Lur berri billa - 01

Nemesio Etxaniz

LUR BERRI BILLA

NERE ESKER ONA:
Nere lan au argitaltzeko, bi etsai nituan gogorrenak:nere dirurik eza aurrena, ta euskerak irakurle
gutxi izatea bigarrena. Orregatik zorretan gelditu naiz
lagundu diatenekin.
Diru-laguntza eskeiñi didate, Espartza-tar Andoni,
adiskide berriak, eta Mendizabal-en alargun dan Antzizu-tar Laura andreak.
Nere liburuaren ale-mordoxka erosiaz lagundu
didate beste auek: Donostiko Aurrezki Kutxa biak: Probintzialak eta Munizipalak, aurrena. Gero Bizkai DiruEtxeak, Bilbo-Diruetxeak, Donostiko Diru-Etxeak, Santander Diru-Etxeak, Tolos Diru-Etxeak, Gipuzkoar
Diru-Etxeak, eta Aragoi Diru-Etxeak.
Azaleko edergarrik Antonio Valverde, adiskide
miñari zor dizkiot. Amaika mesede egindako gizona,
auxe.
Negar asko egin izan degu euskaldun idazleok,
gure dirudunak ez digutela laguntzen-eta. Agian,
gerok eskatzeko lotsa geiegi izan degulako ez ote?

Neri, beintzat, uste gabeko laguntzak sortu zaizkit,
eske asi orduko. Nere ongille guziei, nere eskerrik
onena agertu nai diet orain.
Egilleak
Erbestean Euskalerri-miñez bizi diran euskaldun
guziei eskeintzen die eleberri au.
Egilleak

Zer?
Gure biziak bere azken-muga urreratzen nabaitzen du. Amairu urte barru, bizi bagera, larogei urte,
alajaiña!... Artuko al-ditugu?... Gure lagun eta ezagunak, ezker-eskui, galdu zaizkigu lurpean eta bakargiroa loditzen ari da gure inguruan.
Gure bizitzari begiratu bat botatzeko ta egin
degun lanaren onaurkiak gure ondorengoentzat liburu
batean biltzeko ordua degu, beraz. Or-emen, euskalleiaketak ugaltzen ari zaizkigu. Onenari bere saria
ematen diote, baiña idazlanak maiz argitaldu gabe
gelditzen dira.
Ala neuzkan nere lanb atzuek, noiz argitalduko
zai. Aita ponteko bat bear zuten nere lanok. Gaur liburuak kostatzen diranarekin, auen argitalbena etzan
gure poltsikoarentzako lana. Norbaiten babes billa
saiatu bear izan degu, ta zerbaiten laguntza usteak,
aurrera eragin digu.
***

Gure bizitza osoa, euskal-miñez jota ibilli gera
lanean. Gure amesak beti alde batera jotzen zuten:
euskerari Lur Berriak eskeiñi nai genizkion; gure
izkuntzari bide berriak urratu nai izan dizkiogu. Eta
ortan joan zaizkigu egunik onenak. Aldiz, gure amesak
eta asmoak bete al izan ditugu; aldiz, gure lanak eztu
bear zuan mugarik eta maillarik iritxi.
Euskaldunok olerkietan beste errietakoen mailla
ondu al izan degu. Baiña euskal antzerki ta nobela,
oraindik idazle yaio baten zai daude; ta beste sail
batzuetan ere, atzeratxo gaude, noski.
Nere aldetik, egin ditudan lanetatik onaurkiak artu
ta geroko gizaldiei eskeiñi bear nizkien nere Azken-Itz
bezela. Euskal Testamentu bat bezela dijoakizue,
beraz, nere liburu au.
Esango banizue bezela: «Ni, euskera lanean, oneraiño iritxi naiz. Zuek, ortik aurrera joka zazue bikain,
gure izkuntzaren burruka irabazi arte».
***
Datozen lanak, ez dira sail batekoak. Nere lan
guzietan, aukera egin det: Nobela, Irratsaio-Txangoak,
Ipuiak, Antzerki-jolasa, Olerkiak. Gure ikastoletako

aurrak kanta berri izai zeuden eta ortan ere lan egiñak
gera. Kanta-Kantari liburuan asitako lana, aurrera joan
da, ta emen datozkitzu gerora sortu ditudan abesti
berriak.
Lengo liburuan or gelditu dira; batzuek salduta
guziak, eta beste asko oraindik erosle-zai. Nola idatzi
euskeraz?... Kanta-Kantari... Izeko Aberatsa ta Irulearen Negarra. Kulixka Sortan argitaldutako Antzerkiak
eta Kontu Kontari. Erderaz: Curso de vascuence, diskoekin...
Oiek izan dira nere lanik nagusienak. Gero, zenbat
lan-puxketa, euskal egunkari ta aldizkarietan zabalduak! Eguneroko ogia irabazteko, ostera, gogoz kontrako lanetan, zenbat ordu alperrik galduak! Eta
gogozko lanetarako astirik ez.
Gure biziak egun gorriak ikusi ditu. Euskal-miñak,
ala ere, gure nekea jasotzen eta gure illunpeak urratzen erakutsi digu. Gure erriaren burrukak eman dio
gure biziari bere argi ta lanerako akulua. Ondorengoak jasoko al-dute noizbait gure lanaren frutua.
***

