Ixtorio-mixterio - 2

JonDoni Petriri: «Piarres, erle-ume hori harrezak».
—«Kofoinik ez dugu, Jauna».
—«Bardin dik: golkoan emak».
Golkoan emaiten du beraz JonDoni Petrik, eta
berehala, oihuz ere hasten: «Atx! Denak sista ari
zaizkit! Atx!...».
Urruntxago gero, Jesus Jaunak: «Emanezadak
erle-umea, hortxeko kofoin hortan sarraraz
dezadan».
—«Jauna, segur guziak lehertu ditudala».
—«Zertako?».
—«Sistatzen baininduten».

—«Sistatzen? Guziek? Zertako leher beraz
guziak, onak eta gaixtoak?».

14.
IHIZKO HESIA
Jesus Jauna eta JonDoni Petri bazabiltzan
beraz Eskual Herrian.
Jendeek bazakiten, orduan, noiz behar ziren
hil.
Egun batez, landa baten bazterretik zoazilarik, Jesus Jaunak ikusten du gizon bat, ihizko hesi
batez landaren hesten ari zela. Berehala, galdatzen dio Jesusek zertako egiten duen zerradura
bat hoin ez-deusa.
«Oh! Jauna, hirur egunen buruko hil beharra
naiz. Nere hesiak iraunen ahal du nik bezenbat!».
Eta Jesusek, ordu berean: «Hola denaz geroz,
hemendik harat ez dakikezue gehiago, noiz hil
behar zaizten».

15.
DAFAILA, ASTOA
ETA MAKILA
Bertz-orduz, etxe batean, baziren hiru seme.
Egun batez, zaharrenak erraiten dio bere
amari: «Ama, egitzu laster opilak, joan nadin
gero fortuna egitera».
Amak egiten ditu opilak, eta semea abiatzen
da bidez-bide. Zoalarik, ur-bazter batean kausitzen ditu Jesus Jauna eta JonDoni Petri.
Jesus Jaunak oihuz erraiten dio: «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?». —«Baietz segurki!». Eta gure muthikoak
ereman zituen beraz bertze aldera.
Jesus Jaunak, orduan, saritzat eman zion
dafail bat, erranez: «To, harzak dafail hau. Gosetzen edo egarritzen haizen aldi guziez, aski
dukek erraitea: “Dafaila, heda hadi!”, eta dafail
horren gainean, izanen duk, berehala, behar
dukan jateko edo edateko guzia».
Gure muthikoa, fortuna jada egina zuela
loriatua, abiatzen da kuxean etxe-alde. Joan,

joan, bethi joan, arratsean heltzen da ostatu
batetara, eta oherakoan, dafail baliosa emaiten
diote altxatzera ostatuko jendeeri, erranez:
Dafail huni ez gero erran, othoi: “Dafaila, heda
hadi!”». —
«Ezetz, segurki!».
Bainan muthikoa ohera joan orduko, ostalerek erran zioten dafailari: «Dafaila, heda hadi!».
Eta, berehala, dafailaren gainean, brist eta brast
eman ziren sekulako jatekoak eta edatekoak!
Eta ez ziren jende hek guti harritu.
Berehala, dafail hura bertze hala halako
batean trukaturik, ixil ixila, atseginez xoxotuak,
joan ziren gero ohera.
Biharamunean, ostatutik urrundu zeneko, ogi
gosetua ere baitzen gure muthikoa, arbola baten
pean hedatu zuen dafaila, erranez: «Dafaila,
heda hadi!». Baina, erran eta erran hura arizana
gatik, dafail-basa hutsik gelditu zen, eta gure
muthikoa, bere bihotz-minarekin zozotua, etxerat itzuli zen, fortunarik egin gabe.
***

Handik laster, bigarren semeak erraiten dio
amari: «Ama, egitzu laster opilak, joan nadin
gero fortuna egitera».
Amak egiten ditu opilak, eta semea badoa
bidez-bide.
Ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek ere,
Jesus Jauna eta JonDoni Petri.
Jesus Jaunak oihu egiten dio: «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?». —«Baietz, segurki!». Eta gure muthikoak
ereman zituen bertze aldera.
Jesus Jaunak, orduan, saritzat emaiten dio
asto bat, erranez: «To, harzak asto hau. Diru
beharretan haiteken guzian, errok asto huni:
“Lanari, ene astoa!” eta asto horrek, berehala,
urhea eginen dauk purrustaka».
Gure muthikoa, fortuna egin duela loriatua,
abiatzen da kuxean etxe-alde.
Arratsean, heltzen da hura ere, anaia zaharrena joan zen ostatura, eta, oherakoan, astoa
emaiten diote eskuetara, erranez: «Asto huni ez
gero erran, othoi: “Lanari, ene astoa!”». —
«Ezetz, segurki!».

