Kili-kili - 3

—Bai, ama —ganeratuten dau semeak—.
Kontzek diñotsun lez... onek be ondo esaten deutsue baña, zeuk gura dozunean...
—Olan dala... banoa ba.
Au esanik, bere gelara joan, ta an jai-eguneko soñekoak jantzi ta alabearen etxean astegunetan erabiltekoak zorrotxu baten sartu, ta

zorrotxua buruan daula, beingorako gertu zan
alabeanera joateko.
Ta alabearen eskuetan zorrotxua itxi... ta,
suiñari eskutik eldurik, igon eban burdira tutea
baño azkorrago. Ta burdian, suiñak apatz-apatzik imiñiriko jezar-lekuan jezarri zanean, edo
arik beingotxuan, berak eta suin-alabak semeerranai agur eginda, idiak ibilteari emon eutsienean, esan ei eban:
—Banaroe, neuk gura eztodala, neuk gura
dodan lekura.

XIX
GU, GEUK GURA EZTOGULA...
Eroan eben goiko gure ipuiñeko atsotxua,
berak gura ez ebala, berak gura eban lekura.
Eroango ete gaituz gu Jainkoak... geuk gura
eztogula... geuk gura dogun edo... beintzat, gura
izan bear dogun... zerura?
Gatx egongo da, urrean, gu zerura eroaten
geuk gura eztogula.
Jainkoak eztauko oindiño eginda... geuk gura
eztogula gu zeruetara eroateko burdirik.
Eta eztot uste eskubiderik daukogunik Berari
egin erazoteko orretarako burdirik... ez beste
gauzarik.
Ez burpillakaz, ez burpil barik.

XX
BAITA KOBREA BERE
Nik neuk ez neban ezautu Sondikako Sangurize auzotegiko Ondartza zarra.
Ta bere kobrea bere ez.
Baña bere kobre ori, entzutea daukodanetik,
bere tellagintzako beargiñentzat janaria egosteko eukan lapiko antzeko murko bat zan.
Ta, antza daonetik, murko ori baltza zan margoz.
Bein, murko ori, berorretan janaria egosteko
ardurea artuta egoan mutillak, zelan ezekiala,
galdu egin eban.
Aldendu egin jakon beintzat.
Eta aldendu jakola ezautu ebanean, asi zan
bere billa, baña ezin eban aurkitu.
Ta aurkitu baño lenago eldu jakon bazkaria
gertuteko ordua.
Ta bere billa estu ta larri ebillela, geiago estutu ta larrituteko, eldu jakon ugazaba bere, garratzik diñotsala:

—Zer iten dok, mutil, gajaozan orduen, sue
biztu barik?
—Emen nabil, jaune, kobrean bille.
—Galdu in dok orduen.
—Bai, jau... ne...
—Egurdikoa zelan edo alan ingo juek, baie...
ia topetan badok gauberako afarie iteko; ze,
ostean, ilgo eut.
—Iltea baltza da, uzaba.
—Baite kobrea be!

XXI
BAITA PEKATU ASTUNA BE
Pekaturik... astunik edo ariñik... zeure oraiñengo autorkuntzatik ona egin dozu, irakurlea?
Itaunea ezta polit-polita, baña pekatua bera
be ezta gauza polit-polita ez onaxeago be ta...
parkatuizu.
Jainkoak aolanIxe parkatuko al deutsu zeuri
egin dozun pekatua... egin badozu.
Baña egin daigun zuk ez beste batek, arinkeriren baten edo... (pekatu egitea beti da arinkeria baña) egin daula pekatu astun bat ointxe, ta
Jainkoak diñotsala, alantxe da ta, bere biotzaren
barruan:
—Kenduizu zeugandik ori pekatu astun ori, ta
kenduizu beingo-beingoan; ba eztakizu noiz ilgo
zarean, ta jakin bear dozu, barriz, pekatu astunen bat aldean dozula ilten bazara, betiko sutara jaurtingo zaitudazala.
—Betiko sutara iñor jaurtitea baltza da —
esango dau, bear-bada, pekatariak.
Baña zer dauko orregaz?

Arin erantzun leio Jainkoak, Ondartzak baño
zer geiagogaz:
Betiko sutara jaurtitea baltza dala? Baita
pekatu astuna be!

