Piarres I - 1

Jean Barbier

PIARRES I

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:


Iturria: Piarres I, Jean Barbier (Ramon Sanchezen
edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

Egileari buruzko informazioa:


Aintzin-solas
Eskuarazko liburu bat gehiago.
Pfu... eginen dute zenbeitek, soin gainak higituz, halako aire minthu batekin. Zerentzat? Nork
irakurtuko du?
Zerentzat?
Eta, ez duzue, dohakabeak, ikusten EskualHerria egunetik egunera ttipitzen hari zaukula?
Ez duzue ikusten, gu, Eskualdunen izaite
berezia, bertze gizakietatik oraidino gora berextu gaituen izaitea, izatu diren jende eta gauzen
hobi zabalean etzateko heinean dela?
Eskualdungoak, gure gizontasunak, orai arte
nunbeit han iraun badu, bazterretako erauntsi
eta zalaparta guzien gatik, dohain berezi batzueri esker iraun duela? Eta dohain hoik: fede, ohidura, josteta, etxe, oihan eta lur guziak oro ahulduz erhaustuz, ezeztatuz dohazila?
Ongarristatuak, arthatuak ez diren pentze
alhorretan, udaberriari buruz satorrak nausi.
Lurpez, nehor ohartu gabe, bere lan galgarria
baderama satorrak; eta gero, noizpeit, etxeko

jauna ohartzen denean etsaiaren jauregieri,
harriturik, errabian dago. Berantegi.
Zonbat etxe, zonbat jauregi, itsas bazterrean, zonbat oihan, mendi mazeletan, nolako
eremuak, Lapurdin bereziki, arrotzen eskuko
direnak, arrotzen meneko!
Nun gorde dire ontasun eta etxe horien jabe
sortu zirenak, ihesi norat joan dire?
Ai! arrotzen diru madarikatu horrek ezbalu
etxerik eta lurrik baizik erosten! Gogoak eta
bihotzak ere beretzen baititu, zorigaitzez, ebasten dauzkigula!
Ongi ethorri! beraz, Piarres liburu berriari.
Lehenagoko eskualdun zaharretarik dugu
Piarres gaztea. Kontrabandan hari da, pilota partida batek ez du izitzen; igandetan meza bezperak entzunik eta bi mus ustelen artetik, badaki,
eskualdun kantu pollitenaren itzulikatzen. Oihanaldekoa da Piarres. Erroak hazkar ditu Oihanaldeak, aitaxotik semeatxira, guziek, behar orduz
eta behar den bezala, ematen baitakite Jainkoari berea, auzoari laguntza eta lurrari lana.
Baina arrotzak ez ditezila Oihanaldetik hurbil,
lur mikorik erostekotan!

Ai! Oihanaldetarren idurikoak ukan baginitu
eskualdun etxeko jaunak orai arte! Berant bada
berant, egungo egunean oraino, Senperen bezala, Itsasun, Donibanen, Milafrangan eta, arranoek begi pean dauzkuten bertze zenbeit herritan,
Oihanalde hainitz baginu!
Liburu ederra, liburu ona, liburu beharra: Piarres.
Bainan nork irakurtuko du?
Nork irakurtuko duen? Eskualdun gazte
guziek... Eskual-Herriaren eritasuna ezagutzen
duten... ezagutua behar luketen sendaginek
eskura baliezeete.
Sendaginetan lehen, herrietako apezak. Nahi
duenak nahi duena erran dezala. Daukat hemen,
Eskual-Herrian, Erlijionea eta Eskuara, gure ohidura zaharrak eta sinhestea elqarri josiak dabiltzala, eta hain aspaldian nun, ahulduz eskuara,
galduz ohidurak, nahi-t-ez ttipituko baituzue
fedea eta kasik hilen azkenean.
Egiaz diozu, Barbier, «Elizetan hegaldaka
dabilan arima gabe, arima gabeko gorphutz bat
baizik ez dela Eskual-Herria».

