Telemake - 09
kontra.
Huneletan miñtzo zelarik Idomenek kontuz
begiratzen zioen Mentorri, hala nola gizon bati
zeiñaren begitartea ez baitzitzaioen arrotz, baiñan zeiñaren izena eziñ aurkhi baitzezakeien.
Bizkitartean Telemakek nigarra begietan
ihardetsi zioen:
— Oi errege! Barka diezadazu eziñ gorde
dezakezudan atsekabea noiz-eta-ere bozkalentziarik eta zure ongi egiñ guzientzat ezagutzarik
baizen ez bainautzuke erakutsi behar. Ulizen gal-
tzapenaz erakusten duzun damuaz nere aita
eziñ aurkitzeko zorigaitzaren hautemaiten zerorrek erakusten derautazu. Aspaldi du ja itsaso
guzien gaiñean haren bilha nabilala. Jainko
samurrek ez naute uzten ez hura berriz ikustera
ez eta jakitera heia kost-egiñ duenetz, ez eta
itzultzera Itakara non Penelopa, bere gizongeietarik libratzeko lehian, iraungitzen baitago. Kretako irlan uste izan ziñtudan kausi. Han jakiñ
izan dut zure dohamen gaixtoa eta ez nuen uste
hurbil behin ere Hezperiatik non erresuma berri
bat altxatu baituzu. Baiñan zoriak, zeiña gizonez
dostatzen baita eta zeiñak bazter guzietan idukitzen bainau Itakatik urrun, azkenekotz zure
leihorretara bulkatu nau. Hark egiñ deraizkidan
bidegabe guzietarik hau da gogo hoberenez
egartzen dudana. Nere sor-lekutik urruntzen
baliñbanau ere, bederen errege guzietarik bizarrena ezagutarazten deraut.
Hitz horien gaiñean, Idomenek Telemake
xitezki besarkatu zuen eta bere jauregira zeramalarik, erran zioen:
— Nor da zu laguntzen zaituen agude umo
hori? Bertze orduz ardura ikusi izan dudala iduritzen zait.
Telemakek ihardetsi zioen:
— Hori da Mentor, Ulizen adiskidea eta zeiñaren gomendioan utzi izan bainiñduen haurrean.
Nork erran ahal lezakezuke zenbat diodan zor!
Berehala hurbiltzen da Idomene eta Mentorri
eskua hedatzen dio erraiten diolarik:
— Bertze orduz elkar ikusi izan dugu. Orhoitzen zireia Kretan egiñ izan ziñduen piaiaz eta
niri eman ziñerauzkidan abisu onez? Baiñan
orduan gaztetasuneko berotasunak eta atsegiñ
alferretarako suak bolatzen niñduten. Siñetsi
nahi ez niñtuen gauzez jakiñtsun eragiteko, nere
dohakabetasunen beharretan izatu naiz. Oxala
siñetsi izan baziñtut, oi agude umoa! Baiñan
harriturik ohartzen naiz etzarela hanbat urte
hauetan kasik batere mudatu. Begitartean orduko freskotasun bera duzu. Patxada zuzen bera,
indar bera dituzu. Bakarrik zure illeak xuriagotuxe dira.
Mentorrek ihardetsi zioen:
— Oi errege handia, lausengatzaille baliñbanintz, higual erranezakezuke begiratu duzula
Troiesko sethio aiñtziñean zure begitartean distiratzen zuen gaztetasuneko lili hura. Baiñan
nahiago nautzuke nere burua gaitzetsarazi ezenetz egiari khendu. Ikusten dut bertzalde zure
solas zuhurretan, lausengua ez duzula maite, eta
zuri egiatasunean miñtzatuz ez dela deuseren
beldurrik izaiten ahal. Ongi mudatua zare, eta
nekez ezaguturen ziñtudan. Garbiki ikusten dut
zerengatik: zeren zure dohakabetasunetan haiñitz pairatu izan duzun. Baiñan ongi irabazi duzu
zure atsekabetan, zuhurtasuna irabazi duzunaz
geroz. Begitartean heldu diren zimurrez gogo
onez sosegatu behar da, bihotza bertuteari jartzen eta hartan fiñkatzen hari den orduan. Gaiñerakoan, jakiñ zazu erregeak bertze gizonak
baiño goizago higatzen direla. Zorigaitzean
gogoko arrangurek eta gorputzeko nekheek goizegi zaharrarazten dituzte. Zorionean, bizitze
guri batetako gozoek, gerlako nekhe guziek
baiño hobeki higatzen dituzte. Deus ez da kaltekorragorik ezenetz atsegiñak zeiñetan bere
burua negurritan eziñ iduk baititake. Hantik
derraika erregeek, nahiz bakean, nahiz gerlan
izaiten dituztela arrangurak eta atsegiñak, zeiñek adiñ gabe zahartzea erakartzen diotena,
bere bidean ethorri behar lukeen baiño lehenago. Bizitze zuhur, begiratu, arront, arrangura eta
lehia bortitz gabe batek, negurritu eta langille
batek, gizonaren baitan gaztetasun lilia begiratzen du, zeiña arta horien eskasian bethi airatzera baitago denboraren hegalen gaiñean.
