Izartxo - 9

–Zer...! menditar oyen izenean, gu ondatzera eldu
al aiz?, –Kleto'k.
–Ayen aurka lenbaitlen irtetzeko mutillen billa
nator, Kleto.
–Nork zekik, ba, ayekin itz artuta, erriko giltzaren
billa ez atorren i?
–Ni Basurdi'rekin itz artuta...!!!

–Zertara etorri aiz, ba, erri ontara, orain egun
batzu...? Zer egin-bearrak dituk ik emen?...
–Zer arrayo ajola zaizkik iri, nire ango ta emengo
eginbearrak?
–Nire buruaren ajola ta ardurea diat, bakarrik,
Erko; eta ez diat gaizkille ta iruzurarien eskuetan ikusi
nai.
–Ez dago Kalagorri, Kleto, gaizkin edo ta iruzurarien eskuetan. Nere ardurapean datza erri guzia, ni
naiz bertako buru. Eta Erko'k artega jarri ba zaitu,
jakin zazu, lzartxo'kin Luka'renean ezkontzeko etorri
dala, bakarrik.
–Kristau ta menditar..., okerra baño okerrago. Ez
al dira oyek gure etsairik okerrenak izan, orain arte?
–Etsai...?
–Bai... Orain illabete batzu, bi anai eldu zitzaizkidan Akitania'tiik onara, beste iru gizonen lagun. Ta
goiko mendi oyetan il zituzten bostak batean...
–Mendi guzietan gordetzen dira gaizkilleak, eta ez
da beti errax nun eta nortzuk diran jakitea.
–Alperrikako itzketan ari gera, Urko. Ekarri neri,
agudo, guda-jantzi bat, ta deitu gazte pizkorrenak,
–Erko'k.

–Ni joango naiz neriekin. Zuriegi zerate euskaldunak, ez duzute, gañera, gudarien tankerarik ere, –Kleto'k.
–Guuu zuriegi...! Guk gudarien antzik ez...? Trajano Kaiser aundi arekin toki askotan ibillia nauk: eta
Dacian, eta Asian, eta Mesopotamian, eta Persian...
Baita ayetan milla erasoei zorionez buru eman ere.
Argatik Kaiser'ek bere zai-gudarien buru egin niñukan,
–Erko'k.
–Nere gain dago, Kleto, erri onen ardurea. Neri
dagokit beraz, nor eta nortzuekin joateko agintzea,
–Urko'k.
–Bi anayen ixuritako odola deitzen naute ni, –Kleto'k.
–Nere billa bakarrik dator Basurdi. Bi-biok bakarrik
ikusi daigun, bada, gure arteko auzi zarra.
–Beren arteko auzia ba-dute, Kleto, alkar konpondu daitela beurek. Zoaz lasai etxera, Kleto. Erko'k
egingo dio buru bere etsai Basurdi'ri, –Urko'k.
–Joango naiz, ba, ala agintzen ba-duzu, Urko,
bañan ez lasai. Erne ta neriakin zai geldituko naiz,
bada ezpada ere.

Urko'k gazte-sail ederra jarri zun Erko'ren agindupean, eta danak guda-soñekoz eta izkilloz ondo jantzirik, bereala irten ziran ipar-aldera.

XXXI
EZTABAIDA
Orratx kukuak berriz ere oker jo! Zer arrayo egin
ote zuten Altzi ta Kostorbe ayek, Olearso'ko Batzar
artan? Orren gaitz al zan, bada, Erko'ren aurka gauz
biribil ayek esatea? Etzuten berea auzi ura, ta jakiña,
motel eta beraxka jokau! Motel bakarrik ez...; baita
oker ere. Erko ondatu bearrean, ez niñuten neroni
ondatu, ba...! Ume baldar arrayoak...!!! Aaaa... ni an
egon ba-nitz...!
Sei ardi galdu nitun sorgiñetxen, Txotxa sorgin
txepetx aren eskuetan. Lau eman nizkien, alperrik,
Altzi ta Kostorbe'ri. Ta orain, artalde osoa galdu... Ta
auxen duk okerrena... Erko, Erko arrayo ori bizirik
dagola, oraindik. Ez bizirik bakarrik. Orain bertan
ezkontzen zaikala, nire lzartxo'rekin ezkontzen arrayopoletan, eta Kalagorri uri eder eta aundian alajañetan!
Eta nere etsayarik okerrenari, nere lepotik, orrela,
adarra jotzen utziko al zioat, ba...? Ez nere egunetan;
ez arrayoak ezpaitu!

