Ixtorio eta ipuinak - 1

Jean Elizalde «Zerbitzari»

IXTORIO ETA IPUINAK

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

Egileari buruzko informazioa:

MANDOZAINAREN IXTORIOA
Ez da egungoa ixtorio hau: gure zaharretarik
ikasia dugu, guk, eta berenetarik, hek. Egiaren
itxura guziak baititu, doala hemen halere, bertzeak bezala.
Behin, etxeko-aldi labur bat egin eta, mendizmendi berritz Salamankarat zoazin bi muthil
gazte koxkor. Hamazazpira urthe zuten naski;
burua bero eta moltsa arin.
Horra nun, han nonbeit, urrun-urrunean, norbeit ikusten duten, mandoz zoala.
—Esak, to, lagun, batek dio bertzeari: ez dek
ori gure erriko mandozaña?
—Bazukek: aski maiz mendian zabillak.
—To, planta guzia ala dik, bere bi mandoekin…
—Goazen bixi bixia, ikusteko bada.
Eta zanpa zanpa badoazi, iratzez-iratze,
othaskaz-othaska, beren gizona begietarik galdu
gabe, laster baino lasterrago atxemateko xedearekin, mugazaina kontrabandixtaren ondotik
bezala.

Eta han, bethi nonbeit, gure mandozaina
traka-traka bazoan, ez lo, ba lo, mando kankail
baten gainean ixtapeka, bigarren mando bat
lehenaren buztanari estekatua. Urhats hortan,
mandozain eta mando, denak lokarturik ere ez
da harritzeko. Noiz-nahi bidearen erdian, tente
gelditua zen bigarren mandoa. Oihu handi bat
egiten zion orduan mandozainak, begiak ideki
gabe:
—Hüe zak ba, mando demonioa!
***
Bai, bai: hüe zak mando demonioa segurki,
bainan nausia lo dagolarik nork atzarria axik
muthila? Ehun urhatsen buruko, berritz tentepotente han zagon mandoa, eta berritz oihu egin
behar zion, bere loaren erditik, mandozainak:
—Hüe, mando, hüe zak demonio!
***
Denbora bazoan arte hortan eta izerdi ur eginak, horra nun ehun bat urhatsetan, othaska

zokho batetarik, bet betan agertzen diren bi
muthil gazte koxkorrak.
—Ikusten dek gure erriko mandozaña dela!
—Ura eta bera, ala jokoa!
—Esak. Bigarren mando ori ebatsi bagiñezo!
—Nola egin ordean?
—Ik artuko dek mandoa, nausia atzar-arazi
gabe eta ahal bezen laster gordeko aiz nobeit,
mendi orren gibelean…
—Eta denbora ortan nausia zerbeiti oartzen
bazaio emen?
—Emengoa bego nere gañ.
Eta hitzartu bezala egiten dute. Batek ebasten du mandoa, berehala ihesari lotzen da… eta
bertzea ematen lehen mandoaren buztanetik,
soka bere lephoan inguraturik, ebatsi mandoaren orde.
Erran gabe doa, deuseri etzela den gutienekorik ohartu mandozaina eta arras lokartuko ere
zela naski azkenekotz mandoak bezala egiteko,
tente bidean gelditu ez balitz noizean behinka
gure muthil tzar eta ozarra.

Han-harat zoan ordukotz bertzea bere mandoarekin, mendi kaskoan gaindi, gibelaldea biribil…
—To orai diak nik ere hemendik zerbeit gisaz
eskapatzeko heina, dio orduan bere baitan mandoaren buztanetik gelditu denak. Eta tank hantxe badago, lurrean itzatu baliozkate bezala zangoak…
—Arraio milla demonio, zer duk ik egun ola
gelditzeko, deraso mandozainak! Hüe, urde
alperra…
Ba bainan mandoa ez baita mugitzen oraikoan!
Itzultzen da mandozaina orduan! Eta zer du
ikusten? Bere mandoaren orde, gizon bat. Harritzen da. Harritzen eta lotsatzen.
—Jaungoikoa! Zer da modu au? Nun da nere
mandoa?
—Zure mandoa ez da geyago mando!
—Zer derasazu, adixkidea? Zer gertatzen da
bada?
—Egia, una. Egun duela amar urte pekatu
andi, izugarri bat egin nuen eta ordu berean,
Jaungoikuak ala manaturik, amar urterentzat

