Latsibi - 14

Ori esan baleu, batzarreko guztiak ulertuko eutsen
bere gogamena, baia zoritxarrean arroa izan ta erderaz egin bear. Amaika Floren Andraka bizi dira gure
artean or-emenka! Eztogu iñoiz ezagutu euskaldun
buru-eritxi bat, erderaz apur bat badaki, erderara
zaiki-epaiki yoten eztabenik.
Luzaro yardun eben gure kartagoarrak eztabaidan. Gero ta gero be buruordearen asmo bat aintzat
artuta, bazkalostean iru izlari, Laraudo bera, Arandui
ta Floren, jauntxo ta aldungeiaren billa yoatea erabagi eben. Laraudoren lando ederrean yoan be egin
ziran. Dakuskunez, iñoiz baiño gorago egoan Erroma.
Kartago barriz «txil» esateko ari arian.

3
Jauntxoaren atean ots egin ebenean, nortzuk
ziran ta zetara yoazan esan bear izan eutsen otseinari. Orduantxe egon zan etxean don Anbrus. Mari

zarrenak euren barrua euskeraz erakutsiarren, Floren
Andrakak apelasión gora ta apelasión beera ziarduan,
don Anbrus bera gogaitarazo-arte. Isasti jauntxoak,
beste jauntxo garau bat aspaldion izan eztana, euskalzaletxoa zirudian. Ona zegaitik. Zalditzat caballoa
ta txartelzat billetea esanarren, gure egunotan iñor
ezta lotsatzen, ez esale ez entzulerik; baia costudera,
nai sernos, nai eslegir, nai alkordar ta sospresa nai
méndigo entzunda, don Anbrusi irribarre egiten
eutsen ta gurago izaten eban euskeraz yardun.
Laraudok estalki bagarik agertu ebazan bere gogamenak: «Aurrelari on bat bear dogu Mungialdean,
bestela galduak gara. Bibote utsak eztau mutilla
gizon egiten. Epiko beti Epiko izango da. Betoz eurok,
osaba-lobok, geure artera. Hotel Terrninusik an
eztaukagu, baia ostatu politta dauko Lamiaranek.
Oge zuri ederrak, guztia garbi; yan be eztabe txarto
yango, geli ta ogi egunekoak, ortuaria non obea?
Conde de Montellano ezagututen etedau berorrek,
don Anbrus? Egun ta erdian euki eban Lamiaranek
ostatuz. Neuk ekarri neban gero Bilbora ta pozik etorren gizona».
Onetan, osabak atarakoxe dei eginda, Morrosko
agertu zan euren artean. Oni be luzaro ta minduta

erakutsi eutsazan Laraudok Viñasen Epikokeriak. Itz
bigunez ta zurrez ibitu eutsan aldungeiak bere bizitasuna. «Ezta asko, Laraudo, ezta arrigarria minduta
dagoan gizon bat marre izatea, nakar aurkitzea,
garratz agertzea. Begiren bertso lotsabakoak nor
mindu ez? Bestela, guztiok ondo dakizuena, Viñas
baiño mutil adikorragorik, bigunagorik, txeratsuagorik gitxi».
Floren izan zan lenengo ibitu ta baketu zana.
Mungian egun aretan egoteari egoki eritxon Torrealdeak, aspaldion egoan gurarik eta osaba zuritu ezinik
lor andiak izan ebazan. Bere atzerapiderik andiena
auxe zan: «Ni an, trenaren txistua eskuan eztodala
gau ta egun banago, oraindanixek dakit yazoko dana,
yazo bear ezleukeana, a la inglesa asi gintzazan-ta.
«Don Anbrus, dirua; don Anbrus eskuartea; don
Anbrus, ezkurra; don Anbrus, txintxin bear dogu
emen; bestela eztago ama etsean, gureak egin dan,
au yoan zan». Eta, gizonak, amaika buruauste mingots!».
–Betiko leloa –bere artean Morroskok–. Onek
urrengo itzokaz legundu eutsan osabari bere atzerapide ta nakartasuna: «Osaba, ostatua ordaintzeko
bestetxo eroan bei, dujn-dujn, ez diru geiago. Eta

gero don Anbruska ta txintxin-eske datozanai auxe
esan begioe: eskuartean eztaukala, diruetserako astirik eztagoala, gero emongo dabela ta...».
–Corriente. Goazan orduan –erantzun eban jauntxoak.
Arik ordu betera jaurunerako bidea artu eben. Floren Andrakak, lando ederra Zabalbiden gora asi
zanean «Ortxe goitxoan saltzen dira bolanderak
–esan eban–. Erosiko etedodaz?».
–Ederto gogoratua-esateko egon zan Tomas
Morrosko, baia osabaren bildurrez ezeban murtik
egin. Don Anbrusek ez entzun egin eban.
Goratxoago, Zabalbideko pelotatokiaren aurrez
aur ozta eldu ziranean, «Ementxe saltzen dira» esan
eban Florenek.
–Ezkontzera oa ala? –itandu eutsan jauntxoak.
Autu auxe, kazkarra zala, izan zan Mungiara
elduarte erabili ebenik goratsuena.

