Supazter xokoan - 1
Jean Barbier
SUPAZTER XOKOAN
AINTZIN SOLASA
Eskual-Herria, Eskualdunak hainitz aiphatuak
dira aspaldi huntan; soberaxko behar bada, edo
bederen, guk nahi ez bezala.
Eskualdunak, bethi, ongi ethorri egin dio
arrotzari, arrotz hura bere lerroño hartan eta
behar den neurriaz barnago sartu gabe agertu
zaiolarik.
Zorigaitzez, orai, arrotz horietarik asko sobera atrebituak ditugu.
Batzu heldu zauzku, Eskual-Herriaz osoki
jabetu beharrez, Eskualdun lurra, pozika pozika
iretsi beharrez, Eskualdunak bethi, ta urrunago,
mendien oinetaraino beren aintzinean igorri
beharrez. Itsas hegitik eta lehen ibar-zelaietaraino, hemen asiki, han klaska, sartzen ari zauzku,
Aleman higuina tenore batez Frantzia-ipharrean
bezala. Eskualdun laborari etxeak, bat bertzearen ondotik, intzire-karraska batean, lurrerat
badoazi, oihanetako haitz handiak erroz gora
doazin bezala. Eta, gure bethiko etxe xuri eta
nasaien orde, non nahi altxatuak hor ditugu ade-
railuzko jauregi panpina batzu, behin bethikotz
uzkaili alhor, landa eta elge maiteez burlatzen
ari direla. Eta, orduan ikusten da, Eskual-Herrian
behin ere oraino ikusi ez den gauza bat, nigaregingarria: alhor hetan higatu Eskualdun umeak,
ohilduak, badoazi, batzu, goseak ez hiltzeko
mendietarat ihesi; bertzeak, hirietarat, lantegi
batzuetan beren osasun ederraren xahutzerat,
edo iguzkirik eta airerik gabeko etxe batzuetan,
erdi-goserik bizitzerat eta... hiltzerat.
Satorrek landa bat bezala, jauregi horiek hartzen ari daukute Eskualdun aurkintza bat osoa,
gero eta barnago aztaparka sartzen ari baitzauzku.
Eskualdun etxeko jaunak, Eskualdun lur gizenaren jabeak, ohart zaizkote sator-lan izigarriari!
Edo, bertzenaz, bethitik Eskualdunik baizen ikusi
ez den tokietan, ez da arrotzik baizik ikusiko.
Non diteke orduan Eskual-Herria, non Eskualdunak, arrotz heien guzien erdian?
Gogor egiozue Satorrari! Eta orhoit, zuhurra
balinbaduzue, munduko diru-paper pullitenak
zure etxe xuria, zure lur gizenak ez dituela sekulan balioko!
Urtheak joan, urtheak jin, —guhaurek ikusi
berria dugu eta— mehatzen eta hiratzen dira
paperak, ontzen eta gizentzen aldiz iguzkiari
begira dauden ontasunak.
Bat egin beraz guziek, eta arrotz jalamanari
erran, gure haurrek, orai hameka urthe, etsaiari
bezala: «On ne passe pas!».
Gure lurrez, gure etxe maiteez jabetzea ez
askiz, nahi izan dira gero bertze batzu jabetu...
gutaz, Eskualdunez berez. Deputatu edo auz’aphez, politikero tzar, gure nausi eta buru nahi
zuten, eta, zorigaitzez, nahi dute oraino, zonbeit
herrietan.
Horiek deithuko ditugu, ez gehiago Satorrak,
bainan bai Arranoak, gure adiskide Oxobik erran
dioten bezala. Arrano horiek, aztaparrez hartu
nahi laizkigukete gure haurren arimak, gure gazteen bihotz garbiak, gure sinheste hazkarrak,
Eskualdun ohitura guziak. Eskualdun makilak
eskuan, oro bihurturen gitzaikote arranoeri. Eta
—Oxobik ez dakiena behar bada, Ahunxkiko
mendietan behin baino gehiagotan gure begiz
ikusi duguna— orhoit bethi, ahari hilari baizik ez
diola arranoak begirik, edekitzen sekulan. Ez
gira hilak oraino Eskualdunak, eta beraz, kontu,
arranoak!
Zuer buruz, Jaunak emanak
Baitugu aztapar onak!
Adixkide? Bai. Bainan, Nausi arrotzak?... Ez!
Arrotzez batere behartu gabe, gurez gure, gizonik aski badugu Eskual-Herrian.
