Maite ere... neurriz - 1

Nemesio Etxaniz

MAITE ERE... NEURRIZ
ANTZEZ-LAGUNAK:
JOAKIN JAUNA, sendagillea, 45 urte-inguru.
LORE, Joakiñen emaztea, 40 urte-inguru.
MIKEL, semea, 20 urtekoa.
ANE, alaba, 18 urtekoa.
AZENTZI, etxeko neskamea, 44 urteduna.

EGINTZA BAKARRA
Agertokia atzetik aurrera erdibi zatitua azalduko
da. Ikusleen ezker-aldera, etxeu-aurrea ager beza.
Ate-gañean tellape txiki bat bedi, etxeari egotzia alde
batetik eta bi zutabez eutsia beste aldetik. Aterpe
ontatik kanpota, guzia elurrak artua dago. Eskuialdeak etxe-barruko jatokia ager beza. Erdian maia,
alki batzuekin. Tximenetan sua piztuta bego, ta
besaulki batzuek sutondoan. Erdika ontan, ezker-aldetik kanporako atea bedi; eskuin-aldetik, berriz, etxeko
sukalde ta beste gelatarako atea. Agertokia txikia

balitz, ezker-aldean kantoi-zati bat utzi bezate, etxeko
sarrera-ate ta aterpeari leku emateko lain; ta osteuntzeko agertoki guzia etxe-barruari bemaiote.

Lenbiziko Agerraldia
AZENTZI
(Azentzi, etxeko neskamea, Gabon-apari-aurrez
jatoki-txooko batean Nazimentu bat eratzen ari da.
Odolgi, kortxo ta zerrautzez, mendi, aitz eta bidexkak
egiten. Belengo estalpean Jesus Aurtxoa ta beste iduriak...)
AZENTZI: Ari gera, ba, ari. Gure nagusi onek, baditu

ere kazketaldiak. Gabon-gaberako bere Nazimentua jarri bear zaio... Beti ume izango gera
gu. Etxean aurrerako lanik ezpalego bezela,
arratsalde guzia Jaiotza au antolatzen... Berrogetaka urtekin, aur-lanetan.
Ta guzia... bere burua nasteko ta biotza minberatzeko. Andra zana bizi zanean, orrelaxe jartzea
gustatzen omen-zitzaion ari; ta zaude emen,

amazazpi urteren buruan, andra zanaren gustoak kunplitzen... Andreak agintzen duala etxean?
Ezta gezurra. Emen, beintzat, ilda gero ere,
andreak jartzen du legea... Gizonak txoratzen
diranean...
Guk, zera... ezkontzeko gogoz eta senargai gabe
gelditzen geran emakumeok, eztegu orrelako
aginterik. Guretzat, erratza ta sukaldeko zatarra dira apaingarri. Autsak arrotzen eta zikiñak
garbitzen degu, gure aginpidea... Baña bederatzi urte auen buruan, neronek ere ikasi det
nagusiari errietan egiten.
Gaur ere, or azalduko zaigu kanabetekok bekozkoz bere arpegia illunduta. Ori, urteroko gaitza
du. Gau ontan galdu omen-zuan bere andra ori,
ta orduan bezelaxe jarri nai izaten ditu gauza
guziak. Ta zer iristen du orrela? Bere barruko
zauria berritzea, ta Gabon-gabeko poza ondatzea besterik ez.
Andrea... andrea!... Beste batzuek ere galdu izan
dute, ba, berea. Ta orrenbesteko utsunea utzi
badio andrerik ezak, badira emakumerik pranko
munduan ezkontzeko borondate osoa dutenak... Neu aurrena naizela... Zer, ba? Gure

sasoian gustokorik etorri etzitzaigulako, beti gai
egon bear al degu, ala? Baña gure nagusi onentzat, eztago beste andrarik... Bere andreak au;
bere andreak ori... Beste emakumeok gonarik
ezpagenu bezela... Gonak eta gañerakoak edozeñek añakoak... eta berrogei urte paxeak, zoritxarrez. Ai! Zeñen txarra dan biotza beti gazte
eukitzea!
Eta zaude zu gizon jator baten ondoan, etxepe
berean, itzik esateko eskubiderik gabe, ta beste
emakume baten kontuak aditzen beti. Eta orrela gaur, orrela biar, eta orrela bizi guzian. Bere
andrea, bere andrea!... Gu ez al gera iñor?...
Egia esan, nik ez nuan ezagutu etxekoandre
zana. Etxe onetan bederatzi urte bakarrik ditut,
eta andra zana il zala, gaur amazazpi urte.
(Argazki bat erakutsiaz:) Or dago bere erretrato
bat. Zer ba ura ere? Moko estu, begi-pinporta,
ezpain motx oiek ere, eztira, ba, beste munduko gauzak... Jakiña! Gaur amazazpi urte, ni ere
zerbait banintzan. Udaberrian edozein da lore.
Gaur bizi izan balitz, berrogei urte arek ere.

