Metsikorat - 1

Jean Elizalde «Zerbitzari»

METSIKORAT

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Egileari buruzko informazioa:

I
Iphar-Amerikako erresuma hortan herritar
zenbeiten ikusteko xedetan itzuli labur bat berriberritan egin dugulakotz, han zer nahi ikasi baginu bezala, Gure Herria-ren jaun buruzagiak ez
dauku bakerik eman nahi, ba eta ilabetekari
huntan gure ibil-aldiaz mintzatu behar dugula.
Ilabete batez guti ikusten da: are gutiago ikasten. Barka beraz nihori ez badiogu gogoa asetzen, barka guziz gure burua maizegi aiphatzen
badugu. Ez dezakegu bertzerik, alabainan.
***
Hamazazpi egunen bidea da hemendik Metsikorat: hamabortz egunen bidea itsasoan, bigena
lurrean. Ez da «St-Nazaire» deitzen den portuaz
kanpo bertzerik Frantzia guzian, Metsikorateko
untzi bat sartzen denik. Han ginuen beraz gure
untzia hartu, Uztaritzeko jaun notariaren semearekin. Bideko ez ginezaken lagun hoberik kausi.
«Cuba» zen untziaren izena. Untzi ederra ehun

eta berrogoi-ta sei metra luze, hogoi-ta bi metra
zabal. Arras bidekaria bertzalde eta itsasoak guti
higitzen duena. Ez da untzi hori Frantziako handienetarik, bainan ez dugu uste hobeagorik hainitz badela.
Dena den, lehen aldia zuen untzi batean zangoa ematen ginuela. Huna zer aithortuko dautzuegun… denboraren buruan: mariñel batek,
elheketa zerbeitez hasi eta, erran zaukularik
itsaso-bethean nun-nahi badirela bortz sei kilometra ondo eta noiz nahi hamabitaraino, halako
bat bizkar hezurrean barna senditu ginuen. Ez da
harritzeko: hamabi kilometra ondo… eta iherika
guk ez jakin!
Laster ohartu ginen hargatik ez duela hainitz
balio izitzea: ez dela lurrean baino irrisku gehiago holako untziarekin itsasoan. Bainan… goazen
emeki eta ez gaiten itsaso zabalean, leihorretik
urrundu gabe, sar.
Errearoaren hogoi-ta bata zen: goizeko zazpiak. Jada iguzkia zeruan gora. Hirur orro handi
egin zituen untziak, norbeitek nunbeit min handi
bat egin balio bezala, eta emeki-emeki abiatu
zen Amerikari buruz. Mundu bat agur eta agurka

ari zen leihorretik. Baziren han-hemenka nigarrez ari zirenak ere. Senhar bat, anaia bat eta
adixkide bat bera hola doakionari bihotzean
zimiko handisko bat egitea, nor harri? Bai, gu ere
orduantxe orhoitu ginen Eskual-Herriaz, eta
gogorat ethorri zitzaizkun pertsulari famatu
baten kantuak:
Herrialde guzietan toki onak badira,
Bainan bihotzak dio; zoaz Eskual-Herrira.
Eta gu atzerrirat ginoazin, omen txarreko
herri batetarat! Ezin ahantzizko eguna! Bainan
ohartu gabe, itzaliak ziren leihorrean agurka ari
ziren jende maiteak, itzaliak itsas-hegiko etxe
pollitak, itzaltzen ari jada urrunean mendiak. Eta
bihotzean ilhundura pixka-pixka batekin, gure
Uztariztar lagunaren arintzeko, kantuz hasi
ginen:
Ara nun diran mendi maiteak
Ara nun diran zelhaiak.
Basherri eder xuri-xuriak
Ithurri eta ibaiak.

Ilabete pare batentzat Amerikarat doanak
kanta dezake hola: han zoazin gehienek kantuak
sartuxeak zituzten!
Itsasoko bizia? Denak har, lurrekoa bezalatsu. Itsasoan doanak ongi jatea du gogoan, ongi
edatea ere ba. Lo ongi egiten da. Eta bideari
nihor ez da ohartzen. Zu geldi-geldia zaudelarik,
untzia badoa gelditu gabe. Santander, Gijon,
Coruña, hirur Espainiako portu eder, karriketan
sekulako olio usainarekin, bi egunen buruko ikusiak gintuen. Portu batetik bertzerat, marloinak
han gintuen, guzien jostagailu, ehunka ondotik.
Bainan bat bertzearen ondotik hirugarren arratseko norapeit itzali ziren marloinak ere beren
moko gorri xorrotxarekin…
Itsaso zabalean ginen, eta itsaso zabalean
hamar egunentzat! Hamar egunez ez da gehiago
begien aintzinean ura baizik; ur urdin zabal bat
aitzinean, gibelean eta bi aldetarik. Noizetik noizerat untzi bat urrunean ikusten bada, zer mirakuilua! Oren bat edo biga, loriatua, hari beha eta
beha han zaude, begiak bertzalderat itzulirik
ere, berritz harat ekharriak!… Eta azkenean