XXVII. Irakiten erria,
su bagarik
1. Anton Imaz ta oiulari batzuk txakalakortan.
2. Zabaleta eta Larrinoa udaletsean.
3. Lamiaranen ostatuko batzarra.
4. Ingenieru barri bitzuk.

1
Kartagok barriro goratzeko egin ebazan lerren
andienak Epikorenak izan ziran. Bera zan mutilko oiulariak isildu eragin ebazana. Orretarako Adona urizain
nagosiagana bialdu eban. Aren atzetxotik Epiko bera
yoan zan.
–Don Pedrok etorteko –esan eutsan Adonak.
–Zein don Pedrok, alkateak?
–Ez, geureak, don Pedro Viñasek.
–Zu zara abuazil nagosia? –esan eutsan gero
Viñasek an sartu zaneko.
–Bai, jauna.
–Zeinbat urizain zaree?

–Bi, obeto esateko, bat eta erdi, Felipetxu ta neu.
–Zoaze biok, arin bai arin, kantetan diarduen
mutilokgana ta guztiok baitegian sartu egizuez.
–Alkateak agindu balegit...
–Mungiako alkatea burutik beatzetara, oso ta zintzo, kartagoarra da. Ezalzekian? Kartagoarren buru
neu naiz.
–Jauna, berorrek baderitxo, uriko etsera yoango
naiz lenengo. Alkatea goizean goizean, amarrak...
amar ta erdiak ezkero an egoten da. Oraingo Yesus!
aiztuta be an dago Arruza.
Epikok orduan min-min eginda «Nor naizan badakizu –erantzun eutsan–; nire aginduaren barri be bai.
Caracalla!! Lau egun barru zeure burua kale gogorrean, zer yan eztaukazula, ikusi gura badozu...».
–Banoa, gizona, banoa.
Bost minutu barru, Felipetxu alde batetik, bera
bestetik zala, zazpi abeslaritxoak kale nagosian inguratuta eukezan. Lauk iges egin eutsen. Baituriko
mutilkoak geure ezagun andien semeak ziran: bat,
Krisanto, Jose Zabaleta eskribauaren seme zarrentxoa, Anton Imazi egun bi eurrerago bere arazoan
lagun egin eutsana; bigarrena, alkatearen loba Teles
ta irugarrena, oiulari guztien artean gazteena berau,

erriak Josetxu Botikako esaten eutsana, Larrinoaren
seme Joxepe.
Mailladian gora, oillasko-oillandak eskintokira lez,
baitegira eroezala, Anton Imaz arnasoska agertu zan.
Atan errurik baegoan, errudun bera zala ta «Umeak
nora, bera ara» yoala ganeratuta, mutiltxo ta urizain
biakaz goiak gora tipi-tapa yoan zan sakristau gibelandia.
Mungiako baitegia etse apaltxo baten goianengoan egoan, gaurko alondika-etsearen teillapean. Ezeukan ez giltzik ez zerraillarik. Maratillatxo bat zan baitegiko atea ertsirik edo itxita eukana. Josetxuk an
bere burua ikusi ebanean emon eutsan negarrari!!
Nok a isildu? Anton Imazek mutilkoa besartean artuta, mosu andiak emon eutsazan, Milango barri be bai,
banaka batzuk beintzat.
–Italiarrak, Josetxu, etxoek, guk lez, Milan esaten,
Milano baiño. Katedralagaitik be etxoek esaten la
katedrale, il Duomo beti. An, il Duomo aretan, Mungiako eliza langoak ogei nasai-nasai sartu dagikez. An
bizi dan beste musikalari ta pintore! Geienak ule
luzea erabiltan joek. Neuk be kartxetatxoak, luzeluzeak ez baia, garondoan beera erabilten naioazan.
Kafetse bat badago Milanen, kafetse bat! Mungiako