XXII
BAI, JAUNE... BAI, JAUNE...
Asuen, antxiña baten, Jantalo ezizena eukan
andiki bat bizi zan.
Eztakigu zegaitik deituten eutsien Jantalo.
Ba edonok ikusi eikean, itsua izan ezik, beintzat Asu inguruan, egunean-egunean, jan ta lo
baño beste gauzarik egiten.
Arratsalde guztietan egiten eban ibiltalditxu
bat; bein, Loiutik gora, Urdulizerantz, bestean,
Sondikatik zear, Derio aldera; gaur lagun bategaz, biar beste bategaz.
Bere gogoa zan biderako laguntzat arratsalde bakotxean gizon bat eukitea, bein bat eta
bestean beste bat, eta olantxe, banan-banan,
Asuko gizon guztiak.
Eta ibiltaldian lagunduten eutsan gizonak
baekian afaritxu gozoa eukana bere etxean, Jantalo beraren etxean, ibiltaldia egin ta gero.
Bein, gure Jantalo oneri gertau jakon eroatea
laguntzat, andia zala, Txikitxu ezizena eukan

gizon bat; ona, bai, bera, baña Jantalontzat
berantzat, guztiz gogaikarria.
Ez jakon gogaikarri egin, andia zala Txikitxu
ezizena eukalako, baña bai beste gauza bategaitik.
Txikitxuk berak ez eutsan igarri gogaikarri
egin jakonik, eta afaritxua jan ostean, eskerrak
emon eta agur egiteko ordua eldu zanean, azkenengo ardao-edataldia egin eta ezpanak politopolito esku biakaz legortu eta gero, esan eutsan,
olango zer barik:
—Jaune, berorregaz ibiltea ondra anditzet
dekot eta, berorrek deritxonean, deitu barrien
be...
—Ez orixe! —erantzun eutsan legor-legor Jantalok.
—Ene bada! Zeitik ez ba, jaune?
—Zeitik ez ba, diñozu? Bide duztien, eta
aamentxe etsean be, bai, jaune ta bai, jaune,
esan deustezu, gogaikarritzar orrek, neure beraa
duztietara. Ta ori eztao ondo, Txikitxu! Gizonak,
bear danean, ez, jaune be esan bear dau!
***

Ori da Jantalo onaren eritxia.
Ta neurea bere bai... zori onean!
Baña andiki guztiakaz elei urten ondo «ez,
jaune» esateak.
Jantalo tango andikiakaz bai...
Baña... zorioneko baña...! Jantalo bera il zan,
eta Jantalo langoak aurkituten, ija Jantalo bera
biztuten baizen gatx dago.
Ortxe dago untzea: Jantalo lango andikiak
aurkitutean. Eta Jantalo lango andiki bat aurkituko dalakoan, arantzak aurkitu leikez... atan
asten danak.
Eta... zeinbat gizon dira, gaur egunean atan
be, arantzen bildurrari etxamon eginda, edozein
andikiri nai txikikiri nai bardinkiri, eurokaz artuemona eukirik, egia, bear dan lez, ereak aginduten daun guztian, esateko gertu dagozanak?
Egia baño ogia maiteago dabenak asko dira
ta...

XXIII
AUXE... NEURE BOTOTXU AU,
JAUNE...
Erandioko Elordui karterua karteru ez zan
beti izango; baña gizon selebrea beti izan ei zan,
gizona izan zan arte guztian.
Eta burua estu ikusten zalea ez zala, estuen
burua ikusi eban baten egin ei eban bere selebrekeririk andienetariko bat.
Ugazabak deitu eutsan Bilbora, bere etxera
(esaten da, ugazaba bera bizi zan etxera), berbatxu bi esan bear deutsazala ta...
Ondo ulidu eban zetarako izango zirean ugazabaren berbatxu biok, eta ez joateko be baegoan; baña joan ezagaz obagorik ez ebala eukiko,
bear-bada ta, joan zan... joan zan ugazabagana.
Baña ez bidean gogoratu barik berak ugazabari zer esan bear eutson.
Ugazabak, bere «egunon, jaune»-ri «egunon,
Jose» erantzun ta beingoan, badiñotso, irribarre
bada-ezpadako bat arpegian agiri daula:

—Jakingo dozu, Jose, botoagaitik deitu dotsudena.
—Baneritxon, jaune, botoagaitik ixengo zana
berorren deie... ze errenteagaitik ixeteko, San
Tomasak oindiño asaotxu daoz ta...
—Bai, Jose, botoagaitik deitu dotsut. Bakizu...
Ni errietako gora-beratan ez naz sartuten.
Batzuk goitarrak eta besteak betarrak zariela?
Batzuok ez besteok inpernutarrak ixen ezean,
neuri bakean ixten jatan artean,... or konpon!
Baie oingoan, betarron aldeko diputadugei orren
adeskide bat neure adeskide andi bet dot eta,...
ezteust baketan ixten... bere adeskide orreri al
dodan bestean laguntako, ta... jakiñe ba...! ez
neuskio utsik emon gure...
—Ekusten dot, jaune, berorreri lantegi andie
batu jakona diputadugei orren adeskide orregaz;
baie, orraitiño, berorrek gauzetxu bet esaten
itxiko baleuskit,... esango neuskio... Baie...
baie... bildur nez...
—Esan, Jose.
—Ara, ba, jaune... Baki berorrek... Ezkonparri
nao ondiño ta, seme-alabarik eztekot. Emaztea
bera... beragaz ezkondu nintzen egunetik neu-

