Neure lau urteko ibillerak - 1

Jose Maria Etxaburu
«Kamiñazpi»

NEURE LAU URTEKO
IBILLERAK

OARRA
Jose Etxaburu'k 1963 urtean idatzi zuan bere liburu au. Orduko politika-egoera danok dakiguna izanik,
illunpean gorde bear izan zuan urte askotan.
Zer aldizkariak argitaratu zuan lenengo zatika,
1984'ko Iraillean as¡ eta 1986'ko Urrian amaitzeko.
Baiña dana batera eta liburu-gisa agertzea ere
merezi zuan, eta orixe da Auspoa liburutegiak bere
irakurleei gaurkoan eskeintzen diena, gustoko irakurgaia izango dutelakoan.


ITZAURRE-GISA
Liburu au ondo ulertuko bada, noiz egiña dan esatea komeni dala derizkiot. Orain ogei ta bost urte,
1963'an alegia, idatzi zuan Jose María Etxaburu adiskideak.
Zer aldizkariak argitaratu zuan lenengo, zatika
noski, 1984'ko Iraillean asi eta 1986'ko Urrian amaitu.
Baiña dana batera eta liburu-gisa agertzea ere merezi zuan, eta orixe da Auspoa liburutegi onek bere irakurleei gaur eskeintzen diena.
Izenburuak esaten duanez, bere bizitzaren lau
urteko gertaerak kontatzen ditu egilleak: 1936'tik
1940'ra. Gerra-urteak, beraz, leenengo irurak. Baiña
gerra konturik ez dago emen. Jose María Etxaburu'k ez
baitzuan eskuan armarik artu. Gaixorik egon berria
izanik, mugaz beste aldera iges egin eta an bizi izan
zan, ogia al zuan bezela irabaziz.
Erbestea nolakoa dan, millaka euskaldunek ikasi
bear izan zuten orduan, batzuek Frantzian eta besteak
Ameriketan. Nundik nora ibili ziran eta zer gertatu
zitzaien, makiña bat aldiz entzun izan degu beren

aotik. Idatzi, berriz, oso gutxik egin dutela esango
nuke.
Oroipen-liburu auek, bere ibilleren berri emateko
moldatu oi ditu egilleak. Baiña berak korritutako
bideak beste askorenak ere izanik, gertaera kolektibo
bat ikus arazten digute. Eta orren garrantzia ikusiko
ez duanik ez da.
Oso ibilzalea izan da beti euskalduna. Euskalerria
txikitxoa izanik, munduan zear sakabanatu gera.
Baiña gure griña orrek oso lan gutxi eragin izan du
moldiztegietan. Betoz, beraz, Jose Maria Etxaburu'rena bezelako liburuak, gure literatura eta gure kondairaren ornigarri.
A. Z.

GAIXORIK
Españia'ko 1936'garren urtean asi zan anaia arteko gudea zala-ta, banakaren batzuk izan ezik, gazte
guztiak eskuetan izkilluak zituela ibilli bearra izan
eben. Ta asko, gudeagaz gaiñera, Prantzia'ko basoetan piñu ebagiten eta Españia'ko ta Prantzia'ko kanpo
konzentraziñoietan be egon ziran.
Nik gudeari iges egin neutsan; baiña piñu jaurtitea
ta Espaiñia'ko kanpo konzentraziñoi ta laneko batalloiak ezagutu nituan. Ta orduko kontuak esanaz
neure kondaira txikitxu bat idazteko gaia ba-daukadala ikusirik, lantxo au egiteko asmoa artu dot.
Gaixorik egon nintzan, 1935'garren urteko azken
aldeak eta urrengo urteko asiereak egiten eben
neguan.
Goiz baten, Bartolomeo Scola italiarraren arrain
kontserba lantegian lanean nengoala, ogetabost urte
lanean egindako tokia, ondoeza sentidu neban; buruko miña ta otzikarea. Ta lanerako gauza ez nintzala
ikusirik, etxera joan eta oean sartu nintzan.
Ordurarte, edonork euki oi daben egun bat edo
biko ondoezak bein baiño geiagotan eukita nengoan,