Aiphatu behar othe ditugu gero bertze arrotz
batzu, kapelu bat buruan emanik, ezpartin
xuriak aldiz zango txar batzuetan, Eskualdunak
zinez direla iduritzen baitzaiote, eskualdun makila bat eskuetan zeren duten firurikatzen? Hirri
egitea ginduke honetaz guzietaz, gure haurrek,
gure gazteek horietarik zonbeiti ikusi eta ikasi
behar ez baliote asko molde hits, asko ahapaldi
tzar, ergelkeria sobera!
Zer egin horieri buruz? Ahal den guzi guzia.
Gutartean ere badire, zonbeit aldiz, eskualdun
arnegatuak. Zer egiten ere baitugu eta horieri
buruz, hura bera egin aiphatu arrotzekin. Begira
hetarik pozoin-belharretarik bezala. Erromano
eta bertze, batere heien kutsurik hartu gabe, oro
iragaiterat utzi ditugun bezala lehenagoko mendeetan, utz iragaitera oraiko kabaleria hoi, bertze norapeit —agian— joan diteken artean. Eta,
hortako, Eskualdun egon bethi, bethi eta gehiago Eskualdun!
Eta zerk egiten du Eskualduna zinezko
Eskualdun? Elizak, Etxeak, Hil-Herriak, Mintzairak. Horietan datza Eskualdun arima guzia.
Begira... Elizan, Etxean, Hil-Herrietan hartu
guzia: sinheste, errespetu, Jainkoaren beldur eta
amodio. Horietarik deusik ez erain sekulan arrotzaren aintzinean eta haren beldurrez.
Bainan, begira oroz gainetik gure mintzaira,
Eskuara; eta Eskuarak gu gaitu begiraturen,
pareta hazkarrenak soldadoa egiten duen baino
ere hobeki.
Orotan bekaizti dire gure Eskuara ederraz.
Eskuara murdukatu nahiz, hirri-egingarri ere ari
zauzku arrotzak. Eskualdunak bakarrik othe dira
bada mintzaira hortaz ahalketuko? Ahalkea bai,
bainan ahalkea Eskualdun horietarik zonbeiti,
zeren duten beren ama itsuski hola ukatzen!
Frantsesek Frantsesa bezala, —zorigaitzez—
nahiz ez duten Eskualdunek Eskuara eskolan
ikasten, bazindakite ongi, Eskualdun laborari
maiteak, zein hunkigarri, zein eder, zein handi
zaizten, eskuaraz mintzo zaiztelarik! Zein ederki
derabilkazuen eskuara hoi, zeren den zuen mintzaira, sortzetik zuen odolean duzuen hura!
Bazindakite, hala hala, zoin herrebeski ari
diren zuen haurretarik zonbeit, bereziki neskatxa
batzu, urthe pare bat edo gehiago hirian egonik,
herrirat ethorri eta, frantsesez —beren ustez—
hasten zauzkularik! Zer frantsesa, heiena! Ez
frantses, ez kaskoin, ez portuges! Nik ez dakit
nongo mintza-moldea duten hura... Ez bethi
Frantziakoa!
Halako panpina bat ethorri zitzautan egun
batez, bere espos-mezari buruz behar ziren zer
guzien xuxentzera. Han nuen beraz nere panpina, paparoa zabalik, berrogoi’ta hamar liberako
galtzerdi-sedak zangoetan, Afrikako moro-beltx
baten soin txarra belhaunetaraino heltzen ez
zitzaiola, besoak sorbaldetarik beheraxago doi
doia kukutuak. Boketa-latsera edo baxera garbitzera zoakela erranen zuen gure Amaxo zenak,
Jainkoak bere lorian duela!...
Eta, nere panpinari ahal nuen bezala behatzen nioen aldi guzian, ez nezaken burutik igor,
haren ama xahar maiteari, bezperan oraino, bizkarrean ikusia niola errege Salomonen denborako soin bat ferdea, bainan ferdea, muskerra!...
Haren beraren aitari aldiz, galtza batzu, asko
landetako mamu edo marika batzuek ez baitzuzketen nahiko bele-fiken iziarazteko ere.
Eta futxo, Frantsesez baizik ez ari nere panpina!
—Mézié le Curé, je viens pour marier.
—Ederki; zerbeit holako aditua ere nintzen.
—Oui, je voudrié pour le vint et deuss de
mois d’Abril.
—Ontsa da. Zuk nahi bezala eginen dugu.
Eta, briepola, nere jakitate guziarekin, nik
hura ezin eskuaralat eroraraz!
—Je vous erremercie bien, Mézié le Curé.
—Eta zerika duzu zure jauna, zer lanetan ari
da?
—Oh! il a une très bonne emplacement. Il est
gardabil.
