Sainduen bizitzea - 10
zitzaizkon solhasen gatik, hari zen oihuka, ziolarik:
«Jendea nori behatuko zaio, noren beldur izanen da,
jendeak nor adoratuko du, ezpaditu ohoratzen gure
jainko handiak, eta adoratzen enperadoren iduriak?».
Orduan, Agurio diakreari buruz ematen zelarik,
erran zion: «Bederen hik eztezakala konturik egin
Murthutsen solhasei. –Nik ere eztut adoratzen bertzerik, baizen Jainko guziz botheretsua», ihardetsi zion
saindu harrek.
«Eta hik Ulosio, erran zion gobernadoreak bertze
diakreari, zer egiten duk? adoratzen hik ere Murthuts?
–Ez! eztut adoratzen Murthuts; bainan bai Murthuts
nere apezpiku jaunak adoratzen duen Jainkoa».
Hunen gainean gobernadoreak galdetu zion Murthuts sainduari: «Apezpiku haiz hi?». «Bai, apezpiku
naiz», ihardetsi zion Sainduak. «Erraten bahu apezpiku hintzela hobeki lukek»; egin zion tiranoak.
Eta, errabiarik handienean, manatu zuen errearaz
zetzatela hiruak.
Hiru sainduak errearaztera zaramanzkatelako
berri horrek trixtarazi zituen hiriko jende guziak. Ezen,
pagano eta giristino, denek maite zuten apezpiku
saindua, ageri zirelakotz hura baithan Jondoni Paulok
apezpikua baithan aurkhitu nahi dituen berthuteak.
Bizkitartean giristinoek bazakiten merezimendu
handiak irabazten dituela bere odola Jesus Jaunarentzat ixurtzeko zoriona duenak; bazakiten beraz hekien
Apezpiku saindua guziz botheretsu izanen zela Jainkoaren aintzinean, eta gogoeta horrek eman zioten
kuraie eta kontsolazione.
Bidean hainitzek eskaini zioten martirei edatera,
on zuketela tormenten aintzinean ez izitzeko. Bainan
Jondoni Murthutsek igurikitzen zuen oraino indar
gehiago Jainkoaren ganik ezen-ez jenden edari guzietarik. Eta nola barur eguna baitzuten, eta ezpaitziren
oraino hamar orenak baizik, joan zen aintzina, erranez
etzirela oraino baruraren hausteko orenera helduak.
Iduri sobra zitzaiotela gelditzea edateko denbora
bera ere, bazohazin lehia saindu batekin zerurako
bidean, zeruan emana izanen zitzaiotela, ez bakharrik
baruraren haustea, bainan igeri egotea Jainko Jaunak
profetei eta martirei preparatuak dauzkan atsegin eta
zorion ezin erranezkoen erdian.
Egur metaren aldera heldu zirenean, burrego bat
hurbildu zitzaion san Murthutsi, eta erran zion, nigarra
begian, othoi barkha zezola, bainan behar ziozkala
kendu oinetakoak egur metaren gainerat igan baino
lehen.
Eta Sainduak ihardetsi zion: «Haurra, utz nazazu,
neronek errexki eta atseginekin eginen dudan lana da
hori; halakoak direlakotz Jainkoak egin darozkigun
agintzak, eta zeruan guretzat dauzkan sariak, harrentzat gure biziaren emateko zoriona balin badugu».
Hainbertzenarekin soldadu giristino bat ethorri
zitzaion alde-aldera, eta, hartzen ziolarik esku eskuina
bere bi eskuen artean, othoiztu zuen orhoit zadiela
hartaz zerurat heldu zitekenean.
Hitz horiek entzutean, gogora ethorri zitzaizkon
giristinoek bazter guzietan zituzten guduka ikharagarriak. Ihardetsi zuen beraz han ziren guziek entzuteko
gisan: «Lurraren gainean hedatua den Eliza guziaz
behar naiz orhoitu, eta guzientzat behar dut othoitz
egin».
Bertze norbeitek ere eman zion oraino aditzera
behar ziotela agur edo adio bat egin han ziren giristinoei; eta itzulirik gibelat buruz erran zioten:
«Nere haurride eta haur maiteak, ikusten duzuen
bezala, ni banoha, hala ere etzarete artzainik gabe
izanen, maitegi zaituzte Jainkoak horrela zuen uzteko.
Eta bertzalde gurekin izanen dela orai eta geroan ere
bai, berak erran daroku. Bai, izanen duzuen nere
ordaina, zaudezte beraz hazkar zuen Erlisione sainduan.
