Mendekoste gereziak - 3
gaur. Ez badut oraino aski maite, bihar gehiago
maitatuko dut. Hobekiago. Harek ere maite
nuela uste dut. Ez du halere, iduriz, amodioa
oraino arras osatua. Bihar hobeki maitatuko
nuela esperantza badut.
—Graxi!
—Zer duk?
—Hogoi egunentzat heldu nun, bestaldian
alderat itzultzeko.
Begiak argitu zitzaizkion. Gogoa ere ba segur
hitz horietan.
—Bertze hilabete bat egin eta.
—Frantxua!
—Ba, ba, Graxi, hilabete bat.
Graxi neska ixil eta goxoa, nik nahi-eta maite
bezala!
Besarkatu nuen eta musu bat eman.
Berexi ginen. Etxerat buruz abiatu nintzan.
Ez dakit hea bidea luze atzeman nuenetz. Ez
nuen gehiago bideari pentsatzen.
Zakurra ihausika ari zen. Etxean nintzan.
ARGI-ZIRRINTA
Martik Ameriketatik eta Mayalenek EskualHerriko xoko batetarik elgarri izkiriatu letra
batzu eskuetan gertatu zauzkigu.
Hemen agertuko ditugun letra horien aintzinean bertze batzu izan dira. Bainan Marti bulta
bat ederra dudan egon da Ameriketako mendi
ikaragarrietan. Ai bakartasuna! Mendi hutsak
askotan gizonarentzat bortitz dira. Eta mendi
zabal horietan, bakartasunarekin, ixiltasuna.
Ixiltasuna eta bakartasuna gizonaren frogatzeko bortitzak. Gizonak hor, ainitz pentsaketa
egiten du. Eta haren gogoak esperantza handienak ukan ditzazke, esperantza guziak gal ditzazken bezain segur. Gogoa alde guzietarat lerrakor
du. Amodio bat gal ditake fedea bezain segur.
Sobera gogoeta ibili ditu Martik eta batzuetan arrazoinik gabe bere maitearen amodioaz
dudatu. Egia da, lagun tzar batzuek berri makur
batzu igorri zioz-katen. Esperantzak biziki apal
eroriak ukan ditu. Eta orai berriz biziari lotzerat
doa, amodio berri batez sustaturik. Mayalenetan
ukan dudak eztitu zaizko. Lehen ukan duen amodio bizi haren atzemaiterat doa.
Gauza horiek guziak ikusiz, jakinez zeren
ondotik, nola eta zertako izkiriatua izan den,
Martiren letra hunek ez du deus soberakinik.
Tenore hartan Martiren bihotza, esperantza
berri batek harturik, sutan bezala zagon. Orai
artinoko guziak ahantziak dituela iduri du.
* * *
Mayalen maitea:
Iguzkia sartu dun. Biziki iguzki sartze ederra
izan dun gaur. Mendi kasko bat gorri-gorria ikusi
dinat, sutan bezala. Su ikaragarri bat, dena
garra. Dena garra, dena berotasun. Harriturik
eta uros egon nun bulta bat pollita. Harriturik eta
hiri pentsaketa, gar handi horrek bere beroa
bihotzeraino sartzen zauntala.
Bihotza gozatzen eta zorionez betatzen.
Iguzki horren su pindarra! Gar horren beroa!
Ene amodioa! Maite hut, Mayalen, egiazko amodio batez maite. Bihotz-ezpainetan sukar bat
senditzen dinat. Hire beharra, hire nahia, hire
amodioa.
Bainan zoin urrun giren elgarretarik! Urrun!
Urrun! Itsasoaren bi aldetan!
Halere egiazko amodio bat bihotzean delarik
ez dun gorputzaren beharrik amodio hori egiazkoa dela frogatzeko.
Goxo zaitan jakitea eni pentsatzen dunala.
Goxo zaitan hiri pentsatzea.
Iguzkia sartu dun mendi handi batzuen gibelean. Horra orai hegoa heldu Kalifornian barna.
Liranja eta zitroin lore usain batek buru muinak
kilikatzen zaiztan. Nahi niken hemen bahintz
usain goxo hortaz hire bularren betatzeko.
Bakar-bakarrik ez dinat usain gozo horren gozoa
behar bezala gozatzen. Hire eskasa dun bakarrik
hemen.
Hego hunen gozoa Eskual-Herrira heltzen ote
da tenore huntan? Ene bihotzaren beroa atzemaiten ote dun hego hortan?
Mayalen! Mayalen! Oroitzen nun. Hire bilo
bel-tzetan hol-holako usain bat ezartzen huen.
Egia! Senditzen dinat oraino. Hire bilo beltzak!
