Neure lau urteko ibillerak - 5

Bidarte'ko aldatza astean, al ebanak al ebana emoten
asi giñan. Gora orduko, alkarreri alde galantak kendu
geuntsazan. Irazoki abizeneko napar gazte bat eldu
zan lenengo ta, abiadea gitxituaz, itxaron egin eustan.
Alkartu giñanean, Rafael etorrela ikusi genduan; eta
ari biok itxaron geuntsan eta irurok batera joan giñan.
Besteak ez genduzan ikusi, Baiona'ra eldu ziran arte.
Izentau dodazan irurok alkarregaz giñoiazan estutasun barik, eta alako baten gazte batzuk abiada
bizian igaro jakuzan albotik. Ori ikusirik, nire lagunak
bizkortu egin ziran, eta besteakaz batu ta eurekaz
joan ziran. Ni, barriz, ezin izan nintzan batu, alegiñak
egin arren; eta Baiona'ra arteko bide guztia euren
atzetik egin neban, bakarrik, berrogetamar-eun neurkingo atzerapenagaz.

Ler eginda geratu nintzan. Baiona'n, beti lez, ibai
ondora joan giñan, senide ta lagunak nituan itxasontzi
ondora. An, moilla gaiñean kontu-kontari gengozala,
larrialdia eldu jatan. Ezin nintzan zutunik egon eta
lurrean jarri (jezarri) nintzan. Baiña jarrita be, ezin nintzan egon eta neukan luzera guztian etzin nintzan. An
egozan lagunak zer ete neukan begira; baiña une
bateko ondoeza izan neban. Miñutu bat edo beste igarota jagi nintzan. Geiago ez neban ezer izan. Txirrindulariak izan oi dabeen, erderaz desfallezimentua edo
esaten dana zan; lengo nekien ondorena.
Gero, etapearen azkena izango zan belodromora
joan giñan. Ordainduta zan sarrerea. Ikuskizun politak
ipiñi euskuezan. Ia guztiak txirrindularien esprinteko
lasterketak.
Amerikana erako lasterketea egiten ziarduela,
bat-batean kanpaia joten asi ziran, larri-larri. Itxurea
zanez, Prantzia'ko Birako txirrindulariak gaiñean ziran,
uste baiño askotaz lenago. Amerikana egiten ziarduenetako bat, alboratu ta geratu egin zan; beste alderdian joian txirrindulariak, jarraitu egin eban eta eldu
arraiara. Ta sartu zan belodromoan txirrindulari bat,
lenen etorrena, ta jendearen txalo artean igaro zan.
Danok itaun bat egiten genduan, bardiña:

– Zein da?
Iñok ez eban erantzuten, iñok ez eban ezagutzen
da. Jendea marmarrean asi zan, eta laster jakin genduan zer jazo zan. Belodromoan alako zalaparta sortu
eban txirrindularia, ez zan Prantzia'ko Birako lasterketaria, arpegi andiko lotsabako bat baiño. Sartu zan
atetik bertatik geratu barik joan zan. Nik uste dot, gau
aretan espetxean lo egingo ebala. Merezi eban beintzat.
Etapea zeiñek irabazi eban ez naz gomutaten; ez
zan entzute andiko txirrindularia. Maillot oria zeiñek
eroian bai, gogoan daukat: Leduquc ospetsuak.
Gu Prantzia'ra joan giñanean, «laisser passer» izeneko agiria emon euskuen. Agiri axe zan an balio euskun bakarra. Beti aldean erabilten genduan; geienetan galtzen atzeko poltsikoan, karteran edo olako iñun
sartu barik. Ta bein, ixiko Maria, galtzak garbitzean,
poltsikoan zer neukanik ez zan konturatu ta agur nire
«laisser passer» agiria! Ezetarako ez zan paper zarra
geratu zan.
Derriorrekoa neban agiri a, ta beste bat egiteko
oinkadak emoten asi nintzan; ta argazki bat eroan
eragin eusten poliziakoak, eta andik iru-lau egunera
an neukan gertu barria.