Idomene, Mentorren solasek egiñ zioten atsegiñarekiñ oraiño luzezago egonen zen haren
entzuten, Jupiterri egiñ behar zioen sakrifizio
batera baldin ez balute deithu. Telemake eta
Mentor jarraiki zitzaizkon jende oste handi baten
erdian. Oro bi arrotz hekiei begira zauden alde
guzietarik. Zalantarrek batak bertzeari erraiten
zioten:
— Gizon hoiek zeiñ guti duten elkarren eite!
Gazteenak badu ez dakit zer atzarririk eta maiterik. Edertasuneko eta gaztetasuneko lili guziak
horren begitarte eta gorputz guzian hedatuak
dira. Baiñan horren edertasunak ez du deus faunik ez eta emakoirik. Gaztetasuneko lili samur
horrekiñ, ezagun du hazkarra, gothorra, eta
nekeari gogortua. Bertze horrek, haiñitz adiñ
handiagoan den arren, ez du oraiño deus galdu
bere indarretik. Lehenbizian horren patxadak
iduri du ez dela haiñ gora eta horren begitarteak
haiñ atsegiña, baiñan hurbil danik begiratuz,
horren lañotasunean ezagun dira umotasunaren
eta bertutearen seinale batzu, ederretsgarri den
handiratasun batekiñ. Jainkoak lurrera jautsi izan
direnean gizonekiñ ihardukitzeko, horrelako
arrotz eta piaianten itxurak duda gabe hartu izan
dituzte.
Bizkitartean heltzen dira Jupiterren tenplora.
Ospe handi batekiñ edergailatua zen Idomenek,
zeiña jainko haren odoletik baitzen bera. Marmola jaspatuzko bi harroiñ lerroz inguratua zen tenploa. Xapitalak xilharrak ziren. Tenplo guzia marmola lauzaz bernuzatua zen eta pintaduraz ederreztatua. (...) Han ageri ziren Minozen sortzea
eta gaztetasuna, eta errege zuhur hura, adiñ
handiago batean, bere irla guziari legeak ematen, bethikotz toki hura dohatsu eragiteko amoreagatik. Telemake ohartu ere zen Troieseko sethioko gertakari berezienei. Idomenek sethio hartan irabazi izan zuen gerlari handi baten omena.
Gudu mustra hetan Telemakek bere aita bilhatu
zuen. Ezagutu zuen Rhezuzen zaldiak hartzen,
Diomedek errege hura hil zuenean. Gero, greken
armadako buruzagi guzien kapitoan, Ajaxen kontra Achilen harmez ihardukitzen; eta azkenekotz,
zorigaitzezko zurezko zalditik jaustera zohala,
hanbat troiestarren odolaren ixurtzeko.
Telemakek berehala ezagutu zuen egiñtza
deitatu hetarik, zeiñak Neztorrek berak kondatu
baiziotzan eta hanbat espanturekiñ asko aldiz
aipatzen entzun baitzituen. Nigarrak begietarik
abiatu zitzaizkon. Begitartea mudatu zitzaioen
eta bihotza asaldatu. Telemake, bere asalduaren
gordetzeagatik baztertu zen arren, ohartu
zitzaioen Idomene eta erran zioen:
— Etzaitezela ahalka guri uzteaz ikustera
zenbat zaren ukitua zure aitaren ospeaz eta
dohakabetasunez.
Bizkitartean, jendea multzoka biltzen hari
zen tenploa inguratzen zuten bi harroiñ lerroek
egiten zituzten aperiku zabaletara. Neskatxa eta
gizon gaztezko bi saldok bertsuak kantatzen
zituzten ortziria eskuan dagokan jainkoaren ohoretan. Haur gazte hek, propienetarik hautatuak,
ille luzeak zituzten sorbaldetan behera. Heien
buruak usaiñ onez betheak ziren eta arrosaz
koroatuak. Oro xuriz bezti ziren. Idomenek Jupiterri ehun zezenezko sakrifizio bat egiten zioen,
jainko hura bere alde jarrarazi nahiz bere hauzoen kontra zeraman gerla batean. Alde guzietarik
khea zarion bitimen odolari. Urhezko eta zilharrezko untzi handien barnera zurrutan jausten
ageri zen.
