Kresala - 6

Tx.—Ez bei bildurrik euki, Jauna. Nire alabea
berorregaz ezkonduko da, berorrek gura badau.
I. —Nik gura dot ba.
Tx. eta E. —Guk be bai, ta ezkonduko da.
I. —Zuen eskuetan geldituten da nire eskabidea.

Indianoak oso alai urten eban Txanogorrinetik, bere artean esanaz: «neurea da, diruak edegiten eztaben aterik eztagota».
Txanogorri ta emaztea barriz txotxindurik
egozan. Aberatzak izango zirean, guztizko aberatsak. Nai aña jango eben, nai aña edan, gura
aña lo egin, da lanik baperez. Etzan izango geiago gaberdian jagiterik, etzan izango besigutara
edo atunetara joan bearrik: besigu ta atunik onenak etxera ekarriko eutsiezan aurrerantzean.
Atuna ta besigua? Baita okela zati ederrak,
ardao zar ona ta tabakorik indartsuena be. Axe
zan erea! Neguan jaka-gona bigun lodi berogarriak jantziko zituen; udan, aukerako oial mei
zuritsu argi ta garbiak; egunero entzungo zituen
mezatxu bat edo bi, illuntzean joango ziran, biak
alkarregaz, Antiguako Ama maiteari eskerrak
emotera, ain zartzaro ona jaditxi eutsielako.
Euren lenengo zoroaldian, albiste entzungarria erri guztiari esateko gogoa etorri jakoen,
baña gero, gauza guztiak orapillotu artean ixillik
eukitea obeto izango zalata, egun batzuetan ixillik eukitea erabagi eben. Deitu eutsien Josepari,

eskolaua legez, eskutiztxo bat egitera, ta atean
sartu orduko asi jakozan senar emazteak:
—Josepa, zuk be gaur geugaz batean poztu
bear dozu.
J. —Zer dala ta?
Tx. eta E. —Mañasiri eskutitz bat egin bear
deutsazu barri on bat emonaz.
J. —Baña zer da bera?
Tx. eta E. —Guk be ezin siñisturik gagozan
albiste zoriontsu bat.
J. —Esaidazue ba ia zer dan.
E. —Ara. Ezagututen dozu Egurbideko Indianoa, D. Jose Antonio?
J.—Arako agure motrollo ganorabakoa?
E., arpegia zerbait illundurik. —Emakumea,
ezta oraindiño ain agurea ta gitxiago barriz
motrolloa.
Tx. —Ta ganorea, Josepa, ganorea dirua da.
J. —Ganorea dirua? Noiztik ona?
Tx. —Antxiñatik eta beti... ta orrek dirutza
andia dauka; gure etxeak artu ezin ala bai.
Zorrozkeri bizian zerbait erantzuteko gogoa
etorri jakon Josepari, baña bere lagunaren gura-

soak zer eterabillen jakingureak atzeratu eutsan
miñaren ertzean eukan esakerea.
Tira —jarraitu eban— argiratu daidazue ipuin
ori, ta Indianoaren diruakaz nundik daukazuen
zer ikusia.
Txanogorrik, barruko eztitasuna ezin gordeta, irribarrez, lurrezko pipa motza atzazkal lodiakaz beteaz:
—Eizu kontu D. Jose Antonioren diruak neureak dirala.
Mañasiren ama, beso biak bular azpian kurutzetuta, begira jaokon Josepari, onek ze arpegikera ipinten eban ikusteagaitik.
J. —Ezin dot ulertu ori zelan izan leitekean.
Tx. —Geure alabea D. Jose Antoniogaz ezkonduta!... Berbera etorri jaku, ementxe egon da,
berak esan deusku Mañasi nai leukiala emaztetzat.
J. —Baña Mañasik eztau naiko senartzat
Egurbideko agurea.
Tx. eta E., batera, aserrezko arpegia ipiñiaz:
—Zegaitik ez?

J. —Burutsua ta ona ta biotz andikoa dalako
Mañasi, ta biotz, buru ta Jaungoiko bageko gizon
bategaz ezingo litzatekealako ondo bizi.
Tx., aserre andiagoan. —Ta zeñek esan deutsu zeuri buru ta Jaungoiko bagea ta biotz gogorreko gizona dala D. Jose Antonio? Iñoren ona
ezin ikusi daben dollorren batek, satorraren
antzera edonori azpiak janaz bizi dan ozkil, salatzalle, guzurtiren batek. Eleuzkit neuri arpegizarpegi esango.
E. —Ta, Josepa, zer da burutsua izatea, zer?
Etxera datorkigun ondasuna leiotik bera jaurtitea? Zulango eskallu burubakoa izango litzateke
Mañasi be, ezkondu gurako ezpaleu...
J. —Etzaiteze aserratu, baña eztau gurako
ba... Ezta naikoa nik esatea, berak erantzungo
dau.
Tx. —Ba, ezezkorik erantzuten badau, eztau
gurean geiago ankazurrik sartuko.
E. —Ori ez orraitiño.
J. —Paperik eta lumarik badaukazue?
E. —Ara or: beko andreak emon deuskuz.
J. —Ia ba, egin daiogun eskabidea.
E.—Baña dana ipiñiko deutsazu gero.

