Lau-Urduri gomendiozko karta - 1

Joanes Etxeberri
«Etxeberri Sarakoa»

LAU-URDIRI
GOMENDIOZKO KARTA,
EDO GUTHUNA

Edizio elektroniko honen prestatzailea: Ales
Bengoetxea. Donostia

LAU-URDIRI
GOMENDIOZKO KARTA,
EDO
GUTHUNA
J. D’ETXEBERRI, Sarako Dotor Mirikuak.
AD MAJOREM DEI GLORIAM.

BAIONAN,
MATEO ROQUEMAUREL
Inprimatzaillea eta Liburu-saltzaillea baithan
Apumaiurko Karrikan.
M. D. CC. XVIII

Jainkoak Gizonari eman diotzan gauza
hoberenetarik eta abantaillatuenetarik
bat delarikan mintzoa, zein pena eta
neke handia den Munduan hanbat
hitzkuntza mueta diferentetakoen
izaiteaz.
Jainkoak gizonari eman zioen gauzarik abantaillatuena eta premiazkoena izan zen mintzoa:
zeren solasaren eta hitzen bidez adiarazten baititu bere gogoan estalirik eta gorderik daduzkan
gauzak; baihalaber aditzen-ere bertzeren izpirituko eta gogoko pentsamenduak, Jainkoak berak
baizik, nihork ezin ezagut ez jakin ahal detzakenak. Halatan gure arima hauk gorphutz ilhun
hautan daudeino, nihoren gogoko berri jakitekotzat, behar tugu gogoko mandatariak, eta Aristoteles Philosofoen Prinzeak dioen eredura, mandatari hek dira hitzak. Voces sunt signa conceptuum. Arist. cap. 1. Per. 16. Gauza bera dio Agustin Elizako Dotor handiak-ere. Verba proptereà
instituta sunt, ut eis quisque in alterius notitiam
cogitationes suas proferat. D. Aug. in ch. & q. 2.

Hitza, eta mintzoa dira bat-bederak zer duen
gogoan bertzeri erakusteko eta agertzeko. Platonek-ere hala dio. Propter hoc nobis datus est
sermo, ut præsto forent mutuæ voluntatis judicia. Eman zitzaikun mintzoa elkharren gogoetako berriak elkharri ezagutzera eta aditzera emaiteko.
Hau da dohain berezi bat, gure Jainko Jaunak
Gizonari xoilki eman dioena: Ezen abre mutuekere, izan arren guk bezala mihia, hortzak eta
ezpainak, guztiarekin-ere, falta zaie mintzoa,
Aristotelesek dioen bezala. Nullum aliorum animalium sermonem habet, nisi homo. Abretarik
edo animalietarik batek-ere eztu mintzorik baizik
gizonak. Halakotz arrozoin handirekin erran zuen
Luzio Apuleiok-ere, Omnium terrenorum nihil
homine præstabilius prudentia dedit, cui quidem
lingua & dentium vallum, & ipsius oculi venustas
accessit: quod quidem aliis animantibus ad
explendum victûs necessitatem, inferendasque
ventri copias comparatum est; sed homini
promptuarium potiùs rectæ rationis, & suavissimæ orationis datum est, ut quæ prudentia
corde concepit, ea sensu premat oratio. Mundu-

ko gauza guzien artean, ezta ddeus-ere Gizona
baiño abantaillatuagorik, zeren bertze animaliek
hortzak eta mihia izan arren, ezbaitituzte gosearen eta egarriaren asesiatzeko, janhariaren eta
edariaren sabelera sartzeko, garraiatzeko, jateko eta edateko baizik. Baiña Gizonak eginbide
horiez kanpoan ditu, bere bihotzean dituen gauzen hitzez aditzera emaiteko. Zeren hitza eta
mintzoa egiten baitira barrenetik atheratzen
dugun aireaz, mihiaz eta ezpainez.
Ordea hitzak batzuetan dira egiatiak eta bertze batzuetan gezurtiak; hala-nola gauza eztirenen berriak ekhartzen tuena, baita mandatari
gezurtia, eta diren gauzen berriak leialki eta
fidelki emaiten tuena, baita egiatia; gisa berean
bada ahoko hitzak dira bihotzeko eta gogoko
mandatari egiazkoak, edo gezurtiak; Baldin
gogoan eta bihotzean duguna agertzen badugu
mihian eta hitzetan; orduan diogu egia, eta
hitzak dira egiazko mandatariak: Bainan gogoan
eta bihotzean duguna ez badugu erakusten
hitzetan, baizik gogoan bat eta mihian bertze
bat (askotan gerthatzen den bezala) orduantxe
date gezurra, eta hitzak dirateke mandatari