rea dodalakoa badekot; baie, bier etzien e...
zegaitik edo agaitik, alkar txarto artutea ixen
ezkero... jakin ez ba...! bear-bada, guresoak
kendu ein leiskide. Beie (idirik eukitera enaz eldu
ondiño)... beie pasiguena da. Darabildedan soloa
ta bizi nazen etsea... jakiñe, jaune...! berorrenak
dire. Zeozegaitik kobretan deust berorrek errentea. Ta solorako tretxuek eurek, atxurre ta enparauek, ezin nei esan ondiño neureak direnik, ba.
neuk dakidela beñepin, eztotset ondiño ezer
emon eurok emon eustezan errementarieri.
Auxe... neure bototxu au, jaune,... uste ixen dot
orain artean neurea dala... baie...
—Zoaz bakean, Jose ta emoiozu zeure boto
ori zeuk gudozuneri —esan bear izan eutsan
ugazabak, eskuaz lepoan jota, barre-zantzo
baten ostean.

XXIV
«EZ, JAUNA» ESATEKO JAZA
Eztauko edozeñek edozeñeri, «ez, jauna»
esan bear jakonean... «ez, jauna» polito-polito
esateko jaza.
Baña Elordui gureak baeukan, antza.
Ta ez jaza bakarrik: jaza ta gatza.
Batzukaz alperrekoak direala nai jaza, nai
gatza, nai gauza biak batera?
Ori beste gauzarik da. Ta nik eztiñot ori.
Baña... ori diñoanari... eztakit... eztakit esan
ete nengion, arrazoiaz beintzat, «ez, jauna»,
«eztiñozu egia».
Baleiteke izatea orrek batzuok, ezetza
ezeze... gatza be txarto artuten daben gazbako
andi batzuk.

XXV
ORTXE!... EZTOTSUT
ESANGO...
Sondikako edo Erandioko elizatik ur dagoan
edo egoan etxe baten, bertako andreak bere
semetxu Martintxuri, Martintxu onek gaiztakeritxuren bat egin ebala ta, lepo-azpiko alderdia
bero-bero egin eutsan zartatxu bategaz.
Martintxuk, lepo-azpiko alderdi ori, otzik ez
eukala, amak alan berotutea ez eban ontzat
artu.
Ta, astia eukan negar egiteko ta, negar egin
eban gogotik, eta, bada-ezpadan be, begi bietatik.
Eta negarren ostean, berak eskatu barik arturiko bero-aldia aiztu arterako, zelanbesteko
muxa geratu jakon, amak igarri ezpaeutsan be.
Astia eukan amak Martintxuri muxik geratu
ete jakon ala ez begira egoteko!
Bazkal-ordua ganean egoan.
Ta aita, bazkalduteko, laster etorriko zan
solotik, eta taloa erreteko ordua zan.

Eta taloa erreteko, lenago taloa bera egin
bear; eta taloa bear zan lez egiteko, lenago bere
orea egiteko uruna eralgi bear.
Eta uruna eralgiteko, baia bear...
Eta baia ez zan agiri.
Begiratu ona, begiratu ara, baebillen baiaren
billa.
Baña ezin eban aurkitu.
Ikusirik alperrikoak zituzala baia aurkituteko
berak egiñiko alegiñak, badiño alango baten
bere kolkorako: Martintxuri itandu bearko deutsat.
Eta Martintxuri, irribarre gozo bat ezpanetan
erakusten deutsala, badiñotso gozo-gozorik:
—Martintxu, baja eztok agiri. Non jaok, ederra?
—Eztot esango —erantzuten dau Martintxuk.
—Esaik, laztana... Esaik arin... Aite be laster
etorriko dok bazkaltan ta... taloa egiteko urune
eralgi bear joat... Esaik, ederra.
—Eztata...!
—Tirok, laztantxu, esaik! Bier nik Bilbotik
gozo andi bet ekarriko...
—Eztot gure!