J. —Dana.
E.—Ezteilla burubakoa izan.
J. —Bai.
Tx. —Señora izango dala.
J. —Bai, bai.
E. —Gure zartzeari begiratu daiola.
J. —Baita.
Tx. —Ondamutsuen esanari ez jaramonik egiteko.
J. —Baita.
E. —Zoriona etorriko jakula.
J. —Dana, zuek diñozuen guztia... ta zerbait
geiago.

XVII

JARDUN-ETXEAK
Emakumeak, biziko badira, jarduna nai ta
naiezkoa dabie.
Orregaitik billatu oi ditugu beti autuan, edozein aldetan da edozer akiakulagaz.
Iturrian, buruko edarriaren zabunak ezin
zaindurik eta sudur aurretik bera ta bekokian
zear, ituxuraren irudira, ur tanto lodiak datorkoezala; erosketako enparantzan, etxerako bear
diran elikaturak erosita gero, otzara zamatua,
besoak eten arteraño, ezin jasorik dindilizka daukiela; nasa gañean, euren umeai bularra emonaz, edo kalearen erdian zabal zabal, bidezko
guztiai bide-aritik ibiltea galerazoten dagozala;
errekan, elizpean, etxeaurrean, leioetan; goizean, arratsaldean edo gabaz, asti apur bat daukien tarte danetan; bik edo lauk, ixillik edo deadarka, deadarka sarri, itz egin bear dabie edozetara ta edonun, noiz nai ta edozergaitik.
Norbait iñora joan bada, beste norbait errira
etorri bada, urlia erriko gizona edo emakumea

erbestean ikusi badaue, galanta badago, gaixorik badabil, eztul txarra badauka, alborengoa
badau; auzoan jaiotzea, ezkontzea edo eriotzea
gertau dalako, jaiobarria aitaren edo amaren
itxurakoa dalako, orko edo ango neskatilleak
ezkonsari ona daroalako, gorpuari olango edo
alango iljantzia ipiñi deutsielako; goiko ta beko
bizilagunakgaitik, txalopa jaubeagaitik, erakusleakgaitik, osagilleagaitik, udaletxeko agintariakgaitik; txankame, txotxapaindu, buztanikara,
diruzale, andinaiko, koipelustre, ekin beti ta eragin mingain zorrotzari. —Jakingo leukie barri edo
albiste bat lurpean gordeta egongo balitz be, ta
uskeria izan daroe naikoa luzaroko jardun gogotsuetan egoteko.
Orretarako, gizonak euren batzar-tokiak daukiezan irudira, emakumeak be baditue euren jardun-etxe jakiñak.
Lenago, oraindik ez antziña, udako jai arratsalde ta neguko eguzki orduetan, etxeko atarian egin oi zituen billeratxoak, lauziri laumarikoak ogetamaikan jokatuaz edo batak bestea
orraztuten euen bitartean, zerren bitarte orretan
be ezin dira ixillik egon Arranondoko emaku-

meak... beste lekuetako guztien antzera. Gaur
eztira ainbeste ikusten atarietan, baña ezin itxi
daroe gabeko jardun-etxe aukeratua, batez be
neguan. Zelan ba, sukalde batean danak inguratu ezkero, beste guztietan egurra ta argia aurreratuten badira?
Ta esan daigun euren goraldirako. Aurreratute orretan Euskalerriko emakumerik geienak
mutillak dira, ta orregaitik, gizonak, irabazi aldietan, ardantegi edo sagardantegian bear baño
erreztxoago txanpona emoten dabien bitartean,
emakumeak askotan oidabiltz buruausten, txanponari nondik iraun eragingo edo txakur txiki bat
geiago zelan irabazi edo atarako. Baña gauzeari
iraun eragiten edo diruari ondo begiratuten Arranondoko emakume zintzoari eruango deutsanik
ezta iñun jaio. Ori bai, eralgi ta zabalduko daue
itza ugari, imillaunga edo imiñaka; baña ez dirurik. Dirurik ez eralgi, batu albada. Esangura
andiakaz joaten dira batzarretara, baña beti
doiaz eskulan, arazo ta irabazbideren bategaz.
Eztaroie gaur nire ume-urte gozoetako
ardatz, goru ta matazuzkirik; eztira orain Arranondoko eskaratz sukaldeak sapio, mulo ta amu-

