Telemake - 05

sobrakinaren lehiaz beren buruak dohakabetzen
dituzte. Lañoki bizi nahi balute eta egiazko beharren sasiatzeaz askietsi, nasaizia, bozkarioa,
bakea eta batasuna orotan ikus laitezte.
Hori Minozek, errege guzietarik zuhurren eta
hoberenak ezagutu zuen. Irla huntan espantagarrienik ikusiren dituzun gauza guziak haren
legeen ondoreak dira. Haurrak altxarazten
zituen moldeak gorputzak sanho eta hazkar eragiten ditu. Laketarazten dira lehenik bizitze
arront, zuhur eta langile bati. Ustez gozokeria
guziek gorputza eta izpiritua guritzen duztela,
etzaiote behin ere bertze atseginik aipatzen,
ezenetz ospe handitan jartzea, eta prestutasunaren medioz ezin bentzutuak bilhakatzea. Ez da
hemen bakarki bihotza emaiten herioaren
arbuioan gerlako hesturetan, bainan oraino aberastasun sobra handien eta atsegin ahalkagarrien ostikatzean. Bertze jendaien artean egar-

tzen diren hirur bizio gaztigatzen dira hemen:
ezagutzagabetasuna, egoskeria eta jaramantasuna.
Handiratasunak eta nagikeriak ez dute zebatu beharrik, ezen Kretan ez dira ezagutuak. Han
guziak lanean hari dira, eta nehork ez dute aberasterik amesten. Bat bederak bere nekeez bere
burua askietsia derauka bizitze ezti eta begiratu
batez, zeinetan egiazki premia diren gauza
guziez bakean eta nasaizian gozatzen baita. Han
ez da behar ez etxeko tresna balios, ez arropa
berregindu, ez bazkari handi, ez jauregi urheztaturik. Arropak ile hautuzkoak dira eta karantza
ederrekin, bainan higualak zeiherkadurarik
gabe. Ontuntzak zuhurrak dira, arno gutirekin.
Ogi ona parterik hoberena da, zuhainek berariaz
bezala eskeintzen dituzten fruituekin eta artaldeen esnea. Gorenaz ere, han, zenbait haragi
pozin onkailurik gabe jaten da, eta oraino, laborantzaren argiarazteko, artalde larrietan diren
idirik ederrenak begiratzeko arta hartzen dutelarik. Han etxeak garbiak dira eta atseginak, bainan edergailurik gabe. Argindura superra ezagutzen dute, bainan jainkoen tenploentzat berezia

da, eta gizonak ez laizte ausarta beren egoitzak
izaitea, herioaren nausienen pare. Kretoarren
ontasun handiak dira osagarria, indarra, bihotzoitasuna, etxe barneko bakea eta batasuna,
herritar guzien libertatea, premiazko gauzen
nasaizia eta sobrakinen arbuioa, laneko ohikuntza eta alferkeriaren higuintza, prestutasunean
elkarren lehia, legeei amorra eta jainko zuzenen
beldurkundea.
Galdegin nioen heia zertarainokoan zen erregeren eskundantzia, eta ihardetsi zeraudan:
— Nausitasun osoa badu bere azpikoen gainean, bainan nausitasun bera legeek badute
haren gainean. Ongiaren egiteko indarrik hedatuenak baditu eta eskuak amarratuak gaizkia
egin nahi duen ordu beretik. Legeek, populuak
eskuetara emaiten diotzate, zaintzeko gauzarik
baliosena bezala, bere azpikoen aita izaitekotan.
Nahi dute gizon bakar bat bere zuhurtziaz eta
begirakortasunaz hanbat gizonen zorionari zerbitza dedin, etez hanbat gizon, bakar baten
urguiluaren eta faunkeriaren, bere erromeseriaz
eta gathibutasun apalaz lausengatzeko zerbitza
ditezin. Erregek ez du deusere behar bertzeek