Gure «ortografia» ikusita, norbaitek onezkero
begi-tartea zimurtu du, esanaz:
–«Oraindik «-r» ta «-l» idatziaz al-datorkigu kaiku
au? Setatsu alena!» Baiña setatsuok amor ematen
jakin degu. Nik, nere liburu batzuetan, «-rr» ta «-ll»
erabilli izan ditut.
Kanta-Kantari-ko abestiak ere eman jarri ditut;
liburu orren ale batzuek bakarrik gelditzen bai zaizkit.
Letra auen aldekoak, berriz, ez ditut beiñere -r" ta -l"ri amor ematen ikusi.
Gai ontan esan bear diran guziak, esanak ditugu.
Ez noa, beraz, alde bateko ta bestekoen arrazoiak
aitatzera.
Bakar-bakarrik, auxe esango det: «Eztabaidak utzi
ta bakoitzak bere bidez lan egin beza gogoz. Denbora
zabalagoak datozenean, euskaltzale guziak eskubide
ta askatasun berdiñarekin itzegin dezatenean, orduan
izango da gauza oiek betiko erabakitzeko ordua».
Bitartean, guk eztegu idazkera aldatzeko arrazoi
gogorrik arkitzen.
Donostian, 1966-go Otsaillak 15.
Amillaitz

ELEBERRI LABURRA
Eleberri labur batek, ipuien aldean lan zailla sortzen du. Gaia luzean eramatea, ez da
egun batean ikasten dan egitekoa. Ipuietan
ainbestean moldatu izan naiz; baiña nobelatan, ezin det aisa eraman lana.
Bi nobela edo eleberri egiñak ditut. Emen,
bigarrena dijoakizu bakarrik. Lenengoa,
gogortxoa da alde batetik, eta gaiñera ikutu
batzuen bearrean daukat. Iñoiz betetzen
banau, eta Jainkoak beste mundura lenago
eramaten ezpagaitu, zuen eskuetan utziko
det ori ere. Gaurko, naikoa izango det sarrera eleberri bakarrarekin egitea.
Urrengoa egiten badet, obea izan dedilla.

AMERIKETAN GALDUAK
ATARI-AURREAN
–Norbaitek esan omen-zikan, gure irudimena motz
gelditzen zala asmaketan; egia, alegia, askoz aberatsagoa omen dek.
–Orain ere nobelakerietan al-aiz, Martiñ.
–Norbaitek jaso bear dik lan au ere, Tomas.
–Eta zer iokan?
–A, bai! Mundu ontan gertatzen diranak, guk irudimenez asmatuak baiño aundiagoak dirala, esan nai
nian.
–Ori norbaitek esan zuala.
–Bai, ta ori egia dala neronek ikusia diat. Gure Euskalerri txiki ontan, urrutira joateke, egundoko gai
larriak arkitzen dituk gitxiena uste dan tokian.
–Ez nian orrelakorik uste.
–Ba, alaxe dek. Nobela-gaia nai badek, ez daukak
asmatzen ari bearrik. Basamortuan eta mendi goienetan zintzilik ikusten ditugun gure basarri paketsuetan
aztartzen asten baaiz, arritzeko nobela biziak arkituko
dituk.

–Arritzekoa benetan.
–Izan ere, gure gurasoen urteak gogorrak izan
ituan. Norbait etxean okertzen bazan; bizibidea estutzen bazitzaien; semeak soldaduzkatik askatu nai
baziran... gure etxeetatik Ameriketa alderako jario
etengabea sortze uan aldi aretan.
–Ala zeudek Amerikak euskal odolekoz beteak.
–Ta zenbat bizi larri urruti aietara erderarik gabe
joaten ziran aien artean. Makiña bat gurasok ixillean
egosi bear izaten zian beren biotzetako negarra. Ta
zenbat seme-alaba errukarri lur zabal aietan galduak,
beren etxetan geiago aien berririk jasotzen etzutela!
–Norbaitek arrotu bearreko bizitza latzak, noski.
Ta esku artean dekan nobela ortan, konta-gai oietakoren bat aukeratu al dek?
–Bai, adiskide.
–Orduan, ire konta-aria benetan gertatua dek, iñolaz ere?
–Ain gertatua ere!... Liburu onetan dijoazen gertaera nagusi guztiak, gure baserri bateko sendibarruan egositako bizi larrien pausoak dituk. Eta etxe
artatik irtetzeke, beste bi edo iru nobelatarako gaia
atera zitekek.

