Lana eri - 1

Piarres Larzabal

LANA ERI
(Lau gertaldiko antzerkia - 1965)

Jokalariak:
ANDRE: Mutil eder bat, 30 bat urte.
NAUSIA: Jaun bat, 60 bat urte.
DAMA: Andere bat, 60 bat urte.
ERRETORA: 40-50 bat urte.
PANTZEZ: Idor, 50 bat urte.
ARRANTZARI: Edozoin, 50 bat urte.
MAYI: Pollita, zintzoa, 22 urte.
AMA: 50 bat urte, edozoin.
MIRIKUA: 50 bat urte, edozoin.
ROXALI: 20 bat urte, edozoin.
LUIXA: 20 bat urte, edozoin.

Beste batzu agertzen direnak, mintzatu gabe.

LEHEN GERTALDIA
Joka-lekua:
Ur hegi bat. Ezker aldetik, berro baten aintzinean,
arrantzari bat arrantzan ari. Beste jokalariak mintza
ditela berro gibeletik edo sahetsetik. Roxali agertzen
da neskatx lagun batekin.

ROXALI: Lotzen dea arrainik?
ARRANTZARI: Ez nik nahi nukenik.
ROXALI: Zer zinuke nahi harrapatu amu muturrean?
ARRANTZARI: Dena den, ean norendako dudan arran-

tza… Zuentzat balitz hoberena liteke uretik
atera banitza bi mutil eder.
ROXALI: Eta, zuretzat balitz?
ARRANTZARI: Neretzat? Zu bezalako bat bakarra aski

litzaiket.
ROXALI: Ez du irriskurik zure amuari ausiki eginen dio-

tala… Eskaintzen duzun apasta haragi zaharregitik baita.

ARRANTZARI: A!… Banaukan beldurra! Bainan, ez

badaiteke arrantza amesten dena, ametsetan
arrantzatzea haizu ahal da.
ROXALI: Ez, ez da haizu… Goizean jaun erretorak predikatua du pentsamendu gaxtoak behar direla
burutik baztertu.
ARRANTZARI: Bai, goizean, jaun erretorak predikatua
du ere, gazteak begira ditela galbidetarik. Nun
zabiltzate zuek oihan bazter huntan, ilunari
buruz?
ROXALI: Iluna oraino urrun da… Bezperetan izan gira
jaun erretorak galdatu bezala. Ez baitzaitugu zu
han ikusi, galbiderat jinak ginen, segur zu
hemen harrapatuko zintugula.
ARRANTZARI: Beharrik jaun erretorak ez daki nun eta
nola ibiltzen zaizkion bere neskatx kantariak.
Haren ustez, freskura hartzerat etortzen zirezte
bezperen ondotik arbol-pe huntarat.
ROXALI: Eta, zure ustez, zertarat etortzen gira hunarat?
ARRANTZARI: Ez dakit, bainan ni segur ez zireztela
jiten egur eihar biltzerat.
ROXALI: Beharrik zuretzat!
ARRANTZARI: Zer naukazue ni, suko egurtzat?

ROXALI: Ba, su pizteko hauta zira-ta…
ARRANTZARI: Bon, milesker.
ROXALI: (Lagunari) Te, horra Mayi heldu. (Oihuz) U...

u... Mayi, mugi hadi. (Mayi agertzen da) Ikusi
duna Luixa?
MAYI: Ez.
ROXALI: Etorriko ahal dun bederen?
MAYI: Ba, leihotik oihu egina zaitan heldu dela bere-

hala… Aintzina joaiteko… Gibeletik harrapatuko
gaituela.
ROXALI: Mugitu behar giniken, bizikleta kurtsak ez

huts egiteko. Mixel eta Kleman kurtsetan jokatzekoak ditun, eta errana ziotegun hor izanen
girela, patarraren buruan, hek iragaitean. Laneko lagunak ditinagu-ta, behar ditinagu eskuz
eta ahoz lagundu kurtsaren irabazten.
MAYI: Barkatuko dautazue, bainan ni ez naiz jiten ahal

zuekin.
ROXALI: Ez jiten ahal? Zertako?
MAYI: Ez dautzuet egun salatu nahi zertako. Ondotik

beharbada.
ROXALI: Ez dun bederen hire anaia ttipia gaizkiago?

MAYI: Gaizkiago, ez. Mirikuak zer erran so gagozin.