baiña gauza andirik bein be ez. Mendian ostutako eldu
bako sagar txikiak kok egin arte janda, koliko andia
izan neban bein; eta osagillea ekarri eustena gomutaten naz. Baiña, bestelan, ordurarteko nire ondoezak,
egun bat edo bestean ikastoleari iges egitekoak bakarrik izan ziran.
Baiña lanetik ezin egonda joan nintzaneko ondoeza bi edo iru egun oean egonda be ez zala arintzen
ikusirik, Don Luis osagilleari deitu eutsan gure amak.
Ez dakit zer esan eban nire gaixotasunaz osagilleak. Egunero etorten jatan; eta egun baten, osagillea
etorri jatala ikusi ebanean, ate markutik zelat egin
eban gela barrura alboan bizi zan nire koiñatu Lorentzo'k.
Lorentzo, nire arreba Justina'gaz ezkonduta egoan
1931'garren urtean. Arraunlari indartsua, treiñeruan
ainkakoa izan zan; eta 1925'garren urtean eta urrengo urtean sei estropada jokatu zituen Bilbo'n eta
Donostia'n, eta seirak irabazi.
Osagilleak, ikusi ebanean, «Hola, Lorentzo» esanaz agurtu eban; eta zer zala-ta etxean arkitzen zan
itandu eutsan, arrantzan Pasaia'tik ibilten zan da. Gaixorik, sukarragaz egon zala, erantzun eutsan nire koiñatuak.

Jakiña, erantzun ori argibidea izan zan osagillearentzat, eta neu be arek kutsatuta gaixotasun aregaz
egongo nintzan susmoa egingo eban kontixu. Beintzat, egun aretan ez bazan biaramonean, neuk be
sukarra neukala konturatu zan eta esan euskun. Ta an
egon nintzan ogei bat egunean oetik jagi barik, gaixotasun ari egokiozan erremediuak egiñaz.
Jagiten asi ta gero be ez nintzan ezetarako, zearo
aulduta geratu nintzan da; ta sendotzen beste illa bi
inguru egin nituan.
Gaixoa beti da txarra etxean, baiña batez be beartsuen etxean eta aldi areitan. Gaur be laguntasun
andirik ez dogu izaten olakoan langilleok, eta orduan
laguntasun txikienik be ez. Alogerik irabazi ez eta osagillea ta osakaiak geuk ordaindu bear oso-osorik; ta,
orretzaz gaiñera, aetik asko emon bear. Alan be, iñoren laguntasun premiñarik ez genduan izan, naita neu
izan etxeko gizonezko bakarra.
Ordurako ta asko lenagotik aita barik gengozan.
1926'garren urteko Otsaillean il zan min biziagaz Bilbo'ko ospitalean, eta antxe obiratu eben. Ama ta sei
anaia-arreba giñan. Lau arreba ni baiño zarragoak
ziran eta bat gazteagoa. Beraz, seme bakarra nintzana esan bearrik ez da.

1936'garren urtea ez zan on-ona izan neutzat.
Beintzat bigarrenez gaixotu nintzan. Nire gaixotasun
au edestuteko San Juan'etatik asiko naz.
Ondarru'tik ia ordu beteko bidera, Berriatua alderuntz ezkerretik, Gorozika basetxe auzoa dago mendi
goian. San Juan Ebanjelistaren elizatxo bat dago bertan. Ta, jakiña, alderdi aretako baserritarrak deun ori
dauke euren zaindaritzat, eta egun ori jai egiten dabe.
Ondarrutarrak joera andia izan dabe San Juan egunean Gorozika'ra joateko. Ni mutil txikia nintzanean,
urtero joaten nintzan aitagaz, arrebaren bat geugaz
zala. Txikitxua nintzanean, axe izaten zan nire poza
bertara joateko! Egunak aurretik, zenbat lo geratzen
ziran San Juan egunerako zenbatuten egoten nintzan.
Ta, eguna eltzean, abarketa zuri barriak jantzi ta an
joaten giñan.
Orduan asko izaten ziran an bertan bazkaltzen
ebenak eurak eroandakoa janaz, edo senide edo bezero ziran baserrian bazkari ederra egiñaz.
Gu beti etxera biurtzen giñan bazkaltzera, erroska
batzuk erosi ta sudur zapi edo pañuelo baten kordan
sartuta.
San Juan eguna, aldi areitan, guztiz alaia izaten
zan; urteko egunik alaiena. Eta ez daigun uste izan,