Sakrifizioan, Teofane agudea, jainkoen adiskidea eta tenplo hartako apeza, burua estalia
zegoen bere purpurazko arroparen izkinaz. Gero
ikartu zituen bitimen erraiak oraiño pilpiratzen
zirenak. Gero jarri zen alki sakratuan eta oihu
egiñ zuen:
— Oi jainkoak, nor ote dira bada zeruak toki
hautara igortzen dituen arrotz hauk biak? Hauk
gabe, zorigaitzezkoa lizakegu hasia den gerla
eta Zalanta, bere asentuen gaiñean akabatu
gabe, herrautsia lizate. Ospezko gizon gazte bat
ikusten dut zuhurtziak berak eskutik deramana...
Hilkizun baten ahoari gehiago erraitea ez da zilhegi.
Hitz horiek erraitean, haren begitartea basatua zen eta haren begiek pindarrak ardikitzen
zituzten. Aiñtziñean zituen gauzez bertzerik ikusten zuela iduri zuen. Sutan zegoen haren begitarte guzia. Nahasia zen eta bere baitarik kanpoan. Haren illeak xutuak ziren, haren ahoa harrapoa zariola. Besoak goitituak zauzkan, eta higitu
gabe nihorat. Haren boza ganbio egundaiño
gizonak izan duen baiño bortitzagoa zen.
Hatsangatua zen eta bera asaldutan atxikitzen
zuen jainkozko izpiritu hura bere barnean eziñ
iduk zezakeien.
Oihu egiñ zuen oraiño:
— Oi zorionezko Idomene! Zer ikusten dut!
Zer ondikoak hutsegiñak! Zer bake gozoa barnean! Baiñan zer guduak! Zer garhaiziak kanpoan! Oi Telemake, hire egiñtzak hire aitarenak
baiño handiagoak dituk. Etsai burgoia, hire
marrauzaren azpian, herrautsean auhenetan ziagok. Erezko atheladak, murraila eziñ gaiñdituak,
hire oiñetan erortzen dituk. Oi jainkosa handia!
Horren aita... Oi gizon gaztea, azkenekotz ikusiren duk...
Hitz horiek erraitearekiñ, solasa ahitzen da
haren ahoan eta gelditzen da bere bortxaz bezala, harridurazko ixiltasun batean.
Jende guziak beldurrak laztua derauka. Idomene, ikharan, akaba dezan galdegitera ez daite
ausarta. Telemakek, harritua, doi-doia endelgatzen du entzun duena. Doi-doia siñets diro agiñtza handi horiek entzun dituela. Mentor da bakarra jainkozko izpirituak harritu ez duena. Idomeneri erraiten dio:
— Entzuten duzu jainkoen xedea. Edo-zeiñ
jendaiaren kontra izan dezazun gerla, garhaizia
zure eskuetan izanen da eta zure adiskidearen
seme gazteari zor izanen diozu zure harmetako
suerte ona. Etzaitezela bekaizti izan. Xoilki progotxutan ezartzu jainkoek haren medioz ematen
derautzutena.
Idomene etzen oraiño bere harriduratik atharaia. Alferretan bilhatzen zuen bere ahoan solasa. Haren mihia josia zegoen. Agudoago Telemakek Mentorri erraiten dio:
— Hanbat ospe agiñduk ez nau ukitzen. Baiñan zer erran nahi ote dute bada azken solas
horiek, «ikusiren duk» Nere aita ote edo xoilki
Itaka? Ai, zeren ez du akabatu! Lehen niñtzen
baiño duda gehiagotan utzi nau! Oi Ulize! Oi
nere aita! Zu ote ziñdazke, zu bera nik ikusi
behar dudana? Egia ote laite? Baiñan nere
nahiari lausengu egiten diot. Orakle krudela!
Atsegiñ hartzen duk dohakabe batez irri egiten.
Solas bat gehiago eta zorionik handienean niñtakeien.
Mentorrek erran zioen:
— Ez laidorik eman jainkoek agertzen derautzuten gauzari eta gorde nahi dutenaren agertzera ez abia. Sobera jakiteko lehia ozar batek
ahalketan bihurtua izaitea du merezi. Bihotzontasunez bethea den zuhurtzia batekiñ jainkoek gizon fluxei beren dohamenak nihork argi ez
dezakeien gau batean gordetzen diotzate. On da
aiñtziñetik ezagutzea gure ahalari derraion
gauza, hura ongi egiteko amoreagatik. Baiñan
gure ahalaren menean ez dena eta gutaz jainkoek zer egiñ nahi duten ez ezagutzea ez da gaixtoago.
