Kiton arrebarekin - 4

ezagutzea ta maitatzea. Batez ere zeruan oinbeste ta oinbeste milloi Aingeru; ori egiñez ez
baitugu Arengandik aldegiten; ostera, aiek maitatuz. Bera baitugu maitatzen.
D.— Senideek elkar ikusiko ote dugu zeruan
ere?
N.— Senarrak emaztea ere zergatik ez?
Batek esan zidanan: «zerua ez da neretzat osotara zeru, senarra ikusi bear ez ba’dut».
D.— Ori duk ateraldia!

N.— Zer nai yun? Gizaki izatea etzigun kenduko Yainkoak, beñipein. Ebangelioak diona: an
ez da iñor ezkonduko; denak Yainkoaren Aingeru
ditezke. «Egia, bañan aragiz ez ba’da ere zergatik ez elkar maita Aingeru bezala, ta beste edonor atze baño geiago? Santu ziranen gurasoek
ez al yunate poz aundiago ta dirdai aundiago
beren semeak ikustean? Eta zergatik ez gallendu
ere, aien guraso izan ziralako?
D.— Bañan, esana dan bezala, «zu zeruan
gorago egongo zera ni baño, ta etzaitut ikusiko».
N.— Beti ez al ditxin beren yar-lekuan eserita
egongo. Gañera, len esan yunadanez, zerua
batez ere egoera doatsua din. Elkarren ondoan
egonik ere, bata bestea baño gorago zegon, ots,
batak Yainkoaren dirdai aundiagoa agertzen yun
besteak baño. Ola gertatzen dun izarretan ere:
bata baño bestea dirdaitsugo ikusten zetunagu
emendik, San Paul’ek diona. Beraz, etzaidan iduritzen, amak bere semea ikusi nai ta, ikusi gabe
geldituko danik: ez zerukoa, ez linbokoa.
Eta toki berezia ba’lukete ere, zergatik ez ara
yoan zerutarrak, legorretik itsasora bezala edo
Europatik Ameriketara bezala?

D.— Ori esan, mutikoa. Beraz, guk ere anai
bataia gabea ezagutuko yuagu.
N.— Baiki. Ta oinbeste amak beren erraietako aurrak.
D.— Eta aur oien gorputzak biztuko ote dira
azken-egunean?
N.— Nik uste. Ipernukoak ere bai, gaitzerako;
egin zituten gaiztakerien zigorrak yasateko.
Areago, beraz, aur gaixo oienak.
D.— Zerukoen eta ipernukoenak, bai, igerritzen zioat; baña zergatik linbokoak?
N.— Aien anima, berez gorputzean bizi izateko egiña yun, eta gorputza animarentzat egiña:
biak elkarrentzat. Yainkoak ala egin zetunan, eta
eriotzak bakandu ba’zitun ere, elkarrekin batu
gabe ez ditxin gizaki. Aien izatasunari berez zor
zaion bat egitea, ta Yainkoak ezin ukatu, artarako egin zitun ezkero.
D.— Gizon-gorputzekin, alegia?
N.— Bai, erne-berrian illak ba dira ere.
D.— Ez ote dira aur-gorputzean geldituko,
beti aur?
N.— Ez nik uste. Eman dezagun egun bateko
erne-muña dan aurra, ots, aurgaia, ta beratzi

illabete zitun aur eldua, yaiotzean illa. Erne-muñ
arek aur izateko, asko azi bearra zeukan. Beraz,
aur eder izatea ba’legokio, zergatik ez aur ederrari gizon eder izatea? Eta zergatik ez, eketx
atera ziran guziek, gorputz berdintsueekin?
D.— Ala esan litekek.
N.— Iñolaz ere, gure gorputzen dirdairik etxunate izango, baña lurrean bizi diran gizonak
bezain ba dirakela esango niuken.
Ara beste gauza bat: gu ederragora aldatuko
gatxin, etxeko kera galdu gabe; bañan aur oiek
obeki gogora ekarriko dutela natxon beren etxekoen antza, lurtar izan giñanean bezala. Ez
gatxin izango emen bezala, etxeko batzuk beltxeran, amaren aldera, ta besteak zurito, aitaren
aldera.
D.— Ikusten!
N.— Eta aien aitameri etzaien ukatuko beren
aurrak ikusteko poza, ta bereziki maitatzeko ere.
Iñuxente il ziran gizagaxo zentzurik gabeak ere.
Aiek ola maitatzean, esan dutanez, Yainkoa maitatuko baitute, Berarengandik begiratua atertu
gabe.
D.— Etzaidak iduritzen gaizki asmatua.