Soberakina soberakina da, ez dea hala? Hirria
ezin gehiago atxikiz, ezpainak mehe mehea,
erran nion beraz:
—Oh! haurra, zure frantses zerratu hoi ezin
dezaket urrunago segi. Eskuara baitakit hobekiago, emazu othoi eskuaraz, ene gatik...
Gorritu zen pixka bat, eta nonbeit han eskuaraz bururatu gintuen gure solasak...
Soldado banuen, orai duela bultatto bat, nere
muthil-gazte bat ona, prestua, bainan frantses
tuntik ez zakiena. Hazpandar lagun bati eginarazten ziozkan bere letrak oro, eta ederkixko
oraino, sinhesten ahal nauzue.
Noizetik noizera, diru zerbeit igortzen ere
nion, gogo onez. Huna egun batez nere Eskualdun gaizoaren ganik izan nituen lerroak, hitzez
hitz hemen emanak:
«Meusier lé Curé, jé rezu lé menda, et jé vou
merz bien. Mé, aparti ce joure, jé voudré qé vous
écririé en francé oblié basq. Jé mé port tré bien.
Adié».
Egun hartarik harat, ene soldado gaixoak ez
du ez dirurik, ez letrarik izan bere Senpertar
adixkidearen ganik. Eta, erran behar balinbadut,
etzen ene diruaren beharretan ere, baitezpada...
Eskuaraz mintza gaiten! Gauden Eskualdun!
Etxean lehena ez othe da hobe, ezen ez eta
auzoan azkena?
Laphurtarrez eta bardin Baxenabartarrez,
huna beraz liburu bat, dena Eskuaraz. Behin
bederen, hainbertze frantses hosto xuriren
erdian!
Eskual-Herriarentzat, Eskualdunentzat dudan
amodio guziaz bethe dut bururen-buru. Dohala
gora, dohala barna, eta eskuratuko duten guzieri, agian oraino gehiago, maitharaziko diozkate
Eskuara, Eskual-Herria eta Eskualdunak!
J. BARBIER
ZIKIRO AZPIA
(Lehenagoko kondaira)
Aspaldiko adixkideak ziren herri hartako Jaun
Erretora eta Jaun Errienta.
Erretor bat! Nehun guti baitzen halakorik.
Ona, Itsasuko gereziak eta Kanboko bixkotxak
bezenbat, edo Ezpeletako haxua eta Senpereko
makallaua bezenbat ere. Bihotza ahurrean eta
moltsa xilo xilo xilo. Hots, eliza gizona osoki, eta
gizon gaitza! Nola ziteken bertzela? Bi berga
oihal, edo hurbil, behar zituen eta, zangoetarik
lephora, guziaren estaltzeko. Boza zuen bakarrik
hala hulakoa; ez, nahi baduzue, makurra ere,
bainan, hola, pitta bat... oxkeduna.
Jaun Errientak, oh! harek! bazuen boz bat
pullita, leguna, sutik athera kruxpetak bezen
beroa, Makeako ezti goxoena bezen eztia, batre
zerra-oxkerik gabekoa. Bainan, gero, deus guti
zuen onik gure Jaun Errientak. Alafede ez zela
Senpereko makallaua, Ezpeletako haxua, Kanboko bixkotxak edo Itsasuko gereziak bezen ona!
Ahurra zuen harek bihotzean, eta Bilbil Errienta
deithua zuten herrian. Hots, gizon ttiki ttikia
osoki, berga bat oihalek estaltzen zuen gizona.
Erran gabe doa, elizako xantre zela Bil-bil
Errienta. Loria zen haren entzutea, bai igandetan, bai ehortz-egunetan.
Haren dolamen pullita herriko etxek’andre
zabalño bat ehorzten zelarik! Oi, orduan ofizio
edo elizkizun luzea, hunkigarria zinez!
Bere boza bezen xuria eta leguna ere zelakotz, igande gehienetan, bazkariz gomit zen
gure Bil-bil, Jaun Erretoraren etxera. Eta, bezperan edo biharamunean berak barur egin edo eginen bazuen ere, Jaun Erretorak bazkari ontto bat
emaiten zion aintzinera, herriko arno goxoenarekin, xikorerik gabeko kafeñoarekin. Ondokoak
eta oro, hots!
Herriko etxean segretario zelakotz, begi-gorri
multxo baten gainera, frango puska biltzen zuen
Bil-bil Errientak: dela oilo, oilasko, ahate eta
pekada moko luze. Bainan sekulan ez zitzaion
gogoratuko, bere etxera, ordainez, noizetik eta
noizera ekarraraz zezakela Jaun Erretor gaizoa.