Gorozika'n naikoa jan eta edaten ebenena izaten zala
bakarrik. Errian be bardin izaten zan. Mariñelak
orduan, euren arrantzu partilletan, udabarrian, San
Juanetarako diru apur bat lagaten joaten ziran; eta
neguan, aratuzteetarako. Ta merienda, oju ta dantza
ta aurresku, alaitasuna gaiñezka ikusten zan. Gaiñera,
San Juan egunak ezer bearrik ez dauko egun pozgarria
izateko. Urteko aldirik ederrenean dalako, neguan
otzak kikilduta gagozanean, beragaz gomutaten gara.
«Noiz etorriko dira San Juanak?» esaten dogu.
Orain, Ondarru'n, erdi jai egiten dogu San Juan
eguna; goizean beintzat lana.
Guda ezkero nagusi gitxi joaten zan Gorozika'ra;
umeak bai, umeak bidea betean joaten ziran; baiña
azkenengo bi edo iru urteetan bat-batean itxi dau
Gorozika'ra joatea gaztediak. Orain ez da iñor joaten.
Naiago dabe ondartzara joan eta igari egin.
Lenago esan dodan urtean, 1936'garrenean, Gorozika'n izan giñan San Juan egunean Lorentzo koiñatua
ta biok. Urte aretako udabarrian oporrean egon ziran
Pasai'ko arrasteruetako arrantzaleak; eta Lorentzo be,
angoetakoa zan da etxean egon zan bi edo iru illabetean, gudea asi arte, ez irabazi ta ez ezer.

Olan, bada, bazkari eder bat etxean gertu euskuen eta an joan giñan. Illuntzean ez neban apaldu,
beteta nengoala-ta. Ez zan mirari egitekoa, nik jan
neban beste okela ta abarregaz! Urrengo egunean be
ez neukan gogorik jateko; oindiño betekadea-edo neukan. Biaramonean okerrago oraindik; min artzen
neban barrean, gerriko zulo inguruan, batez be atzaparrakaz bulltzauta. Urrengo egunean be bardin; bardin ez, gero ta min geiago. Lanean niarduan; baiña
San Pedro eguneko, oean sartu bear izan nintzan.
Bigarrenez oean urte barruan!
Ta asi giñan barriro osagillea etxera ekarten. Egunak etorri ta egunak joan, nitzat ez egoan obeagorik.
Nungo obeagorik? Oean zirkiñik ezin eginda nengoan.
Barruan zauriak eukita lez, «ai!» esan eragiten eustan
zirkin txikienak be.
Osagilleak ez eban ezer esaten. Zerbait asmau
bearra egoala gure amak ikusi eban, bestelan nireak
egin ebala-ta, ta Donostia'ra eroan nai ninduala, osagille andiagoren bategana, esan eutsan Don Luis'eri,
ta ea zer ereizten jakon. Don Luis'ek ondo artu eban
gure amaren naia.
Egia, nik neuk ez neban gauza txarrik pentsauten.
Ta asi zan ama Donostia'rako osterea gertuten, batez

be nitzat zein osagille izango zan ona jakiten. Laster
jakin eben ori. Lerenbur'engana (Leremboure) eroango ninduen. Lerenbur onen izena ezaguna zan gure
etxean lenagotik be, gure ugazabaren bi edo iru
seme-alabai berak ebakuntzea egin eutselako.
Ta Garagarrillaren (Gipuzkoan Uztailla) 15'ean edo
16'ean tasisean eroan ninduan, Lerenbur'ek ikusi nindeian.
Onetan zori edo suerte ona izan genduan. Egun
bat edo bi atzeratu bagiña, matxinadeak etxean atrapauko ninduan; eta lenengo egunetan, iñora ezin
joanda, Donostia'ra ez beintzat, an Loiola'ko gudariak
Gobernuaren aurka jagi ta erri osoan tiro ots andia zan
da, nireak egingo eban.
Guztiz ondo joan nintzan beribillean, gaixorik ez
bainengoan (ez banengoan lez), ez miñik eta ez ondoezik. Alako biotz biztu aldia neukan.
Mertzedes arrebea geunkan zain Donostia'n. Au
Don Ramon Sierra'ren etxean neskame egoan.
Nik, oean sartu nintzanetik, neure arpegirik ez
neban ikusi ispilluan eta ez dakit zelako itxurea neukan. Baiña lenengo Donostia'n ikusi ninduanean, bildurtu egin ei zan Mertzedes. Alan esan eustan berak
geroago, osatu nintzanean.

Dana dala, ez dakit nundik atara nituan indarrak;
baiña berebilletik jatsi ta bakarrik, iñori eldu barik,
sartu nintzan Lerenbur'en gaixotegian.
Ta ordutik laster an gengozan osagillearen
aurrean. Prantzes euskalduna zan eta, jakiña, euskeraz berba egin genduan. Ama ta bion artean esan
geuntsan gaixotasunaren gora-bera guztia. Eta asi
zan neuk esandako tokian atzaparrakaz bultz eta
bultz. Eta bultzada bakotxean neuri begiratzen eustan, ezelako muzein keiñurik egiten ete neban. Ta ea
miñik artzen neban itandu eustan. Ni, baiña, ixillik.
Geroago be bardin; jaramonik be ez bere itaunai. Ez
nekian zer esan be-ta. Len, ia iru astean, iru aste
luzean, kendu barik euki neban miña, orduan, jakin
bearra egoanean, atzaparren bultzadakaz be ez
neban sentiduten. Ta nik, sentiduten ez nebala, baietzik ezin esan. Ta miñik ez nebala artzen be ez neutsan esan nai, bestelan gatxa nun neukan ezin izango
ebala igarri ta.
Ta ez neutsala erantzuten ikusirik, Lerenbur'ek
amari nigaitik diñotsa:
– Gorra al da?
Barre purrustadeak urten eustan orduan.