koen autsagaz loituten; ezta iñun ikusten ez
matazarik, ez ardazketarik eta ez arilketarik, eta
ezta entzuten be niri ainbeste ames eragiten
eustien lamiña ta sorgiñen ipuin itzal bildurgarrizkorik. Orreik gauzok, sañez beteriko krusallu
baltz koipetsuaren egunetako ekanduak, joan
ziran betiko, beste oitura gomutagarri asko joan
diran taiuan. Gaurko egunean andrazkoak batzarretan daroien zeregiña, sarea edo galtzerdia
izan oi da, edo gona, praka ta atorra zarren arabakintea.
Krusalluaren egunak antziña joan ziran, baña
oraindiño, gure andrazkuok, sukalde bakotxean
argi motel bat euki daroe danentzat, merkiena.
Ezta geiagoren bearrik sarea edo kaltzerdia egiteko, mutikoaren atorreari aitaren zarrenagaz
idun, eskutur, mauka barriak ipinteko; senarrarenari arratadarik andienak josi ta paparrean
soin-ale bat edo bi ezarteko, ta neskatoarentzat,
amaren goneari aloz batzuk artu ta gerria zerbait estutuaz, gona polit bat egiteko. Eztala ona
izango? Tramanaren alabak ezeuen oberik eukiko jaio ziranetik amabost urteraiñokoan.

Batzarrean batu ondorean errosarioa esatea
da lenengo egin daroen lana. Lan luzea: nik eztakit norañoko Aita gure ta Abe Mari-en erreskadea esaten dauen azkenean, bidietan da itxasoetan dabiltzanakgaitik, gaisoakgaitik, il zorian
dagozanakgaitik, etxean il diranakgaitik, aide ta
ezagunakgaitik, Garbitokiko Arimakgaitik eta
neke premiñetan dagozan beste askogaitik.
Danak aspertu barik jarduten dabie lan luze
done orretan; Tramanak eta Brixek be bai, bada,
zer esanik be eztago, olango billaldiak egozan
tokian, Tramana ta Brix izaten ziran nagusi edo
etxekoandre, biak etxe banatan. Etziran zorro
bateko urunak.
Eta iñok ezeukean esango, Tramanori arrenetan egoanean, nasako Tramana bera zanik; ain
samur-itxuran egiten eban arrena, goi goitiko
deadar me ta erdi negarrezkoan, katuaren aueneko miauaren irudira, baña gero, errosarioa
esandakoan, biurtuten zan bere betiko senera;
goi-goitik be beraño erasten eban, eztakit nik
zelan, bere itza, ta loditu, sendotu ta garraztuten
jakon berealako batean. Errekisto biko orgañua
eukan eztarrian, bere lagunak ziñoenez.

Arrenak amaitu ondorean asten ziran lagun
urkoai narrua kentzeak, eta orduan erakusten
zituan bere griña gaiztoak gure atso zabal onek.
Berau joaten zan etxean, gau baten, erriko
gauza guztiak goikoaz bera ta azpikoaz gora erabilli ta gero, nor edo nork itandu eban:
—Zer egin zan Mari Errotaren ezkontzeagaz?
—Eztakigu. Galdu egingo zan edo... Ixillik
dagoz beintzat Sardinzarrenekuok.
—Ondo bero ebiltzan ba eraldi batean. Beste
zerbait egongo da or. Mari Errotak esan ei dau...
—Mari Errotak edozer gauza. Gurasoak bai,
Anjelen gurasoak ibilli ziran berorik; baña semea
guztiz otza eida olango gauzetarako.
—Otza, e, otza? Antonigaz izango da ze, neuk
ikusi dot iñoiz besteren bategaz ondo gogozkoa.
—Zeñegaz?
—Mañasigaz.
Onetan, billaldira besteak baño beranduago
eldu zan atsotxu batek, albisterik onenaren jaubea baillirean, bere burua jaso ta eskuari eragiñaz,
—Mañasii! —esan eban— Ai enetxoak! Mañasik orain gora begiratuko dau. Ezer eztakizue?

