Testamentu Berriko Kondaira - 05
karrikaetara bere-bereala zoaz, eta ekarzkidazu
agiri diran beartsu, argal, itsu eta erren guziak.
Morroia joan zan; topatu guziak etxera eramanda, maiean ipiñi zituen; eta nagusiari esan zion:
Zuk agindua egin det, eta oraindik toki geiago
ere badago. Nagusiak esan zion: Bide eta estrataetara zoaz, eta agiri diran guziak sar-erazo
itzatzu, etxea bete dedin. Egiaz diotsuet, lenago
deitutako gizonetatik batek ere nere afaria ez
duela ukituko.
Orra zer epai izugarria Jesusek gizon afari
emalle aren aotik eman zuen, bere dei amoriotsuai belarriak itxita, legea zintzo ez gordetzeko
aitzaki billan dabilzan bekatarien kontra. Baserria erosi zuenak andinaiekoak adierazten ditu;
uztar-ididunak diruzaleak, eta ezkonduak aragikoi edo lujuriotsuak, iru gaitz Jaunaren Eztai betikoetan eseri gabe zenbat anima gaxo uzten
dituztenak.
13. Seme ondatzallearen
parabola
Jan ondoan Jesus etxetik irten eta bere ikasleakin Galilearonz joan zan. Jendeak bereala
inguratu zuten, eta asi zitzaien esaten zein poz
andia bekatari baten ondutzearekin Jainkoak
artzen zuen. Eta au obeto adierazteko, beste
gauza askoren artean esan zien seme ondatzallearen parabola edo ipui au. Gizon batek bi
seme zituen, eta gazteena aitari senipartearen
eske jarri zitzaion. Aitak bi anaiai, nori bere zatia
eman zien, eta gazteena berearekin urrutietara
joan, eta gauza guziak ondatu artean gaiztakeriatik gaiztakeriara ibilli zan. Denbora onetan,
alderdi aietan gosete andi bat sortu zan, eta
seme ondatzalle oni ere ukitu zion. Bere burua
ezer gabe ikusi zuenean, jango bazuen, morrontzan jarri zan, eta nagusiak txerri-zai ipiñi zuen.
Ain izaera errukarrira iritsi zan, non txerriai
emandako ezkurrak ere pozik jango zitukean;
baña etzion iñork ematen, eta berak ere eskurik
etzuen, txerriai kenduta jateko. Kontuan jauzi
zan, eta zion: Zenbatek nere aitaren etxean ogia
naroro jango dute, ni emen goseak iltzen naukan
bitartean! Nere aitari joango natzaio, eta esango
diot: Aita, gaizki egin det Zeruaren kontra eta
zure aurrean. Ez naiz zure semetzat idukitzeko
diña: zure morroitzat artu nazazu. Au esan, eta
bideari ekin zion. Etxera alderatu ere baño lenago aitak ikusi zuen. Aita onari, semea erreki
artan ikustearekin biotza erdiratu zitzaion, eta
bidera irtenda, besoak egotzi eta laztandu zuen.
Ai, ene aita maitea! seme lotsaz beteak, malkoak zeriozkala, deadar egin zuen: Ai, ene aita biotzekoa! gaizki egin det Zeruaren kontra eta zure
aurrean. Zure semearen izenik ere merezi ez
det. Aita amorioz beteak bereala morroiai esan
zien: Zoazte, eta soñekorik onena ekardazute;
janzi, erraztuna beatzean sartu eta oñetakoak
ipiñi zaiozkazute. Txal guri-guri bat il, eta bazkaria prestatu ezazute; bada, seme au illa zan, eta
biztu da; galdu zan, eta agertu da; eta guziak
maiean jaten jarri ziran.
Seme zarrena garai onetan kanpoan zan, eta
etxe-ondoratuta ain poz andiko soñuak aditu
zituenean, morroi bati galdetu zion ea zer zan.
Erantzun zionean zer gertatzen zan, aserretu
zitzaion, eta etxean sartu ere nai etzuen. Baña
aita oartu zanean esan zion, arren, sartu zedilla.
Semeak orduan bere espak agertu ziozkan, esanaz: Onenbeste urtean egin dizut agindu guzia,
ezertan ere utsegin gabe, eta antxume bat
egundaño eman ez didazu, nere adiskide eta
lagunakin arratsalde-gosari bat gozoro egin
dezadan. Orain etorri zatzu seme gaizto andre
galduakin bere gauza guziak ondatu dituen ori,
eta txal gizen bat ilerazorik, ongi-etorria egin
diozu. Begira, ene semea, aitak esan zion: zu
beti nerekin zaitut, eta nere gauza guziak zureak
dituzu; bada, txit bidezkoa da, guk bazkari bat
egin eta poztutzea etorri zakunean zure anaia
ilda zegoana, eta biztu dana; galdua zana, eta
agertu dana.