Bihotza omen din eri, eta beharbada operatzeko izanen omen dun.
ROXALI: Segur nun, hik, mutil zonbait dunala esperantza. Eta gu, uzten gaitun, harekin joaiteko.
MAYI: Ez din balio «pentsa-pents»-ka aritzea. Zoazte
hortik. Ni hemen egonen nun eta hura laster
jinen baita, igorriko dinat zuen aurkitzerat.
ROXALI: Bon, bon, ontsa dun. Gorde zan ongi hire
segeretua, hi, Mari mixterio.
MAYI: (Irriz) Eta hik, sofri hor, Roxali «kurios pinterdi».
ROXALI: Sarri, gurekin izanen haiz zineman bederen?
MAYI: Ba, zinemarat joaiteko xedea dinat.
ROXALI: Bon, sarri artio beraz.
MAYI: Ba, sarri artio eta mugi zaitezte hortik. (Jalitzen
dira... Mayi jartzen da eta letra bat irakurtzen
du… Bere burua apaintzen… Ezagun du norbaiten aiduru dagola)
LUIXA: (Agertuz) Zer ari zira bakarrik hemen? Nun dira
lagunak?
MAYI: O Luixa… Kontent niz hemen biak bakarrik baigira. Lagunak joanak ditugu aintzinat eta zurekin buruz buru mintzatu nahia nintzen.

LUIXA: Zer zinuen erraiteko?
MAYI: So egizu. Irakur-zazu errezebitu dudan letra

hau.
LUIXA: (Irakurtzen du ixilik) Jes! Andre gure nausiaren

semeak? Bainan Andrek nolaz ezagutzen zaitu
zu?
MAYI: Ikusi nau ba aski maiz eta mintzatu ere, bere

aitaren bulegoan daktilo naizenaz geroz.
LUIXA: Segur zirea harena dela izkirioa?
MAYI: Ba, ba, segur. Ezagutzen dut Andren izkirioa.

Aski maiz eman baitaut lana mekanikan jotzeko.
LUIXA: (Emeki irakurtuz) «Nahi zaitut segeretuki eta

buruz buru baitezpada mintzatu igandean; ur
hegiko jar-tokian izanen naiz lauak et-erditako.
Ez beldur izan. Ez da zuretzat deus gaxtorik.
Onik baizik. Bihotzaren barnetikako zerbait
badautzut erraiteko. Pentsatzen dut onartuko
duzula ene gomita. Igande artio.» Jes! Iduri luke
zuretzat amodiotan dela. Kasu emazu haatik.
Badakizu nola diren handien seme horiek. Gu
bezalakoaz nahi dute baliatu, gero ondotik erortzerat uzteko.

MAYI: Ez zaitela hortaz kexa. Ez naiz aski xoroa nola-

nahizka nere konfientzia emateko.
LUIXA: Edo beharbada greba nahi dautzu aipatu, eta,
greban girenak, nahi gintuzke bederazka ikusi
eta lanerat bildu, grebalarien arteko lokarria
hausteko.
MAYI: Holakorik balitz, nik ene eginbidea beteko dut.
Ez niz lagunetarik berexiko.
LUIXA: O, zer erranen ote dautzu? Berantetsia egonen
naiz, zure aiduru.
MAYI: Ba, nik ere nahiago nuke jakinean banintz. Bihotza pil-pil ari zait. Zato sarri lehenbailehen, ni
aurkitzerat. Denak salatuko dauzkizut.
LUIXA: Bon, gero artio beraz, Mayi. (Jalitzen da)
MAYI: Ba, gero artio, Luixa. (Bere papera eskuan pentsaketa dago. Erretora agertzen da begiak otoitzeko liburuan. Mayi gordetzen zaio)
ERRETORA: (Arrantzariari mintzo) Nor da harrapatuena? Arraina ala zu?
ARRANTZARI: Ez ni eta ez arraina, bainan zu zira
harrapatuena, jaun erretora.
ERRETORA: Zertako ni?
ARRANTZARI: Preseski, nere baitan egina nuen, egun
atzemanen nituen amorroinak, behar nituela

zuri eman. Hortarik ikus-azu nor izanen den
harrapatuena, nik ez badut hemen deus biltzen.
ERRETORA: Bon, neri amorroinen ekartzeko ideia hori,
ez naiz segur. Bainan segur bainaiz atzemanen
dituzula, gomitatzen zaitut sarri haien elgarrekin jaterat.
ARRANTZARI: Bon, jaun erretora, ongi da. Huntan ere
eginen dugu: Apezak azken hitza bere. (Andre
agertzen da. Mayik egiten dio keinu ez salatzeko hura han dela)
ERRETORA: Te, Andre, nun zabiltza hemen?
ANDRE: Oto kolpe batez jina nintzen onddorik ote zen
ikusterat.
ERRETORA: (Duda-mudatuz) Onddoak? Baditake. Ba,
ba, baditake. Errazu Andre, ta… zuek nausiek,
zer diozue zuen lantegiko grebaz?
ANDRE: Jaun erretora, ez niz gure lantegiko nausia,
bainan ene aita arras kexu da langilen kontra.
ERRETORA: Ez ote daiteke, zerbait moldez, zuzendu,
zure aitak langilekin duen makurbidea?
ANDRE: Greba bururatzea arras aise da. Aski da largatzea langileri galdatzen dutena.
ERRETORA: Bainan, geroari buruz, nausi langileak berdin gelditzen zirezte: Gatu eta zakur bezala. Ez

duzueia, zuen artean egiten ahal iraunkor izanen den zerbait antolamendu?
ANDRE: Bai, aspaldi horixe gogoan nago. Nere ametsa

liteke hobeki elgarri lotzea, gure lantegian,
nausi-langileen interesak. Bainan dakizun bezala, oraiko egunean, aitak du manatzen lantegia
eta ez nik.
ERRETORA: Plazer dut entzuten zu hola mintzatzen.