gezurtiak, Teologoek diotenaren eredura. Mentiri est ire contra mentem. Zeren baitira gogoan
dugunaren kontrakoa aditzera emaiten darokutenak, eta handik hitz gezurtiez enganatuak gelditzen gara, zeren ezbaitarokute dena den bezala aditzera emaiten; eta alabaina bertze maneraz ezin jakin baitezakegu bertzeren gogoko
berririk, non ezten hitzen eta erranen bidez.
Egia izan-arren mintzoaz, eta hitzez bertze
gauzez-ere, geure gogoak eta bihotzak, eta
hetan ditugun gauzak aditzera bertzeri emaiten
diotzagula; hala-nola kheinuz, begiez, eskuez
edo buruaz, ezkilla eta tronpeta soinuz, edo zeinnahi bertze seinalez. Ordea penaz eta nekhez,
eta halere eztugu hetaz gogoan dugun guztia
hitzez bezala aditzera emaiten; hargatik erran
zuen Agustin Elizako Dotor Sainduak ere. Verba
obtinuerunt principatum significandi. Hitzak dira
gauzen adiarazteko lehenbiziko herronka dadukatenak: Eta bertze gainerako kheinu eta seinaleak eztira hain segurak, ez eta-ere hei hurbiltzen zaiztenak: zeren kheinuz, hainitz gauza ezin
eman baititezke aditzera, mintzoaz bezala: Edo
bertzela konsidera beza bat-bederak, baldin

mutu baliz, eta ezin mintza balite, bere gogoko
gauzak bertzeri nola adiaraziko liotzakeen? halatan beraz, nihork ezin erran diro zein ontasun
eta dohain handia eman zarokun Gure Jainko
Jaunak mintzoaren eta hitzkuntzaren emaiteaz.
Ezen mintzorik eta hitzkuntzarik izan ez baliz
gure artean, nola biziko ginen mundu hunetan?
Munduak nola iraunen zuen? bat bederak nola
emanen zuen aditzera bere arrozoina eta zuzena? Bere ondikoa nola bertzeri erranen eta kontatuko zioen? Mintzorik eta hitzkuntzarik izan
ezbaliz, nork zer irakhatsiko zuen? Legeak nork
eta nola eginen zituen? Mundua nork gobernatuko zuen? Zeini bere zuzena nola emanen eta
begiratuko zitzaioen? Bat-bedera bere ondikoan
eta atsekabean nork konsolatuko zuen, mintzorik izan ez baliz? Eta guztien gainetik nola salbatuko ginen, eta ikhasiko genduen Zerurako
bidea? Federik gabe nihor ezin salba ditekenaz
geroz? Apostoluak dioen bezala. Sine fide impossibile est placere Deo. Hebr. 11. Federik gabe
nihor ezin dateke Jainkoaren gogarako: eta
fedea nola ardiesten da? Fides ex auditu. Rom.
10. Entzunez: eta fedearen entzutea ezin date-

ke, baizik Jainkoaren hitzez: Auditus autem per
verbum Christi. Hitzaren bidez emaiten zaiku
beraz fedea, eta hitzez irakhatsi zitzaioen Mundu
guziari Jainkoaren ganako, eta salbatzeko bidea;
zeren JESU-KRISTO gure Salbatzaillearen Apostolu Sainduek hitzez predikatu baitzuten Munduherri guztian Jainkoaren fede saindua: In omnem
terram exivit sonus eorum, & in fines orbis terræ
verba eorum. Psalm. 18. Mundu-herri guzia jo
zuen hekien soinuak eta mintzoak, eta Munduaren bazterretaraino joan ziren hekien hitzak.
Mundu hau bada bere oinean badago, mantenatzen bada, legeak egiten badira, nori bere
zuzena begiratzen bazaio, jakintasuna eta eskolak irakhasten eta ikhasten badira, Hirietan eta
Herrietan jendeak elkharrekin bizi badira, eta
guzien gainetik baldin salbatzen bagara; ontasun eta fagore hauk guztiak heldu zaizkigu mintzotik eta hitz egitetik.
Hemendik ikhusten duzu beraz, zein dohakabetasun handia lizateken Munduarentzat, baldin
gure artean hitzkuntzarik ezbaliz; bai-halaber
zenbat fagore, eta laguntza on dakhartzken mintzoak berekin? Hargatik erraiten ohi zuen Deme-