zabala, nik Epikoren paperari sua emon neutsan
lekua badakizue?, axe baiño be kafetse zabalagoa,
egunaren ta gauaren ordurik geienetan bete bete,
beeeeteta. Mutillak, estatua zer dan badakizue? Arrizko gizona da estatua. Bi milla onelangoxe daukaz
Milango katedralak kanpotik. Barruan zer daukan,
Yainkoa lagun! Josetxu, ik eztakik Mungiako ibaikume
onek izena zelan daben? Eztok iñoiz Oka entzun?
Bada onek Oka lez, Milango ibaiak Olona dok izena.
Larrinoa txiki, au gora-beera, negar baten egoan;
ta sakristau biotz-bigunak yagita «Josetxu, eu isilik
eta pozik eukitearren, Pieta Signore kantauko doat.
Gauza ederra, mutilak; Italiakoa au be.
–Alto la ezalda oba izango?
–Ez, Krisanto; ori egun andietan, orain ez.
Zerura edo goiburura begira ta eskua bularrean
ebala Pie-tá, Signore asi zan Gatikako baritonoa
oiuka.
Erruki, Jauna, mindun onezaz:
Jauna, izan zaitez erruki,
nire eskari au zuganagiño eldu badagi;
zure gogortasunak eznagiala zigortu.

Kanta larri au entzun ta kantaria ain itzal, ain larri
ikusirik, len baiño be negar samiñagoak egin ebazan
Josetxuk. Bere lagunak, barriz, bataren malkoai ta
bestearen pariztai barre-zantzoka erantzuten eutsen.
Benetako komedia zan a.

2
Bitartean Zabaleta eskribaua ta Larrinoa botikarioa, euren semeak baituran egozala yakieran, arrapaladan yoan ziran udaletsera.
–Alkate jauna, onelango gizonkada asko egin
badagizuz, zure zuzen-entzutea laster da galdu.
–Ze gizonkada diñozue?
–Anton Imazi ta mutiltxo batzuri ezaldautsezu
zeuk kalerik kale oiuka ibilteko baimena emon?
–Bai.
–Ta gero txakalakortan sartu! Ori eztau egiten
biozdun gizonak. Ondo deritxazu orri?
–Gizonak, entzun. Onaxe etorri jataz kantarion
baimen billa. Baietz nik. Ordutik ona, sekretarioa
lagun dodala ementxe egon nago ni, ta iñor ezta ezetarako sartu ta eztakit kaleko barririk arean.

–Igarri nik, Jose –ziñoan Larrinoak– «Emen Epiko
dabil, Epikotxo dabil emen» esaten izan dauat nik;
eta orra or.
–Ugalde –alkateak sekretarioari–, zoaz arren urizainagana ta yakizu agindu ori nok emon daben.
Viñas izan bada, etzaitez bera bagarik etorri.
Mungia, orretarako bertan lurra naikoa izanarren,
gizonez beintzat oraindino ezta Londres. Batetik besterakoa laster egiten da Mungian. Nor non dabillen
yakin, erraz yakiten da. Alkateak sekretarioa bidali
ebanetik Epiko beragaz agertuarte Zabaletak eta
koñatuak ezeben zigarrotxo bana osorik erre al izan.
Eldubarriak udaletsean sartuta batera asi zan alkatea
Epikori arpegi artzen, goragoraka bagarik orregaitiño:
–Don Pedro, zuk agindu etedozu gaur norbait baitegian sartu dagiela?
–Bai, jauna, neuk agindu dot. Argi-argi nekusan
nik erriak paper-saltzailleari burua ausi bear eutsela
ta negargarririk ez ikustearren...
–Noren manez emon dozu agindu ori?
–Noren manez, noren manez? Kartagoarren
buruaren manez, neure manez, gure alderdiko nagosi neu naiz-ta.
–Eta alkatea, zeu ala neu gara?

–Kartagoarra ezalzara zu?
–Pedro Arruza kartagoartzat dauke. Mungiako
alkatea ezta ez kartagoar ez erromar; mungiarra da.
Alkate askok, itz onek ebakeran, kristalai dardart
eragingo eutsen, Mungiakoak ez. Egutaizea euskaldun gitxik dakie zer dan: erdaldunen zéfiro, zeruko
arnasea, aize bigun-bigun, ez argirik itzungi, ez bularrik garramaztuten eztaben egurats astitsua. Onelantxe, egutaize antzera, ots egiten eban beti, entzuleen
belarrietan, Arruza alkatearen eztarriak.
–Viñas jauna, orrelango gauzetan, nai norbait txakalakortan sartzea dala, nai kantateko baimena emotea dala, orrelango zeretan erdu alkateagana. Bidezkoa dan gauzarik eztautsu ukatuko, batez be zuri.
Viñas auzkarako etorren. Begiak amurruz gorri ta
ezpanak gorrotoz zuri ekazan. Berak ezekiala, kirioen
bizitasunez, eskuak ikoldu ta ukabildu egiten ekiozan.
Alkateak ain bigun, ain legun artu ebanean, zer esan
ta egin ezekiala gelditu zan. Orregaitiño, bere burua
erromar biren begietan ain apalatuta ikusirik, asarre
barriak bere odolari su emonda «Uri tutu sakristautsu
onetan ezin bizi daite» esanda, ateari ots eraginez
zabaleratu zan Epiko.

