Lur berri billa - 12
irratia!
Eta orain asten da, gure antzerki-saioa; gure teatro-sailla: (Abotsa aldatuaz, jolasti:)
Gure sukaldetako etxekoandre guziak bear duten
sendagaillua... Ankak zuzentzeko, makilkada
bat berna-ezurrean!... Sendabide au asmatuu
duten sendagilleak, millaka ta millaka makilla
bialdu dizkigute gure irrati-entzuleen onerako... Salgai dago sendakindegi guzietan...
botika guzietan... Makilkada bakoitza duroan!... makilla, utsean ematen da... Botika baztar guzietan... ankak zuzentzeko, makilkada
bat berna-ezur-ezurrean!... Eztago geiago
errenik!... Er betokerrik!... Eskatu gaurtik...
«Makilixka» sendagaia!
Orain emen ditugu zuekin... GAZTE-AIZEAK! Jarrai
taldeko lagunak esanak... (Soiñua indartu ta
xotildu...) Gure gaurko teatro-saillean, Amillaitz'en GAZTE-AIZEAK entzungo dituzue...
Zuen aurrean dira:
Matilde, (antzelariaren izena...). Zezili, (izena...).
Niko, (izena...). Iztuna, (izena...). Jarrai-taldeko
gazteak, beren lanetarako prest... Jaunandreok!... AIDEAN, GAZTE-AIZEAK! (Igon'ek
alde egiten du kanpora ta mikrosoiñura iztuna
aurreratzen da... Soiñua: «Maitetasunak bainerabila» edo beste maite-kantaren bat.)
5.– IZTUNA. GERO, MATILDE TA ZEZILI
ITUNAK: «Daka» etxeari eskerrak, gure teatro lanari
asiera ematera goaz. Aurretik esan nai dizuegu, Daka etxea dala MAKILIXKA sendagaillua
asmatu duana. Oni eskerrak, millaka dirala
anka zuzenduak, betoker sendatuak. Eta
orain, besterik gabe zuekin... GAZTE-AIZEAK!
(Soiñua indartu ta ixildu...)
Neska-mutillak bere sasoian... Elgorria dutela biotzean!... (Soiñua piztu ta il berriro...)
Lengoan, bizi-bizi ari ziran elkarrekin, Matilde ta
Zezili. Bi Mari Puntta moda-modakoak. (Soiñua gora ta bera... Atzean, Matilde ta Zezili
azaitzen dira alkarrekin izketa bizian:)
MATILDE: Ago ixillik, Zezili. Ori ez den legea. Ori gizon
petralen batzuek beren alde asmatutako txatxukeria den.
ZEZILI: Baiña, Matilde; nola joango gaitun, ba, oitura
orren kontra?
MATILDE: Ederra kontua!... Mutil bati neskatxa bat
gustatzen ba-zaio, joan da, zapla! botatzen
zion arpegira bere barruko gogoa... Ta neskatxa bati mutil bat gustatzen ba-zaio, ezin ezer
adierazi. Mutil kaiku oiei burura etorri-zai egon
bear guk, ezer aurreratzeke.
ZEZILI: Orrela ditun kontuak, Matilde.
MATILDE: Ba... ezten orrela izango nerekin, Zezili.
ZEZILI: Ez aiz, baiña, mutillei aurrea amen asiko!
MATILDE: Bai! ta ez naun ixillik prijitzen egongo, Zezili.
ZEZILI: Ire gustoko norbait ba al-den?
MATILDE: Zerbait egin bearra zegon; eta amua bota
gabe ez naun geldituko.
ZEZILI: Neska, neska! Irekin ibiltzen ere, bildurtu egi-
ten naun. (Bijoaz.) (Eresia gora ta bera...)
IZTUNAK: Urrengo jaian, an dijoaz neskatxa biak, zein
baiño, zein, erriko pasia-lekura. An dabiltz
gazteak, nexka ta mutil, elkarri begiak zorrozten. (Soiñua indartu ta xotil gelditu...)
(Berriro Matilde ta Zezili atze-aldean agertzen dira...)
MATILDE: Ikuste al-den ura, Zezili?
ZEZILI: Zein?... Altzigarr'eneko Niko?
MATILDE: Ber-bera! Orixe bear diñat, itoko ezpanaiz.
ZEZILI: Iretzat zegon!... Aize onak dizkin mutillak!
MATILDE: Ba... aize ta guzti bera diñat.
ZEZILI: Mokau goxoegia aukeratu den, Matilde.
MATILDE: I, mikatz-zalea al-aiz? Zezili? (Eresia gora ta
bera...)
IZTUNAK: (Neska biak beren artean ixillik diardue
izketan...)
