Murtuts eta bertze - 2
Hau lastima! Kontseiluak ez zuen bada etsitu
nahi, eta jakizue atsegin hartu zutela azkenean
guarda-ondo batek hitz hau erran ziotelarik:
—Jaunak, nik ez dakit gauza handirik, bainan
zor dautzuetedan errespetuarekin huna ene proposamendua: orok badakizuen musean; mus
joaitearen bortxaz, azkenean gerta ditake, lehen
musean aurdiki batteko edo xango baten berriz
atxemaitea: hola-hola hogoi-ta-hameka ere egin
ditake bai eta partida irabaz, karta bera bi aldiz
baliaturik. Oixtion ene etzan-aldia egiten ari nintzelarik karkulatu dut, elizako partida hortan berdintsu dela; beherean ezarri ditugun dupek
beren aldia egina dute; hiru kentzen ahal ditugu
lur-arrasetik, gain-gainean ezartzeko! Horra
umilki ene sendimendua...
Begi handi batzu egin zituzten ba herriko
gizonek, ezin ontsa xilatuz guarda ondoaren
matrikula. Bainan ez zen haratik ez hunatik:
norapait higitu behar, eta haren erranetik ari
izan ziren, itsutuki.
Biharamun goizean joan ziren deplauki hilherrietara, burua gora, nor-gira-gu aire furfuriatsu batekin: hasten dira guarda-ondo delakoa,
mera eta axuanta, hiruak betan, behereko dupak
ateratu beharrez. Sail dorpea! Hoinbertze dupa
gainean, ez da harritzeko doi-doia baizik ez baitira higitzen. Halere gure gizonak ari eta ari, izerdi-lapetan desohorez ere baitezpada bururaino
egin nahiz hasi duten lan hori!
Axuantaren astoa hil-hobien artean belar
ondo bat edo bertze marruskatuz han-hemenka
dabila...
Bet-betan, hirrimili-harramala, pin, patapun!
Mendi bat dupa erortzen zaiote zerutik bezala,
harrabots baldigarri batekin! Oihu, orro, kalapita!
Ixtant baten buruan ikusi zuten Itsasuarrek
(alde guzietarik harat bildu baitziren, alabainan,
harramantza hori entzun-eta), ikusi zuten gauza
pollitik: zer nahi dupa lurrean, batzu lehertuak,
bertzeak erditik eginak, hauk ustaigabetuak,
horiek bira-bira amilka joaki kurutze eta harrigizonen artean; astoa kolpatua; guarda ere eta
axuanta guti edo aski kolpatuak, azken hau
zango ezkerrean, hura eskuineko besoan, eta...
jaun mera harri lauza baten gainean, zuri-zuria
egina, izialdurak harritua, bere zetazko xarpa
beti bezala ederki emana, — beldurraz bertze
makur den ttipienik gabe... nigarrez!
Destorbu handiagorik ez baitzuten izan!...
Azkenean kardoa zer egin zuten jakin-nahi
bide duzue. Huna bi hitzez. Sankristauak berak
ateratu zuen dorre tuturrutik, eta aipatu ditugun
lau zangotako bi astoeri partitu, erraiten ziotelarik: «Bozkaria zaitezte, abere gaixoak, debrua
garaitu duzue!».
***
Bainan debruaren aipatzeak berak erakartzen omen du debrukeria zerbait.
Handik zortzian elizatik ateratzen zelarik,
xantreak zer ikusten du hor, atetik zortzi urratsetan. Aitortuko dautzuet, ez dakitala sobera nola
erran, ez bainuke irakurlea den gutiena okaztatu
edo nakaiztu nahi. Bainan egiak ez du bide bat
baizik; eta, bertzenaz ere, izenak ez baitu usainik, salbu-eta zuen errespetua, xantre horrek,
hor, ikusi zuen, keño bat zariola, eta urrin bat
gaitza, sudurra joan nahi zuena, zakur... mokordo bat, kuriosa.
Berehala itzuli zen jaun erretoraren ganat,
otoi jin zadin mirakulu berri horren ikusterat,
nehun ere ez bezalako gertakari bat gertatu
zatekela, inposiblez!
Jaun erretora etorri zen, luzaz egon ere ehaka
eta pentsaketa, eta azkenean jaun mera bere
kontseiluarekin ekar-araztea hobe zukeela eginik, xantrea igorri zuen heien bila.
Delako hura hor zuten begien aintzinean,
seguraz ere debruaren presenta, kardoaren
ordaina. Bainan nola ken delako hura elizaren
aldetik? Oroit ziren zer gosta zitzaioten kardoaren ateratzea, ba eta zer gostatzer! Debruarekin
borrokan berriz hasteko den mendreneko gogorikez zuten gehiago. Nork jakin, hautsi-mautsi
bat ez ote zuten hobeko?