trio Phalereo jakintsunak eta zuhurrak: Gerlan
harmek egiten dutena bakean mintzoak eta
solas onak egiten duela. Zeren gerlan gauza
guztiak irabazten baitira indarka, bortxaz eta
garaitiaz: Bainan bakean hitz onez eta arrozoin
gozoez ongi egiten dira egitekoak. Hala erran
zuen Pirro Epiro Albaniako Erregeak-ere (Borsoniok dioen bezala, lib. 4. c. 32). Bere harma
guziez baino Hiri gehiago garaitu, irabazi eta
ardietsi zituela hitz onez eta arrozoin gozoez.
Halakotz Espiritu Sainduak-ere erraiten daroku
Eklesiastikoaren ahotik; Soinu gozoa, eta eztia
egiten dute manyurak, eta psalterioak: ordea
hek biak baino abantaillatuagoa da mihi eztia
eta gozoa. Eccles. 40. Eskerrak emaiteko diotzagu beraz gure Jainko guztiz onari, zeren mintzoarekin eman baitarozkigu hanbat ontasun eta
abantail berezi.
Jainkoak Mundua ez deusetarik egin zuenetik
ondoko denboretan, Mundu-herri guzian milla
zazpi ehun eta laur-hogoi urthez Babiloniako
dorrerainoko denboretan, Iskiribu Sainduak
dioen eredura: Erat autem terra labii unius, &

sermo eorumdem. Genes. 11. Ez ohi zen hitzkuntza bat baizik Mundu-herri guzian.
Gauza bera erraiten daroku Agustin Dotor
Sainduak-ere. Unam sanè linguam primitùs fuisse didiscimus, antequàm superbia turris illius
post diluvium fabricatæ in diversos signorum
sonos humanam dividerat societatem. Aug. lib.
9. Gen. ad litteram, cap. 12. Orduan guziek elkhar aditzen zuten, guziak hitzkuntza batez, eta
hitz batzuez-berez mintzatzen ziren; Munduaren
bazter batekoak baldin bertze bazterrekoarekin
egitekorik bazuen, edo bata bertzearekin batzen
bazen, elkhar aditzen zuten, zeinek bere etxekoa bezain errazki, eta-hala aisia handian bizi
ziren; zeren hitzkuntza bat bera baizik ezbaitzuten.
Orai badakit galdeginen darotazula, zein othe
zen bada lehenbiziko hitzkuntza bakhar hura?
Eta berehalaxe banohatzu Agustin Elizako Dotor
handi, eta Sainduarekin errepustaren emaitera.
Quæcumque autem illa lingua fuerit, quid attinet
quærere? Aug. ubi suprà. Dio, zein nahi izatu
den hitzkuntza hura, zer balio du, haren ondoan
ibiltzeak? Halarikan-ere hainitz presunaia handi

eta jakintsun izatu izan dira, egiteko huni borthizki jarraiki izatu izan zaizkonak; eta hetarik bat
izan zen, Psammetiko deitzen zen Errege hura,
zeinak eman baitziotzaten bi haur sorthu-berri
artzain batzuei, bere abren artean hazteko,
behin-ere hekien aitzinean hitzik mintzagabe,
nihor entzunez, hitzketan ikhas etzezaten gatik;
zeren iduritzen baitzitzaioen haurrak berak elkharren artean zenbait hitzkuntzaz, edo bederen
zenbait hitzez mintzatuko zirela; eta halako hitzkuntza ahal zatekela Munduan izan zen lehenbizikoa.
Hazi zituzten haur hek, bi urthez ahuntzen
artean; behin-ere hekien aitzinean hitzik mintzatu gabe, eta bi urtheak iragan zirenean; behin
abelzainak etxolara agertu zirenean, haurtto
hek, bere eskuttoak hedatzen zituztelarik hekien
gana; erran zuten hitz bat doidoia, eta hitz hura
zen BEK: eta handik berehala eraman zituzten
haur hek hitz harekin Erregerengana, eta halaber Erregeren aitzinean-ere erraiten zuten hitz
hura bera BEK, bertzerik batere erran gabe: Eta
zeren Phrigiako hitzkuntzan BEK erran nahi baitzuen ogia, uste izan zuen Erregek, Phrigiako

hitzkuntza zela Mundu guzian izan zen lehenbiziko hitzkuntza.
Ordea hau da froga bat, Erregek bere gogoan
zerabilan gauzaren jakiteko ddeusik frogatzen
eztuena. Zeren haur hek nola bethi hazi izan baitziren ahuntzen artean, behin-ere bertzeren mintzorik entzun gabe, etzen miresteko ahuntzen
janbatik har zezaten, hitz haren erraitea; zeren
ahuntzak-ere halatsu egiten baitu bere janba
BEK.
Eta oraino bertze-alde; zeren nihork bere
baitharik ezbaitu hitzkuntza jakinik; baizik bertzetarik entzunez eta adituz, ikhasten da mintzatzen, eta bat-bedera zein-ere herritan eta jenderen artean haurdanik hazten baita, hango hitzkuntza hartzen du, eta hau nork dio? Baizik
Agustin Sainduak. Eadem loquelæ natura in
hominibus permanet, nisi consuetudo diversa
deviare ab alterutro docet. Latinus namque, vel
Græcus inter Barbaros genitus, vel nutritus Barbaricè loquitur. Versâque vice, Barbari filius à
Græcis, aut Latinis edoctus, venusto sermone
fatur. D. Aug. lib. 1. de mirabil. sacræ Scriptur.
cap. 9. Nahiz Latin-herriko umea, nahiz Grezia-

