Piarres Adame - 3

yabe, naski berak ere aise irabaziak zituelakotz?...»
Piarres, hitztorio hori akhabatu eta argia hil
ondoan, lokhartu zen, eta ni ere ba.

7en KAPITULA
BESTA HIRUGARRENA
OLHETAN
Biharamun goizean, zazpi orenak ez ziren
urrun behar izan ni atzarri nintzenekotz. Behatu
nuen berehala Piarresen ohera «Egun on» errateko xedearekin, bainan ez nuen ikhusi, ez Piarresik ohean, ez eta ere piparik bezperan pausatu zuen lekhuan.
Egia errateko, lehen mementoan, beldurra
izan nuen ni gabe hartu othe zuen bedere Sarako bidea; bainan, nola Piarres esperientzia handiko gizona baitzen, eta, dudarik gabe, goizean
goiz yeikirik, ganbaratik athera baino lehen,
ohartu baitzen lo nindagola kintaleko harri bat
bezala, amoreak gatik eta uste izan ez nezan
guan zela etxera ni han utzirik, ezarri zituen bere
makhila eta maripulisa, bat bertzearen aldean,
ohearen zangoetan, nik, atzartzean, berehala
ikhusteko gisan.
Atzarri bezein laster ohetik salto egin nuen,
eta, beztitzen hari nintzelarik, aditu nuen Piarres

norbaitekin gorasko mintzo zela, haserre balitz
bezala. Bigarren boza iduritu zitzaitan haren ilobarena zela. Dudarik gabe elkharren kitzikatzen
hari ziren, bethi bezala, irri egiteko; eta, ni, beztitu eta, hek ziren lekhura, sukhaldera, guan nintzenean, ilobak erraten zion osabari:
—Zer! osaba, zureak gehiago dire naski oraino, atzo arraxean ereman duzun bizia ereman
ondoan?... Ez zare ahalkatzen, zure adinean,
plaza publikoan dantzan haritzeko?... Zer erran
behar dute ezagutzen nauten yende onek, yakiten dutenean nere osaba zarela?...
Piarresek:
—Ago ixilik, iloba, ago ixilik! Atzo ni dantzatzen ikhusi nautenek, zerbait aditzen bazaiote,
yakiten dutenean hire osaba naizela, erranen
ditek merezi dukan baino ohore handiagoa dukala ni bezalako osaba baten iloba izatea, eta, hi
bezala mintzatzen direnak, hi iduri hauten zoro
handi batzuek izanen dituk!... Atzemak hori,
iloba!...
Gero, ohartu zenean ni ere sukhaldean sartzen nintzela:

—Hor haiz, Pello —erran zarotan Piarresek—
hor haiz? Egin duk lo?
Nik:
—Ba yauna; milesker! atzo arraxetik hunat lo
bakhar bat egin dut.
—To, hik baino lo gehiago egin diat beraz,
ezen egin ditiat bortz edo sei bedere... Egia duk
Olhetako eta hauzo-herrietako kukuso eta zimitz
guziak nere ohera deithuak eta bilduak zituztela..., dudarik gabe nere erne egon arazteko, edo,
behar-bada, nere irex-arazteko?... Urosa nauk,
segurki, oraino hemen bainaiz; ezen, utzi banio
kukuso edo zimitz bakotxari Piarres Adameren
odoletik edo haragitik xoilki untza bat erematera, ez nindukan gehiago ikhusiko, Pello, osorik,
ez nere puskarik ere...; argia hil orduko, arranoak eta beleak hiliki bati lotzen diren bezala,
azienda izigarri hoyek lothu zaizkitak alde guzietarik asikika, deus ere errespetatu gabe?... Eta,
oihurik egin ez badut, yakiten ahal duk, Pello,
hiregatik dela... zeren ez baihindutan nahi iratzar-arazi!... Hauk guziak hola dituk... eta ez
zakala uste izan azienda hek guziak bere baitharik ethorriak zirela ohe debru hortara, baizik ere