—Ez.
—Bada ezer ez izatea izan leike, baña niri
gauza bat otu jat.
—Zer dala baña?
—Atzo illuntzean Egurbideko zimarroia Txanogorrinera joaten ikusi neban.
—Indianoa?
—Bai, ta berak urten da laster, Txanogorriren
andrea, poz itxura andian, Joseparen billa ebillen, Mañasiri eskutitz bat egin bear eutsielata.
Ortik artu neban atzo susmoa, ta gaur, Txanogorriri barri onak daukazan itandu deutsatanean,
baietz erantzun deust, guztiz onak. Eztot astirik
izan geiago jakiteko, baña...
—Aita ta semea ta!... Apetaldia da! Ikustekoa
izango litzateke.
—Ikustekoa, esatekoa ta entzutekoa. Egundo
olangorik!
—Orixe da azartona!
—Azartona zergatik?
—Ia ba, milloi bat baeidauka zimarroi orrek
eta...
—Milloi bat! Auntzaren gaberdiko eztula da!

—Ta milloiagaitik zimarroia edo izurde ustela
artu bear da senartzat?
—Ja jai! Izurdea ostera? Benetan, aren lepo
lodi baltzak izurdearen antz pixkat badauka.
Baña oraindiño itxurazko gizona dagotsu.
—Itxurea bai ta kemenik ez. Orreik, Ameriketan izandakuok, osasuna galduta etorten dira.
Suldarrez beteta eidauka gorputz guztia, ta
gañera gibeleko gatxa ta kuntzurrunetakoa be
baeidaukaz. Eztabil ba beti Zestuako ta Zaldibarko urak edaten?
—Bai, ta orregaitik itxi eben Azeritxuneko
Petrak eta Birigarroneko Mikallak, ez dirurik nai
ezebelako.
—Ezkontzeko gogoaren bizarra dauka agureak.
—Ta lausotasuna andia ari alabea emon gura
deutsienak. Aingerua lango neskatillea judioak
baño okerragoko gizonari!
—Ori da bildotsa otsoaren auan ipintea
beste.
—Ixo, ixo, eztakigu gauza ziurrik eta!
Baña etzirean ixildu. Bai zera! Ezin eben. Ain
zan albiste ori jakingurearen esnagarria eze,

entzun ebenetik eta bigirea amaitu arteraiño,
bera izan zan gau atako jardungei bakarra. Erruki barik astindu zituen Indianoa ta Mañasiren
gurasoak; ezin geiagoan mutildu, billostu ta
barregarritu zituen irurak.
—Ikustekoa egongo da —zirautsen— Txanogorri balaunetarañoko lebiteagaz! Da emaztea
sedazko parpalladun soñeko luze luzea jantzirik?
Tramanak jasoko eutsan atzetik, kaleko autsetan
loitu etxakion. Ja, jai! Amona mona se quera....
Indianoa barriz itzain ibilli eizan Ameriketan, ta
andik etorri ezkero be, zaldun jantzia eukiarren,
itzaiña baizen besterik etzan. Baña arroa andia,
bizturiko zorri guztien senera. Ezeiekian beartsuari arpegirik emoten, da aurreragoko egun
batean, Tramanaren agurrari muu erantzun
eieutsan... Ezeukan Mañasik lan makala izketan
ari erakusten Da Aitearen egiten gañera, ezekian
da.
Besteak baño zentzun geiagokoa edo biotz
obekoa zan andrazko batek.
—Gazteak —deitu eban azkenean— larregia
be larregi da ta itxi daiogun gauza orri bakean,

egia dan edo ez jakin arte bada be. Onek Tramanonek nastuko leuke...
—Ee? Nik orain? Nik ekarri aldot albistea?
—Ez, baña zeuk zirikatu dozu geienbat eta
zeuk esan dozuz esatekorik andienak.
—Ondo egin dot, eta albiste orrek egiak urteten badau, obeak entzungo ditue, arpegiaren
aurrean esan da.
—Baña beti izan bear dozu?...
—Bai, beti, Tramana txarra dalako, zeuek be
etzara onak baña. Ez, zeuek bez. Tramanak
emen txarria ilten dabenean, zeuek egoten zarie
txarriari anketati eutsika, ta zeuek jaten dozuez
gibel-odolosteak.
—Ba danok egiten dogu txarto, zerren ezkenduke lagun urkoa ainbestean iraindu bear.
—Iraindu ez? Zuzitu, banatu, birrindu ta itxasora jaurtiko nituke nik irurok; batzuk, euren
neurritik urten gura daben zoroko, itsu, asto,
ganbelu dongeak diralako, ta bestea, len be
esan dot eta, panparroi, judio, ustel, izurde,
zorribiztua. Eztiñot nik guzurrik: niri egin eustan
erantzuerea, bardin bardin neuk diñotan langoa
zan: muu!, olantxe.

