Narrazioak - 3
bezala.
– Esan bada, Sherlock!
– Beste giltzen gabean, protagonisten psikologia,
lau ahapaldiok salatzen digutenaz, kontuan hartu dut,
Irigaraiko jauna eta Gabrielaren artean egiaz zer gertatu den jakitekotz. Zer erakusten digu bada Gabrielak bere gogoaz eta barruaz ezkontzaren berri damaigularik? Ez zela bera –eta zure esanei nagok– herriko
jende xinpleak sinetsi duen bezalakoa, hots, zorigaitzak jotako alargun urrikalgarri bat; aitzitik, emakume
bihotz hotzeko eta buru-arin bat dela, gainera haundi
nahi eta ontasun zalea zena eta, azkenekotz, nahiko
lizun eta lotsagabea.
Helena protesta bat ateratzera zoan salakuntza
izugarri horrek harriturik, baina senargaiak ez zion
astirik utzi, eta berehala jarraiki zen:
– Bihotz, hotzeko eta amorio gabekoa zela errez
da ikustea: lehenengo ahapaldian, eztei eguneko goizean bakarrik zegoela gogoan zer zerabilen jakinerazten baitigu, ez du batera Irigaraikoari liokeen maitasunik aipatzen... ez dakar ez eta senargaiaren aipurik
ere... Jantziko duen soinekoaz baizik ez dela arduratu
darakusagu; neska buruarin eta azalekoa zelako seinale bat. Gero, ezkontzak etxeko andre aberats egingo duela jakinerazten digu: Irigaraiko jauna ez zuela
benetan maite ikasi dugunaz geroz, hortarik ageri da
senargaiaren etxalde eta dirutzak liluraturik baizik ez
zuela harekin ezkontzea onartu. Hurrengo bertsoan,
berriz, alargun gazte geratu dela oroiterazten du,
entzuleen barruan grina likitsak piztea gatik noski,
ezen badakigu alargun gazteek, beren jantzi beltz eta
gezurrezko negar malkoz gizonen lizunkeriari kilika
egiten diotela, hauen sentsualitatea sadismu dasta
batez areagotuz... eta maltzurki esaten du bestalde
eguzki sartean dela alargun gertatu, hau da, amoranteekin gauaz ibiltzeko libre; ezin garbiroago aditzera
eman zezakeen alargun lizunak amorante gaiak bildu
nahian zebilela; hainbat gehiago, non arestian gogoraerazi dien andre aberatsa dela bere ezkontzer eskerrak... Gabriela, sentimendu itsusi horiek oro ozarki,
gehiago dena, kantatuz agertzen dituelakotz, lotsa
gabe bat bezala agertzen dela esan dut.
Baina are txarragoa da oraindik, zeren hipokrita
bat baita: urrengo bi ahapaldietan bere senarrarekin
izan duen alkarrizketa jaulkitzen digularik, Irigaraiko
jaunarekin maiteminduarena egiten zuenik ez digu
ezkutatzen azaluts ez besteak! Eta Irigarai sineskorrak, Gabrielaren zimarkunkeriak atzipeturik, ustez
eta emakume antzegilea egiazko nahitasuna diola,
bere segeretuz salatzen dio, bere zorigaitzerako:
beste neska bat zuela maite alegia. Pentsa nola hartuko zuen Gabrielak aitormen hori! Orain artean senar-
gaia edozein baizik ez bazitzaion, orain gorratatu egiten du, noski, ezen berak ez badu maite ere, ez du
jasango berea zelako gizona beste batena izatea. Egin
zaion irain hori apentzeko, mendekatzeko, zernahi
egitera prest geratzen dela aisa sinetsiko dut.
Hemen Gastonek bere hitzaldia eten egin zuen,
Helenak zer-edozer galdegin haiduru izan bailitza.