***
Lagun biak ixillik gelditu ziran... Martiñ-en maigañean papel naste bat agiri zan. Andik aterako
zitzaion urrengo nobela (eleberria diote euskal-itz
garbi zaleak). Eta norbait, amets-uts diralakoan badago, bota beza burutik uste oker ori.
Izenak eta erriak aldatuta jarri dira, jakiña! Egilleak zerbait jantzi du gertaera-aria, baiña or agertzen
diran giza-emakumeak, gure artean biziak dira.
Batzuek joan ziran gure artetik; besteak, oraindik bizirik dauzkagu.
Lagun bien jarduna entzun dezu. Ni ere, aiek bezela ixiltzera noa. Emendik aurrera nobelako giza-emakumeak izango dituzu izlari. Ta gertatu ziran bezela,
or dijoazkitzu pamili bateko gorabera miñak.

AIZE-ORBELAK
–Biar etetzen da gure bizia, Juana.
–Gurasoen esana eginbearra det, Andres.
–Gurasoen esana!... Obe zenduan Jaungoikoaren
legea bete.

–Ta nola da, ba, lege ori?
Basoan gora zijoazen neska-mutil gazteak eta
arratsalde erdian, bi txori txio bizian alkartu ziran bizilegea beteaz.
–Ikusi al-dituzu txori oiek, Juana?... Ori da Jainkolegea. Txori oiek alkar jo dute, ta alkarrekin poztu dira.
Gurasoen esanera beren maite-legea makurtu bearrik
ez dute izan.
–Zaude ixillik, Andres, Jainkoak zigortu ez gaitzan.
Gurasoen esana badakizu zeruko esana dala. Onela
ikusi izan da euskal-etxetan.
–Zeruak alderdi gutxi duala uste det zure biarko
eztaietan. Zure gaztetasuna ondatzera zaramazkite,
ezagutzen ez dezun gizon orrengana.
–Egia, ez det ezagutzen; baiña gurasoak guk baiño
obeto dakite zer komeni zaigun.
–Zer komeni zaigun!... Bost ardura zaie etxe askotan seme-alabei zer komeni zaien... Bestea maiorazgoa dala ta besterik ez. Ori bai, diru zikiñari ongi begiratuta. Gure biotzak eta maitasuna itotzen dirala?...
Txorakeriak!... Gazte-aize txoroak besterik ez dira
gure kontuak... Laster aztuko dira oien berotasunak...
Orrela uste dute zenbait gurasoak.
–Ixo! ixo!... Biotza urratzen didazu itz oiekin.

–Eta or zoaz gurasoen eskutik, txala ixkoarengana
eraman oi-duten bezelaxe, zure biotz urratu orren
errukirik gabe, bein ere ikusi ez dezun senarrarengana.
***
Nexkak negarrari eman zion, arratsaldeari bere
poza ondatuaz. Mutillak trumoia zeraman bere
barruan, eta ler-zorian zijoakion biotza.
–Zergatik, Juana? Zergatik gertatu bear zitzaigun
au bioi? Gure maitasunak ez al zuan etorkizun oberik
merezi?... Zerua, zerua!... Gizonen ustelkeria estaltzeko asmatutako lege eder pranko badegu gere kaltean
eta ondamendian.
Eguzkiak Intxorta-aldeak azken-argitan laztandu
zituan, eta neskatxaren begietan malkozko bi arri bitxi
dirdaika zeuden arratsaren atal-aurrean. Udalaitz-ek
ildako gotzai baten zerraldo-itxura artu zuan eta
Anboto-ko sorgiñak zillarrezko orrazia illargi-argitan
erabiltzeko prest zeukan. Elgeta-ko eliz-dorretik astiro-astiro zabaldu zan illunabarrean Abemarikoa.
Gabaren agintea lurraz jabetzera zetorren.
–Orrela galdu bear al-zaitut, Juana... betiko?