N. Au ala ba-zan sartu bedi kalabazan; ez bazan, loratu bedi baratzan.

GARBITEGIA
N.— Esan oi yunagu norbaitek eramankizun
aundiak ditunean: «Ze burgatorioa gaixo orrek!
Beste kixkailtegi ua bera ikusi dunik ez ba da
ere, Garbitegi esaten zaiona, bai, gutxi edo asko.
Ongi eramaten ba’da, anima garbitzen baitu.
D.— I ere ederrak ikusia aiz, gizgaizo ori!
N.— Ez aipatzea obe, neska, edo aipatu ta
aipatu. Españiko matxinadaz ez mundu guziko
gudaz etxunak amets zakarrik batere egin;
bañan arako beste Garbitegi artaz, oraindi bazetunat ametsondo gozakaitzak.
Ogei ta zazpi urte aundi! Egunez pakean ba
nago ere, gauean aldiz oroitara zaizkidan. Orrek
adieraziko yun nolakoak ikusia naizen.
D.— Gudaldian bañon aundiagoak?
N.— Askoz ere. Bein zeukenat gogoan, San
Kristobalen etxean nengola egin nenunan
amets.

D.— Ez duk amets astuna.
N.— Beste bein Prantzian. Gurs’eko atari itxitu edo Mirandategi artatik atera berri nintxina.
Landes’etara igesegin nunan, adiskide aundi
Martin Oiartzabal yaunaren etxera. Atsalde artan
oillar eder bat il zunan biaramonerako. Gau
artan beste amets au egin nenunan: Gurs’eko
eilegorrean etzanik nengola, ta etzauntzaren
sapaia egunez bezala ikusten nula. Ametsa gaitzerakoa danean askotan gertatu zaidan: «ametsetan ari ote naiz?», eta, berela esnatzen
natxin.
«Gaur yakiña ametsetan, biar oillarra baitugu
yateko. Bi amets oiek besterik etxunat egin biurrialdi oietan.
D.— Ez ditxik amets izugarriak. Eta Gurs’en
nola?
N.— Ez ain gaizki. Zazpi kilo galdu nitunan,
baña ba-nenunan adiskide bat musikaria ta arekin nengonan egun guzian kanta ta danza ikasten. Esaten zunan yendeak: «bi oiek bai doatsu
dirala! ez baitira konturatzen itxituan daudenik».
Egia; lo berriz, yakiña. Bein bazkalondoan etzanik nengonan, begiak itxirik, eta, «ez al da doa-

tsu Orixe, orrela lo egiten duna?», esan zunan
batek.
D.— Zergatik eraman induten ara?
N.— Prantses gizagaxo aiek burua galdu
zunaten, alemana sartu zitzaienean. Guregana
iduritu txarren batek artu zitunan. Ori barkatzekoa din. Guda bukatutakoan ere, gose apur bat
ikusi genunan; ez ordea Petiri-Santz, esateko.
Ondoan neukanan Oñati’ko Jausoro. Gizagaxoak
ango eltzaririk ezin yan, eta neri ematen zidenan. Nere zakuan biena errex kokatzen zinan.
Zazpi kilo besterik ez nunan galdu iru illabete
terditan. Baña Prantzian, ango mendeko Euskalerrian, obeki esan, Donibane Lohitzun’en Burgatorioa zegonan neretzako, azken alde ontara.
D.— Eta?
N.— Ez din aztutzeko Elias’ek esan zidana:
Elizaren alde bizkor yokatzeko.
D.— Prantzian Elizak etsai aundiak omen
zetuk.
N.— Ez din ortaz. Etsaiak, obeki esan, adiskide miñenik bear luketenen artean: apaiz eta
goragoko Elizgizonen artean.
D.— Ikusiko uke!

N.— Asi zitinan Españian ere sasi-yakintsu
batzu, Yainkoak bere Liburuetan esana bere
gogara makurtzen, mundutarren belarria goxatzeagatik, egiari muzin egiñez, ipuia zeritela.
Batez ere Prantzian, buru-yario ta mihi-yario
gogorra baita prantsesa. Bear duna ta ez duna
buruz irauli bear; agora datorkion guzia tar-tar
adierazi bear.
D.— Apaiz yende ta goragoko oiek Elizaren
aurka?
N.— Izan ere. Ta apaizgaieri irakasten ari
diranak. Urte artan asi zinan Baionako Apezpikutegia moda berriko ipui oiek zabaltzen, an emen
iriz-iri mintzaldiak egiñeraziz. Etorri zitinan Donibanera bi Irakasle. Obe zunaten etxean gelditu
ba’lira.
D.— Ortaraño?
N.— Ortaraño. Bat arek mintzagai zer zun
esatea ere lotsagarri din: «bide yatorrez-bestera
aurra nola egiñerazi diteken, eta zillegi ote
dan....» Ikustokia leporaño betea omen zegonan... nexkato gaztez.
D.— Yes!

