Supazter xokoan - 7

Hurratsean heldu dira, azantz ttikiena ere egin gabe, hurrats bat egin
orduko geldituak, biak.
Biek betan altxatzen dute beso ihartu bat; heien begiek, sudurrek,
ahoek sua dariote.
Maria eta Xaneta xutitu dire, hortzak
dal-daran, paretari eskuak.

V
Xobadina, Maria, Xaneta, Mahuma,
Inguma

XANETAK eta MARIAK: Oh! oh!
XANETAK: Zer dire hoik, Maria?
MARIAK: Galdeozute bereri!...

Mustroek, hitzik erran gabe, egiten
dute bertze hurrats bat, eta beren
beso ihartua berriz altxatzen.
BIEK: Oi, oi!... Xobadina! (Xobadina burua bethi

kukutua, ez da mogitzen.)
Maria eta Xaneta, belhaunen gainera
eroriak oihuz.
BIEK: Othoi, barkha, Mahuma, Inguma!
MAHUMAK: (Boz ikaragarri batean:) Barkha? Bark-

ha? Barkhatzen othe zinduten, zuek, sugebiperak, bati sista, bertzeari asiki ari zineztelarik?
BIEK: Othoi, othoi!...
Ez, ez da zuentzat barkharik!... Gurekin, gurekin,
eta orai berean. (Bere esku ihartuarekin
hunkitzen ditu, eta biak, zabal zabala erortzen dira, orroaz.)

MARIAK: Ez dugu gehiago eginen gaixtakeriarik,

sekulan!
MAHUMAK eta INGUMAK: Ez othe? sekulan?

Ez, ez! sekulan!... Xobadina, Luixa!
Hel! Hel! (Eta biak, muthuturik, aldixartzen
dira, hilak bezala, hotz hotzak.)

XANETAK:

Mahumak eta Ingumak artikitzen
dituzte orduan beren mihiseak eta
aihen ihartuak, hiltzen beren argiak,
eta puska hoik guziak zoko batean
gordatzen. Leihoak idekitzen dire
berriz, edo aintzineko argiak phizten.

VI
Xobadina, Kattalin, Luixa, Maria eta
Xaneta
XOBADINAK: Sobraxko ez othe ziren horiek oro,

haurrak?
KATTALINEK: Fitsik ez da, ama! Ur xorta bat begitartera eta sendo dituzkegu biak. Gure

adixkideak, Joanna eta bertzeak, gordeak
hortxet baitaude, banoa heien oihuka
ekharraraztera, ja urrun joanak balire
bezala. Zato, Luixa, ez gaituzte hemen
ikusi behar, atzarriko direlarik.
Badoazi biak, eta Xobadina emaiten
da Mariaren eta Xanetaren arthatzen, oihal busti batez heien ferekatzen bezala. Mariak eta Xanetak,
aski laster, idekitzen dituzte begiak,
begi ilhaun eta matatu batzu; eta
orduan berean, alegia eta lasterka,
sartzen dira bertze guziak.

VII
Xobadina, Maria, Xaneta eta bertzeak oro.
OROK: (Oihuka:) Zer da, zer da?
KATTALINEK: Zer ziren oihu izigarri hoik oro?

Maria eta Xaneta jarririk emaiten
dituzte ororen artean.
MARIAK: (Emeki emekiño mintzo delarik.) Orizue,

haurrak, zuen amak oro badakizka. Bihotzikan aski ez dugu zer iragan den erraiteko.
Edari on xorta bat emaiten diote Luixak.
LUIXAK: Hurrupa zazue hau, Maria, Xaneta!
MARIAK: Hobeki naiz, hola! Xaneta ere, dudarik

gabe? Xutik emaiteko on bagira segurik,
bagoazi etxerat. Segi gaitzatzue, othoi,
haraino...
Gure gaixtakeria guzitik sendatuak giren
bezala, mustro eta harramantza guziak
suntsitu ahal dira, hek ere, behin bethikotz!...
XANETAK: Gau on, Xobadina! Othoizño bat egizu
garen dohakabeentzat!
XOBADINAK: Jainko onak lagunt zaitzatela!

Badoazi Maria, Xaneta , bertze
guziek, salbu Xobadinak, laguntzen
dituztela.

VIII
Xobadina bakarrik, mahain eta jar
alki, oro beren tokietan emaiten ari.
Hauxe da gerthakaria!... Ahulegi
izan othe naiz? Jainkoa, zuk barkha!...
Bainan nork atxik gazte hoik guziak?... Eta
bertz’alde, beren katixima ongixko ikasia
zuten, gaizkiari aztaparrak moztu behar
zaizkola, eta behingotz! Zer ihardetsiko
nuen, zer ihardesten ere ahal nuen? Tapatu naute, tapatu, eta ederki...
Berriz ere, Jainkoa, zuk barkha!... Eta egia
da, gaixtoak zirela egiazki gure auzo dohakabeak. Agian erranen dugu ez direla hala
gehiago... Bainan ez dakit... Gero ageriko...
Huna haurrak non heldu diren! Itsusi txarrak!...