mando billakatu! Jaungoikuak begira zaitzala zu
ere sekulan alako pekatuan erortzetik…
—Gizajo maitea!
—Doidoia billakatua nintzen berritz gizon, zu
oihuka asi zarelarik.
—Ken zazu laster soka ori lepotik!
—Ori, lan errexa da.
—Eta orai zoazi laster zure etxerat. Zer atsegiña izango duten zure aita-amek!
—Esazu berritz!
—Zoazi adixkidea; bai, zoazi laster eta otoi
barka nik amar urte oitan eman daizkitzudan
palokaldi guziak!
—Denak gogo onez barkatzen daizkitzut.
—Eskerrik asko. Tori bideko bortz liberako
au…
—Nik zuri eskerrik asko. Eta ikus arte oraiñ!
—Bai, ikusarte. Jaungoikoak nai badu…
Eta muthiko tzarra lasterka abiatzen da mendiari gora, gibelaldean su balu bezala, bere laguna mando gainean gorde zaion othaskari buruz,
gaizo mandozaina harritua han berean utzi eta.
***

Iruñako feriak ziren handik hamar egunen
buruan. Zoko batean, mando zahar bat saltzeko.
Beharrez harat joa baitu mandozainak, hurbiltzen zaio mandoari.
—To, au nere mandoa duk-eta! dio bere
buruarekin.
Beha aintzinetik, beha gibeletik: ahoa mia,
mia buztana: eta berritz bardin iduritzen, bere
mandoa duela. Hurbiltzen zaio beharrirat.
—Esazu, adixkidea! Lengo pekatu andi artan
erori ahal zare berritz?
Burfuria hori beharrian aditzearekin, mandoa
kexatzen da eta eskuin eta ezker abiatzen du
burua.
—Ezetz diozu? Nonbeit bada zerbeit haatik?
Eta bertze beharrirat badoa.
—Esazu? Lengo peaktu andi artan erori ahal
zare berritz, adixkidea?
Ezetz berritz ere mandoak.
Beha handik, beha hemendik berritz mandozainak eta nihundik hura duela iduritzen oraino.
Hirurgarren aldikotz badoako beharri xilorat:

—Esazu, adixkidea? Ez dut iñori salatuko:
lehengo pekatu artan erori ahal zare?
Ezetz.
—Bertze alako zenbeitetan beraz?
Eta ezetz, ezetz mandoak, gero eta gehiago
eskuin eta ezker burua dabilkala, aski kexu.
—Ezetz berritz ere? Ori, ezagutzen etzaituenak eros zaitzala! Nik etzaitut erosiko!
Eta handik badoa gure mandozain gaizoa,
furian.
***
Han ibili zen orduan mandozaina harat eta
hunat bere sekretua golkoan, nun zer ikusiko
zuen. Ikusten ditu kuya eder batzu.
—Zer dire oriek?
Zozosko norbeitekin duela egiteko iduriturik,
jabeak:
—Oriek zer diren? Eta, mando arroltzeak!
—Saltzeko ditutzu? Bat nai nuke.
Baietz. Egiten dute tratua eta, bere kuya
besazpian mandozaina badoa, bihotza atseginez
gainditua.

***
Zenbat iraun zion atsegin horrek erratea ez
da errex. Oren bat, beharbada biga, beharbada
hirur: gehiagokorik ez bethi. Ezen horra nun
etxeari buruz zoalarik, mendia behera, besazpitik lerratzen zaion bere mando arroltzea. Hemen
punpa, han punpa debruetan barna abiatu zen…
kuya. Mandozaina gibeletik, oihuka:
—Atoz, atoz, nere mandoa! Norat zoaz?
Kuya porroskatzen da hainbertzenarekin,
harroka bat jorik, eta hain xuxen erbi bat handik
haizatzen, ikhara gorrian.
Laster ohartu zitzaion mandozaina.
—Ara, ara nere mandoa: arto bihi kolorea: nik
bear bezalakoa! Putx, putx, nere mandaka! Atoz
nausiaren ganat! dio orroaz gaizoak, atoz, atoz!
Ondikotz, ez baitzen ordean nausiaren ganat
ethorri mandakarik ez mandaka arroltzerik!!!!
Jaungoikoak daki nun ahal dabilan mando
artho bihi kolorea. Dena dela, handik zortzi egun

gabe, hil herrietarat zeramaten laur herritarrek
gure mandozaina.
Requiescat in pace! Bakean dagola!
LUTXURI