N.— Ontara ez nintxinan agertu ere. Esana
yun San Paul’ek, olako gauzarik aipatu ere ez
egiteko: «nec nominetur in vobis».
Eta erriko yende xumeari ori agintzen ba’dio,
zer esango ote zion apaiz bati?
D.— Ortaraño galdua dago lotsa?
N.— Okerrago dana, beste Irakasle bat siñeskizunen aurka ari izan zinan. Esan zitekenan
gaiztoek eman ziotela dirua. Artara, bai, ederki
egin zunan.
D.— Yakiñaren gañean eta naita?
N.— Buru-arinkeriz?... Obe bearrez?... Bere
burua erakusteagatik?... Etzekiñat. Lenbizi Elizan arratzaldetik iragarri zunaten. Atarian paperak erruz zabaldu zetunaten zertaz mintzatuko
ziran «Gure Etchea»n. Etxe au Parrokiaren yolasetxea din. Paper oiek au esaten zunaten azkenlerroan: iñor bestera baldin ba zegon, atera zedila, itza bere zula. Bildur izaki ni ta yoan natxin
oraingoan. Mintzagai: «Gizonaren yatorria: zer
dio yakinkizunak? Zer dio Yainkoaren itzak?
Zer-ikusi edo zer-entzun, bazterrak bete zitxinan. Yakinkizunak zer dio? Zabaldu zunan agoa
doakabe arek, eta obe zukenan idiarena esan

ba’lu! Bizidunen motak aldakor zirala. Adan Yainkoak egiña zula, bañan ez bertatik bertara; beste
bizidun batzuk egin zitukela aldeaurretik, eta
aiek bizialdatuz sortuerazia zukela gure lenengo
gurasoa. Non irakurri duzu ipui ori?, nik, eta,
«bidezkoago iduri zaida». — Bai?, nik, bidezkoago zirudin Yesukristo Gurutzean ez iltzea; gizon
egitea aski baitzuken, eta edozein eginkizun
gure alde egin, gu ipernutik yaregiteko. Beraz,
ez zala il esan bearko: ori da zure arrazoikera.
Zer mutikoa zu! Beti «ditekenetik izanera» ari
zera, ta ori ez da iñongo pilosopian argibide
yatorra. «Ditekena dala» beste argitasunik etzunan ekarri, ta berak ala uste zula.
Mendel’en legea etzunan aipatu, ots, bizidunen motak aldakaitz zirala, siñesgaben artean
ere baitira ortara daudenak. Eta sotanadun ori,
makurrenera. «Ipuiek zer dioten esan diguzu»,
nik, egiazko yakinkizunak zer dionik ez. Mintzaldi osoa bukatu zun arte ez nenunan aterrarazi.
Bukatutakoan au esan zunan: «iñor bestera ba’dago, atera bedi». Iñor ez eta ni atera nintxinan,
nere nolabaiteko prantsesean. Yendea kuzkur
zegonan. Ba nitunan nere alde katoliku zintzo

asko. Orduerdiren bat eman nenunan besteraka,
ta au esan nienan itzaldi auen antolatzaileeri:
«Ainbeste gauza ditut beste esatekoak, asko
luzata baininteke; beraz, emaidazute beste
gaualdi bat nere argibideak ateratzeko». Bai
eman ere.
D.— Azala bear yuk!
N.— Nik etxunat izugarria yende askoren
aurrean itzegiteko, baña nolatan ixilik utzi zozokeri aiek esaten? Edo gaiztakeri aiek. Gure Eliza
gaixoa ola kaxkarrerazi gaiztoen aurrean, alde
atera bear lukenak!
Utzi nionan bigarren itzaldia egin zezan, ots,
zer dioten Liburu Santuek gizonaren yatorriaz,
andik zortzi egunera, ta urrengoan eraso nionan
alde guzietatik.
D.— Bigarrenean zertzuk esan zitun?
N.— Lenengoan baño beltzagoak.
D.— Alegia?
N.— Genesis ez zala yo bear gertakizun.
D.— Zer da Genesis?
N.— Munduaren eta gizonaren sortueraz
Yainkoak esana.
D.— Nola yo diteke bada?