Bigarren Agerraldia
AZENTZI TA MIKEL
(Azentzi azkenengo itzak esaten ari dala, batbatean sartzen da Mikel, etxeko semea, esanaz:)
MIKEL: Berrogei ta bi juxtu gaur.
AZENTZI: Oi! Besteren kontu-entzule mukizu au!
MIKEL: Eta zuk berrogei ta lau eldu-elduak.
AZENTZI: Ixilduko al zera, lotsagabe ori? Besteren sal-

tsetan ogia bustiko luke onek.
MIKEL: Bakarrik al zeunden? Erretolika batean ari

ziñan, eta nola ez entzun? Norbaiti zure biotzeko axala erakusten ari ziñala uste nuen.
AZENTZI: Etzaude zu axal ederra! Atzo nun ibilli ziñan?
MIKEL: Ai, Azentzi; besteren saltsetan ezta ogirik busti
bear.
AZENTZI: Oraindik lurrean agiri ezta...
MIKEL: Ogei urte beteak ditut, Azentzi.
AZENTZI: Ta zer?
MIKEL: Udaberrian edozein da lore, emakume.
AZENTZI: Ta or egon zera ate-ondoan zeletan lotsarik
gabe?

MIKEL: Ai! Zein txarra dan biotza beti gazte eukitzea!
AZENTZI: Orrelakoak obeto ikasi dituzu, liburuetako

ikaskizunak baño.
MIKEL: Nolako liburuak diran, Azentzi. Onelako nobela

politak diranean...
AZENTZI: Obe zenuke zein egunetan gauden gogoratzea.
MIKEL: Ori ere egin bearko degu. Baña aurrez Meltxor,
Gaspar eta Baltaxar bere lekuan jarri bearko
dituzu... Ez, or ez. Oraindik Erregenak urruti
dira. Emen atze-xamar jarri bearko ditugu gaur.
Artzaiak eta Aingeruak lenagokoak ditugu.
AZENTZI: Ta danbolinttero onek nun jo bear du ttunttuna?
MIKEL: Ementxe, estalpe-aurrean joko dio Aur jaioberriari alkate-soñua.
AZENTZI: Ta zapi-jotzalle onek ba al du senarrik?
MIKEL: Orrek bere sasoian gustokorik ez, kottauak.
AZENTZI: Ara! ixilik ezpazaude, eztakit zer egingo
dizudan.

Irugarren Agerraldia

LENGOAK ETA ANE
(Ane, etxeko alaba gaztea, Egintza Katolikuko Biltokitik dator.)
ANE: Orain ere, beti bezela, asarre?
AZENTZI: Mutil au beti ere ari da albotik-eta.
MIKEL: Azentzik eztu iñor bear alboan, izketan aritze-

ko. Beronek asmatzen ditu galdera ta erantzunak.
ANE: Biok ere, alkarri zorrik ez diozuela, uste det. Ni,

beintzat, jota nator.
MIKEL: Atxurrean jardun aldezue?
ANE: Au kaikua! Gabonetan zertan arituko giñan?

Egintza Katoliko-lana egun auetan jakiñekoa
dezu. Beartsuen etxetara poz apur bat zabaltzea, gizona. Bazan antxe lana, batu diran soñeko, oñetako, janari ta abar banatzeko.
AZENTZI: Zeñek eraman du saskirik onena?
ANE: Olagañeko Andresak. Eztu poz makala eraman.
AZENTZI: Bai, gajoak aspaldi ontan makiña bat supri-

tu du. Senarra gaxorik, eta bizkiak jaio.

MIKEL: Orrelakotxeak zerate emakumeok. Gutxiena

palta egiten dutenean, bi aur batera. Esaten
det, ba, nik...
ANE: Zuk zer esan bear dezu, gatzik gabeko eltze

orrek?
MIKEL: Ori da mingain leguna! Etzan giro izango Egin-

tza Katolikuko Biltokian ainbeste emakume
batera itzegiten.
ANE: An egon da, ba, apaiz jauna, pozik asko.
MIKEL: Eta saskirik geienak kanpotik sartu-berri diran

pardel oiei emango zenizkieten, ezta ala?
ANE: Bearra dutenei.
MIKEL: Zine bat ikusi gabe galduko ez dutenei; naiz ta

eskerako ta negar egiteko lotsarik ez izan.
ANE: Beti akatsak billatzen zabiltzate zuek, mutillok.

Emakumeok egiten degun lanik ezin onartu
dezue.
MIKEL: Eta erriko bearrik aundiena dutenak, eskatze-

ko arpegirik ez dutelako, or geldituko ziran
laguntzarik gabe.
ANE: Au itzontzi au! Zuk bost dakizu zein dan bear-

tsuena. Berriketarako gogoa galanta, orixe da
zuk dezuna.