Jaun erretora samurtu zitzaioten: ez zuen
harek debruarekilakorik nahi, ez hautsi-mautsi,
ez bertzerik deus; eta hor utzi zituen bakarrik
elgarren artean, eta delako haren aintzinean.
Guarda-ondoak erran zioten: «Jaunak, nik ez
dakit gauza handirik, bainan zor dautzuetedan
errespetuarekin, huna ene proposamendua;
orok badakizue jendeak hobeki biltzen direla ile
alde perekatuz bertzela baino; debrua ere ba;
Jainkoaren beharretan girelarik edo haren beldur, Jainkoaren gizonez baliatzen gira; debruaren beharretan girenaz geroz edo haren beldur,
zertako ez hel egin sorgin bati, debruaren apez
bati? Hoeik ere bizi behar dute, ez da hala? Horra
umilki ene sendimendua».
Baietz eta baietz, guarda-ondoa bera bidali
zuten Maria Pipa, Oirtzaitzeko sorgin famatuaren
ganat.
Jauregibehere guarda-ondoa Oirtzaitzerateta, galdegin zion itzain bati...
—Errazu-eta, barkamendurekin, bazinakike
nun egoiten den Maria Pipa?
—Zer? haren ondotik baitzabiltza?
—Zer bada!
—Alo, alo!... Ez da ene afera, bainan badakizu bezperetan kantatzen baitugu: «Egypto populo barbaro»? Hetarik da...
—Jitoa? Buhamisa?
—Ba, Jauna, ba...
Guarda-ondoa buruari hazka hasi zen.
—Halere mintzatu behar dut.
—Bon! Bon! Hor nunbait kausituko duzu ba,
larre hoitan... Bee! Behia, bee!...
Itzaina aitzina joan zen bere bideari, eta Jauregibehere gaizoa, saltsa bezain apaindua, larre
hoitan ibili zen, bati galda, bertzeari galda...; eta
azkenean borda txar batean aurkitu zuen delako
sorgintsa: emazte handi, sekail, petrail bat,
bekatu mortala bezain itsusia, zaia gorrasta bat
soinean, buru-has eta urtutsik.
Erran zion Itsasuarrak zer karialat heldu zen,
eta Maria Pipak ihardetsi zion berehala: —Jaun
gaixoa, mokordo horren kestionea ez da zuk
beharbada uste duzun bezain kestione ttipia.
Kestione horrek badu hainitz koropilo, hainitz
gora-behera eta goiti-beheiti. Kestione horrek
merezi ditu hameka pentsamendu eta hogoi-tabortz gogoeta. Nik erranik jakizu, Jaun gaixoa —
eta ez niz bakarrik ene izenean mintzo—, jakizu
beraz mokordo hori nehork ez duela hunkitu
behar, ez eskuz, ez zangoz, ez bertzela, non ez
duen sekulako zerbait bildu nahi, sukar kafardil,
sukar malin, sukar ustel, sukar laurden eta holako...
—Sukar horiek guziak betan?
—Bai, betan, eta oraino ez dauzkizut, ene
jaun gaixoa, erdiak ez eta laurdenak ere erran.
—Oisus!... Eta bizkitartean, etxekanderea, ez
gitazkie Itsasun mokordo trixte horrekin hola
egon? Murtutsen besta hurbiltzen ari zaiku. Zer
pentsatuko dute auzo-herrietakoek, Luhuso,
Kanbo, Bidarrai, Ezpeletarrek?
—Jaun gaixoa, ene kontseilua segitu nahi
baduzue, huna gaitz horri komeni zaion erremedio soberanoa. Herriko artzainek ilea motz dezotela ortziralekari urte-ardi guzieri, eta ile hortaz
eginen dautzuet soka handi bat. Soka estekatuko dugu eliza dorrean, eta Itsasuar guziek tiratuz
aise bezain errexki urrunduko duzue eliza, zakurkaka debru horren ganik. Bakarrik ene pena
berrehun liberako bat izanen da...
Erreposta horrekin utzilu zen guarda-ondoa,
eta Itsasuarrek jarraiki nahi izan zuten tileteztilet Maria Piparen aholku guzieri: berrehun liberako haren emaiteak dolu egiten zien; bainan
hori ere onartu. Behar dena behar da.
Astezken iluntze batez urrundu beharra
zuten bada, Itsasuko eliza, dakizuen zikinkeria
hartarik. Buhamisak ilez moldaturikako soka alimale bat dorrean loturik, herritar guziak haren bi
aldetarik eman ziren, eta indarka hasi ziren oro
betan zoinek gehiago tira.