»Hemen piztera daramaten su hunek lazten eta
harritzen zaituzte menturaz, bainan guziaren buruan
zer da? ongi ezkaren batean, oren bat irauten duen
oinhazearen pare».
Horrela hazi eta hazkarrarazi ondoan Jainkoaren
amodioa giristino guzien bihotzetan, Jondoni Murthuts
igan zen sakrifiziok aldarearen gainerat bere bi lagunekin.
Jainko Jaunak etzetzazken utz saristatu gabe hura
baithan halako sinestea zutenak. Eta hortakotz emana
izatu zitzaioten lehenago Babiloniako suaren erdian
ibili ziren hiru haurrek izatu zuten fagorea. Erran nahi
baita, luzez ibili zirela suaren erdian batere erre gabe,
eta Jainkoari eskerrak ematen ziozkatelarik.
Hargatik azkenerat suak erre ziozkaten eskuetan
zituzten lokharriak, eta orduan jarri ziren hiruak belhauniko begiak eta eskuak zerurat altxaturik, eta
erran zioten Jesus Jaunari aski ongi ezagutaraziak
zituela bere ontasuna eta botherea, uzten ahal zituela beraz hiltzera su harren erdian.
Jesus Jaunak entzun zituen hekien othoitzak. Ezen
handik berehala hiru arima eder hek athera ziren
beren gorputzetarik, joaiteko zeruko loriaz gozatzera.
Jainkoak egin zuen orduan asko mirakuilu bere
zerbitzari hekien saindutasunaren hobeki ezagutarazteko. Azken hatsa eman zutenean, gobernadorearen
etxeko bi esklabu giristinok eta gobernadorearen alabak, hiruek ikusi zituzten Jondoni Murthutsen eta
haren bi diakren arimak joaiten zerurat distiradurarik
handienean. Gobernadoreari ere hasi zitzaizkon oihuka, athera zadiela arima eder hekien ikustera, nahi
zutelakotz ezagut zezan nolazpeit gaizki zela hobenik
batere etzuten jende batzuen hilaraztea.
Bainan gobernadorearen begia etzen aski garbi
saindu hekien loriaren ikusteko. Harrek etzuen deusik
ikusi.
Tarragoneko giristinoek bazakiten arras ongi martir sainduak zeruan zirela, eta hargatik trixte ziren; ez
baitezpada galdu zituztelakotz, bainan zeren etzitzaioten emana hekiei ere Jesus Jaunarentzat beren
odolaren ixurtzea.
Bada ilhundu zenean, oraino ere gorputz saindu
hek han zirelakotz suaren erdian erretzen hari, giristinoak joan ziren, untzi batzuetan arnoa harturik; eta
bakhotxak bildu zuen arno hartara atseginekin hezur
edo haragi puska zerbeit.
Ordean ondoko gabean Jondoni Murthuts agertu
zitzaioten erlaki saindu hetarik beren etxean bazuten
guziei. Saindua distiradura eder baten erdian zen eta
begitarte on-on batekin.
Harren ikusteak eman zioten guziei kontsolazione
handia. Bainan gero, zorion saindu batean ezarri ziozkatenean bihotzak, adiarazi zioten etzela ongi parti
zetzaten beren artean heien erlakiak. Aitzitik behar
zituztela ezarri guziak elkharrekin toki berean.
Elizetan eta komentuetan begiratuak eta ohoratuak izatu dire beraz dohakoten ikustatearekin; eta
giristinoek othoitz egin dutenean heien aintzinean
ezagutu dute hainitzetan Jondoni Murthutsek eta
haren lagunek bothere handia dutela Jainkoaren
aldean.
Irakaspena
Jondoni Murthutsek eta haren lagunek erraten
darokute goraki beren etsenpluaz zer behar dugun
egin munduak nahiko gaituenean zeiharrarazi zeruko
bidetik.
Saindu hauk ekharriak ziren jasaiterat atseginekin
su ikharagarri baten erdian izan zezaketen pairamen
guzia. Eta hori, guk dugun Erlisione beraren begiratzea gatik.
Bere fedearen irakaspenen arabera hari denak
ikus dezake beraz, gosta behar bazaio ere bethi eta
bide guzietan giristino gisa bizitzeko, hainitzak direla
oraino hark baino gehiago egin dutenak.
Bainan ondikotz zenbat giristinok eztituzte ahanzten Jainko Jaunari behin baino gehiagotan egin diozkaten agintza sainduak. Eta gero, bazterrerat utziak
othoitzak, komunioneak, eta batzuetan meza bera
ere, bizi dire lazakerian, eta zeruaren merezitzeko
deusik egin gabe.