XOBADINAK:

Hirriz sartzen dire Kattalin eta bertzeak.

IX
Xobadina eta haur guziak.
KATTALINEK: Horra, ama, horra lana guk egina.

Segitu izan ditugu etxeraino, Mariaren
etxeraino, ezen gaur elgarrekin behar
omen dute.
Mainaz josi bezala ditugu; xoko guziak ikertu ditugu, ohe-azpiak eta oro, heien nonbait-han sosegatzeko. Nonbait-han, erran
dut; ezen on da izialdura pitta batekin lokhart ditezen gaur oraino, batre lokhartzen
balinbadira segurik.
XOBADINAK: Gaixtoa!
OROK: Oh! Xobadina!
XOBADINAK: (Erdi hirriz.) Gaixtoak!
GUZIEK: Gaixtoak!
XOBADINAK: Bai gaixtoak, oro.
LUIXAK: Ah! baia? Huna orai zure aldi, ama,
axtian Mariaren eta Xanetaren aldi bezala!

(Orok elgarri emaiten dituzte eskuak eta
Xobadinaren inguruan, jauzika emaiten
dire errepikan.)
Harat hunat badoa gure ama ona,
Erlea kofoinean iduria, dena!
Oi zer ama Jainkoak deraukun emana!
Erregina batentzat sal ez gindiona!
Tra la la, la la ra, tra la la, la la ra.
XOBADINAK: Haurrak! haur handiak!
KATTALINEK: Hots, ama, badut uste minatxa xorta

bat ongi guretua dukegun! Gaurkoak bezalako izialdura eta jostetek khalda eman ere
daukute. Eta gero, ni segurik, buruaren
gaineko nere argiak mihiseari su eman beldurrez, xifritua nindagon. (Pitxerretik, hirri
eta hirri, edaten dute orok, salbu Xobadinak, eta gero, guziak, ematen dira kantuz.)
KATTALINEK: Zintzurrak goxaturik, goazen orai...
Kantuño bat, oherat zinez eta egiazki joan
baino lehen.

Gure herri xumetan
Zenbat hitz-untzi!
Zinez ala jostetan,
Oro erasi!
Gaixto nahasi!
Beha daude nor zertan
Hobendun kausi,
Nori phitz auzi;
Deus ez nahiz bertzetan
Onik ikusi!
Tra la la, tra la la, tra la la la.
Gabaz, akhelarretik
Mainguka jinak, Hasten dire goizetik
Gure sorginak,
Debruz eginak! Sist handik, sast hemendik;
Zer liztafinak
Edo ausinak!
Sendatzea luze dik
Hek egin minak!
Agur handi bat egiten dute guziek,
eta badoazi errepikatuz.
Tra la la, tra la la, tra la la!

TORI DRAGO BAT
Auritzeko parrean hunat, heldu zen Batixta
Garaztarra, orroaz mendieri:
Bas’oilarra kantuz...
Iratiko sorhoan...
Tratu bat ona eginik ferietan, moltsa luze
berdea diruz betherik, amiñi bat alegera zen.
Nafar arnoaren zinezko gozoa! «Ai, ui, ui!...».
Nik badakit, zaharragoek erranik,
Arno onak ez duela parerik;
Orai ere, berriz ere, balinbanu hartarik,
Edan niro basoa betherik.
Laphurdi, Xubero eta Garaziko kantu mota
guziak emanak zituen jadanik, noiz eta ere, iguzki aphalean, Ibañetako lephora heltzen baita,
zintzurra larrutua, bainan gogoa bethi bero
beroa. Guardianoaren ttattolan pint’erdi bat
edan eta, Luzaideko alderat jaustera zoalarik,

alimaleko mandozain muthur beltz bat ondoratzen zaio, hura ere Frantziarat ari:
—Arratsalde on!
—Bai zuri ere.
—Frantziarat joaiten zare?
—Bai. Zu ere naski?
—Bai, eta lorietan joanen gare elgarrekin...
Eta holaxet heldu ziren biak, mando haundi
bat gibeletik, zahagiz gain gaineraino kargatu
mando bat. Batixtak hain nahiagoko zukeen,
bere moltsarekin, bakar bakarrik sartu Frantzian,
Donibane Garaziko karrikan, Manjelainean. Bere
sudur luze mehe eta begi xorrotxekin, ez zelarik
bada gure Doniandarra beldurti beldurti hetarik,
Aragones demuntreak halako lazta bat emaiten
zakon hala ere! Eta ilhuna heldu, futxo, mendi
handier behera!
Hainbertzenarekin, Españolak erraiten dio:
—Prantses horiek... dena espantu zarete!...
Mila kemoñioa, non dago Españolak bezalako
gizonik? Parise zer nahi badela! Parise edo Marise, hogoi mila Españolek ez othe lukete hartuko?...