—Eztok esango, polite? Baia barik zelan eralgiko joat urune ba...? Esaik arin baia non jaon,
neure biotzeko tipili-tapalea... Galdue nok
ostean... la, ederra!
—Ortxe...! Eztotsut esango non daon, azpireostean dao baie.

XXVI
EZTEUTSUT ESANGO,
NESKATO...
Gona labur, papar agiri, beso billoizdun
andrazko ganorabako bat ikusten dodanean (ta
olango andrazkoak ikustea aloteriak baten urtetea baño sarritxuago jazoten da, zorigogorrean),
goiko ipuiñeko Martintxun «eztotsut esango» ori
etorten jat burura.
Ta berari, alan jantzita edo, obeto esateko,
erdi jantzita dagon andrazkoar, auxe esateko
gogoa etorten jat ezpanetaraño:
—Ezteutsut esango, neskato (esanagaz,
neure buruari buruko miña batutea baño beste
gauza onik eztodala atarako uste dodan artean,
beintzat) ganora ona eukiteko jaza non daukazun; zeugandik, zeuk eztakizula edo, aldenduriko lotsa-zatiaren ostean daukazu baña.

XXVII
ASUEROGAITIK...
—Gizonak, baderitxazue, neuk be esan bear
dot zeozer.
—Esan, Peru.
—Nik Asuerogaitik esan neinke...
—Ori ezin esan zeinke —urteten deutso
Kepak.
—Zer diñostazu, Kepa?
—Txarto esanda dagola ori, Peru.
—Zer dago txarto esanda? Oindiño ezpadot
esan ezer...!
—Esan dozu: «Nik Asuerogaitik esan neinke...» Ta ori, adiskidea, eztago ondo esanda.
—Eztagola ondo esanda?
—Ze kalte egiten deutsat Asuerori, ez beste
iñori, ez ezeri... ori esanagaz?
—Euzkereari egiten deutsazu kalte.
—Zelango Euzkereari? Euskereari esan gurako dozu.
—Ez, jauna; Euzkereari esan gura dot. Ezta
esaten Euskerea, Euzkerea baño.

—Nik Euskerea esaten dot ba.
—Txarto esanda.
—Tira! Zuk ezteustazu itxi gura Asuerogaitik
ezer esaten, euskeraz beintzat.
—Nigaitik, ezteustazu jaramon gura ta, esan
zeinke gura dozuna.
—Zugaitik ez noa ezer esaten. Asuerogaitik
bai, itxiten bajat.
—Asuerotzaz esan bear dozu, erderaz «de
Asuero», «sobre Asuero» edo «acerca de Asuero» esango zeunkena esan gura badozu.
—Ez, jauna! Asuerogaitik esan leike esan aditzagaz. Ta beti be Asuerotzaz baño obeto esanda dago Asuerogaitik. Bestelango...!
—Tira, Peru! Ez txartzat artu Keparen berbak.
Ulea artuten jabiltzu, zeugaz olgetearren —diñotso Patxik.
—Ezta esaten ulea artuten! —urteten dau
onetara Kepak garratz-garratzik—. Erderakada
negargarri bat da ori!
—Zelan esan bear da ba?
—Adarra joten.
—Ba esakune orrek zarata txarra egiten dau
nire belarrietan.

—Adarrak berak be eztau ain ona egiten,
adar utsa danean beintzat —diño Txandresek
barreka.
—Adarra joten jakin egin bear da —erantzuten deutso oneri Kepak.
—Ta zuk eztakizu —diñotso Kepari Txandresek.
Esan badeutso, esan deutso.
Kepa, ukabillea estu-estu eginda ta besoa
gora daula, Txandreseganantz doa.
Ta Txandresek, beragana eldu baño lenago,
badiñotso:
—Adarra joten bakizula erakusteko, neu joten
zatoz? Ni ez naz adarra gero!
***
Au Kili-kili au, geuk gura eztogula, Zaparradaantza artuten asi da, aurki; ta gura geunken
baño luzetxoago urteteko antza be artu dau
urrean ta, urrengorako itxiko dogu, zeure baimenagaz, beronen amaia.

Esan geinke, orraitiño, oinganik... amai ori
askok uste izan leiken baño gozoagoa izango
dala.
Laster ikusiko da, osasun-bakeaz, Jainkoak
gura badau.