–Txotxo –esan eutsan leiotik Larrinoak–, uri tutu
sakristautsu onetatik len bai len ta betiko bazoaz iiiiiiñok eztau emen negar egingo. Gero, txotxo, etsandrea ordaindu bagarik ez alde egin e?
Epikok amurruarren erantzun eutsana aizeak
eroan eban.
–Ori esango eutsan ik gizonari, Jose?
–Esan? Alkateak beronen biguntasunez nire besoak beeratu ezpaleustaz, yo be egingo neban nik ori,
yo be, txakil tximiño ziztrin erube zital ori.
Viñasen atzetxotik kaleratu ziran alkate ta koñatu
erromarrak. Alondikara elduta, mailladian gora yoazala, Anton Imazek Pieta Signore-ren bigarren atala,
lenengoaren itzez, oiuka ziarduan.
Pedro, zeugaz dau sakristauak. Aren Signore Mungiako alkatea da; aren Pietá zeure errukia.
Alkateak maratillatxoari ikututa, barrukoak bultzada bat ateari emon eutsenean, autsez beterik,
beste batzuk zirudiela, argitaratu ziran kale-abeslariak. Bitartean berrogei bat yakingura batu ziran baitegi-aurrean. Lenengo lokabetuak, Krisanto ta Teles,
kaleratu ziranean, txalo andi ugari ta zaratatsuak yo
eutsezan. Anton Imaz, antzelariz yaten baiño be
pozago izaten zan txaloak, beretzako txaloak, entzu-

ten. Erriak mutilko biai yoak entzunda, Milango operaetse andi La Scala-n La Tebaldini ta Tamagno-ri
zuzenduriko txaloak eta abeslari andi bi onen agerkera gomuta izan ebazan. Autsak berari alkateak erdi
kendu eutsazanean Mille grazie, signore esan eban.
«Alkate jauna, gauza batek arritu nau ni emen. Arritzekoa ezalda, gizonak, kanta bakar batek Josetxuri
negar ta beste mutilko biai barre eragitea?».
Mungiarren aurrera agertu zanean, a izan zan
esku-zaratea! Anton Imazek orduan, txapela erantzita, La Scala-ko bere ezagunak lez eskumaldekoai
lenengo, gero ezkerraldekoai ta erdi-ingurukoai
urren, burua makur makur ebala mille grazie... mille
grazie... mille grazie esan eutsen. Nok igarri, gizon
ain bigun, ain abegikoi ta gizabidetsu bat Mendatako
auntz ta aker-artean amazortzi urte anditan bizi izan
zala?

3
Laraudoren lando ederra Lamiaranen ostatura
eldu zaneko, Mungiako etseak barriro gizonez ustu
ziran ta kale nagosia barriro ikusguraz bete.

–Don Anbrus, Kartago txikartxo izango da egun
onetako batzarrak egiteko. Berorrek baderitxo,
ementxe batu gaitekez. Neuk esango dautsat Basiliri
doala etserik etse kartagoar geienai onakoxe dei egitera.
Arandui burutsuarena izan zan asmo au. Basilik
ezeban ate-oska ibili bear izan; kalean egozan batzar
ta baltzukide guztiak. Arrosko sartu ziran jauntxoagana Olabe, Andraka zarra, Simon Ganguren, alkatea ta
Belaunde. Gondramendi be an zan. Arangoiti, maisua,
Busturi ta Epiko gerotxoago agertu ziran. Guztitara
amabost ziran batuak. Morrosko asi zan izketan.
–Jaunak, lokabetasuna arrisku andian eidago
Mungian ta gu beronen alde gatoz. Onetarako, garailari izateko, zer da egin bear doguna?
Laraudok. Emen diru andia bear da; bestela galduak gara.
Don Anbrusek. Dirua? Aukeraldi au a la inglesa
izango zala ta dirua! Diskurtsuak egitea ezalda oba
izango?
Floren Andrakak. Diskurtsuak erderaz ta euskeraz
egin gura izan doguz ta kaiku burubakoak garala
esan dausku batek.

