Lapurren menpean - 1
Polikarpo Iraizoz
LAPURREN MENPEAN
Zeruko Argia (1935-1936)
Fernando Soloeta de Dimaren Mi Cautiverio
bajo el Dragón Rojo (Dramático relato de un
Misionero Argentino) (Buenos Aires, [1934])
kontakizunaren itzulpena
Irakurleari
Ez uste izan, irakurle maitea, nik liburutxo au
nere gogoz idatzi dedanik, ez orixe. Nere gogoaren bortxa jarri naiz ortara. Nere adiskide maiteak lapurren artean egon nintzanean ikusitako
gauzetaz zerbait idazteko eskatzen zidaten bein
ta berriz ta askotan, gogait egiterañokoan; baña
nik guztai ezezkoa ematen nien. Ilbeltzean
(1934) gelditu nintzan lokabe (libre) eta maiatzera arte ez nuen ortaz itzik ere idatzi. Orduan
nere Nagusiak bitarteko jarri ziran eta Nagusiak
Jainkoaren ordezkoak baitira neretzat, aien esanera erori nintzan nai banuen ta ezpanuen.
Orrialde auetan kontatzen diranak ixil ixil
iñork jakin gabe gelditu balira, naiago nukean;
alde batetik, zuretzat bat ere jakingarriak ez
dirala uste nuelako, bestetik berriz, bear gabeko
gauzarik egin bear ez dalakoan nagoelako. Nere
lantxo au argitara ateratzen bada, ori idazteko ta
ateratzeko agindu didatenen kontura agertzen
da. Beste atxilo (preso) egondako misiolarien
idazkirik ez det irakurri; baña aien aldean nere
idazki au motela, utsa ta ezereza izango zaitzula
etsirik nago.
Ez dizut nere lantxo ontan gertaera guzien
berri xeea ematen, ez orixe; Erensuge-Gorriaren
soldadutaldean atxilo egon nintzan garaian nere
inguruan edo neronen baitan gertatu ziran zenbait gauzen berri labur ala-olako bat besterik
ezta liburu au. Gertari guzi aiek xeeki kontatzera
jarri ezkero, liburu osoak egin litezke; baña ni
alperregi naiz orrenbeste idazteko eta gañera
zuri ere aspergarri litzaitzuke. Tintontzian gelditu bitez beraz.
Agur, Jainkoak bedeinka zaitzala eta otoitz
egiozu nere txinatar maiteok kristau biur ditzan.
Kingyang (Kansu, Txina)
1934, maiatzaren 18an.
1. Non arrapatu ninduten
Sanxelipu errian atxitu ninduten soldadu
gorriak beste bi kaputxino misiolari euskaldunekin batean. Erri ori, Kingyang uri sendotik 18
kilometroko bidean dago, Kansu deritzan Txinako probintzian datza, aren eguzki-aldean, Lungtung ibarrean. Mila seireun metroko mendiak
baditu bere inguruan eta ibarraren erditik txirristatzen dira malin ibaiaren urak bere ondoko bazterrak udaberri-udetan jatortu ta edertuz; mota
askotako labore ta zituak sortzen dira alde aietan. Baña legorte aundiko urtetan beldurgarriak
dira Malin ibai orren bazterrak.
Ibai gatzerretsu ta orizta onen ondoan ta
batez ere eguzki-aldean bizi dira aspaldi aspalditik Setxuang probintziatik etorritako jendetalde
aundiak; aietako asko katolikoak dira. Mariaren
Biotz Garbiaren misiolari belgatarrak lau elizatxo
goratu zituzten kristau oiei kontu izateko; bat
Malin-en; bestea, Sintziajo-n; irugarrena, Luixejo-n ta laugarrena, Sanxelipu-n. Azken onek
baditu 50 urte egiñik, ori da eliza nausia ta or
bizi da geienean misiolaria, 1913an, Huixiendik
jetxitako lapurrak kixkali ta ondatu zuten; baña
lau urteren buruko Scheut-ko misiolariak goratu
zuten berriz.
1922ean (sic), Kansu probintziaren egoalde
ta eguzkialdea aita kaputxinoak beren gain artu
zutenean, lau elizatxo aiek ere beren kontura
gelditu ziran. Ordutik ona, auek izan dira ango
erretore: 1) Rudolf Blockinger; 2) Uribe-Etxeberria Simon, Bilbo-koa; 3) Gare-ko Bartolome A.
Auxe dago orain erretore. Lapur asko ibiltzen
baita inguru aietan, batez ere ez-urteetan, Sanxelipu-ko misiolariak bein baño geiagotan utzi
bear izan dute beren misio-etxe ura igesi joateko; Gares-ko Bartolome A., biozdun ta ezin-esanalako beldurgabea izan, eta orixe bakarrik ezta
bein ere igesi joan, naiz galbide aundian egon.