Ta asi nintzan berbetan: egun aretan ezer miñik ez
nebala sentiduten, ez nekiala zegaitik, baiña besteetan antxe artzen nebala min, ikutu utsagaz.
Ebakuntza txiki bat egin bearra nebala esan euskun, eta bertan geratu bear nintzala; ta oean sartu
ninduen.
Ta bereala ikertuten asi jatazan Donostia'ko senideak, ixiko Prantziska ta bere seme-alaba Santa Cruz
anai-arrebak. Euretako bat, anai zarrena, Teodoro,
orduan eta gaur be bai Gantxegi'neko kontularia,
olako zerbait entzun edo irakurrita egoan. kontixu, ta
nire gaixotasuna neure begitanziñoia zala esaten, neu
aspertu arte jardun eustan.
– Orduan, osagilleak niri ezer ez daust arkitu
–erantzun neutsan.
Andik egun bat edo bira, neure gelan abadea sartzen ikusi neban eta estutu egin nintzan, arnasea apur
bat geratu edo. Baiña bereala nasaitu ninduan. Ez ei
neukan gaixotasun andirik, arriskurik iñundik be ez.
Oiturea zala ebakuntzea egitera joiazanak autortzea
bada-ezpadan be. Ta autortu nintzan. Ain zuzen, negu
aretan Ondarru'ko neskatillai gogo-jardunak emondakoa zan abadea. Ta nai beste kontu esan genduan.

Jaunartu be egingo neban kontixu, baiña onegaz ez
naz gomutaten.
Autortu ta urrengo egunean, ebakuntza eguna
neban. Gurdian eroan ninduen. Nasai joan nintzan;
kezka txikienik be ez neban eroan. Bildotxa ta oilloak
lotzen diran lez lotu ninduen, eskuak eskuakaz, oiñak
oiñakaz; eta gero eskuak eta oñak maiko kakuetan
lotu eustezan. Gero, kazu antzeko tresna bat musturrera urreratuta, kloroformoa emoten asi jatazan.
Zer zan a! Ito egin bear! Norbaitek beso sendoakaz samatik eldu ta urpean ito arte eukitea beste izan
zan a nitzat. Gero, ekatxak ataraten daben soiñu
zoliaren antzekoa, baiña milla bidar andiagoa, entzuten neban. Ez dakit zenbat denporan egon nintzan
alan. Danetara be segunduren batzuk izango ziran
kontixu. Baiña bai luzeak! Gero ezer be ez. Lo nasai.
Ta egin bear eustena eginda gero, esnatu nintzan.
Gau luzean lo osoa egin da geiago logura barik leunleun esnatzen danaren antzera, begiak iragi nituan.
Gora begira nengoan eta zati txikiz egindako ixpillua
ikusten neban. Min txikienik be ez neban nabaitzen;
neke txikienik be ez neukan.
Osagilleak ordurako alde eginda egozan. Lekaime
ta osagille laguntzailleak egozan azkenengo zeregiñak

egiten. Ta nigazko egiteko guztiak egin zituenean,
artu ta barriro lengo oera.
Ta apurka, lengo estutasunen gomutea burura
etorri jatan eta negarrari emon neutsan; ez ozta-ozta
malkoak, zotinka ta anpuluak atarata baiño.
Orduan, gasak txotxinduta nengoala esan eban
lekaime edo baten batek. Baiña ez da egia. Gaur be ez
naz aztuta estutasun aregaz; ta orduan gogoratu
utsak ikaratuta nindaukan. Ba-dakidala uste dot itotea
zer dan.
Gerrian, ezker aldean, erditik atze aldera, amar
zentimetro inguruko ebagia egin eusten, erdia josita
ta beste erdia josi barik gasa barruan nebala lagaurik.
Ebakuntzea egin eta ezaguerara etorri nintzanean
min edo oiñaze txikienik be ez neukala len esan dot;
baiña apurka, asi jatazan miñak, eta jaurtiteak be bai.
Biaztunak be atara egin bear. Egun bat inguru ez
neban ederra igaro.
Ez dakit ziur zein egunetan egin eusten ebakuntzea Garagarrillaren 19'an edo 20'an izango zala uste
dat. Au da, gudea asi zan egun inguruan.
Ebakuntzea egin eta pare bat egunera, Lerenbur'ek, atzaparrakaz eldu ta ebagi barruan neukan
gasa tiraka atara eustan. Ta dindilizka begien aurrean