Baina neskak isilik zirauen, eta mutil gazte logikazalea
aurrera mintzatu zen honela:
– Kantuak ez desaigu nor zen Irigarairen amorantea; hargatik segur izan zaitez arrazoinamendu hori
ere neuk idoro dezakedala: Sirenek zer kantu kantatzen zuten, edo Akilesek zer izen hartu zuen emakume artean ezkutatu zenean? Galdeok korapilotsuak
izan arren, ez dira aiheruka inolaz ere erantzun ezinak. Dena dela, neska haren izenak eta deiturak ez
dute gertaerarekin zer ikusi haundirik, eta nor zen ez
jakinik ere, igar dezakegu neska zintzoa eta lotsa onez
betea zela, bere amorioa jendea gatik isilik gorde zuelakotz; fededuna zen Jainko jaunari fidatu ziolakotz
ordea; eta aiherkunde gabekoa zela ere ikusten dugu,
maite zuenaren zoriona opa zuelakotz ororen gainetik
–beste emakume batekin izan behar bazuen ere–, Irigarairi eztei egunean igorri zion lore sortak darakuski-
gunaz. Zergatik lore sorta bat? Ene ustez, zintzoa
bezain txiroa zelakotz, bestela preziotsuago litzakeen
dohain bat egingo zion: urrezko eraztun bat edo bitxi
bat edo abar. Kontuan har ezazu, hala ere, lore bakanak, hau da, garestiak aukeratu zituela neska bihotz
on, berekoikeria gabeko hark... gaixoak, beharbada,
zeuzkan txanpon guztiak hortan eralgiko zituen...
– Baina lore-sorta pozoiturik zegoen! –Helenak
oihu egin zuen.
– Hala diosku bederen Gabrielak... –ihardetsi zuen
Gastonek lasaiki– Loreak pozoitu? Uste dut hori ez
dela ezin egin ditekeen gauza bat. Baina oso gauza
zaila da, eta lortzekotz, kimikaren ezagutza nahiko
sakona behar da, garai hartako euskaldun emakumeek dudarik gabe ez zeukatena, ez eta orainaldikoek ere noski. Ez, Irigaraiko jauna, pozoi bidez hil izan
bada, segur izan zaitez pozoia ez zela loreotan jarria.
Gabriela maltzurregi zen, ordea, gezur osorik esteko,
eta uste izateko da beraz, haren kantuari bagagozkio,
izan ere zerbait bazela «maitettoak» Irigarairi bidalitako lore haietan. Zer ote? Egiantzaren araura, eskutitz
bat, edo ile-kizkur bat, edo bestelako oroigarri samur
bat; Irigaraiko jauna, delako oroigarri samur bat; Irigaraiko jauna, delako oroigarria ustegabean idorota, goi-
bel gelditzen da, gogoratzen zaiolakotz amorio garbi,
zabal hori alde batera utzi duela, bere eta Gabrielaren
familiaren interesei jarraikiz arrazoizko ezkontza bat
egiteko. Eta Gabriela gaiztoak, hori dakusalarik, haren
bihotz ankerrak jasan ez dezakeen alkar maitatze zintzo horrek gaitziturik, gezur eskerge hau asmatu eta
senargaiari esanerazten dio: lore-sorta Irigarairen
amoranteak pozoitu zuela, zaldun kupidagarri aren
heriotza honen gain ematekotz.
– Baina ez badu honek Irigarai hil, nork arren?
–galdetu zuen Helenak, beraren gatik iker-lan hortaz
arduratzen hasirik–. Ala berak bere burua hil ote
zuen?
– Izan ditekeena da hori, apriori –erantzun zuen
Gastonek–; dakigun bezala, gizon bihotz maltsoa eta
gogo ahula zen, familiaren gatik Gabrielarekin ezkontzera gertu baitzen beste neska bat maite izan arren;
zio horrengatik, apur batean uste izan dut bere buruaz
beste egin zukeala, etsipenez. Baina ustekizun horrek
ez du egiantzarik: Irigarai kristau onegia zen horlako
bekatu larri bat egiteko... ikusi dugu, haren amoranteak hala nahirik, beren maitetasunaren segeretua
Jainko Onari nola fidatu zion gizon jainkotiarrak.
Gabrielaren aiurriak, ordea, beraren aitorkunde lotsa-
gabekoetatik dazaugunaz –lizun, hipokrita, haundios,
buru arin eta bihotz gogorreko zen Gabrielaren aiurriak– egia aski garbiki salatzen eta aldarrikatzen
digu: berak du Irigaraiko jauna hil!
– Ene! –egin zuen Helenak txunditurik–, ergelkeria
bat da hor diozuna... Ez ahal du berak esaten zazpi
urtez senar hilaren gorputza bera gelan gorde duela,
gau oroz bere besoetan laztantzekotz? Ez ahal da hori
benetan maite zuelako ageri bat?