AZENTZI: Utziozu orri bere jardunean. Alperrik da orre-

kin-eta.
ANE: Bai. Banoa aldatzera. Ia aita datorrenerako gertu
dan guzia.
AZENTZI: Nik ere sukaldean begiratu bat bota bear
det. Onezkero labea berotuko zitzaidan, eta
egaztiak sartzeko pronto egongo da.
MIKEL: Bakarrik utzi bear al nazue?
AZENTZI: Aita, gaxoak ikustetik etorri bitartean, Jaiotza ori prestatzen, badezu lana. Badakizu nola
gustatzen zaion, ama zana bizi zanean bezelaxe guzia ikustea.
MIKEL: Bai. Urteroko arpegi illunez Gabonak mintzeko.
Badu, gero, gure aitak ortan ere okurrentzi zelebrea.
ANE: Bakoitzak geure korapilloak; etxean etxekoak.
Banoa barrura.
AZENTZI: Ta ni zurekin. (Bijoaz biak.)

Laugarren Agerraldia
MIKEL

MIKEL: Orra ba. Gure etxeko korapilloa. Aita sendagi-

lle, ta bere burua sendatu ezin. Egun guzia besteren gaitzak sendatzen edo arintzen, eta bera
urtetik urtera bere barruko arantzaz minberago... Gabon-inguru onetan ala ere, miña biziago
egiten zaio. Gaitz onek badu guk eztakigun ixilleko giltzen bat.
Beste etxetan ere izaten dira onelako zorigaitzak,
baña urteak samiña gozatzen diete... Zer izan
dezake gure aitak bere naigabea orela luzatzeko?... Gogoaren bizarra bear du gizonak urtero
bere tristura onela berritzeko.
(Jaiotza antolatuaz:) Artzai au, emen... Mendixka
ontan iru ardi... onela. Erreka onetan, arata
auek... Izarra estalpe-gañean... Astoa ta idia,
pixka bat batuago, Aurra berotu dezaten...
Oraintxe bukatu degulakoan naiz... Obeto esateko, orain asten gera urteroko negarra berritzen. Aita emen dator, oker ezpanago... Bai,
atean da.

Bosgarren Agerraldia

JOAKIN JAUNA TA MIKEL
JOAKIN: (Lenbizi kanpo-aldetik atea idikitzen agertuko

da. Gero, etxe-barruan sartzen.) Gabon, Mikel.
MIKEL: Gabon, aita. Gaur ere lan asko, ezta?
JOAKIN: Otz onek zarrak il eta gazteak maxkaldu egi-

ten ditu, seme. (Jaiotzari begira gelditzen da
betillun. Berekiko dio:) Orduantxe bezela. Noiz
iritxiko ote det nere pakea?
MIKEL: (Berekiko:) Asi gera. Begietara pixu bat erori
zaiola dirudi. (Aitari:) Bereala jarriko dute maia.
Gaur apari aundia degu.
JOAKIN: Orduan ere ala zan.
MIKEL: Orduan ez, gaur bizi bear degu. Zertarako
berritu arantzak, aita?
JOAKIN: Zuek txikiegiak ziñaten. Nik dakit orduko
berri.
MIKEL: Ostatuk amorrai-pillo bat bialdu digu. Orrelakoxeak. (Eskuak zabalduaz.)
JOAKIN: Biotz onekoa Ostatu. Eman al diozue ezer?
Etxean ere badu makiña bat ao.
MIKEL: Azentzik zerbait eman bide-dio.
JOAKIN: Noan nere lan-maira. Biarko errezeta batzuek
egin eta idazkiren bati erantzun-bearra izango

det. Apal-aurrez bukatzen ditudan nere egitekoak. Amaren alkia bere lekuan jarri dezatela.
(Bijoa.)
MIKEL: Eztu sendabiderik. Beti ama zana gogoan.
Noan ni ere zerbait aurreratzen dedan nere
lanean. (Eskuiko atetik atera bedi.)

Seigarren Agerraldia
LORE
(Ezker-aldeko agertoki-erdika orain arte utsik
egon da. Orain, eskuin-aldeko etxe-barrua gelditzen
da utsik. Atadi-aldera emakume eskale bat dator
nekez. Arlote jantzia; arpegi gaxoa dakar.)
LORE: Ezin det... ezin det geiago! (Elurretan zear, ata-

diko aterpera dator.) Aterpe orretan atseden
pixka bat artuko det... Noan, noan otzak eta
nekeak aitu nazan baño lenago... Emen naiz,
orratik. (Aterpean sartuaz.) Utzi dezadan nere
zama. (Bere pardela lurrean uzten du.) Nere
soñeko urratu ta ontzi zarrok, etzaudete luzaro-