JUAN SOLDADOREN
IXTORIOA
Hainitz Eskualdun othe da Juan Soldadoren
ixtorioaz orhoitzen denik? Beldurtzeko da ezetz.
Han-hemenka xahar zenbeitek polliki kondatzen
dukete supazterrean, neguko arrats luze eta
hotzetan: bainan oraiko haurreri ez zaizkote
lehengo ixtorioak gustatzen, eta aitatxi edo
amatxi bururatu gabe lokhartzen dire, harria
bezala.
Bizkitartean bi gazteek hondaturik dakit nik
Juan Soldadoren ixtorioa eta «Gure Herria»-ren
irakurtzailetan izan baititake nor edo nor, atseginekin irakurtuko duenik, huna nun den ikasi
dutan bezala, deusere deusetan emendatu
gabe, deusere deusetan gutitu gabe.
Juan Soldado beraz mende zaharretako
Eskualdun bat zen, Jesu-Krixtoren denborakoa.
Nungoa? Saratarra? Batzuek hala diote. Hazpandarra? Bertze batzuek hala nahi lukete. Milafrangarra? Zertako ez, Hazpandarra edo Saratarra
bezen ongi. Zer uste dutan nik erran behar banu,

Juan Soldado Larrungo mazelan zenbeit lamiña
zilhotan sortu zela erran nezake, orai kapera
pollit bat baita Haranederreko mahastiari hurbil,
han nunbeit.
Dena dela, gizon ederra zen Juan Soldado,
eta azkarra. Ahal zuen bezala bizi haatik, ihizitik,
arraintzatik, oilasko ixterrak baino maizago
artho eta gasna janez!
Egun batez arraintzarat zoan, etzuela bada
arratsean eguerditan bezala ahoan gurutze eginik egon behar. Horra nun urrunsko bi gizon
ikusten dituen: biak bizardunak.
—Nor othe ditut nik bi gizon horiek leku huntan eta tenore huntan? Deus onik ez naski. Neri
zerbeit khendu nahiz heldu badire haatik, ez dire
hanbat aberastuko…
Hurbiltzearekin, Juan Soldado ohartzen da
aski ongi emanak dituela bere bi gizonak eta
batek guziz begitarte ona baino hobea duela.
—Agur, jaunak, agur.
—Bai zuri ere, adixkidea.
—Eta nun zabiltzate hemen tenore huntan?

—Gauak atxematen gaitu herrian sartu gabe
eta guretzat ohe bat bazinuken nahi ginuke
jakin?
—Ez zaituztet segurki kanpoan lo egiterat
utziko.
—Milesker adixkidea.
—Bainan nor zaituztet, zuek?
—Jesu-Krixto eta Jondoni Petri.
Nola harritu zen gure Juan Soldado gaizoa!
Bainan ez da erran behar, laster berebaitaratu
zen eta aski ongi ohoreak egin ziozkaten JesuKrixto eta Jondoni Petriri bizpahirur amorroin lastersko atxemanik, hek jan arazi: alimaleko su bat
eginik, zangoak ongisko bero-arazi: eta gero iratzezko ohe garbi eta gozo batean etzan-arazi,
biak.
Berak gauerdi bazuen lokhartu orduko.
***
Biharamun goizean, argia gabe atzarriak
ziren Jondoni Petri eta Juan Soldado.
—Zer egin behar diot gosaritzat?
—Ez du balio deusik egitea, gizon maitea.

—Zer egin behar diot gosaritzat? Ez dut nahi
Jesu-Krixto behin ethorriko hunat eta gosea doan
hemendik.
—Barur egiten du egun guziez.
Hainbertzenarekin iratzartzen da Jesu-Krixto
ere.
—Hau da zer loa egin dutan! Ez nuen aspaldi
holako oherik atxeman! Zer dautzut zor?
—Jauna, ez zazula othoi holakorik aipha.
Denen nausia zu zare eta denen erregea.
—Ez da hortan, Juan Soldado: egiatza on
guziek behar dute beren saria. Ez zaitut segurki
saririk gabe utziko. Zer nahi duzu?
—Zuk nahi duzuna, jauna.
—Ederki ihardetsi duzu, hori. Beraz, egundik
goiti, zerbeiten beharretan zaren aldi guziez
askiko duzu zaku handi bat idekitzea, behar
duzun hura zakurat ethorriko zaitzu!
Eta mendia behera jautsi zen gehiagokorik
erran gabe Jesu-Krixto Jondoni Petrirekin…
***

Handik hamarbat egunen buruan Iruñako
ferietarat zoan Juan Soldado, delako zaku handia
bizkarrean. Hiri batean, karrikaren erdi-erdian
zoalarik, horra nun betbetan sekulako goseak
hartzen duen.
—Hau da lana! Gose hamikatua naiz eta sos
bat, ardit bat zarpan ez, zerbeiten erosteko!
Hainbertzenarekin xerri hiltzaile baten etxe aintzinean dela ohartzen da: sei edo zazpi odolki
eder dilindan ikusten ditu. Oi, zer errabia ematen
dioten.
Zer egin? Guziek eginen zutena eta zak,
zakua idekitzen du. Lehen aldia zuen idekitzen
zuela zerbeit sar-arazteko, Jesu-Krixto ikusiz
geroztik.
Juan Soldadoren loria, odolki eder andana
hura bere zakuan sartzen ikusi zuelarik! Nausia
oihuka hasi zitzaion ondotik, bainan hankak arin
zituen Juan Soldadok eta laster aintzindu zitzaion
mendia goiti xerri hiltzaile dohakabeari…
***