–Jaungoikoagatik, Andres! Nerekin ez al det naikoa
neke? Etzaidazu barrua lertu-arazi.
–Nerea zera, nerea! Zergatik kentzen didate zure
poza? Au ez da zerua; au inpernu bizia da gure kontra
jaikia.
–Arren, Andres! Etzazu gure gain zeruko asarrerik
ekarri. Berandu da ta etzagun luzatu gure azkena.
–Ori da: gure azkena!... Oi! Ez det nai, ez!... Ez det
nai.
Bere etsipenean zerbait eten zitzaien gazte biei
beren barrenean. Mutillak eldu zion neskatxari ta
bereganatu zuan amorro bizian. Neskatxak etzuan
borondaterik besarkada ura etetzeko, eta gabaren
illunpetan bere negarra ixuri zuan mutillaren bularrean.
An zegoen pixka bat goraxeago Basaburu baserria. Atean arkitu zuan Juanak bere ama.
–Berandu ator, Juana. Ezkon-bezperan ere ezin
etxeratu sasoez?
–Jostunarekin luzatu zait egona.
–Ba... biartik kontuak ateratzen ikasi bearko den.
Etxekoandre bizitzak aurrena orduak zaitu-bearra izaten din.
–Bai, ama.

–Ba, gaur, Abemarikoa aspalditxo jo din.
–Bai, ama.
–Zer den, neska? Edozeiñek esango liken biar ire
illetak dirala, ta ez eztaiak. Mutil txoro ori al-darabillen
buruan?
–Gabon, ama. Ez daukat apaltzeko gogorik.
–Ori den. Biar etxe berrira aldatu bear, eta joan adi
begizuloak aundituta.
Neskatxak etzion erantzun. Azkar-azkar, maindiora ixkillaretan gora izkutatu zan, eta baztar batean
zeukan bere lo-gelako atea iriki ta leio-aldera egin
zuan. Mutillaren zauria berri-berriro urratua zeraman
biotzean, eta oera baiño len paketu bearra zeukan.
Ordurako illargia, izarren batzarreko erregin, zeru
ozkarbian bete-betean agiri zan, eta aren argitara,
inguruko mendiak ixillaren gordelari ziruditen. Elosugaiñak eta Iru Kurutzeta alde batera; Deskarga aldeak
bestera... Zer zan gau artan mundu guzia? Illerri aundia besterik ez, eta mendiak, giza-emakumeen gurari
ta asmoen illobiak.
Eriotza zan bere biotzak zekarkion oroipen beltza.
Ta maitasun gazte aren azkenak, itota zeuzkan bere
bularrean zorionaren pozkiroak, Ego-aizearen arroaldiak orbel-zurrunbilloa sortu zuan atai-aurreko

intxaur-ondoan, eta orbel galdu batek arpegian jo
zuan gure nexka. Barruan zirrada illun bat somatu
zuan Juanak. Bazirudian orbel arek zoritxarren bat
zekarkiola, artu bear zuan bizimodu berrirako. Berekiko esan zuan:
Orra nere irudi benetakoa: orbela. Orixe naiz, ala
bearraren aizeak arrotutako orbel galdua! Nere emezortzi urteak lurperatzera noan emakume errukarria.
Ta burutapen aien mendean, nekeak beartu ta lo
artu zuan leio-ondoan. Otzak esnatu zan alako batean,
besoak txindurrituta... Noizbait oeratu bear zuala ta
sartu zan makildutakoaren antzeko gorpuztarekin
maindirepean... Aiek ametsak!... Bere senartzakoa
urrutira gelditzen zitzaion eta alperrik ziran arenganatzeko egiten zituan alegiñak. Ontan, beste gizon bat
agertzen zan bere aurrean. Gerora, gizon arek otsoitxura artzen dio. Atzaparretan lotu bear du.
–Ama! ama!...
–Zer abil or deadarka ezkon-egun goizean?
Leiotik egunsentiaren argi xotilla sartzen zan
gelan eta aurrean zeukan ama deika.
–Ez al den esnatu bear, beste etxeko guztiok jaikita gaudela? Abil azkar, Juana. Apaizari itxoin-eraztea
ez den itxura izango-ta.

EZTAI LEGORRAK
Alakotxea zan Joakiña, Juana-ren ama. Beti
lanean, beti prest egunari berea emanaz; mendi-alde
artan egokitu zitzaion neke ta lanari besoak ukatzeke
ta erlijio-gauzetan zorrotza ta benetakoa. Basaburu-n
berak zeraman etxe barruko jira osoa. Zazpi semealaba, gaztena semea, beste guziak alabak, eta biotz
aundia etxe guzikoen naigabe ta pozak jasotzeko.
Osaba Patxi gelditu zan etxean umeekin, Erramona ta
Ixabel, amairu ta amar urteko aizpa txikiak eta zortzi
urteko mutikoa, Antontxo.
Esango al ditugu nagusien izenak? Martina, alaba
zarrena, Pedro-rekin etxera ezkondua zegoena bere
ogei ta bost urteekin. Pedro, auzoko basarri bateko
semea orain Basaburu-ko nagusi gazte egiña ta ama
Joakiña, alkarrekin zijoazen aurrena. Juana, aitarekin
eta bere aizpa zarragoekin atzeratxoago zetorren.
Juana, laugarren alaba zan, Antoni bigarrena ta Jesusa
irugarrena. Aundiak aldapan bera jaiko soiñekotan
joaten ikusi balituzte txikiak, negarra ta marrua sortu

