteko eran jarri zan.
Dalilak bere espak agertu ziozkan, egia esan etziolako. Berriz ere eskari berean leiatu zitzaion; eta San-

sonek esan zion; baldin zazpi soka ezertan erabilli
gabekoakin lotuko banindute, beste gizonak bezala,
aul geldituko nintzake. Dalilak, leneko aldian bezala,
oraingoan ere egin zuen; baña alperrik: Sansonek
sokak eten, eta bere indarrakin gelditu zan. Dalilak
lenago baño ere espasun geiagorekin gezurra arpegian eman zion, esanaz, bein edo bein agertzeko
eskatzen ziona. Sansonek gogaika eta aspererazo
naiez, berriz ere esan zion, baldin illea zazpi txirikordatan ipintzen bazion, eta ilze batekin lurrean josi,
indar gabe geldituko zala. Sanson lo zetzala, esan
guzia Dalilak egin zuen: baña otsetara esnatuta,
burua dantzatu utsarekin, len bezala jarri zan. Oraingoan Sanson bere ondamenera asko urreratu zan:
illeen aitamenik etzuen egin bear, zeren indar guzia
oietan zeukan; baña sarera ez-arian zijoan, gero osotoro erortzeko.

4. Sansonen menderatzea
Aldi onetan Dalilak alegin guziak egin zituen, Sansoni agerterazotzeko. Esan zion, ondo ezagun zala,
asko nai etziola: iru aldiz etzana esanda, engañatu

zuela. Beti negarrez zegokion. Sansonek asko zeraman, ez esan naiez: baña atzenean Dalilaren leia
gogaikagarriak easan, eta biotza txit illundu zitzaion.
Orduan emakume zorigaiztokoak berea egin zuen, eta
soldadu-talde andiak menderatu ezin zutena, azpiratu
zuen. Sansonek agertu zion, beregan beti gorde bear
zuena, esanaz: Nere buruan egundaño ez da burnirik
jarri, zeren nazarenoa naizan, au da, amaren sabeletik Jainkoaren serbitzorako eskeñia: illea ebaki ezkero,
indarrak iges-egingo liket, eta beste gizonen gisan,
aul izango nintzake. Dalilak Sansonen itzketa onetatik
ezagutu zuen, nai guzia ateraerazo ziola. Filistintarrai
bereala gaztigatu zien: oiek etorri, eta ezkutuan jarri
ziran; baña Sansonen zazpi txirikordak ebaki, eta
burua moztutzeak zer egiña zeukan: bildurtzen ziran,
alabañan, gogoratzean, zer zerabilten Sanson oartzen
bazitzaien, Dalila eta onek erakarritako filistintarrak
lenbizi ondatuko zituela. Irrisku gabe guzia egiteko,
bazkari andi, lo-belarrez ondo koipetua, maneatu zion,
eta jan zuenean, lo pisu batek artu zuen, eta Dalila
illea moztu, eta burua garbi-garbi utzi zion. Gero,
beste aldietan bezala, ots-egin zion: Sanson, filistintarrak gañean dituzu. Egiaz, filistintarrak gorde-lekutik
irtenda, eskuak ezarri ziozkaten, eta len bezala, bere

burua gorde, eta etsaiak galdu naiez, asi zanean,
indar gabe arkitu zan.
Kateakin bereala lotu zuten, eta beste lanetara
baño lenago, bi begiak atera ziozkaten. Onela burniz
ondo loturik, eta begiak gabe, Gazara eraman zuten,
ikusi zezaten, erriko ateak mendira eraman zituen
gizon indartsua menderatuta. Zer neke eta aztapoak
bidean, eta isekak eta farrak errian eraman bear izan
zituen jakitea eta esatea, erraz ez da. Zar eta gazteak,
andi eta txikiak, gizon eta emakumeak elkarren leiean
zijoazkion zirikatu eta nekatzera. Sansonen eramankizunak etziran onetan gelditu. Itxian sartu, eta ipiñi
zuten, astoa balitz bezala, errotarriari eragiten. Filistintarrak garaipen onen izenean pesta andiak egin
zituzten. Baña lenengo egunetan egindakoak bear
ainbat etzeritzatelako, erabaki zuten, jende guzia
batu, eta pesta guzizko bat geroago egitea. Onetarako bear ziran prestamenak egin, eta illabete batzuen
buruan Prinzipe, andizki, eta gañerakoak Gazara bildu
ziran. Dagoni ere agur-egin bear zioten, eta lan onetarako jainko gezurrezko onen elizan sartu ziran. Onen
bazter eta zulo guzietan etzan jendea baizik ikusten;
jan-edanak baizik egiten. Guzien poza eta atsegiña
osotzeko, Sanson eraman zuten, nai zuenak nai zituen

iseka eta farrak egiteko. Sansoni buruko illeak ordurako azi zitzaiozkan, eta bere indarretan sartzen zijoan,
filistintarrai gogoak ematen ezbazien ere. Elizak erdierdian zituen bi pillare, estali eta eliza guziari eusten
ziotenak. Oien bitartean Sanson ipiñi zuten, isekaz
ondo asetzeko: eta beren bidegabekeriakin gogaikaeragin ziotenean, itsu-aurreko egiten zuenari esan zion,