N.— Idurikizun bezala artu omen ziteken.
D.— Yainkoak berak esan al du idurikizun bat
dala?
N.— Nondik? Orduan nik ixilik egotea neukenan.
Eta Sortuera zaion Liburu ortako bigarren
Atala. Esan ere ba nitxonan: «Moise’ren itzak
Yainkoarena balio du liburu ortan; bañan ar zazu
giza-itz antzean. Yesukristorena Berarena ere
orrela artu? Ez al du Yesukristok ikustekorik
Genesis orrekin? Ara, ain zuzen ere, Ebangelioan
aipatzen du bigarren Atal ori, ta gertakari bezala. Orregatik begirapen geixago merezi dula
derizkiot Yesukristoren itzak Moise’rena Yainkoaren itz ez ba’litza ere.
«Idurikizun edo adierazkizun bezala yo diteke
ala ere» esan zidanan. Zer uste duzu?, nik, Yesukristok Bere Eliza ipuien eta idurikizunen gañean
ezarri zula? Zuen Lafontaine zala uste al duzu?
Bañan azter dezagun Ebangelioa, esan nitxonan.
Bi Ebangelarik itz berekin yalki zuten. (Mt. XIX, 3,
sq: Mc, X, 2 sq.)
Pariseuek zer-atera urbildu zitzaizkion Yaunari: «gizonari zillegi al zaio, edozergatik emaztea

zapuiztea?- Ez al duzute irakurri esan zien, gizona egin zunak gizaki-emazteki egin zitula lenbizitik? (Au lenengo atalean dago, I, 27); bañan
urrengo au bigarrenean: «Orregatik gurasoak
utzi bear ditu gizonak eta emazteari eratxiki
bear ditu gizonak eta emazteari eratxiki bear
zaio; ta biek gorputz bat dirake. Bi gorputz ezbaña, bakarra. Beraz, Yainkoak batu zuna gizonak ez beza bakandu». (Gen. II, 24.) Eta aiek:
«Ez al zun bada agindu Moise’k, zapuiztagiria
eman eta bialtzeko?» Eta Yaunak: Moise’k zuen
biotz gogorragatik utzi zizuten emaztea zapuiztea, baña lenbizitik ez zan orrela».
Ona emen bi gertakari. (Yuduek etzioten
esan ipui zanik): 1) Moise’k bizialargun gelditzeko baimena eman ziela yudueri biozgogorregi
ziralako; 2) Yainkoak ostera, lenbizitik gizonemazte egin zitula, ta aragiz elkartzean gorputz
bat egin zutela. Beraz, ez bakantzeko. Ez al da
ori gertakari batekin beste gertakari bati erantzutea? Nork aitortuko du bizialargun gelditzea
idurikizun dala? Eta Yesukristok esana ipui utsa
ba’da, zer balio du Aren argibideak yuduenaren
kontra? Baterez. Yuduen arrazoiak urre balio

luke, ta Yesukristorenak ez ta zillar ere. Beraz,
Genesis gertagauzaz ari da.
D.— Zer erantzun zian?
N.— Izan zunan azala oraindik ere, «idurikizun bezala artu diteke» esateko, xoxo arek.
Oiek eta beste gauza asko entzun zetunan,
bañan ardizarra etzanda auznarrean bezala gelditzen zinan beti, begiak nora zeuzkan yakin
gabe.
Nere mintzaldia, makinaz idatzirik, Donibaneko adiskide katoliku batek eskatu zidanan, eta
an zebillan nonbait, galdu ez ba dute. Bi aste aietan ez nenunan lo aundirik egin. Dozenerdi bat
kilo galdu nitunan: kristau zintzoen artean egiten
ari zan kaltea autemanez. Geienak katoliku zitxinan. Siñeste gutxiko gizon batek au esan zunan
aren itzaldia entzun ondoren: «Onara etorri naizenean ez nun siñeste aundirik; bañan orain
baterez». Gure yende gaixoak berriz: «zer siñesten dugu? Orai arteo irakatsi daukutenak ez duia
balio»? Ikaraturik gelditu zitxinan.
Zer naigabea, batez ere katoliku dan batentzat! Gutar bat ola mintzatzea, ta askoz okerrago dana, Apaiztegiko Biblia Irakaslea. Yoaten

naun Parrokuagana: «zer da au?», ta, «etzitela
arrangura; ba-da Erroman fedea zaintzen duenik». Nai dut, nik, baña bitartean zer kalte egiten
dute gizon oriek!
Ainbeste gauzaren artean bat besterik etxunat esan siñesteari dagokionez ark utsegin zuna;
baña beste bat bederen esan bear yunat yoanetorri aundikoa: Adan bat baño geiago izanak
zitezkela esan zunan axandalo arek.
D.— Zer da axandalo?
N.— Lekunberri’n mitxirrika, zuek esaten
zenutena, beste nonbait inguma, ta beste itz
asko baititu Yainkoaren mandatari arek. Bañan
arrazoi dun, oraingo ontan gizon ua Yainkoaren
baño deabruaran mandatari zala esan zitekenan.
Bañan Uitzin axandalo erderaz tontuelo bezala
din.
D.— Nola ditezke Adan bat baño geiago?
N.— Zer nai dun? Bein malda beera asi ezkero, errekaraño. Ontan ari giñala, beste zertakobait San Paul aipatu zunan (Rom. V.). Orixe zinan
bere burua zuloan sartzea. Andik eldu nionan,
esaten baitu dozenerdi bat aldiz, Adan bat bakarra izan zala. Ori ere bestera artu zitekela esan