– Ergelkeria bat dena –esan zion Gastonek erdeinari– hortako ipuin batean sinestea da. Zazpi urtez
gorputz hilotz bat norberaren gelan edukitzea!... Uste
ahal duzu Legeak –Elizarenak nahiz Erregerenak– utziko ziola hori egiten? Ez noski, dudarik gabe. Segur
izan zaitezke Irigaraiko jauna lurperatua izan zela, ohitura eta ohikundeari jarraikiz, eta ez nago zalantzan
Gabrielak negar ugari ixuri zuela ehortzeta egunean,
itxurontzi gogaikarriak! Baina hemen ere, finegi zen
gezur borobilik esaten ibiltzeko: gezur borobilik esaten ibiltzeko: gezur edo egia-erdiak zituen esaten,
jende sineskorren lepotik iseka hobeto egiteko. Berak
aitortzen duenaz geroz, norbait ezkutatu zuen baiki
bere gelan, ez ordea Irigaraiko jaun hila. Nor ote zen?
Bere ohaide edo amorantea, batere ezbairik gabe.
Ezen Irigaraik amorio garbi bat isilean baldin bazeukan, hark ohaide bat zeukan ezin bestez, emakume
lizuna eta atsegalea zelakotz, arestian ondorekatu
dugun arauera. Lotsarik gabe aitortzen du gau guztiak
gizon bat besoetan atxikiz igarotzen zituela: zertarako
bada, maitakeriazko jolasetan jarduteko izan ez
balitz?
Ohar zaitez bestalde amorantea bere besoetan
edukitzen zuela eta ez zetzala bera, haren eme-izaerari zegokion bezala, gizonaren besoetan: horrek are
argikiago erakusten digu emakurne likits baino likitsagoa zela; esan nahi baitu beraren atsegina zuela oroz
lehen bilatzen, gauezko jolasetan bera zuzendari
izaki... Baina lotsagaldu bat izan arren, beldurti eta
koldarra zen, eta ez zen ausartu bere lizunkeria besteen aurrera agertzera; baldin hala egin izan balu, jendea jelostuko zen, noski, alargun andre gazteaz,
inkesta bat izango zen eta bere gaizki eginari esker
irabazitako ontasuna galduko zukeen, bai eta bere.
bizia arriskutan ipiniko. Horrengatik, amorantea bere
etxeko leku ezkutu batean gordetzen zuen (ezkutaleku faltarik ez baitzen garai hartako jauregi zaharretan), bere logelatik hurbil alabaina, beti ere haren
mendeko eta zerbitzurako egon zedintzat.
Beste isilune baten ondotik, Gaston berriz hasi
zen:
– Hots, Gabrielak senarra hil du eztei –egunean–
bertan, pozoituz noski, pozoi aipua baitakar ziniko
hark bere kantan. Ez dio lore-sortan eman, bide klasikoago batez baizik: edari edo janaritan, edo zizta
batez. Bi zio nausiren gatik egin du gizeraite hori, nik
uste: lehenik, senarraren gandik askatuz bere amorantearekin bizi ahal izateko, Irigaraitarren ontasunak
berentzat gorderik, ordea; gero, Irigaraiz apentzekotz,
honek bere amorioaz egin zion aitormen ergelak
sumindu zuelakotz izugarritan, ez baitzen nos barkabera, eta senargaiak beste bat maite izatea laido gaitza zitzaion baiki. Dena dela, bigarren zio hori bere
hobenaren, bere erruaren justifikagarritzat hartuko
zuen hipokrita hark.
– Zergatik arren –jakin nahi izan zuen Helenak–,
gauak gizon bizi baten ondoan igarotzen baldin bazituen eta ez gorpu-zurrun batekin, zergatik dio limoiurez ikuzten zuela gauero?
Gaston gorritu egin zen, gogamen argiko bezain
bihotz aratzekoa baitzen mutil jaioa. Hala ere andregaiari ihardetsi zion:
– Bai, emakurne haren likiskeria ezaguturik, beldur naiz badela hortan zeihar esan zikinen bat... hitz
erdizka uler dezakezu... eta gero zergatik dio ostirale
goizean dela hori gertatzen? Ostiralea, paganoentzat
sentsualitatearen jainkosari eskainitako eguna, baina
kristauentzat egun santua delako: emakume doilor
hura ez zen egiaz kristau, ordea, eta gure fede santuaz parre egiteko abagune hori ez du galtzera utzi
nahi...
