Kresala - 7
berreun da berrogetamar dira oneik.
—Bai.
—Milla erreal eztau esan ba?
—Bai, berreun da berrogetamar peseta milla
erreal dituzu.
—A! Bai. Eun lauko... (buruari atz eginaz) eun
lauko laureun... beste eun lauko beste laureun..
ara non diran zortzireun... da berrogetamar...
zortzireun da berrogetamar.
—Baña berrogetamarreko au berreunekoa
dozu.
—Berrogetamarrekoa bada zelan izan leike
berreuneko?
—Berrogetamarrak pesetak diralako.
—A! Bai, pesetak... Baña... Ara, jauna, nastau
egiten naz ni, baña ondo egongo da. Irakurten
be ezeuskuen erakutsita... Mañasik bai, arek
ederto daki, eskolau andia da.
—Neuk be badakit orrenbeste ta geiago. Kanpoetan asko ikasten da.
—Bai, Jauna, bai; geu gara ezer ikasi eztogunak, itxasoko gauzea ezpada. Eskerrikasko,
Jauna, (diru paperak txapel koipetsuaren egalean, pipa motz zarraren ondoan gordeaz) eskerrikasko ta agindu. Esan deust niri andreak berorrek ezeustala ezer ukatuko.
—Ezin ukatu neizu.
—Alan esan deust berak; nire andrea be argia
da, Jauna.
—Bai, argia izan bear, Mañasiren ama data.
Baña eztau berak ezer abisau?
—Zeñek?
—Mañasik.
—Oraindiño ez, Jauna.
—Ba eskribidu eiozue biar barriro, ta esan
neuk emon deutsuedazala milla erreal potiña
erosteko.
—Ta potiña da gero bera, nik begiz jota daukatana. Ezta errian beste bat politagorik egongo.
Matxin Koipek beretzat gura ei dau.
—Alegretan naz potin ori gustokoa dalako.
Baña eskribidu gero.
—Bai, Jauna, bai, Jauna, orixe bai!
Gure arrantzaleak, pozarren, bere etxeruntz
urten ebenean, Indianoak, ezker eskuma len
baño gogorrago ezpanetako bizarrari tenga,
—Arraio, arraioa —zirautsan— milla erreal,
milla erreal andi atara deustaz dirua zer dan be
eztakian agure zikin orrek!... Masia bota bear
bazan bota dogu masia ugari, ondo ugari gero!
Baña ezta ezer galduko: laster izango da neurea
Mañasi, ta potiña be bai.
Txanogorri ta emaztea, onen asmoak ondo
urten ebielako, diru-paperetako santuai luzaro
begira egonda gero, zorionezko ames gozoak
egiñaz sartu ziran oera, ta urrengo goizean goiz,
Joxepak baño obeto ekialata, erriko irakasla edo
maisuaren bitartez, egundoko eskutitz larria
bialdu eutsien Mañasiri. «Indargetuta egozala
senar-emazteak, oso indargetuta, iñondik ezegola ezeren irabazirik, zorpean sartuta egon bearko ebiela, ta laster gaixotegi edo ospitalera joateko bideak egin bearko zirala... Don Jose Antoniori baietza emon ezik. Au zala gizona, au.
Ondraua, emonkorra, biotz andikoa, bardinbagea. Milla erreal emon eutsiezala berak txalopa
barri bat erosteko! Baña, danak betiko ondatu
etzaitezen, ondo erantzun bear jakola, ta ondo
erantzuteko, arren! Jaungoikoagaitik, Antiguako
Amagaitik, guraso zar errukarriakaitik!...»
Geiegitxoa zan, guk badakigu, gurasoak
Mañasiri esaten eutsiena; baña norbere gogoaren alde zerbait jaditxi nai danean, edozeñek
daki geiegi esaten. Ezagutzen ditut nik amaika
euren gogoa ta iritxia indartu gura dituenean,
esan-alak esaten bein be aspertu ezin diranak,
guzur da abar. Gogoa bada neurri, ezta erraz
neurria beteten.
Txanogorrik berberak bota eban, elizpeko
eskutitz ontzian, Mañasirentzat egiñiko eskutitza, ta bereala, pozkor, irribarrez da urduri Txan-
ponen ontzitegira joan da, ordu erdi baño lenago, egin zan begiz jotako txalopatxoaren jaube.
Ezegoan oraindiño ain indargetua gure agurea. Edozeñek artuko eban gizon gordin, zail,
sendotzat, txalopea, narras, uretara eruaten
egin zituan indarrak ikustean, da gero, ibaian
jira-biraka, ain laster arraunean, ain laster aizeoialtxoa jasoaz; potin orren azkartasunak erakusten ibilli zanean.
