Igandea edo Jaunaren eguna - 1

Total number of words is 3778
Total number of unique words is 1750
30.6 of words are in the 2000 most common words
45.1 of words are in the 5000 most common words
53.1 of words are in the 8000 most common words
Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
Jean Pierre Arbelbide

IGANDEA
EDO
JAUNAREN EGUNA

IGANDEA EDO JAUNAREN EGUNA
Meza-Bezperen othoitzekin
J-P ARBELBIDE, Hazparneko misionesten
buruzagiak egina
San Augustinen Elkhartasuneko
JAUN DESCLEE eta
hekien lagunen molditztegian.
Lille, du Metz karrikan, 41. 1895.

San Josepe handia, zu bezalako nekazaleentzat mintzo naiz hemen: Emozute othoi Igandea
iragan dezaten bethi Jainkoak eta Elizak erakatsi
moldean, lan debekatuetarik baratuz, Meza-Bezperak entzunez eta bekhatuzko bidetarik osoki
urrunduz.
Liburu xume hau onets ezazu, eta nola iguzkiak loreari bere edertasuna, berdin zuk nere
lanari emozu Igandearen maitarazteko eta ongi
begiraazteko indarra.
A.
BETHI ESKUARA BIZI BEDI

AITZIN SOLASAK
Jainkoak begira gure Eskuararen galtzetik. —
Eskuara, mintzaia paregabea. — Eskuara, egiazko sinestearen zaintzale. — Gure frantximenten
erdara, nahasia bezain bitxi. — Eskuara bastarta. — Hortaz zer dioen Neurthitzlariak. —
Eskualdunak herritik ihesi, gaskoinak laster
gure nagusi. — Oxala, gure herrian eta lurlanean baginaude! — Geroaz ez othe da lotsatzeko? — Mintzaiarekin atxik othoi gure ohikuntza zahar eta onak! — Atxik guziz Igandeeguna!
Zertako liburu berri hau? Lehenik eta oroz
gainetik Igandeari dohazkon eginbide premiatsuak xehetasunekin aiphatzeko, eta bertzalde
gure Eskual-Herri maitearen mintzai eta ohitura
onak, gure ahal ttipiaren araura, hazkartzeko.
Duela bizpahirur urthe, Agorrilako egun eder
batez, Eskualdun andana handi bat Lurdera
joana zen beilaz edo erromeriaz.

Han zebiltzan gure herritar maite horiek, harpetik elizara, elizatik kalbariora, bethi othoitzean
eta kantuz.
Bazen, egun hartan berean, Jaun Paristar
jakintsun bat Lurderat ethorria; eta Eskualdunen
othoitzak eta kantuak entzutearekin, xoraturik
zebilan hekien ondotik, zer othe zen mintzaia
eder, sekulan aditu ez zuen hori. Hekien artean
zegoen, beharriak landaturik, papera eskuan,
entzun guziak izkribatuz. Ez dut uste ihiztaria
erneago dagoen ihiziari, nola Jaun hura Eskualdun beilarien hitz bakhotxari; eta gogora ethorri
zitzaitan ihiztariaren kobla hau:
Jaun ihiztaria goizetan ernerik
Ixil dago kaiolan kokorikaturik,
Harma behar-ondoan, begiak argirik,
Othe denez airean ihizi-lerrorik.
Orobat zegoen gure paristar jauna, ernerik
hartzen eta izkribatzen zituela Eskualdunen
kantu ederrak.

Huna kantu heietarik zonbait. Goizeko
mezan, komuniatu aitzinean, guziek eman-ahala
errepikatu zuten:
Zato arima dohatsua,
Ez ihes egin beldurrez;
Amodioz sustatua,
Jesus dago oihu minez;
Baldin gaxtoak arbuiatzen
Baditu Jainko justuak,
Sainduak ditu gomidatzen
Aita guziz amultsuak.
Eta komuniatu ondoan:
Kausitu dut xoilki maite dutana,
Kausitu dut; ez daukat ez utzirik!
Kausitu dut, neurea da bakharrik,
Kausitu dut Jesus guziz ona!
Jesus, oi zu eztitasuna bera,
Zeruko dohainen ithurburua,
Othoi gathez dezazu esteka
Zuri bethikotz ene bihotza.

Azkenik, Lurdeko Ama-Birjina zeruaren
erdian ikhusten balute bezala, eta behinere
baino khar gehiagorekin, batetan kantatzen
dute:
Oi erregina handia,
Zoin zaren miresgarria!
Ikhusten zaitut jarria
Seme maitearen aldean
Alkhirik distiantenean!
Sainduek izarren pare
Zeruan argitzen dute;
Zu distiantago zare,
Oi ama iduri-gabea,
Birjina garbien lorea.
Hoik guziak entzun, ezkiribatu eta ongi irakurri ondoan, Jaun Paristarra badoha lehenbiziko
aphezaren gana eta galdegiten derauko: Zer
othe da mintzaia hau? ederra zait eta eztia, bainan ez dezaket hitz bat ere konpreni!