Baña azkenez, erori zan ori ere, Hektor ta Akiles
erori ziran bezela; bere eginkizuna betetzen, animen aita-izateak ematen zion eginkizuna betetzen ari zala erori zan.
2. Kingyang
Auxe da segurik Kansu probintziako uri zaarrenetako bat; eta aspaldiko etxe ta oroikarrien
aztarna ta orma zarrak adierazten dutenez,
gorabera aundiko uria izan zan noizpait. Ondoko
mendi gañetan izugarrizko il-etxe aundiak badira eta bertako jendeak diotenez, Txinako Agintari edo Emperadoreak daude eortzirik il-etxe aietan. Nere Kingyang au Txina-ko Agintarien bizileku izan danik ez det uste nik nerez.
Kansu-ko uri sendorik eguzki-aldekoena da;
eta non datzan ta lengo denboretan zer izan dan
jakin ezkero, bi munduren berez-muga dala esan
diteke: alde batera, erein-lurrak; bestera, basalekuak; alde batera, gizalegean bizi diran jendeak; bestera, lege gabe bizi diran lapur ta gaizki-egileak.
Kingyang-ko arresi (muru) zaar ikaragarriak
milikatuz igarotzen da Tung Jo ibaia eta onen
eguzki-aldera ezta erein-zelai aundirik ageri, ez
erri aundi edo txikirik ere. Zenbait arkaitz-etxe,
sakan ta baso artean banaturik; orixe besterik ez
dute egin ango jendeak mahomatarrak su ta gar
guzia ondatuz ara sartu ezkero.
Kingyang eta Huosi (ia izen utsezko mandarinato bat da azkeneko au) Txinako alderdi ezezagun ta basotsuena dira noski; Kansu-ko beste
alderdietan ez bezela, nere eliz-barruti ontan
baso ta oian gaitzak badira; antxe, otso ta pantera ta orein edo basauntzen aldean lasai bizi
dira lapurrak; eta ezta erraz izaten oiekin ez topo
egitea, batez ere udaberri ta udan zuaitzak ostoz
jantzi ta sastrakak ugari sortu diranean.
Basaleku zabal ta izugarri aietan, zokorik
baztertuenetan bizi dira Tartariatik jetxitako zenbait kristau familia. Auek noizpait lenago bataioa
artu zuten, baña gaur Goiko Jaunagandik eta
aren lege santutik alde bizi dira, kristau egitean
artu zuten fedean edukitzeko misiolari on bat ez
dutelako. Neri, misiolari katoliko oni, biotza erdiratzen zitzaidan, zenbait kristauek egiten zuten
auxe ikustean: erlijiorik gabe ezin bizi zitezkelako aitzakian, jentilekin batean gezurrezko jainkoai jauretxeak goratzen zizkieten eta erlijio katolikorik etzegoen ezkero, Budaren erlijioari zarraizkion. Itz gogorrez erritan eman nien beren bizi-
modu txar ortaz; toki egokian elizatxo bat goratu nien, eta neronek aien animen kontu izango
nuela agindu nien.
3. Sanxelipu ta Kingyang
arteko artu-emanak
Elkarrengandik urbil samar daude bi misioetxe oiek; bertako misiolariak maiz joan izan
bear dute elkarrengana; eta argatik, Pingliangeko Prefecturaren zokorik baztertuenean dauden
bi etxe oien artean artu-eman aundia izaten da.
Gañera, Bartolome Aitak bidaltzen dio Kingyang-eko erretoreari onek bere kristaugai-etxerako bear duen labore ta alea eta, ordaiñez,
Kingyang-eko erretoreak bidaltzen dizkio San
xelipu-koari baserrian arkitu ezin ditezken zerak.
Ortaz landara, anima-lanetan ere maiz laguntzen diote elkarri. Ola, azkeneko agorrilean
(agoztuan, 1933) bi misiolariok erabaki auxe
artu zuten: Bartolome Aitak Sanxelipu-ko bere
eliza utzi ta beste lekuetan banaturik bizi dituen
kristauak ikustera joan bearra baitzan, nik nere
gain artuko nuela Sanxelipu-ko eliza ere bitarte
ortan.
4. Nere ibilerak Tartarian
barna (iraila, 1933)
Kingyang-eko misio-etxea Artazkoz-ko Isidro
Anai etxegiñaren kontura utzirik, irailaren (agorraren) lenengo egunetan abiatu nintzan nere
barrutiaren iparraldea ikertzeko asmotan. Al
banezaken, Txinatar Arresi aundiaren iparralderaiño igarotzeko asmoa nuen, Gobi-ko misiolariekin elkar-aditurik, deabruari ipar ta egoaldetik
astiñaldi gogorra emateko.
