Sainduen bizitzea - 08

Bazuen jadaneko hogoi-ta hemezortzi urthe Frantziarat ethorria zela, bilharazi zituenean bere aintzinera bere komentuko fraide guziak. Eta erran zioten etzituela urrun Aita san Benoatek aipatu berrogoi urtheak, behar zela beraz prestatu bere Kontu-Hartzaile
Handiaren aintzinean agertzera; eta hek ere behar
zutela hautatu aintzindaritzat bertze norbeit.

Eta gero, fraidek hautatu zutenean Bertulfe, Flores
zenaren semea, Maore saindua eman zen othoitz eta
penitentzia egiteari, ordu arteraino deusik egin ezpalu bezalako su sainduarekin.
Bainan ifernuko izpiritu gaixtoak etzezaken utz bake
oso batean eta ikusi gabe, ian ez othe zezaken bada
izitaraz. Hortakotz agertu zitzaion bertze hainitz
debruren erdian, eta erran zion: «Bazuela azkenekotz
aspaldi hartan bilhatzen zuena; jakiten ahal zuela
beraz, ordua arterainoko lanak alferretan zituela; eta,
denbora laburrik barnean, haren komentu guziak fraiderik gabe zitezkela eta osoki hustuak».
Sainduak erran zion etzela egiarik atheratzen ahal
haren ahotik. Eta haizatu zuen Satan bere lagun
guziekin, egiten zuelarik gurutzearen seinalea.
Hargatik halako beldur bat gelditu zitzaion izpirituan; eta egiten zuen bere baithan: «Bainan izpiritu
gaixto hek erranen othe zarotedaten holakorik, ezpalitzait gerthatu behar zer-edo-zer?».
Bere grina hortaz mintzo zitzaiolarik Jesus Jaunari,
Nagusi maite hark adiarazi zion etzuela zeren beldurrik izan ifernuko izpiritu gaixtoek bazuketela indarrik
aski, haren lanen eta izerdien ez-deus bilhakarazteko;
egiaren erratera, Jainkoak nahi ziozkala hartu bere

ganat hainitz fraide, bainan hartzen ziozkala onduak
zirelakotz zerukotzat.
Solhas on horiek ezarri zuten bakea Maore sainduaren bihotzean. Eman ziozkan beraz eskerrak Jainkoari; eta gero egin zuen bere egin-ahala, ongi prestatzeko bere Jaun Handiaren aintzinean agertzera.
Ezagutu zuenean hurbildua zuela jadanik bere
azken orenera, eremanarazi zuen bere burua elizarat,
hartu zituen elizakoak, eta, handik beretik, haren
arima saindua joan zen hiru hogoi-eta-hamabi urthez
maitatu eta zerbitzatu zuen Jainko Jaunaren ganat.

Irakaspena
Liburu egilek eta predikariek, mintzatu behar
dutenean obedientziaz, erraten dute atseginekin, nola
Jainkoak ibilarazi zuen saindu hau uraren gainean.
Guk ere ikus dezagun gure aintzindari eta nagusietan Jainkoaren itzala; egin dezagun manatua zaikun guzia, Jainko Jaunak berak manatzen larokukena
egin ginezaken bezala, den guzia Jainkoari atsegin
egitea gatik, eta eztiteke ttikia guk zeruan izanen
dugun zoriona.

Urtharrilaren 15ean

SAN PAULO
LEHEN BORTUTIARRA
Sortua 227an-Hila 343an
San Paulo lehen Bortutiarra sortu zen Esiptoan
hirugarren mendea jadanik hasia zelarik.
Haren burasoak giristino behar-bezalako batzu
ziren, eta bertzalde, jende batzu ezagutuak eta aipatuak beren hiritik kanpo ere egiten zituzten amoina
handien gatik. Eztugu beraz zeren erran ongi altxatu
zutela Paulo beren semea.
Etzen hargatik Jainkoaren nahia buraso on hek
ikus zezaten beren begiz zein ziren ederrak beren
haur harren bihotzean erain zituzten haziek ekharri
behar zituzten fruituak. Ezen biak joanak ziren zerurat, haurrak etzuelarik oraino hamabortz urthe baizik.
Pauloren burasoak hil ziren urthe hartan berean,
enperadorek oihu eginarazi zuten Esiptoan eta beren
meneko zituzten herri guzietan, etzezaketela gehiago
onets giristinorik izan zadin hekien erresuman; giristino zirenek behar zutela beraz arbuiatu beren erlisionea, edo bertzela, hiltzerat kondenatuak izanen zirela.

