Olerkiak

Salvat Monho

POÈMES BASQUES

Première partie:

PIÈCES FUGITIVES

CHANSON BACHIQUE
Bakusek ez du trionpharik ez aldarrerik nahi
Gauza bat baizen ez dio manatzen gizonari
Garboski edan dezala urik gabe arnoa
Nahi badu bere ganik urrundu herioa.
Bizia laburzen bada tristezian egonez
Alegera gaiten bethi kolpe onak edanez
Biziaren luzatzeko bide seguragorik
Kausitzen ez denaz geroz dugun edan gogotik.
Sail on bati lothuz geroz ez bara biderditan
Pitxerrak hutsak badire bethe bitez berritan.
Gogotik gal arteraino gure nahigabeak
Eta goibeltzen gaituzten orhoitzapen tristeak.
Dugun edan berriz ere; bethi dut aditzea
Bien ondotik on dela hirurgarren kolpea
Oraino triste badire gure bihotz barrenak
Alegeratuko ditu menturaz laugarrenak.

ERROMAKO GORTETIK
(Beltzuntzeren koplen airean)

Erromako gortetik,
Aita Saindua ganik,
Jin dire berriak
Pontifo berrientzat,
Apez zin egilentzat,
Bihotz hautsgarriak
Eta latzgarriak.
Jesu-Kristoren partez
Eta haren podorez
Gauzak pisaturik,
Elizak ditu kentzen
Eta arras berexten
Bere gorputzetik,
Eskumikaturik.

Zenbait profeta berri
Elizan aintzindari
Nahi litezkenak
Ukaturik fedeaz,
Higanoten legeaz
Hautatu direnak
Dire atzemanak.
Aita Saindurik gabe
Apezpikurik ere
Ez izana gatik,
Elizaren fedean,
Errelisionean,
Ez da mudantzarik,
Dio Mentaberrik.
Ez da hori guzia.
Gure doktor berria
Deus ikasi gabetan
Ez da deusez penetan:
Baderasa Elizan
Zinaren fagore
Gezurrez badere.

Jesu-Kristo noiz hil zen,
Tonban zenbat egon den,
Ez omen baitaki,
Haurrekin eskolara
Eta katiximara
Behar da ibili,
Jesusetik hasi.
Mentaberrik uste du
Jendea lilluratu
Bere gezur tzarrez,
Bainan bertzeak ere
Mintzatu gogo dire
Egia zaharrez,
Elizaren partez.
Ala gaixtakeriaz
Ala tontokeriaz
Mentaberrik daki,
Jesu-Kristoren hitzak,
Jainko baten agintzak,
Hain inpertinentki
Dituen irauli.

Jaun horren arabera
Aita Saindua bera
Bere kadiratik
Mintzo denean ere,
Ezin sinets daiteke,
Ez badu manurik
Erregeren ganik.
Parisko Biltzarrean
Ez Luisen gortean,
Ez da arrastatu
Deus ere halakorik.
Ez dakit Mentaberrik
Nondik duen sortu!
Berak erranen du.
Elizaren manuak
Beti Aita Sainduak
Ditu hel-arazten
Apezpikuenganat,
Hauk erretoretarat
Dituzte igortzen
Publika detzaten.

Jaunak beira gaitzala,
Angleterra bezala
Xisma bat eginik,
Errege aintzindari
Emanez Elizari,
Errebelatzetik
Zeruko bidetik.
Ez du nazioneak,
Ez du gure printzeak
Hori pretenitu.
Lutheren liburutik
Du naski Mentaberrik
Hori ateratu:
hala iduri du.
Balio balu pena
Bertze zenbait koplena,
Fite molda laizke.
Bainan aski dela zaut.
Ihardesten baderaut,
Bardotzen naiteke:
Monho deitzen naute.

MENTABARRIREN
POSESIONETAN
SARTZEAREN OKASIONEAN
(Autor berak eman dituen koplak aire berean)

Gure Eliza hartu
Eta handik kasatu
Gaitu Mentaberrik,
Etsaiek zitadela
Hartzen duten bezala,
Tropak ezarririk
Alde orotarik.
Dela xismatikoa,
Dela heretikoa
Dakigun bezala
Zin egin balin badu,
Sanadon apezpiku
Izanen duela
Ez du deus inporta.

Basa-apezpikuak
Apez arnegatuak
Ditu aprobatzen,
Nahiz ez den hetan
Ez hekin einduretan
Deus ere ikusten
Biziorik baizen.
Otoitzeko etxea
Ohoinen gerizea
Orai da bilatu.
Pontifo legezkoak,
Artzain egiazkoak,
Dituzte exatu,
Ardiak hastandu.
Satanek asmatua,
Hartaz gobernatua
Den eliza hori
Ez da katolikoa,
Ez da Erromanoa:
Ez du horrek Petiri
Izan aintzindari.

Eliza modakoa
Ez da lehenekoa,
Iduria gatik.
Itxura berak dire,
Zeremoniak ere;
Bainan ez apezik
Boterez jauntzirik.
Hekin indar eskasak
Beti bekatorosak
Tu hobendun uzten.
Konfesaturik ere
Ez dituzte batere
Arimak garbitzen,
Bainan bai tronpatzen.

BARDOTZEN GLUB
(Airea: De tout un peu)

Bardotzen glub!
Bakearen gostuz badere
Bardozen glub
Egin nahi dute batzuk!
Zer ari diren balakite,
Egin nahi ote lukete
Bardotzen glub?
Glub Bardotzen!
Mentaberrik dauku asmatu
Glub Bardotzen:
Uste dut burutik joan den!
Ez dire perlak xerrientzat,
Ez konfiturak astoentzat,
Preparatzen!

Glub hortarik
Nor nahi du presentatu
Glub hortarik
Jende galantez bertzerik?
Zer jendeki tu horrek bildu?
Nori nahi zaio aspertu
Glub hortari?
Herri huntan
Balin bada gizon galantik
Herri huntan
Ez ahal dire glub hortan!
Hor sartu direnek segurik
Ez dute halako famarik
Herri huntan.
Listan dire
Gazarran, Arbinoritz, Petti.
Listan dire
Haristoi eta Rospide.
Baratzart, Harozetxe, Mendi
Doienart eta Xartrus hori
Listan dire.

Baltsan dire
Mahorat, eta Azkondregi
Baltsan dire
Bidart eta Etxepare.
Uhalde eta Larramendi,
Tisoren semea gidari,
Baltsan dire.
Oraikotik
Konstituzione berriak
Oraikotik
Baitu adixkide onik!
Haren etsai diren guziak
Garraituko ditu Frantziak
Oraikotik.
Balin balitz
Holako bolontier ungixko
Balin balitz
Zenbait mila Arbinoritz,
Eremutarat igortzeko
Etsaier buru egiteko
Balin balitz!

Kokardekin
Harozetxe eta Gazarran
Kokardekin
(Ez otoi irririk egin!)
Agertzen badire frunteran
Bere musketak soin-gainetan
Kokardekin!

DISTRIKERAT
(Airea: De tout un peu)

Distrikerat!
Lehen gizonak joan badire
Distrikerat
Apezen akusatzerat,
Zenbait dontzeila izan ere
Bardotzetik joan omen dire
Distrikerat.
Apaindurik
Sartu omen dire Baionan
Apaindurik,
Zaia zikinak kendurik!
Xingolak aintzin-gibeletan
Mantelinak galtzar-azpitan,
Apaindurik.

Grazioski
Kurrak eginik dire sartu
Grazioski
Abokatarekin jarri.
Gaxina lehenik mintzatu
Eta Juana-ttipik lagundu
Grazioski.
Xarmatu du
Jaun haur hirurgarren lagunak
Xarmatu du
Eta guzia beretu.
Janeton Haristoy lerdenak
Harozetxeko haur gaztenak
Xarmatu du.
Abokatak
Ihardetsi omen diote
Abokatak
Dohazela distrikerat
Burutan joan behar zirete
Eta lagunduko zituzte
Abokatak.

Distriketik
Artxerik ezin izan dute
Distriketik
Bainan oraino hargatik
apezak sofritzen baituzte,
Kargudunak heziko tuzte
Distriketik!
Artxerekin
Jin izan bazina, Gaxina,
Artxerekin
Edo soldadu tropekin,
Egina zen zure fortuna
Bai eta zure lagunena,
Artxerekin.

ESKANDALA
(Aire huntan: Atzar gaiten, atzar lotarik...)

1
Eskandala izigarri
Dugu Bardotzen ikusi;
Mentaberrik dauku herria
Partitu eta nahasi.
(Berriz hastetik)
2
Orai artean Bardoztarrek
Lege bat zuten segitzen.
Baian orai Jainkotiarrek
Bertzela dute pentsatzen.
Eskandala izigarri...

3
Mentaberrik irakaste du
Jesu-Kristok ez bezala
Apezpiku ez Aita Saindu
Beharrik ez ginukela.
Eskandala izigarri...
4
Elizaren gobernatzeko
Aski dela Mentaberri,
Ergel batzuek erraiteko
Ez da bada harrigarri?
Eskandala izigarri...
5
Nork eman daie sinestea
Aski dela salbatzeko
Heren-ordenan izaitea
Mentaberri aintzineko.
Eskandala izigarri...

6
Graziote, oi Graziote,
Bardozko andre serora,
Errotu zarela diote
Alde bateko aldera.
Eskandala izigarria
Saindutzat du Mentaberri,
Enganatu nahiz herria,
Andre serorak ezarri!
7
Oilanda oilaskotaraino
Doha debozionea.
Hegaztin hauk elizaraino
Ikasten dute bidea.
Eskandala izigarria
Oilandak elizan kantuz;
Oilasko gazten boz berria
Harmairutik kukurukuz.

8
Jo duenean eguerdik
Dohaz serorategirat.
Altzo pean gerizaturik
Mentaberri jaunarentzat.
Eskandala izigarria
Mentaberriren zintzurrak
Xahutzen tu garbi-garbia
Bardozko etxe-bazterrak.
9
Ilar xehekin baltsaturik
Gaxinak ditu apaintzen
Eta mehenak saltsaturik
Aita semei zerbitzatzen.
Eskandala izigarria
Hegaztinez Tiso bizi
Zeinak ura eta ogia
Ez bailituzke merezi.

10
Donibaneko bidean
Tisoren orroitzapena:
Zubi tipi baten aldean
Gurutze bat emana.
Eskandala izigarria
Tisoren seme Jean hori
Aspaldi erretor nahia
Bardotzen dugu bikari.
11
Semeak aitaren omena
Ez du galtzerat utziko:
Ez Mentaberriren izena
Ez da behin ahantziko.
Eskandala izigarria
Elizan eman derauku,
Erretor on batez herria
Nahi baitzuen gabetu.

12
Zenbait emakume hitzuntzki
Iñorant urgullutsuak
Ditu lehenik irabazi
Itsu-gidari itsuak.
Eskandala izigarria
Gau et'egun hor dabiltza
Beretu beharrez herria
Maingu tropa bat tringilka.
13
Ez zaitut zu ez behar egin
Paxuko debot atea
Maingu tringil horien berdin:
Berex da zure partea.
Eskandala izigarria
Zalu zabiltza hor gaindi
Puntxoinztatzen lege berria
Jende handiz jende handi.

14
Haroxaren andre limatu
Heren ordenako serora,
Ala urrun baita hedatu
Merezia duzun fama!
Eskandala izigarria!
Debotak oihuz elizan
Artzain onak erran egia
Mentaberrik ito zezan.
15
Hortara ziren aintzinetik
Artoski preparatuak
Mentaberrik katiximatik
Goiz mezan gonbidaturi.
Eskandala izigarria!
Jaunaren hitzaren plazan
Errebolta garbi-garbia
Predikatzen du elizan.

16
Elizaren profanatzerat
Disposatzeko sainduki,
Goizetik komuniatzerat
Ditu igortzen debotki.
Eskandala izigarria!
Mahain saindutik lekora,
Han janik Sainduen ogia
Dohaz fedez aldatzera.
17
Damu zitzaien aditzea
aintzineko igandean
Garbiki higanot legea
Eman zela jenden artean.
Eskandala izigarria!
Tiso zuten predikari
Bardotzeko Luther berria,
Eta ez aditu nahi!

18
Xikiro gizenen joaileak
Ez balitu kondenatzen
Ebanjelioko legeak,
Hura predikatuko zen.
Eskandala izigarria!
Xikiro ebaslen plazan
Glub berriko ez den guzia
Kondenatzen da elizan.
19
Hori da hori dolorea!
Banda hortako presunak
Ezagutuak izaitea
Diren bezain hobendunak.
Eskandala izigarria!
Heren ordenak Bardotzen
Elizaren fede garbia
Hasi dauku ganbiatzen.

20
Ministro zaharren doktrinaz
Ez baitziren hau gustatzen,
Mentaberriren katiximaz
Dire gozoki bazkatzen.
Eskandala izigarria!
Katixima ahantzirik
Glubeko doktrina berria
Ikasi du Mentaberrik.
21
Nork erran dio ausart horri
Erretor apezpikuak
Bizi zirela alfer gorri
Krimetan pulunpatuak?
Eskandala izigarria!
Aditzea kadiratik
Kalomnia hain latzgarria
Mentaberriren ahotik!

22
Hainitzak gordeak daudela,
Bertze batzu joan ihesi...
Bai zeren zin-egilen gerla
Ez baitezakete sofri!
Eskandala izigarria!
Zer nahi du Mentaberrik
Sasiatu bere egarria
Hekin odola edanik?
23
Zointan xaxpi liburutarik
Lunetekin, zuk, Paxkosa,
ikusi duzu Tisok baizik
ez dezakela konfesa?
Eskandala izigarria!
Azkenaz goiti Paxkosak
Ikasirik lege berria
Jujatzen ditu apezak!

24
Izenda netzake guziak
Zein bere tituluekin.
Ordean lista hain handiak
Ez lezake plazer egin.
Eskandala izigarria!
Eman dituzte Bardotzen
Tiso baten gezur larriak
Gozoki tuzte iresten.
25
Erretora bere ahotik
Nahi zuten galarazi.
Bainan hark egiaz bertzerik
Ez diote irakatsi.
Eskandala izigarria!
Justizian Mentaberrik
Eman du artzain onegia
Faltsoki akusaturik.