Ez nintzan asko poztu beragaz, eskuetara emon
eustenian. Beko ertzean, eskuz idatzita, itz pilloa
eukan. «Situation précaire»n edo ei nengoan, eta au
ta bestea. Prantzia'n poltsiko utsekoari txarto begiratzen eutsela ba-nekian, eta itz orreik nire ustez ezeukia edo nintzala esaten eben eta kendu nai nituan.
Gaiñera, ez zan egia, orrenbestean beintzat, nire ezeukia; bada bear nebana Lorentzo koiñatuak bialtzen
eustan. Orduan be baneukazan dozena erdi libra
esterlina. Ta berba orreik kendu naian asi nintzan,
bateri ta besteari itz egiñaz. Ain zuzen, aldi aretan,
Scola, Ondarru'ko nire nagusia ta andrea andik igaro
ziran, eta ostatuz egon zan hoteleko nagusia Donibane'ko ziñegotzia zan eta beragaz berba egin neban.
Ikusi eban agiria. Berba areik ez eukela ezer garrantzirik esan eustan; baiña ezer jazoten bajatan, beragana
joateko.
Ziburu'ko erri idazkariarengana be jo neban; ta
gero, Donibane'ko erri zaiñen buru egiten ebanarengana, ondartzan ezagututa geunkan bere semearen
bitartez. Danengandik berba bardiñak entzun genduzan. Agirian ziñoanak ez ninduala txarto ipinten,
berba areik garrantzirik ez ebela; baiña ezer okerrik
izaten baneban, eurakana joateko, pozik lagunduko

eustela ta. Iñok ez eban nai poliziakaz sartu. Ba-ekien
kontixu alperrik zana; edo euren arazoetan iñor sartzea, oneik txarto ikusiko eben gauzea izango zala
uste eben.
Ori ikusirik, burua makurtu egin bear izan neban,
«datorrena datorrela» esanda.
Milla bederatzireun eta ogetamazortzigarren urte
aretan, guda odeiak illuntzen eben Europa. Hitler'ek,
berak nai eban guztia emon ezik gudea sortuko
ebana, garbi ikusten zan. Ta ezin emon eitekion nai
eban guztia, mundu guztia emon ezik a asetzekorik ez
egoan da.
Uda aretan Ameriketara joateko burutasuna ipiñi
eusten. Ara zelan izan zan:
Gu ez giñan sekula ardandegi ta kafetan sartzen;
baiña gure lagun Ixidor'en anaia Manuel, errefujiatuak
batzen ziran kafe-etxe batera joaten zan; eta, guzur
eta egi, ainbeste kontu jakiten eban. Ta aretxek esanda, Venezuela'n arrain lantegi bat ipinteko zirala jakin
eban Ixidor'ek; eta bear bada gutzat lana izango zala
bertan, eta araxe joateko bideak egiten asi bear giñala ta berotu ninduan.
Ixidor'ek, edo obeto esanda bere sendiak, arrain
lantegia eukan Ondarru'n, eta berak antxe lan egiten

eban. Nire zeregiña be orixe zan, eta gaur be bai;
arrain lantegiko langillea nintzan.
Len esan dodan lez, Europa'n ez egoan gauza onik
eta gertu jarri nintzan Atlantiko itxaso andiko urak igaroteko. Venezuela'k Prantzia'n eukan enbajadore jaunak, antxe Donibane'n udea igaroten ei eban, eta
araxe joango giñala esan eustan nire lagunak.
Aranguren zan enbajadorearen abizena eta, gero
berak esan euskunez, orain irureun urte joan ei ziran
Ameriketara bere aurrekoak.
Egia esan, nik neuk gogo gitxi neukan era aretan
iñora joateko. Guk Ondarru'n lan egiten genduan
arrain lantegiak guztiz atzeratuak ziran, iñora ezer irakastera joateko; gaiñera, guk ezagutzen ez genduzan
arraiñakaz lan egin bearra izan eitekean an. Baiña
nire lagunak ez eukan olako kezkarik; len be, arrain
txikiak eskabetxe eran egiten, ni baiño oituago egoan.
Ta aren gerizara ez neukan bildurrik.
Olan, bada, Aranguren'ek Santa Barbara auzoan
eukan txaletera joan giñan goiz baten Ixidor eta biok,
bere anaia zarra, Manuel, gure zaintzaille lez genduala. Etxe barruan sartu ginduzan, eta patxadan jarri ta
nai beste berba egin genduan. Nik neuk ez asko. Ez
ekiala berak arrain konturik esan euskun, eta arraiña