ipiñi ta ondo begiratu ta aztertu ostean, alako poz
bategaz esan eban:
– ¡Bien, bien!
Ebakuntzea egin eustanean, nire gaixotasunaz
berbatxu batik be ez euskun esan; eta, ondo nengoelakoan, ezeren kezka barik gengozan. Baiña alan ez
ziran gauzak. Itxurea zanez, osagilleak ba-eukan kezkea; ta orregaitik, zer ikusiko begiratu eutsan nire
zauritik ataratako gasari, ta loiaren kolorean jakin
eban nire gaixotasunak onera egin ebala. Ta orduantxe esan euskun guri, ebakuntzeak ondo urten ebala
ta ondo nengoala. Gu ordurarte be nasai gengozan,
baiña ori esan euskunean poztu egin giñan. Jakiña!
Nik ez dakit ziur zer gaixotasun euki neban. Modu
bitara entzun neban. Bat kuntzurrunetako zornea;
bestea esteetako tuberkulosisa. Zana zala, zornea
ugari zan eta ebagitik urten eban danak. Gerri biran
lotzen eusten zapia, blei-blei kanporaiño busti zan
egun askotan. Nire gatxa zer izan zan, guri baiño
obeto nire lantegiko nagusiari, Scola'ri, azaldu eutsan
Lerenbur jaunak.
Bein ebakuntzea egin eusten ezkero, beti era
batera egoten nintzan oean. Beti albokera, eskumara
begira, zauria ezkerrean neban da. Gora begira ortxe

ta ementxe izaten zan; baiña ezetara be ezin ezkerretara begira jarri. Ta iñoiz, beti era batera egoten nekatu ta ezker aldera bira naian asten banintzan, tenaza
andi batzuk gerrian inkau baileustezen sentiduten
neban.
Baiña an ziran kontuak! Beti era batera egoteak,
egunak joan eta egunak etorri alderdi baten gaiñean
egoteak, zearo nekatu ninduan. Nekatu bakarrik ez;
gorputza mindu be bai. Azur utsetan nengoan eta
mokor urtena guztiz mindu jatan. Ta miña arindu
naian, esku biakaz oeari beruntz bultz egiten neutsan,
eta jaso mokorra. Baiña ori egiten neban bakotxean,
apur bat bada be aurrera egiten neban begira nengoan alderdiruntz, ta denporeagaz ia oetik jausi bearrean geratzen nintzan; eta, amari deituta, oe erdian
ipinten ninduan. Egunez eta gabaz, bi edo iru ordutik
bi edo iru ordura egin bear izaten eban amak zeregin
au.
Osatetxean egon nintzan denpora guztian, ondoan
euki neban ama. Ni nengoan gelan ba-egoan beste oe
bat be. Baiña an lo egitea ordaindu egin bear zan, eta
ori barik be gastua naikoa izango zala ta, silloe andi
bat lekaimeak ekarri eutsan eta antxe lo egiten eban.

Alan, bada, an egon nintzan denpora guztian, gure
amak ez eban oean lorik egin.
Nire ebakuntzea baiño egun bat edo bi lenago,
Españia'n matxinadea sortu zala jakin zan. Batetik
olako zerbait itxaroten gengozalako ta bestetik azkenengo urteetan matxinadakaz oituta be bai, albista
arek ez eustan arrararik eragin. Gaiñera, lenengoan
Donostia'n ez zan ezetariko asarre ta iskanbillarik.
Baiña ebakuntzea eginda laster asi ziran tiroak,
eta ez gitxi be. Batez be egazkin bat, arerioen egazkiña, igaroten zanean, an entzuten zan eskopeta ta
pusil tiro otsa! Nik ez dakit Lerenbur'en osatetxea nun
egoan; kanposantu inguruan zala-edo entzun neban,
baiña tiroka ebiltzanengandik urrun ez egoala bai,
esan daiket. Beintzat, tiro asko ez ziran urrunetik igaroten, euren soiñu zoliak esaten ebenez. Jai arratsalde
baten, neure arreba Mertzedes'egaz batera, Donostia'n neskame egoan ondarrutar bat etorri zan neu
ikertzera: Don Andoni Bastarretxea abadearen arreba
zarrena. Ta an entzuten zan tiro otsak bildurtuta, burkoa buruan ebala egon zan arratsalde guztian. Ain
zuzen be, arratsalde aretan bala bat sartu zan Lerenbur'en osatetxean, ni nengoan gela ondoko ataditik
barrura ta beko olean tronpa soiñua lakoa ataraten asi