Nolabait asi bear zuala, Matilde'k; eta an ezertan
ez asteko, Zezili'k... Baiña ortarakoxe zegoen
Matilde! Gora ta bera dabiltzala, (Pasia-lekuan
neska-mutillak alde batetik bestera ikus
bitez.)... ustegabean mutillak; eta ondotxo
neurtuta, Matilde'k, mutil-taldearen aurrean,
bidea itxita, aurrera eziñik gelditzen dira
nexka biak... Ain zuzen ere, Niko pare-parean
du Matilde'k. Mutillak tentari diotsa:
6.– LENGOAK ETA NIKO
NIKO: Baratzeren batean al-gera?
MATILDE: Zer baratze ta ze porru, gero?
NIKO: Onelako loreak aurrean izateko...
MATILDE: Etzaude zu lore txarra. Orrelakoak esaten
al-dizkiezu neskatxa guziei, Niko?
NIKO: Guziei, ez. Zu bezelako pertxentei bakarrik.
MATILDE: Orduan, ez nau arritzen ezerk...
NIKO: Zerk etzaitu ezer arritzen?
MATILDE: Jendeak aotan artzeak.
NIKO: Ni?
MATILDE: Zu ta orrelako loreak entzun bear dizkitzuen
neskatxak.
NIKO: Zein neskatxek, Matilde?
MATILDE: Ez emen asi iñoso-plantarik egiten, Niko.
NIKO: Egia! Ez dakidala ezertxo ere.
MATILDE: Ederra dago, ba, jendea ixillik egoteko!
NIKO: Baiña, zer esan du jendeak, eta zeiñi esan dio?
MATILDE: Onoko oni; emen nagoen oni. Beraz, ezer
ikusi baiño len, berriketan asten ba-dira; emen
ikusten ba-gaituzte, zer ez dute esango?
NIKO: Zuri berriketak, eta neregatik? Nola izan da ori?
MATILDE: Zezili, goazen. Geiegi luzatu diñagu egon
au.
NIKO: Zaude, Matilde. Ori ezin diteke erdizka utzi.
MATILDE: Bost ajola dizue mutilloi neska errukarrioen-
gatik.
NIKO: Zuk uste dezun baiño geiago, Matilde.
MATILDE: Pikuak ez dira Ilbeltzean etortzen, Niko.
NIKO: Nai al-dezu gauza bat, Matilde?
MATILDE: Zer?
NIKO: Jendeari musuan emateko, gaur arratsaldean
elkarrekin ibilliko gera.
MATILDE: Jolas polita zuretzat, Niko; baiña ez nere-
tzat. Neskatxok, asko galtzen degu gezurrezko jolasetan.
NIKO: Jendearen kontura parre egingo degu. Atozea
arratsaldean Zezili'rekin eta egundoko jostaketa asiko degu elkarrekin.
MATILDE: Ederki eman ere!
NIKO: Zergatik ez? Bostetan ementxe itxoingo dizut.
(Bijoaz kanpora.) (Eresia gora ta bera...)
IZTUNAK: Joan ziran, bai, neskatxok. Besterik nai al-
zuan, ba, Matilde'k?... (Niko agertzen da berriro alde guzietara begiaa...)
Etziran joan, baiña, bost-bostetan... Ordu laurdentxo bat mutilla zai euki ta gero, noski... (Neska
biak azaltzen dira, ta Niro'rekin izketa ixillean
izkutatuko dira alde batera... Soiñua berriro
bizi...)
Ta... jolasean asi zana, benetan bukatu zan andik
sei illabetera. (Soiñua luze... Bitartean Matilde
andregai-soiñekoz edo buruko agergarrien
batekin jantzi bezate... Eztai-soiñua entzun
bedi eliz-barruan...)
7.– LENGOAK, NIKO GABE
Elizako eztai-Meza bukatu-ondoren, Zezili'k txokora deitu Matilde, ta galdetzen dio: (Orain agertu bitez
antzokian biak.)
ZEZILI: Zorioneko al-aiz, Matilde?
MATILDE: Nola ez, Zezili?
ZEZILI: Pozten naun. Eta gauzatxo bat jakin nai
niken...
MATILDE: Ze gauzatxo, Zezili?
ZEZILI: Niko'rekin lenbiziko aldiz itzegin genduanean,
gogoratuko aiz, nola esan ionan, norbaitek
berriketan jardun zuala bioi buruz.
MATILDE: A, bai!... Asmaketa polita!
ZEZILI: Nola asmaketa?... Gezurra al-unan, ba?
MATILDE: Gezurra... gezurra... Amua nolabait bota
bear nitxionan Niko'ri-ta...
ZEZILI: Eta bete-betean arrapatu unan arraia, Matilde!
MATILDE: Zertarako asi nintzala uste unan, ba?
ZEZILI: Orra bertan itxura gabeko trastea! (Eresia bizibizi...)