Bertze batzuk, gerthatzen badire Erlisioneaz,
sakramenduez eta Eliza-gizonez irri egiten eta trufatzen diren jenden aintzinean, egiten dute hek bezala
irri eta trufa; aditzen balin badute hala eztiren gauzak
erraten Erlisionearen gainean, orduan ere egonen dire
menturaz burua apalduak ahalkez, ixil-ixila eta ahorik
ideki ere gabe.
Horra nola asko giristino hobendun bilhakatzen
diren.
Ian, guk ere eztukegun hunelako zenbeit bekhatu
gure kontzientzian? Ian, etxean bezein giristino othe
garen kanpoan? Eta har dezagun xedea egiaren eta
Jainkoaren alde garela erakusterat emateko gure bide
guzietan, orhoituz Jesus Jaunaren hitz hautaz: Bere
nausitzat ezagutzen nauena jenden aintzinean, nik
ere, ezagutuko dut nere haurridetzat nere Aitaren aintzinean.
Urtharrilaren 22an
SAN BIZENTE EDO BIXINTXO
MARTIRA
Hila 304an
Saindu hau sortu zen Espainian, Zaragozako inguruetan. Haurtasunetik hasirik hartze ona bide zuen,
eta behar bezalakoa zen. Bertzela izan balitz, Zaragozako Apezpikuak etzuen bere etxean hartuko. Orduko
apezpikuak Balerio zuen izena.
Apezpiku harrek hartu eta eskolatu zuen bere
etxean berean; eta gero berantxago, ordenatu diakre.
Eta nola berak galdua bezala baitzuen mintzoa, eman
zion diakre gazteari, Ebanjelio sainduaren predikatzeko eta ezagutarazteko manua.
Bizente gaztea gai zen lan hari buruz jartzeko; ez
bakharrik bazakielakotz zer predika, bainan oraino
saindu bat zelakotz. Eta eman zen khar saindu batekin, arimen konbertiarazten, eta, gero eta hobeki,
Jainkoaren amodioaren pitzarazten denen bihotzetan.
Horrela hari zelarik, ethorri zen Balentziako hirira
Espainiako giristinoek izatu duten etsaiik gaixtoenetarik bat, Dazien.
Gizon harren xedea eta nahia etzen bertzerik baizen ere Espainia guzian galaraztea giristino-legea.
Bainan nola giristinoz betheak baitziren bazter guziak,
ezpaitzitezken beraz hilaraz guziak, Dazienek egin
zuen bere baithan, aski zela gure Erlisione sainduaren
galarazteko, eliza-gizonei erranaraztea arbuiatzen
zutela ordu arte irakatsi zutena.
Balentziarat heldu zeneko beraz, mintzatu zitzaizkon Balerio sainduaz eta haren diakreaz. Eta ordu
berean eman zuen manua altxa zetzatela preso, eta
ereman zetzotela Balentziara. Eta Balerio sainduak
ere egin behar izatu zuen oinez Zaragozatik eta Balentziarainoko bidea, nahiz jadanik adin handia zuen.
Dazienek ikusi zuen laster etzitzaiola errex izanen
bi eliza-gizon hekiei beren erlisionearen arbuiaraztea.
Eta agian errexkiago garhaituko zituela, gosez ahularazten ahal bazituen, ezarri zituen gaztelu zilho
batean, eta han utzi jatekorik batere gabe.
Handik zenbeit egunen buruan, eta ordukotz uste
izateko zuelarik, ezpaziren ere hilak bederen aski
ahulduak zituzkela, ekharrarazi zituen berriz ere bere
aintzinera. Bainan orduan ere ikusi zuen nahi etzukenik: Balerio eta Bizente, biak, gazteluan sartzean
baino itxura hobean eta bihotz beroagoarekin zituela.
Halarik ere erran zioten: «Eta orai, zer egin gogo
duzue? Nahi ditutzue adoratu gure jainkoak, ala
nahiago zarete hil oinhazerik ikharagarrienen erdian?
Balerio, zuri nago, mintza zakizkit».
Ikusi dugu gorago Baleriok galdua zuela mintzoa.
Eta hortakotz etzuten entzun harrek zer ihardetsi
zuen. Bainan huna, Bizentek zer erran zuen beretzat
eta bere Jaun Apezpikuaren izenean:
«Zuk nahi balin baditutzu adoratu zurezko eta
harrizko jainko batzu, egizkitzu. Guk eztugu bertzerik
ezagutzen, ez ezagutuko Jainkotzat, baizik ere zerulurrak eta gu guziak ez-deusetarik egin gaituena.