Batixta, nahiz Parisez guti kilikatua, hortzak
hirrikan zagon, ezpainak mehe mehea. Zer lorietan aurthik lezakeen, hatzez gora, mandozain
gaizki ikasia! Bainan makila txar bat baizik ez du
eskuan, eta Españolaren begitartea Moro baten
begitartea bezein beltza da; puñala ere ez duke
urrun, gerrikoaren azpian. Zer egin beraz?...
Geroxago ikusiko. Anhartean, gogoaren kontra,
irri zuri batekin ihardesten dio mandozainari:
—Hogoi mila Españolek? Bai eta hamabost
milek ere!
Español zozoa loriatzen da, eta mandoa geldiarazirik, zahagitik beretik emaiten dio edatera
Batixtari:
—Tori drago bat ona, amigo!
Batixtak bere kexuaren iresteko, eta ere...
zintzurraren leguntzeko, klikatzen du arnoa,
bere buruarekin erasian:
—Ago demuntren koko beltza, ago! Hireak
harturik behar duk, gaur oraino!
Urrunago, Luzaideko erreka itsusien ondoan,
berriz ere erraiten dio Españolak:
—Bordele edo Mordele, hamabost mila españolek ez othe lukete beretuko?

Oi, Batixtaren errabia! Balitz Pekotx aldean,
edo han nunbait, Frantzian! Bainan, ez, Espainiako zokorik itsusienetan da, gau bethean orai, eta
mandozain demonioaren begiek dir dir dir egiten
dute ilhunbean! ihardesten du beraz, bethi irri
maltzur berarekin:
—Hamabost mila Españolek?... Bai eta hamarrek ere!
Eta mandozainak berehala, nafarrez ase karkaila batean:
—Tori drago bat, berriz ere!...
Arnegirat heltzean, hirugarren aldikotz, oihuka, Españolak:
—Baiona edo Maiona, hamar mila Españolek
ez othe lukete aurthikiko?
—Bai eta bost milek ere!
—Tori drago bat, berriz ere!...
Mandozainaren arnoak ez zuen erraitekorik:
ona zen, arras ona, den mendreenik urtatu gabekoa, eta Batixta, pindarrak begitik jalitzen
zitzaizkola, irriz zagon bere buruarekin:
—Ixtantean pagatuko diat kondua, amigo;
zorrik ez diat nahi ostatuan.

Donianerat hurbiltzen ari ziren orai. Jadanik,
urrunera ageri ziren Arzageteneko ostatuko
argiak. Española heldu zen urguluz zozotua,
Frantzia guzia ja berak suntsitua balu bezala.
Azken orro batean galdegiten dio beraz Batixtari:
—Doniane edo Moniane, San Juan edo Man
Juan, mila Españolek ez othe lukete hartuko?...
Batixta ez zen, ez Paristarra, ez Bordelesa...
bainan Doniandarra zen; Espainiako mendiak
haraxko ziren, eta bertzalde, mando zainaren
zahagia Arzagetenean sartzera zoan!... Pin, pan,
bi pasoz, erroz gora igortzen du hantxet español
muthur beltza... errekarat:
—Doniane! mila Españolek!... Ez eta hi bezalako ehun milek ere! Atxikak hori, to! koko beltza... eta zahagirik ezpaitut nik hemen, errekako
uretik edanezak, ordainez, trago bat ona!
Eta Batixta irrintzinaka sartu zen Donianen:
—Ai, ui, ui, ui!...
N,B, Español mandozaina Eskuara poxi bat murdukatzen ikasi Erdalduna zen, Aragonesa, eta ez
Eskualduna. Hori, erran gabe doan gauza.
Hendaiatik Ondarribirat.