Usain hortaz mozkor arazi nun frangotan, Mayalen!
Bihar San Franziskorat jautsiko nun. Liranja
eta zitroin lorez eginikako usain gozo bat erosiko
dinat, besoetan jasan ahalako kristailezko untzi
eder batean. Hegoari emaitekoa ukanen dun!
Eni pentsatzen ote dun tenore huntan, nik
hiri pentsatzen dutan bezala? Bihotz berarekin?
Horra gaua. Hor aldiz argi-zirrinta. Hemengo
gauak bezain itxura ederra ote du hor egunak?
Zer ziren gaur hire ametsak? Mayalen ene
maitea!
Hik ere maita nezan beti.
Bihotza ezpainetan, musu bat emaiten denat
lehen bezala.
Marti
* * *
Marti maitea:
Zer zoriona ekarri dautaten hire azken solasek! Zer zoriona, zer goxotasuna, zer bakea! Alegrantziarekin batean kuraia ere sekulan bezain
azkar piztu duk ni baitan. Ainitz duk alegrantzia
eta kuraiaren ukaitea bizian.
Gure amodioaz bekaizti direneri ez diek kasurik egin behar. Badakik zer duten gogoan. Badakik heien ele guziek xede bakar bat dutela: gure
elgarretarik berextea. Jendek maite die bertzetaz mintzatzea, nahiz ez den beti gaixtakeriaz.
Bainan jende gahienak hola dituk: ez saindu, ez
deubru. Gure amodioa ele horiek baino azkarrago duk.
Atzo Etxarteko Graxanaren ezteietan nintian,
Arnegin. Eztei ederrak. Ainitz ezteiliar. Halere ez
nuk biziki jostatu. Ez nian jostatzeko gutiziarik.
Hitaz oroit nintian. Hire eskasa nian bakarrik.
Ontsa egin ote dut hain ilun egoitea?
Oroitu nuk. Ostatu hortan berean gintian,
Maiteren ezteietan. Hor ginian elgar ezagutu.
Hor ginian lehen aldikotz, begiak begietan luzaz
elgarri behatu. Behako hori garbia zian bihotzetik heldu baitzen. Ordu berean aitortu ginian zoin
maite ginuen elgar. Hitzik ez ginian erran. Funtsean zer dira hitzak? Elgar konprenitu ginian.
Bat bertzearen sendimenduez segur gintian
ordukotz.
Hortan uzten diat hori. Gure etxeko berri zonbait erranen dezteat orai. Aita azkenean menturatu duk Mendibeltzeko larrearen iraultzerat.
Injenior bat ukan diagu. Bekatu dela erran dik
holako lur baten larre uztea. Eskual-Herria ez
dutela ote eta iratze zangoek salbatuko. Aita beti
bere iratze eta otez arrangura duk. Gaixoa! Nik
ere ene hitza erran diat, bai aitari, bai injeniorrari. Erran diat traktur bat erosiko dukala ezkontzen girelarik, trakturra eta bertze tresna frango
ere. Ez dakiat nola menturatu nizan aitarekin
gauza horietaz hoin garbiki mintzatzerat! Bihotza arras jauzia nian araiz. Oto eder bat erosiko
dukala ere erran diat injeniorrari. Egia duk eh, ez
dea hala? Gure gero guziaren kondatzerat abiatu nintian injenior hari! Sobera uros nintian ixilik
egoiteko. Haur baten zorion izari gabea!
Injeniorra loriatu duk nik gauza horiek erranik. Nunnahi bezain ontsa bizi gintazkela erran
dik larre frango badugula iraultzeko, aski ordoki.
Pentzeak eta artoa ontsa heldu omen dituk lur
berri horietan. Aitak ere onartu dik azkenean,
gure amodioarengatik segur nuk.
Ikusten duk beraz aitak ere maite hituela,
harek ere baitaki egun batez hunat etorriko hizala. Ez badaut gauza handirik erraiten gure amodioaz, jakizak bere baitan gogoeta frango egiten
duela. Hola duk gure aita. Ez dik maite gauza
horietaz mintzatzea. Halere bihotz handi bat
badik bere haurrentzat begitarte bortitz horren
gibelean. Maite diat aita bere indar eta zuzentasunarengatik.
Frangotan buruan ibiltzen diat nola gure haurreko adixkidetasun goxo hura amodio baten
hastapen eta erroa gertatu den. Ez nian holakorik uste. Alta haurdanik gure artean zerbait izan
duk. Eskolarako bidean zonbat aldiz ez gira elgarrekin gertatu? Zonbat aldiz ez gira bidean gelditurik egon xori txar bati beha, ezdeus bati beha?