26
Lekukotzat ditu hautatu
Gezurtirik debotenak,
Bainan hauk ez zuzen kondatu
Irakatsi zaizkotenak.
Eskandala izigarria!
Baionan eman dutena,
Mentaberriren errabia,
Argitan eman duena!
27
Arrosarioak eskuan
Zauden aldiaren beira.
Nork erran zuken hauk golkoan
Gaixtakeria zutela?
Eskandala izigarria!
Baionan eman dutena,
Bardozko eliza berria
Laidoz estali duena!

28
Gizon galantik ere bazen
Lekukotzat igorririk.
Ez naiz batere estonatzen
Dakizkidanak jakinik.
Eskandala izigarria!
Erran behar dut nor diren,
Has dadin Bardozko herria
Jenden ongi ezagutzen.
29
Ezin helduz galeretarat
Aita bidean hil bazen,
Doienart gaztea, zu harat
Uste dut, helduko zaren.
Eskandala izigarriak
Eman ditutzu orotan
Kurritu ditutzun herriak
Mintzo dire paperetan.

30
Ez zaitut ez ahantzi behar;
Orai da zure aldia.
Okil beltz edo Etxezahar
Xartrusetarik jalgia.
Eskandala izigarriak
Bordelen eman ditutzu
Jakin tugu zure berriak;
Kopletan erranen tugu.
31
Pozoindatzaileak direla
Bordelen xartus guziak
Orotan banatu duzula
Badire froga garbiak.
Eskandala izigarria
Bordelen eman duzuna,
Goxea eta egarria
Sofri-arazi dautzuna!

32
Kalomnia ez bada hori
Ahal daiteken beltzena!
Eman diozu Ordenari
Gizon hiltzailen omena.
Eskandala izigarria
Orotarat heldu dena,
Hainitz urtez presondegia
Gozarazi darotzuna!
33
Hunen ondotik mintzatzeko
Nor zen diñe justizian,
Erretor on baten galtzeko
Zenbait hitzen aitzakian?
Eskandala izigarria
Debotak dire altxatu,
Bardotzen eliza berria
Behar zutela fundatu!

SAN KASTETENEKO
ANDREGAIAK
FILIPINEKO OILARRARI
Oilar kruel, oilar bortitz
O oilar fanfarruna!!
Gure oiloak bi aldiz
Alargundu tuana,
Goregi kantatzen baduk
Ereman bitoria,
Promes dauat, galduko duk
Laster hize bizia!
Bakea egin deneko
Ez bahaiz eskolatzen,
Ez baituk hauzotako
Oilarrak menaiatzen,
Anglaterran hautaturik
Erakarriko diat,
Gostatzen dena gostarik
Oilar mendekari bat.

Hire kolpe itsusiak
Jakin zituztenean,
Herriko oilar guziak
Bildu behar zituan
Bere lagunen odolaz
Arrazoin galdatzeko
Hire bizi kriminelaz
Heien mendekatzeko.
Gure oilar defuntuen
kukuruku eztiak
Jaiki-arazten zituen
Bere mugan sehiak
Ez dire aski nigarrak
Oilar hain maiteentzat
Hek bezalako oilarrak
Ez ziren eltzekotzat.

MADAMA BELTZUNZERI
(Aire huntan: Amodiorik
baduzula ez ziautazu iduri)
Eskal herrien edergailu
Parisetik etorria,
Zer inkontru gaixtoz daukuzu
Doluan utzi herria?
Zer bihotz-min!
Zu Ernanin!
Mineta oroz onetsia,
Jin zite zure herrirat
guzien kontsolatzerat!
Ernani zuk ihesleku
Behar ginuen ikusi!
Nork behar zintuen bidaldu
Zure herritik ihesi?
Ah! kokinak!
Gaixtaginak!
Ez dezakegu paira hori
Bihur-guzue bakea
Eta Mineta maitea!

Azor, beti zure aldean
Dago Mineta jarria
Eta guk beti bihotzean
Zure min hiragarria.
Ez dezake
Deusek ere
Zuk utzi duzun hutsa bete
Azor bezala gu ere
Minetari fidel gare.
Meharinen, Azor, ihausi
Egin beharko duk laster
Adioen eiten has hadi
Espainiako bizkotxer.
Ah Oxala
Hik bezala
Mineta zain ahal baneza
Ez litzaiokek itsusi
Hire koplatzaileari!

Bertsutan zure aipatzera
Monho bada atrebitu
Emiliak duke hortara
Hertsiki errekeritu
Hoben hori
Biek zuri
Nahi ginautzuke aitortu
Mineta maiz berriturik
Ahalik hurbilenetik.

URRUÑAKO JAUN ERRETORARI
Urruñako populuak Murde Urtubiari
Esker onak zor diotza zeren Murde Teillari
Sentesko eremutarik Urruñako herrirat
Erakarri izan duen haren gobernatzerat.
Urruñako habitantak aspaldiko urtetan
ilunbean bizi ziren, bainan hekin onetan.
Zeruak eman diote gidaritzat Teillari
Noizbait idek diotzoten begiak argiari.
Zer nahi gosta dakion Teillariren zeloak
Beti gudukatuko tu gizonen bizioak.
Bere artalde maitean ez baitezake sofri
Kutsua gatik badere edozein ardi eri.
Populu batek maiteki gizonen orroitean
Beiratu tuen usantzak ikusten tuenean
Profeta berri batzuez zorrozki jujatuak,
Penarekin onesten tu hekin jujamenduak.

Zer gertatuko da beraz ohiko usantzari
Teillarik nahi badio mutiriki jazarri?
Populuaren higuintza du bereganatuko
Eta bere artaldetik ardiak hastanduko.
Familiako aita onak egin zuen bezala
Sofritu nahi ez badu bere landan iraka,
Hazi onaren fruitua on diteken artean
Bihi ona kenduko du irakekin batean.
Elizako ministroen armarik puxantenak
Etsenpluzko predikuak, gonbidu samurrenak.
Izan dire beti danik... Bai uliak eztirat
Lasterrago biltzen dire ezen-ez minagrerat.
Tiranoek gatiboak gatez eta burdinez
Kargatzen ohi dituzte, arren hekin ordenez
Trufaturik ez daitezen bere gisa goberna!
Bainan Elizak uzten du libertatean gizona.
Sobra edo gutiegi gauza guzietarik
Beti kaltekor izan da eta egundainotik
Biziotik bertuteak berexi dituena
Ezagutua izan da ardirik justuena.

Zeloak ez balinbadu laguntzat prudentzia,
Karitate kartsu batek gidari zuhurtzia,
Uste dugunean egin ongi baino hobeki,
Askotan gertatuko da eiten baitugu gaizki.
Barkatu, Murde Teillari, baldin zure izena
Kopletan aipatu badut; ni hortara nauena
Ez da, seguratzen zaitut, nahikunde gaixtoa,
Bainan bai bide onerat zu erekartzekoa.
Omenak ekarri deraut hunaraino berria
Ongi damutua dela Urruñako herria.
Zu erretor einez geroz, oi hau berri tristea!
Arras galdu duelakotz bere bake maitea.
Nihork ez omen dezake egin zure gogora
Ez deus aski omen duzu joaiteko hauzitara.
Dixidatzen omen tutzu gazte eta zaharrak
Eta beldurrez hastantzen lausengatu beharrak.
Erraiten diren guziak neke zait sinestea
Zorrozki hala direla; bainan ene ustea
Zenbait huts egin baduzu, lehia handirekin
Zin-zinez nahi tutzula hek guziak desegin!

Karitate argitu bat emanez zeloari
Haren moderatzailetzat eta haren gidari
Erakarriko ditutzu ardiak korxilarat
Arimak hel-araziko zeruko loriarat.

AZKAINGO MENETEI
(Airea: Ah! vous dirai-je, maman)
Hirur gizon sakratu
Ahal tuzte koplatu
Zenbait meneta ausartek
Edo debot hipokritek,
Uztailaren bieko
Birjina ararteko.
Zenbat mende ote du
Gezurraren sor-leku
Azkain dela famatua,
Xinaraino aipatua?
Hau gezur-harrobia!
Beti da idekia.
Azkaingo hazkurria
Zein den miragarria!
Jaio deneko gezurrak
Einak ditu zain-hezurrak:
Sortu den egunean
Kurritzen du bidean.

Ez da beldur gau beltzen
Ez goizeko ihintzen.
Egunaz arto-jorretan,
Gabaz meneten dorretan,
Dabilala ausartki,
Mundu guziak daki.
Azkaingo iturriak,
Hango batel guziak
Eragintza saindu hortaz
Egun hautan gaindiz doaz:
Ez da nihon xokorik
Mukurru ez doanik.
Ordu bada has gaiten
Bertsuez ihardesten.
Noiztik hunat, koplariak,
Zarete hain miretsiak
Zeren artzain prestua
Agertzen den justua!

Dotzena bat urte du
Monho zutela deitu
Bikari Uztaritzera
Herri hain ohorezkora,
Hangotz gai aurkiturik,
Ez Azkaindik kendurik!
Orai ere non nahi
Monhoren omenari
Azkaindarren gezur tzarrek
Ez hango andren biltzarrek
Ez diote garabik
Egin bidegaberik!
Sobera dakiela
Ederki mintzo dela!
Zeren berek ez dakiten
Askotan zer derasaten,
Diote iratxaki
Eta pleintan ezarri.

Iragan abendoko
Bai eta lehenago
Erakutsi zuen plana
Inposaren arrolena
Egina buruilean
Parisko Biltzarrean.
Ez liteke itsusi,
Baldin Monho gidari
Hartu balute Parisen
Eta hark hemen asmatzen
Lituzkeien ordenak
Balire han emanak!
Ez ahal da gizonik
Sinetsiko tubenik
Landak eta supazterrrak
Betetzen tuzten gezurrak
Azkain nahiz argitu
Monho zaio mintzatu.

Zorigaitz herri huni
Zeren aintzin-gidari
Itsu-gidari itsuak
Izan diren hautatuak:
Ideki da leizea,
Segur du han sartzea.
Izanen da eguna
Aitortuko dutena
Sinetsi balute Monho
Ez zaiela gertatuko
Ontasunen galtzea
Ez gosetez hiltzea.
Gizon zuhurrak ere
Herri huntan badire.
Batzuen tontokeriaz
Eta bertzen ausartziaz
Arras ahalkatuak
Eta estonatuak.

Nola bada diote,
«Xuxen joan nahi dute,
Bide makurretan baizen
Egundainotik ibiltzen
Jakin ez duen hori
Duteino aintzindari?
Barkatu, Azkaindarrak!
Berex bitez akerrak
Ardi amultsu hetarik.
Ez den otoi ofentsarik,
Erran badut garbiki
Nork zer duen merezi.
Orai lege berriak
Egin dire guziak.
Hek ongi istudiatuz,
Hei umilki obedituz,
Bat bederak behar du
Bere ona bilatu.

Jaunak eman legea,
Elizaren fedea
Beti salbo direlarik
Ez da batere dudarik,
Guziek behar dugu
Errege obeditu.
Zeru-lurren Jabeak
Ezarri tu printzeak
Populuen aintzindari,
Nazionen buruzagi.
Hargatik behar dugu
Errege obeditu.

GARAT GAZTENAREN
ETA ITHURBIDENTZAT
Garat eta Ithurbide bozak errepikatuz
Eskaldun leial guziek kopletan izendatuz
Merezi duten bezala beti lauda zatzue
Bati eta bertzeari eskerrak emotzue.
Eskaldunen omen ona hek dute hel-arazi
Erregeren tronuraino bai eta ardietsi
Estatu jeneraletan Eskaldunen auhenak,
Eskaldun beren ahotik izan diten entzunak.
Erregeren ordenetan ez ziren aipatuak
Eskaldun leial batzuen herri ohoratuak.
Bainan laster Ithurbide hortaz baitzen ohartu,
Lapurtarrak berehala zituen kontseilatu.
Baionako Senexalak eman ordenantzari
Protestazione batez zitzaion ihardetsi.
Eskaldunen arrazoinak Garatek presentatu
Eta Erregek guziak onak ditu kausitu.

Gauzak hain ongi hasiak ongi akabatzeko,
Garat eta Ithurbide behartu aintzineko:
Eman bekizkiote beraz zor zaizten ohoreak,
Hek izan direnaz geroz Eskaldunen loreak.
Garat eta Ithurbide parti bitez gorterat
Eskualdun guzien partez Luisi erraiterat
Gure nahiaren pare balitz gure ahala,
Laster bere deskantsuaz goza litekeiela.
Haren eta gure penak errotzue humilki,
Iturburu beretarik datorzela segurki.
Merezi ez duenari fidantzia emanez
Garela aflisituak dolorerik minenez.
Estatua eri dela banatu du berria;
Bainan ezagutuz geroz gaitzaren iturria,
Askiko da duda gabe, haren sendarazteko,
Zenbait menbro pikatzea bertzen kontserbatzeko.
Erregek jakin behar du prest direla behintzat
Behar dituen guzian, bihotz onez harentzat,
Gure neke-izerdiak eta gure odola
Orai eta gero ere lehenetan bezala.

Mendi idorren oinetan ontzen ditugun lurrak
Bere ganik ez balire diren bezain agorrak,
Ez zen agertuko nihon eskaldunen parerik
parte on bat jasaiteko estatuko zorretik.
Ez dire beti beharrak emanez sokorritzen
Diruzko laguntzen orde gortearen argitzen
Ariko den erromesak askotan gehiago
Lagunduko du Errege aberatsenek baino.
Eskaldunen bihotzetan diren sentimenduak
beren printze onarentzat egin tuzten botuak
Zeruak entzun baletza, gure Erregek segurki,
Hainitz urtez erregina lezake dohatsuki.

IHARDESTEA
Koplari aprendiz batek gogoan pasatu badu
Bertsu hotz batzuen bidez Lapurdi gobernatu,
Sinets beza frogaturik enganioan zela,
Lapurtarren xoratzeko bertzerik behar dela.
Bordaletik etorri den hitz-egile handiak,
Ithurbideren alde mintzo ziren guziak,
Agertu den bezain sarri, ditu ixil-arazi:
Eta lengoaia berri bat diote irakatsi.
Uztarizko parketaren inguru gehienak,
Tabernako salak eta zokorik ilunenak
Errepikaz egon dire gabaz eta egunaz
Garatentzat egin diren botuen oiharzunaz.
Mundu handiaren bixtan mintzatzen ohitua,
Nihon parerik gabetzat haltoki laudatua
Ahaiderik hurbilenaz izan denaz geroztik,
Nor bera beiratuko da bertzela pentsatzetik.