Ilekia ez da kalamukia; kalamuzko soka bere
tinko hartarik ez da kantitzen; azkar eta zail,
badiharduka indar guzieri, non ez den hausten;
ilezko soka aldiz harro hutsa da, eta tiratzen
duten ber, amor emaiten du, hertsitzen eta luzatzen da...
Itsasuarrak ohartu ziren beraz gibelerat ari
zirela urrats batez, beso-ukaldi arau. Pentsa alegera zirentz! Denak oihuka:
—Eliza heldu da! Heldu da! Heldu da!
Anartean elizaz-bertzalderat joan zen, gordeka bezala, emazte xaharño bat, eta pala-jatsekin
urrundu zuen zakur-morkodoa, berrogoi metra
haratago.
Nehork ez omen zuen ikusi Kixkil debru haren
baizik eta haren arabera emazteño hura Maria
Pipa ber-bera zitakeen.
Nik ez dakit, ez bainintzen han. Bainan Itsasuar guziek uste izan zuten lekuz aldatu zutela
beren eliza. Ez zuten aski espantu:
—Berrogoi metra! Brintxoa! Egin bezate
behin bertze hainbertze Ezpeletarrek beren elizarekin.
***
Engoitik apailuak egintxeak zituzten. Maiatzeko hogoia hurbildua. Pauerat Murtutsen bila
igorri zituzten bortz gizon gazte. Hantxet eman
zioten bultu bat gaitza handia, ederki pagatu ere
baitzuten: hiru mila libera uste dut erran zutela.
Ahal bezala ekarri zuten, ahal zuten bidetik:
alabainan mende hetan burdin-biderik ez zen
nehun, eta gainerateko bideak ere ez omen ziren
hanbatekoak.
Itsasun Murtutsen goait zauden. Arratsalde
hartan mundua han zen zubiaren hunaindian,
jaun erretora buru, herriko jaun mera eta kontseilukoekin.
Hainditik etorri beharrak ziren bultu-ekarleak. Hitzartuak ere ziren, urrundik keinu eginen
zutela mokanes xuriz, kantikak askigoiz hasteko
gisan.
—Hara! Hara! hantxet dira!
Haur batek oihu hori egin orduko, horra jendea oro begi urrez-bertzaldera...
Hala da! Izaitez, han, urrun, zerbait xuri agertu da arbolen artean.
Jaun erretorak hitz-erdi bat xantreari, eta hau
hasten da bere orrorik ederrenean:
Zubi hunen buruan, zoin eder Itsasu,
Dena osto da lore, argi ta intsentsu:
Gure Patroin handia, zato usu-usu,
Izan gaiten guziak zu bezalakotsu!
Eta jendek errepika a-puñatik:
Gure Patroin handia, zato usu-usu,
Izan gaiten guziak zu bezalakotsu...
Hainbertzenarekin triki-triki nor heldu zaiote
zubitik zazpi astorekilan? Aspaldian asmatua
duzue: gure ezagun xaharra, Pauloeneko Kixkil...
Iragan zen, alegia deus-ez, bere kabalekin,
zeinatu ere kurutzearen parrean, eta nehork ez
daki xuxen beharrez ala trufaz pasatu zenetz,
ez-eta haren mokanesa zutenetz han urrun ikusi,
haurrak «hara, hara» oihu egin zuenean. Berak
beti ukatu du, baizik-eta besta-buru egunez
kanpo ez zuela sekulan mokanesik higatzen...
Iluntzen hasia baitzen eta bultu-ekarleak ez
oraino ageri, emeki-emeki, Itsasuarrak etsiturik,
gaitziturik edo goseturik etxeratu ziren nor bere
alde, salbu herriko buruzagiak.
***
Jarri izren, eta denbora pasa, ixtorio-kondan
hasi ziren, Murtutsen aiduru zaudelarik.
Eta Sankristauak erran zien:
—Badakizueia Okle eta Sikle-en ixtorioa?
Bertzek ezetz.
—«Bazen bertzorduz apez bat (otoi, barka
zadazu, Jaun erretora), bikario bat (alabainan
adin batetaraz geroz ez da holakorik gertatzen
ahal); bazen beraz bikario bat kofesatzen ari
zena larunbat-arratsalde batez. Hor sartzen zaio
andereño bat, oi bainan nola apaindua, usain
ona ere pollikixko bazariola. Otoitzak egin eta
aitortzen dio boz apal-apal batez: «Aita, okle
egin dut. —Nola erran duzu? —Okle, jauna! —
Okle? —Ba, jauna! —Jesus! zer erran nahi duzu?