Ala ziardun Basurdi'k bere buruakin, Olearso'tik
iges, bere Mendaurko txabolara doi-doi iritxi zanean.
Etzegoan, bada, ala tamalka astirik galtzerik. Zerbait egin bearra zan, ezkontza ori galerazteko. Zer
egin bada? Etzan ori gauz errexa. Asma ta asma,
bañan, gogoratu zitzayon zerbait Basurdi'ri. Ona
emen bere asmoa:
Kalagorri bertaraño joango zan, ezkontza ura eragozteko. Ortarako, Erriotza'raño, mendiz-mendi jetxiko zan, lagun askokin jetxiko; ez bait zuan Erko'rekin
aurrez-aurre bakarrik, bere burua ikusi nai. Arrano,
Mendaur'ko aitagoyari eskatuko zizkion lagun oyek;
ez bañan, agiri-agirian mintzatuta, ez bait zizkion ala
emango. Olearso'ren aurka joateko eskatuko zizkion,
an Olearso artan sekulako bidegabekeriak egin, eta
azkenean, artalde guzia ere kendu ziotela ta...
Joan zan, bada, Arrano'rengana, izerditan, arnasestuka ta jantzi purrakatuekin.
–Zertan abil? Ire artaldearekin aspaldi irten da,
orain eta planta ortan eldu al aiz? Zer jaso zaik?, –asi
zitzayon agurea, aren itxuraz kupituta.
–Zer jaso zaidan? Ezagutzen zenun nere artaldea... Etzan alakorik Mendaur guzian. Ba..., orain dana
galdua dago.

–Galdua...? Nun?
–Olearso'n.
–Ara joan al intzan, ba, negu astean? Akitania
barna ebillela, uste nian, ba, nik.
–Bai, aurten Olearso'ra joan nintzan..., eztakit nik
nungo sorgiñak eraginda
–Ez al akian, Olearso ta emengo arbasoak izan
zuten guda latzgarria...?
–Oraingo beste oker onek ere merezi du ba bere
zigorra!
–Zer jaso zaik ba? Asi adi esaten...
–Ea, nik eztakit nungo sorgin txarrak eraginda,
nere ardiak ibar madarikatu ortara eraman nitun, aurten. Eta emen bezela, asi nintzan larratzen. Ala nebillela, nere artaldea gutxitzen ikusi nizun. Egunetikegunera, ardi berrien palta sumatzen nizun. Arritzekoa zala auxe; eta ala esan nion nere auzokoari. Eta
onek: ez nintzala ni ibar artakoa, ta ez nula, mendi
ayetan, nere ardiak larratzeko, iñungo eskubiderik...
–Ondo arritzekoa duk ori...!
–Ori bera esan nion nik berari: Euskalerri osoko lur
guzia euskaldun guziena zala, ta edonun ibilli zitezkela ardiak. Besteak bere artan jarraitu zizun, bañan,
Olearso olearsotarrena zala bakarrik; eta baldin nik

nere ardiak bertan eduki nai ba-nitu, ardi-lorra ordaindu bear niela ta...
–Ta ordaindu al ien...?
–Bearko ordaindu... ankak arin niñuzun, bestela,
andik laister...!
–Ta zer jaso zitzaikan, gero?
–Jarrai nizun bertan nere ardiekin, orain emen,
orain or. Eta lengo gauz bera gertatu: gutxitzea zijoaztela nere ardiak...
–Eta nola ori?
–Sorgiñen tximista...! Ba noa erio-suar, lengo nere
auzoko arenga... Ta agertzen diot nere zera berria...
Ta besteak... ondo eginda dagola, bidez kendu dizkidatela ardi ayek, soro ta mendi berexietan ardiak ibilli nizkitzun ezkero... jabe bakoitzari bere ardi-lorra
ordaindu bear zayola ta... Ea ez al zan naikoa len
emandako lorra ura, galdetu nik, eta ezetz, berak; ura
lbarreko mendietan, eta ez etxeko-jaunen eremuetan
ibiltzeko ordaña zala, bakarrik eta...
–Orrexegatik bakarrik, elkar eraso ziten, orain urte
batzu, bi esku-alde oetako gizonak.
–Nere auzi au okerragoa da, ba, oraindik. Bidegaberik aundienetakoa zala, ba, neri egiten ari ziran ura,

ta bertako Batzarrera eraman nai izan nizun. Ta bai al
dakizu zer egin zidaten?
–Zer?
–Makilka eraso. Ona emen, nere buru gañean erasoaren aztarna ta agiria. Ta nere ardi guziak, ondoren,
ken.
–Bai ote?
–Emen, nagon bezelaxe.
–Gogorregia duk ori...!
–Eta ez al du egite makur orrek bere zigorra merezi...!
–Bai, noski, ta ez txikia.
–Orren billa nator, ba, Arrano.
–Zeren billa?
–Oyek, Olearso'ko giza makur oyek zigorkatzeko,
baimenaren billa.
–Etziok ori nere esku, bañan.
–Zergatik ez?
–Nik emen agintzen diat, bakarrik. Ez duk Olearo'raño irixten nere eskua.
–Berdin da... Zure agindupeko gauza eskatzera
nator.
–Zer gauza da, ba, ori?