xede tzarreko norbaitek harat bil-araziak edo
ekharriak...! Batzuek hola arthatzen ditiztek
beren ahaideak, ikhusten dukan bezala!...
«Hoik guziak hola, Pello, gosal zak; horrako
ophor hortan duk hire gosaria; sarri bazkalduko
diguk ahalik hobekiena, hemen ez bada, bertze
nonbait..., eta, gero, lothuko gaituk Sarako
bideari... zenbaitek axegin izanen baitute... eta
guk ere ba, Pello?»
Erran gabe doha, Piarresek, ni yeiki baino
lehen, eginak zituela gosari ttiki eta handiak, eta
erreak ere zenbait pipa, ilobak eta biek mokokaaldi franko ematen zutelarik, elkharrekin trinkatuz.
Piarresek berak erraten zuen: ez zuela exai
handiagorik adiskideak eta ahaideak baino, eta,
elkharrekin zirenean, ez zirela kontent non ez
ziren hasarre.
Oharturik berriz ere osaba-ilobak, bethi bezala, piko eta piko hasten zirela, nik irexi nuen
lehen-bai-lehen, kilimiliklik, Piarresek erakuxi
zarotan ophorraren barnekoa, eta gero, baikinuen, Yainkoari esker, denbora franko iragaiteko
bazkarira heldu baino lehen, guan ginen, Piarres

eta biak, itzuli baten egitera Berrako mugaraino,
eta han, harroka baten hegian, yarri eta, pipa
zirikatu, bethe eta phiztu zuenean, huna nola
mintzatu zen Piarres:
«Hi eta ni, Pello, Sarako haurrak gaituk;
badakik guretzat ohore handi bat dela hori?...
Sara duk herri guzietan maithagarriena eta
famatuena; ez nauk hola mintzo segurki, neroni
Saratarra naizelakotz... Ez!... gaizki lukek bere
buruaz espantu egitea...; bainan, hargatik, batere nere burua goregi altxatu gabe, uste diat erraten ahal dutala Piarres Adame bezalako gizon
guti ikhusten dela bazterretan. Ez diat maite
mintzatzea, Pello, Yainkoak eman darozkitan
dohain handiez, zeren bere baitharik ageri baitire...; bainan erran zukek ez dutala begiratzaile
eskasik nabilan lekhuetan.
»Ez duk ikhusi, Pello, atzo berean, Olhetako
plaza printzipalean, nori beha zagon bestara
ethorria zen yende guzia? Muxikoetan hasi nintzenean, begi guziak nere aldera itzuli zituan!...
Bakhotxak haxa ere doi-doia hartzen zian, beldurrez den mendren harraboxa eginez, hux eginaraz zezan nik egiten nituen piko edo haizturre-

tarik bat!... Han kausitzen ziren guzien bihotzek,
bereziki andrenek, nik bezenbat salto egiten
ziteyan ! Eta, heronek ere, Pello, segur nauk egiten huela hire baithan: “Zer ohorea guretzat,
Saratarrentzat, Piarres Adame gure herritarra
izatea!”
»Eta orai gure artean erran zezakeyagu Olhetako bestak besta hixak izanen zirela aurthen,
Piarres Adame, Saratarra, han kausitu ez balitz.
»Yainkoak nahi izan dik egundainotik Saran
kausi zaitezen gizonik abilenak; hautarik zenbaiten izenak ezagutzen dituk naski, Pello, bainan
badiat beldurra ez dakikan, behar bada, zein
abilki yokatu zen behin Sarako yaun hauz’aphez
bat, zeinak izena baitzuen Erremundegibehere.
Hitztorio hau herriko-etxeko liburu handian etzana duk, erakustera emateko bezala Saran, bethitik ez bada, aspaldiko mendetan bedere, ez direla eskas izan gizon abil eta yakinxunak.»