Ez dut sekulan holakorik aditu! Zer duzu okle
hori, sakre bat aments? —Ez, aita! —Ohointza
mota berezi bat? —Ez, jauna! —Gogoeta itsusi
zonbait? —Ez arras, aita! —Ez duzu, ba garbiki
erran nahi? —Ez dezaket, aita! —Hanbat gaixto!
Eta ez duzu bertze bekaturik? —Ez, aita! —Ederki. Huna zure penitentzia: eginen duzu sikle. —
Nola erran duzu? —Sikle! Sikle! —Eta zer da hori,
aita? —Ez dautzut nik erraiten ahal. —Eta zertako, jauna? —Hartako! Zuk ez badautazu garbiki
erraiten zer den okle, nik ere ez dautzut erranen
garbiki zer den sikle. —Aita, ahalge nuzu! —Ez
da ahalgerik ez bertzerik, har-azu kuraie eta
mintza zaite garbiki! —Ba, horra, aita, elizan
otoitz-egiten nindagolarik joan den igandean,
bezperak ondoan, sankristauak liburu handia
erortzerat utzi du, halako izialdura handi batek
hartu nu, eta, han —nola erranen ote dut?—
arrabots ttipi-ttipi bat eskapatu zait, batere nahi
gabetarik, aski beldur bainintzen nehork ez ote
zuenetz deusik aditu!... —Bon, ederki da, haurra.
Orai badakit zer den okle. —Bainan, aita, zuk ez
dautazu erran zer den sikle! —Okle guzien tapatzeko tapoin bat, haurra: errazu kontrizionezko
akta!».
Gizon hoien irriak sankristauaren ixtorioari!
Eta nola Murtuts-en berririk ez baitzuten, galdegin zioten bertze apez-kondaira ttipi bat. —
«Behin, erretor bat; ez ote zenetz Makean, predikatzen ari zen bar-bar Jainkoak berak daki zertaz: Girixtiño maiteak, eman ditzagun mundu
zabaleko itsaso, ibai, ur-handi, latsa, uri eta iturri guziak batean, zer putzua!!!... Eman ditzagun
mundu huntako arbola guziak, gaztain, gerezi,
pago, lizar, haitz eta bertze, denak batean urturik: handi, lodi, abartsu, zer arbola!!!... Eman
ditzagun mundu huntako aizkora guziak, burdin
ala altzeiru, aihotz, belagoi ala puda, denak
batean urturik: zer aizkora!!!... Eman ditzagun
munduko gizon guziak, beltz, xuri ala gorri, frantses, angles ala japones, eta hoitarik guzietarik
egin dezagun gizon bakar bat: zer gizona!!! Orai,
gizon horrek aizkora horrekin botatzen du arbola
hori putzu hortan: ...zer ziliporta!!!».
***
Karkailaz xutitu ziren gure Itsasuarrak. Urrats
batzu entzun zituzten eta usmatu zuten oraikotik
hek zirela, Murtutsen karreatzaileak, zubi hainditik heldu...
Artetik erraiteko, ez zaitzue bitxi gure Itsasuar guziak zubiaz hunaindian baitzauden, bertzalderat joan gabe, beren gizonen biderat?
Huna mixterio handi horren gakoa.
Mende hortan, hainitz mendez bezala, Itsasuko zubian iragaiteko, sos bat pagatu behar zen:
zubisaria. Eta zubizain bat omen zuten, izigarri
zekena, ez baitzioten ardit bat ere barkatuko.
Itsasuarrak ez ziren orduan, orai diren bezain
aberatsak: gereziek ez zituzten oraino ontsatuak, ez-eta kontrabandak. Kasu egiteko zuten,
eta ksu eginez ere lanik aski bizitzeko!!
Horra bada nola, ez nahiz beren fortuna zubi
hortan erain beharrik gabe, hain prestu zauden
tokiaren gainean aiduru...
Beraz, hunen erraiteko hasia bainintzen, ez
zen gehiago dudarik: hek ziren, Murtutsen ekarleak. Gure gizonen loria! Esku zartaka hasi ziren
eta oihuka, oihartzunak eta oro iratzarri baitzituzten, hamekak irian.
Ba bainan Mattin zubizainarekin hizka-mizka
zerbait altxatu zen:
—Ez dautazue erreal bat baizik eman.
—Erreala ez dea bortz sos?
—Ba, bainan ez dakizueia sos bedera dela
zubisaria?
—Zer zira, mattin, ala arrunt logale? Ez gira
bortz gizon baizik.
—Eta Murtuts?
—Zer? Murtuts?