Lan orretan ebillen bitartean, itxasoraterik
etzan izan da, arrantzale asko jaokozan begira,
ta danak ekien da guztiak ziñoen nundik etorkon
aguratxoari onek ezin gorderik erabillen poza ta
gozotasuna: Indianoagandik, Indianoak berak
esan ebanez.
Beste arrantzalien artean, antxe nasa
gañean egoan Anjel be, besoak tolostuta, adiskidien jardunak entzuten, da antxe jakin eban,
gauza ziurra legez laster ezkontzen zala Indianoagaz Txanogorriren alabea. Zergaitik ezekiala
keriz andi bat sartu jakon mutillari biotzaren
erdiraño. Alango gauzarik! Zer joakon berari
Mañasi ezkonduagaz? Ezer bez, baña gogoratu
eban bat batera neskatilla orregaz Erriberatik
Kalenagusirako malletan bein euki eban jarduna,
etorri jakon begien aurrean egun atako Mañasiren begirada gozoa, gomutau zituan aren orduko
malkoak, esangura andiko malko lodi garbiak,
eta geroago ta samin andiagoa jarten jakon biotz
barruan. Egundo ez da orduantxe ikusten eban
Mañasi lango emakumerik ezegoala ez errian da
ez erbestean: ain zan txukuna bera, ain itxurazkoa, ain langillea, ain... Da bear bada, Anjelek
bere eskuetan euki eban Mañasiren biotza. Garai
onean otuten jakozan olango gogamenak, garai
onean! Ura joan da gero malatua.
Gure mutillau, eguardi aurretxoan, bere lagunak nasa gañean itxita, itxas aurrera joan zan,
bakar bakarrik, bere arimako samiñak astindutera.
Aurreragoko egunean ain bare gelditu zan
itxasoa guztiz egoan arro, bere zabaltasun
danean kiskur, bizi ta apartsu; aizea, neguko
egunik txarrenetakoaren antzera, gogor, zematzalle ta soñulari; odei moltso lodiak, baltzak
geienak eta itxura itzalekoak, iñoizkorik azkarren joiazan Franzia alderontz, norbait atzetik
jarraika baleue legez; Gipuzkoako mendi ta
arkaitzak laño ta bisuts azpian estaldurik egozan; Matxitxako entzutetsuaren mustur zorrotza
itxasoak iruntsi ebala esan zeitekean, bada
etzan iñondik agiri; ur malla sendo galantak eten
bageko errenkadan etozan erri aurrera, Arranondori berezi gaizto bat ipiñi naian legez; da kaio
zuri lumatsuak, egoak zabal zabalik, zerutik etorriko kurutzeak bailirean, or jausiko emen galdituko ebiltzan baiezean, ekaitzaren orruari jaramon barik.
Anjel, ezarleku batean urriñera begira jarrita,
bere barrualdea zearo ikusteko asmoetan gelditu zan.
Begiak urriñera begira dagozala askozaz
obeto ikusten da batzuetan norbere barrua.
Jakin bear eban, noizbaiten, zelango arpegia
eukan beretzat etorkizunak, noizbaiten arakatu
bear eban bere biotza. gogamendu bear zituan
noiz edo noiz arimako gogo ta iritxiak. Ezeban
orretarako bein be astirik artu, gauza danak
berenez, euren bidetik, nai eban erara etorriko
jakozalakoan.
Gogamenetan asi zaneko ai! ezagutu eban
ederto Anjelek Mañasi zala, ordurarte ondo igarri
barik, beretzat aspaldietan aukeratuta eukan
emakume egokia. Bai, garbi egoan, orixe izan
zan bere iritxia, orixe bere gogoa, neskatilleagaz
itz egin eban ezkero beñipein. Orretxegaitik naigabetu eban bere ama maitea, orretxegaitik
emon eutsan Antoniri bidebageko atzerapena.
Bere gogo au ezeban iñoiz ondo jakin, baña
orain, aspaldietan jakiñiko gauzea zirudian.
Zetarako izan eban burua ain argi egozan gauzak lenago ez ikusteko? Zetarako mingaña bear
zan orduan Mañasiri zerbait ez esateko?
Anjelek, gogamenokaz, zauri sakona egiten
eban bere biotzaren erdian, da alan da guztiz be
luzaroan egon zan jarrilekutik jagi barik, biotzeko zauriari geiago ta geiago ikutuka. Baña zenbat eta ikutu geiago ainbat eta min andiagoa
artzen eban gizagaixoak, eta azkenerako, miñaren miñez, itxi eutsazan argiari begiak, eta astakeri andiak etorkozan burura.