koa barbaroen artean izan dadin jaioa, edo
hazia: barbaroki eta moldegaizki mintzatuko da.
Eta kontrara, Barbaro Salbaiaren semea Grekoez
edo Latintarrez irakhatsia eta eskolatua izan den
ondoan, bokhantza handirekin eta ederki mintzatuko da.
Halakotz haur gaztetto bat bere izanez eta
ethorkiz lizelarik Greziarra: eta sorthu, eta berehaladanik haz baledi Eskual-herrian; segur da
elitekela mintza Grekez, baina bai Eskuaraz: Eta
halaber Eskualdun umea haz baledi Grezian,
sorthu eta berehala danik; egiaz eliteke eskuaraz mintza, baina bai Grekez: Eta hunen arrozoina da zeren gure mintzoa baita xirolaren edo
flautaren soinua bezala; xirolari haize eman eta
soinu eragiten zaion manera berean, guk ere
eztarriari, xirolari bezala haize emaiten diogunean, haize hura mintzo egiten dugu. Xirola soinuak bere izanez mudantza jakinik eztu, baizik
erhiez eta haize emaiteko manera diferentaz
soinu eta mudantza diferentak eragiten zaizko:
Halaber gure mintzoak-ere bere baitharik eztu
hitz jakinik, baizik hitzen diferentziak lehenbizirik
ikhasirik, mintzo bat bera delarikan gure bait-

han, mintzo hari berari hitzen soinu diferentak
eragiten diotzagu. Ezen, Gizonak eztuelarikan
mintzo bakhar bat baizik, mintzo hartaz beraz
mintzatzen da Eskuaraz, Grekez, Latinez edo
zein-nahi hitzkuntzaz. Halatan beraz ethorkiz,
eta geure baitharik eztugu hitzkuntza jakinik; eta
Errege hark-ere, halakotz etzuen ongi frogatu,
zein izan zen Munduko lehenbiziko hitzkuntza.
Bertze batzuek, gauza hunen argitara emaiteko, entseiatzen ziren jakitera: zein jendaki izan
zen Munduan izan zen lehenbizikoa, eta hekien
arrozoina zen: zeren mintzorik gabe ezin-baitziratezkeen, eta handik jujatzen zuten, bai-etaezbada hainen hitzkuntza behar zela izan, Munduan izan zen lehenbizikoa.
Gehienik gauza hunen gainean iharduki zutenak izan ziren, Justinok eta Diodorok iskiribatzen
duten eredura, Szitiarrak eta Egiptoarrak elkharren artean. Justin lib. 2. Diodor. lib. 1. cap. 1.
Halaber Ethiopiarrek uste zuten hek zirela
Mundu-herri guziko lehenbizikoak. Diodor. lib. 4.
Bat-bederaren arrozoin guztien hemen
ekhartzea lizateke obra hunen luzatzea eta zure
unhaiarastea. Halarikan-ere, egiteko haukien

berri jakiteko gura duenak mira betza. Diodoro,
ubi supra: Justino, ibidem, Homero Iliad. 1 &
Odys. 1. Pomponio Mela, lib. 1. cap. 9. Gerard. in
Chronologia. Eta fite eta laburtzki jakin nahi tuenak irakur beza Polidoro Virgilio, lib. 1. de inventione rer. de Monarchia Ecclesiastica. Eta hetan,
guziak edo gehienak xehero kausituko tu.
Bainan M. Katonek dioen bezala, egia da, eta
gauza hunen gainean iharduki duten guziek aithortzen dute, Szithiarrak direla lehenbizikoak;
zeren Justinok dioen eredura, lib. 1. Noe bere
etxatiarrarekin uholdeko urak jausten hasi zirenean, han ilkhi baitzen barkhatik, eta han biziere izan zen ehun eta hogoi eta hameka urthez,
Munduan bertze jenderik etzen denboran, Beros,
lib. 4.
Eta nola lehen ezbaitzen hitzkuntza bat baizik, eta oraino orduan ezbaitzen nahasia hitzkuntza bakhoitz hura: Arrozoinez heldu da; Munduherri guzian izan zen lehenbiziko hitzkuntza izan
zela Szithiarrena, zeina orai deitzen baita Hebreoa, Jainkoak berak Adan lehenbiziko Munduan
izan zen Gizonari, eta haren ondokoei eman ziotena, Munduan lehenbizirik mintzatu izan zen