zidanan. Yainkoa lagun dakiola. Beraz, nik, Kristo bat baño geiago ba zitezken? Yendea marmar
asi zitzaionan. Antxe zegonan maiaren erdian, ni
baztarretik. Nik, maiaren gañean Ebangelio liburu bat utzi nunan, eta aren barrenean papertxo
bat neukanan, nere argibide guziak labur labur
oartemanik. Azken argibide au neukeman: «Sic
spondeo, sic iuro, sic me Deus adiuvet et haec
sancta Dei Evangelia». Ots, Ebangelioen gañean
eskua ezarririk ziñ egiten zula, beste asko gauzaren artean «Genus humanum ab unico protoparente descendere», ots, gizadi osoa len-aita
bakarragandik datorrela. Ziñ ori egiten baitute
Irakasleak eskola idekitze egunean, Mezondoan.
Bildur zinan, nonbait, ori aipatuko niola, ta bai al
dakin zer egin zun? Erlojua aterata «c’ est l’heure» esan, ots, buka-ordu zala. Auteman zuten,
bai gañekoek. Neri esan ere gero atarian.
Artean ni ekurugaitz nengonan. Biaramonean
Elizan, atsaldeko otoitza bukatu zanean, sakristira sartu nitxinan. Apaizak eta ni adiskide gindunan; baña yakiña, otsoak ez baitu bere aragirik
yaten, nere kontra ez egonik, etzeudenan aren
kontra ere. «Gizon orrek ziña autsi du», nik, eta

aietan batek-lau zitxinan- «geixko erran duzu».Zin egina du eskola urtearen len-egunean, au ta
au aitortuko dula, ta orain bestera ari da.- «Arrazoin duzu» esan zidanan beste batek. Bañan irugarren batek au esan zidanan: «Apezpikuari
kexatzen ba’zira, makurrago duzu, aintzinago
baitoa. Aita Saindua bera ere, yakintsun berri
orietako omen». Erroman olako aizeak omen
dabiltza». Arri ta belarri egiñik eta lur yorik gelditu nintxinan. Zer gertatu bear ote du? Eliza ez
din okertuko bere irakatsietan, baña bitartean
zer kalte egiten dute olako apaizek!
D.— Nola izan uan bekoki, oinbeste yenderen
aurrean apaiz bati yarkitzeko?
N.— Berak eman zigunan gañekoeri baimen,
guk eskatu gabe. Ta katoliko zintzo bat nola
egon ixilik, olakoak entzutean? Nere babesean
eta nere atzetik ekin ziotenen beste batzuk ere.
Etzunan bereizten ango mataza. Andik laister
kalonigu egin zunaten. Nola ote dago gure Eliza
gaxoa? Ez ote da argirik etorriko laister Erromatik?
Au izan nenunan Burgatoriorik aundiena
Prantzian, bañan ateratzeko itxaropidea. Zerbait

entzun yunat: Aita Santua Enziklika bat antolatzen ari omen dala sasiyakintsu tartar oientzako.
Ez din nik nai orduko etorriko!(1)
N.— Mintza nadin egiazko Garbitegi artaz.
Nonai bezala Prantzian ere gauza txarrak eta
onak ere ba-ditxin. An ikusi dutan zerbait egoki
zetorkidan eta atsegin ematen zidan.
D.— Zer da?
N.— Gurean ere ikusi nai nukena: illerria Elizaren alboan, Elizari dagokala. Ez erri guzietan
an ere; bañan an bai daudela ondoan bi pamili
oiek, bi erri oiek bi Eliza oiek: burruka ari geranona ta zerura bidedean itxaropenez daudenena.
Gu emen ari gaitunate oraindio, zeruak erakarri
nai, ipernuak erakarri nai. Etzekiñagu ziur nork
eramango gaitun; obeki esan, gerok naita norekin yoango geran.
Xubero’ko Santa Garazi’n gintxinan, Euskalzaleen Biltzarrean. Sartzen gatxin Elizara, ta
apaiz aundi bat ari zinan, Kristau Ikasbidea irakasten. Beren eguneko ikaskizuna bukatu zutenean, atera ditxin aur gaxoak, eta atetik yauziala, bakoitza bere etxeko ilarrietara zoanan,
zuzen zuzena, ñimiñoenak ere. Eskuak bil bil egi-