zitekean; baiña Basaburu-ko jende nagusia bidean
galdu zanean, aurrak lotan gelditu ziran beren oetan.
***
Gure kontuak aurrera eraman baiño len, irugarren
alaba, Jesusa, nundik eta nola etorria zan esan bear
degu. Joakiña-ri, bere bi alaba nagusiak izan ondoren,
bost seme-alaba, bata bestearen ondoren galdu egin
zitzaizkion. Auzoko andre zar batek esan zion:
–Begira, Joakiña. Orrelakotan, kanpotik aur bat
etxeratzea izan oi da onena. Ori egiten badezue, berriro seme-alabak onik eta osasuntsu artuko dituzu. Ta
badakit nik nundik ekarri zuri mutiko polit bat.
Joakiñak bere baietza eman zion artarako ta andik
pixka batera, agertu zitzaion esanaz:
–Ara, ba; mutikoa espero genduan, baiña nexka
jaio da ta emen dezu.
Onela artu zuten Jesusa etxerako. Aur ura nundikoa ote zan? Bazuan gaixoak nunbaiteko beroaren
bearra. Inguruko erri batean, eztegu erririk aitatzen,
botikaioa bere bi alabekin bizi zan. Il zan aita ta aren
lekurako erdalerritik etorri zan ildakoaren utsunea
bete bear zuan botikaioa.

Lengoaren alabak etxean artu zuten berria, ta
onek bere esker ona nolabait erakutsi zien aizpa biei.
Andik urtebetera, neska biak aur-zai zeuden botikaio
berriari eskerrak. Legeak gazteena emaztetzat artzera beartzen zuan aur bien aita. Orretan, aizpa zarrenari egin zioten orduko erremeioa: Ameriketako bidean
jarri zuten neska gajoa ta sortu zitzaion alaba Basaburu-ra eraman zuten etxeko artu zezaten. Onela inguratua zuten basarri artan irugarren alaba.
Aren ama irentsi zuan Amerikak eta geio etzan
beraren berririk izan errian. Orduko lege gogorrak
onelakotxe erabaki galgarriak artu-arazten zizkieten
gure aurretiko jende ezjakin ari. Andik urte askotara,
aizpa zarraren alaba onen semea ta aizpa gazteenaren semearen alaba bat elkarrekin maitemindu ta
ezkontzekotan ziran.
Eta eskerrak Basaburu-ko jendeak jatorri aren
berri zekianari. Gazte biak ezkontzeko odoleko eragozpenaren barkapena eskatu bear izan zuten aldarera baiño len. Onelakotxe ustegabeko korapilloak sortzen dira gure etxetako bizitzetan.
Baiña goazen gure arira. Jesusa alabatzat artu
zutenetik, Joakiñak beste seme-alabak onik ekarri
zituan. Sorginkeria edo zeruko laguntza zirudian kontu

arek. Aurrena, orain ezkontzera dijoan Juana etorri zen
etxea poztera ta Jesusa-ren bizitzak nobela baterako
naikoa gai eman dezaken arren, Juanaren goraberak
aukeratu ditugu gure liburu au osatzeko. Ikusiko
degun bezela, laugarren alaba onek bazekarren akatsen bat eta osasunez onik jaio bazan are, geroko bere
bizitzan naikoa korapillo ta mataza sortuko zuan
nobela bat osatzeko.
***
Gure mende onen lenengo amarrekoan nolako
giroa zan gure basarri ta errietan, jende zarrari esan
bearrik eztegu. Gazteentzat galduak dira orduko oitura ta legeak. Baiña guk oso gogoan ditugu aldi artako
izaera ta aidea. Ezkontzak goiz egiten ziran; basarritarrak geienetan goizeko seirak edo zazpiretan. Etzegoen, beraz, oraingo eguardi aldeko ezkontza-legerik.
Elizakoa azkar bukatu ta bereala abitu zan Basaburuko jendea Juana-ren etxe berrira. Bergaratik Oxintxura bitartean, antxe zegoen Etxeguren basarria, aldapa-aldapan. Elizan bilduak ziran etxe bietakoak, eta
jaztetxean, Zubieta kaleko ardangela batean gosari-