Erresumako zein herrik eta zein probintziak
Igorriko tu gorterat gizon hain bereziak?
Estatu Jeneraletan herritarren zuzenak
Hauk baino kartsukiago beiratuko tuztenak.
Herritar kalitatea ez balitz ere aski
Jaun hauk gure intresetan sar-arazteko finki,
Esperantzatzeko dugu bertze maneraz ere:
Lapurtar gehienekin ahaide omen dire.
Lapurdin zer egiten du arbaso-etorkiak?
Beti noble izan dire Eskaldun haur guziak.
Ez dute jende handiek beraz zeren gorritu
Gaztelu-dunen askazi direlakotz aurkitu.
Idalgotan sartu gabe direla sinetsiak
Gure osebak direla edo gure kusiak,
Deputatu egin tugun Garat anaia biak
Ardiesten badituzte gure galde guziak.

GARATEK ERREGERI HILTZEKO
ARRASTA IRAKURTU ONDOAN
Zori gaixto egin zela hunelako hautua,
ala ni kausitzen bainaiz ongi urrikitua,
Mustro baten ohoretan bertsuak moldaturik
Eta Lapurtarren bozak harentzat galdaturik!

NAFAR GOXOAN
(Sur l'air: Dans cette étable, etc.)
Nafar goxoan
Trenpatuz bizkotxak
Hartu ondoan
Altxaturik bozak
Erragun bertsutan
Kurruxa plan, plan, plan
Gure xangrin guziak
Diren ehortziak
Nafar goxoan.
Zure grazian
Koplari berria
Egun guzian
Dut nafar xuria
Edaten desertan
Kurruxa plan, plan, plan
Ez daut onik egiten
Ez badut edaten
Zure grazian.

Plazer baduzu
Kafe pusagarri
Edanen dugu
Zahar edo berri
Zure ohoretan
Kurruxa plan, plan, plan
Saskot ezti hortarik
Beirattoa beterik,
Plazer baduzu!
Galduak gatik
Betiko deximak
Urrikaldurik
Gutaz jende onak
Olatak elizan
Kurruxa plan, plan, plan
Dire ofrendatuko,
Deximak betiko
Galduak gatik!

Ez dut aurkitzen
(Hau da bihotz-mina)
Nola deitzen den
Eskaraz xangrina.
Eskara garbia
Hurren ahantzia
Alferretan nabilla
Izen horren billa:
Ez dut aurkitzen.
Eskerrik asko
Diotzot eskaraz
Edari goxo
Egorri dautanaz
Apezen koplari
Herritar onari
Eskuz eta bihotzez
Ein tuen emaitzez
Eskerrik asko.

ORROITZAPENAK
Mundu hunen hastapenetik
Gure egunetaraino
Kain infamearen ganik
Ez da jautsi Pinet baino
Munstro itsusiagorik,
Robespierre eta Jourdan
Gizonen etsaiez landan
Ez Frantzian, ez Europan
Hain fama gaixtoagorik.
Robespierrek Pinet horri:
«Gu gaituk nausi Frantzian
Flakoenen espantagarri
Manatuz egun guzian
Zenbait heriotze berri
Jenderik aberatsenak
Utziz bere ontasunak,
Diru ezin eremanak,
Joanen dituk ihesi».

Presondegirik ilunenak
Izan dire hautatuak.
Handik lekora gillotinak
Ditu egotzi buruak
Milion inozentenak
Konplitu gabe arrola:
Oraino bortz ehun mila
Pikatu behar zirela
Eman ziren ordenak.
Eskasturik presondegiak
Hanbat jenderen sartzeko,
Elizak eta jauregiak,
Komentuak azkeneko
Bete zituen guziak
Haurrez eta emakumez,
Apez eta Birjinez,
Nahi zituen bitimez
Tiranoen errabiak.
Erran zuten haste-hastetik
Ez zutela utzi behar
Frantziako lurretan xutik
Zela gazte edo zahar

Batere aristokratik.
Itzal horren kontra gerlan
Kokin guziak armetan
Ziren bazter guzietan
Altxatu ordu danik.
Gazteluak zituzten sutan
Kutsu gaixtotik garbitu;
Hetako jendeak ezpatan
Aristokratzat pasatu,
Edo urkatu lanternan.
Azkenekotz gillotinak
Ez ezpatak ez lanternak
Ezin akabatuz lanak
Mitralla zen hautatu.
Bazter guzietan baziren
Robespierren lagunak
Azkenaz goiti Donibanen
Herritarrak, Eskaldunak
Harekin bat egin ziren,
Pineten esku-makillak,
Arrogatzaile abillak,
Orai aski haur umillak

Iduri duten arren.
Erran komuna den bezala
Ezpataz jotzen duena
Ezpataz perituko dela,
Berantegi hatzemana
Robespierre krudela
Gillotinan da finatu;
Ez ziteken hanbat damu,
Lagun hainitz izan balu
Akaba zadin gerla.
Azkeneko haize ezti bat
Sortu da Orientetik:
Hark untzia portu onerat
Ekarri dauku salborik.
Eigun penen ahanzterat.
Gure jelos den guzia,
Gora mintzatu nahia,
Zarpan emanik mihia
Badoake xokorat.
Alferretan tuzte eginen
Zokotan egin ahalak

Traidoreen hatzak Parisen
Kontsularen sentinelak
hasi ditu ezagutzen:
Ez bazuten ere uste,
Terroristei bere parte
Kario gostako zaizte
Maxina infernalak.
Bakea laster ein baladi,
Kanpoan tugun etsaiekin.
Barneko etsaien temari
Baginakike zer egin.
Damurik ez da zilegi
Gardatuz bardintasuna
Legetan den zaharrena
Berek egin daukutena
Bihurtuz bakotxari.
Ordu da egin dezon leku
Tristeziak gozoari:
Nigar karatsak baditugu
Aski luzaro ixuri.
Denbora da ganbiatu:
Terroristak kargutarik

Apartatuak jadanik
Begitarteak ilunik
Doluan dire sartu.
Orroit zaitezte, Lapurtarrak,
Zenbat duzuen sofritu
Baldin terroristei indarrak
Ez balitzaizkote kendu
Sekulan zuen nigarrak
Ez zirela xukatuko
Gauza horren frogatzeko
Ez dut urrun joan beharko,
Badaki bat bederak.

POETEN ERRENKURAK
APOLONEN KONTRA
Norentzat sor-arazten du Apolonek urrea,
Hain eskasa egitekotz bere haurren partea?
Parnaseko gobernuan ez da lege justurik.
Ez beraz mirets poetek ez badute dirurik.
Burraso bihotz gogorra, ez dugu konprenitzen
Holako diferentziak nola tutzun sofritzen.
Zu trionfan altxatua zaldirik ederrenez,
Eta zure haurrak beti errestatuak oinez.
Zu poxirik friantenez beti sasiatua,
Edari deliziosez bihotza goritua;
Zure haurrak ez ditutzu batere urrikari:
Gosea sofritzen dute, ura dute edari.
Mendiak beztitzen tutzu, bai sorroak belarrez,
Kanpañetako arbolak hanhat fruitu ederrez.
Nondik heldu da Poetak, zure haur onetsiak
Baitire sasoin guziez hain zirtzilki jauntziak?

Zure palaziorakotz ez duzu deus sobresten:
Egin ditutzun tresorez justu da goza ziten.
Bainan nola nahi duzu ez den errenkurarik
Zure haurrek ez badute jartzeko kadirarik?
Parnasean dabiltzanen sabelak eta moltsak
Airez hantzen ez badire, ardura dire hutsak.
Arbasoen noblezia eta poeten fama
Karga dire ez badute hirurgarren... fortuna!
Nork uzten tu bere haurrak miserian hiltzerat?
Aita on bat ager zaite zu zureen alderat.
Onerat ganbia zazu zure umen zortea,
Guzien aberasteko baduzu boterea.
Mundu guziak badaki zure haurren erdian
Asko bastart badirela sartuak familian
Bainan haur lesitimoak aberasteko xoilki
Bereziz basa-poetak askiko da deus guti.

Deuxième partie:

CANTIQUES

JAUNAREN OTOITZA

1. Pater qui es in caelis
Zeruan zure egoitza
Egiten duzun Jainkoa,
Egin daukuzu emaitza
Ezin estimatuzkoa:
Zure haurtzat gaitutzu
Garen guziak hartu
Eta irakatsi
Erran dezagula
Non nahi goraki
Aita zaitugula.

2. Sanctificetur nomen tuum
Sainduki erabilia
Biz beti zure izena,
Zeruko gorte guzia
Bozkariatzen duena.
Ez gaiten ez mentura
Banoki aipatzera
Hain izen saindua;
Aitzitik umilki
Den adoratua
Orai eta beti.
3. Adveniam regnum tuum
Satan, gure bihotzetan
Ez duk hiretzat lekurik:
Jaunak leku guzietan
Erreginatu behar dik.
Egizu otoi, Jauna,
zeruko erresuma
Ardiets dezagun
Eternitatean
Eta gau eta egun
Dugun bihotzean.

4. Fiat voluntas tua
Dohatsuek zeruetan
Egiten duten bezala
Desterruzko leku huntan
Bakotxak egin dezala
Zure borondatea.
Zeru-lurren jabea
Zarenaz geroztik
Zer da justuago,
Jauna, zure bozik
Obeditzea baino?
5. Panem nostrum
Jaunak manatuz geroztik
Lurrari ekar dezala,
Ez da baratu sortzetik
Gizonarentzat bezala
Oihanetako bestien,
Aireko hegastinen,
Aireko hegastinen,
Hazkurri berria.
Jauna, entzun gaitzazu:
Egungo ogia
Egun emaguzu.

6. Dimitte nobis debita nostra
Jauna, beti zure alderat
Zorduru izanen gare;
Bainan guri barkatzerat
Beti ekarria zare,
Guk gure lagunari,
Zerbait zor daukunari
Eiten badugu
Miserikordia.
Barkatzen diogu;
Eiguzu grazia.
7. Et ne nos inducas
Kanpotik eta barnetik
Gare maiz atakatuak,
Ardura ongi eitetik
Zerbaitez gibelatuak.
Zato gure sokorri!
Ez otoi, Jauna, sofri
Ofentsa zaitzagun
Tentazionetan.
Zaude gau eta egun
Gure inguruan.

8. Sed libera nos a malo
Egizu, Jauna, hobenak
Ez detzan sekulan lohi
Ez arimak ez gorputzak;
Aitzitik bekatuari
Darraizkon penetarik,
Gaitz, arriskuetarik,
Otoizten zaitugu
Ein gaitzazu libro;
alde jar zaizkigu
Gure salbatzeko.

ABE MARIA
(Airea: Lauda zagun misterio handia)
Agur, Jainko Aitaren haur urusa,
Izpiritu Sainduaren esposa,
Seme Jainkoaren egiazko ama
Beti zarelarik, Maria, Birjina,
Maria, Birjina.
Bete zaitu Jaunak bere graziaz
Zurekin da izaitez, zuhurtziaz
Emazten artean benedikatua
Zare, eta Jesus zuk eman fruitua,
Zuk eman fruitua.
Zuk, Maria, Jaungoikoaren ama,
Emaztetan izan den garbiena,
Otoitzak egitzu gure fagoretan
Orai eta gure azken orenetan,
Azken orenetan.

APOSTOLUEN SINBOLA
EDO KREDOA
(Airea: Il faut attendre avec patience)
Sinisten dut Jainko Aita
Guziz boteretsuan:
Guzien egilea da.
Lurrean bai zeruan
Ikusten diren guziak
Berak ditu kreatu
Eta ezin ikusiak
Izaiteaz dohatu. (bis)
Sinesten dut haren Seme
Jesu-Kristoren baitan:
Hura da bakarrik diñe
Jaunetan deit dezadan;
Birjinak du kontzebitu
Jaunaren gantzutua,
Obra hortan seinalatu
Izpiritu Saindua. (bis)

Beti birjina zelarik,
Maria zen amatu,
Eta haren sabeletik
Salbatzailea sortu
Pilatusen manuari
Zioen obeditu
Eta hanbat sofrikari
Hain umilki pairatu. (bis)
Hil izan da gurutzean
Faltadun ez zelarik
Bi gaizkiginen artean
Gure hobenen gatik.
Nota gabeko bildotsa
Zenean imolatu
Ostia eta apeza
Jesus bera zen batu. (bis)
Bitima inozent hori
Guretzat hil zenean,
Gorputza zuten ehortzi
Hobi berri batean.
Hunen arima garbia
Jautsi zen linbotarat
Berri kontsolagarria
Justuei emaiterat. (bis)

Hirurgarren egunean
Altxatu zen pizturik
markatu zuen epean
Bera hillen artetik;
Herioa du garraitu
Bere heriotzeaz
Guri bizia agindu
Guri, bere bizteaz. (bis)
Berrogoi egun lurrean
Elizaren finkatzen
Iragan zituenean,
Zerurat altxatu zen.
Apostolu, dizipulu
Hainitzen aitzinean
Eta gloriaz plazatu
Aitaren eskunean. (bis)
Han egonen da jarria
Mendeen fineraino,
Egun guziz lazgarria
Etorri arteraino.
Bainan handik egun batez
Jautsiko da lurrerat
Beztitua majestatez
Guzien jujatzerat. (bis)

Fede beraz dut sinesten
Izpiritu Sainduan
Hunen biziaz bizitzen
Ez direnak munduan
Bizirik hillak direla
Erran ahal daiteke:
Heriotze eternala
Jasan beharko dute. (bis)
Eliza katolikoan
Dut bakarrik sinesten.
Eliza hartaz kanpoan
Ez da nihor salbatzen:
Apostoluen gainean
Zuen Kristok fundatu
Eta hek hil direnean
Ez da deus ganbiatu. (bis)
Elizaren buruzagi
Ikusten ez dugunak
Ordenaturik zuhurki
Nola egin ordainak,
Hiltzen diren eredura
haren bikarioak,
Agertzen dire mundura
Artzain egiazkoak. (bis)

Elizaren zimenduak
Guziz sainduak dire,
Izan arren baltsatuak
Edozein bekatore.
orotarat da hedatzen
Egiazko eliza,
Eta beti du iraunen:
Ez daiteke geriza. (bis)
Sainduekin progotxoski
Dugu komunikatzen:
Bere onez dohatsuki
Gaituzte aberasten.
Partitzen ditu gurekin
Haukien karitateak
Bere otoitz, ongi-egin,
Graziak, fagoreak. (bis)
Sinesten dut bekatuen
Erremisionean:
Jaunak utzi baitzituen
Zerurat igaitean
Betikotz bere elizan
Ministro hautatuak
Eta hekin eskuetan
Bere Sakramenduak. (bis)

Sinesten dut azkenean
Gorputz hilkor guziak
Tronpetak jo duenean
Errautsetik biziak
Altxatu behar zaizkola
Jaunari aitzinerat
Merezi duten bezala
Sententzia hartzerat. (bis)
Biztuko da haragia
Sekulan ez hiltzeko;
Betiereko bizia
Orduan da hasiko,
Edo beti ifernuan
Tormenten pairatzeko,
Edo beti deskantsuan
Zeruaz gozatzeko. (bis)

USAIAKO AKTAK
(Airea: De tout un peu)

1. Fedezko Akta
Sinesten dut
Elizak dagozkan egiak
Sinesten dut
Hala direla guziak.
Neronek ikusirik baino
Hark erranik segurkiago
Sinesten dut.
2. Esperantzazko Akta
Jauna baitan
Eman dut ene fidantzia
Jauna baitan,
Haren miserikordian.
Ediren uste dut bizia
Eta salbatzeko grazia
Jauna baitan.