baino gorago, salbo bere eginbide nekhatuetan
laguntzeko premia direnak eta populuei ibentzeko legeak ihardukarazi behar dituenaren ahalkea. Bertzalde, erregek behar du bertze nor
nahik baino nagikeriaren etsaiago. Jan-edanetan, urguiluan eta handiratasunean begiratuago.
Ez du bertze gizonek baino aberastasun eta
atsegin gehiago behar, bainan zuhurtzia, prestutasun eta ospe gehiago. Kanpoan behar du
herriaren begirale armadak manatuz, eta barnean populuen juje, heien on, zuhur eta dohatsu
eragiteko. Jainkoek ez dute beretzat egin errege.
Ez da hala populuen gizona izaitekotzat baizen.
Populuei ditu zor bere asti guziak, bere arta
guziak, bere amodio guzia, eta ez du erreginatzea merezi non ez duen bere burua ahanzten,
bere buruaz arnegu egiteko populuen onaren
gatik.
Minozek ez du nahikatu bere haurrak ondotik
erregina zitezin, lege horien arabera erreginatzekotan baizen. Bere populua bere haurrak
baino maiteago zuen oraino. Horrelako zuhurtziaz hanbat bothere eta zorion ibeni du Kretan.
Begirakortasun hortaz itzali zuen gerlari handi

guzien ospea, zeinek beren populuak zerbitzarazi nahi baitituzte beren handitasunari, erran nahi
da, beren urguiluari. Azkenean, bere zuzentasunaz merezitu du ifernuan izaitea hilen juie soberanoa.
Mentorrek solas horiek ihardukitzen zituelarik, irlan leihorreratu ginen. Ikusi ginduen labirenta aipatu hura, Dedale antzosaren lana, Egiptoan ikusi izan ginduen labirenta handiaren idurian egina. Etxe ikusgarri hari begira ginaudelarik, ikusi ginduen itsas bazterra jendez estalia
eta multzuan itsasotik hurbilsko zen toki batetara laster egiten zutela.
Galdatu ginduen heia zer zuten laster hura,
eta huna zer erran zeraukun Nozikrate deitzen
zen kretoar batek:
— Idomene, Dukalionen semea eta Minozen
ilobasoa, Greziako bertze erregeak bezala, goan
zen Troiesko sethiora. Hiri hura herraustu ondoan, untzietan abiatu zen Kretako aldera. Bainan
kalerna bat hain muthiria altxatu zen, non haren
untziko lema idukitzen zuenak eta itsasoetan
ezagutza duten bertze guziek ere nofraia ezin
bertzea zela uste izan baitzuten. Bat bederak

ikusten zuen herioa begien aintzinean. Bat bederak itsasoko hondarrak ikusten zituen hurrupatzeko hirrikatuak. Bat bederak bere zorigaitzaz
heiagora zuen. Etzuen ere xoilki igurikitzen ehortziak izanik, Stixa iragaiten duten itzalen pausu
lastimatia. Idomenek begiak eta eskuak zerura
goitituak othoitzen zuen Neptune. Oihu egiten
zuen:
— Oi jainko botheretsua, itsasoetako erreinua idukitzen duzuna, dohakabe bat entzun
dezazu! Haizeen oldarraren bortxa Kretako
leihorrera helarazten balin banerauzu, agertuko
zaudan lehenbiziko burua sakrifikaturen derautzut.
Bizkitartean, haren semea, lehen bai lehen
bere aita ikusi nahiz, haren besarkatzera laster
egiten zioen bidera. Dohakabea, bere galtzapenera laster egitea zela etzakiena! Aita, pesiatik
begiratua, hanbat lehiatu portu hartara heltzen
hari zen. Neptuni eskerrak bihurtzen zioizkien
zeren entzun izan zituen haren botuak. Bainan
laster ezagutu zuen zein ondikozkoak zitzaizkon
bere botuak. Bere zorigaitzaren iduripen batek,
hain guti umoturik egin zuen botuaz urriki samin

bat ibentzen zioen. Bere herritarren erdira agertzeaz lazten zen eta ikaran zagon beldurrez ikus
lurraren gainean zuen gauzarik maitena. Bainan
Nemeziz krudelak, jainkosa urrikalmendurik
gabea eta bethi gizonen eta bereziki errege
superren gaztigatzeko erne dagoenak, ageri
gabe, esku ondikozko batez bulkatzen zuen Idomene. Heltzen da. Begien altxatzera doi doia
menturatzen da. Bere semea ikusten du. Lazturik gibelatzen da. Haren begiek bilhatzen dute,
bainan alferretan, gutiago min egiten dioen bertze buru bat bitimatzat zerbitzatzeko.
Bizkitartean semea lepora jauzten zaio eta
guzia harritua gelditzen da aitak hain gaizki ihardesteaz haren amodioari. Nigarretan urtzen
ikusten du.
— Oi nere aita! —erraiten dio—. Zerk emaiten derautzu bihotzmin hau? Zer! Hain luzez
urrundua egon ondoan urriki ote duzu bada zure
burua berriz ikusteaz zure erresuman eta zure
semearen bozkalentzia egiteaz? Zer egin dut? Ni
ikus beldurrez begiak aldaratzen dituzu.