Zato enekin. Biak ibiliko gira onddoketan, hasi
solasak segituz.
ANDRE: Barkatuko duzu, jaun erretora, bainan ez dut

uste onddo berak maite ditugun.
ERRETORA: A! Erranen dautzut zoin den enetzat ond-

dorik finena: Ez da papuna, ez eta ere onddo
beltxa, bainan onddo gorringoa, bere oinetako
xuri eta xapel gorri denteldunarekin.
ANDRE: (Irriz) Ene onddoak aldiz ez dauka batere

xapelik.
ERRETORA: Xapelik gabeko onddoa? Eta onddo ona?

Ez dut uste holakorik baditakela oihan huntan.
ANDRE: Ba, jaun erretora, bat segurik bada, nere

begiez ikusia baitut.
ERRETORA: A! A! Eta nolako itxura du?

ANDRE: Zera, jaun erretora, ez du xapelik bainan arro-

pa badu.
ERRETORA: Arropa?
ANDRE: Ba, eta gainerat ez du zango bakar bat, bainan baditu bi zango.
ERRETORA: Arropa eta bi zango? (Betbetan konprenitzen du. Irri karkailaz lotzen da) A! Ba, banaiz.
Zer biligarroa zu, Andre! Zer biligarroa!
ANDRE: Eta biligarroak oihana maite, jaun erretora.
ERRETORA: Bon, ongi da, adinean zira. (Erdi irriz) Haatik oihanean ibili gero jainko legean!
ANDRE: Entseatuko gira, jaun erretora.
ERRETORA: Bon, banoa beraz aintzinat bakarrik.
(Arrantzariri mintzo) Eta zuk, atzeman duzuia
amorroinik?
ARRANTZARI: Bat eta esperantza, jaun erretora.
ERRETORA: Bon, partida ongi hasia duzu. Amorroina,
hutsa baino, beste zerbaitekin hobea baita, ni
beste zerbait haren bilarat noa.
ARRANTZARI: Afal ondoko ttotta, jaun erretora, nik
amorroin gehiago biltzen dutala, zuk onddo
baino.
ERRETORA: Bon, tenk, parioa egina. (Jalitzen da. Mayi
agertzen da. Andre hurbiltzen zaio)

ANDRE: Nahi duzuia etorri enekin otoraino? Otoa hor

dut bi urratsetan.
MAYI: Zerbait baduzuia ototik hartzeko?
ANDRE: Ez, bainan, han jarririk, hobeki gintezkela iduritzen zait bi solasen egiteko.
MAYI: Ez bazaizu nekegi, jauna, nahiago nituzke solasak hemen berean erabili.
ANDRE: Ez da errex, Mayi, erraitea nik errango dutana. Huna bi hitzez. Zuretzat badauzkat bihotzeko sendimendu berezi batzu. Nahi zintuzket
hobeki ezagutu, eta hortakotz, nahi nuke, ahal
balitz, zurekin buruz buru ibili.
MAYI: Jauna, badakizu nor naizen. Zure aitaren bulegoko daktilo xoil bat… Nere aita badakizu nor
den: Langilen buruzagi nausia. Nik ez dut ikusten zeri buruz ibiliko naizen zurekin.
ANDRE: Ez uste izan, Mayi, zurikerian eta zutaz baliatu nahiz, nabilala zure ondotik. Ene gogoetak
funtsez eginik etorria naiz zure aurkitzerat.
Badakit nor den zure aita, bai eta hura dela
oraiko grebaren muntatzailea eta gidaria. Badakit ere nere aitak zer pentsatzen duen zureaz.
Bainan, guk gaztek, aiten bidetik behar ote
dugu ibili edo guhauren bidetik?