3. Amodiozko Akta
Bihotzetik
Maitatu nahi zaitut, Jauna,
Bihotzetik
Gauza guzien gainetik,
Zeren baitzare guziz ona;
Maite dut halaber laguna
Bihotzetik.
4. Kontrizionezko Akta
Urriki dut
Egin dudan gaixtakeriaz
urriki dut
Hobendun naizen guziaz.
Bihurdazu, Jauna, bizia
Egidazu otoi grazia.
Urriki dut.
5. Adorazionezko Akta
Zu bakarrik
Ene jabe soberanotzat
Zu bakarrik
Guzien kreatzailetzat
Nahi zaitut nik ezagutu,

Jauna, egiaz adoratu
Zu bakarrik.
6. Umilitatezko Akta
Ni ez-deusa,
Izaite soberanoari,
Ni ez-deusa,
Nola naiteke atrebi
Ene omaien bihurtzera,
Haren tronura beiratzera,
Ni ez deusa?
7. Esker onezko Akta
Zuri Jauna,
Bihurtzen dauzkitzut eskerrak,
Zuri Jauna,
Zeren zuk ene beharrak
Ditutzun beti sokorritu.
Esker guziak zor zaizkitzu,
Zuri, Jauna.
8. Ofrimenduzko Akta
Ez arbuia
Jauna, ene bihotz agorra,

Ez arbuia
Ene ein ahal apurra.
Desiratzen dudan ongia
Zuretzat nahi dut guzia:
Ez arbuia!
9. Galdezko Akta
Otoi, Jauna,
Ene hitz, obra, lan guziak,
Otoi, Jauna,
Plazerrak, sofrikariak
Diren ene salbamenduko
Eta zu glorifikatzeko,
Otoi, Jauna!

JUSTUAREN
FIDANTZIA UMILLA
(Airea: Joan zaut loa, joan zaut jana)

Berant zaitut ezagutu,
O Jesus dibinoa.
Berantegi dut senditu
Zure amodioa;
Zure karitateari
Berant diot ihardetsi.
Hau da ondikoa!
Denbora iraganetan
Egin tudan gaizkiak
Munduan gertatu zaiztan
Huts eta flakeziak,
Jesus, zuk odolean
Garbitu ditutzunean
Borratzen tu graziak.

Zure ontasun handian
Dut ene fidantzia,
Zure miserikordian
Esperantza guzia,
Ardietsiko dudala,
Giristino on bezala,
Goihentzeko grazia.
Egunetik egunerat
Terminoa luzatuz
Ene azken orenerat
Aski laster ez helduz
Da ene kexagunea
Zuganat, Jesus maitea,
Berantegi hurbilduz.
Bozik noa partitzerat
Mundu triste huntarik
Jesuskin juntatzerat
Noala pentsaturik.
Ez dut haren ikusteaz,
Harekin bat egiteaz
Bertze gutiziarik.

Karitate kartsuenaz
Nauzu, Jesus, maitatu;
Amodio puruenaz
Nahi zaitut pagatu.
Lehenik hemen berean
Gero eternitatean
Otoi susta nazazu.
Bainan aski denaz geroz,
Jauna, zu ikustea,
Zorionez, bozkarioz,
Izaiteko betea,
Has zaite lehen bai lehen
Otoi eni erakusten
Zure begitartea.

JUSTUEN BOZKARIOA
(Airea: Dans cette étable)
Hain da eztia
Jaunaren legea,
Barne guzia
Uzten du betea
Esperantza onez
Kontsolazionez.
Ene gustu handia
Han dut ezarria,
Hain da eztia.
Inozentziak
Zeruko atsegin
Gozo guziak
Dekarzke berekin
Plazerren bilduma,
Zeruko erresuma,
Ditu hemen pintatzen
Eta gustarazten
Inozentziak.

Haur inozentak
Bereganat deitu
Zituen Jaunak
Eta deklaratu
Zeruan sartzeko
Hekin iduriko
Behar zela bihurtu
Eta imitatu
Haur inozentak.
Omore onak
Haur inozentetan
Ikusten denak
Emaiten du bixtan
Zenbat arraitasun,
Maitagarritasun
Diotzan iratxiki
Inozentziari
Omore onak.
Justuak beti
Kontent alegera
Dire ikusi

Prest obeditzera.
Aingeruen pare
Bertutez bertute
hegaldaka bezala
Kurritzen dutela
Justuak beti.
Bozkarioak
Bete tuenean
Gure gogoak
Bertuten bidean,
Ezartzen tu betan
Gure bihotzetan
Dohatsuen gozoa,
Barne barnekoa
Bozkarioak.
Gozorik gabe
Kurritzen denean
Beti herabe
Zeruko bidean,
Iduri dutela
Bortxaz doazela.
Bizian holakoak

Uzten tu Jainkoak
Gozorik gabe.
Tristeziari
Bihotza libratuz
Bertuteari
Zeiharka beiratuz
Hori da bixtatik
Zerua galdurik
Ibiltzea trunbilka
Libratuz bihotza
Tristeziari.
Gogo tristeak
Iluntzen baditu
Gure barneak,
Animatzen ditu
Allegerantziak,
Jaunaren graziak
Ezartzen tuenean
Omore onean
Gogo tristeak.
Salbatzaileak

Gizonen artean
Azken urteak
Eman tuenean,
Bere ontasunaz,
Begitarte onaz
Zituen gonbidatzen
Eta irabazten
Salbatzaileak.
Zeruan ere
Haren arraiziak
Ditu fin gabe
Dohatsu guziak
Gloriaz betetzen,
Plazerez gainditzen,
Jaunaren ontasunak,
Begitarte onak
Zeruan ere.
Munduak berak
Nahi tu ikusi
Bihotz minberak
Sofritzen arraiki;
Legeak konplitzen,

Bozik jarraikitzen
Sainduek irakatsi
Duten bide hari,
Munduak berak.

ZERURAKO HATS-GORAPENAK
(Pelegrinen airean)

Zeruan da ene herria:
Beher huntan
Biderant bat naiz etorria
Egun hautan.
Munduko distiadurak
Ez nau xoratzen;
Zorionaren itxurak
Ez-deus ditut kondatzen.
Orein hestuak egarriaz
Ur-bururat
Kurritzen ohi du lehiaz.
Ni zerurat
Lehia handiagoak
Beti narama,
Han gozoz baitu Jainkoak
Sasiatzen arima.

Egun bat zure atarian
Iragana
Bertze asko millen artean,
Ene jauna,
Hainitzez da hobeago;
Haren gozoak
Bozten tu hobekiago
Ene barren-gogoak.
Karitatearen ibaian
Amodioz
Zorionaren iturrian
Bozkarioz
Zeruan dire horditzen,
Halere beti
Direlarik sasiatzen
Beti dire egarri.
Miserikordiak egia
Han du batzen;
Eta bakeak justizia
Besarkatzen:
Egia lurretik sortu
Eta zerutik

Justizia da agertu
Bere harmak utzirik.
Nork emanen dauzkit hegalak
Airatzeko?
Lagunduko ene ahalak
Ilkitzeko,
Desterru triste huntarik
Lehen bai lehen
Has nadin orai beretik,
Jauna, zutaz gozatzen.
Errozue ene maitiari
Berehala
Idek dezan biderantari,
Hemen dela
Hartaz bertzerik munduan
Ez dakusana,
Haren minez desterruan
Hiratzen ari dena.
Hik ezperen, o Herioa,
Entzun nezak
Desterru hunen terminoa

Labur ezak:
Nigarrezko haran huntan
Nola ni bizi
urtu gabe nigarretan
Behatuz zeruari?
Babiloniako ur-hegi
Ederretan
Jarria nindagon tristeki
Nigarretan.
Sion, zutaz orroiturik,
Nintzen gelditu
Betan organo jotzetik
Eta koplak ixildu.
Sion, zutaz erran zaizkidan
On guziak
Finki dagozkat nik gogoan
Ezarriak;
Nik zu ahantz, Jerusalem,
Hiri maitea?
Lehen dut kontsentituren
Mihiaz gabetzea!

Mendi sainduaren alderat
Itzuliak,
Argitu deneko, dagozkat
Bi begiak,
Nahiz urrundik bederen
Sion ikusi
Bai eta Jerusalem
Beti bixtan iduki.
Zure baitan dut ezarria
Betikotzat
Ene esperantza guzia
Nik behintzat,
Jerusalem zerukoa:
Horrat heltzeko
Desira bihotzekoa
Askiko dut hiltzeko.
Mundu hau ez dut nik sekulan
Maitatuko,
Zeren ez bainaiz beher huntan
Gozatuko
Ene bihotzak galdetzen
Duen gozoaz,

Zeruan xoilki gustatzen
Den zorion osoaz.
Bizi behar banaiz oraino
Mundu huntan
Ene desirak zeruraino
Altsa detzan
Bihotzen kreatzailea
Dut otoiztuko
Eta Birjina maitea
Emanen ararteko.

HIRUR IZEN SAINDUEN:
JESUS, MARIA, JOSEPEN
INBOKAZIONEAZ
Jesus Maria, Josep,
Beti behar tugu
Beneratu Kristauek
Eta maiz aipatu.
Mihiz eta bihotzez
Aipatuz ardura,
Izen horien bidez
Heltzeko zerura.
Denbora guzietan
Eta bereziki
Hiltzeko orenetan
Deitzen tuenari
Jesus, Maria, Josep
Zaizko baliatzen
Eta haren fagore
Zeruan altxatzen.

Jesusen izenean
Da Satan urruntzen.
Maria aipatzean
Aingeruak bozten.
Josep espos garbiak
Darozkigu beti
Fagore bereziak
Ardiets-arazi.
Hirur izen sainduak
Moldezko letretan
Diren eskribatuak
Leku guzietan.
Jesus, Maria, Josep,
Begiz ikustean
Ditugun beti ere
Gure bihotzetan.
Izen saindu horiek
Ekarriz gogora
Ein-ahalaz guziek
Detzagun ohora.
Jesusen aipatzean
Beti errespetuz

Zeruan bai lurrean
Belaunak doblatuz.
Jesusek odolean
Erosi bagaitu,
Mariak sabelean
Jesus ekarri du.
Josep aita-ordeak
Jesusen hazteko
Jasan tuen nekeak
Ez tu ahantziko.
Jesusek boterea
Berak du eskutan.
Mariak galdetzea
Aski du zeruan.
Josepen kreditari
Nola errefusa
Jesusen hazte-sari
Galdetzen duena?
Etsaia badabila
Gure ingurutan
Errabian bezala

Gu irestekotan.
Jesus, Maria, Josep
Erran bezain sarri,
Kalterik egin gabe
Badoa ihesi.
Bekatu borratuek [barkatuek]
Zor dituzten penak
Eta huts benialek
Merzi tuztenak
Jesus, Maria, Josep
Aipatuz debotki
Ixtant berean dire
borratzen osoki.
Jesus, Maria, Josep,
Ene agonian
Defenda nazazue
Etsaien erdian.
Ene azken guduan
Hel zakizkidate
Har zazue orduan
Nitaz pietate.

AINGERUEZ
Aingeru-tropak
Zituen kreatu
Jaungoiko onak
Eta destinatu
Gure gidatzeko
Eta beiratzeko
Zerurako bidean
Etsaien artean
Aingeru-tropak.
Lot justuari
Zitzaizkon agertu
Hain dohatsuki
Betan bi aingeru,
Eskutik harturik
Sodomako sutik
Salboan emaiterat
Eta gidatzerat
Lot justuari.

Jakob sainduak
Biaia batean
Lehen pausuak
Ein zituenean,
Zituen kausitu
Eta ezagutu
Aingeru gidariak,
Bidean jautsiak,
Jakob sainduak.
Labe gorrian
Ezarri zituzten
Haurren erdian
Ikusi izan zen
Jautsia laberat
Haurren beiratzerat
Jaunaren Aingerua,
apartatuz sua
labe gorrian.
Lehoin goseak
Zituzten ikusi
Hain herabeak
Ez nahiz ausiki

Daniel justua
Zeren Aingerua
Harekin baitzen jautsi
Eta mantsarazi
Lehoin goseak.
Arkangelu bat
Ama Birjinaren
Salutatzerat
Zerutik jautsi zen,
Emanik berria
Mariak Mesia
Zarokula ekartzen
Sinesten bazuen
Arkangelu bat.
Josep justua
Aingeru on batez
Abisatua
Nola zen Herodes
Sartu errabian,
Gabaren erdian
Ama-semez kargatu
Eta zen partitu

Josep justua.
Jesu-Kristori
Hiltzeko menean
Zenean jarri
Baratze batean,
Odolez izerdi,
Zitzaion etorri
Zerutik aingeru bat
Kuraiestatzerat
Jesu-Kristori.
Presondegitik,
Gatez kargatua
Zaukatelarik,
Soldaduz zaindua,
aingeru batek du
Piarres libratu,
Haren gateak hautsi
Ta ilki-arazi
Presondegitik.
Edozein orduz
Itsas-leihorretan

Ezin gaihenduz
Arrisku handitan,
Lotsatzetik urrun,
Bozik segi zagun
Jaunaren Aingerua,
Gure sustengua
Edozein orduz.
Satan gaixtoa
Oldartzen bazaiku
Bihotz flakoa
Beharrez garaitu,
Beti har detzagun
Aingeruak lagun;
Holako lagunekin
Laster da desegin
Satan gaixtoa.
Mundu sotilla
Gu tronpatu nahiz,
Ager dadilla
Kontent eta irriz.
Gure beiratzerat
Aingeru tropa bat

Da zerutik jautsiko
Eta bentzutuko
Mundu sotilla.
Beti gurekin
Badago josia
Lipizta zikin
Arimen etsaia,
Haren asalduak
Gure aingeruak
Alfer ditu bihurtzen
Eta gudukatzen
Beti gurekin.
Zeruan ere
Beti aingeruak
Gure fagore
Dire altxatuak:
Otoitzak, amoinak,
Gure obra onak
Ez dire baliatzen
Hekin bidez baizen
Zeruan ere.