Ni nintzen aphez hura, eta ihardetsi neraukon: Mintzaia hori da Eskuara; eta nahi banauzu
sinetsi, emazu oraino kobla hau, izkribatu ditutzun kantuen ondotik:
Jakintsun erranetan
Behar bada sineste,
Ederrena mintzoetan
Eskuara da, diote.
Eskualdunek bazterretan
Hortaz ohore dute.
Eman nerauzkion gero xehetasun guziak
Eskualdunen gainean eta hekien mintzaia ederraren gainean; eta erran zerautan: Agian atxikiren ditutzue bethi zuen mintzaia eta zuen bizimolde zaharrak; hetan duzue arbasoetarik
ukhan duzuen primantzarik baliosoena!
***
Oi herritar maiteak, gogo emazue beraz arbasoen aztura eta bizi-molde onak sekulan aldatzetik, sekulan trukatzetik jende arrotzetako ohitura

herrebes eta galgarrietarat. Eta guziz, zuen mintzaia edarra, zuen Eskuara, ah! begira zazue
bethi.
Gure arbaso eta herritar guziek mintzaia hortan dute Jainko maitea bethidanik othoiztu eta
goretsi. Eta guk ere Aita-Amen ganik, hekien galtzarrean, altzoan eta besoetan, Eskuaraz ikhasi
ditugu gure othoitzak. Eta Jainkoari bezala, berdin gure ahaide eta laguneri Eskuaraz abiatu
gare mintzatzen; halako moldez non barneko
gure bozkario ala bihotzminak, ez baititugu
sekulan hain ongi aiphatzen eta kanporat agertzen nola haur denborako Eskuara gozo eta aberats horren bidez.
Gure Eskuara, berenaz ere, daiteken mintzaia ederrenetarik bat da. Neurthitzlariak dio:
Munduko mintzoetan ez da hain garbirik,
Eta dakienarentzat hain gai handikorik.
Huna zer zaitan niri gehienik laket Eskuaran.
Elheak labur ditu, erne eta bizi. Erran nahi den
hura erran, eta bethi aitzina doha. Iduri du zilhar
bizia, ez du hitz bat hutsik ez alferrik. Berriz ere

diot Eskuara garbi eta zalhu hori zaitala niri
laket.
Ez dakit nork darasan Eskuarak ez dezakela
deus gauza gorarik eta barnarik aipha errexki,
nasaiki eta ederki. Horrelakoak irakur ditzala
Aita Mendiburu, Atxular eta bertze asko; ikhusiren du Eskuara, erdara bezain ongi mintza daitekela edozoin gauza handi eta goratikakoez.
Huna zer dioen bertzalde gizon aiphatu
batek: Gaskoina bera ere ez laiteke galtzerat utzi
behar, bainan are gutiago Eskuara.
Gaskoina ez da mintzai nahastekatu bat beizik, bertze askorekin hitz berak, molde berak eta
itzuli berak darabiltzana.
Bertzelakorik da Eskuara; ez du bertze mintzaiekin deus nahastekarik, garbia da eta osoki
berezia; bere baithan daduzka bere erro, zimendu, ethorki eta ithurburu guziak; bere ganikako
jitez eta indarrez asentatzen da burutik buru,
nehondikako laguntza arrotzik gabe.
Hortik, mintzai nahastekatu guziek ez bezalako premia du Eskuarak. Eta nola nihori zorrik ez
duen Etxeko-Jauna hazkar eta burua gorarik bai-

tago bere eremuetan, hala-hala gure mendien
artean dago Eskuara.
Bere baithakoa delarik osoki, ez duelarik
deus maileatzen gaineratiko hizkuntza arrotzeri,
Eskuararen eremuak hain dire zabalak eta
nasaiak non behexkunde hortan berean aurkhitzen baitu aberastasunik handiena. Ez du zeren
hitzketa nunbait ibil; herriko bere hitzekin errexki eta ausarki aipha dezazke gizonaren buruari
darabilzkon asmu eta gogoeta guziak. Eta baldin, aldi bat edo bertze, ez balitz kausitzen gure
gogoetari dohakon hitz garbi xuxena, baldin
entsegaturik ere ezbalethor hitz hori, —mintzatu
nahi eta ezin mintza—, ah! orduan ere ez ginuke
zeren lotsatu, ezen gure mintzai-Eskuarak hitz
berrien egiteko antzea badu, eta maiz berri
horiek ez dire ederrago beizik. Zonbat eta zonbat aldiz ez dute hori egin gure izkiribatzaile
zaharrek eta guziz Atxularrek, Larramendik,
Mendiburuk eta Duhaldek!
Mindegian nola haziak eta landareak, berdin
Eskuaran hitz-gaiak aurkhitzen dire nasaiki; gai
horiek elkharretara bil bitez, batzu bertzeri loth
eta xerta bitez, ez nola-nahi, bainan behar den