–Zure eskupeko mutil batzuk neri ematea, bakarrik!
–Zertarako?
–Zertarako izango ditut, bada...; gaizkille maltzur
oyek ondatzeko.
–Ezin diat, Basurdi. Ez dagokit ori neri...
–Utzi, ordun, nere gain. Ez du iñor jakingo nork
eraso dun.
–Dana jakiten duk, goiz ala berandu, Basurdi!
–Jakiten bada ere jakin, ni egingo naiz danen errudun. Zure jakin-ezean egin dugula dana, esango dut.
–Berdin da, Basurdi. Eraso oyek ez dute gauz onik
ekartzen iñori. Ondo gogoan ditut, oraindik, nere txikitan, ikusitako sakailketak: gureak an, angoak emen
egin zituzten lapur, erre ta ilketa tamalgarriak.
–Eztute gu gareanik jakingo, ordea!
–Berdin da... jakingo da, goiz ala berandu.
–Zigorrik gabe geldituko dira, ordun, gaizkille
ayek? Eta artalderik gabe geldituko naiz ni?
–Aralar'ko mendian bizi da Euskaldun guzien aitagoya Aitor agurgarriaren ondorengo Lartaun... Oa bertara... Ta iritxi ona entzungo duk Lartaun'en ao egizaleetik.

XXXII
ARALAR'GO LARTAUN
Ezin zula, ba, Mendaur'en ezer ere iritxi, ta Aralar
mendira abiatu zan gure Basurdi.
Euskaldunen mendi agurgarri au, Mendaur'etik
ego-aldera egiten da. Ta bide ortatik barna doa arin
baño ariñago. Ez bait du beta galtzerik.
Joandako udararen ostoz beterik ageri dira bide
guziak. Eta Basurdi'k ra-ra orbeletan dagin otsak,
basoaren ixilla urratzen dijoa.
Zuri-zuri ageri dira pagoak, orbel gorrien gañetik.
Eta tarteka-tarteka gorosti ta agin muskerrak beren
potoko gorriekin.
Ta agertu da, azkenean, an begien aurrean Aralar'ko mendi-katea. Ez dira, oraindik, zearo joan neguko aztarna guziak. Elur-muillo luzeak nabaitzen bait
dira, mendi-bizkar guzian, zaldi ezurtsu bateren sayetzaren antzera.
Argi berexi bat du zelayetan belar berriak. Eta
mauka-mauka ari dira bertan millaka ardi-buru. Emengo artzaingoaren ederra! Berreun artalde bai, larratuko dira, goiko zabaldi zoragarri oyetan.

Ez du, bañan, Basurdi'k ingurutara begiratzeko
betarik. Eta Lartaun'engana doa zuzen-zuzen, bideko
artzayen agurrei asti aundirik eman gabe.
Huarte'ko mendi tontorrean zeukan Lartaun'ek
bere txabola. Ta an bizi zan zoriontsu bere artzai ta
sendiaz inguraturik. Eun urtetsuko agureak zuri zitun
ille ta bizar luzeak. Eta berak jarraitzen zun, belaunezbelaun, Aitor'rengandik artutako ondare, izkutu ta
agintea. Zaartuz zijoan gizagaxoa, Olearso'ko aritz zar
ura bezela. Alboan zitun, bañan, bere seme gordin
Lekobide ta billobatxo potoko Garo.
Ortzegunetan, inguruko artzai-buru guziak Lartaun'enean biltzen ziran, eta an ematen zuten egun
osoa jan, edan, itz eta dantzetan. Bi jai ospatzen ziran
berexiki, tontor artan, garagarrillako illargi-betetzea,
ta Euskalerri osoko Batzar nagusi eguna.
Illargi izan zun izena Aitor'rek Uasko'kin ezkondu
zun bere alaba zarrenak. Onengatik, eta baita illargiari zioten begirunegatik ere, egun au zuten, Euskaldunak, ospetsuena.
Egun ortarako, Euskalerri guzitik barra-barra zetorren mendi agurgarri ontara gaztedi guzia. Eta emengo orduko irrintzi, txixtu, kantu, jauzi ta dantzak!