MAYI: Nere laneko lagunek ikusten banaute zurekin

jalitzen, zer behar dute pentsatu? Eta segur
naiz, hola abiatzen banaiz, aitak etxetik kanpo
ezarriko nauela. Badakizu zu eta ni, bi mundu
girela eta gure artean ez dela gurutzamenik.
ANDRE: Ba, badakit nere aita dela kapitalaren nausia.
Zure aita aldiz lanarena. Badakit ere kapitala
eta lana, elgarrentzat herran, gure lantegian
borroka ari direla. Bainan borroka hori ongi zautzuia? Borroka horrek behar ote du beti iraun?
Mayi, hainitzetan zure solasetarik, zilatu dut
zure gogoaren argia. Badakit zure bihotzean
sofritzen duzula oraiko lan moldetako makurbidez.
MAYI: Ba, hori egia da, jauna. Eman zaite ene ordain.
Zure aitarekin, egun guziz, lanean ari behar dut,
bulego berean. Harenak entzuten ditut. Ondotik, etxerat-eta, ez nauke aitaren solasak aditu
gabe. Eta bizia, hola bi burutarik tirakatua, ez
da bizi bat.
ANDRE: Konprenitzen zaitut. Zure sofrikarioak dira
eneak. Orai lantegi gidaritzako ixtudioak bururatuak ditut. Laster aita ordainduko dut gure
lantegian. Nahi nioke gure lantegiari beste begi-

tarte bat eman. Ez dut, ene aitak bezala, bizia
iragan nahi, langilekin borroka, bainan lan egin
nahi nuke heiekin eskuz-esku. Iduritzen zait
zurekin ezkonduz eta zure laguntzarekin, munta
dezakegula hats berri bat luken lan moldea.
MAYI: Xede ederrak dituzu, jauna. Bainan, zu eskola
handietarik heldu zira. Nik aldiz, eskola guti
daukat. Beldur naiz ez dezazun ni baitan kausi
zure mailak galdatzen duen laguntzalea.
ANDRE: Ene laguntzeko, ez dut behar emazte jakintsun bat, bainan bihotzdun bat eta nerekin bide
egin nahi lukena, biez bat eginez, gu baino
gorago den amets baten zerbitzari… Senaremazten arteko amodio aberatsik ez baita, ez
bada amodio hortarik fruitutzen bien artean
sortu eta ondu duten lorerik.
MAYI: Ba, ez dut ukatzen, holako ametsak ibiltzen
ditudala nik ere ene baitan. Bainan, badakizu,
jauna, bizi beharrak eta biziaren saminak laster
mozten diozkate gure maileko jenderi goraametsen hegalak.
ANDRE: Bai, hori egia da edozoin gizonentzat. Biziak
izartzen ditu ametsak. Bainan ez da bizitze ederrik, ametsez hazia baizik. Ez ote dugu biek

amets bera: Lantegia bizi dadien kantuz eta ez
borrokatuz? Nahi duzuia gure lantegiaren onetan, biek elgarri esku eman dezagun, bi bihotz
ditugula elgartzen, amets beraren zerbitzari?
MAYI: Zure galdeari, jauna, ez dezaket berehala ihar-

dets. Oraiko grebarekin ez naiz ausartatuko
etxean aipatzerat ere, hemen ibili ditugun solasak… Gure aita, erotua, oihuka has bailiteke
zertan zabiltzan ene ondotik. Grebaz bestalde,
jauna, ene anaia ttipia eri handi dut. Ez dakit
harekin zer behar dugun ikusi.
ANDRE: Ez dautzut, Mayi, errepusta berehala galda-

tzen. Har-zazu behar duzun astia zure gogoeten
egiteko. Zure anaiarentzat zerbait laguntza
egin badezaket, gogotik hor kausituren nauzue
zuen zerbitzuko.
MAYI: Milesker, jauna.
ANDRE: (Eskua suharki tinkatuz) Milesker, Mayi. Espe-

rantza bihotzean urruntzen naiz zuganik. Galdatzen dautzutana da bakarrik, gure artean egon
dadien egungo gure solaskatze hau.
MAYI: Hitzemaiten dautzut.

ANDRE: Bestaldi bat artio beraz, Mayi. (Andre jalitzen

da, eskuz polliki agurtuz. Mayi ere jalitzen da
beste eskualde batetik)
ARRANTZARI: (Bilatzen ditu bere arrantzako tresnak.
Erdi xixtuz, erdi kantuz dio)
Apasta nuen bota arrainak hartzeko
Ez bainakien arrainak zuen ausikiko
Ez ninduzun bakarra hemen lan hortako
Mundu huntan baduzu arrain mota frango.
(Airea: Partitzeko tenorea)
OIHALA

BIGARREN GERTALDIA
Joka-lekua:
Langile etxeko edozoin barne.