Bigirako guztiak Indianoaren lepotik barrez
estanda egiten jagi zirean. Iñor etzan aserratu,
Tramana bera bez, itxurak egin arren; iñok ezeutsan ezer erantzun, «zugaz ezin leike» baño besterik.
Eta bazan norbait, jardun etxeko atetik urtetean, Tramanari barriro itanduten eutsana:
—Zelan, zelan esan eutsun?
—Muuuu! —egiten eban ostera be arek, lagunak algaraka eukazan bitartean.
Ain zuzen, orduantxe eioan Indianoa gizonen
batzar tokitik etxera, ta urriñetik ezagutu ebanean murruskadaduna, bazirautsan bere artean:
«niri espiritista batek esandakoa egia bada, gu
izate batetik bestera biurtu albakeikez, Tramana
beia, idia, edo zezena izango zan emakume baño
lenago».

XVIII

ATXETAN
Mendien egalean da itxasoaren ondoan Arranondotik L...raño dagon iru orduko bidea, nik
ikusi ditudanetik ederrenetako bidea bada.
Bide orren alde batetik ikusten da, orain
aldatz bera datorren solo gariz betea, gero
sagastitxo bat, laster baserri eder bat, beingoan
iratza zabal berdea, gaztañadi andia urrengo,
arizti tantaitsua ondorean, errekondo sakon bat
noizean bein, sagasti andiak ostera, soro landuak barriro, ta bidearen biurri batean, usterik
gitxien dan orduan, buru alde guztia arrano goitarrez inguraturik daukan ikaragarrizko atx andi
baltz sendo ta arro zerurutz jasoa.
Beste aldetik kantauriako itxas bardinbagea
agiri da bere betiko edertasunez apaindurik, ain
laster urdin, bare ta baketsu urertzean txiplitxapla jolasean dagoala ta Bilboruntz edo Donostiaruntz, Franziara edo Santander aldera doiazan
ontziak eta Euskalerriko arrantzalien potintxoak
bere mokorren gañean maitero darabilzala; ain

laster gaizto, aserre ta bildurgarria, bitsez betea
ta irakiña, bere gañaldeko gauza guztiak ondatu
nairik eta legorreko atx irme gogorrakaz burruka
indartsu bizi ta amorratuan orroaka.
Bide orren itxasaldetik dagozan atx zati
andiak, batzuk, txukuntasun bageak, akatsez
beteak eta zulotsuak, beratuten dagozan artalakatz lodiak dirudie; beste batzuk, leun leunak,
odoldi berde bigunez jantzirik dagozanak, bedar
txondorren itxurea daukie, urriñetik begiratu
ezkero. Atx asko dira bertan sustraia daukienak,
baña geiago goitik bera jausirikoak, eta zelan
iñok eztituan alkarren gañean tolostu, itxasoaren barezko egunetan, zulo, tarte, utsune ta
inguruetatik sartzen jakoe ura polito, ta oni bai
ta orri ez, alderdi batetik bai ta bestetik ez,
azpiak eta alboak miazkau naian edo betiko igortzi bigunaren indarrez ondartu ta ezerezera erakarri bailirean ibilten jakoe, ziliboka ta bairatsu;
baña itxasoaren aserre orduetan, urazpian ezkutaurik edo alderdi guztietatik bitsa darioela egoten dira arkaitz danak, esnetan egosten dagozan
arto zati lodien antzera.

Atx tarte orreitara jaurti oi ditu itxasoak, bere
amorroaren ezpanetara jatorkon bitsagaz nastauta, ibaiak legorretik eruaten deutsazan egur,
mallasto, abere-il da zakar guztiak; txalopetatik
jausten direan edo baga ausarditsuak ataraten
dituan balde, tosta, panel, tolet, estropu, lanbas,
kako ta treotzarak; an bertan sortuten dira lapak
eta mutxilloiak, marraskulu, lanperna ta itxastriku edo morkotzak, eta bertan daukie gañera
euren bizitzea izkira, amarratz, olagarro ta beste
janari mueta gozo askok. Orregaitik joaten dira
atxetara Arranondoko emakume ta mutikoak
egurbilla; itxasorako gauza eztiran aguratxoak,
kañabereagaz atxarrain batzuk atara naian edo
lapa, marraskulo ta lanperna eske; eta iñoiz
bein, erriko jauntxoak be bai, erbesteko txankame batzuekaz nastean, etxetik kanpora ta arrantzalien itxurak egiñaz, ordu alai batzuk igaroteko
ustietan.
Mañasiri bigarrengo eskabidea egin jakonetik
laster, araxe joan ziran goizean goiz, egun guztia bertan emon bear ebelata, beste askoren
artean, geure ezagun batzuk: Iskillosdunen