Ara emen bekatari baten irudi mene-menetakoa. Seme ondatzalleak adierazten digu, bekatuan sartu eta itsututako bekatari ezeri ere begiratzen ez diona, bere gogo gaiztoak asetzearren.
Seme aitagana itzuliak erakusten digu, bekataria, bere bekatuak ezagutu dituenean, zer biotzekin itzuli bear dan, eta zein ondo Jainkoak
artua izango dan. Berri txit pozgarria bekataririk
andienentzat ere! Jainkoa, alabañan, prest daukate, egiaz damututa badijoazkio, beso zabalakin artzeko.
14. Aberats saiearen parabola
Fariseoak ondasunetara ere txit etziñak
ziran, eta Jesusek gai onetan ere erakutsi nai
izan zien zein gaitzki egiten zuten, diru-zaleegiak
izatea; eta esan zien aberats saiearen parabola
edo ipui au. Gizon aberats bat zan eun me-mez
eta sedaz txit ederki apaindutzen zana, eta mai
guziz ona egunoro zeukana. Eta eskale bat,
berriz, Lazaro zeritzana, zauriz alde guzietatik
josia, aberats aren etxe atarian egoten zan, aren
maiko apurrak jango zitukeanean. Baña iñork
ezer ematen etzion: txakurrak bakar-bakarrik
zetozkion, eta zauriak miazkatzen ziozkaten.
Eskalea il zan; eta aingeruak Abrahamen ondora
eraman zuten. Aberatsa ere il zan eta infernura
amildu zan. Emengo su garretan zetzala, aberats
zorigaiztoko onek zeruronz begiratu zuen, eta
Abraham eta onen alboan Lazaro ikusi zituen.
Orduan deadarrari eman zitzaion, esanaz: Aita
Abraham, nizaz erruki zaite, eta Lazaro bialdu
zadazu, bere eskuko beatza urean bustita, nere
mingaña zerbait oztu dezan; bada, emen kiskaltzen natza. Abrahamek erantzun zion: Oroitu
zaite, zure bizian ondasunak izan ziñituela, eta
Lazarok nekeak; orain, emen Lazaro atsegiñetan
dago, eta zu or garretan. Onezaz gañera, zuen
eta gure artean leize andi, emengoak orrera edo
orkoak onara aldatzea eragozten duena dago.
Au ezin badateke, aberatsak esan zion, benikbein, aita Abraham, arren, Lazaro bialdu ezazu
nere aitaren etxera; bada bost anaia ditut, eta
esan dizaien emen zer gertatzen dan, aiek ere
suzko leku onetara ez datozten. Moises eta profetak badituzte, Abrahamek erantzun zion, aditu
bizaiete. Aberatsak esan zion: Ez, aita Abraham:
baldin ildakoetatik bat badijoakie esatera, penitenzia egingo dute. Moises eta profetai aditzen
ez dietenak, Abrahamek erantzun zion, ilda biztutakoari ere ez diote adituko.
15. Fariseo eta publikano
erregutzalleen parabola
Jesus etzan aspertzen zerraizkionai ondo erakusten, eta lanbide onetan ziarduela, Jaunari
erregutzeko eta eskatzeko dan premiaren
gañean itzegin zien. Lenago ere gai bera askotan
jo izan zuen; baña esan al guzia geiegi etzeritzan. Esan zien beingoan eta bitan iritsi ez arren,
etsi bear ez dala, eta ez aspertu ere, bada, eskatzen zaiona ematea zenbat aldiz luzatzen badu,
gure onagatik dala. Esan ere zien, umiltasun
andiarekin eskatu bear zaiola; eta fariseoak
berez ain arroak izanik, esan zien ipui au.
Bi gizon Elizara joan ziran erregutzera, bata
fariseoa zan, eta bestea publikanoa. Fariseoak,
zutik jarrita, beregan zion: Jauna, eskerrak ematen dizkizut, ez naizalako beste gizon lapur,
bidegabekeriak egiten dituzten, beren bizi-laguna ez bestearekin dabilzanen antzekoa, publikano au dan bezala. Astean bi aldiz barautzen det;
amarrenak osoro egiten ditut. Publikanoa, berriz,
urrutitik begiak jasotzeko ere biotz gabe bularjoka zegokion, esanaz: Jauna, kupidaz begira
zadazu, ni bekatari andi oni. Orain bada, Jesusek
esan zien, mene-menetan diot, Elizatik etxera
publikanoa joan zala garbitua, eta ez fariseoa,
zeren goratzen dan gizona, beeratua izango dan,
eta beeratzen dana goratua.