Senpereko eliza gerizatzen duten arimek
Senpereko lurrean dituzte gorphutzak. Hezur ala
hauts, berriz piztuko dire. Senpereko etxe
batean sortu ziren, etxe bereko lurrarekin lanean
higatu, etxe berean hil.
OXOBI

I
Ama semeak
Ilhun-nabarrean, keetara joanik, zeruari,
hedoieri beha eta beha eman zen Piarres. Mendealetik heldu, zirurikan iragaiten zitzaizkon
lanho ilhunak, etxe-kaskoa herrestaka hunkitzen
zutela. Kurlinka erlastu batzu inguruka sumatzen
zituen, han, Olhasoko sorhoetan, dena marraka
eta intzire. Eta hirri bat ethorri zitzaion Piarresi
ezpainetarat, begiak argi argia egiten zitzaizkola. «Guarda gutti ikusiren diagu gaur, erreka
horietan!...».
Etxerat buruz itzuli zenean, ama, hain maite
zuen bere ama, hanxet zuen, athearen ondoan,
har¡ begira hura ere:
—Zer bada, Piarres, hor gaindi behar othe
zaitugu gau huntan oraino? Grinaz hilarazi nahi
nauzu beraz, haurra?
—Hilarazi? Grinaz? Ez balin ba!... Zertaz
behar zira grinatu, ama? Behin orano ez nauka-

te Senpereko guardaño horiek beren aztaparretara bildurik?
—Ez bildurik? Hurren bildurik ez othe zaituzte izan, iragan egun batez?
—Bai, hala da, ama, bainan ene gerriko higatuxe bat utzi diotet eskuetan, eta deus ez bertzerik. Aingira harrien artetik bezala, iragan nitzaiote bi othe mustuken artetik. Eta uste dut, gibelarakoan, othe adar horietatik batek zaflako eta
sistako ona eman diozkan garaztar guardari.
—Bethi bardin izanen zaizkit beraz, Piarres?
Bethi bardin axola gabea? Bainan, kontu emazu
zure gerrikoa azkarragoa ez dadien gertha bertze aldi batez, eta orduan, ahalkea diteke guretzat.
—Ahalkea? Eta zertako, ama? Baditeke kontrabandan ari diren guziak ez diren aberasten.
Bainan bat ez dakit kontrabanda hortan ohorea
galdurik. Egia edo gezurra, aditua ere dut,
Eskual-herriko auzapez edo herriko gizon bat
baino gehiago hautatu dela, kontrabandan ari
zirela orok jakina gatik. Ez, ez ama, kontrabandixta ez da ohoin bat, hurbilik ere. Zaude deskantsu. Beren puskak edo kabalak ongi pagatu-

rik, nehori makurrik ekarri gabe, beren irabazia
ongi beretzen dute egundainoko kontrabandixtek.
—Zoazi eta errozute hori guarden aitzindarieri...
—Guarden aintzindarieri? Guk hazten ditugu
eta guardak eta heien aintzindariak! Zer egin
lirote gu gabe? Bertze lan bati lotzea lukete, eta,
segur, ama, lan hori ez lezaketela laborariena
har edo kontrabandixtena! Deskantsu begozi
bertz guardatto horiek. Gure beharra badute
horiek, guk horiena baino gehiago, eta gobernio
guziak horien beharretan izaiten ohi dire bethi,
bozkatzeak heldu diren guzian. Muthil hoberik ez
dute gobernioko gizonek...
Horra zertako, ama, gobernioak ez daukun
baitezpada kontrabanda debekatzen, bainan bai,
aintzinetik erraiten ere daukun bezala, eskuetarik hartzen, ahal duen aldi oroz, ongi gaziturik
uzten gaituela, guardek haren aztaparretarat
bildu gaituztelarik. Horrela, gobernio, guarda eta
kontrabandixtak, oro bizi ditezke, zoin bertzea
baino hobeki,... kontrabandixtak gaizkienik.

—Ori, haurra, ez dakit bada nik, horrenbertze
ez dautazu erran egundaino. Bainan, nahi zinduzket bertzelakatua. Ah! —hain adixkide duzularik— jaun erretorak nola ez zaitu bada kontrabanda madarikatu hortarik oraino gibelatua?
Etxeko oilasko parerik ederrena eremanen bainioke, mirakuilu hori egin baleza sekulan!
—Oilaskoak begozi oilategian, ama, edo eremotzu erretorari, kontrabandarik aiphatu gabe,
heldu diren Phesta-Berrietan jan ditzagun harekin, Jainkoaren lorian. Jaun erretorak barkatzen
dauku kontrabandan ibili garenean, bainan ez
dauku erranen, ez dezaguke erran kontrabandan
ibil gaitezen. Hori sobrakina galda ginioke. Bertzalde, gure etxe-lanetan nahiago gintuzke
harek ere, zuk bezala, ama, zeren, askotan etxeko segida galtzen duen kontrabandixt batek
baino gehiagok. Aithor dut hori, ama, eta ahalketzen ere naizela nere lagun zonbaitez...
Bainan, noiz holakorik ikusi diozu zure Piarresi? Othaskaz othaska ibili ondoan, noiz egundaino aztaparretarik, adaretari biharamunean
berriz lotzeko?...