Min danean itxi oi dira begiak eta orduan
astakeririk andienak egin.
Mutillorren esakeran, ekatxak itxasoaren
erdian artu daroan txalopa baten irudira egoan
bera: ekatxak urten baño len, edozein tokira joa-
teko eskubidea baeukan; orain ez, orain al zan
portura sartu bearko, naita naiezean, arribadan.
«Neure erruz nago ni galduta, —ziñoan— baña,
dana dala, neu samiñez nagoan ezkero, emongo
neuskio nik orain samintasun bat Mañasiri be...
Ta nire susmoak egiak badira, ari min emoteko
egiterik andiena, bera baño neu lenago ezkondutea izango litzateke, Antonigaz... Ta gero Bilbora
joan, bera, Mañasi, ikustera, erritarra legez...
Egingo ete dot bero beroan?»...
Eguardiko amabiterdietan, bestetan baño
berandutxoago, sukaldeko maitxoaren ondoan
bazkaitara jarri zanean,
—Ama —esan eban— Indianoa ezkontzen
dala entzun dot.
Amak. —Alan diñoe, seme... Ta zeu. noiz
ezkonduko zara zeu?
Anjelek. —Ni be noiz edo noiz ezkonduko
bearko.
Amak. —Eztakit ba nik, aserratuta daukazu
zeure ezkongei ori ta...
Anjelek. —Aserratuta badago, aiskiretu leike.
Amak. —Lanbide ori pozik artuko neuke
neure gain.
Anjelek. —Artu bei ba.
Amak. —Benetan diñozu?
Anjelek. —Benetan.
Amak. —Jesus, Maria ta Jose ta Aita San Antonio bedeinkatua! Bein edo bein, bein edo bein!
Gaur bertatik asiko naz lanean, baña, Anjel, zeuk
be koipekeri batzuk esan bearko deutsazuz
Antoniri.
Aitak. —Bai, amak amoan ipinten daben
jakiagaz bakarrik ezta jausiko: masia bearko da
or, masia.
Anjelek. —Masiori be emongo jako.
XX
GEROAGO TA TXARRAGO
Masia emongo ebala esanarren, ezin eban
Anjelek iñondik iñora Antonirentzat masirik
emon; ezin eutsan, naita be, neskatilla oni oparitxo bat eskiñi, ezin eutsan eregutxo bat opa,
ezin eutsan eztiro itz egin.
Atsekabetua ebillen mutilla beti neskatillearen igesi, ta bizitzeak irauten eutsan artean zorigaiztokoa izan bear ebalakoan. Indianoaren dirutik agertu eijakon zorigatxa. «Urreak indar
andiak ditu, —ziñoan sarri beretzat— baña okerrerako geienetan. Urrerik ezpalitz ezlegoke
lurrean ainbeste gauza oker, ainbeste zapokeri,
ainbeste griña gaizto. Urrerik ezpalitz ezlegoke
ainbeste lagun saltzalle, ainbeste andinaiko, ainbeste lapur. Urrea izan ezpalitz, gizonak askozaz
onagoak, zuzenagoak, eta apalagoak izango
zirean. Urrea geituten danean geitu oi da gizonen arrokeria, itxasoa gora datorrenean ibaiko
ura geituten dan legez. Eztago geuri atuntsuko
irabazitxoak dakarguzanean begiratutea baño.
Andre Marietako egunak eta ezer eztan garizumakoak eztira emen bardiñak izaten... Urre
madarikatua, biotz samurren gogortzallea, adimen argien itxumena! Bai, urreak itxutu ditu nire
ama ta Mañasi be. Au, itsutua dagolako, ganbelu bategaz ezkonduko da, ta nire amak, neu ainbeste maite izan da, emakume arro, buruarin,
geldu, epel bat emon gura deust emaztetzat...
Urre asko barik bizi leiteke ondo. Biziko nintzan
ni Mañasigaz. Nik lana egingo neban gogotik, eta
berak etxea txukundu, atarakoa da ta. Ze garbi
eukiko eban arek gure etxea! Jateko ta jazteko
lain irabaziko neban nik, eta berak jatekoa ipiñi
ta jantziak zaindu. Ze gozoa izango zan arek
egosiriko lapikotxoa! Jateko ta jazteko aña eukiko gendukeala uste dot, eta zer geiago bear dau
gizonak? A! Bai, etxeko poza, etxeko bakea,
arrera ona, maitetasuna; orrek emoten deutsa
osasuna gizonari, orrek lanerako arnasa barria,
ta nik ezin neike ori Antonigaz izan».