Egia duk. Betidanik ukan diat hiretako, ez dakiat
nola erran, halako goxotasun bat. Elgarrekin
ginelarik, beti hiri zerbitzu egiterat ekarria nintian, ez hintudan kolpatu nahi, azkar nintian
hirekin.
Goxo duk norbaiten maitatzea. Goxo duk
jakitea norbaitek maite hituela. Bihotzean hala-
ko pesta bat bezala senditzen duk. Azkarrago
hizala iduri zauk.
Ez ginakien oraino amodioaren izenik ere eta
elgarren behar bat senditzen ginian. Elgar ikustea, elgarrekin egoitea, elgarrekin mintzatzea,
deus gehiagorik gabe. On duk jakitea norbait
hire beha dagola norbaitek hiri pentsatzen duela
eta maite hituela.
Orai berean gogorat heldu zatak ixtorio ttipi
bat. Oroituko hiz. Kurutzaldeko pentzean gintian
hiru anai-arrebak. Zuek lau anai-arrebak gureganat etorri zinezten, gurekin jostatzerat. Haur tzarrak izanki ta jende handien solas batzu ibiltzen
gintian. Haurrak beti gizon eta emazte izan
nahiak dituk adin batetarik harat. Gure artean
ari gintian: Nor duk munduko jenderik maitena?
Gure anai-arreba ttipiek aita edo ama zitean
hautatzen. Guk ez ginian gure gogoa agertzen.
Azkenean, ni beti ausartago, galdetu nean: Eta
hik? Bulta bat ixilik egon hintzan eni beha. Eta
gero, herabe bezala: Hi! erran hinautan besoa
luzatuz. Begitartea gorde huen, hutsean atzemanik bezala. Egiazki ari ote hintzan ordukotz? Ola-la! Zer haurkeriak! Irriz ikusten hut. Nihaur ere
irriz ari nuk ene ele mentseri. Maite diat irriz
artzea.
Ttipia nintzalarik erraiten omen nian amatu
behar nuela handituta zeren ardura galdatzen
baitzautaten hea seroratuko nintzanez ttantta
bezala. Ez nuk aski saindu serora sartzeko.
Bainan Mayalen? Zer ditun ba solas horiek?
Gaizki ote da gauza horien hola erabiltzea? Zer
pentsatuko du Jainkoak? Eta Martik? Zer gauza
ahalgegarriak derazkinan hor Mayalen! Barkatu
behar zatak. Oroitzapenez bizi nuk. Ainitz oroitzapenez. Oroitzapen guziak goxo zaiztak hiri
pentsatzerat deramatelarik. Lehengo bizi hura
berriz atzemaiten diat hi baitan. Egun guziez
gauza berriak kausitzen ditiat. Goxo zatak hire
amodioaren froga berri baten kausitzea oroitzapen horien artean. Hire ele bat, hire egintza bat
ezdeus batentzat utziak nintuelarik elgarrekin
ginelarik, orai, bat ber-tzearenganik berexi-eta,
amodiozko ele eta egintza batzu zirela ohartzen
nuk frangotan. Hire eletan ez bazen, hire begietan bazian zerbait. Horietaz guzietaz oroitzen
nuk orai. Oroitzapenez bizi nuk geroaren beha.
Bihotza esperantza handi batek hartzen
zatak egun batez elgarretaratuko girela pentsatzen dutalarik. Orduan betikotz.
Bizi eder bat eremanen diaguk, batek bertzeari behin ere esker txarrik erakutsi gabe, orai
artio. Bihar ez duk urrun, gure bihotzak sobera
uros izanen baitira, elgar berriz atzemanik.
Denbora hok iraganen dituk. Bost urte joan
diren bezala, bihar iguzkia goizetik zeruan dir-dir
elizan sartuko baigira gure zorionaren finkatzeko
Jainkoaren aintzinean. Eta eztailiarrak, gure
zorionaz uros, erranen diagutek: Atxikazue beti
gaurko bake eta zoriona bihotzean!
Ene bihotzak eman dezaken amodio guzia
hiretzat daukeat.
Bihar, Bihar!…
Hire maite fidela.
Mayalen
* * *
Mayalen:
Hire bihotzeko zorionari pentsaketa nindagonean oixtian. Nik egundaino ukan ez dutan ale-
grantzia goxo bat badun. Ez dakinat nundik
heldu zaunan. Sor-tzezkoa ditaken. Hire ezpainetako irriño eztiak bihotza behin eta behin goxatu
datan.
Betidanik hola ezagutu hitut. Beti berdin
hagola ikusten dinat. Funtsean ez hintake bertzela izan. Hizan bezala maite hitut. Zerbait
badun nik eskas dutanik. Eskas dutan hura emaiten dautan. Eta badakinat gogotik emaiten dautanala. Ez dautan behin ere deus gorde. Hire
buruarekin bezain argi eta garbi izan hiz beti
enekin.