Paulo gazteak, jakin zuenean berri hori, egin zuen
bere baithan, hobe zuela gordetzea, ezen-ez burrego
batzuen eskuetarat erori, eta gero menturaz giristinotasunaren arbuiatzea. Eta hortakotz, joan zen hiritik
urrun ezkondua zuen arreba baten etxerat.
Bainan, handik zenbeit denboraren buruan, jakin
eta ikusi zuen bere koinatak berak salhatzera zaramala; nahi zituelakotz beretu haren onthasun guziak. Eta
orduan athera zen bere arrebaren etxetik ere, eta
sartu bortuan behin-bethikotz.
Bortuan zenaz geroz, etzuen gehiago lanjerik
nihork atxeman zezan. Ordean Jainkoaren graziak
hazkartua, joan zen emeki-emeki gero eta barnago.
Azkenean aurkhitu zuen, mendi mazela batean,
harroka bizian eginikako zilho bat, hetsia zaukana
harri zabal batek. Eta baztertu zuenean harria, ikusi
zuen barrigo ttiki bat, izena palmiera duen zuhain edo
arbola eder bat erdi-erdian; eta oraino xokho batean
ithurri ttiki bat kristaila bezein garbia.
San Paulok eman ziozkan eskerrak Jainko Jaunari,
zeren hain xuxen ibilarazi zuen egoitza maite hartarat
ethortzeko, eta sartu zen, ziolarik bere baithan, harrek
etzukela mundu huntan bertze jauregirik ez egoitzarik.

Eta huna zer egin behar zuen. Behar zuen ereman
jendeak izan dezaken bizitzerik luzena harri zilho hartan, bethiereko othoitzean eta penitentzietan, bakharbakharra zagolarik, eta nihoiz nihor ikusi ere gabe.
Bainan nola egin zen bizitze bat hain gogorrari?
Gizon gazte hura eman zen haste-hastetik berthutearen pratikatzen ziteken khartsukiena; hortakotz
bazituen graziarik nasaienak, eta grazia hekiei esker
garhaitu zituen bizitze berri harren gatik zituen tentazione guziak.
Emeki-emeki galdu zuen munduan, ez salhatua
izatera, izanen zituen atsegin eta aisien orhoitzapena.
Eta azkenean ezagutu zuen munduko atseginek eta
aisiek eztutela ikustekorik deus-ere Jainkoak bere
haurrei ematen diozkaten barneko atsegin gozoekin.
Berrogoi-ta lau edo bortz urthetaraino, bizi izatu
zen palmieraren fruituetarik janez, eta handik goiti,
bele batek hazi zuen, ekharriz egun guziz ogi ttiki
baten erdia.
Bere larruaren estaltzeko behar zuen jaunztura
ere berak egina zuen palmieraren hostoz.
Bainan nolakoak ziren haren othoitzak, barurak
eta bertze penitentziak? Ezta ondikotz nihor galde
horri ihardesten ahal dionik behar bezala.

Bazituen ehun eta hamahiru urthe san Antonio
Bortutiarra joan zitzaionenean ikustera. Eta huna
nola:
San Antoniok, hura ere heldua zelarik ordukotz
lauetan hogoi eta hamar urthetarat, izatu zuen urguiluzko tentazione hau: bazuela merezimendu Jainkoaren aintzinean, zeren bertze nihor ez-bezala, eta bertzek baino lehen, utzi zuen mundua bortuan bizitzeko.
Bainan ondoko gauean, Jainko Jauna mintzatu
zitzaion, eta erran zion, «Nahi ziola ezagutarazi nor
eta zer zen bortuan lehenik saindutu zena; hargatik,
etzuela denbora galtzekorik, abia zadiela laster».
Argia hasi gabe, san Antonio, makhila bat eskuan,
bideari lotua zen, eta bazohan bortu barnerat buruz;
jakin gabe norat, bainan segur, Jainkoak eremanen
zuela bere zerbitzariaren gana.
Eguerdi gainean, etzakielarik gehiago zein eskualdetarat har, Satanek erakutsi zion bidea. Ezen izpiritu
gaixto hura agertu zitzaion; alegia basa-jauna, burua
eta lephoa gizonarenak bezalakoak zituen, eta hargatik gibel-aldetik eta bere lau zangoetarik iduri zuen
zaldia. Debrua zen agertzen zitzaiona planta basa hartan, ez, zerbitzu egitea gatik, bainan hura izitarazi
beharrez.