Helena isilik geratzen zelarik, gogoetan galdurik
–gogoeta gozoa noski, irriño bat eragiten baitzion–,
Gastonek bere hitzaldi irakasgarria liriko antzean
amaitu zuen:
– Ai zer nolako arima beltza eduki behar zuen
Gabriela Lohitegi hark... Hargatik, berberak ez zekarren ausaz bere gaiztakeriaren erru osoa: nik uste
odolean zeramala gaizkiaren kutsua haren deiturak
berak salatzen digunez. Alabaina honera etorri baino
lehen «Lexique français-basque» bat erosi nuen Baionan, eta hari eskerrak euskaltzale egin naiz; badakit
orain Lohitegiarrak, leinu urrikalgarri hartakoak beren
jauregian gauza zikin lohitsuak bururatzen zituztelakotz izan zirela hala izendatuak... Zer nahi den –bukatu zuen Gastonek ateraldi bertutetsu horren ondoan–,
horra ezkutapen bat argitaraturik, eta ene ikerlanak
arrazoiaren bide segurrari jarraikiz beti Egiara hel
ditekeela erakutsi behar dizu, izanik ere aztarnak edo
oinatzak nahastekotz maltzurrek egindako ahaleginak
oro. Zuk zer pentsatzen duzu hortaz, maitea?
– Se non e vero... –ihardetsi zion Helenak eztiki eta
italianoz, ezen senargaiak susma zezakeen baino
askoz ikasiago eta finago zen neska polita. Dena dela,
zure asmalan horrek mutil burmuin bizkorra zarela
erakusten digu, baina aurretik ere bagenekien. Halaz
ere esker bereziak zor dizkizut ideia on bat eman baititazu, besterik ez balitz ere...
– Zer ideia? –galdegin zion senargaiak.
– Gero jakingo duzu –esan zion misterioski. Eta
nola azkenean bere ideien axolarik baizik ez baitzuen
Gastonek, ez zen tematu, eta Helena berriz kantutan
hasi zen. Izatez, Helenaren ideia ez zen txarra, neskaren ikusgunetik behintzat. Baina uste izateko da
senargaiak ez zuela onartuko, zer zen jakiteko dembora eta astirik izan balu. Ez denborarik, ez astirik ez
zuen izan, ordea. Gogoan erabili zuen Helenak: «Gaston hau azkenaz beste ez zait gehiegi gustatzen. Burgoi, arrazoinzale, aspergarri delarik, zer bizitza itsa
eramango dut harekin ezkondu eta! Alabaina, ezkon-
tza horri ezin itzur nakioke: aberastasuna eta gizarteko leku gailen bat ekarriko dizkit eta, gainera, gurasoek nahi dute egin dadin; alaba on izaki, ez nieke inondik ere atsekaberik eman nahi. Baina, Gastonen izpiritu ikertzaleari eskerrak, orain badakit nola joka»
Eta gogoa lasai, senargaiari beti atsegiteko prest
geratu zen eztei-eguna egokitu artean.
Ezteiok ezin hobekiago igaro ziren, han zeuden
guztien boz eta alegrantziaren erdian. Gastonek, mutil
zintzo-zintzo izan arren, ttantta bat neurritik kanpo
edan zuela aitortu behar da; baina bazuen ausaz mozkortzeko arrazoinik, Helena zen bezalako neska zoragarri, edermenez bete batekin ezkonduaz....
Helenak, aldiz, burua hotz eduki zuen; behialako
Gabriela Lohitegikoak –Gastonek esanak egia baldin
baziren– bere ezteietan zeukan bezain hotza. Baina
Gabriela garai erromantiko bateko alaba zen pozoin
eta mazkaro eta ezkuturien garaikoa; Helena berriz
neska oraindiarra zen guztiz, gauzak lilura gabe eta
bakun nahi dituen hogeigarren mende hontakoa.
Horrengatik askoz sinplekiago gertatu zen. Azkenengo
ezteiliarrek, senar-emazte berriak bakarrik utzirik,
etxerako bidea hartu zutenean, Gaston, oinak piska
bat kordoka zerabilzkiela, ezkon-gelara zeraman
eskailera luzean goiti abiatu zen. Bihotz aratzeko
mutil izan arren, ez dut isilduko zentzuak irazekiak
zituenik. Baina gau hartan zilegi zitzaion, ez da?
Ezkon-gelan sartu erpai zegoen. Bizkitartean Helenak
aurrea hartu zion.
Gora igaro zen txairo eta arin. Ez zen gelara berehala sartu, ordea, baina ezkontideari eskailera-buruan
itxo egin zion.
Mirabeak jauregiko beste alderdian bizi ziren, eta
horrengatik, Helenaz beste, inork ez zuen ikusi senar
gaztea, maila bat huts egin bailukean, eskaileran goiti
behera nola erori zen eta, beheko lehen mailaraino
amildurik, hantxe lepo-hezurra hautsi eta puskatu
zuen.
Bitartean Helenak orroaz eta marrumakaz ziharduen, eta mirabeak lasterka etorririk agertu zirenean,
artista antzean alditxartu zen neskame baten besoetara.