antzearekin eta jakitatearekin, eta geroztik
errextasuna badukezu zure gogoeta guziak
eskuaraz aiphatzeko.
Bai, hizkuntza aberatsa da Eskuara. Eta zer
erran haren itzuli trebe, zalhuez? Izan ahala ibil
errexa da, nola-nahi molda daite, eta bethi ederki, gogoan ditutzun asmuak ausarki agertuz,
nasaiki eta gozoki xehatuz. Hitz batetik ala bertzetik has dezazun solasa, zure elheak bethi
xuxen adosturen dire, hala-nola ehaile trebearen
eskuetan irazkia eta bilba elkharrekin trebeskatzen baitire, bata bertzeari lotzen, josten, eta
tinki-tinkian oihal hazkar atheratzen.
Bertzalde huna zer dioen Eskualdun gazetak:
Eskuara da ere mundu zabalean ezagutuak
diren mintzaia guzien artean zaharrenetarik bat.
Nehork ez daki xuxen noiz, nork, nondik ekharria
den eskuara toki hautarat. Ala hemen berean
sorthua othe den hastapenean. Bertze asko mintzaien ethorkia, heien erroak eta adarrak errexak dire hatzemaiteko. Hala nola frantsesa,
española, anglesa noizdanikakoak diren eta zertarik eginak, erranen dautzute xuxen gizon argituek.

Bainan eskuara nondik atheratua den, nor
eta zer ziren lehenbiziko Eskualdunak? Oraiko
mintzaia hau bera zutenez, ala bertzelako bat
gure lehen arbasoek, ez dakigu. Badakitela uste
dutenak badire. Batzuek erdi trufaz bezala, bertzek espantu egiteko, erraten dute: Adam eta
Eba eskuaraz mintzo zirela.
Bertze batzuek diote Babeleko dorrearen egileri mintzoa makhurtu eta nahasi arte, gizon
guzien mintzaia Eskuara zela: Omen hortaz ez
dezakegu hemen deusik erran, baizik ere hola
erraten dutela zonbaitek, egia bada eta ez bada.
Guk dakiguna da, aspaldi-aspaldiko mintzaia
zaharra dela gutartean eskuara.
Eta nola gauza onak baitire iraunkor, ageri da
behar duela ukhan eskuarak bertze asko mintzaiek ez duten zerbait, hoinbertze mendez,
galdu gabe, desegin gabe, dirauenaz geroz.
Deus ez da lakhetago, jakitate aphur bat eta
lan-arte duenarentzat, nola baita ikhustea
Eskuara zaharra eta Erdara gaztea elkarri
parean emanik, bat ala bertzea den othe hobeago.

Orduan da ageri gure mintzaia zoin den aberatsa, bai frantsesaren aldean, bai eta bertze
edozoin erdaren aldean. Ez dugu zeren ahalge
izan gure mintzaiaz. Izan dire eta badire gizon
jakintsunak, beren bizia holako lanetan higatu
ondoan, berrogoita hamar mintzaietaraino ikhasi-ta, goraki erran izan dutenak, asko eskualdez
eskuara oroen nausi dela; nausi iraupenez, ba
eta erran gogo duenaren arabera hitzen moldatzeko errextasunaz, eta bereziki mintzatzeko eta
izkribatzeko moldeaz.
Izkribatzeaz den bezenbatean, Eskuarak ez
bezalako trabak ditu Frantsesak jende arrotzarentzat.
Hortakotz behar dugu eskuara atxiki, begiratu galtzerat utzi gabe, eta ahal badugu oraino
azkartu eta hedatu.
Dugun orok gure ahala egin gure herritarreri
hemengo mintzaia maitha-arazteko, eta arrotzeri ere ahalik hobekiena ezagut-arazteko.
***

Gure mintzaiak badu oraino bertze dohain
eta probetxu bat.
Nola hesi hazkarra ogi-landaren edo mahastiaren inguruan, hala-hala dago gure mintzaia
Eskual-herriaren eremuetan. Sineste zuzen, bizimolde on eta gure ohitura zahar guziak zaintzen
eta tieso atxikitzen ditu; bainan bazterretako
gezurkeria, egite makhur, aztura arrotz eta gaxtoak urruntzen ditu.
Gure Eskuarak dirudi ibaia eder eta aberats
bat: ez darabila gutartean ur garbirik baizen; arimetarat hedatzen ditu irakaspen eta argi frango,
bainan ez tzarrik, ezen, Jainkoari esker, liburu
gaxtorik ez dugu gure Eskuaran, hoberenetarik
dire guziak.
Berriki oraino Aphezpiku handi eta guziz aiphatu Jaun Freppel orobat mintzo zen Bretaniako
jendaiari.
Zer arren, ez othe dugu erdararik ikhasi
behar? Bai, bai, ikhasi behar dire erdarak, eta
ikhasi ahalik eta hobekienik, eta guziz gure erresuma maite huntako mintzaia, frantsesa.
Bainan oroz gainetik Eskuara dezagun ikhas,
mintza, irakur, osoki ezagut. Eskuaraz gaitezin