Eta, egia erraiteko, hain ona ere zen Aphez
maitea! Ez deus bat aski, haurrek bezala, oro
ongi kausitzeko. Bi ahamenen artean, edo baso
arnoa hustean, Amen erran zezola Errient jaramanak, eta bazkaria aski pagatua zen bethi, eta,
Elizan hain maiz kantatzen ere zuelakotz, delako
Amen hori ongixko ikasia zuen gure Jaun Errientak. Musean partida bat gero, eta... bertze Igandeak arte.
Eta zinez erranen zinduten, gauzek holaxet
iraun behar zutela bethi eta bethi. Debru bat eta
erdi! Behialako pegarra ere hautsi omen zen,
bethi ithurrira joanez! Beraz, debrua aiphatu baitut, debru bat eman zen trebes gure bi adixkideen artean, eta, ilhaundu, suntsitu ziren adixkidantzak oro!...
Hor, bi jaun andien arteko bozkatze batzu
hurbilduxeak izanez, ainixkoren gogo-bihotzak
sumindu ziren, eta herri osoak azpikoz goiti
eman.
Gure Jaun Erretorak, hala ere egin behar zuelakotz, ezti eztia eta gehiagokorik gabe, galdegin
zioten herriko gizoneri, beren eginbidea xuxen
bethe zezaten eta girixtinoki.
Erran bazuen erran, handik astea gabe jakinarazten zion Baionako Suprefet Jaun zilarrezta-
tuak, paga khendua zitzaiola, zeren «Errepublika
arthiki beharrez mintzatu zen!».
—Arthiki... Errepublika? To! arthik errexa duk
horien Errepublika, phedeiku batez nik hola arthikitzekoa balinbada!...
Eta irri baizik ez zuen egin lehenik Jaun Erretorak, Jainkoak, Aphezpikuak eta barneak laguntzen zutelakotz bere nahigabean.
Bainan, gero, ahapetikako solasño batzu heltzen zaizko beharrietara. Orhoitzen da, phedeiku
lazgarria bururatu zenean, Jaun Errientak, aintzineko igandean, ithoka, bi jauziz, bi ahapaldiz
eman zuela Credo guzia, bururen buru, zintzur
idor idor batean. Eta gero, bazkaitean, bertze
aldietan baino biziki xuhurkiago erran zuela bere
betiko Amen pullita! Hots, xoria aldaxka batetik
bertzera bezala, elhe batetik bertzera, gogoeta
batetik bertze gogoeta batetara, hor, eta dudamudarik batre gabe, seguratzen da gure Jaun
Erretora, Bilbil Errienta duela salatari higuina,
herri guziak ja begietan duen salataria...
Sugerik nork egundaino hazi du bere
etxean?... Jaun Errienta ez da gehiago xaramelan ari herriko elizan. Bizpahiru gizon gazte
eman dira, han, kantorean, eta inharros aldi onik
emaiten diote eliza xaharrari, Jainkoak egiten
dituen igande guziez!
Jaun Errienta ez da gehiago herriko segretario gixen; ordain bat eman diote, eta akabo
pekada, ahate, oilo, oilaskoak!
Jaun Errienta ez da gehiago Jaun Erretoraren
etxean gomit igandetan!... Pareta bat arte bizi
baitira biak, etxerat heldu zaio aphezak bere
kantari gazteekin jaten dituen aphairu onen
usain mixteriozkoa.
Zer bazkari goxoak harek ere... lehen! Ah!
ixilik egon balitz bederen! Oh! aldi bakhar bakhar batez baizik ezpaliz ere, ez duela jastatuko
lehenagoko erraki goxoetarik!...
Eta ezpainak milikatuz, igande eguerdi batez,
bere baratzean harat hunat badabil Errient gaixoa, arima herratua iduri. Hiru hilabethe hartan
ez du bertzerik egiten ahal, igande eguerdia
ethorri den aldi guzian. Noiz arte pairatu behar
othe du hoinen saminki?...
Eta hain xuxen, Jaun Errientaren sabeleko
kurrinka entzuna zuela erranen baitzinduten
egiazki, bi baratzeen arteko paretaren gainetik
agertzen da, luze luzea, bi begi zuri zabaldu handiekin, Jaun Erretoraren burua!
—Psst!... Eup!... Jigot ona, zikiro-azpi ona
laket zautzu, Jaun Errienta?
Zikiro-azpia laket, Jaun Errientari? Lehenago
jan dituen guziez orhoitua, begiak sukar batean,
bi urhats egiten ditu gizon gaixoak. Hiru hilabethe hetako barurak oro ahantzirik, Jaun Erretoraren besarkatzera doa oraikotik:
—Laket? Zikiro-azpi ona?...
—Bai, laket zautzu zikiro azpi ona, bainan,
hor, zinez eta egiazki ona? Ahotik ezin utzi zikiro-azpia?