»Guk adoratzen dugu mundu guzia bere eskuetan
daukan Jainkoa, eta Jesu-Kristo haren Seme bakhar
guretzat gizon egin dena.
»Gero, baitiozu hilaraziko gaituzula oinhazerik
ikharagarrienen erdian, non-eta eztugun egiten zuk
galdetzen darokuzuna; horren gainean erranen dautzugu, Jesu-Kristo gure Jaunak ere ixuri duela bere
odola gurutze baten gainean, gure salbatzea gatik;
eta etzaiku sobera zerbeiten pairatzea guretzat hainbertze egin duenaren ohoretan. Egizu beraz gutaz
nahi duzuna».
Solhas horien ondotik gobernadoreak igorri zuen
Balerio saindua erresumatik kanpo, eta manatu zuen
pairaraz zezotela Bizenteri jende biziak paira dezaken
guzia.
Hortakotz kendu ziozkaten bere soineko guziak.
Eta, lotzen ziozkatelarik lau soka lau zango-besoetarik, haritu zatzaizkon tiraka tira-ahala-tira, jauzarazi
arteraino zango-besoak beren krosketarik.
Halako oinhaze ikharagarrietan zelarik Jesusen
soldadua, Dazien han zagon begira, noiz emanen zuen
amor, noiz erranen zuen bazuela aski. Bainan Bizente
etzen hartan. Eta burregoak gelditu zirenean harren
laurdengatzetik, erran zion gizon gaixtagin hari:
«Nik, nahi nuke jakin orai, zergatik gelditzen
zaren. Gobernadorea, emazu aintzina, non-eta eztiren
huntan akhabo zure indar guziak. Ezen nere oinhazen
araberakoak izanen dire nere eternitateko atseginak».
Hitz horiek ezarri zuten gobernadorea dena sutan.
Eta haren manuz burregoak hasi zitzaizkon burdinazko aztapar batzuekin, zakhurrak azienda hilari lotzen
diren bezala. Gorputz guzia xehakatu eta funditu zioten beraz, hezurrak ere-bai, agerian ezarri.
Eta halarik ere saindu gaztea etzen garhaitua.
Aitzitik zerbeit gehiagoren jasaiteko irritsarekin
zagon; eta agian edertuko ziotela oraino bere zeruko
korona.
Bai-bai! edertu behar zioten oraino gehiago korona hura.
Tiranoak ikusi zuenean hainbertze oinhazeren
gatik ere egundaino bezein hazkar zagola bere giristinotasunean, eginarazi zuen ikhatzezko su haundi bat.
Saindua bera ere estekarazi zuen burdinazko ohe
baten gainean, eta gero, ezarrarazi su harren erdian.
Bertzalde, ongi baino hobeki errearaztea gatik,
ezarrarazten ziozkan, surat etzagozin alderdien gainean, suan gorrituak eta sua zarioten kobrezko hosto
mehe batzu; eta oraino arthikarazten zion gatza zauririk eta zauririk baizen etzen gorputz hartara. Gatz
urthu harren erredura samina sar zakion hezurretan
barna.
Bainan oinhaze hekien guzien erdian, giristino
gazte harrek hain zuen arin eta alegera begia, non
errexki ezagun baitzen alferretan zirela tiranoaren lan
eta indarka guziak; eta etzuela zeren iguriki Bizenteren garhaitzea.
Noizpeit beraz, eta ordukotz Sainduak egiten
zukelarik bere baithan hurbiltzen hari zela bere azken
orenerat, kendu zuten bere ohe lazgarriaren gainetik.
Eta orduan ezarri zuten zena zen bezala, erran nahi
baitut erre-belztua eta batere soinekorik gabe, baxeraki kaskoz eta berinakiz dena bethe zuten presondegi batean.
Presondegiaren zain ezarriak izatu ziren soldaduak loharkatu ziren denak, eginik elkharren artean,
etzuela balio gauik galtzea jadanik erdi hila zen gizon
baten gatik.
Bainan gau minean zerutikako argi eder batek
hartu zuen presondegia. Aingeru batzu ere agertu
zitzaizkon martir loriosari; eta, adiarazteko nolakoak
zitezken zeruan behar zituen atseginak, eman ziren
kantikarik xoragarrienen kantatzen.