legea egin ondoren, bereala artu zuten Etxegurenerako bidea.
Senar gaztea erdi-lotsatua zijoan Juana-ren alboan. Eta gizakumea ala ikusita, Juana nola joango zan
asmatzeko, ez da argi-iturri izan bearrik. Gazte jendea, iji ta oju, ta gurasoak alde bietako gizonak atzetik eta andreak aurretik, an sartu ziran Etxeguren-go
atarian.
Basarri au, Mekolalde-tik gora abitu ta muiño
batean agiri zan. Bertako jendearen berri emateko
gaude oraindik. Gurasoez gaiñera, (Iñazi ta Tomas
beren izenak), Martin, seme zarrena, Juana-rekin
ezkondu berria, lenbizi aitatu bearra. Mikolas zetorren
bigarren semea, ta bi alaba gazteagoak, Katalin eta
Madalen.
Gure kondairako, bi seme zarrenak ditugu kontuan artu bearrak. Auekin izango da gure gertaeren
asiera. Gurasoak urtetan aurrera-samartuak ziralako,
seme zarrenak artu-bearra zuan etxeko ardura. Orregatik etxe artan etxekoandre gazteak argi berria zekarren.
Zertan luzatuko degu egun artako bazkal-jaia eta
eztai-dantza ta arreoaren erakustea gurditik jetxi-ala?
Oiek guziak orduko legez zintzo ta nausiki egin ziran

eta arratsalde-erdian, ezkon berriak Bilbo-rako bidea
artu zuten Mekolalde-ko geltokian.
Pare bat egun Bilbon egitea, gauza aundia zan
urte aietarako, eta gure ezkon-berriok, senarra maiorazgoa zan aldetik, bi egun oso egin zituzten Bizkaiko
uriburuan. Irugarren eguneko gaberako, beren etxean
ziran. Egun artan etxeko guziak aparitan bildu ziran.
Itxuraz, eztai aiek ondo bustiak izan ziran. Bazkari ta
apari legezkoak, gazte jendearen dantza-saioak eta
irrintziak oi-ziranak, senide ta lengusu ta auzokoen
poza.
Ala ere, bazan an eroso etzijoan kontu bat. Bazkaldarrak aren susmorik izan balute, jaiaren alaitasuna
etxe artan lausotu ta ixilleko txutxu-mutxu pranko
sortu zitekean. Etxekoentzat lotsa ta auzokoentzat
ziri-esan eta par-irri-gaia ugari emango zukeana. Zer
ote?

IRRISTAN
Mutillak oi dituk, ba, ontan basarritarrak! Abereen
artu-emanak ain etxeko dituztela, kristauen arazoetan
eta batezere, ezkontzak sortzen dituan egitekotan,

beren pilosopi ta parre ta ziri-gaia errez arkitzen ditek.
Ordotx eta aardien berri txikitatik ikasiak asi oi dira
basarrietan, eta gizakume ta emakumea beren jolaszirietan, aien pare jotzen dituzte. Makiña bat parre
egin oi du mendiko jendeak, gai auetan kalekumeok oi
degun ezjakiñaren kontura.
Bilbotik itzuli ziranetik, ezkon-berriak «puntera»
naikoa aditu bear izan zuten, batez ere senar gazteak
bere lagunengandik:
–Kaixo, Martin! Bilbo-aldean erabaki al dira
auziak?
–Auzitarako asti gutxi izan diagu, Praixko.
–Txala ostikalaria, ala?
–Ori eskolan sartutakoan ikasiko dek.
Emakumeak xotillago ta urrutiragotik joango
zitzaizkion andre gazteari:
–Eztaiak ondo, Juana?
–Ez otz eta ez bero, Katalin. Pake-pakean joan
dira.
–Martopillak bidean onezkero?
–Udaberrian oi dira loreak.
–Ez dator gaizki. Udazkenean Azaroa ta Udaberrian baratzea loretan.

Etxeguren-go ama zarrari kezka bat sortu zitzaion,
andre gaztearen arpegia ikusi zuanetik:
–Juana, sartu zera zure etxean.
–Oraindik beron bearra dago emen, gazteon lana
zuzentzeko.
–Gure sasoia joan zan. Orain zuek jarraitu bearko
diozue zarron bideari.
–Asmatuko al degu.
–Ta?... Ze moduz gure Martiñ-ekin?
–Azkarregi da oraindik ezer esateko. Ez da okerrik
beiñepein, eta ori ez da gitxi.
–Ori da. Gauzak bere bidez eta orduz sortuko dira,
ezta ala?
–Bai, ama.
«Bai, ama» arek, alako kanpai pitzatuaren soiñua
zuan ama zarraren belarrietan. Emakumeak alako
begi ezkutu bat oi dute, beren seme-alaben etorkizunari usaia aurrez artzeko, eta geroak argituko zuan
amaren biotzak bere barruan zerabillen zorigaitz-bildurra, aintzakotzat artzekoa ote-zan ala ez.
Martiñek etzirudian bere emazte gaztearekiko
pozetan oso igari zebillenik. Etxea errezegi lagatzen
zuan, eta egun osoak sarri eizean zeramazkian.