Anjel olango buruausteakaz ebillen bitartean,
Mañasi, Arranondotik bialdu eutsiezan albisteak
irakurrita, negarrez egoan Bilbon.
A ze albisteak gurasoenak eta Joseparenak!
Onenak batez be. «Ixil aldi andia izan da, —esaten eutsan Josepak— guzur asko ibilli dira emakumien aoetan, danon uste izan dogu galduta
egoala, baña egia da oraingoan, ziur ziur dakit:
Anjel laster ezkontzen da Antonigaz».
Gurasoen estutasuna, bai, txarra zan; baña
nasaitu zeitekean zelanbait Mañasik berak
aurreratuta eukazan diru apurtxoakaz. Bestearentzat ezegoan iñungo osabiderik.
Mañasiren negarra egiazkoa zan, barru
barrutik berez etorkona, ta nagusien aurrean
erakutsi naiezarren, arpegiko illuntasun da begi
ederren gorriunean ezagutu eutsien bereala.
—Zer darabilzu, emakumea, ain muker da
tamal egoteko? —itandu eutsan etxekoandreak.
—Ezerez, andrea.
—Bai zerbait. Lagunakaz aserratu alzara?
—Ez, andrea.
—Gaixorik alzagoz?
—Ez andrea.
—Naigaberen bat emon aldeutsugu?
—Ez, andrea, esatea be!
—Ia ba, zer edo zer esan bear... Barri txarrak
artu aldozuz zeure etxetik?
—Bai, andrea, eztira ain onak be.
—Zer diñotsue ba?
—Ezerez, andrea.
—Ezerez? Ezerezgaitik zagoz olangoa? Esaidazu niri zer daukazun. Badakizu emen ondo
begiratzen deutsuguna, ta guk zerbait egin
badeikegu...
Neskatilleak, bere etxekoandrearen biotz da
gurari ona ikustean, ezer erantzun barik, negarrari emon eutsan barriro.
—Jakin bear dot nik, Mañasi, —jarraitu eban
arek— zure etxetik zer diñotsuen. Erakarri daidazuz gaur goizean artu dozuzan eskutitz biak, ixilleko gauza astunen bat ezpadaukazu.
—Ez neuke nik, andrea, berorregaz ixilleko
gauzarik euki gura, berori nigaz gurasoa langoa
da ta, baña... lotsatu egiten naz.
—Gauza lotsagarrietan nastaurik alzagoz?
—Ene bada ta, Jaungoikoaren izenean! Ez,
andrea.
—Emoidazuz, bada, zeure eskutitz biok.
Emon eutsazan, da etxekoandrea irakurten
egoan bitartean, gure neskatilla apal bildurkorra,
epaia emon bear dabenaren aurrean dagon gaizkille baten taiuan, ikaraz jaokon begira.
—Emakumea —esan eban epaizaleak bere
arloa amaitueran, eskutitz biak estalkietan sartuaz— emen eztaukazu ainbesteraño naigabetuteko gauzarik. Zure gurasoak zarrak badira ta
irabazi gitxian badabiltz, emongo jakoe zerbait,
eta. . .
—Ezteust, andrea, ainbeste ardura orrek
emoten. Gurasoentzat dira neuk aurreratutako
guztiak, eta eurok izango dira naikoa nire aitamak daukiezan premiña laburrari arpegi emoteko. Beste alde batetik dator nire samiña.
—Emen diñoen D. Jose Antoniogandik?
—Bai, andrea.
—Zein da bera?
—Indiano bat.
—Zugaz ezkondu nai aldau?
—Bai, andrea.
—Ta zuk etzenduke gura?
—Ez, andrea.
—Zarra dalako?
—Ezta ain zarra.
—Diru gitxi daukalako?
—Berrogei milla ogerleko baeidaukaz.
—Eliz-emakumea izan gura dozulako?
—Ez, andrea.
—Beste Anjel orregaz zerbait izan dozulako?
—Nik eztot ezer euki Anjelegaz.
—Etzarie alkarren adiskideak izan?
—Adiskideak?
—Bai.
—Ezteutsu berak ezkontzarako itzik emon?
—Ez, andrea, ori ez.
—Da ezta mutil ori Antonigaz ezkonduten
Josepak diñoanez?
—Itxurak alan dira.
—Bada orduan. neskatillea, Anjelek egundo
ezkonduteko itzik emon ezpadeutsu, ta gañera
beste bategaz ezkontzeko aurreratua badabil;
Indianoak ostera zeu gura bazaitu, aberatsa
bada ta zeure gurasoak begietatik zear sartu
gura badeutsue, zetan zagoz da zeri daukazu zer
negar egin? Niri ezjatorkit ondo, gure etxearen
kaltean izango da; baña maite zaitudalako ta
zeuretzat ona dalako, gurasoak diñotsuena bera
esango deutsut, Indianoagaz ezkondu zaitezala.