Harritzeko da ordutik nolakoa bilhakatu zen
gure Juan Soldado! Lehen guti ari baitzen
lanean, orai etzuen gehiago pikorik egiten.
Arraintzan nardatzen zen, ihizin unhatzen eta
jateko nahiago zuen etxez-etxe ibili bere zaku
handiarekin. Zer ogi puskak, zer zingar zaflak,
zer pinta arnoak biltzen zituen, herritarren
oihuen eta dixiduen gatik!
Bainan guzietan bada hein bat. Denetaz ongi
baliatu zelarik, zer gertatu zen? Denek athea
hetsi zioten Juan Soldadori. Akabo ogi, odolki,
zingar, arno: deus fritsik ez zuen gehiago biltzen
ahal bere zakuarekin!
Hain xuxen muthil bat nahiz zabilan inguru
herrietako arotz bat. Juan Soldadori erraiten dio
hobe duela arotzgoari lotzea, biek ederki elkar
adituko dutela. Ez zuen baitezpada fama hoberenetarik arotz harek; bainan gosearekin azeria
ere atheratzen da bere zilhotik, eta Juan Soldado
muthil sartu zen arotzarekin. Ondoko egunetan
behartu zitzaion ez baitzuen bere zakua lamiña
zilhoan ahantzi!
Badakizue nor zen arotz hura? Debrua, adarrak gapelu handi batean gordeak zabilana!

Harek Juan Soldadori jasan-arazten ziozkanak!
Hainbertzetaraino nun, etsiturik, baleki bale bere
zakua ideki baitzuen eta debrua hartan sartu:
sartu zueneko, martilu pisu batekin phorroskatu.
Orduan hango debru tiki guzien marruak, zeren
aita galdu zuten! Hek ere, bat bertzearen ondotik, zakuan sartu zituen Juan Soldadok eta aita
bezala phorroskatu, xirtxikatu…
***
Ordutik heriotzeko oreneraino zer egin zuen
gure herritar gaizoak, nihork ez daki. Bertze herri
zenbeitetarat jo othe zuen ala lehen bezala
arraintzan eta ihizin abiatu othe zen zakua bere
gisa utzirik, Jainkoak daki. Gure zaharrek ere ez
zakiten eta ez dute behinere erran. Utz dezagun
beraz huntan Juan Soldado? Ez eiki. Ezen huna
nun, hil-eta, Jainkoaren aintzinean ikusten dugun
oraino. Eta Jainkoak gain gainetik larderiatzen
du. Entzun dezagun:
Hoakit hemendik laster: hoa ifernurat egin
ditukan ohointza guzientzat, Juan tzarra! Eta,
burua aphal, Jesu-Krixtok zaku hura eman ez

balio ez zela holakorik gertatuko bere baitan eginik, abiatu zen Juan Soldado ifernurat. Bainan
horra nun, hurbiltzearekin, debru tiki bat oihuka
hasten den, karrasiaka:
—Huna Juan Soldado, huna denak porroskatu
gaituena. Cuidado, amigos! Cuidado!
Eta ikharetan, athea muthurrerat zerratzen
diote ehun edo berrehun debruk.
—Zer, ifernurat ere ez nautela sartzerat utziko? Hainbat gaixto…
Eta zerurat itzultzen da. Jondoni Petrik, ez
diola athea idekiko. Juan Soldadok, baietz, idek
dezala, ifernukotz ez dutenaz geroz on atxeman.
Ezetz. Baietz. Zer egiten du Juan Soldadoak?
Zakua han baitzuen, idekitzen du, Jondoni
Petri nahi-eta ez barnean ematen eta tuku-tuku,
hirurgarren zeruan sartzen. Geroztik han omen
dago, matelak gorri.
LURTXURI

ERRAN ZAHAR BAT
Behin Jesu-Krixto eta Jondoni Petri bidean
zoazin: erretzeko beroa ari zuen. Nihun ithurri
bat ez ageri, trago baten edateko. Ezin gehiago
iraunez, bazter-etxe batean sartzen dire. Hau
jitotegia! Puska guziak nahas-mahas: eltze handi
bat gelaren erdian, eguerditan ohea egitekoa,
mihiseak lurrean aspaldi xuritzekoak: sukaldean
sua hila oiloak mahain gainean pikoko artho
jaten ari.
Harrituak beha daudelarik, neskatxa begi
ilhun bat, oraino orraztatzekoa, heiatik heldu
zaiote. Aise ageri du hamar egunetarik ere ez
dela garbitzen. Soineko phorroskatu batzuetan
da, jito bat iduri.
—Baduzu, ur xorta bat othoi?
—Etzinuten hunat gabe atxematen ahal, alfer
parea?
—Jainkoaren graziaz, emaguzu xorta bat,
ahoaren bustitzeko doia bederen.