16. Zakeoren umiltasuna
Joan-etorri oietan Jesus zebillela, Zakeo zeritzan publikanoen andizki txit aberats batek Jesus
ikusi nai zuen; baña gizon txikia zalako, ezin
zuen. Jesusekin zebillen jendearen aurretik joanda, basa-piku batera igo zan, Jesus andik igarotzean ikusteko. Jesus alderatu zan, eta piku
gañean ikusi zuenean, esan zion: Zakeo, beera
atozkit; bada gaur zure etxean ostatuz gelditu
bear naiz. Zakeo bereala jatsi zan, eta poz andiarekin etxean artu zuen. Juduak bereala gaizkiesaka jarri ziran, Jesus publikano baten etxean
sartu zalako. Baña onetarako biderik izan etzezaten, Zakeo zutik zegoan, bere umiltasun eta
beeratasuna adierazteko; eta zion: Nere ondasunen erdia bearrean daudenai ematen diet; eta
iñori kalterik egin badiot, lau geiagorekin ordaintzen det. Orduan Jesusek esan zion: Etxe onetara ona gaur etorri da, zeren au ere Abrahamen
umea dan; bada, gizonaren Semea etorri da galdua billatzera eta salbatzera.
SEIGARREN IRAKURGAIA
1. Jerusalendik Betaniara
Jesusen joanera
Gertaera oien ondoren bereala, Jerusalenera
joan eta Eliz-pestak ziralako egun batzuek emen
igaro zituen, geiago eta geiago erakusten; baña
alde batetik asko beretzen bazituen, bestetik
hura ezin ikusi zutenak ere, endamas eskriba eta
fariseoak, su bizian sartzen ziran, eta arrikatzeko asmoak artu ere bazituzten. Baña Jesusek
oraingoan ere etzien galtzen utzi; eta Jerusalendik irtenda, Jordanen jaiotaldeko Betaniara joan
zan, eta iru illabete urrean emen egin zituen,
bere bizia emateko ordua bete zai. Bitarte onetan joan zitzaiozkan Jerusalengo asko, bere erakutsi on eta mirariakin argitu zituen eta sinistu
ziotenak. Oietatik geienak San Juan Bauptistaren
ikasle izanak ziran, eta Jesusgana osotoro
jarriak, beren maisu zanak Jesusgatik esandako
guzia gertatzen zalako. Emen ere baziardun
eriak sendatzen eta erakutsi onak ematen: baña
asmo garbiko askoren artean, ezin ikusi zuten
fariseoak ere inguratzen zitzaiozkan, nola zertanbaitean atzituko ote zuten, beste egiteko
gabe.
Asmo onekin bereala itzegin zioten, batek
bere emaztea noiznai uztearen gañean, esanaz
Moisesek ere esku-aldiau eman izan zuela. Jesusek erantzun zien, aien biotz gogorrai begiratuta, eskubide au Moisesi emanerazo zitzaiola;
baña ezkontza gizonen asieratik betikoa zala,
eta aurrera ere ala bearko zala, bizi-laguna
beñere uzteko esku gabe. Bada, zion, bein Jainkoak bat egin zituenak, gizonak ezin banakatu
ditzake.
Gero aur batzuek eraman ziozkaten, eskuakin ukitu eta oiekgatik erregutu zezan. Apostoluak aur-zaien kontra aserretu ziran, eta atzeratu nai izan zituzten; baña Jesusek lanbide au
etzien Apostoluai ontzat artu, eta esan zien:
Aurrai utzi zaiezute datozkidan; bada Zeruetako
Erreinua oiena da. Eta besarkaturik, bedeinkatu
zituen, eta bialdu. Gero aurren erru-eza edo inozenziari zenbat nai zion adierazteko, esan zien:
Nere Ebanjelioa aurtxo batek bezain argi eta
garbi artzen ez duena, Jainkoaren Erreinuan sartuko ez da.