XXVIII
ASUERO ZER DAN
—Jainkoarren, zagoze geldirik eta ixillik, gizonak! —deitu eban Txomiñek, Txandreseri ta
Kepari begira. Ta itxi daiogun Peruri esaten esateko daukana.
Ta Peruri berari begiratuta, esan eutsan Peruri berari:
—Tira, Peru, esan esateko daukazuna!
—Nik esateko daukadana arin esatekoa da.
—Arin esan ba, apal-ordua be egin jaku ta.
—Bai, nik esateko daukadana, gauza andia
dala, arin esatekoa da, itxiten bajat.
—Gizona, itxiten jatzu! —diñotso Patxik.
—Olan dala, beingoan, berealaxe, txistua
baño ariñago esango deutsuet.
—Esango ete dozu bein, Peru? Zer da esateko ori? —diñotso Txomiñek.
—Asuero, nik entzun dodanetik, euskalzale...
andia dala.
—Ezta euskalzalea; ez andia, ez txikia —urteten deutso Kepak.

—Banenkian nik...
—Euskalzalea eztala jakiñik, ez zenduan esan
bear ba... badala —diñotso Txandresek. Ai, Peru!
—Itxi eidazue berbea amaituten. Esan gura
izan dot banenkiala nik onek, Kepak, ezetz esango eustana.
—Eztalako! —erantzuten deutso trumoi batek
lez Kepak albo-albotik.
—Ene bada! «Eztalako», diñost garratz-garratzik...! Ezta ortako? Au tamala! Eztala euskalzalea...! Aor ba! Poz-pozik egon naz neu badala
ta...!
—Ba ezta «euskalzalea», «euzkalzalea»
baño.
—Gizonak —diño orduan Txomiñek-, ziur
jakin bear dan gauzea da orixe.
—Ziur jakiteko, uste dot onena izango dala
Asuerori berari itaundutea —oartuten dau
Patxik.
—Berak «euskalzalea» dala esango dau, bear
bada –diño onetara Kepak , baña «euskalzale»
dala badiño, eztiño ondo.
—Orretara, auzia erabagita dago —diño
Txandresek—, Kepak eroan dagiala beronen tan-

tutxua, tantutxu ori emoten ezteutsagulako, biar
artean beronegaz eztabaidan egon ez gaitezan;
baña emon dagiogun tantutxu ori, erriari erakusteko eskubide barik emoten deutsagula esanagaz, bakearren bakarrik emoten deutsagun
ezkero; ta Asuerori geure atsegiña erakutsi... ta
txalo gogorrak jo, berak ain polito «kirio irukotxa» joten daulako... ta «euskalzalea» dalako.
***
Ta olantxe amaitu zan batzarra.
Baña nik neuk, neure izenean, batzar orretako eztabaideaz zerikusi andia daukon gauzatxu
bat daukat esateko.
Ta ez neunke amaitutzat itxi gura... batzar ori
dala ta eztala... edo obeto esateko... bertoko
eztabaidea dala ta eztala... artu dodan lana, gauzatxu ori esan barik.
«Euskal-erriko aberatsen buruko miña» da
gauzatxo ori, Ta izen berorregaz urtengo dau,
Jainkoak gura badau, laster, albait lasterren.

XXIX
EUSKAL-ERRIKO ABERATSEN
BURUKO MIÑA
Aberatsak be... badakizu... aberatsak izan ta
guzti be, euron buruko miñak daukiez.
Baña Euskal-erriko aberatsak beste aberats
guztien buruko min guztiak baño buruko min
andiago bat daukie aspaldion; ija euron beste
buruko min guztien aiztugarria.
Ikaragarria da euroi jazoten jakiena.
Dirua parra-parra emon gura Euskereantzat
edo Euzkereantzat... eta dirua, eurok parra-parra
emon gurako dirua... emon barik, euki egin bear.
Euskereantzat ala Euzkereantzat, zeñentzat
emon eztakielako.
Ta gau ta egun euron buruari esaten egon...
bear: zeñentzat emongo dodaz parra-parra
emon gurarik daukodazan diruok? Euskereantzat? Euzkereantzat?
Ori da buruko miña, eurok daukiena!
Gizajoak! Gizajo andiak!

Egokera errukarria da, benetan, aberats gizajo andi orrena.
Ta egokera errukarri orretan dagoz aspaldion.
Ta arin esan egiten da egokera errukarri orretan dagozala; baña orretxek egokera errukarri
orretxek euroi dakartsen buruko miña ezta ariña.
Ta jakizu, irakurlea (bear-bada, eztozu siñistuko baña) egokera errukarri orretan bizi direala
gaur Euskal-errian bizi direan aberatsik geienak;
euskaldunak eztireanak, ija danak; eta euskaldunak barriz, guzti-guztiak, zorigogorrean.
Aberats gizajo orrei euren buruko miña kenduteko baño ezpada be, batu gaitezan bein
geure Berbeite maite onen alde lan egiten dogun
guzti-guztiok beronentzat izen bakar bat artutean, Berbeite maite berau darabilgunik geienok
esaten doguna berbera guztiok beronen izen
bakartzat artuaz, beroneri deutsagun maitetasuna bera be bakarra dan ezkero.
Ta esan daigun, bein ta betiko, Berbeite
maite-maite au Euzkerea dala gaur artean uste
izan daben lagun maiteok... eta Euskerea dala
deritxagunok... Euskerea dala beronen izena.