untzia ere emeki-emeki ttipitzen zautzu, laster
hedoien artean gordetzeko, amets bat bezala…
Eta orduan berritz beha zazu eskuin eta beha
zazu ezker, ez duzu bethi eta bethi ur eremuak
baizik ikusten. Nihun xori bat, nihun untzi bat,
nihun deusere ur urdina baizik.
Zer gogoeta egiteko lekua! Eta ez da gogoetarik egiten! Ez da orhoitzen untziak hantxet
ondoa jotzen balu, zutaz egina litakela: zutaz
nihor ez litakela gehiago mintzatzen ahal:
untziarekin ezen, zuk ere ondoa jo zinezake, nun
eta ondoratu gabe ez zaituen arrain handi tzar
zenbeitek oso-osoa edo phuskatuz iresten.
Horietaz nihor ez da segurki orhoitzen. Ez-eta
behar! Itsasoaz begiak ase ditutzularik, lehen
kausituarekin, zure bizian ikusi ez baduzu ere,
aspaldiko adixkide batekin bezala hasiko zare
elheketa. Erranen diozkatzu, zabal-zabala, zure
sekretu minenak: harek ere ba bereak zuri. Erranen diozu norat eta zertarat zoazin: zenbat denborentzat: zertako utzi ditutzun zure herria eta
zure herritarrak. Eta zu hola zure berrien adixkide berri horri ematen ari zarelarik, bertze batzu
badire jokoan ari direnak. Bertze zenbeit zahar-

haurtuak, jauzika, nihork trufatu gabe. Zenbeit
bakhar, han eta hemen, jada itsasoari beha,
arraineri goraintzika. Zer nahuzue! Oro ez dire
bardin eginak eta itsasoko gaitzak ez du legerik.
Uste gabean eta uste ez duena har dezake eta
du hartzen. Jainkoari eskerrak hargatik behinere
ez daukulakotz itsaso tzarrenak bihotza eta barnea itzuli. Hitz dautzuet, ikusiak ikusirik, ez duela
guti balio…

II
Coruña, jada aiphatu español portutik lehen
ikusten, diren lur-aldeak «Açores» deithu urarteetan dire. Ondikotz, urrunerat gintuen bakarrik
ikusi! Behin edo bertze. «Cuba» han gelditu izatu
omen da eta ongi nahiko ginuen aldi huntan ere
geldi zadin, bederen hango jendea nolakoa den
jakiteko, handia ala nanoa, xuria ala beltza, jendekina ala lapurra. Bainan etzen hurbildu ere.
Eta delako lur-aldeez haurrean gogo-kontra gure
errientarekin ikasiez kanpo, hitz bat ez dakigu
beraz orai ere!
Portugaletik hamahirur ehun kilometretan
dire urarte horiek, itsasoan galduak bezala, eta
erresuma horren meneko egundainotik: lur on,
zer-nahi fruitu ekartzen dutenak. «Angra» deitzen da hango hiri nausia. Orotarat baditake
urarte guzietan berrehun-ta berrogoi-ta hamar
mila egoile bezala.
Mila lau ehun eta hogoita hamekan (1431)
atxeman zituen urarte horiek «Cabral» deitzen
zuten portuges itsasturi batek. Delako itsasturi

horrek berberak atxemana da ere, artean errateko, Bresileko eskualdea. Nola deithu zituen
«Açores» urarte hauk? Ez dakigu. Errana da
bakarrik han gaindi zer-nahi miru badela, eta
nola hango mintzairan «açor» deitzen baita
mirua, hortarik gogoratu zitzaiola delako izena:
hala bada halabiz.
Dena dela, Açores urarteak ere laster itzaldu
ziren begi hobereneri: hango mendiak berak ez
doazi alabainan zeruraino eta, jada erran bezala,
gure untziak egiten zuen bide! Oren pare baten
buruko, edo menturaz lasterrago, deus etzen
berritz ageri zerua eta itsasoa baizik, salbu ureremu zabalean han-hemenka gizaurdi (marsouin) andana batzu, jauzi eta jauzi untziari
buruz heldu, norbeitek zerbeit besainka igorriko
ziotelako inguzinan.
Beraz, bertze bospasei egunen bidea egin
behar da, itsasoaz begiak kasik ase arte, bertze
urarte batzu urrunean ikusteko: «Bermudes»
deitzen dituzte.
Hor, arras lur guti omen, bainan hoberenetarik. Ez omen ditake-eta sinhets zenbat eta zenbat baratzekari biltzen duen horko jendeak, lurra