IZTUNAK: Ta lagun biak parre-algara batean joan
ziran, gertu zegoen eztai-bazkaritarako ostatura. (Parre-algarak entzungo dira... Gero soiñua indarrean bukatu.)
Entzun dezue, jaun-andreok, Amillaitz'en GAZTEAIZEAK! Jarrai-taldeko antzezlariak, teatrogilleak eman dizuete saio au.
Matilde, (antzezlariaren izena)...
Zezili (izena)...
Niko (izena)...
Iztuna (izena)...
Soiñu ta zaratak...
Eta eztegu emendik aldegin nai zuei auxe gogorazi gabe: Anka okerrak eta errenak sendatzeko,
ezta berna-ezurrean makilkada bat artzea
bezelakorik. Sendagaillu miresgarria, sendagaillu azkarra, utsegiten ez duan erremeioa...
MAKILIXKA!... Eskatu botika guzietan. Makilkada bat berna ezur-ezurrean... Makilla utsean
emango dizue.
Gu gera!... Atzerreka'ko Foil Bergé!... Mundu
osoan ezaguna! Zer dira gure aldean Paris'ko
Lido ta Newyork'o Metropol?... Utsa, ezer ez!...
Gu gera... Atzerreka'ko Foil Bergé.
(Soiñua indartu...
Ba-dijoa Iztuna ta berriro or dator Kati.)
8.– KATI; GERO IGON ETA EZTAITARRAK
KATI: Entzun dezue... Jarrai taldeko antzezlariak esan-
da, GAZTE-AIZEAK. Emen E.A.K. 20, ARGIBIDE
irratia...
IGON: (Laisterka mikrosoiñura etorrita Kati'ren atzetik,
lepoa luzatuta, onela esango du:) Lixiba jotzeko... okerrena, OMO!... Zapiak ikatz biurtzen
ditu istan batean... SUTIL!... zikintzaille ixil!
KATI: Zuekin, ARGIBIDE irratia... (Soiñua, nolanaikoa
tarterako...)
IGON: Biotz alai guzien irratia!
KATI: Gogo lanpetu guzien aringarri!
IGON: Ta neska-mutillen eztaiak aitatu-berri geran
ezkero, urra dezagun aidea, eztai-soiñu
berriz... Kanta berriak euskeraz!
KATI: Entzun!... IRU ALABA!... rumba aidea...
IGON: Rumba aidea... Aprika-aldeko soiñu-aide beroa!
KATI: Soiñu-joille... (izen-abizenak).
IGON: Abeslari... (izen-abizenak).
KATI: «IRU ALABA» aidean!... (Asi rumba...)
IGON: Orain ez dizut barkatuko, Kati. Nerekin dantza-
tu bearko dezu rumba au. (Eztaitarrak atzealdean dantzan agertuko dira...).
KATI: Itxoizu pixka bat... Emakumeen leporako apaingarririk egokiena...
IGON: Arkakoxo-tantoak!... Ia oraintxe, Kati!... (Besotik eldu ta badarama dantzara nexka.)
9.– KATI TA ICON
(Doiñua bukatzerakoan, eztulka norbait. Igon,
nexka utzita mikrosoiñura dijoa lasterka:)
IGON: Eztula ta eztula, norbaitek ba-dula... (Eju! ta
eju!...)
KATI: (Mutillaren ondora joana:) Eztula kentzeko biderik zuzenena...
IGON: Lepoa ebakitzea!... Ritx eta kito!... (Eskuz,
lepoa ebakitzeko kiñua egingo du.) Ori da sendagaillurik onena!... Senda-etxetan agintzen
duten sendagaia!
(Doiñua indartu ta ixillagotu...)
IGON: Kati, ez al-dezu ametsik egiten?
KATI: Bizitza, estuegia daramagu amets egiteko.
IGON: Neri ari zait, ba, amets bat gabero-gabero, itzul-
inguruka buruan.
KATI: Nolako ametsa?
IGON: Pozezko ametsa, Kati... Zaude, zaude!... Izar
bat agertzen zait oso goi... Ba-nago ta banago... ta izarrak dei egiten didala iruditzen
zait... Ontan, laiño biurtzen naiz eta aize bizi
batek bultzata, ba-noa gora ta gora... ta izarra
gorago... Alako batean, eskua luzatu ta izarraren jabe egitera noala... ametsa bertan bera
galtzen zait...
KATI: Amets bitxia orixe!... Ta izarrak zeren antza du,
Igon?
IGON: (Besoa nexkaren lepa-gaiñetik jartzen duala:)
Eztakit, ba; baiña oso oker ezpanago, izarra
besartean det oraintxe.
KATI: (Mutillaren besoetatik lepoa askatuaz:) Igon,
nungoa zera?
IGON: Amets errikoa, Kati; ta bizitzari, bere ederra
eskatzeko egarria det biotzean.