elhesta ala etxeko jendeen artean, ala herriko
adiskide eta lagunekin, bai eta herriz kanpo ere,
hitz batez non-nahi, eskualdunekin garen ber.
Bertzela zer gerthatuko da?
Hizkuntz erdara frangok jakinen mintzatzen,
Eskaraz jakin gabe kasik irakurtzen.
Eta horrela gure mintzaia ederra bortxaz eta
laster galduko da.
Geroztik arren ez othe gare bakhan beizik
erdaraz mintzatu behar? Ez! Ezen zer gerthatzen
da hamarretarik bederatzietan?
Huna nola deraukun koblariak ihardesten:
Frantses murdukatzea ez da jakitate,
Ixilik egotea segur hobe lukete.
Eta bertzalde, erran dugun bezala, gure
Eskuararen galtzeko liretezke erdarazko solas
soberanioak.
***

Bai, erdarez noiz-nahi mintzatzeko errebeskeriak errekarat garamatza eta makhur horrek
diraueno, gure eskuara egunetik egunera galtzerat dabilke.
Nola daite bertzela? Erdaratar horiek gure
bilkhura guzietan dathozi, erdi frantses eta erdi
gaskoin; hastean ez deraue nihork irri beizik egiten, delakotz heien elhea nahasia bezain bitxi;
bainan hek ez dire lotsatzen! Ergelkeriari datxeko thema, eta ihesi joan behar orde, listorburrunba horiek darraizku bethi, erdara dariotela. Nik uste lotarik ere erdaraz amesten diren;
eta ahalik balute, gauaz ere lethorzke berdin
gure beharrietara.
Xoriek nahi dute kaiolatik ilki,
Liliek ere noizbait jastatu iguzki!
Horrelako hainitz dagozi gutartean eta kalte
frango egiten herriko mintzaiari. Eta ez erran:
Zer dohaku hek erdaraz mintzaturik ere?... dathorke ni gana nor-nahi, eta darasala frantses ala
gaskoin, nik bethi atxikiren dut nere eskuara.

Bai, zuk uste; ez ordean ahantz erran zaharra: Otsoa lagun dukanean, ai! bahu hora sahetsean! Eta bertze hau: Erradak norekin bizi
hizan, nik gero hiri nolako hizan.
Beraz holakorik zu-gana balethor, ez ukho
egin ez, bainan ezti-eztia erran: Ori, adiskidea,
ez dakizu nik baino gehiago frantsesik, goazin
othoi biak eskuaraz.
***
Ez datza hortan bakharrik gure makhurra;
bertze gaitz bat badugu are gehiago hedatzen
dena eta eskuarari kalte egiten. Hura da eskuara bastarta, oro erdararat itzulia, gure hitzkuntza
ederraren iduripen zerbait beizik ez duena. Athor
beraz, erakurtzaile maitea, harrait, eta nerekin
entzun ezak neurthitzlari zaharra; huna zer
derron eskuararen bihurdikatzaile moldegaitzari:
Munduko bazter orotan ohore dadukate,
Mintzaia bere modutan oso baitadukate.
Hemen aldiz guzieri zizaie desohore,
Xumei nola handiei, garbi mintzo badire.

Frantximanen aiphamenaz osoki hanpatuak,
Eskaldunaren izenaz hurren ahalkatuak,
Bere hitzkuntzaz oraino dute arnegatuko,
Zilibokhata bat gero hainitzez egiteko.
Adi zagun burigiesa, modara solasean;
Non zinen atzo, diotza, non atzo arratsean?...
Ez ninduzun aperzitu pontuaren gainean?
Han nintzen han promenatu, damurik, zereinean!
Hain ongi, nola handia, xumea ez da lotsa,
Nahi du haren mihia mintza dadin frantsesa,
Latina ere badaki Eskararekin lotzen;
Izan naiz, dio ederki, kaiean ambulatzen.

Huna zer den ene beldurra: erdarari sobera
trebatuz, Eskualdunek premia ttipitan har dezaten herriko mintzaia, eta geroztik ezaxolaki bazterrerat utz dezaten. Ez zaiote iduri ez askori
holakorik gertha daitekela.
Bainan orhoit zer dioen erran zaharrak:
Bide makhurrean trebatu,
Onerat ezin gibelatu.