Nagusia, Indianoa, Lantegiko Jaubea ta Ontzi
Agintari Zarra.
Au eben guztien buru. «Ia mutillak —asi zan
esaten eldu ziranerako —ekin danok lanean.
Emen eztago ostaturik eta itxasoari kenduten
deutsaguna jan bear dogu gaur. Oraintxe ikusiko
da bizi izaten atara aldaikegun. Zu, Jose Antonio,
esku-zurdea artuta, zoaz arako an dagoan atx
lerdenaren gañera, ia arrain batzuk ekarten
dozuzan. Zu, Fernandez, beste alde onetara, ta
etzaite etorri lupiña bi barik. Ortxe egon bear
dabie, ta badakizu guztiz ederrak dirana. Batek
egurrak batu ta sua egin daiala, te besteok gura
dozuen tokietara joan zaiteze. Ni, ura beian
dagoan bitartean, lanpernatara noa».
Oñetakoak kendu ta praka barrenak gora
jaso zituanean, ezkerreko galtzarpean zorrotxoa
ta eskumako eskuan burdiña luze bat arturik, asi
zan lasterka, atxetik atxera, lagunetatik aldenduten. Bekian itxas gizon orrek nun egozan lanperna zulorik onenak, baña ezeban gura beste
iñok jakiterik, urrengorako be. Ezkutuan euki
gura zituan berak idorotako lanperna gozoen

sor-lekuak, umeak txori abiea iñori esan barik
ezkutuan euki oi daroen antzera.
«Arrapauko aut» —bere artean esanda—
jarraitu gura izan eutsan Lantegi-Jaubeak, baña
alperrik: bidean eukazan labantasun, traba,
utsune ta min artzeko arriskoak ikusi zituanean,
atx batetik bestera joateko bi edo iru aldiz jirabira neketsuak lau anketan emon da gero, erderazko ¡moño! batzuk esanaz, bertanbera gelditu
zan, lan errezagoko batean: lapak eta mangoliñoak batzen. Areik etziran gizona ibilteko tokiak.
Bitartean, mutil sostor bat sua egiten itxita,
sakabanatu zirean besteok ara ta ona, ioranik
andienagaz, bada geienak ezeben egundo arrantzarik egin, da euren adjutu ta zintzotasunez
arrañak artzeari gauza andia eritxoen.
Zentzun guztiak euren arloan ipiñita, ur azal
biziaren zimurretan batera ta bestera, gora ta
bera ebillen artalakatzari begira, edo ur garbi
barru mamiñean agiri ziran arraintxoen igari
politak ikusten, luzaroan egon ziran batzuk, ezer
artu eziñik. Zenbat emongo eteukien arrain
andienetako bat euren eskuetara erakarteagaitik! Bada antxe be, beste edozein tokitan lez,

arrotasuntxoa eukien gizonak, eta bakotxak izan
gura eban errimiena.
«Elduko baleutsa jakiari arako buruandiak! —
zirautsan berarengo gure Indianoak itxaskabra
bateri begiak boteaz—. Eztabil ba urriñean...!
Et... et... Zer naigabea! Apapuan, jausi egiñean,
ia-ian zanean, bira ta iges itxaskabreak... Baña
betorren, betorren barriro... oraintxe, oraintxe...
gora...! Bai, gora!, baña utsa, ta jakia galduta.
Jaki barria ipiñi bear, da ipinten egoan bitartean,
arutzagoko lagunak karraspio andia eskuetan...!
Añaniñuena!»
Olantxe joan jakoezen orduak, zerbait artuko
eben itxaropenez beterik, eta arraintxuren bat
eskuartean ikusi ezkero, pozarren, Napoleonek
gudarik andiena irabazi ebanean baño pozago.
Goiz-berandutxoan agertu zan Ontziagintaria, iñok ezekian ezkutuko bere atx-zuloetatik;
zorroa bete lanpernagaz; jeupadaka ta eskuziñuka deitu eutsen lagun guztiai; sartu zituan lanpernok ur gesalagaz ordurako sugañean egoan
topiña baltzean, da asi zan lagunok ekarren
arrantzea zelangoa zan ikusten... ¡Marari marariena! Lupiñarik ezetorren. Pantxoak ekazan