Ehortzeta bat txit ederra egin zioten du Pont du
Rand zorikabeari eta, behar zen bezala, negar saminik
asko zuen andre alargun gazteak. Ahaide, adiskide
eta ezagun guztiek bihotz-bihotzetik erruki zioten
gure Helenari.
Hain errukarri ote zen gero? Du Pont du Rand
zenaren gandik, kondesa titulu eta jendeen estimuaz
gainera, etxe jauregi pollit bat eta goitiko ondasunik
franko jauretsi zuen. Bestalde, Lohitegiko Gabriela
baino zoriondunago, maite zuen gizona, hil edo biarik,
bere gelako lurpean zazpi tirtez eduki beharrik ez
zuen izan: urtebete gabe ihes egin zuen herbestera
bere herriko amorante gazte batekin. Dohatsu bizi
izan ziren, haurrik ez baitzuten izan.
GAUAZ PARKE BATEAN
Andere xaharra jarri zen parkeko aulki bazter
batean, moda zaharreko eskuko zakua amultsuki
gerriari kontra herstutuz. Gautzen ari zen jadaneko,
baina astia zuen etxera itzultzekotz; hurrean bizi zen,
eta udaberriko airea hain goxo eta epela zenuten...
Haren aldamenean, ordea, paseiantak beren egoitzetara lehiatzen ziren: langileak, parkeko bidea laburkausaz hartzen zutenak; eskola-haur eta ikasleak,
eskola-liburu eta tresnak besapean; amorosen bikoak,
emeki eta besotik heldurik zebiltzanak, andere xaharrak ametsetan bezala so egiten zielarik. Bakarra ote
zegoen orain parkean? Eta zenbat denborarako?
Baina ez: gizon gazte bat aitzina zetorren, zaloin.
Haren aurretik iragaitean emetu zuen urratsa eta
begiratu zion, zalantzan iduri; gero jin zen haren ondoan jartzera.
Andereari ez zitzaion atsegin izan, haren ondoan
jarri baitzen, baina aulkia ororena zen, ez da? Mutilak
zigarreta bat piztu nahi izan zuen eta anderea ohartu
zen eskuak ikaratzen zitzaizkiola; bi mitxa erabili
behar izan zituen heltzekotz. Zainbera zelako pentsa-
menduak irriño bat atera zion emaztekiari, eta mutilak
aitzakitzat hartu zuen irri soil hori harekin elekan hastekotz.
– Gaualdi ederra, ez da?
– Bai, gaualdi ederra, baina beste gaualdi batzu
ezagutu izan ditut, oraino ederragoak –ihardetsi zuen,
gogoetaturik.
Gizon gazteak bitxiki so egin zion eta andereak
bazekien bere baitan zerabilela: Atso ergel hiztun bat,
dudarik gabe»... Eta andere xaharrak emaiten zion
kexaduraren mendekioz edo, hobeki, gaiztakeria
hutsez, galdegin zion apur baten buruan:
– Ez zara beldur, Anderea, zuhaur tenora hontan,
eta leku hontan?
– Zergatik beldur izan behar nintzateke?
– Zergatik? Baina hemen gertatu diren gizerailketak gatik, naski.
Ene! Zertarako mutilak oroiterazi nahi zizkion,
gauetarik gau hontan hain zuzen, aitzineko urteetan
parkean gertatuak: eskolako neska bat, gero berrogeiren bat urteetako ama familiako bat, eta azken aldian
neskatila bat, hirurak hilik atzemanik, zintzurra trinkaturik, eta erailea oraino ihes?
– Ez, ez naiz beldur –erran zuen deplauki.
Gizon gazte hori gero eta desplazentago zitzaion.
Eta bet-betan gogoak eman zion deliberatuki etorri
zela haren ondoan jartzera, haren diruaren ebastekotz. Herstu zuen eskuko zakua bere gerriari kontrago. Baina gizon gazteak, haren mogimendua ez ikusirik edo ezikusia eginik, aitzina erran zuen:
– Gauza lazgarria: hiru emazte hementxe itoak
izan, bakoitza udaberri batean, eta aldi-bakoitzean
poliziak huts egin! Nork daki gizerailea ez dagonetz
parkeko itzalean gorderik, gau hontan bertan?
Andereak bazekien orai mutilak izi erazi nahi
zuela, haren zakuaz jabetzekotz... Haatik ez zuen utziko hartzera... Ozenki ihardetsi zion:
– Badute aspaldi erailketa horiek. Egilea urrun
dakete engoiti. Ez naiz ez beldur.