ñik, begiak apal, an ari dun amar urteko nexka
bat. Aita yun erio berri. Esan zitekenan, naski,
bertatik bertara ari zitzaiola izketan.
Zertako bear yunagu toki oberik, edota zer
ibili bearra zeukenagu toki billa irudimenez
mendi ta malkor, arroil eta aintzira igarotzen,
anima aiek non eta nola dauden aiderazteko?
Bai neri eragin ere polikitxo!
Gurean ere, bai, anima gaxo oiengana yaiera
aundia yunagu. Otordu oro, maia bedeikatu
aurrean geren otoitza egiten zietenagu, utsegin
gabe bañan urtean bein, edo norbait iltzen
danean yoan oi gatxin illen errira, oso bakan
iltzen baitira erri txikietan. Gauza itsa! Uitzi’n,
Eliz-etxearen tellatupean zegonan len bereiz illerria, illobiak Elizatik beretik kendu zitutenean.
Aski bertan. Baña nor yoaten zan? Apaizak eta
atxoak, emazteak egon oi diran tokian, etxe
bakoitzeko illobi zarrean, gorputzak ustu zituten
tokian asi zitxinan otoitzak egiten. Ezurtegia itxirik zegonan burnizko ate aundiz. Eta zer ipui izukari yalki oi zitiguten! Bein illundu ezkero, aren
albotik etzala pasa bear. Baraibar’ko Pantxika’k,
animezkilla yo ezkero, iru giltz eman zitiola Eliza-

ri, ta irugarrenean beste mundukoek eraman
zutela. Egunez ere, andik igarotzean, bildur nintxinan, ni beñipein.
Gero, illerri berria, erritik urrun egin zunaten,
Gorriti aldera. Ara nor yoan? An ere ipuiak asmatu zitunaten: auntz bat ikusi zutela arresi
gañean, aker bat ikusi zutela gauez, larre-suak
agertzen zirala. Ni gure beiekin Ilargun aldera
nindoala, edo andik etxera nentorrela, ez nenunan asko begiratzen, egunez ere. Mingarri din,
bai, ain gaizki irakatsirik gu egotea! Ala ere,
egia: Uitzi’n ez dun Meza Nagusirik, ez lapurmezarik, ez Meza ixilik ere ondoren errespontsu
gaberik; ez Bezperarik, ez atsaldeko otoitzik ere.
Olakorik etxunat ikusi Orixe’n, baña naiago
nuken erri guzietan illerri oiek Eliz-ondoan ba’leude! Bi urtez bizi izan natxin Bidarrai’n, eta an
ikusi yunat iñon baño biziago bi Eliza auen elkartasuna. Erriko tokirik gaiñenean eta alaienean
zeudin. Eliza guzia illarriz inguraturik zegon,
batzuk apaiñago, besteak txiroago; baña guziak
txukun. Noizpenka garbitzen zetunate, goizean,
naiz atsaldean; lore batzuk ipiñi ere bai, urtaro

danean. Baña, batez ere, Umia-Saindu egunean,
biaramonerako.
San Agustiñ’ek esan zunez, otoitza obe din
lorea baño, ez baita isten; bañan otoitzarekin
lorea ederki zetorren. Bata baño bestea lore ederragoa. Siñesgabe aiek lore utsak eraman oi
zetunaten, eta olakoen aurka ari din San Agustin. Gure illarrieta oiek ikusi ba’litu, ta gure
yende oiek otoitz egiten, etzinan ala mintzatuko.
Igandeetan, batez ere, goiz-meza, Meza Nagusi,
Bezpera aurretik eta atzetik yende guzia otoitz
labur bat bederen egiten. Bai xoragarri dala!
Beste zenbait erritan ere uste yunate, gorputza,
animarengandik bakandu dan tokian gelditu
dala, ta an dagola zerura igaro arte; bañan an,
ikusi egiten dala esan ziteken.
D.— Anima gorputzaren inguruan ote dago
bada?
N.— Ditekena. Bera ez ba’dago ere, Aingeruren bat, bai, otoitz ua Yainkoari eramateko, ta,
bear ba’da, animari otoitzaren berri emateko.
D.— Aingerua an?
N.— Ez din nik asmatua. Elizaren Ritual edo
oitura-liburuan, illarria bedeikatzen danean, an