—Aski duzue, nahi baduzue, pegar hortarik
hartzea, eta gero zoazkitet lastersko begien bixtatik…
Edaten dute tututik Jesu-Krixtok eta Jondoni
Petrik eta atheko aldea laster hartzen dute, JesuKrixto hitz hauk neska tzar eta zikhinari erranik:
—Jainkoak eman dezanala saritzat senhar on!
Handik oren paren baten buruko egarriak
ithoak zoazin oraino Jesu-Krixto eta bere laguna.
Bertze etxe batean sartzen dire. Hau etxe panpina! Bazter guziak zilharra bezen garbia: puska
bakhotxa bere tokian: neskatxa bat sukaldean
galtzerdi egiten ari. Eta hain polliki emana, hain
garbiki!
Ur xorta bat galdetzen diote hari ere Jainkoaren graziaz. Eta harek xutiturik, edaterat ematen
diote etxeko pitar hoberenetik.
—Edan zazue astiki, jaunak: hemen egonik ez
dautazu den gutieneko makhurrik eginen.
—Milesker segurki, bainan berehala bagoazi,
dio ihardesten Jesusek. Saritzat Jainkoak eman
dezazula senhar tzar…
Harritzen da Petri hitz horiek aditzearekin.

—Zer edaten duzu bada, nausia. Goizeko
neska tzar hari «Jainkoak eman dezanala senhar
on» erran diozu eta huni «senhar tzar»?
Jesusek orduan:
—Petri, Petri, hik ez dakit zer den mundua.
Goizeko neska tzar harek ez ahal dik den senhar
hoberenarekin ere izanen bizitzeko aski lan?
Hunek aldiz senhar tzarra ere onduko dik…
Eta berritz lothu ziren bideari, Eskual-Herriari
buruz diotenaz…
LURTXURI

GANIX ARTZAINA
Arrats batez Jesusek aingeru bat igorri zion
Jondoni Petriri berehala ager zadin haren ganat,
zeruko athea ongi hetsirik, nahi liokela zerbeit
erran. Athea urhezko gakhoarekin hetsi zuen
Jondoni Petrik eta lasterka gan zitzaion Jesusi.
—Agur, nausia: zerbeit erran nahi omen dautazu?
—Errak, Petri: azken hirur ilabete hautan ez
duk Eskualdun bat ere zeruan sartu! Zer gertatzen duk?
—Batere ezdakit, nausia. Bainan hirur ilabete
hautan Eskualdunik ez baita hil, beldurtzen hasia
naiz Eskual-Herrian ez othe duten heriotzetik
begiratzeko zerbeit erremedio asmatu!
—Eskualdunek?
—Bai, nausia, Eskualdunek. Holakoetako ez
dire batere bertzeak baino tontoago!
—Ikusi behar diagu haatik horixe!
—Noiz, nausia?

—Bihar goizean argia gabe abiatuko gaitut
biak, han barna itzuli baten egiteko, esne bero
xorta bat edanik.
—Bideko ez dugu deus hartu beharko?
—Hartuko duk hire makhila, Irisarrin iragaitean behartzen bagaituk ere!
***
Biharamunean beraz Eskual-Herriari buruz
abiatu ziren Jesus eta Jondoni Petri. Oren pare
baten buruko, Urtsuiaren puntan ziren. Bertze
mendi guzien artean zertako hautatu zuten
Urtsuia, harat jausteko, ez nakike.
Dena dela, Urtsuian bazen orduan etxe xuri
pollit bat, bere leiho eta athe gorriekin. Suak
suntsitu du geroztik. Ganix Artzaina zelako bat
zagon etxe hartan: gizon zuzena eta langilea,
bainan jokolaria bi zangoetako erhi puntetaraino, igandetan mezarat gan eta sekulan etxerat
ezin bildua bere museko partida tzarrekin!
—Errak, Petri, ikusten duk hantxeko etxe
pollit hura?
—Ganix Artzainaren etxea da.