Zoin maite nunan ikusten dinat, zer alegrantziarekin atxikitzen dunan ni baitan esperantza.
Eta nihauri behatu-eta, nere gogo ilun eta hitsaz
ahalge nun. Ahalge ez baitezakenat zorion handirik erakuts. Ontsa ilun eta hotz kausitzen ahal
nun! Bainan, gaixo Mayalen, barkatu behar
zatan. Ez dakinat hea ontsa ikusten dunanez
hemengo bizi dorpea. Nahi ala ez, hemengo bazter ikaragarriek berek lotsa bat bezala emaiten
dautane. Bakartasunean zer gerta ditaken pentsaketa hasten nun. Adio gero esperantza guzia.
Emeki-emeki gogoeta ilunetarat lerratzen nun,
nihaurek gauza handirik egin ez dezaketala. Eta
gogoeta horietan hasten nizalarik, inguruko ixiltasuna ezin jasan dezakenat. Gizonek ez dine
bakartasuna eta ixiltasuna biziki maite. Ez dun
haratik ez hunatik, orduan, goiz edo berant, gizona bere buruari pentsatzeari lotzen dun. Eta
bakotxa bere buruari sobera pentsa-tzen hasten
delarik, ai zer gogoeta harrigarriak egiten
dituen! Ai nere buruari pentsatu gabe bizi ahal
banindadi!
Hor nintzalarik ez ninan holako gogoetarik
egiten. Aitamak, lagunak, eta hi, Mayalen, hor
zinezten gogoeta ilunetarik ene begiratzeko.
Bertze gauza batzuez mintzo gintunan, ele hutsa
frango erranez ardura. Eta denbora bazoanan
hola, egin ahala betea, bakotxak bere buruari ez
pentsatzeko. Gogoeta hitsetarik urruntzeko, hor
zitunan pilota, dantzak, kantuak, beti jendekin,
lagunak lagun. Gizona ez dun segur bakarrik
bizitzeko egina. Gaizo ni!
Bainan gogoeta hits guziengatik, esperantza
handi bat ere senditzen dinat bihotzean, noiztenka. Ez dakinat nundik heldu zatan bizi behar bortitz hori. Esperantza dela uste dinat. Eta orduan
nihauri erraiten dinat ez dutala nere burua
berriz, egundaino, gogoeta hitsetarat lerratzerat
utziko. Hala iduri zatan. Azkar nun orduan. Ez
dakinat xuxen zertako. Eta naski hiri ere pentsatzen dinat orduan. Munduko emazterik zoragarriena haukat. Hitan dela ene zorionaren iturri
guzia ohartzen nun. Hiretako bizi behar dutala,
gauza guziengatik, jasanak jasan. Badakinat ene
beha hagola. Badakinat ez dunala egundaino
nitaz dudatu.
Zorionezko denbora labur guzietan gogoan
erabiltzen hitudala ohartua nun. Eta ez dakinat
hi gabe zer nuken hemengo bakartasunean noizean behin alegrantzia poxi-poxi baten ukaiteko.
Badakinat ba zoriona ez ditakela betiko izan.
Labur dun zoriona. Iheska dabilan eta! Ez dezakenat erran oraixe zorion osoan bizi nizala, nahiz
ez nizan hain gaizki. Gizonak ez dezaken bere
zoriona sendi, ez baitaki zer den zoriona. Bainan
gero dun ohartzen, oroitzearekin, atzo memento
goxo bat iragan duela uste gabean. Eta memento hura berriz iragan nahi liken. Bizkitartean
memento hura berriz etor baladi ez lezaken
memento hartan berean, zorion mikorik sendi
edo atzeman.
Mementoan ez dezakegulakotz zoriona sendi,
atzo-koaren oroitzapenean edo biharkoaren
esperantzan dun zorion guzia. Orain ohartzen
nun, aitortzen dinat, hor nintzalarik hire ondoan,
duela bost urte, egiazko zoriona gozatu dugula
elgarrekin, jakin gabean. Atzoko zoriona gaur
dinat zinez gozatzen.
Atzo elgarrekin uros gintunan. Bihar elgarrekin berdin izanen gitun. Atzoko zorion hura berriz
atzemanen dinagu bihar. Elgarrekilako zorion
izari gabea!