Ta izen onegaz ezaututen dogula berau...
guzti-guztiok gaurtik aurrera.
Ta astirik alperrik galdu barik, aberats gizajo
orrei albait ariñen euron buruko miña kenduteko, esan dagiegun euroi beingoan; danok batera,
edo batek guztion izenean:
Euskereantzat ala Euzkereantzat, zeñentzat
emon ezean ez zaiteze egon geiago, aberats
gogo onekook.
Kenduizue ori buruko min ori.
Emoizue Euskereantzat... eta bakea...!
Ta... eskerrik asko dozuela, beronen izenean».
Eskerrik asko zeuroi be, Euzkerea dala bere
izena gaur artean uste izan dozuen lagun maiteoi, zeuron laguntasunagaitik.

XXX
BI GEIAGO
Eztozu esango, irakurlea, ordago! geiagoko
barik.
Ikusi egizu lenago... ez zer joko daukazun,
baña bai ointxe erakutsi gura deutsudan esakune bat; eta esakune ori ikusi ta gero esango
dozu, baderitxazu, ordago! barik, or dago... lo
egille-pilloa!
Esakunea bera eguno lenengoz esan ebanaren eritxian, lo dago, jakituna izanik, jakituna
dala eztakiana.
Baña esakune au euskerazko egutegi baten
agertuten dan legez erakusteko, bertan dagon
legez erakutsi bear deutsut. Eta bertan aolantxe
dago:
Jakituna dala, jakituna dala
eztakiana 10 da; iratzartu egizu.
Erakutsi deutsut esakune ori euskerazko egutegi atan agertuten dan legez.

Ta zeuk orain, ondo ikusi badozu, esan zeinke, baderitxazu, neuk bera ikusi ta gero esan
dodana:
Oe andia eztala, or dago lo egille-pilloa! Lo
dago or, esakuneak berak diñoanez, jakituna izanik, jakituna dala eztakiana.
Zeozegaitik diño «iratzartu egizu».
Ta jakitunak izanik, jakitunak direala eztakienak zeinbat izan leitekezan... jakin ez.
Ta orrek naikoa ezpailirean, beste lagun bi
geiago agertuten jakuz... eurok lez... lo.
Bata da, lo da iminteko berari agindu, ta 10
da imiñi daun irarkola-langillea.
Ta bestea, lo dago iminteko agindu bearrean
lo da iminteko agindu daun euskerazalea, esakunea bera euskerara biurtu dauna.

XXXI
BESTE BI GEIAGO
Orain erakutsiko deutsudan berbalditxu
baten beste lagun bi agertuten dira lo.
Bata, itaunduten dauna; ta bestea, oneri
erantzuten deutsana.
Izenik eztot imingo, ez euronik, ez euron
erriarenik... (izenen bat txarto emon dodala ta,
batabatek neu be, onetan beintzat, lo nagoala
esan eztagian); baña euron berbalditxu lotia
oraintxe ikusiko dozun lez gertatu zan. Bata solo
baten eta bestea beste baten dagozala.
***
—Entzun! Ama Birjiña Begoñakoa ta... Ama
Birjiña Pilargoa ta... Ama Birjiña Arantzazukoa
ta... orrek Ama Birjiñok... zeinbat aizta dira?
—Nik dakit ba? Gitxienez... amalau.

XXXII
IZKIRIMIRI NEGARGARRI BAT
Barre eragiteko ipuintxu edo berbalditxu
labur-laburrari esaten jakola izkirimiria jakiñik,
irakurlea ikaratuta egongo da, bear-bada... ia
zelan izan leiteken negargarria izkirimiri bat.
Zelan izan leiteken?
Onako izkirimiri auxe dan lez.
***
—Zergaitik az negarrez, Erma?
—Ara: aiteak atzo jo ta jo, astiñaldi aundija
emon eta parkak urratu eustazan, eta gaur
ameak parkak urratu dodazala ta, astiñaldi
gogorra emon daust.
***
Ondo begiratu badeutsazu izkirimiri oneri,
ikusi izango dozu negarrezkoa dala asikera-asikeratik.