Hori hola da engoitik, ama gaixoa. Zuhaurrek
eta zure aita zaharrak odolean emanaz errenkuratzen zaizkit gaur! Eta gero, Eskual-Herrian ez
zen lehenago kontrabandarik, zeren ez zen
muga-harririk. Zertako eman dituzte muga
horiek Dantxariako edo Irungo zubieri hurbil?
Eskualduna ez othe da berez bere ibili behar
Eskual-Herri guziko mendietan? Gure lehenagoko zuzenetarik, hori bederen ez othe ginuen
begiratu behar, hori bederen ez othe zaukuten
utzi behar hego-aldetik edo iphar-aldetik guri
nausitu erresumek?
Ez naiz batere Frantses-Herritik zeiartu beharrez ari, ama, zeren maitexko dutan FrantsesHerri handia. Bainan, behin ere ez baitiot aiphatu, ongi jakin nahia nindake, jaun erretorak zer
othe dion hortaz? Kastillara batre gabe, eskualdun mendi guzietako zuzenen jabe eskualduna!
Hoi hoi loria, ama!
—Zure loria eta moria guziaz hirri egin lezake, ori, gure jaun erretorak. Ametsak ez du egundaino hazi gizonik, Piarres...
—Hala hala da eta, ama. Ametsetako lukainkez bertzerik behar dut gaur, eta, othoi, xingar

zafla bat ona erreko dautazu, xahakoa nik bethetzeko artean. Ira-lekutik aita ethorri ere gabe,
han harat urrun joana niteke, nere lagunengana.
—Bai, eta, zure amak, erran dituenak oro
debaldetan erranik, lorik gabe, dena grinetan,
othoitzean artzea duke gau luze itsusian!

II
Ortzango errekan
Uria jauts-ahala ari zuen orai. Haizeak, birabina lurrean hildurik azken ostoak, furfurian
zeramazkan alde orotarat. Ametz ihartuek, norbeit edo zerbeit harrapatu nahi izan balute bezala, beren adar luzeak luzatzen zituzten ilhunpean...
Bainan, uriari, haizeari, hosto eta adarreri
konturik egin gabe, bristi brasta bazoan Piarres,
han, mugatik hurbil atxeman behar zituen laguneri buruz.
Arbola zilo batetarik, huntz handi bat airatzen
zaio, xixtuz, eta berehala, burla batean, urrundik
kantuz hasten: «Huu, huu!».
—Zer duk, huntza, huu eta huu? Ez nauk
bada izitzeko errexa! Ala, iragan gauean bezala,
guardak salatzen othe dazkidatak?....
Eta hor, hirri batean, orhoitzen da Piarres,
amak ostixoan erran bezala, aintzineko gau ilhun
batez, Uroneko gain hetan, Azkaingo mugan,
guarden eskuetan gelditzen dela. Jan-Batit beren

aintzindariaren erraneri behatu gabe, bazoazin
sei lagun, biranazka, hogoita hamabortz pintako
untzia bizkarrean. Errekaz erreka, zokoz zoko,
Jan-Batit axeri zaharrak galdatzen zioten bezala
joaiteko orde, gainez gain bazoazin, Miarrizko
itsasargiak bidatzen zitula.
Bet betan, Serresko Jauregiari hurbil, seietarik azken biak ondotik zituztelarik pentoka gainerat igaitekoak oraino, bi guarda xutitzen zaizkote aintzinean, bertze bi, aldiz, gibeletik jalitzen: «Haltelà!». Piarresen lagunarekin jada
borrokan ari da guardetarik bat, eta bertzea
gerruntzetik lotzera doa Piarresi berari, ahapetik, erdi trufan eta hatsa joanik, erraiten diola:
«Ago, to, ago, ez deus bat, izpirituaren garreiuan
lagunduko haut berehala!».
Oldar batean, jauzi bat izigarria egin zuen
orduan Piarresek, eta gerrikoa guardaren aztaparretan utzirik, bere untzia bethi bizkarrean,
bazoan orai demuntreak hausteko, aldapari
behera. Guarda haren ondotik, kasik hura bezen
laster. Olhagaraiko landan huna orai non diren,
Piarres bethi aintzinean, bethi eta aintzinago.
Guarda sumatzen du hatsantua, ethendua, bai-