Morroskok. Ori yoan zan. Gizona dan gizonak
eztau atzera begiratu bear.
Don Anbrusek. Aurrean iru egun daukaguz; gaur
barikua, biar zapatua, etzi domeka. Biarkoa baiño
eztaukagu diskurtsuak egiteko.
Laraudok. Pido la palabra.
Don Anbrusek. Ze pido ta mido! Demokratak gara
emen.
Laraudok. Ez asarratu orregaitik. Nik diñodana
auxe da: diskurtsu ta bertsoak egiten gu baiño geiago dira erromarrak; gu dirutan arek baiño geiago, neu
ez, baia badakizue esan gura dodana zer dan; ta
garailari izan gura badogu, dirua emon bear izango
da.
Morroskok. Belu da orretarako ta ezta belu. Au Bilbon yakin bagendu, yakin, ekarriko genduan diru ori,
zeinbat gura; baia orain dirua dirutan ezin ekarri
daite; belu da.
Laraudok. Ni lenera beti, dirua, dirua ta dirua;
bestela txulut.
Morroskok. Eztala belu be esan dot. Diru-txartelak
egin daiguzan orain; ta astelenetik aurrera vale orrek
dirututeko an izango gara Bilbon. Non bizi garan
badakizue.

Geien geienak begiak itxi ta ezpanak musturtu
ebezan. Arangoitik eskuaz agoa estali ta barre, isilleko barrea.
–Ortiz de Treviño –zerraion Morroskok–, egizu
eredu bat.
Maisuak idazten ziarduan artean, Gondramendi ta
Epiko ez, beste guztiak biñan ta irunaka autuan asi
ziran.
VALE
VEINTICINCO PESETAS
pagaderas en Bilbao
dentro del corriente mes
MUNGUIA A 2 DE OCTUBRE DE 1890
Treviñok. (Don Anbrusi) Gero berorrek beizendu
bear izango dauz diru-txartel onek.
Jauntxoak. Idazkera ona, Treviño; baya, badaezpada, or VEINTICINCO-ren ordez ipiñizu DIES.
Morroskok. Ze ardura dautso berorri au gorabeera? Mungian, uri ta uriauzo, zeinbat boto dira? Seireun bai?

Laraudok. Yatabe ta Laukiniz ta Bakio kenduezkero, Mungiako alkatearen zigorpeko botoak bosteundik
gora eztira, nire ustez.
Morroskok. Bosteun yo daiguzan. Bakotxa bost
ogerleko eginda, cinco por cinco veinticinco ta cero
bi, orra or non dirdan bi milla ta bosteun ogerleko.
Jauntxoak. Cataplasma! Len amar milla ogerleko
andi ta bi milia ta bosteun ganera...
Morroskok. (Osaba ukondoan yota) Berorrentzat
zer da ori, osaba?
Arangoitik. (Aulkitik yagita) Don Anbrus, lenengolenengo egunean, arako El Rásimok bidaldu ta gurera
eldu zintzazenean, dirurik emotea bazan, ni etsean
lotuko nintzala esan neutsuen. Ganera (irrimirrika
ziñoan au) eztozue uste gure izlari-baltzu andi onentzat lotsagarria izango litzateala a la inglesa aukeraldi au ez egitea? Txalak erian lez gizona diruz erostea
bada...
Morroskok. Dirurik eztogu emongo, papera, dirutxarteltxo bat.
Arangoitik. Ainbat okerrago. Dirua dirutan, urre
nai zidarretan emotea bada, erospen lotsagarri bat
izango da gure aukeraldia, gizaazoka bat. Diru ori
txartel uts, balio baakoetan eskurik esku badarabil-

tzue, alde batetik erospena ta bestetik lapurreta loi
bat. Don Anbrus, zeuri batez be ta zure loba aldungeiari zuzendu gura dautsuedaz neure itz onek. Gure
arlo au deduz aurrera badaroazue, Busturi ta ni gertu
gagoz biar noranai, Viñasek dirauskun lekura, itz egitera yoateko; etzi edozein maitan, uriko nai uriauzokoetan, egoteko be bai. No vale orrek aintzat artu
gura badozuez barriz, gu ezkara orretan sartuko.
Gizona gizon da, ezta andrakilla, beragaz yostatu
gura izateko. Erabagi dagigun, don Anbrus, aukera au
a la inglesa ala a la bilbaina izango da?
Alkateak. Don Juan, bilbotarrak guzur diru-paperik
eztabe emoten. Au ezlitzate a la bilbaina izango.
Arangoitik. Egia, Pello, au a la gitanesca zeunkee.
Zer diñozue, gizonak?
Kartagoarrak zurrumurru luzarotxo. Erantzun
argirik, Laraudok itz eginarte, ezeban Arangoitik
entzun.
–Ni beti lenera –esan eban zaldidunak– dirua,
dirua ta dirua; dirua lodi, bestela gureak egin dau.
Morroskok. Lokabetasunagaitik aurrera egin bear
dogu.
Don Anbrusek. Diru-txartel orrek emon ezik, galduta algagoz?