Eztozu olango beta onik egunero izango. Asko
gelditzen dira ezkongei euren aukera ta gogobetekoaren zain luzaroan egonda gero. Ez ibilli irudimenetan da eztabaidetan: begiak itxi ta aurrera. Begiak zabal zabal eginda gizonai ondo begiratzen asten bazara, etzara iñoren emazte izango: senargei batzuk zarkoteak dituzu, beste
batzuk gaztegiak; batzuk txepitx burudunak,
beste batzuk bekoki baltzegikoak; batzuk zatarrak, beste batzuk emakume itxurakoak. Danak
daukie akatsen bat: edo andiak dira edo txikiak,
edo arloteak, edo jokalariak... beti dabie zerbait.
Amesetan ikusitako gizonak eztira lurrean bizi,
edo eztira beintzat etorten gure billa... (Jesus!
Gure Pakok entzungo baleust... Niri gura añakoa
etorri jatan, Mañasi, egia da; baña ori noizean
beingoa baño ezta izaten). Guazen aurrera. Gaur
Indianoari gura izan ezarren, emendik urtebetera maite kutuna legez euki zeinkezu. Ara or alboko Maria Mendata, goizero elizara zalpurdi ederrean joaten dan andre apaña; jostun bat zan ori
ta naiezean lez ibilli zan luzaro Zubiaur zarragaz
ezkontzeko, baña ondo pozik eta maitero bizi da
gaur bere gizon zintzoagaz. Ara or Josefa Olite,
Bidebarrietako alargun aberatsa: orrek be
Barrenkaleko zigarro-saltzallea zanean, ezeieban gura senartzat Eguren indianoa; bana eztau
orain damu bere gurasoen esondeari jarraitua.
Gogobetekoaren zain egon balira, nork daki zer
izango zirean zartzara orreik emakume biok? Eta
gaur ostera etxe andi ondasuntsuan jaiorikoak
dirudie. Zeuk be, Mañasi, eneuskizu esan bear
baña, beste edozeñek lango egokitasunak daukazuz zeure errian andre andi ta ona izateko.
—Ixillik egon bei, Jaungoikoagaitik! Berorren
esanakaz, nengoan baño geiago lotsatuten nau.
—Baña ezteritxozu ain txarto andikia izateari.
—Eznau, berorrek uste daben aña, aberats
izateak arrotuten. Eztagoz ondasunetan gozotasun guztiak, berorrek ondo daki; ta gañera, ni
aberats jaio eznazanean, Jaungoikoak aberats
gura eznauan agiri argia da.
—Zer? Gaurko aberats guztiak beti aberats
izan dirala uste aldozu? Ez gaurkoak, eta ez
atzokoak. Aberastasun guztien iturburuak beartsu ta urriak izan dira beti. Eztostazu entzun
oraintxe esan dotana? Jaungoikoak emon da
kentzen ditu gure ondasunak Berak gura dabenean. Jaiotzan emon ezeutsuna orain emon nai
badeutsu, orixe da, nire ustez, orain aberats
gura zaituan agiria. Ta beste aldetik, begiratu
eikezu, Mañasi, alaba bakarra zareala, ta zeure
gurasoen azken onari begiratu bearrean zagozala.
—Eztakit, andrea, zelan erantzun; baña darabilgun autua asi daneko, gauza bat esateko
gogoa daukat.
—Zer da bera?
—Nigaz zertu nai daben Indianoa eztala Jaungoikozko gizona, ta bear dan legezko euskalduna bez.
—A! Nik eznekian ori. Orrek atzeratuten
bazaitu, bide orretatik datorkizun oztasunari txalogarria deitxot; baña ortxe bertan ikusi zeinkezu Jaungoikoak zure eskuetan ipinten daben lanbide on bat: zeuk ondu zeinke Indianoa, zeuk
egin zeinke elizkoi ta errizalea. Emakume batek
oso asko daike maite dauan gizonagaz, bada
ezkondu bear dabien aurrean guztiak dira arkumetxoa baizen bigun da otzanak. Eztozu, Maña-
si, gizon bat zeure erriarentzat eta arima bat
Jaungoikoarentzat irabazi nai?
—Ta ezin bada?
—Ezin bada, itxi. Itxiteko astia izango dozu.
Asi zaite beñik bein zeure arloan. Esaiozu gizon
orri ondu deilla, ta ikusiko dozula gero zer egin.