—Agur baten errraterat gan baginakio?
—Nahi duzun bezala, nausia.
—Goazen bada.
Eta badoazi, taka-taka, othaskaz, othaska.
Zer izerdiak botatu zituzten bidean egun hartako
beroarekin!
Hain xuxen, Ganix baratzean ari zen pipa-belhar hazi eraiten. Bi gizonak ikusten ditu.
—Nun zabiltzate holako beroarekin, jaunak?
Goazen nere sukalderaino: trago bat elkarrekin
edanen dugu.
—Hola izerditu-eta, egia erran ez du trago
batek kalterik egiten ahal!
Zer arratsalde goxoa iragan zuten hantxet
hiruek, elhe eta elhe, Perkain eta Azantza eta
bertze Eskual-Herriko pilotari aiphatuez, lehengo
dantza ederrez, kanta zaharrez… eta nik ez dakit
oraino zertaz. Gaua ohart-gabean ethorri zitzaioten. Xiribita piztu zuen Ganixek eta zer afarittoa
egin zioten orduan! Xingar puska bana lehenik,
gero zikiro tripa, gero ahia, eta azkenik ardi
gasna, hiru pinta arnorekin. Zer gerta ere, gauaz
bideari ez lotzeko, han berean egin zuten lo Jesusek eta Jondoni Petrik, lastozko ohe gozo batean.

***
Lehen argi zirrista zerutik jautsi orduko, jeikiak ziren hiruak biharamunean. Eta Jesusek
erran zion Ganixi:
—Ganix, badakizu nor naizen ni?
—Jauna, zu Angles zenbeit zarela egina dut
atzo. Anglesak dire bakharrik hola mendiz-mendi
ibiltzen, nun zer ikusiko duten.
—Ez naiz ez Anglesa, ez Portugesa, ez Italianoa.
—Zer, Alamana bederen?
—Ez nuke nahi ere.
—Jauna, etzare bada Eskualduna ere?
—Zertarik iduritzen zaitzu?
—Ori, atzoko egun guzian ez baituzu juramentu bakhar bat ere erran eta nik bat erraten
nuen aldi guziez kopeta zimurtzen baitzinuen!
—Ez, ez naiz Eskualduna ere, are gutiago
Amerikanoa.
—Zer zare beraz, zerutik jautsia?
—Horra egia, Ganix. Ni, Jesus naiz: hau, Jondoni Petri. Atzo hemen iragan oren goxoen saria,

urrundu gabe eman nahi dautzut. Hauta zatzu
beraz hirur gauza: hiruak emanen dauzkitzut,
Jainkoaren semea naizen bezen segurki.
***
Ganix lanean zen orduan. Denak nahi eta
hirur bakharrik hautatu behar! Hurbildu zitzaion
Jondoni Petri eta beharri xilorat zerbeit erran
zion:
—Zerua? zion Ganixek ardietsi, geroxago ere
badut segurki han sartzeko denbora! Egia erran
bere mathela gorrietarik aise ageri zuen etzuela
oraino hiltzeko gutiziarik. Azkenean, gogoetak
ongi egin-eta, hirur gauza hauk galdetu ziozkan
Jesusi: lehena, musean hasiko zelarik bethi irabaztea: bigarrena, sukaldeko alki eder batean
jar-araziko zituen guziak, harek berritz handik
khendu arte bikean bezala iphurditik lotzea:
hirurgarrena, baratzean baitzuen gerezi ondo
bat ohoinek sasoinean larrutua zaukatena, hartarat izatuko ziren guziak han ezin jautsiz gelditzea, berak lagundu arte.

—Hola nahi duzunaz geroztik, hola egina izan
dakizula, Ganix!
Eta orduan Jesus eta Jondoni Petri abiatu
ziren mendiari behera, makhilak ongi finkatuz,
iduriz bederen Hazparneko jaun misionesten
etxeari buruz. Eguerdi etzen oraino.
***
Aspaldi du Ezpeletan merkatuak egiten direla. Ordukotz baziren. Bat etzuen huts egiten
Ganix artzainak. Han zen ondoko merkatuan ere.
Hain xuxen trinketean ari beharra zen Organixta, orduko pilotari ederrena, bi Saratarren
kontra. Zer diruak jokatu ziren! Denek ezin irabaz holakoetan, Ganixek ere untzako urhe bat
galdu zuen. Eta gero bihotzminaren eztitzeko
ostatuan sartu. Han, musean hasi… eta biharamun goiza arte agertu zitzaizkon partida guziak
larrutu. Zer sosak ereman zituen etxerat eta
bidean zer eskerrak bihurtzen ziozkan Jesusi!
Handik goiti, arras jokoari eman zen gure
Ganix eta jokoak nihor ez badu aberasten, hura
aberastu zuen. Bainan ez da erran behar! Abe-