Egun oietatik batean, erri batetik bestera
zijoala, gazte aberats bat oñetan belaunikatu
zitzaion, eta galdetu zion: Maisu ona, zer egingo
det betiko bizitza irabazteko? Zeruan sartu nai
badezu, Jesusek erantzun zion, aginduak gorde
itzatzu. Zer agindu? gazteak galdetu zion. Iñor
ez dezu ilko, Jesusek erantzun zion; iñoren
ezkontzarik ez dezu loituko; ez dezu ostuko; ez
dezu ez danik iñorgatik esango; ez dezu bide ez
danik egingo; zure aita-amak onratuko dituzu;
eta lagun urkoa, zerori bezala maite izango
dezu. Ori guzia beti-beti egin det. Zer geiago
egin bear det? Jesusek begiratu zion eta amatu
zuen, Ebangelio Santuak dio. Bereala esan zion:
Obea izan nai bazera, zoaz, dezun guzia saldu,
beartsuai eman eta nerekin atoz. Itz oiekin gaztea estutu zan, eta biotz txit eroriarekin aldegin
zuen, zeren ondasun andien jabe zan. Gazte
hura, ez dirudi ain illa geratu zala bere ondasunak uzteko miñez, ezpada onetarako bear adiña
indarrekin arkitzen etzalako. Onegatik Jaunaren
aurrerako zer ikusirik etzuen, zeren eskatzen ez
duen bizitza onena, ezpada ona; eta bere ondasunak ondo eta zuzen erabilliaz, au egiteko
asmoarekin, guziak utzita Jesusi jarraitzeko
adiña indar arkitzen etzitzaion ezkero, bere etxera itzuli zan.
2. Aberastasunen gañeko
itzketa
Jesusek emendik oña arturik, ondasunen eta
oiek zeuzkatenen gañean itzegin zien. Zein gaitz
izango da aberatsak Jainkoaren Erreinuan sartzea! esan zien. Ikasleak esan onekin arritu
ziran; baña Jesusek bere itzketari baziardun,
esanaz: Gamelu bat jostorratzaren begitik igarotzea errazago da, aberats bat Zeruetako Erreinuan sartuko dan baño. Ikasleak geiago eta
geiago arriturik, elkarri ziotsaten: Nor salbatu al
diteke? Orduan Jesusek adierazo zien, Jainkoak
aberatsari erakutsiko diola ondasunakin zer egin
bear duen, eta oietan biotza geiegi sartu gabe,
nola bizi bear dan, aiek betiko ondamenerako
bideak izan ez dakizkion.
Pedro besteak baño beti biziagoak esan zion:
Jauna, ara emen gu, gauza guziak utzita garraizkizunok: guzaz zer izango da? Mene-menetan
diotsuet, Jesusek erantzun zien, niri jarraitu
zatzazkitenok, munduaren atzenean gizonaren
Semea bere gloriako jarlekuan esertzen danean,
zuek ere amabi aulkitan eseriko zerate, Israelko
amabi Tribuak juzgatzeko. Eta bere etxea, edo
senideak, edo gurasoak, edo emaztea, edo
semeak edo lur-bazterrak nigatik uzten dituenak, baten truke eun artuko ditu, eta gero betiko
bizitza.
3. Langilleen parabola
Juduak beren buruak ontzat, eta gañerako
guziak gaiztotzat idukitzeko griña zuten, eta
Jesusek parabola au esan zien. Zeruetako Erreinua, goizean goiz bere mastirako langilleen eske
irten zan etxeko buruaren antzekoa da. Langilleak arkitu zituenean, bakoitzari erreal biña
eskeñita, bearrera bialdu zituen. Berriz ere bederatziak aldean irten zan, eta berebat esanda,
bialdu zituen. Geroago ere irten zan, eta plazan
geldi arkitu zituenai esan zien: Nere mastira
zoazte, eta bidezkoa dana emango dizutet.
Berriz eta berriz ere amabiak eta arratsaldeko
irurak inguruan irten zan, eta plazan topatu
zituenai esan zien: Emen egun guzian alperkerian zertan zaudete? Erantzun zioten: Nork otsegiñik ez degulako gaude. Zoazte, bada, zuek ere
nere mastira, esan zien.
Eguzkia sartu zanean, nagusiak maiordomoari agindu zion, langilleai otsegin eta atzenekoetatik asita lenengoetarañoko guziai beren alogera edo jornala emateko. Atzena joandakoak
erreal-biko bana artu zutenean, lenengoak uste
izan zuten, alogera andiagoa emango zietela;
baña guziak berdin egin zirala ikusi zutenean,
nagusiaren kontra gaizki-esaka zerasaten, esanaz: Atzeneko oiek lanean ordu bete baizik egin
ez dute, eta egun guziko nekea eta eguzkia artu
degunokin bat egin dituzu. Nagusiak bati erantzun zion: Adiskidea, bear ez danik egiten ez
dizut. Erreal-biko bat emateko geratu ez giñan?
zuk zerea ar ezazu, eta zoaz; bada, nik oni zuri
ainbat eman nai diot. Edo nerearekin nai dedana
egin ez dezaket? edo zure begia gaiztoa da, ni
ona naizalako? Atzenekoak lenengo, eta lenengoak atzeneko izango dira. Deituak asko dira,
esleituak, ordea, gitxi. Itz oiek juduentzat itz ikaragarriak ziran, eta gu kristauentzat ere berebat
dira, eta egin al guzian nekatzera ipiñi bear gaituzte, gure salbazio, ain galbide andian dabillena, irabazteko.