Esker handiak
Zor zaizko Jaunari
Haren graziak
Bai-ditu ezarri
Gure ingurutan
halaber guardian
Aingeruak beilari
Eman dauzkunari
Esker handiak.
Jauna zeruan
Ikusten du klarki
Nahiz munduan
Gurekin den beti.
Gure aingeruak
Gur'errespetuak
Beti ditu merezi,
Bixtan baitu beti
Jauna zeruan.

BERTUTE TEOLOGALAK
1. Fedea
Munduko jakintasunak
Eta haren argiak
Maiz tronpatzen du gizonak,
Lilluratzen begiak.
Bainan fedea gidari
hartzen duen guziak
Ikusten ditu segurki
Jakin behar egiak.
2. Esperantza
Sainduki bizi direnak
Legez dire penatzen;
ordean horien penak
Gozo dire bihurtzen,
Agindu zaioten sari
Eternalaren bixtan,
Esperantzaren sokorri,
handia bihotzean.

3. Karitatea
Zeren den hain maitagarri,
Zeren den guziz ona,
Amodioz Jainkoari
Lotzen zaion arima
Lokarririk sainduenaz
harekin bat eginik,
Dohatsuen zorionaz
Gozatzen da jadanik.

BERTUTE MORALAK
1. Justizia-zuzentasuna
Fedeaz giristinoa
Dohatu duenean,
Ezarri dio koroa
Jaunak buru gainean.
Bainan beti orroit bedi
nausi bat baduela
Bizi ez bada zuzenki,
puniko duena.
2. Indarra-kuraiea
Zenbat etsai mundu huntan
Errabian bekaitzez
Kristau onen ingurutan
Boztuak hekin gaitzez.
Bainan indarrez, kuraiez
Animatuz bihotzak,
Burlatzen dire etsaiez,
Bentzutzen tuzte gaitzak.

3. Prudentzia
Ilunbez inguratuak
heldu gare mundurat,
jakitatez gabetuak
Gur'etsaien arterat:
Ez balitu prudentziak
Gure oinak gidatzen,
Maiz gintezke eroriak:
Noiz ginabilzke xuxen?
4. Tenperantzia
Bihotzez Jainko xoilari
Juntatuak egonez,
Lurreko ontasunari
Kasu guti eginez,
Plazer, gustu, gutiziak
Moderatuz zuhurki
Behar tu tenperantziak
Izarian iduki.
5. Emetasuna-mantsotasuna
Damuak, nahigabeak
Izpirituko penak,
Gorputzeko doloreak,

Gaitzak, eritasunak
Hartzen badire mantsoki
Hagitz dire arintzen:
Emetasunak errexki
Du kolera bentzutzen.
6. Umilitatea
Izpirituz umil denak
Ez baditu barnean
Sendimendu apalenak
Maiteki bihotzean,
Haren umilitatea
Bertute agorra da;
Ez da hura bertutea,
Bainan haren axala.
7. Modestia
Ibiltzean, mintzatzean,
Eta bere jaunzturan,
Elizetan, mundupean,
Beti leku orotan
Kristau onen modestiak
Behar du seinalatu
Ikusten tuzten guziak
Onez edifikatu.

RELISIONEAREN BERTUTEAZ

Gure kreatzaileari
Adorazionea
Haren handitasunari
Zor zaion ohorea
Bihurtzerat erakartzen
Gaituen bertutea,
Bertute hortan zerratzen
Da Relisionea.
Jainkoa desohoratzen
Dutenak bere baitan
Edo hari kontsekratzen
zaizkon zenbait gauzetan
Relisione gabeak
Ditezke holakoak
Eta blasfematzaleak
Eta sakrilegoak.

Idolatria, magia
Edo aztitasuna
Bai eta sorginkeria
Pratikatzen tuena
Bizi da bere arimaz
Egin gabe kasurik,
Relisione sainduaz
Obraz arnegaturik.
Azti eta sorginetan
Dutenek fidantzia
Enganio galkorretan
Deramate bizia:
On ez gaitzen emaiteko
Ez du nihork dohainik,
Ez badu gur'onetako
jainkoak berak emanik.
Nork zukeien ezagutu
Jopen papientzia
Satanek ez balu artu
Hainbertze ausartzia?
Orduan Jopek badaki
Eta dio haltoki

Ez dela onik ez gaitzik
Non ez den Jauna ganik.
Jaunak eman, hark ereman
Haren izen saindua
Beti leku guzietan
Den benedikatua:
Dio Jopek miserian
Eroria delarik
Harrak kenduz ongarrian
Bere zaurietarik.
Jaunak maite dituenak
Zehatzen ohi ditu
Tobias aingeru onak
Zuenean argitu,
Zure frogatzeko, dio,
Jaunak zaitu itsutu,
Zeren ainitz amodio
Ekartzen baidarotzu.

GIZONAREN AZKEN FINAK

Heriotzea
Herioak mundu huntan
Ez du nihor gupida:
Monarken palaziotan
Etxoletan bezala
Sartzen da berdin ausartki
Eta haren kolpeak
Badaramatza sotilki
Zahar eta gazteak.
Herioaren izenak
Lazten tu gehienak
Eta haren aipamenak
Lotsatzen gaixtaginak.
Kristau onak du kontrarat
Hiltzea desiratzen,
Hilik baizen bizitzerat
Ez baida nihor heltzen.

Jujamendua
Zer da lazgarriagorik
Jujamendua baino?
Juje hala argiturik
Izan da egundaino?
Bihotzen plegu gordeak
Ditu klarki ikusten;
Pentsatu eta eginak,
Hitzak ere pisatzen.
Lehen jujamendu hori
Bada hain lazgarria,
Azken jujamenduari
Jinen zaio aldia:
Menden azken egunean
Juje soberanoa
Mundurat jausten denean,
Nork jasan haren soa?
Parabisua
Ez du begiak ikusi,
Beharriak aditu,
Izpirituak hain guti
Zer diren konprenitu

Justuentzat Jainko Jaunak
Preparatu saria:
Parabisu-ontasunak
Eta hango gloria.
Guziak Errege dire
Zeruko erresuman;
Ez dire beldur batere
Deusek altara detzan.
Desira baino zeruan
Aboro da gozoa;
Hitz batez, parabisuan
Ikusten da Jainkoa.
Infernua
Infernua da leize bat
Beti sutan dagoena,
Jaunak aurtiki du harat
Gaitz guzien bilduma.
Han beti dute sofritzen
Esperantzarik gabe:
Deusek ez ditu gutitzen
Tormentak behin ere.

Gorputzak eta arimak
Suak ditu erretzen
Bainan surik bortitzenak
Ez ditu konsumatzen.
Gehienik du berretzen
Horien ondikoa
Zer gatik ez den ikusten
Infernuan Jainkoa.

DENBORAREN BALIOA

Denboraren balioa
Ez daiteke estima.
Zerua da prezioa
Ixtant bakotxarena.
Hartaz ongi baliatuz
Heltzen dire zerurat,
Hura gaizki enplegatuz
Betikotz infernurat.
Ontasun guziz balios,
Dohain preziatua,
Instant eta mement oroz
Guretzat berritua.
Hartaz ongi baliatuz
Heltzen dire zerurat
Hura gaizki enplegatuz
Betikotz infernurat.

Mundu huntan ez ahal da
Hain gaizki beiraturik
Nola bai dago denbora,
Edozein aldetarik.
Batzuek hil nahi dute
Zaielakotz luzegi;
Bertzek gaitz nahi diote
Doalakotz fitegi.
Batzuk bertzek bezain gaizki
Dute Arrazoinatzen;
Ez baidakite zuhurki
Denboraz baliatzen:
Ez lezakete banoki
Enplega hanbat oren
Pentsatzen balute ongi
Zenbat balio duen.
Lehen, orai eta gero
Dire hirur memento:
Lehen hori iragana
Berriz ez itzultzeko
Eta geroren mentura
Ez da gure meneko.

Orai da beraz segura
Gure salbamenduko.
Lehen egin behar zena
Orai dezagun egin.
Gerokotz uzten duguna
Ein gabe utz ez dadin.
Igorriz beti gerorat
Bere salbamendua
Erortzen da infernurat
Tropelaka mundua.
Denbora iragaiten da
Ximista bat bezala;
Gure bizia badoa
Nihork ez daki nola.
Amets baten pare dire
Denbora iraganak,
Beti gozaturik ere
Munduko atseginak.
Luzaro bizia gatik
Ez badugu deus egin,
Zerukotz balios denik

Goaz esku hutsekin
Juje garratz bezain zuzen
Baten tribunalerat
Zerbitzari inutilen
Arrastaren hartzerat.
Jaunak han ez du galdetzen
Zenbat urte ditugun,
Ez munduan izan garen
Pobre ala dirudun,
Bainan bai nola pasatu
Tugun gure egunak
Eta nola gobernatu
Hark eman ontasunak.
Bertutearen obratzen
Enplegatu egunak
Beteak dire kausitzen
Eta baliosenak.
Horien orroitzapenak
Ilkitzean mundutik
Ezartzen ditu gizonak
Fidantziaz beterik.

Adios, dio egunak,
Banoa sekulako.
Bihar bilatzen nauenak
Ez bainau kausituko.
Egun hunek diraueno
Laster eigun bidean
Geldi ez gaiten betiko
Gauaren ilunbean.

UMILITATEA

O umilitate saindu,
Bertuten zimendua,
Saindutasunak zu zaitu
Betiko sustengua,
Zenbatenaz apalago
Bai datza ezarria,
Hanbatenaz bortitzago
Da zimendu berria.
Zimenduan dire sartzen
Harririk sendoenak,
Hek bai dituzte jasaiten
Asenturik gorenak:
Axaletik hasten bada
Bertuten asentua,
Beti flako izanen da,
Aise barreiatua.

Gora igan nahi badu
Nihork Jaunaren bixtan
Behar du hagitz apaldu
Lehenik bere baitan,
Zeren apaltzen direnak
Bai dire altxatuak,
Eta altxatzen direnak
Justuki apalduak.
Jaunak kreatu zituen
Zeruan aingeruak,
Edertasunez beztitu
Hekin Izpirituak.
Bainan bere urgulluak
Ditu eror-arazi
Eta umiliatuak
Infernurat egoitzi.
Barnez ezti eta umil
Ez den giristinoa
Ez daite zuganat hurbil,
O Jesus dibinoa.
Bihotz ezti umiletan
Duzu zure gostua

Ezar azu gure hautan
Zure izpiritua.
Zer den gure etorkia
Ongi kontsideratuz
Eta gure miseria
Begien bixtan hartuz
Ezagutu behar dugu
Gure ez-deustasuna
Bihotzean garraiatu
Beti umiltasuna.
Gu baitan den on guzia
Zerutik heldu zaiku,
Ordean gaixtakeria
Gerok obratzen dugu.
Zertaz beraz glorifika?
Nondik har banitate?
Azkenean harren bazka
Bihurtu behar gare.
Bertute, merezimendu,
Dituzkegun apurrak
Jaunak emaiten dauzkigu,

Hek dire haren obrak.
Eskerrak beti umilki
Hari bihur detzagun,
Ez bagare maluruski
Haren bixtan hobendun.
Jaunaren aintzin-gidari,
Gorenaren profetak
Handi eta miragarri,
Saindu bezain diskretak
Umilki tu gerizatu
Dohainik ederrenak:
Jaunak hartaz egin ditu
Laudorio gorenak.
Jesusek bere amatzat
Maria du hautetsi.
Eta haren sabelerat
Gizon eginik jautsi:
Zer ontasun, zer ohore
O Jainkoaren ama!
Hautatzen duzu halere
Sehi baten izena.

Jesusek bere burua
Gizonaren semetan,
Hortaraino apaldua,
Tratatzen du munduan:
Nork esplika, nork konpreni
Handitasuna bera
Hain apal nola den jautsi
Gizonen altxatzera?
Jesusen umiltasuna
O zer mirakulua,
Suntsitu behar lukena
Gizonen urgulua!
Gu behar gare apaldu,
Jauna, zure oinetan,
Ahalaz umiliatu
Gure hobenen bixtan.

BEKATU MORTALA
(Kantabren martxa)
Bekatua, mustro lazagarri,
Gure arimen etsaia,
Hire ondotik duk etorri
Herioaren premia!
Hik duk mundurat ekarri.
Arimen etsimendua
Izurriaren kotsua,
Aire hain korronpitua,
Gaitz guzien ibaia!

BEKATU BENIALA
(Kantabren martxa)
Jainkoa maite duenari
Hutsik xumenak min dio,
Aitetan den hoberenari
Damu egiten baitio:
Erori den bezain sarri,
Altxatzerat du egiten,
Nigar karatsak ixurtzen
Penitzentzian bilatzen
Zenbait erremedio.

BEKATU KAPITALAK
1. Orgullua
Orroit handi orgullutsua
Ixtil puska bat haizala
Lizunkeriaz orhatua,
Hil bezain sarri ustela.
Bizian adimendua
Ilunbez duk estalia,
Eta hi haizen guzia
Ez-deusetarik hasia,
Amets baten itzala!
2. Abarizia
Bihotza dauk abariziak
Suak bezala erretzen.
Aberasteko gutiziak
Gogotik irets-arazten
Krima suerte guziak.
Munduan bizi haizeno
Duanaz aberats baino
Ez duanaz pobreago,
Gosea duk sofritzen.

3. Lohikeria
Ez da sekulan sasiatzen
Plazen likitsen gostua;
Atseginak bai du berretzen
Atseginen egartsua.
Desirek desirak bizten.
Jainkozko gauza guziak
Gogotik arras utziak
Dagozka bihotz lohiak,
Haragi bihurtua.
4. Inbidia
Gizona, hire inbidiak
Ez dik kolpatzen hi baizik:
Ikusten tuan on guziak
Pozoin bihurtzen darozkik.
Etsai haren maleziak
Gozamenez eskasia,
Ontsasunez pobrezia,
Bozkarioz tristezia
Hiretzat egiten dik.