Telemake solas horietaz ukitua izan zen baiñan etzen erraxki bere buruari nausitu.
Idomene bere harriduratik athara zen ordukotz. Bere aldetik jarri zen Jupiter handiaren laudatzen, zeren igorri ziotzan Telemake gaztea eta
Mentor zuhurra, etsaien gaiñean garhaizia eraman zezan amoreagatik. Sakrifizio ondoan, bazkari handi bat eman zuen eta gero bazterturik
huneletan miñtzatu izan zen bi arrotzei:
— Aithortzen dut, Troiesko sethiotik Kretara
bihurtu niñtzenean ez nakiela oraiño ongi nola
erregiñatu behar den. Badakizue, nere adiskide
maiteak, zer dohakabetasunek khendu zerautedan irla handi hartako erreiñua, erraiten derautazunez geroz han izan zaretela ni hantik atharaz geroztik. Oraiño sobra dohatsu zoriaren
kolpe garratzenak ni jakiñtsunago eta negurrituago eragiteko izan baliñ badira! Itsasoak iragan nituen hala nola ihesari ematen duen gizon
batek eta zoiñari jarraikitzen baitzaio jainkoen
eta gizonen aiherkundea. Nere bothere iragan
guzia etzen nere erorikoa neroni ahalketsuago
eta eziñ jasanago bihurtzeko baizik. Ethorri niñtzen nere jainko Penaten gerizan ezartzera leihor
basa huntara, zeiñetan ez bainuen atzaman
larrerik baizen, estaliak sasiz eta laparrez, oihan
lurra bezaiñ zaharrez eta gerenda gaitzez, zeiñetara biltzen baitziren ihizi basa gaixtoak. Oraiño
boztu behar izan niñtzan zeren goza ahal nezakeen, nere zorigaitzean jarraiki nahi izan zeraizkidan soldado eta lagun bakar batzuekiñ, lur
basa hau, eta hemen egiñ ahal izaiteaz egoitza
berri bat, ez giñduelakotz gehiago igurikitzen
ahal berriz ikustea irla dohatsu hura zeiñetan
sortarazi bainiñduten jainkoek han erregiñatzeko. Nere buruari egiten nioen:
— Ai, ai, zer ganbiamendua! Zer ikusgarri laztekoa ez naizen bertze erregeentzat! Erakutsi
behar niñdukete lurraren gaiñean erregiñatzen
diren guziei, hek nere gertakuntzaz jakiñtsunago
eragitekotzat. Deusen beldurrik ez duketela iduritzen zaiote zeren bertze gizonak baiño gorago
diren, eta bere goratasuna bera dela medio,
dute zeren gehienik beldur izan! Ikaran nauzkan
nere etsaiak eta maitatua niñtzen nere azpikoez.
Jendaia botheretsu eta gerlari bati manatzen
nioen. Haroak lekhurik urrunenetara heldu izan
zuen nere izena. Irlarik gizenenean eta gozoenean erregiñatzen niñtzen. Ehun hirik, urte oroz,
ematen zerautedaten bere aberastasunen
zerga. Gizon heiek ezagutzen niñduten heien
tokitan sortu zen Jupiterren odol beretik. Maite
niñduten Minoz zuhurraren illobasoa niñtzelakotz. Minoz, zeiñaren legeek haiñ boteretsu eta
dohatsu eragiten baitituzte. Nere zorionari zer
zen eskas, ezenetz jakitea hartaz negurritan
gozatzen? Baiñan nere urguluak eta entzun ditudan lausenguek eragoitzi dute nere tronua.
Horreletan lurrerako dira beren lehien eta gizon
lausengarien eskuetara jautsiren diren errege
guziak.
Niri jarraiki zirenei bihotza idukitzeko, egunaz
erakusten nuen ahalaz begitarte alegera eta
peskizaz bethe bat. Erraiten nioten:
— Hiri berri bat altxa dezagun galdu ditugun
gauza guziez sosegu emanen deraukuna. Ingurunetako jendaiek lan hortako erakuzkuntza
ederra eman deraukute. Ikusten dugu Taranta
gure ganik aski hurbil altxatzen dena. Falantek
bere lazedemoniendarrekiñ ezarri ditu erresuma
berri horren asentuak. Filoktetek Petilia izen
ematen dio itsas hegi huntan berean altxatzen
duen hiri handi bati. Metaponta ere gisa bereko
kolonia bat da. Gu bezala iheska dabiltzan arrotz
horiek guziek baiño gutiago egiñen ote dugu?
Zoria ez da guretzat garratzagoa.