Bihar ez duk urrun, erraiten hautan hire
azken solasetan. Bihar! Bihar! Bainan mementoan zer ez dugu jasan behar! Ez nun memento
hunen jabe. Ez dinat nahi bezala bizitzen. Nahi
dutan hura nitarik ihes baitoa beti. Zoriona, nik
nahi dutan guzia. Zorionaren osoki gozatzea,
zoriona eskuetan dugun ordu berean, ez dakinat,
bizkitartean holako gauzarik badenez. Balinbada, ez ditaken sendi. Egia erran, elgarrekin iragan denboretan baino zorion azkarragoa senditzen dinat, frangotan, denbora heien oroitzape-
nean. Denbora hek berriz desiratzen ditinat, ene
bihotz guziez, baitakit orai zoriontsuak zirela.
Oroitzapenak esperantza emaiten datan. Hitaz
oroitzapen onak badituztalakotz bihotzean ez
dezakenat geroaz etsi.
Oroitzapenak eta esperantzak!
Iduri zautan horiek direla mementoko zorionaren gakoak. Ez dakinat zer den zoriona atzokoari eta biharkoari ez badut ene gogoa eratxikitzen. Oraiko zorionik ez dun, berenez.
Gaixo Mayalen! Ikusten dun zer gogoeta bortitzetarat lerratua nizan bakartasun eta ixiltasun
huntan.
Halere, barkatzen badautan, ene gogoaren
aldara-tze hunek ez bahitu bederen lotsatzen,
hitzemaiten denat elgarrekilako biziaren esperantzari ez dutala uko eginen.
Ene amodioa hiretzat ez dun oraikoa, bainan
atzo-koa eta biharkoa. Atzo ontsa elgar maitatu
dugula-kotz, bihar egundaino bezenbat elgar
maitatuko dugula, horra zertako maite hitudan
orai. Hori dun ene amodioaren hazkurri bakarra.
Agian batzuetan erabili dituztan ele bortitzen
barkatzeko bihotz ona ukanen dun. Ez niken nahi
ene solasengatik gure arteko amodioa makurtu.
Ahantz ditzagun oraikoak geroari pentsatuz.
Jakizan arrangura horien burutik ateratzeak on
egiten dautala. Bihotz goxatzen norapait. Beraz
etzazkinala gaizki har. Gero dolu ditinat. Ikusten
dun zer errango dutan…
Egun batez, duela bost urte, elgarri betiko
amodio hitzeman gindinan. Nitarik berextea
onartu dun. Nik hitarik urruntzea onartu dinat. Ez
gintunan deuseren lotsa. Eta atzokoaren eta
gerokoarengatik, ez dezakegun, gaur, batek ez
bertzeak, gure hitza jan.
Gaixo Mayalen, otoitz egizan enetzat.
Bihar artio, lehen bezala besarkatuz.
Marti
* * *
Horra orai egundaino bezain bakarrik! Aspaldian ez dut hitzik igorri Mayalen gaixoari. Zonbat
denbora du Mayalenek ez duela ene berririk?
Hilabete bat? Berdin. Aspaldi du ez nizala hoin
luzaz ixilik egon. Lehen ere gertatu zautan ba
gauza bera. Lehen eta azken aldia zela uste
nuen. Eta orai berriz haste!
Nere buruaz ahalge niz. Maitearenganik
urruntzen ari nizala iduri zaut. Eta harek maite
ote nu beti? Ez dakit. Izigarri da bakartasuna.
Bertzek bazterrerat utzia nutela uste dut. Menturaz nihaur naiz bertzetarik urruntzen ari, nihaur
nere buruari harrika.
* * *
Etxerat joan nintake gogotik. Eta gero? Eta
bihar? Nola izanen niz? Berriz hunat itzuli beharko, bertze batzu bezala? Ezin bizia omen da han
ere.
Aski sos baduta Mayalenekin egin ginituen
xede eder heien obratzeko?
* * *
Zertako etorri niz ni hunat? Sosaren egiterat.
Ez da bertzerik. Ez dut estakururik sosa baizik.
Sosa… Sosa…
Denbora galtzen ari nintzala nion Eskual
Herrian. Etxean ez zuten ene beharrik. Beñat
han da. Eta ni? Ni? Nahi nuen lekurat joaiteko
sortua.
Zer naiz ni laborari bat baizik? Ez dut sekulan
bertzerik ikasi. Alta etxean ba ahal zakiten ez
zutela ene beharrik ukanen handitu-eta. Mutil?
Eta laborari etxe batean? Ez nuen holakorik nahi.
Auzoko mutilarenganik ez duta behin eta behin
entzun, mozkorra zelarik, lan tzarren guziak
harendako zirela? Mutil? Ez.
Lurrari sobera fida dira oro, lurrak gizona hazten duela.