Atsekabean sartua, aitak etzuen deusere
ihardetsi. Noizbait, hasbeherapen luze batzuen
ondoan erran zuen:
— Oi Neptune! Zer agindu deraiat! Zer preziotan nofraiatik begiratu nauk! Bihur nezak uhin
eta harkadiei, zoinek ni puskatzean, akabatu
behar baitzuten nere bizi dohakabea. Utzak nere
semea bizitzera. Oi jainko krudela! To, huna nere
odola, horrena utzak.
Solas horiekin batean ezpata atara zuen bere
buruari sartzeko, bainan haren inguruan zirenek,
baratu zioten besoa.
Zofronime zaharra, jainkoen xedeen erraileak, seguratu zioen, bere semeari heriotzea
eman gabe, Neptune askies zezakeiela.
— Zure agintza —zioen—, ez da umoa izan.
Jainkoak ez dira gizon odolaz ohoratu nahiak.
Zure agintzaren hogenari begira duzula eratxikitzetik haren bethatzea lege guzien kontra. Ehun
zezen elhurra baino xuriagoak eskein zotzu Neptuni. Haren aldare, liliz khoroatuen inguruan
ixur-arazazu heien odola. Jainko haren ohoretan
altxaraz zazu isentsu goxo baten khea.

Burua beheititua eta ihardetsi gabe, Idomenek entzuten zituen solas horiek. Errabiak haren
begietan argitzen zuen. Haren begitarte hitsa
eta desegina noiz nahi mudatzen zen. Haren
alderdi guziak ageri ziren ikaran. Bizkitartean
semeak erraiten zioen:
— Huna non naizen, aita. Neptunen emarazteagatik, zure semea heriotzerat abian da. Ez
dezazula haren hisia zure gainera bihur. Gogotik
hilen naiz, nere heriotzeaz zuretik begiratua izanen zaituenaz geroz. Jo zazu, aita. Etzaitezila
beldur izan nitan edireitea seme bat zutaz gai ez
dena eta herioak izitzen duena.
Orduan Idomene, bere baitarik galdua, eta
ifernuko fuliek toleiatzen balute bezala, hurbildanik begia idukitzen zioten guzien oharkabean,
ezpata sartzen du haur haren bihotzean. Khea
eta odola dariola atharatzen du bere buruari sartzeko. Oraino berriz lotzen zaitzo inguruan zituen
jendeak.
Haurra bere odolean erortzen da. Heriotzeko
lanbroez goibeltzen dira haren begiak. Argiari
erdi-zabaltzen ditu, bainan hura ediren bezain
laster ez diro gehiago jasan. Nola alhorren

erdian Ama-lili eder bat, pikoiak bere erroan ebakia, iraungitzen da eta gehiago xutik ez dagoke.
Ez ditu oraino galdu xuritasun bizi hura eta
begiak zoratzen dituen distira hura, bainan ez du
gehiago lurrak hazten, eta iraungi da haren
bizia. Higual Idomenen semea, lili gazte eta
samur baten pare, ebakia da bere haurtasunetik.
Aita, atsekabearen minenean, sorhaiotzen
da. Ez daki non den, ez zer hari den, ez zer egin
behar duen. Kordokan badoha hiriko aldera eta
bere semea galdegiten du.
Bizkitartean populuak, haurrarentzat urrikaldua, aborritzen zuen aitaren egitate izigarria eta
oihu egiten zuen jainko zuzenek fulien eskuetara
eman zutela. Errabiak emaiten diotza harmak.
Makilak eta harriak biltzen ditu. Makurrak bere
pozoadura beltzaz bihotz guziak gaizkuratzen
ditu. Kretoarrek, kretoar zuhurrek, hanbat maitatu duten zuhurtzia ahanzten dute. Ez dute gehiago Minoz zuhurraren ilobasoa ezagutzen. Idomenen adiskideek ez dute gehiago harentzat
untzietan baizik salbamendurik edireiten. Harekin sartzen dira heien barnean eta uhinen gogara ihes egiten dute. Bere baitara itzuli zenean,