4. Jesusek bere eriotzaren
gañean Apostoluai
itzegiten die
Jesusen ilbearra urreratzen zan; eta Betanian
bi illabete eta erdi arestian aitatu diran gertaeraetan eginda, artu zuen Jerusaleneronz abiatzeko asmoa. Uri doakabe onen izenak Apostoluak
txit izutzen zituen, zeren gogoan zeukaten lenagoko aldietan ere Jesus zein gaizki ikusia eta
artua izan zan. Jesusek, bada, bildur oni igerritzen zion, eta zerraikion jende artetik Apostoluak
aterarik, iñoiz lenago ere bezala, esan zien: Ea,
Jerusalenera bagoaz, eta gizonaren Semeagatik
profetak esandako gauza guziak egingo dira. Ipiñia izango da apaiz-buruen, eskriba eta fariseoen, eta erriko zarren eskuetan, zeñak erabakiko
dute il dedilla. Gero jentillai emango diete, il
dezaten. Oiek berriz isekatu, txistuz bete, zeatu,
gurutzean josi eta ilko dute. Baña irugarren egunean biztuko da.
Juduak uste zuten Mesias lurrera zetorrenean, mundu guziko erregetzat jarri eta erri
guziak mendean idukiko zituela; eta Apostoluak
ere, oraindik uste berean zeuden. Eta Jesusi
aditu ziotenean, ilda irugarren egunean biztuko
zala, pensatu zuten erreinaldi andi hura orduan
asiko zala. Au gogoan arturik, Juan eta Santiago
Apostoluen ama bere bi semeakin Jesusi urreratu zitzaion, agur egiñaz eta zerbaiten eske. Zer
nai dezu? Jesusek galdetu zion. Jauna, amak
erantzun zion, nik nai dedana da, Zuk nere bi
seme oiek zure Erreinuan bata eskuian eta bestea ezkerrean artu ditzazula. Jesus semeai begira jarri zitzaien, eta esan zien: Ez dakizute zeren
eske zaudeten. Edan dezakezute nik edango
dedan edakaia edo kaliza? Esaten bazien bezala,
nik eramango ditudan oñaze eta miñak eramateko adiña indar eta biotz izango dezute? Badezaguke, erantzun zioten. Bai, Jesusek esan zien:
Nere kaliza edango dezute, baña niri ez dagokit
nere eskuian edo ezkerrean artzea, nere Aitak
prestatuta daukaenai baizik. Bi aien kontra beste
amar Apostoluak aserretu ziran; baña Jesusek
esan zienean gizona zein argala eta ezjakiña
dan, eta nola bear ez diran gauza asko eskatzen
dituen, paketu ziran.
5. Itsu baten argitzea
Itzketa onetan bidean zerbait luzatu zuten,
eta Jerikora alderatu zanean, bide ondoan
eskean egoten zan itsu batek jendeari galdetu
zion: Or zer dezute? Jesus Nazaretekoa dijoa,
erantzun zioten. Itsuak bereala deadarrari eman
zion: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite.
Aurretik zijoazenak isilerazo nai zuten; baña
itsuak geroago eta ots andiagoarekin esaten
zuen: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite.
Jesus gelditu zan, eta itsuari, aurrean artuta, galdetu zion: Zer nai dezu nik egin dizazudan? Argitzea, Jauna, erantzun zion. Ikusi ezazu, Jesusek
esan zion, zure sinismenak sendatu zaitu. Itsua
argitu zan, eta Jesusi besteen artean jarraitu
zitzaion.
ZAZPIGARREN IRAKURGAIA
1. Lazaroren gaitza eta
eriotza, eta biztutzea
Jesus Jerikon sartu zan, eta errian eta auzoetan bere erakutsi onak ematen zebillela, gaztigatu zioten, Marta eta Mariaren anaia Lazaro Betanian txit gaizki zetzala. Jesusek Lazaro txit maite
zuen, eta albista au artu zuenean esan zuen:
Gaitz au iltzeko miña ez da, ezpada Jainkoaren
gloriarako, eta beraren bitartez Jainkoaren
Semea goratua izan dedin. Baña Jesus etzan
beste egun bian Jerikotik Betaniaronzako irten,
eta Lazaro ordu gitxiren buruan il zan.
Betaniaronz abiatuta, bidean zijoala bere
ikasleai esan zien: Lazaro gure adiskidea lo
datza, eta Ni esnatzera noakio. Lo badatza,
Apostoluak erantzun zioten, gaitzik ez dauka.