Eta Euskalerriaren biotz-biotzean dagon Aralar
ontan ere egiten ziran Euskaldunen Batzar nagusiak.
Ibar edo esku-alde bakoitza bere buruaren jabe
zan, eta bere Batzar berexiak zitun. Esku-alde bakoitzen arteko edo Euskalerri guziaren auziak ziranean,
bañan, ayetako buru guziak onara, Aralar'go mendi
ontara zetozen, bere aginte-makillakin.
Ortarako, Laredo'tik asi ta Jaka'rañoko mendi luze
guzietan, su aundiak pizten ziran, Batzarrara danak
deituz. Ala egin zan Keltak gurean agertu ziranean.
Ala ere, Erromatarrak gure adixkidetasuna eskatu
zutenean. Lartaun-egunetan ere bi aldiz bildu izan
ziran danak Batzarrean, Erromatarren artu-emanak
zirala ta...
Basurdi'ren auzi onek etzun Batzarrera deitzeko
ainbesteko garrantzirik. Etzitzayon Basurdi'ri alakorik
galdetzea ere komeni.
Ala, Lartaun agurtu, ta itz-zuritu ondoren, Basurdi
bere auzia azaltzen asi zitzayon agure begikoari:
–Onu bateren billa nator, Lartaun agurgarri.
–Asi, ba, seme, prest nauk gauz guzietan laguntzeko ta...
–Guk Mendaur'en edonun larratzen ditugu gure
artaldeak. Ez dago an nere ta zurerik. Gure txabolak

ez dute aterik. Edozein sartu liteke, utsik ikusitako
txabol eta eskortetan ere. Eta au ere zala, deritzat
neri, Lartaun, Euskaldun guzien aspaldiko oitura ta
legea.
–Ala duk, seme.
–Nola, ba, ordun, Olearso'n itxi dituzte etxeko
ateak, eta erriko lurretik bakoitzak bere zatia artu du?
–Aro bakoitzak eta leku bakoitzak, Basurdi, bere
lege ta oitura dizkik. Euskaldun guziak eiztari ituan
asieran, eta aron bizi ituan, leku jakiñik gabe, piztien
atzetik beti. Piztiak ezi, ta artzai biurtu ituan gero. Eta
ala giza-multzo bakoitzak bere leku jakin eta berexiak
aukeratu zizkaten negu-udarako: Erronkaleko multzoak izen onen ibarra udarako ta Bardenas'ko zabaldiak
negurako; guk mendi ok udarako, ta Naparroa negurako, ta abar.
–Ala dugu guk ere: Mendaur'en bizi gera udaran,
ta Akitanian neguan.
–Bizikera-aldatze onek lege-aldatze bat ere ekarri
zikan, seme. Multzo bakoitza, leku bakoitzan, bizi duk,
arrezkeroz. Eta ez ditek besteak bere ardiak ara eramateko eskubiderik.
–Eta argatik zerbait ordaindu nai ba-dute?

–Ala bai. Ez bañan, bere eskubidez. Bi alderdikoak
artara etorrita bakarrik.
–Orixe egin nizun, ba, nik, Olearso'n. Eta lorra aundiegia ordaindu-arren, nerekin gogor aserretu, ta
artalde osoa kendu zidaten.
–Gogor zait ori siñistea, Basurdi. Aspaldi ezagun
diat nik, Lizar, bertako Batzar-buru, eta ez duk bera,
edozein aizeak makurazten dun zugaitz zingilla.
–Ardi-lorra Ibarrari ordaindu-arren, bertako eremu
guzietan, nere ardiak larratzen, eragotzi zidan.
–Alaxe duk oraingo ango legea. Eize-aro ondoren,
artzai-aroa etorri uan, bere lege berexiekin. Eta artzaiaro ondoren, nekazari-aroa ibar eta zabaldietan, bere
lege berriekin. Lege oen araura, nekazari bakoitzak,
berak landu zezaken, lur-zatirik artu zikan beretzat.
Eta berak bakarrik agintzen dik an, arrezkeroz, eta ez
Batzarrak...
–Egiak dira oik danak bai. Egia ere, Lizar gizon zintzoa dala. Ez dira an danak azal berekoak, ordea, Lartaun. Ba-dira gure-gureak ez diran lege ta oitura
makurrak sartu dituzten gizon okerrak ere...
–Zer diok, Basurdi?

–Bai, Lartaun, bai! Eta gure lege ta oitura agurgarriak ukatzen dituzten gizon oker oyek ondatu didate
nene artaldea, ta bizia ere iya kendu.
–Zer ukatzen ditek gizon oyek, Basurdi?
–Ba, gure siñiste guziak gezurrak dirala ta, ez
dagoela sorgiñik eta...
–Eta nola ditek izena?
–Kristauak...!
–Kristauak...? Ona, ona nere Lekobide, ona nere
Garo...!
Orduko zerua illuntzen eta izarrez betetzen asia,
ta ara begira jarri nai du Euskaldunen aitagoi Lartaun'ek.
Zergatik, bañan, jarri ote da orren urduri?
Zergatik deitu ote ditu, albora, bere belauneko
kutunak?
Arbasoen izkutu aundiren batek daduka, nunbait!
«Ona, ona nere kutunak! I, emen, Lekobide: ta i,
emen nere Garo. Ortzi zabala ikusi nai dut. Zabaldu,
zabaldu nere begi nekatu ok. Gabero ortzira begira
indarra galdu, ta betazalak itxi ere bait zaizkie... Ola,
ola, enetxoak...
«Ene...! ene...! Zer ikusten dute nere begiok? Ara,
ara, or dago izar berexia, or dago bai aitasoak agindu,

ta nere bizi guzian, noiz ikusiko, begira ta begira egon
naizen izar arrigarria, gure Izartxo maitea... Egizkoa
zan zantzua bai. Enetxoak...! jayo da Kisti...! Ba-dator
gure Gaizkatzallea...! Galdu da sorgiñen begia...!
Galdu gaizkillearen eskua...!