5. Gormandiza
Jateko eta edateko
Uste duk sortu haizela?
Noiz artean duk idukiko
jainkotzat hire sabela?
Ordu duk ezagutzeko
Bizitzeko dela jaten
Et'ez jateko bizitzen,
Adimendurik ez duten
Errana den bezala.
6. Kolera
Errabiaren pareko da
Koleraren asaldua.
Kolerosak ez du gupida
Ez mundua, ez zerua:
Guziak ditu partida;
Blasfemioak ahoan,
Gaixtakeria gogoan,
Bere baitarik kanpoan
Dabilla zoratua.

7. Alferkeria
Alferkeriaren pozoinak
Atakatzen tu eztiki
Gure biziaren harroinak
Eta bihurtzen hain nagi:
Gorputzak eta arimak:
Indarrez ditu gabetzen,
Arras herabez betetzen,
Izpiritua goibeltzen,
Uzkurturik osoki.

BEKATOREAREN ZORTEA
O zein den zorte tristea,
Bekatorea,
O zein den zorte tristea
Pentsa-zak maiz
Bekatuan bizitzea,
Salbatu nahi bahaiz.
Jainkoaz hastietsia,
Haren etsaia,
Jainkoaz hastietsia,
Erreboltan,
Daramak hire bizia
Tristeki mundu huntan.
Soseguaz gabetua,
Asaldatua,
Soseguaz gabetua,
Haiz aurkitzen
Gatibo bilakatua,
O zer ez duk sofritzen!

Hire plazer gozoetan,
Atseginetan,
Hire plazer gozoetan
Bihotzerat
Heldu ohi zauk bet-betan
Edo-zer trublatzerat.
Herioaz orroitzean
Hire barnean
Herioaz orroitzean
Zer laztura
Ez duk hire bihotzean?
Hobenen erredura!
Ez balitz deus beldurtzeko
Bertze munduko,
Ez balitz deus beldurtzeko,
Bainan Jaunak
Surat ditik aurtikiko
Kriman hiltzen direnak.

Pentsa-zak dohakabea,
Hire epea
Pentsa-zak dohakabea,
Hurbil dela;
Luzaro bizi ustean
Egun hil haitekela.
Beti gerorat uztea
Konbertitzea,
Beti gerorat uztea
Duk ondikoz
Noizbait salbatu ustean
Galtzea sekulakotz.
Ez duk ez biharamunik
Seguraturik,
Has hadi, has, egun danik
Konbertitzen,
Bekatua kitaturik
Barkamendu galdatzen.

Salbatzaile dibinoak,
Hire Jainkoak,
Salbatzaile dibinoak
Hau bilatzen
Egun darozkik besoak
Amultsuki hedatzen.
Haren ontasun handiaz,
Haren graziaz
Ez bahaiz egun lehiaz
Baliatzen,
Laster bere justiziaz
Hasiko duk obratzen.
Bihotz umiliatuak,
Doluz zaurtuak,
Salbatzaile amultsuak
Onesten tik
Eta hekin bekatuak
Ahanzten barkaturik.

JAUNAREN HITZAZ
(PREDIKUAZ)

Laster eigun predikura:
Jauna da han mintzo zaikuna.
Eta haren gantzudura
Bihotzak hunkitzen tuena.
Laster eigun predikura,
Graziaren ur-burura.
Laster eigun predikura,
Jaunaren ontasun handiak
Aditzailen bihotzera
Han ixurtzen ditu graziak.
Jaunaren hitz sakratuak
Justuak ditu kontsolatzen.
Eta kriman ohituak
Konbertitzerat gonbidatzen.

Itsuak ditu argitzen
Jaunaren hitz boteretsuak,
Barneko gaitzak sendatzen
Eta garbitzen lepratsuak.
Laster eigun predikura,
Jaunak han baitu irakasten
Zerura bide segura
Eta berak hartan gidatzen.
Jauna bera da egia,
Aditzen dena predikutik
Bai eta predikaria
Guk hau ez ikusia gatik.
Laster eigun predikura,
Han da egiazko bizia.
Hilen pizteko mundura
Berri-berritan etorria.
Sekulan Jaunaren hitzak
Ez du bere indarra galtzen,
Konbertitzen tu bihotzak
Edo bekatuan gogortzen.

Laster eigun predikura:
Han behar dire konbertitu
Gure bihotzak onera
Eta Jaunarekin baketu.
Beira kontra egitetik
Deitzen gaituen graziari.
Mendiak bere lekutik
Aldaratzen tuen bozari.
Bekatuaren erroak
Aterako tu betikotzat
Noizbait Libango zedroak
Inarrosten zituen bozak.
Laster eigun predikura,
Lazaro usteltzen hasia
Biztu zuen Jauna bera
Gure biztera da jautsia.
Bekatuaren hobitik
Atera nahi den guzia
Has bedi orai beretik
Higuintzen iragan bizia.

Laster eigun predikura
Bihotzak urrikiz beterik
Lehenago desertura
Kurritzen zuten predikutik.
Barneko penitentziak
Borratuko ditu hobenak
Egin ditugun gaizkiak
Eta merezi tuzten penak.
Laster eigun predikura
Fruitu horien biltzera.

PREDIKUA HASTERAKOAN
(Je viens à vous, Seigneur: instruisez-moi)
Otoi, Jauna, zuk argi gaitzazu.
Zuk bakarrik zure lege saindua
Progotxoski irakasten duzu,
Bihotzetan ezartzen finkatua.
Gori zazu su dibino hartaz
Zure partez mintzatzera doana
Eta guri zure gantzuduraz
Aditzailen bihotz gogortasuna.

AZKEN JUJAMENDUAK
(Airea: Foudres, éclairs, trompette et tonnerre)
Aditzen da tronpeta lazgarria,
Etorri da Jaunaren eguna
Egun triste, egun lotsagarria
Eta egun handiena.
Ihortziri eta ximixtapean
Lehenago Jauna mintzatu zen;
Bainan egun bere majestatean
Handiago da agertzen.
Aspaldi lur bihurtu haragiak
Erraustuak ziren hezurretan;
osaturik instant batez guziak
Bizterat doaz bet-betan.
Aingeruek aldarazten dituzte
Merezitu duten eredura:
Gaixtaginak eta onak bi parte
Jaunaren bi aldetan.

Hobendunak ezkerreko aldetik
Ikusten du Juje hasarrea;
Eta onak Jaunaren eskuinetik
Idurikatzen bakea.
Errabian ahalkez estalirik,
Gaixtaginak marrasketan daude;
O zatorzte, lurrak eta mendiak!
Otoi estal gaitzazue!
Ifernuak erraiak idekirik,
Diote, hots, irets baginetza.
Bainan egun Jaunaren begitarik
Ez daite nihor geriza.
Orduraino gordeak egon diren
Arima beltze eta itsusiak
Agertzen tu guzien bixtan hemen
Jaunaren argi biziak.
Ilunbetan bakarrik sekretuan
Egin krimak han agertzen dire;
Bihotzean eta izpirituan
Has-akaba zinak ere.

Bizioak bertutearen kapak
Estalirik munduaren bixtan
Enganatu gaituzten hipokritak
Emanen dire argitan.
Gaixtaginak bere krimen laidoa
Hain handia edireten badu,
Emanen den arrasta betikoa
Nola behar du aditu?
Zoazkidate, ah! madarikatuak!
Zoazkidate urrun ene ganik.
Sekulako surat kondenatuak
Erretzerat orai danik.
Su eternak debruentzat piztuak
Arrasta hau eman bezain sarri
Erretzen tu arima damnatuak
gorputzak bezain bortizki.
Bertutea, kalomniaz belztua
Orduraino izan balin bada,
Egun hartan ohorez gainditua
Handizki laudatuko da.

Egarriak, goseak, buluziak
Mundu huntan ibili direnak
Egun hartan espos-soinez jauntziak
Kontsolatuko tu Jaunak.
Itzultzen da eskuineko alderat
Arraiturik Jaunaren bisaia.
Isurtzen du justuen bihotzerat
Bozkariozko ibaia.
Zer gozoa aditzean: zatozte
Ene aitaz benedikatuak:
Har-zazue ene glorian parte:
Han dire zuen tronuak.
Sartzen dire zeruko errresuman
Arimekin gorputz gloriosak
Gozatzeko mende eternaletan
Egiazko zorionaz.

IFERNUAZ ETA HANGO PENEZ
Kreatura damnatua,
Hire penak zer diren,
Zer den hire infernua
Zenbat dukan sofritzen,
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Ez dezaket erran hitzez
Zenbat dudan sofritzen.
Ene dolore bortitzez
Hasten banintz mintzatzen,
Sobera flakoak
Litezke terminoak.
Ez badezakek esplika
Zenbat duan sofritzen
Sentitzen duan bezala
Erdizkatxe bederen.
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.

Ene zorigaitzak ez du
Helas! bertze nebririk
Jainko guziz boteretsu
Baten kolera baizik.
Nik hura ondikoz
Bizturik sekulakotz.
Hire pena zertan datza?
Zerk darozkik alatzen
Arima eta gorputza
Zerk hauen tormentatzen.
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Su mirakulluzkoenak
Erretzen ditu beti
Gorputza eta arima
Eta ezin kontsumi.
Sua dugu hemen
Jaten eta edaten.
Su lazgarri horren karrak
Zenbat iraun behar du?
Element horren indarrak

Noiz behar du jabaldu?
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Ez diro deusek iraungi
Behin biztu denean
Iraun beharko du beti,
Beti indar berean.
Jainko Hasarreak
Bizten duen labeak.
Zer leku den infernua,
Zer duan hor ikusten,
Nortaz haizen lagundua,
Nork duen hor manatzen.
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Infernua da leze bat
Debruen erresuma,
Jaunak aurtiki du hunat
Gaitz guzien bilduma:
Munstro beltzik baizen
Ez da hemen ikusten.

Hire pena guzietan
Zein da lazgarriena,
Gehienik hire baitan
Aflijitzen haizena?
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Orroitzean ene faltaz
Gabetua naizela
Betikotz ene Jainkoaz
Errabian bezala
Dolorez, auhenez,
Urtzen naiz haren minez.
Zertako haiz okupatzen
Galdu duan Jaikoaz?
Zer gatik ez duk etsitzen
haren amodioaz?
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Higuintzerat bortxatua
Naizen Jainkoagana

Ez dakit zerk hertxatua
Instant oroz narama,
Beti bere ganik
Kasatzen nauelarik.
Nola duan merezitu
Jainkoaren kolera,
Zeren gatik kondenatu
Hauen supliziora.
Erraguk, erraguk,
Argitu nahi gaituk.
Dela madarikatua
Sortu nintzan eguna
Eta lehen bekatua:
Egin izan nuena:
Krima hark ondikotz
Galdu nau sekulakotz.
Bekatu mortal bakar bat
Aski bada galtzeko,
Milaka ein tuztenentzat
Zer pena ote dago?
Erraguk, erraguk,

Argitu nahi gaituk.
Gaztiguen hedadura
Gaixtoek leze huntan
Bere krimen eredura
Beharko dute jasan:
Pena eternalak,
Ordean ez igualak.
Bekatu mortalekin
Juntatua denean
Huts benial batek berdin
Izanen du lezean
Pena eternala
Huts mortalak bezala.
Borratuak izan diren
Bekatu beren pena,
Denboran konplitu ez den
Penitzentzia hura
Ez daite sekulan
Akaba infernuan.
Denboran hain urrikari

Ditu gizon flakoak
Justu bezain miragarri
Agertzen den Jainkoak
Aitzitik ordean
Ez eternitatean.

PURGATORIOAZ
O arima Jainkoaz onetsia,
Orroit hadi badela leku bat
Hemen arras Jaunaren justizia
Satifatu ez duenarentzat.
Borratua izan arren hobena,
Ez ziaukuk Jainkoak barkatzen
Bekatuak noizbait zor duen pena
Nun ez dugun osoki pagatzen.
Hurbil hadi purgatoriotara,
Jaun botere guzia duenak
Biztu duen suzko leze hartara:
Entzunen tuk auhenik minenak.
Arima hek gauza gutia gatik
Bizi dituk hats-gorapenetan,
Urrunduak zeruko gloriatik
Aurkitzen tuk tormenta dorpetan.

Zenbatenaz maitagarriagoa
Ezagutzen bai dute Jainkoa,
Hanbatenaz zaie bortitzagoa
Jasan behar duten ondikoa.
Lege balitz mundura bihurtzea
Hango penak behin frogaturik,
Ez laiteke zilegi mintzatzea
Jainkoaren justiziaz baizik.
O! menturaz gure adiskideak
Gure gatik dire penatuak,
Gure hurko burraso-ahaideak
Gure faltaz sutan hondatuak.
Behar bada hemen gure alderat
Amodio sobra zutelakotz,
Izan dire purgatoriotarat
Aurtikiak hainitz urtekotzat.
Zuek, gure adiskide maiteak,
Diote maiz nigar-marrasketan,
Otoitz, barur, eta karitateak
Egitzue gure fagoretan.

Otoi, Jauna, otoi urrikalmendu
Su-lametan daudezen arimez
Galdegiten dautzugu barkamendu
Mundu huntan ein tuzten hobenez.
Bara zaite bara hei jazartzetik.
Gehiago ez utz hek erretzen.
Ah! has bitez, aterarik su-petik,
Zutaz, Jauna, zeruan gozatzen.

SAKRAMENDUAK
(Airea: Kantabren martxa)
1. Jeneralean
Soldadoaren lantzak dautzu,
Jesus, sahetsa ideki:
Zauri sakratu horrek ditu
Gure minak sendarazi.
Zauri hortan zaizko sortu
Sakramenduen grazia,
Biziaren iturria,
Zorionaren bahia,
Gizonen arrazari.
2. Bataioa
Bekatuan kontzebituak
Adamen ume guziak,
Haren ondikoen primuak
Jainkoaz hastietsiak,
Justuki kondenatuak
Mundu huntan ginen sartu;
Ordean zeruko primu

Berritan egiten gaitu
Batioaren graziak.
3. Konfirmazionea
Jesu-Kristoren milizian
Izenak eman ditugu
Haren banderaren azpian
Graziak gaitu bortiztu.
Bertze dohainen erdian
Konfirmatu garenean
Gurutziaren seinalean
Etsai guzien gainean
Garaia eman zaiku.
4. Aldareko sakramendua
eta sakrifizioa
Zure gorputza gure ogi,
Edari zure odola,
Zaren guzia, Jesus, guri
Eman nahi zaizkigula,
Sinesten dugu fermuki
Gurutzean aldi batez
Ofritzeaz kontent gabez
Hanbat aldaretan kolpez

Imolatzen zarela.
5. Penitentzia
Noizbait Satanen maliziak
Ondoratzen tuenean
Giristino flakoegiak
Bekatuen uholdean,
Oraino penitentziak
Bizia ofritzen daie:
Egin bezate kuraie
Salbatu nahi badire
Taula horren gainean.
6. Anuntzioa
Dolorezko ohe batean
Alde guziz penatuak,
Ariman eta gorputzean
Etsaiez atakatuak,
Arriskutan garenean,
Kuraiez gaitu betetzen,
Arimak purifikatzen,
Gorputzak ere sendatzen
Anuntzio sainduak.