Jesusek berriz esan zien: Lazaro il da, eta pozik
nago an ez nintzalako, sinistu dezazuten.
Betaniara urreratzen zan, jakin zuenean illik
eta lurpeturik lau egun zirala. Progu-etxean judu
asko batu ziran, Marta eta Mariari damuan edo
miñean laguntzera, eta anaia aztuerazotzera.
Martak lenengo jakin zuen Jesus zetorrela, eta
bidera irtenda negarrez esan zion: Jauna, Zu
emen izan baziña, gure anaia etzan ilko; baña
badakit Zuk eskatu guzia Jainkoak egingo dizula.
Zure anaia biztuko da, Jesusek esan zion. Badakit, Martak erantzun zion, badakit il guziak biztuko diranean, nere anaia ere biztuko dala. Biztutzea eta bizitza Ni naiz, Jesusek esan zion, eta
Nigan sinisten duena, il bada ere, biztuko da.
Nigan bizitzen dana eta sinisten duena, sekulan
ez da ilko. Au sinisten dezu? Bai, Jauna, Martak
erantzun zion, sinistu det Zu zerala Jesu Kristo,
Jainko biziaren Seme mundura etorri zerana,
Zugan sinisten dutenak salbatzera.
Mariak etziekien Jesus zetorrenik, eta Martak
isillik esan zionean Jauna an zala eta deitzen
ziola, zegoana zegoan lekuan utzita, Jesusi
bereala bidera joan zitzaion, eta oñetan auzpezturik, negarrez esan zion: Ai Jauna, zu emen izan
baziña, etzan nere anaia ilko. Etxera poztutzera
joan zitzaiozkan juduak, ikusi zutenean etxetik
bat-batetan irteten, ondoren jarraitu zitzaiozkan,
gorputz-illa zetzan tokira negar egitera zijoalakoan. Baña oiek ikustera orduko, hura Jesusen oñetan auzpez zetzan, eta negarrari eman zioten.
Jesusek bata eta besteak negarrez ikusi zituenean, barruna illundu zitzaion, eta nastu zan.
Non ipiñi zenduten? Jesusek galdetu zien. Atoz,
Jauna, eta ara emen, erantzun zioten. Guziak
obira edo sepulturara joan ziran, eta Jesusek
ikusi zuenean negar egin zuen. Orduan juduak
esan zuten: Ara zenbat nai zion. Baña baziran
esan zutenak: Jaiotzatik itsu zetorrena argitu
zuen onek, ezin zezakean bere adiskide au bizirik gorde? Esan onekin Jesusen biotza are geiago
il zan; bada itz oietan, dirudienez, esan nai
zuten, edo itsua etzuela argitu, edo Lazarori
bizia gordetzeko eskubiderik etzuela, eta naiz
batarekin, naiz bestearekin, Jesusi bidegabekeria andia egiten zitzaion.
Jesus, bada, joan zan obira, zeña zan lur-zulo
arri andi batekin estalitako bat. Arri ori kendu
ezazute, Jesusek esan zien. Jauna, kiratsa dario,
Martak esan zion; bada, lau egun dira il zala.
Marta, Jesusek erantzun zion, ez dizut esan,
sinisten badezu, Jainkoaren gloria ikusiko dezula? Orduan Jesus, begiak zeruronz ipiñirik, Aitari
itzegiten asi zitzaion: Aita nerea, eskerrak ematen dizkizut, aditu didazulako. Baniekien, bai,
beti aditzen didazula; baña esan det, inguratzen
nautenak sinistu dezaten Zuk bialdua naizala.
Guziak zekusten lur-zuloan arrak gora-beera
zebilzkion gorputz-illa, eta zer gertatuko ote zan
jakin naiez zeuden. Jesusen ikasle, mirariak ikusten ain oituak, lenagoko guzien azkarria ikusteko
ustea zuten. Lazaro zanaren bi arrebak ere larri
ziran. Adiskideak, ikusiko zana lenbait-len ikusi
nai zuten. Orduan Jesusek ots andi batekin esan
zuen: Lazaro, atoz kanpora. Eta berealaxe obitik
irten zan. Esku-oñak lotuta zeuzkan, arpegia zapi
batekin estalia eta gorputza maindire batean bildua. Jesusek agindu zuen askatzeko, eta Lazaro
zutik osasun betean jarri zitzaien.
Begira zeuden judu askok sinistu zuten Jesus
Mesias egiazkoa zala, eta eskriba eta fariseoai
joan zitzaiezten, Lazaro nola biztu zan eta Jesusek onekin egindako guzi-guzia esatera. Berri au
bazan eskriba eta fariseoak, besterik izatera,
ezagueran sartzeko adiña; baña sinisgogorregiak ziran, eta Jesusen kontra su biziagoak artu
zituen.