PHEDEIKU BAT POLLITA
Behin bazen aphez bat, ona bezenbat bitxia.
Bertzeek ez bezala behar zituen erran eta egin
gauzak oro. Oroz gainetik, aditzekoak ziren
haren phedeiuak! Ez dakit Aphezpikuak onhetsiko zituen oro, emaiten zituen molde hartan
berean, bainan, bethi, jendea loriaturik zagon,
elizaño hartan.
Beraz, igande goiz batez, Ama-Birjina Lurdekoaren agertzeaz mintzatu behar eta, huna nola
mintzatu zitzaion bere arthaldeari:
«Aspaldiko urthetan, nehor guti zoan zerurat,
jendea tzarturik, mendea galgarri egina zelakotz. Zeruko atheak, zeruko gakoak, herdoilak
janik, gorri gorria eginak ziren; Parabisuko bide
urrhezkoa dena sorho zen eta arrantze.
Athe aintzinean jarririk, tartean eskuak
begien gainean emaiten zituela, urrunagotik
ikusteko hean nehor noizbeit agertuko othe
zenez, Jon Doni Petri, zeruko giltzaina, gogoa
ilhunik zagon. Bet-betan kexuaren kexuz ezin

gehiago egonez, hor, xutitzen da, eta Jainko Aitaren gana badoa, bixi bixia oraino adinarendako.
Ahuspez emaiten da Aita Eternalaren aintzinean,
eta gero, belhaunen gainean emanik bera, huna
Apostolua mintzo:
—Jauna, oritzu zeruko gakoak; itze bati dilindan emaiteko on baitira segurki. Nehor ez da
gehiago zerurat heldu, urrrunerat ere nehor ez
ageri! Huna beraz giltzak, bertze lan zerbaiti lot
nadien berehala zeruan, alfer tzar egoiteko orde.
Damurik ez da hemen ene lehenagoko sare
xaharrik, heien ongi antolatzeko, nahiz bixta
joantxea dudan...
—Petri, harzkik giltza hoik gibelerat, eta hoa,
laster, Zeruko Athearen zaintzera... Hire Jainkoaren manua duk hoi, eta lehenbiziko desobedientzia egitekoa duk oraino.
—Banoa, beraz, Jauna. Bainan, utz othoi
nezazu galde baten egitera. Nehor gehiago
zeruan sartzekotz, orai bi mila urthe bezala, Jainko-Semea igorrazu berriz munduaren salbatzera.
Bertzenaz, berriz ere erran dezadan, itzetik dilindan emagun gako handi urrhezkoa, nehor ez da
gehiago hunarako...

—Jainko-Semea berriz igor mundura? O hoi,
gauza handia, bai zinez handia aiphatzen dautazu, eta gogoeta handienak galdegiten dituen
gauza bat. Zoazi beraz, eta berehala, zoazi Izpiritu Sainduaren kausitzera, zer iduri zaion galdetzeko.
Eta, aire berean, Izpiritu Sainduaren gana
badoha Jon Doni Petri. Bainan, Izpiritu Sainduak,
berehala, erraiten dio:
—Ez da hoi nere egitekoa. Zoaz JainkoSemearen gana; berari iduri zaiona eginen du
harek eta harek bakarrik.
Haia, haia, horra beraz Apostolua JainkoSemearen ondotik. Bainan Jainko-Semeak ere
erraiten dio berehala:
—Ez ditaken gauza da hori; aldi bat salbatu
behar nituen gizonak, aldi bat salbatu ditut,
heientzat hilez. Aski da hola, eta bertzerik ez
dezaket, bertzerik ez dut egin ere behar... Bizkitartean, zoaz ene Amaren gana; zer ere iduriko
baitzaio eta hura ongi izanen da.
Badoa beraz Apostolu handia, —kexu kexua
ordutik— badoa Ama-Birjinaren gana. Bainan,

Ama on harek, oro bururen-buru entzun ere
gabe, erraiten dio Petriri:
—Ongi da! Igurika nezatela, othoi, ittant bat.
Ene soin xuriaren eta gerriko xingola urdinaren
emaiterat noa; arrosa urhezko bat, gero, nere
zango puntten gainean, eta zuekin naiz...
Eguerdi laurden guti zen, hola Zeruko Erregina aldatzera joan zelarik. Eguerdi beretan, AmaBirjina han zen, bere Harpeko ziloan, Massabielleko harri ilhunaren gainean, Lurden. Mundua
salbatua bezala zen, berriz ere».
Horrela mintzatu zitzaioten aphez-pedeikaria
bere girixtiñoeri, eta girixtino hoik nigarrez ari
ziren ezti eztia, Jainkoaren Ama heien ondora
hegaldaka jausten ikusi balute bezala...