–Motell, motell –esaten zion amak–. Nun ibilli aiz
orren berandu arte?
–Eizean gora ta bera, Elosu-aldera urreratu naiz
eta gero itzulera luzea.
–Juana ikusteko presarik ez al dek? Ezkon-berri
batek obeto begiratu bear ziok bere andreari.
–Ez det bakarrik laga.
–Ori dek! Senar gazteak bere emaztea iñoren
eskuetan, eta bera kezkarik gabe eize-bila mendi-maldatan. Egokia iristen al diok jokaera orri?
Ta ori zan egia. Emazte gazteak zerbait esan zezakean etxe artako jira-berri. Martiñek geitxo alde egiten zuan etxetik, Juana besterik eskura utzita. Ta
beste ori, Mikolas, anai gaztea zan. Basarrietan,
bakardadeak oker asko ekarri oi ditu ezkondug azteen
artean. Aukera geiegi oi da mendian etsaiak lan egiteko. Gaztetasuna ta odola ditu lagunik onenak ortan,
eta Etxeguren-en eroso jarri zitzaizkion tentatzailleari
bere asmoak aurrera eramateko bideak.
Batzuetan, guraso zarrak soroan eta seme gaztea
ta Juana bakarrik gelditu ziralako; urrengoan, andre
gazteak Mikolasi basora-edo lagundu bear ziola-ta...
senarra eizean zan bitartean, poliki egokitzen ziran
zirikaldiak.

–Baiña, Juana; Martiñek nola lagatzen zaitu orren
bakarrik?
–Ez naiz umea, iñork zaitu bear izateko.
–Ai, Martiñen lekuan banengo.
–Zuk ere, ezkon-aurretik izango zenituzke eskeintz
aundiak. Bein ezkondu ezkero, andreagandik igesi,
gizon geienak bezela.
–Eztago gaizki! Zure gaztetasunak darion argia
ikusita igesi? Leloa bear nuke ortarako.
Juanak etzion izpiderik eman nai, ta artan gelditu
zan egun artako alkar-izketa. Baiña etxeak txoko asko
zituan, eta Mikolasek ederki asko zekian aien berri.
Alako koiñatu eztirik etzan errez billatzen.
Juana sukaldean ari bazan, sukaldean zalako, oeak
egiten edo autsak kentzen bazan gelatan, gorako
aitzakiren bat asmatuaz, Mikolasek ederki zaitzen
zituan bere koiñata bakarrik ari zan lekura sartzeko
aukerak. Gazte biak, sasoia ta etsaia lagun zituzten
elkarrengana biltzeko. Ta Mikolasen alegiñak eta
itzak, egunetik egunera agiriagoak ziran. Gauzak
berez osatuko ziran, denbora bear eze...
Udazkeneko arratsalde arek ere, etzuan kulpa
gutxi. Lurra orbelez betea agiri zan eta garoa etxeratzeko egunak aurrera zijoazen. Martiñ goizean goiz

eizerako bere griña asetzera irten zan mendira. Aita
erreumak artuta zebillen aldi artan, eta ama zarra ere,
etxeko ardura artzeko obeto zegoen, basora joateko
baiño. Katalin eta Madalen, alaba gazteak ikastera
jeisten ziran Plaentxira.
Tomasek Mikolasi esan zion:
–Seme, garoak etxeratzeko ordua diagu. Atzo ebakitakoa busti baiño len, aterperatuko bagendu, mesede ederra giñakek.
–Lagunik gabe motz geldituko naiz mendian, aita.
–Koñatak lagunduko dik; ezta ala Juana?
–Bai, aita. Bear dana egiteko nago emen.
Eta atera ziran basora bidean. Gurdiarekin ordubeteko joana mendian gora, ta gazte biak urtez parepare ta gogoz erne. Ego-aizetan itzak aisa sortzen
zitzaizkien, eta Mikolaxen ezpaiñetan bazan piperra.
Basoan sartu ziranean, oiñak orbeletan murgil, ostrootsa esnatzen zuten pauso bakoitzean. Noiz-nai,
aizeak zurrunbillotutako ostroak arpegira zetozkion
Juanari, ta berriro Basaburuko leioan, ezkon-bezperako gabean, nabaitu zuan zirrada bera berritzen zioten.
Andre gazteak leize beltza zuan bere aurrean eta
leize arek beregana tira egingo balio bezela, ikara
somatzen zuan bere izate osoan. Mutilla Juanaren