—Murtutsen zubisaria ere behar dutala...
—Ja, ja, ez duzu harenik izanen. Ez duzu gure
pellokeriaz irri eginen... Pasatzeko, Murtutsek ez
du batere zure zubiaren beharrik.
Eta hor, soka azkar batez estekatzen dute
bultu handia; emeki-emeki ur-andirat jauts-arazten dute, eta gero, berak zubitik iragaiten direlarik, Murtuts urez-ur baderamate erreposkiño, zirgatuz.
Ez zen gaizki pentsatua: Mattin bi zehe sudurrekin ba omen zagon heieri so...
Bertzalderat-eta, kondatu zituzten bideko
gora beherak, eta nola beti begiratu zituzten
ehin-ahala herriko intresak zubisaria barne.
—Biba zuek!
Eta denak ttapalakoka ari zitzaizkoten bizkarrean, alegeraren alegeraz.
—Ea ikus nolako bultua ekarri daukuzuen, dio
azkenean jaun erretorak.
—Zer da hau? Soka bera heldu zaiote; ez du
iduri deus-ere baden soka horren puntan, hain
da arin eta aise erabiltzen...
—Berroia! Xahu gira!
—Zer duzu, gizona?
—Karako! arrunt ahantzia nuen Murtutsen
bultua gatzez egin zaukutela...
—Gatzez ala altzeiruz, zer da gero?
—Zer den,... brien bisaia! Ez duzu ikusten
gure Murtuts urean urtu zaikula!
Ezin sinetsiz ixtant bat egon ziren, nola zitaken holakorik, ez ote ziren ametsetarik ari, eta
hau, eta hura...
Gero berriz elgarri gaizkika.
—Haurrak baino haurrago zirezte! Zoroak!
—Sos baten gatik, horra zertan giren! Zikoitz
hutsak!
—Bai orai pollitak gira: biharko besta orotan
oihu egina; auzo-herri guzietarik zer nahi bestaliar etortzekoa, eta orotan beharrena apur bat;
saindua falta; Murtutsik ez!
Jaun erretora apur bat tapatua egonik, ixilixila, bere baitaratu zen beharrik, eta bere laguneri erran zioten sano-sanoa:
—Adixkideak, ez dugu biharko besta egin
gabe uzten ahal, Eskualdun guzien irri-egingarri
gintazke, ez baitugu beharragorik. Ez zazuela
nehori sala gaurko ixtoriorik. Nik ordain bat atxemanen diot Murtutsi, eta ikusiko duzue deus
makurrik gabe iraganen dugula biharko egun
eder hori...
—Biharkoa ba, jauna, bainan gero?
—Gerokoak gero, jaun mera! Aldian aldikoa
aski dugu. Ebanjelio sainduak ere holako zerbait
erraiten du nunbait!
Hortan elgarri «Jainkoak dizula gau on» erranik, joan ziren oro etzaterat: ordu zitakeen, goizeko bi orenetan.
Jaun erretora haatik ez zen logale. Harathunaka bazabilan tanpa-tanpa bere kanbaran,
bere xedeak finkatu eta gogortu beharrez.
Argi-albarekin joan zen elizarat eta Anjelus
joiteko jin baitzen, beti bezala, Xanxuneneko
Karlos, Zanpagariek sankristiara erakarri zuen,
mezu handi bat egin behar ziola.
Hola eta hola erran zion, Murtutsik ez zela,
eta ordain bat behar zela, eta behar dena pagatuz ez ote zuenetz onartuko, meza-bezperetan
bultu baten pare xut-xuta egoitea, argi eta lilien
artean; ase on bat ere sari hitz emaiten zion
eguerdiko...
Karlos buruari hazka egonik bizpahiru minuta, ez jakinez zer pentsa, ausartatu zitzaion halere erraiterat:
—Jaun erretora, ez nituzke nehorren xedeak
deboilatu nahi; bainan denek ezagutzen nute
bazter hautan guzietan; eta zonbat nahi lili eta
argi emanik ere inguruan, aise ohartuko dira
Karlos dutela hor eta ez Jondoni Murtuts. Bertzenaz ere, ni naizenarekin, oker, konkor eta kefa,
zer bixta duket edergailu horien guzien erdian?
—Adixkidea, jakizu hasteko, ez zirela diozun
bezain itsusia...
—Jaun erretora, ez dut nik erran itsusia nizela...
—Bon! Jakizu beraz uste duzun baino pollitago zirela; konkor izaitea eta horiek oro biziki
estakuru ttipiak dira, aise baino aiseago antoltzen ahal direnak.
—Ba ote?
—Ba eta huna zer eginen dugun: arrunt buluziko zira...