KATI: Eztezu euskal-mutillen antz aundirik.
IGON: Zer, ba?
KATI: Euskal-mutillak ez dutelako neskatxentzat orre-
lako itzik... Ardoa ta tripa-festarik ba-da, an
dituzu gure mutillak; baiña emakume
bati itz samurrak esateko, eztago alako traketsik.
IGON: Orrenbesteraiño?
KATI: Gutxitxo esan det oraindik... Ezagutu nuan mutil
bat... Bere andragaiari esaten zizkion itz gozoenak auek oi-ziran: «oraintxe tripakiak jango
nituzke, ba!...» Kaiku zarra, alakoa! Ori da
nexka bat urtutzeko bidea!
IGON: Nexkari malko gozoak aterako zizkion, noski?
KATI: Ba-dira areagoak, Igon. Ba al-dakizu erri batean
neskak nola loxinkatzen dituzten?... Itz gozo
auek esanda: «Ederra aiz, txarri ori!»
IGON: Ta erri ortan ba al-da ezkontzen dan neskatxik?
KATI: Ez mutil kankaillu oiek merezita, baiña ba-daki-
zu... Jainkoak ipiñitako legea dala-ta, ezkondu
egin bear, ala ta guziz ere... Ta kontu neskatxen bat mutil erdaldunekin ezkontzen bada!... An ditu guziak gaizki esaka... Zer egingo
dute, ba, euskal-mutillak alako trauskillo jartzen ba-zaizkie neskatxei?
IGON: Erdaldunen bat begiz jota al-dezu, Kati?
KATI: Merezi bai, beintzat, ardoarekin ezkonduta bizi
diran ainbeste mutil kaikuk!
IGON: Ene bada ta!... Gure jardunean, olerki-ordua iritxi zaigu...
Asi gaitezen lan ontan ere, Kati... Ikusiko dezu nolako
bertso goxoak ditudan gaur zuri botatzeko!
KATI: Ez gero tripakirik aitatu!
IGON: Biotza xaltxan eskeiñiko dizut. (Laisterka mikrosoiñura dijoa... Nexka ere ondora dijoakio...)
–Emen ARGIBIDE irratia!... Biotz maitale guzien
laguntzaille!...
KATI: Zuekin, gure olerki-ordua!
IGON: Bertso-saioa! (Soiñua aldatu... gora ta bera...)
(Kati'ri belarrira:) Asi zaite zu lenbizikoarekin...
(Papelak aukeratzen ari da...)
KATI: Entzun lenbizi...
IGON: Amillaitz'en «ARGATIK»! (Soiñua azpitik gozo...)
KATI: «ARGATIK!»...
Eguzkitara zabaldutako zapi urdin zan zerua,
Izarraiz'tik Ernio'ra;
argia, urrezko ogean, etzatera zijoan
Keixeta-aldera.
Argatik alkar maite izan gendun
iñular-girora.
Eguzkia, odol zan, arrats-malkoetan;
laiñoak gorri ziran, argi-zotiñetan.
Argatik gure biotzak
lenengo miña
izan zuten egun artan.
Zerua, auts-kolore, ego-aldetik;
argia zikin zetorren, zeru-sapaitik.
Argatik gure ametsak,
lausotzen asi ziran
atsalde artatik.
Zerua goibel, aizea nasi;
argia, ekaitz-bildur,
joan zan igesi.
Argatik gure maite-usteak,
(zorion-azi),
gau aretan ziran ausi. (Soiñua indartu ta xotildu...)
IGON: Kati, zer dira malko oiek?... Bertso illunegiak
aukeratu dituzu, izan ere. Pozezkoak bear
ditugu, pozezkoak!
KATI: Barruak lagundu bear du orretan ere, Igon.
IGON: Eta nere barrua, argitan dago zure ondoan.
KATI: Entzun orain... Amillaitz'en «IRRISTAN»!
IGON: «IRRISTAN»!...
Biok giñoazela, besotik bidean,
begiak urdiñean;
sagar ustel batean
irrist egin niñan;
ta nerekin ankaz gora
zalapartan,
laster intzanan lurrean.
uste gabeko laztan aretan,
izarrak nastu zitzaizkigunan
oiñetan!
KATI: Ai, zoroko! Nork asmatu dik ori?
IGON: Biotza nik bezela zuan batek... Ia bota urren-
goa!
(Soiñua illun eta geldia orain...)
KATI: «EZTEK ATZOKOA»...
Bart nere gelan sartu intzanean,
negarrez billa nindukan.
Ire arpegi maiteak, izu-ikara,
ildakoen itxura artu zikan.
Baiña, exeri adi... Eztek atzokoa
nere malkoa.
Ik eztakik, maitea,
zein leize sakona dan nere gogoa;
Etzaidak galdetu. Ailperrik uke.
Eztik iñork galdetzen,
zenbat ur-tanta ditun itxasoak.