8en KAPITULA
PIARRES ADAMEREN 3en
HISTORIA
1555an, Erremundegibehere Sarako
hauz’aphezak egin zuen abilezia.
«Mila bortz ehun eta berrogoi eta hamabortza zuan; uda azkena.
»Denbora hartan, Pello, Saratarrak eta Zugarramurdiarrak gerlan zituan, batzuek bertzen
kontra. Huna zertako:
»Sarako arthalde bat mugarriz alde hartara
alhatzen zenean, Zugarramurdiko artzainek, zeinen nagusiak komentuko fraideak baitziren,
franzes arthalde hori, inguruan harturik, erematen ziteyan, aitzinean, fraiden komentura.
Orduan, fraiden eskuetaraz geroztik, adio arthaldea Saratarrentzat!
»Sarako artzainek ere, nola erne baitzauden,
penxatzen dukan bezala, ikhusten zutenean
Zugarramurdiko arthalde bat mugaz alde huntara alhatzen, edo xoilki mugarat hurbiltzen, hek
ere inguratzen ziteyan berehala arthalde hori

eta ekhartzen Sarako plazara. Gero han, lehenago hamar ardi edo zikiro galdu zituenak, atzematen zitian hogoi, eta gehiago ere ba, ahal
bazuen.
»Ikhusten duk, Pello, holako egitate ixusiak
elkharri eginez, Sarak eta Zugarramurdik amodio guti behar zutela izan batek bertzearenzat.
»Bainan nola lehenago ere, orai bezala, bi
herri amulxu hoyetako yendeak handizki malxoak eta pazientziadunak baitziren, ez zituan berehalakoan elkharri yokatu. Egia duk bi herri hoyetako yaun hauz’aphezek egiten zituztela beren
eginahalak beren herritar malxoen malxoki
egon-arazteko.
»Zugarramurdiko hauz’aphezak izena zian
Haranxipi; Sarakoak Erremundegibehere. Noizetik noizera, bi yaun hoyek biltzen zituan elkharren ganat, konxeiluko bertze zenbait lagun abilekin; bazkaltzen ziteyan ederki, batean Saran,
bertzean Zugarramurdin, denek elkharrekin.
Nork pagatzen zuen bazkaria, ez zakiat, Pello;
zeren, herriko-etxeko liburuak ez baitu erraten;
bazukek hauz’aphezek pagatzen zuten, hala
nola konxeiluko gizonek... non ez zuten paga-

tzen... bertzek?... Bainan, berriz ere, hori ez duk
gure egitekoa!... Goazen beraz aitzinat!...
»On duk orai yakin dezakan, Pello, murde
Erremundegibehere, Sarako hauz’apheza, herriko aberexuenetarik bat zela; bazitian arthaldeak
Larrunen, Ibantelin, Harxurian eta, hox! zokho
guzietan.
»Nola bera errotazaina baitzen, muthilez
zain-arazten zitian bere arthalde handiak.
»Astelehen goiz batez, argia hasi baino lehenago, heldu zaiok Piarres, Harxuriako artzaina,
hax-hantua, erraten diolarik: “Oh! yauna, atzo,
arraxalde aphalean, mendiaz bertzaldean nintzelarik antxuekin, Zugarramurdiko fraidek ereman edo ereman-arazi dituzte beren komentura
gure berrehun ardiak, beren ahariekin, mugarriez hunatako alhan ziren lekhutik. Ohartu naizen bezein laster, guan naiz Zugarramurdira, eta
han ikhusi ditut gure ardiak preso daudela,
komentuko korrale handi batean!...”
»Solas hoyek bere nagusiari erratean, artzain
gaizo hori ikharan zagoian, dal-dal-dal, beldurrez
nagusia borthizki asaldatuko zen, berri hori
ikhastean. Bainan, nola ez da harritzen Piarres,