San Antoniok ikusi zuen laster norekin zuen bere
egitekoa, eta halarik-ere galdetu zion zein aldetan
zagon Jainkoaren zerbitzari handia. Eta ordu berean
basa-jauna zelakoak altxatu zuen besoa mendi-arte
batzuei buruz, eta gero eman zen berehala lasterrari.
Sainduak ere kurritu zuen aintzina. Eta ibili zen bi
egunez, beroak-beroari eta oihanez-oihan.
Bigarren gaua othoitzean iragan zuen oso-osoa.
Eta handik ondoko goizean, argia hastera zohalarik,
begira zagon norat joan behar zuen, ikusi zuenean
otso bat mendi mazela bati harat zohana, unhatua,
mihia kanpoan eta arrapoa edo haguna zariola. Hargatik egin zuen sar-eta-athera ageri zen leze batean,
eta gero joan zen aintzina.
Hainbertzenarekin, san Antoniori ere gogoak egin
zion, etzela bertzerik, Jainkoak nahi ziola adiarazi non
zagon gordea harrek bilhatzen zuena. Eta bozkariorik
handienean abiatu zen mendiari gora.
Bere laster heltzeko lehiarekin, egin bide zuen
harrabots. Ezen san Paulo ere ohartu zen han bazela
norbeit, eta berehala altxatu zuen harri zabal bat
lezearen hesteko.
San Antonio hasi zitzaion galdetzen eta galdetzen
idek zezola athea; «berdin bazakiela nor zen, eta zer-

gatik joaiten zitzaion; egin ondoan hainbertze bide
harren ikhustea gatik, eman zezola atsegin hura».
Bainan othoitz horien guzien gatik ere, Paulo ixilixila zagon. Azkenekotz, bazuen jadanik sei oren, san
Antoniok othoitz berak eta galde berak egiten ziozkala; noiz eta ere, ordukotz etsitzen hasia, erran baitzion
Ermitau sainduari:
«Etzarozkidanaz geroz agertu nahi, badakikezu
hemen berean egonen naizela hatsak diraudano. Eta
ez nauzunaz geroz bizirik ikusi nahi, bederen ikusiko
nauzu hil ondoan eta nere ehorzteko».
San Paulo ezin egotu zen gehiago ixilik. Mintzatu
zen beraz ziolarik: «Nork egundaino egin du holakorik,
othoitz eta dixidu denbora berean?». Eta gero, irri ezti
bat egiten ziolarik bere ikustiarrari, zabaldu zion
athea, eta bi sainduak lotu ziren elkharri besatraka,
batek bertzea deitzen zuelarik bere izenaz.
Horrela egotu zirenean aphur on bat, eta Jainkoari
ere eskerrak eman ziozkatenean, hasiak ziren beren
berrien kontatzen, ethorri zitzaiotenean bele bat ogi
bat osoa mokoan.
Eta san Paulok erran zion Antonio sainduari:
«Begira, begira, nere haurride maitea! Zein den ona
gure Jainko Jauna! Bazuen hiru hogoi urthe igortzen

zarotala, egun guziz, ogi baten erdia; eta orai, bia
garelakotz, bidaltzen daroku osoa. Nonbeit egia baita,
Jainkoak badakiela zenbat soldadu duen bere zerbitzuan».
Bainan zeini zagokon ogiaren haustea? Batek ez
nahi, etzela hari, bertzeak ere ez nahi, horren gainetik
izatu zuten umilitatezko guduka saindu bat. Eta azkenean ere, hautsi zuten ogia, bainan elkhar garhaitu
gabe, eta bakhotxak bere aldetik zadukalarik.
Othuruntzaren ondotik, berriz ere hasi ziren othoitzean, eta solhasean zeruko loriaz. Biak alabainan
zein khartsuago ziren, eta biak bat bertzea bezein
berandetsiak zagozin, noiz izanen zuten beren Jainko
maitearen ikusteko zoriona.
Biharamunak ere argitu zioten batere uste gabe.
Eta orduan san Paulok erran zion bere ikustiar maiteari:
«Aspaldi du Jainkoak jakinarazi zarotala desertu
huntan zinaudela; eta hitzeman zarotan ikusiko zintudala. Orai beraz, heldua nere sailaren burura, hautsiko ditut gorphutz hilkor huni estekatua naukaten lokharriak, eta nere arima joanen da Jesus Jaunak zor
darotan sariaren hartzera.