(Mayi sartzen da sare bat eskuan)
PANTZEZ: Lantegiaren ondotik pasatu zirea?
MAYI: Ba, aita.
PANTZEZ: Bazena deus mugimendurik?
MAYI: Ez aita, ateak denak hetsiak dira. Ez da nehor
han, lanean ari.
PANTZEZ: Ta, nausiaren bulegoan seinale zena nehor?
MAYI: Nehor, leihoak hetsiak ziren.
PANTZEZ: Urdeak! (Apur bat ixilik)
AMA: (Agertuz) Hor zirea, Mayi? Ekarri dituzuia erremedioak?
MAYI: Ba, ama, hemen ditut denak. Mirikua ere ikusi
dut. Erran daut apur baten buruan heldu dela.
AMA: Berriz ere bihotzeko mina abiatu zaio. Otoi ekarzkitzu usaiako ttintta horiek.
MAYI: Berehala, ama. (Apailatzen du edankia)

PANTZEZ: Ez dakit zer behar dugun ikusi haur horre-

kin.
AMA: Atzo arratsean deliberatzekoa zuten beharko

ote den operatu edo ez. Mirikuak laster argituko
gaitu.
PANTZEZ: A! Ta holakoak beti guretzat dira!
AMA: Ba, ba, penak eta kargak. Ez dakit zorrak nola

behar ditugun ordaindu… Bereziki greba hunek
oraino luzaz irauten badu.
PANTZEZ: (Bizi-bizia) Ez ahal zira zu ere zinkurinaka

ariko greba egiten dugulakoan!
AMA: Jes, ez ote ditake egia aipa den bezala: Lana

delarik, lan dugula bizitzen, eta oraino lanago
greba delarik?
PANTZEZ: Bon, bainan oroit ez dela zinkurinekin sal-

darik ontzen.
MAYI: (Aitaren bizitasunaz asaldatua) O aita!… (Apur

bat ixilik. Ama eta Mayi jalitzen dira. Atea jotzen
dute)
PANTZEZ: Aintzinat. (Agertzen da arrantzari) To! Hi

hintzena?
ARRANTZARI: Ba. Heldu nuk lantegiari so bat emanik.
PANTZEZ: Ta? Lotu dea nehor lanari?

ARRANTZARI: Ez. Ez duk barnean arima bat ere. Bule-

gotako hoitarik zonbait abiatuko ote ziren ninduan beldur. Bainan, orainokoan segurik, bulegoak ere hetsiak dituk.
PANTZEZ: Hanbat gaxto greba hausle, nausien gibel
milikarien. Ukamiloz eta hala beharrean makilaz
ditiagu holakoak heziko.
ARRANTZARI: Badakik, dudarik gabe, nausia arizan
dela zonbaiten buruz buru ikusten, gure artean
nahaskeria pizteko! Ta, bere sareak hedatzen
dituela bereziki bulegotako enplegatueri.
PANTZEZ: Ba, bazakik nun lot, bulegoan baititu bere
xakurrik leialenak. Bainan ez dituk gutaz trufatuko. Esku xuri horieri erakutsiko diotegu nolakoak diren gure aztapar beltzak. Gure abantailetan parte hartu nahi dutenaz geroz, ez ote duk
xuxen parte har dezaten ere gure sakrifiziotan?
ARRANTZARI: Haatik, nahi badugu lagunak gure alde
fermu egon diten, baitezpadakoa duk gu, eta
gure hurbilak, tinki atxikiak agert gaiten abiatu
sailari.
PANTZEZ: Argi den gauza duk hori. Ez ahal dik nehork
hortaz arrangurarik?
ANDRE: Ez zakiat, ez zakiat.

PANTZEZ: Zer erran nahi duk? Zer dituk duda-muda

horiek?
ARRANTZARI: Segur hiza ez duela nausiak hire alaba

pixka bat biltzen hasia?
PANTZEZ: Gure Mayi? Zer derasak?
ARRANTZARI: Zuen Mayi, ba. Ez dauka pitsik salatu?
PANTZEZ: Zer salatu?
ARRANTZARI: Ez dauka aipatu atzo nausiaren semea-

rekin egin duen egonaldia?
PANTZEZ: Gure Mayi nausiaren semearekin? Gezurra

duk hori.
ARRANTZARI: Egiaz nauk mintzo. Ene begiz ikusiak
ditiat. Elgarrekin egon dituk, ez ustegabetarik,
buruz buru eginik, bainan aintzinetik hitz harturik. Ez ginikek behar, hemen guk ibili solasean,
kanporat berduratzalerik.
PANTZEZ: Gure Mayi? Ezin sinetsia diat.
ARRANTZARI: Galde zok berari.
PANTZEZ: Ba, eta berehala. (Deituz) Mayi, ean zato
hunaraino.
MAYI: (Agertuz) Zer nahi zinuen, aita?
PANTZEZ: Egia dea, Mayi, atzo arratsean, nausiaren
semearekin buruz buru egon zirela?
MAYI: Ba, aita.