Baina, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek
erran zioten astoari: «Lanari, ene astoa!». Eta,
berehala, hasten zaiote astoa, urhea egin eta
egin purrustaka. Eta ez ziren jende hek guti
harritu.
Berehala asto hura bertze hala halako batean
trukatzen diote, eta ixil ixila, gero, badoazi
ohera.
Biharamunean, ostatutik urrundu zeneko,
astoari erraiten dio gure muthikoak: «Lanari, ene
astoa!». Bainan, salbu zuek eta, bertze hartarik
egin zion astoak, purrustaka. Eta, gure muthikoa, fortunarik ez zuela egin, zozotua itzuli zen
etxerat.
***
Handik laster, hirugarren semeak erraiten dio
amari: «Ama, egitzu laster opilak, ni joan nadin
fortuna egitera».
Amak egiten ditu opilak, eta semea badoa
bidez-bide.
Bethi ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek
ere, Jesus Jauna eta JonDoni Petri.

Jesus Jaunak hala galdaturik, ereman zituen
biak bertze aldera, eta Jesus Jaunak, saritzat
eman zion makila bat, erranez: «Nihun sekulan
etsaiik atheratzen balin bazauk, makila huni
errok: “Zafra, Maria, zafra!” eta ikusiko duk ikusiko dukana».
Agur eta milesker, arratseko heltzen da muthikoa, bere bi anaiak larrutu zituzten ostatu hartara berera.
Oherakoan, erraiten diote ostalereri: «Altxa
zadazue, othoi, makila hau, bihar goiz arte. Bainan, zuen onetan, ez zaiozuela gero erran:
“Zafra, Maria, zafra!”». — «Ezetz, segurki».
Baina, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek, makila harturik, erraiten diote: «Zafra,
Maria, zafra!».
Ah! baia? Makila hasten zaiote, hantxet,
kiski, kaska, zafra eta zafra, jendeeri eta gauzeri zapartaka, oro xehatu beharrez. Ai, hemendik,
atx, handik, hasten dire ostalerak. Eta, makila
nihundik ezin geldiaraz! Jo eta jo, hura bethi ari.
Azkenean, harramantzetara jeikitzen da gure
muthikoa; eta, erhotuak, ostalerak hasten zaizko
oihuka: «Othoi, othoi, geldiaraz zazu makila! Eta

“Heda hadi, dafaila!” eta “Lanari, ene astoa!”
oro itzuliko dauzkitzugu».
Gure muthikoak, «Geldi, Maria, geldi!» erranik, geldiarazi zuen makila; eta Lanari Astoaren
gainean, Dafaila, heda hadi beso azpian, Zafra,
Maria, zafra eskuan itzuli zen etxerat.
Eta bere amarekin, eta bi anaiekin, aberats
bizi izan zen, Jainkoak daki zonbat luzaz!
Ongi bizi izan baziren, arabera hartarat hil
ziren.

16.
HARRIA ETA
BEHI-ONGARRIA
Jesus Jauna et JonDoni Petri bazoazin egun
batez elgarrekin.
Bazterreri beha eman zen JonDoni Petri, eta
harri handi bat zangoarekin koskatu zuen, ontsa
min hartu baitzuen, gaizoak.
Kexaturik, hartu zuen eskuetan, besagainka
arthikitzeko. Bainan, Jesus Jaunak erran zion
orduan:
«Ez hadila hola kexa! Harri gogor hortarik
eginen diat Eskualduna». Eta hala egin ere zuen.
Urrunago, berriz bazoazilarik, zabal zabala
erortzer zen JonDoni Petri, behi-ongarri baten
gainean lerraturik.
Kexatu zen oraino gaizoa. Baina, Jesus Jaunak erran zion:
«Ez hadila bada kexa, Piarres; eta go’mak
non zangoak eman!... Zer eginen diagu behiongarri hortarik?
—Egizu Gallegoa, Jauna.

—Gallegoa eginen diagu beraz, Piarres». Eta
hala egin ere zuen Jesus Jaunak.

17.
BI BESO, BI ZANGO,
SABEL BAKAR BAT
Egun batez, JonDoni Petri, gogoetan luzaz
egonik, eman zitzaion galdez Jesus Jaunari:
«Jauna, bi beso, bi zango, bi begi, bi beharri
ditugun bezala, zertako ez ditugu ere bi sabel?».
Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion berehala:
«Baten hazteak ere lanik aski emanen diolakotz gizonari, Piarres».