EZKILA XARMATUA
Hor nonbait, Lapurdin, —ez dugu erranen
non— bazterrak kexu ziren.
Gobernioko eta herriko gizonetarik zonbaitek
hola nahirik, eskola berria egin zuten, kaperaren
aintzinean. Eta gero, merkeenerat, kaperan sartzeko atheaz nahi izan ziren baliatu, eskolan sartzeko.
Elizako aitzindariek, orduan, Jainkoaren zuzenak ostikatzerat ez uzteko, hetsi zuten kapera.
Jendea ulitxekin zen ordutik harat, herriko
jauntto heieri buruz.
Hain xuxen, urthe guziez bezala, proesione
bat egin behar zen herritik, mendi kasko batetara; hots, eman dezagun: Larreko Gurutzera.
Jaun erretorak oihu egin zuen beraz, bethi
bezala eginen zela proesionea, bainan, delako
kaperan, bertze urthetan bezala, sartu gabe.
Aldetik iraganen zitzaizkon oro, othoitz errepiketan, bainan... deus bertzerik ez zen behar, ez eta
ere kaperako ezkilarik: alabainan, jaun aphezpikuak ez zuen hoi onhesten.

Kartierak bazuen orduan larre-auzaphez edo
mera bat. Gizon ona, bainan... Eta gero, zahartua zen eta gorra... Zirikolatzeko edo Xerrendako pekadak bezenbat gorra, elkorra.
Piarresen hasarrea, jaun erretoraren oihua
jakin zuenean! Su eta phindar dena, gorrak oro
bezala, karrasiaka ari zen guzieri: «Zer erran du
erretorak? Ez duela joko, gure ezkilak?... Alafede
joko duela! Ene aitak egina dik! eta kartierarena
duk! Joko dik, joko, ni Piarres naizen bezen
segur!».
Maiatzaren hirua zen, Santa Gurutze eguna.
Goizeko zortziak hirian, Larreko Gurutzetik jautsia, orga-bide edo inta pullit bati behera heldu
zen orai proesionea, kartierean sartzen ari. Aintzin aintzinean bazoan Pettan, gurutze eremailea, orai bezen gazte orduan, bi beatter aldean;
ondotik, haurrak, jauzteka. Gero gizonak, bi oren
hartan buru-has, arrosarioak eskuan, kantu errepikan; gero bikarioak erdi erdian, eta gero, azkenik, emaztekiak, zonbait othoitzean, bertze
batzu ahapetik kalakan, oro Pettanen hurratsari
ezin jarraikiz...

Bet betan, hor, Pettani gurutzea eskuetarik
eskapatzer zaio. Beatter debru hek, sudurra
airean, bi aldetarik, tankez gelditu zaizko. Beira
daude biak, toki berera: kaperako ezkila dorre
pullitera. Eta, kaperako ezkila-dorre pullitean: oi
Jesus! —mirakuilua ere ez zena hori!— ezkila
bazabilan harat eta hunat, firrindilaka, ezker
igan orduko eskuin jautsia, erhotua eta, mututua! Bai, mututua, eta hortan zen bada mirakuilua: halako zapartetan zabilan ezkilak... zeinurik
ez zuen! Neguko bele zahar zahar handiak bezala, bazoan goiti, beheiti, ezker eskuin, bainan
bethi ixilik, mututua. Sokaren firrinda ezagun
zen bakarrik, bainan hura ez nola nahikoa!
Pettan, bere letanien eta letainen artetik,
hirriz ari zen goxoki: «To, ederra diaguk hori!».
Beatterrak eta haurrak, erhiak bethi airean, oro
elgarri beha; gizonak, kapeluak ahoaren gainean, kur, kur, kur, oro hirriz; jaun bikarioa, alegia eta hasarre, guzieri gaizkika.
Xantrea, hura, kisu-labea bezen handiko aho
bat zabalduz, ari zen hirriz eta orroaz: Ab insidiis
diaboli, libera nos, Domine! Bainan ez zioten ez

Josepek, ez bertzeek ihardesten: hirria nausitua;
bazuten bertze egitekorik!...
Proesionea bazoan bizkitartean, andarka,
ahal zuen bezala, hogoi’ta bortzek elgar koskatzen zutela, han, aintzin hartan, norbait osoki
gelditurik, ezkila xarmatuari beira eta beira.
Josepi egun hartan, makurtu ere omen zitzaion
sudurra, geroztik bethi goiti behatzen baitio
sudur harek, ezkila mirakuiluzkoa, han, begien
gainean balu bezala!
Emaztekiak, kaperaren aldean iragan zirelarik, —hau ere ez zena mirakuilua?— oro kolpez
ixildu ziren; eta, herrestaka heldu ziren azken
atxoetarik zonbaitek, ezkila dorreari behatu eta,
Hettoko alderdirat hartu zuten ikaretan, bai eta
ere gurutzearen seinalea hiru aldiz egin hantxet,
kaperako alderdira burua makurtuz eta kokotsa
luxatuz, Debrua, Galtxagorri, handik atheratzen
ikusi behar ukan balute bezala!...
Eta huna non, zinez eta minez, kapera barnetik atheratzen den Galtxagorri. Oren laurden bat,
izerditan, ezkilaren sokari tira eta tira arizanik,
gorri-beltzaturik, eta eskuetan frintzak eginik,