Zertarat joan ere hirirat? Untzi ikuzterat
sukalde xahutzerat? Lantegi garbitzerat? Bide
egiterat? Lan zikin guziak gu bezalako trixte
batzuentzat dira. Lan zikinak, bertzek nahi ez
dituztenak, sekulan aberasteko menturarik
gabe. Hogoitabi urtetan ez nezaken holakorik
onart.
Ameriketarat joaitea hautatu badut, laster
aberasteko bidea ikusten nuen hor. Frantzian
egonez, hamar urteren buruan hastean bezala
izanen nintzan. Nunbait egon behar eta berdin,
Ameriketan artzain egoitea hautatu nuen.
Nehork ez nu zinez han begiratu nahi ukan.
Deusetako ez nintzan berdin, bertze ezdeus
guzien artean. Ene falta ez zitaken biziki ageri.
Geroztik ohartu niz hau ere bertzek nahi ez
duten lan heietarik dela. Ni bezalakoentzat.
Ene zango-sagar azkarrez gorago nehork ez
du ni baitan deus gehiago ikusi. Zerbait erran
zezaketenak ixilik zauden. Mintzatu beharrak.
* * *
Zer dakite etxean nitaz, gezurrik baizik? Egiaren gordetzea gezurraren sinets araztea. Ardiez,
bihiez, aroaz, herriko sortzez, hiltzez eta ezkontzez baizik ez dakite mintzatzen gure etxean.
Eta biziki ontsa nizala uste dute. Eta uros dira
auzoeri erraiten: Marti biziki ontsa dela.
* * *
Mayalenek bakarrik jasaiten ditu ene koska
bulta guziak. Gaixo Mayalen!
Ez dut Mayaleni gezurrik erran nahi. Mayaleni ez. Eta izkiriatu gabe nago, egiaren erraiteko
beldurrez. Ixilik egoiteko hobea niz.
Zonbait hitz izkiriatzen ditut. Eta hondarrean
gauza peningarri batzuen erraiten ari nizala
ohartzen niz. Eta letra has-eta urratzen dut.
Eta Mayalen berririk gabe dago. Gaixo Mayalen!
* * *
Nork lagunduko nu? Egun guzietako bizi hura
deramat beti bezala ahal dutalarik Jainkoa otoiztuz. Leku trixte hok utziko dituztalarik, agian
Jainkoa beti bihotzean ukanen dut. Izanen da
zerbait gero ere, sor-herrirat itzuliko nizalarik.
Ez nuke Mayalenenganik entzun nahi,
hemengo bakartasunak gogoa betikotz nahasi
dautala. Horren beldurra dut. Orduan ez dakit
zer gerta litaken…
Ez. Mayalen ixilduko da. Badakit. Ezagutzen
dut.
Ontsa ilun izan behar niz holako pentsaketen
egiteko. Ez dakit noiz eta nola galdu dutan ezpai-
netako irriñoa. Mayalen ez da hemen eta, nori
behar dut beraz ene irriñoa egin?
Bakarrik mintzo ote niz batzuetan, gora-gora,
ardien erdian? Berdin ba. Berdin ez. Ez dakit.
Dakitana da gora-gora edo ixil-ixila, gogoa ez
dutala sekulan trankil…
* * *
Mayalenen letra bat ukan dut atzo. Horra zer
erraiten zautan:
«Badiaguk hik eta nik elgarren laguntzearen
beharra bizitzeko. Haugi etxerat, gaixo Marti,
haugi etxerat! Ni hemen nuk hire beha. Ez duk
oraino berantegi. Haugi, haugi…»
Mayalen maitea. Aspaldiko nigarrak atzo ixuri
ditut. Nigar egiten ere ahanzten hasia ote niz?
Alta zoin goxo den maitearen bihotz onari pentsatuz nigar egitea!
O Mayalen! Mayalen! Zoin maite zitudan!
* * *
Bakartasuna.
Kanperoak ez daki eskuara. Indiano horietarik da. Ontsa apal nintake ene arranguren gizon
hits horri agertzeko.
Apez bat bederen balitz hemen, ene ikusterat
heldu, ene kontsolatzeko eta laguntzeko.
Harek balakike zer erran.
Aspaldi du ez dutala apez baten elerik
entzun. Bertze gizonek ez bezalako solasak
baluzke apez batek. Jainkoak uzten ari nuela
diot. Edo bederen nik ez badut Jainkoa uzten ari.
Ez dakit.
Apez baten solasak behar nuzke orai. Apez
bat nahi dut.
Nor da horien guzien hobendun? Ni?
Denak akusatzen ditut nere kexuan.