Makurrikgabe iritxi nintzan. Laoyeling-era;
ala ere, jendeak ni ta nere morroia ikustean igesi
joan ta mendi-arteko zokogunetan gordetzen
zirala oartu nintzan bidean; lapur gaixtotzat artu
ginduzten nonbait. Lengo aldietan oiñez egiten
nituen nere ateraldiak, meza emateko bear diran
gauzak astotxo baten gaiñean neramatzala;
baiña oraingo aldian, lapurrak bein ta betiko
ondatu ziralakoan, nere bi mandoekin ninjoan.
Alderdi ezezagun aietan nenbilela, konturatu
nintzan etzirala berdin nik liburuetan ikasi nuena
ta orain nere begiz ikusten nuena, lekuan lekuan
ageri zana eta mapak erakusten dutena. neretzat ardura aundiko beste oar au ere egin nuen:
kansu ta Shensi probintzien arteko muga eztagola geografiak dioten tokian.
Lo ho ibaiaren goiko aldea inguratu nuen Kintang aintziratik igaroaz. Mendi-zelai eder, zabal
ta jatorra da eta, dirudienez, baketsua ere bai.
An ibili nintzan egunetan, ez nuen bidetan ez
etxetan ez jendetan kristau-ezaungarririk bat
ere ikusi. Misiolari batek ere eztu noski oraindik
Zeruko Aitaren maasti ura landu. Otoitz egiozue
gogotik Jesusi bere langileak ara bidal ditzan.
Txinatar Arresi aundia meridianoko 108garren
graduan igaro nuen.
Ta yang wan-era iristean, bertako misiolari
Kler Aita arritu zan ni ikusteaz eta galdegin
zidan: Gizon ezezaguna, zein izkuntzetan nai
dezu itzegitea? Alegia, misiolari belgatar arek
badakizki izkuntza asko: txinera, mongol, aleman, frantzes, flamenko, ingles ta geiago.
Gobi-ko ondartzaren euskarri ta zurkaitz
diran mendi-tontorretara igo nintzan eta andik
iksui nituen ondartza aietan banaturik alako
zuriune batzuek; eliza katolikoak dira eta saie-
arraultzak ematen dute. Sia-kiao-pan uri sendora sartu nintzan egun berean, larogei urte betetzen zituen Mgr. Otto, Kansu-ko Apostolutar
Vikario izandakoak; auxe da Txinako Apezpiku
zaarrena. Lerden eta txut dago oraiño; iduri luke
arentzat esanak dirala arako Liburu Santuetako
itz aiek: Deus fecit hominem rectum: Jainkoak
gizona zuzena egin zuen. Igandero predikatzen
du, egunero erlijio-eskola ematen die ango neskatxa batzuei, gero baserrietan dotriña irakasle
izan bear duten neskatxai; gaiñera, Txinan agertzen diran aldizkari askotara ere bidaltzen ditu
idazkiak. Jainkoak luzaro bizirik edukiko al digu
Apezpiku santu ta lanzale ori!
Misiolariak sortutako erria da Sia kiao pan,
berak dira ango nagusi bai gudurako gauzetan ta
bai elizaz ere. Apezpiku Jaunarekin izketan ari
nintzalarik, berri auxe ekarri zioten: alako ta
alako lekuan iruen bat mila gaizkiegile bazebiltzela. Eta Apezpiku zaarrak esan zien: Erne egon
bada ta aiei begia eduki. Scheut-ko misiolari belgatarrak daude bazter legor aietan misiolari;
beren Vikariatoan amabost uri sendo sortu dituzte ta arresiz (muruz) inguratu. Galbide edo arris-
kuen bat sumatzen dutenean, misiolariak arresigabeko misio-lekuak utzi ta arresidun uri sendoetara joaten dira igesi. Gisa ortara bakarrik egin
diteke lan iraunkorrik toki aietan, Txinako Gobernuak ain indar gutxi duen toki urrun aietan.
Belgatarren misiotik igaro nintzan Frantziskarren misio Yegnanfu-ra; aspaldiko mendetan or
ari dira lanean gure anai oiek. Misio ori nere
misioarekin mugatzen da eta ango misiolariekin
arazo batzuek garbitu bear nituen. Irailaren 17an
(1933) Yü fang tou-en egon nintzan eta andik
egun gutxira lapurrak atxilotu zuten Fradua
Frantzisko Aita, jatorriz bermearra. Nolako miña
eman zidan nere anai gaxo orren zoritxarrak!