Alperrik dek, izarrak zenbat diran
kontatzen astea.
Beti zegok, zeru beltzean, arutzago...
beste bat gordea!
IGON: Baiña, Kati!... Berriz ere, negarrari eman
diozu!... Zabalduiozu atea pozari!... (Soiñua
jolasti ta pozgarri...)
KATI: Bijoa ondoren, Amillaitz'en «DEIA»!
IGON: «DEIA»!...
Lendik zetorrenan deia:
KATI: Aizak, i!...
IGON: Burua liburutan nastua niñan.
Aren otsa kezketan galdu unan.
–Urrutitik berriro:
KATI: Aizak, iii!...
IGON: Etxean opor-aldiak poza zerionan.
Udaldia, itxasoa, mendia nizkiñan.
–Berriro urbillago:
KATI: Emen ni!!!
IGON: Ta agertu intzanan!!!
(Soiñua pozez lertzen gora ta bera...)
Kati!... Konturatzen al-aiz?... Biok, i ta to ari gaitun!... Eta gero esango diñate, i ta to aritzea,
ijito-izketa dala!... I'ka ere, gozo itzegin ziteken, bai!
KATI: Ala dek, Igon!... Baiña oraindik ez diat nere bea-
zun guzia ustu. (Soiñua geldiro ta itun
berriz...)
IGON: Ustu lenbailen barruko illuna, ta eman leku
argiari...
KATI: Zer ederragorik, al ba-nu?...
IGON: Irratentzuleok, KATI, gure izlari yayoak...
KATI: Bere naigabea ustuko dizue, Amillaitz-n ILLUNBARRA esanaz:
IGON: «ILLUNABARRA!»
KATI:
Etzekiat zer duan illunabarrak...
Ezkuturen bat gordea ba-dik,
laiño gorrixken arrebak.
Atsaldearen negarra!...
Zerua, auspez dagon katillu-barrua,
argi-intziritan zijoak galdua.
Ta ni, aren aurrean, laiño-lits bat nauk,
beltzean urtua.
Utziok arratsari estaltzen mundua!
Biotzak negar egiteko,
naiago dik ezkutua!
(Soiñua indartu ta xotildu...)
IGON: Ta orain, biotz-arantzak aizatzeko, esan deza-
gun biok beste au.
KATI: Ia ikusi?... Zuekin orain, IGON, iztun bikaiña...
IGON: Ta KATI, eguzki egiña! (Soiñua ameslari...)
KATI: Entzun... «AIN URRUTI TA AIN URBIL»...
IGON:
Au izan den gure gurpil.
Iru urte dizkiñagu, alkarren albo lanean.
KATI:
Nik ire gose biotzean.
Ik, nere egarri ixillean.
IGON:
Begiratu niñan bildurrez beingoan.
Ik, bestera begiratu unan.
KATI:
Begiratu idakan beste bein bildurrez.
Nik, jetxi nizkian begiak samiñez.
IGON:
Ain urruti ta ain urbil!
KATI:
Iru urte onen ixil!
IGON:
Asperen bat nik.
KATI:
Ik: gaixo al-ago?
IGON:
Burua astun diñat. Ez diñat geiago.
KATI:
Itzegin nai uan; baiña sorgin batek
alda zian ire itza:
IGON:
Aidean laiñoak zeuden.
KATI:
Ain urruti ta a!n urbi!.
IGON:
Orrek din gure biotza il!!
(Soiñua indartu ta pozera aldatu...)
KATI: Igon... oraintxe sendatu nazu.
IGON: Zabal dezagun poza aidean zear, Kati.
KATI: Gaur da gure biotzen eguna.
IGON: Betoz estai-soiñuak! Bijoa illuna! (Soiñua pizkor
eta ezti... azpitik lagunduaz...)
KATI: Entzun orain:...
IGON: «AMESTI!»
KATI: «AMESTI!»
IGON:
Laiño gorrixka baten / nai zinduzket atxi,
ta izarrik gorenean / izkuta zu, Kati;
an neretzat bakarrik / zaitzadan amesti;
ene jostaillu zeran / biotzeko antsi.
KATI:
Zure biotz-lapurren / bildurrikan gabe;
kate gozoz lotuak, / alkarren mirabe;
biotzak eztaietan, / maitezko bi labe;
antxe argitan biok / gindezke poz-jabe.
IGON:
Zeruko Jauna bedi / gure poz-ikusle.
KATI:
Ez beza iñork zeleta / gure maite-zale.
IGON:
Ez iñoren bekaitzak / jan gure logale.
KATI:
Ixil-ixillik biok...
IGON:
Amesti!...
KATI:
Maitale!!!...
(Soiñua indarrean...
Papelak artu ta aidera botatzen dituzte.)
IGON:
Nastu bitez aidean!