Gelditu bedi onetan gure autua, ta legortuizuz
zeure malkuok, eztaukazu zeri negarrik egin da.
Amaitu zan jarduna, baña ez Mañasiren illetea. Etxekoandreak, gogo ta usterik onenetakoagaz, neskatillea poztu ta zorion bidean ipinten
alegin guztiak egiñarren, da Mañasik arpegia alai
erakusten arreta andiak ipiñi ta be, ezin eban
onek egiazko alaitasunik agertu.
Arranondotik urten ebanean, arimako itxaropenak, antxinetatik ainbeste txera palagutan
eukazan itxaropen eztitsuak, ilteko zorian eruan
zituan Bilbora; baña etziran oso il oraindiño, ta
bizirik egozan bitartean, azken agur latza emon
baño lenago iñoiz baizen obeto maitatzen zituan,
iñoiz baizen obeto losindu ta elikatu, ta bere
gurari beroaren bitartez, irudimenean sorturiko
gorabera andien bidez, askotan siñistu eban
emon eikioela Jaungoikoak bizitza ta osasun sen-
doa. Ai! Orain ezegoan olangorik. Il jakozan
osoro ta betiko itxaropen guztiak, eta itxaropenak ilten diranean arimea baltzez jantzirik gelditu oi da! Orregaitik agiri jakon Mañasiri arpegiko
irribarreak ezin ondo estaldu eutsan barruko naigabea; orregaitik ikusten jakon, bekoki goibelaren azpian da begi bitarte bigun gaixoaren zear,
arima saminduaren progua ta biotz errukarriaren
iljantzia.
Ezeukan gogorik, baña bere etxekoandreari
ez miñik emotearren, da onen betiko esanak
jarraituaz, erantzun eutsien gurasoai ezeiela gaixotegi edo txiro-etxera joateko bildurrik euki ta
Don Jose Antoniori esateko izan zedilla ona ta
elizkoia, ta ikusiko zala gero zer egin bear zan.
Oraindik ezegoala lasterka ibilli bearrik.
«Edolabere —uste eban Mañasik— ezta esonde on bat emotea baño, ezteutsat nik itzik emoten, eztot neure burua lotuten da ortik etxat okerrik etorriko».
Baña erantzuera orixe izan zan naikoa bere
gurasoak eta Indianoa, gauza guztiak egiñak
egozalakoan, pozez zoratzen jarteko.
Andik laugarren eguneko arratsaldean, gure
neskatillea, nagusien agindu batzuk eginda kaletik etxera sartu zanerako, eskutitz bat eta sedazko paper bigunetan baturiko gordairutxo bat
emon eutsiezan Arranondoko emakume batek
ekarri zitualata. Eskutitzean zirautsien gurasoak
«D. Jose Antonio lurbirako gizonik onena zala ta
bere ontasunaren agergarri ona joakola Mañasiri eskutitzagaz batera emongo eutsien gordairu
barruan. Alango gizonik ezebala egundo iñon
billatuko, ta luzapenetan ibilli barik, neskametzeari betiko itxi ta ainbat lasterren erabagi beur
ebala gauzeak».
Lenengoan ezeban Mañasik kutxatxoa edegi
be gura izan: nazkatu egiten eban Egurbidekoaren opariak, eta, zanlakoa zala, urrengo goizean
jaubeari biurtzekotan ipiñi eban oe gañean.
Baña gero, bere arloetan ebillela, gordairu
barruan egoana zer zan ikusi ta jakin naiak, ziri
ortik eta ziri emetik, irabazi eutsan biotza; otu
jakon, gañera, etxekoandreari esan barik ezingo
ebala biurtu Indianoaren oparia, ta ikustea ta
etxekoandreari erakustea erabagi eban.
Sartu zan gelara, kendu eutsazan gordairuari
lokarriak, edegi eban, da agertu jakon, bere
abian gordeta dagoan sube biribilduaren antzera, sedazko oial eder gañean dizdizka, urregorri
ta arriargitsuz egiñiko eraztun apain bat. Jesus!
Zelango gauzak asmau dituan arerioak emakumien arimak zirikatuteko! Sarrakio andi bat egin
jakon barru guztian Mañasiri, ta eraztuna ondo
ikusteko asti barik kutxatxoa estaldu ta etxekoandreagana joan zan.
—Ara, andrea, zer biraldu deustien.
—Zeintzuk? Zeñek?
—Neugaz zertu gura leukean gizon orrek.
—Ederra da!... Baña zelan geiagoko barik?
—Ara emen eskutitza be.