kontserbatea zelan zan idatziz agertzeko, gero berak
ara bialtzeko, gure zerbait ikusi eien bere aberrian.
Tekniko lez agertu zan Ixidor, eta ni esku langille lez;
beraz, Ixidor'eri zegokion idatz-lana egitea. Ta egin
eta eroan eban.
Gurari bizia eukan Ixidor'ek Venezuela'ra joateko;
ames andiak egiten zituan. Etorkizuna antxe moldatu
eikeala ikusten eban.
Egunak aurrera joiazan eta an gengozan ea zer
erantzun elduko jakun. Egun baten, apal ostean, jan
ontziak garbitzen niarduala, ate otsa izan zan osaba
Donato'nean. Nor ete zan atea iragi geuntsan, eta
enbajadorearen txoperra zan nire itaunka. Eskaratzean sartu genduan, eta enbajadorea neukala zain
kanpoan esan eustan. Zeatzago esateko, «El señor
ministro le espera» esan eustan. Biotza taupadaka asi
jatan, eta eskuak legortu ta aurreko amantala kendu
ta urten neban. Beribil barruan egoan bera, Agorette
kaleko Gouchour Baita (Guzur Baita) etxetxoaren
aurrean. Agurtu ta gero, nitzat baietza etorri zala
Venezuela'tik esan eustan, eta urrengo egunean bere
etxera joan neinteala, gauzak obeto jakitera. Orduan,
Ixidor'entzat zer barri egoan itaundu neutsan. Onentzat ezetza etorri zala erantzun eustan, teknikotzat,

gu baiño len aurkeztu zan Ituarte abizeneko getariar
bat aukeratu ebela ta.
Lur jota laga ninduan albista arek. «Agur nire
Venezuela'ra joatea!» nire bostean esan neban. Jakiña, enbajadoreari ezer ez neutsan esan.
Joan zanean, bereala Ixidor'engana joan nintzan.
Ordurako oean sartuta egoan. Zer jazo zan esan neutsanean, «Galdu nazu!» esan eustan, buruari esku
biakaz elduta.
– Nik galdu? Nigaitik aske daukazu bidea, joan nai
badozu –erantzun neutsan.
Andik etxeratu ta eskutitza idatzi neutsan enbajadoreari: Egia zala arrain lantegiko langillea nintzana,
bizi guztian orixe izan zala nire zeregiña ta. Baiña Ixidor barik ez niñoiala, bada an zer erakutsi gitxi neukala. Ta parkatzeko nigaitik egin bear izan zituan lan eta
aruntz-onuntzak.
Gau aretan bear bada lo asko ez neban egingo,
baiña Ixidor'ek gitxiago. Au biaramon goizean Aranguren jaunarengana joan zan. Ta ain zuzen, bera antxe
egoala artu ei eban enbajadoreak nik egin neutsan
eskutitza.
Nire errian ea zer irabazten neban itandu ei
eutsan enbajadoreak Ixidor'eri.

– Zortzi laurleko inguru eguneko.
– Eguneko zortzi laurlekogaitik lagaten dau Venezuela'ko etorkizuna? Gizarajoa!
Nitzat ekarri eban itunbena auxe zan: Arunzkoa
ordaindu ta urtebetean eguneko iru bolibar. Gero jakin
nebanez, ez zan irabazi andia; baiña beintzat, Europa'ko ekatxari iges egiteko erreztasuna zan.
Baiña zerbait nintzala ta ara joan eta lotsagarri
geratzea baiño, edozer be naiago neban eta ez nintzan joan.

ETXEDOIA
Udearen azken aldian, barri pozgarria eldu jakun.
Euskadi'ko Gobernuak, gero errefujio izenagaz ezagutzen genduzan etxeak ipinten zituala Capbreton'en
eta Itxasu'n, laguntza bearrean arkitzen ziran emendik ara joandako euskaldunentzat. Duan egongo ziran
bertan.
Gutzat be ondo etorren a, ta ara joateko bideak
egiten asi giñan. Kepa, Paulo Soxu'ren semea, joan
zan lenengo. Au orduko gugana etorrita egoan osaba
Donato'nera, ta zortzi-amar egun gugaz egin zituan.
Zokoa'ko ondartzan Albizu abizeneko elgoibartar bat
ezagutu genduan; eta Itxasu'ra joan nai genduala
jakin ebanean, bere anaia ango zuzendariaren laguna
zala ta lagunduko euskula esan eban. Ta alan, bere
anaiak eskutitz bat egin eban, ara elduten giñanean
zuzendariari emoteko. Iragia (idekia) zan eskutitza ta
irakurri egin genduan. Gu koitadu batzuk baigiñan
idazten eutsan, laguntza premiñan arkitzen giñanak.
Ez jakun atsegin izan ain koitadutzat artzea, ta apurtu
egin genduan eskutitza.

