San Benoat - 2

benedikatua, izan hadi beraz madarikatua, eta
ez benedikatua! Zer egin daiat, bethi eta bethi,
nere ondotik ibiltzeko? Zergatik habila, bethi,
nere ondotik, bertze etsaiik ezpahu bezala?».
Bainan denborarekin, Satan ohartu zen etzela deusik hari, bere solhas eta dixidu guziekin.
Eman zen beraz sainduaren gudukatzen bertzela.
Behin etxe egiten hari zirelarik, langilek
bazuten beren aintzinean harri handi bat. Behar
zutela beraz ereman eta ezarri asentuan, edo
egiten hari zuten pareta hartan, bi fraide lothu
zitzaizkon harri hari.
Bientzat hazta handiegia zuela, hirurgarren
haurride bat eman zen bi hekiekin. Ordean alferretan. Eman ziren han ziren guziak. Eta hala
ere, etzezaketen higiaraz. Iduri zuen erroak eginak zituela.

Ezagutu zuten, beraz, haurridek bazela harri
haren gainean zerbeit behar etzenik.
Orduan laster egin zuten beren Aita gana,
erran zioten zer gerthatzen zitzaioten, eta
othoiztu zuten ethortzeaz, han zutela, hekien
arabera, izpiritu gaixtoa.
Bai! Saindua joan zitzaioten, othoitz bat egin
zuen eskuak zerurat altxaturik, benedikatu zuen
harria, eta ordu berean, altxatu zuten eta bere
tokian ezarri unhadurarik batere gabe.
Satanek egin behar zioten oraino bertze gaixtakeriarik ere.
San Benoatek, bazakielakotz etsaia zerbeiten
gatik zagola harri haren zain, haintzurrarazi zuen
lurra, harria zen tokian. Eta atxeman zuten jainko-faltsu iduri ttiki bat. Iduri hura ereman zuten
etxerat; eta gero, deusik etzuela balio, arthiki
zuten zokho baterat.
Bainan ordu berean izatu zuten guziek izialdurarik handiena.
Batere etzakitelarik nola, piztu zitzaioten su
bat gaitza, barne guzia hartu ziotena.
Harrituak eta laztuak, guziak eman ziren
urketa; bai, ura arthikitzen zuten. Ordean zenba-

tenaz ere ur gehiago arthikitzen baitzioten, eta
hainbertzenaz ere, sua handiago egiten zitzaioten.
Galduak zirela beraz, galduak zirela, joan
ziren San Benoaten bilha.
Eta Sainduak, ikusi zuenean hekien izialdura
eta lana, eta nola urez bethe eta itho zituzten
bazter guziak, Sainduak, beraz, erran zioten eztieztia, eta irririk gabe, utz zezatela lan hura, han
etzela surik. Etsaiak nahi izatu zituela hasarrearazi, iduriaraziz etxe guzia erretzen ziotela.
Solhas horrek are gehiago harritu zituen fraideak. Hala-hala, San Benoat eman zen belhauniko, Jainkoari othoitz baten egiteko, eta gero,
xutitzearekin erran zioten: «Egizue orai gurutzearen seinalea». Eta, orduan, ikusi zuten etzela han surik izatu, bainan doidoia, su-orde bat,
deusik erre etzezakena.
Etzen hargatik etsaia hainitz urrun joan. Edo,
urrundu balin bazen ere, berriz ere ethorri zen,
gaixtakeria handiago baten egiteko xedearekin.
Behin, fraideak hari ziren pareta zahar baten
goratzen, eta gure Aita loriosa othoitzean hari
zen bere gelan.

Betbetan, Satan agertu zitzaion gure Aitari.
Eta hartaz trufatzen zelako irri batekin, erran
zion:
«Banohak hire haurridetara. Behar diat ikusi
zer hari diren».
Benoat Sainduak ere igorri zioten berehala
mezua, kontu eman zezatela. Eta mezu-egileak,
bide puska batean lasterka joanik, oihu egin zioten, etsaia berriz ere han zutela, gogo eman
zezatela beraz zer hari ziren.
Ordean oihu hura entzutean berean, etsaiak
arthiki zioten pareta puska handi bat, eta pareta
haren azpian lehertu zioten haur gazte bat, Erromako aitoren-seme baten haurra.
Lanaren galtzea baizik ezpalitz izatu, deusik
etzen izanen. Bainan haur bat hil zioten, eta
haren gatik fraide guziak atsekaberik handienean ziren. Utzi zuten beraz lana, eta joan
zitzaizkon beren Aita maiteari erratera zer gerthatu zitzaioten.
San Benoat etzen lotsatu. Aitzitik ekharrarazi
zuen zaku batean haur gaixo haren gorphutza.
Eta nahiz dena funditua eta zathikatua zen, halarik ere ereman zuen bere gelarat.