nan bethiz han, zonbeit urhatsetan. Behin ere
arthiki ez duen untzia behar othe du berhorat
arthiki gaur lehen aldikotz? Ez oraino segurik!
Eta sukar bat belhaunetan, badoa, badoa, ilhunbean, bethi eta zaluago. Guarda ez du gehiago
gainean... Bainan, oi, Piarresen zoria! Han, landaren buru buruan den keeta nola idek nola handik iragan, guarda gaineratu gabe?...
Hainbertzenarekin, tiro bat iditzen du han,
urrun, Serresko kaskoan. Guarda gelditu da. Etsitua bide duke, eta bertzalde, tiroz haren galdea
dukete lagunek. Piarres salbu da oraikotik, gerriko txar bat, hartako eremana zuen gerriko txar
bat, garaztar guardari utzirik doi doia.
***
Eta Piarres, orhoitzahen horrek arindurik,
tanpa tanpa badoa bethi, Beholan harat, Kamieten-bordan harat, Atsulaiko azpitik, Urdazurirat
buruz.
Bet-betan, azienda zerbeit, ezpainak luzatuz,
norbeitek akulatu nahi balu bezala, han, alde
aldean, haitz ondo baten parretik heldu, aditzen

du halako xixtuñasta bat: «Bvuu! Bvuu!»... Begi
onak zituen Piarresek, bederen ostixoko huntzaren begiak bezen onak. Gehiagokorik gabe,
Franxixko, beren espiuna laster ezagutzen du
beraz, han, arbola-ondoarekin bat egiten duen
mamu hartan.
—Hi haiza, hor, Franxixko? Zer berri da?
—Lagunak bilduxeak direla dakikan bordaldean, bilduak ere gaur iraganarazi behar ditugun
hogoita bi pottokak.
—Eta guardak?
—Oh! guardak! Beren ohe-kamantzetan
hobeki dituzkek, holako gauarekin!...
—Hoa hi, to, sekulan! Herbia lo ez othe ziagok...
—Ba, errana den bezala, herbia lo ziagok
uste ez den tokian, eta guardak... beren kamantzetan... Senpereko guarda horietarik ez duk
bethi, gaur oraino, bihirik agertu hemen gaindi,
eta Dantxariakoak ongixko diaudek, hantxet,
beren atherbean kukuturik. Hemen ikusten hautanaz geroz, ni heienganat joan ere gabe, errotek beraz laguneri, aiphatu tenorean mugi ditezen, eta zalhu zalhua gero! Xipatua nauk zango-

etarik kaskoraino, eta hormatua zinez eta egiazki. Erna zaizte beraz, eta zuek, hor, nere gibelean sumatu bezen laster, han harat aintzina joanen nauk, Ganix bertze espiuna kausitu arte.
Deskantsu ethor zaitezkete; badiat beldurra,
oraikotik, nehork ez duen jakin gaurko gure
balentria.
—Erran bezala beraz, Frantxixko, eta Jainkoak digula gau on!».
***
Hogoita bi gizon bilduak dire orai, mugaz
haindiko borda zaharrean. Bostpasei gizon adinetako, gaineratekoak oro gazteak edo sasoin
ederrekoak, begiak argi, oinak zalhu, guziak
gizon deliberatuak.
Eta Jan-Batit, orok nausi-burutzat aspaldi
onhartua dutena, huna mintzo non den, bere
azken manuak erraiten diozkatela.
«Alo, hots, muthikoak, ernatu behar diagu. Ez
duk errana uri hau laster athertuko edo bederen
eztituko ez dela. Lehen pottoka bigarrenari buztanetik estekaturik, bi pottokentzat bi gizon,

batto aintzinean, bertzea gibelean. Senpereko
mugartino saratarrak eta ainhoarrak aintzinean;
Senpereko mugatik eta harat, saratarrak gibelean, kabalen akulatzaile.
»Ez neri egin iragan gau horietarik batez
bezala. Elgarretarik ehun hurratsetan, goazen
errekaz erreka, eta nahiz ilhargirik ez den, itzalez itzal bethi. Mendibizkarrak begozi kasko arinentzat. Beholako gain hetarat ethorriko ziaguk
Ganix, eta anhartean, Franxixko hor diaguk,
begiak ernerik. Goazen beraz beldurrik gabe,
bainan beharriak xut, Ortzango errekan barna,
Motxokobordari buruz, larrez larre bethi; eta
gero, Bokaleko su handien parretik eskuin, bethiko gure bidetik. Bihar goizeko bortz orenak gabe
behar gaituk Baionan, dakizuen ostatuko aberebarnean.
»Guardarik suertez ager baladi, ez izi. Heien
tiroek ezditek minik egin sekulan, gizon beldurtiari baizik.
»Gainerat jin bazaizkitzue, kolpe tzarrik ez
eman, bainan bai borroka eta inharros-aldi bat
ona. Lehenbiziko makilakaska emaitekoa diat
gaurko egunean oraino, eta zuek ere naski hala