– Ez dute hain aspaldi; azkena, gogoratzen zera
neskatila gazte harena?... Joan den udaberrian izan
zen eta.
Oroitzen zen, bai, anderea, baina ez zuen beldur
izan beharrik, ez mutil horren, ez beste ihoren. Eta
jakin-gose ergel batek bultzaturik galdegin zion:
– Zure ustez, nor zen egilea?
– Oh! Dudarik gabe sadiko bat –erantzun zuen ezaxol.
– Bai, arrazoin duzu, hiru emazte gazte itorik,
dudarik gabe agure sadiko batek hilak.
– E! ez bain zaloin, hain laster ibil zure arrazoina
mendutan... –egin zuen mutilak, irriz–. Nik dakidanez,
erailea gazte izan zitekeen, ez bortxaz agure bat.
– Ez, ez –ihardetsi zion, emeki baina sarkorki, hartaz segurtatu nahi izan balu bezala, zeren gaua baitzen orai eta biok bakarrik zeuden parkean–, agure
batek baizik ez zitzakeen hiru emazte gazte eta eder
horiek hil!
– Bai eta gizon gazte batek ere. Gogoan atxik
ezazu ez diola, idurien arabera, hilean adinari hainbat
axolarik, emazteki diren ber; hirurotarik bat haur bat
baizik ez zen; beste bat bi adinen arteko andre bat...
uste izateko da emazte-kente guztia duela higuin...
Zergatik? Haien amodioa ezin irabaz dezakelakotz
ote? Beharbada eder ez delakotz, edo alde batetik
beste gizonak ez bezalako delakotz, edo enbalditua.
Gertatzen ohi dena, badakizu. Ene kasua har ezazu:
maingua naiz (anderea ez zen ohartu maingua zenik,
parkean gaindi zetorrelarik); gauza guti da naski,
halaz ere behaztopo bat emazteki bati korte egin nahi
baniro –erran zuen irri idor batekin, eta gero–. Hots,
gizeraile sadiko bihurtzekotz zio bat aski indartsua
gogoak edo zainak eriak lituzken batendako!
«Egia da –pentsatzen zuen andereak–; gutariko
bakoitzak mila eta milaka zio badauzka gaiztagin
bihurtzeko». Eta amets egin zuen luzaz leku-komun
hortaz. Osoki ahazturik zituen mutil gazteak oixtion
sorrerazi ziozkan dudamudak oro... eta hunek, betbetan hari hurbildu eta, eskuko zakua indarka kendu
nahi izan zionean, izialdurak baino areago, ustegaberik jazarria izateak atera erazi zion orroa bat. Ez zuen
ez beldurrik, baina ez zion zakua hartzera utzi behar
eta tink-tinka atxikitzen zuen.
– Alo, eman zaidan berehala! –manatu zion bortiz
mutil gazteak, eta zintzurra bihurtu nahi izan zion.
Moldegaizki, ordea, gertuzko gaiztagin batek bezala...
pentsatu zuen, erdeinuz, andereak. Nork zekien hargatik etsipenez zeran egitera prest zatekeen? Nigarroiki otoiztu zuen beraz–: Utz nazazu, arren, ene
dirua emanean dautzut, bai!
– Berehala baina, atsoa, bestela... –ihardetsi zuen
gizonak, baina lepoa laxatu zion.
Andere xaharrak zakua ireki zuen eta mutilak
engoiti eskua hedatzen zuen poltsaren hartzekotz.
Baina haren begiak borobildu ziren harridura gatik
ahoa zabaldu zuen oihu baten egoztekotz, bertan itoa
izan zena, ezen andereak poltsaren ordez bilur bat
jalgi zuen zakutik eta aski trebeki gizon gaztearen
lepoaren ingurura aurdiki... eta halako emazteki adintsu batenganik ihork igurik ez zezakeen indarrarekin
tinkatu zuen berehala, ziotsalarik:
– Ez hintzen hi gaur bilatzen nian ihizia, baina
hihaur jin haiz ene sareetara, ez dea hala?
Ezin jakin zuen, ordea, besteak astirik ukan zuenetz hitz horien entzutekotz, bere luzean eroria baizetzan aulkiaren oinetan, begitartea jadaneko urdindurik eta mihia ahotik erdi aterarik. Andereak artoski
deslotu zuen bilurra eta eskuko zakuan liarzara goititu. Gero segurtatu zen gizon gaztea hil zela beharria
haren bularrari kontra emanaz. Hila zen, bai, eta harekin-batean itzaliak betikotz haren osasuna eta haren
gaztetasun ederra. Ez zen gero egia maingua zenik,
eta aurpegia eder zeukan, bizi zelarik! Alo, berriz ere
ito ahal izan zuen andereak bere bizitze bakar, hilduratuarentzat irain bat ezin jasanezkoa zen «beste»en
atsegin eta bizi nahia...