ibili ere gabe! Hargatik, ez dakigu hain laketlekhu othe diren Bermudes urarteak. Dakiguna
da erretzeko beroak ari zirela hain gaindi, gu iragaitean. Español itsasturi batek atxeman zituen
urarte hauk hamaseigarren mendean: orai
Anglesenak dire, beren hamabortz mila arimekin.
Hein hortan, jada ageri zen Ameriketarat hurbiltzen ari ginela. Alde batetik, itsasoa ezti eta
legun, eta bertzetik, jada erran dugun bezala,
erretzeko beroak! Athorra bizpahirur orenetarik
aldatu behar! Zorionez, zure bokataren egiteko
bethi baduzu mariñeletan bat edo bertze! Ez
dauzkitzu, ez zure athorrak elhurra bezen xuri
itzuliko naski, bainan saria ere araberan ematen
diozu. Eta zuk ez bada bethi nahi zinuena…
harek badu nahi zuena!
Handik goiti, harritzeko da zenbat arrain ikusten den: hainitz ttipitto, xoriek bezen ongi
airean, beren hegal motzekin, ehunbat metra
egiten dituztenak, bainan marraso biribil
(requin) frango ere bai, ahoa zabalduak, norbeit
eroriko delakoan untziari jarraikitzen direnak.
Lehen marrasoa ikusi ginueneko, nere lagun

gazteari erran nion, bideaz asetzen hasia baitzen: «Lagun, altxa bihotza! Seinale ona duk
marraso horren ikustea. Ez ahal gaituk Habanatik hain urrun!» —«Hobe», zautan doi-doia ihardetsi.
***
Biharamunean, Uztailaren laua zen. Goizeko
sei orenetan, bere hirur marruma handiak berritz
eginik, gure untzia sartu zen Habanako portu
ederrean. Jada baziren han hamarbat untzi erresuma guzietakoak: español, angles, alaman eta
amerikano, batzu kargatuak, bertzeak kargatzekoak. Orroaz hasi ziren oro, alde guzietarik muuu
eta muuu. Hola egiten dute elgarri agur itsasoan
untziek.
Zer atsegina handik oren baten buruan, gure
paperak jaunskila beltxaran bizar xorrotx bati
irakutsi-eta, zangoak Habanako lurrean finkatu
gintuelarik! Iduritu zitzaukun… segurki hala ez
delarik… zeruan sartzen ginela ifernutik!
Bainan Habana zerua dela? Fa, ez-eta aldeko
zerbeit ere! Sobera bero ari da han, hasteko.

Gero, portuan ikusten den jendea bekunke gaixtokoa da. Haur batzu harra bezen biluz-gorri
hantxe ikusi gintuen, sos baten eske gure ganat
ethorriak. Bainan nihork ez dezala uste izan soineko erosteko biltzen dituztela sosak haur
horiek: ez. Edaria ez othe da soinekoak baino
lehenago?
Etxeak aphalak dire Habanan eta hemengoak
baino haxitago arruntean… nun-eta ez diren
taula beltz batzuez eginak, zimitzen eta kukusoen, bai-eta zorrien, egoitza hautuzko! Bainan,
hala-hala, bazterra xoragarria da han gaindi.
Hango loreen kolore min ederrak! Hemengo
xoriak ere ez ditazke hangoekin pare! Eta hango
fruituaren emana! Ez ditake amets ere zenbat
den! Eta nolakoak! Ahotik ezin utzi dire hainitz,
hain dute mami ona! Bainan «Gure Herria» ez
litake aski handi hango espantuentzat: bego
beraz hortan…
Habanan nahiko ginuen pilota partida bat
ikusi. Munduko plazarik ederrenak han dire. Bertzalde sosaren puntan harat biltzen dituzte nunnahiko pilotari handienak: hala nola gure Xikito
ez omen da hango Erdoza bi anaien aldean…