—Oh! ba, Jauna!...
—Bezperatik beretik, baratxuri gordinez ongi
xixta zazu beraz, Jaun Errienta!...
Eta irri maltzur batekin, itzultzen da hortan
Jaun Erretora... bere bazkaltiarren gana.
Ezin gehiago ihardok zezaken gure Jaun
Errient dohakabeak. Hiltzea ere hobe zuen miletan, hola bethi errabia gorrian bizitzea baino...
Harat norapeit, Biarnorat joaitea galdatu
zuen handik laster, eta aditua naiz, baratxuri
guti, arras guti aski duela gure Errientak, Jaun
Erretor berriak janarazten diozkan zikiro-azpientzat.
LARRONDO GUARDAREN
KURUTZEA
Ez dakit Larrondo guarda ezagutu duzuenez
lehenago.
Nik bethi bai...
Zer aintzinekoa!
Ez batere gizon gaixtoa, nahi baduzue, bainan ezin gehiago bitxia eta jostakina. Irriz ase
baten egin-arazteko, lehen lehena bethi.
Hari gogoratzen ez zitzaionik ez zen. Zenbat
ixtorio ez nazkike gure Larrondori gerthatuak,
batzu bertzeak baino pollitagoak!
Beraz, Misionea zuten herrian. Jaun misionestak, arrats guziez, izerdi uharretan ari ziren,
egiarik sarkorrenak erainez ahotaraka. Egun
oroz, trumilka bazoan jendea elizarat. Zerbitzuko
ez zen guziez, Larrondo guarda ere han zen,
bethi xuxen, beharriak ernerik. Eta egia erran
behar balinbanu, ez ahal zen herrian bertze bat,
hura bezala zank misionestari beha zagonik!
Soubelet Aita on eta khartsua bera ohartua zen
eta!
Igande goiz batez, meza nausian, ederkixko
mintzatu zen phedeikaria, gutarik bakotxak
garreiatu behar duen kurutzeaz; gure Salbatzaileak bere kurutze dorphea guregatik bihotz onez
jasan duen bezala, guk ere, jasan nola behar
dugun, zenbat nahi dorphea izanikan ere, Jainkoak igortzen daukun kurutzea.
Solas horri datxikola —gaitza baitzen ere
mintzatzalea— bortz egia jali zituen phedeikariak, eta sistako onik eman, eskuin eta ezker,
harro-aldi baten beharretan zitezkeneri.
Hots, jende guzia xoraturik zaukan egiazki.
Gure Larrondo, irri maltzur bat gehiago ezin
atxikiz, kur-kur-kur hortxet ez da hasten betbetan! Aldeko lagunak hari beha, eta elgarri galdeka:
—Behazue Larrondori; orai ere, zer othe duke
gogoan?
—Jainkoak daki! Bere hetarik bat, batre dudarik gabe...
Meza ondoan, Larrondo guarda brasta brasta
bazoan etxera bertze aldietan ere baino zaluago,
elheketa bidean nehoreki trikatu gabe, ontsa
handi baitzen!
Gaxina, Larrondoren andrea, zopako agien
egitera zoan supazter xokoan, bera goiz mezan
izanik.
—Gaxina, haugia!
—Nora? Zertara?
—Berehala jakinen dun; haugi!
Etxe aintzinera badoatzi beraz senhar-emazteak.
—Haugi, igan hakiat bizkarrera, ixtaklok, konkolotx!
—Konkolotx! Konkolotx igan... Bainan, gizona, erhotu zirhea bada?
—Hots, elhe alfer guti! Laster, konkolotx!
—Konkolotx! Ai, ei, ai, ei!... Burutik joan zaut
ene senharra!
Ez bide baitzen elhe gose, Larrondok, brau,
hartu eta bizkarrean emaiten du Gaxina...
Gaxina hipaka nigarrez ari zen; bainan bardinera zoan nigarrik ez eginikan ere. Deskantsurik
handienean, eta kontrabandan hartu zahagi bat
eremaiten balu bezal bezala, sorbalden gainean
bazeraman Larrondok bere andrea, elizako
bidean harat.
Hain xuxen, bide hartarik heldu hek ere,
buruz buru egiten du... jaun erretorarekin eta
haren bi misionestekin, goiz guzia elizan iraganik, goseak hamikatuak, bazkaiterat zoazila...
Harrituak gelditzen dire hiru aphezak, Larrondori beha, Gaxinari beha, elgarri beha:
—Zer duzu josteta hau?
Gaxina bethi nigarrez, ahalgeak urtua, ixilik
egon ala mintza, zer egin ez zakiela, begitartea
bi eskuen artean gordatua, han zuten orai, aintzinean, guarda ihiziaren sorbalden gainean.