Kepa'ren urrengo, Teodoro ta Rafael andia biak
joan ziran. Ni ez naz gomutaten zegaitik, baiña egun
batzutan ezin nitzan ara joan.
Joateko eguna eldu jatanean, lagun batzuk zain
neukazan agur egiteko Ziburu'ko enparantzan, pelota
toki ondoan. Ezin itxi arte beteta neukan maletea, txirringa atzean lotu neban, eta asi nintzan joaten. Atzeko zama a guztiz arrotz egin jatan, ta batera ta bestera giñadaka asi nintzan, paillazoak zirkuetan egiten
dituen antzeko zirkiñak egiñaz, noiz jausiko. Geratu
egin bear izan neban. Nire lagunak egin zituen
barreak orduan!
Neu be barrez nengoan, baiña naikoa buruaustegaz, ezingo nintzala joan da. Lagunak baiña, baietz
eta baietz, erreza zala ta barriro asteko, esaten eusten. Ez neukan beste biderik eta, bildurrez bada be,
asi nintzan. Baiña bigarren onetan ez nintzan okertu,
kontu andiagaz asi nintzalako kontixu, ta lagunai agur
esanaz aldendu nitzan andik. Itxasu'ra arteko bidea
txirringatik jatsi barik egin neban, ezta aldatzetan be.
Itxasu'n, gure bizi tokia Etxedoia izeneko etxe andi
bat zan. Gu joan giñaneko, berrogei bat lagun bizi
ziran an, geienak mutil gazteak. Zubizarreta'tar Iñazio, bergarar adiñeko gizona, zan zuzendaria. Geroa-

go, Etxebarria'tar Bitor, bilbotar gaztea, etorri zan
kontulari. Abadea ta osagillea be ba-geunkazan, eta
andrazko bi garbiketarako.
Arratsaldean, egunero etxean bertan agurtza
otoitztu ta ebanjelioa edo erlejiñoiko beste gairen bat
azaltzen euskun abadeak. Etxean gengozanean, geienok joaten giñan agurtza orretara.
An gengozan gaztediak, emoten euskuen beste
ainbeste errez jango genduan; eta jardiñean gengozala jaterako «tan-tan» deia joten asten ziranean, laster
zirkin egiten genduan.
Gudan ibilli ziran mutillak, gu ez beste guztiak, ez
egozan ikastetxeetako edo gudari etxeetako disziplineagaz egoteko, ta zerbait marmarra izan zan. Ta
Etxeberria'tar Elias, abaro etxeen arduraduna, donostiarra bera, etorri jakun, ta sermoitxo bat modu onean
egin euskun.
Baten, maian aurrean neukan Kelmen izeneko
elantxobetar mutil gazteak, nire aurka berba egin
eban; ni, gudan ibilli ez nintzalako, euren ondotik bialdu egin bear ninduekela. Gogor erantzun neutsan eta
bertan bera amaitu zan dana.
Erriz-erri kontuan artuta, ondarrutarrak giñan
geien Etxedoia'n; ia ogei ba-giñan. Gu iru lengusuok

eta beste bat kenduta, danak arrantzaleak. Getariarrak, lau arrantzale ta baserritar bat egozan. Euretatik
bat Larrañaga abizenekoa. Gizajo au, urrengo neguan,
Getaria'tik arrantzan ebillela, beste iru anaiakaz batera ito egin zan. Bizkaitarrak ba-ziran merkante itxasontzietako piloto ta kapitan, iru-lau. Aitatu dituanetatik kanpora, danetarikoak ziran: arrantzale, baserritar,
langille ta abar.
Zer egiñik ez geunkan eta eskola apur bat ikasteko erea ipiñi euskuen. Batzuk lenengo maillako ikasketea ta besteak kontabilidadea. Neu be bigarren sail
onetan ibilli nintzan. Irun'go Orbegozo'tar Benito zan
irakasle gugaz. Illa batzuk egin genduzan; eta bein,
azkenean, egin genduzan balanze ta liburuak itxi edo
zarratzea.
Gero aspertu-edo egin giñan irakasle ta ikasleok.
Edo, zuzenago esateko, beste buruauste batek kezkatzen ginduzan: gaiñera etorkigun gudeak.
Denpora eroangarri, beste zerbait be asmau genduan lengoaz gain lenengotik: abesbatza. Abesbatz
onen zuzendari be Orbegozo zan. Bere lana erreztuteko, ondarrutar birek laguntzen geuntsan: Azpiri'tar
Joakiñ'ek lenengo tenor saillari erakusten eutsan, eta
nik bigarren tenorrai. Ta berak, Orbegozo'k, baju sai-