rasturik ere, etzen handitu. Lehengo adixkide
berak atxiki zituen: etzen mahainari eman:
etzion nunbeitko langileari baratzean bere pipabelharra erain-arazten: etzen zaldiz abiatu:
Ezpeletarat eta Hazparnerat bethi «pedibus cum
janbis» zoan. Eta bertzalde maite zuen beharrean zena laguntzea eta ematen zuena ixilka
ematen zuen… Hola zoazkion egunak geroztik
Ganix Artzainari, eztiki-eztiki, ahal zuena
musean larrutuz, bainan bethi behardunari, nor
nahi izan zadin, ongia eginez.
***
Horra nun goiz batez, hamarrak alderat,
gizon bat etxerat heldu zaion, sega handi bat
bizkarrean.
—Agur, Ganix.
—Agur, Jauna. Nun zabiltza hola sega hori
bizkarrean? Othe pikatzen?
—Badut segurki bertze egitekorik.
—Eta zer bada?
—Ori, zure bilha heldu nahiz egun.
—Nere bilha zer xedetan?

—Herioa naiz, ni. Aski denbora baduela lur
huntan zarela zaio Jainkoari. Zato beraz.
—Ongi da. Bainan azken hameketako bat
bederen ez othe dut egiten ahalko bada?
—Ez dut jostatzeko denborarik egun: hemengo itzulia eginik, sarri Hazparne hortarat ere
ager-aldi bat egin nahi nuke.
—Egunak luze dire sasoin huntan: zato sukalderaino trago baten egiterat.
—Gizon maitea, berritz ere erraiten dautzut
ez dutala astirik. Mugi zaite.
—Lehen aldia litake norbeit hunat ethorri-eta
nere arnoa jastatu gabe itzuli zautala. Ez ahal
dautazu, zuk lan hori eginen?
—Zuri atsegin egiteko xirrista bat hartuko dut
beraz xahakotik. Nun duzu?
—Sukaldean.
—Goazen, zu aintzinean, ni gibeletik.
—Zure sega hori baratzean uzten ahal duzu,
gibelaratekoan hartzeko.
—Hau bethi nerekin dabilkat: bainan etzaitela lotsa, etzaitut gibeletik joko.
Sartu ziren biak sukaldean eta Ganix xahakoaren bilha abiatu.

—Norat zoazi orai?
—Xahakoa gelan baitut, haren bilha. Zu, egonen zaren denbora jar zaite horko alki eder hortan.
—Halaxe eginen dut. Bainan egizu laster.
Eta jarri zen herioa delako alkian. Ganixek
ekharri zion xahakoa. Biek edan zuten trago
bana.
—Eta orai goazen, nahi baduzu, dio Ganixek.
Xutitzerat abiatu zen berehala Herioa, irri
tzar bat ezpainetan, bere begi zuriak itzulikatuz.
Etzen mugitu: bikeari bezala alkiari lotua zen.
—Zer da josteta hau?
—Ez du balio bururik hauts dezazun: behingotz alkiari lotua zarela hitz dautzut, nik.
—Nola bada?
Irriz-irri, Ganixek kondatu zion orduan Jesus
nola egun batez ethorri zitzaion Jondoni Petrirekin, zer afarittoa egin-arazi zioten eta saritzat
Jesusek alki harri zer bertutea eman zion.
—Hau nahigabea: gisa huntan, zu eremanik
nola eginen dut nik Hazparneko itzulia?

—Etzaitela kexa: Hazpandarrek ez zaituzte
segurki berantesiko! Zaude hor, odol gaixtorik
egin gabe… edo zerbeit hitzeman diezadazut…
—Zer?
—Ori, ehun urtheren buruan baizik ez zarela
nere bilha ethorriko!
—Hori ez dezaket nihundik hitzeman.
—Zaude beraz hor!
—Bertzalde ephe luzeskoa galdetzen duzu.
—Har edo utz!
—Jainkoak zer erran lezake holakorik egiten
banu?
—Jainkoak maite nau ni.
—Eta nere kargua galtzen banu!
—Ez liteke nahigabe bat handia!
—Galde zazu bederen gutixago!
Ezetz. Baietz othoi. Azkenean berrogoi-ta
hamar urthez egin zuten tratu. Ganixek Herioa
lagundu zuen alkitik atheratzen eta ostiko bat
ederra iphurdian emanik han-harat haikatu, Hazparnerat edo Jainkoak daki norat…
***