Aren askatzera zijoazen soldaduekin izketan ari
izan nintzan.
Frantziskarren misio osoa zearkatu nuen iparraldetik egoaldera. Yu lin fu-tik asi ta Fou txoraiño. Vikariato au erakusmenekoa da bai misiolarien gogo onari begiratuz ta bai zenbat kristau
berri egiten diran gogoan edukiz. Eta naiz misiolariak alde askotakoak izan, Espaiñiako probintzi
geienetakoak badira ta, gogo bakar auxe besterik eztute: animak zeruratzea.
Heisuise ta Tai pai-en barna nere barrutira
itzuli nitzan eta bertako baso ta zokoak berriz
inguratu nituen eguzki-aldetik itzalderaiño.
Lapur-gordelekuak besterik eztiran tokietan
barna berrogei egunez ibili ondoan, Sanxelipu-ra
iritxi nintzan nere barrutian beintzat lapurrak
erabat ondatu eta baso-aldean bake ederra
zegoelako uste gozoan.
Urriaren 12an (1933), goiz aldean sartu nintzan Sanxelipu-ra; geroxeago etorri zan bertara
Isidro Anaia Kingyang-etik. Berantetsirik omen
zegoen nere zai; esandako egunean atzera etorri ez nintzalako, ezbearren bat gertatu ote
zitzaidan beldur omen zan. Nere bila joateko
gizonak biltzen asteko asmoa zuen.
5. Sanxelipu nere kontura
(urrila, 1933)
Andik lau egunera, Bartolome Aitak bere
erretore-etxeko giltzak eman zizkidan eta bere
etxe ta eliza nere ardurapean utzirik, bere
mando ta morroiekin jo zuen Luisejo aldera an
ilabete bat egoteko. Sanxelipu-ko elizan nituen
eginbideak etziran bat ere astunak: igande ta
jaiegunetan meza eman, aurrak bataiatu eta eri
aundiai elizakoak eman: orra nere egiteko guzia.
Egun beraietan Artazkoz-ko Isidro Anaia Sintxiajo-ra aldatu zan, izen ortako arru edo mendartean Bartolome Aitak goratu nai zuen elizatxo
berri batean lan egitera. Sintxiajo amabi kilometroko bidean dago Sanxelipu-tik eta Isidro Anaia
igande ta jaiero Sanxelipu-ra jeisten zan bere
kristau-eginbideak betetzera.
6. Huosui Gorrien menpean
(urriaren 13an, 1933)
Aspaldiko uria da Huosui ori; lenago gorabera aundiko ería izan zan, noski, bere arresi ikaragarriak eta etxe erdi-urratuak adiarazten dutenez. Gaur ordea ondakin eta ormazar-multzu bat
besterik ezta, bein Gobernuaren soldaduak nausi
dituela, laster berriz lapurren menpean eroria.
Kingyang-etik ogei-ta-amabost eta Sanxelipu-tik
berrogei-ta-bost kilometroko bidean dago.
Urriaren 13an berri txar bat zabaldu zan:
komunista gorriak Huosui-ra sartu zirala, uri
guzia lapurtu ta bipildu, zenbait jende il, beste
zenbait gizon berriz atxilotu ta eraman egin
zituztela. Kingyang-en etzioten berri orreri siñeste aundirik eman; Sanxelipu-ra berriz iritxi ere
etzan egin berri txar ori. Nik neronek siñesten
nuen gutxiena; nik zenbait egun lenago inguratu
nituen ango bazter galbidetsu ta ezkutuenak eta
ez nuen iñon lapurren aztarnarik arkitu. Egia da,
Paotzetsuang eta Tungkuatze artean ikusi nituen
gizon batzuei agur egin izan nien eta aiek etzida-
ten tutik erantzun; ortaz arritu nintzan pixka bat,
baiña ez nuen ain gauza aunditzat artu. Orduan,
polizia-gizonak ote ziran gogoratu zitzaidan,
orain ordea, lapurrak ote ziran nago. Zergatik
etzidaten orduan ezer egin? Berak al dakite zergatik.
Baiña komunistak Huosui ostu ta garbitu
zutela egia atera zan zoritxarrez. Gorrien ausartasun ta beldurrik-eza sumatzean, erria zaintzen
zuten soldaduak tarrapataka igesi joan ziran eta
gorriak goizeko bostetan jabetu ziran uriaz.
Arrapa-alako diru ta jantzi ta guziak artu zituzten; gero, soldaduak atzera etorriko ote ziran
beldurrez, egun bereartan aldegin zuten uriaren
egoaldera. Berekin erman zituzten Eskola-Batzarraren Burua, eskola-emale bat eta zenbait ikasle, etxe oneko semeak.