2. Jesus iltzeko asmoak
artzen dira
Ikusirik egunoro eta argiro egiten zijoan mirariak ezin ukatu zitezkeala, eta bildurturik geldi
utzi ezkero, denbora gitxiren epean jende guzia
beretuko zuela, batzarrean bildu ziran, lenbaitlen eskuak egotzi eta galtzeko bideak artzera.
Zertan gaude? batzarrean elkarri esaten zioten.
Gizon onek mirari asko egiten ditu, eta pakean
uzten badiogu, guziak sinistuko diote, eta erromarrak etorriko zazkigu, eta gure bazter eta
jende guzia artuko digute. Denbora onetan Anasen sui Kaifas apaiz nagusi egiten zuenak esan
zien: Zuek ezer ez dakizute. Konbeni da gizon
bat iltzea, erriagatik eta jende guzia galdu ez
dedin. Itz oiekin aldeaurrez esan edo asmatu
zuen, nola Jesus gu guziokgatik ilko zan. Batzar
onetan, bada, erabaki zan Jesus il zedilla, eta
agindu zuten, Jesus nondik nora zebillen ziekienak batzar edo tribunalari berri eman zizaiola.
Jesus bitartean Lazaro, Marta eta Mariaren
etxetik irtenda, egun erdiko bidean, Efrengo
urira joan zan. Emen egin zituen astelenetik ostiral arteko egunak, bere ikasleai erakusten eta
Jerusalenen igaroko ziran gauza arrigarriak ikusteko prestatzen. Ostiralean ostera Betaniara
itzuli zan; baña etzan Lazaroren etxean larunbat
illunabarreraño sartu. Iru senide zorioneko aiek
beren Jaun eta Ongillea beren artean berriro
ikusi zutenean, zer egin etziekiten, artutako
mesede andi ari zegozkion esker onak emateko.
Bereala afari eder bat prestatu zuten Simon
Lepratsuaren etxean, eta maiean jarri ziran Jesus
bere Apostoluakin, eta Lazaro biztu-berria ikustera joan zitzaiozkan bere adiskide askorekin.
Mai-serbitzoan, beti bezala, Marta zebillen, eta
Maria aurkeztu zan libra bat okendu garbi ontzi
eder batean zuela. Jesusi aurrean auzpeztu
zitzaion; oñak okenduz aurrena igortzi, eta gero
bere buruko illearekin leortu ziozkan, eta etxe
guzia usai gozoz bete zan.
Lanbide au gaizki artuko zuenik etzirudien
izango zala, batez ere noiz eta nori egiten
zitzaion begiratu ezkero; baña izan zan bat, eta
au Apostoluen artean, ontzat eman etzuena.
Judas Iskariote apostolu eskergabeko saldu ark
esan zuen: Zertako okendu au salduta, artuko
ziran irureun erreal-biko beartsu pobreai eman
etzaiezte? Judasek zeraman Jesus eta Onekin
zebilzanen artu-eman guzia; eta iñoren gauza
zalea izanik, aren eskuetaratzen zanetik zerbait
isillik beti gordetzen zuen, eta orain ere griña
berak espa hura ateraerazo zion, ez beartsuai
laguntzeko gogoak. Jesus, Judasek ondo edo
gaizki itzegin zuela erabaki gabe, Mariaren alde
irten zan, eta esan zuen: Utzaiozute; bada nerekin lan ona egin du. Beartsuak zerokin beti izango dituzute, ez ordea Ni. Onek zezakeana egin
du. Nere gorputza obirako lendanaz igortzi du.
Egi-egiaz esaten dizutet, Ebanjelioa erakutsiko
dan leku guzietan, mundu guzian, emakume
onek nerekin egin duena ere bere oroipen onerako esango dala.
Apaiz-buruak ernegatzen zebilzan, Lazaro
biztua izan zan ezkero, Jesusi are jende geiago
eta eresi andiagoan zijoakiola ikustearekin; eta
artu zuten Lazaro iltzeko asmoa. Baña, zer itsumena! Gaitzak illa biztu zuenak, ez ote zezakean
gizonak illa biztu? Lazaro berak illarekin Jesusi
lenagoko eskubidea kenduko ote zioten? Ezagutu zuten nonbait, zorakeria andi bat izango zala,
edo beren buruak geiago agertzea baizik etzutela iritsiko; beintzat, asmoa artu bazuten ere, il
gabe utzi zioten.