zan; eta, ori entzunda, len aitatutako neska biak balea
artzera urten eben. Baiña eurak esan ebenez, bai laster laga be, atzaparrak erretea nai ez baeben.
Tarteka, ondarrutar mutil gazte batzuk etorten
jatazan neu ikustera. Donostia'ra burrukara joandakoak ziran, eta zauritutakoak osatetxera eroaten ebiltzan. Nunbait, ondarrutarrak zirala esaten eben; eta
orduan, euren erritar gazte bat be ba-egoala an gaixorik esaten eutseen-edo, beintzat an etorten jatazan.
Sekula ez naz izan tiro, matxinada edo guda zale,
ta orduan gitxiago. Loiola'ko gudari etxetik goizeko
bostetarako asiaz jaurtiten zituen kañoi danbadak
esnatzen ninduen egunero, ta aspertuta nindauken.
Matxinada asi ta egun batzutara, Lerenbur Prantzia'ra joian albistea jakin genduan. Lenengoan, gauzak baketu arte izango zala uste izan genduan. Baiña
ez; osatetxea betiko lagaten ebala Lerenbur'ek esan
euskun lekaimeak. Oneik prantzesak ziran.
Betiko laga ainbat urtean berea izandako osatetxea! Ori egitera a joateko, gauzak ez egozan ondo.
Bera joatea gu gaixoontzat kaltegarri izango ete zan
kezkatu be egin nintzan. Ta an joan zan, ta lekaimeak
be bai.

Ni oean bular erdi inguruan miña, miñ apurra, sentiduten asi nintzan, eta barriro ebakuntzea egin bear
izango eustela uste neban. Baiña ezegaitik be ez eusten geiago ebakuntzarik egingo niri. Lengo estutasunak gogoan neukazan; ta il naiago neban, barriro ebakuntza maian etzun baiño. Bai milla bidar!
Ta etorri jatan osagillea, Lerenbur'egaz batera
egoana, Jaén jauna. Ondo begiratu eustan eta ezer ez
neukala esan euskun. Euki be ez neukan. Lengo nire
gaixotasuna obetoago joanaz, nire min guztiak be
aldendu ziran.
Ni, umetan ezik, gogotsua izan naz jaten beti. Ta
ebakuntza eginda laster, en egoten nintzan ekarten
eustena aguro garbitzeko prest. Baiña jatekoak guztiz
astuntzen eustan urdailla. Arriz beteta baineukan
geratzen jatan. Ta, oe gaiñean jarri (jezarri) ta jaten
nengoala, barrua astuntzen joiala konturatzen nintzanean, aringa-aringa iruntsiten asten nintzan eta txirrindulariak euren lasterketea amaitzen dabeen lez
amaitzen neban jatordua, esprintean. Ta, azkenengo
koillarakadea edo danadalakoa aoan sartuaz batera,
txirristadan oe barruan sartzen nintzan, eta zabalenzabal gora begira jarri, atsedendu neintean.

Donostia'ko tiro ta danbadak amaitu ziran, baiña
ango gaixo etxeetara zauritu asko ekarrezan. Ni nengoan tokira be bai; ta ondo niñoiala ikusirik, etxera
joan bear nintzala agindu euskuen. Zauritutakoentzat
tokia egiteko kontixu. Ta gertuten asi giñan. Berebillera oiñez joateko gauza ete nintzan jakin bear genduala ta, saioa egin bear genduala amak esan eustan; ta,
berak lagunduta galtzak jantziaz, jagiten asi nintzan.
Ez nintzan zutinduteko gauza; ta, oiñak lurrean ipiñita, gorputza beruntz joian, trapu utsezkoa bainintzan
(izan banintz lez). Zutiñik egoteko gauza ez nintzala
ikusirik, oean sartu ninduan amak.
Baiña ez zan ori estututeko gauzea. Ez dakit egun
aretan ala biaramonean urten genduan osatetxe aretatik, ogei egun inguru bertan eginda. Bizkai aldera
berebil bat zala joateko norbaitek esan euskun. Ta
eroango ginduzala esan eban eta gertutu giñan etxerako. Osatetxean mutil gazte bat egoan lanerako, ta
aretxek artu ta airean eroan ninduan berebillera. Zenbat kilo ete neukazan nik orduan, ain gaixo andia igarota, osasunez ondo nengoanean berrogetamazazpi
kilo inguru izaten banintzan?
Matxinada denpora aretan ikurriñakaz ibilten ziran
berebillak: batzuk errepublikearen margokoak, beste