mintzoa eta hitzkuntza, Agustin sainduak dioen
bezala: Hæc ergo lingua est, quam dicimus primitùs datam Adæ & cæteris. Aug. qq. ex utroque
q. 109.
Klemente Erromarrak ere erraiten daroku;
Mundu-herri guziko hitzkuntza izan zela Hebreoa, ez Gizonak egina, baizik Jainkoak Gizonari
emana; Clemens lib. recogn. Eta oraino gauza
beraren erraitera itzultzen da Agustin saindu eta
Dotor handia, lib. 16. cap. II. Dio bada, hitzkuntza hau gelditu zela, Heber-en leinuan eta egokian, bertze guztiak, zein bere mintzoaren eredura, horrat hunat barraiatu zirenean. Non defuit
Domus Heber ubi ea quæ anteà fuit omnium lingua remaneret. Eta oraino dio: Quia ergo in ejus
familia remansit hæc lingua, divisis per alias linguas cæteris gentibus, quæ lingua priùs humano
generi, non immeritò creditur fuisse communis,
ideò deinceps Hæbrea est nuncupata. Zeren
haren etxatiarrean eta familian gelditu baitzen
hitzkuntza lehenago Mundu guziak zuen hau,
bertze jendeak bere hitzkuntzaren arabera
barraiatu zirenean, hargatik deithu izan da

Hebreoa, eta arrozoinekin Sinhesteko da hau
izan zela Mundu guziko lehenbiziko hitzkuntza.
Eta hitzkuntza hura bera nahasi izan zen hainitz bertze hitzkuntzetara, Babiloniako dorre egilleen urguillia zela kausa; hitzkuntza hura gelditzen zelarikan bere izaitean. Quam propter præsumptionem turris ædificatæ credimus in multas
dispersam & confusam, ut non jam hæc, sed
multa ex hæc immutatione habita quorumdam
dictorum existerunt, ut unam haberent speciem,
nec tamen deperiret, sed tota confusa esset
cæteris linguis; ita enim tunc actum est, nè se
homines intelligerent, & majora auderent. Aug.
ubi supra.
Hemendik beraz ikhusten duzu hitzkuntza
Hebreoa dela guzietarik lehenbizikoa eta zaharrena: Bai-halaber da guzien artean hoberena
eta abantaillatuena. Zeren Gure Jainko egiazkoa
lehenagoko Patriarka eta Profeta Sainduei mintzatzen zitzaienean, Hebreozko hitzkuntzaz mintzo baitzitzaien. Eta oraino bertze-alde, Gure Salbatzaillea Gizon egin zenean, bertze hanitz hitzkuntza zelarikan Munduan, Hebreoa berezi zuen
beretzat, eta hartaz mintzatu izan zen; zeren

hazi eta jaio zen herriko hitzkuntzaz baliatu baitzen: eta hala erran dezaket, bere aho sakratuaz
altxatu eta abantaillatu zuela. Hitzkuntza huntaz-beraz mintzatu izan zen Andredena Maria
JESU KRISTOREN Ama saindua, baita lehenagoko
Patriarka Jainkoaren adiskideak, eta Profeta sainduak: baita oraino hartaz dauntza iskiribatuak
Jainkoaren lege sainduko eta fedezko iskiribu
zahar guztiak.
Baina hau hunela delarik, Agustin sainduak
dioen eredura, badira bertze hitzkuntza batzuekere abantaillatuak Omnium linguarum novi Testamenti tempore tribus linguis Hebraicæ, utique
Grecæ & Latinæ Principatus committitur. D.
August. lib. 1. de mirabil. sacr. Script. cap. 9.
Ebangelio sainduko legearen denboran, hitzkuntza guztien buruzagiak, dio, zirela Hebreoa, Grekoa eta Latina; eta arrozoina emaiten du: Zeren
Joandoni Joannis Ebangelistak dioen bezala bere
Ebangelio sainduan: Quia in eis Crucis CHRISTI
Titulus litteris Hebraicis, Græcis & Latinis scriptus Evangelicâ authoritate perhibetur. Joan. 1.
Zeren JESU KRISTO Gure Jaunaren titulua, eta
haren heriotze sainduko, Pilatusek eman zuen