Gelan bera sarthu zen lagunik batere gabe.
Han, athea ongi hetsirik, egundaino baino kharsukiago othoitz egin zuen, eta, ordu berean, haurra piztu zen. Gorphutza ere oso-osoa zuen, eta
nihoiz deusik izatu ezpalu bezein ongi.
Eta hortakotz, Sainduak igorri zuen ordu
berean bertze fraidekin, lagunt zetzala harginak
etsaiak arthiki zioten paretaren berriz egiten. Eta
Satan, egiazki ahalkatua, berriz ere urrundu zen.
***
Nor-nahi izan gaitezela, bainan balin badugu
fedea eta Jainkoaren amodioa, Satanek ez daroku kalterik egiten ahal. Sainduek irri egiten zioten. Hain zuten axola guti haren amarruez eta
dixiduez edo mehatxuez.
Orai arterainoko ixtorioek ez darokute bertzerik irakasten.
Bai, Satan ihesi zohan, San Benoaten beldurrez, gure Aita loriosa oraino lur huntan zelarik.
Eta, egungo egunean, gure Aita zeruko lorian
delarik, zer egiten othe du Satanek?

Egungo egunean, bethi bezala, Satan ihesi
doha San Benoaten aintzinean.
Zenbat ixtorio ez ginuke aiphatzen ahal egia
horren aldera?
San Benoat gure Aita loriosaren ganik laguntza handi hori nahi duenak ekhar beza soinean
Saindu hunen gurutzea edo medaila, eta ez du
zeren Satanen beldurrik izan.

Zazpigarren Kapitulua
San Benoatek zer egin zuen
Escolaztica bere arrebarentzat
Ez da saindurik bere bihotza bethea izatu ez
duenik, lagun urranekoaren edo protsimoaren
amodioaz. Eta zenbatenaz ere maiteago baitzuten Jainkoa, eta hainbertzenaz ere egiten zuten
gehiago, lagun urranekoaren onetan.
Orai berean, San Benoatek egin baitu hainbertze eta hainbertze penitentzia, Subiakeko
lezetik atheraz geroz, hori guzia egiten zuen,
Jainko Jaunaren geroago eta hobeki ezagutarazteko eta maitarazteko.
Huna, bidenabar, zer egin izatu zuen Escolaztica bere arrebarentzat; eta ordu berean, nork
daki zenbat neskatxa gazte eta emakume alhargunentzat.
San Benoatek bazuen arreba maite bat,
etxean utzi zuena aitarekin. Bainan aita hura
egiazko aita giristinoa zen. Hala-hala, behin
baino gehiagotan galdetu zion Jainko maiteari,

eman zezola haren alabari ere, munduko lanjeretarik urruntzeko gogoa.
Bada, orai ere, han-hemenka, halako zenbeit
aita bakhar.
Escolazticaren aitari, gerthatu zitzaion bere
nahi sainduaren arabera. Ezen haur harrek utzi
zuen mundua goizik. Eta behar ziola Jesus Jaunari eman bere bihotza, behin-bethikotz sarthu zen
komentu batean.
Bazuen jadanik asko urthe komentu hartan
zela, jakin zuenean Benoat haren anaia sainduak
egin zuela bere komentu-nagusia, Casingo mendiaren gainean; eta bazter guzietan, jendea mintzo zela haren saindutasunaz, eta hark egiten
zituen mirakuiluez.
Ordu berean gogoak egin zion behar ziola
galdetu bere anaiari, egin zezala neskatxa gaztentzat eta bertze emakumentzat, gizonentzat
egin zuen Erregela hura bezalako zerbeit. Eta
athera zen zagon komentu hartarik, ongi adiarazi ondoan bere aintzindariei nolako gogoetez
hartua zen haren izpiritua.