jali zen beraz... Piarres, Piarres gorra, larre
auzapheza.
Ezkilak jo zuen edo ez zuen, hoi ez zakien,
gorra zen bezala, bainan hortaz ez zen grinatua,
ez eta ere den gutienekorik. Ezkilak ez direa,
jotzeko, xoriak airean ibiltzeko bezala? Eta harek
othe zakien, Piarresen jokoaz jelosturik, ezkilari
bere mihia kendua ziola, bezperan, herriko biligarro on batek?...
Izerditan heldu da beraz kanpora, eta kartiereko gizon multxo bat, proesionea han utzirik,
etxerat heldu baitzen hain xuxen, oihu egiten
diote, loriarekin zozotua bezala:
—Gan duk proesionea!... Ba eta, jaun erretorak nahi edo ez nahi, jo ere dik gure zeinuak!
—Jo! Bai ederki... bainan hire zeinua nehork
ez aditu!
—Nehork ez aditu? Ezkila?... Nola bada hoi?
Eta hor, hirri maltzur batean, oihuka kondatzen diote, nola —mihiaz gabeturik, dudarik ez
dena— ezkila jo gabe arizan den oren laurden
bat osorik, jende guzia urraturik han zagoela!
Piarres, beharriak aphalik bazoan orai, etxeari buruz... Gorra ere zelakotz, ez zuen aditu, bai-

nan orduan berean, Hetto aldetik, xantre ozpina
orroaz ari zitzaion...
—Ut inimicos sanctae ecclesiae humiliare
digneris....
Eta proesioneko jende guziek ihardesten zioten, orok betan:
—Te rogamus, audi nos!.
Zonbait egunez, kontrabandixtak ahantzirik,
Brigadako gardak oro egon ziren, alegia eta deusere ez, zeletan, barrandan, zerbait atxeman
beharrez. Bainan zer atxeman zezaketen?
Hori zakiena ixilik egon zen, eta gero, lehenbiziko uri-aldian berean, —bethi mirakuiluz—
ezkilaren mihia kausitu zuten... kaperako teilatuaren urak biltzen zituen aska handian.
Deus onik ez zuen izan handik harat Piarres
gaizoak, eta berak hetsarazi kapera berriz idekia
ikusirik, joan zen gain hartarat, Jainkoaren aintzinerat, agian zeruko ezkilen aditzera!

JAUN ERRETORAREN ZAPATA
Orai duela aspaldi, lehenagoko mendeetan,
han, Hartzamendi, Mundarrain eta Itsasuko
Athekak hartzen zituela, lanho itsusi bat hedatu
zen, egun batez, arratsalde erditan, zuri zuria
lehenik, ilhun ilhuna gero, eta azkenean, dena
hauts kolore.
Mustro bat iduri, kurumilkatuz bazabilan, bortuetako pozoinak oro bildu nahi balitu bezala.
Eta orai, pozoin hetaz leher egiteko heinean hantua, pisu pisua heldu zen zelaieri buruz. Eta
Lapurdi guzian, ikharatu ziren jendeak, alimaleak eta kasik ere gauzak...
Uztaileko lehen egunak ziren, eta, bazter
guzietan, alhorrak, begiek ikus-ahala urrun, ogi
urhezkoz estaliak, sega xorrotxen beha zaudela
erranen zinuten. Sega heldu zitzaioten egun,
bainan zer eta nolako sega!...
Hedoi izigarria heldu zen beraz, haize zirimola batek hartu eta zeramala alderdi orotara.
Urrunera, burrunba, orroa ilhun bat suma zitekeen, lazta bat emaiten baitzioten guzieri. Eta

gero, ximixtak jali ziren, hauts ikaragarriaren
erditik. Zer ihurzuriak! Santa Barbara, urrikal
gakizkitzu!...
Lasterra ezin aski zalu eginez, etxerat, bordaldetarat, heiarat bazoazin jendeak, alimaleak,
ixilik jendeak, marrumaz alimaleak, oro harrituak. Xoriak, hek, aspaldi ixilduak ziren, arbola
ziloetan, berro zokoetan kukutuak, ez-deustuak
ere!
Lanhoak heldu ziren, anhartean, bethi’ta izigarriago, ortzi-karrasken erdian. Arbolak lurreraino kurtu ziren, ile handi batzu bezala beren
adarrak alde guzietara xixtuka luzatuz...
Athe leihoak zapartakan abiatu ziren etxe
guzietan, asko pareta zahar urratu, teilak airezaire hegaldatu, eta... hedoia lehertu zen herriaren gainera.
Itsasoa erranen zinuen orai etxe bakotxaren
inguruan; harramantza itsusienak, orroa guziak
han elgarretaratuak... Arratsalde erditan, gau
ilhuna, dorphea, zinez izigarria, ximixta hori eta
gorriak ilhunbearen argitzaile.
Adarra lehertu baino lehen elizara lasterrez
joanak, emazteki zonbait, arrosarioak eskuan,