pilotarixka bat baizik! Omen erraten dugu ezen
Habanan iragan ditugun oren laburretan, delako
pilotariak nunbeit ziren.
Horiek hola, badire Habanan laketzen direnak. Metsikotik Eskual-Herrirat heldu ginelarik,
bertze untzi batean bide egin baitugu Daguerre
Hazpandar jaun maitearekin, hura arras laketua
da Habanan. Ez dugu uste, guk, laketuko ginukeela. Beraz, bi egunen buruan berritz Metsikoari buruz «Cuba» abiatu zelarik, sartzean bezala
portutik atheratzean hango untzieri harek eta
hari hango untziek agur eginik, bihotzean ez
ginuen zimiko handirik sentitu, ez-eta nigarrik
egin.
Bi egun ematen ditu untzi on batek Habanatik Metsikorat: hala eman zituen gureak ere.
Larunbatean handik atheratuak, astelehenean
han ginen xuxen «Vera-Cruz» deitzen duten
erresumako portu handienan.

III
Metsikoan ibiliak diren guziek gogoan dute
Vera-Cruz deitzen den portua. Erresumako handiena da: bainan hitsagorik guk ez dakigu, lehen
behako batez untzitik ikusteko. Batere ez gintazke beraz harri harat heltzean eginak balire
orduan gogoratu zitzauzkun kopla pollit hauk:
Urrungo eltzea urhez,
Harat gireneko lurrez.
Famak bai handi, bainan oro gezurrez!
Etxe guziak iphurdiz daude itsasoari, aspaldi
xuritzekoak. Nun dire Eskual-Herrian maite gintuen etxe maite pollitak, izar ttiki batzu bezala
mendian jarriak? Nun Eskual-Herriko teilatu gorri
alegerak? Nun Eskual-Herriko athe eta leiho
pherde gustagarriak? Eskual-Herrian orok iduri
dute ongi-ethorri erraten dautzutela: Vera-Cruz
hortarat hurbiltzean orok iduri dute aldiz: «zoaz
hemendik» erraten dautzutela.

Basoa bethe-eta behar da hustu: agur erran
ginioten beraz untziko adixkide guzieri eta gure
phuskak harturik abiatu ginen kanporat.
Segurki eta halere, paperak erregelan behar
dire untzi batean sartzeko, bai-eta futxo atheratzeko ere. Azpitik eta gainetik, aintzinetik eta
gibeletik nola behatzen dauzuten hantxe gobernamenduko mandatariek! Ez dute segurki, itxuraz bezalakoak badire bihotzez, behar ez den
bezalakorik nihor utziko herrian sartzerat,… bainan guzien buruan nahi duten guziak sartzen
omen dire! Jainkoak daki nola… eta guk ere ba…
Gobernamenduko mandatari mokorren ondotik, mugazainen aldi. Nihork ez dezala kontrabandarik ereman, maguzainek ikusiko ez diotelakoan. Kukuso baten itzala ikus lezakete naski.
Deusik etzaiote eskapatzen. Bainan zerbeit onik
badute halere: oro ikusten dituzte eta oro sartzerat uzten zenbeit sosetan truk. Hori ez balitz,
gizagaizoek ez lukete bizitzekorik. Harritzeko da
gurekin ginuen katalan batek zenbat seda sartu
zuen berrogoita hamar liberako batean. On da
ondoko egunetan harat beharrak direnek jakin
dezaten hori, bidean odol gaxtorik ez egiteko.

Jakin baginu, ez ginuen hainbertze eginen guk
ere…
Veraz-Cruzen gauari buruz jautsiko denak
bethi ongi eginen du adixkide bat porturat ethorarazten badu. Han, ez ditake adixkideen gainean
baizik konda. Bertzenaz, hel egin zozu begitarte
hobereneko laguntzaileari, hanbat gaixto zuretzat! Beltzat eta zuriak, han oro phika bezen
ohoinak dire. Gure bideko lagunetan ere batek
baino gehiagok bere gostuz egia hori frogatu
duelakotz, dugu hemen ezartzen, norbeiti oraino
balia dakiokelakoan, bihar edo etzi.
Guk baginuen portuan gure gizona. Ordu arte
ez ginuen ezagutzen. Laster ezagutzak egin gintuen hargatik. Zer gizon on eta maitea! Hogoita
hameka eta eskua badu, halako gizon bat, eskuko duenak. Aspaldi han egoki, bazakien hango
gizon eta xokho guzien berri. Gure lagunak oraino portuan burua galdua ibilki, ezin antolatuz,
eta gu jada han ginoazin Vera-Cruzeko karriketan ostatuari buruz, moro bekunde gaixtoko
batzuen aldetik, ni erdi harritua, nere lagun gaztea arras izitua! Geroztik hameka aldiz irri egin
dugu elgarrekin delako arratsa aiphatu-eta…