Ez dugu zeren erran, etzela ttikia izatu bi
haurride saindu hekien atsegina elkhar ikusi
zutenean, hainbertze urtheren buruan.
Luzez mintzatu ziren beren berriez, eta Jainko Jaunak egin ziozkaten grazia handiez. Eta
azkenean, Escolaztica menturatu zen erratera
bere anaia maiteari nolako gogoetak eta xedeak
zituen buruan egun hetan; eta, haren ustez,
komentu berri baten egiteko gogoeta hura Jainkoak emana zuela.
Gure Aita loriosak etzion erran ezetz.
Ordean, othoitz hainitz egin eta eginarazi
ondoan, ikusi eta ezagutu zuen egiazki Jainkoaren nahia zela egin zezan bere arreba sainduak
galdetzen ziona.
Egin zuen, beraz, emazten komentua, Casingo mendi zolan. Eta Escolazticari, eta haren
ganat alde guzietarik ethorri ziren neskatxa
gazte eta emakume jainkotiarrei, eman zioten
bere Erregela Saindua, erraten ziotelarik:
Erregela haren azpian bizitzeko indarra izanen zutenek bazuketela, mundu huntarik beretik, egiazko bakea eta zoriona, eta hil ondoan,
zeruko loria.

Santa Escolaztica gai zen osoki hastera zaraman lanaren ongi joanarazteko.
Ezen egotua zen bertzen meneko hainitz urthez. Bazakien ere, ezin hobeki, Jainkoak galdetzen diona, mundutik atheratzen den arimari,
hau dela, ponturen-pontu, Erregelaren beiratzea, deusentzat-ere atxikimendurik gabe izatea, eta bere lan eta othoitz guzien egitea, egin
detzazken hobekiena.
Hala-hala, serorek beren aintzinean zuten
bethi Escolaztica beren Ama. Ezpazuten ere
berak baino aintzinago.
Egia horren aldera, huna bi hitz:
Anaia-arreba hek, hain hurbil zaudenak bat
bertzearen ganik, zer lanjer izanen zuten elkhar
maixko ikusirik ere?
Lanjerik batere. Biak zein sainduago zirelakotz.
Ez, lanjerik etziteken izan hekientzat. Bainan
hek elkhar ikusi balute maiz, nola adiaraziko
zuten fraide eta serora batzuek etzutela hek ere
gauza bera egiten ahal?
Eta zergatik ez onhets oraino, etxeko jendeak
ere, maiz ethortzea beren ahiden ikustera?

Eta bada, San Benoatek, ez Santa Escolazticak etzuten holakorik nahi. Eta hortakotz etzuten elkhar ikusten urthetik urthera baizik.
Horra gure bi saindu handiek zer egiten zuten
beren menekoen bihotzetarik khentzeko, zeruko
bidean gehienik traba gaitzazken estekamendua: hura baita, ahidentzateko amodio handiegia.
Erran dut San Benoatek eta Santa Escolazticak elkhar ikusten zutela urthean behin.
Elkhar ikusteko egun maite hura ethorri
zenean, bi sainduek hartzen zituzten lagunak,
eta elkharretaratzen ziren bidez-erditan zuten
beren etxe batean. Eta gero, Santa Escolazticak
galdetu ziozkanean beretzat eta bertzentzat
jakin nahi zituenak, egun guzia jainkozko gauzez
mintzo ziren.
Horra nola hasi zen Benediktinen ordrea,
hainbertze mila arima sainduarazi behar zuen
ordrea.
Horra oraino nola, Erregela bera delakotz
hala benediktanoen nola benediktinen komentuan, horra nola, karitate bera eta izpiritu bera
den bi komentuetan.

Batzuei eta bertzei manatua zaiote, mundu
huntako gauzentzat estekamendurik gabe izatea, erromesez artha egiazko baten izatea, obedientzia oso baten bidez, egunetik egunera zerukotzat geroago eta gehiago aberastea; eta beren
gabazko eta egunazko othoitzen eta penitentzien bidez, Jainkoaren grazien jautsaraztea
lurraren gainerat. Eta oraino Jesus Jaunari ahantzaraztea, beren amodiorik beroenaz, bertze
hainbertze giristinoren ganik duen eskergabetasuna.
Hori da, oraiko egunean ere, benediktanoen
eta benediktinen lana.

Zortzigarren Kapitulua
San Benoatek egiten du
Erromarainoko bat;
eta Erromatik eta urrunagotik
ethortzen zaizko ikustiarrak
Bazuen hirur urthe San Benoat Casingo mendian zela, orduko Aita-Sainduak manatu zionean
Erromarat joaitea. Bazter guzietako apezpikuek
eta abadek edo fraide aintzindariek bazutelakotz
biltzar bat.
Hala Aita-Sainduak nola bertze apezpikuek
eta abadek egin zioten gure Aita loriosari hainitz
ongi-ethorri ona.
Erromako aitoren-seme handien ahide zelakotz, hiri hartako jendeak ere ezagutzerat eman
zion atsegin egiten ziola haren ikusteak. Eta
Saindua baliatu zen, bere izenak eta omen onak
ematen zioten bothereaz, ahal zuen ongi guziaren egiteko, batzuei eta bertzei.
Baziren Erroman hogoita hirur komentu, bainan osoki lazatuak. Denetan predikatu zuen, eta
denei harrarazi zioten bere Erregela saindua.