KATI:
Gure biotzak bezela!!!
Antzoiala bera.
AZKENA
Donostian, 1963'go Ilbeltzak 17
OLERKIAK
Euskaldunok bertsotarako beti izan degu alako
zaletasun apur bat. Aspaldi asiak giñan lan onetan,
baiña 1950-garren urte alderarte, ez nuan ezagutzen
erderazko azkenengo olerkarien lanik. Konbentu zaar
bateko kapellau nengoen aldi aretan; mendi aldean
eta alako «bohemia» antzeko girotan.
Ordukoak izan ziran, nere ustez, sortu zaizkidan
olerkirik onentxoenak. Erderaz, Machado ta gerokoak
irakurri berri nintzan. Juan Ramon, Alberti, Alexaindre,
Gerardo Diego ta beste aien sasoikoen lanak, bertso
libretan iritxi zutena erakutsi zidaten; eta orduan ekin
nion Bertso libreak egiteari. Zer aterako ote zait era
berri ontan?
Lenengo nuertitz urratuak, Iparragirreri egin nizkion. Urretxun izan zan leiaketa batera bialdu nituan,
(eztakit ze urte zan), eta bigarren saria eman zidaten
sariketa aretan. Beste lan batengatik, (au lengo era
zaarrera egiña), lenengo saria irtxi nuan, beste iru
olerkarirekin batean. Lauron artean banatu zuten
lenego sari ori.
Gerora sortu ziran Donostia ta beste olerki askatuak. Xorta bat olerki gure ikastoletako aurrentzat ere
ondu det. Or ikusiko dituzu.
Mirande zuberoarra, Aita Xalbatore Mitxelena, Aita
Xanti Onaindia eta Aurre-Apaiztar Balendin, izan
nituan lenengo nere aldi aretan olerkari-lagun. Gerora
gazte-sail ugaria sortu zaigu olerkari. Gure orduko
«banguardismoak» jo ta pasa dituzte gazteok. Azkenengo, gure Arestik jo digu txitua. Eta gure gazteok,
gizarte-gaia oso artua dute beren olerkietan.
Aien ondoan, gure olerki auek, aide zaarregia izango dute norbaitentzat. Gabriel Zelaia ta Blas Oteroren
alboan, oso lengoak gera. Ala ere, nik emen utzi nai
izan det, nere alea. Euskerak aurrerago egiten badu,
pozik artuko degu gerokoa ere.
LENENGO SAILLA
Euskal-Ikastoletako Aurrei eskeiñiak
KANPAITXOAK
Kantari ari dira
kanpaitxo biak;
kantari tilin-talan
torre txoriak.
Goiz eztaietan dagon
kanpantorriak,
gogoz xurgatzen ditu
argi izpiak.
Aingerutxoak beren
josta laguna,
zerura jaso dute.
–Poz da eguna–.
Izarrez josiko da
gabaz illuna;
zeruetara baita
gure kuttuna.
Lorea galduta utsik
seaska otza.
Aren alboan miñez
gure biotza.
Aur lapur eldu ziagu
gaur eriotza.
Amaren magalera
jetxi da izotza.
ARGI KANTA
Argia koxk eta kaxk
dabil gallurretan;
lurruna dariola
lurra ibaietan,
aidea zuri-urdin
degu zeruetan;
zelaiak jai digute
lore-eztaietan.
Argia koxk eta kaxk
errekak esnatzen;
sapaburuak dabiltz
zingiran jostatzen,
ur-ertzeko belarrak
aiei begiratzen,
iturritxo zertzeta
denak maixiatzen.
Argia koxk eta kaxk
zoroko gaiztoa.
Gure aurrak amari,
par-irri gozoa.
Argia ta Potxolo,
bikote xaloa;
biak argitzen dute
amaren kolkoa.
UDABERRI ABESTIA
Udazkenean amets
dut nik Udaberri.
–Jo danbolin soiñua
ta bigundu gerri–
Berdeak itxaropen
mendi, baso erri.
Loreak irri dagi
bere kukulluan.
–Jo ta dantza, gazteok,
danbolin soiñuan–
Urak itxaropena
erreka puztuan.
Itxas aize eguna
gorantzika dator.
–Jo danbolin soiñua,
ta dantzatu gogor–
Lañoak urdiñean
itxaropen jator.
Dena da murmur gozo,
dena margo musker.
–Soiñu ta dantza, gazte,
bizitza bai eder!–
Itxaropen girotan
lore guziak ler.
Soiñu, usai, kolore,
elkarrekin eztai.
–Jo danbolin soiñua
ta eman dantza jai–
Irurak bildu dira
Itxaropen poz zai.
OILLOTXO TXURIA
Oi, oillotxo txuria!
oillotxo jostuna!
Josi ta josi aren
lan egun astuna.