batek; beste batek itxaskabrea, durdo bi ta iru
karraspio; Indianoak, txangilla ta mustoa. A, ze
janaria, ainbeste gizon andirentzat! Lapak eta
mangoliñoak egozan ugari, ta besterik ezean,
lengo arlotearena esan bearko:
«Lapa. y mangoliños,
Txanton Erreka,
Ondo gozoak dira
Sutan erreta».
—Erre, erre, —esan eban Agintariak— erre
jatekoak diran gauzok. Galsuaran baserritik
ardao ta ogia dakarrezen bitartean. Txangilla ta
mustoa gorde daizala Jose Antoniok etxeko
katuarentzat.
Galsuarandik ogia ta ardaoa baño zerbait
geiago ekarri eutsien: lapiko andi bat bete baba
baltz, urdai azpiko ta lukainkaz ondo gozaturikoak.
Zerbait bear zan egun bateko arrantzaleon
urdallak beteko baziran. Goseturik egozan geienak, ia guztiak gogo andikoak, Lantegi Jaubea
bakarrik jankartxoa.

Onek ziñoanez, astakeri andi bat egin eben
atxetara egun guztirako joateaz. Eguzki galdatan arpegia erre jakon berari ta burua berotu,
txirristadaka eskuak eta praka belaunak urraturik eukazan, kerizpean jarrileku on bat ezin eban
idoro, baba baltzak ezin zituan iruntsi, arrañak
txarto erreta egozan, itz batean esateko, dana
zan beretzat gogorra ta latza, ta etxeko kerizpe
ona, jarrileku egokiak eta jaki gozo guranaikoak
izteari, zorakeri andi bat eritxon. Alan ezin zeitekean gizonik bizi.
Indianoa eban zerbait bere alde, baña beste
lagunak, sendokoteagoak eta oituagoak, patxada onean ziarduen aurrean euken danetik jaten,
da Lantegiko Jaube argal, makal, bigun, gizagaixoari, marmarrean toki on bat billatu eziñik ebillen bitartean, barre egiten eutsien, barre algaraka, ta adarra jo gañera galanto.
Baña guztien artean zirikariena Ontzi Agintaria jaokon.
—Oituko ziñake, itxasotik bizi bear bazenduke —zirautsan—. Au beingoa da bildur bageko
arloa, geure gurariz egiten dogun jolasa. Ondo
alaitsu etorri gara, naikoa lo egin da gero; eta

gañera, ostaturik eztagola esan deutsuet, baña
ostalari ona billatu dogu Galsuaranen. Baña gure
erriko arrantzaleak, zuri sardiñea ta besigua saltzen deutsuenak, gogo asko barik, lo gitxiago
eginda, egunero, eguzki beroagoaren azpian kiskaltzen, ia janari bage, tosta gañean jarririk eta
lepoa nun ipiñi eztaukiela igaro bear izaten ditue
ordu aspergarriak, erramuari tenga ta tenga.
Ikasizu, (begiari kiñu eraginaz) arraña zenbatean
erosi bear dan jakiteko.
—Jolaserako gogo andia daukazu, zeuk, bana
erruki gitxi. Ekatzuz lanperna batzuk, orretxek
dagoz onenak eta.
—Errukarriari erruki ez zuri. (Eskua bete lanperna emonaz). Ez nik errukirik zuri ta beste
onako izerdi koipetan dagoan oni, (Indianoagaitik) mukertxo dakust berau baña. Zuek añako
bizibide onik eztaroa iñok Arranondon. Goizean
zortzirak aldean jagi, buruko uleak eta arpegiko
bizarrak orraztu, ta egunaren orduak ezin emonik gero: orixe da zuen bizibidea.
—Geure lengo lanari eskerrak.
—Len egingo zenduen ze, gaur beintzat ikusi
da zenbat daikezuen. Batorrek lapa ta mangoli-

ño batzuk ekarri dozuz, besteorrek txangilla ta
mustua, ta emen zagoze biok auldurik eta ezer
geiagorako etzariela.
Iskillosdunak. —Jose Antoniok arrantzan
badaki, itxasoan ezpada, legorrean. Nik entzun
dotanez, arrain ederren bat katigau eijako
bere... diruan.
Azkenengo itz au ixil ixillik esan eban, Indianoak ez entzuteagaitik.
Itxasgizonak. —Bai ete? Neuk be zer edo zer
entzun dot, baña eztot siñistuten. Barriro be
lenagokoa izango da: usain egingo deutsie arrañak amoari, ta gero iges.
Iskillosdunak. —Baña masia jaurtiten badau?
Itxasgizonak. —Masia onek jaurti? Erakutsi
bai, baña emon?
Indianoak. —Zegaitik ez? Zetarako ditut ba
neure diruok? Eznazue zuek ondo ezagutzen.
Danak. —Bien, Jose Antonio, ederto diñozu!
Itxasgizonak. —Benetan, etzazauz gaur iñok.
Indianoak. —Nik i, bear danean, masia botaten badakit.
Itxasgizonak. —Beraz, badarabilzu zerbait.
Indianoak, irribarrez. —Bai, zerbait bai.