—Azkar dabiltz —esan eban etxekoandreak
paperari begirada bat emon orduko—. Arin nai
ditue gauzok.
—Ariñegi, andrea. Nik biar atzera biurtuko
dot eraztuna.
—Ez, gordeizu. Ibilli gaitean astiro ta patxada
onean: erabagi obea emongo dogu. Biar edo etzi
erantzungo jakoe. Lenengo beintzat jakin daiala
gizon orrek eztala naikoa zugaz ona izatea, Jaungoikoagaz be izan bearrean gagozala.
Mañasik, bere zeregiñen erdian, ezin izan
eban aztu Arranondoko Indianoaren oparia. Oñetako barri batzuk jantzi bear dituan ume baten
senera egon zan gau guztian opari orren gomuteagaz. Begiratu barik ikusten eban ederto, bere
begien aurrean euki eban, ezin kendurik, eraztunaren argitasun deigarri biguna, ta etxeko lagun
guztiak ezagutu eben, gauza atan, iñoiz baño
artega arduratsuago egoala neskatillea oera joateko orduaren zain.
Ordu ori eldu zanean, bere gelako atea ondo
itxi, ta lenengo egin eban lanbidea izan zan, gordairoa barriro edegi, eraztuna astiroago ikusi ta
ezkerreko bigarren esku-atzean ipintea. «Ezta
makala eraztuna! —ziñoan, argiaren ondoan
eskua ipiñita—. Artoberok Josepari emonikoa
baño zerbait obea bada. Neure etxekoandreak
daukazanak langoa ia, edo ia barik Jaungoikoak
daki zenbat dirutan erosi daben au Jose Antoniok. Ta ondo egoki datorkit berau, egia esateko.
Eskuak be, dan baño askozaz politagoa dirudi.
Ikusiko baleust oraintxe neure eskuan Josepak!
Anjelek ikusiko baleust!»
Gau atan andiki ames asko egin eizituan
Mañasik, eta esnatu zanean iñoiz baño bekoki
illunagoa jarri eijakon.
Asiko etezan biguntzen Indianoaganako gure
neskatillearen biotza? Ez jakin, urreak indar
andiak dituta.
XXI
LAZKA-MATAZAK
Guztizkoak sortu zirean Españako legegille ta
Euskalerriko gauzen jaola, Arranondo ta inguruko errien izenean, urlia edo sendiak, Patxik edo
Peruk Madridera joan bear ebalata.
Etzan alango bizitasun, aserre ta nasterik
Arranondo baketsuan ikusi, arako bere seme
sendoak beste euskal-uri eder batekoakaz euki
eben indarneurtze, itxasdema edo arraunketa
estua igaro zan ezkero.
, ordukoa be andia izan zan.
Zeaztu daiogun emen irakurleari, gure arloaren
aria pitin batean etenda bada be, zeazgarria
data.
Indar-neurtze orretan, gure arranondotarrok,
ain entzute andikoak izan da; euren burua, erramuetarako, iñor ez legezkotzat eukita; irabazia
eskuan eukielakoan zoro zoro luzaroan egonda;
galdu egin eben arraunketarik ospetsuena,
galdu euren entzute andia, galdu ain nekez irabazitako dirua! Onek emoten eutsien negargu-
rea ta sabeleko miña Arranondoko emakumeai,
dirua galtzeak. Entzutea gauza ona zan, baña
entzute ori erakarriko eben barriro, urrengoan
zerbait obeto gertau ezkero. Orren sinismenik
etzan egundo Arranondon galdu. Baña ta dirua!
Euren umetxo maitien ogi ta soñekoa zan dirua,
zelan erakarri etxera, beste alango erarik gizaldi
batean etzan izangota?
Mirari bat igaro zan orduan: Tramana ta Brixek alkar artzea, biak iritxi batekoak izatea. Biak
ibilli ziran iji ta aja ioranean, erramuetea baño
lenago esaten, au zirala, ta ori zirala; onenbeste
edo arenbesteko bitartean errez egingo zituela
uretan egin bear ziran bideak; urgañeko gauzetan arei bakean itxi bear jakuela; alango morroskorik, alango bularrik, alango besorik; jango leukiena, edango leukiena, jasoko leukiena; bear
zan orduan eukiko eben ausardia, errira erakarriko eben dirutzea, egin bear jakoen arrerea... nik
dakit zenbat ipuin, ames da geiegizkeri? Biak ibilli ziran gero batera, erramuetea galdu zanean,
gertau zan arrigarritasuna siñistu ezinda, buruak
makurturik, barruak jaten, iñoiz baño erreago ta
zitalago, euren beaztun mingotxak norbaiti arpegira jaurti naian da zeñi jaurti ezin jakinda.