Idomenek eskerrak bihurtzen diotzate zeren
athara duten bere semearen odolaz busti duen
lur batetarik eta zeintan gehiago ezin egon bailaite. Hezperiako aldera haizeek bulkatzen dituzte eta zalantindarren lurretan erresuma berri
baten asentatzera badoazi.
Bizkitartean kretoarrek ez dute gehiago erregerik. Baten berezteko xedea hartu dute, zeinak
oraiko legeak bere garbitasunean begiraturen
baititu. Huna nola egin behar duten hautamen
hori. Hemen bilduak dira ehun hirietako lehenbiziko guziak. Jadanik sakrifizioetarik hasi dira.
Gizon zuhur aipatuen guziak inguruko lekuetarik
bilarazi dituzte, manatzeko gai agertuko direnen
zuhurtasuna ikar dezaten amoreagatik. Arrimatuak dira joko publikoak. Han gudukaturen dira
erregetasuna nahi duten guziak, ezen erreinua
saritzat eman gogo diote izpirituz eta gorputzez
bertze guzien garhaitzaile berezten dutenari.
Errege bat nahi dute gorputzean indar eta maina
duena eta arima zuhurtziaz eta prestutasunaz
berregindua. Hunat arrotz guziak deituak dira.
Iztorio harrigarri hori guzia kondatu ondoan,
Nozikratek erran zeraukun:

— Oi arrotzak, laster egizue beraz gure bilkura Bertzekin gudukaturen zarete eta zuetarik
bati garhaizia dohatu balin badiote jainkoek,
haina leku hautan erreginaturen da.
Jarraiki gintzaizkon bentzutzeko lehiarik batere gabe, bainan xoilki hain sendagaila handiaren
ikusteko nahikundeagatik.
Oihan handi batez inguratua den zirka zabal
batera heldu ginen. Zirkaren erdian gudularientzat toki bat xuxendua zen. Inguruan, zohizko
jarleku batzuen gainean ezin kondatuzko oste
bat lerroka jarria bazagoen. Heldu ginenean,
ohorezki errezibituak izan ginen, ezen kretoarrak
dira populurik noblekienik eta artoskienik arrotzak errezibitzen dituztenak. Jarrarazi gaintuzten
eta gonbidatu guduetara. Mentor bere adinaren
gainean aitzakiatu zen eta Azael bere osagarri
mendrearen gainean.
Ene gaztetasunak eta ene indarrak etzerautaden estakururik uzten. Halarik ere, begia eman
nioen Mentorri haren gogoko berria jakiteagatik
eta ezagutu nuen guduka nindedin nahi zukeiela. Onhetsi nuen beraz egina izan zerautan
eskeintza. Nere arropetarik buluzi nintzen, olio

gozo eta distirant batez gantzutu zuten nere gorputz guzia eta bertze gudularien artean nahasi
nintzen. Alde guzietara hedatua izan zen Ulizen
semea zela prezioa eraman nahiz etorria eta
nere haur denboran Itakan izan ziren kretoar
zonbaitek ezagutu ninduten.
Lehenbiziko gudua borroka izan zen. Hogoi
eta hamabortz urtetako errodiendar batek aintzinera menturatu zitzaizkon guziak garhaitu
zituen. Gaztetasuneko indar guzian zen oraino.
Haren besoak zaintsuak ziren eta ongi haziak.
Den gutiena higitzean haren zain guziak ageri
ziren. Higual hazkar eta zalhu zen. Etzitzaioen
iduritu garhaitua izaitea merezi nuela eta urrikariz begiratzen ziola nere adin guriari, nahi izan
zen gibelat itzuli, bainan aintzinera jarri natzaioen. Orduan bata bertzeari lothu ginen. Hatsa gal
arteraino elkar tinkatu ginduen. Sorbalda sorbaldaren kontra, zangoa zangoaren kontra, zain
guziak tiran eta besoak sugeak bezala amarratuak, bat bedera, bere partidari lurra galarazi
nahiz, bere egin ahal guziez bermatzen zen.
Aldiz destatzen zen eskuinera bulkatuz, artearen
atzamaitera, aldiz ezkerrera makurrarazi nahiz,