Ba Ermari negarrez dagoalako itaunduten
jako, antza, zegaitik negarrez dagoan.
Baña era berean ikusi izango dozu baita bere,
negarrezkoa izanez ganera, negargarria be
badala, beintzat euskeraz idatziriko gauzak euskera onean idatzita gura dituzan begi euskalzaleentzat.
Ba euskera onean idatzita eztagolako ikusten
da Ermari «zergaitik az negarrez?» esaten jakola «zergaitik ago negarrez? esan bearrean, izkirimiria bera egin daun edo euskerara biurtu daun
idazlearen erruz.
Ta Ermak, txoria izan barik, txori batek lez
egiten daula berba; euskeraz ondo eztakian
idazle berorrek alantxe berba eragiñik, aitagatik
aitea ta amagaitik amea diñoala.
Ta ume, txori-kumea ezpada, ezta, nire
ustez, txoria.
Ta txori-antzik be eztauko, nire eritxian, alan
berba egiteko.
Ta ara be gitxiago, bein prakak jantzi ezkero.
Ba, neuk dakidala, uta ikusi, Euskal-errian
beintzat, txoririk (egaz egiten daun egaztirik)
prakakaz.
Neuk beiñik-bein eztot ikusi oindiño.

XXXIII
EZTA EGIA
Len esan dot eztodala ikusi oindiño txoririk
(egaz egiten daun egaztirik), prakakaz.
Ta orain esan bear dot... eztodala ikusi gizonik ez emakumerik... neuri Euskereantzat dirua
parra-parra emoten.
Baña, emoten neugana etorri barik, bialdu be
egin leistela ta, badago nonbaiten jakin gurea...
ia egia ete dan Euskereantzako bialdu deustiena...
Bilboko 24 aberatsek, bakotxak, 55.000 ogerleko; Gasteizko 8 andikik, bakotxak, 40.000;
Donostiako 15 zaldunek, bakotxak, 30.000; bertako 3 damatxuk, bakotxak, 28.000. ta Iruñako
(Panplonako) 4 napar eukitsuk, bakotxak
Baña... oindiño arintxu ezta ba?
Ainbeste diru... konteu egiteko be... denporatxua bear izango dabe.

XXXIV
BEAR ONAK EGIN DEUSKUZ!
Nire adiskide maite ta euskel-idazle trebe
X.N. jaunak, euskerazko aldizkingi batek, beste
euskel-idazle trebe baten omenez, irudi ta guztiko zenbaki eder bat egin daula ta, zenbaki eder
orren barri emon gura izan dau.
Ta, non obeto bete eikean bere gurari on ori,
berak egunero antzean zer edo a argitaratuten
daun egunerokoan baño?
Baña ona emen zer jazo jakon.
Irudirik onena aitatu bear izan dan lekuan,
irarkola- langilleak, bere agindua txarto ulertu
daulako edo, «Urliaren arpegi-antza» imiñi bearrean, «Urliaren arpegi-atza» imiñi deutso.
Ta... bear onak egin deuskuz oker orregaz
irarkola-lagille orrek!
Ene baten gora-berea eztala ezer esan lei;
baña ene ori bear dan lekuan imiñi ezagaz,
antza-ri kendu deutso bere antza; ta berari,
neure adiskide N. jaunari berari bere bai, bere
barri eztakienen aurrerako, barri emolle zeatza-

ren antza; ta niri barriz, ezer kendu ezteust egin,
neuk dakidala, baña emon, bai, emon bear ez
eustan buruko min andi bat.
Eztot buru-auste txikia euki ene bako «arpegi-atza» orregaz zer esan gura ete dan asmatzen.
Arpegi-atza... Arpegi-atza... —esaten izan
deutsat neure buruari-— Zer dok arpegi-atza?
Zer esan gura ete jok or arpegi-atza orregaz?...
Atza, gipuzkoarrez, atzamarra dok. Baña, zeri
esan leiok arpegi-atzamarra? Surrari? Gipuzkoarrez sudurra esaten jakon arpegi-zatiari? Baña
surra bizkaitarrez edo sudurra gipuzkoarrez esan
gura izan ezkero, zegaitik ez esan ba surra edo
sudurra, zirki-mirkietan ibilli barik?
Bear onak egin deuskuz morroi orrek, ene
kaskar bat bere lekuan imiñi ezagaz, ene adiskide N. jauna!
Ene bada!