7. Lapurrak Xinpuse’n
(urriaren 20an)
Gorabera aundiko auzune bat da Xinpu,
etxeak banaturik dauzka, Txeng ho ta Tung ho
ibaiak elkartzen diran toki ondoan da, Kingyangetik berrogei-ta-amar kilometroko bidean ta Sanxelipu-tik berrogei.
Urriaren 20an, arratsaldean, mandarin etorri
berriari ongi-etorri esatera joan nintzan eta izketan ari giñala, gure agintari berri arek esan
zidan: «Xinpu-n lapurrak agertu omen dira; eztakit ordea neronek ere, zenbat edo nolakoak
diran». Etxera biurtu nintzanean, Erro-ko Gerardo Aitari ta Isidro Anaiari kontatu nien guzia.
Gerardo Aita misiolaria agerraldi bat egitera etorria genuen; Isidro An. Sintxiajo-tik etorria zan,
eliza berria egiteko bear zituen gauza batzuen
eske.
Ustegabeko berri oiekin izutu zan Isidro
Anaia, ez bere buruagatik, baiña bai Sanxelipu-n
zer gertatu ote zan gogoratuz; Bartolome Aita
kanpoan zan bitartean gure kontura baitzegoen
ango Aurtzaro-Sandutegia bere ogei-ta-amar
neskekin. Nik, zaarrago izaki Txinan ta nere
burua beldurgabe erakutsiz, ez beldur izateko
esan nion, ordukoz beintzat etzegoela arriskurik
eta biaramonean, larunbatean, nerau joango
nintzala Sanxelipu-ra.
Urriaren 21an (sic), euria ari zuen ibaika eta
argatik Gerardo Aita ezin atera izan zan bere
misio-etxe Sifengcheng-era joateko ta nik ere ez
nuen Malin ibai aldera jotzeko erarik. Arratsaldean atertu zuen ala ere eta Isidro Anaia gure
arrotzari lagun egiten utzirik, nere mandoa artu
ta Bartolome Aitaren misio-etxe aldera abiatu
nintzan. Bidean ez nuen oi-ez-bezelakorik ezer
ikusi; zenbait jende alper pagodaen aurrean,
besterik ez, Sanxelipu-n guzia bakean zegoen.
Biaramonean (urriaren 22, 1933) igandea
baitzan, isidro Anaia ere an agertu zan. Bertako
jendeak eta poliziak etzuten uste ezeren arriskurik bazegoenik; argatik ez genuen guk ere neurririk bat ere artu nai izan. Ilaren 23an, astelenean ni Kingyang-era itzuli nintzan, Isidro Anaia
berriz Sintxiajo-ra
8. Domine-Sandu eguna
(azaroaren 1, 1933)
Jai onen bezperan Sanxelipu-n agertu nintzan
igande ta jaiero bezela; Domine-Sandu egun
berean etorri zan Isidro Anaia meza entzutera,
amabi kilometroko bidea egin bear bazuen ere
(Erakusmen ederra, igandeko eginbideak ain
erraz uzten dituzten kristau zabarrentzat!).
Jende gaitza bildu zan egun artan elizara. Ni
Sandu guzien predikua egiten ari nintzala, itxura
txarreko otsak entzun genituen kanpotik, zaldiarrapala ta soldadu-otsak. Ongi iduritu zitzaidanean, bukatu nuen nere itzaldi kaxkarra, ta bai
meza sandua ere. Nere kristau batzuek elizatik
atera izan ziran kanpoan zer ote zan ikustera.
Baiña iñork etzezaken asots aien berririk eman.
Ondoko egunetan ikasi nuen lapurrak DomineSandu egun artan etzirala gugandik urruti egon.
Animen egunean (ilaren 2an) Isidro Anaia
itzuli zan bezperan etorri bidetik eta ni ere Kingyang-era biurtu nintzan. Etxean arkitu nituen
nere morroi langileak; Yyumiao-tik etorriak ziran.
Nere barrutiko txokorik ezkutuena dan alde
artan Mikel Sanduaren izeneko elizatxo bat goratu nai nuen, Aingeru sandu orrek nere txinatarrai
deabruarekiko burrukan lagun zezaien. Ara bidaliak nituen nere morroiak lan egitera, argatik
arritu nintzan aiek Kingyang-en arkitzeaz. Aiek
ordea esan zidaten, baietz, Tungho ibai alde
guzia lapurrez josia zegoela eta berak inguruminguru andiak egin bear izan zituztela nere
astotxoa galtzera ez uzteko.