18.
TRENTEKUTXILO
Jesus Jauna eta JonDoni Petri Eskual-herrian
zabiltzalarik, buruz buru egin zuten, egun batez,
soldado ibili eta, puxka bat kolpatua zelakotz,
eske zabilan gizon batekin.
Soldado zaharrak galdegin zion beraz amoina
Jesus Jaunari. Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion,
sosik ez zuela, bainan, zerbeit emanen ziola,
halere: «Zaku bat nahi duzu orai berehala, ala
zerua geroan?».
Eta ahapetik, JonDoni Petri ari zitzaion:
«Galdezok zerua!... zerua».
Eta gizonak oihuz ihardetsi zion:
«Errexki mintzo zira eta zu!... Zerurat joan
arte bizi 1ehar ez balitz, ba!... Jauna, emadazu
othoi zaku bat...».
Eta zaku bat emaitean, erraiten dio Jesus Jaunak:
«Deus behar-orduetan, aski diozu erraitera:
Trentekutxilo!».

***
Agur eta milesker, JonDoni Petri aphaletik
erasian ari zitzaiola, badoa gure gizona; eta,
handik berehala, huna non heldu zaion okin bat,
bolanjer bat, bere karroa ogi bero beroz betherik. Eta soldado ohiak galdegitzen dio okinari,
hean emanen dion ogi puxka bat?
«—Zer uste duk ala hiretzat ditudala ene
ogiak? Ez duk ukanen, eta hoa hire bidean!».
Ah! Baia?... Eskaleak, berehala, oihu egiten
du: «Trintekutxilo!...». Eta, hantxet, ogiz bethetzen zaio bere zakua. Eta lorietan joan zen handik, zonbeit egunen jatekoarekin.
***
Handik laster, zerga-biltzaile bat aintzinean
iragan zitzaion, bere asto bat diruz kargaturik,
eta gure gizonak oihu egin zion beraz:
«Sos bat edo bertze emadazut, othoi?
—Sos bat edo bertze? Ez eta ardit bat ere!
Zer uste duk ala hire muttur pullitarendako bilduak ditudala diru hauk oro?».

Erran badu erran, oihuz hasten da soldado
zaharra:
«Trentekutxilo!...». eta, hantxet, urhez bethetzen zaio bere zaku handia.
Eta gero, aberats zen hola, eta bethikotz.
***
Handik laster ezkondu zen eta dohatsu bizi
zen, egun guziez bere atheraldia deskantsuz eginez.
Hor, ohartzen da, egun batez, bere andrea
bethi eta ilhunago hiratzen ari zaiola.
«Zer duzu bada ilhun hola izaiteko? Ez ditutzu nahi ditutzun guziak?».
Andreak ez zion lehenik deusik aithortu, bainan gero erran zion, hura atheratzen zen aldi
guziez, jiten zitzaiola gizon handi itsusi bat,
harriturik ikaretan atxikitzen zuen mamu bat.
Biharamunean, soldado xaharrak egiten du
alegia eta kanporat joaiten, eta gero, eman zen
athe-xokoan gorderik.
Hor heldu da gizon itsusia, eta gure soldadoa
emaiten da oihuz: «Trentekutxilo!...» eta, bere-

hala, zakuaren barnera, buruz beheiti sartzen da
gizon itsusia. Orduan jotzen, ehotzen du soldadoak eta hantxet... hiltzen.
Gero, haren hezurrak eremaiten ditu herriko
harotzari, hezur heiekin zerbeit eginarazi beharrez.
Harotzak kurutze bat nahi ukan zuen egin.
Bainan, nehondik ez zuen lana bururatu ahal
izan, eta, hola seguratu ziren debru bat zela
delako gizon itsusi hura.
***
Xahartu eta hil zen azkenean gure soldado
ohia. Bainan, hil baino lehen, bere andreari galdegin zion othoi bere zakua, kaxan, hil-kutxan
eman zezon.
Bere zakuarekin joan zen beraz zeruko atherat.
Bainan, JonDoni Petrik, atherik ideki gabe
batere, leiho ttiki batetik behatu zion, eta gure
gizonttoa berehala ezaguturik, oihuka eman
zitzaion:

«Norat heldu haiz?... Zerurat? Hi, zerurat?...
Jesus Jaunak, lehen, hauta eman zaukalarikz eru
hunen eta zaku trastu baten artean, zalukara
utzi huen zerua, zakuaren hartzeko! Hire zakuarekin, hoa beraz orai nahi dukan tokira...». Eta
brixtez hetsi zion leiho ttikia.
Bazoan beraz gure gizon gaixoa ifernura
buruz. Bainan, huna non biderat atheratzen zaizkon sekulako debruak, beren sardi xorrotxak
eskuan, oihuka:
«Norat jin uste duk? Ifernurat? Haizen bezalakoa! Orai zonbeit urthe, gure aita hil daukuk lurgainean. Hoa hemendik, eta laster, zuhur balin
baduk!...»:
Heldu da beraz, berriz oraino, zerurat buruz.
Eta, aldi huntan, uste-gabetarik, JonDoni
Petrik athea erdi-idekia utzirik, parabisuan sartzen da soldado xaharra.
Bainan JonDoni Petri lasterxko ohartzen zaio,
eta oihuz emaiten: Lekuak huts ditzan eta zalukara.
Gure gizonak zerbeit erran nahi eta JonDoni
Petrik ez zion deus aditu nahi.

Zer egin ez jakinez gehiago, oihuka emaiten
da soldado xaharra: «Trentekutxilo!...». Eta, JonDoni Petri zapartaka ari zen, zakuaren barnerat
ez joan nahiz... Bainan —oh, Jainkoa, zuk barka—
nahi bazuen eta ez bazuen, zaku madarikatuan
sartu behar izan zitzaion, Jesus Jaunak hola
lehen manatu izan zuelakotz.
Hainbertzenarekin, Ama-Birjina hurbildu zen
tarrapata hetara.
Soldado xaharrarenak entzunik, oro, berehala, hirriño batekin antolatu zituen: JonDoni Petri
libratu zuen, maiteki balakatu, eta... soldadoa
zeruan sarrarazi.
Han ikusiko dugu, harat egun batez joaiten
girelarik, athearen ondo-ondoan, eskuineko
aldetik.

19.
ERREGINA BAT OIHANEAN
Behin batez, baziren jaun-andre batzu aberatsak.
Nexka bat izan zuten, Maria Balentina eman
baitzioten izena.
Ama hil zen hamabortz urtheren buruan, eta
berriz ezkondu zen aita.
Baina, bigarren andrea biziki gaixtoa athera
zen neskatxarentzat. Egun batez, kanpoan aita
zelarik, xerri bat hil zuen andre gaixtoak. eta
gero, bere jaunari erran zion Maria Balentinak hil
zuela xerria.
Aitak galdatu zion beraz haurrari, hean harek
hil zuenez xerria? —Harek, ezetz!
Zonbeit egunen buruan berriz, emazteki tzar
harek hiltzen du behor bat, eta jaunari erraiten
dio Maria Balentinak hil duela behorra.
Berriz ere haurrari galdatzen dio beraz aitak
hean harek hil duenez behorra? —Harek, ezetz!
Eta aitak sinhetsi zuen berriz ere bere haurra,
zeren ez zen batre gezurtia.

Andreak, orduan, herra bihotzean, erran zion
jaunari:
«Ikusten dut orai, Maria Balentinak egin
guziak ongi zzaizkitzula...».
Eta emazteki tzarrak, hirugarren aldian, hil
zuen... bere haurra, ezen haur bat bazuten, bigarren ezkontzakoa. Heiagoraka joan zen gero jaunaren ganat, eta, bethi bezala, Maria Balentinaren gain eman zituen oro.
Aitak berriz ere galdeginik hean hobenduna
hura zenez, ezetz erran zion Maria Balentinak.
Bainan, aldi hartan, erhotu zen aita, tzarkeria
egiteko baizik ez zela gehiago haren alaba zaharrena. Eta, hor, bere hasarrean, Maria Balentinari, bi eskuak mahain baten gainean emanarazirik, esku hetako erhiak oro pikatzen diozka, kanit
handi batekin. Eta gero, egortzen du etxetik,
dohala nahi duen tokira!
Nigarrez oihuka ari zen neskatxa gaixoa,
eskuak odoletan, oihal zerbeiten galdez, zauri
izigarrien lotzeko doia bederen!...
Abreki feratu zuen aitak. Eta Maria Balentinak orduan, etxetik urruntzearekin, hau erran
zion aita higuinari:

«Elhorri bat agian sarturen duzu eskutik, eta
ez gero atheraturen, etxerat ni berriz itzuli
artean!».
***
Eta, herrestaka, odoletan, urrundu zen neskatxa dohakabea.
Joan, joan, bethi nigarrez, oihan beltz batetara heltzen da arratsean, eta, ilhunpean, zilo
handi batetara erortzen. Erhiak moztuak izanez,
ez zitaken nehola ere handik athera. Deuseri
ezin loth alabainan! Eta gau bat izigarria iragan
zuen hantxet, basa ihizien beldurrean, eta zer
nahi pairatzen zuela bere esku odolztatuetarik.
***
Biharamunean, toki hetako Erregea, ihizirat,
bere xakurrekin, heldu da oihan hartara.
Xakurrak, jauzian, sartzen dira Maria Balentina zagon zilo handian, ez baitzen haur gaixoa
guti harritu! Bainan aita gaixtoa baino hobeak

izan ziren xakurrak. Neskatxari zauriak milikatzen diozkate maiteki, eta badoatzi...
Bainan, egun hartan berean, Erregeren muthilak xakurreri eman jatekoa etan, ahamenik
hartu gabe berentzat, jateko hura guzia ekarri
zioten Maria Balentinari, oihaneko zilo hartara.
Eta, hala hala egiten zuten gero, egun guziguziez.
Laster kexatu zen Errege, bere xakurrak
mehatzen ari zitzaizkola. Eta bizkitartean, sekulan ez bezala asetzen zituen, bere ustez...
Muthil batek hor noizpeit salatzen dio xakurrek norapeit bethi baderamatela beren jatekoa.
Segitu zituen beraz Erregek bere xakur maiteak... Eta nor harritu? Errege harritu, xakurren
ondotik oihaneko ziloan sartu zelarik, eta zilo
hartan neskatxa gazte bat dena odoletan kausitu zuelarik!..
Haren beraren ganik oro jakin ondoan, Errege-Jauregirat ereman zuen neskatxa dohakabea.
Eta, ondoan, hala maitatu zuen Maria Balentina,
non bere semearekin ezkontarazi baitzuen, eta
eztei ederrenak egin ziren hamar egun osoz.

***
Handik laster, zorigaitzez, Errege Aita hil izan
zen, eta Errege gaztea joan zen gerlara; eta
haren amak Maria Balentina arras hastio baitzuen, ordutik dohakabe osoki izan zen Erregina
gaixoa.
Beraz, Erregea gerlan zen denboran, eta hura
etxetik urrundu zeneko, bi haur ukan zituen
Maria Balentinak, biitxiak, batto bertzea bezen
pullitak baitziren.
Amak berehala mezua igorri zion Erregeari,
baizik eta, bi haurren orden, bi xakur izan zituela Erreginak.
Erregeak, jelosturik, ihardetsi zion berehala:
xakurrak baziren xakurrak, ongi altxa zitzazten,
hura etxerat itzuli artean.
Bainan ama tzar harek, Seme Erregearen
egiazko mezua gorderik, bere muthileri erran
zioten, Erregeren manua zela, hil zitzaten berehala Erregina eta haren bi haurrak.
Muthilen nahigabea! Hainbertze maite zuten
bere Erregina! Joan ziren beraz Maria Balentinarekin eta haren haurrekin. Bainan, Erregina eta

printze gaixtoak hiltzeko orde, Maria Balentinari
egin ziozkaten soinean bi sakela handi, eta sakela hetan haurrak ezarririk, egorri zuten Erregina:
zohala handik, urrun, biziki urrun! Eta gero,
beren xakurretarik hiru hilik han berean, heien
bihotzak ekarri ziozkaten Erregina-Amari, eta
osoki hau enganatu zuten.
***
Muthil bihotz onekoak urrundu orduko, haren
ganat heldu bi gizon ikusi zituen Erreginak. Izitu
zen berriz, bainan sosegatu ere laster, ezen bi
gizon hek Jesus Jauna bera eta JonDoni Petri
ziren, lur gainean ibilki.
Hurbildu zen beraz Jesus Jauna, eta, oro
zakizkan bezala, deusik ez zion Erregina gazteari galdatu, bainan bai solasetan bihotz-altxagarrienak erran amultsuki. Esku ikaragarriak ferekatu ziozkan, eta Erreginari berehala, han
berean, berriz sortu zitzaizkon bere erhiak oro.
Jesus Jaunak gero eskua altxaturik, oihan
beltz haren erdian, jauregi bat ederra jali zen
hantxet, lurpetik, bere baratze pullitarekin eta