llari. Besterik ez egoan an, solfeoa ekienik, notak ezagutu-edo izan ezik. Baiña nai aiña asti geunkan ikas
saioak egiteko, ta polito ataraten genduzan abestiak.
Meza bi ikasi genduzan, biak Perossi'renak: Iru
abotsetakoa ta Requiem'goa.
Mezea abestuteko, Beobide abizeneko bat etorri
jakun organua jotera. Abizen ori eukan ereslari naikoa
ospetsua ba-zan orduan Gipuzkoa'n; baiña gugana
etorten zana beste bat zala uste dot. Baten, elizan
bertan saioa egiten geniarduala, geratu eragin euskun
didarka; bigarren tenorrak nota bat txarto egiten ei
genduan. Alantxe zan. Neu nintzan alan irakatsitakoa.
Meza oso bitan nota bat bakarrik txarto artu ta irakastea ez zan lan txarra.
Nik Perossi'ren iru abotsetakoa Ondarru'n entzuten neban, eta osorik artuta ezaguna neban; baiña
Requiem'goa bein be entzun barik nengoan. Gero
jakin nebanez, lenengo maillako edo Primera'ko illetetakoa ei zan. Ta nire senideen artean Primera'ko illetarik iñori ez jakon egin, eta orduan oraindik ez nintzan koruko abeslaria ta ezin ezagutu. Bakarrik Dies
Irae ezagutzen neban, Domuru Santu egunetan-da
abestuten zalako.

Bi edo iru bidar mezak abestu genduzan bertan
Itxasu'n. Bat, Requiem'goa, milla bederatzireun da
amalauko gudearen ez dakit asierea ala amaierea
ospatzeko izaten zan egunean. Beste abestiak, euskal
abestiak, Itxasu'n, Kanbo'n eta Baigorri'n be abestu
genduzan. Emen, mezea be bai kontixu. «Kalez-kale»
abestuteko, Orbegozo berak txistua joten eban eta
bere ordez Azpiri'k abesbatza zuzendu.
Baten, Getaria'ko abade bat etorri zan saioa
zuzentzera, ezer okerrik bageunkan zuzentzeko
asmoz. Bere abizena Aranburu zala uste dot, baiña
onezaz ez nago ziur. Ni ez nengoan Itxasu'n egun aretan. Zerbait zuzendu ebala esan eusten.
Errefujio etxean agintari edo arduradun ziranak,
geuri lana emoteko bidea asmau eben; abarketak
egite lana. Beste errefujio etxean, Capbreton'en, ekiten eutsela lan orri jakinda gengozan; ta abarketak
egiteko mai pilloa ekarri eben Etxedoia'ra. Baiña ango
gazteak, askok, lan orretan asteko gogorik ez euken;
iñok ezin eikezala lan orretara beartu esan ebenak
izan ziran. Eta jendearen gogorik eza nagusien belarrietara eldu zan nunbait; beintzat, bertanbera amaitu
zan gauzea. Ez euskuen ezer esan lan orrezaz.

Nik neuk pozik elduko neutsan lan orri, zerbait
ikastearren be, nire arrain lantegiko –nirea ez– lan
zikiñagaz aspertuta nengoan da. Baiña ikasi baneu be,
alperrik izango zan, gaur alako abarketarik iñok ez
dau erabilten da.
Euskerarik ez ekien bilbotar batzuk, edo Bilbo
ondokoak, egozan Etxedoia'n. Ta zarauztar bat, Etxabe, maixu ebela, ikasten asi ziran. Baiña orixe, asi
bakarrik; bada astebeterik ez ebela iraun uste dot.
Baiña baziran bi, euskera ikasteko benetako zaletasuna eukenak. Nik uste dot, euren errietan bizi ziranetik
ibilliko zirala arazo onetan. Bat bilbotarra zan; bere
izen abizenakaz ez naz gomutaten. Frankotar gudaria
zala, Naparroa'ko mugatik iges egin eban. Bestea Areneta'koa (Las Arenas), Abelino Gonzalez Zulaika izen
abizenez; itxastar gaztea, nautikoa, gitxi moduko
mutil zintzoa.
Oneik ez eben nai izaten guk, erriko euskerea
baiño ez genkianok, eurai ezer irakasten asterik, txarto irakatsiko geuntsan bildur ziran da. Ni orduko asita
nengoan euskal asterokoetan idazten, eta eurakaz
musturra sartu naian egoten nintzan. Baiña arek ez
ekien nire euskera zaletasunaren barri, ta nigaz be
ezer ez eben nai.