dagon Aingerua aipatzen din. Zertako ote dago
an? Gorputz ustela edo ezurrak zaitzeko? Ez iñolaz ere. Eta bestela, ez ote dago an anima ere?
Ta ez ote dago ua zaitzen, gaitzetik galarazteko
ezbaña Elizan edo nonai aren alde egiten diran
otoitzen berri emateko?
Yainkolariek diotenez, animaren auzia, ilda
berela, gorputzetik bakandu dan tokian bertan
gertatzen omen din. Ez uke bada arrigarri, anima
illarrietan egotea ere. Baña beste zerbait ere
esaten yunate: anima oiek ez dutela gure pentsakizunaren berri.
D.— Beraz, zertako eskatzen diegu olako ta
olako gauza? esaterako, esnatu gaitzatela xuxen
eta tiñel olako ordutan?
N.— Egia, neska. Nolabait yakin bearko yunate. Ortarako ederki zetorren Aingeru Zaindaria;
animek berek ez entzunik edo ez ezaguturik ere,
Aingeruak adieraziko zien gure eskabideen berri:
gureak aienari, ta aienak aieri.
D.— Uste izatekoa dik; baña zertako oinbeste
Aingeru?
N.— Ba-dakin milloika ta milloika dirala. Irutatik bat Luziper’ekin erori ba’ziran ere, ezin konta-

ala dirala. Ala ez ba’lira ere, il eta zerura yoan
diranak ez al ditxin aski, beren etxeko illen animak zaitzeko? Aingeru aiek zeruan daudela,
yakiña, lenago esan bezala. Zergatik ez grazian
ilda zeruara yoan diranen animak ere, an eta
emen? Gurekin yaio zan irugarrena ez ote da gu
bion Zaindari? Aingeruen aukera galdurik etzeukenagu.
Aur dirala il diran oiek, Aingeru dirala esan oi
yunagu. Baña gaztetan naiz adiñ elduan naiz
zartzaroan il diranak ere, Yainkoaren adiskide il
ba dira, Aingeru dirala esan oi yunagu. Norbait il
danean, esana yun Euskalerrian: «Aingeru gaitezela».
D.— Eta bakarra danak eta etxekorik ez
dunak?
N.— Ari ere, ildakoan Eliz-lurrik etzaion ukatuko, eta illobirik ez ba du, beste pamiliren batekoak berenean artuko yunate.
D.— Ta arentzako otoitzak?
N.— Ba-zetun Elizarenak. Ba-dakin, askotan
zeruan dagon batengatik otoitz egiten yunagu,
oraindi Garbitegian dagolakoan. Orrela egiten

diran otoitzak, ainbeste ta ainbeste, orri ta olakoeri egokitzen zaizkien.
Gero berriz, ez dun gauza yakiña, nik edo ik
olakorentzat egiñ otoitza, Yainkoak ari erauntsi
diola zuzen, bearretan baldin ba’dago ere. Berak
zekin nori baliarazi. Beraz, ez dun anima erraturik, erriak ala uste ba-du ere. Arek ere gutxienik
bere Aingerua ba-yun, eta arengatik egiten diran
otoitzen berri edo Yainkoak egokitzen dizkionen
berri izango yun. Eliza deritzaion Lagunarte
aundi ontan ez din ondasunik galtzen. Guziok
yunagu ondasun guzietan artukizun, Ama orren
seme geran ezkero.
D.— Eta erritik landa il diranak, itorik edo
bestela galdurik?
N.— Aiek ere ba-yunate askok beintzat,
beren Gurutze santua, il ziran tokian altxatua.
Gogoan zeukenat egunero ikusten nuna, Aizarreneko Permin zanarena, etxeko baratzondoan il
baitzan gizagaizoa. Toki oietarako ere Aingeru
eskasirik etzegon zeruan, gure otoitzen berri
gaixo oieri emateko. Oitura ona din, an gelditurik edo andik igarotzean otoitz labur bat egitea.
Itxasoan, legorrean, errian naiz erritik landa, non

da baztarrik, bat edo baten gorputza erio gelditu
ez zanekorik? Beraz, nonai zabaldua zeukenagu
Garbitegi ori, anima gaxo oien alde otoitz egin
nai ba’dugu, ta oien Aingeruari zerbait adierazi
nai ba diogu, otoitza dala, eskea dala.
D.— Prantzian zer oitura da Elizetan?
N.— Gurean bezalaxe, yakiña. Baña gauza
bat auteman nenunan lenbiziko yoan nintzanean
Uitzi’n bezalaxe egiña. Eliza Amaren Otoitzak
berberak izan arren, ba ditun an emenka oitura
bixikoak. Doneztiri’ko Elizan zinan. Neronek
amaika aldiz egin yunat Mezalaguntzale nintzala! Mutikoak Sakramentuaren argitik piztu zitunan, lenbizi aldareko argiak, eta gero, eskukoa
itzali gabe, seroragana yoan zinan illobietara,
piztargia eskeintzera. Ark banatu zitunan illobi
guzietara. Erri askotan, supiztekoa sakelatik aterata egiten yunate, bañan etzaidan ain eder.
Antxen ikusi nenunan Naparroan nengola, ua
Naparroa Barrena baita,izenez gaur Prantzia
izan arren. Baña Prantzi’ko Biurraldiak eta ango
Aginpideak etxun an alako eragin aundirik egin.
D.— Zer ikusten duk oitura ortan?