Noiz-eta-ere solas horietaz ahal bezenbat
gozatzen baiñituen nere lagunen nahigabeak,
nerorrek eziñ jasanezko atsekabea gordetzen
nuen bihotzaren erdian. Sosegu bat zen neretzat
egunaren argia itzal zakidan eta gauaren ilhunbeek ingura netzaten, nere dohamen urrikalgarriaz libroki auhenetan egon ahal niñdediñ. Nigar
karatsa bi zurrutetan abiatzen zen nere bi begietarik eta lo gozoa etzuten gehiago ezagutzen. Su
berri batekiñ lotzen niñtzen biharamunean lanei.
Horra, Mentor, nola atzaman nauzun haiñ zahartua.
Bere nahigabeak erran ondoan, Idomenek
Telemaki eta Mentorri galdegiñ zioten beren
laguntza abiatzen zuen gerla hortako. Erraiten
zioten:
— Itakara igorriren zaituztet gerla akabatu
bezaiñ laster. Bitartean untziak bidaliren ditut
leihorrik urrunen guzietaraiño Ulizen berrien jakitera. Nongo nahiko leihor ezagutura bulkatu
duten pesiak edo jainko zeiñbaten hisia, jakiñen
dut hura hantik atharatzen. Agian bizi da oraiño!
Eta zuek, Itakara bidaliren zaituztet Kretan egundaiño egiñ izan diren untzirik hoberenetan. Jupiter sortu zen Idako mendian berean ebakiak izan
diren zurez egiñak dira. Urean eziñ honda daite
zuhamu sakratu hura. Ikaratzen ditu eta ahalkatzen haizeak eta gerendak. Neptune bera bere
oldarrik handienean ez laite ausarta haren kontra bere tiraiñen bulkatzera. Segur izan zaizte
beraz, estrapurik gabe eta erraxki Itakara bihurturen zaretela eta ez dela gehiago jainko etsairik
izanen haiñbertze itsasotan zuek erabiliren ahal
zaituztenik. Hementik Itakara epaitza laburra da
eta errexa. Hunaraiño ekarri izan zaituzten feniziendar untzia gibelat igorrazue. Ez dezazuela
bertze gogoetarik ibil, baizik eta ere, Idomeneren zorigaitz guzien ahantzarazteko amoreagatik
haren erresuma berria finkatzeko ospea zuen
buruei emateaz. Horra, oi Ulizen semea, zer preziotan izanen zaren zure aitaren gai ezagutua.
Baldiñ dohamen garratzek Plutonen erresuma
beltzera jautsarazi ere balute, Grezia guziak,
zutaz harturik, usteko du zure baitan hura berriz
ikusten duela.
Horren gaiñean, Idomeneri Telemakek solasa
trenkatu zioen, ziolarik:
— Gibelat igor dezagun feniziendar untzia.
Zertan gaude harmak hartu gabe zure etsaiei
jazartzeko? Zure etsaiak gureak bilhakatu dira.
Garhaizia izan baliñbadugu Zizilian, Azezte
troiestarra eta greken etsaiaren alde gudukatzean, ez ote dugu oraiño su gehiago izanen, ez
ote gare jainkoez hobeki lagunduak izanen,
gudukatuko garenean Priamen hiria herrautsi
duten Greziako gizon handi baten alde. Doi-doia
entzun dugun oraklek dudak debekatzen deraizku.
BEDERATZIGARREN LIBURUAREN AKABANTZA
HAMARGARREN LIBURUA
Mentorrek begi ezti eta deskantsu batez
begiratzen ziolarik Telemaki, zeiña jadanik gudutako su bihotzoi batez bethea baitzen, huneletan
mintzatu izan zen:
— Atsegiñ dut, oi Ulizen semea, zure baithan
ikusteaz ospearentzat haiñ lehia ederra, baiñan
orhoit zaitezi zure aita Troieseko sethioan ez
dela haiñ ospe handiaren jabe jarri, ezenetz bere
burua erakutsiz guzietarik umoena eta begiratuena. Achilek, nahiz eziñ bentzu eta eziñ kolpa
zaitekeien, nahiz segur zen laztura eta herioa
eramanen zituela gudukatzen zen toki guzietara,
eziñ hartu izan du Troieseko hiria. Bera erori izan
da hiri hartako murrailla ondora, zeinak garhaizia eraman baitu Hektorren bentzutzaillearen
gaiñean. Baiñan Ulizek, zeiñaren baithan umotasunak bihotza argitzen baitzuen, troiestarren
erdira sua eta herioa eraman izan ditu eta hari
esker erori izan dira dorre gora eta super hek,
zeiñek hamar urtez larderiatu baitzuten Grezia
guzia batera bildua. Zenbatenaz ere Minerba
Marz baiño gorago baita, hanbatenaz ere balentzia begiratu eta ohartu batek gainditzen du
balentzia sukoi eta muthiri bat. Abia gaitezen
beraz jakintsun egiten iharduki behar den gerla
hortako xehetasun[ez]. Ez dut zer nahi lanyeri
ukorik egiten, bainan uste dut, oi Idomene, lehenik behar deraukuzula xehatu heia zure gerla
zuzena den; gero, noren kontra egiten duzun;
eta azkenekotz zer diren zure indarrak, igurik
ahal izaiteko ondorio on bat.