Osasun ederrean eta deusen beharrik gabe
diruan igeri dabilanari laster doazkio egunak, ilabeteak eta urtheak. Laster gan zitzaizkon Ganixi
ere bere berrogoi-ta hamarrak, hameka Eskualdun, aitoren-seme eta bertze, musean errekan
emanik. Eta goiz batez etzen batere harritu
Herioa berritz ikusi zuelarik Ursuiaren puntan,
bethi bere segarekin! Pipa-belhar biltzen ari zen
baratzean. Lasterka gan zen sukalderat. Hura
orduko, han zen Herioa.
—Etzaizu gantzak hainitz trabatzen bide hori
guzia hoin laster egiteko! Nekatua zare: jar zaite
alki hortan.
—Ez, Ganix, ez. Aldi huntan ez da trufarik:
mugi zaite.
—Zer zare egun ere Hazparnerat gan beharra?
—Ez, atzo izatua naiz Hazparnen: zapatain
bat ereman nuen nerekin.
—Ez dut beraz eskapatzerik?
—Ez.
—Huntaz harritzen naiz: berrogoi-ta hamar
urthe hitzeman eta nola ethorri zaren oren bat
goizegi!

—Ori, azken aldiko arno hartarik xirrista bat
emanen zinautalakoan! Ahotik ezin utsia zen.
—Etzaitut segurki urriki horrekin utziko. Eta
gehiago dena, baratzean nahi baditutzu zenbeit
gerezi jan, hantxe ditutzu!
—Milesker, arras maite ditut gereziak…
Trago bat edan zuen beraz Herioak eta lasterka gan zen baratzerat, gerezi-ondorat izatu
eta jan eta jan hasi. Zer asea egin zuen!
Oren baten buruan jausterat abiatu zen. Ezin
nihundik ere. Ganix hurbildu zitzaion… eta Jesusen hirurgarren agintza irriz kondatu. Herioaren
arrabia orduan!
—Zer behar othe dautazu galdetu oraikoan?
—Oraikoan? Ehun eta berrogoi-ta hamar
urthe!
—Baduzu burutik, gizona?
—Jainkoari esker, burua ongi dut oraino.
—Ez du iduri. Nahi ditutzu hogoi urthe?
—Ez.
—Berrogoi?
—Ez.
—Ez dautzut nik bertzerik emanen aldi huntan!

—Nahi duzun bezala, bainan ez ahantz etzarela hortik jautsiko nik lagundu gabe.
Azkenean ehun urthe eskaini ziozkan Herioak.
—Othoi, ez zatzula gutiz utz.
Onhartu ziozkan Ganixek. Jausten lagundu
zuen eta toki berean berritz ostiko bat emanik
Canboko alderat fueratu.
—Zoazi harat: Jainkoari norbeit ereman behar
badiozu egun Canbon izanen duzu segurki nori
loth!
***
Mendeak ere badu buru bat: iragan ziren
ehun urtheak ere… eta laster iragan. Xahartua,
ezindua, ohean zagon astelehen batez Ganix
gaizoa. Hirurgarren aldikotz Herioa agertu
zitzaion.
—Egun ere zerbeit jikutria asmatuko othe
duzu?
—Ez, ez. Biziaz asexea naiz aldi huntan.
Nihork ez du gehiago nerekin musean ari nahi.
Ez da gehiago Organixta bezalako pilotari handi-

rik. Gobernamenduak khendu dauku pipa-belharra gure baratzean egiteko dretxoa ere. Ez da
gehiago nihor eskuarazko kanta zaharretan ari.
Haurrak arras erdarari emanik dire Canbon eta
horietan. Neskatxak dantza itsusi batzueri lothuak dakit zer ikusiko nuken oraino ondoko egunetan. Ereman nazazu lehenbailehen!
Herioak jo zuen beraz buruan bere sega handiarekin, bizkarrean hartu eta ereman.
***
Aise asmatzeko da nungo bidea hartu zuen
orduan Herioak: zerukoa. Bainan, han, Jondoni
Petri dago athearen zain eta nor ekarki zuen
Herioak ihardetsi zioneko, athea gakhotu zuen.
—Ganix Artzaina zeruan sartzerat utz? Sekulan! Aski zuen, berehalako aldi hartan, Jesusi
zerua galdetzea! Doala nahi duen lekurat…
Herioak ter ter ter, ereman zuen orduan Purgatoriorat. Han ere etzutela nahi, atherik ez
ideki.
—Goazen beraz ifernurat…

Hain xuxen, athean zagon Luzifer, debruen
nausia.
—Nor duzu hor?
—Eskualdun bat.
—Eskualdun bat? Datorla, datorla segurki.
Munduko bertze eskualdeek ez balaukute
Eskual-Herriak baino sugei gehiago ematen, ez
gintazke hainitz bero hemen… Zer du izena?
—Ganix Artzaina.
—Zer bethi musean ari zen Urtsuiako gizon
zahar hura?
—Hura eta bera.
—Ongi ethorri zarela, Ganix! Zer sua eginen