ororekin. Ahuntx muñuña bat ere eman zion
Erreginari, beren esnearentzat, eta joan ziren
gero Jesus Jauna eta JonDoni Petri. Bainan,
urruntzean, Erreginari manatu zion Jesus Jaunak,
bere onetan, ez zadin sekulan athera jauregitik;
erhiak eroriko zitzaizkola, jauregitik atheratzea
bezen xuxen.
Urrundu baino lehen, hatik, Jesus Jaunak
berak bathaiatu zituen Erreginaren bi haurrak,
Iguzkia deitzen zuela batto, Ilhargia aldiz bertzea.
***
Noizpeit beraz, Erregea itzuli zen gerlatik
etxera; eta, berehala erran zioten, nola Erregina
gaztea eta haren bi haurrak hilak ziren aspaldi
hartan.
Auhenetan eman zen Errege gaztea. Eta,
bere atsegabearen ahanzteko bezala, oihanez
oihan abiatu zen, lagun batekin, ihizin bethi,
gauaz eta egunaz.
Ilhuntxe batez, oihan beltz handian galdu
ziren, eta argi bati urrunera oharturik, joan ziren

argi hari buruz. Eta holaxet aurkitu ziren Maria
Balentinaren jauregi-aintzinean.
Gau hartako atherbea galdatu zuten beraz,
eta, baietz, eman zioten Erreginak.
Andre gazteak berehal-berehala ezagutu
zuen bere jaun Erregea, bainan ez hunek bere
andre Erregina.
Afaltzerat eman zioten ederki bieri, eta gero,
joan ziren beraz lo egitera.
Unhatuak izaki biak, laster lokhartu ziren.
Orduan, Erreginak, bere bi haurrak berekin
harturik, ereman ziten Erregearen ohe aintzinera, eta, ixil ixila, ahapetik erran zioten, jaun hura
heien aita bera zela, eta pulliki pulliki musu
eman zezoten beraz. Eta, pulliki, pulliki, batek
bertzearen ondotik, musu eman zioten, eta itzali ziren hiruak.
Errege ez zen deuserik ohartu, lo baitzagon
ederki.
Bainan haren laguna ez zagon lo, eta oro ikusirik beraz, oro salatu ziozkan Erregeri. Eta
orduan, egin zuten biek, zerbeit gisaz harat
bererat jin behar zutela ondoko gauean oraino,
lo egitera.

Erran bezala jin ziren; eta alegia eta lo egin
zuten beraz ondoko gauean. Bainan, Erregina
gaztea haren ohearen aintzinean haurreri
musuaren emanarazten ari zelarik oraino, Erregek hartu zion besoa Maria Balentinari, eta
zorrozki galdegin zion, zer ari zen hola, eta nor
zen hola artzeko?...
Harritu zen Erregina gaixoa; bainan gero,
bere beitharatu zenean, oro aithortu ziozkan
Errege-Jaunari. Loriatu zen Errege-Jauna, musu
eta musu bere haurreri, musu eta musu aspaldi
hartan hila zaukan bere andre maiteari.
Manatu zioten berarekin itzul zitezen etxerat,
eta berehala oraino; bardin ama ere hila zela,
zuela zonbeit hilabethe, atsegin handienen
erdian biziko zirela, lehengo atsegabe guziak
ahantzirik.
Jesus Jaunak aiphatu mehatxuaz deusik salatu gabe bizkitartean, ez zuen Erreginak oihan
handi hartarik urrundu nahi. Erhiak eror beldur
zen alabainan, jauregitik atheratzen balin
bazen... Bainan, azkenean, Erregeren othoitzetarat erori zen; eta, jauregitik atheratzean berean,

—odolik batere gabe, hatik— erhiak erori zitzaizkon!...
***
Etxerat zoatzilarik, Maria Balentinaren sortherrian, jende multzo bat bildua ikusi zuten. Eta
gero, galdeginik zer zen bada, ihardetsi zioten:
gizon bat zela, elhorri bat eskuan sarturik, elhorri hura ezin atheratuz ari zena.
Badoakote Maria Balentina, erhirik ez zuela
gehiago osoki ahantzirik, eta orori erraiten diotela:
«Utz nezazue! Nik atherako diot...
—Ez duzu eginen, nehork ezin egina da eta!
—Halarikan ere...».
Hurbildu zen, eskuak hedatu zituen gizonaren gana, hura hunkitu, eta —zinezko mixterioa!— bere erhiak berriz sortu zitzaizkon, eta
sortu sekulakotz!...
Xitamiru, hantxet, elhorria athera zion gizonari, eta orduan ohartu zen, gizon hura bere aita
zuela!...

***
Aitari barkaturik, aita hura eta oro joan ziren
beraz Erregeren Jauregirat, eta hantxet, zorion
bethean bizi izan ziren, Jainkoak daki zenbat
luzaz!