ikusten duenean nagusi hori, asaldatzeko
ordean, ez dela den gutiena ere tuntitzen? Baizik
ere, eskuineko eskuaz, kopeta pherekatu ondoan, beharri gibelean hatz egin eta, irri falxo bat
ezpainetan duelarik, erraten diola: “Ongi duk,
Piarres; athor nerekin herriko etxera.”
»Han, yaun Erremundegibeherek iskribatzen
dik letra edo eskutitz bat Zugarramurdiko
hauz’aphezari, erraten diolarik: “Adiskide Haranxipi, zato faltarik gabe, lagun bat edo biekin,
eguerdi baino lehen; ahate bat salxan, oilo bat
eltzean, antzara bat gerrenean eta ni lorietan,
zuen beha gaude.”
»Ematen ziok eskutitz hori Piarresi, erraten
diolarik: “Hau eremok berehala Zugarramurdiko
yaun hauz’aphezari. Laster egik, Piarres, eta,
bidean iragaiten haizelarik, errok Mattin, herriko
muthilari, dathorla herriko-etxeko salara hamar
orenak baino lehenago.”
»Piarres bideari lothu denekotz, yaun
hauz’apheza baziohak bere axudantaren ganat,
huni erratera zer iragaten den eta zer xede
duen.

»Yaun axudanta herriko gizonen artean abilenetarik bat zuan, kasik Erremundegibehere
bezein abila; izena zian Lahetxipi.
»Yaun hauz’aphezak erran dionean nola bezperan Zugarramurdiko fraidek ebaxi dioten
berrehun buruko arthalde eder bat, eta zer gisetan yokatu gogo duen bere berrehun ardien bertze berrehunekin, ahal badu, atzemateko.
»Lahetxipik tinkatzen ziok eskua, erraten diolarik:
»—Biba zu! Erremundegibehere; ez da zu
bezalakorik!... Oraintxe ikhusten dut eta aithortzen goraki merezi duzula, nihork baino gehiago,
Sarako herri famatuaren aitzindari izatea!...
Ethorriko naiz, ni ere, herriko etxera, eta, lagunduko zaitut zure xede handiaren bethetzen!...
»Hola elkar aditu dutenean axudantak eta
biek, yaun Erremundegibehere atheratzen duk,
eta, nola ez baitzuen batere dudarik egiten
Zugarramurdiko hauz’apheza ethorriko zela,
eguerdi baino lehen, ahate salxaren, oilo egosiaren eta gerreneko antzararen usainean; nola
behar baitzuen ere aitzinetik mintzatu Mattin,
herriko muthila, baziohak herriko etxera hamar

orenak baino lehenxago; han kausitzen dik
Mattin eta huna zer erraten dion:
»—Adi zak, Mattin, eta har ongi buruan erratera nohan hau; denbora laburrik barnean,
segurki eguerdi baino lehen, hunat ethorriko
dituk Zugarramurdiko hauz’apheza, eta haren
lagun bat edo bia; sar-araz zatzik ganbara huntan eta yar-araz horrako alkhi horren gainean;
errotek berehala heyekin naizela, eta, orduan,
athor heroni, ni, axudantarekin, izanen naizen
bigarren ganbara hortara; uste-gabean bezala,
utziko duk athea idekia; aditu behar ditek ongi,
zer ordena ematen dugun axudantak eta nik.
»Mattin Zugarramurdiarren beha dagolarik
lehenbiziko ganbaran, yaun Lahetxipi heldu duk
hauz’aphezaren ganat eta sartzen duk bigarren
ganbaran.
»Erremundegibeherek hartzen dik eskuan
antzara luma xuri bat eta erraten ziok bere lagun
Lahetxipiri:
»—Lahetxipi, fraidek ez zakitek franzesa; nik
ere ez hainitz; are gutiago zakitek eskuara...; ni
berriz, ez nauk arras trebe españolean... Iskribatzen baniote latinez?... Zer iduritzen zaik?