hala. Ez gaituk gaur hasi behar. Ezinbertzean
ohilduko zaizte beraz, eta ihesari emanen,
Otsansbehereko Madalenarat gero atheratzeko.
»Bat edo bertze harrapatua balitz halere, eta
ezin atheratu balin badugu guarden eskuetarik,
bere onetan bazakikek harek ixilik egoiten,
nehor gutarik salatu gabe sekulan. Eta ondoko
egunetan badirek behar den laguntza guzia.
Kolpe tzar bat harturik ospitalerat eremana
balitz ere, hura sendatuxe orduko, otomobil bat
baino gehiago izanen duk, haren toki segurerat
eremaiteko; han hobe baituke lehenbiziko amiztiak arte, ezen ez eta Baionako presondegi ilhunean... Bazaiztea?».
—Bagaituk.
***
Eta, lerro Ierro, ixil ixila heldu ziren orai
hogoita bi gizon eta hogoita bi pottoka, biranazka, elgarretarik ehun bat urhatsetan, saratarrek
kaprestutik zaukatela aintzineko behorra, senpertarrek gibeletik makilarekin akulatzen zutelarik bigarrena.

Batixta zaharra bigarren zaldietatik baten
gainerat hupatua zen, ixil ixila. Zahartua pitta
bat zen, eta gero, Jan-Batit han zen, aintzin aintzinean, holako maleziarik ezpaitzezaken ikus
gau ilhunean.
Gau ilhuna? O bai ilhuna zela, eta egiazki
ilhuna! Noizetik noizera, larre-bidea huts-eginik,
galtzen ziren bat edo bertze; eta, nahita ez,
orduan, ondotik jin beharrak aintzintzen zitzaizkoten.
Ainhoako par hetan, gibeleko pottoka zonbeit
irrintzireka hasi ziren, beren lagunak aintzinean
sumatzearekin. Beharrik, laster ixildu baitziren,
eta beharrik oraino, guardarik ez baitzen han
gaindi!...
Kamieten-bordarat gabe, senpertarrak, xokoen berri hobeki bazakitelakotz, aintzinean eman
ziren, gibelean aldiz saratarrak, Jan-Batitekin
hala hitzartu bezala. Handik oren-laurden bat
gabe gero, oro bildurik zauden Beholako gainean, Frantxixkoren beha. Gehienak izerdituak
ziren, bainan altzeirua bezen hazkar bethi. Ahamen bat ithoka jan zuteneko, xahakoak eskuratu
orduko, han zuten Frantxixko: «Beholako guar-

dak Xilarreneko hegazpean emanak ziren, eta
Ganixek, Handia eta itsasuarra, karrikako bi
guardak segitu zituen Motxoko alderaino, eta
gehiago ez ikusi; atherbe zerbeitetan etzanak,
hori gauza jakina».
—Hots! Goazen beriz aintzina. Piarres,
hemengo xori xaharra baihaut hi, lehen lehen
eman hadi; gibelean emanen nauk nihaur, Xilarreneko ihizi horiek trukes-joko zerbeit egin ere
balezate. Hi, Frantxixko, hoa berriz Ganixen
bidera, eta begiak eta beharriak erne egon hor!.
Eta, Jan-Batitek erran bezala eman ziren oro
berehala. Eta, bazoazin, larrez larre, errekari
gora, hitz erdi bat elgarri erran gabe gehiago.
Hogoi eta bi gizonak, hogoi eta bi pottokak han
ziren orai, oro errekan sartuak.
Bet-betan, hatsantuak, elgarrenganik hogoi
urhatsetan, laster eta laster heldu, atheratzen
zaizkote Frantxixko eta Ganix, espiun agitzaileak:
—Guardak! Hortxet heldu, Motxoko aldetik
hunat makurturik....
Eta hanbertzenarekin, oihu bat aintzinetik:
«Haltelà!” Eta gero tiro bat... Handia eta itsasua-