Bein, zer egiten eben zelateka begiratu neutsen,
eta euskaldun belarriak iñundik ontzat ezin emon
eikean utsa euken idatzita. Nik orduan eurai:
– Eso está mal. Se escribe así y así.
Euretako batek:
– Y ¿dónde metes el artículo?
Ta nire erantzuna:
– Y ¿qué es artículo?
Ara or, ni zenbat nintzan gramatikan. Artikuloa zer
zan be ez nekian.
Ez dakit jazoera onek eraginda ala berez, andik
laster gramatikea ikasteari ekin neutsan; artikuloa,
pronombrea, aditza ta abar zeintzuk ziran ezagutzen
asi nintzan. Gero, neure jira-bira guztiak eginda etxeratu nintzanean be, jarraitu neutsan zeregin oni apur
baten. Baiña gramatikan nik ikasi al izan dodan guztia, edozein amar-amabi urteko umek dakiena baiño
geiago ez da izan.
Edonun be, mutil gazteak ondo ikusiak izaten dira
neska gazteen artean. Mutillak eurak be, bein etxetik
alde egitean, nesken adiskidetasuna gogo andiz billatzen dabe. Ta neskentzat ez dago atzerritar mutillik
eta erritarrik. Itxurazko mutilla bada, edonungoa izan-

da be, atsegin izaten jake. Egia, mutillai be bardin
jazoten jake neskakaz.
Itxasu'n be, Etxedoia'ko gazte batzuk ango neskakaz adiskide ziran. Bein, illuntze baten, bateon batzuk
arrika egin euskuen sasi artetik, Kanbo'tik gentozala.
Arriketa andia ez zan izan; iru-lau arri txiki jaurti euskuezan, eta aringa-aringa txikia egiñaz iges egin genduan. Baiña beste lagunai gogorrago ekin eutseen;
baekien kontixu areik zirala nesken adiskideak. Ta ori
gitxi bailitzan, igande gau baten, gaberdian, Etxedoia
ondora etorrita, didarka ta ate joka nabarmen ibilli
ziran liskar billa. Jakiña, ez geuntsan jaramonik egin.
Nik, egia esateko, ez neban ezer entzun. Beti be
lenengo loa gogorra izaten dot.
Kontixu, jazoerok ango bikario jaunagana eldu
ziran, eta igande baten, mezatan, gure alde gogor
berba egin eban. Gudea zala-ta etxetik alde egin bearra izan genduanok ondo artzeko, arren, eskatu
eutsen bertakoai. Eurak eta gu bat giñala odolez, bat
mintzairaz, bat fedez.
Geiago ez genduan ezer izan angoakaz.
Bein, Basarri bertsolaria euki genduan. Ondarrutarron artean ba-ziran bere adiskide ziranak, eta ekarri

bear ebela-ta ebiltzan beti. Ta lortu eben baten euren
guraria, ta an euki genduan egun guztian.
Bat bateko bertsorik ez eban bota, edo ez naz
gomutaten beintzat; baiña alan da guztiz be, atsegiñez egon giñan berari entzuten; esan euskuzan milla
kontu. Bertso zarrak be abestu euskuzan. Euren
artean, Otaño'ren «Lagundurikan danoi» izenekoak.
Orduantxe entzun nituan lenengo aldiz. Bere doiñua
ordurarte sekula entzun barik neukan, eta arrezkero
be ez dot entzun; berari, Basarri'ri be, ez dautsat
entzun, bertso orreik abestutean. Ta doiñua buruan
artzen bixkorra ez banaz be, ori betiko gomutan geratu jatan, eta orain ainbeste entzuten diran bertsook
doiñu aregaz abesten dodaz.
Naiago neban euki ez baneu neukan txirringa
zarra, ernegaziñoia emoteko baiño ez zan da. Danai
laga bear; ta beti eukan norbaitek joan bearra batera
edo bestera. Eskatzen eustanari betozkorik ipinten
baneutsan, «anaitasun» berbea aitatuko eban. Baiña
txirringak ezer okerrik izaten baeban, lepoa (bizkarra)
jasoten eusten. Txori-txiki batik iñok ez eukan, eta
arei ezer ataratekorik ez egoan.
Bein, bilbotar gazte batek «ocho» eginda ekarri
eustan aurreko burbilla. Gazte a, Libe antzezlanean,

mutil txikia egiten ebana ei zan. Alantxe zan izan be:
txiki-txikia. Ogei urte izango zituan eta amabi-amalau
urteko mutilla baiño andiagoa ez zan. Raspa ezizenez
ezagutzen genduan.
Bein, uste barik, Zubikarai'tar Agustiñ'en eskutitza
eldu jatan Endaia'tik. Ta barruan argazki bat. Kanjeau
edo trukatako izparkariak ziran. Bera zan bakarrik
euskal idazlea edo euskera idazlea. Egun areitan
mugea igarota egozan.
Biaramonean, beste baten txirringa arturik, joan
nintzan beragana. Neurea, orduan be, zerbait atxakigaz neukan. Pozik alkar besarkatu genduan, eta nai
beste kontu esan. Agintzen eutsena egin bear eta Bartzelona'ra joateko ustean egozan. Ez zan orduan denpora egokia ara joateko, gudearen amaia gaiñean
ikusten zan da. Ta ez ziran joan. Urrengo, ordutik illa
batzutara, Larresoro'ko osatetxean ikusi neban, ebakuntza eginda egoala.
Itxasu'tik Endaia'rako ostereak larogei kilometro
inguru ditu; ta orduko ibillaldia, piñoi desegokiagaz
joan nintzalako-edo, astun egin jatan. Ta etxerunzkoan, azkenerako indar barik geratu nintzan; eta Ezpeleta'ra eldu nintzanean, aurrera joateko gauza ez ta bertan geratu ta ala olako jatetxe baten apaldu egin bear