It~asgizonak. —Manasigaz?
Indianoak. —Mañasigaz.
Itxasgizonak. —Bazkari onen bat emongo
deuskuzu orduan.
Indianoak. —Bai, gaurkoa baño obea.
Iskillosdunak, edanontzi bat eskuan artuta. —
Jaunak, edan daigun ezkongeiaren osasunerako!
Lantegi Jaubeak, albokoari, belarrira. —
¡Tabaco! Gaur danoen artean egin dogun astakeria baño, onek bakarrik andiagoa egin bear
dau.
Barrea ta esangurea ezpanetan gelditu jakoen guztiai makilladun gizon bat akitika ta izerditan eurekana etorrela ikusi ebenean.
—Pedro errizaña da —esan eban—. Zer ete
dakar?
Berialaxe jakin zan zer ekarren. Alkateak
bialdu eban Bilboko diputau gei bat erriratu zala
ta Jaun guztiak udaletxera joateko esatera.
Guztiak. —Zein da bera?
Errizañak. —Eztakit.
Lantegi Jaubeak. —Danadalakoa, goizago
dabil. Oraindiño lau egun ezta Sagastak agintea
itxi dabelata...

Itxasgizonak. —Danadalakoa, agur Arranondoko alkartasuna ta agur gure arteko bakea!

XIX

MASIA
Gau atan bertan, ukabil sendoa lotuta Indianoaren etxe-atean danbada batzuk emonaz, Ave
Mai Puixima! deituten eban gizon arrantzale
batek.
Atea eregi ebenean, barrutik etorren argiagaz ezagutu genduan deizalea zein zan: Mañasiren aita, Txanogorri.
Zer eteroian berak Indianoaren etxera?
Aurraldeko beste etxe batean zelataka egoan
atsotxoak ezekian, gura izanarren; baña neuk
dakit eta esango deutsuet, irakurleak.
—Ara, Jauna, —esan eban Txanogorrik Indianoagana eldu zanean —lotsatube egiten naz,
baña, laguntasuntxo bat eskatutera nator. Egia
da, berori gure Mañasitxugaz ezkontzen danean,
legatzetarata joan bearrik eztot izango; baña,
edolabere. itxasotarra nazalako itxasoari guztiz
ezingo deutsatala itxita, orretarako potintxo
barri baten bearrean nago, erri aurrean da
atxondoetan ibilteko baizen ezpada be. Lengoa

zarra daukat, zarra ta sorra, askotan arabakindua, sutarako baño geiago ia eztana, ta barria
neuk egiteko eztaukat naikoa dirurik. Irabazi txikia izan dogu aurten, Jauna, ta jan bearra, jantzi
bearra ta etxe-saria emon bearra edozein urtetan legez... Berorrek milla bat errealegaz jantziko banindu, nik potin barria eukiko neuke. Txanpon arotzanean ikusi dot gaur bat, ondo polita.
Indianoa, bekokia zimur zimur eginda, ezpanetako bizarrari tenga gelditu jakon, begira begira.
—Zeuk eztaukazu dirurik bape? —itandu
eutsan gero arrantzaleari.
—Bape, bape bai, baña neskatilleak ezkondu
bear badau esku utsean ezingo dogu etxetik
bialdu, ta ordurako zertxobait gorde nai genduke.
—Gizona, zeuek dirua eukita beste bategana
diru eske joatea, ezta itxurazko ibillerea.
—Baña, Jauna, esan deutsat ba, eztaukagu
txalopea erosteko aña, eztaukagu naikoa. Tira,
estu estuan onezkero Mañasik be zer edo zer
aurreratuko eban da, berak daukanagaz... berorregaz ezkondu bear izan ezik...

Indianoak, milla erreal emotea baño aoko
agiñak ataratea gurago eban; baña, ezkontzarako bidea okertuko ete jakon bildurrak ikutu
eutsanean, jarrita egoan tokitik aida batean jagi,
inguruko gelatxo batean sartu ta atara zituan
nunbaitetik diru-paper batzuk.
—Nire izketea esate bat baño besterik ezta
izan, —esan eutsan Txanogorriri, paperok bere
eskuetan ipiñiaz—, baña ara emen nire borondate onaren pruebea.
—Zer da au, Jauna?
—Dirua, milla errealak. Onek paper batonek
eun peseta balio ditu, onek beste eun, da onek
sinkuenta, berrogetamar.
—Eun da eun... berreun... da berrogetamar...