—Buluziko?
—Zaude! utz nezazu mintzatzerat: buluzieta, gorputz guzia eztiz untatuko duzu...
—Ez dut nik eztirik ez erlerik...
—Nik emanen dautzut, eta gero ezti horri
lotuko diozkagu, pollikiño, ere burukitako edo
buhurdiko antzara-lumatxak... Urrundik zetaz
bezti iduriko duzu eta hitz dauzut nehork ez
duela Karlosik ezagutuko...
—Hola denaz geroz, jaun erretora, ez dezakezut errefusa.
Eta denborarik galdu gabe Karlos gaizoa bertze bat bilakatu zen: nehun egundaino ikusi ez
den Jondoni Murtuts harrigarri bat, oro ezti eta
luma.
Aitortu ere behar dugu, urrundik luma horiek
zetaire bat bazutela, eta ezti horrek urre-leinuru,
ezti bat! Usaina bertzalde: arrunt zeruetarikakoa...
***
Meza nausia ederki joan zen.
Musde Zanpagaraiek prediku bat gaitza egin
zuen, ez baitzuen espanturik aski, Itsasuarren
fedeaz eta gostuaz: ah! Zer bultu ederra erosi
zuten! Holako guti bazterretan! Zer jauntzia, zer
aldartea! Eta nolako begia? Ez ote zuen bizia
iduri?
Mezatik ateratzean bazen ele jandetartean.
Jaun mera bere xarparekin, bere kontseilukoekin, joan zen arno xuriaren edaterat, eta ahantzia bezala zuen bezperako ezinbertzea.
Jaun erretorak elizako ateak zerratu zituen,
Karlos gaizoa pausa ahal zadien.
Aitor zuen hunek biziki akitua zela:
—Hala iduri ez duelarik, lanak dira gero, jaun
erretora, hor tente-potente egoitea, mogitu
gabe. Argi horiek izertarazten, eta izerdia ez
behar xukatu; ezti horrek uliak bilarazten, eta ez
kasatu behar; denak, bero eta hatz, erle eta
xinaurri-kilika, begi, sudur-zilo edo ezpain-bezterretan, bai dena jasan behar, deusik erran gabe,
zain bat ere higitzerat utzi gabe! Jakiterat ez
nuen segur onartuko... Eta ez duzu asmatzen
ahal zoin luze kausitu dudan zure predikua! Denboraz bertzalde, beti eni buruz itzulia zinen, jendeen behakoak oro ene ganat harmatzen zinituela! Ai, ez dakizu zer sofri-arazi dautazun
meza hortan. Orai badut aski, jaun erretora; bezperetako bertze norbait har-azu...
—Otoi, Karlos adixkidea, ez zazula zozokeriarik erran. Ontsa baino hobeki egon zira mezaartean, eta nehork ez dakike zuk bezala bere
burua atxikitzen edo gobernatzen.
—Ba, zu aise ari zira! Bizpahiru aldiz arrasak
egin du ez bainiz urtzinzka hasi...
—Ez araiz?
—Zer nauzu, ez niz gero ni usatua hola galtzarik gabe eta atorrik gabe!
Bezperetako aldia eginen dautazu ba halere:
bazkari onxko bat ekarriko dautzut berehala;
hemen berean janen duzu. Sankristian; eta hitz
dautzut hozdura guziak joanen zaizkizula
debruetan barna!
Bai, beste egin zuen egiazki gure Murtuts
berriak, eta zer besta: salda, oilaki eta tomate,
aza eta xauxixa, kosteleta eta lur-sagar atzarki
eta ilar-xehe; hiru arno mota, hauts-ahala; ardigasna, kafe eta kafe-ondoko orduan gauza arradoa baitzen... segur Karlosek ez zukeen xilkoan
hotzik.
Bezperak-aintzintxean jaun erretorak iganarazi zuen Murtutsen tokirat, eta elizako ateak
berriz ere ideki zituen.
Mundua hor zen bezperetako: auzo herri
guzietarik jinak ziren multzoka: sekulan ez omen
baitzen halako jendeketa ikusi Itsasuko elizan...
Eta zer kantuak! Goratik eta basatik ari ziren,
oro bozkarioeta xaramela.
Karlos haatik ez zen batere trenpuan: alabainan bazkariak ere munduko bertze gauzek bezala bere bidea behar. Garbiki erraiteko, sabeletik
minez zagon. Ez, nahi baduzu, min saminez, ez,
jasan zitakeen; bainan halere, behin hasiz geroz,
nork jakin ez ote zen saminduko... Beldur horrek
berak ez ahal zion katel gehiago eginen.