7. Ordena
Ordena sainduaz Jainkoak
Apezak ditu egiten.
Otoitzak, sakrifizioak
Hauk diotzote ofritzen
Bizien eta hilentzat
Gu bekaturik garbituz,
Lege sainduan argituz,
Bide onean gidatuz
Hel-arazten zerurat.
8. Ezkontza
Jaunak baratze dohatsuan
Ezarri zuen gizona:
Hark lurreko parabisuan
Eman zioen laguna
Bere sahets hezurretik,
Bi gorputzez bat eginik.
Batasun hortaz geroztik
Espos giristinoentzat
Egin da sakramendu bat.

BAKETIARRAREN ETA
MENDEKARIAREN
ARTEAN IHARDUKIA
Baketiarrak
Gaizki aditurik legea,
Juduek uste bazuten
Adixkideen maitatzea
Zela xoilki manatzen,
Lege-emalle dibinoa
Garbiki da esplikatu:
Egiazko amodioa
Etsai berentzat manatu. (bis)
Mendekariak
Manu gogor, lege dorpea!
Ez ote zen bada aski
Ongi-egilen maitatzea?
Zertako da iratxaki
Orobat gaizki-egileak
Behar direla maitatu
Eta gure zehatzaileak
Ordainez ongi tratatu? (bis)

Baketiarrak
Gorputz bera egiten dugu
Jesu-Kristo buruzagi;
Zeru bera zaiku agindu
Hemen elgar maita-sari.
Manu gozo, lege maitea,
Zuk deraukuzu ekarri
Lurrerat zeruko bakea
Bihotz guzien lokarri!
Mendekariak
Gutien ustean etsaiak
Niri hanbat atsegabe
Eta nik mantsoki guziak
sofri mendekatu gabe?
Ez dut bihotz hain pairatua!
Halakoei ni barkaturik
Ez da dostatuko mundua;
Ez daut eginen irririk. (bis)
Baketiarrak
Jesu-Kristok dautzu manatzen.
Etsaiari barkatzea

Eta non ez duzun barkatzen
Segur duzu damnatzea.
Haren etsai zen guziari
Barkatzen hasi zen bera:
Obedi zozu legeari:
Ken zazu barnetik herra. (bis)
Mendekariak
Egin dauzkidate damuak:
Ez detzaket utz gogotik:
Ohorezko sentimenduak
Kolpatzen tuzten pontutik.
Sobera gosta lakioke
Ene neturalezari;
Bortxa egin behar nioke
Beti ene bihotzari. (bis)
Baketiarrak
Adi zazu, mendekaria,
Huna zer zaitzun gertatzen:
Zure herraren malezia
Zure kontra da bihurtzen.
Zer pena, zer neke, zer gudu
Gau et'egun bihotzean

Ez dituzu behar sofritu
Herran bizi zarenean. (bis)
Mendekariak
Zilegi ez bada gaizkiak
Mendekatuz bihurtzea,
Halaber neke da etsaiak
Bihotzetik maitatzea:
Ez dut idukiko herrarik:
Bainan ez ongi, ez gaizki,
Halako jendekin garabik
Ez dut nahi iharduki. (bis)
Baketiarrak
Hola etsaia tratatzea
Ez da aski salbatzeko.
Egiazko karitatea
Hedatzen da urrunago.
Gaizkiaren ordain ongia
Bihurtzea du manatzen.
Jaunaren ontasun handia
Zauku moldetzat emaiten. (bis)

Mendekariak
Ez diot eginen iroi-ik
Gaizki egin dautanari
Ez eta bisaia gaixtorik
Behin ere etsaiari.
Bainan izaiten duenean
Zerutik zerbait gaztigu,
Erranen dut ene barnean:
Ongi merezitua du! (bis)
Baketiarrak
Oihuz Aita zerukoari
Zauzko barka detzazula
Zure zorrak, zuk etsaiari
Barkatzen tutzun bezala.
Konpreni zazu otitz hori
Egiten diozunean
Nola mintzo zaizkon Jaunari
Eta zer duzun barnean. (bis)
Mendekariak
Ez naiz barnez alegeratzen
Gaixtaginen ondikoez
Ez eta bihotzez tristatzen

Ene etsaien gozoez:
Bainan hekin gaixtakeriak
Ez balinbadu nebririk,
Nahiz gal dituen guziak
Nork behar du axolarik? (bis)
Baketiarrak
Bere Aita zuen otoiztu
Jaunak azken orenetan,
Gurutze batean itzatu
Zuten hekin fagoretan.
Nork iduk dezake herrarik,
Etsenplu hunen ondoan?
Hitz amultsu hauk aditurik
Nola bizi etsaikoan? (bis)
Mendekariak (konbertirurik)
Jesus etsenplutzat harturik,
Orai beretik naiz hasten
Bihotzetik herra kendurik,
Ene etsaien maitatzen.
Ofentsatu nauten guziak
Maiteki tut besarkatzen
Egin dauzkidaten gaizkiak

Behin betikotz ahanzten.
Guziek elgarrekin
Dezagun otoitz Jaungoikoa,
Arren gure bihotzetan
Karitate egiazkoa
Sekulatotz finka dezan,
Mundutik ilki bezain sarri
Sar gaiten baltsa handian
Bizian elgar maita-sari
Agindu zaikun glorian.

LAUDA SION
(Latinaren aire berean)
Sion, Salbatzaile ona,
Gidari eta artzaina,
Lauda zazu kobletan.
Ez gupidets ein ahala
Zeren ezin aski lauda
Baidaiteke sekulan.
Laudorio beregainki egun
Bizia emaiten daukun
Ogi biziarentzat.
Hura zaien azken afarian
Hamabi haurridei eman
Egiazki jaterat.
Lauda dezagun haltoki:
Publikoan ager bedi
Gure bozkarioa.

Egun hunekin lehen aldikotz
Mahain hori hedatu zelakotz
Daigu memoria.
Lege berriko pazkoa
Kendurik lehenekoa
Mahain hortan egin zen.
Zaharra du berriak,
Itzala du egiak,
Argiak gaua kentzen.
Kristok eina mahainean
Haren orroitzapenean
Haren manuz da eiten.
Hark berak irakasia,
Arnoa eta ogia
Ditugu kontsekratzen.
Ogia da gorputzerat,
Arnoa da odolerat
Egiazki aldatzen.

Ikus, asma ez daitena,
Gauza mirestekoena
Fedeak du finkatzen.
Itxura beren azpian
Egiten da sustantzian
Aldamen guzizkoa.
Mudantza egin denean,
Edozein itxurenpean
Jainko bat da osoa.
Hartzailek ez dute hausten,
Ez zatitzen, ez partitzen:
Osorik dute hartzen.
Batek har, ala har milek,
Bat hartzen dute guziek:
Ez da hartuz ez-deusten.
Gaixtaginak hartzen badu,
Onak bezenbat hartzen du,
Bainan bere kaltetan.

Herioa du aurkitzen
Justuentzat bizia den
Iturburu berean.
Ostia hautsirik ere,
Ez dudan egon batere
Hanbat dela zatittoan
Nola baida osoan.
Ez da deusa erdizkatzen,
Seinale xoila da hausten:
Sustantzia gelditzen da
Oso lehen zen bezala.
Aingeruen ogia da
Egin bideranten bazka,
Egiaz haurren ogia,
Ez oren janaria.
Agertu ziren figurak:
Hetarik ziren Isaak,
Bildots pazkoz jaten zena,
Eta zeruko mana.

Jesus artzain, Jesus ogi,
Zuk gaitutzun urrikari.
Zain gaitzazu eta bazka
Zure ontasunez goza
Gaitezken arteraino.
Guziz zuhur, boteretsu,
Zuk hemen hazten gaitutzu:
Hor ere, mahain herean,
Zure sainduen artean
Otoi plaza gaitzazu.

MUNDUKO GAUZEN
EZ-DEUSTASUNA
(Aire huntan: Tout n'est que vanité)

Munduko gauzetan
Ez hunen agintzetan
Ez du nihork aurkitzen
Zorion faltsorik baizen.
Beti da gezurti
Ateratzen.
Halere beti
Edireiten
Ditu gizonak
Fidatu nahi zaizkonak.

Kanpotan liliak
Nola tu iguzkiak
Goiztirian zabaltzen
Arratsalderakotz histen,
Hala da gizona
Ganbiatzen
Haren adina
Iragaiten:
Sortu deneko,
Han du arrasta hiltzeko.
Mundutar arinek
Ez gazte libertinek
Ez darotet ofritzen
Atsegin, jokorik baizen.
Ordean atsegin
Gozo hetan
Pulunpa nadin
Guzietan,
Ene bihotza
Beti gelditzen da hutsa.

Hiltzerat doanak
Zertako tu izanak?
Dire nekez bilduak
Urre ta zilar multzoak.
Mundu hunen jabe
Beher huntan
Izanik ere,
Haren tonban
Ez da kausitzen
Gorputz ustelkor bat baizen.
Gizon aipatuak,
Handi ohoratuak
Ez metatu ohorek
Ez zuen titulu gorek
Ez dute hiltzetik
Begiratzen,
Nihor hobitik
Gibelatzen:
Berant hiltzeko
Handi sortzea ez d'asko.

Gizon izantsuna,
Egun aberats dena
Inguratua pobrez
Haren amoinen beharrez,
Biharkotz daiteke
Eroria
Bai eta eske
Etorria,
Bertzen bortara
Hekin ondarren biltzera.
Gaixtaginak atzo
Zedro berez gorago
Zedukan altxatua
Urguluz bere burua.
Ni handik iragan
Nintzeneko
Deusik ez zen han
Ikusteko:
Izan zen ere
Ez zen seinale batere.

Zenbat gizon famos
Aintzindari kuraios
Bere armen indarrez
Hanbat garraiti-ederrez
Itsaso-leihorren
Soberano
Bihurtu arren,
Azkeneko
Ez dire jautsi
Lurreko harren janari?
Zuhur famatua,
Jakintsun aipatua,
Hire jakintasuna,
Zuhurtziaren omena,
Ez baduk sainduen
Bertutea,
Eta justuen
Sinestea,
Deusik zeruko
Ez zaizkik baliatuko.

Pobreak lastotik,
Erregeak tronutik,
Herioak egozten,
Bardinki ditu tratatzen.
Guziek hobirat
Jautsi behar
Haren baltsarat
Gaurtik bihar:
Handi-xumeak
Zaharrak eta gazteak.
Gizonen zortea,
Biziaren epea
Jaunak bakarrik ditu
Bere eskutik gelditu:
Hark dio manatzen
Ozpinari,
Eta egortzen
Gizonari
Erre dezala
Lurreko har bat bezala.

Ez gaztetasunak,
Hain guti osasunak
Ez dute nihor eman
Herioaren gerizan:
Noiz ere bai doa
Dostatzerat
Atsegin-bila
Munduperat,
Duke betea
Jaunak markatu epea.
Gure funts-gabea,
Enganio tristea,
Baldin uste badugu
Munduan izan dohatsu!
Zeruan da batzen
Zoriona,
Deusek gutitzen
Ez duena:
On eternala,
Jaun goiko bera bezala.

NOELA
(Aire huntan: De tout un peu)

O Betleem,
ala egun zure gloriak
O Betleem
Ongi bai du distiatzen!
Zu ganik heldu den argiak
Betetzen tu bazter guziak,
O Betleem!
Zer ohore!!
Ala baitzare altxatua!
Zer ohore
Zer grazia, zer fagore!
Zeruaz zare hautatua;
Jesusen zare sor-lekua.
Zer ohore!

Azkeneko
Hor heldu da Jesus justua
Azkeneko
Gu dohatsu egiteko:
Hertsi nahi du infernua,
Guretzat ideki zerua
Azkeneko.
Gure gatik
Jainko bat boterez betea
Gure gatik
Jausten da zeru goratik.
Bai, sortzen da Jesus maitea
Bitima notarik gabea
Gure gatik.
Manjateran
Datza haurrik aberatsena.
Manjateran...
Nork zuken erran sekulan
Zeru-lurren jabea dena
Ikusiren zela etzana
Manjateran?

Artzainekin
Heldu naiz zuganat lehiaz
Artzainekin
Hek bezala nahiz egin.
Adoratzen zaitut, Mesias,
Eta maite bihotz guziaz
Artzainekin.
Ez dut deusik
O Jesus, zuri emaiteko
Ez dut deusik
Bihotz hobendun bat baizik.
Eskerren zuri bihurtzeko,
Hanbat emaitzen pagatzeko
Ez dut deusik.

DOHATSU EGIAZKOAK.
EBANJELIOKO
DOHATSUTASUNAK

Beati pauperes spiritu
Munduak aberatsenak
Dagoka direla dohatsu;
ordean bertzela Jaunak
Mendian erakatsi dauku:
Izpirituz pobre dena
Erran du dohatsu dela.
Ontasunez gainditua
Mundua huntan izana gatik,
Bihotza, izpiritua
Urrun badagozka hetarik:
Hari dio hitzemana
Jaunak bere erresuma.

Beati mites quoniam
Ezti eta mantsoetan
Da egiazko zoriona;
Beti hekin bihotzetan
Datza bakerik gozoena:
Deusek ez ditu kexatzen
Ez sekulan altaratzen.
Mundu huntarik beretik
Jainkoak ditu saristatzen,
Bai lurrak bere partetik
Bere fruituez sasiatzen.
Zerurat heldu artean
Dohatsu dire lurrean.
Beati qui lugent
Mundutarrek uste dute
Nigarrez dagozen guziak
Egiazki dohakabe
Egin tuela tristeziak.
Ordean bertzela Jaunak
Hartzen justuen auhenak.