»Horra zergatik Jainkoak igorri zaituen bortu zokho
huntara, ezar zinezan lur pixka bat gorphutz ihartu
hunen gainean, edo, hobeki mintza nadin, ezar zinezan lurpean lur pizka hau».
Solhas horiek erdiratu zioten bihotza san Antoniori; eta, nigarrez zagolarik, othoiztu zuen san Paulo,
galde zezola Jainko Jaunari, edo utz zezala bizirik, oraino denbora pixka bat, edo ardiets zezola hari ere,
zerurat joaiteko zoriona.
Bainan Paulo sainduak erran zion: «Eztezazula
bilha gehienik lohautzukena, bainan hobekienik dena
Jainkoaren loriakotzat. Nahiago zinuke notharik gabe
den Bildotx Sainduaren ondotik ibiltzeko zoriona,
ezen-ez egotea bethi lurrerat zaramazkan gorputz
horren azpian; bainan zure haurridek badute oraino
zure irakaspenen beharra.
»Othoi, beraz, zohazkit Atanasio Apezpiku eta Elizako Nagusi handiak eman darotzun kaparen bilha.
Eta gero, ezarririk nere gorphutza kapa harren barnean, hala-hala ehortziko duzu».
Bainan san Paulok zergatik nahi zuen kapa batez
inguratua izan hil ondoan, etzuenaz geroz hostozko
jaunztura bat baizik, bizi zelarik?

San Paulok etzuen bertzerik gogoan baizik ere,
guri adiaraztea sinhesten zituela Eliza Katolikoak irakasten darozkigun fedezko artikulu guziak.
San Antonio egotu ondoan oldar edo ixtant bat ixilik, harritua ikusteaz nola, nihork deusik erran gabe,
bazakien haren eskuetan zela san Atanasioren kapa,
belhaunikatu zen saindu maite harren oinetan, hari
bere benedizionearen galdetzeko, eta athera zen
harpe hartarik nigarra zariola. Joan zen ere lehiarik
handienean, eta eginez bere baithan menturaz ethorriko zela oraino saindua hil gabe.
Bere komentura zenean, fraidek galdegin zioten,
non egotu zen hainbertze denbora. Eta, heien galdeari ihardetsi orde, san Antoniok erran zuen: «Zorigaitz,
ni bekhatorosari, zeren hain gaizki garreiatzen dudan
fraidearen izena! Ikusi dut Elias, ikusi dut JoanesBatixta bortuan! Ez! Ikusi dut Paulo parabisuan!».
Eta, uzten zituelarik bere fraide guziak harrituak,
berriz lotu zen bideari san Atanasioren kapa bizkarrean.
Bazohan ere joan-ahala-joan, noiz-eta ikusi baitzuen ezagutu orduko galdu behar zuenaren arima,
zeruan sartzen, elhurra bezein xuri, eta bertze hainitz
sainduren erdian.

Ordu berean san Antoniori ere, hil zitzaizkon zain
guziak. Eta begitartea lurrera zagolarik, eta burua ere
herrautsez bethetzen zuelarik, hasi zen oihuka:
«Paulo! Paulo! zergatik ez nauzu hartu zure lagun,
zurekin egon ahal nindadin menderen-mende? Zergatik joan zaizkit, adiorik ere erran gabe? Hain laster galtzekotz, zergatik behar zintudan ezagutu?».
Horrela egotu ondoan aphur bat, san Antonio abiatu zen berriz ere eta azkenean heldu zen lezerat.
Lezearen barnera zenean, izatu zuen uste gabeko
bozkarioa: ikusi zuen san Paulo belhauniko zagola,
eskuak xut-xuta. Bizi zela beraz, bertzerik iduritu bazitzaion ere bidean zelarik, eman zen hura ere belhauniko, behar zuela harrek ere othoitz egin.
Hargatik ezagutu zuen laster san Paulo hila zela,
etzuela bere aldean haren gorphutza baizik.
Orduan nigar turrusta batez busti zuen lehenik
sainduaren begitartea; gero eman zituen hilen othoitzak, eta athera zuen lezetik san Antonioren kapaz
inguratua.
«Bainan, nola ehortzi behar du, eztuenaz geroz
deusere hobiaren egiteko?». hori zen bere buruarekin
zaasana Antoniok, ikusi zituenean bi lehoin handi
ethortzen zitzaizkola alde-aldera.

Ezagun zuten Sainduaren galtzeak min egiten ziotela hekiei ere. Ezen ferekatzen ziotelarik gorphutza
buztanez, iharrosten zituzten beren marrumez inguru
hetako erreka guziak.
Gero egin zuten zilho bat zarrapoka edo aztaparka, san Antoniori ere milikatu ziozkaten eskuak, eta
haren benedizionearekin batean joan ziren beren
oihanetarat.
San Antoniok ehortzi zuen beraz gorputz saindu
eta maite hura, eta eman zen komenturako bidean,
berekin zaramalarik san Pauloren hostozko arropa.
Erranik da ere arropa hura jaunzten zuela urtheko
bestaburu handietan.