Murtuts berriak Murtuts xaharrari otoitz:
«Otoi, saindu handia, begiranezazu, hemen egon
nadin erdi-plantan bederen, bezperek dirauteno!».
Ba, debru bat! Tripan izigarriko guduak ari
zaizkon: arnoek ezin elgar-adi, ilar-xehea lursagarrari aintzindu nahi, oilakia atzarkiari, gasna
eta kafea azari...
—Ai, ei, ai, zer ikusi behar duk, Karlos!
Magnificat hastearekin, jaun erretora jin
zitzaion aintzinera, insentsu-untzia eskuan.
Hainbertzenarekin, ganibet-ukaldi bat bezala
senditu zuen Karlosek sabelean, eta... «ile» zela,
gero! Nehun ez zagoken. Ezin gehiago atxik. Ez
bazuen hor berean egin nahi, norapait eskapatu
behar!
Zanpagaraiek ez bide zuen holakorik uste.
Handi-handia isentsatzerat bazoan: agurra egina
zion Murtutsi, eta isentsuaren emaiterat ari zen,
noiz eta ere... bet-betan ezin erranezko harridura batek hartu baitzuen eliza guzia...
Horra bet-betan Murtuts intzirika: «Ez, ez,
gehiago ez nauke!». Jauzi egiten du bere lekutik,
iragaitean, pin patapun, lore eta argi, denak
lurrera botatzen dituelarik...
Eliza-erditik joan-ahala eskapatzerat egiten
du, bainan huna non emazte atzuek gelditzen
duten.
—Utz, nezazue, kakile niz; utz nezazue, kakile niz...
Jendea gero eta harrituago: holako mirakulurik bazitakela ere, nehork ez entzuna...
Bai bainan emaztekiek ez utzi nahi; besoetarik lotzen zaizko oihuka, otoizka:
—Jainkoaz otoi, ez gaitzazula abandona!
—Futro, emadazue bakea azkenean, leku,
leku!
Pusako bat hunat, bertze bat harat, emazte
oihu edo hasperen bat gora behera, ahal bezala
ateratu zen, luma eta ezti hainitz galdurik bide
nabar!
Jendea, belauniko, luma hoien biltzen ari-izan
zen lehiakara; diote ahorat ere erakartzen zituztela, debozionez ala nik dakita... Kondatzaile
ozar batzuen arabera, gibeletik galdu luma
batzuetan, ba omen zen segurki eztiaz bertzerik... Bainan, paper zeharrek ez baitute holakorik
salatzen, bego hortan... Hortarainokoen sinestea
ere ez zaitzueia zerbait?
***
Ixtorio horrek sekulakoa eman zion apez maltzur xaharrari. Elizan nolazpait bururatu zituen
bezperak. Bainan etxerat orduko, ohatu zen
giza-gaizoa, sukar handi bat nausiturik.
Zonbait ilabete egon zen eri-gaizki, zer nahi
pairaten zuela.
Egun batez herriko buruzagiak ekar-arazi
zituen, barkamendu galdegiten ziotela Itsasun
eman zituzken elepide guzien gatik; sofrikarioak
oro onartzen zituen bere hutsen ordain eta Itsasuar guzien arimentzat. Bere ontasun poxia ere
herriko beharrentzat uzten zien.
Azkenean benedikatu zituen, hor, ohe-inguruan, eta ixtant baten buruan, xoriño bat bezala,
pollikiño... pausatu zen. (Jainkoak duela bere
lorian!).
Herrian pena handia izan zuten, eta Kixkilek
berak aitor zuen bere gisako ziberotar hizkuntzan: «Arrestan pürü apez net galanta züzün eta
huna, zumait bitxikeria gora-behera. Ez dit düdarik, Paradüsü erdi-erdian dela hura, Jondone Mürtütsek berak harat bildürik: ezi mündü huntan
nurk dü saintü hori Zanpagaraiek bezan-beste
ezagüt-erazi?».
Ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren. Hortan fini da ixtorioa.
LARGO
«Largo» erraiten zioten Garaibordako Isteberi. Hirian egonik guti edo aski, bere buruaz frango hartua zen. Haren gostuko ez zen ingurumenetan gizonik, bera bezain ederrik eta zentzudunik. Kopeta gora bazabilan, haro handi batekin,
bazter guziak iretsi nahi izan balitu bezala.
Denek egiten zioten irri, bainan gaizoak uste
zuen denak hartaz agradatuak zirela, guziz herriko neskatxa eta andereñoak.
Egun batez Peru, zubi ondoko mahaxturi gaztea heldu zaio, iluntxean:
—Agur, adixkidea!
—Adio, Peru! Zer da berri?