Idomenek ihardetsi zioen:
— Ardietsi giñduenean leihor hau, hemen
ediren giñduen jendaia basa bat oihanetan zabillana, ihizitik eta zuhainek berenaz ekartzen
dituzten fruituetarik bizi zena. Manduriendarrak
deitzen dira. Izitu ziren gure untziak eta harmak
ikustearekin eta mendietara sartu ziren. Baiñan
nola gure ihiztariak tokiaren ikusteaz lehios izan
baitziren eta nahi izan baitziren ihizian oreñei
jarraiki, buru egiñ zuten jende basa iheskari
heiekiñ. Orduan, heien buruzagiek erran zioten:
— Utzi daizkitzuegu zuentzat itsasoko bazter
gozoak. Etzaizku mendi kasik eziñ ibillizko batzu
baizik gelditzen. Zuzen da bederen, hautan
bakean eta libro utz gaitzatzuen. Atzamaiten zaituztegu barbanakatuak eta gu baiño indar gutiagotan zabiltzatela. Gure eskuan laiteke baldin
nahi bazinztegu sarraskitu eta ere zuen lagunei
khendu zuen zorigaitzaren ezagutzea. Baiñan gu
bezala gizonak direnen odolean ez dugu eskurik
busti nahi. Zoazte eta bizia gure gizontasunari
zor duzuela orhoit zaitezte. Ez dezazuela behin
ere ahantz, jendaia ikustaterik gabea eta basa
deitzen duzuen batenganik, begirakortasun eta
bizartasuneko eskola hori izan duzuela.
Hunelatan gibelat gizon heiek kanpetara igorri izan zutenek, zer gerthatu zitzaioten lagunei
erran izan zioten. Gure soldadoak subermatuak
izan ziren. Ahalke zitzaioten bizia zor izatea
gizon iheskari saldo bati, zeiñak iduritzen baitzizaizkoten hobeki zutela hartzen kara ezenetz
gizonena. Ihizira goan ziren lehenbizikoak baiño
multzo handiagoan eta zer nahi harma motarekin. Laster gerthatu zitzaizkoten jende basa hek
eta akometatu zituzten. Gudua sarraskitsua izan
zen. Bi aldetarik flexak airean bazoazen hala
nola harria erortzen baita kalernetan elgi batetara. Gure lagunek bortxatu zituzten beren mendi
xut eta [...]tara zeinetan berak ez baitziren sartzera ausartatu. Hantik laster nere aintziñera
jende heiek igorri zituzten bi agude umo niri
bakearen galdegitera heldu zirenak. Ekarri
zeraizkidaten dohaiñ batzu: azienda basa larru
batzu eta tokiko fruituetarik. Dohaiñak eman
ondoan huneletan mintzatu ziren:
— Oi erregea! Idukitzen ditugu, ikusten
duzun bezala, esku batean ezpata eta bertzean
olibera adar bat (eta egiazki, eskuetan zituzten
bata eta bertzea). Huna bakea eta huna gerla.
Hautazak. Nahiago giñduke bakea. Haren amoreagatik ahalkerik gabe uzten deraukagu itsasoko bazter gozoa, zeiñetan iguzkiak lurra ontzen
eta hanbat fruitu gozo ekartzen baitu. Bakea
fruitu hek guziak baiño gozoagoa duk oraiño.
Haren amoreagatik bildu gituk mendi gora hoietara, bethi hormaz eta elhurraz betheak direnak
eta zeiñetan ez baitira behin ere ikusten ez udaberriko liliak ez eta ere udazkeneko fruituak.