Norentzat ari zera,
oillotxo txuria?
Nere txitoarentzat
egiten jantzia.
Sasi artean dauka
egoa lotua.
Nork askatuko ote-du
ankatxo nastua?
Negar ta negar dago
malkotan urtua.
Malkotan gelditu da,
gaixoa, itxutua.
Nun da nere aria?
Nun det jostarratza?
Iñork ez du entzuten
aren dei garratza.
Zabiltza jira-bira
itzulinguruan;
arkituko dituzu
saskitxo onduan.
Itzul-inguru dabil
oillotxo txuria.
Txorabiotan galdu
bear du burua.
SUA TA TXIMELETA
Egan dabil tximeleta,
ziru-zira;
su-mingain bati
begira.
Aizeak txiru-liru
gar argira.
Kontu, tximeletatxo,
jira-bira!
Zer zenduke egatxoak
erreko balira?
Itxu dabil tximeleta,
ziru-zira;
su gorriak jo dio
begira.
Bein da berriz, txoraxka,
gar argira
joanaz, ega ariñak
jira-bira,
su-mingain gorri artan
galdu dira.
Ikusi ta ikutu,
ikusi ta txoratu;
amaika gizon
jolas orretan
munduan dira
ondatu.
ERREKATXO KANTARIA
Errekatxo kantari,
gulu gulu gulu;
aurtxoak inguruan
jostatu oi-degu.
Gulu gulu gulu gu,
gulu gulu gulu,
errekatxoak an du
bere zurru-murru.
Aurtxoak lore bana
dute eskuetan;
bildua inguruko
zelai ederretan.
Orra nil arros gorri,
orra nik lilia,
erreka jolasari
gogoz eskeiñia.
Ur lasterrarekin
doaz guziak...
larrosa gorri eta
lili txuriak.
Oa errekatxo,
lorez jantzia!
Ametsez bete dek
iri bizia.
Loretxoak –ai, ene!–
gulu gulu gulu...
uretan –ai, gaixoak!–
ondatu zaizkigu.
ESNE SALTZAILLEA
Bidean zijoan pinpirin-pirin
esne-saltzaille liraiña,
esku batean ontzia...
Bazirudian panpiña.
–«Esne onekin txanpon mordoxka
bereala det egiña;
txanpon oiekin oillanda ta arrautz
eta antxume ariña.
Ardiak ere erosi eta
artilla saldu auzuan.
Ai, zenbat diru bilduko dedan
urte gutxiren buruan.
Nere diruen otsa zabaldu
bezin laster, inguruan
Errege-seme batek artuko
nau emaztetzat onduan».
Esne-saltzaille liraiñarekin
ametsak doaz bidean:
–«Erregin-etxe zoragarria
eskeiñiko dit dotean.
Morroi-neskame ta ainbat soiñeko
izango ditut etxean.
Nik baiño zori ederragorik
eztu izango iñork lurrean».
Pozaren pozez salto ta brinko,
asi da nexka gaixoa,
ta irrits egiñas lurrean ausi
zaio ontzi lurrezkoa:
–«Ai, nere oillanda ta ardi!
Ai, Erregin-soiñekoa!»
Orrela galdu oi-da munduan
ametsak jasotakoa.
UMEZURTZA
Kale zokoan illun da gogor euria;
ate ondoan aur bat da otzak josia.
Umezurtxoak aterpe epelik iñun ez;
Aingerutxoa aren ondoan negarrez.
Ipar aizeak kale zokoan intziri;
euri ur tantak oiñazez malko itzuli.
Ama zerutik semetxoari begira:
–«Aingerutxu oi! Ekark semea zerura».
–«Aurtxo maitea, amarengana igo nai?»
Aurtxo gaixoak Aingeruari: –«Ene, bai».
Egan da egan zeruruntz Aingerutxoa.
Egan da egan, arekin ume gaixoa.
Zeru bidean izartxoak aiengana:
–«Bai ume ederra zerura gaur dijoana!»
Zeru atean ama laztana bien zai.
Seme kuttuna bere besotan artu nai.
***
Kale zokoan illun da gogor euria.
Ama-semeak goian betiko zoria!
GABON AMESAK
Elur zuria mara-mara mendi goian.
Elur zuria mara-mara gau guzian.
Aita San Josek estalpetxo bat nai luke.
Andre Maria, aren lagun atez-ate.
–Etxe onetan txokorik bai al dezute?
–Toki guziak bete zaizkigu. Zoazte.
Jose doneak bere biotza erdi bi.
Andre Mariak begi biak malko-iturri.
Senar-emazte doneak mendi aldera.
Aingeru onak arrituta aien begira.
Mendi aldean, aitzulo zar irikia.
Jainkoarentzat, ze nolako jauregia!
Askatxo bat du Jesusek bere seaska.
Asto ta idia aldamenean arnaska.