rra, hor aintzinenan!... Bertze oihu bat, bertze
tiro bat gibel hartan... Xilarreneko guardak,
heldu hek ere, malezian ordu arte beren buruak
bazterturik...
—Debruen bisaia! Salatuak gaituk. Berma
hor, muthikoak, eta nik erranak oro egin!.
Piarresek Handia hor du, hamar urhatsetan,
bere zango alimaleekin heldu, jauzika; itsasuarra
gibelaxagotik, lasterka hura ere. Piarresek,
egundaino ordu arte, ez du pottokarik utzi guardetan atrebituenari... Berehala, ahapetik, ithoka,
erraiten dio bere lagunari:
—Bahaiza, to? Zafra zak hire hoi, eta jo biek
eskuin, bethi eskuin.
Eta Handia, bere beso kankailekin, gizon edo
potoka, zerbeiten hartzera doalarik, jauzi batean
eskapatzen zaizko pottoka eta gizonak, irrintzireka pottokak, erhotuak gizonak. Oren laurden
oso bat, othaskaz othaska, pentokaz pentoka,
fur furian eta trumilka badoazi hiru gizonak. Doi
doiak egiten du saratarrari lotzen ez baitzaio
guarda thematsua. Bainan ez. Aski goizik bazterrerat salto egiten du kontrabandixtak; eta orai,
guarda bethi ondotik, ximixta bezala badoa Pia-

rres, bere bi pottoka erhotuek airean deramatela, haur bat eraman lezaketen bezala. Umatua
da, leher egina. Buruhas, galtzak pusketan,
badoa bethi, ithotzera doana arbola adarrari
bezala, aztaparka lothua kaprestuari...
Handia bethi ondotik othe du? Huna jada,
Mendiburuko borda... Bihurgune batean, eta
batere gelditu gabe, behatzen du gibelerat...
Ilhunbeak baizik ez ditu ikusten. Herrestan eremaiten dute zaldiek ehun bat urhats oraino; bainan gero, leher eta zapart eginak hek ere, eta
Piarresek gibel-karga hazkarkiago eginik, zankez
gelditzen dire, ikare-daldaretan. Eskuaz eztiki
balakatzen ditu orduan Piarresek, eta gero,
beharria lurrari, luze luzea emaiten da, larre-sorhoaren gainean, gizon-urhatsik deus sumatuko
othe duen?... Ez! Handiak noizpeit etsitu bide du,
han, behere hartan... Jarririk, orduan, bultatto
bat deskantsatzen da gizon gazte zainharta.
Hatsaren hatsez, bulharrak goiti eta beheiti ari
zaizko, zapart egin nahi baliote bezala.
—Ah! nere xahakoa! Ah! gure ama onak
eman xingar zafla!. —Bainan, xingar eta xahako,

oro han erainak ditu, doi doia, Ortzango errekan!...
***
Handik oren bat gabe, Otsansko kaperarat,
erdi herrestan, erdi mainguka, terren ten ten,
bat bertzearen ondotik heldu, ikus zitezken
hogoita bi gizon, eta hogoi pottoka.
Jan-Batit harat hunat bazabilan, begi zorrotz
batean; eta, leher eginak, bertze guziak, hari
begira, erdi etzanak zauden, kapera zaharreko
paretaren inguruan. Bere ulitxekin uzteko hobea
zen Jan-Batit kapitaina...
Eliza zaharraren zola zolan, zabal zabala
ikusten den harrilauzaren gainean eman zen
orduan Jan-Batit, eta bere laguneri erran zioten:
—Oro hor gaituk naski orai? Hogoita bi gizon,
hogoi pottoka aldiz hogoi eta bietatik. Makurrago oraino athera gintezkean. Nork salatu gaituzken? Hobe dik harek hori guk ez jakinik. Bainan
Jainkoak bazakik, eta aski duk. Piarresek eta
Frantxunek pokado bat emanen diaukutek, hor,
Otsansbeherean, xutik; eta gero, hemen gehiago

mutzitu gabe, eta guardak berriz hunarat gabe,
bideari lothuren gaituk, eta, argia gabe, Baionara helduko.
Eta, erran bezala, biharamun goizean, argihasteko, gehiagoko makurrik gahe, oro helduak
ziren Baionarat...

III
Piarresen igandea,
biharamunean
Piarres, arrats hartan berean, Donianen gaindi itzuli zen etxera. Haren lagunak, zoin bere
alde, joanak ziren hek ere, bertze balentria bat
arte zuhurki ohilduak.
Urhe pullitak sakelan zeramazkan, gorri
gorria, krin krin ontsa egin nahiak oro. Bainan,
ez; mokanes gorrian tinko korropilaturik, ixil eta
prestu heldu ziren Piarresekin, eta Piarres bere
buruarekin gogoetetan ari zen. Aldapan hunat,
Mingotenean hunat iragaitearekin. Zer boliada
bezperakoa, han, Ortzango errekan! Ez zen
haratik ez hunatik, Handiaren eskuetan doi doiak
egin zuen ez baitzen aldi huntan gelditu! Guarda
zaintsua hora, bat izaitekotz! Eta gizon ona,
prestua, zuzena, deusik haren kontra athera ez
ziteken gizona, bere eginbidea baizik ez zakiena
sekulan!...
—Zer ahamenean ahal dagon guretzat, den
tenorean!... Mirakuiluz bezala begiratuak ez othe