batzuk euskaldun ikurriñagaz. Gurea, ain zuzen, euskaldun ikurrinduna zan eta pozik biurtu nintzan etxera, Ondarru'ra. Ogei egun lenago eriotz bidean niñoiala eroan ninduen, eta orduan osasun bidean sartuta
biurtzen nintzan. Errira eldutean, aulki baten artu ta
etxera igo ninduen.
Ebakuntzea ta gastuak sei milla erreal inguru izan
ziran, eta Mertzedes arrebeak ordaindu zituan.
Agur, ainbat urtean kanpoko ogia janda irabazi ta
gero bear izango zituan neska gaztearen diru ederrak!
Diruak damu barik atara zituan.
Etxera eldu ta egun batzutara, asi nintzan oetik
jagiten eta laster kalera urten neban. Asieran ezkerrera okertzen nintzan, baiña luzaro baiño len joan jatazan gaixo itxurak. Ta jan eta ibilli, ba-niñoian sendotzen.
Denpora aretan, gudea baiño beste zer esanik eta
buruausterik ez zan. Lenengoan, uste ez zan beste
joian luzatzen. Gitxienez beste illa bi iraungo ebala
esan eustan norbaitek egun baten, eta ez ninduan
asko poztu.
Baiña luzatu edo ez, ez geunkan ezpairik nor izango zan irabazle. Madrid'ko Gobernuak galdu eikeanik,
bein be ez jakun burura etorri orduan.

Baiña kañoi danbadeak entzuten asi giñan. Irun
ingurura eldu ziranean, konturatu giñan zeintzuk
aurrera egiten eben. Ta kezkaten asi nintzan. Izkillua
eskuetan artzeko gogo andirik ez neukan. Beti izan
naz bildurtia, ta bizia galtzeko arriskuan sartzeak ikarea emoten eustan. Gaztea nintzan; baiña asko pentsau barik zoro-moro ez neban izkillua eskuan artuko,
orretara iñok beartu barik.
Geroago ta urrerago etozan Gobernuaren arerioak. Irun artu ta laster, Ondarru'n, Arta deritxon tokitik,
Almirante Cervera guda itxasontzi andiak Donostia
inguruko zerbait zelan bonbardeaten eban begira
egon giñan.
Donostia frankotarrak artu eben aurreguneko
gabean, ikusi neban benetan gudea gaiñera etorkigula. Aldi aretan San Juan Txurru iturri ondoan bidezabal ondoan bizi nintzan. Ortik nire idazle lenengo
denporetako Iturri-ondo izen ordea. Ta oean sartuta
laster, erretiradan etozan berebillak igaroten asi ziran
geratu barik gau guztian, eta begiak itxi barik jagi nintzan goizean. Geuk be laster norabait alde egin bearra
izango genduala ikusten neban. Ta nora urten Bizkaia
alderuntz, bertan ez senide ez adiskiderik eukita? Pol-

tsikoan bear aiña eroateko moduan egon bagiña be
gatxerdi.
Ta oean, neukan buruausteagaz lorik ezin eginda
jira ta bira nenbillela, egun sentian, atea jo eben: dan,
dan, dan! Nortzuk ete ziran atea iragi geuntsan eta
Donostia'ko lengusu bi ziran: Santa-Cruz'dar Teodoro
ta bere anaia gazteagoa Rafael. Frankotarrai igesi etozan. Igeldo'tik Mendizorrotz zear Orio'raiño oiñez etorri ei ziran, eta gero kamioe baten sartuaz Ondarru'ra.
Frankotar gudariak goiz aretan zirala Donostia'n sartzeko, esan euskuen. Gerotxoago euren ama, ixiko
(izeba) Prantziska etorri zan, semeai jarraitzen. Ez naz
gogoratzen sendi guztiagaz ala bakarrik etorri zan.

PRANTZIA ALDERA
Bein gauzak onenbestera eldu ziranean, gauza bat
bakarrik neukan buruan: Prantzia'ra iges egin. Osaba
bat, aitaren anaia, neukan Ziburu'n, Europa'ko lenengo gudea baiño lenagotik joanda: Donato. Bere emaztea Garalde'tar Maria be ondarrutarra zan. Ez euken
seme-alabarik.
Ez geunkan artu-emonik osabeagaz. Amaika urte
lenagotik geunkan ilda aita; ta arrezkero, noizean bein
Ondarru'ra etorten zanean, kalean-edo ikusten genduan bera, baiña gurera ez zan etorten eta ez giñan
ausartzen berari arpegi emoten. Baiña ez nengoan ni
orduan kopletarako; ezelan al baneban, araxe joango
nintzan.
Ta lagun artean ori esaten asi nintzan. Lagun
batek, Burgoa'tar Esteban'ek –bere aitak, obeto esateko– itxasontzi txiki bat eukan, zortzi zaldiko kubierta
bako Bi Anayak izenekoa, ta lenengoan prest egoan
Prantzia'ra joateko. Baiña etxean esan ebanean, aitari ez bide jakon ondo iruditu ori; Bizkaia aldera bai,
baiña Prantzia'ra ez ebala nai itxasontzia eroaterik.