Egia den bezala aithortzeko, ez ginuen hainitz behatu hango karriketako edergailueri, ez
eta «Palacio municipal» eta hango eliza-nauzi
guziek goresten dituzteneri. Baginuen segurki
bertze egitekorik eta horri laster ohartu zitzaion
gure adixkide berria: gose amikatuak ginauden.
Sartu ginen beraz hiriko ostaturik handienean.
Akhelarren segur naiz badela hoberik. Afariari
begitarte egin giniola errateko guzurrez behar
nuke mintzatu. Ez dut eginen. Egiak behar du
bere bidea. Bada, urrikaltzeko litake bizpahirur
egun barur litakeena, Vera-Cruzeko ostatuetan
ase on bat gero egiteko inguzinan. Jesu, Maria
eta Josepe! Nun ikasia ethe dute jateko moldatzen hango ostalerek! Bertzela jaten dute segurki Itsasu Elizalderat doazinek!
Ostatua laster hustu ginuen beraz, hertzeak
ximur eta gure gidari maiteari milesker erranik
Metsikori buruz abiatu, burdin bidez. Bederatzi
orenak ziren nunbeitan, bainan aspaldi ilhuna.
Ez ditake kasik sinhets zoin goiz ilhuntzen duen
herri hetan, uda bethean ere. Sei orenetan egun
zabala oraino, eguerditan bezala… eta handik

oren laurden baten buruko ilhun tunta eta beltza.
Ilhunaren gatik, ez da hargatik hango jendea
etxerat bilduko. Orduan dire-eta gehienik atheratzen beren egitekoetarat! Hala nola zenbat
emazte ez ginuen ikusi bide bazterrean tratuan
ari, lore saltzen gehienak, ostatutik burdin bideratekoan!
Vera-Cruzetik Metsikorat egunaz behar litake
bethi bidea egin. Munduan ez ditake bide eder
eta xoragarriagorik. Vera-Cruzen gaua iragan
beharko batute ere, Metsikora doazinak ez dire
gauaz bideari lothuko: goizean abiatuko dire.
Nere parte, sekulako urrikia banuke orai, ikusiak
ikusirik, Eskual-Herrirat itzultzean bederen hala
egin ez banu!
Dena dela, laguna sartu zitzautan laster
lotan. Haren adinak hala nahi zuen. Eta ni hasi
nintzen aldeko jaun gazte batekin elekheta,
erdaraz. Bai, jaunak erdaraz nere moldeko erdara batean! Geroztik aski trebatu banaiz, orduko
jada banakien zerbeit, beharrarekin ikasia. Alta
ahal dena zen bada nere irakaslea ere, orai ohartzen naiz! Ez nuen ba behin aditu bere koinatari

erraten zangoak berotzen ari zelakotz: «Tienes
los patos calientes?» Etzen dudatzen eta ez da
naski oraino dudatzen haren hitzek, trufarik
gabe, hau erran nahi dutela: «Hire ahateak beroak dituk!» Holako errientarekin erdara nolazpeitko bat ikasi banuen eta bidean behin edo bertze
irri-egin-arazi, ez da harritzeko.
Iduri du gau bat, ezagutzen ez den bide
batean, ezagutzen ez diren jende batzuekin iragaitea, ikaragarri dela. Batere. Aski da nere laguna bezala lo eta lo egotea… edo nik bezala
Metsikano baten espantu ezin sinhetsieri alegi
beharriak luzaturik, gogoa bertze nonbeit alhatzea. Eguna ere ethorri zen, betbetan, goizeko
zeiak alderat. Oi, ordutik zer gure begien xoramendua, zer gure begien ezin amestuzko asea!
Emeki ginoazin eta lasterregi halere! Hango bazter xoragarria! Hango lurraren aberatsa! Hango
behi arthaldeak! Hots, bide hura, burutik bururat, egunaz egin behar litake eta urrats guziez
geldituz hobeki baino hobeki ikusteko: Jainkoak
lurrean egin duen xokho ederrena ez bada, ederrenetarik bat ditake segur.