Sententzia, hitzkuntza hetan baitzauden letra
Hebreozkoez, Grekezkoez eta Latinezkoez iskiribatuak: Arrozoinekin dira beraz hirur hitzkuntza
hauk, bertze guztien gainetik ohoratuak eta
abantaillatuak. Zeren bekhatu guzien barkhamendua eta gure salbamendua JESU KRISTO
Gure Jaunak ardietsi baitzarokun, Gurutzean iragan zuen heriotze sainduaz, orai aiphaturikako
hirur hitzkuntza hetan iskiribatzen zelarik haren
heriotzeko titulua eta kausa; eta bertze-alde,
zeren bertze hitzkuntza guzietan baino, misteriozkiago baitaude iskiribu eta lege saindu guztiak hetan fintkatuak eta iskiribatuak, eta arkan
aberastasunak bezala altxatuak, gordeak eta
goardatuak, zeinak baitira gure arimetako egiazko aberastasunak. Halakotz bada nahiz edo-zeinek nahi balu-ere egin guzietarik hoberentzat
bere herriko hitzkuntza, hainak jakiteko du hirur
hauk izan direla guzietarik abantaillatuenak.
Ikhusi ondoan bada, mintzoa zein gauza premiazkoa eta ona den, eta mintzo bakhar bat baizik Mundu-herri guztian etzenean Gizonak zein
aise bizi ziren elkharren artean: orai ikhusi behar

dugu bada, zein pena eta neke handia den Munduan hanbat hitzkuntza mueta diferent izateaz.
Eta gauzak ondoan hobekiago jakitekotzat,
lehenbizirik jakiteko den gauza da: Nola Munduko bekhatuak eta gaixtakeriak zirela kausa, Jainkoak Mundu guztia bere jende guztiekin urez
itho eta galdu zuen. Eta zeren Noe baitzen Gizon
prestua eta Jainkoaren zerbitzaria, bere etxatiarrarekin salbatu zuen barka batean barrena.
Noeren etxatiarrean bizirik salbatu zirenak,
ziren zorzi presuna, Noe bere Emaztearekin, eta
Sem, Kham, eta Japhet hekien hirur semeak,
halaber bere emaztekin.
Noeren emaztea deitzen zen Phuarphara,
Sem-ena Pharphia: Kham-ena Kataplua, eta Japhetena Phliba. (Egia da, batzuek bertzela deitzen
tuzte, Epiphan. lib. contra hæreses. Tom. 2.
hæresi. 26). Ordea nola-nahi dariztela, ezta hau
egiteko bat.
Mundu guzia hala urez hondatu ondoan
bada: eta urak aphaltzen, eta jautsten hasi zirenean, eta lurra leihortzen eta xukhatzen; Noeren
barka hura gelditu zen Armeniako mendi baten
gainean, zeina deitzen omen baita BARIS, eta

diotenez baitzateken Munduko gorenetarik bat,
eta han ilkhi ziren barkatik Noe eta haren
semeak bere emaztekin: Eta gauza hau gerthatu
zen Jainkoak Mundua egin zuenetik zaspi ehun
eta berrogoi eta bortzgarren urthean, eta Jainkoaren Semea Gizon eginen zen baino lehen; hirur
milla eta berrehun eta laur urthez.
Zorzi presuna hetarik bethe izan zen Mundu
guztia jendez, eta Munduan diren jendaki guztiek hetarik dute bere ethorkia. Noe bere jende
guztiarekin Armenian gelditu zen, eta han ehun
eta hogoi, eta hameka urthez bizi izatu ziren
ondoan: ethorri ziren hain jendatze eta ozte handia egitera, non ezbaitzuten lekhurik aski Armeniako herrian bizitzeko. Eta oraiño bertze-alde:
zeren Jaungoikoak manatu baitzituen Mundu
guztia jendez bethe zezatela. Gen. 9. Hargatik
bada Noe mintzatu zitzaien bere Semei, orhoitarazten zituelarik, Jainkoak eman zerauen mezu
sainduaz; eta batbederari bere zathia edo partea
huzirik edo errepartiturik: obligatu zituen lekhu
hura utzirik, joan zitezin Munduaren jendaztatzera.