rako... (Ate-ondoan armalla bat edo beste jarri
diteke. An exeriko da Lore, etxeko orma-aldera
bizkarra duala.)
Nere bizitza!... ez luke iñork sinistuko... Amazazpi
urte auetan nere ibillerak ames bat dirudi...
Etxe oneko alaba ura... geroko errespetoko
etxekoandre ura... erriz-erri eskale, motxalle
baten gisa!
Zeñen laburra izan zan nere zoriona!... Lenbiziko,
semearen poza. Urrengo, alabatxoaren jaiotza... Nun ote-zerate, nere maiteok?... Ta nere
zoritxarreko senar gizajoa... Aren maitasun
itxua... Edena zeukan barruan; pozoi txar bat
edaten duana bezelaxe... Maiteago ta zorigaitzago... Mozkortzen, orditzen zetorkion biotza...
Azkenerako, erotzerañoko kezkak sortu zitzaizkion... Ta ni, aren eden; aren ardo ta kezka-iturri.
Maitasun aretan uste osoz bizi nintzan... Giro ura
alda zitekenik ez nuen uste... ta nere itxumenean, ez nituan ikusi nere zerua estaltzera zetozen ekaitz-lañoak... Bat-batean etorri zan erasoa, ta mendebalak nere zorion-ostro guziak lau
aldetara barreiatu zituen... Atera nintzan etxe-

tik, tximistak jotako zugaitz baten iduri, soillik;
arriak galdutako sail baten antzera... Zorigaizpean ebakita... Arrazkero, nere ondar gorrizko
basamortu onetan, ezta landare bat sortu...
Eguzkiak erretako zabalune onek, eztu iñun
itzalik.
Nere ondamendia zerk sortu zidan esaten asiko
banintza, parre egingo lirakete... Ta ala ere,
egia da... Maitasunak galdu niñuen... nere senarrak zidan maitasun itxu arek, maitasun betebeteko arek. Ura maitasunez itxu; ta ni, gañean
nuen arrixkua ikusteko itxuago.
Une batean, maitasun ura gorroto bizi biurtu zan...
ta atera nintzan etxetik, etxe oneko alaba au,
etxekoandre begiratu au, senarrarekiko legea
ausi duen andra zapuztu bat bezela, nere gizonaren madarikapen-mendean lur jota. Bururik
jasotzeko indarrik gabe... Lotsa gorri batek eratxita.
Nora jo?... Nere gurasoak illak... aideetara azaltzeko arpegirik ez... Nere burua ezkutatzera jo
nuen biderik-bide, euri ta ateri, uda ta negu.
Beroak ito, ta otzak eten... Lore! Lore!... Zeñen
oker jarri zidaten nere bataio-izena! Lore onek

eztu zelairik. Landare-orpotik ebaki zuten, eta
or dijoa ugolde nastu baten basetan lardaztua;
neke ta gaitzak zimeldua. Geroztik, zeruko izarrak ditut nere aizpak, eta bideko autsak anai.
(Loak artzen du.)

Zazpigarren Agerraldia
AZENTZI TA ANE
(Jatokiko eskuin-aldeko atetik datoz, mai-zapi,
azpil ta beste ontziak eskuan dituztela.)
ANE: Ordua aurrera dijoa.
AZENTZI: Bai, eztegu lo artzeko betarik.
ANE: Gaur ala ere. Badakizu gure aitak nolako pun-

tuan nai izaten dituen gauzak.
AZENTZI: Ez nago aztuta, ez.
ANE: Azentzi, gaur eztakit zerk ematen didan; bañan

gure aitak ekarri duen arpegiak, ez dit bat ere
pakerik sortu.

AZENTZI: Urterokoa dala ez al dakizu? Gabon-gabean

zuen ama galdu zala-ta laño bat erortzen da
etxe onen gañera.
ANE: Ezjakin arlote bat balitza, ez nuke ezer esango;

baña sendagille bat, karreradun gizon bat onela
azpiratzeko, zerbait bada emen gure ezkutu.
AZENTZI: Dakiguna ez al da naikoa?
ANE: Ez, Azentzi. Ta iñundik izatekotan, gaurko gau

ontatik sortu bear du ezkutu orren argi-bidea.
AZENTZI: Eztezu ezer argituko, Ane.
ANE: Baietzean nago, ba. Gure aitaren naigabe onek

gaur bukatu bear du. Zoaz sukaldera, ango
lanak burutzera. Nik antolatuko det maia. (Bijoa
Azentzi eskuin-aldetik.)

Zortzigarren Agerraldia
LORE TA ANE
ANE: (Maia jartzen ari dala, kantari asiko da:)

Jesus maitea logure dago seaskan, ain zoragarri!
Aingerutxoak kantari daude, lo eragiñaz Aurrari.