Egin zituen ere, Jondoni Petriren Eliza Nagusiaren inguruan, hiru komentu berri. Hala-hala,
jendea etzelakotz hartaz baizik mintzo, ikustiarrak ethortzen zitzaizkon bazter guzietarik.
Hala joan zitzaizkonetarik batek Tubiria zuen
izena. Hura Espainiatik joan zitzaion. Eta hain
eder, hain ongi kausitu zituen gauza guziak, San
Benoatek Erroman egin zuen komentuan, non
galdetu baitzion komentu hartan sartzea.
Urruntxago ikusiko dugu noiz eta zergatik
igorria izatu zen berriz ere Espainiarat.
Espainian etzen komentuan egon beharra
bethi. Ezen denborarekin, Palenciako apezpiku
bilhakatu zen, eta Espainiako giristinoei ongi
handia egin ondoan, hil izatu zen sainduen heriotzeaz.
San Benoatez bezenbatean, hura ere joan
zen bere Casingo komenturat, Erromako egitekoak antolatu bezein sarri.
Etzen, alabainan, lur onik harentzat bere
komentutik kanpo. Mendiko xoriak bere mendirat bezein, lehia handia zuen San Benoatek bere
Casingo komenturat.

Casingo mendian, bere ohiko lanari emana
zen, erran nahi dut, egiten zuela egin-ahala bere
haurride maitei berthutearen maitarazteko, eta
Jainkoa ganat itzularazi zituen giristino berrien
finkarazteko zeruko bidean.
Bere egiteko maite horietan zelarik San
Benoat, Placide gaztearen aitak gaztigatu zion
bere semeari, ian joan ziteken; haren komentu
berria ikusi nahia zuela.
San Benoatek berak ihardetsi zion Placideren
aitari ethor zitekela nahi zuenean, eta nahi
zituen lagunekin. Jaun harek Tertulia zuen izena.
Joan zen beraz Tertulia, berekin zaramanzkalarik Maore fraidearen aita eta bertze lagun
batzu. Komenturat ere hurbilduak ziren jadaneko, San Benoati ekharri ziotenean berria, bazela
zaldidun multzu bat mendiari gora hari zirenak.
San Benoat athera zen ordu berean hekien
bidera, Placide eta Maore lagun harturik. Eta zaldidunak jautsi ziren berehala beren zaldietarik,
ikusi zutenean agertzen zitzaizkoten hirur fraide
hek nor ziren.
Besarkatu ere zituzketen gogo onez beren
haurrak, orduan berean, bainan etzitzaioten zil-

hegi izatu. Ezen, nola gure Erregela Sainduak
ekhartzen baitu komentura ethortzen diren arrotzak Sakramendu Sainduaren aintzinera ereman
behar direla hekiekin solhasean hasi baino
lehen, San Benoatek eta haren lagunek agur
handi bat egin zioten arrotz maite hekiei, eta,
gero, ereman zituzten Elizara.
Eta Elizan elkharrekin othoitz egin ondoan,
Placidek eta Maorek besarkatu zituzten beren
burasoak, eta orduan hasi ziren solhasean San
Benoatekin.
Komentuko gauza ederrak ikusiz eta bereziki,
zein ederki emanak ziren ofizioak, gabaz eta
egunaz, etzakiten non ziren, bozkarioaren handiaren handiz.
Hekien atseginik handienetarik bat oraino,
hau zen: ikustea beren haurrak, Nagusi guziz
saindu haren idurira moldatuak. Han zutela
beren begitartean, mintzoan eta ibiltzean, San
Benoaten eztitasuna, umilitatea, eta aire bildu
eta saindua.
Nahi izatu zuten ere beren atsegina ezagutarazi. Ezen Tertuliak eman zituen behin bethikotz
Casingo komentuari, Casingo mendi hartan