Ala ere, gure Jaundone Mikel inguruko kristau
batzuek ondoko egunetan adiarazi zidatenez,
lapur tzar aiek soldaduen beldurrez Shensi aldera, Paogna probintziara jo zuten. Ez genuen
beraz aiengatik zer beldur izan.
9. Gorriak Siamawa-n
(azaroaren 11an, 1933)
Kingyang-etik amazazpi kilometroko bidean
dago Siamawa eta Sanxelipu-tik beste ainbeste
gutxi gora bera. Aurreko egunean etorri izan zan
Bartolome Aita bere misio-etxe nausira. Nik biaramonean (ilaren 12an) Kingyang-en meza eman
ondoan, Sanxelipu-ra joan asmo nuen ango erretoreari bera kanpoan zan bitartean gertatu ziran
guzien kontua ematera.
Larunbata zan, ilaren 11; arratsaldean etxeko
morroiak eta adiskide batzuek berri auxe ekartzen didate: lapurrak urbil dabiltzala eta uriko
ateak ilundu baiño askoz lenago itxi zituztela,
zer gerta ere. Nik orduan ezin ulertu nezaken
orrenbesteko ixilki ta estuasuna; geroago bai,
lapurren eskuetan erori ondoan, ulertu nuen,
aiek argibidea eman zidatenean.
Batzuek, lapurrak zenbait metroko bidean
zirala zioten; beste batzuek, berreun kilometroko bidean zeudela. Biaramon goizean uriko
ateak zaindurik zeuden, beste egunetan bezela.
Nere bidaldia geroko utzi nezan, arren! eskatu
zidaten nere morroiak; neska kristau-gaiak Fraduatar Frantzisko Aitaren berri galdetzen zidaten, lapurrak noiz ta nola arrapatu zuten ta ola.
Nik erantzun nien: «Ain xuxen ere, atzo izan
nituen Yegnan/u-ko Vikariatotik eskutitzak eta
aiek diotenez, soldaduak askatu dute Fradua
Aita, naiz beso bat zauritua duen».
«Kontu andia izan zaiozu gero zere buruari,
esan zidaten; ez al zaitzu zuri ere olako zoritxarrik gertatuko». Nik irriparre batez erantzun
nien; baiña ura irriparre gogoangarria! Andik bi
ilabetera arte ez nituen berriz ikusiko nexka
gaixo aiek eta bi ilabete aietan, gizonik azkar eta
sendoena ere onda dezaketen neke gaitzak eraman bear nituen.
Beti bezela, nere mando gaiñean ninjoan ni;
ingurumari guzi aietan ezaguna da nere mando
ori; biurri xamarra, baiña txintxoa ta pixkorra.
Bidean ez nuen oi-ez-bezelako gauzarik bat ere
aurkitu, naiz bazter guzi aiek ispiaz, ixil-berrikariz beteak egon. Sanxelipu-ra iristean, Meza sandua entzutera bildutako kristauak agur egin
zidaten; gero nere mandoa artu ta guzia bakean
zegoela esan zidaten. Bartolome Aitari bere eliztarrak atsegiña erakusten zioten etxera onik
biurtu zalako; Isidro Anaia berriz etorria zan
beste igandetan bezela eta Sintxiajo-rako bear
zituen zer batzuen prestatzen ari zan.
10. Misio-etxe berri bat
Yuelo-n
Iru misiolariok elkarri agur egin bezain laster,
Yuelo-ko misioari buruz izketan asi giñan; misioleku egokia da orixe. Bi erretoreok iduri berekoak giñan: Ibar gora ta jator ta jendetsu artan
misio-etxe bat eraiki genezake, ta on andia egingo luken etxea ala ere. Andik oso eroso zaindu
ditzakegu Luisejo-ko kristauak (Yuelo-tik amasei
kilometroko bidean) eta bai Eultxiatsuang-ekoak
ere (irurogei-ta-amar km.).
Arazo ortaz su-ta-gar izketan ari giñala joan
zitzaigun arratsalde gogoangarri ura.
11. Ondoko gauean…
lapurrak!
Bartolome Aitaren itz batzuek aipatuko ditut
emen; Iruña-ko aldizkari batean agertu ziran
erderaz (otsaila, 1934): «Azaroaren 12garren
egun bereartan, igandean, baketsu afaldu
genuen ilundu ondoan. Afalondoan iruok izketan
geniarduela, ara non entzuten ditugun zaldi-laster-otsak. Morroien batek gure mandoak lotu
gabe utzi zituelako ustean, jaikitzen gera zer ote
dan ikusteko. Baiña puntu artantxe morroi bat
sartzen zaigu tarrapataka erdi-jantzian, ikara
aurpegian, oiuz diola: «Komunistak or dira
kalean, gure etxetik eun metroko bidean».