Berriz ere, datorren primaderarainoko, bederen.
Bere etxera itzuli zen, eta ihork ez zuen bidean hauteman.
MISZELANEA
HUMORE BELTZAREN
MODELAK LABUR ETA ILUN
Andere batek ama berri bati: Zein itsusi den zure
haurra!
Amak: Ez du, axolik, medikuak erran dit ez zela
biziko.
***
Kattina nigar zotinka ari da.
– Zer dun, maitea? –galdegiten dio osabak.
– Amak gatu-humeak oro hil ditu.
– O gaiztoa! Eta hik begiratu nahi hituen?
– Ez, nihauk hil nahi nituen.
***
Automobilista bat sartzen da herri txipi bateko jendarmerian, eta griñaturik iduri, geldegiten du:
– Herri huntan zakurtzar beltzik badea?
– Ez.
– Eta behi beltzik?
– Ez.
– Eta zaldi beltzik?
– Ez.
– Ozpina! Orduan apeza dut lehertu...
***
Masokistak: –Min egidak!
Sadikuak: –Ez!
Masokistak: –Eskerrik hanitz!
***
Elurra ari da eta Joanes txipia irri-karkailez dago,
leihotik so.
– Elurra erorten ari delakotz irri egiten duk? –amak
galdegiten dio.
– Ez elurra, jendeak erorten direlakotz...
***
Bizar eginguan.
– Tomate saltsarik jan duzua egun?
– Ez. Zergatik?
– A! orduan, zintzurta moztu dizut.
***
– Lore pollit hoik nori eramaten dizkiok, Jean Pierre?
– Amattori.
– Kontent izanen duk, bai...
– Ez dut uste: haren ehortzetarako dira.
***
Ostatuan.
– Mutil! Euli bat igerika ari da ene whiskyan.
– Ez da igerika ari, jauna, hila da.
***
Neskatxa txipi txipi bat harmonika joiten ari da.
Jaun batek, apur bat beha egon ondoan, erraiten dio:
– Zer soinu ederra egiten dunan! Baina nik beste
harmonika bat, hobeagoa, emanen dinat...
Eta bizar-labana bat emaiten dio.
– O, milesker, jauna –dio neskatxak irri pollit batekin.
Eta handik landa, haren irria gero eta zabalago da,
gero eta zabalago, gero eta zabalago...
***
Anai-arrebak gataskan ari dira. Mutikoak, azkarrago baita, begi bat ateratzen dio arrebatxoari; gero
beharri bat; gero bigarren begia; bigarren beharriaren
ateratzera doa, baina orduan amak:
– Orai aski duk! –eta zafla bat emaiten dio.
***
Neskatxa txipi bat burhezur txiki batekin jostatzen
ari da. Amak galdetzen dio:
– Non hartu dun hori?
Neska hezurzalea bada ez da gezur zalea, eta
berehala aitortzen du:
– Anaitxoaren buruan, amatxo!
***
XVII-garren mendean bazen Frantzian borrero bat
oso trebea. Garai hartan, Richelieu kardenal latzaren
lege bat hautsi zuelakotz, hil-epaia eman zioten Montmorency Bouteville konde gazteari, eta delako borreroak zion lepoa moztu. Bai, eta hain trebeki egin zuen
ere, non burua ez baitzen erori, baina lepo gaiñean
gelditu. Gehiago dena, zalduna ez zen ohartu ere
lepoa moztu zitzaionik... Ukaldiaren begira zegoen
oraindik, eta azkenekotz, asperturik, esaten dio buru
mozleari:
– Borreroa, egik hire lana!
Eta besteak begirunez:
– Egia dut, jauna; astin zaitez piska bat eta eroriko da.
***
Gizajale batek besteari.
– Nola senti zien aita-amak jan ondoren?
– Humezurtz...
***
Eguzki sartaldeko huri batean: plazaren erdierdian kondenatu bat hiltzen ari da, enpalaturik. Jendea begira dago. So egile urrikaldun batek esaten dio
dohakabeari:
– Min asko ematen dizu?
– O, bai! –erantzuten du besteak–. Batez ere farre
egiten dudanean...