LORE: (Ate-ondoan kanpotik esnatuaz:) Ene! loak artu

ez nau, ba. (Bere jantzia lepoan batuaz:) Bai otz
egiten duala! Ziaro gogortuta nago.
ANE: (Abestuaz:)

Loak artu du. Aingerutxoak egan dabiltz inguruan;
ixil-ixillik makurtu eta laztantzen dute musuan.
LORE: Kanta ori!... Amazazpi urte gaur azkenengo

kanta nuala... ta ondoren etorri zan ekaitza.
ANE: (Abestuaz:)

Amesetan da Jesus maitea, irri-parrez bere ezpañak;
Bera ikusteko zabaldu ditu zeruko ateak Jaunak.
LORE: Barru guzia ikara jarri zait. Zein ote-degu kan-

tari? Etxean nagola dirudi. (Zutitzen da.)
ANE: (Abestuaz:)

Esnatu da, oi! bere begiak negarrez bete zaizkio;
Aingeru batek urrezko ontzian malkoak artzen dizkio.
LORE: Abots ori!... Neure aotik irtena dala, ematen du.

Biotz errukitsuren bat bada etxe onetan. Jo
dezadan atea. (Jotzen du atea.) (Ane, maia utzi
ta atera dijoa. Lore ate-ondoan errezatzen. Aita
gurea... Limosnatxo bat Jainkoaren izenean.

ANE: Emakume bat gau otz onetan! Jaungoiko ona!

Sartu zaite barrura pixka batean berotzera.
LORE: Ez, ez. Narrasegi nago, onelako etxe txukunean
sartzeko.
ANE: Gabon-gaba da gaur, ta ama zanaren izenean
barruan artzen degu gau ontan datorren eskekoa. Aurrera, emakume.
LORE: (Barrura sartuaz:) Ama illa al dezu, neskatx on
orrek?
ANE: Gaur amazazpi urte galdu genuala.
LORE: Jaunak bere pakean dezala!... Or atetik kanta
bat entzun dizut. Zeñek erakutsi dizu?
ANE: Gure aitak. Ama zanari asko gustatzen omen
zitzaion. Gabon-gabaz beti kanta oi degu. Nola
dezu izena?
LORE: Lore, serbitzeko.
ANE: Ene! Gure amak bezelaxe. Banoa barrura berogarri zerbait zuretzat ekartzera... Exeri zaitez
ementxe, amarentzat jarri oi degun alki ontantxe.
LORE: Illa dezuela esan eztezu, ba?
ANE: Bai, baña gau ontan leku ori gordetzen diogu
beretzat, nolabait gurekin degula sinisteko.
Berealaxe nator. (Bijoa eskuiñetik.)

LORE: (Apur batean bakarrik:) Nere etxean nagola

dirudi. Mai au... alki auek, Jaiotza ori. Onelaxe
jarri oi-nuen neuk ere zorioneko nintzan urte
aietan.
ANE: (Azpil batean zuku beroa ketan dakar:) Artu zazu
berotzeko.
LORE: Milla esker. Zure biotz ona Jainkoak ordaindu
deizula! (Artzen asi bedi.)
ANE: Gau otz ontan, nola atera zera bide oietan zear?
LORE: Urteak daramazkit bide oien lagun.
ANE: Bein ere ez al dezu izan etxerik?
LORE: Amazazpi urte nere etxea galdu nuela.
ANE: Nolatan galdu zenuen, ba?
LORE: Maitasun geiegiak bota ninduen nere etxetik.
ANE: Maitasun geiegiak?
LORE: Bai, nere senarrak zidan maitasun geiegiak...
Etzan bizi... Norbaitek emaztea ostu bear zion
bildurrez bizi zan beti... Aide-tartekorik etxera
etortzen bazan... adiskideren bat guregana bazetorren... Gizakume bati arpegi ona jartzen banion... Nere senarrak etzuen pakerik.
ANE: Bizimodu larria benetan!
LORE: Geiegi maite ninduan... Nik aur bati bezelaxe,
parre egiten nion... Alako susmo txarretan den-

borarik ez galtzeko, esaten nion... Baña gaitza
zuen, eta gaitz arek noiz-nai muturtuta, iñorekin
itzegin nai etzuela, jartzen zuen... Egun aietan,
lengusu gazte bat genduen etxean... Nere senarrak gaitz-aldi gogorra zerabillen... bere maitekezkak zoratu zuten... Ni, aren bekozkoa ta
umore txarra ezkutatu nairik nebillen lengusuari... Senarra mutuago ta ni berritxuago ta alaiago itzegiten saiatzen nintzan. Lengusua ere,
mutil gaztea ta itz egokikoa... Gure itz-jarioa ta
jolas-gogoa, senarrarentzat edena zan, pozoi
txar bat aren gaitzarentzat. Uste gutxiena nuenean, Gabon-gau batean, etxetik kanpora bota
niñuen, emakume galdu bat banintza bezela...
Nere gabon-aparia, bidetan igesi, nere burua
ezkutatzeko alegiñetan joan zitzaidan.
ANE: Gertari negargarria! Zaude pixka bat. Sukaldera
noa, beste zerbait jan dezazun. (Bijoa eskuinaldetik.)
LORE: O! Etzaitez neregatik ibilli. Naikoa det... (Bakarrik berriro:) Jauna! Irudipena ote da? Neskatxa
au... arpegi ori... Nere alaba bizi bada, emezortzi bat urte izango ditu. (Jaiki bedi ta ormetako
argazkiak ikusten asi bedi:) Mutil gazte jatorra