Garizuma izan ez balitz eta Misionea, Ihauteriko
Basa-Andere Zigantea erranen zinuten, zinez eta
minez.
—Jesus Jainko maitea!... zer ari zira hola,
Larrondo? Zer ditutzu burla horiek? Hean lurrerat emaiten duzula berehala emazte gaixo hori!
—Zer burla eta murla? Ez dut bada zuk galdatzen duzuna eginen.
—Gizona! Jendeek zer erran ere...
—Erran bezate nahi dutena!
—Hots, Larrondo!...
—Zer derasazu, jaun erretora?... Ala, elizatik
kanpo eta eliza barnean bi gisetara mintzo zirez-
te aphez horiek? Ez dea hau, zure eskuineko
jaun horrek goiz huntan berean erranaren bethetzea?
—Ene erranaren bethetzea?... Badakizu ongi
zer erraiten duzun?
—Ba jauna, eta arras ongi oraino.
—Nik erran dautzutala, zuri egun goizean,
zure emaztea bizkarrean hola erabiltzeko?...
Baduzu burutik?
—Ez jauna, batere! Ez othe zira orhoit, meza
nausiko phedeikuan nola erran daukuzun: airoski eta bihotz onez behar dugula bakotxak gure
kurutzea garreiatu?
—Eta zer da gero?
—Da gero, jauna, hemen orai ikusten duzuena... Ene kurutzea Gaxina da. Nik ez dut mundu
huntan Gaxina baino jasan-gaitzagorik, eta hortakotzat deramat orai Gaxina, bizkarrean...
Behin bederen zuk erranak egiten ditugula! Ez
zautzu, jaun misionesta?... Herriko gizon guziek,
Larrondo guardak bezala sinhetsi bazinituzte,
elizatik etxerako bide guzia kurutzez hartua
zinukete, jaunak, Gaxina bezalako kurutzez hartua...
Gehiagokorik ez entzuteko, aphezak bazoazin orai bixi bixia, kasik lasterka, beren irria ezin
atxikiz lanik aski bazutela. Bethi airean, konkolotx, emazte gaixoak ez zakien gehiago nun eta
nola gorda bere burua!
Larrondo karkaraka irriz ari zen, uriatzeko
heinean...
Hamabortz egunez ez zion Gaxinak Larrondori solasik eman.
Eta gero... berriz hasi zen eta ez gelditu hil
arte.
ANPALLATZERAT... MARTIN?
Nor othe zen hobendun, ait’amek ez balinbazakoten liburuetan eta kazetetan irakurtzen erakutsi? Noren hoben othe zen, Paxkal plaza-biltzale debruz egin harek, zer nahi gezur balinbazazkon sinhetsarazten? Gezur horiek iresten zituen,
hala da, mazapen puska batzu bezala. Bainan
hala hala, inguru hetako zazpi herrietan ez zen
golde-nabarra harek bezain xuxen eta barna erabiliko zuenik. Kabalakina ere zen lehen lehena.
Bainan, Paxkal figura harek burua azpiz goiti
ezartzen zakon, bere maltzurkeriekin.
Goiz batez, Martin athera zen karrikara, pinpirinan aldatua. Banpa, banpa bazoan bideari
behera, bere alimaleko zapata itzedunak oinetan. Esposeko jauntziak emanak zituen: pezako
jaka, pezako galtzak, barneko motxa dena ttitta
gorri eta pherde. Gerriko zintak egiten ziozkan
hiru inguru segurik, gorri gorria, girgilleriak
sahetsetik dilindan. Gerrikoaren azpian, aintzinetik, gaitzeko botoin bat, ezpel xuri xuriz egina,
erdiko sakela handiaren hesteko. Athorra xuria,
hamabi plegu xeherekin, ithotzeko heinean
beharrietaraino heltzen zitzaiona. Buru kaskoan,
bonet edo kapelu beltx bat, onjo zabala iduri, ile
kozkor batzuen gainean.
Banpa banpa bazoan beraz Martin, karrikari
behera. Bazterrerat behatu balu, zerbaitez jelostuko zen behar bada. Bainan, athorra-lephoaren
erdian egoiteak ere lanik aski emaiten zakon,
eta ez zuen Paxkal bere adixkidearen irri maltzurrik ikusi.
Joan, joan, azkenean heltzen da Muziu Fort
zenaren etxe aintzinerat.
—Hela!... Badea nehor?...
—Aintzina, aintzina!... To, Martin! Hemengo
aldi? Jar zaite, othoi! Aspaldi huntan ez zintudan
ikusi. Zer berri da hor gaindi?