***
Paristar bat, oporrak Mediterraneuko itsas bazterrean igarotzen dituelarik, badoa, behin, horra bizitzera etorri den adiskide bat ikustera. Adiskidearen
emazteak bazterrak eta etxea erakusten dizkio. Bero
haundia da, ordea, eta eltxo ugari badago.
– Bai, ezin hobekiago bizi zieteke hemen –diotsa
Paristarrak–, eltxo, horiek ez balira...
– Egia da aspergarri direla –erantzuten dio emakumeak–; zorionez aitona gurekin dugu.
– Eta zer egiten die hark eltxoei?
– Egiten, ezer ez. Baina eguraldia bero denean
oso, aitona etxe aurrean jartzen dugu, eta eltxo
guziak haren gana datoz.
– Agure gizaxoa! Hazka eta hazka egongo da.
– Ez, ezin diteke; elbarritua da ta.
***
Langile batek begi bat galdu du ezbehar batean.
Kristalezko begi bat erosten du beraz, eta, garbizalea
delakotz, gauero oherakoan begi zulotik kendu ta
arretaz ikuzten du. Behin batean, huts egiten du: kristalezkoaren ordez begi ona kentzen du.
– Alajaiña –oihu egiten du sumindurik–; berriz ere
argia moztu didate!
***
Mutil koxkor herbail bat: dohakabeak ez dauka ez
ankarik ez besorik. Igande arratsaldea bere lagun txikiekin igaro du parkean. Arratsean, lagunak etxera
joan ondoren, amak galdetzen dio:
– Zer egin duzue parkean?
– O!, ederki jolastu gara: futbolean jokatu dugu.
– Baiña heuk zer egin duk gizaxo, horrek?
– Nik baloia egin dut!
***
Cabaret-artista bat da. Cabareteko zuzendariak
galdetzen dio eia zerbait asmatu duenetz arratseko,
programarako.
– Bai –erantzuten dio–; ipuin farreeragingarri bat
asmatu dut... farrez hiltzekoa gero.
Ageri da zuzendariak dudak badituela, ordea, eta
artistak ipuiña, kontatzen dio, bere aburua eman diezaion. Baina besteak hainbat farre egiten du non eta,
azkenean, hiltzen baita. Artista bahitzen dute, zuzendaria berak hil duelakoan. Gauza gertatu den bezala
esaten die poliziako gizonei, baina hauek sines-gogor
dirudite. Orduan haieri ere ipuiña kontatzen die: farrez
leher eta zart eginik bertan hiltzen dira poliziako buruzagia eta hamaika hamabi... Artista presondegian sartzen dute. Hantxe, bakar bakarrik, hauziaren zai,
biziaz zeharo etsituta, azkenean bere burua hiltzen
du. Ipuin farrez hiltzekoa bere buruari kontatuz, alegia.
KOFESIO ONA
Gizon batek bere emaztea hil zuen. Lendabizi oso
pozik egon zen, bake ederrean bizi zelakotz orain.
Geroxeago ordea, nik ez datik zergatik –edukazioa
zela, ala ohiturak, ala jendeen esamesak–, baina, aski
ergelki, hasi zen duda-mudan gaizki egin ote zuenetz... eta azkenekotz izugarrizko damu bat jabetu
zen haren kontzentziaz hilketa horren gatik, nora
ingura ez zekiela aholku edo barkamen bila.
Gizon hori protestante fededuna zen, baina ez zen
ausartzen Jainkoari berari mintzatzera, bain beltz izaki
haren bekatua, orain zekusan bezala. Beraz, behin
batean gogoan hartu zuen Pastore jaunari bere egintza aitortu behar ziola.
Tenpluan sartu zenean, pastoreak alaiki eta gizabideki agurtu zuen, gizon hura oso gisakoa baitzen,
moralitate onekoa, eskola onetan izana, eta Biblia irakurtzen zuena. Pastoreari agurra biurtu ondoren, esan
zion:
– Jaun pastorea, ea aholku bat emango didazun
Jaungoikoarekin baketzekotz, bekatu, egin dut eta:
nere emaztea hil dut...
Baina pastorea oihuka hasi zitzaion:
– Alde hemendik, Jainkoak utzitako dohakabea!
Alde egizu Jaunaren etxetik urrun, izaki gaitzetsia!
Eta hiltzale gizaxoak, gaixoak korrika ihesin egin
zuen jauretxetik, ifernuko deabru guztiak ondotik izan
balitu bezala.
Pastoreak ez ziola kontsolamendurik eman nahi
izan, luzaro gogoetan egon ondoren, hiltzaleak erabaki zuen apez katoliko baten gana kofesatzera joaitea,