auxe... Auxe irudipena!... Nere senarra gaztetan
bezelakoa dirudi. Nire Mikeltxo izan bear luke!
(Beste kuadroari begira:) Jaungoiko Aundia!
Nere senarra ta gure ezkontza-eguneko erretratoa!... Nere gizona emen bizi ote da?... Ez, ez...
gu Naparroan bizi giñan. Lengusuren batzuek
izango dira auek. Burua nasten zait... (Exertzera dijoa.)
ANE: (Berriro sartuaz beste azpil batekin. Lore burua
mai-gañean botata ikusiaz:) Zer, zer?... Ez al
zaude ondo?
LORE: Ez da ezer. (Burua jasoaz.) Bidetako nekea ta
otza... O! Zer zabiltz baña orrenbeste neke
artzen neregatik? Lotsatu egiten naiz.
ANE: Zer lotsa gero? Ar zazu indarrak egiteko.
LORE: Jainkoak ordaindu deizula! (Berekiko:) Jauna, au
nere alaba Anetxo ote da, ba?... (Zerbait jaten
asten da.)
ANE: Ama zanari ematen nagola, iruditzen zait.
LORE: Ama il zitzaizuenean, zenbat urte zenituen? (Jan
beza.)
ANE: Urteterdi inguru.
LORE: Ta seniderik ba aldezu?
ANE: Nere anai Mikel. Or dator bera.

Bederatzigarren Agerraldia
LENGOAK ETA MIKEL
MIKEL: (Agertuaz:) Gertu al degu aparia, Ane? (Lore

ikusiaz:) A, barkatu.
LORE: (Berekiko:) Ane esan dio. Nere seme-alabak

dira... Biotza lertu bear zait.
ANE: Eskeko errukarri bat da, eta gure ama zanaren

oroipenez, jaten eman diot... Eztakizu asko...
gure amak bezelaxe, Lore du izena, ta amazazpi urte ditu bidetan eskale dabillela... Gertari
negargarri bat... senarrak geiegi maite zuelako,
etxetik bota omen zuen.
MIKEL: Geiegi maite izan zualako?
ANE: Bai, Mikel... Maite-kezkak eraginda... besteren

batek emaztea ostuko ote zion bildurrez bizi
omen zan beti senarra, ta susmo txarretan galdua.
LORE: O! Eztu merezi kontatzerik... Ta zuen aita bizi al

da?

ANE: Bai, baña gaurko egunez oso goibeltzen zaigu

urtero.
LORE: Zergatik gaurko egunez?
ANE: Egun onetan galdu omen genduan gure ama.
LORE: Ez al da geiago ezkondu?
ANE: Ez. Beste emakumerik eztu ezagutu nai izan.
Eskerrak bere lanari. Gaxo-artean dabillenean,
zerbait aztutzen zaio bere naigabea.
LORE: Sendagillea al da, ba?
ANE: Bai, andrea. Ori du bere egitekoa.
MIKEL: Aita barruan dan bitartean, gauza bat ikustera
noa une batean.
ANE: Azkar ibilli. Badakizu aitak eztuela ordurik atzeratzerik nai izaten.
MIKEL: Bai, Ane. Emen naiz laster. (Badijoa eskuinaldetik.)

Amargarren Agerraldia
LORE TA ANE
LORE: Ane dezu izena, beraz?
ANE: Bai, andrea. Amak ala nai izan omen zuen.

LORE: Geiegi egon naiz etxe ontan. Milla esker. Nola

ordainduko ote dizut egin didazun guzia?
ANE: Zaude oraindik. Esne beroa ekarriko dizut.
LORE: Ez, ez. Geiegi litzake; ta gañera presa det.
Berandutu baño lenago, beste leku batera iritxi
bearra naiz.
ANE: Joango zera. Oraintxe bertan nator. (Badijoa
sukaldera.)
LORE: (Bakarrik:) Ezin nindeke emen egon. Nere senarra ateratzen bada, ezagutu egingo nau...
Aurrak txikiak ziran etxetik atera nintzanean, ta
ez naute ezagutu, baña nere senarrak... itxura
onetan ez da errez baña nere abotsak edo
beste zerbaitek salatuko niñuke.
ANE: (Sukaldetik dator.) Emen esne bero-beroa. Ar
zazu, ta on egingo dizu.
LORE: Zertan ibilli zera, baña? Zeruak bedeinka zaitzala. (Artuaz:) Ederra dago... (Berriz artuaz:) Ta
beti emen bizi izan al zerate?
ANE: Ez. Len Naparroan bizi giñan. Ama il zitzaigunean, onera aldatu nai izan zuen aitak. An guzia
ama zanaren oroipenez betea baitzegon. (Lore
jaikitzen ikusita:) Zaude patxaran oraindik.
LORE: Ezin iñola ere. Joan egin bear det; baña aurrez...