Bideko hiri eta herrixkeri ez gitzaiote hainitz
ohartu, deus ohartgarririk ez dutelakotz: jendea
hargatik hurbildik ikusi ginuen. Eskual-Herrian,
guziz igande arratsaldetan, gazte frango geltokirat (edo garalat) badoa nor ikusiko duen iragaiten. Metsikorateko geltokietan, herri osoak ikusten ditutzu bilduak: zahar eta gazteak han dire
azkeneraino, batzu bere laneko soinekoetan,
kasik athorra has, bertze batzu errege bezala
jauntziak, oltzadarrak dituen kolore guziak jauntzietan eta… begitartean. Hemen hirietako neskatxak berak ez du hango atsoak bezenbat irin
mateletan ezartzen: ikusi ez baginu, ez ginuen
sinhetsiko. Alta ez dire ba laka bat irinekin ere
hainitz xurituko! Horiek oro zertarat heldu dire
geltokietarat? Ez dakigu, bainan dudarik gabe
bertze egitekorik ez dutelakotz. Korbotza baino
alferrago da hango jendea.
Zerk gaituen bada bide hartan xoratu galdetuko duteneri, ihardetsiko dugu hitz batez: bazterrak. Bazterra da ederra. Zabala eta aberatsa,
gizonak asma detzazken lore, belhar, landare
eta zuhaitz mota guziekin.

Ondikotz, atsegin guziek badute beren neurria eta edertasun horiek guziak utzi gintuen
lurreko ola zahar batzuen artetik geltoki eder
batean sartzeko. Metsikon ginen, bidean hamazazpi egun emanik, hemezortzigarren goizean.
Biderat, ethorriak han gintuen bi adixkide, Jean
Pierre Hiribarren eta Carlos Berriozabal.
—Agur, adixkideak — Ongi-ethorri… Eta hatshartzeko astirik gabe, beibil batean ferrindin
baginoazin karrikaz karrika gure egoitza berriari
buruz. Andere Berriozabal athean zagon, noiz
ethorriko ginen, bi hirur alaba maitagarriekin:
eta aldean bi Uztariztar, Edmond Detxart Portueneko semea Thérèse Hiribarren jaun notariaren
alabarekin. Agurrak laster egin gintuela bixtan
da. Andere Berriozabal zen gure begitartea luzatzen hasia zela ohartu… edo guk ginuen mahainetik heldu zen usain gozoa usnatu? Denboraren
buruan ez dakit. Dakitana da hautuzko gosari
batetarik, etxeko xakurrak etzuela egun hartan
ondar handirik milikatu. Irriz zauden bazterretik
gure adixkide guziak: ez ginen batere ahalge
hargatik, andere Berriozabalen etxea etxe bat
baita ahalgetu behar ez dena, hain dire Berrioza-

baltarrak bihotz on ideki eta zabaleko jendeak.
Geroztik etxe hortan egin dut hameka gosari,
bazkari eta afari: bat ez dut lehen hori bezala
gogoan atxiki. Egia erran ez da harritzeko: bezperan hain afari hitsa egina ginuen Vera-Cruzen.

IV
Hemendik Ameriketarat doazinetan zenbatek
ez dute uste hango bereko jendea zozoskoa dela
eta zakuan sar errexa? Laster ohartzen dire hargatik, harat heldu-eta, hango jendea nun-nahikoa bezen atzarria eta gauzeri ohartua dela,
nihork ez duela haren bizkarrean diru handirik
kondatuko. Ameriketako jendea ez balitz den
bezen alferra, hemendik harat doazirek deus ez
lukete egitekorik! Horra egia eta laster ohartu
nitzaion egia horri Metsikoan! Sos zerbeit han
eginik heldu zauzkun Eskualdunek, beren izerdiaren gostuz egina dute segurki eta halere!
Andere Berriozabalen mahainari halako begitartea egin-eta, jende mota horrekin berehala
ezagutzak egiteko gutizia eta errabia handi
batek hartu ninduen. Hain xuxen, doidoia ikusterat ethorria zitzaitan nere haurreko lagun bat,
Lorentxo Berho, Azkain Elizaldeko semea. Hari
nion galdetu hiriko xoko-moko guzietarat itzuli
laster bat egin-araz zezadala. Ez ditake munduan atxeman Lorentxo Berho baino gizon mai-