PANTZEZ: Jakiten ahal duta zertan dabilan mutil hori

zure ondotik? (Mayi ixilik… Arras kexu) Zer
dabila? Greba hautsi nahiz zu lanerat bilduz?
Zertako ez dautazu pitsik salatu? Zer dira
manera horiek? (Atea joiten dute) Aintzinat!
MIRIKUA: Agur, jaun andereak.
PANTZEZ: Agur, jaun mirikua.
MIRIKUA: Bazauzte, ba?
PANTZEZ: Ba, jauna, ba.
MIRIKUA: Ttipia hala-hala?
MAYI: Zato, jaun mirikua, oraintxet bulta txar bat

ukana du.
MIRIKUA: A! A! Bon! (Mayi eta mirikua jalitzen dira.

Apur bat ixilik)
ARRANTZARI: Ni banihoak, to.
PANTZEZ: Ez, hago hemen. Hola jakinen dituk hik ere

gure haurraren azken berriak… Ezin jasan diat
mutil zikin horren egitatea.
ARRANTZARI: Beharbada gaizki egin diat hori salatzea

hiri, bainan ezin egon nindian ixilik. Hori ikusiz
geroz, halako opil bat banian bihotzean.
PANTZEZ: Ongi egin duk mintzatzea. Gure artean,

konfientziak irautekotz, gordekeriek behar ditek

baztertu. Mayik deus ez salatzea zaitak handi
eta penagarri, ez baita hori gibelsakelduna.
ARRANTZARI: Nork zakik? Beharbada ez hintuen

sumindu nahi. Beharrena duk abisatua izan
dadien eta ez dadien eror ihiztari horien saretarat. (Apur bat ixilik… Agertzen dira ama eta
mirikua)
MIRIKUA: Egon naiz miriku lagunekin. Haur hunek

bihotza du sortzez gaizki formatua. Duela zonbait urte, ezin sendatua izanen zen, bainan orai,
holakoak operatzen dituzte. Haatik, hortako
joan beharko du Pariserat, eta gainerat, ez treinaz edo otoz bainan airekoz, ez dadin sobera
akit bidean. Hor ikusi beharko dena da gastu
handiak izanen direla. (Apur bat ixilik)
PANTZEZ: Jauna, ez gira aberatsak, dakizun bezala,

bainan behar baditugu ere etxeko mubleak
saldu, gure haurraren salbatzeko, eginen dugu
ahal dugun guzia.
MIRIKUA: Ene aldetik, mintzatuko naiz behar den

lekuan zueri laguntza egiteko. Eta berehala
banoa airetakoen tenoren jakiterat. Sarri artio
beraz.

PANTZEZ: Ba, sarri artio, jaun mirikua, eta milesker.

(Jalitzen dira mirikua eta ama. Ama, begiak
xukatuz. Aita, ilun dago apur bat) Hori ere guretzat zuan. Ez zakiat zer behar dugun ikusi.
ARRANTZARI: So-izak, Pantzez, haurraren bizia duk
lehen. Bakarrarentzat ezina, ez duk neke multxo batentzat. Mintzatuko ditiat laneko lagunak.
Denen artean lagunduko haitugu. Ez zakala
diruari so egin. Haurrari emoitzik behar dituen
tratamendu guziak.
PANTZEZ: Milesker eginen dukanarentzat. Izanen
diagu naski denen beharra. (Atea joiten dute)
Aintzinat!
ERRETORA: Egun on, jaunak.
PANTZEZ: Egun on, jaun erretora.
ERRETORA: Mutiko gaixo horren ikusterat heldu naiz.
Goizean, mirikuarekin mintzatu naiz eta hunen
Pariserat eremaitea aipatu daut. Zer deliberatu
duzue?
PANTZEZ: Zer nahi duzu egin dezagun? Pariserat joaitea hobe, joan behar bada.
AMA: (Agertuz) Hor zirea, jaun erretora? Zato, zato
ganberarat. Frango ezti-aldian aurkituko duzu
eria. (Erretora eta Ama jalitzen dira)

PANTZEZ: (Apur bat ixilik) Zer ote dio jaun erretorak

gure laneko gorabeherez?
ARRANTZARI: Atzo arratsean, biek buruz buru afaldu
ginian. Pixka bat hortaz zirikatu nian. Gizon ona
duk. Nahi lizkek denak bakean ikusi. Bainan, ez
duk gure larruan bizi.
PANTZEZ: Greba huntan, gure alde duk edo gure kontra?
ARRANTZARI: Ez zakiat. Neurtuz zerabiltzak bere solasak. Denena egin nahi likek. Guk egiten diagu
bere artaldeko nonbrea, bainan nausien eskuetan duk gure bazka. Eta artzaina, ez ziagok ongi
artaldea balin badu bazkarik gabe, eta ez ere
bazka balin badu, artalderik gabe.
PANTZEZ: Bai, gure botika, zerbait baduk. Igandetan,
nausiak eta gu, han gaituk denak batean, elizan, berdin denak mahain sainduan. Gaitzeko
predikuak entzuten ditiagu, behar dugula elgar
maitatu eta munduari eman, elgar maite dugulako lekukotasuna. Eta, elizatik jali ordu, zakur
eta gatu bezala gaituk.
ARRANTZARI: Zer nahi duk? Elgar maitatzeko, behar
dik elgarrekin uztartu. Uztarri on bat egitekotz,
behar dituk hein bertsuko kabalak. Gure artean,