N.— Aldareko argi bakarretik garra guzietara
banatzen dan bezala, aldareko otoitza ere bereala zabaltzen dala. Lenbizi apaizarena, otoitz aundia, Elizarena. Arek ematen zien indar beste
gañerakoeri: Mezak. Argitxo ori otoitz-orde iduritara ziteken, bai gogoa pizteko, baita otoitzari
iraunerazteko. Mezetara ezin yoan diran atxoek,
aien illobiko argia pizteko agintzen zionate serorari. Etxetik edo baratzatik edo alorretik egiten
duten otoitz laburra, an yoaten dun illobiraño,
garrari irauneraztera. Sagarako ezkilla entzutean, berrituko yunate, gaxoek, otoitza, illobiko
argizagiari indar berri emanez bezala.
Illengana siñesterik etxunagu galduko, ta
aien alde egiten dugu otoitza, beroena din, eta
ziñena. Beste otoitz asko, piztu gabe gelditu oi
zaizkigun, sugaia igurtzi arren, edo buruxkan
garra agerturik ere, berela itzali. Zenbat olako
otoitz kristau epelen artean!
D.— Eta etxeko bat baño geiago baldin ba’daude zerura gabe, animak illobi berean ote
daude?
N.— Errez kokatuko ditxin, ogei ba’lira ere, ez
baitute tokirik artzen. Baña gure yendea, orai-

ñartekoa baintzat, Garbitegian ez dala luzaro
egoten iduri zaidanan.
D.— Eta ara gabe zerura yoaten danik bai ote
da?
N.— Nik baietz uste, bakarrak baño geiago.
Ba ditxin emen aski Burgatorio ikusi dutenak,
eta oso santu izanik, eriotz-orduan gorriñik gabe
arkitu diranak.
D.— Nolako oñazeak ote ditute?
N.— Gorputz-oñazerik ez, gabe baitaude,
bañan antzekoa bai batzuk, alako erresumin bat,
aundiago edo txikiago, pekatuen ariora. Beste
batzuk berriz, miñ ori gabe guziak dutena: errimiña, zerura-naia, Yainkoa ikusgalea. Nik ba
nenunan adiskide bat: laguna il eta ogeita lau
ordu baño len agertu omen zitzaionan. Gorputzantzeko oñazerik etzula izan, eta bestetik ere
ariña.
D.— Aundia dutenak ere izango ditxik bada.
N.— Iñolaz ere. Munduan eriotz eta olako
egin zitutenak, damuturik aitortuta il ziranak,
oso santu il ez ba’ziran beintzat, yakiña, miñ
aundiago ta luzeagoak dituketela. Baña Yainkoarekin zintzo ibilli diranak, oso santu ez izanik ere,

zergatik egari bear zetunate guk emen baño naigabe latzagoak? Lenbizi, emengo santuen
aldean lasapide obea zeukenate, seguru baitakite zerua galduko ez dutela. Eman dezagun, ditekena, emen santu zan bat, azkenean okertu ta
ipernura yoan zala. Zergatik etzetun Yainkoak
Garbitegiko anima oiek, ua santu zanean baño
maiteago idukiko, ta oien naigabeak zergatik
dituken aien emengoak baño gogorrago?
Geroko orrek baztarrak uzkurtzen zetun.
Zerura sartuko dala seguru dakinak, zeruko errimiñaren gazi-geza ukanik ere, pake sendoa zeukan. Naigaberik aundiena ere gutxitara biurtzen
din, geroaren lasapide ori baldin ba’dago. Etorkizunak illuntzen gaitin eta naigabetzen. Uste
niken, beraz, Garbitegi ortan ba-dirala guk emen
bañon eramankizun gutxiago dutenak, banaka
bederen.
D.— Ez duk ikaratzeko ik esaten dukana.
N.— Zertako ikararazi iñor, egia ziur ez dakigula? Dana dala, gu bañon argitasun obean bizi
ditxin, beintzat, Eliza ortakoak, betiko argia argi
egiten asi baitzaie, goizeko argi-xinta. Illargi-erdi
edo gau oso illun-gabe ori luzexego ba’da ere,

illun osorik etxunate. Lenbiziko argi-urratzea asi
zaienak eta eguzkia ikus-urbil daudenak, etxunate naigabe aundirik izango: eziñegon pixka bat.
Obeki esan, lenbailen eguzki garbi ederra ikusteko irrika. Ta geiago aterraldirik gabe.
Siñesgabeen artean, bai, anima oieri «itzal
ixil» izena eman oi zietenan: «animaeque
umbraeque silentes». Guk «argi» esatea bidezko