Orai berriz mendian nago. Hemen iragan dut
Paz-ko. Oroitu bederen baniz, eliza ere. Beti berdin da hemen. Halere, Pazko zelakotz bihotza
loriosago nuen, iduriz bederen. Pazko! Neure
gisan, nik ere, Krixtoren piztea kantatu dut bihotzean. Kar poxi bat eman daut horrek, bizitzeko
doia menturaz, Salbatzalearen oinazez oroituz.
Bertzek ere zerbait ikusten dute bizian. Bizitzea,
ez dut bertzerik galdatzen hemen nizano. Bizia
gauza ederra dela daukat eta eskerrak diozkat
Jainkoari.
* * *
Barda elurra erori da berriz. Ez da lodi. Oroitzapen tzarreko toki itsusi hoien gordatzeko ez
du, halere, aski egin. Begietan dituztan lur
horiek ez nuzke ikusi nahi. Elur egin balu gehiago, mendiak xuri-xuriak balire, bertze gogoeta
batzu egin nezazke menturaz. Elur baztertzen
nahiago nuke arizan, ardien zaintzeko, dena
gogoeta egon baino. Alferkeriak ez du deus onik
ekartzen. Gogoeta txar edo ilunen baztertzeko
ez da lana bezalakorik.
* * *
Gure etxeko goxotasunaz oroitzearekin, bixtan da, plazer baino trixtezia gehiago senditzen
dutala. Etxeaz oroitzen niz. Aitaz, amaz, anaiaz.
Hau ere ezkondu da. Eztei egunean ikusten ditut
hortxet, bortaintzinean, ezteiliar guzien erdian,
batek bertzea maite, zoriontsu. Uros dira. Hobe
segur. Badakit sobera zer diren penak eta bihotz
ilundurak. Ez nuke nehori zorionik ez kendu ez
gutiziatu nahi. Ez nuke nehor ni bezala ikusi
nahi.
Ontsa jaten dut, ontsa edaten eta ez dut
hotzik. Radioa mintzo da, kantuz ari, musikan
ari. Horien guziengatik bihotza ilun dut, nun ez
nizan uste gabetarik mozkortu edo lotarik ametsetan ari.
* * *
Mayalenek beti maite nuela erraiten daut. Ez
nuen sekulan erranen amodioa holakoa zela. Gu
bien artean aspalditik lokarri gorde batzu ukan
ditugu. Mayalenen izaite guzia, haren goxotasuna, haren bihotza bera nihauren baitan dituztala
iduri zaut. Nitan dago, egun eder eta txarretan,
gorputzez bestalde. Zorigaitzez ardura, bakartasun eta ixiltasunak Mayalenen amodio goxoa
bihotzean nahasi dautate.
Alta, amodioa, zer gauza ederra, zoragarria!
* * *
Zertako nuzke sofrikariozko sos horiek oro
Mayalenekin ez uros izaiteko? Ez dut, sos hori,
ene nagusitasunaren erakusteko. Sobera maite
dut Mayalen haren nagusi izaiteko. Batek bertzea lagundu beharko dugu, esker txarrik erakutsi gabe, batek bertzeari egiten duguna guhaurentzat egiten baginu bezala. Ez, ez da egia. Bertzearentzat egiten dugulakotz dugu bihotz onez
egin behar. Izanen dira ba, bixtan da, kexaldi
batzu bainan batek bertzearen amodioaz oroituz
barkatuko ditugu biziaren nahigabe guziak.
Badut aski ikusirik neure buruarekin, harat eta
berriz nehoren gaizkiaren ondotik ibiltzeko. Ez
nuke nahi Mayalenek sendi dezan nitarik esker
txar edo hoztasun edo idortasunik.
Barkatzeko atsegina zoin den handia, maite
bati barkatzen delarik!
* * *
Zonbaitetan baino gehiago neure buruaren
jabe nizala iduri zaut.
* * *
Ene arrangurak eztitu ondoan ez dut hemen,
sei hilabete hotan, deus handirik izkiriatu. Negua
zen eta beherean nintzan. Orai berriz hasten ari
niz. Zertako ote? Bihotz min bat dugularik,
orduan dugu norbaiten beharra senditzen horien
guzien jasaiteko. Halere berekoi izaitea da hori.
Ez litake hola izan behar. Nik paper-mutur
batzueri eman ditut ene arrangurak. Ez nuen
nehor bertzerik. Mayalen han zen ba beti. Bainan, frangotan, penarik ez egin nahiz ixilik egon
niz, guziak barkatuko zauztalarik. Etxekoekin
berdin. Denbora batez ene buruaren ahalge nintzan eta. Gaiz-ki egin dut menturaz. Bainan bego
hortan, joanak joan.
* * *
Etxerat banoa. Joan behar dut hemendik.