Horra beraz bi izurrite, gure eskuara galtzen
ari dutenak. Hirurgarrenbat badugu: Eskualherritik kanpo, hirietarat edo ameriketarat joaiteko ezin egona. Eta zer gerthatzen da hortik?
Bazterrak oro eskualdunez husten eta gaskoinez
bethetzen! Etxetiar eta ofiziale gehienak arrotzak ditugu, nonbaitik ethorriak, osoki erdaldunak, eta gure mintzai ederraren orde, ez dakit
zer hizkuntza ahalkegarri gutartean hedatzen ari
dutenak.
Herritik kanpo dohazin Eskualdunek, huna
zer darasaten, berek uste gabean: «Goazin etxetik urrun, eta gure eskuara daramagun norapait
gurekin, eta han erdara zerbaitekin trukatuko
dugu; eta arte hortan, gure orde, guk herrian
hutsik utzi etxeen bethetzerat eta gure lurren
lantzerat eta gure ontasunen ibiltzerat, ethorriko
dire gaskoin bonet handi batzu, eta diubibanka
galaraziko dute gure arbasoen mintzaia, Eskuara!...».
Badantzut, adiskidea, eta horrela mintzatzea
eder bazauzu, zohazkit hirietarat eta Ameriketarat eta nahi duzun tokirat, ezen zuk ez duzu

gaurgeroz eskualdun odolik zainetan. Eta ez
erran niri bertze tokietan ere eskuaraz mintzatuko zarela, ez erran bertze Eskual-herri bat nahi
duzula itsasoz haindian asentatu; hori ez da
amets bat beizik.
Zer dezaket bada? herrian egon eta goseak
hil?...
Zer dezakezun? Ah! guk guziek egiten duguna: Egon herrian, bainan othoi goserik gabe,
ezen nihon ez duzu hemen bezain errexki bilduren ohorezki bizitzekoa. Nere bizian herri eta
eskualde hainitz ikhusi dut, eta bihirik ez gure
Eskual-herria bezain ederrik eta
aberatsik.
Zuk eta nik dagigun bertze herritar gehienek
egiten dutena, laborantzari jarraik eta izan bethi
girixtino on.
Duela sei urthe huna neronek zer nion nere
lehenbiziko liburuan, Bokazionean edo Jainkoaren deian:
Baldin laborantzari zinez emaiten badire gure
Eskualdunak, utziko dute hirietarat eta Ameriketarat joaiteko duten errabia. Eskual-herria, munduko ederrenetarik bat da, eta halere sor-tokian

ezin egon! iduri, hemen ez bezalako atseginak
eta aberastasunak badirela bethi bertze nonbait!
Zeru gaina maiz urdin, denbora maiz gozo
Hiru laurdenak leihor, bertzea itsaso,
Asko mendi aberats, zelhai gizen asko...
Non holakorik kausi urus bizitzeko!
Ai gehienek bortz nigar egiten dituzte bai
Eskual-Herria utzirik; ohartzen dire laster zer
zorokeria den eskuko xoriaren uztea airekoaren
menturan.
Nahiz ukhan ez dutena,
Galtzen dute badutena,
Eta gaur bizitzekoa ausarki bazutenak,
Aurkhitzen dire biharko kolpez errumesak.
Ar beraz tinki lanean,
Hor, etxeko laborantzan;
Zuhurki zazu goberna
Handik bildu dukezuna.
Etxea arthatzen baduzu,
Tresor handia hor duzu,
Eta doluturen ez zaitzu.

Egungo egunean oraino ez ginuke gure
Eskuara erdaran trukatu nahi. Bainan zonbatenaz baikare erdaran usu mintzatuko, hanbatenaz hartuko dugu harrekilako trebetasuna eta
amodioa, eta geroztik deus antsiarik gabe bere
gisa utziko dugu Eskuara.
Beha zakozu herritik kanpo dohan gizon
horri: Itsasoa hartzen du, untziak badarama
Indietarat. Bere sor-tokia agerian eta bixtan
dueno, maiz gibelera behatzen du, bihotzak min
egiten dio, nigarra dario begietarik, gogo guziak
etxeko alderat jauzi egiten derauko.
Bainan herriko mendiak itzaliz geroz, ez duenean gehiago lurrik ikhusten ahal, nigarrak xukhatzen dire, barnea deskantsatzen da. Eta handik harat gizon horrek Indietako alderat itzultzen
du bere bihotza; gogorik ez du gehiago hantgotzak beizik; amets guziak dohan tokirat landatuak ditu.
Eta ni beldur naiz hola-hola gerta dakion
Eskual-herriari: Bere mintzaia atxikiren dueno,
behatuko da bethi bere arbasoen irakaspeneri
eta hetan tieso egonen; bainan joanago eta sar-