zituen lurrak, Erromako hirian zuen etxe bat, isla
batzu, eta, oraino, Ciciliako islan, hemezortzi
herri.
Ekicio, Maoreren aitak ere egin ziozkan emaitza handiak, hala nola Gordiano deitzen zuten
bertze aitoren-seme aberats batek.
Eta gero, joan ziren, ongi galdeginik San
Benoati partalier egin zetzala, komentuko
othoitz, penitentzia eta egintza saindu guzietan.
Etzuen zenbeit egun baizik Erromako aitorenseme hek joanak zirela, Sardiniako gobernadorearen mandatari batzu ethorri zirenean komentura.
Mandatari hek etzuten solhas onik baizen.
Eta othoizten zuten San Benoat igor zezala isla
hartarat bere haurridetarik zenbeit.
Nahi ziotela adiarazi haren meneko ziren
jende guziei, nolakoak ziren gizonaren egitekoak
lurraren gainean, eta gizona zeren egiteko gai
zen, Jainkoaren graziarekin batean.
Sainduak hautatu zituen hirur haurride, eta
erranik xehe-xehea nola eta zer egin, bidali
zituen Sardiniako mandatari edo mezu-egilekin.

Ordu hura bera zen oraino, jakin zuenean
bazituela bidean bertze ikustiar batzu ere, iruzkirako eskualdetik ethortzen zitzaizkonak.
Hek ere entzuna zuten, zein saindu handia
zen San Benoat gure Aita, mirakuilurik handienak ere egiten zituela, eta jendeak lehiarik handiena zuela haren komentuetan sartzeko.
Fraide greka hek itsasoaren gainean ziren
oraino, Jainkoak jakinarazi ziozkanean gauza
horiek guziak gure Aita loriosari. Jainko Jaunak
adiarazi zion bertzalde, noizko helduko zen
hekien untzia Napleko itsas portura.
Eta hortakotz, San Benoat bere komentuan
egon-orde, bertze edozein jenderentzat zagon
bezala, joan zitzaioten bere ongi-ethorriaren egitera Napleko hirira, hek leihorrera jautsi orduko.
Etzizaioten ere joan eskuak hutsik. Ez!
Ordean, zerbeiten hartu beharretan zitezkela, ereman zioten asko jateko, eta edatekoa ere
bai.
Erran zioten beraz, lehenbiziko solhasak egin
ondoan, behar zutela jan ogi pixka bat, bideari
lothu baino lehen.

Fraide arrotzek, aldiz, ihardetsi zioten, etzezaketela jan, barur eguna zela.
Eta nola San Benoatek berriz ere erran baitzioten, jaten ahal zutela, hobe zutela janik;
arrotz hek eman ziren elkharri beira, elkharri galdetzeko bezala, ian hura othe zen San Benoat
hainbertze aiphatu hura.
Etzitzaion nekhe izatu gure Aita dohatsuari
ikustea elkharri begiratze harrek zer erran nahi
zuen.
Denborarik galdu gabe beraz solhas alferretan, San Benoatek ereman zituen arrotz hek
komentuko hilerrietara. Eta, guziak harrituak
zaudelarik, zer egin gogo othe zuen, oihu egin
zioten, han ehortziak ziren fraidei, erraten ziotelarik:
«Hemen hilerri hautan lo zaudezten haurride
maiteak, manatzen dautzuet, Jainko Jaunaren
izenean: errazue, ian gaztigatuak izatu zareten,
zeren hautsi duzuen barura zenbeit aldiz, nere
erranaren gainean, eta niri iduritu zarotalakotz
hobe zinutela jatea».
Hilak piztu eta xutitu ziren, beren Aita maitearen mintzora, eta ihardetsi zuten:

«Galdetzen baitarokuzu, ian gaztigatuak
izatu garen barura hautsi dugulakotz zure manura, ez, ez dugu gaztigurik izatu! Bainan bai,
saria, barur egin baginu baino handiagoa, loria
eta zorion gehiago, zeren obeditu dautzugun
itsutuki».
Solhas hori entzun zuten han ziren guziek.
Eta fraide arrotz hekien izialdura etzen ttikia
izatu.
Ezen mirakuilu harrek berak erraten zioten
ikusi zuela nolako gogoetak zituzten haren gainean. Mirakuilu harrek erraten zioten oraino,
Jainkoak maiteago dituela obedientzia eta karitatea, ezen-ez barura eta penitentzia, nork-berak
bere burutara egiten dituenean.
Hala-hala, handik goiti, bazuten gure Aita
maitearentzat, behar zen ikustatea. Eta, astiroki
egotu ondoan Casingo komentuan, eta bertze
asko gauza ikusirik eta ederretsirik, joan ziren
beren herrirat, Jainkoari eta San Benoati eskerrak ematen ziozkatelarik.
***

Zenbat aldiz etzaiku gerthatzen, guri ere,
fraide hekiei bezala, gure lagunen egitekoez
dohanean, kontu egitea doidoia, kanporat ageri
denari. Eta gero, juiatzea eta kondenatzea,
duda-mudarik gabe, guri ez dohakun guzia.
Orhoit gaiten bada, hobeki litekela, eta ez
gutiz, ez baginu batere juiatzen ez kondenatzen
nihor-ere, eta gauza guziak onerat hartzen baginitu.