Dohatsuak ditu deitzen
Jaunak hemen aflisituak.
Eta nigarretan urtzen
Ari diren gizon justuak:
Beteko tu gozo onez
Eta kontsolazionez.
Beati qui esuriunt
Justiziaren egartsu,
Saindutasunaren goseak
Egiten ditu dohatsu
Egiazki bihotz-barneak
Apetitu saindu hori
Berretuz dohakonari.
O justuen egartsua,
Zeruan iraungitzen dena,
O gosete dohatsua,
Jaunak sasiatzen duena!
Hola gose ta egarri
Izan nahiko dut beti.

Beati misericordes
Bihotz peitatetsuak
Eta miserikordiosak
Deitzen ditu dohatsuak
Eta egiazki urusak,
Urrikalmenduen Jaunak,
Egia ber-bera denak.
Nork ere bere laguna
Izanen bai du urrikari
Aitetan den hoberena
Urrikalduko zaio hari.
Eta emanen saria:
Bere miserikordia.
Beati mundo corde
Ala urusak bai dire
Bihotzaren garbitasunak
Kasik aingeruen pare
Egiten dituen gizonak!
Bizi dire urrundurik
Atsegin likitsetarik.

Bertuterik ederrenak
Plazer gozoz ditu betetzen
Garbien bihotz-barrenak
Eta Jaunarekin juntatzen.
Kastoaren golardoa:
Ikusiko du Jainkoa.
Beati pacifici
Batzuek armen indarrez
Etsaiak dituzke garraitzen;
Bere garaia ederrez
Eremuak urrun hedatzen:
Bainan anbizionea
Baino hobe da bakea.
Bakeak du deskantsua
Gure bihotzetan ezartzen
Eta bizi dohatsua
Munduan eraman-arazten.
Jainkoak baketiarrak
Deitzen ditu bere haurrak.

Beati qui persecutionem
Mundua maite dutenak
Munduak ditu lausengatzen;
Eta gizon justuenak
Etsaiak bezala tratatzen.
Bainan persekutatuak
Legez dire dohatsuak.
Persekutatzailetarik
Libratuko ditu Jaunak
Eta hekin penetarik
Eginen atsegin gozoak.
Hekientzat da egina
O! zeruko erresuma.
Jendek madarizionez
Kargatzen dituzten denboran
Eta persekuzionez
Jazartzen darotzuten hartan,
Orduan ditu gozoak
Beteko zuen gogoak.

Zerua bixtan harturik
Dolorerik handienetan
Ez da senditzen penarik;
Aitzitik zuen bihotzetan
Ezarriko tu Jainkoak
Kontentamendu osoak.

JAINKOAREN PRESENTZIAZ
(Dezagun kanta gogotik)

Abrahami Jaunak berak
Abisu hau eman zioen,
Egin zitzan bere obrak
Perfet izan nahi bazuen
Haren obedientzian
Eta haren presentzian.
Kristaua, nahi baduzu
Sainduki bizi mundu huntan,
Behar zare maiz orroitu
Jainkoa leku guzietan
Present dela egiazki,
Beira dagozula beti.

Zeruan eta lurrean,
Argian eta ilunbetan,
Gure bihotzen barnean
Bai eta gure arimetan,
Jauna beti present dugu
Beti begira dagoku.
Guk hur'ez ikusi arren,
Hark gu beti ikusten gaitu:
Ez du beraz nehork zeren
Haren ihesi abiatu;
Zeren beti guzietan
Edireten bai da betan.
Etsaiarekin guduan
Ari garen aldi guziez
Gure koroa eskuan
Heltzen zauku bere graziez,
Gure kuraiestatzerat,
Garaitia emaiterat.

Erregeren aintzinean
Gerlan ari den soldadua
Kausitzen da bihotzean
handizki kuraiestatua:
Animo handiagoak
Emaiten ditu Jainkoak.
Lausenguz eta dixiduz
Satan entseiatzen denean
Kristau onak enganatuz
Nausitzerat hekin gainean,
Jainkoaz dire orroitzen
Eta etsiak garraitzen.
Suzana nork du libratu
Krima itsusienetik,
Juje zahar korronpitu
Korronpitzaileen menetik?
Jainkoak bere graziaz
Eta bere presentziaz.

Ez gaitu nihork ikusten,
Erran zioten Suzanari.
Bainan ez ditu sinesten
Zeren baitzakien segurki
Jauna beti guzietan
Edireten dela betan.
Jaunaren presentziatik
Aldaratzen diren guziak
Laster inozentziatik
Dire krimetan eroriak,
Jaunaren ahantzmendua
Bai da krimen urburua.
Ez da progotxu erranez
Bekatua egin ondoan:
Ez nintzen orroit bazenez
Jainkorik batere munduan,
Hark ikusten ninduela,
Niri beira zagoela.

Zerua Jainkorik gabe,
Hura bixtatik galduz geroz,
Infernu bihur laiteke:
Ez laizte han ere glorios
Salbatu diren justuak,
Ez patriarka sainduak.

BIRJINA SAINDUAREN
KANTIKA
(Airea: Joan zait loa, joan zait jana)
1. Magnificat anima mea Dominum
Ez dezaket sekretuan
Iduk ene gozoa:
Erantzun bedi munduan
Ene bozkarioa.
Mundu guziak behar du
Ene baitan adoratu
Jainko egiazkoa.
2. Et exultavit, etc.
Aspaldian desiratzen
Zuten haur dibinoa,
Juduek idurikitzen
Zuten soberanoa
Gure bitima eginik
Sortzera doa niganik,
Gizon eta Jainkoa.

3. Quia respexit, etc.
Begi onez du behatu
Jaunak ene gainerat,
Errautsetik nau altxatu
Dudan diñitaterat.
Kreatura inutila,
Bere neskato umila,
Hautatu nau amatzat.
4. Quia fecit, etc.
Ikusirik ene baitan
Jaunaren botereak,
Egin dituen obretan
Holako fagoreak,
Beti nau ni laudaturen
Ondotik etorriko den
Jenerazioneak.
5. Et misericordia ejus
Mundu guzian haltoki
Da beti erantzunen
Zein miserikordioski
Jaunak tratatu nauen:
Haren miserikordiak

Fagoratzen tu guziak;
Ez du nihor berexten.
6. Fecit potentiam
Ona da eta justua
Beldurtien alderat;
Beti da disposatua
Umilen altxatzerat:
Urgulutsuak aitzitik
Kentzen ditu bihotzetik,
Egozten ifernurat.
7. Deposuit potentes
Munduaren kreatzea
Obra mirestekoa;
Bainan haren salbatzea
Miragarriagoa:
Lehen obran boteretsu,
Bigarrenean amultsu
Agertzen da Jainkoa.
8. Esurientes implevit
Beldur handiak jo ditu
Lurreko botereak,

Zeren Jaunak ganbiatu
Diotzoten zorteak:
Gatiboak soberano,
Soberanoak gatibo,
Ezarri tu legeak.
9. Suscepit Israel
Pobre umiliatuak
Ditu aberastuko,
Aberats urgulutsuak
Dutenaz gabetuko:
Ez baitu deusen eskasik
Nihork bere faltaz baizik
Sekulan sofrituko.
10. Sicut locutus est, etc.
Mundurat heldu den haurrak
Zeruko Aitaganik,
Israel, zure beharrak
Ikusten tu jadanik:
Lehen zure leinuari
Eman zion promesari
Ez dio ein faltarik.

11. Gloria Patri
Gloria Jainko Aitari,
Semeari gloria,
Izpiritu Sainduari
Zor diogun guzia
Bihur detzotegun beti:
Kanta dezagun haltoki
Hiruentzat gloria.

TE DEUS LAUDAMUS
Egun, Jauna, gure bozkarioak
Galdetzen tu leku guzietan
Kanta diten zure laudorioak
Himno eta kantiketan.
Beher huntan, o Aita eternala,
Egin tutzun ttipi ta handiek
Bere nausi soberano bezala
Lauda zatzaten guziek.
Zeruetan beti zure laudatzen
Ari dire zure aingeruak,
Zure baitan beti gozatzen diren
Zorion hartaz boztuak.
Serafinek bere laudorioa
Hitz xoil hautaz dautzute egiten:
Zeru-lurren Jauna eta Jainkoa,
Saindua zaituzte deitzen.

Betetzen tu zure majestateak
Zeru-lurrak, ibaiak, mendiak:
Argitzen tu munduko ilunbeak
Zure gloria handiak.
Etorkizun gizonentzat gordean
Zuk ditutzu profetak argitzen;
Hek ordainez, zeinek bere moldean,
Beti zaituzte laudatzen.
Bere nausi dibinoaren hitzak,
Haren obrak eta haren penak
publikatzen dituzten hekin bozak
laudatzen tu zuk eginak.
Bere odolaz fedea zigilatu
Duten martir oste miliziak
Ez dire ez laudatzetik baratu
Zure miserikordiak.
Orotarat sainduki hedatua,
Den Elizak leku guzietan
Aita, Seme, Izpiritu Saindua
Adoratzen ditu betan.

Zu Aitaren Seme haste gabea,
Jautsi zare zeruko tronutik:
Egin zare gure Salbatzailea
Denboran gizon eginik.
Zuk daukuzu, herioa goiturik,
Fededunei ideki zerua;
Mana zazu Aitaren eskuinetik:
Hura da zure lekua.
Egun batez zure majestatean
Zarenean jujatzerat jautsi,
Orroit zaite gu zure odolean
Ginitutzula erosi.
Otoi, Jauna, zure sainduen balsan
Salba zazu zure populua:
Zure primu hautatuen erronkan
Dela benedikatua.
Gida zatzu beti bide onetan,
Altxa zatzu zure gloriarat,
Etor diten egun eternaletan
Fin gabe zu laudatzerat.

Otoi egun gaituzun urrikari;
Izan zazu gutaz pietate;
Ken etzozu indarrak etsaiari;
Bertzela galduak gare.
Zureganik uste dut on guziak,
Zuk zeronek promesak emanik.
Fida banaiz, zure probidentziak
Ez daut eginen faltarik.

JONDONI JOAN BATISTAREN
LAUDORIOTAN
Mundu galdu hau errepartzeko,
Kristo, lurrerat etorri zaizkigu.
Egun Batista ongi laudatzeko,
Garbi gaitzazu.
Lehen profetek erantzun bazuten
Jin behar zela, Joanez mundurat
Egun heldu da Jaunari bideen
Preparatzerat.
Profeta baino gehiago zare;
Jesusek berak hala du jujatu.
Eta hark zaitu mundura jin gabe
Benedikatu.
Mundu guzia, erran zen bezala,
Zure sortzeak du alegeratu.
Aita mutua zutaz berehala
Hula mintzatu:

Zu, ene haurra, Jaunaren profeta
Deituko zare. Zuk behar diozu
Jaunari egin populu perfeta
Eta argitu.
Zeren beldurrez zoaz deserturat
Xartal et'ezti salbaia janari?
Zure burua mortifikatzerat,
Ura edari!
Kamelu-bilo batez beztitua
Ezantza lurra, zerua estalgi,
Zu hain handia eta hain saindua
Zaude umilki!
Ur bazterrean zure predikuak
Aditzaileak zituen hertxatzen
Penitentziaz bere bekatuak
Borra zitzaten.
Guziz saindua, Jesus dibinoa
Heldu da, Joanes, zure oinetarat
Hobendun gisa zure bataioa
Galdegiterat.

Obedi zozu zure nausiari;
Hola nahi du osoki konplitu
Zer ere bai du Aita justuari
Berak agindu.
O zer fagore, nolako gozoa!
Ikusi duzu Jesusen gainerat
Zerutik jausten iduri usoa
Izpiritu bat.
Izpiritu hark dautzu irakatsi
Bixtan duzula Jaungoiko Semea,
zuk munduari erriz erakutsi
Salbatzailea.
Ez zaitzu aski bizitze sainduaz
Zure fedea bixtan eman arren,
Zure odolaz, haren zigiluaz
Duzu markatzen.
Aitzindu zaizko zure nausiari
Heriotzeaz, sortzeaz bezala:
Lekuko eman haren egiari
Zure odola.

Martiren palma duzu irabazi
Apostoluen bai profeten baltsan,
Hiru koroa betan ardietsi
Parabisuan.
Aintzingidari saindua, zuk egun
Atzar gaitzazu gure lokumatik,
Zure bozari obedi dezagun
orai beretik.
Mintzatu zazko noizbeit Herodesi
Haren bihotza nahiz konbertitu:
O guri ere zer ez den zilegi
Oihu eiguzu.

ERREGERENTZAT OTOITZA
(Airea: Zerutik jautsi ziren bitima garbia)
Printze desiratua monarken monarkak
Denbora guzietan eman ditu markak
Ekarri zaituela bere bihotzean
Eta kuraiestatu aflikzionean.
Zure otoitz kartsua den beti entzuna,
Jakopen Jainkoari eiten diozuna:
Haren izen sainduan duzun fidantziak
Ardiets bietzazu zeruko graziak.
Bere tronu saindutik zure beiratzeko,
Behar tutzun laguntzen zuri emaiteko,
Beti zure gainean diren idekiak
Zuk adoratzen duzun Jaunaren begiak.
Altxatzen diotzozun aldaren gainean,
Hetan ofritzen zaion bitima garbian
Jaunak aurki dezala behar den guzia
Egun desarmatzeko haren justizia.

Bihotzean ditutzun desira handiak,
Jaunak inspiraturik hartu deseinuak
Uruski konplitzeko dizula grazia:
Benedika dezala zure fidantzia.
Gure bozkarioa da seinalatuko,
Jauna, zure izena dugu laudatuko,
Eman diozunean gure erregeri
Zur'amodioaren zenbait marka berri.
Jauna, entzunen tutzu zure gantzutuak,
Egun oroz egiten dauzkitzun botuak;
Orduan deraukuzu klarki frogatuko
Botu egin duzula haren salbatzeko.
Bere etsaietarik duzu beiraturen
Edo hekin gainean garaia emanen.
Hek bere zaldietan dute fidantzia;
Bainan guk zure baitan dugu ezarria.
Umiliatzen duzu hekin urgulua
Altxatuz gure printze umiliatua;
Hek eroriak dire sustengurik gabe,
Eta gu altxatuak beti xutik gaude.

Jauna, kontserba zazu zure gantzutua,
Emozu bizi luze eta dohatsua:
Eta denen buruan zeruko gloria.
Emozu otoitz huni zure beharria.
Amen.