—Ba, jauna, berri on guti. Ezin bizia, ori! Ogi
guti sartu da; artoa ere xuhur, eta mahatsak
osoki huts egin dauku, hormarekin lehenik eta
gero idortearekin... Zonbait zonbait gogoeta
egina naiz gau hautan guzietan; eta hots, ororen
buruan, deliberatu dut, Paxkal plaza-biltzalearen
erranari behar nioela behatu.
—Ah!... Eta zer dio Paxkal plaza-biltzaleak,
Martin?
—Bo! ori, jauna, aithortuko dautzut, Paxkalek
ez dauzkidala xehetasunak oro nik nahi bezain
garbiki eman. Zerbait murruskatu daut han,
erranez: Lau mila libera emanen zinituela, bere
burua anpallatzerat utzi nahiko zuenari...
Muziu Fort zena, begiak zabal zabala, ahoa
oraino zabalago, irria nausiturik, harritua, beha
zagon Martin gaizoari.
—Anpallatzerat, Martin?...
—Ba, jauna, anpallatzera. Badakit zerbait
minxka pairatzen dela, anpallatzean. Bainan,
futxo, lau mila libera ere ez dira artho-pean atzemaiten, eta, engoitik orai, hasian hasi, deliberatuz geroz, baliatu nahi nuke...
Soberakina soberakina da, ez dea hala?
Muziu Fort karkailaz ari zen beraz, Martinen
sudurrari hurbil hurbila, Martin gaizoari sorbaldak inharrosten ziozkala.
—Bainan, Martin, othe dakizu ontsa, zer den
anpallatzea?
—Xuxen, ez, jauna. Erran dautzut ostixoan,
Paxkalek zerbait murruskatu baizik ez zautala.
Erran daut bakarrik, anpallatzeko hauta nintzala,
hortako behar diren guziak baditudala, eta ez
zela ni baino hoberik atzemanen ingurune hautan guzietan...
—O, Martin, Martin, barkhatu irria eskapatzen
bazaut, bainan, Paxkal demonio harek ederki
enganatu zaitu, eta lephoraino gero! Nahi duzu
jakin anpallatzea zer den? Anpallatzea da: Norbaiti larrua edeki eta, larru hura lastoz bethetzea, leher egiteko heinean, Ihauterian Zanpantzar edo Karnabal bezal bezala... Martin, behar
othe zaitut anpallatu, Uharte Ibarnegaraiko arrano alegia bizi hek bezala?... Nahi duzu?...
Martin, zuri zuria egina, begiak zorrotz, brau
xutitzen da. Muziu Fort zenari agur bat egin ere
gabe, bazoan orai kanporat, firrindilaka: «Brien
bisaia!... Brien ariña!».
Iphar haizea bezala iragan zuen Espainiako
karrika.
Paxkal hatzeman balu orduan, akhabo zen
Paxkal!
Bainan, beharrik, Paxkalek lekuak hustu
zituen zonbait egunez...
EGUERRIKO KONDAIRA
Eguerri bezpera zen. Bizpahiru ahutara gaztena goxoki janik supazterrean, sagar-arno bat
hauta lorietan hurrupaturik, ganberako leihoan
emana, izarreri beha nindagon. Iduri zitzautan
izar heieri behera jausten ikusi behar nuela
Jesus, eta, Jainkoak emanik, boz bat baitut frango pollita, hor, ohartu ere gabe, ez naiz hasten
Atzar gaiteren xaramelatzen?
Atzar gaiten, atzar lotarik
Gau huntan da Jesus sortzen,
Amodioak garhaiturik
Gure gatik da ethortzen.
Bainan, bet-betan, oharturik haize meheño
bat firurikan heldu zautala ipharretik, beldurrez
eta hotzak iragan, banoa ohe gainera, neure soinekoekin hala hala, lo kuluxkaño bat eginen
dudalakoan, gau-erdiko meza aintzinean.
Atzar gaiteren azken azken hitza emaiten ari
nintzalarik, exti, extia, ezpainak luxatuz, ttunpez
lokartzen naiz, eta berehala, horra non egiten
dudan amets bat, bainan amets bat!...
Beraz, Jainkoak, igorria zautan zerurateko
galdea, nik batre uste ez nuelarik. Nere girixtino
eginbideak oro betherik, azta gaixto guziak
aphezaren eskuetarat arthikirik, horra abiatzen
naizela Parabisurat buruz. Urhats zonbait egin
orduko, gelditzen naiz zankez, eta gero, laster
batez itzultzen nere ganberalat!... Gain hartan
zer gertha ere, alfotxetan ezartzen ditut ez dakit
zenbat urthe hetan egin ziren Gure Herriaren
ager-aldi guziak, eta anda izarreri buruz.