ANE: Zer nai dezu? Esan.
LORE: Lotsatu egiten naiz. Onen zikin bait-nago bide-

ko autsez.
ANE: Lotsak alde batera utzi itzazu.
LORE: Orren ona izan zeran ezkero, aldegin baño len,

laztan bat ematen utziko bazenida.
ANE: Zergatik ez?
LORE: (Zotinka laztanduaz:) Nere alaba maitea.
ANE: E? Negarrez?
LORE: (Laztana etenaz:) Alaba bat nuen. Bizi bada,

zure urteak berak izango ditu. Zu laztantzerakoan, bera neukala uste nuen nere besoetan.
ANE: Ama errukarria! Zenbat zulatu artu duen zure
biotz orrek.
LORE: Oraintxe eztu asko geiago artuko. Azkena urbiltzen somatzen det nere gain. Zaude Jaunarekin!
Noan lekura noala, zure izena bedeinkatzen ilko
naiz. Agur. (Badijoa ateruntz.)
ANE: Jainkoak gorde zaitzala bide oietan!... (Bakarrik
jatokian:) Neu ere negarrez jarri nau... (Begiak
igurtziaz:) Biotza erdibi utzi dit andra orren bizitzak... Aita datorrenerako, azkenak inguratzera
noa. (Bijoa sukalderuntz.)

Amaikagarren Agerraldia
LORE
(Ezker-aldeko atadian, zutabe baten babesean
geldi bedi. Arnasa oso estutu zaio.)
LORE: Jesus!... nere biotz au... Nola kosta zaidan ixillik

egotea!... Eskerrak, Jauna! Il baño lenago, nere
seme-alabak ikusteko zoria eman didazulako...
Baña, ez nien ezertxo esan bear... Orain pakean
bizi dirala, dirudi... Aitak, il nintzala esan die, ta
ez det pake ori nastu nai... Nere ezaguera eman
izan banie, berriro nastu zitekean nere senarra... Zorioneko izan ditezela... Nerea laster
bukatuko da mundu ontan... Ez naiz gauza ibiltzeko ere... Pixka bat ementxe exerita, ia indarrak ekartzen ditudan... (Zutabearen kontra
exeri bedi lurrean.)
Agur, nere izar maiteok!... Amazazpi urte auetan
nere aizpa kutun izanok!... Gau otz onetan, ni
bezelaxe «otz-ikaraz zaudete gau beltz sakonean»... Ez al dezue gaur laño-estalgarririk?...

Bai, oraintxe ezin nindeke asko bizi... Aurki utziko det lur au, eta il nadiñean, izarrik-izar joango
nazaizue, guztioi banan-banan laztan bat emateko.
Agur, bidetako autsok!... Gaur elurrez estaliak
zaudete, laztanok... Nere anai izanak bide oietan... Autsetatik sortuok, autsetara goaz... Il
baño lenago orren nereak izan zaituztedan
autsok, lurpera naramatenean, izan zaitezte
nere izara ta kutxa... Gorde nazazue azken-egunerako zuen etxe illunean!
(Ziaro etzaten da aterpean.) Gaurkoa geiegi izan
da... Ezin det geiago... Gabon-gabean etxetik
jaurtikia; Gabon-gabean aituko da nere bizia...
Barka, Jauna! (Il-itxuran geldituko da.)

Amabigarren Agerraldia
EZKER-ALDEAN, LORE LURREAN.
ESKUIN-ALDEAN JOAKIN, ANE TA MIKEL.

(Lore atadian etzanda il-itxuran gelditu da. Etxebarrutik Joakin jauna, Ane ta Mikel azaltzen dira jatokira.)
MIKEL: Ane, nun zera? (Eskuiko atetik agertuaz.)
ANE: Emen naiz, Mikel. Zer dio aitak? (Eskuiko atetik

irtenaz.)
MIKEL: Iñoiz baño illunago dago.
ANE: Gaur lertu bear du naigabe orrek.
MIKEL: Ez dezu ezertxo ere iritxiko.
ANE: Iñundik al ba-det...
MIKEL: Beti bezela, barruan itoko du bere miña.
ANE: Ez diot, ba, utziko.
MIKEL: Bere arantza barrurago sartuko diozu. Besterik

ez.
ANE: Ez ote degu, ba, beñere oñaze orren giltzik jaso-

ko?
MIKEL: Larri ibilli!... Baña, zaude ixillik. Emen dator

aita. (Aita atera bedi.)
JOAKIN: Gabon, gazteok. Aparia maian al dago?
ANE: Balego bezela. Sukaldean pil-pillean dago guztia.
JOAKIN: Kanta dezagun, orduan, aurrez ama zanaren
kanta.