tzenago dohala mintzaia arrotzetan, ai geroztik
akhabo izanen da laster Eskual-herriaz!...
Halarik ere uste dut nik ez dela gure Eskuara
sekulan galduko; eta guziz huna zerk atxikiko
duen: Eskuarazko liburuek, denbora hotan ederki eta nasaiki agertzen diren liburuek. Huna zer
dioen gazeta Eskualdunak:
«Atsegin handirekin ikhusten dugu, liburu
eskuarazkoen nonbrea bethi emendatuz dohala.
Eskerrak diotzategu hemen, gure Eskual-herri
maitearen izenean, liburu on heien egileri. Ez
detzazkegu hemen oro aipha. Bertze alde aski
ezagutuak dire. Aski ez; behinere ez dira obra
onak eta heien egileak aski ezagutuak. Bainan
bederen erran dezakegu, azken urthe hautan
bezenbat liburu on eta eder agertzen bada ondoko urtheetan, erran dezakegu gure mintzaia
zaharra eta nihon ez bezalakoa, izanen dela oraino behin eta behin aiphatua munduan. Biba
bethi Eskuara!
»Iraunen du Eskuarak, Eskual-herrian gizon
deno. Eta goraki erraten ahal dugu: badira oraino gizonak, eta izanen ere ba agian gero eta
gehiago, Eskual-herriaren Erlisionearekin batean

Eskuara ere gure artean begiratuko dutenak, eta
ahal bada —ahal da!— oraino hobeki ezagut-araziko eta maitha-araziko dutenak.
»Behinik behin badut uste, goraxago aiphatu
ditugun jaun horietarik zonbaitek segurik ez
duten oraino bere azken hitza errana. Agian ez!
Bainan nola ez baigira mundu huntan oro orotako, ez eta, are gutiago, bethiko, nahi gintuzke
ikhusi, zaharren edo zahartzen ari direnen ondotik gazteak, gaztedanik lanari lotzen. Zer laiteke
bada ederragorik ikhustea baino, zerbait dakiten
edo ikhasteko gutizia duketen guziak, hala nola
aphez gazteak, eta zertako ez aphez-gaiak ere?
guziak Eskuarazko liburu zaharretan lehengo
Eskuara zaharraren ongi ikhasten; eta gero,
buruan zerbait onik ezarri eta bihotzean khar
pixka bat phizten zaiotenean, berak ere lan berri
zerbaiten egiten; handi edo ttipi, guti bada guti,
bethi zerbait; ez balitz ere egiteko dituzketen
predikuak ahalaz Eskuara garbiz egitea baizik!
Nun nahi eta nor nahiren aitzinean, edo-zoin
mintzaietan, ederki mintzo den gizona bethi
atsegin gehiagorekin aditua da. Bethi badu
harek, mintzo denean, bertzek ez duten indar

berezi bat. Orok dakiguna da hori; eta bizkitartean egia hori hobekienik jakin behar ginukenek
ardura ahantzten dugu. Ez dezagun bada
ahantz, baldin gure herria maite badugu, eta
nahi badugu herrian herriari eman zaion bezela,
eta gure ahalaren arabera, ongi, ongi hainitz
egin.
»Aphezez mintzatu naiz eta aphez-gaiez,
zeren eta heiek baitukete aizinarik edo astirik
gehiena, bai eta ere idekidurarik gehiena, gure
herri gehienetan, Eskuararen buruz eta errotik
ikhasterat eta behar-orduan bertzeri irakasterat
artzeko. Bainan bertzenaz orori mintzo gare; zerbait dakiten, eta, aphezek bezala, astia edo aizina dutelarik, Eskualherriaren ethorkizunaz eta
Eskuararen aiphamenaz den gutieneko axolarik
duten guzieri. Zer? Munduaren bazter guzietan
oraiko eta lehengo mintzaien gainean jendea
bethi argitzen ari, eta guk behar ginukela utzi
gure mintzaia zaharra eta ederra galtzerat! Ez,
ez dugu utziko. Bertze alde, ez gare baitezpada
gal dadin beldur ere. Sobera ditu erroak lurrean
barna, eta adarrak lodi eta azkar, ez baditu ere
oraino hanbat urrun hedatuak.