Orai ez baniz joaiten, egun batez berriz haste
litazke oro. Ez dut holakorik nahi. Badut ene biziko aski oroitzapen. Hortan geldi.
Menturaz nihaur niz holakoa, ez dezaket
bakartasuna jasan. Ez dakit.
Hogoi egunen buruan Parisen jautsiko niz.
Mayalen han izanen da. Ba, gaixo Mayalen!
Maite dut.
Zoin goxo izanen den elgar besarkatuz nigar
xorta baten ixurtzea maitearen sorbalda gainerat.
ITSAS-IZARRA
Euri xehe bat ari zen gogorki eta itsas usainez beterikako haize mehe batek azotatzen zuen
hor bildutasunean zagon jendea.
Itsas-Izarrako txopako guziak bilduak ziren
Donibaneko hilerrietarat. Hor alainan ehorzten
zuten Erramun Airexuri, untziko lagun bat.
Gaxuxak dentela-egileak bere bilo horiekin,
begiak nigarrez ilunduak, uste zuen oraino ikustea hain maite zuen mutil ederra. Hain azkarra
iduri zuen, hainbertzetaraino ezin zaurtua, nun
haren hiltzeak ezin jasanezkoa, ezin esplikatua,
zozoa iduri baitzuen. Zeru ñabarrean, antxetak
inguruka ari ziren beren boz herdoildua entzunaraziz eta zeremonia bururatzerat zoan.
Gaxuxa ez zen gehiago gorputzez baizik
horko lagunen artean. Gogoan berriz bazerabilan igande bat, duela zonbeit aste iragan. Erramunen lagungoa, nexka gaztea hiriko baratzean
kausitzen zen eta mariñela boz nahasi batez
mintzo, behatzen zuen.
—Gaxuxa, horra, aspaldi maite zaitudala eta
ez naiz menturatzen aitortzerat, onart zinezakea
ene lagun izaitea?
Segurrenik eskualduntsa pollitak baietz ihardetsiko zuen, Peyo, Itsas-Izarraren hirugarren
mekanizier lagunak ez bazaion galde bera egina
izan abantxu hitz berez, bi egun lehenago.
Alta Erramun eta Peyo, biak gazteak eta
lagun onak izanagatik ere, arras desberdinak
ziren, bat mehe eta haundi zen printze baten
goxotasunarekin, bertzea, Peyo, beltx, gizonaren
idortasun poxi batez dohatua.
Gaxuxak, denbora irabazi nahiz, gogoeta
zonbeiten egitea galdatua zuen gauza horren
gainean.
—Zerbeit ilun bada ene bihotzean. Itsas-Izarra Donibaneko portutik ateratuko da zonbeit
egunen buruan. Amerika alderat joanen da xardinaketa. Itzul-tzen zaztelarik erranen dautzuet
ene xedea —hitzeman zuen bere bi gizongaieri.
Eta heien atera-aldia abantxu hitzik erran
gabe bururatu zen.
Egun hits hortan, nexka gazteak ikusten zuen
nola Erramunen ondoan iragan orenak, hiriko
baratzean, halako hozdura bitxi bat bazuten.
Mariñelak iduri zuen jadanik ez zela gehiago lur
huntan. Ezen urrun bazoan eta, handik, nork
erran bizirik itzuliko zela?
Eta bizkitartean ez zuen mutiko xarmant
hura bere gogoan hautatua, bainan bai bi gizonetarik edertasun gutienik zuena.
Haize ukaldi batek zafratu zuen Gaxuxaren
zaia zabala eta bere baitarat ekarrarazi haren
gogo galdua.
Otoitzak bururatuxeak ziren. Bihotza ilunik,
Gaxuxak eman zuen azken behako bat mariñelaren kutxa xuriari. Untziko lagunak ziloaren hesten hasi ziren. Gaxuxa atera zen ezin egonez.
Karriketan, jendeak multxoka bazoazin beren
etxetarat.
Mariñelak aintzinean zoatzin. Heien artean
ageri zen Peyo. Gaxuxa harenganat hurbildu
zen, nahasdura bortitz batek asaldaturik. ItsasIzarrean gertatu destorbua hain zen bitxia.
Gogoetarik zoroenak eta gaixtoenak heldu
zitzaizkon bururat.
Zer iragan ote zen untziko bi lagunen artean,
bi lagun emazte beraz gustatuak?
Boza daldaran erran zuen:
—Lagun nezazu, Peyo, zonbeit galde egin
nahi dauzkitzut gaizo Erramunez.
Eskualdunaren begitarte soraioak ez zuen
latzikara bat ere erakusterat eman.
—Nahi duzun bezala, Gaxuxa maitia, bainan
nik bezain ontsa badakizu.