Iru misiolariok esan genuen: «Goazen sagrariora!» Eta ara joan ziran arin bai arin nere lagunak. Nik bitartean ate aldera jo nuen kalean gertatzen zana nere begiz ikusteko. Lapurák bertan
zirala etsi nuen eta gau ura mundu ontako nere
azken gaua izan zitekela gogoraturik, elizara
joan nintzan lasterka gure Jauna artzeko asmotan.
An ikuskizun eder zoragaía ikusi zuten nere
begiak: Bartolome Aita elizaren erdian, ostiontzi
sandua eskuetan, doidoi zebilela; Isidro Anaia
berriz kandela bat eskuan aldareko Jaunari argi
egiten, belaunikatzen ta txutitzen Bartolome
Aitak oarkabeko pausu bat eman aldioro. Nik
oiuka nere apaizlagunari: «Jan itzatzu laster
Ostia sanduak!» Ain biotz-ukitua zegoen Aita
misiolari ura! Nik kopoia nere eskuetan artu eta
Isidro Anaiak eta biok jaten ditugu Ostia guziak.
Isidro Anaiak kentzen dit gero eskuetatik
Ontzi sandua ta lasterrari ematen dio. Nik oiuka:
“Ekarzu kopi ori garbi dezadan, mezan bezala».
Bartolome Aitak erantzuten: «Utzazu, orain eztago elizlege guziak betetzeko astirik; eta guk nai
gabe utsen bat egin badezagu, Jainkoak barkatuko digu». Eta Isidro Anaiak, kopi-kalizak arturik,
Bilbo-ko Uribe-Etxerriatar Simon aita zanaren ilobian gordetzen ditu.
12. Zer egingo degu?
Bai, zer egingo degu? galdetu genion iruok
elkarri. Gaua iluna zan eta iluntasun arek lagundurik iges egin genezaken bearbada eta ola gure
biziak gorde. Baiña etzitaigun olako gogorapenik
burutara etorri. Nola iges egin gure AurtzaroSandutegia ta bertako ogei-ta-amar nexkak bertanbera utzirik?
Nexka gaixo oiek misiolaria beste estalperik
eztute munduan, misiolaria dute beren aita,
beren aita-ordekoa, beren azlea, eta ez beste
aldetan bezela animaren aita bakarrik. Elizaren
gauza bezela dira, berak ere olakotzat dauzkate
beren buruak bai orain ta bai geroago ezkondu
ondoan ere. Elizak zaindu ta begiratu bear ditu
beren galbide ta arriskuetan aita batek Europan
edo Amerikan bere alaba maiteak zaindu oi
dituen bezelaxe.
Orduan esan nien nere bi lagunai joateko
berak igesi, ni geldituko nintzala nexka aien zai.
Baña Bartolome Aitak, eginbideko gizona baita
oso, bereala erantzun zidan: «Ni naiz emengo
erretore, neri dagokit Aurtzaro-Sandutegiaren
zaintzea. Ni ez naiz emendik joango, zuek egizue
nai dezuena».
Bartolome A. orren gogor ta etsia ikustean,
alper iduritu zitzaidan geiago ekitea; baiña bera
alako galbidean bakarrik utzi bearrak min ematen zigun ta bere aldean gelditu giñan. Biok ango
egur-pila batean gorde gintuen gure erloju ta
uráts-neurriak, Isidro Anaiak berriz, galtzerdi
barruan sartu zuen berea.
Gure izketaldi ura bukatu ta zenbait gauza
prestatu ondoren, Aurtzaro-Sandutegira aldatu
giñan eta an arkitu gintuen emakume ta nexka
gaxoak zoko batean kuzkurturik, fusil-bunpada
ikaragarri aietaz izuturik. Antxe geunden begira
zer gertatuko ote zan gau bereartan gure etxean
ta geren baitan ta batez ere aur aien baitan, aiek
zaintzeagatik geren bizia ere galtzeko arriskuan
jartzen giñala.
Gaueko zortziak edo ola ziran; ilargirik etzan
ageri; gau iluna zan, zeruan izar bat edo beste.
Karrikan entzuten ziran oraindik ere lapurren
karraxiak, miñetan zeuden jenden aiotsak fusilbunpadak, ezpata-kirrinkak. Uraxe kenka estua.
13. Argi-izpi bat
ilunben erdina…
Oraindik ez genekien nonbait ango berririk
aski ta argatik esaten genion elkarri: «Agian eztira elizaraiño iritxiko, kanpotarrak geralako lotsa
izango digute bearbada». Baiña zoritxarrez! laster ikasi genuen besterik zala.