»Lahetxipik:
»—Zer! yaun hauz’apheza, badakizu latina
ere?
»—Nik, bazakiat zer nahi, behar denean!
»Eta, murde Erremundegibeherek, hitz bakotxa gora-gora erraten duelarik, iskribatzen dik,
ezti-eztia, paper plama eder batean:
Canaillibus monaca,
Volatibus moutones!...
Si non renditibus tropotos,
Justicia condamnorum
A rasibus codarum!...
»Zeinak erran nahi baitu eskuaraz:
Fraide xirxilak,
Ebaxi ditutzue gure xikiroak!...
Ez baditutzue gibelat ekhartzen gure
arthaldeak,
Justiziak kondenatuko zaituzte
Beharriak moztuak izatera!...

»Holako latin ederra aditzean, xoratua, Lahetxipik tinkatzen dik yaun hauz’apheza bere besoetan...; Hunek, eskutitza plegatu eta hexi ondoan ostia gorri batekin, ematen ziok adreza hau:
Patri monacorum, Zugarramurdi.
Erran nahi baita:
Zugarramurdiko fraiden aitari.
»Denbora berean, yotzen ditek athean kask,
kask, kask; Mattinek idekitzen dik athea, sararazten ditik bi gizon, eta yar-arazten. Gero,
heyeri zenbait hitz erran eta boz aphalean,
baziohak bigarren ganbararat... Han, yaun
hauz’aphezak erraten ziok, alegia aphal, bainan
franko gora, ongi aditua izateko:
»Mattin, adi nezak ongi; bazkaldu dukan
bezein laster, habil etxez-etxe, eta errotek ixilixila, herriko yende guzieri, nola Baionatik heldu
diren, egun arraxeko, bortz ehun soldadu, beren
aitzindariekin, hortzetaraino harmatuak; yadanik
bidean direla...; Guziek atxik detzatela oheak
prest-presta... Bihar goizean, argitu baino lehen,
Sarako gizon guziak yuntatuko gaituk harmada

horri, eta, guanen gaituk Zugarramurdira guziak
elkharrekin, gure arthalden bilha...; baina, nihork
ez dezala deusik aipha?... Ah! zer irriak egin
behar ditugun!!! Uste ziteyan naski Zugarramurdiarrek, aski zela Sarako arthalden ebastea, gero
yabe izateko?... Ageriko duk fraidek, artzainek
eta bertze zenbaitek ere, zer itxura izanen
duten, bihar goizean, soka banetarik dilindan
ezarri ditugunean!...
»Adi zak oraino hau, Mattin; herritar guzieri
mintzatu haizenean ixil-ixila, habil berehala
Zugarramurdiko fraiden komentura eta emok
hunako eskutitz hau, eskutik-eskura, fraiden aita
edo yeneralari, aditu nauk ongi Mattin? Beraz,
habil!»
«Yaun hauz’apheza hola mintzatu eta ixildu
zenean, Mattin, baziohak, bere gaphelua
eskuan, bertze ganbararat, eta han ikhusten
ditik, berak yar-arazi zituen alkhian, gure bi yaun
Zugarramurdiarrak, eta, ahantzi izan balu bezala errateko yaun hauz’aphezari, bi yaun hek han
kausitzen zirela, itzultzen duk yaun Erremundegibehereren alderat eta erraten ziok boz erdi
aphal batekin: “O, yauna, badu yadanik aphur