XXXIII
BERRI-ONA
Gau sorgintsua zirudin, Basurdi Lartaun'enean
azaldu zan gau arek, Olentzero gaba aren antzera,
Txitxi-burruntzi gaba aren antzera.
Sortaldeko illargiaren adarrak mendi-tontorren
isla beltzak ager-erazten zitun. Ego-aize epelak jotzen
zun. Eta noiz edo noiz, lzartxo ametsetan jartzen zun,
«Kli-klo» ezti ura entzuten zan beresietan. Eta an beko
artzayen alkar arteko solasa:
-I,... ta zer arrayo ote zekarren Basurdi orrek?
Alako batean, oju luze bat entzuten da, ixil-illun
artan, eta mendi-tontorreko arri kotor zaarrak jorik,
Aralar'ko oyartzunak irazartzen ditu.
Bereala, eztarri berriek, mendirik-mendi ta ibarrikibar, luzatzen dute, ego-aizearen egaletan, Lartaun'en
irrintzi ezaguna.
Ba-zirudin arbasoak, bere aspaldiko lozorrotik
esnatuta, kanta zaarrak ematen asi zirala, mendi-isla
ayetan jeikirik.
Irten dira bere txaboletik artzai guziak, bere makillak eskuetan, deadarka:

–Zer da au...? Nork deitzen gaitu...? Zer nai digute...?
Eta Aralar'ko su aundiari begira:
–Berri aundi bat diau, iñolaz ere... Ona ala txarra,
bañan...? Nork igarri...! Ba du onek, bear bada, Basurdi'rekin zer ikusirik... Zerbait berexi ta premiazkoa
zekarren, gaur onara zetorrenean. Nola bestela, gure
aurretik, orren arin eta jaramonik egin gabe, igaro...?
Arduratsu ta illunkerako betartea zizuen... Berri txarren bat ote zun...? Etsai berrien sakailketaren bat,
agian...? Zergatik, bañan, orain artega jarri...! Biar
dana ikusiko...
Urrengo goizean, mendiko bide-txigor guziak
artzayez beterik ageri ziran. Aralar mendi kateko
artzai jaun zarrak ziran. Lartaun'enera iritxi ta:
–Zure deya entzun dugu, jauna, ta emen gaituzu
danak.
–Bai, gauz aundi bat nizuen azaldu bearra, jaunak.
–Zer... Berri gaiztoren bat...?
–Ez,. ez. Ez al dira berri guziak beti gaiztoak izango. Gaurko au, berri zoriontsu bat duzute...!
–Zer da, bada, Lartaun?
–Entzun, jaunak...

Eta ardi-larruetan exeririk eta bere makillak
eskuetan, aitagoi agurgarriari begira jarri ziran danak.
–Sarri mintzatu nauzute, jaunak, Aitor'ek, bere
txabol ontako, ondorengo oki utzi zigun ondare, elezar
eta izkutuaz. Bart, izkutu oyen kateko azken ale, ta
alerik eder eta buruena agertu zait, jaunak. Ta zuei
bereala azaldu nairik, batu zaituztet emen, jaunak.
Azken ale eder eta buruko au, bat-batean erakutsi
baño len, utzi bezaidazute kate osoa azaltzen...
Eta artzai jaun guziek, etzegoela gaur eztabaidarako biderik, eta gauz aundiak zitula Lartaun'ek azaltzeko ta, bi belarriak luze-luze, txintik atera gabe
azkeneraño entzuteko, prest jarri ziran.
«Aitor –asi zan Lartaun aundikiro–, Aitor, gizon
aundi, eder eta agurgarria... eiztari purrukatua zan.
Eta, bera bizi zan Atlantida, ugarte eder artan,
ezin zezakeala gauz aundirik eizatu ta, larruz egindako txalupa batean sarturik, sei gazteen arraunen indarrez onara, Euskalerri'ra etorri zan.
Bei, bisonte, zaldi, basurdi: Atlantida'n iñoiz ikusi
gabeko pizti ederrak zitun emen eizi-gai. Danak eiztari onak ziran. Iñor ez bañan, Aitor añakorik. Orregatik,
bera zan danen buru.