Higuintzetan diagu bortxa gaizkina, zeina ohorezko lehiaren eta ospearen izen ederren azpian,
zoroki goaten baita bazterren desmasiatzera eta
ixurtzen baitu gizonen odola, zeinak oro anaiak
baitira. Baldin gezurrezko ospe hartaz ederresten bahiz, begira daiagu hura lehiatzea. Urrikari
hugu, eta horrelako errabiatik begirat gaitzaten
othoizten ditugu jainkoak. Baldin jakitateak, zeinetaz grekak hanbat artharekin argitzen baitira,
baldiñ kortesiak, zeintaz espantu baiteraukate,
ez badiote bururatzen zuzen-kontra higuingarri
hori baizen, probetxu horiek ez izaiteaz sobra
zorion deraukagu. Ospe deraukagu bethi tonto
eta basa izaiteaz, baiñan zuzen, gizon, fiñ, diruaxolagabe, gutiz askiestera jarraiki, haiñitz
behartsu den delikatasun faun hartaz arbuios.
Peretxugarri zeraukunak dira, osasuna, ontuntzetan begirakortasuna, libertatea, gorputzeko
eta izpirituko indarra, berthutearen amodioa,
jainkoen beldurkundea, gure askazien alderako
ethorki ona, gure adiskideentzat estekamendua,
guzientzat fintasuna, zorionean begirakortasuna, zorigaitzean barne handia, bethi egiaren
ausarki erraiteko bihotza eta lausenguaren
higuintza. Horra zer jende hauzotzat eta adiskidetzat eskeintzen deraizkagun. Baldin jainkoek
samurrez itsutzen bahute bakea ez eman nahi
izaiteraiño, jakiñen duk, baiñan berantegi, begi-
rakortasunez bakea maite duten gizonentzat
gerlan beldurrago izaiteko dela.
Agude hek horrela mintzo zeraizkidalarik ez
niñdaiten heiei begiratzeaz unha. Bizarra luze
zaukaten artharik gabe, illeak laburrago baiñan
xuriak, begiak erneak, bekundea eta patxada
bipilak, solasa maloa eta eskuduna, moldeak
lañoak eta garbiak. Arropatzat zituzten larruak
lotuak zuzten sorbaldaren gaiñean, eta agertzera uzten zituzten alderdi batzu zaintsuak eta
junta batzu gure athletenak baiño haziagoak. Bi
mandatari hoiei ihardetsi nioten bakearen lehia
nuela. Fede onez elkarrekiñ patuak egiñ giñtuen.
Jainko guziak lekhuko hartu giñtuen eta gizon
hoik dohaiñ batzuekiñ beren tokira igorri nituen.
Baiñan jainkoak, zeiñek nere arbasoen erresumatik kasatu bainiñduten, nere toleiatzen etziren oraiño aseak. Gure ihiztariak etzitazkeien
egiñ giñduen bakeaz haiñ laster jakintsun egiñak. Buruz buru egiñ zuten egun berean jende
heietarik saldo handi batekiñ, zeiñek beren mandatariak laguntzen baitzituzten kanpetarik bihurtzen zirelarik. Oldar handi batean akometatu
zituzten. Parte hil zituzten, eta gaiñerakoei oiha-
netara jarraiki. Horra gerla berriz biztua. Jende
heiek uste dute ez daiztela gehiago ez gure agiñtzei ez gure ziñei fida.
Gure kontra indar gehiago izateko, lokriendarrak, apuliendarrak, lukaniendarrak, bruziendarrak, krotoniendarrak, neritarrak, mezapiarrak
eta brindarrak laguntzara deitzen dituzte. Orgato sega zorrotzdunekiñ heldu dira lukaniendarrak. Apuliendar bakotxa berak hil duen zenbait
azienda basaren larruaz estalia da. Ibiltzen dituzte makhila borra batzu konkor handiz, eta burdiñ
mokoz betheak. Handi dira hurran diganteak
bezenbat eta heien gorputzak haiñ bortizten dira
lan penhatuetan non hek ikusteak berak lazten
baitu. Lokriendarrak Greziatik ethorriak dira.
Ezagun dute oraiño zer iraulgitarik diren. Bertzeak baiño bihotz beratzagokoak dira, baiñan
tropa greketako ordenu zorrotzarekiñ hanko
jende basen indarra badute eta bizitze dorpe
bati jarriak dira. Horren medioz eziñ bentzutuak
dira. Zumezko erredola ariñ batzu larruz estaliak
erabiltzen dituzte. Heien ezpatak luzeak dira.
Bruziendarrak lazterka oreñak eta orkatzak
bezain zalhuak dira. Iduri du, belharrik goxoena
bera, heien oiñen azpian ez dela zapatzen. Ikusten dira bat-batean beren etsaien gaiñera jauzten eta higual agudo suntsitzen. Krotoniendarrak
flexak tiratzen artexak dira. Greketarik edozeñek
eziñ banda liro krotoniendarren artean ardurenik
ikusten diren arkoak eta egun batez destatzen
badira gure jokoetan, nausituren dira. Heien flexak bustiak dira Abernako ondoan heldu omen
diren belhar batzuen urinean. Heien pozoiñak
herioa ematen du. Neritakoek, Mezapiakoek eta
Brindakoek ez dute bertze onik gorputzeko indarra eta balentzia antze gabeko bat baizen. Etsaia
ikustearekiñ heiek zeruetaraiño egiten dituzten
orroak izigarriak dira. Aski artexki erabiltzen
dute habala eta babazuzak bezala airea harriz
goibeltzen dute, baiñan guduan ez dute ordenurik idukitzen.