XXXV
ZEIN BANKUTAN?
Aberats euskaldun batek, bere eskutitz baten
(irarkola-langille arek emoniko atsekabea kenduten baletor lez), itanduten deust ia zein Bankutan gura dodan imintea, neure izenean, Euskereantzat, berrogeta amar mille ogerleko.
Ta pozarren erantzuten deutsat, astirik galdu
barik, ointxe beingoan, imiñi leikezala berak
ondoen deritxon Bankuan.
Ta bada-ezpadan diñotsadala... geuk euskalzaleok be badaukaguzala geure Bankuak... eta
onek geure Bankuok Europako Euskal-errian
(Ameriketako Euskal-errikoak aitatu barik),
aonetxek direala:
«Euskaltzaindia», Bilbon;
«Euskal-esnalea», Donostian;
«Jesusen Biotzaren Deya», Bilbon;
«Zeruko Argia», Iruñan;
«La Gaceta del Norte», Bilbon;
«Argia», Donostian;
«Gure Herria», Baionan;

«Euskadi» (len «Euzkadi» zana), Bilbon;
«Jaungoiko-zale», Zorrontzan, ta...
«Euskerea» (len «Euzkerea» zana), Bilbon.
Ta... berak baderitxo... aonetariko baten
imintea bere bardin dala... ta, alan nai olan,
eskerrik asko...
Ta... olantxe urte askotan!

XXXVI
AGINDUA BAT ETA...
—Nik berorreri, jauna, Euskereari indarra
emoteko, milloa bat ogerleko agindu deutsadaz.
—Bai, alantxe. Etxean daukot zeure eskutitz
maitegarria agintza eder orregaz. Eskerrik asko.
Baña... zelan da arako... agindua bat eta...?
—Zelan dan arako agindua bat eta...? (Zer
ete dakast onek...?) «Agindua bat eta emona bi;
aginduaz kontentu izan adi», entzun dot nik
iñoiz.
—Ondo entzun dau berorrek, esan be olantxe
egiten da ta. Baña nire kontua ezta olan.
—Zelan da ba?
—Nire kontua olantxe da: agindua milloa bat,
eta emonak milloa bi. Ba agindu, milloa bat agindu deutsat, eta emon milloa bi egingo deutsadaz. Ta laster emon be. Beutsoz amentxe paper
onetan... Bilboko Bankuan paper ori erakustea
baño eztauko, nire milloa bi ogerlekoak artuteko.
—Bilbon Banku asko dagoz. Zeñetan esan
gura dozu?

—Bilboko bankuan diñodanean, Bilboko Bankua esaten jakon Bankuan esan gura dot.
—Tira ba! Eskerrik asko.
***
Ta auxe esanda, pozaren pozagaz, berari
agur egitea aiztuta, banoa bertatixe (poza siñistu eziñik, eta ija jazoten jatan gauza pozgarria
bera egia dana siñistu eziñik), noizean-bein
eskuan daroadan paper gozoari begiratuten deutsadala, paper on dirutuko deustien Bankura.
Baña... Bankura noala, bidean, edo beñikbein bertara eldu baño lenago, andia jazo jat, irakurle maitea.
Zorioneko paper ori... galdu ez jat egin ba!
Beintzat aurkitu eztot egin.
Eztakit neu zen begira egon nazan.
Lo edo.
Bai, lo, antza.
Ta itzartu nazanean, bakizu non ikusi dodan
neure burua?
Ba... neure etxean, gorputza neure oian daukadala.

Aorixe dauko amesetan nagoala papera artuteak.
Orretxegaitik berorregaitik, amesetan nagoala bere paper ederra emon deustan aberats
gogo onekoari, ointxe, itzarrik nagoala uste
dodan ordu onetan, gauzatxu bat eskatu bear
deutsat.
Aldenduriko papera lez beste paper bat baltzitutea neke andiko bearra be eztala ta, baltzitu
dagiala alantxe beste paper bat... eta ekarri
dagistala bigarren paper ori (lengoaz jazo jatana
bera berorregaz be jazo eztakidan), amesetan
enagoanean... oian barik, maian, jateko maian
edo idatzi-lanetako maian, nagoanean; edo alan
nai olan, etxean, baña oitik kanpora... ta itzarrik
antzean nabillela uste izan leiken orduan.

XXXVII
AZURRIK AUSI ETE JAKO?
Ni umetxua nintzala, neuk ondo dakidan eta
asko maite dodan erri baten, osagille bizkor-bizkor bat bizi zan.
Bizkorragorik ezta ezautu erri atan ez Txorierri guztian.
Bere bizkortasuna gauza askotan erakutsi
eban berak; baña, batez be, zaldi bizkorrak eziten ta lagun elbarrituen azurrai ukututen.
Edozein zaldi bizkorreri berak gura eban guztia eragiten eutsan, bera ganean zala: eskalleratatik gora igon, eskalleratatik bera jatsi... ta ...
zer ez?...