ditiagu gure hogoi pottokak? Bai, Jan-Batitek
barda erran bezala, gaizkiago athera gaituk eta
atherako ere oraino, hogoita bost aldiz... Bainan,
goazin jakituz jakituz; egunean egunekoa, Piarres! Gure Aitan ere hola duk errana, eta ez haiz
Jainkoa baino zuhurrago behar. Bego beraz. Handia bere aho-kiretsarekin. Bere eginbidea egin
dezala bethi, orai arte bezala, eta gurea, gure
biharko egitekoa, bego hura gure gain...
Gau beltza arras gabe, ilhun-zeinuetako,
etxean zen gure Piarres, Olhaso kasko kaskoan,
izar-arte ederrean izar bat iduri, urrundik ikus
ziteken etxe xurian.
Piarres urrunduz geroz handik mogitu ez
balitz bezala, ama han zen orai ere, hegazpean
xut xuta, beltz beltza athearen ondoan... Bainan,
bere hura entzun orduko, eta bere harek ikus
beldurrez ahalketua bezala, brixtakoan sartu zen
sukaldean, eta kanit handi bat eskuan, begiak
dir dir loriarekin, eman zen xingar azpiari zafla
gorri eder bat khendu beharrez.
Zonbat nahi zalu eta ixil itzalia izanagatik, ez
zuen amak bere semerik enganatu, eta, hirri

maite bat ezpain-xokhoetan, sartu zen beraz Piarres:
—Jainkoak dauzula gau on, ama!... Arrosario
hoik higatuxeak ahal ditutzu gaur gehiago, bardako othoitz luzeak eginik. Bainan hala hala,
uste dut baliatu ere zaizkitan aldi huntan. Zer
nahi den, huna ni etxean, berriz ere...
Eta, begiak goseturik ezarriko zituen usain
goxo batekin xingar azpia erretzen ari zen
artean, hitz laburrez eta parabolarik gabe, erran
ziozkan amari bezpertko berririk larrienak. l;z
oro, bainan bai, ama soberi grinarazi gabe erran
zitezkenak; gainetakoak, gero noizpeit kondatuko zituen beharbada... bere haurreri, neguko
arrats zonbeitez, bainan ez bethi gaur bere
amari.
Aita eta bertze haurrideak ez ziren oinon
etxerat itzuliak, Piarres, bere otruntza eginik,
xutitu zenean, zerbeit lani lothu beharrez hura
ere. Bainan, amak, ezti eztia, erran zion, oherat
zohakela arrats hartakoarengatik, eta lanari
gero begitarte hobea eginen ziola, ondoko egunetan.

Eta oren laurden bat gabe, othoitz on eta
labur bat eginik zurrungan gozoki, bi gau hetako
loen hartzen ari zen Piarres.
***
Bihartmunean, —igandea— iguzkia gora zen
jada, Piarres atzarri zenean.
Beherean, Marie, arreba zaharrena, sukaldeko lanetan ari zen, haurride gazteenak meza
nausirat gero berekin eramaiteko. Aita-amak,
goiz mezan ixil ixila izanik, sorhoaren buruan
agertzera zoazin. Ahalkea... Piarresek zuen orai,
igandetako bere atorra xuria emanik, arrebari
agur bat erranik, keeta ondoan aita-amak kurutzatu zituenean. Ildako hirri bat —gure eskualdun halako hirri hura— ezpainetan, baztertu
zitzaizkon biak, eta, aitak, bere pipa erhien
artean harturik, burla maite batean erran zion:
—Zaude zu, Piarres! Gure zurrungak ere ez
zaitu naski atzarrarazi eta ez bide nauzu, egun,
behien uztartzen aditu!...
—Ezagun da, aita, zuhaur ere, kontrabandan,
harramantza gutirekin harat hunat ibiltzen ikasia