Argi distirant harrek atzarrarazi zituen soldaduak,
eta mintzo ziren elkharren artean galduak zirela, giristinoek ereman zuketela beren nausia. Bainan san
Bizentek erran zioten:
«Zaudezte ixilik, hemen naiz, eta hemen nago
zerutiar izpiritu dohatsu batzuen erdian. Hortik ikusazue zein den ona eta botheretsua nik adoratzen dudan
Jainkoa. Ordean, zuek ere, emazue ongi zuen gogoari,
nik adoratzen dudan Jainkoa dela egiazko Jainkoa, eta
hartaz kanpo eztela bertze jainkorik. Eta orai, zohazte,
errozue zuen nausiari, asma dezala oinhaze berri zer-
beit, sendatua naizela osoki, eta egundaino baino
ekharriagoa berriz ere pairatzera».
Soldaduek eman zioten berri hori Dazieni. Eta
gizon gogor, itsu eta gaixto hura gogoeta zagolarik zer
behar zuen egin, aingeruen kantuek pizten zuten Martir sainduaren bihotzean Jainkoaren ganako amodio
handiago bat.
Huna, zer kantatzen zioten:
«Jesusen Martir loriosa, heldua zare zure bidearen
burura, zure aintzinean dohazilarik ihesi, zure beldurrez, zauriak, oinhazeak eta herioa bera ere bai. Baduzu aski guduka jasanik eta aski bitoria irabazirik. Zato!
Jesusen nahia da ethor zaitezen zeruko loriaz gozatzera!».
Biharamunak argitu zuenean, Dazienek ikusi zuen
bere begiz ordu arterainoko haren lanek etzutela deusik balio, Bizente osoki sendatua zela. Eta horrek
eman zion atsegabe handia.
Halarik ere etzuen oraino etsitu. Eginik beraz bere
baithan, menturaz lausenguen eta atseginen bidez
ardietsiko zuela, oinhazen ariaz ezin ardietsi zuena,
erran ziozkan lehenik solhasik eztienak, eta gero ezarrarazi zuen ohe guri eta gozo baten gainean.
Eta Bizente, ordu arteraino ixilik egotu zena oinhazerik ikharagarrienen erdian, eman zen Jesus Jaunari
buruz, eta erran zion:
«Badakizu, nere Jaun maitea, ekharria naizela nahi
tutzun atsegabe eta oinhaze guzien jasaitera; badakizu ere eztudala nahi atseginik mundu huntan; ezpadut
beraz gehiago pairatu behar, nere Jaun ona, nere Jaun
maitea, har zazu nere arima zure ganat».
Eta ordu berean san Bizenteren arima ederra igan
zen zeruetarat harren beha han berean zagozin aingeruekin batean.
Sainduaren hain laster hiltzeak aree errabia handiagoan ezarri zuen gobernadorea; gaitzi zitzaion ezin
gehiago garhaitua izatea. Bere ezin-bertzean, eta
bere asperraren iraganarazteko bezala, ezarrarazi
zuen san Bizenteren gorputza oihan edo larre baten
erdian, basa-ihizien bazka bilhaka zadiela, eta giristinoek ezetzatela izan bederen harren ohoratzeko atseginik.
Bainan gizona gauza gutia da, joan nahi denean
Jainkoari eztohakon bidetik.
Oihan harren erdian bele bat jarri zen gorputz
saindu harren zain. Eta begiratu zuen ihizi guzietarik.
Erranik da ere otso bat ethorri zela, eta beleak haiza-
tu zuela hura ere; bi beharrien artean jarri-eta, nahi
ziozkalakotz atheratu begiak moko ukhaldika.
Azkenean gobernadoreak arthikarazi zuen itsasorat harri handi bati estekatua. Ordean handik ere Jainkoak ekharri zuen leihorrerat, eta itsas bazterrean
urak berak estali zuen hare meta batez. Denborarekin
giristinoek izatu zuten egun aldi hoberik, eta orduan
ehortzia izatu zen zohakon ohorearekin.
Irakaspena
Horra nolakoak izatu diren san Bizenteren gudukak eta garhaiak edo bitoriak. Jasan ditu oinhazerik
eta tormentarik ikharagarrienak irriz zagolarik. Eta
erran diteke zenbatenaz ere gehiago pairatzen baitzuen, eta hainbertzenaz ere gehiago handitzen
zitzaiola pairamenen gosea eta egarria.
Jainkoaren graziak egin dezake gure baithan
gauza bera.
Zenbeit aldiz iduritzen zaiku badugula jasan ahal
baino gehiago; gure gurutzeak, edo bertze hitzez erratera, gure atsegabeak eta oinhazeak handiegiak direla. Bainan zergatik ez galdegin Jesus Jaunari gurutze
hekien jasaiteko graziak? Gauza segura da, eman
letzauzkegula.