»Nor ere baitzare, adiskidea, barkha zadazut
ene bizitasuna eta luzetasuna. Ez nauke, behin
bethikotz, gogoan dudana erran gabe.
»Eskuara baizik ez dakienak ez du asmatzen
ahal, bertze edo-zoin nahi mintzaien aldean zer
esku-gaina dagokan Eskuarak. Bertze zonbait
bezala hedatua balitz, ongi argi lezake munduan! Hola hola ere, zer dira Eskuarari begiratu
eta, hor harat gure auzo-herrietako mintzaia eta
erdara guziak?».
Ez gare beraz harritu behar, nunbaitikako
jaun handi batzu heldu badira ere, noizetik noizera, bere tokietan Eskual-herriaren eta eta
bereziki Eskuararen aiphamena aditurik, gure
herriaren ikhustera bere begiz; eta bere beharriz
aditzera bertze nihon ez delako mintaia hura.
Eskualdun maitea, begirauk gazetaren elhe
zuhur eta argituari: Zer laiteke ederragorik
ikhustea baino, zerbait dakiten edo ikhasteko
gutizia duketen guziak, hala nola aphez gazteak,
eta zertako ez aphez-gaiak ere? guziak Eskuarazko liburu zaharretan lehengo Eskuara zaharraren ongi ikhasten?... Eta lehia hadi arbasoen
Eskuara guziz eder horren ongi ikhasterat.

Gure izkribatzaile zahar eta lehenbiziko hetarik hunat erori da hainitz eskualdun mintzaia. Ez
da beraz gazeta hori ustegabean arranguratzen,
eta bizkitartean gehienek erranen dute: Zertako
ibil leheneko zaharkeria eta illunbeetan? oraiko
Eskuara errexarekin badugu guk jakitaterik aski!
—Badantzut, adiskidea, bainan zuk ere entzun
nazazu eta dugun elkhar adi: Zaharretik har
dezagun on dena, berritik utz gaizki dena, eta
bietarik egin Eskuara garbi eder bat.
Eta hemen erran behar dut makhur handi
batean behaztopatu direla gure izkribatzaile
zaharrak: Eskuarari nola-nahika nahasi dute
erdara, frantsesa ala española.
Makhur hortarik begira gaitezen, ezen premia bezain errex da.
***
Bainan bertzerik eta hobeagorik behar ginuke, eta huna zer.
Bretaniako eskualdetan gaindi ibilia naiz denboran, eta nola Bretaniak mintzaia bat baitu
gurea bezala zaharra eta alde guziz ederra, min-

tzai hortako gizon jakintsunenak ikhusi nahi izan
ditut. Gu uzkur bezain hek erne eta lehiatuak
dire. Ala aitorensemek, ala aphezek, bai eta
aphezpikuek berek entsegu frango baderabilate
herriko mintzaia zahar ederra xutik atxiki beharrez.
Eta geroztik ere, behin baino gehiagotan,
Bretaniako asko Jaun argituekin solas egin dut
gauza horren ariaz. Aurthen berean, urtharilaren
seian, huna zer izkribatzen zautan Vanneko
Bikario Jeneralak:
«Aspaldiko gure mintzaia, oraino ere miliun
bat herritarrek gutartean mintzatzen duguna,
bethi osorik atxiki nahi ginuke. Aiphatzen derautazun biltzarreaz den bezenbatean, huna zer
lanari dagoen orai: Molditza edo ortografa bethikotz asentatu eta finkatu behar du, eta hori, haurrek eskoletan errexkiago beren mintzaia ikhas
dezatentzat. Bihotz guziz igortzen derauzkitzut,
Jauna, ikhusbide horiek. Eskualdunek eta Bretonek elkhar iduri dute, ezen batzu ala bertzeak
osoki bihotzdunak dire eta arbasoen Erlisioneari
zinez atxikiak. Nahiz hekien mintzaiak ez ditezken berdinak, halarik ere biak elkharren heine-

koak dire, direlakotz bada Europa guziko zaharrenak. Eta bertzalde Bretonek maitagune berezitan daduzkate Eskualdunak».
Gehiago dena, Vanneko Jaun Aphezpikuak
eskola girixtino guzietako irakasleri, Frera ala
seroreri, manatu deraukote haurrak beren herriko mintzaiari jarraikaraz detzazten Erdarari
bezala, artha ber-berarekin. Hortik, Bretaniako
haurrek eskoletan bretona ikhasten dute frantsesa bezain ongi. Oxala hortaratuak bagine
gure Eskual-Herri maitean! Ai orduan ez ginuke
ez geroaz lotsatzerik, gure mendietako harrokek
bezenbat iraun lezake gure Eskuarak.
***
Dakusagun orai Eskualdunek nola daduzkaten herriko ohikuntza zaharrak.
Goraxago aiphatu izan dut nola Eskuarak
zaindu behar dituen gure bizimolde zahar eta
onak. Bainan zer gerthatzen da? Gure mintzaia
galtzerat uzten dugu, eta nondik-nahi sartzen
zaizkigu ez dakit zer eta zer bitzikeria galgarri.