Aitor'ek sei alaba zitun, seirak ederrak. Eta bere
sei alaba eder ayek, bere sei eiztari yayoekin ezkondu
zitun. Eta gero, Atlantida eder ura betiko utziz, onara
bizitzera etorri zan bere ayekin.
Aralar'go gain ok artu zitun Aitor'ek bere etxaldetzako, bere sui Uasko ta alaba Illargi'ren lagun. Eta
beste bost suyak, baste bost bazterretan zabaldu
ziran: Bardul Gipuzkoa'n, Karisti Biskai'an, Autrigon
Araba'n, Lapur Akitani'n, Xubero Tardets'en.
Aitor'ren alabak seme asko izan zituzten. Eta
Aitor'en billoba ok jantzi zituzten Euskalerriko ibar eta
esku-alde geyenak. Uasko'ren semerik ospetsuenak:
Napar, Erronkal, Baztan, Olearso, Aragon, Erriotza...
Urre-aroa zan, orduan. Eta anai zitun gizonak
abere guziak. Eta zugaitzak bere gisara zetozen etxera. Eta ezti ta esnezko ibayak ageri ziran zelayetan.
Aldapa gabeko zelai ederra zan lurralde guzia. Eta
bertako landare guziak iztun ziran. Landare guziak
iztun, enborretan jayotzen dan goroldio, belar kaxkar
ori izan ezik. Mari'k, beñola, gaiztetsi bait-zuan...
Eta ala, zelaiz-zelai, egurastu orde, zijoan Laño,
jaun Eguzki ta andre Itxaso'ren alaba politari, lore
guziak, burua makurturik, agurtzen zioten.

Eta larrosak: Agur Lañotxo, ziotsan, nora zoaz polita, buruko adats ugari orrekin. Nai al duzu nere ostotxo gorrien soñekoa?
–Bai, enetxo, bai. Eta Lañotxo, larrosa gorriaz, jantzi zan goitik bera.
Eta ubel-liliak:
-Agur, Lañotxo. Nora zoaz polita, larrosa gorriz
jantzirik? Nai al duzu nere kolkoko lurriña?
–Bai, enetxo, bai. Eta ubel-lilien lurriñaz betetzen
du kolkoa Lañotxo'k.
Eta sagar-loreak:
–Agur, Lañotxo. Nora zoaz, polita, orren ondo jantzirik eta lurrin gozo orrekin? Nai al duzu nere lorien
zuri-gorria?
–Bai, enetxo, bai. Eta sagar-lore zuri-gorriz jazten
ditu Lañotxo'k bere masail beteak.
Ibilli ta ibilliz nekatuta, goroldio biguñen gañean
exeri zan Lañotxo, atseden bidez. Eta goroldio apala
Lañotxo'ren azpian ixillik zapal-zapal egin zan. Eta
atseden pixka bat artu zunean, goroldioari begiratuta,
Lañotxo'k:
–Goroldio gaxo ori, zapaldu egin aunat... eta ik,
gaxo orrek, ez dun txintik ere atera. Miñik artu al dun,
esan?

Eta goroldiok tutik ere ez.
–A gaxo ori, ez din iñork izketan erakutsi? Nik erakutsiko diñat, ba. Ara, ni emendik igarotzean, au esan
bear didan:
Agur, Lañotxo, nora zoaz, polita, larrosaz jantzirik,
lurrin goxokin eta sagar-lorezko musu eder orrekin?
Nai al duzu nere oe onen gañean apatx atseden ?
Eta goroldioak, iñoiz ez eta, ara or nun asten zaizuen izketan:
–Agur, Lañotxo, nora zoaz, polita, larrosaz jantzirik, lurrin goxokin eta sagar-lorezko musu eder orrekin? Nai al duzu, nere oe onen gañean, apatx atseden?
–Ola, ola, goroldio. Ola esan bear dun, ni ikusten
naun guzietan.
Eta Lañoa aurrera joan zan. Eta idoro izan zitun
guziei, goroldioaz gertaturikoa esaten zien.
Batzuei on iritxi zitzayen, eta bestei gaizki Laño'ren egite au. Mari'ri, batez ere, iritxi zitzayon gaizki,
Laño'ren goroldioari izketan erakustearen esku luze
ori...; eta aserrez beterik, Laño'ren okerra gogor zigorkatzea erabaki zun.
Mari'k, bere bigarren seme Odei gaizto, giltzapean
lotu ta gorderik zeukan, ordurarte (urre-aro bait zan).