egin ahalak bazaramatzan. Horrela haztakan
hari zitzaudalarik, halako oldarrean bulkatu
nuen, non haren erraiek amor eman baitzuten.
Erori zen legarraren gainera, eta berekin eraman
ninduen. Ni azpira beharrez alferretan bermatu
zen, kantitu gabe nere azpian iduki nuen. Populu guziak oihu egin zuen: «Garhaizia Ulizen
semeari!». Eta xutitzen lagundu nuen errodiendar ahalkatua.
Eskularruaren gudua gaitzagoa izan zen.
Zamoztar aberats baten semea, gudu hartan
ospe handitan jarria zen. Guziek nausi utzi zuten.
Bakarra izan nintzen garhaitziaren irritsa zuenik.
Hasteko, eman zerauzkidan behin buruan eta
gero bulharretan odola goiti eragin zerautaden
ukaldi batzu eta zoinek lanbro beltz batez begiak
ilhundu baitzeraizkidaten. Kordokatu nintzen.
Bulkatzen ninduen eta ez niron gehiago hatsik
har. Bainan berriz sutan ezarri ninduen Mentorren bozak. Oihu egiten zeraudan:
— Oi Ulizen semea, garhaitua ote zindeke?
Errabiak indar berri batzu eman zeraizkidan.
Hutsegin nintuen bentzutuko ninduten zonbait
ukaldi. Zamoztarrak ukaldi huts bat ekarri bezain

laster, haren besoa alferretan hedatzen zenean,
makurtua zagoelarik joiten nuen. Jadanik gibelka
zohan, eskularrua goititu nuenean indar gehiagorekin haren gainera erortzeko. Huts-egin nahi
izan zuen eta kordokan jartzearekin lurrera ardikitzeko bidea eman zeraudan. Lurrera erori zen
bezain laster eskua xutitzeko hedatu nioen.
Altxatu zen bera herrautsez eta odolez betea.
Haren ahalkea ezin gehiagokoa izan zen, bainan
guduaren berritzera etzen ausartatu.
Berehala hasi zen karrosen lasterra, zoinak
zortera emanak izan baitziren. Arroden arintasunez eta zaldien indarrez nerea txarrena gertatu
zen. Abiatzen gara. Herrauts zirimola bat airatzen da eta zerua gordatzen du. Hastean bertzeak utzi nintuen aintzintzera. Lehenik Krantor
deitzen zen lazedemoniar gazte batek guziak
gibelean uzten zituen. Poliklete kretoarra hurbildanik jarraikitzen zitzaioen. Ipomake, Idomenen
ahaideak, haren erreinuaren ondoregoaz lehia
zuen. Sokak largaturik bere zaldiei, izerdiz khea
zariotela, dena heien ilaia harroen gainera
makurtua zohan eta haren arroden lasterra hanbatekoa zen non, airean dohan arrano baten

hegalen pare, ez baitzuten higitzen zirela iduri.
Nere zaldiak ernatu ziren, eta emeki emeki
hatsera jarri. Hainbertze surekin abiatu zirenetarik guziak hurran gibelat utzi nituen. Ipomake,
Idomenen ahaideak, bere zaldiak sobra bulkatzen zituen. Hazkarrena behaztopatu zen eta
bere erorikoaz nausiari erreinuan irritsa galarazi
zioen.
Polikletek, sobra makurtuz zaldien gainera,
kordokaldi batean ezin iharduki zuen. Erori zen,
sokak eskutik lerratu zitzaitzon eta sobra zorion
herioari eskapa ahal izaiteaz. Krantorrek errabiazko begi batzuekin hurbil-hurbila nintzela
ikusten ninduen. Erresumindurik bere sua, aldiz
jainkoak othoizten zituen eta emaitza aberats
batzu agintzen ziotzaten; aldiz bere zaldiei mintzo zen heien subermatzeagatik. Zedarriaren eta
beraren artean iragan nindedin beldur zen, ezen
nere zaldiak harenak baino hobeki begiratuak,
haren aintzintzeko gai ziren. Niri bidearen zerratzea zuen bere azken giderra. Hartarakotz arroda zedarriaren kontra lehertzera destatu zen.
Nahi bezala lehertu zuen. Haren nahasmenduan
ez sartzeko inguruaren agudo egitera destatu

nintzen eta apur batez mugaren buruan ikusi
ninduen. Oraino behin populuak oihu egin zuen:
«Garhaizia Ulizen semeari! Hori da jainkoek gure
gaiñean erregiñatzeko berezten dutena!».
Bizkitartean kretoarretarik deitatuenek eta
zuhurrenek, oihan zahar eta sakratu, gizon profanoen begietarik urrundua den batetara eraman gaiñtuzten. Han bildu gaiñtuzten Minozek
populuen juie eta legeen zaiñ ibeni zituen zaharrek. Jokoetako gudulari berak giñen. Etzen bertze nehor harat haizu izan. Zaharrek Minozen
lege guziak idukitzen dituen liburua zabaldu
zuten. Ahalketua eta balditua nere burua ediren
nuen hurbildu niñtzenean zahar hekiei, zoiñak
adiñak, izpirituko indarrik gutitu gabe, ahalkezun
eragiten baitzituen. Lerroan jarririk, geldi-geldiak zauden beren tokietan. Heien ileak xuriak
ziren. Askok etzuten kasik batere. Heien bekunde umoetan zuhurtzia ezti eta deskantsu baten
distiadura ageri zen. Etziren mintzatzera kexatzen. Etzuten erraiten erran behar zutela gogoan
hartu izan zuten hura baizik. Gauza baten gainean etzitzaiotenean higual iduritzen, hain begiratuki egiten zuten xuritasuna, non guzien