Laraudok eta batzuk. Bai, galduta gagoz.
Don Anbrusek. Eta diru-txartel orrek emonezkero,
irabazi ala galdu?
Lengoak. Irabazi.
Don Anbrusek. Arangoiti, a la inglesa baiño gurago dot olantxe, zelan esango dot? Hmm a la...
Laraudok. A la txartel.
Don Anbrusek. A la txartel gurago dot. Gizonak,
aurrera.
Arangoitik. (Zutunik) Zuok bai, aurrera. Gu, nire
adiskide Juan Andres Urizar ta ni, etsera goaz.
Busturi ta Arangoiti zutundu ziranean, don Anbrusek bere agin barri ederrak erakutsita, zoli-zoli,
«Arrrrrraioa! –ziñoan–, gero Berinoleagako buru nor
dan ez aztu, Busturi».
Ordurarte Arangoitik irrimirrika yardun eban.
Jauntxoaren itz garratz onek entzueran, txinpartak
eriozan begietatik; eta ukabilla yasota «Don Anbrus
–esan eban–, Busturi Berinoleagako baltzuak eroan
eban ta baltzuaren baimen bagarik iñok eztau andik
atarako. Gizonak, mungiarrak, zeuon buruen yaube
ala Mayaguezko baltzen antzera peko edo esklabo
zaree?».

Iñok ezeutsan Arangoitiri erantzun. Arek urtendakoan, Epikok, artean itz bat ebagi izan ezarren,
«pzzzzz» esanda, itaune auxe egin eban:
–Azpisugeak dira ala eztira azpisugeak?
–Ederto, adiskide –esanda, eskua emon eutsan
Morroskok.
Orduan Pedro Arruza alkateak txapela yantzita,
Epikoren arpegian bere begiak ebazala «Errez da,
don Pedro Viñas, norbaitgaiti azpisugea urrundik esatea. Azartuko etezintzazan or doan zaldun andi, Mungiako gizonik andiena dogun don Juan Arangoitiri,
aurrez aur azpisugea dala esaten, azartuko etezintzazan? Zuk eta don Tomasek batagaiti ta bestengaiti
esan dozuen itz lotsagarri azpisuge, ementxe guztion
aurrean, ez esanikotzat atzeratu gura ezpadozue,
neu be, gizonak, neure etsera yoango naiz; eta yakin
begie, don Anbrus, La Concordia-koak alkate-zigorra
kenduarren eztaustala ardurarik izango».
Morroskok. Baia, alkate jauna, emen yazo dana
olgeta bat izan da, broma bat. Nik olgetan esan dot
azpisuge ori ta Viñasek be olgetan. Eztozue, gizonak,
gure Viñas de Andrés pzzzz egiten ikusi? Olgetan
beintzat. Ezta egia, Perico?

Irribarre egin eutsan bere adiskideak, ezer erantzun bagarik.
–Alkate jauna –esan eutsan gero Morroskok Arruzari–, zeuk dakutsunez, emen yazo dana utsa izan da.
Yoanak yoan. Mordotu gaizan. Gure alderdi onen igartatza edo sinboloa mordoa da, El Rásimo. Laraudo,
mordo onen izenean mesede txikitxo bat, adiskideusaineko laguntzatxo bat, eskatu gura dautsut; gure
izlari-baltzu onetako nagosi Viñas jaunari eskua emon
dagiozula –Laraudok, biotz-biguna zan ta amen amen
egin eban–. Emon zuk be Floren Andraka. –Andraka
zarrari, samurtuta, len arerio ziranak adiskide ikusirik,
negarra mara-mara erion. Orduan Floren bere
semeak, oi ebanez sutsu «Gora geu ta geutarrak!»
deadar egin eban.
–Gora! –erantzun eben beste guztiak. Batek ez,
Arruza alkateak ezeban txitik egin. Morrosko alderdiko garau banatuak batu ta mordotuten asi zanean,
alkateak iñori agurrik egin bage kalera bidea artu
eban.
–Gura dozue, gizonak –esan eban orduan Floren
Andrakak–, neu Arangoitiren maister guztiakana
agertu ta berak agindu dabela ta botoa emon eragi-

tea? Bestela etsea itxi bearko dabela ganeratuko
dautset. Zer deritxo oni gure aldungeiak?
–Lokabetasunaren izenean edozer egin dagike
–erantzun eutsan Morroskok–. Treviño, artu egikezuz
orain zeure eskolako amar mutilko aurreratuenak eta
bosteun bat diru-txartel atondu guztion artean, ogeta
bost peseta nai geiagonakoak, zeuk gura dozun bestenakoak.
Gero lagun bakotxari bere eskuera izendatu
eutsen: don Anbrusi Yatabe; Floren Andrakari Meñaka; Laraudori Larrauri... eta abar. Epiko barriro guztien buru ta zuzentzaile egin eben.