Eta Eguzki, bere seme ona, zegarren bakarrik, gure
ortzi ederrean.
ltsaso zabalez maitemindua bizi zan Eguzki. Eta
muxu ta muxu beti, itsas-kolkoko ur urdiñak laño mee
biurtzen zitun. Eta ok, muxuaren beroa galtzen zijoaztenean, euri-tanta gozoetan lurrera ixuritzen zitun.
Eta, or joaten ziran, gero, eroxko aski, xaltoka,
kantaka ta irri-karkaraz, iturritik gora, mendi egaletik
bera.
Ta zelayetan ta muñoetan kiri ta kiñu ari ziran
Eguzki'ri, belar, lore ta landare guzietatik, kiri ta kiñu
Eguzki'ri beti...
Laño'ren egite makur ura ezkeroztik; bañan, dana
aldatuta gelditu zan. Jaun Eguzki ederra gorde-erazi,
ta Odei okerra, zeukan giltzapetik atera ta, mundu
ontara bota zizuen Mari aserrekoyak.
Ori izan zan Mari'ren zigorra. Nolako zigorra
ordea! Aize zakar bat agertu bai, ta beltz, oso beltz
biurtzen dizue lenengo Laño polit ura... Beltztu, loditu,
gaiztotu, amorruz bete... Ta amorru artan, alkar joka
jartzen dizkitzue odei guziek, trumoi lazgarrietan, eta
tximist ikaragarrietan.

Eta goiko tximist-arrien kaxkak beko abere ta
gizonak suntsitu zituzten, eta goiko tximist-adarren
suak beko bazter politak erre.
Gero, Odeitzarrak bere barren beltzak zabaldu bai,
ta, lengo euri-tanta gozoen ordez, ugolde gaitzak
bidali zitun gure lur madarikatu ontara. Eta ugolde
onek eraman zitun itsasora, lengo arriak eta suak
oraindik tente utzitako gauz guziak.
Eta lur guzia ondatuta utzi zizuen, artezituta, ebakita, sakonduta..., lengo zelai ta ordeka guziak, mendi
ta ibar, zulo ta tontor biurtuta utzi zizuen.
Etzuten, ala ere, danak zigor berdiña artu... Laño'ren sendi guzia betiko galdu zan. Laño'ren egitea oniritxi zutenak, Urre-aroa galdu, ta mundu erkitu ta sorgindu ontan gelditu ziran. Eta Laño'ri jaramonik egin
ez, eta aren egitea gaitzetsi zutenak, lur erkitu ontan
ezin zirala bizi, ta bere urre ta abereski guziekin, lurpeko zuloetan sartu ziran.
Maitagarri ta Jentillak dira ok. Txurrumurru'ko ta
zuloetan bizi diranak. Indar ta aal aundiko Jentil ok
egin zituzten zulo aundi oik. Eta gero, idi-larruetan
emengo urre, landare ta gauz on guziak bertara aldatu. Ta an bizi dira arrezkero, barruko jauregi ayetan,
an bizi dira bere andereño Maitagarriekin.

Ez giñan gu betiko galduak geratu ordea! Aitor'en
belauneko eta nere aurreko Egu'ri berri on bat eman
zion Mari'k. Gaizkatzalle aundi bat jayoko zitzaigula:
Kisti. Eta izar bat izango zala Kisti onen zantzua. Adar
luze ta argi berexizko izar aundi bat.
Eta ala, ludi guzia sorginduta ta gaiztotuta gelditu
bai-zitzaigun, Laño'ren egite ura ezkeroztik ere, ortzia
argi ta on agertu zaigu beti. Eta ara begira eman
dituzte ordurik geyenak, Aitor'en belauneko guziak,
izar berexi ura noiz ikusiko.
Ara begira ere nik ortzkarbiko gau guziak, nere
urte luze oetan. Alik eta nere begi oen argia iya galdu
artio. Ala, atzo illunarrean, Mendaur'ko artzai, Basurdi
ori, Kisto'ren berriekin agertu zitzaidan.
–Bai ote...? Esan nun nere kolkorako. Nik aren zantzuzko izar ura oraindik ikusi ez eta..., Kisti jayo
dala...?
Atera nintzan ba, atadi zabalera. Ta ortzi ederrera
begira jarri. Ezin nizkitzuten, bañan, nere begi nekatu
ok ondo zabaldu. Eta nere alboko Lekobide ta Garo'ei:
–Zuek zerbait ikusten al duzute?
–Zer ikusi?
–Or ortzian, adar luze ta argi berexizko izar aundi
bat ..!

–Aaa bai, aita bai...! Ara nun dan, an illargiaren
ondoan...!
–Or da, ordun...? Ona, ona, nere semetxuok!
Zabaldu, zabaldu ondo, nere erdi itxitako begi ok. Ola,
ola. Nun esan duzute?
–An, aita, an. Begira an, Illargiaren ondora.
–Aaa... bai, bai... Ikusten dut, ikusten... ikusten...!
Bai, jaunak, bai. Aspaldi agindutako, izar berexi ori
ikusi dizutet bart. Adu onak gauzka. Aro berri bat asi
dugu gaur. Poztu zaitezte danok nerekin.