Berehala ohartzen naiz erreposkiago noala,
Gure Herria demontre harek nik uste baino
gehiago aztatzen zuelakotz alfotxetan. Bainan,
hartuko dut behar den astia, eta hola bederen
bihotza arinik banoa, hedoietan harat. Nork daki
zertaz behar ditaken gaintto hetan?
Joan, joan, bethi joan, banindoan beraz, alfotxak bizkarrean, Larresoroko Killo gaizoak egin
makila pollit bat eskuan, izar batetik bertzera
brixt, jauzika. Jesus, Jesus, ez nuen sekulan erranen hainbertze izar bazitekela zeruan!... Garazi-
ko mendietarik lehenago ikusten nintuenak deusik ez ziren oraikoen aldean!
Bethi banindoan bizkitartean, eta ja, Art-Izarraren ondotik, Hiru Erregeak jauzian iraganak
nituen. Sekulako bide ba othe nuen? Azkenean,
Oilo-Koloka nere gibelean utzirik bere xitoekin,
batto lehertu ere gabe, izar-erhautsez estalia,
izerdiz pelatua banindoan, noiz eta ere, han,
nere aintzinean ikusten baitut... Parabisua...
Hatsak eta guziak joanik, bihotza kasik gelditzeko heinean, harritzen naiz hantxet. Jesus,
Jainko maitea! Hura zen, hura, ikustekoa! Dena
urhe, dena zilhar, dena disdira! Belhaunak dal
dal dal ikharatzen zitzauzkitan, ederraren ederrez. Ez zen ez halako aphez-etxerik edo jaun
handien jauregirik, ez eta ere elizarik!... Jesus,
Jesus!...
Hainbertzenarekin, Parabisuko athe urhezkoaren aintzinean jarria, ikusten dut gizon bat,
bizar alimaleko batekin: Jon Doni Petri, zeruko
gakoen argitzen ari. Bazuen zer egin! alabainan,
erdoilak osoki janak zauzkan.
Krisk, krask, nere zapeta handiekin harrabots
puska bat egiten dut, Parabisuko bide xoraga-
rrian. Jon Doni Petrik burua altxatzen du, bere
lanaren artetik, eta halako hirri batean hasten da
berehala:
—To, to! Norbait heldu zaikuk egun zerurat!
baduk mira!... Ho, adixkidea, norat zoazi zure
ustez?
—Bainan... zerurat, o Jon Doni Petri!
—Zerurat?... Baduk hoberik! Aspaldixkoan
bertze biderik hartzen duzue gizonek! Orizu,
behozute ene gakoeri... Gorri gorriak erdoilak
janak!... Eta barkhamendurekin, nondik heldu
zira?
—Frantziatik.
—Frantziatik!... Hau ona diaguk! Berrogoi
urthe huntan, Frantses gutti, gutti, hunarat!
Lehenago bai, trumilka. Bainan orai, emazte
bakar batzu, doi doia!... Eta nola deitzen zinen
munduan, ez baniz ausartegi?
—Haurmaite...
—Haurmaite! Bainan orduan, Eskualduna
zira, eta ezagutzen zaitut segurki! Haurmaite!
Gizagaixoa! Ez zinen baitezpada gaixto gaixto
hetarik! Bainan, itzal ttipitto zonbait, berehala
zeruan sartzeko! Behin edo bertze gerthatu ere
zautzu, arratsean erran baituzu goizeko othoitza, eta goizean arratsekoa. Kasu eman bazinu
gehixago!... Eta, zer deramazu, hor, alfotxa gorri
handi horietan?
—Gure Herria ilabetkaria, ilabetkari horrentzat moldatu ditudan lan purruxkak!...
Jon Doni Petri xutitua zen, orai, eta nere gana
hurbildurik, gogo onez besarkatzen nau han, bainan han, tinko tinkoa! Sainduaren bizar handiak
poxi bat min egiten zautan, egia erran. Bainan,
halere... zer goxoa eta zer loria!...
—Hi haiza, Haurmaite, Gure Herriaren egileetarik bat? Kazeta moldatzaile gehienek ez die
ene bizarreko ile bat balio; bainan Gure Herrian
balinbahintzan, bertzerik duk. Biba hi, Haurmaite! Hemen guziek irakurtzen diaguk Gure Herria.
Jesus Haurrak eta Ama Birjinak ere, noiz edo
noiz, behako bat emaiten diotek. Eta zeruan
diren Eskualdunek! Harrapaka baderamaie. Ilabete guziez, aingeru Gabrielek beren Gure
Herria noiz ekarriko dioten, ezin igurikatuz diaudek. Haugi, Haurmaite, haugi!