Bederatzigarren Kapitulua
San Benoatek nola igorri zuen
San Placide Ciciliako islarat,
isla hartan zituzten onthasunen gatik
eta komentu berri baten egiterat
San Benoatek ezarri zituen bere ustez esku
onetan Placideren aitak eman ziozkan Ciciliako
hemezortzi herri hek.
Ordean Jainkoak bere ganat hartu zuenean
Tertuliaren arima, hango bordari edo etxezainak
lazatu ziren.
Guziek bazuten etxe eta onthasun hekien
gainean ikusteko zerbeit, guziek bazuten zerbeit
aitzakia edo estakuru zor zutenaren ez emateko.
Eta halaxet joan ziren urthe batzu, nihork ez baitzuen kontu handirik egiten Casingo komentuaz.
San Benoatek eta komentuko bertze fraidek
egin zuten, beraz, elkharren artean, etzutela
bertze deusik egiteko, baizik ere, isla hartarat
Placideren bidaltzea. Bordari hek guziek aski izanen zutela beren Premu Jaunaren ikustea, zor
zuten guziaren pagatzeko.

Bainan hemen galdegin dezake, menturaz,
norbeitek, zertako zituen San Benoatek onthasun handi hek, pobreziaren botua egina zuenaz
geroz.
Egia da, gure Aita loriosak etzuela Ciciliako
diruaren beharrik, ez beretzat, ez bere fraiden
hazteko, fraidek irabazten zutelakotz beren eguneko bizitze arrunta beren kopetako izerdiari
esker; bainan zenbat erromes etzen Casingo
herrian eta hango inguruetan, komentuak biziarazten zituenak!
San Benoatek egin zuena beraz, bere baithan, hau zen: hobe zela erromes hek izan zezaten behar zuten sokhorria.
Bertzalde Sainduak bazakien, Jainkoaren
nahia zela, isla hartako hainitz jenderen benediktano bilhakaraztea.
Eta bi arrazoin horien gatik igorri zuen Ciciliarat Placide, bere haur eta fraide guziz maitea.
Bideko behar ziren guziak prestatu zirenean,
San Benoatek erran zion bere haurride maite
hari, nola eta zer beharko zuen egin hango lanari ongi buru emateko. Adiarazi zion oraino, Jainkoaren nahia zela Erregela Sainduaren ezaguta-

raztea isla hartako asko jendei. Eta gero, erran
ziozkan hitz hauk:
«Hazkarrik eta finki, beharko zare eman,
nere haur maitea, Jesu-Kristo zure Nagusi eta
Erregeak zuretzat daukan lanari.
»Zeru-lurren Nagusi den Jaunak, obeditu dio
bere Aita zerukoari heriotzeraino, eta gehiago
dena, gurutzearen gaineko heriotzeraino; atxikazu bethi gogoan, Jesus onaren solhas hau: Ez
naiz nere nahiaren egiterat ethorria, bainan bai,
nere Aita, ni igorri nauenaren nahiaren egiterat.
»Beautzu beraz lotsatzetik, ikusi-eta nolako
lanen aintzinean zaren; edo oraino, nolako atsekabeak beharko tutzun jasan, zure lan guzien
ondotik.
»Halako orduetan egin beharko duzuna hau
da: orhoitzea Apostolu handiaren solhas huntaz:
»Bizi huntako lanak eta nahigabeak ez dire
deusik, horien bidez irabazten dugun eternitateko loriaren aldean: Ez gare zeruko loria hartarat
heltzen ahal, atsekaben eta nahigaben bidetik
joanez baizen.
»Bai, haurra, atxikatzu gogoan egia horiek;
eta bertzalde, mundu huntan gudukan hari dire-