Asi dira gure ate andian dinbi-danba jotzen;
bagoaz idikitzera; baiña gu ara orduko zabaldu
da atea. Beren nausia non dan galdetzen diegu,
arekin itzegin nai genuen ta. Alperrik ordea; ezin
diteke itz garbirik entzun; karraxiak, arma-ots-ak
ta meatxu gogorrak besterik ezta an nabari.
Gure eriotzeko ordua dugula uste dugu, mundu
ontako azkena. Belaunikatzen naiz eta Bartolome Aitak asolbitzen nau; gero nere bi lagunok
belaunikatzen dira ta nik asoluzioa ematen diet.
Etzegoen konfesatzeko betarik.
Gu ikusi orduko, gaiñera oldartzen zaikzigu
beren pistola ta fusilak gugana zuzenduz ta
beren lastargiez argi egiñez. Ilun artan, ni ez nin-
tzan oartu nere bi lagun maiteai zer egin zieten
ta neroneri egin datena kontatuko dut.
Lenengo urbiltzen zaidanak buruan dudan
euskaldun-txapel kentzen dit; asarretzen naiz,
txapel ura Tolosa-ko txapelgin Elosegi Jaunak
berberak emana dudala ta uzteko neri txapela,
esaten diot; baiña alperrik, komunistak eztute
olako izkuntzarik aditzen. Bigarrenak nere lepo
inguruko bufanda kentzen dit. Lapur lotsagabe
orreri oiu egiten diot eta katarro gaitz batekin
nagoela esaten diot. «Ba, gu ere otzak geudek!»
erantzun zidan. Jakiña, nor-bera besteak baiño
lenago izaki. Irugarrenak, zaldiz joatean txinatar
jantzi lasaia lotzeko ibiltzen dudan ugala kendu
nai dit. Ugal ori bearrezkoa dudala esaten diot;
baiña lapur tzarrak «ez gero neri adarra jo!»
erantzuten dit. Laugarrenak zapatila berri-berria,
egun bereartan mustua kentzen dit eta nik eztut
txintik ateratzen; gero bestea kendu nai dit.
Orduan nik lurra azkar joaz: «Bego-oña!» oiu egiten dut, nere Bilbo ondoko Ama Birjiñari dei egiñez. Eta bai Ama Birjiñak laster erantzun ere,
osturiko oiñetakoa itzultzen didate ta. Boskarrenak nere betaurrekoak kendu nai dizkit. «Ez,
beaurrekoak ez, esaten diot gogorki; oiek gabe
eztut ezer ikusten, utsa naiz». Etzidaten itzez
erantzun, bai ordea egitez: tresna zorrotz batez
izugarrizko kakarrekoa jo ziten buruan. Orduan
aiek nai zutenera jarri nintzan. Zauritua nintzan,
nere aurpegia odolez estalia zegoen; euskaldunargentinatar odolez busti zan Txinako lurra.
Betaurrekoak eraman zizkidana aiekin ezer ikusten etzuela oartu zan laster, ta atzera ekarri zizkidan. Gaitzerdi ala ere!
Olatsuko garbiketa egin zioten Bartolome
Aitari ere, ez ordea Isidro Anaiari. Anai begi-erne
onek, nere tolosar txapelari gertatua ikustean,
bere napar txapeltxoa ezkerreko sakelan gorde
egin zuen. Baiña zer gertatu zitzaion? Arako
Etxebarrigorrigoikoerrotabarrikoetxea euskaldun argentinatarrari gertatua: bere soiñekoak
gorde, bai ta bera Mar de Platan ito egin zan. Isidro Anaiak ere bere txapel maitea gorde zuen
sakelan sartuz; bera ordea Erensuge Gorriaren
menpean gelditu zan.
14. Lapurrak zaldi eske
Orduko naspila ta iluntasun artan iru misiolariok elkarrengandik zerbait berezi giñan. Beingoan Bartolome Aitak oiu egiten dit: «auek zaldi
eske ari zaizkit».
– «Ez esan bada non dauden» erantzun nion.
Eta nik nere aldetik esan nien lapurrai: «Guk
eztugu zaldirik». Ta alaxe zan egia; lau mando ta
astotxo bat baditugu baiña zaldirik ez.
Bartolome Aitak berriz ere: «Gure abereak
ematen ezpadizkiegu, ilko nautela diote. Eta
olako tzarkeria egiteko beldur gutxi lapur biozgabe auek». Nere anai gaxo artaz arduratan jarri
nintzan eta aren inguran zegoen lapur-taldeari
nerekin etortzeko esan ta okulura eraman