Galdetu ondoan beraz behar tugun indarrak, lot
gakizkon gurutzeari bihotz onez. Eta ikusiko dugu
eztela iduri zuen bezein pisua. Eta gehiago dena, jarri
balin bagare laxoki Jainkoaren eskuetan, eta nahi
balin baditugu jasan atsegabe eta oinhaze hek Jesus
Jaunaren ohoretan, ezagutuko eta ikusiko dugu badutela berekin atsegabe baino atsegin gehiago.
Urtharrilaren 26an
SAN POLIKARPE,
APEZPIKUA ETA MARTIRA
Hila 166an
Huna saindu bat Jondoni Joani apostoluaren
etxean ibili dena eskolatzen; saindu bat apostolu
harrek berak bathaiatu zukena, eta bederen harrek
ordenatua, lehenik apez, eta gero Esmirnako apezpiku.
Ondikotz, liburuek eztarokute erraten kasik deusere saindu hunek pratikatu dituen berthutez, ez egin
duen ongiaz, ez eta ere erabili dituen lanez. Eta egiazki deithoragarri da.
Ezen Jondoni Joaniren eskolan ibilia zenaz geroz,
erraten bide ziozkaten, bere meneko giristinoei, gauza
baliosak, dela bere Nausi maiteaz, dela Jesus Jaunaz.
Dakigun gauza bakharretarik bat, hau da, san Polikarpek bazuela heretikoentzat Jondoni Joanik bezein
higuintza handia. Hortakotz maite zuen ixtorio hunen
kontatzea:
«Behin nere nagusi maitea joan zen mainhuak
hartzen ziren etxe baterat. Ordukotz zahartzen hasia
zen, eta bazuen berekin asko ikasle. Mainhuaren hartzera zohalarik beraz, erran zioten, orduko heretiko
bat, Zerinto deitzen zutena, etxe hartan zela, mainhuaren hartzen hari. Eta ordu berean Saindua hasi
zitzaioten oihuka bere lagunei:
»Nere haurrak, gohazen hemendik, athera gaiten
laster, beldur naiz etxea leher dadin heretiko gaixto
horren gatik».
Bazakielakotz ere giristino batek zein errexki gal
dezaken bere fedea, gerthatzen bazaio heretikoekin
maiz ibiltzea eta mintzatzea, san Polikarpek etzuen
nahi giristinoek izan zezatela egitekorik ttikiena ere
heretikoekin. Eta kontatzen ziozkatenean heretiko
hekien blasfemioetarik zenbeit, erraten zuen hasperen batekin: «Nere Jainko maitea, nolako denborek
atxeman behar ninduten!».
San Polikarpen lanez bezenbatean oraino, liburuek
erraten darokute, jadaneko adin handia zuelarik, joan
zela behin Erromara, Aita-Sainduarekin mintzatzera
Elizako egiteko batzuez.
San Anizet orduko Aita-Santuak, eta Erromako
giristinoek ere bai, egin zioten hainitz ongi-ethorri
ona. Zeren-eta baitzakiten denek zer khar sainduarekin predikatzen zuen Ebanjelio saindua, eta bertzalde,
predikatzen zuela Ebanjelio saindua Jondoni Joani
apostoluak irakatsi bezala.
Eta nola Erroman ere heretikoek egiten baitzituzten beren egin-ahalak gure Erlisione sainduaren nahasarazteko, saindu hunek egin zioten ongi handia hiri
hartako giristinoei, han egotu zen denbora laburrean.
Hiri hartan zelarik, ethorri zitzaion behin aintzinera heretiko nagusi bat, Marzion deitzen zutena. Hura
zen gizon bat kalte handia egiten zuena gure Erlisione
sainduari.
Marzionek beraz galdetu zion sainduari, ian ezagutzen zuen. Eta Sainduak ihardetsi zion: «Bai! sobera
ongi, ezagutzen haut. –Nor naiz bada?», erran zion
Marzionek.
Eta san Polikarpek ihardetsi zion, kolera saindu
batekin eta burua ere itzultzen ziolarik, harren ez ikusteko: «Hi haiz debruaren seme gehiena».
Heretikoak ez bide zion egin bertze galderik.
Erromako aldia eginik, joan zenean bere Esmirnako hirirat, aintzina ere hari zen bere ohiko lanari, soldaduek ekharri zutenean hiri hartara san Inazio
Antiokheko Apezpikua.