XXXIV
BASURDI'REN ERASOA
«Nun da Basurdi? Nora joan da? Areri galdetu bear
dizkiau berri geyago, –asi ziran artzai guziak. Nun
jayo, nun eta zer dabillen gure Gaizkatzalle Kisti jakin
bear diau, len bait len. Nun da bera. Nork ikusi du?».
Bai ...! Orren begira zegoan Basurdi...! Mutiko ona
zan bera, bere asmoak orrela bertan bera utzi al izateko...! Eta lanak, bere lanak egiñak zitun, artzai
zarrak berataz oartu ziren orduko...!
Zer lan...?
Orbel artean gaba emanda, goiznabarrean, artzai
zar guziak Lartaun'enera abiatu ziranean, Basurdi'k al
zitun Aralar'ko artzai gazte guziak batuta, sekulako
itzaldia egin zien:
Arin jokatu bear zala arazo artan, Batzarreko
zarren begira egun luzean egon gabe. Ta Erriotza'tik
zetorrela arriskua. Berari an artalde guzia kendu ziotela, baita bizia ere iya-iya. Eta ori bera egiteko asmoa
zutela, Aralar'ko artzai guziekin ere. Artarako itzartuta ta gertaketan ikusi zitula berak arextixe. Eta ori
mendi agurgarri ayetan iñundik ere gerta ta ikusi

etzedin, bera, orain artzai gazte bulartsu guzien billa
zetorrela; ara, Erriotza'ra joan da, bertako giza galgarri ayek ondatzeko. Eta zañetan odol gorririk, oraindik,
zuten guziak berari jarraitzeko. Etzala ere, etsaya
ondo zigorkatu ondoren, txantxetakoa izango an,
ordañez, artuko zituzten abereskiak.
Berotu al izan zitun, azkenez, Basurdi'k, eta egun
berean irten zan ayekin, beko zabaldiruntz.
Jetxi ziran Aralar'dik Sakana deritzan ibarrera, ta
Urbasa mendi luzeera igo, gero, Lizarraga mendi-lepotik barna.
Izarra, erri politaren aurretik igarotzean, etziotela
artaldea bakarrik lapurtu, esaten asi zitzayen Basurdi.
Ba-zala ori baño tamalgarriagorik. Gazte maite-mindu
batentzat iraingarriena dana, bere gaya lzartxo ere
kendu egin ziotela. Ta artzai gazte bateren lepotik
adarra jotzea zer dan, erakutsi bear zayela giza ustel
ayei, ondo erakutsi ere.
Joar menditik, Toloño'ko mendietan sartu ziran,
gero; ta aren gañetik, Ibero ibayaren aurrez-aurre
berantza jarrai. Andik, agertzen asi ziran etxeak eta
erri aziak. Eta era berean ere, artzayei begiak argitzen
asi zitzayen.

Ekin zioten, ba, irrintzi ta santzoka, ta une berean,
erri ayen gañera jauzi nai izan zuten danak. Etzala
orren erraxa, alegia, artzayen lepotik parre egitea ta...
Eta ura eragotzi nairik, Basurdi'k:
–Ez gera, oraindik Kalagorri'ra iritxi, mutillak! Ta
danak dakizute ura dala gure egitearen jo-muga. Artara, mendiz-mendi gorderik eta ixillik iritxi, ta gabaren
beltz-beltzenean, errira bat-batean jauzi, ta nere lzartxo ori eskutik artuta, berakin mendira berriz igesi etorri... au diau, mutillak gure iski ta eginbear aundiena...
–Etziguk guri –erantzun zioten artzayak–, lzartxo'renik ajolik. Erriotza'ko erri ok ondatu ta bertako abereskiak eramatera etorri gaituk gu, Basurdi.
–Ederki...! Baita oyek ere; len aitatzea aantzi
zitzaikan. An aurrerago erri aundi ta ederragoak dizkiau, ordea! Utzi, ba, bertako erri txiki ta zirtzil ok, ta
goazen aurrera...!
–Txikiak eta aundiak danak arrontean txikitu bear
dizkiau, Basurdi.
–Ezin egin izango diau ori, mutillak! Laister iritxiko
bait zan eraso onen ardaya aurreko erri aundi oyetara.
–Ta irixten ba da ere, guri zer...?

–Kalagorri ori erri aundia duk, gero! Eta gu emen
guda-zantzoka gabiltzala jakiten ba-ditek, laister igorriko zizkigutek iñungo gudal-osteak, eta ordun...!
–Bai... bai. lk Izartxo'na ori duk buruan, ta orrek
bakarrik dadukak.
–Dana, dana... irixteko mugona izango diau, mutillak, eta Izartxo'na eta baita beste guziak ere.
–Bai..., nun?
–An, aurreko erriak aundi ta ederragoak dituzue,
mutillak. Urre asko ere gordetzen dute beren kutxa
aundietan,... eta ango kupeletako ardoa, mutillak...!
Ara, ara joan bear diau...!