izan neban. Ezpeleta'tik Itxasu'ra bost kilometroko
bidea baiño geiago ez izan arren, derriorrean egin
bear izan neban apari a, neukan auleriagaz ikusi be ez
neban egiten da.
Beste bein, Donibane Garazi'ra joateko gogoa etorri jakun eta txirringaz joan giñan iru lagun: Arrizabalaga'tar Joseba, ondarrutarra bera; nire lengusuetatik
bat, Teodoro uste dot, eta neu. Lengusua ta ni erri
aretara sekula joan barik gengozan.
Joan giñan bada bazkal oste baten; eta, an denpora apurra egin ondoren, ba-gentozan. Alako baten,
bat-batean, ikaragarrizko zaratea etorrela atzetik sentidu genduan. Zerbait gaiñera etorkigula ikusi genduanean, beste biak bizkortu egin eben eroen abiadea; nik, barriz, eskumatik ondo niñoian arren, zaratea be eskuma aldetik etorren eta, atzera begiratzeko
asti barik, oso-osorik ezkerrera biurtu neban txirringea, baiña zearka niñoiala zapalduko ninduan bildurrez. Ta itsumustuan egin neban zearkako aregaz,
bide baztarrreko orma txiki edo petrilla jo ta bidez
kanpora jausi nintzan, atxen edo arri andien gaiñera.
Ibaia egoan irulau neurkin berago. Jausi ta geratu nintzanean, jakin neban zarata a zelan izan zan: bultzia
etorren gure eskumatik, bide-zabala joten.

Alderdi a ezagutu bagendu, igarriko genduan atzetik etorrena bultzia zala; baiña burnibiderik egoanik
be ez giñan konturatu; edo konturatu bagiñan be,
orduan aztuta geunkan eta an bultzirik ibilli eitekeanik
ez jakun bururatu. Ta bat-batean geu zapaldu bearrean atzetik sartu jakun zerbait zaratatsu a, gaiñera
etorkigun kamioi andiren bat-edo zala iruditu jatan.
Jakiña, zaratea, kamioiarena baiño askotaz andiagoa
zan; baiña zer izan eitekean, bada, bidea betean etorrena?
Bultzi gidariak, gure ikarea ta zirkiñak ikustean,
barre be egingo eban.
Geuk be egin genduan lenengoan. Baiña laster
joan jakuzan barreak! Jaustean, ebagia egin neban
orkatilla onduan. Ez zan andia. Iru zentimetro ingurukoa, baiña bildurtzeko aiña odolek urteten eustan.
Sudur zapiagaz aztala estutu eusten, odol-ustu ez
neintean.
Albait ariñen zerbait osaketa egitea komeni jatan,
baiña ez etorren beribil batik be, lenengo errira eroan
nindeien. Ta errira joan eiteala esan neutsan Joseba'ri, ta besterik eziñean tasisa ekarri eiala. Joan zan
bere txirringan eta bereala biurtu zan; andik laster
baserri bat ei egoan. Ta berak lepoan artuta eroan

ninduan. Etxekoandreak urten euskun eta zinka andi
baten ura, ta izara (maindirea) edo olako zar bat zatituaz, borondaterik andienagaz nire zauriari lenengo
osaketea egiten alegindu zan. Garbitu ta lotu eustan
zauria, ta geratu edo erdi geratu jatan odola. Beraz,
nasaitu nintzan.
Ni etxerako bidean ipintea palta zan bakarrik. Ta
ez zan erreza izan axe. Min artu ta ordu erdi igaro zan
lenengo beribilla agertu zanera. Etxekoandreak berba
egin eutsen prantzesez beribillekoai, ea Itxasu aldera
joiazan eta eroango ete ninduen. Emakume gazte bi
ziran, ni baiño zartxoagoak. Erderaz polito ekien eta
ixildu barik joan giñan bide guztian. Etxedoia'ko atean
laga ninduen.
An geunkan osagilleak, granpakaz josi bear zala
esan eustan; eta ez eukazala ta ekarri egin bear zirala. Baiña orkatillan markea geratu edo ez, garrantzi
gitxiko gauzea zan eta josi barik geratu jatan.
Nik an egin neban urtebetean lagun asko igaro
ziran Etxedoia'tik. Geienak betikoak giñan; baiña
sartu-urtena be naikoa ibilli zan.
Milla bederatzireun eta ogeta emeretziko uda
aldera etorri zan agure batek, beratzaz zerbait idaztea
merezi dau. Bizkaitarra zan, ez dakit zein alderdita-