Non dire leheneko jauntzturak eta aphaindurak? Non dire egiazki herrikoak eta gureak ziren
soineko hek?
Arruntak ziren, bainan merkeak, garbiak eta
ederrak!
Laborariak nahi du
Goldea luman trukatu,
Utzirik bonet mardua
Xapelaz gorde burua.
Denbora batez xoragarri zen gure Eskualdunak ikhustea, igande egunetan, pilota partidetan, merkhatuetan, bakhotxa bere gerriko
gorriarekin eta bere makhilarekin. Bainan orai ez
da kasik gehiago gerrikorik ez makhilarik. Gizon
gaizoek athorra dute gerrian xamar petik ageri,
eta bi esku hutsak luze-luzea lurrerat dilindan!
Ai non dire leheneko gizon lerden, zalhu eta
biziak? Hek zuten bihotzetik kantu hau errepikatzen:

Loria zait loria!
Aphaintzen naizenean,
Zetha zinta gorria
Ematea soinean.
Egiazki orduan
Zerbait baniz munduan!
Arrosa primaderan
Zoin den lore ederra!
Idekitzen denean
Bagohazi hartzera,
Bainan laster da histen:
Zintak bethi distiratzen!

Eta makhila? Ez da kasik ageri ere gehiago
Laphurdiko eskualdetan. Atharratzeko eta Garaziko bazterretara joan behar zare, nahi baditutzu
Eskualdunak makhilarekin ikhusi. Ah! han bai
gizon guziek badute makhila. Zohazi edozoin
etxetara; nausiaren eta muthiko gaztearen ganbarako athe gibelari beha zakozu; horra non den
makhila:

Gau guzian atzarririk,
Phartitzeko xutiturik,
Argi izkila joitean,
Etxetik atheratzean,
Urrun naizela abian,
Hartzen dut nere makhila,
Zer-nahi gertha dadila.
Airos banoha harekin,
Lagun ona dut nerekin,
Piaia dezaket egin.
Ah! zer makhila dudana,
Mizpira finik-finena,
Hesian zen xuxenena!
Han nihaurek dut hautatu,
Ozkatu, gisuz gorritu.
Beha, dir-dir du egiten!
Guziak zaizkit jelosten,
Eder, hazkarra, zeren den.
Bai, egiaz, eder da Eskualdun lerdena,
Su pindarrak begian, zalurik dohana,
Gerriko sedarekin, poneta buruan,
Ezpartinak oinetan, makila eskuan.

Pilota ere uzten ari du gazteriak; plazara joan
orde, doha dantzara eta ostatura; eta hortik,
bekhatuak desmasia frango badarabiltza gure
gizon gazte nagituen artean, ezen, dio erran
zaharrak, lur beran zilo handi.
Plaza bat izaiki’ta
pilotaririk ez,
Asko herritan hortaz
dagozi ahalkez:
Eskualdun aztureri
ukho hoi egitez
Eskualduna da hola
Kaskointzen nahitez.
Igande’ta bestetan
ofizioz goiti,
Pilota partida bat
behar laite bethi:
Hartan herriko seme
hoberen zenbeiti
Zor laie agertzea
jokhatuz nobleki.

Barne edo zokhotan
dagon gazteari,
Trufa egin dezagun,
zeren den hoin nagi:
Kaskoinen jostetetan
gostu badu ari,
Ez dela Eskualduna
aise du ageri.
Zuri menturaz, irakurtzaile maitea, idurituren
zaitzu gauza gutiak eta aphurrak derauzkitzudala hemen aiphatzen; bainan gogo emazu huni:
herriak eta jendaiak bakhan direla estropu handiz galtzen, bainan maizenik galtzen direla beren
ardurako bizimoldeak erortzerat utziz.
You have read 1 text from Basque literature.
Next - Igandea edo Jaunaren eguna - 2
  • Parts
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 1
    Total number of words is 3778
    Total number of unique words is 1750
    30.6 of words are in the 2000 most common words
    45.1 of words are in the 5000 most common words
    53.1 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 2
    Total number of words is 3718
    Total number of unique words is 1735
    31.6 of words are in the 2000 most common words
    44.0 of words are in the 5000 most common words
    50.9 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 3
    Total number of words is 3712
    Total number of unique words is 1715
    32.2 of words are in the 2000 most common words
    46.7 of words are in the 5000 most common words
    54.6 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 4
    Total number of words is 3739
    Total number of unique words is 1815
    29.7 of words are in the 2000 most common words
    45.7 of words are in the 5000 most common words
    52.9 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 5
    Total number of words is 3721
    Total number of unique words is 1718
    31.8 of words are in the 2000 most common words
    46.0 of words are in the 5000 most common words
    53.1 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.
  • Igandea edo Jaunaren eguna - 6
    Total number of words is 2682
    Total number of unique words is 1359
    30.2 of words are in the 2000 most common words
    45.4 of words are in the 5000 most common words
    53.2 of words are in the 8000 most common words
    Each bar represents the percentage of words per 1000 most common words.