gaina eta behera, elgarrenganik sobera urrun
dituk, uztarri berari lotzeko.
PANTZEZ: Ez duk ba, gure falta, ez bagira, gaina eta
behera elgarri hurbilago? Guk nahi ginikek
goratu. Bainan nun kausitzen duk, gorakoetan,
gu hetarat hurbiltzen laguntzeko gutizia?
ERRETORA: (Agertuz) Gaixo haurra, agian, agian aterako da. Beraz bihar goizean ekarriko diot
komunionea. Jainkoaren laguntzarekin egin
dezan piaia on bat eta itzul dakigun osasunaz
ondurik.
PANTZEZ: Agian ba, jaun erretora!
ERRETORA: Xahupide handitarat sartzerat zoazte.
Baduzue alderdirik buru egiteko holako gastueri?
PANTZEZ: Eginen dugu ahal dena, jaun erretora. Gure
haur baten bizia, estimatzen dugu gainerateko
ontasun guziak baino gehiago.
ERRETORA: Ba, arrazoin duzu. Nere aldetik ere ekarriko dautzut zerbait. Bainan, gure moltsak guti
dira hor eginen den ziloaren tapatzeko. Behar
ginituzke laguntzale ahaldun batzu harrapatu.
PANTZEZ: Egia. Bainan nor?
ERRETORA: Mintza baneza zure lantegiko nausia?

PANTZEZ: Trufaz ari zirea, jaun erretora?
ERRETORA: Zertako?
PANTZEZ: Orai, greba batean giren huntan, nahi diozu

nausiari langile baten haurrarentzat laguntza
eskatu? Ez duzu ikusten nola errabiatua dabilan, grebaren sustengatzeko egiten ditugun
esken kontra?
ERRETORA: Ez da gauza bera zerbait eskatzea grebalarientzat eta zure kasuarentzat. Eta, kasik
segur naiz, zure haurrarentzat, zure nausiak
laguntza egin lezakela.
PANTZEZ: Holakorik ez dut nahi, jaun erretora!
ERRETORA: Zertako?
PANTZEZ: Zeren, jaun erretora, nausia sobera fier bailiteke erraiten ahal balu, gure beharrez izan
girela haren aintzinean apaltzen. Egin lezaken
laguntza ez liteke bihotz onezkoa, bainan gure
bizkar, plazer tzarrez hanpatzekoa, baliatuko
luken laguntza.
ERRETORA: Nik ez dakit ba. Holakoetan balios da norbait esku zabaleko ukaitea.
ANDRE: Gu ere hor gira gero, jaun erretora. Ur xirripak
gira, bainan ur xirripa hainitzek egiten dute uribaia.

ERRETORA: Ba, gisa hartarat zerbait moldatuz geroz…

Bainan, ni baitan nindagon ez ote zen, nausia
ekarriz haurraren ikusterat, zuekin mintzatzerat, ez ote zen bakea errextuko zuen artean.
PANTZEZ: Bakea laster egina liteke, jaun erretora,
nausia eta ni bagina elgarrekin haserre, gure
jite desberdinengatik, bainan gira bi gobernu
bezala. Nausia da kapitalaren gobernua, ni aldiz
lanarena. Ene buruari eta ene familiari baino
urrunago behar dut behatu, nausiarekin ditudan
solaskadetan.
ERRETORA: Bai, bai, bainan gizonek elgar maite badute, heien arteko gorabeherak errexkiago xuxentzen dira. (Hemendik aintzina, solasa doala
pixka bat minduz)
PANTZEZ: Zuzentasunik ez den lekuan, amodiorik ez
da loretzen.
ERRETORA: Zuzentasun osorik ez dagoke lur huntan.
PANTZEZ: Osorik ez, bainan gizonen egitekoa da
zuzentasun ahalik zuzenena izan dadien.
ERRETORA: Nork duke hobeki lagunduko eri duzun
haurra? Nere moldeak ala zureak?
PANTZEZ: Nork du hobeki errespetatzen gizona? Zure
moldeak ala eneak?