nek Jesu-Kristorentzat, eta haren izenaren gatik,
baduketela eternitate guzia iraunen duen saria.
»Othoizten dut Jesus Jauna lagunt zaitzan
zure mundu huntako urrats guzietan, eta izan
dadin zure zoriona eternitatean».
Solhas horien erratea etzen lan ttikia izatu
Aita on haren bihotzarentzat.
Azkenean, etzirelakotz egoten ahal gehiago
elkharrekin, San Benoatek besarkatu zuen Placide gaztea, eta, haren ondotik, besarkatu zituen
bertze bi fraide, Donado eta Gordien.
Bi fraide hek etziren nor-nahi; bainan bai, bi
etxeko seme on, beren burasoak eta ontasunak
utzirik, komenturat ethorriak zirenak.
Eta oraino hobeki zena, hek ziren bi fraide
gazte, San Benoatek maite zituenak Erregela
Sainduaren arabera bizi zirelakotz.
Hek ere besarkatzen zituelarik, beraz, gure
Aita onak gomendatu zioten, handik aintzina
obedi zezatela gauza guzietan Placideri, egun
hartaraino hari berari egin zioten bezala.
Orduan, hirur fraideak eman ziren belhauniko, beren Aita maitearen benedizionearen har-

tzeko; eta gero, athera ziren Casingo komentutik.

Hamargarren Kapitulua
Nola San Benoatek bazakien
bertzen gogoaren berri,
eta geroan zer izanen zen ere bai
Jainkoaren nahia zen hainitz ehun mila arimen salbaraztea San Benoati esker. Hortakotz
eta haren ordrea gogor eta finka ahal zadin
behin bethikotz, Jainkoak eman zion mirakuiluen
egiteko botherea, ethorkizuneko gauzen jakitatea, eta ordu berean oraino, bertzen gogoko
berri jakiteko ahala.
Egia horren aldera, huna zenbeit ixtorio:
Behin, bi fraide athera ziren komentutik, egiteko zerbeit bazutelakotz. Eta jadanik beren
lanak eginak, etxerat buruz hari ziren, sarthu
zirenean emakume jainkotiar baten etxean.
Emakume hura komentuko jendetarik zen,
ezaguna ere zuten. Erran gabe doha beraz, atsegin handia egin ziotela.
Gauzak hartan gelditzera, etzen deusik izanen. Ordean emakume harrek ere ezagutarazi
nahi izatu zioten, ohore handia zuela, bi fraide-

ren bere etxean ikustea. Eta erran zioten, behar
zutela zerbeit hartu, bide luzegia zutela handik
komenturaino deusik jan gabe joaiteko; barura
hautsi-eta, joanen zirela.
Fraidek ihardetsi zioten etzitzaiotela zilhegi,
etzutela beraz janen.
Gure Erregela Sainduak ekhartzen du, alabainan, komentutik atheratzen denak ez duela kanpoan othuruntzarik egin behar, arratseko
komenturatzen ahal bada; non ez den aitzindariaren nahia bertzela egin dezan.
Bi fraide hek erran zuten beraz etzitzaiotela
zilhegi, komenturat helduko zirela arratseko.
Hala ere emakume harrek hainbertze egineta-egin zioten, non hartu eta jan baitzuten.
Komentura zirenean, egin zuten Erregela
Sainduak manatzen duen bezala; joan zitzaizkon
Aita San Benoati bere benedizionearen galdetzerat.
Bainan nolakoa etzen izatu hekien izialdura,
San Benoatek galdetu ziotenean, non bazkaldu
zuten. Eta hek, aithortu-orde beren hutsa, ihardetsi zuten bere-berehalako izialdura hartan,
etzutela nihon deusik jan.

Orduan San Benoatek erran zioten:
«Zer diozue, haurrak? Zuek etzaretela holako
emakumearen etxean izatu? Zuek ez duzuela
holako eta halako gauza jan, eta hoinbertze aldiz
edan? Zergatik nahi duzue hutsa estali huts handiagoaz?».
Fraideak harritu ziren solhas horien entzuteaz. Ikusi zuten beraz, Jainkoaren Izpirituaz
argitua zela hekien Aita, eta alfer zela hari zerbeit gorde nahi izatea.
Hala-hala, ahuspeka zaudelarik haren oinetan, aithortu zuten beren hoben guzia, eta, umilumila, galdetu zioten huts hari zohakon penitentzia.
Ordean San Benoatek etzioten penitentziarik
eman, eta bai, barkhatu. Ezen ikusten zuen aski
gaztigatuak zirela, hutsean atxemanak izateaz
beraz.
***
Bertze ixtorio bat:

Fraide baten anaia joaiten ohi zen, urthe
guziz, Casingo mendira, gure Aita San Benoatekin mintzatzera bere arimako egitekoez.
Eta, nahiz bide luzea zuen etxetik eta komentu hartara, etzuen hargatik, nihon deusere jaten
ez edaten, komentura heldu artean. Harrek ere
nahi zuelakotz zerbeit penitentzia egin.
Bada, orai aiphatzen dugun urthean, orduan
ere abiatu zen, bethi bezalako gogo eta xede
berarekin. Eta jadaneko urrats on batean zohalarik, kausitu zuen arrotz bat, hura ere eskualde
bererat buruz hari zena.
Arrotz harekin egin zuen bertze edozeinek
eginen zukena: agur eta agur, solhas bat, gero
bia, eta gero deusen beldurrik gabe, eman ziren
biak bideari, urrats berean, bi ezagun xahar
bezala.
Bide puska bat egin zutenean, arrotzak galdegin zion komenturat zohanari, ian etzen pausatu nahia. Bazuela edateko xorta bat, edan
behar zutela. Ordean beilatiarrak etzion deusik
hartu nahi izatu.
Aintzinaxago joan zirenean, berriz ere erran
zion arrotzak bertzeari, hobe zutela zerbeit pix-

karen jatea, indarrak hartu-eta, errexkiago kurrituko zutela.
Beilatiarrak etzion hala ere hartu, eta erran
zion, ixilik egoten ahal zelarik, barurik egiten ohi
zuela beila hura, urthe guziz, Benoat Sainduaren
mintzatzera zohanean.
Arrotzak irri egin zion, bainan halako trufa
eta narda batekin, urrikaldu balitzaio bezala,
Benoaten baithan zuen sinheste handiegiaz. Eta
oraino ere, egin zuten bide zathi bat elkharrekin.
Beilatiarrak egiten zuken ere bere baithan,
bazuela aski erranik, eta bakea emanen ziola;
noiz-eta-ere, arrotza jarri baitzitzaion ur garbigarbi baten hegian, sorropila ttiki batean, erraten ziolarik:
«Gauza guziek badute beren neurria. Ni
unhatua naiz eta zerbeiten beharretan. Huna,
hau neretzat. Eta horra, hori zurea. Jan zazu, zuk
ere». Eta beilatiarra, aintzina joan-orde, lagun
behar ez-bezalako hura han utzirik, beilatiarra
ere jarri zen, eta jan zuen harrek ere.
Arratsa zuen komentura heldu zenean.
Heldu bezein laster, galdegin zuen Sainduaren ikustea. Urthe bat jadanik etzuela ikusi haren

begitarte ezti eta ederra, etzuela ere entzun
haren mintzo maitea, othoiztu zuen athezaina,
lehen-bai-lehen ekharraraz zezola gure Aita ona.
Bai, ethorri zitzaion San Benoat. Ordean,
etzen guti harritu, aphaldua eta ahuspez emana
zagolarik, bere ustez benedizionearen hartzeko,
entzun zituenean haren ahotik hitz hauk:
«Zergatik behar zinuen amor eman, gure arimen etsaiaren tentazioneari, mintzo zautzularik
arrotz lagun haren mihiz? Garhaitu ondoan behin
eta bigarren aldian ere bai, zergatik etzaizko
jazarri hirugarren aldian ere?».
Eta beilatiar gaizoa harritua eta ahalkez urthua zagolarik, buruaren altxatzerat menturatu
ere gabe, San Benoatek erran zion:
«Zenbeit xede on hartu dukezunean, hala
nola zerbeit agindu diozunean Jainkoari, egizu
zure egin-ahala, zure xede sainduaren atxikitzeko. Gerthatzen bazaitzu erortzea, ezinbertzez
edo indarrik aski etzinuelakotz, ezagut eta aithor
zazu Jainkoaren aintzinean zure hutsa. Eta galdezozu hobeki egiteko grazia».
***

Guk ere orhoitzeko ginuke, ez badugu ere
beldurrik, Jainkoak ezagutaraz detzan gure
hutsak Benoat berri bati, hargatik Jainkoaren
begia gure gainera dagola, gabaz eta egunaz;
eta ez dela, ez lanik, ez urratsik, ez solhasik, ez
gogoetarik, bere juiamendua izanen ez duenik;
ordean, juiatuak izanen garela juie guziz argitua
den batez.
Eta zer zorigaitza kondenatuak bagine!
***
Denbora hura bera zen, Terracinako etxeko