usteak higualak zirela iduriko baitzen. Iraganaren jakitate luzeak eta lanaren ohikuntzak asmu
gorak emaiten ziotzaten gauza guzien gainean.
Bainan huna zerk heien adimendua gehienik
argitzen zuen: heien izpiritu deskantsatuak,
lehia erhoei eta gaztetasuneko par guziei
gaihenduak. Heien baitan bakarrik zuhurtzia
zerabilan. Heien prestutasun iraunkorraren fruitua zen beren parrak hain ongi zebatu izaitea
non errexki prezatzen baitzuten adimenduaren
entzuteko atsegin gozoa eta noblea. Hekiei miretsia nindagoelarik, nahiko nukeien nere bizia
labur ahal zitekedin, bat batean jausteko hain
zahartze prezagarrira. Dohakabea edireiten
nuen gaztetasuna hain lasterra izaiteaz eta hain
urrundua hanbat prestutasun deskantsutik eta
argitutik.
Zaharren aintzindariak Minozen legetako
liburua ideki zuen. Liburu handi bat zen, arduraz
urhe kopa batean baltsamuz estalirik egoten
zena. Errespeturekin zahar guziek musu eman
zioten, ezen erraiten dute jainkoen ondotik, zeinetarik heldu baitira lege onak, deusere ez dela
hain sakraturik behar gizonei nola heien on,

zuhur eta dohatsu eragiteko legeak. Nork ere
populuen manatzeko eskutan baititu legeak, hainak bethi bere burua legeez manatzera utzi
behar du. Legea etez gizona erreginatu nahi da.
Hunelakoak ziren gizon zuhur heien solasak.
Gero buruzagiak eman zituen hirur galde, zoinak
Minozen erranetarik trenkatubehar baitziren.
Lehenbiziko galdea zen jakitea heia zein den
gizon guzietarik libroena. Batzuek ihardetsi
zuten, errege bat zela bere azpikoen gainean
eskudantzia oso bat zuena eta garhaizia bere
etsai guzien gainean. Bertze batzuek gizon bat
zela, zioten, hain aberatsa, non bere nahikara
guziak askies baizetzakeien. Bertze batzuek
erran zuten gizon bat zela eskontzen etzena eta
bere bizi guzia piaietan zabilana, behin ere
nihongo legeei azpiratu gabe. Zenbaitek asmatu
zuten gizon basa bat zela, oihanetan bere ihizitik
biziz, lege eta behar guzietarik salbo zena. Bertze batzuek uste izan zuten gathibu bat zela,
berriki libratua, zeren gathibutasuneko garraztasunetarik lekora, libertatearen gozoak nor-nahidenek baino hobeki prezatzen baitzituen. Bertze
batzuei azkenekotz gogoratu zitzaioten erraitea,

hiltzera zohan gizon bat zela, zeren herioak
guzietarik salbo ezartzen baitzuen, eta gizon
guziek elkarrekin demendren eskudantziarik ez
baitzuten haren gainean.
Nere aldia ethorri zenean, erraxki ihardetsi
nuen, zeren ez bainuen ahantzi Mentorrek ardura erran izan zeraudana. Ihardetsi nuen:
— Gizon guzietarik libroena da, gathibutasunean berean libro izan daitena. Zein-nahi tokitan, zein-nahi heinetan gerta gaitezin, osoki libro
gara jainkoen beldurra balin badugu eta bertze
nehorrenik ez. Hitz batez egiazki libro den gizona da, beldur eta nahikari guzien axolarik gabe,
jainkoen eta bere adimenduaren eskudantzia
baizik ezagutzen ez duena.
Zahar guziak irri aire batekin elkarri begira
jarri ziren eta nere solasa Minozen errana bera
zela ikusteaz baldituak gelditu ziren.
Gero hunela emana izan zen bigarren galdea:
— Zein da gizon guzietarik dohakabeena?
Bat bederak gogora heldu zitzaioena erraiten
zuen.
Batek zioen:

— Hura da gizon bat, ontasunik, osagarririk
ez ohorerik ez duena.
Bertze batek erraiten zuen:
— Hura da adiskiderik ez duen gizon bat.
Zonbaitek erraiten zuten, hura zela gizon bat
ikustate gabeko haurrak zituena eta haren odolaz gai etzirenak. Ethorri zen Lezbozeko gizon
zuhur bat zeinak erran baitzuen:
— Gizon guzietarik dohakabeena da, bere
burua hala deraukana. Dohakabetasuna ezik
gutiago derraika oinhazeari berari ezenetz irakidurari, zeinarekin gure dohakabetasuna mintzen
baitugu.
Solas hunen gainean guziak miretsirik mintzatu ziren. Laudoriorik baizik etzen, eta bakotxak uste izan zuen galde hartako prezioa Lezboztar zuhurrak eramanen zuela. Bainan nere
ustea galdegin zerautaden, eta Mentorren sinesteen arabera ihardetsi nuen:
— Gizonik dohakabeena da errege bat, bertze gizonak dohakabe eraginez, bere burua
dohatsu deraukana. Bere itsutasunaz bi aldiz
dohakabe da, bere zorigaitza ez ezagutuz. Ez
daite hartarik sendo eta hari ohartzeaz ere bel-

durti da. Egiak ez diro, lausengatzaileen ostearen artetik, hura ganaino biderik egin. Bere lehia
burgoiez toleiatua dabila. Ez ditu bere eginbideak ezagutzen. Ez du egundaino ongiaren egiteko atsegina gozatu, ez etere frogatu prestutasun garbiaren maitagarritasuna. Dohakabe da
eta merezi du. Egun oroz haren zorigaitza handitzen hari da. Bere galtzapenera lasterrean doha
eta jainkoak akabantza gabeko gaztigu batez
haren konfonditzera dohazi.
Lezboztar zuhurra bentzutu nuela guziek
aitortu zuten eta zaharrek erran zuten, Minozen
xede bera ediren nuela.
Huna zer izan zen hirugarren galdea:
— Zein da hobe, ala errege konkest egile,
gerlan ezin bentzutu bat, ala errege bat gerlako
jakitaterik gabea, bainan bakean bere azpikoak
zuhurki argitzeko gai dena?
Gehienek gerlan ezin bentzu zaiten erregea
zela hobe ihardetsi zuten ziotelarik:
—Zertako da bakean manatzen dakien errege bat, gerla heldu denean erresumaren begiratzen ez balin badaki? Etsaiek garhaituren dute
eta haren azpikoak gathibu eraginen.

Zonbaitek bakezko erregea hobe zela erraiten zuten, zeren, gerlaren beldurrez, bere artez
ihes eginen baitzioen. Bertze batzuek erraiten
zuten, errege gerlari bat, berearen bezain ongi,
populuaren ospearen hedatzera destaturen zela
eta bere azpikoak bertze populuen nausi eraginen zituela. Bakezko errege batek ordean, nagitasun ahalkegarri batean idukiren zituela. Nere
sinestea jakin nahi izan zuten. Hunela ihardetsi
nuen:
— Edo gerlan edo bakean baizik manatzen ez
dakien erregea, eta hein horietarik bietarik
batean baizen bere populuaren erabiltzeko gai
ez dena, erdizkako errege bat da. Bainan hurbiltzen balin baduzu gerlan baizik ez dakien errege
bat, bertze errege zuhur bati, zoinak, gerlan
jakin gabe, behar orduetan, bere azpiko aintzindariez gerlaren ihardukitzeko gai baita, hau
hobe dela edireiten dut. Guziz gerlara bihurtua
den erregeak bethi gerla nahi luke, bere ospea
eta bere nausitasuna hedatzeagatik. Erromes
eragin letzake bere azpikoak. Heientzat zer luke
balio erregek bertze jendaiak bentzu ditzan,
berak haren erreinuan dohakabe balin badira?