Europa daritzan gure alderdi hunetako zathi
hau huzi eta eman zioen Japhet bere semeari,
egiten zuelarik alderdi hunetako Buruzagi, Jabe
eta Nausi. Halaber Sem egin zuen Asiako, eta
Kham Afrikako. Eta Noek gelditu zuen beretzat,
hei irakhasteko kargua eta eginbidea. Halatan
Ovidiok dioen bezala ( Noe zen Munduherri guziko Buruzagia; eta bizi zeino, ohi zebilan, Mundu-herri guzian aldebatik bertzera,
guztiei irakhasten ziotelarik Jainkoarentzateko
amodioa, eta beldurtasuna, bai-halaber nola
behar zuten adoratu eta zerbitzatu.
Armeniatik abiatu zirenean bada: eta noizeta-ere sarthu baitziren Mesopotaniako zelhai
eta ordoki ederretan; hasi zitzaizkon elkharri
erraiten. Faciamus altam turrim. Gen. II. supra
Psal. 54. Elkharganik barraiatu eta berezi baino
lehen, daigun dorre gora bat, zeruraino hedatzen dena.
Dorre haren eragille Buruzagia eta Aintzidaria zen Nenbroth (Berosok dioen eredura, lib. 4),
zeina baitzen Khus-en semea, eta Khus zen halaber Kham madarikatuaren umea. Gen. 10.

Nenbroth zen gizon hagitz urguillua, gaitza
eta gaixtoa, obretarik ageri den bezala: ezen
Jainkoaren kontra jaiki zen; jendeak bortxaz
bereganatzen zituelarikan: batzuek mehaxuz
(halakoek egiten ohi duten bezala), eta bertze
batzuek lausenguz eta eskaintza ederrez enganatuz. Halakotz hitz eta promes eman zerauen:
baldin bertze uholderik ethortzen bazen-ere,
hark begiratuko eta goardatuko zituela, ur eta
uholde guzien menetik eta arriskutik; zeren egin
uste baitzuen dorre bat, uholdeko ura igan ahal
zitekeen baino goragokoa: eta handik Zeruak
iraganik, Jaungoikoari gerla egin uste zioen; eta
oraino, bertze alde, uholde hartan galdu zirenen
heriotzeez, mendekatu gogo zuen. Eta hala
jende dohakabe hauk Gizon madarikatu hunen
hitzei behaturik, hasi ziren berotasun handi batekin, hagitz gogotik eta zinzinez bere dorrearen
egiten, Senarko zelhaiean, uholdea iragan zenetik ehun, eta hogoi, eta hameka urthe iragan
ziren ondoan.
Lehen erran dugun bezala, orduraino ez ohi
zen Mundu-herri guzian hitzkuntza bakhar bat

baizik Erat autem terra labii unius, & sermo
eorumdem. Genes. II.
Iskiribu sainduak dio, Gure Jainkoak ikhusirik
bada, Nenbroth urguiluaren eta haren partzunereen itsutasuna: eta nola dorrea baitzaramaten
aitzina, eta oraino aitzinago eraman gogo-ere
bai Ecce unus est populus, & unum est labium
omnibus, cæperuntque hoc facere, nec desistent
à cogitationibus suis, donec eas opere compleant. Venite igitur descendamus, & confundamus ibi linguam eorum, ut non audiat unusquisque vocem proximi sui. Gen. cap. II. Nahasi
zerauela guziei bere hitzkuntza, eta lehen bat
baizik etzelarikan, bat hura egin zela hanbat,
non familia batek bertzea ezin adi baitzezakeen.
Atque ita divisit eos Dominus ex illo loco in universas terras, & cessaverunt ædificare Civitatem. Gen. II. Eta hala orduan, elkharganik
barraiatu ziren, Mundu-herri guzirat, zein bere
hitzkuntza bereziakin: Et inde dispersit eos
Dominus super faciem cunctarum Regionum.
Gen. Cap. II. Lekhu hura deithu zen Babilonia: Et
idcircò vocatum est nomen illius loci Babel, quia
ibi confusum est labium universæ terræ. Genes.

ibidem. Erran nahi baitu nahasturako lekhua;
zeren han nahasi baitzen Mundu-herri guztian
zen hitzkuntza bakharra eta lehenbizikoa.
Denbora hartaraino Munduko hitzkuntzak
etzuen izenik: zeren bat baizik ezbaitzen, etzuen
izen beharrik; eta-hala bakharra zenean, dio
Agustin sainduak. Quando autem erat una, nihil
aliud quàm humana lingua, vel humana locutio
rocabatur. D. August. lib. 16. Civit, cap. II. Gizonaren hitzkuntzaz bertze izenik etzuen.
Bainan, geroztik, bertze hitzkuntzek zeinek
bere izenak hartu zituzten bezala, lehenbizikoari-ere eman zitzaioen izena, bertzetarik izanez
berezia zen bezala, izenez-ere berezia izan zedin
gatik; hartarakotz ikhus zazu zer dioten Agustin
sainduak, lib. 16. Civit. cap. 6. 9. 11. Eta Anbrosio bertze Elizako Dotor handiak, lib. 2 de vocatione. Gen. lib. 2. cap. 46. Epiphan. lib. 1. contra
Hæres. tom. 3. hæres. 39. Genebrard. in Chronicis. Jornandes de Regum succes. Phreculp. lib. 1.
c. 32.
Eta zeren Babiloniako dorre hura egin nahi
zutenekin Heber Jainkoaren zerbitzari eta Gizon
prestu hark ezbaitzuen nahi izatu partzuner izan,