(Irurak Nazimentu-aurrean jarrita abes bezate
len Anek abestutako abestia bera:)
Jesus Aurtxoa lo-gure dago seaskan, ain zoragarri!...
Aingerutxoak kantari daude, lo eragiñaz Aurrari.
(Ikusleen sentimen-galdak eska-neurrian,
kanta bitzate bi edo iru ahapaldi.)
JOAKIN: Ta orain, guziok maira.
ANE: (Sukaldera deituaz:) Azentzi, ia zuku ori.
MIKEL: Elur-giro onekin, a zer apari gogozkoa egin

bear dedan.
JOAKIN: Maia bedeinkatuaz, ama zanaren izenean Aita

gure bat errezatu dezagun. (Otoi egin bezate.
Azentzik bitartean zukua ekarri ta maian jarri
beza ixillik, berriro sukaldera joanaz.)
Lenbizi, amari jarriko diogu. (Utsik dagon alkiaurreko azpillera burruntzaliaz zuku pixka bat
botatzen du.)
ANE: Amak zerutik ikusten gaitu, ta guk baño jai ede-

rragoa izango du begien aurrean. (Aitari zukua

banatuaz; gero Mikeli, ta azkenean beretzat
artuaz.)
MIKEL: Alde ederra! Baña guk ere eztegu atzean gel-

ditu bear. Gabon-gabeko poza, kristau guziona
da.
ANE: Ala ere, gu eskerrak eman bearrean gaude Jau-

nari. Etxe gabe bidetan galduta dabiltzan errukarriak, artuko lukete gure mai-ingurua.
MIKEL: Ez al deikezu! Gaurko emakume eskale arek

bezela.
ANE: Errukarria! Biotza urratuta utzi dit.
MIKEL: Eta izena nola duela esan du?
ANE: Lore, gure ama zanak bezelaxe. Orregatik kupi-

ra geiago egin dit bere zorigaitzak.
MIKEL: Zenbat urte esan du daramatzela bidetan?
ANE: Baita ori ere, amazazpi urte etxerik gabe bide

galduetan eskean!
MIKEL: Eriotza baño okerragoa gaxoaren bizitza.
ANE: Esango nuke! Senar itxu baten maitasun geie-

giak ekarritako ondoren negargarria. Emaztea
etxetik orrela bialdu, bere buruan sortzen
zitzaizkion susmo okerragatik.

(Aita itun eta ixillik zegoana,
adi-adi jartzen da seme-alabaren esanetara.)
JOAKIN: Zer esaten ari zerate?
ANE: Andra eskale bat euki det lentxeago, oitura

degunez, barrura sartuta. Etenda zetorren
nekez eta otzez. Arek esan dizkit bere bizitzako
gora-berak.
JOAKIN: Zer gorabera?
ANE: Amazazpi urte dirala, senarrak etxetik bota
zuela.
JOAKIN: Ta izena Lore zuela?
ANE: Bai, ta urteak ere, ama zanak bizi izan balitz,
izango zituanak. Baña zer gertatzen zaitu, aita?
Gaxorik al zaude?
JOAKIN: Jarrai aurrera... Zer geiago esan dizu?
ANE: Gure etxeko galdera asko egin dizkit, eta azkenean laztan bat eskatu dit. Estutu nauenean,
negarrak irten dio. Nere urte-inguruko alaba bat
ere, bazuela, zion.
MIKEL: Gabon-gau bertan bere senarrak etxetik bota
zuela, esaneztu?
ANE: Baita ere.
JOAKIN: Zergatik?

ANE: Maitasun geiegi omen zion senarrak. Beti bere

andrea besteren batek ostuko ote-zion bildurrez
bizi omen zan gizajoa. Gaitza omen zuen.
MIKEL: Eta egun aietan etxean lengusu gazte bat
zutela, ezta?
JOAKIN: (Bat-batean aita zutitua:) Nun da emakume
ori?
ANE: O! Denbora da atera zala.
MIKEL: Oso nekatua zegon. Etzan urruti joango.
JOAKIN: Azkar, azkar! Billa zagun. Amazazpi urte auetan emakume orren billa ibilli naiz alperrik.
ANE: Zein da, ba bera?
JOAKIN: Nik, itxu onek, etxetik bialdu nuen andra errukarria; zuen ama.