Saindu hura Erromarat zaramaten, kondenatua
izatu zelakotz hango basa ihizien bazka bilhakatzera.
Eta hura zen san Polikarpen ezagun eta adiskide bat,
biak elkharrekin ibiliak zirelakotz Jondoni Joaniren
etxean.
Errex da beraz asmatzea bi apezpikuek atseginekin besarkatu zutela elkhar; eta san Polikarpek eta
Esmirnako giristinoek egin zituztela beren egin-ahalak
san Inaziori ahantzarazteko soldaduen bideko egitate
txar guziak.
Bainan joan ziren laster san Inaziok hiri hartan ereman behar zituen egunak ere, eta bi adiskidek behar
izatu zuten berriz ere urrundu elkharretarik. Eta
orduan, jauzi zitzaizkon nigarrak san Polikarperi. Ez,
zeren galdu behar zuen bere adiskide maitea; ordean,
zeren etzitzaion emana hari ere, bere odolaren ixurtzea gure Erlisione sainduaren lekhuko bezala.
Hargatik san Inazio Erromarat joanez geroz, Esmirnako Apezpiku sainduak ere denbora guti zuen lur
hunen gainean egoteko. Ezen hura ere martir hil
beharra zen.
Eta huna haren martirioaren ixtorioa:
Egun batez banatu zen berria soldaduek bazituztela giristino aintzindari guzien preso altxatzeko
manuak. Eta ordu berean Saindua joan zen lagun
batzuekin hiritik kanpo, giristinorik baizen etzen etxe
baterat. Eta hori, othoiztu zutelakotz gorde zadiela
zenbeit egunez. Bizkitartean gobernadoreak jakin
zuen nolazpeit Polikarpe saindua non zagon, eta igorri
zituen soldaduak, preso altxa zezatela.
Bainan aldi hartan alferretan ibili ziren Sainduaren
ondotik, eta joan ziren etxerat, erematen zituztelarik
berekin bi giristino gazte. Soldaduei gogoratu zitzaioten, hekiei erranaraziko ziotela nahi-ta-ez Polikarpe
saindua non zen.
Eta Esmirnako hirian halako oinhazeak jasanarazi
ziozkaten, non azkenekotz bietarik batek amor eman
baitzuen, eta hitzeman erranen ziotela non utzi zuen
Apezpiku saindua.
Soldaduak joan ziren beraz, Judas berri hura gidari. Polikarpek ere jakin zuen giristino gazte batek salhatu zuela. Eta, oraino ere gorde zitekelarik, ongi nahi
izatera, egotu zen han berean, egiten zuelarik bere
baithan, bazuela aski atsegin emanik giristino populuari; eta Jesus Jaunak ere nahi bide zuela han berean
egon zadin, bazenaz geroz giristino arnegatu bat,
Judas berri bat, preso altxatu behar zuten soldaduen
aintzindari.
Hortakotz soldaduak etxe hartako athera heldu
zireneko, Saindua bera joan zitzaioten galdetzera
noren bilha zabiltzan. Soldaduek ihardetsi zioten Polikarpe apezpikuaren bilha ethorriak zirela.
«Hola denaz geroz, erran zioten Sainduak, sar zaitezte; ongi unhatuak izanen zarete! Behar duzuen
hatsa hartu eta jan pixka bana; nik ere eginen ditut bi
othoitz jaten hari zaretelarik, eta gero eremanen nauzue zuen nagusiaren gana».
Hitz horien araberekoa zen san Polikarpen eztitasuna eta mintzoa ere bai. Hain zuen ezagun ona zela
eta eztia, non soldaduak ahalkatuak baitzagozin,
zeren hain nonbre handian ethorri ziren, eta zeren
behar zuten preso ereman, gaixtagin bat bezala,
gizon bat hain saindua, eta ongirik baizen egin etzezakena. Hortakotz utzi zuten gogo onez othoitz egitera nahi zuen bezenbat denbora.
Saindua haritu zen othoitzean bi orenez, galdetzen ziozkalarik Jainko Jaunari Elizak behar zituen grazia guziak.
Azkenekotz inguru hetako giristinoak ere bilduak
ziren etxe hartara; eta denak nigarrez zauden, zeren
galdu behar zuten beren Aita ona. Soldaduek ere,
erran dugun bezala, ezagun zuten etzirela alegera.
Hargatik nola iduritzen baitzitzaioten etzezaketela
egin bertzerik, othoiztu zuten Saindua eman zadiela
asto baten gainean, eta abiatu ziren Esmirnako hirirat
buruz.