Irakaspena
Saindu huni begiratu-eta, bortxatuak gare aithortzera gizonak egin dezakela zenbeit aldiz iduritzen
zaion baino gehiago.
San Paulo hura ere gorputz hilkor batekin zena,
bizi izatu da hiru-hogoi urthez, ogi pixka bat zuelarik
janharitzat eta ur hutsa edaritzat, nihor ikusi gabe eta
leze baten barnean.

Eta ereman du horrelako bizia Jainkoaren hobeki
zerbitzatzea gatik eta zeruko loriarat heltzea gatik.
Ah! guk ere balin baginu fede gehiago, balin baginu fede bizia, gauza segura da egin ginezakela egiten
eztugunik; edo bederen egin ginetzazkela gure egun
guzietako lanak egiten eztitugun bezala.
Eztugu aski fede. Edo, bederen, eztugu aski fede
bizia! Galde dezagun Jainko Jaunari saindu hunen
arartekotasunaz.

Urtharrilaren 17an

SAN ANTONIO HANDIA
Hila 356an
Saindu hau ere Esiptoarra zen sortzez. Eta hunek
ere galduak zituen bere buraso aberats eta Jainkotiarrak, hemezortzi urthetarat heldu zeneko. Bainan
ordukotz bazakien, aitak eta amak irakatsia, ezkarela
lurraren gainean, guk nahi dugunaren egiteko, bainan
bai, Jainkoaren zerbitzatzeko. Eta hortakotz, iduritu
zitzaionean Jainkoak deitzen zuela bere ganat, athera
zen mundutik batere luzatu gabe.
Egun batez, elizan sartzera zohalarik, kantatzen
zituzten, eliza hartan, Ebanjelioko hitz hauk: «Nahi
bazare izan osoki perfet, sal zatzu eta eman errumesei ditutzun guziak; eta gero, zato, jarraik zakizkit».
Eta ordu berean, Antonio gazteak, eginik bere
baithan Jesus Jaunak hari erraten ziozkala hitz hek,
saldu zituen onthasun guziak, onthasunek eman zioten dirutik iduki zuen, beretzat eta arreba gazte
batentzat, bizitzeko doidoia behar zutena, eta gainerako guzia eman zioten errumesei.

Bertze aldi batez ere, entzun zituelakotz Ebanjelioko bertze hitz hauk: «Etzaitezela grina biharamunean
nola biziko zaren», partitu zioten beharretan zirenei
oraino eskuetan zuen dirua, gomendatu bere arreba
elkharrekin bizi ziren neskatxa batzuei, eta joan zen
bortu barnean zagon fraide baten ganat.
Nagusi bilha zabilan Antonio. Eman zuen beraz
kontu haste-hastetik zein ziren fraide harren berthuteak, ibili zen ere, zenbeit denboraz, bertze fraide
batzuen etxoletan, ikusten hek ere nola bizi ziren, eta
horrela ikasi zuen, urthe laburrik barnean, saindutasunik gorenerako bidea.
Ifernuko izpiritu gaixtoak berak ere gogoeta eman
ziren, ian halako khar sainduarekin abiatua zen gizon
gaztea ez othe zen hekien etsai handi zenbeiten gaia.
Eta hortakotz etzen hek egiten etzutenik harren lotsarazteko.
Satanek ematen ziozkan izpiritura gogoeta hauk:
«Zergatik behar zuen utzi hain goizik munduan izan
zezaken bizitze ezti eta gozoa? zergatik behar zuen
ezarri atze batzuen eskuetan oraino hain gaztea zen
arreba hura? hainbertzekorik gabe ere salba zitekela».