20.
KUIAK
Jesus Jauna eta JonDoni Petri bazabiltzan
beraz Eskual-Herrian, aldi hartan oraino.
Hor nonbeit, Lapurdin, batzen dute emazteki
bat, kuia bat buruan zoana, bertze bat eskuan.
JonDoni Petrik erraiten dio Jesusi:
«Kuia hoik ebatsiak ditu, Jauna! Lephoa utz
nezake...
—Ago ixilik, Piarres, eta arnegurik ez hola
egin: ur baizik ez duk kuia... Ez hakiena hoi, gaizoa?».
Horra zertako haizu omen den, geroztik, bertzeen kuiaren hartzea landetan! Ur baizik ez da!

21.
ZAZPIGARREN
MANAMENDUA
Behin batez, Jesus Jauna eta JonDoni Petri
harat hunat bazabiltzalarik Eskual-Herrian, JonDoni Petri hasarre gorrian eman zen, ikusirik,
ezker, eskuin, oro ohointzan ari zirela, nausi ala
sehi, saltzaile ala erosle, langile eta deusere-ez
egile.
«Jauna, zafraldi bat ona eman behar diozute
ohoin tzar horieri...
—Ago ixilik, Piarres! Ohoinak balire bezala
horiek oro.
—Ez direla ohoinak? Zer dire bada?
—Ohoinak izaiteko, behar liketek zazpigarren
manamendu bat... Eta aspaldixkoan, nere manamenduetarik zazpigarrena khendua ditek gizonek. Horra zertako ez den gehiago ez ohointzarik, ez eta ere ohoinik.
—Bainan, zuk ez baituzu ordean manamendu
hoi khendu.

—Hori duk ba, Piares!... Eta, gizonek nahi ala
ez nahi, horra zertako bethi badiren —zorigaitzez— gaztigatuz beharko diren ohoinak».

22.
BARDOTZE
Jesus Jauna eta JonDoni Petri, lur-gainean
zabiltzalarik, unhatuak heldu izan ziren EskualHerriko mugarat, eta bide bazterean jarri ziren
biak.
Hatsa pitta bat hartu eta, bazterreri behako
bat emanik, JonDoni Petrik erran zion Jesusi:
«Zer eginen duzu, Jauna, toki huntarik?
—Ba, to, ez Eskualdun eta ez kaskoin... eginen diagu Bardotze».
Eta, xutitu eta, egin zuten Bardotze.

23.
MIARRITZEKO AINTZIRA
Aldi batez, ilhuntxean, Jesus Jaunak eta JonDoni Petrik, han nonbeit, Negrezeko aldean, Miarritzen, kask, kask, kask jo zuten etxe txar batetako atheari. Eta, etxe hartako jendeeri galdegin
zioten gau hartako atherbea.
Baietz segurki, sarrarazi zituzten.
Jesus Jaunak galdatu zioten gero, jaterat izan
zezaketenez, ahamen bat bederen?
Eta jende gaixo hek aithortu zioten, deusik ez
zutela emaiteko.
«Ikherrazue mankan.
—Ba, jauna, ba. Bainan, zorigaitzez, badakigu gure mankaren berri. Huna...».
Eta harritu ziren jende hek, gain-gaineraino
ogiz betherik manka ikustearekin...
Belhauniko eman ziren Jesus Jaunaren aintzinean. Eta Jesus Jaunak galdegin zioten orduan,
hean ohe bat izan zezaketenez, arras unhatuak
zirela biak.

«Ohea ba, gogo onez... Bainan, mihiserik ez
ginuke emaiteko...
—Ikusazue berriz oraino.
—Ba badakigu, ba, Jauna, gure mihisen berri.
—Ikusazue halere...».
Eta, sekulako mihisiak atzemanik batto behar
ez zen tokian, harrituak hantxet zauden jende
gaixoak.
Jesus Jaunak erran zioten orduan:
«Bazter hautako etxe guzietan galdegina ginduen gau huntako atherbea... Nehork ez dauku
eman zuek baizik. Gaur, entzunen duzue asko
harramantza; ez izi batere. Hemen gitazke gu,
zuen gerizatzeko».
Eta ohera joan ziren oro...
***
Gaur hartan, sekulako ihurzuriak izan ziren
eta orzantz-karraskak: uria pesiaka, haizea zirimolaka...
Biharamunean, urak eramanik, suntsituak
ziren toki hetako etxeak oro, suntsituak ere etxe
hetako jende guziak.

Jesus Jauna eta JonDoni Petri hartu zituen
etxe txar hura zen bakarrik xutik han gelditu...
Eta sekulan joaiten bazaizte harat, Negrezeko alderdirat, han ikusiren duzue oraino, gau izigarri hartako uriek egin ur-geldi edo aintzira
handiaren bazterrean.