Lorentzo koiñatua, gudako zeregiñetan ebillen,
Pasai'ko arrasteko itxasontzi baten mariñero lez. Ez
dakit ziur, baiña len bera arrastean ibilten zan Andonegi'rena zala uste dot, frankotarrak an sartu baiño
len kai bertatik ataratakoa. Euren itxasontzian joango
giñala Prantzia'ra esan eban, eta arako bear genduzanak gertuten asi ziran etxean. Lau joango giñan batera: len aitatutako lengusu biak, Jauregialzo'tar Jose
txistularia ta neu. Ta illundu zanean, gurean gertuketan ziarduen artean, lagunaren etxera joan nintzan
eta maletea arturik biurtu giñan gurera. Andik laster
Lorentzo etorri zan, guretzat barri txar bategaz: ezin
gindeikezala Prantzia'ra eroan onegaitik edo aregaitik.
Jakiña, barri txar orrek asko atsekabetu ninduan, eta
gora-goraka ipiñi.
Gau aretan Toba'neko itxasontzi bat, arrantzakoa,
Prantzia'ra joiala jakinda gengozan ordurako; ta
Lorentzo koiñatuak, ori entzun ebanean, gu antxe joateko modua egitera urten eban. Ta laster zan barriro
etxean, itxasontzi aretako jaube ta lemazain Paulo
Toba'gaz –ezizena au– berba eginda. Paulo'k ixillean
nai eban erritik urten, eta lenengoan gogo gitxi erakutsi ei eutsan gu ara eroateko; baiña nire koiñatuaren
ekiñari ezetzik ezin emon, eta azkenean be joan gein-

tekezala esan eutsan. Lorentzo'k, Pasaian eukan –ta
Jaungoikoak daki eukan ala ez– malleta bat emongo
eutsala agindu eutsan.
Biderako jaki apurra ipiñi euskuen etxean, kontserba ta abar, eta gabeko amarrak inguruan urten
genduan etxetik. Ez neban uste orduan, lau urte andi
igaro arte ez nintzala biurtuko etxera...
Jenderik gitxien ebillen bide ta baztarretatik joan
giñan kaira: Zubi-zar'etik Kale Kurutze'an gora Ipar
kaletik Trintxa'n zear. Kai barria egin barria zan
orduan, eta oraingo jende ta gora-berarik ez zan an.
Gaiñera, ziran argi apurrak be, amatauta egozan,
gudea zala-ta. Olan, bada, ia iñor ez genduan ikusi
ontzirako bidean.
Itxasontzia egoala uste genduan tokira eldu giñanean, ez zan ezer entzuten itxasontzian eta didar egin
genduan. Ez zan erantzunik izan. Baiña moillatik bigarren edo irugarren ontzian, ixilka bada be, berbotsa
entzun genduan; eta, geiago barik, bei samar egoan
itxasontzira salto egin genduan, eta aurrera joanez,
eldu giñan Prantzia'ra eroango ginduzanera. Iñok ez
euskun berbarik egin, eta jaubearen baimenez giñoiazala esan genduan, nai ebanak entzun eian.

Gu ara orduko, jendez beteta egoan itxasontzia.
Oraindik beste banakaren batzuk be etorri ziran; eta
gerotxuago, lemazaiña ontziratu zanean, gertutu
giñan urteteko. Moilla musturrean egozan gudariak
(milizianoak), kaitik itxasora urteten galerazoko euskuen kezkea eukan lemazaiñak; eta ezer itaunduten
baeben arrantzara giñoiazala erantzuteko ustea eban.
Ta ori esan al izateko, ontziaren barrura edo kubiertapera jatsiteko agindu euskun gazteai, eta barratik
urten arte antxe egon giñan. Ez euskuen jaramonik
egin gudariak. Ta ontzi gaiñera urteteko agindu euskuen, itxaso zabalera urten genduanean.
Gitxienez berrogetamar lagun giñoiazan. Geienak
mutil gazteak. Andra bat joan zan bere umeagaz.
Egia, ez dakit ume bat ala bi zituan. Andra a Txomin