Han zituen oraino, bere begien aintzinetik nihola
ere ken etzezaken mirail batean bezala, munduan
egon balitz, eginen zituen jan-edan gozoak, izanen
zituen josteta, besta eta atsegin xoragarriak.
Eta gero, horrela iragan ondoan eguna, bere
burua ezin zainduz lotu nahi zitzaizkon uli-beltz hetarik, bederen gabaz izatu balu bakea! Bainan ez! gabaz
ere han zituen ifernuko izpiritu madarikatuak, oihuka,
izkirituka edo garrasiaka, eta zer nahi harrabots egiten zutelarik, loharkatzerat ere ez uzteko.
Halako orduetan Antonio gaztea othoitzean zagon
bere Jainko Jaunari, eta ahalaz konturik egin gabe
begien aintzinean zituen ikuspen ikharagarriei, eta
harren inguruan ziren harrabots handiei.
Bertzalde, zenbatenaz ere borthitzago baitziren
haren tentazioneak, eta hainbertzenaz ere luzeago
ziren haren barurak, garratzago penitentziak.
Eta hala, etsaiaren suak eta errabiak hazkarrarazi
zuten hura baithan bortuan bizitzeko eta hiltzeko hartua zuen xede saindua.
Satanek ikusi zuenean etzuela oraino khordokarazi ere egin zuen azken indarka bat.
Eman zen emakume baten itxuran, eta agertu
zitzaion ederki jauntzia eta jendea izatu balitz bezala.

Bainan itzal trixte hura joan zitzaioneko begien aintzinera, saindu gaztea eman zen begira ifernuko su ikharagarriei, egin zuen gurutzearen seinalea, deitu Jesusen izen saindua, eta Satan suntsitu zen khe zikhin
bat zariolarik. Eta ondoko egun batez gure arimen
etsaiak aitortu zion, hura baino hazkarragoak ere garhaitu zituela, bainan hura nagusi zuela.
Etsaia ihesi igorria zuen arren, Antonio saindua
etzen lazatu. Bainan, menturaz berriz ere ethorriko
zitzaiola, behar zituela beraz ongi hezi bere jaidura
gaixtoak, sartu zen lehenagoko hobi ilhun batean.
Barne beltz hartan etzion ematen bere gorphutzari
doidoia bizirik egoteko behar zuena baizik.
Etzuen alabainan egunean othuruntza bat baizik
egiten, hura iruzkia sartu ondoan, eta orduan ere ogi
pixka bat zuen hartzen, gatz bihi zenbeitekin, eta ur
xorta bat. Bertzalde bazagon bi-hiru egunetaraino
deusik hartu gabe.
Jende biziak behar du loa jana bezein ongi. Bada
san Antoniok egiten zuen baitezpada behar zuen lo
pixka, hura edo lur hutsaren gainean, edo belhar idor
batzu bildu, eta heien gainean.
Ordean ifernuko printze dohakebeari min handia
egiten zioten san Antonioren berthutek.

Izpiritu gaixtoek etzuten beraz luzez utzi nahi zuenaren egitera hobi harren barnean. Ageri zen ere
bazutela leheneko aldietan baino esku edo bothere
gehiago.
Ezen leheneko aldietan ezartzen bazioten ere zernahi ikuspen gaixto begien aintzinean, eta egiten
bazuten ere, haren xolaren inguruan, zer-nahi oihu
eta harrabots, bederen etziren menturatzen harren
ukhitzera. Bainan bigarren aldian, ethorri gabaz, eta
joiten zuten, umatzen eta xehakatzen.
Behin, bere ogia ekhartzen zion fraideak aurkhitu
zuen lurraren gainean hedatua zagola luze-luzea,
batere ezagutzarik gabe, gorphutz guzia uspeldua edo
urdindua, eta iduri osoki hila. Hartu zuen beraz bizkarrean eta ereman bere komenturat.
Komentura heldu zenean, aintzina ere galdua
zagon; hargatik emeki-emeki ezagutzaratu zen. Eta
ordu berean othoiztu zuen harat ekharri zuen fraidea,
ereman zezala bere hobirat.
Eta gero, etzanik zagolarik, errainak hautsiak
zituelakotz, erraten zion debruari: «Suge madarikatua, eztezakala uste izan gordetzerat joanen naizela
edo ihesi hire beldurrez, hemen nauk eta hemen
berean egonen hire beldurra gatik».

Debruari gaitzitu bide zitzaizkon solhas horiek.
Ezen ordu berean, xixtu batez adiarazi baliote bezala
bere lagunei, izpiritu gaixto hetarik nork-daki zenbat
eman ziren Sainduaren inguruan, etxolaren barneak
eta kanpoak denak hartzen ziozkatelarik.
Batzuk iduri zuten harruliak, muskerrak edo
sugeak; bertzek, otsoak, hartzak, tigreak edo bertze
holako basa-ihizietarik. Eta denak hari zitzaizkon
urhurika, orroaz eta marrumaz. Baziren ere hainitzak
etxeari lotuak zagozinak, iduri behar ziotela arthikarazi; eta bertze batzu aldiz berari asikika eta zarrapoka
edo aztaparka, errabiarik handienean.
Bainan Antoniok egin zion bihotz-altxatze bat
Jesus Jaunari; eta gero, gogoa laxo eta batere beldurrik gabe, eman zen begira hekien lanari; eta adiarazteko, oraino hobeki, zein axola guti zuen hekien errabiaz eta indarka guziez, erran zioten: «Nola etzareten
ahalke, hoinbertze izateaz, ni bakharrik naizenaren
garhaitzeko! Zein ederki erakusten duzuen nolakoa
den zuen ahulezia!».
Azkenean egin zuen gurutzearen seinalea, eta
ordu berean izpiritu gaixto hek guziak suntsitu ziren
ximixta bezala.