—Huna! Nola erranen dut? Mezulari helduz
niz... Hots, norbaitek aipatu dauzkit niri, baiziketa zure ezagutzak egin nahi lituzkeela!
—Ha! Zer kariaz? Tratuz ala...
—Ez, ezkontzaz!
—Ezkontzaz? Badea posible? Eta nor duzu
xoria?
—Huna zer den funtsa: eguberriz Jauregiko
nausiak ez dira etxen izanen. Haurren ganat ba
omen doatzi pestaegun horren pasatzerat. Gau
hartan, Jauregiko bi neskatoek gurekin egin lezakete gogotik krakadaño bat, zuk nahi bazinu
segurik; eta jan-edan artean solasta gintezke
Janeta eta Mariunekin ea zerbait antolamendu
egin ditaken ala ez...
—Ba, bainan zoinek igortzen daut mezua?
—Biek.
—Zaude ixilik.
—Hala baita ordean! Biak zure gomendio
daude, zuhauk hautatuko duzula zure esposgeia.
—Ah! Eta zuk?
—Bo, eni berdin zait edozoin: utziko duzuna
hautatuko dut, nahi banu segurik...
—Bueno! Ez da berri txarra! Eta krakada hori
nola behar dugu muntatu?
—Zuk bixkotxak ekaitzu, nik arnoak ekarriko
ditut. Hamar orenetan hurbil zaite aterat... hiru
ukaldi emaitzu eta segidan egitzu hiru huxtu...
Idekiko dautzut eta denak biziki ontsan joanen
dira!
—Ederki, adixkidea! Beraz ondoko egunak
arte...
—Ez adiorik.
Eguberri jin zen, bertze egunak oro jiten diren
bezala. Largo gaizoa ez zagoken bere baitan.
Pentsa! Bi izar betan, haren grazien gaoait! Lore
baten orde, biga!
—Ez da haratik ez hunatik; Jainko maiteak
maite nu.
Eta gure gizona, pollit baino pollitago agertu
nahiz mustatxak ur-azukretan bustitu zituen, xut
egon ziten floka berri bat erosi, soinekoak oro
usain onez bete, uliak ere ondotik joanen baitzaizkion, ez balitz negua izan.
Hots, Largo hamar orenak jo aintzin, han zen,
Jauregiko atean, bixkotx zamaño bat eskutik
dilindan.
Hiru ukaldi eman zituen eta hiru huxtu ere
egin.
Berehala ideki zion Peru delako harek eta
sukaldean sartu zen.
Agur eta agur, denborarik galdu gabe basoak
ezarri dituzte mahainean, botoilak ere, eta Lar-
goren bixkotx ederrak, urre-kolore, bafada gozo
bat dariotela...
Hura non bet-betean Peru xutitzen den, harritua bere kaderatik.
—Jesus! norbait badugu bortan!
Badoa zangoen punttan, eta berehala itzultzen da begitarte desegin batekin. Ahapetik
erraiten die:
—Xahu gira! Nausiak! Goazen hemendik!
Leihoa zabaltzen du eta Largori keinu egiten
diolarik:
—Pasa zite lehenik!
Largok jauzi egiten du eta ximixta bezala ihesari emaiten...
Hortan Peruk leihoa hesten du berriz ere, karkailaka irriz, eta hiruek egin omen zuten Largoren gostuz krakada bat ederra.

ETXEKO BORTA
Ixtorio hau bertze orduz, Biarnon gertatu
omen da. Izenak eta oro emaiten dauzkutenaz
geroz, zertako behar ginuke den gutieneko duda
ere begiratu?
Beraz Jakulet, Asat-ondoetako laborari batek
bere ama-ginarreba, Marianne gaixoa, biziki eria
zuen eta ohatua. Zonbait egun hartan beti
mehatzen ari zen emazteki tristea, eta indarrak
ere bazoazkion. Ikaran zagon ez ote zuenetz fingaixto eginen, suhiak mirikua ekar-arazi gabe.
Bainan, adixkidek erranik, azkenean deliberatu zen gure gizona auzoko miriku baten ekararazterat.
Jaun dotorra tiroa bezain fite heldu da etxerat. Eriaren mihiari behako bat, foltsuak mia,
beharria bizkarrari kontra eman, betespal eroria
begiaren ikusteko altxa, zonbait xehetasun
galda, eta horra nun bet-betan erraiten dion
Jakuleti:
—Otoi, Jakulet, emadazu berehala paper xuri
bat, ordonantza egin dezadan!
—Paper xuri bat? Hau ixtorioa! Zer uste duzu,
Jaun mirikua! Gure etxean paper xuria atxikitzen