IXTORIO-MIXTERIO

1.
MEZA MIXTERIOZKOA
Goizaldera, gau batez, goraxago den oihanetik ohartu ziren artzain batzu, argi bat bazela
Salbatoreko elizan.
Ondoko gauean, tenore berean, argi berari
ohartu zitzaizkon berriz artzainak, eta hala hala
gero aste oso batez. Laztura batek hartu zituen,
eta jadanik aiphu zuten bazka-tokiz behar zirela
aldaratu.
Bainan, toki gizenaren uzteak ere dolu egiten
eta, elgarri erranez hasi ziren, ikusi behar zutela
lehenik argi hura zer othe ziteken.
Etxolan bethi begiratzen zuten ur benedikatuarekin ongi zeinaturik, arrosarioak bainan ere
makila azkar bat eskuan, abiatu ziren beraz
guziak batean, goiz-alde batez.
Argia laster ikusi zuten bethi bezala, eta
heien zakur artzanorrek gibelerat egin zuten,
erausi eta erausi.

Ez gutiago izituak, artzainak hurbildu ziren
bizkitartean, eskuak elgarri emanik, orok bat
egiteko.
Ikaran beraz, nehor ez deusik atzeman gabe
bidean, heltzen dira elizara, eta bethi bezala
hetsia kausitzen dute.
Polliki polliki, hetarik bat menturatzen da
gako xilotik behatzera, eta mututurik gelditzen
da. Haren lagunek behatzen dute harek bezala,
eta harrituak daude hek ere. Aldareko argiak
phizturik, mezaren emaiteko soinekoak soinean,
aphez bat bazen han xutik, aldarearen oinetan.
Artzainek harrabots zerbait eginik athean, gibelerat behatu zuen aphezak, eta gero, berehala
ithoka bezala, hasi zuen bere meza: «Introibo ad
altare Dei». Eta artzainetarik batek, jakin gabe
ere kasik zer erraiten zuen, kanpotik ihardetsi
zion, ahalik eta hobekiena.
Eta gero, artzainek «Eta cum spiritu tuo» edo
«Amen» ihardesten ziotela bethi, aphezak segitu
eta akabatu zuen bere meza, eta ez artzainek
nahi baino lasterrago.
Noizbait meza akabatu zenean, apheza itzuli
zen atheari buruz, eta begitarte-begiak lorietan,

oihu batean erran zuen: «O! milesker, arima
onak, nor ere baitzaizte! Hoinbertze urthe hautan beha nindagon, meza hau erran beharrez
zeruan sartzeko! Nehor ez zen hemen sekulan,
niri ihardesteko! Milesker berriz ere! ez zaituztet
zerutik ahantziko». Eta hainbertzenarekin, suntsitu zen apheza.
***
Sekulako bildotxak izan zituzten, urthe hartan, gure artzainek... Bainan, ez toki hetan beretan. Bazkaz aldaratu ziren biharamunean
berean.

2.
SALBATOREKO
GANDERAILUA
Orai aspaldi, duela zortzi bederatzi ehun
urthe, Lohibarriaz eta Mikelaberroaz bertze etxerik ez omen zen Mendiben.
Lohibarreko muthila joan zen, egun batez,
Galharbeko-potxara, behi batzuen ondotik.
Harat hunat zabilalarik, harpe batean ikusten du
Basa-Andere bat, orai Salbatoreko elizan den
ganderailua garbiturik, urrezko orraze batekin
orraztatzen ari zela.
Iguzkiak bezala dirdiratzen ere zuelakotz,
ganderailua galdatzen dio muthilak Basa-Andereari. Basa-Andereak ezetz. Bainan, azkenean,
othoizka eta othoizka luzaz arizan ondoan, ganderailu ederra eskuratzen du muthilak, eta
badoa.
Basa-Anderea laster ohartzen da muthilak
Salbatorekotzat edeki diola ganderailua eta elizarat buruz doala. Oihu garrasiaka abiatzen zaio

ondotik, eta hainbertzenarekin, Basa-Jauna agertzen da gain batean, jauzika heldu hura ere.
Muthilak jadanik bere buruaz etsitua zuen,
noiz eta ere leherturik heltzen baita Salbatorerat, eta oihuka hasten: «Jon Doni Salbatore,
zuretzat nuen, othoi urrikal zakizkit!». Eta berehala, bere baitarik jo eta jo hasten da Salbatoreko zeinua. Basa-Anderea eta Basa-Jauna gelditu
ziren kolpez orduan berean, eta Basa-Jaunak
oihu egin zion muthilari: «Baliatzen zauk, segur,
joare tzar hori jo eta jo eman baita... Bainan,