Jadanik hirirat hurbiltzen hari zirelarik, jandarme
aintzindari bat ethorri zitzaion bidera Sainduari, karrosa eder batean. Jandarme harrek hartu zuen aspaldiko ezagun xahar bat bezala, eta jautsarazirik bere
astoaren gainetik, iganarazi zuen karrosara.
Gero, bidean bazohazilarik aintzina, erran zion:
«Zu ihesi joana baitzinen beraz eta gordea baitzinauden. Zergatik hori? Zer gaizki uste duzu eginen
duzula zin eginik ere gure enperadoren jainkoen izenean, eta errearazirik ere isentsu pixka bat jainko
hekien aldaren gainean? Eta bizkitartean horren egitea aski zinuke! Zergatik eztuzu eginen?».
Polikarpe saindua egotu zen luzez deusik ihardetsi
gabe. Eta, nola bertzea hari baitzitzaion erran-etaerran, bethi gauza beren erraten, Sainduak ihardetsi
zion:
«Jauna, alfer duzu mintzatzea. Jainko maiteak beiratuko nau holako lanaren egitetik gaur eta bihar, eta
etzi ere bai».
Apezpiku sainduak erran zituen hitz horiek hain
lañoki, eta halako segurantzarekin, non jandarme aintzindariak ikusi baitzuen berehala etzela nihor izanen
hari bere bidea hautsaraziko zionik. Arthiki zuen beraz
karrosaren gainetik pusaako batez. Eta Jesusen ministroak egin behar izatu zuen oinez gainerako bidea,
nahiz behartu zuen zangoa bere eroriko hartan.
Bainan hala ere, haren arima etzen goibeldu. Ezeta ere etzen lotsatu ereman zutenean Esmirnako
plaza nagusira, eta ikusi zuenean hiriko pagano
guziak harat bilduak zirela, eta, errabian eta sutan
harrentzat eta giristino guzientzat, hari zirela oihuka
eta izkirituka. Ez, etzen lotsatu! Ordean sartu zen
adiskide batzuen arterat joan balitz bezein ezti eta
botz.
Gobernadorearen aintzinera eremana, harrek galdetu zion, ian hura zen Polikarpe deitzen zuten apezpikua.
«Bai Jauna, ihardetsi zuen Sainduak, izen hori
garreiatzen dut».
Gobernadoreak erran zion berriz ere: «Emazu
beraz kontu zer hari zaren; baduzu hauta; izan detzazketzu onthasunik eta ohorerik handienak, edo beharko tutzu pairatu, zu ez-bezalako gizonen lotsarazteko
gai diren tormentak. Sinets nazazu; zin egiten duzularik gure enperadoren jainkoen izenean, errazu: Mara-
dikatuak eta hiltzara kondenatuak izan bitez jainkorik
eztela dioten jendeak».
Saindua eman zen orduan plaza guzia estalia zaukan populu hari beira; eta erran zuen denek entzuteko gisan: «Bai-bai, madarikatua izan bedi, eta hiltzerat kondenatua, Jainkorik eztela dion jendea!».
Bainan gobernadoreak nahi zuken bertzerik ere
entzun. Erran zion beraz: «Egizu nik galdetu darotzudan zina edo juramentua; emazu madarizione Kristori,
eta uzten zaitut etxerat joaitera orai berean».
San Polikarpek ihardetsi zion:
«Badu lauetan hogoi eta sei urthe ezagutzen
dudala Kristo Jauna nere Jainkotzat; eztarot egin egundaino ongirik eta ongirik baizen. Eta orai, nola nahi
duzu athera dadin nere ahotik Jesus Jaunarentzateko
madarizione bat?».
«–Bederen zin egizu enperadoren jainkoen izenean».
Sainduak ihardetsi zion berriz ere:
«Hari zaizkit baitezpada zin edo juramentu hori
eginarazi beharrez, ezpazinaki bezala ni zer naizen.
Jakinazu beraz behin bethikotz giristino naizela. Eta
gero, hori ez aski, nahi balin baditutzu jakin nolakoak
diren giristinoaren eginbideak, ezagutaraziko darozkitzut nahi duzunean».
Gobernadoreak erran zion orduan: «Mintza zaite
orai berean, eta konbertiaratz zatzu jende hauk
guziak».
Apezpiku sainduak ihardetsi zion:
«Eztut nik egitekorik jende horiekin. Horiek ere ez
lukete hargatik ikustekorik nere biziaren gainean. Eta
ez natzaiote mintzatuko, zeren eta Jainkoak ezpaitu