4
Kartagoarrak kalerako yagita egozala, Bermeoko
mandatari bat agertu zan euren artean. Eskuetan
ekarren eskutitzak Tomás Torrealdearen izena eukan
azalean eta beeko aldetxoan itz onek:
En su ausencia
a D. Pedro Viñas de Andrés. Urgente.
Munguia.

–Gizonak, Bermeon ze barri dan yakiteko, yesarri
gaitezan barriro. –Eskutitza irakurrita gero– Barri
onak –ziñoan Morroskok–, barri onak eta esetsi-egitamu bat bidaltzen dausku ango aldungei Bidagurenek.
Iru egun, goiz ta arratsalde, komentu-ostean asita
bidebarri-ondoko soloetan neurriak artzen eidiardue
gure alderdiko gizon batzuk. Aukera-ondoan La Concordia Cívica diputazinoagaz batera burdinbide bat
egiten asiko dala zabaldu dabe errian. Beste alderdikoak, bildurrak yota, uretan neurriak artzen asi dira.
Bermeok lengoa baiño kai edo portu zabalagoa bear
dabela ta yo ta su neurketan eidiardue gure arerioak.
Onek Mungia-inguruan portu egiteko asmorik eztabe
artuko. Asi zeuok –diño gero Bidagurenek–, asi burdinbide-neurriak artzen.
–Egitamu ori neuk Yataben neure diskurtsuan erakutsi neban –esan eutsen don Anbrusek–. Perico
–zirautsan gero Viñasi–, ezaldozue iñor neurriak
artzen erabilli?
–Dirurik ezeutsen bidali-ta...
–Arrrrraioa! Dirua naikoa ta geiegi be emonda
gagoz ta orain au entzun bear!

–Ea gizonak –ziñoan Morroskok–, biar goiz ta arratsalde Yataben neurriak artu bearko doguz, nire
osaba don Anbrusen asmo eder ori len bai len bete
dagigun. Onetarako nortzuk deritxazue izango geukezala egokienak?
Floren Andrakak bere aulkitik yagita «Batzordearen agindupean» esan eban. Bere ondorik, ezer esan
ezarren, beste iru edo lau zutundu ziran. Aranduik
orduan, bere aulkian zirkiñik egin bagarik, «Jaunak
esan eutsen osaba-lobai, ain zuzen be biarko eguna
da izlarientzat arazo andikoena. Florenek Bakion diskurtsua egin bear dabela esan dau. Orretan lotu gara.
Beste guztiok be non edo an egin ta ekin bearko.
Neurketa orretarako oradorerik ezin bidali ginaike.
Gizon bi dagoz gure artean izlari eztiranak, Labarto ta
Gondramendi. Gure tren au Bilbotik ekarri euskuenetik onakoan, Labarto geluneko nagosi daukagu. Onezkero injenieru batek gaiña badaki ak burdinbide-arazoetan. Gondramendi lagun dabela, makilia ta soka
batzuk eskuetan artuta, onetxek ondoen artu dagikez
neurri orrek».
Jauntxoagandik asita Epiko ta Morrosko ta entzule guztiak aintzat artu eben Arandui arakin burutsuaren eritxi eder mamintsu au.

–Gondramendi –esan eban orduan jauntxoak–,
zoaz apalostean Labartogana. Biok erdu gero onaxe.
Emen emongo datzuez orretarako zuzenbidea ta argitasuna.
Pozik yagi ziran onenbestegaz kartagoarrak.
Urrengo egunean goiz asi eben euren lana injenieru barri Labartok eta Gondramendik. Geluneko
nagositzat Labartoren emaztea gelditu zan. Yataberako bide-zati andi bat neurtu eben goizean. Bazkalostean aurreko arazoa luzatuten asi ta batera beste
ingenieru barri bi euren aurrez aur sortu ziran: Krisanto Zabaleta ta Teles, lau egun aurreragoko kale-kantariak. Larrinoa botikarioak bidali ebazan mutilko
onek, kartagoar injenieruai adarra yoteko esanda.
Noizik noizera Krisantok Labartori iteune batzuk egiten eutsazan; batean «Gure trena zuena baiño bizkorrago izan baietz», bestean, «Aizerik eztan urtean
amaituko dozue?», bestean «Yatabeko estazinoa be
zeuok bion artean eregitakoa alda? Buruz dakizuez
orainarteko neurriak? Non dozuez paperak? Zeinbat
kilometru dira orainartekoak?» Labartok iru bidar
yarraitu eutsen mutil irrizaleai, makilla ta sokak Gondramendiren ardurapean itxita. Aren amurrua! Bai!
Nok mutilko arek atxitu? Bizkorregiak ziran.