Hargatik Sainduak berak funditua zuen gorputza,
eta haren etxea edo hobia arthikia zen eta barraiatua.
Bainan debruak joan zireneko, argidura eder batek
hartu zituen toki hek, eta ordu berean saindua sendosendoa zen, eta hobia ere xutik, batere barraiatua
izatu ezpalitz bezala.
Zer zen bada argi hura, edo hobeki, argidura hartan nor jautsi zen san Antonioren gana? San Antoniok
Jesus Jauna bera zuen han bere alde-aldean. Dena
boztua, Bortutiar sainduak erran zion Jesusi: «Nere
Jaun ona, non zinen, ni etsai horien erdian nintzelarik?
Zergatik etzaizkit ethorri haste-hastetik?».
Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion:
«Haurra, hor nintzen, zure aldean, begira atseginekin zure gudukatzeari. Ikusi zaitut, haritu zare ederki, beldurtu ere gabe bakharrik uzten ahal zintudala.
Eta hortakotz, zure izenaren omenak joko ditu bazter
guziak, eta zurekin izanen nauzu zure azken hatseraino».
San Antonio haritu zen horrelako penitentzia eta
guduka handietan hogoi-ta hamabortz-bat urthez; eta
gero, utzi zuen presondegi hura. Ordukotz egina zen
gure arimen etsaiarekin gudukatzeari, bertzalde,
Jesus Jaunaren solhasek aree gehiago su ezarri zioten

bihotzean; eta harturik ogi bat, joan zen bortu barnerat fraide lagun batekin.
Noizpeit aurkhitu zuen, mendi kasko batean, gaztelu zahar bat leihorik gabekoa. Halako zerbeiten
bilha zabilan oihanez-oihan. sartu zen beraz gaztelu
hartan bere ogiarekin, eta untzi ttiki bat urez betherik;
eta egin ziozkan bi othoitz bere fraide lagunari, lehena, hets zezola harriz gaztelu hartako athea; eta gero
oraino, ekhar zezola, sei hilabethetarik, bertze ogi bat
eta untzitara bat ur.
Eta fraideak egin zuen galdetu zion bezala: hetsi
zion athea, eta gero, teilatuan zilho bat eginez, ematen ziozkan bere ogia eta ura urthean bietan; bainan
hitz-erdi bat ere erran gabe, ixil-ixila, eta ikusi ere
gabe zer heinetan zen.
Gu harritzen gare, guk eztezakegu ere sinhets jendea bizi ditekela holako bakhartasunean, eta holako
penitentzietan; eta bizkitartean horra nola egon beharra zen san Antonio hogoi urthez.
Hargatik diogunean bakharrik zagola, eztugu
osoki egia erraten. Jesus Jaunak nola utz zezaken bera
eta kontsolazionerik handienak eman gabe, harren
gatik hainbertze sakrifizio egiten zuena? Han zuen
beraz Jesus Jauna. Eta han ere bazuen harren beharra.

Ezen gaztelu harren ondorat hurbiltzen zirenek
entzuten zituzten azantzik eta harrabotsik ikharagarrienak, eta batzuetan oihuka hari zitzaizkola debruak:
«Zergatik ethorria haiz gaztelu huntarat, gaztelua eta
desertua gureak dituk; huts zatzik beraz toki hauk».
San Antoniok errexki zaramazkan gabak eta egunak guduka eta kontsolazione hekien erdian, bainan
hainitzak ziren jakin nahi zutenak harren ganik zer
behar zuten egin saindutzeko. Eta egun batez, elkhar
sustaturik, jende batzuk arthiki zuten presondegia
hesten zuen harrasia.
Sainduak ere ezagutu zuen Jainkoaren nahia zela,
has zadien bertzei zeruko bidearen erakusten. Eman
zen beraz komentu egiten eta jendei irakasten nola
saindutzen ahal ziren. Eta etzen lanik gabe, bazituelakotz ikasleak, ehunka eta milaka.
Huna ikasle hekiei ematen ziozkaten irakaspenetarik zerbeit:
Erraten zioten: «Zeruko bidean kurritu nahi zuenak behar zuela ahanzterat utzi egiten zuken ongia,
egin bezein laster; eta egun guziz, behar zitzaiola lotu
lanari, ordu arte deusik egin ezpalu bezala».