lagunarte-pozetan, aisa zebillen garoa biltzen eta gurdiratzen. Onela, uste baiño len bukatu zuten egun
artako lana.
Artean arratsaldea luzea zala ta gurdi-babesean
exeri ziran, mokau bana artzeko asmotan. Juana,
lanak atera zizkion kolorez ederragotuta zegoen.
Mikolasek, bere barrua arengana ziaro makurtua zeukanez, ler-zorian zerabillen bere biotz-irrika:
–Arratsalde ederra, Juana.
–Oso ederra, Mikolas.
–Ederragoa zure ondoan nagoela.
–Zaude ixilik, Mikolas, Martiñek entzungo balizu.
–Martiñek etzaitu merezi.
–Ta zu bai, al-ezta?
–Besterik ziñake nerekin.
Aideak kanpo-usai gozoa zekarren eta gazte biak
giro epel artan beta geiegi zuten etsaiak andre gaztearen biotza bere asmoetara makurtzeko. Mutillaren
garrak mundu gutxiko emakume aren gaztelua errebearrean zeukan ondoan.
–Ez, ez, Mikolas.
–Zergatik ez? Martiñek orren aztua zauzkala, eztu
zure leialtasunik merezi.

Elkarrengana urreratzen ari ziran konturatzeke...
Eta Jainkoak asma zer gerta zitekean illunabar aretan,
bidean pausoak somatu izan ezpalituzte. Juana, arpegia artean mutillaren itzetara berotua, jaiki zan batbatean.
–Zu emendik, Martiñ?
–Erbi ondoren luzatu zait arratsaldea ta oraintxe
ninjoan etxeruntza.
–Mikolasek bere lana etenda ikusi zuanean, anaiari alako kaixo otz bat esan eta beietara egin zuan.
Gogo aundi gabe, «Aida» esanda, gurdiak eman zion
berako bideari.
Kosta zitzaion Juanari bere barruko irakiña baretzen. Itz-erdika erantzuten zion senarrari. Oni, maldizio bat bezela pasa zitzaion burutik susmo txar bat.
Bere andre ta anai gazteagoaren artean ez ote zerbait? Une bateko kontua izan zan... Baiña gurdi-negarrak, iru biotz aietan umatzen ari zan zorigaitzaren
illetak aurrez adierazten zituala ematen zuan.

SENARRAREN AKATSA
Etxeguren-go ama zarrak bazerabillen naikoa
kezka, erraiñari begira urte osoan:
–Juana! Nere begiak moteldu egin ote dira?
Etxe artan, emazte gazteak etzuan nobedaderik"
aitatzen. Ainbeste illabete ta ezkontza-ondorenik ez?
Errain legorra ekarri ote zuten, ba, etxera? Oi dan
bezela, amak semearen aldetik akatsik izan zitekeanik, etzuan uste. Izatekotan, okerra erraiñarena bear
zukean.
Bitartean, Mikolasek bere gogoa aurrera zeraman,
Juanari senarrak ukatzen ziona, onen anai gazteagoak
ugari eskeintzen zion. Baten ajola-ezak, bestearen
arreta ederragoa egiten zuan. Ala, ba, Juanari biotzeko giltzak Mikolasi emateko ordua urreratzen ari
zitzaila, zirudian.
Zein emakumeri etzaio gustatzen gizakumearen
leia? Norbait bere ondoren azkuretuta ikusteak, badu
alako indar izkutu bat emakumearen biotzean. Aukeran etorri zitzaion Mikolasi igande-goiz ura. Etxeko
guziak goiz-mezetara jetxi ziran Osintxura. Etxean,
ain eroso gelditu ziran Juana ta biak. Aria eten-zorian

zegoen eta mutillak koiñataren inguruan bere alegiñak berritu zituan.
–Juana, zergatik ari zera bion zoriona atzeratzen?
–Zoriona zer da, Mikolas?
–Zu nere esanetara jartzea... Zeren bildur zera?
Ezer sortuko balitz ere, ez al dezu senarraren itzala?
Zu aurdun ikusita ere, iñork ez luke ezer esaterik.
Etxeguren-en goiz artan atari-aurreko intxaurrari
orbelak erruz erori zitzaizkion eta Juanaren gaztelua
lurrera etorri zan Mikolasen erasoen aurrean. Egun
osoan, orbelen zirrada nabaitu zuan andre gazteak
eta gau artan etzuan berealakoan lorik artu.
Andik lau illabetera, Iñazik bere erraiña botaka
arkitu zuan ikuillu baztarrean:
–Ala ere!... Noiz edo noiz badatoz loreak.
–Ixo, ama!... Iñork ere ez dezala jakin. Oraindik