bat Zugarramurdiko yaun alkhatea, bere lagun
batekin, zure ikhustera ethorriak direla; hementxe dire, alkhi baten gainean yarriak!”
»Zer! dio Erremundegibeherek, zer! Bazukek
yaun hoyek hor diren yadanik aphur huntan, eta
ez darotak deusik erran, Mattin?»
»Denbora berean, yaun hauz’apheza bere
axudantarekin bazohak Zugarramurdiarretarat,
eta sar-arazten ditik konxeiluko salan, Mattin
bere aldetik dohalarik izan dituen manuen bethetzerat.
»Erran gabe zohak, Pello, gure bi yaun
hauz’aphezek, beren bi lagunekin, elkharri agur
erran ondoan, ez zutela denbora handirik galdu
lehenago aiphatu ditugun oilo, ahate eta antzaren ikhustera guateko.
»Herriko liburuek erraten ditek ere: bi Saratarrek hegastin hoyen hegal eta izter osoak irexi
zituztela deskanxurik ederrenean, bi Zugarramurdiarrek doi-doia hegal punta bat edo bia
bakotxak xurgatzen zituztelarik. Gero, erranez,
batek emaztea eri zuela, bertzeak haur bat kokolotxarekin, hartu ziteyan biek Zugarramurdiko
bidea, debruek ereman balituzte bezala.

»Nahiz badiren lekho bat eta erdi bedere
herri batetik bertzerat, ez ziteyan eman xoil oren
bat bide horren egiteko, eta sinhesten ahal duk
heyen lehen lana, herrirat heltzean, izan zela, ez
beren etxetara bainan ba fraiden komentura
guatea. Yaun hauz’aphezak erran dioenean zer
irrisku izigarrian kausitzen den Zugarramurdiko
herria, zorigaitzezko arthalde hura dela medio,
fraiden aitak biltzen ditik bere azpiko guziak
komentuko kaperarat, eta han yartzen dituk
denak othoitzean, noiz eta ere ikharagarriko
martilu kolpe bat yotzen baitute komentuko
athean...
»Mattin zuan han, yaun Erremundegibeheren
letrarekin... Fraiden aitak berak, lasterka ethorririk, hartzen dik letra hori Mattinen eskuetarik,
eta irakurtzen dik artha handi batekin... Gero,
erraten ziok Mattini:
»—Habil berehala hire nagusi handi yaun
hauz’aphezaren ganat... Habil!... laster egik!...
eta errok, nere partez, egun berean, iguzkia
sartu den baino lehenago, haren berrehun ardiak
bertze berrehunekin eremanak izanen direla,
gure artzainez, Sarako mugaz bertze alderat.

»Orduan Mattin lotzen duk lasterka bideari,
eta hax-hantua, heldu denean Sarako mugarat,
han kausitzen ditik, yadanik ethorriak, yaun
Erremundegibehere eta Lahetxipi, zeinek yo baitzuten harat dudarik ez zutelakotz komentuko
fraiden borondate onaz.
»Mattinek egiten ziok yaun hauz’aphezari
fraiden aitaren mandatua hitzez-hitz, eta aphur
baten buruan, hor heldu dituk fraiden lau
artzain, ekhartzen dituztelarik aitzinean lau ehun
ardi Sarako eremuetarat, barkamendu galdetzen
dutelarik nagusi fraiden izenean.
»Murde Erremundegibeherek, hartzen ditik
hantxe, berrehun ardiren ordean, hiru ehun ardi,
laugarren ehuna uzten duelarik yeneroski yaun
Lahetxipi axudantarentzat eta konxeiluko bertze
menbroentzat.
»Ikhusten duk beraz, Pello, egia niola erranez
orai bezala lehenago ere gizon abil eta yakinxunak ez direla eskas izan Sarako gure herri maitean.»
Piarresek hitztorio hau akhabatu zuen heltzen ginelarik gure ahaiden artera, zeinak gure
begira baitzauden mahainean yartzeko.

Hau da, irakurtzaile maitea, Piarres Adame
gure adiskide zaharraren haurreko hitztorioen,
erran nahi baita, lehen partearen akhabantza.
(Denbora laburrik barnean, berriz hasteko
xedea dugu mintzatzen Piarres Adameren gaztetasuneko, bai eta ere zahartasuneko hitztorio
zenbaitez.)
J. B. E. SARATARRA