Erraten zioten oraino: «Jainko Jauna maite zuenak
aurkhi zezakela parabisua, edo bihotzeko bakea, nonnahi».
Bertze behin oraino: «Arima Jainkotiarren othoitzek, barurok eta penitentziek, eta bereziki hekien
pobreziak eta umilitateak izitzen eta lotsarazten zituztela ifernuko izpiritu gaixtoak».
Irakasten zioten ere: «Munduan onthasun handiak
utzi eta, komenturat ethorria zenak etzuela egin
behar bere baithan haren lana nihoiz ezin aski pagatua izaten ahal zen lan bat zitekela, zeren-eta ezin
erran ez-asma baititeke lurreko urre eta zilhar guziak
zein diren gauza ez-deusak zeruko ontasunik ttikienen
aldean; eta bertzalde, beharko baitire utzi guziak goizxago edo berantxago».
Bertze egun batez erran zioten: «Erregek manatzen dionean norbeiti lan bat edo bertze, haina-harrek
eztu utziko lan hura egiteko, emanez bere gogoari,
baduela ordu arteraino ere eginik lan hainitz erregerentzat; bainan eginen du erregek manatzen diona
ahalik xuxenena eta lasterrena.
»Hori bera da zeru-lurren Erregearekin ere egin
behar duguna. Eztugu beraz uste izan behar aski zai-

kula lanean hastea, edo oraino lanean haritzea zenbeit egunez, hari behar gare lanak diraueino».
Behin bere ikaslek galdetu zioten zer behar zuten
egin ez lazatzeko. Eta sainduak ihardetsi zioten: «Nahi
balin baduzue iraun orai duzuen khartsutasunean,
emazue ongi zuen buruari, goiz guziz, menturaz etzaretela arratsera helduko, eta arratsean ere, menturaz
eztela biharamunik izanen zuentzat».
Bertze mintzaldi batean ere erran zioten bere fraide maite hekiei: «Ifernuko izpiritu gaixtoek badute
aiherkunde edo malezia handia giristino guzientzat,
bainan eztetzazkete jasan nihola ere komentuan bizi
direnak. Hortakotz ezta egiten eztutenik hekien galarazteko. Bainan beren amarru guziarekin ere eztire
deusik hari, fraidek eta serorek, ezagutzen balin badute ongi beren ez-deustasuna, eta Jainkoaren ganik
bakharrik igurikitzen badituzte beren salbamenduaren
egiteko graziak».
Horrelako irakaspenez eta zaraman bizitze sainduaz argitu zituen luzez ikasleak, eta aintzina ere hari
zen lan berari, jakin zuenean berria, Erromako enperadoreak hari zirela Esiptoan atxeman zetzazketen
giristino guzien preso altxarazten eta hilarazten.

Eta ordu berean, joan zen hura ere Alekzandriako
hirirat, egiten zuelarik bere baithan, agian-agian
emana izanen zitzaiola, hari ere, bere odolaren ixurtzea Jesus Jaunarentzat.
Bainan ez! etzuten preso altxatu, nahiz bertzek
ez-bezalako jaunztura zuhail batez beztitua zen, eta
bazabilan burregoen artean gaindi, eta giristinoak
hilarazten zituzten tokietan ere bai, hekiei errateko
jasanarazten ziozkaten pairamenak eta oinhazeak
apur edo ixtant batez zirela, eta aldiz pairamen hekien
bidez irabaztera zohazin sariek eta zorionak etzuketela nihoiz akhabantzarik.
Etzuen beraz izatu martir hiltzeko zoriona. Eta,
Konstantin enperadorea atheratu eta altxatu zenean
giristinoen alde, san Antonio joan zen bere fraidetarat.
Hargatik handik goiti, bakharrik zagon ahalaz, non
etzen agertzen, beren beharrez, harren gana ethorri
zitezkenen gatik. Eta, jende dohakabe hekien sokhorriteko, egiten zituen noiz-nahi mirakuilurik handienak.
Bainan gero, nola laudorio eta ohore handiak ematen baitziozkaten ,joan zen ihesi eta gordetzera handik urrun ziren mendi arte batzuetarat.