tagarriagorik. Bethi orori atsegin egiterat ekharria, bethi nola derautzun atsegin eginen dabila.
Hameka oren on eta eder iragan badut Metsikon,
hari diozkat gehien-gehienik zor. Goiz hartan ere
ez nuen beraz nere galdearen bietan egitearen
beharrik izan. Berehala abiatu ginen «Indianoak»
direlakoen ondotik.
Karrikan dabilan jendeketa guziaren artean,
ezagut-errexak dire beren begitartetik lehenik
eta gero beren jaunzteko moldetik.
Hura begitartea! Nihun ez dute segurki lehen
garhait-saririk irabaziko beren edertasunarentzat! Kopeta hertsi baten azpian, bi begi ttipi
nunbeit gordeak, edozoin gaturenak baino argiago: sudurra zabal, ahoa oraino zabalago, kokotsa
xorrotx, beharriak handi. Emazteak bethi buru
has, ileak dilindan, sasi bat iduri: gizonak aldiz
bethi harritzeko lastozko xapel batzu buruan…
Eta jauntzia! Emaztekiek ez dituzte oraino
ezagutzen Pariseko jauntzi-moldeak (modes)
bainan zangarrak, besoak eta lepho-baphoak
Parisen bezen ageri dabilzkate. Gaineratekoan
dituzten piltzarrak, gorriago eta ederrago zaizkotela iduritu zait bethi. Oinetakoak etzotzute

aipha, ez dakite zer diren edo ez dituzte maite,
…nork daki zertako.
Bada, gizonek ere ahal den bezalako jauntziak dabilzkate! Bat ez dut ikusi ederkisko emanik. Galtzak ez dituzte nahi, galtxoinak aski zaizkote. Ez galtzerdirik ez oinetakorik. Athorra ere
ez dute segurki setazkoa! Ez-eta bethi xurienetarik!
Nola bizi diren direlako Indianoak galdetuko
duteneri, lañoki ihardetsiko dut batere ez dakitala. Lan errexenari lotzen direla maiz hori bai…
eta hainitzek nahiago dutela eskuak gurutzatuz
bizi, afer, izertuz baino. Egunean egunekoa, handik edo hemendik, irabazia edo ebatsirik, balinbadute, zer zaiote Indianoeri!
Badakit: oro ez direla hola bizi. Basherrietan
badire Indianoak beren izerdiaren gostuz orai
beren etxe eta ontasun ttipiaren jabe direnak.
Nihork ez du lurra maiteago: nihork ez du hobeki artatzen. Nun-nahiko gizonak bezen langileak
direlakotz, deuse neskasik ez da heyen etxetan.
Bainan ehunetarik bat da holakoa. Bertze
lauetan hogoi-ta hemeretziak lan eginaren eta
errextasunaren adixkideak, eta adixkide minak

dire, alfer hotzak, hots! Ahaide hainitz badu
alferkeriak. Alferra maiz gezurtia da. Ez da munduan nihor Metsikoako Indianoak baino aiseago
gezurra erraten duenik. Hatsa bera gezurra du.
Bainan zerbeit erraten dautzutenean, froga
zozute gezurrez mintzo direla, batere ez dire
durduzatuko eta beren gezurraren finkatzeko…
bertze bat erran-eta, kito. Nere herritar eta adixkide Basilio Barnetxen emazteari gertatua zaiola
ixtorio hau deraukat arras. Egun batez, sehia
heldu zaio:
—Anderea, etxerainoko bat baitezpada egin
behar nuke: aita hil zaut.
—Zoazi, zoazi berehala eta ni hemen antolatuko naiz ahal dutan bezala, behar den denbora
guzia. Zoazi laster.
Handik ilabete baten buruan berritz heldu
zaio andere berari sehi bera:
—Anderea?
—Zer da?
—Etxerainoko bat baitezpada egin behar
nuke berritz.
—Zertako?
—Aita arras eri dut.

—Aita arras eri?
—Bai, anderea.
—Bainan orai duela ilabete bat ehortzi zinuen
zure aita!
—Hala da,… ahantzia nuen.
Ez dut, ikusiak ikusirik eta adituak aditurik,
batere dudatzen geroztik ere delako sehiari aita
berritz hil zaiola behin baino gehiagotan. Metsiko utzi nuen goizean edo bezperan, Uztaritzeko
jaun notariaren alabaren sehiari hola-hola eritu
edo hil zitzaion anaia. Ez dakit geroztik sendatu
edo phiztu den. Harri nintake ez balitz egin.
Bertzalde alferrak maiz edatea maite du. Ez
da Indianoak baino mozkor handiagorik. Gutiz
gehienak arrailtzen dire ahal duten guzian. Han
ez dute arnorik, bainan badute «pulque» deitzen
duten edari bat, izpiritu zerbeit dukeena. Hartarik ari dire gophor betheka gizon eta emazte,
gizonak baino are gehiago emazteak. Egia erran
hango jendearen ezpain gorri zabalek iduri dute
edariarentzat eginak direla. «Pulque» hortarik
karrikaren erdian atxematen ahal da: errateko
maneran, karrika xoko guzietan badire saltzaleak. Arratsa heldu delarik, barrika oraino