Arratsalderdian Larrinoak andere batzuk botikaaurrean ikusita, Yatabe-alderantz egurastutera eteyoazan itanduta gero «Gizon bi ikusiko dozuez Yatabeondoan izerdi larri ta yoran anditan soloen neurriak
artzen. Itandu egiozue zer egiteko asmoa dauken».
Ezekien andere onek ezeren barri. Badoaz ta
badoaz ta «An dagoz gizonak» esanda, eurakana
urreratu ziranean, «Julian, zer egiteko ustea darabiltzue?» itandu eutsan Labartori.
–Kaka-mokor... zar bana –erantzun eutsen Labartok.
Eguzkia lotara bere etzangura yatsi baiño askozaz
lenago, euren arazoa bertan beera itzita, musturtsu
ta illun yoan zan Labarto bere gelunera.

XXVIII. Aukera-eguna
1. Yata-ganera.
2. Aukerako barri batzuk.
3. Etorkizunerako asmoak.

1
Bestetan baiño goizago yagi ziran egun atan
Arangoiti ta bere adiskide Busturi. Lejarzegi medikuak egunik geienetan goiztxo izten eban ogea, eguzkiak mendi-bizkarra argitu-orduko. Domeka atan be
nagitasun bagarik batu zan beste biakaz elizpean
zazpiretako meza-aurretxoan. Ordu-erdi geroago elizatik urtenda sendalari zarra, Arangoitiren eskiniari
yaramon baga, bere etsera yoan zan barua austera.
Bere lagunak alkarregaz mairatuta zerbait artzen
ziarduela, Ereñozti agertu zan.
–Egun on daukela ta on dagioela.
–Barua ausi al dozu, Agustin?
–Ez, jauna, baia laster noa etsera ta...

–Ementxe geugaz batera egingo dozu. Yarri or ta
txapel ori burura, Ereñozti. Bart esan neutsunaren
ganera beste zerbait daukat esateko. Amarrak ingururarte batu egikezuz kalean albait barririk geien;
gero gosari-billa onaxe etorriko zara. Mandoz zoaz
gero emendik Yatabera ta an beste onenbeste egin,
elezinoko barriak batu. Gero mando ta gosari ta barri
zeugaz dozuzala, gora len bai len, Yata-burura.
–Majalen neugaz eroango etedot?
–Ta-ta-ta! Isilik eukitearren agindu neutsan umeari mandoz eroatea. Etzagizala, orregaitiño, berak zen
ikusi, negarrez urtu eztadin. Guk, goizerdian artzeko,
zerbait sakeletan daroagu, baia mendiak gosea berea
dau ta bizkor-bizkor zu ibili, ordu batak-inguruan
Yata-ganera eltzeko alegiñak egin. Ondo etedakizu
gero zeuk arako bide zidorren barri?
–Jauna, amar urte bete bagarik morroi ibili nintzan
ni Inubasoko artegiak larrara eroaten.
–Guretzat zein da biderik onena?
–Lauena, zelaiena, neuk eroango dodana: emendik Yatabera, Yataben zear Elortegi ta Latsibiren
barruna Inubasora; baia luzetxoa da. Artezena gura
badabe, yo begie lenengo Binera; andik, Gondraondo
atzean itzita, Markaidara; Markaidati len esan dodan

auzora. An, Inubason, ondo izango dabe biderakusle
bat artzea. Onen goiz zetarako doaz? Bederatzi ta
erdietan emen urten ta be, Jesus!
–Izerdi gitxiago atarako dogu.
–Lejarzegi ezaldoa eurokaz?
–Bidez goazala batuko jaku. Onezkero, epebakoa
da-ta, leioan zain aldaukagu.
–Bart berorrek bidalita beraganatu nintzaneko
emon neutsan berorren agindua ta egin neutsazan
aleginak gora-beera, ezetz, mandoz ezetz, ezebala
mando-ganean yoan gura. «Besteak mandoz doaz?
Mandoz neu be. Oinez besteak? Tikitaka ni». Onelantxe esan be egin eustan. Urteak atzera-biderik eztakiala, geldirik egoten be ezetz esan neutsanean,
«Edozein kaletar gazte baizen azkar ta zoli nago ni»
berak; eta au zala ta ori zala, ak bera aurrera, beti lez,
pirriago da, pirriago!!
–Pirria? Dekortxoa, amore emon bear, Amen
Amen esan bear. Gero edozer egin daite Lejarzegigaz.