ez-eta-ere Jainkoaren kontra altxatu: Hargatik
bada Jainkoak-ere hari eta haren etxatiarrari
etzioten eman bertzei eman zerauen pena eta
gaztigua. Aitzitik ohoratu zituen, utzten zerauelarik bere lehenbiziko hitzkuntza; eta lehen izenik etzuelarik, eman zitzaioen Heber beraren izenetikakoa; eta-hala deithu izan zen eta egungo
egunean-ere deitzen da Hebreoa; Mundu-herri
guztian izan zen lehenbiziko hitzkuntza; eta
Dotor Sainduek dioten eredura, hirur hogoi eta
hameka hitzkuntza hetan nahasia gelditu zen:
Zeren Agustin sainduak dioenaren eredura, lib.
1. de mirabil. sacræ Script. cap. 10. Dorre madarikatu haren egitera biribilatu ziren aitzindariak,
eta leinu-buruzagiak izan baitziren hain bertze.
Hargatik dio bada Agustin sainduak-ere, nola
Mundu guztia hirur hogoi, eta hamabi leinu hek
bethe eta jendeztatu baitzuten; hei guztiei Ebangelio saindua predika zekien gatik, JESU-KRISTO
Gure Jaunak berezi zituela Apostolu sainduen
gainera (Lukas Ebangelistak dioen bezala, Luk,
10.) bertze hirur hogoi eta hamabi diszipulu
Ebangelio sainduaren predikatzera bidaltzeko
Mundu-herri guzira. Bertze hainitz arrozoin-ere

emaiten tu Agustin sainduak lekhu hartan
berean; bainan orai aski tugu hauk, jakiteko nola
bekhatua dela kausa, lehenago bat baizen etzen
hitzkuntza nahasi zen eta egin ziren hainbertze
mueta diferentetakoak: Egia da, geroztik gehiago-ere nahasi dira eta berretu; zeren egungo
egunean bortz ehun baino gehiago baitira Munduan; hargatik bada lehen aiphatu dugun bezala
orai ikhusiko dugu zein pena eta neke handia
den Munduan hanbat hitzkuntza diferenten izaiteaz.
Lehen erran nuen aisia handia zela Munduan
hitzkuntza bat baizik etzenean; baina hitzkuntza
hura nahasi eta bat zelarik hainitz egin zenaz
geroztik; halaber erran behar da neke handia
gelditu zela Munduan Gizonen artean; zeren
ezbaita Munduan nihor, behar ahal diteken
bezanbat hitzkuntza dakienik edo ikhas ahal
dezakenik: Zeren nahiz biz Gizona, nahiz emaztekia, nahiz Noblea, Enperadorea, edo Erregeren
umea, edo haren leinukoa; nahiz ethorkirik
aphallenetik edo ttipienetik heldu dena; nahiz
aberatsa, nahiz probea, nahiz gaztea, nahiz
zaharra; baldin ugatzean dithiarekin edan zuen

hitzkuntzaz bertzerik ezbadaki; gauza segura da
hogoi egunen bidean bertze herrietako hitzkuntzen behartu gabe ezin dohakela.
Non da bada herri guzietako hitzkuntza guztiak ikhas ahal detzakena? Non-ere nahi baitaere, eta zenbait hitzkuntza bere herrikoaz bertzerik ikhasten badu-ere; nola Munduan diren
guztiak adi eta ikhas ahal detzake, milla urthez
bizi baliz-ere? Egun guztiaz ikhusten dugun
gauza da zenbat aldiz bertzeren hitzkuntzen
behartzen garen, eta Mundu hunetako egitekoak
zein nekez egiten diren, hitzkuntzen diferentzia
dela kausa. Zer progotxu da, Munduan hitzkuntzak jendeen artean izanagatik, baldin ezin adi
badezake batak bertzeak zer dioen? Hargatik dio
Anbrosio saindu eta Dotor handi hark: Qui loquitur incognitâ linguâ, Deo loquitur, quia ipse
omnia novit, homines verò nesciunt; ideoque
nullus est ex hac re perfectus D. Ambros. sup. 1.
Cor. 14. Bertzek aditzen eztuten hitzez eta hitzkuntzaz mintzatzen dena, Jainkoarekin mintzo
da; zeren Jainkoak baitakizki guztiak; baina Gizonek eztakizkite; eta halakotz aditzen ezten hitzkuntzaz mintzatzeaz ezta batere progotxurik.