Mentor, horra zuk jakiñ nahi ziñduena. Gerlaren ithurburua eta nor diren gure etsaiak orai
ezagutzen ditutzu.
Garbitasun hori egiñ ondoan, Telemakek
lehen bai lehen gudura nahiz, uste zuen etzuela
gehiago harmen hartzea baizen. Mentorrek gel-
diarazi zuen oraino, huneletan Idomeneri mintzatzen zelarik:
— Nondik heldu da lokriendarrak berak, Greziatik atharaiak, greken kontra jende basa horiekin bateratzen direla? Nondik heldu da horrenbertze kolonia greka itsas bazter huntan berean
ospetan jartzen direla, zuk bezala gerlarik ihardukitzeko izan gabe? Oi Idomene! Diozu ez direla oraiño jainkoak zure toleiatzen aseak, eta nik
diot etzaituztela oraiño aski argitu. Hanbat zorigaitz egarri ditutzunek, ez derautzute oraiño
gerlatik begiratzeko zer egiñ behar den erakatsi.
Jendaia basa haren fede onaren gaiñean zeronek
erran ditutzunak aski dira erakusteko harekiñ
bakean bizi ziñtakeiela, baiñan gerlarik lanjerosenak erakartzen dituzte burgoitasunak eta larderiak. Heienganik har eta heiei eman ziñetzakeien bahiak. Heien mandatariekiñ zure azpiko
aiñtziñdarietarik zenbait igortzea etzitakeien
nekhe, hek salburik gibelat bihurrarazteko. Gerla
hori berrituz geroztik, eztiarazi behar ziñtukeien
heiei erakutsiz akometatuak izan zirela, adiskidantzazko patuak ziñen azpian egiñak zirela
jakiñ gabez. Behar zitzaioten nahi zituzten
segurtasun guziak eskeiñi eta gaztigu garratzak
manatu patuari huts egiñen zuten zure azpikoen
kontra. Baiñan zer gerthatu da gerla hasiz geroztik?
Idomenek ihardetsi zioen:
— Uste izan nuen gure buruak apaldu gabe
ez giñztakeiela jendaia basa haren ondotik ibil
zeiñak herresakan bildu baitzituzten gerlako on
zituzten gizon guziak eta zeiñek laguntzara
othoiztu baitzituzten hauzoetako jendaia guziak
eta heiei nabarmen eta higuin eragin giñduten.
Iduritu zitzaudan biderik hoberena zela berehala
hartzea mendietan iragangia gaizki zaiñduak
ziren batzu. Hartu izan giñtuen erraxki eta horrela jarri gira jendaia basa hura nahi dugun bezala
toleiatzeko heinetan. Han altxarazi ditut dorre
batzu, zeiñen barnetik gure soldadoek flexez
xahuturen baitituzte mendietarik gure lurretara
ethor laizteken etsai guziak. Heien lurretan nahi
dugunean sar gainteke eta heien herri berezienak desmasia. Horren medioz, indar gutiagorekiñ gure inguruan diren etsaiezko oste eziñ kondatu hari buru egiteko heiñetan gare. Gaiñerakoan, bakea heien eta gure artean haiñitz nekhos
bilhakatu da. Dorre hek eziñ utz ditzoketegu
heien gaixtakerien menturari jarri gabe, eta
heiek begiratzen diote heien gathibu eragiteko
nahi ditugun zitadela batzuei bezala.
Idomenei Mentorrek huneletan ihardetsi
zioen:
— Errege zuhur bat zare eta nahi duzu eztitasunik batere gabe erakuts dezazuten egia. Hura
ikus beldur diren, etzira gizon flux heien pare,
beren buruen ganbiatzeko bihotzik ez izanez,
hutsegiñen gogortzeko baizen ez baitu beren
eskudantzia erabiltzen. Jakiñezazu, beraz. Eskola miragarri bat eman derautzu jendaia basa
hark zuri bakearen galdegitera ethorri denean.
Apaltasunez galdegiten ote zautzun? Bihotz edo
indar eskasetan ote zen zure kontra? Ikusten
duzu segur ezetz, haiñ gerlaria denaz geroz eta