Bertzalde, bethi gerla luzeek beren ondotik, hainitz nahasmendu dakarkete. Garhaitzaileak
berak, biahorezko ordu hetan norabait barraiatzen dira. Ikus zazu Troiesen bentzutzea zer
gosta zaikan Greziari. Hamar urtez baino gehiagoz bere erregeetarik gabetua izan da. Gerlaz
bazter guziak sutan direnean, legeak, laborantza, antzeak iraungitzera daude. Gerla bati iharduki behar diotenean, erregetarik hoberenak
berak bortxatuak dira gaizkirik handienaren egitera, zoina baita barraiaduraren jasaitea eta
gizon gaizkinez zerbitzatzea. Zenbat gaixtagin
ez da bakean gaztiga leiztekeienik eta zoinen
ozartasuna sariztatu behar baita gerlako nahasmenduetan! Egundaino populu batek ez du errege gerlaririk izatu, haren anbizioneagatik hainitz
jasaitekorik izan gabe. Gerlari batek, bere
ospeaz zoratua, hurran populu bentzutuak
bezenbat erromesten du bere populu garhaitiosa. Bakean premia diren jakitateak ez dituen
erregeak, zorionez akabatua izan den gerla
baten fruituak ez detzoke bere azpikoei gozaraz.
Hura da hala nola gizon bat bere ontasuna hauzoenganik begiratzen dakiena eta heienez ere

zuzen kontra jabe leitekena, ordean, uzten biltzeko, ez heien iraulden ez eraiten ez lakikena.
Holako gizon batek iduri du, barraiatzeko, sakailatzeko, lurraren azpikoaz gora itzultzeko sortua,
eta ez populu baten dohatsu eragiteko manamendu zuhur batez.
Goazen orai errege bakezkora. Egia da konkesta handiez ez dela gai, erran nahi da, ez dela
sortua bere populuaren zorionaren asaldatzeko,
zuzentasunak haren azpiko ezarri ez dituen
populuak bentzutu nahiz. Bainan bakean manatzeko egiazki aiher balin bada, etsaietarik bere
azpikoen begiratzeko premia diren antze guziak
baditu. Huna nola: zuzena da, begiratua eta konpunkin bere hauzoen aldera. Ez du behin ere
heien kontra deusere abiatzen bakea ezezta
dezakeienik. Zin dago bere patuetan. Hauzoek
maite dute, ez dira haren beldur, eta sineste oso
bat haren baitan badute. Errege mugakide bat
gertatzen balin bazaio nahasia, handiratia eta
anbizionetsua, bertze guziak nahasi harentzat
beldur dira eta bakezko erregearentzat bekaizgorik ez dute. Errege on hunekin batzen dira ez
dedin zebatua izan. Bere zuzentasunak, fede

onak eta begirakortasunak mugakide guzien juie
egiten dute. Noiz-eta-ere errege anbizionetsua
guziek higuin baitute, eta noiz-nahi-den haren
kontra batera ditezin beldur izaiteko baitu,
orduan bakezkoa bertze errege guzien aita eta
begiralea bezala izaiteko ospearen erdian jarria
dago. Horra zer onak dituen kanpotik.
Barnean gozatzen dituenak oraino solidoagoak dira. Bakean ongi manatzeko aiher denaz
geroz, emaiten dut lege zuhurrenekin manatzen
duela. Ebakitzen ditu handiratasuna, nagikeria
eta jaidura tzarren lausengatzeko baizik ez diren
antzeak. Egiazko beharrentzat balios diren
antzeak argiarazten ditu. Ororen gainetik bere
azpikoak laborantzari jarraikarazten ditu. Halaz,
premiazko gauza guzien nasaizian ezartzen ditu.
Populu nekhatzaile hura, bere azturetan lañoa,
gutiz bizitzera ohitua eta laborantzan bere bizia
errexki irabazten duena, ezin gehiago purpuratzen da. Hara erresuma hartan ezin kondatuzko
populu bat, bainan populu bat, sasuala, hazkarra, bortitza, atseginek nagitu ez dutena, prestutasunari jarria, bizitze alfer eta atseginkari
batentzat axolarik gabea, herioaz nardatzen

dakiena eta zoinak nahiago bailuke hil, ezenetz,
zuzentasunaren erregiñaraztera baizik destatua
ez den errege zuhur baten azpian gozatzen duen
libertate hura galdu. Gerlari mugakide batek
akometa dezan populu hura, ez du behar bada
aski trebatua edirenen kanpatzen, lerroka jartzen edo hiri sethiatzean, bainan ezin bentzutua
edirenen du bere osteaz, bihotzaz, nekheen pairakortasunaz, lazeriaren egartzeko ohikuntzaz,
indarraz guduetan, eta gertu gaixtoek berek
bentzu ez diroten berthute batez. Bertzalde errege hura ez balin bada aski jakintsun berak bere
armaden manatzeko, manamendua gai direnei
emanen diote, eta bere eskudantziarik galdu
gabe hetaz zerbitzatzen jakinen du. Bitartean
bere adiskidetarik laguntzak ardietsiren ditu.