koa. Irurogeitamabost urte inguru izango zituan.
Lepoa apur bat aurrera okertua. Baserri semea izan
eitekean, baiña baserrian lan asko egiteko ilustraduegia zan. Ez dakit zer ekian, baiña danetik ulertzen
eban itxurea emoten eban. Jakiña, danetik be asko ez;
edo, obeto esateko, iñundik be ez asko.
Ango elizako edo erriko erlojuak ez eban ordurik
joten, Jaungoikoak daki noiztik. Ta berak alakoak lenago be konponduta egoala ta a be ipiñiko ebala-ta asi
zan. Bikario ta alkateagaz berba egin eban kontixu.
Danak ondo artu eben bere asmoa. Ta bateko zerrea
ta besteko mailluagaz, aruntz-onuntz naikoa egin
eban; baiña dana alperrik: erlojua, geldik. Guk, apur
bat zirikatzearren be bai, erloju kontua zelan joian
itauntzen geuntsan; eta berak, ez dakit zer eta badakit zer peitu zirala ta ezin eitekeala konpondu erantzun euskun; ta an joan zan aztuten.
Idazteko zaletasuna be ba-eukan. Politika internazionalaz asko eukala idatzita esan euskun. Ikusi genduan baten idazten; aurrean izparringia eukan eta
andik bere kuadernora aldatzen eban. Endara'n
(Endara, JEL alderdiak Baiona'n eukan idazkaritzea
zan) kuaderno pilloa ei eukan. Eukiko eban ziur.

Gauza anditzat eroango zituan eta an zer egingo
eutsen, bada? Gorde, bakea emoteko!
Bera ez ei zan, gu lez, ezeri konturatu barik ibilten;
berak, toki barrira joatean, dana aztertzen ei eban,
etxeak zelako estiloa euken eta dana.
Alantxe izan bear eban, itxurea zanez. Beintzat,
egun baten, –ordurako gudea asita zala uste dot–,
estu-estu etorri zan Kanbo'tik Arrizabalaga'tar Joseba,
ertzain birek gure agure a atxillotuta eukela, Españia'ra bialtzeko asmoz eta. Zer jazoten zan esaten alkatearengana joan zan; baiña ez egoan zer egiñik bere
alde. Geiago ez genduan ikusi zar gizajoa. Bere ibilli
bearrak eta bere danari begira egon eta aztertu bearrak txarto pentsau eragin eutsen ertzaiñai, eta espiatzat-edo artu eben.
Itxasu'ra etorrita egozan adin andiko ixilleko poliziak ziran bizkaitar zar a kanpora bialdu ebenak.
Españia'n gudea amaitu zan ezkero, Ameriketara
joatea baiño beste asmorik ez egoan euskaldun gazteen artean. Gutzat ez egoan etorkizunik Prantzia'n,
eta alderdi onetara etortea iñori ez jakon bururatzen.
Ta Europa'ren gaiñera guda andia etorrena ez egoan
ezpairik. Orregaitik, jendeak arin nai eban zirkin egin.
Ta JEL alderdia, gazteen arako bideak zuzentzen asi

zan. Geuk be geure izena ta zer lanetakoak giñan
emon genduan.
Bi edo iru espediziñoi joan ziran. Etxedoia'tik be
iru-lau gazte joan ziran, eta danok lagundu geuntsen
autobusera ta «Agur, Jaunak» abestuaz agertu genduzan. Geienak Ameriketan azurrak itxiteko joan ziran,
nai ta orduan asmo ori ez izan. Beraz, benetako agurra izan zan.
Gu lez, gudea zala-ta, Bidasoa andiko alderdi aretara joan ziran lekeitiar itxasontzi egille arotz batzuk,
Murelaga abizenekoa ta beste bat edo bestek, bizi
egin bear zan eta euren kontura ontzi bi egin zituen:
Lenbizikoa ta Bigarrena izenekoak. Ogei-ogetabost
tonelada ingurukoak, berrogetamar zaldiko motorrakaz. Eurok egiteko, eredu edo modelo lez, Ondarru'ko
Lau anaiak artu eben, orduan Baiona'n zana, Paulo
Soxu'rena. Onek ogetamar zaldiko motorra eukan eta
gitxi ibilten zan.