zirela lehen. Bainan, zu, ama... Ez nakien... Xuriko bera ere ez othe zinduten gaur atxemana?
Sainga bat ez baitu oraino goiz huntan! Orai, ba,
xanpaka, eta bazter guzietan zalapartaka...
—Ongi egin ere du, haurra. Asko jendeek
baino gehiago ezagutza irakusten daukute frangotan gure alimaleek. Lo egitearen beharra
bazinduen, Piarres. Amak erran daizkit oro. Zoaz
beraz deskantsu, zure mezaren entzutera. Sarri
arte, eta gero, gaur, tenorez etxera. Goizean goizik, bihar, behar dugu behereko landa hori itzuli,
eta barnatik oraino, eta ontsa ongarriztaturik;
ezen, akituxea dugu zonbeit urthe hautan. Sarri
arte, Piarres.
—Sarri arte, aita; sarri arte, ama...
Eta, zalu zalua, jauzika ezpartin xuritan heldu
zen orai Piarres, sorho handiari behera. Miñauta
multzo bat, inguruka, biraka bazabilan, han,
behereko landa hetan, beren kukurustak fantesiaka bezala gibelerat, hegal-azpiak iguzkira xuri
xuria, berho guzietarik urrun, sorhoaren erdian,
haur batzu bezala salto eta jauzi ari ziren, intzireka, xixtuka, hegal-zaflaka, hemen har beltz bat
athera, hantxet zizari luze luze bat...

Urrundik airatu zitzaizkon Piarresi, behako
bat doi doia eman baitzioten muthiko gazte
erneak. Gauza bitxia! Oihan eta errekak oro hain
ongi zazkien kontrabandixt harek eskerrik ez
zuen ihiziarentzat, eta herrian, gutiz gehienek,
ez harek baino gehiago. Herbi bakar zonbeit doi
doia, eliza phestari buruz, artean atxemaiten
zituenak, edo beharrez tirokatzen. Pekada zonbeit gero, Jaun merarentzat edo grefierarentzat,... eta hortan akabo. Mixel zaharrari uzten
ziozkan bertzeak; eta martxoan, urrian, usoak
hedoika Olhaso kaskoan iragaiten zirelarik, doi
doia gelditzen zen lanetik, behako baten heieri
emaiteko eta Goix-bideko gain hetan herriko
aizinatuek edo ihiztari errabiatu bakhar zonbeitek igortzen ziozkaten tiro-banperi ohartzeko...
Herrirat heldu eta, bere asteko belharra karrika buruan erosirik, hura elizan sartzean berean,
hasi zen meza-nausia. Kapelua, paretako itze
handi bati dilindan emanik, selauruetan, bethiko
bere tokian belhaunikatu zen, agur bat egin Jainkoari, gero bere ezkerreko eta eskuineko laguneri, eta arrosarioak eskuan, etxean laburxko egin

goizeko othoitza berriz hantxet hasi zuen eta aldi
huntan bururatu.
Orai kanta zezaken, eta deskantsuz, bere
gazte lagunekin. Eta kantatzen ere zuen, kantatzen ere zuen orok, burrustaka gainetik beheiti,
aldareko argiak harat hunat ibilarazteko heinean.
Jaun erretorak bere phedeikua bururatu zuenean, bet-betan, Piarres, begitarteko zain bat
mogitu gabe halere, gauza bati ohartu zitzaion,
halako laztan batekin. Denbora hartan oraino,
guarda eskualdun gehienak eta bertze zonbeit
ere elizan ibiltzen baitziren, ohartu zen beraz
Piarres, Handia, guarda Handia, parrez-par zuela
bertze aldetik, eta Handia hari begira eta begira
zagola, bere begi beltz onekin. Dardara bat
bozean, azkarkiago oraino kantaz ari zen orai
muthil gaztea:
«Othoi, ama maitea, urrikal zaizkigu,
Jainko zure semea hasarre baitugu!».
Eta, Jainkoa, zuk barkha, gogora jin zitzaion,
Handia ere hasarre zela gaur harentzat, eta Han-

diak ontsa gaizki entzuten zuela meza, igande
hartan, eta Piarresek ere behar bada...
Gogorrarena behar zen beraz egin baitezpada, eta arima xuri xuri garbiarena. Ortzango
errekan kaprestutik behorrak atxikirik, min egiten zioten oraino eskumuthurrek, puxka bat
umatuak ere zituen bere hezurrak oro... Bainan,
zerbeit egin behar zen, futxo!
Meza-nausitik lekora, hain xuxen, Pierre, Ibarroneko plekari pullita hantxet zuen aintzinean.
Badoako berehala, eta gizon andana bat, arbola
azpietan, beren zigarroak erre eta erre ari diren
artean, erraiten dio:
—Bi duro bahuzke galtzeko, Pierre?
—Galtzeko? Ez! Bertze bien irabazteko, ba!
—To, Ortzango errekan bipher eginik, guarda
horiek, begiak harmaturik eni baitaude, nahiz
oraino xehakatua naizen, Frantzoari eta Aguxtini