Onak egozan eurak orduan iñoren destañak
entzuteko ta erbestekoen adar-joteak bakean
eruateko! Ta ain zuzen orduantxe alboerrietako
emakumeak gizonezkoak baño geiago, antxinetako erdiaserreak gogoraturik, orduantxe eiebiltzan arranondotarren lepotik barre andiak egiñaz. Arranondo betiko lurpean sartu zala ta etzala bertan zer janik gelditu, eiziñoen gañera,
pozez beterik.
—Bai, —esan eban Tramanak olango albisteak entzutean— gure errira lenengo datorren
Musturzuloko edo Lekuitoko atso ezkelak eruango ditu bereak eta bi.
Esan da egin. Musturzulotik sardiña batzukaz
lenengo agertu zan emakumetxoari errira sartu
baño be lenago, erruduna edo errubagea zan
jakinbarik, asi jakon Tramana deadarka:
—Entzuizu, Mari lotsagabe, zelan zatoz zeu
Arranondora, gugaitik esan dozuezanak esanda
gero? Sardiñok zeñek erosiko deutsuzalata,
emen dirurik ezpadago? Narrubiko arpegia daukazue zuek, ijito, motxalle, pizti, zantar, zikiñok,
narrubiko arpegia. Baña neuk kenduko deutsut
batori...
Onetan ziarduala, urten eban Brixek arinaringa, eztakit nondik, txalopai emoten jakoen
bria-koipetan sarturiko lanbas bat ekarrela, ta
buztana zapaldu dautsen katuak egiten dituan
lango garrasiakaz, deitu eutsan adiskideari:
—Eutsiozu, Tramana, eutsi gogotik. Ezteutsagu narrurik kendu bear. Irugarrena ipiñi bear
jako, narru baltza.
Bai laster ulertu ta azkar lagundu besteak.
Ondo iruditu jakon Tramanari Brixen egitekoa,
txarra zalako, ta Musturzulokoari ezertarako
astirik emon bage, artu eutsazan eskuak beingoan atze-aldera, eta Aitaren semearen esan orduko, afrikatarren itxurako arpegia ipiñi eutsien
gaixoari...
Ta barre egiten ebien gero gaizkille biak, sardinsaltzallea txistuak boteaz da arpegia garbitu
eziñik ebillen bitartean.
Urrengo egunean barriz agertu zan Arranondora Lekuitoko andre zar bat, eta oni, zarra zalako, edo besteari egiñikoa naikotzat artu ebielako, imiñerdi baba zuri ta urdai zati bat emon
eutsien, ikaraz egoan andretxoari itz gozo-garratzetan esanaz:
—Ara, aditzen emon eikezu Lekuitoan,
badaukagula oraindik zer jan apur bat, gure
Jaungoikoa bizi dalata; baña zuen erriko Jaungoikoa, Urlia zaldun aberats zintzoa il jatzuelako,
geuk, Arranondoko arloteak bialtzen dogula
janari ori Lekuitoko beartsu guztienzat. Geiago
bear dozuenean etorri eske.
Arranondoren lepotik egindako barreari olango destaña ta iraintasun mingarriakaz erantzunarren; lotsagalduak, (egia esan bear da) min
txarrekoak, (edonun dago bat edo beste) ta gaizto itxura andikoak izanarren, etziran barrutik
gaiztoak Tramana ta Brix. (Arranondon eztago
biotz gaiztokorik, arranondotarra bada). Ondo
erakutsi eben barru onekoak zirala, andik laster,
erritar erramulariak garaitu zituan txalopako
agintari gizagaixoa ito zanean. Biotz guztiagaz
emon eben arranondotar danak euren oparitxoa
gizon orren etxerako, ta Tramana ta Brix ibilli
ziran eskean aterik ate, negarrez, bene benetako negarrakaz. Ordurako dana aztu jakoen.
Txarra da, irakurlea, anai-errien arteko aserrea, laster aztutekoa izan da be, ta ondo egingo
leuke aldabenak olango aserre-bidea sustrai ta
asieratik kentzea, gure anaitasuna egunean
baño egunean geiago zindotu dedin; baña askozaz txarragoa da uri barruan bertan, norbait
alkatetzarako edo legegilletzarako autatu bear
dabenean, erkideak eurak sortu daroena.
Itxas-dematik jaiorikoa baño milla aldiz okerragoa izan zan, Patxi zala ta Peru zala, Arranondon sortutako atrakala ta naste galgarria. Ez
Patxi ta ez Peru etzituan urian iñok ezagutzen,