matxarde lodi eta azkar batzuen puntan ikusten
ez baduzu, jabeak etxerat eremana duelakotz,
aise ohartuko zitazke nun saltzen zuten delako
edaria halere: hiruzpalau emazte, zabal-zabala,
lo han ikusiko dituzu, lekuko, ezin ukatuzko lekuko.
Hartako doia jastatu nahi izan dut «pulque»
hortarik. On da guzien jakitea. Pitar tzar usteldua
iduri du edari horrek eta egiazki Indianoa behar
da izan horren maitatzeko. Hemengo bahamiek
ez lukete nahi, segur eta segur…
Erranetarik, iduri luke beraz Indianoak aise
bazterrerat utzi behar litazkeela. Hala dute egiten hemendik Metsikorat doazinek, nun-eta ez
duten arras ezinbertzea. Hala ditugu utzi guk
ere, eta salbu lehen egun hartan ez gitzaizkote
hainitz ondotik ibili. Hau erran behar dut hargatik: Indianoak fede handiko jendeak direla. Nola
dauden elizan eta nola ari diren othoitzean bi
besoak zabalduak! Alderdi guzietan badituzte
beren elizak eta kaperak, hemengo ederrenak
baino ederrago eta aberatsago.
Barnetik egiten dute othoitz Indianoek ala
axaletik? Hori ez dakit. Heyen begitarteari beha-

tuz elizan, iduri luke saindu hutsak direla. Bainan
gero, othoitza bururatu-eta kanporat abiatzen
direlarik, beha zozute eskuetarat; hamarretarik
bederatzietan zerbeit ebatsirik atheratuko dire,
edo itze bat, edo gakho bat, edo… aldeko lagunaren xapela. Lorentxo Berho nere herritarrari,
mahain sainduan, sakelatik moltsa ereman zion
aldeko Indianoak behin! Metsikon ezagutu dut
aphez Eskualdun bat: aita Laca. Aspaldi han baitago, nihork ez ditu hobeki ezagutzen Indianoak.
Bada, aita Lacak erraiten zautanaz nekhe da,
arras nekhe, Indianoari zerbeit buruan sar-araztea. Ebastea nihundik ere etzaio bekatu Indianoari. Jabeari dago zaintzea… eta zaintzen ez
badu, Indianoari hartzea.
Huna zerbeit, bertze aphez bati gertatua.
Behin Indiano bat heldu zaio, biharamunean
ezkondu nahi lukeela.
—Badakizu bederen zer den ezkontza?
—Bizpahirur emazte izaten ahal eta bat hautatzea, behinere ez panpatzeko xedearekin.
—Adixkidea, katixima laburskoa duzu bihar
ezkontzeko. Ez dakit behinere ikasi duzun ongi.

Nahi baduzu, bururen buru elgarrekin ikusiko
dugu berritz, egun hasirik.
Eta hasten zaio haur bati bezala Jainkoa zer
den, Jainkoa nun den, orotan dela. Baietz beraz
Indianoak. Eta hortan geldi, orduan. Biharamunean, berritz:
—Eian orhoitzen zaren atzo erranez. Zenbat
Jainko dire?
—Bat.
—Nun da?
—…!
—Orotan.
—Aita, behinik behin hori ez da egia.
—Bai egia da.
—Ez.
—Bai eta bai.
—Nik bizkitartean frogatuko dautzut nere
aitaren etxe teilatu gorri hartan ez dela Jainkorik!
—Ori, mila pezo emanen dauzkitzut hori frogatzekotan!
—Emadazkitzu berehala: nere aitaren etxe
teilatu gorrian ez da Jainkorik… zeren nere aitak

ez baitu etxerik, teilatu gorriarekin! Teilatu beltza du.
Norbeit doala halako kaskoetan zerbeit sararazi nahiz, suaren hiltzeko thu eginez bezalatsu
eginen du. Kasko gaixtoa dute Indianoek, bainan
ez dira zozoak. Eta hastean erran dutan bezala,
nihork ez du, Indianoaren bizkarrean diru handirik kondatuko. Indianoak egun erdi batez ikustea
aski da, egia horren frogatzeko. Lorentxo Berhorekin abiatu gabe ere banakien, hogoi urthe huntan Metsikon maiz eta maiz frogatu omen
baitu… bere gostuz.

V
Indianoek bezala, Metsikoan gaineratekoek
ere fama tzarra dute. Harat joaiteko xedea hartu
nuelarik, zenbatek eta zenbatek etzaudetan
erran ez nezala holakorik egin, han ez nuela
deus onik kausitzen ahal! Zorionez, birika bere