othoitzean ari ziren, ikharetan. Laguntza bat
zitzaioten aldare aintzineko argiak berak iduri
zuen hiltzera zoala, hura ere. Lur-ikhare batean
bezala, daldara ilhun batekin, ikharatzen ziren
eliza zahar zahar hartako paretak, eta, han, ezkila-dorrean, ezkilak intzireka abiatu ziren.
Karrikan, bizkitartean, ezko-xirio benedikatuak, lerro lerro, phizten ari ziren, etxe guzietan.
Ixil ixila, orok, erremu-saindu hosto bat eskuratua zuten, eta amak, erremu-saindu hartarik
ahutara bat arthikia ere zuen su-phizkiaren erdira, karrask karrask erre zadien han, eta bere
usain borthitzaz bethe zezan eta geriza etxe
guzia.
Jaun erretoraren etxean, athe-leihoak hetsi
ziren, batez bertzeak oro.
Leiho hartan, berina gibelean, bi xirio handiren erdian, supelizetan emana zen aphez karsua, kalerna itsusia bere arthaldearen ganik
urrun igorri beharrez. Eta, bere bihotz guziarekin, othoitz eta othoitz ari zen, sukarretan, joanago eta kexuago:

—Per signum + crucis, de inimicis +
nostris libera nos, + Deus noster,
in nomine Patris, + et Filii et
Spiritus Sancti. Amen.
Credo...
Kyrie, eleison...
Ihurzuri karraska batek ihardetsi zion, etxe
guzia ikharetan eman baitzuen.
Izerditan zen orai jaun erretora:
—Circumdet te, nubes, Deus + Pater...
Eta uria heldu zen, phesiaka, Noeren denboran bezala! Ilhunbearen ilhunbez, deus gehiago
ez zen ageri.
—Ipse vobis imperat, daemones...
Eta, zinez eta egiazki, iduritu zitzaion aphez
gaixoari, gela zoko batetik hirriz norbait aditu
zuela... Izpiritu gaixtoa, segur!...
Kurutzea eskuan, hasi zen orduan:
—Ecce lignum sanctissimae Crucis, fugite,
partes adversae.
Oren erdi bat bazuen, izerditan hola ari zela.
Eta huna, othoitz eder eta borthitzaren azken
hitza erraitearekin, ikharagarriko karraska bat

entzuten dela. Eta hainbertzenarekin, hedoi itsusia urratu zen, uria athertu, eta iguzki hits hits
bat doi doia agertu.
Orduan —orhoit zaizte lehenagoko ixtorioa
dela hau— orduan, erretora, dena izerditan,
umatua, erhotua ere, lurreraino kurtu zen, bere
zapata bat hartu eskuan, eta berinak idekirik,
tira-ahala, beso-gainka, zapata hura bota zuen
hedoiari buruz, oihu hau, orroa hau ziola:
—To! zerbait herritik ereman behar eta, eremak hau!
Azken burrunba batean, berehala, barreiatu
zen hedoia eta ihesari eman, aphez karsuaren
zapata, ostikoka ondotik ukhan balu bezala.
Xoriak, beren lumak inharrosiz, tiutaka eman
ziren, iñarak zerura airatu, athe-leihoak zabaldu,
jendeak, alimaleak jauzian kanporatu...
Bainan debruari emana... debruak begiratzen: Jaun erretoraren zapata ez zuen nehork
sekulan gehiago ikusi!