3. Erramu eguneko Jesusen
joanera Jerusalenera
Jesusek bazekusan zein gorroto andiarekin
begiratzen zioten, eta gorroto au beragandik
mesedeak artutakoetara ere zabaltzen zala; ala
ere, etzitzaien oraingoan ezkutatu. Iltzeko eguna
bazetorren, eta biaramonean, Eliz-Ama Santak
orain Erramu-Eguna deitzen dion egunean goiz,
Betaniatik bere ikasleakin irten zan, eta Betfaje
zeritzan Olibeteko mendi ondora eldu zanean,
bere bi ikasleri esan zien: Zoazte or aurrean
ikusten dezuten etxadi orretara, eta arkituko
dituzute lotuta asto-eme bat, eta asto-kume iñor
oraindik igo etzaiona. Askatuta ekarzkidazute,
eta iñork ezer esaten badizute, erantzungo diozute: Jaunak bear ditu; eta bereala utziko dizute
ekartzen. Ikasleak joan ziran, eta Jesusek esan
bezala guzia gertatu zan. Isaiasen bitartez anziñatik esana zan: Siongo alaba, ez ikaratu, ara
emen zure Erregea umiltasun guziarekin astotxo
baten gañean jarria.
Ama-humeak eraman ziozkaten; Apostoluak
beren soñekoak txalmatzat ipiñi ziezten: Jesus
aurrena amari, eta gero humeari igo zitzaion, eta
guziak Jerusaleneronz abiatu ziran. Jerusalendik
eta inguruko errietatik jendetza andiak batu
zitzaiozkaten; eta Jesusek zeraman bidean,
batzuek beren kapak lurrean zabaltzen zituzten;
besteak adar ostodunakin bide-ertzak apaintzen
zituzten, eta guziak erramu edo olibo ostoak
eskuan zeramazkiten, eta andi-txiki guziak deadar egiten zuten: Hosanna Dabiden semea, au
da, Dabiden semea, gorde ezazu. Bedeinkatua
izan bedi Jainkoaren izenean datorren Israelko
Erregea. Hosanna filio David, benedictus qui
venit in nomine Domini.
Fariseoak, Jesus ain onratua ikusirik, esaten
zuten: Ez dakusute ezer aurreratzen ez degula?
mundu guzia berari darraikio! eta batzuek Jesusi
albora joanda, esan zioten: Maisua, zure ikasle
oriek isilerazo itzatzu. Oriek isilduko balira, Jesusek erantzun zien, arriak itzegingo lukete.
Jesusentzat txit pozgarria zan ainbeste jende
beragana jarri eta agur onak egiten ziozkatela
ikustea; baña une berean, Jerusalenera alderatuago eta biotza illunagotutzen zitzaion, zeren
baziekien egun gitxiren buruan uri doakabe
artan gertatuko ziran gauza ikaragarriak. Jerusalen txit maite zuen, eta bere biotz guzia argan
zeukan, eta ikustera zanean, negarrari eman
zitzaion, esanaz: Ai, Jerusalen, Jerusalen, gaur
bederik ezagutuko bazendu zerk on egingo
dizun! Baña zure begiak itsutuak daude, eta
badator eguna, zure etsaiak inguratu eta alde
guzietatik estutuko zaituztena, zure paretak
lurrera ezarri, zure semeak il, eta guzia ondatuko dutena, arria arriaren gañean utzi ere gabe,
zeren ezagutu ez dezun, ondo ikusi nai izan zaituzten ordua.
Zispuruz eta negarrez Jesus bazijoan, eta uri
zorigaiztoko artan sartu zanean, guziak azoratu
ziran, eta Jesusekin zijoazenai galdetzen zieten:
Zein dakarzute? Orrelako andiustean datorren
ori zein dezute? Au Jesus Nazareteko profeta da,
erantzuten zuten. Jesus, gelditzerik ere egin
gabe, Elizaraño joan, eta Eliz-atarian astotxotik
jatsi zan. Begien aurrean jarri zitzaion lenbiziko
agirakagarria edo aserrerazo ziona izan zan, orazioko etxea saldu-erosietarako leku egiña arkitzea; eta bere predikuaren asieran bezala, orain
ere arpegira eman zien, zein gaizki egiten zuten

- Parts
- Testamentu Berriko Kondaira - 01
- Testamentu Berriko Kondaira - 02
- Testamentu Berriko Kondaira - 03
- Testamentu Berriko Kondaira - 04
- Testamentu Berriko Kondaira - 05
- Testamentu Berriko Kondaira - 06
- Testamentu Berriko Kondaira - 07
- Testamentu Berriko Kondaira - 08
- Testamentu Berriko Kondaira - 09
- Testamentu Berriko Kondaira - 10
- Testamentu Berriko Kondaira - 11
- Testamentu Berriko Kondaira - 12
- Testamentu Berriko Kondaira - 13
- Testamentu Berriko Kondaira - 14