***
Elur zuria mara-mara mendi goian.
Elur zuria mara-mara gau guzian.
Ta Jesus onak seaskatzat arri otza?
Oge bigunen zale geranok, au lotsa!!
BIGARREN SAILLA
Nere olerti-aideak, izan zuan alako aize bolara.
Aize artan sortuak ditut ondoren dijoazen olerkiok.
Nere urre-aldiko lanak dituzu eta orregatik
nere olerkirik onentxoenak, nere ustez.
ARGATIK
Eguzkitara zabaldutako
zapi urdin zan zerua
Izarraiztik Erniora.
Argia urrezko ogean,
etzatera zijoan
Keixeta aldera.
Argatik alkar
maite izan gendun
iñular girora.
Eguzkia odol zan
arrats malkoetan;
lañoak gorri ziran
argi zotiñetan.
Argatik gure biotzak
lenengo miña izan zuten
egun artan.
Zerua auts kolore
ego-aldetik;
argia zikin zetorren
zeru-sapaitik.
Argatik gure ametsak
lausotzen asi ziran
atsalde artatik.
Zerua goibel,
aizea naasi;
argia, ekaitz-bildur
joan zan igesi.
Argatik gure maite-usteak,
–zorion-azi–
gau aretan
zira ausi!
DONOSTIA
Ulia mendian nago.
Begiak, gaba janari.
Illuna luze, katuak marru,
txoriak, jai ixillari...
Mirari!
Lamiñak zapatari!
Taka, taka, taka!
Orratx buru gorri,
orratx buru txuri;
zeru zola urre tantoz
josten ari.
Donosti!
Gabaren altzoan azti!
Etxe-kaletan argi berriak
driz-driz begiari.
Izarrak nun ote-dute
gau ontan erromeri?
Begi-laiñeza ote?
Zerua lekuz aldatzen
ari ote-dan, det kezka.
Goi argiak ote-datoz
lurrera igeska?
Lurra, ispillu zabalean
asi ote goi lapurtzen?
Ez da erreza asmatzen.
Gau sorgiñagorik!...
Nun da zeru? Nun da uri?
Goiak bea, ala beak goia
du inbiri?
Zein da egi? Zein ispillu?
Au sorgin katillu!
Argi goia, ari bea.
Zutik ote-nago?...
Etxetatik kea;
zeruak, laño autsa.
Badute alkarren antza.
Bitartean gogoak zalantza.
Zeru sapaia
nun ote-dedan
asmatzen nabil urduri.
Ortzea sabelez gora itzuli?
Donosti buruz-bera ote-jarri?
Zorroztu dezadan begi.
Alperrik dut, Gabak
bere ezkutua
ganduz estali du.
Nere korapilloa
ezin dut askatu.
***
Bat-batetan, ametsa,
oro zait mamitu.
Zerua aoz gora jarrita,
Donosti egiña dezu!
Donostia auspez itzul ezkero,
sortu dezu zeru!!
GIZON-ERRI
Nundik sortu aiz? Zer dakark?
Erri baten arnasa
igan elurtu dek.
Urte joanen amesa,
guraso zarren mataza,
erio-aizez eten-zorian
genekusan negargarri.
Jaiki intzan arrigarri,
begietan sorgin-argi,
gogoan ezkutu ixil,
biotzean, erri osoa
ekarren irekin.
Ez uan bizi kezkarik,
ez intzalako gizon uts.
Gizon bakoitzak, bizi laburra;
laster dek lur-azpian auts.
Baiña i, gure erria intzan
aragi egiña.
Argatik ire lurriña,
ez uan irekin galdu.
Aurrean aut gure mendien
orratz goietan. Lañoak,
ire usai ditek; egoak,
ire izena zekarrek.
Iparragirre! Zein Maitagarrik
soindu iñukan?
Nungo aideak doiñu biurtu au?
Zelai ta malkor,
ire soiñuz pozkor;
ta gabaren etxe illuna,
eresiz astundu dek.
Gernika! Aritza lege!
Ostro bakoitza, Euskalerriko
oitura burutua;
gure izate-muiñean
sakon errotua.
Sustraiak euskal-lurrean
odoltzeraiño sartuak dituk;
besoak zabal aidean,
besarkada eskeinka
mundu osoari. Munka,
ire oiñetan auspez nauk.

- Parts
- Lur berri billa - 01
- Lur berri billa - 02
- Lur berri billa - 03
- Lur berri billa - 04
- Lur berri billa - 05
- Lur berri billa - 06
- Lur berri billa - 07
- Lur berri billa - 08
- Lur berri billa - 09
- Lur berri billa - 10
- Lur berri billa - 11
- Lur berri billa - 12
- Lur berri billa - 13
- Lur berri billa - 14
- Lur berri billa - 15
- Lur berri billa - 16