ERRETORA: Ene moldek ez dute errespeturik nehori

galtzen.
PANTZEZ: Nausiaren errespetua ez, ez duzu galtzen

bainan langilena ba.
ERRETORA: Ez naiz ni, ez langilen eta ez nausien alde,

bainan denen bakearen alde.
PANTZEZ: (Bizi-bizia) Zuk proposatzen daukuzun

bakea da: Zorri lehertuaren bakea. Ez dugu langilek nahi zorri lehertua izan.
ERRETORA: Bon, segi-azue beraz gerla. Hor ikus, ean

hobeki aterako zirezten.
PANTZEZ: Ez dugu bakeari gerla egiten, bainan gerla-

ri bakea xekatzen.
ERRETORA: (Betbetan eztituz) Bon, hobe dugu huntan

gelditzea. Nik ene egin ahalaz lagunduko zaituztet eta gure Jainkoa urrikal dakigula!
PANTZEZ: Agian ba, jaun erretora!
ERRETORA: Sarri artio, jaunak.
PANTZEZ: Ba, sarri artio, jaun erretora. (Erretora jali-

tzen da. Apur bat ixilik) Beharbada soberaxko
erran zioiat, bainan ez diat urrikirik.
ARRANTZARI: Ba, askotan ixilik egoitea errexago duk

mintzatzea baino.

PANTZEZ: Mahainean jarrita direnek ez ditiztek maite

ate gibelean goserik daudenen kurrinkak. Idurieta heien mahaineko bakea dela egiazko bakea.
ARRANTZARI: Bai, eta ene iduriko, beti izanen baitira

kurrinkariak, beti ere beharko dituk bakezaleak.
PANTZEZ: Ba, bainan nik ez ditiat bakezaleak deitzen

«xo» eta «xo!» ari direnak kurrinkarieri, bainan
hauk nun duten min ikusiz min horien tratatzerat entseatzen direnak. Horiek dituk egiazko
bakezaleak.
ARRANTZARI: Horixe bera gogoan nindoian, apezare-

kin arrazoinka ari hintzelarik. Jesus eta haren
lagunak,

gizon

baketsuak

zituan.

Bainan

ontsasko nardarazi zizteian beren denborako
jende batzu. Hortako izan zituan hiltzerat kondenatuak.
PANTZEZ: Ba, asko gizonentzat erraten ditek gizon

baketsuak direla, bainan niagok ez ote liteken
hobeki errana eñul batzu direla.
ARRANTZARI: To, soizak nor heldu zaitan otoan?
PANTZEZ: Nor?
ARRANTZARI: Nausiaren emaztea, bere seme Andre-

kin. Ni banihoak.

PANTZEZ: Ez, hago hemen apur bat. Zertarat heldu

dituk horiek? Gure nardatzerat? Ez ditzatela
enekin solasak ibil kontra-eremuetan. Ulitxetan
nauk gero orai. Eta jaun erretorari erdizka erranak, horieri doblezka ditiat gero aterako.
ARRANTZARI: Ezti hadi mutikoa. (Atea jotzen dute)
PANTZEZ: Aintzinat! (Agertzen dira Dama eta Andre)
DAMA: Agur jaunak.
PANTZEZ: Agur jaun andereak... Bazabiltzate?
DAMA: Ba. Jaun mirikuak aipatu dauku zuen kasua eta

zer egin daiteken ikusterat heldu gira. Nola
duzue mutikoa?
AMA: (Agertuz) Hemen dugu, hemen. Aintzina zaitez-

te, jaun andereak.(Jalitzen dira Ama, Andre eta
Dama. Apur bat ixilik)
PANTZEZ: Zer behar ote diagu entzun?
ARRANTZARI: Bon, errak. Ni banihoak. Hi ez baihiz

egun berdin hemendik aterako, greba konduak
utz-aitzik enegain. Eta haurrarentzat dirua biltzeko, lagun multxo batekin elgar adituko
diagu. Gure artean eta arrabotsik gabe, nik
uste, bilduko diagu hik xahutuko dukan baino
gehiago.

PANTZEZ: Milesker, gaizoa. Ez dakik zonbat estima-

tzen dudan hire egitatea. Eta, haugi maiz-maiza
eni berrien ekartzerat.
ARRANTZARI: Jinen nauk, jinen nauk. Behin ere baino
elgarri hurbil ibiltzeko egunak baitituk, oraiko
gure hauk. (Arrantzari jalitzen da… Apur bat ixilik… Agertzen dira Dama, Andre eta Mayi)
DAMA: Jaun mirikuak aipatu daukularik zuen kasua,
berehala deliberatu dut ene andere lagunekin
«comité» ttipi bat muntatzea zuen laguntzeko.
Kasetetan aipatuko dugu zuen haurrarentzat
eginen dugun diru bilketa eta nihaur emanen
naiz buru, suma koxkor batekin. Hola, nik uste,
beste zonbaitek ez dute nahiko nik baino gutiago karitatea egin. Jaun erretorari ere galdatuko
diogu elizatik aipa dezan diru bilketa hori.
PANTZEZ: (Hotz-hotza) Milesker, anderea, zure xede
onez. Egia da: Diru beharretan gira. Bainan
zuen dirutik ez dut nahi.
DAMA: A! Gure diruak zer itzal dauka, zuk hortarik ez
nahi izaiteko?