LOHILAKAT
Gaitzeko gizona zen Lohilakat. Orai ehun bat
urthe, iguzkiari zagon etxe batean, Jatsu-Lohilakatean sortua zen, Garaziko herri pollitenetarik
batean, Suhuskuneko muga mugan.
Haur haurretik, zain-doblea agertu zen,
pegar eta ferretak, betherik, jostetan zeramazkala, biderik xutenetan bethi lasterka, sekulan
hatsantu ere gabe, orgarik pisuenak bi erhiz
aldaratuz, behirik azkarrenak adarretarik zankez
geldiaraziz. Haur hotza, mukuzua baizik ez zen
oraino, eta belhar-leatxunak behin baino gehiagotan sartzen zituen, xixtuz, belhar-tegi nekeenetan.
Geroxago, muthiko gazte paregabea egin
zenean, Garaziko lau xokoetan, hartaz baizik ez
zen mintzo jendea. Testament Zaharra, su-ondoan, behin baino gehiagotan irakurtzen entzuna
ere zuelakotz, aitak, egun batez, erran omen
zion bere semeari: Sanson zena haur bat baizik
ez zela haren aldean. Eta, urguilurik batre gabe,
semeak sinhetsi zuen bere aita. Eta bertzalde,

Sanson zenak bezala, ez othe zuen lepho-gibela,
xara beltz bat iduri, alimaleko ile batzuz estalia?
Eta bere bi begi-ondoak, hala hala, Ahunxkiko
khardoen pare ez othe ziren eginak, Sansonenak
bezal bezala?
Handik harat, balentriarik handienak egiten
zituen, uste gabetarik bezala. Aita, ama, haurrideak, adixkideak, zozotuak hari begira zauden
denboran, Lohilakat gazteak behako bat ere ez
zioten emaiten bere beso zainharteri. Hamabi
lagunen mahaina, hortzen artean egun batez
altxatu eta kanporaino ereman ondoan, baso bat
arno galdatzen zuen doi doia...
Aldi batez, Donianeko ostaler bat arnoketa
ethorririk Lohilakateko sotora, gure Sansonek,
hiru ehun pintako barrika hartu zuen bere bi
besoetan, bizkarrera berak altxatu, bizkarrean
ereman athe aintzinera, eta, brau, orgetan ezarri. Harritua, sorbaldak biribil itzuli omen zen
Doniandar ostalera, berrogoi sos gehiago emanik bere arnoarentzat. Ondoko egunetan, ikhare
daldaretan oraino, Lohilakateko arnoaren edaleri ba omen zuen zer konda gure gizonttoak!

Gizon prestua osoki izana gatik, frango kilika
zen bizkitartean, eta, kitzikatu gabe, bere ulitxekin utzi beharra. Ez dakit Killo Larresorokoaren
aitak egina othe zion, bainan, bazuen eskualdun
makila bat, burdin-haga alimale bat erranen baitzinuten zinez eta egiazki. Makila haren xixtua,
Lohilakaten eskuetan! Zuek eta nik, zumea
sekulan ez dugu hala erabili, nola Sansonek bere
arbola ondoa! Sansonek bezala, lephoko zainetan, lephoko ileetan zuela bere indar guzia! Bai
eta esku-muthurretan eta besoetan ere, alafede!
Zorigaitz, tokien hustera ez aski goiz ernaturik,
makila-palangaren menean egon zireneri!
Orduan, Izurako Daunatuak bazuen lan, zonbait
egunez, Lohilakaten makilak hautsi hexurren
xuxentzen!...
Hala, hala, noizbait azkenean, makila horrek
galdu beharra zen gure gizona!
Beraz, iragan mendearen erditsuan, mila zortzi, ehun eta berrogoi’ta zortziko Erreboluzioneegunetan soldado joan nahi ez zirelakotz,
Eskualdun gazte andana bat preso altxatu zituzten, eta, merkatu egun batez, Donianen, Mesaarraineko plazari gora bazeramaten hetarik mul-

tzo bat, gaztelurat buruz. Jendeketa handia
bazen han, jandarma eta soldadoeri beha, kirrikan, beren odoleko gazteak mañotaturik ikusteak oro suminduak.
Hor, bet betan, presonerretarik batek oihu
egiten diote hango jendeeri: «Hel, hel guri!...
Anaiak ez girea, eta ez othe zaizkigute urrikalduko?»... Kalerna aintzinean gauzak bezala, oro ixilik zauden, esku-muthurrak makileri kurumilkatuak. Soldadoak, zuri zuria eginak, beldurtitzen
hasiak, elgarri kontra kontra eman ziren berehala. Bainan, berantegi... Irrintzina ikharagarri bat
aurthikiz, alimaleko gizon bat hantxet zen, soldadoen ondorat jauzi batean jina... Lohilakat eta
haren makila! Begien hesteko artean, berrehun
makila altxatu ziren, Lohilakatenaren aldean, eta
soldadoak kiski kaska ohildurik, Lohilakaten
ondotik, irrintzinaka, Garaztar gizonak joan ziren
gaztelura, presondegiko atheen xintxikatzera
eta hango bertze presoner guzien libratzera...
Darius zenaren aita Donianeko mera omen baitzen orduan, gauzak xuxendu nahiz jin zitzaioten